Laboratorium Museoak ematen duen ilustrazio zientifikoaren saria Andres Diam kolonbiarrak irabazi du. Laboratoriumek lagundu eta EHUk eskaintzen zuen ilustrazio zientifikoaren masterreko ikasle ohia da.
Jot Down Zientzia ekitaldiaren hamaikagarren edizioa Donostian egin dira, maiatzaren 3an eta 4an Tabakalera Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, 'Hominidoak' goiburupean. Gai berarekin egin da, baita ere, aurtengo Jot Down zientzia dibulgazio lehiaketa. Sari-banaketa Donostiako ekitaldian egin da maiatzaren 3ko iluntzean.
Lau modalitate ditu lehiaketak, eta horietako bateko saria Laboratorium Museoak ematen du: ilustrazio zientifikoarena. 2024ko irabazlea Andres Diam-en El primer paso ilustrazioa izan da. Halaber, modalitate honetako bi finalistak izan dira: Roman Garcia Mora The teacher ilustrazioarekin eta Ione Larrañaga Cuadros evolutivos ilustrazioarekin.
Kolonbiakoa da Andres Diam irabazlea, eta ez da Donostian izan saria jasotzen. Haren ordez, EHUk Laboratorium Museoaren laguntzarekin eskaintzen zuen ilustrazio zientifikoko masterreko zuzendari Vega Asensiok jaso du saria Bergarako zinegotzi Ainhoa Leteren eskutik. Laugarren aldia da sari hau ematen dena, eta hirugarren urtez jarraian master horretako ikasle edo ikasle ohi batek irabazten duena.
Bestalde, dibulgazio zientifikoko saiakera onenaren saria Juan Manuel Jimenez Arenasek jaso du 'Orce: piedras que se asemejan a huesos' lanarengatik. Testu finalistak 'El ingrediente principal del gran banquete homínido', Martin Sacristan-ek idatzitakoa eta 'Hacia el homo evolutis', Martin Mendez-ek idatzitakoa, izan dira.
Fikzio zientifikoko narrazio-testu onenak ex aequo Juan Carlos Pereletegiren 'Madres' eta Rebeca García Nietoren 'Un eden improbable' izan dira. Finalista Carlo Frabetti-ren 'Manos libres' lana izan da.
Azkenik, Metamorfosis homínida izendatu dute argazki zientifiko onena, Jose Conceptes-ek egindakoa.
Modalitate bakoitzeko irabazleak, 1.000 euroko saria jaso du. Testu irabazleak online argitaratuko dira, zehazki, dibulgazio saiakerak Jot Down aldizkarian, eta narrazio testuak, berriz, Mercurio aldizkarian. Ilustrazio eta argazki (edo argazki sorta) irabazleak Jot Down-en paperezko aldizkarietan (Jot Down edo eta Jot Down Kids) argitaratuko dira, edo/eta Mercurio Aldizkarian. Finalistek, urtebeteko harpidetza izango dute Jot Down eta Mercurio aldizkarietan, liburu-sorta bana, eta testuen argitalpena jaso dituzte sari gisa.
Lehiaketak Laboratorium Museoaren, Donostia International Physics Centerren eta Canfranc-eko Lurrazpiko Laborategiaren babesa du, eta Sevillako Unibertsitatea, Jot Down, Mercurio Aldizkari Kulturala eta Next Door editoreen laguntza.