Urpekarien oxigenoa
———————————————————————————————————–
Ugaztun gehienok lehortarrak gara, baina badira itsasoan bizi direnak edo bizimodu urlehortarra dutenak ere. Itsastarrak dira baleak eta izurdeak. Itsas elefanteak, itsas txakurrak eta itsas lehoiak, berriz, urlehortarrak dira. Urpekari apartak dira bai batzuk eta bai besteak. Aurreko istorioan azaldu dugunez, biriketan gordetako airearen nitrogenoak kalte larriak ekar ditzake; hori dela eta, itsas ugaztunek ez dute biriketan kasik airerik gordetzen urperatzera doazenean.Hori horrela, eta biriketan oxigeno gutxiegi geratzen dela jakinda, nondik ateratzen dute, bada, itsas ugaztunek behar duten oxigenoa? Bi gordelekutatik ateratzen dutela da galdera horren erantzuna. Gordeleku bat odola bera da. Itsas txakurrek, esaterako, masa-unitateko odol gehiago dute gizakiok baino; ia bikoitza dute, zehatzak izateko. Gainera, oxigeno-kontzentrazioa balio altuagoetara hel daiteke haien odolean, odolaren hemoglobina-kontzentrazioa altuagoa baita. Horrek, hala ere, badu mugarik; izan ere, hemoglobinaren kontzentrazioa oso altua balitz, odolaren biskositatea altuegia izango litzateke, eta horrek lan handiegia emango lioke bihotzari odola ponpatzeko orduan. Hala ere, zenbait itsas ugaztunek [1] badute beste ezaugarri deigarri bat, uretatik ateratzen direnean eritrozito asko kentzen baitituzte zirkulaziotik eta barean gorde. Era horretara, eritrozitoen ehunekoa % 52tik % 38ra pasatzen da eta odolaren dentsitatea nabarmen jaisten.
Irudia: Itsas ugaztunek ez dute birikietan ia airerik gordetzen urperatzera doazenean. Behar duten oxigenoa bi kokalekutik hartzen dute, odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik.Oxigenoaren bigarren gordelekua muskulua da. Ornodun guztien muskuluek, muskulu geldoek batez ere, mioglobina dute oxigenoa gordetzeko. Oxigenoa odoletik iristen da eta pigmentu horrekin konbinatzen da erabili baino lehen. Era horretara gordeta, konstante samar mantentzen da muskulu-zelulen oxigeno-kontzentrazioa. Horixe da edozein ugaztunetan gertatzen dena. Baina mioglobinarekin loturik dagoen oxigenoa beste ugaztunen muskuluetan dagoena baino askoz gehiago da itsas ugaztunetan, askoz ere mioglobina gehiago dutelako. Hona zenbait datu adierazgarri: gizabanakoen muskuluaren mioglobina-kontzentrazioa 6 g kg-1-koa da eta, aldiz, 50-70 g kg-1-koa da zenbait itsas txakurrena eta 76 g kg-1-koa zeroiarena.
Beraz, urpean denbora luzea igaro ahal izateko behar duten oxigenoa odolaren hemoglobinatik eta muskuluaren mioglobinatik ateratzen dute, birikek ez baitute horretarako balio. Guk biltegi berberak ditugu, baina urpekarienek askoz ere edukiera handiagoa dute.
Oharrak:
[1] Ez dakigu ezaugarri hori itsas ugaztun denek ote duten ala ez.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Urpekarien oxigenoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Musikak eta sexuak bide beretik dakarte plazera
Sexua, drogak eta rock-and-rolla: maiz elkarri lotuta agertzen den hitz hirukotea. 1977an Ian Duryk argitaratutako kantu batean du jatorria atsotitz moduko honek. Ordutik bertsioak, filmak eta telebista saioak egin dira izenburu horrekin berarekin, eta esapidea gizartean txertatu da erabat, maiz izaten baitugu ahotan. Bada, Dury jaunak ez zuen halakorik esperoko hori idatzi zuenean, baina zientziak ere frogatu du badela harremanik sexuaren, drogaren eta musikaren artean. Izan ere, hiru horiek (bai eta janariak ere) eragiten duten plazerean, garuneko sistema kimiko berberak hartzen du parte.
Gustuko dugun musika entzuten dugunean, endorfinak (opioide endogenoak) eta dopaminak (neurotransmisoreak) askatzen ditugu; sexuarekin edo janariarekin bezalaxe. Hala egiaztatu dute, Quebeceko McGill Unibertsitatean egindako ikerketa batean. “Lehenbizikoz erakutsi dugu garunaren berezko opioideek esku-hartze zuzena dutela musikaren plazerean“, dio Daniel Levitin neurozientzialari, musikari eta ikerketa honen arduradunak. Scientific Reports aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.
1, irudia: Musikak eragiten duen plazera sexuak eta drogek dakartenaren bide beretik dator. (Argazkia: Nickolai Kashirin / CC BY 2.0)Ikerketa ildo honi lotuta, Levitinen taldeak zein beste batzuek erresonantzia magnetikoak baliatu izan dituzte aurrez, musikaz gozatzen ari garenean, garunaren zer zonalde aktibatzen diren ikusteko. Honetan guztian sistema opioideak zerikusiren bat baduela ondorioztatzeko balio izan die horrek, baina orain, urrats garrantzitsuagoa egin dute, naltrexonarekin egindako esperimentu baten bidez.
Garuneko opioideak blokeatzeko ahalmena duen substantzia da naltrexona, eta zenbait adikzio (alkohola, droga batzuk) tratatzeko baliatzen da horregatik. Beste osagai aktibo batekin konbinatuta, obesitateari aurre egiteko ere erabiltzen da; haren eraginpean, jatea ez baita gozagarria. Zenbait ikerketatan egiaztatu dutenez, orgasmoak eragindako plazera ere blokeatu dezake.
Hori horrela, naltrexona hartuta, musikak eragin ohi duen gozamena ere desagertzen ote den aztertu dute esperimentu honetan. Izan ere, hala balitz, substantzia honek musikaren plazerean duen efektua drogekin edo sexuarekin duenaren antzekoa litzateke, eta hirurek zirkuitu neuronal bertsuak partekatzen dituztela esan nahiko luke horrek.
2. irudia: Daniel Levitin ikertzailea eta musikaria. (Argazkia: Owen Egan / McGill University)Esperimentua egiteko, unibertsitateko hamazazpi ikasle hartu zituzten lagin gisa. “Osasuntsu dagoen jendeari botikak ematen zaizkion bakoitzean kontu handiz ibili beharra dago, balizko efektuei aurrea hartzeko”, dio Levitinek. Hala, esperimentua hasi baino lehenago ere odol laginak atera zizkieten ikasleei, botikak kalte egiteko arrazoirik ez zegoela egiaztatzeko. Esperimenturako, bi kantu kuttun eramateko eskatu zitzaion parte hartzaile bakoitzari. Batzuei naltrexona jarri zitzaien, eta beste batzuek plazebo lanak betetzen zituen pilula bat irentsi behar izan zuten.
Ondoren, sentsoreak jarri zizkieten aurpegian, muskuluen jarduera neurtzeko. Arnasa, bihotz taupadak, odolaren presioa eta azalaren eroankortasuna ere aztertu zituzten, musika entzun bitartean. Naltrexona hartu zutenen erreakzioa harrigarria izan zela azpimarratu du Levitinek: “Batek zioen: ‘Badakit nire kantu gustukoena dela hau, baina orain ez dut ohi bezala sentitzen’. Beste batek: ‘Ederra da, baina ez nau ukitzen'”.
Ikasleongan izandako efektua ikusita, musikaren, sexuaren eta drogen arteko lotura egiaztatu dute. Hala, artikuluan gaineratzen denez, musikaren jatorria ebolutiboa dela dioen ustea indartzen du lan honek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Adiel Mallik, Mona Lisa Chanda & Daniel J. Levitin. Anhedonia to music and mu-opioids: Evidence from the administration of naltrexone. Scientific Reports 7, Article number: 41952 (2017). DOI:10.1038/srep41952
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————
The post Musikak eta sexuak bide beretik dakarte plazera appeared first on Zientzia Kaiera.
Hona hemen Laboratorium, Bergarako Errege Seminarioko Museoa
Errege Seminarioa (jatorrian, “Real Seminario Patriótico Bascongado”) zientziaren sorlekua da Euskal Herrian. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen 1776. urtean, eta hasierako urteak izugarri bikainak izan ziren. Joseph Louis Proust kimikaria –kimika modernoaren sortzaileetakoa eta Proportzio Definituen Legea adierazi zuelako ezaguna– Seminarioko irakasle izan zen eta, gainera, bertako laborategi paregabea (Laboratorium chemicum) antolatu zuen. Laborategi honetan, Elhuyar anaiek 1783. urtean elementu kimiko berri bat deskubritu zuten: wolframa; eta bertan ere, platinoa xaflakor bihurtzeko metodoa aurkitu zen –eta horri esker platino baliotsua erabilgarri bihurtzea lortu zen–. XIX. mendean zehar, nahiz eta gerrek era handian baldintzatu, zentroak bere garrantzia mantentzea lortu zuen. Ingeniariak prestatzeko Eskola Industriala bihurtu zuten (Euskal Herriko lehenengoa), eta urtetan Gipuzkoak zuen institutu bakarra ere izan zen. Bertako azpiegitura zientifikoak lehen mailakoa izaten jarraitzen zuen: kimikako laborategiak, fisikako kabineteak, lorategi botanikoa, zoologia-bildumak, meteorologia-behatokia.
Errege Seminarioko zuzendariek, batez ere 1776-1892 urte bitartean, Bergarako instalazioak hornitzeko behar zuten materiala eskuratzeko, ekipamendu zientifikoaren arloan Europako egile eta merkatari ospetsuenak zirenengana jo zuten. Zientzia egiteko eta zientzia irakasteko kalitate handiko tresna zientifiko moderno asko bildu zituzten. Hor dago museoko oinarria den bildumako objektu zientifikoen jatorria.
2. irudia: Museoetan gordetzen diren objektu zientifiko askok zientzia kontzeptuak transmititzeko ahalmen handia dute.Euskal Herrian, mota honetako bilduma bakarra da; bakarra, bakana eta bikaina, bai erakunde sortzailearen garrantzi historiko-zientifikoagatik, bai bildumaren sekzio zientifiko desberdinen aberastasunagatik, bai bildumaren antzinatasunagatik, bai bilduma honetan pieza bakan-bakanak, berezi-bereziak, paregabeak gordetzeagatik. Hiru mila objektu zientifikok osatzen dute bilduma: fisika eta kimikako tresneria, mineralak, fosilak, giza anatomiako modeloak eta zoologia-piezak; denak XVIII. eta batez ere XIX. mendekoak.
Errege Seminarioko historia hobeto ezagutu eta bertako bildumen atal batzuk ikusi nahi badituzu, etor zaitez museoko egoitzara, Bergarako Errekalde jauregian. Errekalde jauregiak, gainera, lotura estua du zientziak Euskal Herrian izan zituen hastapenekin; izan ere, XVIII. mendearen bukaeran, jauregi honetan bizi izan zen Xabier Maria Munibe, Peñafloridako VIII. kondea, urtetan Seminarioko zuzendari izandakoa, Ilustrazio garaian. Bisita ezazu! Benetan merezi du!
3. irudia: Laboratorium Museoan hainbat zientzia bilduma daude: Kimika, Fisika eta Zoologiakoak besteak beste. Azken hau mundu guztiko animaliekin osatuta dago. (Argazkia: Laboratorium Museoa)Hala ere, Laboratorium museoaren jarduna ez da soilik mugatuko erakusgai dagoen bilduma hori erakustera. Ez da gutxiago ere. Gaur egun oso hedatuta dagoen “Museologia Berria” izeneko korronte museologikoaren barruan txertatu da museo hau. Museologia berri honen giltzarria da museo tradizionalaren parametroak zabaltzea eta demokratizatzea; hau da, museo tradizionaletik museo berrira igarotzen dugunean, museoko bildumetara mugatu gabe, Ondarearen Mundura pasatzen gara (ondare kulturala eta naturala); museora joaten den publikoa ahaztu gabe, gizartea eta komunitatea jartzen dugu ardatz; museoaren eraikuntza mespretxatu gabe, lurralderantz zabaltzen dugu.
Eta zabalkuntza-lan horretan honako eskaintza eskuzabal hau sortu zen, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak egin ziguna, blog hau izan dadin Laboratorium museorako erakusleihotako bat. Leiho edo blog horren bitartez, museo-bildumako aleetatik abiatuta, istorioak eta historiak kontatuko ditugu, zientziari buruz, zientzialariei buruz edo horiek sortu zituzten bildumei buruz. Zurekin partekatzea nahiko genuke.
—————————————————–
Egileez: Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.
Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara
Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus
—————————————————–
The post Hona hemen Laboratorium, Bergarako Errege Seminarioko Museoa appeared first on Zientzia Kaiera.
#Hiperkonektatuak
Argitalpen honek oso ondo azaltzen ditu sareari lotuak egotearen abantailak eta desabantailak.Mugikorrak eta sare sozialak giza harremanekin bideragarriak direla defendatzen du. Lehen jende asko bakarrik zegoen eta orain sare sozialei esker harremanak izatea lortu dute, alderantziz ere gertatzen da eta norberak ikusi beharko du zer komeni zaion. Alde horretatik, liburuak jarraibideen aukera zabala eskaintzen du eta ondo bereizten digu zer ez dugun egin behar eta zer bai teknologia berriekin.
