



Gizarte eta kultura sektorearen arteko topaketa hau Gertu Kultura ekimenarekin elkarlanean egin da
Gaur goizean ospatu da kulturaren bidez gizarte-premiei erantzutea helburu duen ‘Estigmarik gabeko kultura’ topaketa Laboratorium Museoan. Saioa gizarte-sektoreko profesionalek eta Gertu Kulturako lantaldeko profesionalek dinamizatu dute. Topaketaren ondoren Laboratorium Museoa ezagutzeko bisita bat egin da.
Topagune honen helburua kolektibo jakin batzuei betidanik lotutako estereotipo, aurreiritzi eta estigmak berrikustea eta aztertzea izan da. Hala nola, adinari edota gaitasun-aniztasunari lotutakoak. Parekotasun ezaz jabetuta, kultura arlotik honi aurre egiteko ditugun aukerak planteatu dira.
“Filtrorik gabe: aniztasuna ospatzen” kanpainaren baitako topagune honek, “Filtrorik gabeko” gizarte inklusibo baten aldeko desio sakona sinbolizatzen du. Gizarte horretan ez da inor kanpoan geratuko eta kulturak giza aniztasun osoa islatzen du.
Jarrera, enpatia eta entzutea funtsezkoak dira kultura inklusiboago baterantz joateko. Kultura guztiz eskuragarria izan dadin, eta pertsona guztiek, salbuespenik gabe, kultur proposamenak eskuratu ahal izango dituztela bermatzeko, ingurunea aldatu behar da.
Gertu Kultura
Kalteberatasun egoeran dauden pertsonen kultura eskuratzeko eskubidea errealitate bihurtzeko lan egiten du Gertu Kulturak. Kultura gizartearen ezinbesteko beharrizan gisa aldarrikatu, eta komunitate anitza eta komunitate hori osatzen duten pertsonen beharrak errespetatzen dituena defendatzen du. Guztiontzako kultura bermatzeko konpromisoa hartzen duen gizarte baten alde lan egiten du eta Laboratorium Museoa ekimen honen parte da.
Laboratorium Museoa
Laboratorium Museoan, guztiontzako kultura bermatzeko konpromisoa hartzen duen gizarte baten alde lan egiten dugu, eta argi dugu guztiok lagundu behar dugula bidegabekeria sozialak gainditzen, nahiz eta erantzule zuzenak ez izan. Elkarri laguntzeko gaitasuna eta betebeharra dugu. Horretarako, gizartearen eta kulturaren artean zubiak eraikitzeko, inklusioa bermatuko duen eta parte hartzeko aukera-berdintasuna zainduko duen kultura sustatzen dugu. Kultura irisgarria eta inklusiboa posible delako.