Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 27 min 32 seg

Josu Ceberio: “Espeleologiari esker lor genezakeen ezagutza oso zabala da” #Zientzialari (103)

Or, 2018-10-12 09:00

Aspalditik izan du gizakiak lurzoruaren azpitik eta atmosferatik harago dagoena esploratzeko premia. Beharbada, jakin-min horrek bultzatzen ditu espeleologoak kareharrizko eremuetan sortzen diren karst izeneko sistema naturalak ikertzera.

Euskal Herrian mota horretako eremu asko ditugu, besteak beste, Nafarroa Garaiko ipar-ekialdean kokatuta dagoen Larrako mendigunea. Kareharrizko labirinto erraldoi bat balitz bezala, 400 kilometrotako lurpeko pasabideak aurkitu dituzte bertan ikertzaileek.

Larrako mendigunea arrazoi askorengatik da garrantzitsua euskal espeleologiarentzat. Izan ere, ingurune horretan aurkitzen da Euskal Herriko leizerik sakonena, ‘Ilaminako ateak’ izenekoa.

Ikerketa arlo honen nondik norakoak ezagutzeko Josu Ceberio espeleologoarekin elkartu gara. Ikertzaileak Larra bezalako eremuetan lan egiteak dakarren arrisku eta erronkei buruz hitz egin digu.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Josu Ceberio: “Espeleologiari esker lor genezakeen ezagutza oso zabala da” #Zientzialari (103) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bizi-ziklo analisiaren irismenaren optimizazioa eraikinen birgaitze energetikoen ingurumen- eta ekonomia-analisietan

Og, 2018-10-11 15:00
Xabat Oregi, Maitane Otaño, Patxi Hernandez, Rufino Hernandez

Irudia: Donostiako etxebizitza blokea oinarri harturik , eraikinaren gaur egungo eta zenbait birgaitze-estrategia aplikatu ondorengo ingurumen eta ekonomia inpaktua aztertzeaz gain, bizi-zikloan zehar, eraikinaren etapa bakoitzean sortuko diren inpaktuak zenbatu dira.

2010/31/EU zuzentarauan zehaztutako eraikinen portaera energetikoaren mugetan oinarrituz, eraikinak gero eta energetikoki eraginkorrago bihurtu eta haien erabilera etaparen inpaktua ia zeroko balioetara murriztuko da, honela, bizi zikloaren beste etapen ingurumen eta ekonomia inpaktuen garrantzia handituz. Hau da, 2018tik aurrera eraikiko diren eraikin berrien ingurumen eta ekonomia portaera lantzean, Europako Batzordeak edo “Bizi-zikloan zehar zero energiako eraikinen” inguruan egindako lanek proposatutako lan lerroei jarraituz, ezinbestekoa izango da eraikinen portaera bizi-zikloaren ikuspegitik ebaluatzea.

Bizi-zikloaren analisiari loturik, azterketa lan honen helburua ondorengo galdera hau argitzean oinarrituko da: beharrezkoa al da eraikin baten birgaitze energetikoko estrategien artean aukeratzeko garaian eraikinaren bizi-zikloko etapa guztietan sorturiko inpaktuak zenbatzea, edo nahikoa litzateke erabilera etaparekin loturiko inpaktuak zenbatzea? Zer puntutaraino sinplifikatu daiteke ebaluazio sistemaren irismena, emaitzen zehaztasuna eta, ondorioz, harturiko erabakiak arriskuan jarri gabe?

1963an Donostian eraikitako etxebizitza bloke batean oinarriturik, eraikinaren gaur egungo eta zenbait birgaitze-estrategia aplikatu ondorengo ingurumen eta ekonomia inpaktua aztertzeaz gain, bizi-zikloan zehar, eraikinaren etapa bakoitzean sortuko diren inpaktuak zenbatu dira. Hala ere, egoera bakar baten analisia eginik lorturiko emaitzak ondorio orokor bezala erabiltzeak dakartzan arazoak ikusirik, lan honetan sentiberatasun analisi sakon bat proposatu da, metodologia kalkuluan zehar eragin zuzena izango duten parametro gehienen inguruko egoera berriak proposatzeko. Besteak beste, aipatzekoak dira eraikinaren bizi iraupena, produktuen aurreikusitako bizi iraupena, produktuen barne energia, energiaren prezioaren eboluzioa, produktuen garraio distantzia, gune klimatikoa, energia eskaria, inflazio tasa edo ingurumen konbertsio faktoreen inguruan proposatutako balioak. Datu berri horiek sorturiko egoera hauen guztien azterketa egin ostean (775 ingurumen eta 682 ekonomia egoera), emaitzen zehaztasun gehikuntza eta bizi zikloaren etapa guztiak zenbatzearen arteko erlazioaren inguruko erantzun bat erdiesten da.

Lehen ondorioak erakusten du ingurumenaren ikuspegitik ebaluatu diren agertokien %98n garraio, eraikuntza-prozesu eta deuseztatzeak sortutako inpaktuaren kuantifikazioak %1eko baino gutxiagoko inpaktua izango duela azken emaitzetan. Gauza bera gertatzen da bizi-zikloaren ikuspegia duen ebaluazio ekonomiko batean, non lortutako emaitzek erakusten baitute agertokien %99ren garraio eta deuseztatze etapetan sortutako inpaktuaren kuantifikazioak %5eko baino gutxiagoko eragina izango duela azken emaitzetan.

Beste etapen garrantziari dagokionez, azterlan honetan bi agertoki erabat desberdin finkatu dira. Batetik, erabilera-etaparen pisu erlatiboa oso txikia duten agertokiak aurkitzen dira. Kasu horietan, birgaitutako beste bizi-etapa batzuetan sortutako inpaktua kuantifikatzeaz gainera, beharrezkoa da kuantifikatzea bizi-zikloaren beste etapa batzuetan sortutako inpaktuak, besteak beste, ekoizpena, eraikuntza prozesua, mantentzea eta ordezkatzea Hala ere, bigarren agertokian ikus daitekeen bezala, ingurumen azterlanean %74an eta azterlan ekonomikoen %19n, eraikinaren erabilera etapan zehar izaten den murrizketa bizi-ziklo osoan eraikina birgaitu ondoren murriztutako inpaktuaren %90etik gora dela; horrek frogatzen du bizi-zikloko beste etapa guztiek (ekoizpena, garraioa, eraikuntza prozesua, mantentzea, ordezkatzea eta deuseztatzea) inpaktuaren %10 baino gutxiago dutela. Hau da, emaitzek aditzera ematen duten bizi-zikloko analisiaren irismena guztiz sinplifikatu, eta eraikinaren erabilera-etapa aztertzera bakarrik mugatutako kalkuluetan lorturiko emaitzen eta bizi-ziklo analisian oinarritutako kalkuluetako emaitzen arteko aldea %10ekoa baino txikiagoa izango dela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Bizi-ziklo analisiaren irismenaren optimizazioa eraikinen birgaitze energetikoen ingurumen- eta ekonomia-analisietan
  • Laburpena: Eraikuntza-sektorerako bizi-ziklo analisiaren metodologia estandarizatu arren, ikertzaileek sistemaren irismenaren inguruan sinplifikazio batzuk aplikatzeko joera dute bizi-zikloaren fase batzuk alde batera utziz. Birgaitze energetikoetan, erabilera-etapan jartzen da arreta bereziki, energiaren erabilera murriztea baita birgaitze horien helburu nagusia. Artikulu honek etxebizitzen birgaitze energetikoko proiektuetan, ingurumen- eta ekonomia-inpaktu orokorrarekin alderatuta, bizi-zikloko etapa bakoitzaren garrantzia ebaluatzen du. Azterketa kasuko birgaitze-estrategien analisiaren emaitzen arabera, garraio- eta deuseztatze-etapek garrantzi txikia dutela ikusten da. Eraikuntza-prozesuaren etapak ere garrantzi txikia du ingurumen-azterketan. Ekoizpen-, mantentze- eta ordezkatze-etapek, oro har, garrantzi handiagoa dute, batez ere, ebaluazio ekonomikorako. Sentsibilitate-analisi zabal batek bizi-zikloaren mugak sinplifikatzeak dakartzan zailtasunak erakusten ditu, azterketa hauek klima, eraikinaren tipologia, edo aurreikusitako erabilera-bizitza bezalako aldagaiekin duten lotura zuzena azalduz.
  • Egilea: Amaia Munarriz-Ibarrola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 143-162
  • DOI: 10.1387/ekaia.17650

————————————————–
Egileez:

Xabat Oregi, Maitane Otaño eta Patxi Hernandez Tecnalia Research & Innovationen dabiltza eta Rufino Hernandez UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Bizi-ziklo analisiaren irismenaren optimizazioa eraikinen birgaitze energetikoen ingurumen- eta ekonomia-analisietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eklipseez

Og, 2018-10-11 09:00
César Tomé López Esan daiteke Lurreko gainazalean kokatutako begirale batentzat ia berberak direla Eguzkiaren eta Ilargiaren diametro angeluarrak; hala, noizbehinka bi gorputzak lerrokatu egiten dira eta Ilargiak Eguzkia eklipsatzen du. Ezagutzen den lehenengo eguzki-eklipse erregistroa k.a. 2136ko txosten bat da, Txinakoa.

1. irudia: XIX. mende erdialderako astronomoek eguzkiaren kanpo-atmosferarekin lotzen zituzten jada eklipse osoetan ikusgai diren eguzki-koroa eta protuberantziak.

Ilargiak proiektatutako itzalak oso gutxi ebakitzen duenez Lurraren gainazala, eguzki-eklipse oso bat ibilbide estu batetik baino ezin daiteke ikusi. Gehienez ere, eklipse oso batek zazpi minutuko iraupena izaten du. Edmond Halley astronomoak grabitazio-fisika newtondarra erabili zuen Ilargiaren mugimendu orbitala kalkulatzeko, horren ondorioz, eguzki-eklipse baten ibilbidea lehen aldiz aurreikusteko gai izan zen 1715ean.

Eguzki-eklipse oso batek aukera ematen du beste era batera antzemateko zailak diren eguzki-ezaugarriak ikusteko. Hain zuzen, XIX. mende erdialderako astronomoek eguzkiaren kanpo-atmosferarekin lotzen zituzten jada eklipse osoetan ikusgai diren eguzki-koroa eta protuberantziak. Era berean, kromosferako argi-keinuak (flashak) 1870ean hartu ziren eta XX. mendeko 30eko hamarkadarako bazekiten koroa oso ionizatuta zegoela eta bataz besteko tenperatura 1.000.000º C baino askoz altuagoa zuela.

2. irudia: 2017an Estatu Batuetan ikusgai izan zen eklipsean zehar hartutako irudian kromosferako argi-keinuak ikus daitezke.

Eguzki-eklipseen ikerketa beste mota bateko informazio iturri ere bada. Historian zehar, lekuko askok eklipseen ibilbide posizioak ikusi izan dituzte, zeinak hainbat txostenetan bildu izan baitira; horiek gertutik ikertu ostean, ikusi da Ilargia gero eta urrutiago dagoela Lurretik. Ondorioz, mendetik mendera, eguna bi milisegundo luzeagoa da.

Arthur Eddington astrofisikariak 1919ko maiatzaren 29ko eguzki eklipsea erabili zuen Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria «baieztatzeko». Teoriak aurreikusi zuen Eguzkiaren grabitazio-eremuak 1,75 segundo hirurogeitar desplazatzen zituela bere gainazalera tangentzialki pasatzen ziren izarren argi-izpiak eta Eddingtonek antzeko kopurua antzeman zuen.

Ilargi-eklipseei dagokienez, Ilargia Lurrak proiektatzen duen itzal-konotik pasatzen denean jazotzen dira. K.a. III. mendean, Samoko Aristarkok ondorioztatu zuen Ilargia 60 lur-erradiora dagoela Lurretik; izan ere, batetik modu zehatzean neurtu zituen Ilargi-eklipsearen faseen denborak eta, bestetik, Ilargiaren diametro angeluarra zein Lurraren erradioa ezagutzen zituen.