Lucia Taboadaren iritziz mundu birtuala eta mundu errealaren arteko marra geroz eta lausoagoa da, bi munduak pixkanaka pixkanaka hurbiltzen ari dira eta ondorioz erne egon beharra daukagu. Mundu birtualean egiten ditugun iruzkinak geroz eta eragin handiagoa dute mundu errealean. Twitterren lekuz kanpoko txio bat egiten badugu, bizitza errealean eragina izan dezake. Sare sozialetan bizitza errealean baina kuxkuxeroagoak gara eta autokontrola ezinbestekoa da. Baina Internetek ez al gaitu geroz eta ergelago bihurtzen? Datuen gehiegikeriak ez al digu gainkarga handia sortzen? Alde positiboan eskura dugun eta izan dezakegun material guztia jarri behar da. Taboadak azpimarratzen digu teknologia erabiltzeko eta disfrutatzeko dela. Gizartearen aurrerapenen lekuko zuzenak gara eta hori ere baloratu behar dugu.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Hiperconectados
- Egileak: Lucía Taboada
- Argitaletxea: Planeta, 2015
- Orrialdeak: 180
- Prezioa: 15 € paperean: Ebook: 9,98 €
- ISBNa: 9788408147077
- Non eskuratu: Hiperconectados liburua eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostia Kulturako liburutegi sarean.
———————————————————————————-
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.
———————————————————————————-
The post #Hiperkonektatuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ospitaleko bakterioen desinfekzio metodoak atakan
Ospitalean hartzen diren infekzioek osasun-arazo handiak eragiten dituzte, izan ere, arazo ugari sortzen dituzte, infekzioak eragiten dituzten bakterioen erresistentzia handia baita. UPV/EHUko Zaloa Bravo ikertzaileak ikusi du Acinetobacter baumannii bakteriori hainbat desinfekzio-prozesuz aurre egin arren, zelula batzuek bizirik jarraitzen dutela, nahiz eta ez dira gai ohiko kultibo-inguruneetan hazteko. Ondorioz, zelula horiek ez dira detektatzen desinfekzio-prozesua ebaluatzeko metodoen bidez, metodo horiek zelulen hazkuntzan oinarritzen baitira.
Bakterioaren erresistentzia ezaguna izan arren, Zaloa Bravok azaldu du “bakterioak egonkortasun eta bideragarritasun handia duela oso egoera gogorretan denbora luzez, 30 egun baino gehiagoz”. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da ospitaleetan mikroorganismoak desinfektatzeko metodoak berme osoz erabiltzea. Ikerketan, hainbat garbiketa-metodoren eraginkortasuna aztertu zuen, bai erradiazioa erabiltzen duten metodoak, bai desinfektatzaileekin egindako garbiketak. A. baumannii bakterioa eragile horien eraginpean jarri ondoren lortutako emaitzek agerian utzi zuten aztertutako desinfektatzaile bat ere ez dela gai mikroorganismo hori erabat ezabatzeko”, azaldu du ikertzaileak.
Ezabatzen diren eta ez diren bakterioez gainera, ikerketa honen emaitza garrantzitsuenetako bat da ikertzaileak ikusi zuela erradiazioek eta oxidatzaile batzuek eragiten dutela mikroorganismoa egoera bideragarri ez-kultibagarrian sartzea (VBNC, viable but nonculturable), hain zuzen ere, zelulak ohiko kultibo-inguruneetan hazteko gai ez diren baina nolabaiteko aktibitate metabolikoa baduten egoeran. Horrek esan nahi du zelula aktiboak direla. “Acinetobacter baumanniik egoera bideragarri ez-kultibagarria hartzen duela frogatzen duen lehen lana da hau”, adierazi du Bravok. VBNC egoeran dauden mikroorganismo patogenoak, oro har, ez dira gai gaixotasun bat eragiteko, baina birulentziari eusten diote eta, egoera lehengoratzen bada, infekzioa berriro has daiteke. Berez, “badira ikerketa batzuk frogatu dutenak beste mikroorganismo batzuk gai direla egoera horretatik berpizteko eta infekzio bat hasteko, baina egia da gai horren inguruan badela halako eztabaida bat komunitate zientifikoaren barnean”, erantsi du.
Desinfekzio metodoen ebaluazioa zalantzanEgoera bideragarri ez-kultibagarrian dauden zelulak hauteman ondoren, hausnarketa hau egin du Bravok desinfektatzaileak ebaluatzeari dagokionez: “Osasun-zentroetan egiten diren kontroletan, bakterio infekziosorik badagoen edo ez hautemateko, bakterioak kultiboetan nola hazten diren behatzen da. Baina egoera bideragarri ez-kultibagarrian dauden zelulak geratu badira, alegia, halako inguruneetan hazteko gai ez direnak, litekeena da desinfektatzaileek eta kontrol-metodoek ez funtzionatzea espero zen moduan. Izan ere, pentsa daiteke zelularik ez dagoela, baina berez hor daude”.
Hori dela eta, Bravok proposatzen duenez, ospitaleetan ez lirateke kultibo-hazkundean oinarritutako analisiak soilik egin behar, ingurunean mikroorganismo patogenorik badagoen jakiteko; “bideragarritasuna detektatzen duten beste metodo batzuk erabili beharko lirateke, adibidez, gene-espresioa, halako mikroorganismorik badagoen jakiteko”. Halaber, jakin beharko litzateke ea bakterio hori gai den VBNC egoera lehengoratzeko, eta ea infekzio-prozesu bat abiarazteko gai litzatekeen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bravo Z., Orruño M., Parada C., Kaberdin V. R., Barcina I., Arana I.. The long-term survival of Acinetobacter baumannii ATCC 19606T under nutrient-deprived conditions does not require the entry into the viable but nonculturable state. Archives of Microbiology, vol. 198: 398-407. 2016. DOI: http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/26872882.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ospitaleko infekzioak eragiten dituzten bakterioak kontrolatzeko metodoen efikazia zalantzan.
The post Ospitaleko bakterioen desinfekzio metodoak atakan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #141
Ez dugu aitzakiarik. Kirola egitea ona da osasunerako. Hala berretsi egin du UPV/EHUko ikerketa batek. Bertan, jarduera fisikoa gaixo kronikoentzat onuragarria dela frogatu dute. Irantzu Ibañez Lasurtegi, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileak egiaztatu du jarduera fisikoak berehalako hobekuntzak eragin dizkiela ariketa fisikoko programa bati atxikitako gaixo kronikoei. Programa honetan parte hartu zutenek adierazi zuten “oso pozik zeudela programarekin eta beren gaixotasunen sintomak eta bizi-kalitatea hobetu zirela”. Ikertzaileak bukatu du esanez: “Argi dago prebentzioa dela bidea eta gizarteak ulertu behar du hobe dela prebenitzea tratatzea baino”.
Osasun arloari jarraiki, Amaia Portugalek testu interesgarri bat dakargu. Kazetariak azaltzen digun bezalaxe, fabriketako tximinien eta autoen isuriak, ondoan dugun lagun erretzaileak botatzen dituenak… horiei guztiei bigarren eskuko kea deitzen zaie. Eta zer gertatzen da hirugarren eskuko kearekin? Tabakoak altzari edo alfonbratan uzten duen poluzio arrastoari deritzogu, eta haren albo kalteak ez dituzte gehiegi ikertu orain arte. Badai, Berkeley Laborategian gai horri ekin diote eta egin duten lan batean ondorioztatu dute kutsadura mota hori jasaten duten sagu jaioberriek ohi baino pisu txikiagoa dutela, eta zelulen garapenean gorabehera handiak izaten dituztela, kasu honetan txikienek zein helduagoek. Ez galdu!
Minbiziaren intzidentzia Espainian 2015 ikerlanak argia ikusi berri du. Hego Euskal Herrian 17.900 minbizi kasu berri diagnostikatzen dira urtean, eta heriotza motibo ohikoena da: Nafarroan, urtean 1.500 lagun hiltzen dira minbiziaren ondorioz; EAEn, 30.273 lagun hil ziren 2011-2015eko epealdian. Berria egunkariak datuek erakusten dutenari erreparatu die: gero eta usuago diagnostikatzen direla kasuak eta, halaber, gero eta eraginkortasun handiagoz egiten zaiela aurre; aholkuek, berriz, bizi ohitura osasuntsuak giltzarri direla eritasuna saihesteko.
Ekologia eta biologiaUr-ekosistemetako materia organikoa areagotzeak merkurio toxikoa zazpi aldiz gehiago metatzea dakar zooplanktonean. Suedian egin dute ikerketa, Elhuyar aldizkariak aditzera eman digunez. Aldaketa klimatikoak eragindako euriteek ekar dezaketen materia organikoaren eraginez, argi gutxiago iristen da ur barrenenera. Horrek kate trofikoa autotrofo izatetik, nagusiki heterotrofoa izatera pasatzea ekartzen du, hau da, materia organikoz elikatzen den zooplanktona nagusi bihurtzen da. Ikertzaileen ustez, kate trofiko heterotrofoan merkurio metaketa handitzen joaten da, guk jaten ditugun arrainengana iritsi arte. Emaitza argitzen digute afera: aldaketa klimatikoak eragina du arrainengan gertatzen den merkurio-metaketan.
GenetikaSalk Institutuko ikertzaileek txerriaren eta gizakiaren zelulak dituzten enbrioiak sortu dituzte lehenengoz. Genetika arloan, beti beldurrak aise zabaltzen dira halako ikerketak martxan jartzen direnean. “Jainkoak baino ez du espezieak nahasteko ahalmena. Munstroak sortu nahi dituzte”. Horien antzeko iruzkinak irakurri behar izan ditu Aida Platero Luengo biologoak hainbat hedabidetako iruzkinetan. Gainerakoak, baina, iruzkin positiboak izan direla nabarmendu du. Bizi ahal izateko organo berri baten zain itxaron zerrendetan dauden gaixoei laguntzea dute buruan zientzialariek. Baina aukera hori oraindik ere urrun dagoela ohartarazi du biologoak. “Teknika berri baten hasierako faseetan besterik ez gaude”. Abantailak ere izan dira mintzagai artikulu honetan. Ikerketa honek bi ditu nagusiki: Batetik, arazoa da ez daudela behar diren adina organo. Jende asko hiltzen da organo baten zain dagoen bitartean. Beraz, adituek azaltzen duten arabera, honek asko arinduko luke organoak lortzeko prozesua. Bestetik, azaltzen duten moduan, arbuio immunologikoa saihestuko litzateke.
Koldo Garciari esker jakin dugu minbizi kutsakorrak existitzen direla. Bai, birusak izango balira bezala. Gizakiok ez dugu horrelakorik pairatzen baina genetika arloko ikertzaile honek adibide bat jarri digu: Tasmaniako deabruak pairatzen duen aurpegiko tumoreen gaixotasuna, hain zuzen. Lehen kasua 1996.urtean jazo zen eta hedatzen joan da geroztik, edozein infekziok izango lukeen patroia jarraituta. Nola kutsatzen da minbizi hori? Testua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu, hantxe topatuko duzue erantzuna.
AstronomiaKatu-begia nebulosak Eguzkiaren etorkizuna iragar dezake. Lehendabizi zehaztu dezagun zer diren planeta-nebulosak: Eguzkiaren antzeko izarren bizitzaren azken faseak dira. Hubble teleskopio espazialak ematen duen informazioa oso garrantzitsua da Katu-begiaren nebulosaren eboluzioa ezagutzeko, eta, ondorioz, lagungarria izan daiteke Eguzkiaren etorkizuna aurreikusteko.
MedikuntzaTübingen-eko Unibertsitate alemaniarreko ikertzaileek erabateko paralisia dutenekin komunikatzeko interfazea garatu dute. Berauek adierazi du haien pentsamenduak komunikatzeko gaitasuna ez duten pazienteentzat laguntza handia izan daitekeela. Horretaz gain, argi dute sasikoman dauden pertsonekin komunikazioa errazteko balio lezakeela, eta mugimendua berreskuratzen hasteko ere lehenengo urratsa izan daiteke komunikatzeko modua izatea. Ikerketaren nondik norakoa, hemen.
BiologiaUgaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila da. Urperatzerakoan ditugun zailtasunei erreparatu dio artikuluaren autoreak; zehazki, urpekarien gaitza kontzeptuaz mintzo da testua. Nitrogenoa eta oxigenoa dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Nitrogenoaren kasua bitxia da; izan ere, artikuluaren egileak azaltzen digunez: “ez dugu behar eta ez dugu ezertarako erabiltzen”. Urpekarien arazoa hauxe izango litzateke: presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen nitrogenoaren presio partziala ere handitzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Horretaz gain, arinegi igotzen bada urpekaria, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera.
Duela 2.400 milioi urte Oxigenazio Handia gertatu zen Lurraren atmosferan, hau da, biologikoki sortutako oxigenoa agertzen hasi zen. Baina oxigeno-maila apal iraun zuen 1.500 milioi urtez. Orain, Exeterreko Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dute horren zergatia. Elhuyarrek gerturatu digu berria: Oxigenazio Handiaren ondoren, plaka tektonikoek arroka sedimentarioak azaleratu zituzten, eta han zegoen materia organikoa oxigenoarekin erreakzionatzen hasi zen. Zenbat eta oxigeno gehiago izan atmosferan, orduan eta azkarrago erreakzionatzen zuen materia organikoarekin. Ondorioz, oxigenoa sortu ahala, kontsumitu egiten zen. Horrela izan zen landareak areagotzen hasi arte; izan ere, orduan, fotosintesi globala bikoiztu eta oreka hautsi egin zen. Horrek ahalbidetu zuen animaliek Lurra kolonizatzea eta gizakiaren eboluzioari bide egitea.
Emakumeak zientzianBodil Schmidt-Nielsenen beste kapitulu bat ekarri digu Juan Ignacio Perezek. Bodil interesatuta zegoen ur gutxiko parajeetan bizi diren ugaztunek gernuaren bidez galtzen duten ur bolumena murrizteko mekanismoetan. Zehatzago adierazteko, berak jakin nahi zuen nola lor zitzaketen gernuan hain solutu-kontzentrazio garaiak. Hori dela eta, beste zenbait lankiderekin batera aritu zen giltzurrun-hodien azpiatalak diren Henleren euskarria izeneko gailuen zeregina aztertzen. Ikerketa horiei esker jakin ahal izan zen zein ziren gernua kontzentratzeko mekanismoaren oinarriak. Irakurri artikulu interesgarri hau!
