Ezjakintasunaren kartogragfia #450
Hizkuntza bat baino gehiago jariotasunez hitz egiteak onura kognitibo ezagunak ditu, eta are gehiago aurkitzen ari dira: Bilingualism and cognitive reserve: unlocking the benefits of multilingualism, Patricia Fuente García eta Victoria Cano Sánchez.
Posible al da tona askoko kamioi-flota bat ekonomikoki eraginkorra den moduan operatzea elektrizitatea erabiliz eta baldintza errealetan? Ikerketa honek dio baietz eta diesela baino merkeagoa ere badela. Electricity cheaper than diesel for heavy goods vehicles.
Garuna hain ona bada arazoak konpontzen eta informazioa aztertzen, zergatik ez egin konentatuko garunetan oinarritutako ordenagailurik? Organoid intelligence: brains acting as computers, Rosa García-Verdugorena.
Material supereroaleak oinarri bikaina dira gorputz askoren egoeren koherentzia eta qubits gisa izan dezaketen erabilera aztertzeko. DIPCko jendea, esploratzen: Tunneling electrons excite a superconducting pair-breaking transition in the presence of magnetic impurities.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #450 appeared first on Zientzia Kaiera.
Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa
Ebidentzia zientifikoak klima-aldaketa badela erakusten du: planetaren tenperatura igotzen doa, ozeanoak berotzen ari dira, artikoko itsaso-izotza hedadura galtzen ari da… Gaur egungo arazoa, besteak beste, erregai fosilekin isurtzen den CO2 kantitatea da eta arazo honen parte garen heinean, hau ere gure arazoa da.
EAEn non sortzen diren isuri handienak eta zer neurri hartu ahal diren azaltzen ditu Elisa Sainz de Murieta geologoak bere hitzaldian Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa. Geologoak eta UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua Saileko irakasleak azaltzen du nola egin aurre inpaktu hauei. Inpaktu larrienak ekiditeko gai bagara ere, eragin batzuk jasango ditugu, beraz hauei aurre egin eta klima egokitzapena bultzatzearen beharra adierazten du Sainz de Murietak. Ekonomikoki, ingurumenaren, gizartearen zein efizientziaren ikuspuntutik, zentzu guztia daukala inbertitzea klima-aldaketa murrizteko, honen inpaktuei itxarotea baino.
Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.
The post Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Unibertsitate iraunkorragoaren alde
Unibertsitateak gizarte-aldaketaren eragiletzat hartzen dira eta, ondorioz, zeregin garrantzitsua dute ezagutza, ikerketa, berrikuntza, garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea sortzen eta zabaltzen, etengabeko konpromisoa erakutsiz garapen jasangarriarekin. Honen harira, Euskal Herriko Unibertsitatean, Campus Bizia Lab (CBL) programak unibertsitate-komunitatean prozesu kolaboratiboa abiaraztea du helburu, UPV/EHUn iraunkortasunaren erronkei erantzuteko.
Lan honetan, CBL ekimenaren barruan “EKINTZA-MURRIZTEA. Lege klasikoak berrasmatzea gure Campusaren etorkizun iraunkorrago baterako: kontsumoak eta hondakinak murrizteko ekintzak” proiektuaren baitan lortu diren hainbat emaitza aurkeztu dira.
Irudia: VGIEko hondakinen bilakaera 2015-16 ikasturtetik 2019-20 ikasturtera. Ezkerrean: hiri-hondakinak. Eskuinean: hondakin-arriskutsuak, a) disoluzio ez organiko azido eta alkalinoak, laborategiko erreaktiboak eta beste likidoorganikoak; eta (b) beira hautsia, plastikozko ontzi hutsak eta xurgatzaileak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Alde batetik, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako (VGIEko) hiri-hondakinen (HHen) eta hondakin arriskutsuen (HAen) sorkuntza aztertu da, horien bilketa-, erregistro- eta biltegiratze-prozedurak zehatz-mehatz aztertu dira, eta topatu diren akatsak edo efizientzia gutxiko alderdiak hobetu dira. Datuak eguneratzeak eta kudeaketaren inguruko azterketa sistematikoa egiteak Eskolan sortutako hondakinen kontrola ahalbidetu du. Gainera, hondakinen inguruko datuen bilketarako erabili den protokoloa eta erregistrorako erabili diren txantiloiak berrikusteak eta hobetzeak erraztu egin du baliabide horiexek erabiltzen eta aztertzen dituzten irakasle, ikertzaile eta langileen lana, informazioa modu argiago eta baliagarriagoan biltzen lagundu baitu.
Bestetik, Eskolan azken 5 ikasturteetan sortutako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen inguruko datuak aztertu dira. Ondorioztatu da ekoiztutako kantitateak Eskolako dinamikaren eta eguneroko bizitzaren ondorio direla bai HHen eta bai HAen kasuan. Hala ere, badira, oraindik, kezka sortzen duten hondakin kantitateak, hala nola sortzen den paper kantitate handia (3-4 tona inguru azken ikasturteetan), ontzi arinen kopuru altua, hondakin arriskutsuen banaketa eta kudeaketa egokia etab.
Azkenik, VGIE unibertsitateko Zentro den aldetik, etengabeko ahalegina egin beharra dauka unibertsitate-komunitate jasangarri eta iraunkorraren alde. Hori dela eta, hainbat hobekuntza-ekintza eta ikusgaitasun- eta sentsibilizazio-ekintza azaldu eta eraman dira aurrera, VGIEn sortzen den hondakin kantitatea gutxitzeko eta gaikako bilketa sustatzeko. Horietako batzuk honakoak izan dira: Zentroaren sarreran dagoen pantailan hondakin-ekoizpenarekin erlazionatutako mezu orokorrak eta VGIEko ekoizpen datuak jarri dira, Twitter eta Instagram sare sozialetan azken urteotan eskolan sortutako HHen eta HAen inguruko datuak jarri dira, frakzio bakoitza biltzeko ontzien identifikazio-kartelak bateratu dira (HHen bereizketa egokiagoa sustatzeko asmoz), ontzi arinen edukiontzietan zein hondakin bota daitezkeen eta zein ez adierazi da, eta abar.
Amaitzeko, aipatu behar da ekintza hauen eraginkortasuna aztertzeko asmoz, ondorengo ikasturteetako datuak biltzen eta erregistratzen jarraitzeaz gain, lortutako datuak aurreko ikasturteetakoekin alderatuko direla, beti ere VGIE iraunkorragoa lortzea delarik helburu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 43
- Artikuluaren izena: Unibertsitate iraunkorragoaren alde: Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hondakinen kudeaketaren azterketa
- Laburpena: Unibertsitateak gizarte-aldaketaren eragiletzat hartzen dira eta, ondorioz, zeregin garrantzitsua dute ezagutza, ikerketa, berrikuntza, garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea sortzen eta zabaltzen, etengabeko konpromisoa erakutsiz garapen jasangarriarekin. Honela, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) bere gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-politika planak eta praktikak gizartearentzat eredugarri izan daitezen zehazten ditu, «Garapen Iraunkorrerako EHUagenda 2030» dokumentuan esaterako. Bertan, gogoeta sakona egiten da garapen iraunkorreko 17 helbururen eta oparotasun ekonomikoa, gizarteratzea eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko 169 helmugaren inguruan, dokumentua ibilbide-orritzat hartuz eta Unibertsitatearen lana planetaren erronka handienekin lerrokatuz. Aldi berean, UPV/EHUk, Campus Bizia Lab ekimenarekin, aipatu berri diren alderdiak indartu nahi ditu unibertsitate-komunitatearen artean (irakasleen, ikertzaileen, zerbitzu eta administrazioko langileen, eta ikasleriaren artean). Lan honetan, aurkeztu egiten dira Campus Bizia Lab ekimenaren barruan «EKINTZA-MURRIZTEA. Lege klasikoak berrasmatzea gure Campusaren etorkizun iraunkorrago baterako: kontsumoak eta hondakinak murrizteko ekintzak» proiektuaren baitan lortu diren hainbat emaitza. Proiektu honen helburuetariko bat izan da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen sorkuntza aztertzea, haien kudeaketa optimizatzea eta sorkuntza minimizatzea ahalbidetuko duten jarduerak azaltzea. Horretarako, hondakin mota horien bilketa-, erregistro- eta biltegiratze-prozedurak zehatz-mehatz aztertu dira, eta topatu diren akatsak edo efizientzia gutxiko alderdiak hobetu dira. Gainera, Eskolan azken 5 ikasturteetan sortutako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen inguruko datuak aztertu dira, emaitzen argitan hondakinen sorkuntza murrizten lagun dezaketen hobekuntza-ekintzak edo ideiak proposatzeko eta aplikatzeko, eta EHU agenda 2030 helburuekin lerrokatuz, hondakinen inguruan unibertsitate-komunitate sentsibilizatuagoa lortzeko bidean aurrera egiten laguntzeko.
- Egileak: Naiara Rojo, Ainara Saralegi eta Jon Alvarez
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 293-308
- DOI: 10.1387/ekaia.22957
Naiara Rojo, Ainara Saralegi eta Jon Alvarez UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Unibertsitate iraunkorragoaren alde appeared first on Zientzia Kaiera.
Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak
Gaur egun etxebizitza eta eraikuntzetan gertatzen diren suteetan heriotzaren kausarik nagusiena ez da karbono monoxidoa, zianuro-gasak baizik. Horrekin lotuta, apiril amaieran Madrilgo jatetxe baten sutean antzeko zerbait gertatu izana da ziurrena. Sabaiko plastikozko dekorazioak su hartu zuen eta bi lagun hil ziren, antza, gas-intoxikazioaren kausaz. Emandako azalpenetan, zianuroa aipatzen da, baina nola liteke sute baten kean zianuroa egotea?
Apirilaren 21ean Madrilgo jatetxe batean gertatutako sutearen ondorioz hiru lagun hil ziren eta gutxienez beste hamar zauritu ziren. Sutea 23:00ak aldera hasi zen, antza, pizza bat flanbeatzeko erabilitako soplete baten kausaz. Jatetxearen sabaia plastikozko lore eta bestelako apaingarriz beterik zegoen eta, dirudienez, plastikozko dekorazioak su hartu zuen segundo gutxiren barruan. Hedabideetan irakurri ahal izan dugunez, litekeena da bi heriotzen kausa gas toxikoak arnastea izatea, batik bat karbono monoxidoa eta zianuro-gasak. Bertaratutako suhiltzaileen arduradunek aipatu zutenez, zianuroa izan zitekeen arrazoi nagusia. Oraingoz heriotzen arrazoiak argitzeke dauden arren, nola da posible zianuroa askatzea sute batean? Bada, ez da harritzekoa zianuro-gasak askatzea eta badauka azalpen zientifikoa. Instagram-estiloko dekorazioak eztabaidan dauden bitartean, azter dezagun zianuroaren kimika Madrilgo sutearen arriskuak hobeto ulertu ahal izateko.