3. irudia: Ilargia Lurrak proiektatzen duen itzal-konotik pasatzen denean gertatzen dira ilargi eklipseak.

Halaber, Eguzki-sistemako beste eklipse batzuek ere garrantzia izan dute astronomiaren historian. XVII. mendean Ole Rømer daniarrak Jupiterren ilargien eklipseen iraupena neurtu zuen Lurra bere orbitaren posizio desberdinetan zegoenean. Hala, nahikoa informazio izan zuen argiaren abiaduraren kalkulu bat egiteko. Galileok, zeinak 1609an sateliteak aurkitu baitzituen, proposatu zuen eklipseak nahiz sateliteen arteko bat etortze optikoak oinarria izan zitezkeela Lurreko hainbat lekutatik ikusi ahalko zen erloju estandar baterako. Nolanahi ere, halako erloju baten aplikazio nagusia, hau da, itsas zabaleko ontziek luzera zehaztea, ezinezkoa zen praktikan, zeren bat etortzeak neurtzeko beharrezko teleskopioa ezin zen gauzatu ontzian bertan. Berrikiago (1985 eta 1991 artean), Plutonen Karonte satelitearen eklipseak behatuz, bi gorputzen tamaina eta koloreen kalkulu zehatzak egitea lortu zen.

Azkenik, izar-eklipseen garrantzia Edward Pigott eta John Goodricke astronomoei esker hasi zen ezagutzen. XVIII. mendeko 80ko hamarkadan Algol (Beta Persei) izarraren distira-aldaketak behatu ostean, proposatu zuten aldaketa horiek gutxi gorabehera Algolen tamaina erdia zuen planeta batek eragin zitzakeela, zeinak izarraren inguruan orbitatu eta noizbehinka eklipsatzen baitzuen.

Friedrich Argelander astronomoak, berriz, datu zehatzagoak eman zituen izar-eklipseek eragindako distira-aldaketen inguruan 1843. eta 1870. urteen artean. 1919an, Gustav Müller eta Ernst Hartwig astronomoek eklipsatzen ziren 131 izar bitarrez osatutako katalogoa argitaratu zuten. Joel Stebbins-ek selenio-fotometroa sortu zuen 1910ean eta haren bitartez Algolen argi-kurbaren gutxiengo sekundarioa aurkitu zuen; horrek adierazten zuen albokoa izar ahula zuela eta ez planeta bat. Eklipsatzen diren izar bitarren argia analizatzeak bi izarren tamaina eta argitasunaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Eklipseez appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kideak zaintzeak ordainsaria dakar, sari ebolutiboa bederen

Az, 2018-10-10 09:00
Juanma Gallego Historiaurreko gizakiek gaixoak zaintzeko familiatik harago eratu zituzten estruktura sozialak eboluzioaren giltzarrietako bat izan zirela proposatu du antropologo talde batek.

Literatura paleoantropologikoak luze eta zabal deskribatu ditu osasun arazo larriak zituzten gizakien fosilak. Horiek guztiek ezinbestean euren ingurukoen laguntza behar izan zuten aurrera egiteko. Agian ezagunena Miguelonen buru-hezurra da, duela 450.000 urte inguru Atapuercan (Burgos) bizi izan zen Homo heidelbergensis baten fosila. Infekzio larria zuen Miguelonek, eta janaria mamurtzeko arazoak izan behar zituen. Hortaz, seguruenera taldearen laguntza izan behar izan zuen bizirik jarraitu ahal izateko.

1. irudia: Antropologo talde baten ustez, kideak zaintzeak abantaila ebolutiboa ekarri zion gizakiari, gaixotasunari aurre egiteko bideak zabaldu zirelako. (Argazkia: Josh Appel / Unsplash)

Kanibalismoaren aztarnak ikusten dugunean hori egin zuten gizakien aldetik zein urrun gauden ikusi nahi dugun modu berdinean, horrelako “gizatasunaren” adierazle diren aztarnen aurrean garaiko gizakiengandik hurbiltasuna sentitzen dugu. Jakina da biak ala biak, alde iluna eta argia, gizakiaren baitan dagoen txanponaren bi aldeak direla, baina egia da ere zibilizazioak aurrera joan ahala txanponaren alde argitsua gero eta gehiago ateratzen dela. Edo, behintzat, hori imajinatu nahi dugu. XX. mendean zehar hildakoen zifrek ez dute ideia hori berresten, baina, esan ohi denez, itxaropena da galtzen den azken gauza.

Orain proposatu dutenez, gizatasunaren adierazle den ezaugarri horietako batek zentzu ebolutiboa izan dezake. Scientific Reports aldizkarian ikertzaile talde batek argitu du, hain zuzen, kideak zaintzeak abantaila ebolutiboa ekarri ziola gizakiari.

Espekulazio hutserako bidea eman dezaketelako, bereziki antropologia kulturalaren baitan egin diren ikerketa askok kritikak berenganatu ohi dituzte. Humanitateen parean egoteak abantailak baditu, baina baita horrelako desabantailak ere. Horregatik, beharrezkoa horrelako proposamenak mundu errealean bildutako frogekin babestea. Paleoantropologiaren alorrean ezinezkoa da zuenean ikerketa gaira hurbiltzea, ez bada aztarna arkeologikoen edo genomikaren bitartez. Baina, hurbilketa horren faltan, gaur egingo ehiztari-biltzaileengana jotzea da maiz urratzen den bidea. Oraingoan, baina, beste aukera bat baliatu dute, eta ordenagailu bidezko simulazioetara jo dute.

Sharon Kessler Durhameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) antropologoak gidatutako taldeak bide hori jorratu du jakiteko zein izan zitekeen 50 eta 200 lagun arteko taldeetan gaixoen zaintzaren eragina. Ikuspuntu horretatik, giza eboluzioan lerrokatu diren Homo generoko hainbat espezie ikertu dituzte: Homo habilis, Homo erectus, Homo heidelbergensis, Homo neandertalensis eta Homo sapiens.

Bi eredu asmatu dituzte: zaintza eraginkorra eta eraginkorra ez den zaintza, eta horien arabera neurtu dituzte lau egoera ezberdin: oinarrizko primateak, ahaidetasunean oinarritutako egoera, bikote egonkorrak eta elkarrekikotasunm egoera. Lau egoera horiek, noski, gizarte gero konplexuagoak irudikatzen dituzte: hurrenez hurren, 50, 100, 150 eta 200 kidez osatutako gizarteak dira. 200 kilometro koadroko lurraldea irudikatu dute, eta “unibertso” txiki horretan abiatu dituzte simulazioak eta ondorengo analisi estatistikoak.

2. irudia: Atapuercan aurkitutako Miguelonen buru-hezurra –irudian, horren berreraiketa bat- infekzio larria zuen eta bere kabuz jateko gai ez zen Homo heidelbergensis batena zen. (Argazkia: Juanma Gallego)

Simulazio horietan egiaztatu ahal izan nola sortu ziren eta nola eboluzionatu zuten lehen “zaintza” sistema horiek. Hasiera batean gertuko familia arduratu zen zaintzaz. Nahigabean bada ere, horrek abantaila bat ekarri zuen: zailago bihurtu zuen gaixotasun kutsakorren hedapena. Modu berean, gaixotasun horren zaintzari lotutako “gastua” sendiaren baitan banatuta geratzen zen.

Alabaina, denborarekin, zaintza sistemaren zirkulua ireki egin zen, eta horrek indartu zituen giza sistemen konplexutasuna eta aniztasuna. Gainera, ekonomia garatu ahala, gero eta zailagoa zen jendea zaintzea, patogenoak biderkatu zirelako. Neolitoaren etorrerak, beraz, gauzak konplikatu zituen. Batez ere animalien etxekotzea eta nekazaritzaren hastapena faktore garrantzitsuak izan ziren, baina beste tokietara iristea eta beste hainbat giza espezieekin hibridatzea ere jo dituzte arrisku hori handitzen zuten faktoretzat.

Funtsean, egoera berri horietara egokitu izanak presio ebolutiboak eragin zituen, eta, hein batean, horrek gaur egungo gizakiak dituen ezaugarriak moldatu zituen.

Modu berean, gaixotasunak ezagutzeko eta horiei aurre egiteko gaitasuna hobetu zuen gizakiengan. Arlo biologikoan sartuta, sistema immunitarioa belaunaldiz belaunaldi eraginkorragoa bihurtu zela proposatu dute ikertzaileek. Iradoki dute ere gaixo zeuden lagunak zaintzeak gaixotasunen transmisioa ekiditeko giltzarri izan zela.

Ikerketa artikuluan horrela laburbildu dute mahai gainean jarritako proposamena: “Giza leinuan gertatu den zainketaren eboluzioak gure arbasoei aparteko aukera eman zien haien populazioen bitartez gaixotasunen bilakaera aldatzeko, eta, antza, horrek ere eragina izan zuen bai patogenoen zein giza sistema immunitarioaren garapenerako”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kessler, Sharon E., Bonnell, Tyler R., Setchell, Joanna M. & Chapman, Colin A. (2018). Social Structure Facilitated the Evolution of Care-giving as a Strategy for Disease Control in the Human Lineage. Scientific Reports, volume 8, article number: 13997. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-018-31568-2

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Kideak zaintzeak ordainsaria dakar, sari ebolutiboa bederen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Errusiar mendiak eta giltzurruneko harriak

Ar, 2018-10-09 09:00
Josu Lopez-Gazpio David Wartinger mediku eta ikertzailearen zenbait gaixok gertakari harrigarri baten berri eman ziotenean hasi zen ikerketa. Wartingerrek hasiera batean nekez sinetsi zuen, baina, azkenean ikerketa martxan jartzea erabaki zuen. Gaixoek ziotenez, Disney World parkeko errusiar mendi batean ibili ostean, giltzurruneko harriak kanporatzea lortu zuten. Are gehiago, gaixo batek Michiganeko Estatu-Unibertsitateko ikertzaileari ziurtatu zion Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian zenbait aldiz ibili ondoren hiru harri kanporatu zituela, bata bestearen segidan. Wartinger, metodo zientifikoari men eginez, errusiar mendi horrek giltzurrun-kalkuluetan zuen eragina aztertzen hasi zen eta ondorio bitxi batera iritsi zen.

1. irudia: Errusiar mendian ibiltzean gertatzen diren mugimendu bortitzekin giltzurrun-kalkuluak kanporatu zituztela esan zioten hainbat gaixok Wartinger medikuari. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Giltzurruneko harriak edo giltzurrun-kalkuluak giltzurrunean harrapatuta geratzen diren harriak dira eta haien konposaketaren arabera mota desberdinetakoak izan daitezke. Ohikoenak kaltziozkoak izaten dira; izan ere, kaltzioa gure dietako ohiko minerala da eta hezurretan zein muskuluetan behar ez den kaltzioa giltzurrunetara doanean agertzen dira. Arazorik ez dagoenean, kaltzio hori gernuaren bidez kanporatzen da, baina, zenbat kasutan kaltzio hori pilatzen joan daiteke hauspeakinak osatuz. Osatzen diren gatzak kaltzio oxalatozkoak eta kaltzio fosfatozkoak izaten dira. Beste giltzurrun-kalkuluek azido urikoa, zistina eta estrubita izan dezakete.

Zenbait kasutan kalkuluak modu espontaneoan kanporatzen dira, baina, beste zenbait kasutan tratemenduak behar dira harriak kanporatzeko -besteak beste, eta kalkulu motaren arabera, dieta aldatuz, sendagaiak hartuz edo ebakuntza eginez kentzen dira-. Soilik AEBetan urtean 300.000 larrialdi izaten dira giltzurrun-kalkuluekin lotuta. Hori gertatzen denean, harria kanporatzeko gaixoari posizioa aldarazten zaio, hidratatu egiten zaio edo gorputzari indarra egiten zaio harria kanpora dezan. Nolanahi ere, teknika horiek arrakasta aldakorra izan ohi dute.