MatematikaArtikulu honetan, oinarrizko ikur matematiko batzuen jatorria aztertu dute. Esaterako, + (plus) eta – (minus) ikurrak liburu inprimatu batean erabili ziren lehendabiziko aldiz, Leipzigen 1489an argitaratutako Johannes Widman (1462-1498) matematikari alemaniarraren obra batean. Halere, Widmanek ez zituen + eta – ikurrak batuketa eta kenketa eragiketa aritmetikoen sinbolo gisa erabiltzen, baizik eta testuan aztertzen diren merkataritzako praktiken testuinguruan, salgaien gehiegikeria edo gabezia adierazteko. Van der Hoeke (XVI. mendea) matematikari herbeheretarraren aritmetikako liburua + eta – ikurrak eragiketa aljebraiko gisa ageri diren lehen argitalpen inprimatua dela esan ohi da. 1514ko obratzat jo izan da baina egiatan 1937an argitaratu zen. Ikur horien adiera aljebraikoa aintzat hartu zuen lehen argitalpen inprimatua Henricus Grammateus (1492-1525 inguruan) matematikari alemaniarraren Ayn new Kunstlich Beuch (1518) aljebra eta aritmetikako liburua da. Biderketen eta = ikurraren jatorria ere ezagutzera eman digu artikulu honen autoreak. Ez galdu!
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #141 appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala
Emakumeek ez dauzkate gizonen aukera berberak zientziaren cursus honorum delakoan. Desberdinkeria horren kausak denetarikoak dira, eta, neurri handi batean, estereotipoen eraginean dute jatorria; izan ere, estereotipoen arabera, lan jakin batzuk emakumeei dagozkie, eta beste batzuk ez. Desberdinkeria horiek, baina, ez dute inolako funtsik, ez eta zuribiderik ere. Gainera, kaltegarriak dira, lehenik eta behin emakumeentzat, beren burua profesionalki zein pertsonalki garatzeko aukerak galtzen baitituzte, eta horrexegatik dira zeharo bidegabeak. Bigarrenik, kalte egiten diote gizarte osoari, balio handiko pertsonen ekarpenez gabetzen dutelako; izan ere, emakumeei, sotilki edo ez hain sotilki, mugatu egiten zaie ekarpen handiak egin ahalko lituzketen postuak lortzeko aukera.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak agerian jarri asmo du, ahal duen neurrian, emakumeek zientziaren eta teknologiaren munduan egiten duten lana. Lan hori nabarmendu nahi dugu, eta horregatik argitaratzen dugu Mujeres con Ciencia bloga 2014ko maiatzetik. Batez beste, egunean artikulu bat ateratzen dugu: Katedrarentzat, egunero da zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna.
Alabaina, emakume eta neskato horien eguna egunero izatea ez da inolako oztopoa Nazio Batuen egitasmoarekin bat egin dezagun eta guk ere Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Eguna ospa dezagun. Helburu horretxekin ekoitzi dugu “Leku hori”, testu honekin batera doan bideoa: salaketa egiteko, hain zuzen ere, baina baita gaiari optimismoz begiratzeko ere. Eta, gogoan izan, optimismo hori lortzeko, lan egin beharra dugu. Hori dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat, zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna izango da bai bihar, bai etzi, bai hurrengo egunetan.
“Leku hori“ K2000 enpresak ekoitzi eta Jose A. Pérez Ledok zuzendu du, eta Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan grabatu zen.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraia Muñoa: “Aldaketa epigenetikoak desegiteko botikak sortzea da gaurko erronka” #Zientzialari (66)
Geneen eta inguruko faktoreen arteko erlazioa aztertzen duen biologiaren atalari epigenetika deritzo. Dietak, kirolak, farmakoek edota toxikoen kontsumoak lotura zuzena dute gure DNAren erregulazioan. Jakina da ez dutela DNAren sekuentzian mutaziorik eragiten, hala ere, bizi ohituretatik eratorritako molekula kimiko batzuk itsasten dizkio eta, ondorioz, geneen adierazpena beste modu batean egokitzen da.
Kontzeptu honi buruz hitz egin digu Iraia Muñoa UPV/EHUko fisiologia saileko ikertzaileak. Bere esanetan, gure bizi-ohiturek eragindako aldaketa epigenetikoak gaixotasun ezberdinen eragile dira eta hauei aurre egiteko botikak sortzea da gaur egungo erronka.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Iraia Muñoa: “Aldaketa epigenetikoak desegiteko botikak sortzea da gaurko erronka” #Zientzialari (66) appeared first on Zientzia Kaiera.
Urpekarien gaitza
———————————————————————————————————–
Itsas ugaztunek oso ondo egiten dute urpean igeri. Baina salbuespenak dira ugaztunen artean, ugaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila baita. Ugaztunen birikek ezin dute uretatik oxigenorik erauzi, bistakoa da hori. Baina, horrez gain, oxigenoarekin zerikusirik ez duten bestelako arazoak ditugu ugaztunok urperatzen garenean. Horietako bati urpekarien gaitza deitzen zaio, eta horixe izango da, hain zuzen ere, ondoren azalduko dugun kontua.Nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Oxigenoa erregarri gisa erabiltzen dugu metabolismoan eta arnas sistema erabiltzen dugu hura eskuratu ahal izateko. Nitrogenoa, berriz, geldoa da; ez dugu behar eta ez dugu ezertarako erabiltzen. Ohiko egoeran, arnasten dugun nitrogenoaren zati txiki bat bakarrik pasatzen da odolera, eta zati txiki hori disolbaturik igarotzen da. Baina urperatzean, presio atmosferikoaren ordez presio hidrostatikoak eragiten ditu gasen mugimenduak eta, horren ondorioz, presio handien pean daude biriketako barrunbean dauden gasak, sakoneraren arabera presioa handitu egiten baita: 10 metroko 1 atm handitu, izan ere. Beraz, itsas azalean dagoena (atmosferari dagokiona) 1 atm-koa bada, 2 atm-koa da 10 metroko sakoneran, eta neurri horren arabera handitzen da hortik behera.
Irudia: Urpekarien gaitza azkar azaleratzeagatik sortzen diren nitrogeno-burbuilek eragiten dute.Ikus dezagun orain zein den urpekariek aurkitu dezaketen arazoa. Presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen [1] nitrogenoaren presio partziala ere handitzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Harturiko nitrogeno hori bertan geratzen da, odolean eta barne-fluidoetan disolbaturik. Baina urpekaria itsas azalera itzultzen denean, jaitsi egiten da presio hidrostatikoa eta, horrekin batera, baita biriketan dagoen gasen presio partziala ere. Odol eta barne-fluidoetan disolbaturik zegoen nitrogenoa biriken barrunbera itzultzen da jaiste horren ondorioz eta, gero, biriken barrunbetik kanporatzen da.
Arazo larriak sor daitezke, hala ere, urpekaria arinegi igotzen bada. Arinegi igoz gero, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera. Egoera horretan gas-nitrogenozko burbuilak sor daitezke gorputz-fluidoetan, eta kalte larriak eragin ditzakete. Izan ere, nitrogenozko burbuilek nerbioak estutu ditzakete, arteriak, zainak eta linfa-hodiak buxatu, eta, halaber, erreakzio kimiko kaltegarriak eragin odolean.
Esan bezala, urpekariei gerta dakiekeen arazo larria da hori, eta horretxegatik deitzen zaio “urpekariaren gaitza”. Baina itsas ugaztunei ez zaie horrelakorik gertatzen, nahiz eta oso arin urperatu eta azaleratu. Itsas ugaztunek urpekarien gaitza ez pairatzearen arrazoia ez dago guztiz argi, baina badirudi urperatu baino lehen birikak hustu egiten dituztela. Horrela jokatuz, biriken barrunbean ez da nitrogenorik geratzen (oxigenorik ere ez) eta, biriketan ez badago, ez da odolera iragaten, eta odolean ez dagoen nitrogenoak ezin burbuilarik sortu.
Itsas txakurrei dagokienez ez dago zalantzarik: frogaturik dago urperatu aurretik birikak husten dituztela. Baleen kasuan, berriz, ez dago horren argi, baina haien birikak oso txikiak dira eta argi dago urperatzean berehala kolapsatzen direla. Kolapsaturik egonik, ez da ezer geratzen birika-barrunbean.
Baina birikak hain arin kolapsatzen badira, nondik ateratzen dute itsas ugaztunek arnas egiteko behar duten oxigenoa? Hori, hurrengo atalean ikusiko dugu.
Oharrak:
[1] Arazo honi dagokionez, berdin da aire konprimituaz beteriko botilatik harturiko airea den edo biriken barrunbean dagoena den.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Urpekarien gaitza appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezin zigarroa erabat itzali
Fabriketako tximinien eta autoen isuriak, ondoan dugun lagun erretzaileak botatzen dituenak… Bigarren eskuko kea deitzen zaie horiei guztiei, eta asko ikertu da osasunari egiten dioten kaltearen inguruan. Besteak beste tabakoaren albo kalte horiek direla medio, gaur egun, ezin da tabernatan erre, eta gero eta gehiago hedatzen ari da autoan erretzeko debekua, batez ere bidaideen artean haurrak baldin badaude.
Tabakoak baditu beste albo kalte batzuk, ordea: bigarrenarekin nahikoa ez, eta hirugarren eskuko kea ere oso kontuan izan behar dela iradokitzen dute gero eta ikerketa gehiagok. Zigarroa itzali eta gero hor jarraitzen duen kutsaduraz ari gara; esaterako, altzari edo alfonbratan geratzen den poluzio arrastoari buruz.
Saguekin egindako ikerketa batean, hirugarren eskuko keak ondorio txarrak badituela egiaztatu du Berkeley Laborategiko (Kalifornia, AEB) talde batek. Hiru astez hura jasaten duten sagu jaioberriek ohi baino askoz ere pisu txikiagoa hartzen dutela ikusi dute. Gainera, sagu gaztetxoenen zein helduagoen zelulen garapenak gorabehera handiak izaten ditu, tabako partikulak dituzten oihalez inguratuta egonez gero. Hala azaldu dute, Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
1. irudia: Pin Wang eta Antoine Snijders, lan honetako ikertzaileetako bi. (Argazkia: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory) | 1. irudia: Pin Wang eta Antoine Snijders, lan honetako ikertzaileetako bi. (Argazkia: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory)Azken urteotan Berkeley Laborategian bertan egindako zenbait ikerketatan hasiak ziren hirugarren eskuko keari susmo txarra hartzen. Izan ere, airean dagoen ozonoarekin eta azido nitrosoarekin kontaktuan jarrita, nikotinak aerosol organiko oso meheak eta minbiziaren eragile izan daitezkeen konposatuak sor zitzakeela ikusi zuten ikerketa batean. Beste lan batean, aldiz, giza eta saguen zelulatako desoreka genetikoarekin lotu zuten hirugarren eskuko kea.
Kasu honetan saguekin, eta batez ere sagu jaioberriekin, egin dute lan, baina ateratako ondorioak gizakientzat ere baliagarriak izan daitezkeelakoan. “Susmoa genuen gazteenak zaurgarriagoak izango zirela, immunitate sistema heldu gabe dutelako, baina ez genuen hori frogatzeko ebidentzia garbirik. Hemen ikusi dugunez, sagu jaioberriek pisua har dezaten eragozten du hirugarren eskuko keak, baina ez du halako eraginik heldu gazteetan”, adierazi du Bo Hang artikuluaren egile nagusiak.
Zehazki, bi adin tartetako saguak baliatu dituzte esperimentu honetan: jaiotzetik hiru astera artekoak (jaioberriak) eta 12 eta 15 aste artekoak (heldu gazteak); arrak zein emeak, artikuluan azpimarratu dutenez. Tabakoz kutsatutako bost zentimetro karratuko oihal puskak jarri zituzten horietako batzuen bizilekuetan, eta beste batzuenean ezer ez, alderaketa egiteko. Gorputzaren pisuan eta sistema hematopoietikoan, hiru asteren buruan, saguek jasandako aldaketei erreparatu zieten bereziki.
2. irudia: Tabakoz kutsatutako oihal puskak jarri dizkiete saguei. (Argazkia; Sinadura: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory)Pisuari dagokionez, hirugarren eskuko kea hartu zuten sagu jaioberriak nabarmen arinagoak ziren, adin bera izan eta halako kutsadurarik jasan ez zutenekin alderatuta. Esperimentua bukatutakoan, aste gutxi batzuk aski izan zituzten zegokien pisua hartzeko. Sagu helduen kasuan, aldiz, ez zuten pisuarekin lotutako desberdintasunik antzeman kutsatuen eta ez kutsatuen artean.
Zelulen garapenari erreparatuta, ordea, hirugarren eskuko kearen kalteak askoz ere nabarmenagoak izan ziren, adin talde batean zein bestean. Esaterako, kutsatutako saguek ohi baino plaketa kopuru txikiagoa zuten, baina bolumen (plaketa bakoitzaren batez besteko tamaina) nabarmen handiagoa; infekzio batetik eratorritako hantura prozesuetan gertatzen da konbinazio hori, adibidez. Gainera, globulu zuri mota batzuetan kopuru oso handiak zituzten: eosinofiloetan, sagu jaioberrien kasuan; neutrofiloetan, eme helduei dagokienez; basofiloetan, ar helduek; eta B zeluletan, oro har.
Jian-Hua Mao ikerketaren arduradunak azaldu bezala, “globulu zuri mota horiek guztiek zerikusia dute hanturarekin eta alergia erreakzioekin. Eta ondorioek bere horretan jarraitu zuten, esposizioa bukatu eta gero ere. Aldaketek hamalau aste iraun zuten, gutxienez, sagu jaioberrien taldean, eta bi aste, helduei dagokienean”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bo Hang et al. Early exposure to thirdhand cigarette smoke affects body mass and the development of immunity in mice. Scientific Reports 7, article number: 41915 (2017). DOI:10.1038/srep41915.