1. irudia: sabaiko plastikozko loreen errekuntzak zianuro-gasak aska ditzake. (Argazkia: Yung-pin Pao – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Lehenik eta behin, egin dezagun zuzenketa bat. Oro har, zianuroa aipatu den arren, hidrogeno zianuro (HCN) gasaz hitz egiten ari gara, baina beste zianurodun konposatu batzuk ere aska daitezke sute batean. Zein da desberdintasuna? Zianuroa anioi monobalentea da, karbono atomo baten eta nitrogeno atomo baten loturaz sortzen dena. Modu desberdinetan aurki daiteke; esaterako, konplexu kristalinoetan -potasio zianuroa-, zianogeno kloruroa edo zianogeno bromuroa bezalako konposatu gisa edo hidrogeno zianuro moduan -bai gas-fasean bai ur-fasean-. Hidrogeno zianuroari, ur-fasean disolbatuta dagoenean, azido zianhidriko deritzo. Antzeko zerbait gertatzen da azido klorhidrikoarekin, zeina hidrogeno kloruroaren ur-disoluzioa den. Zianuroari, konposatu organikoen talde funtzional gisa dagoenean, nitrilo talde funtzionala deritzo. Beste modu batera esanda, zianuro taldea duen konposatu organiko bati nitriloa deritzo, horixe baldin bada haren talde funtzionalik garrantzitsuena.
Hidrogeno zianuroa, HCN formula kimikoa duen gasa, oso toxikoa da. Haren eraso-mekanismoa C zitokromo oxidasa konplexua inhibitzea da. Oxidasa horren funtzioa eteten bada, elektroien garraio katea ere eten egiten da eta horixe da, hain zuzen ere, zelula-arnasketaren funtsezko mekanismoa. Zelula-barneko ATPa ekoizten jarraitzea ez denez posible, zelulek ezin dute beren funtzioa eraginkortasunez bete. Zianuroaren eraginik kaltegarrienetakoa globulu gorrien lana oztopatzea da. Zelulek ezin dutenez erabili globulu gorrietan garraiatzen den oxigenoa, zianuro-intoxikazioz hildako gorpu baten zainetan oxigeno-kontzentrazio altuak aurkitu ohi dira.
Madrilgo sutera itzuliz, kontuan hartu behar dugu karbonoa eta nitrogenoa duten plastikoek –eta, oro har, osagai horiek dituzten beste materialek– hidrogeno zianuroa sor dezaketela errekuntza-prozesuetan. Aipatzekoak dira melamina, nylona, nitrozelulosa, poliakrilonitriloa, poliuretanoak eta bestelako poliamida motako plastikoak. Plastiko horiek erretzen direnean, hidrogeno zianuroa sortzen da. Litekeena da Madrilgo jatetxeko sabaiko dekorazioan zeuden plastikozko lore eta bestelakoak mota horretakoak izana. Oro har, sute batean gertatzen diren hildakoen %82 gasak arnasteagatik hiltzen direla jotzen da. Esan bezala, gas horien artean arriskutsuenak karbono monoxidoa eta zianuro-gasak dira. Hidrogeno zianuroaren arriskua handia da; izan ere, bizirauteko oinarrizkoak diren funtzioak nahiko azkar eteten dituen pozoia da. Bi gas horien akzio-mekanismoa antzekoa da: hipoxia zelularra eragiten dute eta horrek heriotza azkarra dakar. Dirudienez, erabiltzen ditugun materialen kausaz, geroz eta arruntagoa da suteetan zianuro-intoxikazioak gertatzea.
Arazoa ez da gaurkoa eta 2008. urtetik eskuragarri daude suteetan zianuro-intoxikazioei aurre egiteko antidotoak. Gaur egun gehiago ere badira, baina, oro har, hidroxokobalamina konposatuan oinarritzen dira. Jada eskuragarri daude zianuroaren eta karbono monoxidoaren aurkako antidoto konbinatuak ere. Ezin dugu ziurtatu, jakina, baina litekeena da Madrilgo intoxikatuei horien antzeko antidotoak eman izana gas toxikoen eragina arintzeko asmoz. Hidroxokobalamina B12 bitaminaren aurrekaria da eta hari esker lotzen da zianuroa hidroxokobalaminak duen kobalto metalarekin. Kobaltoarekin lotzen denean, zianokobalamina sortzen da eta hura gernuarekin batera kanporatzen da inongo arazorik gabe.
Madrilgo jatetxearen sutean zehazki zer gertatu zen ez dakigun arren, hedabideetan agertu diren albisteetan zianuroa zergatik aipatu den badakigu orain eta suteetan egon daitekeen arrisku ezkutuaren berri ere orain badaukagu. Gaitz erdi.
Informazio gehiago:- elDiario.es (2023). Una pizza flambeada y la decoración, detonantes del fuego que convirtió en “una ratonera” el restaurante de Madrid, eldiario.es, 2023ko apirilaren 23a.
- Robert Burke (2008). Hydrogen cyanide: The real killer among fire gases, 2007ko urtarrilaren 1a.
Dugard, Paul H. (1987). Clinical and experimental toxicology of cyanides. Ed. Wright.
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua
Giza gorputza sistema biologiko oso konplexu bat da eta defentsa mekanismo ugari ditu, helburu nagusi bat betetzen dutenak: gu bizirik mantentzea. Hala ere, ez ditugu gure organismoan gertatzen diren erreakzio fisiologiko guztiak behar bezala ulertzen. Sukarra, esate baterako, duen fama txarragatik nabarmentzen da ia mundu osoan, baita harekin lotzen diren mito anitzengatik ere –horien ondorioz, okerreko osasun praktikak egiten dira hari aurre egiteko–.
Gurasoak dira, bereziki hasi berriak, sukarrarekin gehien izutzen direnak beren haurrei eragiten dienean, haien bizitza arriskuan jartzen duela uste baitute. Arrastoan sartzeko asmoz, guraso askok beren seme-alabei sukarraren kontrako botikak ematen dizkiete, baina horiek ere badute kontrako ondoriorik. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan egin berri den inkesta nazional baten arabera, hiru gurasotik batek, arrazoirik gabe, sukarra arintzeko botikak ematen dizkie bere seme-alabei. Hori ez da fenomeno bakana. Beste herrialde askotan ere, besteak beste, Espainian, gurasoek sarritan eskatzen dizkiete sukarraren kontrako tratamenduak pediatrei edo farmazialariei, beldur irrazional batek bultzatuta.
Irudia: hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. (Argazkia: Matteo Fusco – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)Ia kasu guztietan, sukarra infekzioen (sarritan, birusek eta bakterioek eraginak) aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren termostatoari (hipotalamoari) esker, gorputzaren tenperatura zehaztasun handiz igotzen da, immunitate sistemari agente patogenoak suntsitzen laguntzeko eta haiek ugaldu daitezen eragozteko. Bestela esanda, sukarra ez da etsaia, aliatua baizik. Noski, sukarra izatea ez da atsegina, ondoez orokorra eta ahulezia eragin ditzake eta. Infekzio prozesua laburtzeagatik eta mikroorganismo inbaditzaileari aurre egiteko aukera gehiago izateagatik ordaindu beharreko prezioa da.
Hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Horregatik, medikuntzan gero eta ohikoagoa da sukarra beharrezkoa denean bakarrik tratatzea, handiegia delako edo pertsonari sufrimendu nabarmena eragiten diolako, adibidez. Bestela esanda, pertsona tratatu behar da, ez termometroa. Horren harira, zenbait osasun erakundek, tartean, Espainiako Pediatria Elkarteak, Mayo Klinikak eta Erresuma Batuko Osasun eta Arreta Bikaintasunerako Institutu Nazionalak kasu puntualetan baino ez dute gomendatzen sukarrari aurre egitea.
Sukarraren inguruko mitorik nabarmenenak1. mitoa: sukarra arriskutsua da, kalte zerebrala ez ezik, heriotza ere eragin baitezake.
Hori ez da horrela sukarra duten ia paziente guztietan. Prozesu horrek garuneko lesio larri eta itzulezinak eragin ahal izateko, gorputzaren tenperatura 42 °C-tik gora igo beharko litzateke (hainbat proteina desnaturalizatzeko). Sukar handia dagoen kasu horietan gomendatzen da sukarraren kontrako botikekin jaistea, baina, normalean, hori ez da gertatzen.
2. mitoa: sukarrak konbultsio larriak eragiten dizkie haurrei, eta tratatu egin behar da horiek ager ez daitezen.
Guraso askok sekulako beldurra diete adingabe batzuek infekzio prozesuetan izan ditzaketen konbultsioei, alarma seinaletzat hartzen baitituzte. Kasu horietan, ordea, konbultsioak ez dira alarma seinaleak: arinak izaten dira eta, gainera, ez dute zerikusirik gorputzaren tenperaturarekin. Are gehiago, konbultsioak ohikoagoak dira sukar baxuekin, eta sukarraren kontrako botikek ez dituzte eragozten.
3. mitoa: sukarra bainuak, oihal hotzak eta bestelako neurri fisikoak erabiliz edo haurrak biluztuz jaitsi behar da.
Erakunde mediko askok baliabide horiek saihestea aholkatzen dute. Ekintza horiek alferrikakoak izaten dira gorputzaren tenperatura jaisteko, eta, batzuetan, igo ere egin dezakete, larruazaleko odol hodiak uzkurtu egiten baitira.
Sukarra alarma seinale badeneanBerez, sukarra prozesu normal bat da gaixotasun infekzioso batean. Dena den, batzuetan, seinale horrek zerbait ondo ez doala adieraz dezake. Ondorengo kasuetan, sukarrak kezkatu egin beharko gintuzke, eta medikuarenera joan beharko genuke haren atzean zer dagoen jakiteko:
Sukarraren jatorria ezagutzen ez dugunean.
Hiru astean baino gehiagoan sukarra izatea, dela etengabe, dela aldizka, gaixotasun infekzioso baten ageriko zantzurik gabe, pisuzko arrazoia da medikuarenera joateko.
Edozein pertsonak 40 °C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean.
Kasu horietan, berehala joan behar dugu kontsultara, medikuak tratamendu egokia ezartzeko.
3 hilabetetik beherako haurtxo batek sukarra duenean.