Errusiar mendiaren eragina

Wartinger eta bere lankideen ikerketan hainbat gaixok esandakoa kontuan hartu zuten. Ziotenez, errusiar mendian ibili ondoren modu espontaneoan giltzurrun-kalkuluak kanporatzen zituzten eta, kasu gehienetan, jolas-parkeko atrakzio bera aipatzen zuten, hain zuzen ere, Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendia. Atrakzioa hori tren motakoa da, eta ez da Orlandoko Disney World jolas-parkeko atrakziorik modernoena, ezta azkarrena ere. 56 km/h da bere gehienezko abiadura eta ez du kanpai-bueltarik ematen, alegia, bidaiariak ez dira buruz behera jartzen.

2. irudia: Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendiaren irudia, Orlandoko (Florida) Walt Disney Wolrd parkean. (Argazkia: Sam Howzit – CC BY 2.0. Iturria: flickr.com)

Ikerketa egiteko zientzialariek silikona gardenezko giltzurrunaren eta ureterraren hiru dimentsiotako eredua egin zuten -ureteroskopiak eta renoskopiak simulatzeko erabiltzen direnenen antzekoa- eta giltzurrun-kalkuluak jarri zituzten barruan. Tamaina desberdinetako harriekin egin zuten proba: 4,5 mm3, 13,53 eta 64,43 mm-koak, gernuan murgilduta. Harri horiek gaixo bati erauzitakoak ziren, esperimentuak baldintzarik errealenetan egiteko asmoz. Eredua motxila batean sartu eta atrakzioan ibili ondoren, kalkuluaren posizioa aztertu zuten ikertzaileek. Guztira 60 giltzurrun-kalkuluren posizioa aztertu zuten -20 bidaia eginez ereduan 3 harri jarrita-.

Datuak aztertuta, baieztatu ahal izan zuten gaixoek kontatzen zutena horrela zela. Hain zuzen ere, atrakzioan ibili ondoren kalkuluak kanporatzea probableagoa da. Are gehiago, atrakzioko trenean hartutako eserlekuaren arabera probabilitate hori aldatu egiten da. Aurrekaldeko eserlekuetan kalkuluen %16,7 kanporatzen da, baina, atzekaldekoetan %63,9. Probabilitate horiek emateko, kalkuluen tamaina eta giltzurrunean zuten posizioa aztertu zuten. Nolanahi ere, ondorioa argi da: Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian ibili ondoren giltzurrun-kalkulua kanporatzeko probabilitatea handiagoa da.

Hori kontuan hartuta, ikertzaileek gomendatzen dute giltzurrun-kalkuluak izan ostean geratzen diren kalkulu mikroskopikoak kanporatzeko errusiar mendian ibiltzea -intentsitate ertaina duena, hori bai-. Era berean, haurdun geratu nahi duten eta kalkulu txikiak dituzten emakumeentzat ere gomendatzen dute kaltzio eta D bitamina gehigarriak hartu behar badituzte. Gomendio horiek emanda, ikertzaileek ere haien lanaren mugak azaleratu nahi izan dituzte: giltzurrunaren silikonazko eredua erabiltzea, gaixo bakarraren giltzurrun-kalkuluekin esperimentatzea eta atrakzio bakarra aztertzea izan dira, zientzialarien iritziz, ikerketaren hutsune nagusiak. Hala ere, ikerketak argi utzi du errusiar mendiak -aztertutakoak behintzat-, eraginda baduela kalkuluen kanporaketan.

Ig Nobel saria

Wartingerrek eta Mitchellek, bere lankideak, lortutako emaitzak eta ondorioak 2016an argitaratu zituzten zientzia-komunitateari egindako lanaren berri emateko. Bi urte beranduago, ikertzaileek medikuntzako Ig Nobel saria jaso zuten egindako lanarengatik. Ig Nobel sariak Nobel sarien parodia modukoa dira, hasiera batean barregarriak diren ikerketei emandakoak, baina, bigarren irakurketan pentsarazi egiten duten ikerketak izan ohi dira. Wartinger bera egon zen saria jasotzeko ekitaldian eta ekitaldiaren ondoren egiten den saioan ere egon zen azalpenak ematen -bideoan, 18. minututik aurrera-.

Ig Nobel sariak, zalantzarik gabe, ikusgarritasuna eman dio Wartinger eta Mitchell ikertzaileen lanari eta, horri esker, ikerketek aurrera jarraitzea errazagoa izangoa da. Lortutako ondorioez gain, ikertzaileek beste gauza garrantzitsu bat erakutsi dute: hasiera batean gaixoek kontatutako anekdota hutsak benetako zientzia bihurtu dute. Orain bai, azalpen zientifikoekin argudiatuz, esan daiteke probableagoa dela giltzurrun-kalkulu bat kanporatzea Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian ibili ondoren.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mitchell, Marc A., Watinger, David D., (2016). Validation of a functional pyelocalyceal renal model for the evaluation of renal calculi passage while riding a roller coaster. The Journal of the American Osteophatic Association, 116, 647-652. DOI: https://doi.org/10.7556/jaoa.2016.128

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Errusiar mendiak eta giltzurruneko harriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Amazoniako landare batek giza tumore-zelulen kontra darabilen mekanismoa argitu dute

Al, 2018-10-08 09:00
Vismia baccifera landareak gibeleko minbizi-zelulei eragiten dien estres oxidatiboa eta heriotza azaldu dute.

Irudia: Vismia baccifera landareak gibeleko minbizi-zelulei zelan eragiten dieten argitu dute ikerketan.

Jatorriz Amazonas kolonbiarrekoa den Vismia baccifera landareak giza gibeleko minbizi-zelulen kontra zer eragin duen argitu dute: zeluletan estres oxidatiboa eragiten du landarea eta horrek, azkenean, zelulen heriotza dakar.

Interes handia dago gaur egun landareetatik eratorritako konposatuak identifikatzeko eta kimioterapiarako gai gisa erabiltzeko, tumoreen hazkuntza gelditzeko gaitasuna dutelako edo metastasia tratatzeko balio dutelako, besteak beste.

Kolonbiako Amazoniako Vismia baccifera landarea aukeratu dute ikerketarako. Talde indigenek hanturari aurre egiteko erabiltzen dute, baita gernu-traktuko gaixotasunen edo larruazaleko gaitzen kontra. Aurreko ikerketa batzuetan erabilitako gibeleko minbizi-zelulen kontra erakutsitako gaitasun antitumoral handiagatik aukeratu dute ikerketarako.

Ikerketa in vitro egin dute giza gibeleko tumore-zelulen eredu batekin eta zelulak tratatzeko Vismia baccifera landarearen hostoen estraktu akuoso bat erabili dute, infusio-eran prestatua, medikuntza tradizional indigenan erabiltzen duten bezala. Estraktu horrekin berarekin tratatu dituzte, halaber, giza gibeleko zelula osasuntsuak, zelula osasuntsuei ere eragiten dien egiaztatzeko.

Toxikoa tumore-zelulentzat, baina ez osasuntsuentzat

Vismia bacciferaren estraktuak tumore-zeluletan erantzun toxikoa sorrarazten duela frogatu dute. Erradikal askeak ugaritzea eragiten du, bereziki hidrogeno peroxidoa, eta horrek tumore-zelulen heriotza dakar. Hidrogeno peroxidoak, besteak beste, ziklo zelularra blokeatzen du (zelulek ugaltzeari uzten diote), material genetikoa kaltetzen du eta apoptosi deritzon heriotza-prozesua aktibatzen du zeluletan.

Tumore-zeluletan eta zelula osasuntsuetan duen eragin zitotoxikoa alderatzean, ikusi dute minbizi-zelulak bakarrik kaltetzen dituela. Gibeleko zelula arruntei ez die eragiten; aurretik ere hori bera ikusi zuten arratoi-zeluletan.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Amazoniako landare batek giza tumore-zelulen kontra darabilen mekanismoa argitu dute

Erreferentzia bibliografikoa

Trepiana, Jenifer, Ruiz-Larrea, M. Begoña, Ruiz-Sanz, José Ignacio, (2018). Unraveling the in vitro antitumor activity of Vismia baccifera against HepG2: role of hydrogen peroxide. Heliyon, 4 (6) e00675. DOI: https://doi.org/10.1016/j.heliyon.2018.e00675

The post Amazoniako landare batek giza tumore-zelulen kontra darabilen mekanismoa argitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #223

Ig, 2018-10-07 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Ernalketa prozesua azaltzeko, oso ohikoa da tonu epikoa erabiltzea: “Bidean espermatozoide ahulenak bazterrean geratzen dira, eta espermatozoide onenak baino ez dira iristen helburura”. Espermatozoide “irabazlea” hartzen da protagonistatzat eta bigarren mailakotzat jotzen da obulua. Antropologian, eboluzioan eta giza ugalketan espezializatutako Robert D. Martin biologoaren arabera ikuspegi hori okerra da. Teoria hori argudiatzeko, esaterako, Martinek dio espermatozoideen ugaritasuna ez dela halabeharrez seinale ona: haietako asko eta asko akastunak dira; horregatik behar dira hainbeste.

Lindus 2 proiektuan lanean ari da Gabi Berasategi biologoa. Hegazti migratzaileak behatzean datza eta ingurumenean dauden arazoak antzemateko tresna “oso sendoa” dela dio Berriak egin dion elkarrizketa honetan. “Ornodunek oso bizkor erantzuten diete aldaketei. Lurraren berotzeari lotuta, bidaiak aurreratu edo atzeratzen dituzte, edo gutxiago migratzen dute”, adierazi du Berasategik.

Germenak izan dira protagonista gaurkoan. XVII. mendearen hasieran, mikroskopioaren garapenak ahalbidetu zuen ordura arte ezezagunak ziren izaki bizidunak aurkitzea. 1835ean Agostino Maria Bassi-k, adibidez, frogatu zuen onddo ñimiño batek muskardina eragiten zuela zeta-harretan. Laster lotuko ziren mikrobioak beste gaixotasun batzuekin. Hainbat teoria germinalek hedatzen jarraitzen zuten XIX. mendean zehar; XX. mendeko hasiera arte ez zen adostasunik lortu. 1880. urtetik aurrera ikertzaile askok ikusi zuten existitu behar zirela gaixotasunak eragiten zituzten agenteak, bakterio ezagunak baino txikiagoak zirenak. 1896an, birus iragazlearen ideia proposatu zen lehenengo aldiz. Hala, mikroskopio elektronikoaren garapenak, 30eko urteetan, birusak ikustea ahalbidetu zuen.

Nobel sariak

James P. Allison eta Tasuku Honjo ikertzaileek jasoko dute Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria, minbizia tratatzeko bide berri bat aurkitzeagatik. Erakundearen iritziz, garatutako metodoa “iraultzailea” da, immunologia-sistemak berak minbizi-zelulei aurre egiteko erabiltzen duen sistema baliatzen baitu, minbizi-zelulak zuzenean suntsitzen saiatu beharrean.

Fisikako nobelari dagokionez, aurtengo sarituak Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland ikertzaileak izango dira, “laserraren fisikan egindako ekarpen iraultzaileengatik”. Bi zatitan banatu dute: erdia Arthur Ashkinentzat izango da, pintza optikoak asmatzeagatik eta haiek biologian aplikatzeagatik. Sariaren beste erdia Gerard Mourou eta Donna Stricklandentzat izango da, intentsitate handiko pultsu ultramotzak sortzeko teknika asmatzeagatik.

Azkenik, Kimikakoa Frances Arnold-ek, George Smith-ek eta Gregory Winter-ek jasoko dute, lehenengoak entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik, eta beste biek farmakoak sortzeko fago erakusleen teknika (phage display) garatzeagatik. Sarituen artean, azpimarratzekoa da Arnolden lana: Kaliforniako Teknologia Institutuan irakaslea da eta bertan eboluzioa ikertzen du, medikuntzan, kimikan zein energian izan ditzakeen aplikazioak bilatzeko.