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ezin zigarroa erabat itzali appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikur matematikoen jatorria
Ikur matematikoek, gure kulturako beste edozein osagaik bezala, historia propioa dute, gurea ere badena, hots, gizadiarena. Gaurko artikulu honetan, gure eguneroko hizkuntzaren parte diren oinarrizko ikur matematiko batzuen jatorria aztertuko dugu: lau eragiketa aritmetiko nagusiak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) eta “berdin” zeinua.
Harrisek ipuinari buruzko teoria bitxi bat zuen. Haren ustez, ipuina eragiketa aritmetiko bat baino ez zen. Ez zifren arteko eragiketa bat, jakina, maitasunaren, gorrotoaren, itxaropenaren, desiraren, ohorearen eta antzeko osagaien arteko batuketetan eta kenketetan oinarritutakoa baizik. Abraham eta Isaaken istorioa, adibidez, errukiaren eta aita-semeen arteko maitasunaren batuketa litzateke. Evarena, aldiz, kenketa argia izango litzateke: Jainkoarekiko maitasuna ken munduarekiko maitasuna. Horrez gain, Harrisen arabera, batuketek amaiera zoriontsua duten ipuinei bide eman ohi diete. Kenketetan oinarritutakoek, ordea, amaiera tragikoa izan ohi dute (Obabakoak, Bernardo Atxaga, 1988).
+ (batuketa) eta – (kenketa) ikurrak+ (plus) eta – (minus) ikurrak liburu inprimatu batean erabili ziren lehendabiziko aldiz, Leipzigen 1489an argitaratutako Johannes Widman (1462-1498) matematikari alemaniarraren Mercantile Arithmetic, edo Behende und hubsche Rechenung au allen Kau manscha obran, hain zuzen. Hala ere, Widmanek ez zituen + eta – ikurrak batuketa eta kenketa eragiketa aritmetikoen sinbolo gisa erabiltzen, baizik eta testuan aztertzen diren merkataritzako praktiken testuinguruan, salgaien gehiegikeria edo gabezia adierazteko, adibidez, upelen pisuari zegokionez. Irudi honetan “4 + 5” (“4 centner + 5 pfund” esanahiarekin) edo “5 – 17” (“5 centner – 17 pfund” adierarekin) irakur daiteke, non “centner” eta “pfund” pisu-unitate alemaniarrak diren, eta “centner” bat 100 “pfund” diren eta, aldi berean, 50 kilogramori dagokien.
2. irudia: Johannes Widmanen Mercantile Arithmetic (1489) liburuan inprimatutako + eta – ikurren lehen agerraldia.Van der Hoeke (XVI. mendea) matematikari herbeheretarraren aritmetikako liburua + eta – ikurrak eragiketa aljebraiko gisa ageri diren lehen argitalpen inprimatua dela esan ohi da, 1514ko obratzat jo izan delako, baina egiatan 1937an argitaratu zen (1514ko data 1944ko edizioarekin lotutako akats bat da). Florian Cajorik aipatzen duen bezala, ikur horien adiera aljebraikoa aintzat hartu zuen lehen argitalpen inprimatua Henricus Grammateus (1492-1525 inguruan) matematikari alemaniarraren Ayn new Kunstlich Beuch (1518) aljebra eta aritmetikako liburua da.
Hala ere, hura ez da + eta – ikurren lehen agerraldia, dagoeneko latinez eta alemanez idatzitako XV. mendeko azken hogei urteetako Alemaniako zenbait eskuizkributan topa daitezkeelako. Dresdeko Liburutegian bada eskuizkribu bilduma bat (MS C80), eta bertan, agian lehendabiziko aldiz, + eta – ikurrak ageri dira. Widmanek eta Grammateusek eskuizkribu horiek ezagutzen zituzten.
3. irudia: Dresdeko Liburutegiko 1486. urteko MS C80 latindar eskuizkribuetako 350. eta 352. orrialdeak, non plus eta minus ikurrak bi eragiketa aljebraikotan ageri diren.+ ikurraren gurutze forma latindarra eskuizkribuetan “et” juntagailua, hots, “eta” konjuntzioa batuketa adierazteko erabiltzearen emaitza da; alde horretatik, gaur egun oraindik ere “bi eta bi lau dira” esaten dugu. + ikurra “et” juntagailuaren laburdura bat da, izan ere, ikertzaile batzuek testu latindarretan “et” terminoaren ehun laburduratik gora zerrendatu dituzte, eta haietako bat + gurutzea litzateke (“t” letraren idazkera irudikatu dezagun). 1417ko lehen eskuizkribu horietako batean + gurutze bat ageri da, baina marra bertikala atzerantz etzanda duela.
Baliteke Nikolas Oresmekoa (1323-1382) matematikariak 1356 eta 1361 urteen artean idatzitako Algorismus proportionum obra izatea + ikurra eskuizkribu batean agertu zen lehen aldia. Hala ere, litekeena da + ikurra jatorrizko obran egon ez eta beranduago kopiagile batek idatzi izana.
– ikurraren jatorria zalantzazkoagoa da; izan ere, badira hura azaltzen saiatzen diren teoria ezberdinak. Haietako batek planteatzen du jatorria hau izan daitekeela: merkatariek salgaien pisu osotik tara (denbora luzez “minus” esan zitzaiona), hots, produktuaren ontziaren pisua bereizteko erabiltzen zuten barra horizontala. “Minus” hitzaren laburdura ere izan daiteke. Beste teoria baten arabera, Diofano Alexandriakoa (III. mendea) matematikari greziarrak “minus” adierazteko erabili zuen ikurretik erator daiteke; jatorrian goiko partea moztuta duen alderantzizko psi bat zen, zeinuaren antzekoa, baina marra bertikal batek alboko bi lerroak zeharkatzen zituen, eta forma horretatik “t” larri moduko bat eratorriko zen, oina galtzean – ikurrari bide emango ziona. Egiptoko sinbolo hieratiko batean ere izan dezake jatorria.
XV. mendea baino lehen, Italian, beste leku askotan bezala, idatzizko hizkuntzan “plus” eta “minus” hitzak erabili ziren, eta laburduraren bidez “p” edo “m” letrak (baita gainean tilde bat edo segmentu bat zutenak ere) eratorri ziren batuketa eta kenketa adierazteko. laburdurak Luca Pacioli (1447-1517) matematikari italiarraren Summa de arithmetica, geometria, proportioni et proportionalita (1494) obran agertu ziren lehendabiziko aldiz, eta XV. eta XVI. mendeetan zehar erabili ziren. + eta – ikur alemaniarrak Italian erabiltzen hasi ziren XVII. mendean.
4. irudia: Luca Pacioliren Summa de arithmetica (1494) obrako orrialdea, non zeinuek, lehendabiziko aldiz, batuketa eta kenketa irudikatzen dituzten. Bertan, biderketaren ikurraren araua ere ageri da: plus bider plus beti da plus, minus bider minus beti da minus (gainera, italieraz “più” plus da, eta “meno”, minus).Britainia Handian, + eta – ikurrak, “berdin” adierazten duen = zeinuarekin batera, The Whetstone of Witte liburuan erabili ziren lehendabiziko aldiz, 1557an. Espainian eta Frantzian + eta – ikur alemaniarrak, zein “p” eta “m” sinbolo italiarrak erabiltzen ziren.
Batuketa adierazten zuen + gurutzeak ere hainbat forma hartu zituen. Forma nagusia, gaur egun oraindik ere erabiltzen duguna, gurutze grekoa izan da beti. Baina gurutze latindarra ere erabili zen, maiz horizontalean ageriz (parterik luzeena eskuinean edo ezkerrean zuela). Eskandinavian San Jorgerena deritzon gurutzea, edo haren aldaera den Maltako gurutzea neurri txikiago batean erabili ziren.
5. irudia: Batuketaren ikur gisa erabili ziren gurutze mota ezberdinak. Gurutze grekoa, gurutze latindarra, San Jorgeren gurutzea eta Maltako gurutzea.– kenketarako ikur sinplea izan arren, matematikari talde batek ÷ sinbolo konplexuarekin hura ordezkatzea erabaki zuen, eta harrezkero laurehun urtez erabilia izan zen, baita puntua goiko partean baino ez zuen aldaeraren modukoak ere txertatuta. Kenketaren ikur gisa, bi marra jarraitu “– –” edo hiru marra jarraitu “– – –” ere erabili ziren.
Jakina, horien aurretik batuketa eta kenketa adierazteko beste ikur batzuk baliatu ziren. Adibidez, babiloniarrek idazkera kuneiformean batuketarako ideograma bat erabiltzen zuten (“tab”, punta beherantz zuzenduta zuen triangelu isoszelea), eta beste bat kenketarako (“lal”, punta eskuinerantz zuzenduta zuen triangelu isoszelea). Ahmesen papiro egiptoarrean aurrerantz ibiltzen ari diren bi hanka erabiltzen dira batuketarako, eta atzerantz dabiltzan beste bi hanka kenketarako.
6. irudia: Ahmesen Papiroaren —edo Rhind Papiro matematikoaren— 28. ariketa, non batuketaren ikurra aurrerantz ibiltzen ari diren bi hankek, eta kenketaren ikurra atzerantz dabiltzan bi hankek irudikatzen dituzten. × eta · ikurrak (biderketa)Florian Cajorik bere liburuan aipatzen duen moduan, hauek dira biderketa adierazteko ikur horien zenbait aurrekari. Babiloniarrek berriz ere ideograma bat erabili zuten, “a-du” izenekoa, biderketa irudikatzeko. Diofantok ez zuen inolako ikurrik erabiltzen. Indiako matematikari buruzko eskuizkriburik zaharrena den Bakhshiili manuscript lanean faktorea beste aldean kokatuta ageri da. Bhaskara Acharia (1114-1185) matematikari indiarrak “bhavita” (edo “bha” laburdura) idazten zuen faktoreen ondoren.
Zenbait matematikarik —Michael Stifel (1487-1567) matematikari alemaniarrak Deutsche Arithmetica (1545) obran, Simon Stevin (1548-1620) matematikari flandestarrak, edo René Descartes (1596-1650) filosofo eta matematikariak Géométrie (1637) lanean— M letra erabili zuten biderketa adierazteko, eta D letra zatiketarako. Esate baterako, Stevinek edo Stiefelek “3①Msec①Mter②” espresioa idatzi zuten, non “sec” bigarren aldaera edo kopuru ezezaguna eta “ter” hirugarrena diren, aurrean zenbaki bat duen zirkuluak aldaera horren berretura adierazten duen, eta M eta D letrak biderketa eta zatiketaren zeinuak diren. Guk hala adieraziko genuke: 3 x y z2. Era berean, haiek “5②Dsec①Mter②” idatzi zuten guk “5 x2 z2 / y” gisa irudikatuko genukeena adierazteko.
Bestalde, Francois Vieta (1540-1603) matematikari frantsesak “a b-ren barruan” espresioa erabiltzen zuen a eta b aldaeren emaitza adierazteko.
William Oughtred (1574-1660) matematikari ingelesaren Clavis Mathematicae (1631) obran erabili zen lehendabiziko aldiz San Andres gurutzea × biderketaren sinbolo gisa. Edward Wrightek 1618an John Napier (1550-1617) matematikari eskoziarraren Descriptio (1614) obraren itzulpenaren eranskin anonimo batean “x” letraren formarekin ageri bada ere, badirudi eranskina Oughtredek berak idatzi zuela.
7. irudia: William Oughtreden Clavis Mathematicae (1631) liburuko bi pasarte, non autoreak × ikurra biderketa adierazteko erabili zuen.Oughtredek gurutze txiki bat —San Andres gurutzea— erabiltzen zuen; Adrien-Marie Legendre (1752-1833) matematikari frantsesak, aldiz, Elements de Gèomètrie (1794) lanean gurutze handi bat baliatu zuen. Biderketaren × ikurra gure egunetara iritsi da, nahiz eta haren erabilera ez den guztiz orokortu, funtsean matematikaren arloan erabiltzen den puntuaren ikurra ere badugulako.
Britainia Handian × ikurra oso zabalduta bazegoen ere, matematikari batzuek, hala nola Isaac Newton (1643-1727) matematikari ingelesarekin batera kalkuluaren asmatzailea izan zen Gottfried W. Leibniz (1646-1716) matematikari alemaniarrak, ez zuten sinbolo hori atsegin. Johann Bernoulli (1667-1748) matematikariari Basiletik (Suitza) bidalitako gutun batean hauxe esan zion: Ez dut × sinboloa gustuko biderketarako, “x” batekin nahastu daitekeelako (…) bi kopuru puntu baten bidez lotu eta biderketa RS·PQ adieraziz seinalatzen dut maiz.
Biderketa adierazteko puntua txertatu zuena Leibniz izan zela esan daitekeen arren, lehenago ere agertu zen. Adibidez, Thomas Harriotek Artis analyticae praxis (1631) lanean puntua darabil “aaa – 3 · bba = +2 · ccc” espresioan. Puntua, azkenik, matematikaren arloan XVIII. mendean onartuko zen biderketaren sinbolo gisa.
8. irudia: Leibnizek eskuz idatzitako orrialdea, non biren errorako seriezko garapenak ageri diren.Emaitza adierazteko beste sinbolo batzuk izan ziren; esate baterako, Johann Rahn (1622-1676) matematikari suitzarrak Teutsche Algebra (1659) obran * izartxoa baliatu zuen, eta hasiera batean Leibnizek parte irekia beherantz kokatutako C etzan bat erabili zuen Dissertatio de arte combinatoria (1666) lanean.