Berehala joan behar dugu Larrialdietara, hain adin txikiko haur bati sukarra zerk eragin dion jakiteko.
Horiez gain, badira beste alarma seinale batzuk, sukarrarekin batera ager daitezkeenak eta Larrialdietara azkar joatea justifikatzen dutenak. Hauek dira seinale horietako batzuk: garondo zurruntasuna (meningitisaren susmoa), buru nahasmendua, larruazaleko orbanak edo kolore zurbil-grisaxka, arnasa hartzeko zailtasuna, okada etengabeak eta mina pixa egiterakoan edo gernu kantitate murriztua. Bestela esanda, sukarra duen pertsona batek medikuarenera joan behar duen ala ez erabakitzeko orduan, termometroak markatzen duenarekin itsutu ordez, pertsonaren egoeran jarri beharko genuke arreta.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 13an: La fiebre: incomprendida, con mala fama y rodeada de mitos
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua appeared first on Zientzia Kaiera.
Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin
Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzan ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntzako katedradun eta Donostialdeko ESIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna, eta Koldo Garcia Etxebarria UPV/EHUko Genetikan doktore eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Genetika Gastrointestinaleko Taldeko arduraduna ikerketaren parte izan dira.
Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura alteratua dira. Patologia horrek gaixoen bizi-kalitatea murrizten du, eta gaur egungo tratamenduak ez dira eraginkorrak.
Irudia: sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke heste suminkorraren sindromea duten pertsonentzat. (Argazkia: Ewa Raymond – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Suediako Lund University eta Skäne University Hospitaleko ikertzaileek aurretik egindako ikerketa baten arabera, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke gaixotasun hori duten eta askotan beherakoak izaten dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, ikerketa pilotu bat egin zen dieta horrek euskal herritarrengan duen eraginkortasuna ikusteko, sukaldaritza-kultura maila handiko gizartea baita. Dieta horren jarraipena errazteko, Zentro Teknologikoko chefek eta ikertzaileek gida bat diseinatu zuten, errezeta bat, menuak eta nutrizio eta sukaldaritza-gomendio egokituak biltzen zituena.
Biodonostia OIIko ikertzaileek aukeratutako 34 pertsonak hartu zuten parte Basque Culinary Centerren instalazioetan egin zen azterketa pilotu honetan, lau asteko iraupenarekin. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta 50 puntu baino gehiagoko murrizketa lortu zen heste suminkorraren sindromearen sintomen larritasun-eskalan (horrelako ikerketetan erabilitako neurri estandarra). Bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, eta testeoa amaitu eta bi hilabetera arte iraun zuen hobekuntza hori. Ekimen honen arrakastaren arrazoia, neurri handi batean, parte-hartzaileek erakutsitako interes eta inplikazio-maila handiak izan dira, lau asteetan zehar jasotako dieta eta nutrizio eta sukaldaritza-aholkuak jarraitu baizituzten.
Ikerketaren emaitzak Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu dira. Azterketa pilotu honen egileek espero dute etorkizun handiko emaitza horiek ikerketa zabalagoa bultzatuko dutela. Dieta hori beste nutrizio-aukera batzuekin alderatzea eta beste paziente-talde batzuetara zabaltzea da helburua.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Emaitza oparoak lortu dituzte heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin egindako azterketa pilotu batean.
Erreferentzia bibliografikoa:Gayoso, Lucia; Garcia-Etxebarria, Koldo; Arzallus, Teresa; Montalvo, Isabel; Lizasoain, Jacobo; D’Amato, Mauro; Etxeberria, Usune; Bujanda, Luis (2023). The effect of starch- and sucrose-reduced diet accompanied by nutritional and culinary recommendations on the symptoms of irritable bowel syndrome patients with diarrhoea. Therapeutic Advances in Gastroenterology, 16, DOI: 10.1177/17562848231156682
The post Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #441
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ingurumen-ingeniaritzaArrate Santaolalla ingurumen-ingeniaria da, eta bere lanean mikroorganismoak erabiltzen ditu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko. Bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, eta, bestetik, biolixibiazioan. Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, baina ingurumen arloko ikerketetan finantziazio falta sumatzen duela adierazi du. Bestalde, dibulgazioaren eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du ikerketan ere, aurkikuntzak gizartera hel daitezen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”.
ArgitalpenakMia. Marteko robota (2022) Josu Goiko eta Juan Rolleren liburuak haurrei Marteko istorioak azaltzen die. Denonartean argitaletxearen liburuak zientzia eta abentura uztartzen ditu. Mia izeneko robota da liburuko protagonista, eta pertsonaia horrek bere egunerokoa aurkeztuko du planeta gorrian.
TeknologiaPerovskita mineralaz osatutako eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna frogatu du nazioarteko ikerketa batek. Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaith fisikariak eta UPV/EHUko Juan Luis Delgado Ikerbasque ikertzaileak informazioa bildu dute gai honen inguruan, azken urteetako ikerketak aztertuz. Hala ondorioztatu dute gaur egun silizio kristalinozko zelulak izan arren merkaturatzen direnak, perovskitaz eginikoak efizienteagoak direla (% 25etik gorako efizientzia), eta kostu txikiagoa dutela. Izan ere, mineral hori ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Emaitza hauek etorkizunean gailu fotovoltaiko egonkorragoen eta efizientzia handiagokoen garapena sustatzea espero da. Datuak Zientzia Kaieran: Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak.
IngurumenaBioplastikoek uste baino iraupen luzeagoa dutela ondorioztatu du ikerketa batek. Bioplastiko horiek itsasoan nola degradatzen diren aztertu dute, eta ikusi dute urte bat baino gehiago irauten duela batere degradatu gabe. Bioplastiko erabiliena PLA da, artotik, maniokatik, erremolatxatik eta abarretik abiatuta ekoizten den materiala, eta biodegradagarri eta konpostagarri gisa etiketatzen da. Alabaina, baldintza industrial jakinetan degradagarria den arren, prozesua ez da hain erraz gertatzen ingurumenean. Emaitzok ikusita, ikertzaileek aldarrikatu dute beharrezkoa dela materialak ingurumenean nola degradatzen diren jakiteko azterketak estandarizatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Plastiko biodegradagarriak ez dira hain biodegradagarriak.
Lurra sistema egonkor bat izateko muga berriak proposatu ditu nazioarteko ikerketa batek, mundu osoko pertsonen segurtasuna eta justizia kontuan hartuta, lehenengoz. Lurraren egonkortasuna eta erresilientzia mantentzeko guztira 8 muga seguru eta justu proposatu dituzte. Besteak beste, klimari, biodibertsitateri eta ekosistemei dagozkie, eta pertsonen segurtasuna eta justizia gehitu dituzte ekuazioan. Hala ikusi dute, bi irizpide horiek kontuan hartuta, mugak zorrotzagoak direla. Kalkulatu dutenez, lurrazalaren % 52 hartzen duten eremuetan bi muga edo gehiago gaindituta daude dagoeneko, eta horrek munduko giza populazioaren % 86ri eragiten dio. Datuak Elhuyar aldizkarian: Lur seguru eta justu baten mugak aurrekoak baino estuagoak dira.
FarmaziaBotiken soberakinak eta ontziak dagozkion tokira eramatea oso garrantzitsua dela gogorarazi du Juan del Arco Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoko zuzendari teknikoak, Bizkaiko Medikuen Elkargoak antolatutako Impacto medioambiental de los farmacos jardunaldietan. Juan del Arcok gomendatu du tratamendu bat amaitzen denean sobera dauden medikamentuak farmazietako SIGRE edukiontzietara eramatea, baita kutxa ere, nahiz eta hutsik egon, arrastoak egon baitaitezke. Mota honetako hondakinak ondo kudeatzen ez badira, oso kaltegarriak izan daitezke ingurumenerako. Kudeaketa hau bereziki garrantzitsua da antibiotikoen kasuan, uretara edo zabortegietara botatzen badira, erresistentzia sor baitezakete. Azalpenak Berrian: «Antibiotikoak txarto kudeatzen badira, oso arriskutsuak dira».
BiologiaAnimalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, Richard T. Corlett ekologo eta biodibertsitatean adituak ohartarazi duenez. Haren esanetan gainera, erreinu begetala babestea animaliak babestea baino merkeagoa eta errazagoa izan daiteke. Ekologoak nabarmendu du, alabaina, jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago behar dela helburu hori lortzeko. Bestalde, dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Artikulu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: ‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere.
Juan Ignacio Pérez Iglesiasek baraualdia egitean gertatzen diren prozesu fisiologiko eta biokimikoak azaldu ditu Zientzia Kaierako artikulu berri batean. Pertsona batek barau egiten duenean gertatzen den lehenengo gauza da metabolismoak behera egiten duela. Horren ondorioz, bihotz taupaden maiztasuna murrizten da, gorputzeko tenperatura 37 gradutik 35,5 gradura jaisten da, eta oro har, gorputzak masa galtzen du. Metabolismoa moteldu egiten da nagusiki hormona paratiroideo gutxiago jariatzen delako, eta pentsatzen da hormona horren jariapena gutxitzen dela adipozitoek leptina gutxiago jariatzen dutelako. Kalkulatzen da 70 kg pisatzen duen eta 18 kg gantz erreserba dituen pertsona batek 100 egun iraungo lituzkeela bizirik baraualdian. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Baraua.
Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Diadromoak dira ibairik itsasora migrazioak egiten dituzten espezieak, eta kontrako bidaia egiten dutenak katadromoak dira. Arrain horien adibide dira izokinak, aingirak eta itsas amuarrainak, besteak beste. Euskal Herrian aurkitu daitezkeen arrain diadromoak kolaka, lanproia, aingira, izokina eta itsas amuarraina dira. Arrain espezie horien onurak eta mehatxuak kontuan izanda, AZTIk Europako agintariei eskatu die ardura har dezatela hauen kontserbazioa sustatzeko. Azalpen guztiak Berrian: Joan-etorriko arrainen balioa.
NeurologiaZentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan. AEBetako Neural Correlate Society elkarteak antolatzen du lehiaketa hori, eta aurten Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria. Lehiaketaren helburua pertzepzioaren eta kognizioaren inguruko ikerketa zabaltzea da. Aurtengo hiru irabazleen lanak ikusteko, jo Berriako artikulura: Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #441 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #449
Ama-hizkuntzak, hitzez hitz, garuna zizelkatzen du. Literalki. How our first language shapes brain’s connectivity structure, Juan F. Trillok egina.
Eta atmosferaren berotzean metanoaren eragina uste zena baino txikiagoa balitz? New insights on methane’s effects on climate warming Ruben Sousseren eskutik.