Teknologia

Salaketa faltsuak atzemateko gai den softwarea garatu du poliziak. VeriPol du izena sistemak eta adimen hizkuntzaren prozesamendua eta ikasketa automatikoa baliatzen ditu salaketetan jasotako testuak aztertzeko. Alegia, salaketen testua aztertzen du eta horren inguruan “ebazpen” bat ematen du. Artikuluaren egileen esanetan, benetako salaketek zehaztasun gehiago eskaini ohi dituzte, baina salaketa faltsuetan zehaztasun horiek alboratzen dira.

Ikerketa

Argitalpenen diktaduraren legeari heldu dio Josu Lopez-Gazpiok aste honetan. Zientzialari baten curriculumak ezer gutxi balio du ikerketa-artikuluak egiten ez baditu. Horren harira, duela gutxi J. Ioannidis, R. Klavans eta K. Boyack ikertzaileek zientzia-artikuluen egile hiperoparoak identifikatu dituzte. Horiek dira urte batean 72 artikulu baino gehiago argitaratzen dituzten egileak. Identifikatu dituzten 9.000 egile hiperoparoen %86 fisikaren esparrukoak dira.

Paleontologia

Neandertalen galera azaltzeko faktoreen artean, askotan aipatzen dena klima da. Orain, klima lokalaren ezaugarriak aztertu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait kobazulotan. Jasotako informazioari esker, ondorioztatu dute neandertalak galdu ondoren klima hotza eta lehorra izan zela, landa irekiak basoak ordezkatu zitutela eta animaliak ehizatzeko eremua oso zabala zela. Hala ere, klimaren aldaketa beste toki batzuetan baino apalagoa izan zen.

Biokimika

Polimeroak eta polisakaridoak konbinatzea bioelektronikarako, giza ehunetan hobeto txertatuko diren materialak sortzeko, proposatzen du ikerketa batek. Gaur egungo aplikazio bioelektronikoetan gehien erabiltzen den polimero eroalea PEDOTa da (eta PSSarekin dopatu ohi da, eroankortasun elektroniko eta ioniko, biobateragarritasun eta egonkortasun handiak baititu. Bada, eragozpen bat du: ez da biofuntzionala. Haren biobateragarritasuna hobetzeko, PEDOT-material berriak ekoiztea izan du ardatz ikerketak.

Medikuntza

Burmuineko lesioen ondorioz afasia ager daiteke, hizkuntza-arazoak, alegia. Elebidunen kasuan, gerta daiteke hizkuntza batean arazoak agertzea eta bestean arazorik ez azaleratzea edota bi hizkuntzak ez berreskuratzea maila berean. Ikerketa honen emaitzek erakutsi dute bi hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak hein batean modu bereizian daudela antolatuta elebidunen burmuinean, hau da, gerta daiteke hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak modu bereizian eta desberdinean urratuta suertatzea.

Emakumeak zientzian

Amaia Arranz Otaegui arkeobotanikariaren azken ikerketak frogatu du gaur egun Jordania den eremuan, duela 14.000 urte talo-itxurako ogia egiten zutela. Arranz pozik dago ikerketak izan duen hedapenarekin; dibulgazioak garrantzia handia du harentzat. Txikitatik gustuko izan ditu paleontologia, arkeologia eta halakoak: “Hamabost urterekin, lortu nuen Egiptora joatea amarekin, eta museoan negarrez hasi nintzen, hunkituta”. Historia ikasi zuen Bartzelonan, ondoren Kuaternarioko Masterra burutu zuen UPV/EHUn. Doktorego-aldian Arkeobotanika landu zuen, Ekialde Hurbileko hainbat aztarnategietako landareak aztertuz. Gaur egun, doktorego-ondorengo ikertzailea da Kopenhageko Unibertsitatean.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #223 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #231

La, 2018-10-06 09:00

Eskizofrenia sintomekin lotuta dago marihuanaren gehiegizko kontsumoa. Leyre Urigüen eta bere taldeak lotura honen mekanismo molekularrak topatu dituzte: Molecular mechanisms underlying the link between cannabis abuse and schizophrenia

Lortutako emaitzak publikatzen diren medioen kontrola zientifikoek hartuko balute? Ferran Martinez-Garciaren hausnarketa Gold Open Access Journals: From scientists’ “publish or perish” to publishers’ “publish to get rich”

Richard Feynmanen ametsa betetzear dago. Eta DIPCkoek horren parte dira How to build structures atom by atom using a scanning transmission electron microscope

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #231 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Amaia Arranz: “Egiptora joan nintzen lehen aldian, negar egin nuen, hunkituta”

Or, 2018-10-05 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Zientzia-gaiak gutxitan iristen dira komunikabide orokorretara. Badira salbuespenak, ordea, eta horietako bat izan da Amaia Arranz Otaegui arkeobotanikariaren azken ikerketa: gaur egun Jordania den eremuan, duela 14.000 urte talo-itxurako ogia egiten zutela frogatu dute.

Arranz gustura dago ikerketak izandako hedapenarekin, eta garrantzi handia ematen dio dibulgazioari: “Ikerketa gehienak ez dira gizartera iristen. Ikertzaileon zeregina da gure lana gizarteratzea; azken finean, gizarteari gure ikerketak finantzatzeko jarri duena itzultzeko modu bat da”. Haren esanean, dibulgatzaile ona izateko ikasi egin behar da, baina, hasteko, nahikoa da borondatea izatea: “Ikerketa honekin komunikabide askotatik deitu didate, eta oso esperientzia polita izan da”. Hain polita, ezen dibulgazioan sakontzen jarraitu nahiko bailuke.

Irudia: Amaia Arranz Otaegui arkeobotanikaria.

Dibulgazioa gustuko duela nabari bazaio ere, are grina handiagoa erakusten du ikerketaz hitz egitean. Aitortu duenez, txikitatik zituen gustuko paleontologia, arkeologia eta halakoak: “Anaiak fosil batzuk zituen, eta haiekin ibiltzen nintzen. Egiptorekin, berriz, txundituta nengoen; dena irakurtzen nuen. Azkenean, hamabost urterekin, lortu nuen Egiptora joatea amarekin, eta museoan negarrez hasi nintzen, hunkituta“.

Ekialde Hurbilak liluratuta

Argi zuen bide hori hartu nahi zuela, eta, horretarako, Historia ikastera joan zen Bartzelonara, oso irakasle onak zeudelako han eta etxetik urruntzeko gogoa ere bazuelako. Lizentziatura amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzako beka bat eskatu zuen, masterra eta tesia egiteko. “Kontua zen ezin nuela gaia aukeratu, dena gustatzen zitzaidan. Adibidez, Paco Etxeberriarekin hitz egin nuen… Justu orduan Siriako indusketa batera joateko gonbidatu ninduten, Bartzelonako talde batekin; tartean ziren Juan Jose Ibañez, Bartzelonako ikertzaile garrantzitsu bat, eta Lydia Zapata, Euskal Herrian arkeobotanika garatu duena. Eta tesirako gaia proposatu zidaten: hango landare-aztarnak ikertzea, nekazaritzaren sorrera eta hori dena. Niri gai hori oso ikertua zegoela eta dena ezaguna zela iruditzen zitzaidan, baina baiezkoa eman nuen”.

Horrela hasi zen Ekialde Hurbilarekiko lotura. Siriako gerra hasi zen arte, urtero joan zen hango aztarnategira, eta geroztik Jordaniara joan ohi da. Libanon ere izan da, eta beti itzuli da Ekialde Hurbilera. “Penaz itzultzen naiz handik, lankideak baino gehiago lagunak uzten baititut han”.
Dena ez da gozoa izaten, baina, eta egoera desatseginak bizitzea ere egokitu zaio, batez ere Iranen, emakume izateagatik: “Oso hierarkizatuta dago, eta, emakumea bazara, denen behetik zaude. Ni eskerrak doktore nintzen, bestela, ez ninduten aintzat hartuko ezertarako. Eta, hala ere, ez zidaten uzten ezer egiten bakarrik, ez nuen askatasunik”. Jordanian, ordea, bestelakoa da egoera, eta han ez du arazorik parez pare lan egiteko hango ikertzaileekin. “Agintzen dutenak denak gizonak dira, baina hori Europan ere geratzen da gaur egun”.

Bestelako zailtasunak ere aurkitzen ditu, ez emakume izateagatik, baizik eta idatzita dagoena hankaz gora jartzeagatik. “Paleolitoan ogia egiten zela erakustea uste zenaren aurka doa. Baina ez da adibide bakarra, beste zenbaitetan ere frogatu dugu ustea okerra zela, eta ez dute onartu nahi. Esaterako, jarraitzen dute esaten Turkian etxekotu zirela landareak lehen aldiz, nahiz eta gure aurkikuntzek erakutsi duten hori ez dela horrela. Erresistentzia handiak daude”. Hala ere, Arranz ez da isilik eta besoak gurutzatuta geratzen, eta orain arte bezainbesteko irrikaz jarraituko du ikertzen, iragana ezagutzeko eta ezagutarazteko.

Fitxa biografikoa:

Amaia Arranz Otaegui Tolosan jaio zen 1987an. Historian lizentziatu ondoren, Kuaternarioko Masterra burutu zuen UPV/EHUn. Doktorego-aldian Arkeobotanika landu zuen, Ekialde Hurbileko hainbat aztarnategietako landareak aztertuz. Gaur egun, doktorego-ondorengo ikertzailea da Kopenhageko Unibertsitatean, eta ehiztari-biltzaile/nekazari trantsizioa ikertzen jarraitzen du.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Amaia Arranz: “Egiptora joan nintzen lehen aldian, negar egin nuen, hunkituta” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Afasia elebiduna: hizkuntza-arazoak osagai eta hizkuntza guztietan?

Og, 2018-10-04 15:00
Amaia Munarriz-Ibarrola Zein eta nolakoak dira hizkuntza-arazoak euskara-gaztelania elebidun afasikoengan? Modu eta neurri berean azaleratzen al dira arazo horiek elebidunaren bi hizkuntzetan? Ikerketa-galdera horiei erantzuteko, gaztelania-euskara aldibereko elebiduna den afasiko baten kasu-azterketa burutu genuen.

Irudia: Afasiaren sintomak ez dira modu eta neurri berean azaleratzen elebidunen bi hizkuntzetan.

Afasiko elebidunaren hizkuntza-jokabidea xeheki ikertzeko hizkuntza-arazoak nola azaleratzen diren behatu da bi hizkuntzetan honako hiru metodo hauek konbinatuz: behaketa bidezko metodoak (hizketa espontaneoa), afasia aztertzeko bateria orokorrak eta ariketa esperimentalak. Halaber, afasikoaren antzeko ezaugarriak zituen hizkuntza-arazorik gabeko elebidun kontrol baten jokabidea ere aztertu zen.

Euskara-gaztelania afasiadun honen kasu-azterketan bi emaitza nagusi aurkitu ziren. Alde batetik, afasiak modu espezifiko eta bereizian eragin diezaieke hizkuntza-osagai eta prozesuei. Hiztegiari dagokionez, adibidez, ikusi zen afasiadunak bi hizkuntzetan zenbait arazo zituela hitzak eskuratzeko (euskaraz arazoak nabarmenago ziren). Arazo horiek prozesu eta maila jakin batzuei eragiten zieten soilik: lexiko osteko maila fonologikoari (hotsei) eta hitzaren irudikapen lexiko fonologikoari (hitzari), baina ez, ordea, maila semantikoari (esanahia). Hala erakutsi zuten hitzak ekoitzarazteko ariketa batean ageri ziren akats fonologikoen kopuruak (adb. eltzea ekoiztea iltzearen ordez) eta mihi-puntako fenomenoaren sintomek. Emaitza horiek aditzera ematen dute esanahia eta forma disoziatuta daudela hizkuntzaren irudikapenean, beste lan batzuek erakutsi dutenez.

Maila morfosintaktikoari dagokionez, zenbait esaldi konplexuren ulermen eta ekoizpenean ere urradura espezifikoak azaleratu ziren. Ekoizpen-ariketetan ez zen arazorik ageri ez gaztelaniaz ez euskaraz. Ulermen-ariketetan, berriz, zenbait arazo ageri ziren euskaraz soilik egitura jakin batzuetan, hain zuzen, pinguinoa garbitzen duen umea bezalako subjektuzko erlatibozkoetan eta nor orrazten du erreginak? bezalako objektuzko galderetan.