9. irudia: John Rahnek idatzitako Teutsche Algebra (1659) liburuko orrialdea, non biderketaren ikurraren araua aipatzen den. : eta / ikurrak (zatiketa)Aurreko ikurrekin ikusi dugun bezala, babiloniarrek, greziarrek edo Indiako matematikariek zatiketa irudikatzeko modu ezberdinak zituzten, baina kasu askotan ikur berbera erabiltzen zuten zatikietarako; hala ere, guk zatiketaren eragiketan erabili izan ziren sinbolo modernoagoak aztertuko ditugu.
Zatiketarako ikur moderno horietako bat “ilargi-ikurra” edo zenbakien artean kokatutako parentesia da. Hala, 24 zati 8 eragiketa adierazteko, “8)24” idazten zen. Ikur hori Michael Stifel matematikari alemaniarraren Arithmetica integra (1544) obran, edo Joseph Moxon (1627-1691) hidrografoak osatutako termino matematikoei buruzko ingelesezko lehen hiztegian topa dezakegu, non “D)A+B–C” idazten duen guk “(A + B – C) : D” irudikatuko genukeena adierazteko.
Bi “ilargi-ikur” edo parentesi ere erabili zituzten, beraz, “24 zati 8” eragiketa “8)24(” idatzita aurki daitekeen. Idazkera hori denbora luzez erabiltzen jarraitu zuten, zatiketaren emaitza eskuinean ere kokatuz, parentesiaren bestaldean; hala, “24 zati 8 berdin 3” eragiketa “8)24(3” adierazten zen.
10. irudia: Zatiketaren algoritmoaren azalpena John Hillen Arithmetick both in the theory and the practice (1716) liburuan: zatikizuna 12096 da; zatitzailea, 7; eta emaitza, hots, zatidura 1728 da. Zatiketaren inguruko ohar hori XIX. mendean AEBko testuliburuetan erabili zen.Lehen aipatu dugun moduan, Michael Stiefel bera, Deutsche Arithmetica (1545) obran, M eta D letrak erabiltzen hasi zen biderketa adierazteko. D marka beste autore batzuek ere baliatu zuten, haietako zenbaitek alderantzizko D bat ere bai —J. E. Gallimard (1685-1771) frantsesak bezala—; beste batzuek, aldiz, “d” etzan bat idazten zuten —adibidez, J. A. da Cuhna (1744-1787) portugaldarrak—.
Gaur egun arte bizirik iraun duen zatiketaren ikurretako bat goiko eta beheko parteetan puntu bana dituen marra bat da. Sinbolo hori John Rahn matematikariak txertatu zuen lehendabiziko aldiz Teutsche Algebra (1659) obran.
11. irudia: John Rahnen Teutsche Algebra (1659) liburuko orrialdea, non ÷ ikurra lehendabiziko aldiz erabili zen zatiketa adierazteko.Sinbolo hau mundu anglosaxoian (Britainia Handian eta AEBn) erabili zen, ez ordea europar kontinentean, eta gerora hura erabiltzeko ohitura galduz joan zen, nahiz eta oraindik ere ikur ezaguna den. Izan ere, horixe da kalkulagailuetan zatiketarako erabiltzen den sinboloa.
Gottfried W. Leibniz matematikari alemaniarrak, Dissertatio de arte combinatoria (1666) obran, parte irekia gorantz irudikatutako C etzan bat erabiltzen zuen zatiketa adierazteko. Baina beranduago, kalkulu infinitesimala aipatzen duen lehen lana bihurtuko zen “Nova Methodus pro maximis et minimis, itemque tangentibus, et singulare pro illis calculi genus” artikuluan (Acta eruditorum, 1684), idazkera hura baztertu eta, haren ordez, : bi puntuak erabiltzeari ekin zion. Leibnizek berak azaldu zuen, harrezkero, zatiketa adierazteko “x : y” espresioa erabiliko zuela, “x zati y” esan nahi duena.
Leibnizen arabera, testu batean bi puntuak erabiltzearen abantailetako bat da zatiketa lerro berean mantendu daitekeela eta, marra horizontalarekin idazten denean ez bezala, ez dagoela norabide bertikalean espazioa handitu beharrik, lerroak are gehiago bereiztea eskatuko zukeena, bide batez.
12. irudia: “Nova Methodus pro maximis et minimis…” (1684) artikuluko orrialdea, non Leibnizek : idazkera erabiltzen duen zatiketa adierazteko.Leibnizek Johann Bernoulliri biderketaren inguruan idatzitako gutunaren aurreko aipamenak hala jarraitzen zuen: Arrazoia aipatzeko, puntu bakar baten ordez, bi erabiltzen ditut; eta ikur hori bera baliatzen dut zatiketarako. Horrela, zuk erabiltzen duzun “dy . x :: dt . a” espresioaren ordez, nik “dy : x = dt : a” idazten dut, hau da: dt a-rekiko den bezalakoa da dy x-ekiko; hots, dy zati x, eta dt zati a, berdina da.
Europar kontinentean, Leibnizek biderketarako (· puntua) eta zatiketarako (: bi puntuak) baliatu zituen idazkerak berehala onartuak izan ziren.
Era berean, Leibnizek, bi puntuak azaltzeko, zatikizuna eta zatitzailea marra horizontal baten gainean eta azpian idazten diren zatiketa-ikurraren erabilera aipatu zuen. Gaur egun ere arlo matematikoan eta hartatik kanpo oso erabilia den idazkera honek antzinatean du jatorria; hala iradokitzen du, behintzat, espresio konplexuak adierazteko erakusten duen moldakortasunak. Gauza jakina da marra horizontala arabiarrek txertatu zutela, nola izan zen edo nork egin zuen ez badakigu ere. Europan Fibonacci, Leonardo de Pisa (1180-1250) matematikaria izan zen marra horizontala lehendabiziko aldiz erabili zuena (izan ere, Fibonaccik Europara ekarri zituen gaur egun darabiltzagun zenbaki indoarabiarrak, arabiarrengandik jaso eta gero).
Bestalde, gaur egun zatiketa adierazteko hainbeste erabiltzen den marra etzana XVIII. mendeko liburu inprimatuetan zatiketari zegokion marra horizontala irudikatzeko baliabide tipografiko bat baino ez zen.
= ikurra (berdin)= ikurra Robert Recordek baliatu zuen lehendabiziko aldiz The Whetstone of Witte (1557) aljebrako liburuan. Recordek zioen ez zegoela bi lerro paralelo baino gauza berdinagorik, eta, horregatik, = sinboloa erabili zuen bi gauzen arteko berdintasuna adierazteko. Hala ere, denbora luzea igaro zen = ikurraren erabilera zabaldu arte. 1618. urtera arte ez zen liburu inprimatu batean agertu, 61 urte igaro ondoren, hain justu. Ingalaterran 1631. urtetik aurrera hedatuko zen, urte hartan sinbolo hori agertzen zen hiru obra garrantzitsu argitaratu baitziren: Thomas Harrioten (1560-1621) Artis Analyticae Praxis, William Oughtreden Clavis Mathematicae, eta Richard Norwooden (1590-1675) Trigonometrie, or the Doctrine of Triangles.
13. irudia: Robert Recorderen The Whetstone of Witte (1557) liburuko orrialdea, non, lehendabiziko aldiz, = ikurra ageri den berdintasuna adierazteko.Recordek = ikurra zabaldu aurreko liburu inprimatuetan, baita mende oso bat beranduago ere, “aequales”, “aequantur”, “esgale”, “faciunt” eta beste hainbat hitz erabili ziren bi gauza berdinak zirela adierazteko, “aeq.” laburdura barne. Ez zuten inolako sinbolorik erabiltzen berdintasuna adierazteko. Beraz, ikurraren ordez, aipatutako hitzak topatuko ditugu Kepler, Galileo, Torricelli, Cavalieri, Pascal, Napier, Briggs, Gregory St. Vincent edo Fermat matematikarien obretan.
Komunitate zientifikoak, batez ere matematikarien arlokoak, denbora asko behar izan zuen Recorderen ikurra onartzeko, eta, horrez gain, “=” ikurra jada beste esanahi batzuekin baliatzen zen. Vietak, adibidez, aldea, hots, bi kopururen arteko kenketa adierazteko baliatu zuen; hala, “9 = 6 aequale 3” idazten zuen. 1638an, Descartesek gaur egungo ± zeinuaren adiera berarekin erabili zuen (hau da, “x = ± 1” espresio bat da, non “x” letra “1 edo -1” izan daitekeen). Gauzen berdintasuna adierazteko beste ikur batzuk ezartzen saiatu baziren ere, XVIII. mendean Recordek proposatutako zeinua nagusitu zen argitalpen matematiko eta zientifikoetan.
Bestetik, berdintasun matematikoa irudikatzeari dagokionez, baziren = bi lerro paraleloekin lehian zeuden beste ikur batzuk. Zeinu askoren artean, haietako zenbait eskuineko kortxetea, bi lerro bertikal paraleloak || eta lerro bertikala | izan ziren.
14. irudia: Joannes Buteoren Logistica (1559) liburuko 190. eta 191. orrialdeak.Aurreko irudian Joannes Buteo (1492-1572) matematikari frantsesaren Logistica quae & Arithmetica vulgò dicitur in libros quinque digesta … eiusdem ad locum Vitruuij corruptum restitutio, qui est de proportione lapidum mittendorum ad balistae foramen, libro décimo (1559) liburuko bi orrialde ikus daitezke. Bertan, besteak beste, “1 A,1/3 B,1/3 C[14” eta “3 A.3B.15C[120” espresioak ageri dira, Florian Cajoriren arabera, egungo idazkera matematiko modernoa baliatuta, hala adieraziko liratekeenak: y (batuketa, koma eta punturako idazkera ezberdinak ditugu).
15. irudia: René Descartesek 1619. eta 1621. urteen artean idatzitako Opuscules laneko orrialdea, non bi lerro bertikal ageri diren berdintasuna adierazteko.Iturriak:
- Alejandro Guijarro, Momentum argazki-erakusketa (2010-2013), divulgamat webgunean ikus daitekeena.
- Florian Cajori, A history of mathematical notations (I. eta II. liburukiak), Dover, 1993 [The Open Court Company argitaletxeak 1928an argitaratutako jatorrizko edizioa doan kontsulta daiteke Internet Archive webgunean]
- Vicente Meavilla, Eso no estaba en mi libro de Matemáticas, Almuzara, 2012.
- Saxon State and University Library Dresden (SLUB)
- Jeff Miller, Earliest Uses of Various Mathematical Symbols
- Stephen Wolfram, Dropping In on Gottfried Leibniz
- Frank J. Swetz, Mathematical Treasure: Leibniz’s Papers on Calculus, Mathematical Association of America.
- René Descartes, Obras de René Descartes (Charles Adam eta Paul Tanneryren edizioa), 1905. Acceso libre en Wikisource
- Joannes Buteo, Logistica quae & Arithmetica vulgò dicitur in libros quinque digesta… eiusdem ad locum Vitruuij corruptum restitutio, qui est de proportione lapidum mittendorum ad balistae foramen, libro décimo (1559), Fondo Antiguo, Sevillako Unibertsitatea.
———————————————————————————-
Egileaz: Raúl Ibáñez UPV/EHUko Matematika Saileko irakaslea da, dibulgatzailea eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea.
———————————————————————————-
The post Ikur matematikoen jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.
Bodil Schmidt-Nielsen (eta III): Giltzurrunaren misterioak argitzen
Hori dela eta, beste zenbait lankiderekin batera aritu zen giltzurrun-hodien azpiatalak diren Henleren euskarria izeneko gailuen zeregina aztertzen. Ikerketa horiei esker jakin ahal izan zen zein ziren gernua kontzentratzeko mekanismoaren oinarriak.
Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoa 2003. urtean. (Argazkia: American Physiological Society)Oraindik ez ditugu ezagutzen mekanismo horren zehetasun guztiak, baina badakigu Henleren euskarriak zeregin oso garrantzitsua betetzen duela kontzentrazio prozesu horretan. Bodil Schmidt-Nielsen eta bere lankideen lanek berebiziko garrantzia izan zuten oinarrian dauden osagai funtzionalak argitze aldera.
Duke Unibertsitatea utzi zuen 1964an eta Case Western Reverse Unibertsitatera joan zen katedradun postu bat betetzera. Bere saileko buru urtebete izan ondoren, katedrari uko egin zion eta Mount Desert Island Biological Laboratory-an izenekoan hasi zen lanean hango lehen ikertzaile finko gisa. Gogora dezagun ia 20 urte lehenago hasi zela laborategi horrekin elkarlanean, laborategiko buruaren bisita jaso ondoren. Berak aitortu bezala, ikerkuntza nahiago zuen administrazio-lana baino; horretxegatik hartu zuen beste lanpostua. Hala ere, 1971tik 1975era harreman formala mantendu zuen katedradun atxiki gisa, bai Case Western Reverse unibertsitatearekin, bai Brown unibertsitatearekin.
Bodilek jarraitu zuen zenbait animaliaren arteko fisiologia-erkaketak egiten 1971tik aurrera, Mount Desert Island Biological Laboratory izenekoan. Urte haietan, ur eta elektrolitoen trukeei eta gai nitrogenodunen iraizteari buruzko ikerketak egin zituen arrain, narrasti eta hegaztiekin. Hala ere, gernua kontzentratzeko ugaztunek erabiltzen duten mekanismoa izan zen bere ikerketa-gai nagusia eta alor horretan ekarpen handia egin zuen giltzurrun-pelbisaren uzkurtze peristaltikoek gernua kontzentratzeko prozesuan izan zezakeen eraginaren inguruan.
1986an Mount Desert Islandeko bere laborategia itxi egin zuen; 68 urte zituen. Horrela, bertan behera utzi zuen ikerkuntza aktiboa, baina ez zuen guztiz alboratu zientzia-jarduera. Han jarraitu zuen, uda sasoietan batez ere, mintegi eta zientzia-eztabaidetan parte hartzen. Bestalde, irakasle atxikiko izendapena egin zioten Floridako unibertsitatean aldi berean, eta han igaro zituen hurrengo urtetako neguak; 1997an irakasle emerituaren izendapena jaso zuen Floridan.