Supernobak “ikusi” egin ohi dira, baina orain arte ez da bat bera ere hauteman irrati-frekuentzietan. Type Ia supernova detected at radio wavelengths
Ezagunak diren arauak aplikatu baino, trebezia kontua dira nanoteknologian interesgarriak diren konposatuen sintesi organikoak. DIPCko jendea Synthesis of thioether polymers on Au(111).
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #449 appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”
Ukaezina da gaur egun ingurumenaren zaintzak eta leheneratzeak duen garrantzia. Arrate Santaolalla Ramirez horretan ikertzen du, baina ez zen horregatik hasi horretan. Onartu du, hala ere, betitik iruditu zaiola funtsezkoa ingurumena zaintzea, baina, batez ere, gustuko ikasgaiekin eta irakasleekin topo egin izanak eraman dute bide horretatik. Are gehiago; ingurumenarekin lotutako sailetara, bizi-zientzietatik iristen dira asko; Santaolalla, ez: “Industria Kimikoa Ingeniaritza Gradua ikasi nuen EHUn, eta, hor bertan, laugarren mailan, ingurumen-teknologiak izeneko ikasgai bat zegoen, eta konturatu nintzen gustatzen zitzaidala”.
Hala, Ingurumen Ingeniaritza masterra egitea erabaki zuen. Han ezagutu zituen master-amaierako lanaren zuzendariak izango zirenak, eta haiek proposatuta hasi zen ingurumen-ingeniaritzan ikertzen.
Irudia: Arrate Santaolalla Ramirez ingurumen-ingeniaria.Santaolallak azaldu duenez, prozesu industrialak aurrera doaz, eta hondakinak sortzen dira. “Hondakin horiek kudeatu behar dira, eta, teknologiak horretan laguntzen du”. Horren adibide da bere lana: “Guk metalak berreskuratzen ditugu. Mikroorganismoak erabiltzen ditugu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko”.
Berez, bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, mikroegituren ekoizpenean; eta, bestetik, biolixibiazioan, tresna elektriko eta elektronikoen zirkuitu inprimatuetan dauden metalen berreskuratzeko, adibidez. “Izan ere, gero eta gehiago metatzen dira munduan, eta horien kudeaketa arazo oso larria da. Gu horretan zentratzen gara”, zehaztu du.
Finantzazioa, zailtasun nagusiaSantaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, bere aletxoa jartzen ari dela iruditzen baitzaio. Baina oztopo handi bat ere aurkitu du: finantzazioa lortzea. “Bekak eta diru-laguntzak, normalean, beste talde batzuei ematen dizkiete; agian, ikerketa oso garrantzitsuak egiten dituztelako. Baina, hori hala izanda ere, ingurumena gure osasunarekin erlazionatuta dago, eta ez dugu ahaztu behar funtsezkoa dela zaintzea”.
Haren iritziz, dibulgazioak lagundu dezake babes handiagoa lortzen, baita irakaskuntzak ere. “Dibulgazioa ikerketaren parte da. Jendeak ikusi behar du zertan egiten dugun lan, zer lortzen dugun, zer ondorio dituen… Nire ustez, horrek lagundu dezake ikerketaren garrantziaz jabetzen eta finantzazioa hobetzen”.
Bestalde, gustuko du irakasle-lana: “Nik ikasitako guztia, gazteei irakasten nabil. Baita ikerketa zein garrantzitsua den; ez bakarrik ingurumen-arloan, baizik eta arlo guztietan, mundua hobetzeko, nolabait. Horretarako egiten dugu ikerketa”.
Etorkizun labur-ertainean, hezkuntzan eta ikertzen jarraitzea gustatuko litzaioke. Izan ere, gustura dago taldean: “Talde txikia gara, eta uste dut guztiok gaudela gustura, eta egiten duguna oso garrantzitsua dela”.
Fitxa biografikoa:Arrate Santaolalla Ramirez 1991n jaio zen, Gasteizen. Industria Kimikaren Ingeniaritzako Graduko titulua lortu ondoren, Ingurumen Ingeniaritza Masterra egin nuen (Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Kantabriako Unibertsitatearen artekoa). 2017an doktorego-ikasketak hasi zituen Astrid Barona eta Naiara Rojo doktoreen zuzendaritzapean, 2021eko uztailean, doktorego-tesia defendatu zuen UPV/EHUn: Copper solubilization strategies for mold biomachining and bioleaching from printed circuit boards, eta Ingurumen Ingeniaritzako “Nazioarteko Doktorea”-ren aipamena lortu zuen. Doktoregoan, nazioarteko egonaldi bat egin zuen National University of Ireland Galway-n (NUIG).
Informazio gehiago:EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2023). EHU Ekinean podcasta: Arrate Santaolalla, Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
Zuazagoitia, Daniel; Rojo, Ainara; Santaolalla, Arrate eta Zuazagoitia, Iñigo (2018). Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa. Ekaia, 34, 225-241. DOI: 10.1387/ekaia.19068
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu” appeared first on Zientzia Kaiera.
Mia. Marteko robota
Mia. Marteko robota (2022) planeta gorrira eramango gaitu bidaia liluragarri batean. Josu Goiko eta Juan Rolleren liburua zientzia eta abentura uztartzen dituen istorio xarmagarria da haurrei Marteko ezaugarriak erakusteko.
Istorio honetan, Mia izeneko robotaren egunerokoa auzoko planetan ikusiko dugu. Irakurleek, beren begien bidez, Marteko paisaia deskubrituko dute: mendi handi-handiak, arroila erraldoaik, zulo beldurgarriak…
Irudia: Mia. Marteko robota liburuaren azala. (Ilustrazioa: Juan Roller. Iturria: Denonartean)Jakin, gaur egun badakigu Marten ura egon izan bazela urte luzez, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa dela, etab. Ipuin hau umeei informazio hori hurbiltzeko medio bikaina da.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Mia. Marteko robota
- Egilea: Josu Goiko
- Ilustratzailea: Juan Roller
- Argitaletxea: Denonartean
- ISBN: 978-84-17940-97-3
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2022
- Orrialdeak: 40 or.
The post Mia. Marteko robota appeared first on Zientzia Kaiera.
‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere
Animalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, zientzialari batek ohartarazi duenez.
2023ko apirilaren amaieran, Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi sortaren barruan, Landareekiko itsutasuna izenburupeko mintzaldia eskaini zuen Ainara Achurra EHUko biologoak —bideoa, hemen—. Achurrak bizitzaren abenturan bidaide ditugun izaki horien inguruan izan ohi dugun indiferentzia lazgarriaz ohartarazi zuen bertan.
Sinple bezain argia da arazoaren abiapuntua: gure biziraupenerako funtsezkoak izan arren, eta gure eguneroko jardueran edonon egonik ere, ez gara konturatzen beren presentziaz. Haietaz ohartu gabe ematen dugu bizitza gehiena. Landareekiko erabateko itsutasunak jota gaude.
Halere, itsutasun hori ez da soilik gizartera mugatzen. Landare ekologo batek ohartarazi duenez, zientzia jardunean ere ematen da fenomenoa, eta hori, noski, arazo iturri garrantzitsua izan daiteke landareentzat. Baita gizateriarentzat ere.
1. irudia: landareak edonon gaude egunerokotasunean, baina gehienetan ez gara konturatzen beren presentziaz, eta espezie gutxi batzuen izenak baino ez ditugu ezagutzen. (Argazkia: Juanma Gallego)Trends in Plant Science aldizkarian argitaratutako berrikusketa artikulu batean, Yunnango (Txina) Xishuangbanna Lorategi Botaniko Tropikaleko ikertzaile Richard T. Corlett-ek landareen gaineko ezagutzaren aldeko aldarria egin du. Ez du egin, noski, pertzepzio soilean oinarrituta, gaiaren bueltan egin diren aurreko ikerketetan baizik.
Artikuluan helarazitako mezu nagusia da landareak kontserbatzeko politiketan oso gutxi egiten dela gaur egun, batez ere animalien aldean. Zientzialariaren esanetan, erreinu begetala babestea eskura dagoen zerbait da, eta helburu hori, gainera, merkea eta erraza izan daiteke, beste behin, animalien kontserbazioari bideratutako ahaleginekin konparatuta.
382.000 landare espezie inguru ezagutzen dira. Horiez gain, kalkulatzen da espezieen %10–25 oraindik ez direla deskribatu. Ezagutzak, halere, pixkanaka aurrera egiten du: urte bakoitzeko 2.000 espezie berri deskribatzen dira. Noski, deskribatu gabeko espezie horiek guztiak zientziarentzat eta kontserbazio ekimenenetarako «ikusezinak» dira.
Kalkuluak ez dira oso zehatzak, baina, datuen tarte zabala izanda ere, argi dago kezkatzeko moduko arrazoiak badirela. Landare baskular espezieen %21-48 desagertu daitezkeela kalkulatzen da. Besteak beste, zoruaren erabileran egindako aldaketak eta nekazaritza praktika ez jasangarriak daude arazoaren atzean, egilearen ustez.
Mundu mailako de facto estandarra da IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak kudeatzen duen mehatxatutako espezieen Zerrenda Gorria, baina, horretan ere, datuak nahiko etsigarriak dira. Ia ornodunen %100 ebaluatu dira zerrenda hori begira, baina, landareak %15 baino ez dira ebaluatu orain arte.
Egoera hala izanik ere, Corlettek dio buelta eman dakiokeela. Ez da mugatu gaiaren bueltan dauden arazoen katalogo bat osatzera. Aitzitik, irtenbideak ere proposatu ditu. Gauza berriak egiteari ekin beharrean, beharrezkotzat jo du dagoeneko martxan diren ekimen eta jardueretan sakontzea. «Jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago, bai eta eraginkorrak diren tokian tokiko esku hartze gehiago», behar direla nabarmendu du egileak.
Adituaren esanetan, gakoetako bat izan daiteke landareetan aditu gehiago trebatzea, jardun horretan nahikoa ez daudela uste duelako. Batez ere eremu tropikaletan omen dira beharrezkoak, bertan ikertu gabeko espezie asko daudelako; horietako batzuk, gainera, oraindik deskribatu gabe daude. Ezaugarritu gabeko landare horiek zientziarentzat «ikusezin» direla dio egileak. Ondorioz, espezie horiek desagertu daitezke gizakiok horren jakitun izan gabe. Egilea sinetsita dago horrelako «iraungipen ilunak» gertatu direla dagoeneko.