Bestalde, berretsi zen afasiaren sintomak ez direla modu eta neurri berean azaleratzen elebidunen bi hizkuntzetan, zenbait antzekotasun kualitatibo egon arren, alde kualitatibo eta kuantitatiboak aurkitu baitziren. Hiztegi-mailako arazoetan antzekotasun kualitatiboak ageri ziren (maila semantikoa urratu gabe bietan, eta maila fonologikoak urratuta), baina baita alde kuantitatiboak ere: hutsak euskaraz gehiago ziren. Maila morfosintaktikoan alde kualitatiboak aurkitu ziren: ulermen-arazoak euskaraz bakarrik antzeman ziren. Horrek aditzera ematen du afasiadunak gaztelania hobeto mantendu edota berreskuratu duela euskara baino. Hizkuntza-errehabilitazioa gaztelaniaz egitea, eta lesioaren ondoren gaztelania nagusiki erabiltzeak azal lezakete gaztelania hobeto mantentzea aztertutako afasiadunarengan.

Oro har, ikerlan honetako emaitzek, afasiari buruzko beste ikerketa batzuekin batera, erakutsi dute bi hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak hein batean modu bereizian daudela antolatuta elebidunen burmuinean; horregatik gerta daiteke hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak modu bereizian eta desberdinean urratuta suertatzea. Emaitza hauek ondorio garrantzitsuak dituzte afasiko elebidunen azterketari begira; ezinbestekoa da hizkuntza-osagai eta hizkuntza guztiak zehaztasunez aztertzea hizkuntza-arazoak oharkabean ez pasatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Zenbakizko biskositateak eragindako soinu-eztandaren simulazioaren zailtasunak
  • Laburpena: Burmuineko lesioen ondorioz afasia deritzen hizkuntza-arazoak ager daitezke. Arazo horiek era askotakoak izan daitezkeen arren, oro har, ez dira hizkuntza-osagai guzti-guztietan azaleratzen (adb. hotsetan, hitzetan, esaldien antolamenduan), ezta elebidunen hizkuntza guztietan ere. Hain zuzen, elebidunen kasuan, gerta daiteke hizkuntza batean arazoak agertzea eta bestean arazorik ez azaleratzea (edo arazoak arinagoak izatea) edota bi hizkuntzak ez berreskuratzea maila eta modu berean. Elebidun afasikoen hizkuntza-arazoak aztertzeak aukera ematen du hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak burmuinean nola antolatzen diren ezagutzeko, hots, egitura partekatuak dituzten edota mailaren batean bereizita dauden jakiteko.
  • Egilea: Amaia Munarriz-Ibarrola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 191-208
  • DOI: 10.1387/ekaia.17899

————————————————–
Egileaz:

ELEBILAB, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailean landu du tesia Amaia Munarriz-Ibarrolak.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Afasia elebiduna: hizkuntza-arazoak osagai eta hizkuntza guztietan? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Germenez

Og, 2018-10-04 09:00
César Tomé López Germen (hazi) hitza, jatorri latindarrekoa, XIX. mendean erabili zen aurrenekoz mikrobio patogenoez aritzeko. Gaixotasunen jatorria “hazi” batekin lotzea antzinate klasikoan bila badaiteke ere, De contagione liburua aipatu ohi da erreferentzia garaikide gisa, Girolamo Fracastoro-k 1546an argitaratua.

1. irudia: Mikroskopioaren garapenari esker, ordura arte ezezagunak ziren izakiak aurkitu ziren.

Mikroskopiaren garapenak, XVII. mendearen hasieran, ahalbidetu zuen ordura arte ezezagunak ziren izaki bizidunak aurkitzea. Antoni van Leeuwenhoek-ek mendearen azken laurdenean egindako behaketa aitzindariek agerian jarri zuten “animaliakulu”-en existentzia ur ezberdinetan, hortzetan edo giza esperman. Eskuragai zeuden tresna optiko gehienen akatsek eragotzi zuten behaketa zinez esanguratsuak egitea XIX. mendeko 30eko urteak arte.

1835ean Agostino Maria Bassi-k frogatu zuen onddo ñimiño batek muskardina eragiten zuela zeta-harretan. Laster lotuko ziren mikrobioak beste gaixotasun batzuekin: aipagarria da Casimir Joseph Davaine, behin eta berriz behatu zituena barra-itxurako egiturak –berak “bakteridia” deitutakoak – karbunkoz (antrax) hiltzen ziren animalien odolean. Egitura horien eta gaixotasunaren arteko lotura, alegia kausa ala ondorio ote ziren, eztabaida irekia zen.

2. irudia: Karbunkoz (antrax) hiltzen ziren animalien odolean topatutako egiturak ‘Bacillus anthracis’ bakteria zen.

Garai horretatik aurrera, hartzidura- eta usteltze-prozesuetan interesatutako zientzialari europarrak pixkanaka hasi ziren gaixotasunaren teoria germinal bat garatzeko bidean. 1840an Jacob Henle-k horrelako teoria baterako marko teoriko orokorra finkatu zuen; aldi berean, Theodor Schwann-ek frogatu zuen airean zegoen zerbait –eta ez airea bera– zela izaki bizidunen gorputzetan usteltzea hasten zuena. 1864an Louis Pasteur-ek zientzialarien eta herritarren arreta erakarri zuen teoria germinalaren kausalitatearen bere azalpenarekin. Horrek eztabaida handia sortu zuen hurrengo hamarkadan, harik eta Robert Koch-ek lehenbizi karbunkoaren azken eragilea identifikatu zuen arte (1876) eta geroago tuberkulosia eta kolerarena. Dena den, gaixotasunaren hainbat teoria germinalek hedatzen jarraitzen zuten XIX. mendeko azken hamarkadetan; XX. mendeko hasiera arte ez zen adostasunik lortuko.

Koch-ek eta bere kolaboratzaileek teoria germinalari egindako ekarpena mikroorganismoen identifikaziotik haratago zabaldu zen. Kochek programa bat idatzi zuen, informalki “Kochen postulatuak” izenaz ezagutzen zena. Programa horrek indarrean jarraitzen du hainbat berrikuspenen ondoren, oinarrizko tresna gisa baita mikrobio jakinen eta gaixotasunen arteko lotura kausala berresteko. Kochek eta bere kideek ekarpen garrantzitsuak egin zizkioten bakterioen identifikazioari, tindaketa-teknikak garatuz garaiko koloratzaile industrialetan oinarrituta; horrela, 1900erako finkatuta zeuden dozenaka gaixotasunen kausa bakterianoak. Horrek bi ondorio nagusi izan zituen: lehenik, mediku asko konbentzitu ziren gaixotasun bakoitzaren kausa bakterio bat izan behar zela, eta bigarrenik, gaixotasunak soilik sintomen bidez ezagutzeari utzi zitzaion, eta beren kausengatik ere hasi ziren ezagutzen, laborategian.

Bakterio-iragazpen prozesuen hobekuntzek, 1880. urtetik aurrera, ikusarazi zien ikertzaile askori existitu behar zirela gaixotasunak eragiten zituzten agenteak, bakterio ezagunak baino txikiagoak zirenak. Horrela, 1896an Martinus Willen Beijernick-ek birus iragazlearen ideia proposatu zuen, oso eztabaidagarria baina balioduna: ustez uretan disolbagarria den mikrobio bat, aski txikia iragazkietatik pasatzeko, eta ikusezina garaiko mikroskopioetan. Identifikatutako mota horretako lehen eragileak tabakoaren mosaikoarena, ahoeriarena (abereen sukar aftosoa) eta sukar horiarena izan ziren. Birologia azkar asko garatu zen zientzia gisa XX. mendearen hasieran. Fagoen fenomenoa ―bakterioak bakarrik kutsatzen dituzten birusak― Frederick William Twort eta Félix d’Hérélle-k identifikatu zuten, nork bere aldetik, Lehen Mundu Gerran. Mikroskopio elektronikoaren garapenak, 30eko urteetan, birusak ikustea ahalbidetu zuen.

3. irudia: Tabakoaren mosaikoaren birusa da identifikatu zen lehen birusa.

XX. mendean zehar germenen ideia herritarren kontzientzian errotu zen, neurri handi batean erakundeen publizitate-kanpainei esker eta, neurri handiagoan, norberaren eta etxearen garbiketarako produktuei esker.

Germenak, oraindik ere, etengabeko mehatxu dira giza osasunerako, mundu-mailako garraioaren unibertsaltasun eta bizkortasunak, eta industria-mailan prozesatutako elikagaien erabilerak larriagotua.

Birusen egituraren argitzeak eta, XX. mendeko azken hamarkadetan, prioien (proteina infekziosoak) aurkikuntzak ezinbesteko egin dute teoria germinal klasikoa berrikustea, organismo patogeno bizien ideian oinarritzen dena.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Germenez appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Salaketa faltsuak atzemateko gai den softwarea garatu du Poliziak

Az, 2018-10-03 09:00
Juanma Gallego VeriPol izeneko sistemak adimen hizkuntzaren prozesamendua eta ikasketa automatikoa baliatzen ditu salaketetan jasotako testuak aztertzeko eta bertan idatzita dagoenaren inguruko “ebazpen” bat emateko. %91 asmatzen omen du.

XIX. mendean Eugene Vidocq detektibeak kriminalistikaren oinarriak jarri zituenetik denbora dezente igaro da, eta askotarikoak dira delituak argitu aldera komisaldegietan erabiltzen diren teknikak. Horietako batzuk oso ezagunak dira, bai telebistan edota auzi ospetsuenetan agertu direlako: DNA bidezko identifikazioak, erretratu robotak edota hatz-aztarnak dira horren adibide.

1. irudia: Kriminalistikaren alorrean delituak atzemateko teknika ugari garatzen ari dira, besteak beste, delitua noiz eta non izango den aurreratu nahian. (Argazkia: Juanma Gallego)

Baina badira beste zenbait teknika hain ezagunak ez direnak, batez ere garapen bidean daudelako, eta segurtasunari eta norbanakoen askatasunei eragiten dieten faktore guztietan bezala, halabeharrez tentu handiz garatu behar direlako.

Adibidez, datu espazialak, denborazkoak eta jarduera kriminalari lotutako estatistikak batuz, geodelituaren arloa garatzen ari da, eta AEBtako hainbat estatutan app gisa erabiltzen hasiak dira, patruilariek erronda egin baino lehenago eremurik “beroenak” zeintzuk izan litezkeen jakin dezaten. Gugandik gertu, duela hainbat urte Gasteizko Delituen Atlasa osatu zuen Eileen Matz ikasleak, Udaltzaingoarentzat erabilgarria izango zelakoan, baina Udalak ez du zabaldu izan nahi horren erabileraren inguruko informaziorik.

Datuen bidezidor beretik, bestelako aplikazioak zabaldu dira. Adibidez, Journal of Drug Issues aldizkarian argitaratutako ikerketa batean AEBtako zenbait hiritan kokainak zuen prezioari buruzko datuak erabili zituzten trafikatzaileek erabiltzen hasiak zituzten ibilbide berriak azalarazteko.

Are gehiago, neurozientziaren alorrean ere hasierako probak egin dira azken urteotan, pertsona batek esandakoa egia ote den igartzen saiatzeko, poligrafoaren famatuaren bertsio berritu bat balitz bezala. Neurozuzenbidea deitu izan zaio diziplinari. Jose Ramon Valdizan neurofisiologo espainiarra da mundu mailan teknika horietako bultzatzaile handienetako bat, eta bereziki P300 garuneko uhinaren analisia baliatu du ospa handiko hainbat kasu ikertzeko. Kazetari honi Valdizanek aitortu dio teknikak duen trabarik handiena: Espainiako legeak ez du teknika hori aintzat hartzen, eta defentsako abokatuek hori baliatzen omen dute sumario osoa bertan behera uzten saiatzeko.