Honenbestez, Bodil Schmidt-Nielsen doktorearen ibilbidea. Ondoren, gure protagonistak jasotako aitortzak ekarriko ditut hona, bere bizitza zientifikoaren merituen adierazle gisa. Lehena, Bodwitch Award Lectureship izan zen (1957); gorago esan bezala, bera izan zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea. Zenbait elkarte eta akademiatako kide aukeratu zuten: New York Academy of Sciences (1958), American Association for the Advancement of Sciences (1959) eta American Academy of Arts and Sciences (1973). Aurrekoez gain, aipatzekoak dira hurrengo izendapenak hurrengo izendapenak aipa daitezke: Guggenheim Fellow (1953-1954), American Heart Association delakoaren Established Investigator (1954–1962) eta National Institutes of Health Career Awardee (1962–1964), Lewiston-go (Maine) Bates Collegeko Ohorezko Doktorea (1983), Danimarkako Aarhuseko Unibertsitateko Medikuntzan Ohorezko Doktorea (1997). American Physiological Society delakoaren presidentea aukeratu zuten 1975-1976 biurtekorako. Elkarte horren 48. presidentea izan zen eta kargu hori bete zuen lehen emakumea hain justu; 28 urte igaro ziren presidentetzarako hurrengo emakumea aukeratu arte. 1989an Ray G. Daggs Award (saria) eman zion American Physiological Society izenekoak elkartearen alde egindako lanagatik eta fisiologiari emandako ekarpenengatik. Azkenik, elkarte beraren (hau da American Physiological Society izenekoaren) Comparative Physiology Section izeneko atalak aukeratu zuen August Krogh Distinguished Lecturer gisa 1994an.
2015eko apirilaren 17an zendu zen; 96 urte zituen.
Iturriak:
- Knut Schmidt-Nielsen (1998): The Camel´s Nose: Memoirs of a Curious Scientist, Island Press.
- Wikipedia: Bodil Schmidt-Nielsen
- William H. Dantzler (2006): Living history of physiology: Bodil Schmidt-Nielsen. Advances in Physiology Education, 30 (1): 1-4
- William H. Dantzler (2015): Obituary; Bodil Schmidt-Nielsen (1918-2015) 48th APS President. The Physiologist 58 (4).
- William H. Dantzler-ek elkarrizketa egiten dio Bodil Schmidt-Nielseni: bideoa.
Aurreko artikuluak:
- Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila
- Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Bodil Schmidt-Nielsen (eta III): Giltzurrunaren misterioak argitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Jarduera fisikoak gaixotasunen prebentzioan daukan garrantzia
Zunzunegui doktoreak martxan jarritako ariketa-programa terapeutikoaren helburu nagusiak ziren zenbait gaixotasun kronikoren sintomak hobetzea —hala nola aparatu muskuloeskeletikoaren patologiak, II motako diabetesa, hipertentsioa eta obesitatea—, arrisku-faktoreak murriztea, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea eta bizimodu osasuntsu eta aktibo bat sustatzea. Programak bederatzi hilabeteko iraupena zuen: astean hirutan, ordubeteko saioak egiten ziren, ariketa aerobikoak, indar-ariketak eta malgutasun-ariketak konbinatuz. Azterketetan parte-hartzaileen altuera, pisua, gerriaren perimetroa, aldakaren perimetroa, enborreko muskulu hedatzaileen malgutasuna, tentsioa, bihotz-maiztasuna eta bihotz- eta arnas gaitasunak hatu zituen kontuan zituzten kontuan. Bestalde, galdetegi batzuk bete zituzten parte-hartzaileek, beren motibazioa eta programaren amaierako gogobetetzea neurtzeko.
Prebentzio-programak tratamenduak baino eraginkorragoak eta merkeagoakAriketen osteko tentsio-neurketek erakutsi zuten tentsio-maila zertxobait txikiagoak zituztela parte-hartzaileek, atsedenean egindako neurketekin alderatuta. Horrek frogatzen du jarduera fisikoak tentsioa txikitzeko berehalako eragina duela, eta agerian uzten, ariketa-aldi laburrek dituzten eragin onuragarriak.
Gutxieneko eraginak hauteman ziren gorputzaren konposizioarekin lotutako aldagai guztietan, baliteke ariketak egiteko estimulu gutxiegi izateagatik, programarekiko atxikimendu txikia izateagatik, dieta ez kontrolatzeagatik, gihar-masa handitu izanagatik, eta abar. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da tentsio-murrizketak ez zirela gorputzaren konposizioaren aldaketekin batera gertatu, eta horrek adierazten du zer garrantzitsua den jarduera fisikoa egitea pisua murriztu ez arren. Programak irauten zituen bederatzi hilabeteak igarota, 5 mmHg-ko murrizketak hauteman ziren tentsioan, eta horrek berresten du zer eragin positiboa duen jarduera fisikoak arrisku kardiobaskularra eta hilkortasuna murrizteari dagokionez. “Izen handiko ikerketetan frogatu dute murrizketa hori oso esanguratsua dela arrisku-faktoreak gutxitzeari dagokionez, batez ere hipertentsioa eta beste gaixotasun batzuk dituzten pazienteetan”, azaldu du Irantzu Ibañezek.
Bestalde, aldaketak txikiak detektatu zituzten bihotz- eta arnas gaitasunean, “nahiz eta garrantzitsuak izan litezkeena gaixotasun larriak dituzten pertsona batzuetan”, zehaztu du. Programa hasi eta hiru hilabetera, malgutasun-hobekuntzak hauteman ziren parte-hartzaileetan; “aldaketa garrantzitsua da hori, funtzionalitatea hobetzen laguntzeko urrats gisa”, adierazi du ikertzaileak.
“Programaren helburu nagusia zen jendeak ariketa fisikoak egitea eta ikastea eta ulertzea jarduera fisikoa oso tresna baliagarria dela haientzat, beren gaixotasuna kontrolatzeko”, azaldu du Ibañezek. Horretarako, programan, askotariko mintegiak antolatu zituzten parte-hartzaileei ariketa fisikoarekin, elikadurarekin eta abarrekin lotutako informazioa emateko. Parte-hartzaileek, halaber, “adierazten zuten oso pozik zeudela programarekin —erantsi du—, eta beren gaixotasunen sintomak eta bizi-kalitatea hobetu zirela“.
“Argi dago prebentzioa dela bidea —ondorioztatu du ikertzaileak—, eta gizarteak ulertu behar du hobe dela prebenitzea tratatzea baino, eta, gainera, merkeagoa. Ondo baino hobeto frogatuta dago epe luzean prebentzio-programak askoz ere eraginkorragoak eta merkeagoak direla tratamendua bera baino. Beraz, funtsezkoa da Zunzunegui doktore zenak martxan jarritako, eta bere garaian bertan behera utzitako, programa bezalakoak aktibatzea”.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Jarduera fisikoak gaixo kronikoetan duen garrantzia berretsi du azterketa batek.
The post Jarduera fisikoak gaixotasunen prebentzioan daukan garrantzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #140
Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno-kontzentrazioaren aldaketek zenbait espezieren banakoek lor dezaketen tamainarekin zerikusi zuzena dute. Karbonifero aldian, adibidez, zenbait animalia talderen gigantismoaren aroa izan zen, Lurraren historia osoan gertatu den oxigeno-kontzentraziorik altuena izan duena. Ez da batere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, intsektuen arnas aparatua trakea-sistema baita. Artikulu honetan aurkeztu dutena hipotesi bat da; halere, oinarri sendoak badituela erakutsi dute.
Tomatearen zaporea berreskuratzeko modua aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Dastamena azukreek eta azidoek aktibatzen dute; usaimena, aldiz, konposatu lurrunkorrek. Eta, hain justu ere, konposatu lurrunkorren baitan dago zapore onaren gakoa.
MatematikaAuto-ilarak saihesten laguntzen duen algoritmoa garatu dute Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Garraio sistema adimendunei aplikatzeko algoritmoa da. Bideetan dauden sentsoreek unean-unean jasotzen dituzte trafikoaren datuak, eta horietan oinarrituta, gidariei zer bide hartu aholkatzen die algoritmoak, pilaketetatik aldentzeko eta zirkulazioa arintzeko. Bi erronka gainditu behar izan dituzte. Alde batetik, ziurgabetasuna. Baliteke bildutako datuek erakusten duten agertokia ez izatea osatua, edo informazioa zehaztasuna galtzea hartzailearengana iritsi arteko tarte horretan. Bestalde, sentsoreek ematen duten informazioa aldakorra da eta algoritmoak asmatu behar du egokitzen. Beste elementu bat gehi diote honi: auto-ilarak aurreikus daitezke. Irakur ezazue Amaia Portugalen ekarri interesgarri hau!
Matematika ikasteko metodologia berri baten aldekoa da Ana Garcia. Jokoak eta denbora-pasak arlo horretan txertatzearen alde egiten du, hain zuzen ere. Irakasle erretiratua da Garcia, eta horrela mintzo da: “Hainbat eratako jokoak daude: klasean azaldutako edukiak indartzeko balio dute batzuek; beste batzuek, ikasleei zalantza batzuk eragiteko, kontzeptu matematiko batzuk uler ditzaten. Matematikako eduki asko dago modu batera edo bestera barneratu beharrekoa. Ariketak behin eta berriro errepikatzeak botatzen ditu atzera ikasleak; ariketa taula tradizionalek, alegia”.
Hilkortasun-tasak izan dira mintzagai artikulu honetan. Imanol Montoya Arroniz epidemiologoak hartu du hitza, duela gutxi amaitu duen bere doktorego-tesia azaltzeko –Hilkortasunaren ekonomia eta gizarte-desberdintasunen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoaren zonalde txikietan-. “Oso garrantzitsua da Euskal Herriko hainbat tokitan hilkortasun-arrisku handia dagoela jakitea. Horrela, aukera izango dugu desberdintasun horien aurkako neurriak hartzeko edo politika jakin batzuk abian jartzeko.
Material berriakHidrogeno metalikoa lortu dutela iragarri dute Harvardeko Unibertsitateko (Cambridge, AEB) hainbat ikertzailek. Unibertsoan den elementurik sinpleena —protoi bat baino ez du nukleoan— gas eta likido modura ezagutu izan da orain arte. Duela 80 urte inguru, baina, fisikari teorikoek aurreikusi zuten presio handietan metal baten ezaugarriak hartu behar zituela hidrogenoak. Hidrogeno mota horrek, artikuluan Silverak azaltzen duen moduan, “ohiko tenperaturan supereroalea izan daitekeela aurreikusi izan da, hau da, erresistentzia elektrikorik gabeko metala da”. Supereroankortasuna fisikarien aspaldiko helburua da, gakoa baita elektrizitatea efizientzia handiarekin garraiatzeko. “Bestetik, kantitate handietan erabiliz gero, suzirien propultsatzailerik hoberena izan liteke”, gaineratzen du.
Arkitektura eta itsasoaJarduneko itsasargi batek, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakaslearen ustez, “soilik du balioa Industria Ondarearen osagai gisa”. Aspaldi izan dira bide-erakusle eta “bere kokapen inguruaren eta tokiko gizartearen memorian txertatuta dagoen multzo bat denez, bertako ekonomiaren mantentzeari lagundu dio. Ondorioz, Industria Ondarea zehazten duten kontzeptu guztiak betetzen ditu”. Beitiak zuzentzen duen ikerketa taldeak ‘Ondare Balioa duten Espainiako Itsasargien Katalogoa’ osatu du. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Kulturako Estatu Idazkaritzaren mende dagoen Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren bitartez 2016an finantzatu duen lan honetan gai guzti horiek zehazten saiatu dira itsasargi bakoitzari dagokionean, eta fitxa bana osatu dute ondare balioa duen 130 itsasargi bakoitzerako.
GenetikaMutazioak saihesteko mekanismo berria garatu dute. Ikerketaren arabera, mekanismo horri esker, bakterio patogeno batzuek antibiotikoekiko erresistentziak saihesten dituzte; tuberkulosiaren erantzule den Mycobacterium tuberculosis bakterioak, besteak beste. Aurkikuntza oso garrantzitsua da, batetik, antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko estrategiak garatzeko, eta, bestetik, prozesu bioteknologikoen emaitzak hobetzeko.
Emakumeak zientzianElisabete Alberdi Zelaia ikertzailea da. Matematika hautatu zuen ikasketa-bide eta lizentziatura bukatu ostean, Markina-Xemeinen irakasle-lanetan hasi zen. Batxilergoan, Prestakuntza Zikloan eta Ingeniaritzan eman zituen klaseak. Tesia egiteko abagunea izan zuen eta hala egin zuen. Ikerketan M2SI taldean dabil (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) eta talde horretako bi emakumeetako bat dela ere zehaztu du; bestea tesia egiten omen dabil, “Ekuazio Diferentzial Arruntak eta Deribatu Partzialeko Ekuazioak askatzeko zenbakizko metodoen garapenean”, azaldu du. Lea Artibaiko etapa amaitu eta UPV/EHUkoa hasi ondoren, ama izateko garaia ere izan zitekeela pentsatzen hasi zen. Ordurako 36 urte zituen, baina, pausoa eman aurretik, nahiago zuen hasitako ibilbidea sendotu. Izan ere, aitortu duenez, ez da erraza ikerketak eskatzen dituen erritmoa eta bizimodua (kongresuak, egonaldiak atzerrian…) bateratzea haur txiki batek behar duen zaintzarekin. “Hortaz, ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”.