2. irudia: munduko leku askotan hazien bankuak sortu dira, espezie eta barietateen kontserbazioa erraztu aldera. Halere, hazi guztiak ezin daitezke kontserbatu. (Argazkia: Juanma Gallego)Modu berean, landareentzako babesleku txikiak sortzearen alde azaldu da. «Existitzen diren babesleku gehienak paisaia karismatikoak edo eta ornodunak babesteko izendatu ziren“, idatzi du artikuluan. «Ondorioz, askotan ez dute modu egokian babesten arriskuan dauden landare taxonak».
Espeziearen eta arloaren araberako erabakiak hartu beharko direla sinetsita dago. Kasurako, espezie bat babesteko kontserbazio eremu bat ezarri daiteke, baina, aldi berean, beharrezkoa izan daiteke ere espeziearen hazi izoztuak mantentzea, badaezpada ere. Halere, hoberena da landareentzako babeslekuak izatea. Modu horretan, espezieak aukera izango du eboluzionatzeko, aldaketa eta erronka berrietara egokituz; agerikoa denez, klimarena da aldaketa horietako bat.
Hazi biltegiei dagokienez, zientzialariak dio haziak dituzten landare espezieen %17 inguru gordeta daudela hazien bankuetan, baina horiek kontserbatzeak ere erronka bat suposatzen du. Landare motaren arabera, zabaltzen diren aukerak oso mugatuta egon daitezke. Bereziki kontserbatzeko zailak dira tropikoetako landareen haziak. Kalkulatzen da espezieen %10 ezin direla ez lehortu ez izoztu, eta, horrela, kontserbatzeko aukera ezinezkoa bilakatzen da. Prozesu horietan lagungarri diren teknikak garatzen ari diren arren, oraindik erronka tekniko handia da hazi horien kudeaketa.
Nabarmendu du ere informazio baliogarria eskura izatearen garrantzia. Dioenez, uneotan informazio fidagarri gehiena espezieetako aleetatik eskuratzen da, baina egoera horrek ez du errazten distantziatik ikerketa egitea. Dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Halako proiektu batean, noski, are beharrezkoagoa izango da katalogazio eta ikerketa estandarretara jotzea.
Herbarioen arteko informazio trukaketarako estandar batzuk finkatuta dauden arren, egileak dio erreferentzia asko ez daudela digitalizatuta, eta horietako asko denetariko «estilo idiosinkratiko» batzuen bidez jasota daudela; askotan, geoerreferentziak ere falta bide dira. Landareak kokatzeko eta identifikatzeko iNaturalist bezalako proiektuen garrantzia eta potentziala aitortuta ere, hiritar zientziaren baitan aritzen diren halako proiektuek gabeziak dituztela azaldu du. Besteak beste, halako egitasmoek datu base erraldoiak sortzen dituzte, baina gutxitan egiten dira laginketa sistematikoak, eta horrek mugatzen du datu horiekin zer egin daitekeen.
Erronkak erronka, zientzialariak itxaropena agertu du, eta eremu geografiko zehatzetan egitasmoak abiatzeko garrantzia nabarmendu du. «Landare espezieen zero desagertzea helburu global batek urruneko asmoa eman dezake, baina tokiko, eskualdeko eta nazio mailako zenbait helburu potentzialki lorgarriak dira orain».
Erreferentzia bibliografikoa:Corlett, Richard T. (2023). Achieving zero extinction for land plants. Trends in Plant Science. DOI: 10.1016/j.tplants.2023.03.019
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post ‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Baraua
Pertsona batek barau egiten duenean gertatzen den lehenengo gauza da metabolismoak behera egiten duela. Baraua egiten dutenek jarduera gutxiago egiten dute, edo are ezinbestekoa ez den edozein jarduera egiteari uzten diote. Baina metabolismoak behera egitea ez da jarduera murriztearen ondorio bakarrik; atsedeneko tasa metabolikoak ere behera egiten du. Bihotz taupaden maiztasuna murriztu egiten da. Gorputzeko tenperatura 37 gradutik 35,5 gradura jaisten da. Muskuluek masa galtzen dute, baita bihotz muskuluak ere. Gibela eta giltzurrunak ere argaldu egiten dira. Entzefaloa da bolumena galtzen ez duen bakarra. Horrek esan nahi du printzipioz organismorako beharrezkoak edo oso komenigarriak diren prozesu jakin batzuk egiteari uzten zaiola edo horiek intentsitate txikiagoarekin egiten direla. Jarduera metabolikoak behera egiten du baraurik egotean halabeharrez gertatu behar den gorputz masaren galera baino neurri handiagoan. Horrela, aurrerago ezinbestekoak izan daitezkeen energia erreserbak aurrezten dira.
Irudia: Kurt Gödelek barau egin zuen, harik eta ahuleriagatik hil zen arte. (Iturria:)Metabolismoa moteldu egiten da nagusiki hormona paratiroideo gutxiago jariatzen delako (batik bat T3 edo triiodotironina izeneko forma aktiboa). Oso litekeena da prozesu hori, bere aldetik, adipozitoek leptina gutxiago jariatzearen ondorio izatea. Leptina adipozina bat da; hots, hura sortzen duten zelulen egoeraren berri ematen duen proteina bat. Adipozitoak organismoan gantza gordetzen duten zelulak dira eta, gainera, leptinaren ekoizle nagusiak dira. Lipidoz kargatuta daudenean, odolera askatzen dute, hipotalamora –edo entzefalora– iristen da eta jateko gogoa gutxitzea eragiten dute. Gainera, tiroide guruina estimulatzen duen hormona, hipofisi guruinetik –hipotalamoaren bizilagun eta kidea da–, askatzea eragiten dute. Ondorioz, T3 gehiago askatzen da eta, beraz, metabolismoak gora egiten du eta bero gehiago ekoizten da. Adipozito horietako lipidoen mailek behera egiten badute, horiek leptina gutxiago askatzen dute; beraz, jateko gogoa areagotzen da eta metabolismoak behera egiten du. Barau egiten dutenak hotz dira.
Glukogenoa, animalien karbohidratoen erreserba, 24 orduan agortzen da gibelean –horrek hornitzen du entzefaloa glukosaz–, eta, seguru asko, astebetean, muskuluan. Metabolismo globala murrizteaz gain, proteinetan ere aurrezten da, gutxiago katabolizatzen baitira, karbohidratoen eta gantzen aldean. Ondorioz, gantz deposituak energia hornidura nagusia (eta ia bakarra) izatera igarotzen dira. Hain zuzen ere, barau egiten duten pertsonen biziraupena depositu horien tamainaren araberakoa da. Lipidoak amaitzen direnean, proteinak bakarrik geratzen dira energia lortu ahal izateko; beraz, horiek azkar erabiltzen dira. Askok bizirauteko ezinbesteko funtzioak betetzen dituztenez, heriotza azkar iristen da.
Ezin da erraz aurreikusi zenbat denbora iraungo duen barau egiten ari den pertsona batek bizirik; izan ere, faktore asko daude tartean, batik bat baraualdiaren aurretik zuen osasun egoera eta erreserba lipidikoen bolumena. Demagun 70 kg pisatzen duen eta 18 kg-ko gantz erreserbak (bere pisuaren % 25) dituen pertsona batek barau egitea erabakitzen duela. Hasteko, 700 megajoule inguruko erreserbak dituela (megajoule bat milioi bat joule dira: MJ); bestetik, barau egitean, metabolismoak atsedeneko balio normaletik, hau da, 10 MJ/egun-etik, 7 MJ/egun-era jaitsiko da. Beraz, erreserbek 100 bat egun iraungo lukete. Bobby Sands IRAren militante espetxeratuak gose greba bat egin zuen beste kide batzuekin batera 1981ean, eta baraualdiko 66. egunean hil zen. Litekeena da Sandsek suposizio teorikoan adierazitako 18 kg horiek baino gantz gutxiagorekin hasi izana greba.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Baraua appeared first on Zientzia Kaiera.
Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak
Perovskita mineralaz osatutako eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna aztertu du nazioarteko ikerketa batek, eguzki-panel eraginkorragoak lortzeko asmoz.
Perovskita minerala ohikoa da lurrazalean eta eroale ona. Izan ere, gaur egun eguzki-zelula organikoen ohiko materiala da eta Juan Luis Delgado kimikariak, Polymat zentroko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, perovskita eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna hobetzeko zelula hauen aukerak eta funtzionamendua aztertu du nazioarteko ikertalde baten barruan.
Perovskita eguzki-zelulek gaur egun merkaturatzen diren silizio kristalinozko zelulak ordezkatu ditzakete; izan ere, abantailak dituzte ohiko siliziozko panelekin alderatuta, hala nola efizientzia handiagoa -% 25etik gorako efizientzia- eta kostu txikiagoa. Perovskita zelulak «soluzio bidezko prozesamenduaren» bitartez egiten dira. Ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Merkaturatzeko eragozpen nagusia egonkortasuna da. Hain zuzen ere arlo horretan zentratzen da ikerketa zientifikoa.
Irudia: ikertzaileek perovskita eguzki-zelulak eguzkiaren energia modu eraginkorragoan aprobetxatzeko erabili dituzte. (Argazkia: andreas160578 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaith fisikariak eta UPV/EHUko Juan Luis Delgado Ikerbasque ikertzaileak zuzendu dute ikerketa-taldea elkarlanean, efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak lortzeko azken belaunaldiko gehigarrien erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko asmoz. 2019aren eta 2022aren artean, zenbait ikerketa-taldek oso efizientzia handiko perovskita eguzki-zelulak deskribatu dituzte gehigarri kopuru txiki bat (metilendiamonio dikloruroa) txertatzearen bidez, horrela momentura arte perovskita eguzki-zeluletarako ziurtatu den efizientziarik handiena lortzeko (% 25,7ko PCE).
Lan honetan, aldiz, aztertu dute gehigarriak perovskita kristalen hazkundean jokatzen duen rola, eta ikusi dute gehigarri hori, denboran zehar, forma kimiko egonkorragoetan deskonposatzen dela. Horrek egonkortasun hobea ematen dio perovskitari (> 1 urte airean).
Emaitza horiek oso garrantzitsuak dira, eta zuzeneko ondorioak izango dituzte etorkizunean, perovskita gailu fotovoltaiko egonkorrak eta efizientzia handikoak garatzeko orduan. Horrek eguzkiaren energia hobeto aprobetxatzea eta beste energia-iturri batzuekiko dagoen mendekotasuna murriztea ekar dezake.
Ikerketaren emaitzak Journal of the American Chemical Society (JACS) aldizkarian argitaratu berri dira eta bertan azaltzen dituzte efizientzia eta egonkortasun hobetuko perovskita eguzki-zelulen funtzionamendua.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Eguzki zelula eta efizienteenen eta egonkorrenen funtzionamendua argitu du ikerketa batek.