Duela gutxi teknika honen aldaera berri bat aurkeztu dute. Kasu honetan, auzipetuen testigantzak ez, baizik eta lapurreta txikien haritik idatziz jasotako salaketak ikertzen duen softwarea asmatu dute. Hala izanik, ez dirudi traba legal gehiegirik izango duenik.

VeriPol izena eman diote, eta funtsean salaketen testua aztertzen duen programa bat da. Knowledge-Based Systems aldizkarian argitaratutako ikerketa artikuluan zehaztu dutenez (Researchgaten ere eskuragarri), sistema eraikitzeko hiru metodologia erabili dituzte: Hizkuntzaren Prozesamenduko algoritmoak, aldagaien aukeraketa, eta ikasketa automatikoko algoritmoak. “Honek aukera ematen digu ulertzeko jendeak nola gezurra esaten dion poliziari, eta baita benetako salaketa batek zer nolako itxura duen jakiteko”, zehaztu dute artikuluan.

Bertan azaldu dutenaren arabera, lapurretei buruz egiten diren salaketa faltsuak zehaztea zaila da, baina egileek kalkulatu dute halako salaketen %57 ez direla egiazkoak.

2. irudia: Batez ere telefono mugikorren ustezko lapurretak atzeman dituzte VeriPol ereduari esker; asko asmatzen omen dira asegurua kobratzeko. (Argazkia: Josh Felise / Unsplash)

Egoera horri aurre egin nahi izan zion Miguel Camacho Espainiako Polizia Nazionaleko inspektoreak. Polizia izateaz gain, matematikaria eta estatistikaria da Camacho, eta polizia prediktiboan doktoretza egin du Los Angeleseko UCLA Unibertsitatean. Bertatik Espainiara itzultzean bururatu zitzaion software hori garatzea, El País egunkariak argitaratutako artikulu baten arabera.

Hainbat kolaboratzailerekin batera VeriPol izeneko eredua garatu du, eta Espainiako Polizia Nazionalak salaketak biltzeko erabiltzen duen SIDENPOL izeneko fitxategian txertatu ahal izateko prestatu zuten. Modu horretan, poliziak jasotako salaketa errealekin probatu ahal izan dute tresna. Ikerketa artikuluan bertan zehazten dutenez, zientzia literaturan ikerketa helburuetarako erabili diren beste ereduak ez bezala, benetako testuekin frogatu eta balioztatu den lehen eredua da VeriPol.

Artikuluan aitortu dute oso arlo berria dela honakoa, eta, horregatik, zaila egin zaie orain arte proposatu diren beste hainbat eredurekin alderatzea. Gainera, testu faltsuak atzemateko ereduek posta elektronikoan izaten den spam-a edo internet bitartez egindako produktuen kritika faltsuak izan dituzte ohiko jomuga.

Poliziari gezurra esaten zaionean maizen erabiltzen diren hitz multzoak atzematen ditu VeriPolek. Sistema “entrenatzeko” 2015ean jasotako 1.122 salaketa izan dituzte oinarri. Horietatik 534 benetakoak ziren, eta 588, faltsuak. Salaketa horietan guztietan argi zegoen benetakoak ala faltsuak ote ziren, itxitako auziak zirelako. Gehienetan, lapurreta txikiak azaltzen zituzten salaketak ziren, hala nola mugikorren edo diru-zorroen ebasteak. Antza, salaketa gehienak sakelako telefonoarekin lapurretari lotuta daude, eta arlo honetan salaketa faltsu asko omen daude aseguruak kobratzeko. Baina erraza omen da iruzur horiek atzematea: egileen arabera, VeriPolek %91 asmatzen du. Horretan trebatuta dagoen polizia baten kasuan, asmatze tasa %75 dela kalkulatu dute.

Artikuluaren egileen esanetan, benetako salaketek zehaztasun gehiago eskaini ohi dituzte, baina salaketa faltsuetan zehaztasun horiek alboratzen dira. Era berean, benetako salaketek gertatutakoa eta lapurra bera sakontasun handiagorekin deskribatzen dituzte. Diskurtso faltsuan, berriz, ustez lapurtutako objektuan jartzen dute arreta, teorian izan den gertakarian arreta jarri beharrean. Hortaz, “asegurua”, “kontratua”, edota “iPhone” bezalako hitzak maiz agertzen dira.

Ba dira bereziki esanguratsuak diren bestelako terminoak. “Eguna” da horietako bat (“duela hiru egun lapurtu zidaten”, “ostegunean lapurtu zidaten” esan beharrean). “Motxila”, “kaskoduna” edo “beltzez jantzita” dira salaketa faltsuetan sarri errepikatzen diren terminoak.

Sinesgarritasunaren adierazle diren terminoak ere badira, hala nola “autobusa”, “tiratu” edo “hil”. Norabide berdinean, “ataria” edo “eskailburua” bezalako terminoek ere fidagarritasuna daukate, etxetik gertu izandako gertaeraren adierazle direlako; aldiz, gezurra diotenek ustezko gertakaria etxetik “urrun” kokatu nahi dute. Ezezko esaldi asko egoteak zalantzagarritasun adierazletzat hartzen da, eta baita “apenas” bezalako hitzak.

Proba pilotua izan da honakoa, baina egileek espero dute sistema polizialean txertatu ahal izatea. Iazko abenduak sistema honek Espainiako Polizia Fundazioaren Ikerketa saria eskuratu zuen, sustantzia arriskutsuak atzematea errazten duen “sudur elektroniko” batekin batera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Quijano-Sánchez, Lara, et al., (2018). Applying automatic text-based detection of deceptive language to police reports: Extracting behavioral patterns from a multi-step classification model to understand how we lie to the police. Knowledge-Based Systems 149, 155-168. DOI: https://doi.org/10.1016/j.knosys.2018.03.010

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Salaketa faltsuak atzemateko gai den softwarea garatu du Poliziak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zientzia, noren izenean?

Ar, 2018-10-02 09:00
Josu Lopez-Gazpio Zientziaren munduan lehiakortasun izugarria dago. Publish or perish -argitaratu ala hil- deitu izan zaionaren diktaduran bizi da zientzia eta ikerketa-artikuluak argitaratzeko obsesio modukoa nabari da. Zenbait kasutan ikerketak zatikatzen dira ahalik eta artikulu gehien argitaratu ahal izateko. Azken horri salami publication deritzo: ahalik eta informazio-kantitate txikiena jartzen da artikulu bakoitzean, ikerketa berak hainbat argitalpen eman ditzan. Horiek kontu arrotzak izan daitezke zientzian ez dabiltzan irakurleentzako, baina, ikertzaileek -batez ere karrera akademikoa hasten ari direnek- ondo ezagutzen dituzte argitalpenen diktaduraren legeak.

1. irudia: Ikerketa-artikuluak sinatzea ezinbestekoa da ibilbide akademikoan aurrera jarraitzeko. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzialari baten curriculumak ezer gutxi balio du ikerketa-artikuluak -zientziaren munduan paper deitzen direnak- sinatzen ez baditu. Are gehiago, zenbat eta paper gehiago sinatu, haren curriculuma beteagoa egongo da. Egia da beste hainbat ezaugarri ere kontuan hartzen direla, baina, pisu gehiena argitalpen zientifikoek daramate. Horren harira, duela gutxi J. Ioannidis, R. Klavans eta K. Boyack ikertzaileek zientzia-artikuluen egile hiperoparoak identifikatu dituzte Nature aldizkariarentzat. Izen hori jarri diete urte batean 72 artikulu baino gehiago argitaratzen dituzten egileei -bost egunez behin argitalpen bat litzateke hori-. Horietako egileak ez dira gutxi: 9.000 baino gehiago daude munduan.

Zientzia-artikuluen garrantzia

Zientzia-argitalpenen mundua oso arrotza izan daiteke gertutik ezagutzen ez dutenentzat. Argitalpenen garrantzia honetan datza: zientzialari batek ikerketa egin ostean, zientzia-komunitateari bere ikerketen emaitzak jakinarazi behar dizkio; izan ere, komunikatzen ez den zientzia egiten ez denaren parekoa da. Horretaraino guztizko adostasuna dago. Alabaina, egun, kalitate altuko aldizkarietan argitaratutako artikuluek garrantzi handia dute eta, hortaz, lehia sortzen da aldizkari horietan argitaratzeagatik. Aldizkari horietan argitaratzen ez denak pisu txikia du ikertzailearen curriculumean eta, hortaz, ibilbide akademikoan jarraitzeko aukerak murrizten zaizkio etengabe argitaratzen ez badu. Era berean, diru-laguntzak jasotzeko edota akreditazioak lortzeko ikertzaileak argitaratu dituen artikuluak zenbatu ohi dira: artikulu kopurua eta artikuluak argitaratu direneko aldizkarien kalitatea hartu ohi dira kontuan, nagusiki.

2. irudia: Egunotan ohikoa da ikerketa-talde handiek elkarlanean lan egitea eta, hortaz, sinatzaile asko izan ditzakete ikerketa-artikuluek. (Argazkia: rawpixel – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Esandakoaren ondorioz, ahalik eta artikulu gehien argitaratzea da ikertzaile askoren nahia -eta beharra, kasu askotan-. Ildo horretatik, Nature aldizkarian argitaratu berri den gutunean egile hiperoparoak aztertu dituzte, hots, 5 egunean behin ikerketa-artikulu bat argitaratzen dutenak. Horrek, jakina, ez du esan nahi praktika okerrak egiten ari direnik -egiten ari ez direnik ere ez-. Egile oparo horiek identifikatzeko datu-baseetan ikertzaileak bilatu dituzte, eta baita aurkitu ere. Azalpena sinplea da: ikertzaile garrantzitsuek talde handiak gidatzen dituzte, edota hainbat talde, eta talde horiek argitaratzen dituzten ekarpen guztiak sinatzen dituzte. Esaterako, fisikaren alorreko punta-puntako ikerketetan ez da arraroa artikulu batek bostehun edo mila egiletik gora izatea.

Ioannidis eta bere lankideek identifikatu dituzten 9.000 egile hiperoparoen %86 fisikaren esparrukoak dira. Beste 1.000 inguru txinatarrak edo korearrak dira eta egileek zalantzan jarri dituzte autoretza horiek -diru truke argitaratutakoak izan ote litezke, edo ustelkeria kasuekin lotuta egon litezke-. Bi talde horiek alde batera utzita, 265 egile identifikatu dituzte. Kopuru hori handia edo txikia den testuinguruan jartzeko, esan behar da ikertzaile hiperoparoen kopurua 20 aldiz handitu dela 2001etik 2014ra -egile arrunten kopurua, berriz, 2,5 aldiz handitu da-. Berriro ere azpimarratu behar da horrek ez duela esan nahi, inondik inora ere, egileok praktika okerrak egiten ari direnik. Alabaina, Nature-ko gutuna sinatu dutenek zientzia-argitalpenen autoretzaren gaiak ekar ditzakeen arazoak plazaratu nahi izan dituzte.

Autoretza zer den

Guzti honek zientzia-ekarpen baten autoretza norena den erabakitzeko irizpideak berraztertzea eska dezake. Ikerketa-artikulua sinatu behar al du lanaren berrikuspena bakarrik egin duen zientzialariak? Sinatu behar al du diru-laguntza lortu duen ikertzaileak? Sinatu behar al du lan automatizatu hutsak egin dituen ikertzaileak? Zentzu horretan, lan baten egile izatea zer den erabakitzeko Vancouver irizpideak dira onartuenak. Irizpide horien arabera, argitalpen baten egile izango da ekarpen adierazgarriak egin dituen ikertzailea -datuak lortzen, analizatzen edo interpretatzen-, lana idazten edo berrikusten parte hartu duena, azken emaitza onetsi duena eta ikerketa-lanaren atal guztien erantzule dena. Era berean, irizpide horien arabera artikulu baten edozein sinatzailek gai izan behar du beste egile guztiek zein lan zehatz egin duten jakiteko eta, gainera, beste egileen lanean konfiantza osoa izan behar dute. Azaldutako irizpide horiek guztiak betetzen ez dituztenen izenak “esker onak” atalean izendatu beharko dira, baina, ez dira argitalpenaren egileak izango -ez lukete izan beharko behintzat Vancouver irizpideen arabera-.