Bodil Schimdt-Nielsen fisiologoaren beste kapitulu bat dakar Juan Ignacio Perezek. 1947an hasi zuen ur eta elektrolitoen balantzeari buruz egin zuen bere lehen ikerketa garrantzitsua. Ondoren, beste esperimentu batzuk jarri zituen abian. Oso lan ezaguna da, adibidez, urik edan gabe bizirik irauteko kanguru-arratoiak garatu dituen mekanismoak deskribatu zituen. Erabateko berrikuntza ekarri zuten animalien ingurumen-fisiologian mugarria izan ziren lan haiek. Gero, Saharako basamortuaren barrena abiatu ziren eta herrixka galdu batean ur-ekonomiari buruzko ikerketak egin zituzten gameluetan. Irakurri ikerketa hauen nondik norakoak artikulu interesgarri honetan!
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #140 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #146
Egun ez dago marihuanaren erabilera medikoa babesten duen erabateko frogarik. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Medical marijuana. Really?
Sator-arratoi biluziak ez du suminik ezta minari lotutako portaerarik. Ezaugarri honek minari buruzko informazio iturri fisiologiko interesgarria bihurtzen du. Sergio Laínezek aurkezten du gaia: Pain lessons, by the Naked Mole Rat.
Raman espektroskopia asko erabiltzen da kimika analitikoan. DIPCko ikertzaileen analisi mekanokuantikoa Raman espektroskopiaren aldaera bat da eta, harago zerbait badagoela ematen du: Beyond the standard description of Raman scattering.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #146 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elisabete Alberdi: “Ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”
Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin zituen lizentziaturaren azken bi urteak, eta, bukatu orduko, aukera izan zuen bere jaioterrian, Markina-Xemeinen, irakasle-lanetan hasteko. Hala, Lea Artibai ikastetxean aritu zen klaseak ematen, Batxilergoan, Prestakuntza Zikloan eta Ingeniaritzan. Batxilergoan matematika irakasten zuen, eta Ingeniaritzan, kalkulua, aljebra, matematika aplikatua… Dioenez, esperientzia polita izan zen.
Irudia: Elisabet Alberdi Zelaia matematikaria.Aldi berean, doktoretza-kurtsoak eta ikerketa nahikotasuna lortzeko aldia egin zituen, beti izan baitzuen ikerketan sartzeko asmoa. “Nahi nuen noizbait amaitu tesia; zaila zen, ordea, horretarako behar den denbora hartzea lanean ari zarela”, onartu du. Hala, Lea Artibain lanean ari zen azken bi urteetan, jardun murriztuan aritu zen, tesia amaitzeko denbora gehiago izateko.
Etapa baten amaiera, eta bestearen hasiera“Horrela nenbilela, UPV/EHUn plaza bat atera zen, eta lortu egin nuen. Hortaz, Lea Artibai utzi, eta ordutik UPV/EHUko irakasle naiz. Tesia bukatu nuen, eta klaseak ematen ditut Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Meatze eta Herri Lanen Ingeniaritzako atalean, Matematika Aplikatua sailean”, kontatu du Alberdik. Ikerketan, berriz, M2SI taldean dabil (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) eta talde horretako bi emakumeetako bat dela ere zehaztu du; bestea tesia egiten omen dabil. “Ekuazio Diferentzial Arruntak eta Deribatu Partzialeko Ekuazioak askatzeko zenbakizko metodoen garapenean”, azaldu du.
Lea Artibaiko etapa amaitu eta UPV/EHUkoa hasi ondoren, ama izateko garaia ere izan zitekeela pentsatzen hasi zen. Ordurako 36 urte zituen, baina, pausoa eman aurretik, nahiago zuen hasitako ibilbidea sendotu, eta orain iritsi da unea. Izan ere, aitortu duenez, ez da erraza ikerketak eskatzen dituen erritmoa eta bizimodua (kongresuak, egonaldiak atzerrian…) bateratzea haur txiki batek behar duen zaintzarekin. “Hortaz, ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”. Nonbait, ez zebilen oker, orain konturatzen baita zer zaila izango zen ama izatea unibertsitatean hasi berria zen garaian.
Hala ere, egoerak eskatzen badu, gorputzak sekulako gaitasuna duela ere ohartu da: “Harrigarria da zenbat gauza egiteko gai zaren, ordu gutxi lo eginda ere“. Hala ere, haurdun zegoela, Txilen ikerketa-egonaldi bat egin zuen, eta aurretik, Kretan, Australian eta Saudi Arabian ere egin zituen egonaldiak, eta garbi dio: “Ume txiki batekin oso zaila izango zen”. Dena dela, ikertzen jarraitzeko asmoa du, eta kementsu begiratzen dio etorkizunari. “Aldi batean ezingo dut hilabetetako egonaldirik egin atzerrian, baina aurrerago baietz pentsatzen dut”.
Fitxa biografikoa:Elisabete Alberdi Celaya (Markina-Xemein, 1975). Matematikan lizentziatua 1998an Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kudeaketarekin loturiko zenbait master egin ditu, eta Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra, (Donostiako Informatika Fakultatean, UPV/EHU). Lea Artibai ikastetxean (Mondragon taldea) aritu zen lanean 1998-2011 epealdian. 2011tik, berriz, UPV/EHUko irakasle da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta UPV/EHUn lortu zuen doktoretza 2013an. Udako Euskal Unibertsitateko Matematikako sailburua ere bada. M2SI (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) ikerketa taldeko taldeko kide da, eta Kretan, Australian, Saudi Arabian eta Txilen egin ditu ikerketa egonaldiak.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Elisabete Alberdi: “Ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen” appeared first on Zientzia Kaiera.
Erraldoiak
———————————————————————————————————–
Lurraren historian zehar asko aldatu da atmosferaren O2-kontzentrazioa. Hasieran ez zegoen oxigenorik. Gero, kontzentrazio baxuko eta kontzentrazio altuko aldiak izan dira, beste gasekin (CO2 eta CH4, esaterako) gertatu den bezala. Atmosferaren oxigeno-kontzentrazioa % 20’5ekoa da gaur egun, baina % 35ekoa izatera heldu zen iraganean eta % 15ekoa izan da metazooak agertu zirenez geroztik gertatu den O2-kontzentraziorik baxuena.Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno-kontzentrazioaren aldaketak aipatu ditugu aldaketa horiek zerikusi zuzena dutelako, nonbait, zenbait espezieren banakoek lor dezaketen tamainarekin. Karbonifero izeneko aldia, zenbait animalia talderen gigantismoaren aroa izan zen. Erraldoi gehienak intsektu hegalariak ziren, baina artropleurido (artropodo iraungiak), milazango eta Labyrinthodontia (anfibio iraungiak) azpiklaseko espezie lehortar batzuk ere erraldoiak ziren.
Ikus ditzagun aipatu gigantismo horren hiru adibide: 0’7 metrokoa zen Protodonata ordenaren sorgin-orratz iraungi baten hegalen punten arteko zabalera; eta baziren metro bateko luzera zuten milazangoak eta 2 metroko arrabioak ere (pentsa ze sustoa hartuko genukeen holakoekin topo egingo bagenu!).
Irudia: Iraungita dagoen labyrinthodont anfibioa (Argazkia: Pavel.Riha.CB /Wikipedia CC BY-SA 3.0 lizentziapean)Bada, Karboniferoa izan da Lurraren historia osoan oxigeno-kontzentrazio altuena gertatu den aldia. Espezie batean oxigenoa kanpo-mediotik ehunetara iristeko barreiatze-prozesuek garrantzia dutenean, arnas medioaren oxigeno-kontzentrazioak neurri handian baldintza dezake espezie horren tamaina. Izan ere, eguratsaren O2-kontzentrazioa % 35era iristen bada, % 67 altuagoa da O2-aren barreiatze-tasa. Igoera hori garrantzi handikoa da arnas sisteman barreiatzearen menpekotasun handia duten animalientzat. Horien artean daude larruazal-arnasketa erabiltzen duten anfibioak eta, noski, barreiatzearen guztiz menpekoak diren trakea-sistema dutenak ere. Hortaz, ez da batere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, intsektuen arnas aparatua trakea-sistema baita.
Arnas egiteko beste modu bat atalean azaldu dugun bezala, trakea-sistemaren ezaugarriak direla eta, intsektuen tamaina mugatua dago eta ezin daiteke oso handia izan. Baina oxigenoa barreiatzeko baldintzak aldatzen direnean (O2-kontzentrazioa aldatzen delako, adibidez), tamainaren muga ere aldatzen da; horixe da hemen ikusi ahal izan duguna. Gauza bera gertatzen da gaur egungo anfibio urodeloekin; larruazal-arnasketaren menpekoak direnez, euren tamaina ere mugatuta dago, eta horretxegatik heldu ahal izan ziren zenbait espezieren banakoak 2 metroko luzerara Karboniferoan.
Hemen aurkeztu duguna hipotesi bat baino ez da, baina oinarri sendoak dituen hipotesia. Alde du, gainera, Permiar aldian batera gertatu ziren O2-kontzentrazioaren jaistea eta espezie erraldoien iraungitzea. Gero, beste aldi batean, Kretazeoan, baldintza hiperoxikoak itzuli ziren eta, O2-kontzentrazioaren igoerarekin batera, intsektu erraldoiak sortu ziren berriro ere. Efemeropteroak ziren Kretazeoko intsektu erraldoiak, eguratsaren O2-eskuragarritasuna jaitsi zenean berriro desagertu zirenak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Erraldoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Matematika bidelagun
Ohiko auto pilaketak Bilbo inguruan, trafiko geldoa A63an Baionan… Goizean irratia entzuten dutenek badakite zertaz ari garen, eta eguneroko ilara horiek jasan beste erremediorik ez dutenek, zer esanik ez. Hala ere, Euskal Herriko errepideetako txolopoteak txiki geratzen dira, munduko metropoli nagusietakoekin alderatuta. Sao Paulo, Mexiko Hiria, New Delhi… Los Angelesko herritarrek, esaterako, urtean 64 ordu baino gehiago galtzen omen dituzte alferrik, auto ilaratan kateatuta.
Madril ere ez da autoan ibiltzeko hiririk erosoena. Hain zuzen ere, bertako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile batzuek algoritmo bat garatu dute, auto ilarak saihesten laguntzeko. Garraio sistema adimendunei aplikatzeko algoritmoa da. Bideetan dauden sentsoreek unean-unean jasotzen dituzte trafikoaren datuak, eta horietan oinarrituta, gidariei zer bide hartu aholkatzen die algoritmoak, pilaketetatik aldentzeko eta zirkulazioa arintzeko. Journal of Sensors aldizkarian eman dute lanaren berri.
1. irudia: Algoritmoaren aplikazioak nola funtzionatuko lukeen irudikatzen duen agertokia.(Argazkia: Universidad Politecnica de Madrid)
Algoritmo eraginkor bat garatzeko, bi erronka nagusiri egin behar izan diete aurre ikerketa honetan. Batetik, sistemara iristen den informazioaren inguruan egon daitekeen ziurgabetasunari: litekeena da bildutako datuek erakusten duten agertokia ez izatea osatua; edo informazioak zehaztasuna galtzea, prozesatu eta hartzailearengana iritsi arteko tarte horretan. Bigarren erronkari dagokionez, testuinguruari buruz sentsoreek ematen duten informazioa aldakorra da, eta algoritmoak asmatu egin behar du egokitzen, beraz.
Hori horrela, AHP (Analytic Hierarchy Process, edo Hierarkia Prozesu Analitikoa) izeneko algoritmoa hartu eta egokitu egin dute, haren bi aldaera fusionatuta: FAHP eta DAHP. FAHP algoritmoari esker, aipaturiko ziurgabetasun efektu hori aintzat hartzen da kalkuluak egitean. DAHP algoritmoari dagokionez, datu berriak sartzen diren bakoitzean neurriak eguneratu eta birkalkulatzeko aukera ematen du, eta hala, ingurunean etengabe dauden aldaketei erantzun diezaieke proposatutako metodo berri honek.
Horrez gain, ikertzaileek beste elementu bat gehitu diote algoritmoari: sentsoreek jasotako datuen historikoan oinarrituta, kalkuluak egitea ahalbidetzen duen prozedura objektiboa. Hala, algoritmoa autonomoa da eta egokitu egiten da, jasotzen dituen datuen arabera. Horrekin guztiarekin, auto ilarak aurreikus daitezke, eta beraz, erabakiak aldez aurretik hartu; hartara pilaketak saihestu, energia aurreztu eta mugikortasuna hobetzeko.
2. irudia: Auto pilaketek mugikortasun, ingurumen eta energia arazoak eragiten dituzte. (Argazkia: B137 / CC BY-SA 4.0)Algoritmoaren egokitasuna egiaztatzeko, simulazio bat ere egin dute ikerketa honetan. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren sentsore sareak bildutako datuetan oinarrituta, egunero milaka auto hartzen dituen Madrilgo A3 errepidean egin dute proba. Lehenbizi algoritmo berriarekin egin dute simulazioa, eta gero, emaitza onak eman izan dituen TOPSIS algoritmoaren aldaera batekin, konparaketa egiteko.
Simulazioaren emaitzak kontuan hartuta, artikuluan ondorioztatu dutenez, algoritmo berriak zenbait abantaila ditu, TOPSISen aldaerarekin erkatuta. Trafikoaren banaketa hobeto orekatzen du askotariko bideen artean; ez ditu pilaketak lekualdatzen, ez du bide bateko zirkulazioa arintzen bestearen kaltetan. Gainera, hobeki egokitzen da trafikoan une bakoitzean izaten diren aldaketetara. Bestalde, bere emaitzen sendotasuna handia da, TOPSISen aldaerarena baino zertxobait txikiagoa izan arren, eta eraginkorragoa da, eragiketa gutxiago behar baititu funtzionatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
David Gomez et al. Development of a Decision Making Algorithm for Traffic Jams Reduction Applied to Intelligent Transportation Systems. Journal of Sensors. Volume 2016 http://dx.doi.org/10.1155/2016/9271986
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Matematika bidelagun appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer dira hilkortasun-atlasak? Elkarrizketa Imanol Montoya epidemiologo eta estatistikoarekin
Imanol elkarlanean aritu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta neurri handi batean elkarlan horretan oinarritzen da bere tesia. Hau guztia MEDEA egitasmoaren barruan egin da, espainiar estatu mailako osasun-ekimen batean. Egitasmo honek berrikuntza dakar, zeren eta aukera ematen baitu estatistika-azterketak populazio txikiko guneetan egiteko. Lupa honi esker, gure bizitokiari lotuta egon litezkeen ingurumen, gizarte eta ekonomia-eragile batzuk azter litezke, horiek guztiek osasunari eragiten diotelakoan.