Erreferentzia bibliografikoa:Duijnstee, Elisabeth A.; Gallant, Benjamin M.; Holzhey, Philippe; Kubicki, Dominik J.; Collavini, Silvia; Sturdza, Bernd K.; Sansom, Harry C.; Smith, Joel; Gutmann, Matthias J.; Saha, Santanu; Gedda, Murali; Nugraha, Mohamad I.; Kober-Czerny, Manuel; Xia, Chelsea; Wright, Adam D.; Lin, Yen-Hung; Ramadan, Alexandra J.; Matzen, Andrew; Hung, Esther Y.-H.; Seo, Seongrok; Zhou, Suer; Lim, Jongchul; Anthopoulos, Thomas D.; Filip, Marina R.; Johnston, Michael B.; Nicholas, Robin J.; Delgado, Juan Luis; Snaith, Henry J. (2023). Understanding the Degradation of Methylenediammonium and Its Role in Phase-Stabilizing Formamidinium Lead Triiodide. Journal of the American Chemical Society, 145, 18. DOI: 10.1021/jacs.3c01531
The post Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #440
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaEuskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude, eta %28 galzorian. Aranzadi zientzia elkarteko Herpetologia Saileko Ion Garin biologoak azaldu du mundu mailako eboluzioaren isla dela Euskal Herriko egoera, anfibioek gainbehera globala bizi baitute. Nabarmendu du gainbehera horren erantzule nagusia habitaten suntsiketa dela, eta bereziki, hezeguneena. Hezeguneak desagerrarazi dira historian zehar, leku horiei ez zitzaielako baliorik ematen gizartean. Ez da meatsu bakarra ordea; espezie inbaditzaileak haien inguruetan askatzeak ere eragina izan du anfibioen gainbeheran, eta hainbat gaixotasun zabaldu izanak ere haien populazioak arriskuan jarri ditu. Informazio gehiago Berrian: Apaltzen ari diren korrokak.
GeologiaBlanca Martinez geologoa jangarriak eta sendagarriak diren mineralen inguruan aritu da Zientzia Kaieran. Mahaiko gatza adibidez, sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, eta gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Sendagaiei dagokienez, digestioa egiteko garaian arazoren bat baldin badugu, antiazido sendagaia hartu ohi dugu. Bada, sendagai horren osagai nagusietako bat kaltzio karbonatoa da. Hortzetako pastetan ere mineralak daude eta ardoa egiteko prozesuan ere erabiltzen dira, beste hainbat aplikazioren artean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Eta mineral sendagarriak.
Garrotxako bulkanismoa Iberiar penintsulako gazteena izan zela frogatu du nazioarteko ikerketa batek. Tartean Burgosko Unibertsitateko Eneko Iriarte Avilés aritu da lanean, eta azaldu du eremu horretako bulkanismoa duela 8.300 urtera arte gertatu zela; orain arte, duela 13.000 urte inguru amaitu zela uste zen. Besteak beste, jarduera bolkanikoak landare- eta laku-ekosistemetan izandako eragina aztertu dute, eta, azaldu dutenez, klima-aldaketa bortitz batzuk ere izan ziren. Gainera, Fluvià ibaiaren erregistro sedimentarioan hainbat adierazle geologiko eta biologiko aztertu dituzte, eta azken 14.000 urteetako bilakaera paleoklimatikoa argitu dute informazio horrekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: La Garrotxako bulkanismoa, Iberiar penintsulako gazteena.
KimikaPiper minek duten mingarritasunaren jatorria kapsaizinoide izeneko konposatu batzuetan dago. Horien artean garrantzitsuena kapsaizina da. Piper min bat jatean, konposatu hauek lotu egiten dira ahoko mukosan dauden errezeptore batzuetara. Errezeptore hauek bero eta abrasio fisikoa hautematen dute, eta horregatik sortzen da sumindura-sentsazioa. Alabaina, min horrek ondoren endorfinak askatzea eragiten du, eta horiei esker, ongizate-sentsazio atsegina sentitzen da azkenik. Dituen ezaugarri horiengatik, kapsaizinak aplikazio ugari ditu, besteak beste sendagarriak sortzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Piper minen atzean dagoen zientzia.
EraikuntzaGaur egun, eraikinen kontsumoaren % 50 berokuntzarako eta hozteko erabiltzen da. Hori ikusita, energia-eraginkortasuna hobetzeko hainbat neurri hartu daitezke. Neurri horien bidez, energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasuna sustatu daitezke, eta baita iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatu ere. Neurri horiek eraikinen birgaitze energetikoaren prozesuen bidez aplikatu daitezke, eta prozesu horietako bat da, adibidez, eraikinaren inguratzailea edo fatxada termikoki isolatzea. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa.
TeknologiaLitioaren ordez magnesioa duen bateria baten prototipoa aurkeztu du CIDETEC Energy Storagek. Gaur egun, litio-ioizko bateriak erabili ohi dira garraioa elektrifikatzeko edo energia berriztagarriak biltegiratzeko, baina naturan litio gutxi dago. Arazo horri konponbidea emateko asmoz, magnesioa erabili dute proiektu horretan litioaren alternatiba modura. Bestelde, bide-orri bat ere proposatu dute, sistemaren prestazioak nabarmen hobetuko lituzketen material berriak garatzeko eta inplementatzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaAzukrearen ordezko gozagarriak ez erabiltzea gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak. Azaldu dutenez, pisua kontrolatzeko ez da gomendagarria mota horretako gozagarriak erabiltzea, hala nola aspartamoa, sakarina edo estebia. Erakundeak orain arteko ebidentzien berrikuspen zabal bat egin du, eta bi ondorio atera dituzte: batetik, ikusi dute gozagarri horiek ez direla eraginkorrak epe luzera gorputzeko gantza murrizteko. Bestetik, denbora luzez erabiltzen badira, ondorio kaltegarriak izan ditzaketela ere ondorioztatu dute, hala nola, 2 motako diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Gazteen osasun mentaleko arazoek lotura zuzena daukate elikagai eta edari ultraprozesatuen kontsumoarekin, UABko azterketa batek ondorioztatu duenez. 13 eta 18 urte bitarteko 500 nerabe ingururen ohiturak aztertu dituzte eta hauen %26,2k arazo psikosozialen bat du. Gazteen batez besteko kontsumoa 7,7 elikagai ultraprozesatukoa da (gehiene bat hestebeteak, galletak eta haragi prozesatuak). Aldiz, fruta eta barazkien kontsumoa egunean batez beste 1,93 erraziokoa da, gomendatutako bost errazioetatik «oso urrun». Datu guztiak Gara egunkarian: Janari ultraprozesatuak eta gazteen osasun mentaleko arazoak lotu ditu azterketa batek.
AstronomiaPlaneta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak. Orain arte Gliese 486 eta Gliese 486b izenak zituzten James Webb espazio teleskopioaren bitartez aurkitutako elementu horiek. Alabaina, Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032ko tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, hizkuntza indigenetako izenak proposatzea deitu duten. Besteak beste, planeta topatu zuen taldeko Jose Antonio Caballerok egin zuen ‘Su’ eta ‘Gar’ deitzeko proposamena, eta erruz aukeratu zituzten beroarekin loturiko izenak, tenperatura beroak baitituzte. Lehenbiziko aldia da planeta batek eta bere izarrak euskarazko izenak dituztela. Berri honen inguruko informazio gehiago Sustatun, Alea aldizkarian, Garan eta Berrian irakur daiteke.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #440 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #448
Asko hitz egiten da ekonomia zirkularraz, baina zirkulartasun guztia ez da nahitaez jasangarria. Is the valorization of marine organic-waste into chitin environmentally sustainable? Mireia Martín eta Erlantz Lizundia.
Orain arte baliatu ez den metodo baten bidez neurtu ahal izan da unibertsoaren hedapena. Gaiari buruzko eztabaidan, badirudi mikrouhinen hondo kosmikoaren datuek hobera egin dutela. Refsdal measurement of the Universe’s expansion rate
Gene bat. Gene bakarra isilarazi eta arrak antzuak egiten dira. Amaitu dira emakumezkoen pilulak eta hormonen asaldurak. Hasiera batean eta saguetan. A single gene holds the key to male contraception, Rosa García-Verdugoren eskutik.
Kibble-Zureken mekanismoak ez-orekaren dinamika eta akats topologikoen sorrera deskribatzen ditu. Orain, DIPCko jendea pauso bat harago joan da, sistema klasiko zein kuantikoetarako. Universal power-law Kibble-Zurek scaling in fast quenches
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #448 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: astronomia eta astrofisika
Astronomia eta astrofisika izan dira unibertsoa ezagutzen eta ulertzen lagundu gaituzten zientziak. Baina ez al dira berdinak? Edo zertan ezberdintzen dira?
Galdera hauek erantzuten daukagu gaurkoan Kiñuk. Argitzen digu astronomia eta astrofisikaren arteko alde nagusia bi diziplinen helburu ezberdinen artean dagoela. Halere, gaur egun bi terminoak erabiltzen dira sarritan berdintsu, astronomia ikerketa gehienek astrofisikaren lege eta printzipioen aplikazioa behar baitute. Hortaz, ia-ia sinonimotzat har ditzakegu.
Gure kirikiñoak zientzia hauen nondik norakoak azaltzen dizkigu, antzinako zibilizazioetatik hasita gaur egungo teleskopioetara arte.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: astronomia eta astrofisika appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa
Azken urteotan krisi energetiko bat bizitzen ari gara mundu mailan. Batez ere baliabide fosilen eskasiagatik eta energia-kontsumoaren gorakadagatik. Eraikuntzaren sektorea baliabide fosil gehien kontsumitzen duen sektoreetako bat da, eta, gainera, CO2 gehien isurtzen duen sektoreetako bat da. Kontsumo horren eta emisioen zati handi bat eraikinaren erabilera-etapan, berokuntzaren kontsumoan, hoztean eta ur bero sanitarioan islatzen da. Gaur egun, eraikinen kontsumoaren % 50 berokuntzarako eta hozteko erabiltzen da.
Irudia: birgaitze-teknika motak: ezkerrean fatxada aireztatua, eskuinean kanpo-isolamendu termikoreko sistemak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Horregatik, energia-inportazioekiko mendekotasun gero eta handiagoa, energia-baliabideen eskasia, berotegi-efektuko gasen ekoizpena mugatzeko beharra eta krisi ekonomikoa eta energetikoa gainditzeko beharra direla eta, beharrezkoa izan da neurriak hartzea eraikuntza-sektoreko energia-eraginkortasunari dagokionez. Neurri horien bidez, eraikinen energia-kontsumoa kontrolatu daiteke,energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasuna sustatu daitezke, eta baita iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatu daiteke ere. Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko eraikuntzako araudiaren barruan neurri hauek eskakizun gisa ezarri dira.