Vancouver irizpideak betetzea zaila da eta, ziur asko, sarri askotan ez dira betetzen. Esaterako, diru-laguntzen lorpen hutsak edota talde baten zuzendaritzak soilik ez du bidezko egiten ikerketa-artikulua sinatzea. Zientziaren izen ona mantendu nahi bada, zientzialariok paper baten autoretza modu egokian sinatzea ezinbestekoa da, baina, baita diru-laguntzak eta curriculum akreditazioak ematen dituzten erakundeen aldetik curriculum ekarpenak modu egokian egitea. Zientziaren izenean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ioannidis, John P.A., Klavans, Richard & Boyack Kevin W., (2018). Thousands of scientists publish a paper every five days. Nature 561, 167-169. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-018-06185-8

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zientzia, noren izenean? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Materialak bioelektronikarako

Al, 2018-10-01 09:00
Polimeroak eta polisakaridoak konbinatzea bioelektronikarako, giza ehunetan hobeto txertatuko diren materialak sortzeko, proposatzen du ikerketa batek.

Eroankortasun ioniko eta elektronikoko material polimeriko berriak sintetizatu dira ikerketan bioelektronikan erabiltzeko eta etorkizun oparoko emaitzak lortu dituzte ehun-ingeniaritzaren eremuan.

Propietate mekaniko bigunak eta eroankortasun ioniko eta elektronikoa dituzten eta ehun biologikoekiko bateragarriak diren materialen belaunaldi berria lortzeko behar handia dago bioelektronikaren arloan. Gaur egungo aplikazio bioelektronikoetan gehien erabiltzen den polimero eroalea PEDOTa da (poli 3,4-etilendioxitiofenoa) eta PSSarekin (poli(3,4-etilendioxitiofeno)-poli(estireno sulfonato)arekin) dopatu ohi da, eroankortasun elektroniko eta ioniko, biobateragarritasun eta egonkortasun handiak baititu.

PEDOTa PSSarekin dopatuta merkaturatzen da egun, baina eragozpen bat du: ez da biofuntzionala. Haren biobateragarritasuna hobetzeko, PEDOT-material berriak ekoiztea izan du ardatz ikerketak; PSSa erabili beharrean, hainbat polisakaridorekin egonkortu dute PEDOTa, hala nola xantana gomarekin eta guar gomarekin, materiala hobeto txerta dadin giza ehunetan.

Biobateragarritasuna hobetzea

Ikerlan honetan egin diren PEDOT-polisakarido konbinazioetatik abiatuz, bi material berri sortu dira:

1. Gel ionikoak. PEDOTa duten lehen gel ionikoak dira. Propietate paregabeak ditu, osatzen duten materialen konbinazioaren ondorioz: eroankortasun elektronikoa PEDOTaren eraginez, eroankortasun ionikoa likido ionikoagatik eta elastikotasuna guar goma polisakaridoari esker. Material honek gainditu egiten ditu dagoeneko existitzen diren PEDOT-hidrogelak, ez baita lehortzen, egonkorragoa da eta ez ditu galtzen ez propietate mekanikoak ez eroankortasuna. Propietateak eta bioelektronikan dituzten aplikazioak ikertzen ari dira, besteak beste, elektrofisiologiarako larruazaleko elektrodo gisa duten erabilera. Larruazalaren gainean jarrita, gorputzeko jarduera elektrikoa transmititzen dute elektrodoetara, erregistratzeko.

2. Scaffold hiru dimentsioko egitura porotsuak. Zelulak hiru dimentsiotan hazteko eta ehunak sortzeko euskarriak dira. Polisakarido edukiari eta elkarrekin konektatuta dauden poroei esker, zelulek afinitate handia dute aldamioekiko. Frogatu dute material horien porositatea eta propietate mekanikoak oso erraz eralda daitezkeela, eman nahi zaien erabileraren arabera. PEDOTaren eta polisakaridoaren edukia aldatuz, poroek diametro handiagoa edo txikiagoa izan dezakete eta aldamioa, oro har, bigunagoa edo gogorragoa izan.

Emaitzen arabera material polimeriko hauen propietate paregabeei esker, aplikazio berriak zabaldu daitezke bioelektronikaren arloan: gailu elektronikoak gure gorputzarekin txertatzea lortzen dute, baita egungo aplikazioak hobetu.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa. Etorkizun oparoko materialak bioelektronikarako

The post Materialak bioelektronikarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #222

Ig, 2018-09-30 09:00
Uxue Razkin

Astronautika

Asteroide batean bi ibilgailu jarri ditu Japoniako espazio-agentziak. Hori egiten den lehen aldia da. JAXAtik jakinarazi dutenez, bi ibilgailuak egoera onean daude, irudiak eta datuak bidaltzen ari dira. Asteroidearen irudiak lortzeaz gain, gainazaleko tenperatura neurtzen dute ibilgailuek. Baina misioa ez da hemen amaituko. Hayabusa2 espazio-ontziak beste bi zunda askatu eta asteroidean jartzea dute aurreikusita.

Sustatuk ere eman du albiste honen berri eta asteroidetik egindako argazkia ere ikus daiteke artikuluan. Testuan zehar Ryugu asteroidearen ezaugarriak ezagutu ditzakegu: kilometro bat inguruko diametroa du, eta ondorioz, oso grabitate baxua du. Hayabusa2 asko gerturatu behar izan zaio roverrak bere gainera askatzeko, 55 metroraino.

Kimika

Noizbait saiatu zara espagetiak bi zatitan banatzen? Lehendabiziko ikerketek azaldu zuten espagetia apurtzean alderantzizko indarrak eta bibrazioak sortzen direla eta horiek dira, hain zuzen, espagetia zati gehiagotan apurtzea eragiten dutenak. Josu Lopez-Gazpiok gogoratzen digu gainera, espagetien inguruko ikerketari esker bi fisikari frantziarrek lortu zuteko 2006ko Ig Nobel Saria. Orain, MITeko bi matematikarik espagetiak zatitzearen fenomeno hori azaltzea lortu dute eta, gainera, irtenbidea eman diote. Jo ezazu artikulura!

Medikuntza

2004an diagnostikatu zioten aplasia medularra eta 2006an hezur muineko transplante batek sendatu ondoren, mediku ikasketak hasi zituen Blai Signesek. Egun, mediku egoiliarra da Nafarroako Ospitale Gunean. Hezur muineko transplanteaz mintzatu da nagusiki: “Jendeak hezur muina ematea eta bizkarrezur muina ematea nahasten ditu, eta uste du oso mingarria dela, baina ez da horrela. Bizirik gaudela egin daiteke; hiru-lau ordutan sofa batean eserita egiten da, eta ez du minik ematen. Pertsona bati bizia salba diezaiokezu”.

EHUko irakasle batek gizakiaren eta makinaren arteko nahasketaren eta zibermedikuntzaren gaurko panorama erretratatu du nazioartean argitaraturiko txosten batean. Horretaz gain, Gorka Oribe teknologia hezurraren sorkuntzan aplikatzeko lanean ari da. Begi bionikoak, burmuinean txertaturiko elektrodoak depresioa tratatzeko, gorputzaren parametroak kontrolatzen dituzten tatuaje elektronikoak izan dira mintzagai artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!

Neurozientzia

Neurozientzialariek aurretik ezagutzen zuten irakurketarekin lotutako eremu nagusia baina orain eremu hori bi zatitan banatzen dela argitu dute. Ikerketa honen arabera, atzealdeko zatiak ikusizko informazioa jasotzen du eta aurrealdekoa informazio lexiko-semantikoaz arduratzen da.

Genetika

Genetika herri-kulturan pisu handia hartzen ari da Koldoren ustez. Albiste, adierazpen edota publizitateetan aurki ditzakegu “gure DNAn dago”, “geneen boterea zure eskura” eta halako esaldiak. Koldoren esanetan, ordea, euren produktuari sinesgarritasuna emateko erabiltzen dute baina horrek zientzia gaizki interpretatzea dakar. Horregatik, testu honen bidez bere ardura azaltzen du, “primeran” dagoelako genetika kontzeptuak hedatzea baina betiere gizartea genetikan alfabetatzea helburu izanik.

Ingeniaritza

Adimen artifizialaren alorrean egiten diren aurrerapausoek miresmena eta kezka sortzen dute aldi berean. Adituek, beraz, adimen artifizialaren arriskuak ekidin eta onurak eskuratu nahi dituzte. Gaiaren alde etikoa da nagusiki nabarmentzen dutena. Arautze etikoa “konplexua” baina “beharrezkoa” dela azpimarratu dute. Orobat, partekatutako erantzukizunak ezartzen dituzten sistemen alde azaldu dira adituak.

Biologia

Elefante afrikarrari eta zeroiei buruz idatzi dute Juan Ignacio Perezek eta Miren Bego Urrutiak. Ezaugarri komunak dituzte bi espezie hauek, elkarrengandik gertu ez dauden arren. Lehenengoa, lehorreko espeziea da eta bestea, itsasokoa. Bizitza luzekoak dira biak, 60 urtera hel baitaitezke, eta bizitzaren bigarren hamarkadan heltzen dira ugaltze-heldutasunera. Janari tona asko jaten dute biek ala biek eta bide luzeak egiten dituzte janariaren bila joateko. Ezaugarri gehiago dituzte komunean, irakur ezazue artikulua osorik horiei buruz gehiago jakiteko.

Zilarrezko partikulen eraginpean zebra arrainek epe luzera jasandako ondorioak aztertu ditu ikerketa batek. Zilarra uretan agertzeko duen moduak (disolbatuta edo nanopartikulatan) eragina du metalak arrainen organoetan duen banaketan ikerketaren emaitzen arabera. Gainera, jakin da zilar disolbagarriak epe laburreko alterazioak eragiten dituela eta nanopartikulek, berriz, epe luzeagora.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #222 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #230

La, 2018-09-29 09:00

Pentsamenduei forma ematen die kulturak. Literalki. Esperimentu burutsuaren ostean lortutako emaitza da. Elger Abrahamse, ikertzaileetako batek azaltzen digu: Culture ´literally´ shapes our thoughts

Zer neurritan du eragina genetikak ikasketa mailan? Ez da galdera erraza, JR Alonsoren erantzuna Genetics of educational attainment

Espin kauntikoko Hall efektua agertzen duten materialak interesgarriak dira. DIPCko jendearen lan honen ostean, are interesgarriago Structurally well-defined boundaries in a fully accessible quantum spin Hall insulator

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #230 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Iker Badiola: “Metastasiaren prozesua eragiten duen zelula oso erresistentea eta gaiztoa da” #Zientzialari (101)

Or, 2018-09-28 09:00

Osasunerako Mundu Erakundearen datuen arabera, minbiziaren 14,1 milioi kasu berri diagnostikatzen dira urtero. Izan ere, herrialde garatuetako gaixotasun hedatuenetariko bat da.

Minbiziaren aurpegi latzenetako bat, zalantzarik gabe, metastasia da, tumore primarioa gorputzeko beste atal batera zabaltzen denean sortzen den prozesua.

Hilkortasuna murrizteko eta gaixotasuna sendatzeko eraginkorrak diren tratamenduak garatzeko ezinbestekoa da metastasia ondo ezagutzea. Hori defendatzen du Iker Badiolak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia zelularra eta Histologia saileko irakasleak. Berarekin elkartu gara metastasiaren prozesuari buruz hitz egiteko.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Iker Badiola: “Metastasiaren prozesua eragiten duen zelula oso erresistentea eta gaiztoa da” #Zientzialari (101) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kolosoen bat-etortzea

Og, 2018-09-27 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Txibia kolosalez eta hondo abisaletako beste animalia erraldoiez aritu gara «Erraldoi abisalak» izenburuko atalean. Animalia erraldoiekin jarraitu nahi dugu hemen, baina oraingo honetan bi espezieri buruz bakarrik arituko gara, lehortarra bata eta itsastarra bestea. Elefante afrikarra da lehorreko espeziea eta zeroia edo kaxalotea itsasokoa.