Esan daiteke Imanolen ikerketa lanak lehenengo aldiz kuantifikatu duela desberdintasun hauek hilkortasunean duten eragina. Ondorio garbiak atera ditu: Elkargoaren zonalde txiroagoetan hilkortasun-tasa handiagoak daude. Ikus ditzagun kontu hauen zehaztapenak.
.- Imanol badakigu hilkortasuna, hau da, denbora tarte jakin batean gertatzen diren heriotzen kopurua oso desberdina dela batetik Afrikan eta bestetik Ingalaterran, Frantzian edo Espainian. Esaterako Afrikan malariak jota hiltzen da jendea, eta hemen ez da horrelakorik gertatzen. Zonalde handiak erkatzen ditugunean, oso nabarmenak dira desberdintasunak, baina egia ote da Euskal Herriko Hilkortasun Atlasak iradokitzen duena, hau da, desberdintasunik antzeman ote daiteke gure auzoen artean?
Tankera horietako desberdintasunik ote dagoen zehaztea izan dugu helburu, eta ikusi dugu egon badaudela, eta gainera desberdintasun oso garrantzitsuak direla. Zientzialariek susmatu egiten zuten errealitatea, baina lan hau burutu arte ez da kontua kuantifikatzeko modurik izan. Euskal Herriko Hilkortasun Atlasek 1996-2003 eperako estimazioak egin ditu, esparru geografiko eta zenbait kausaren arabera, eta sexuaren arabera ere.
.- Imanol, 18 heriotza-eragile nagusi ikus daitezke mapan, suizidioa, trafikoko istripuak eta diabetesa bezalako hainbat gaixotasun eta 17 minbizi mota barne. Eta denak ere auzoen arabera edo errolda-atalen arabera. Zer da errolda-atal bat? Zergatik da hain garrantzitsua kontu honetan?
Irizpide argien bidez zehazten dugu errolda-atala deitzen dugun hau: geografia-ezaugarriak (ibaiak, mendiak…), gizakiak egindako eraikin iraunkorrak eta bideak (kaleak, errepideak,…). Lan hau egiteko 2001. urteko Euskal Autonomia Elkargoko (EAE) 1.645 errolda-atal erabili ziren.
Errolda-atalak oso txikiak dira, 500 eta 3.500 biztanleren artean baitaude; adibidez Gasteizek 160 atal zeuzkan 2001ean. Hiri bateko auzoetan, 10-20 atal egon ohi dira.
Izan ere, ikusi izan da errolda-atala dela azalera geografiko egokiena espazioaren araberako osasun-aldaketak aztertzeko. Alde batetik, errolda-atal jakin bateko populazioa homogeneoa da bizimodu eta gizarte, ekonomia eta ingurumen-ezaugarri komunak dituztelako. Beste alde batetik, errolda-atalaren tamainak uxatu egiten ditu konfidentzialtasun arazoak. Gainera, lan hauek egiteko beharrezko gertatzen den informazioa era honetara antolatuta egon ohi da erakunde ofizialetan ere.
.- Beraz, ezaugarri komunak eta populazio homogeneoa. Atal batean enpresa bat badago, edo langabezia gehiago, agian hilkortasun tasa handiagoa ote dagoen begiratu beharko genuke. Aukerarik ematen du Atlasak horrelakoak aztertzeko? Nondik lortzen dituzue datuak?
Zenbait iturritatik. Alde batetik, gizarte eta ekonomia-adierazleak erabili dira auzo txiroenak zein diren zehazteko: langabezia, esku-langileak, aldi bateko langile soldatakoen batez bestekoa. Datu hauek guztiak eta oro har, errolda bera, 2001eko Populazio eta Etxebizitza Erroldatik lortu ditugu, eta era berean, Eustateko Populazio eta Etxebizitzen Datu Estatistikoetatik.
Bestetik, Eustatek biltzen ditu INErekin elkarlanean EAEko heriotza-datuak Heriotza Datu Estatistikoetan.
Atlaseko estatistika-metodologiaz baliatuta, Osasun Sailak beste harreman funtsezko bat aztertu du: zonalde txikietako heriotza-arriskuaren eta etxebizitzetatik hurbil dauden enpresa kutsatzaileen artekoa. Kutsadura Igorpen eta Iturrien erregistrotik lortu ziren enpresei buruzko datuak (EPER Euskadi / E-PRTR). Erregistro horrek jendeari informazioa ematen dio atmosferara, uretara eta lurrera egiten diren igorpenei buruz. Zehazkiago, informazioa ematen du kutsadurako gaiez eta hondakin-transferentziez, bereiziki industria nagusiei buruz eta zenbait iturriri buruz
.- Badirudi beraz osasunean desberdintasunak antzeman daitezkeela ataletan zehar. Zer egin dezakegu hori jakinda?
Oso garrantzitsua da Euskal Herriko hainbat tokitan hilkortasun-arrisku handia dagoela jakitea. Horrela, aukera izango dugu desberdintasun horien aurkako neurriak hartzeko edo politika jakin batzuk abian jartzeko.
Jakitea da edozein arazo konpontzeko lehenengo urratsa. Orain dela gutxi arte, esaten zen Euskal Autonomia Elkarteko osasuna bikaina zela bestelako zonaldeekin, adibidez Espainiarekin erkatuta. Hori egia zen neurri batean, baina ez zen kontuan hartzen Euskal Herriaren barruan desberdintasunak zeudela biztanleen artean. Adibidez, Bilboko Itsasadarreko eskuinaldean jaiotako norbaitek ia 9 urte gehiago dauzka bere bizi-itxaropenean, Bilbo Zaharrean jaio den batek baino. Zonalde beraren barruko desberdintasun hauek ez dira ez bidezkoak ez etikoak, eta behartuta gaude nonbait horren aurka zerbait egiteko.
.- Imanol, bukatu baino lehen, esaguzu non aurki ditzakegun Atlas gehiago.
Atlas hauek gero eta ugariagoak dira. Medea egitasmoa, espainiar hiri batzuk aztertzen ari da, eta ikerkuntza-lerro hau bizkor dabil horri esker Espainia eta Europan zehar. Europako atalak, Ineqcities izena dauka.
Espainian, badaude metodologia berbera erabili duten beste lan batzuk. Oro har, liburuak eta argitalpenak dira:
- Espainiar hirietan: “Atlas de mortalidad en ciudades de España (1996-2003).”
- Madrilen: “Atlas de mortalidad y desigualdades socio-económicas en la Comunidad de Madrid (2001-2007).”
- Espainia osoan: “Atlas de mortalidad en municipios y unidades censales de España (1984-2004)”. Kasu honetan, udalak dira unitatea, ez errolda-atalak.
- Europan ere badira, eta ziur aski hauxe da onena: The enviroment and health atlas for England and Wales.
Bideoa: Imanol Montoyak 2016ko urrian emandako hitzaldia, “Gizarte-ezberdintasunek hil egiten dute Euskadin? Bai, eta zifrak ere badaude“
—————————————————–
Egileaz: Ines Garmendia (@inesgn) matematikaria eta estatistikaria da.
—————————————————–
—————————————————–
Itzultzailea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
Oharra: Jatorrizko elkarrizketa Desayuno con Fotones blogean argitaratu zen 2016ko uztailaren 20an. Bertatik jaso dugu elkarrizketaren atal bat gurean argitaratzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu blogeko arduradunei zein egileei gurera ekartzeko baimena emateagatik.
The post Zer dira hilkortasun-atlasak? Elkarrizketa Imanol Montoya epidemiologo eta estatistikoarekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak
Esperimentu saio gehiago egin zituzten gero Swarthmore (Pensilvania) eta Stanford (Kalifornia) unibertsitateetan. Oraindik ere, oso lan ezaguna da urik edan gabe bizirik irauteko kanguru-arratoiak garatu dituen mekanismoak deskribatu zituena. Izan ere, erabateko berrikuntza ekarri zuten animalien ingurumen-fisiologian mugarria izan ziren lan haiek.Gero, Saharako basamortuaren barrena abiatu ziren eta herrixka galdu batean ur-ekonomiari buruzko ikerketak egin zituzten gameluetan. Ur-balantzeari buruzko lan horiei esker eman zioten Bodili “Bowditch Award Lecture” izeneko saria 1957an. Bera izan zen, hain zuzen ere, fisiologo gazteen lana aitortzeko sortua zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea.
Esan bezala, basamortuetako animalien ur-ekonomiari buruzko ikerketak izan ziren Schmidt-Nielsenen lehen lan garrantzitsuak. Lan horiek, bestalde, giltzurrunaren funtzionamenduari buruzko jakinguraren abiapuntua izan ziren, aski ezaguna baitzen ur-balantzean giltzurrunaren zereginak duen garrantzia. Giltzurrunak sortzen du gernua, eta sortzerakoan ur gehiago ala gutxiago erabil dezake, beti ere ur-beharren arabera. Beharrak handiak direnean gernu gutxi ekoizten dute animaliek, bestela deshidratatu egingo balirateke. Alderantziz gertatzen da ura soberan dutenean. Gainera, ez da ahaztu behar gernuaren bitartez hondar nitrogenodunak kanporatzen direla eta garrantzitsua dela zeregin horretarako animalia batzuek eta besteek erabiltzen duten eskrezio-molekula ere. Azido urikoa erabiltzen dute ura oso urria den medioetan bizi diren animaliek, baina ura mugagarria ez den lekuetan bizi direnek berriz, urea erabiltzera jotzen dute nagusiki. Hala da animalia lehortarren kasuan behintzat, gauzak oso desberdinak baitira uretako animalietan. Hori horrela izanik, kanguru-arratoiaren giltzurrunak urea nola iraizten duen hasi zen ikertzen Bodil 1951n, basamortuetako karraskarien ur-ekonomiari buruzko lanak bukatuta edo ia bukatuta zeudenean. Lanaren garrantziaz jabetu gaitezen, kontuan hartu behar da garai hartan giltzurrunaren fisiologiari buruzko iturri orokor bakar bat zegoela, alegia H W Smith adituak idatzitako liburu bat [1]. Ikerketa-lerro berriaren emaitzek sekulako eragina izan zuten XX. mendearen bigarren zatian zehar ugaztunen giltzurrun-funtzioaz izan dugun ezagutzan.
Bodil Scmidt-Nielsenen ekarpenen garrantzia ulertzeko, kontuan hartu behar da ugaztunen giltzurrunak nola egiten duen lan. Labur esanda, bi lan mota egiten ditu giltzurrunak. Plasma iragaztea da lehena: gernu primarioa deitzen duguna horrelaxe sortzen da, glomerulu izeneko giltzurrunaren atalean. Gero dator bigarren lana: gernu primario horren bolumen eta konposizioa aldatzea. Bodil lanean hasi baino lehen, fisiologoek uste zuten iragazita izan ondoren urea ez zela jariatzen odoletik giltzurrun-hodietara, baina litekeela pasiboki iragazia izatea -hau da, difusioz- birxurgatua giltzurrun-hodietatik odolera. Bodil Scmidt-Nielsenek ordea, aurkitu zuen zenbait karraskarietan bi prozesu horiek gerta daitezkeela eta biak modu aktiboan gainera. Hau da, berak frogatu zuen urea aktiboki iraitzia eta birxurgatua izan zitekeela giltzurrun-hodietan. Beraz, karraskari horiek kanporatzen zuten urea kantitatea ez zen halabeharrez glomeruluan iragatzen zen berbera, behar fisiologikoen arabera gehiago ala gutxiago izan zitekeelako.
Garai hartako aditu nagusienetakoa zen Homer Smithek bisita bat egin zion Bodili 1952an eta zertaz eta nola lan egiten arin zen ikusirik, konbitea luzatu zion Mount Desert Island Biological Laboratory izenekora joateko hurrengo udan berarekin lan egitera. Horrelaxe hasi zen urte asko luzatuko zen lankidetza. Han aurkitu zuen, esaterako, igelek glomerulutik iragazten dutena baino askoz ere urea gehiago iraizten dutela.
Alor horretako zientzialari gehienek ontzat eman zituzten igelei buruzko emaitzak, baina ez zituzten modu berean onartu ugaztunekin lorturikoak. Ez zuten ontzat eman ugaztunen giltzurrun-hodietan urearen garraio aktiboa (bi norantzetan) gerta zitekeela. Orain, berriz, badakigu Bodil Schmidt-Nielsenek arrazoi zuela, baina 30 urte igaro behar izan ziren zalantzarik gabeko emaitzak lortu arte eta bere proposamenak guztiz onartuak izan arte.
Oharrak:
[1] Homer W. Smith (1937): The Physiology of the Kidney; nahiz egile berak beste bat argitaratu zuen urte hartan: Homer W. Smith (1951): The Kidney: Structure and Function in Health and Disease.
Iturriak:
- Knut Schmidt-Nielsen (1998): The Camel´s Nose: Memoirs of a Curious Scientist, Island Press.
- Wikipedia: Bodil Schmidt-Nielsen
- William H. Dantzler (2006): Living history of physiology: Bodil Schmidt-Nielsen. Advances in Physiology Education, 30 (1): 1-4
- William H. Dantzler (2015): Obituary; Bodil Schmidt-Nielsen (1918-2015) 48th APS President. The Physiologist 58 (4).
- William H. Dantzler-ek elkarrizketa egiten dio Bodil Schmidt-Nielseni: bideoa.
Aurreko artikulua:
Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak appeared first on Zientzia Kaiera.