Azken urteotan eraikuntzari buruzko araudia aldatu egin da, energia-eraginkortasunari dagokionez hobekuntza eskatzeko, bai eraikin berriei, bai lehendik dauden eraikinei. Baina eraispen-tasa txikia eta eraikuntza berrien hazkunde txikia kontuan hartuta, birgaitzeari dagokio energia aurrezteko eta isurtzeko potentzial handiena. Izan ere, eraikinak birgaitzea oso garrantzitsua da, berehalako ondorioengatik ez ezik (energia-kontsumoa murriztea, eraikinen egoera hobetzea, etab.), epe luzeko ondorio positiboengatik ere, hala nola bizi-kalitatea handitzea, ingurumen-inpaktua murriztea eta abar.
Euskadiko etxebizitza-parkea Europako zaharrenetakoa da, eta, beraz, energetikoki pobreena. Hori dela eta, etxebizitza-parkearen eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta egungo araudiaren eskakizun berriak betetzeko, beharrezkoa izango da epe laburrean eraikin hauetan esku hartzea, eta energetikoki birgaituz.
Eraikinen birgaitze energetikoaren prozesuen bidez egin daiteke. Horietako prozesu bat eraikinaren inguratzailea edo fatxada termikoki isolatzea da. Prozesu honekin energia-kontsumoan aurrezpen handia lortzen da. Izan ere, eraikinaren guztizko kontsumoaren % 50 inguratzailetik zehar ematen da.
Hortaz, eraikinaren fatxadaren birgaitze energetikoak energia-kontsumoa eta CO2 isuriak murriztea dakar. Baina, eraikin bat energetikoki birgaitzeko hainbat birgaitze-teknikak, isolamendu eta abar daude. Horregatik, eraikin bat birgaitzeko orduan, teknikarik egokiena aukeratzea ez da lan erraza. Artikulu honetan, aukeraketan lagungarriak diren irizpideak planteatzen dira, jasangarritasunaren ikuspegitik. Hau da, eraikin bat energetikoki birgaitzeko aukerak aztertzen dira kontuan hartuta, ekonomia, ingurumena eta egoera soziala. Honela, aukeraka era zabal batean egitea lortzen da. Izan ere, Eraikinak giza espazioak dira, eta bertan bizi eta lan egiten da. Horregatik, kontuan hartu behar da eraikitako eta giza ingurunearen berrikuntza. Hau da, eraikina birgaitzerako orduan jasangarritasunaren funtsezko hiru oinarriak kontua hartu behar dira.
Honela, planteatzen diren jasangarritasun-irizpideak lan-tresna bat bezala erabili daitezke. Lan-tresna honek jasangarritasunaren ikuspuntutik birgaitze-teknikarik egokiena aukeratzen lagunduko du. Bere erabilera birgaitze-prozesuan parte hartzen duten eragile guztiei zuzenduta dago, bai eraikinen jabeei eta bai eraikuntza-enpresak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2022
- Artikuluaren izena: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eraikinen birgaitze energetikoa: Birgaitze-teknikak eta erabakia hartzeko jasangarritasun-irizpideak.
- Laburpena: Eraikuntzako energia-kontsumoak gora egin du azken urteotan. Horregatik, eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko araudiak ezarri behar izan dira kontsumoa kontrolatzeko, energia-aurrezpena hobetzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan zaharrak eta energetikoki pobreak diren eraikin kopurua oso altua denez, behar beharrezkoa da eraikin horietan esku hartzea eta epe labur edo ertainean energetikoki birgaitzea. Birgaitze-teknikarik egokiena aukeratzea ez da lan erreza eraikinak energetikoki birgaitzeko eraikuntza-soluzio ugari baitaude. Hau dela eta, erabakia hartzen laguntzeko, jasangarritasun-irizpideak erabiltzea planteatzen da. Horrela, birgaitze-teknikak ekonomiaren, ingurumenaren eta sozialaren ikuspegitik aztertuko dira.
- Egileak: Ziortza Egiluz, Jesús Cuadrado, Eduardo Rojí, Ugaitz Gaztelu
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 31-47
- DOI: 10.1387/ekaia.23101
Ziortza Egiluz, Jesús Cuadrado, Eduardo Rojí eta Ugaitz Gaztelu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko iketzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Piper minen atzean dagoen zientzia
Berdeak, horiak edo gorriak, txikiak edo handiak, gozoak edo minak… mota askotako piperrak daude. Gurean Gernikakoak, Ibarrakoak eta Ezpeletakoak, besteak beste, dira ospetsuenak. Zenbaitek biziki maite dituzte, beste batzuek, ordea, gorroto dituzte. Piper batzuk benetan minak dira, baina zein da ezaugarri hau ematen dien konposatua?
Irudia: Piperren mina aldatu egiten da landareen, fruituaren adinaren eta barietatearen arabera. Bestalde, esaterako, ur faltak ur-estresa eragiten du eta honek fruituaren mina areagotzen du. (Argazkia: pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Mingarritasunaren jatorria kapsaizinoideetan dago: konposatu horien artean garrantzitsuena kapsaizina da. Piper min bat jatean, konposatu hauek lotu egiten dira ahoko mukosan dagoen errezeptorera. Errezeptore hau bero eta abrasio fisikoarekin lotuta dago; horregatik sortzen da sumindura-sentsazioa. Min horrek dakarren ondorioa endorfinak askatzea da. Endorfinak gorputzean sortzen diren analgesikoak dira eta ongizate-sentsazio atsegina sortzen dute.
Mingarritasun mailaPiperren mingarritasuna neurtzeko, Wilbur Scoville farmazialariak bere izena daraman eskala bat sortu zuen 1912an. Metodo honetan piper lehorra diluitu egiten da ur- eta azukre-disoluzio bat erabiliz dastatzaileek mingarritasuna nabaritzen ez duten arte. Zenbat eta mingarriagoa izan, orduan eta puntuazio handiagoa izango du. Esaterako, kapsaizina puruak 16000000 SHU (Scoville min-unitate) balioa du. Piperrei dagokienez, mingarrienen artean daude X piperra (3180000 SHU) eta dragoiaren hatsa (2480000 SHU).
Metodo hau ez da objektiboa eta, horregatik, 1980ko hamarkadatik aurrera bereizmen handiko kromatografia likidoa (HPLC) erabiltzen da mingarritasuna kuantifikatzeko. Neurketa hauetan kapsaizina kantitatea determinatzen da. Metodo hau fidagarria eta azkarra da kapsazinoideak identifikatu eta kuantifikatzeko. Lortutako emaitzak erraz pasa daitezke Scoville eskalara piper desberdinak konparatu ahal izateko.
Nola murriztu mingarritasuna?Piper minak jaten ditugunean ura edaten dugu eragiten digun ondoeza murrizteko, baina hau ez da irtenbiderik onena. Horren arrazoia kapsaizina molekularen egitura kimikoan dago: hidrokarburo-kate luzea dauka eta, ondorioz, disolbagarritasun txikia du uretan. Disolbagarria da, ordea, alkohol eta oliotan. Horregatik, esnea edo jogurta jatea da minari aurre egiteko konponbide egokiena. Jaki hauek kaseina daukate, esnean aurkitu daitekeen proteina nagusia. Lipofilikoa da kaseina (olioarekin nahaskorra) eta kapsaizina molekulak barreiatzen ditu.
Kapsaizinaren aplikazioakKapsaizinak aplikazio ugari ditu; esaterako, hanturaren aurkako kremetan erabiltzen da. Osagai hau arlo honetan denbora luzez erabili bada ere, orain dela gutxi arte zientzialariek ez zeukaten argi nola egiten zuen bere lana. Badirudi eragin bat duela minaren seinaleak burmuinarekin konektatzen dituzten neurotransmisoreetan eta, ondorioz, mina murriztea lortzen du.
Kapsaizina piper-espraietan ere erabiltzen da. Esprai horiek begiak ixtea eta negargura eragiten dute berehala. Denborarekin bestelako sintomak azaltzen dira; esaterako, erredura-sentsazioa, eztula edota arnasa hartzeko zailtasuna. Esprai hauek 500000-2000000 SHUko balioak dituzte Scoville eskalan.
Erreferentzia bibliografikoak:- Idrees, S., Hanif, M.A., Ayub, M.A., Hanif, A., Ansari, T.M. (2020). Chili Pepper In Muhammad Asif Hanif, Haq Nawaz, Muhammad Mumtaz Khan, Hugh J. Byrne (Ed.), Medicinal Plants of South Asia (pp. 113-124). Elsevier. DOI: 10.1016/B978-0-08-102659-5.00009-4
- Oliveira Junior, N., Padulla, V., Flores, I., Annunciação, D., Neiva, M., Brant, V. (2019). Evaluation of Natural Capsaicin (N.Cap) in Pepper Spray by GC-MS/FID, NMR and HPLC as an Alternative to the Use of Oleoresin Capsicum (OC). Human Factors and Mechanical Engineering for Defense and Safety, 3, 8. DOI: 10.1007/s41314-019-0024-6
Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.
The post Piper minen atzean dagoen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta mineral sendagarriak
Bada oso ospetsua den eta asko gustuko dudan esaera bat gaztelaniaz, kutsu geologiko handia duelako, eta bizitza honetan zerbait guztiz gaizki ateratzen zaidan bakoitzean edo, aitzitik, sekulako zortea daukadanean nire buruari esaten diodana: “dar una de cal y otra de arena” (euskaraz, gutxi gorabehera, “batean kale, bestean bale”).
Izan ere, horixe bera egin dut mineralekin nire azken bi artikuluetan. Aurreko artikuluan, gure osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen (modu batera edo bestera) mineraletan zentratu nintzen, baina oraingo honetan gizakiarentzat ezin hobeak diren batzuei buruz mintzatuko natzaizue. Dena den, bide errazetik ez jotzen saiatuko naiz, eta jarriko dizkizuedan adibideak deigarriak izatea espero dut.
1. irudia: Gatzunak berriz mugitzea lehortze larrainetan, Gesaltza Añanan (Araba) gatz minerala prezipitatzen laguntzeko. (Iturria: Añanako Gatz Harana Fundazioa)Dibulgazio lanetan nabilenean, txikienen arreta neureganatzeko eta haiek harritzea lortzeko, gehien gustatzen zaidan moduetako bat da esatea nik, egunero, mineralak jaten ditudala. Eta hori Istorio Amaigabeako fantasiazko munduko harrijale bat izan gabe. Denbora pixka bat ematen diet pentsatzeko, eta, ondoren, esaten diet janariari gatza botatzeagatik esan diedala hori, eta, beharbada, apur bat esajeratu dudala. Mahaiko gatz hori sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, ur batzuetan disolbatuta agertzen den konposatu bat, zeinak, prezipitatzean, halita izeneko mineral baten forman egiten duen. Mahaiko gatza lortzeko, bi aukera ditugu: batetik, ur gazia –ez duen zertan itsas ura izan– lurruntzen utz dezakegu halitazko kristalak prezipitatzen diren arte; edo, bestetik, duela milioika urte ur gazia modu naturalean lurruntzearen ondorioz eratu ziren eta material modernoagoen azpian lurperatuta geratu diren mineral deposituak ustia ditzakegu. Eta ez da beharrezkoa gatz hori Itsaso Hiletik edo Himalaiatik ekartzea, ur gazia lehortzeko guneak ditugulako etxetik gertu, Gesaltza Añanan (Araba) adibidez, edo bai eta duela milioika urte eratutako biltegien ustiategiak, hala nola Poza de la Sal (Burgos) edo Cabezon de la Sal (Kantabria).
Janariarekin jarraituz, gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Izan ere, elementu hori kaltzita edo aragonito mineraletatik ateratzen da nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatuta daudenak. Baina horrek ez du esan nahi minerala hauts bihurtu arte txikitu eta esneari zuzenean gehitzen zaionik; tratamendu kimiko bat egin behar zaio, ziurtatzeko jangarria dela eta gizakioi ez digula osasun arriskurik ekarriko.
Baina ez da hemen amaitzen kaltzitaren eta janariaren arteko harremana. Digestioa egiteko garaian arazoren bat baldin badugu, antiazido bat hartu ohi dugu. Bada, sendagai horren osagai nagusietako bat kaltzio karbonatoa da. Eta nahiz eta egia den duela mende batzuk kaltzitazko kristalak zuzenean ehotzen zituztela eta bertatik ateratako hautsa urdaileko arazoak eta ultzerak arintzeko hartzen zutela, gaur egun farmazietan eskura ditzakegun antiazidoak behar bezala testatuta eta prozesatuta daude.
Jan ondoren, hortzak garbitzea komeni da, hortzetako pasta erabiliz, txantxarra eta ahoko gaixotasunak saihesteko, eta horietan ere mineralak daude. Hortzak garbitzean, hortzak garbitzen dituena ez da hortzetako pastak sortzen duen aparra, baizik eta partikula mineral txiki batzuk. Mineral horiek urratzaileak dira, eta hortzetako esmalteari itsatsita geratzen diren janarien hondarrak kentzen dituzte. Horretarako mineralik erabilienak kaolinita (Al2Si2O5(OH)4 formula kimikoa duen buztin mota bat) eta kaltzita dira, bai eta diatomita ere, zeina diatomeoz –silizeozko (SiO2) oskol bat eraikitzen duten uretako alga batzuk– osatutako harri bat den.
2. irudia: Jarama haranean (Madril), «Escarpes salinos y yacimientos de sulfato sódico del Jarama» izeneko interes geologikoko lekuko (LIG) glauberitaren meatze zahar baten sarrera. (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)Adibide oso bitxi bat sodio sulfatoarena (Na2SO4) da. Konposatu hori ardoa egiteko entzimen sintesirako baliatzen da. Farmazian ere erabiltzen da, zenbait sendagairen eszipiente gisa (parazetamola kasu), eta oso ondo dator ardo gehiegi edaten dugunerako. Detergente hautsaren osagai nagusietako bat ere bada, eta oinarrizkoa da mahai zapiko edo arropako ardo orbanak garbitu ahal izateko. Izan ere, sodio sulfatoa, nagusiki, hiru mineraletatik lortzen da: thenarditatik eta mirabilitatik (biek Na2SO4 formula kimikokoa dute), eta glauberitatik (zeina sodio eta kaltzio sulfatoz osatzen den: Na2SO4·Ca2SO4). Eta azpimarratu behar da, egun, Espainia dela Europar Batasunean mineral horien meak dituen herrialde bakarra (Burgos, Madril eta Toledo probintzietan daude meatzeak).
Garbiketaren munduan sartu naizenez, esan beharra daukat osasun ona ziurtatzeko oinarrizkoa dela jatorduen ondoren sukaldeko tresnak behar bezala garbitzea, eta, beraz, ezinbestekoa da harraskan espartzu bat egotea. Seguru konturatu zaretela kolore desberdinak dituztela, gogortasunaren arabera, eta berdeak eta urdinak direla ohikoenak. Bada, gogortasun hori espartzuak egiteko garaian sartzen diren mineralen araberakoa da, horiek osatzen dituzten zuntz sintetikoetan elkarri lotuta jartzen direnak: leunenek kaltzita partikulak izaten dituzte; gogorrenek, berriz, kuartzo pusketak (SiO2).
3. irudia: San Andres meatzeko (Puebla de Lillo, León) talkozko kristalak, hainbat tonalitatetakoak: 1.- talko zuria, 2.- talko arrosa eta berdexka, 3.- talko beltza, Interes Geologikoko Lekua (IGL) – «Yacimiento de talco y pirita de Puebla de Lillo». (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)Amaitzeko, higiene pertsonalari helduko diot. Eta horretarako erabiltzen den mineral batean pentsatzen jartzean, bururatzen zaigun lehena talkoa da –Mg3Si4O10(OH)2–. Baina kontuz ibili behar dugu harekin, kalitate kontrol zorrotz bat gainditu behar baitu produktu kosmetiko gisa erabili ahal izateko, asbestoen taldeko beste mineral batzuekin edo gizakiarentzat toxikoak izatera irits daitezkeen materia organikoekin batera egon daitekeelako. Nahiko ezaguna den beste adibide bat desodorantea edo antitranspiratzailea da, hots, “alunbre harria” deritzona. Alunbrea da oro har aluminiozko sulfato bat, eta, desodoranteen kasuan, potasiozko alunbrea da gehien erabiltzen dena, zeina kalinita izeneko mineral batetik ateratzen den (Kal(SO4)2·12H2O).
Eta hobe dut hemen geratzea, horrelako beste ehunka adibide gehiago jartzen jarrai nezakeelako; baina, uste dut honezkero jabetu zaretela mineralek gure osasunean duten garrantziaz. Dena den, ez dut amaitu nahi begi bistan dagoen gauza bat gogora ekarri gabe: mineralak ez dira ez onak ez txarrak, haien konposizio kimikoaren eta gizakiok ematen diegun erabileraren araberakoa da dena.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko otsailaren 2an: Y minerales que curan
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Eta mineral sendagarriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ekimen kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du
Emile Durkheim (1858-1917) soziologoaren teoriaren arabera, bilkura kolektibo batean parte-hartzaileen artean gertatzen den elkar elikatzea eta bat egite emozionala giltzarriak dira prozesu kolektiboetan, eta iraun egiten du denboran. Teoria hori egiaztatu du UPV/EHUko Gizarte Psikologia, Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa-taldeak 2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean.
Ikerketa 2019ko Korrikako parte-hartzaileen lagin batekin egin zuten, hiru urratsetan: Korrika hasi aurretik, Korrika egiten zen bitartean eta Korrika bukatu eta gerora. Urrats bakoitzean parte-hartzaileek onlineko hiru galdetegiak erantzun zituzten eta jasotako datuak aztertu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute Korrikan Durkheimen teoria betetzen dela.
Irudia: erritu eta ekimen kolektiboak, dimentsio handikoak zein txikiagoak, parte-hartzaileen ongizatean positiboki eragiten dute. (Argazkia: AEK Korrika – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.com)Durkheimen arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde-balore eta -sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Horrenbestez, gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberrituak dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze-sentsazio hori eferbeszentzia kolektiboak ahalbideratzen du, alegia, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak. Orain arte, ordea, oso ikerketa gutxitan egiaztatu ahal izan da Durkheimen teoria.
«Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa». Hala adierazi du Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko Jon Zabala ikertzaileak. «Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Ez da harritzekoa, beraz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu-neurriak estres-, antsietate- eta depresio-maila altuagoekin erlazionatu izana», dio.
Eferbeszentzia kolektiboaIkertzaileen arabera, «parte-hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere». Ikertzaileek, gainera, proba estatistiko batzuen bitartez, baieztatu dute Durkheimek aipatzen duen «eferbeszentzia kolektiboa» dela eragin positibo horiek azaltzen dituena. «Parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute», adierazi du Zabalak. Bestalde, egiaztatu ez duten arren, ikertzaileen ustez, beste ikerketa batzuen emaitzak ikusita, espero izatekoa da parte-hartzaileek gerora ere predisposizio handiagoa izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.
Durkheimen teoria modu honetan egiaztatu duten ikerketak ez dira asko, eta, zentzu horretan, berritzailea da lan hau, besteak beste datuak hiru fasetan aztertu dituztelako eta, horri esker, ikusi ahal izan dutelako erritu kolektiboetako parte hartzearen eragin psikologiko positiboek zenbat iraun dezaketen denboran.
Horrek argi erakusten du gizakion osasun mentalerako oso garrantzitsuak direla erritu kolektiboak, nahiz Korrikaren dimentsiokoak, nahiz txikiagoak, hala nola lagun arteko afariak edo familiako kideekin egiten ditugun bilkurak, integrazio soziala sustatzen baitute. Haien bidez, «gure talde erreferenteekiko sinesmen eta balore sozialak indartzen ditugu, taldearen parte eta estimatuak sentitzen gara, eta horrek motibazioak ematen dizkigu gure buruak eta gainerakoak hobeto zaintzeko. Horrek zentzua ematen dio gure bizitzari, munduan kokatzen laguntzen baitigu». Beraz, Zabalaren iritziz, ez da kasualitatea pandemia-garaian arazo psikologikoak ugaritu izana: «Osasunaren prebentzio-programetan kontuan hartu beharreko faktoreetako bat izan behar du partaidetza kolektiboak».
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Korrikan parte-hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan.
Erreferentzia bibliografikoa:Zabala, Jon; Conejero, Susana; Pascual, Aitziber; Zumeta, Larraitz N.; Pizarro, José J.; Alonso-Arbiol, Itziar (2023). Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects. Frontiers in Psychology, 14. DOI: 10.3389/fpsyg.2023.1095763
The post Ekimen kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.