Irudia: elefanteak eta zeroiak, ugaztun handiak eta inteligenteak dira eta oso antzekoak dira haien talde-egiturak. (Irudiak: Bernard Dupont [ezk.] eta Geckochasing [esk.]).

Elkarrengandik hurbil ez dauden arren, ezaugarri komunak dituzte bi espezie horiek, eta hori, nonbait, harritzekoa da, ingurumen oso desberdinetan bizi baitira. Ikus ditzagun, bada, partekatzen dituzten ezaugarri horiek.

Biak bizi dira ingurumen egonkorretan, oso egonkorrak baitira bai itsasoa eta bai sabana. Bizitza luzekoak dira, 60 urtera hel baitaitezke, eta bizitzaren bigarren hamarkadan heltzen dira ugaltze-heldutasunera. Biek izaten dituzte kume gutxi, oso ondo zaintzen dituzte kumeak eta gehienak iristen dira ugaltze-heldutasunera. Kumeen jaiotzen arteko tarteak bost urtekoak izaten dira eta 40 urteko adinetik aurrera jaitsi egiten da ugaltze-ahalegina. Elefante eme zaharrenek zeregin garrantzitsua betetzen dute elefante-taldean, eta, seguru asko, gauza bera gertatzen da zeroi eme zaharrekin. Zuzentzen dituzten eme-taldeetako egiazko matriarkak dira eme zaharrak.

Janari tona asko jaten dute euren bizitza luzeetan zehar eta mugimendu luzeak, oso luzeak, egiten dituzte janari horren bila joateko. Elefanteak landare desberdinez elikatzen dira eta, esan bezala, kantitate handiak jaten dituzte; izan ere, gizakia albo batera utzita, Afrikan eragin handiena izan duen espeziea dugu. Ez da erraza zeroiek beren ingurumenean duten eragina ondo ezagutzea. Askotariko janariz osatutako dieta dute, txibia eta arrain espezie asko jaten baitituzte. Ugaltzeko edo elikatzeko, migrazio luzeak egiten dituzte. Bada, nahiz eta XIX. eta XX. mendeetan kaxaloteen populazioak nabariki murriztu, urteko 100 milioi tona janari kontsumitzen dute, gizakiak arrantzaren bitartez lortzen duen kantitate bera gutxi gorabehera.

Hamar bat elefantek osatzen dute elefante-talde bat. Familia matrilinealak dira eta emeek, seguru asko, bizitza osoa ematen dute familia-talde berean. Talde horietako kideek gauza asko elkarrekin eta batera egiten dituzte: batera mugitu, jan, edan eta atsedena hartzen dute. Familia bateko kideek elkar ukitu, usaindu eta ferekatu egiten dute. Elkarren artean komunikatzeko, ukimena, usaimena, ikusmena eta, batez ere, entzumena erabiltzen dute. Horri esker mantentzen dituzte elkarren arteko lotura hain estuak. 12-36 Hz-eko infrasoinuak igortzen eta jasotzen dituzte, 100 dB-tik gorako potentziarekin horietako zenbait; izan ere, 4 km-ra dauden elefanteak harremanetan egon daitezke infrasoinuen bitartez.

Zeroien talde-egitura ere antzekoa da, nahiz gutxiago dakigun haiei buruz; gutxi gorabehera dozena bat kaxalotek osatzen dute taldea. Taldekideek denbora luzea ematen dute urpean, ehizan; 400 metrotik beherakoak izaten dira urperatzeak eta 40 min-ko iraupena izaten dute, batez beste. Urpean dauden artean soinu bereziak ―klaskak deiturikoak― egiten dituzte tarte jakinetan. Soinu horien frekuentziak oso desberdinak dira, 200 Hz-etik 32.000 Hz-erako tartean. Ekolokalizazio-seinaleak bide dira klikak, eta harrapakinak kokatzeko erabiltzen ei dituzte.

Kumeak dituzten taldeetan, taldeak hartzen du kumeen zaintzaren ardura eta ez da arraroa kume batek bere ama ez den eme baten bularretik edoskitzea; elefanteek ere egiten dute hori askotan. Arratsean urperatzeari uzten diote, eta sei ordu egoten dira igeri egiten astiro, lasai, jolasean, hegalekin eta masailekin elkar ferekatzen. Horrela jokatzen dutenean, klik sortak egiten dituzte, eta litekeena da taldearen kohesiorako komunikazio-sistema izatea, bai eta taldearen mugimendua koordinatzeko ere.

Biak, elefanteak eta zeroiak, ugaztun handiak eta inteligenteak dira. Oso antzekoak dira haien talde-egiturak. Biek baliatzen dute taldekide zaharrenek duten ezagutza, baliabideei buruzkoa batez ere. Urtearen sasoiarekin batera gertatzen diren janari-gertutasunaren aldaketak edo ura non eta noiz aurkitu daitekeen, tankera horretakoa da kide zaharrek duten informazioa; balio handikoa izan daiteke, taldeko kideen biziraupena horren araberakoa izan baitaiteke. Seguru asko, elefante eta kaxaloteen bizitzak hain luzeak izateak zerikusi handia du ezagutza ekologiko horrekin.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Kolosoen bat-etortzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Adimen artifizialari buruz seriotasunez hitz egiteko ordua iritsi da

Az, 2018-09-26 09:00
Juanma Gallego Teknologia honen garapenak dituen abantailez eta arriskuez ohartuta, adimen artifizialaren inguruan aritzen diren agente guztiek partekatutako erantzukizuna izan behar dutela proposatu dute zientzialariek.

Aitortu beharra dago: kazetariok robot hiltzaileak maite ditugu. Irakurlearen arreta eskuratzea gero eta zailagoa den honetan, horrelako izateen inguruan hitz egiteak berehalako arrakasta dakar. Eta informazioaz mozkortuta bizi den gizarte batean, hainbat minutuko arreta erakartzea ez da batere erraza.

Baina ez da “hiltzaile” kategoriara iritsi behar ezinegona sortzeko. Noizean behin, Boston Dinamics bezalako enpresen aurrerapenen berri ematen dituzten bideoek miresmena eta kezka eragin ohi dituzte, aldi berean. Animalien edo gizakien itxura hartzen duten robotak hain jarduera “arruntetan” ikusi izanak bereziki eragin dezake kezka, uncanny valley edo haran beldurgarriaren ideia garatu dutenek ondo dakiten moduan.

1. irudia: Adituen esanetan, adimen artifizialak hartzen dituen erabakien zergatia jakitea eta erabaki horiek aurreikustea funtsezkoa izan daiteke arazo bat bilaka ez dadin. (Argazkia: Franck V / Unsplash)

Lasai, adimen horiek izugarri aurreratuko balira ere, ez omen dira maltzur bihurtuko. Baina, antza, horrek ez du arazoa konpontzen. “Makinak maltzur bihurtuko direneko beldurrak ez gaitu kezkatu behar”, dio Life 3.0 liburuan, Max Tegmark Future of Life Institutuko fundatzaileetako batek. “Benetan kezkagarria dena ez da maltzurkeria, lehia baizik. Definizioaz, adimen artifizial superadimentsu bat oso trebea da bere helburuak lortzeko orduan, helburu horiek direnak direla, eta horregatik gure kezka izan behar da helburu horiek geure helburuekin talka egin ez dezatela”.

Inurriekin alderatu du egoera Tegmarkek: normalean gizakiok ez ditugu nahita inurriak zapaltzen, baina zentral hidroelektriko bat zabaltzeko eskualde bat ureztatu behar badugu, ez dugu kezka handirik sentituko inurri horien patua dela eta. “Adimen artifizial onuragarri baten aldeko mugimenduak ekidin nahi du gizakiak inurri horien lekua hartzea”, laburtu du fisikariak.

Hortaz, adimen artifizialaren arriskuak ekidin eta onurak eskuratu nahi dituzte adituek. Izan ere, arriskuez gain, onura asko eta asko badira, noski, eta seguruenera pentsaezinak izango dira bidean egon daitezkeenak.

Eta ez gara soilik robotez ari, askoz harago doalako adimen artifiziala. Bestalde, Tegmark ez da konspiranoiko bat, eta berak bezala, beste aditu askok adimen artifizialari buruzko eztabaida baten beharra azpimarratu dute. Norabide horretan arlo akademikotik etorri den azken ekarpena Science aldizkarian idatzitako editorial batean, Alan Turing Institutuko (Oxfordeko Unibertsitatea) Maria Rosaria Taddeo eta Luciano Floridi adituek proposatutakoa da. Ontasuna helburu duen adimen artifizialaren erabilpenak nazioarteko kooperazioaren beharra izango duela argudiatu dute bertan.

Arautzearen beharra izango duen teknologia batetik baino askoz harago, “gure inguruak, elkarrekintza pertsonal eta profesionalak eta eguneroko praktikak aldatuko dituen indar boteretsutzat” jo dute adimen artifiziala.

Aurrean dauden erronken artean, gizakiaren autodeterminazioaren babesa bereziki premiazkoa dela defendatu dute. Internet bitartez kontsumitzaileen profila eskuratzeko eta osatzeko teknikak, eta horiei esker burutu ahal izan diren manipulazio kanpainak jarri dituzte horren adibide, Cambridge Analytica-ren eskandaluaren auzia aipatuz.

Baina arazoa ez da horretara mugatzen: gizarte osoan du eragina dagoeneko. “Adimen artifizialeko aplikazioak limurtzaile bihurtzen ari dira. Erabiltzeak haietan jartzen dute konfiantza ataza asko egiteko, ondasunak eskatzeko edota nazio segurtasuna bermatzeko”, diote editorialean.

Halere, arriskuen inguruan hitz egiteak ohi dakarren diskurtso teknofobikoa ekidin nahian edo, dauden onuren adibide zehatzak eskaini dituzte ere. Horietako bat erabat adierazgarria da: bularretako minbizia diagnostikatzeko akatsak %85 txikitu dira horrelako teknikei esker.

2. irudia: Adimen artifizialak ekar lezakeen arazorik handiena ez omen da “maltzurra” bilakatzea, gizakien helburuekin talka egitean gizakiak alboratzea baizik. (Argazkia: Markus Spiske / Unsplash)

Onurak aitortuta, arazoei ekin diete. Besteak beste, adimen artifizialak hartzen dituen erabakiak azaltzeko eta horiei aurrea aztertzeko beharra azpimarratu dute. Norabide horretan, AEBtako DARPA erakunde militarrak abiarazitako proiektu bat aipatu dute (duda zalantzarik gabe, garapen teknologikorako munduan den agentzia nagusienak, aurrekontuei dagokionean bederen). Explainable Artificial Intelligence (azaldu daitekeen adimen artifiziala) programaren helburua da makinen erabakiak azalduko dituzten azalpen teknikak garatzea.

Partekatutako erantzukizuna

Gaiaren alde etikoei ekin diete, eta partekatutako erantzukizunak ezartzen dituzten sistemen alde azaldu dira. Halako sistemek erakunde edo egitura oso batean jartzen dute ardura: guztiok prest egon behar dute erantzukizunez jarduteko, arazoren bat izatekotan, errua guztiontzako baita. Modu horretan, delituaren paradoxa famatua alboratuko zen. Adimen batek delituren bat eginez gero, norena da errua? Diseinatzailearena, fabrikatzailearena, saltzailearena ala jabearena? Proposatutako eskeman, modu batean edo bestean, guztiok izango lirateke erantzule. Alabaina, ikusteko dago halako proposamen teoriko bat nola gauzatuko litzatekeen mundu errealean.

Arautze etikoa “konplexua” baina “beharrezkoa” dela azpimarratu dute. Eta hori egin ezean, arazoak suerta daitezkeela onetsi dute. Ohi bezala, iraganeko adibideei joatea besterik ez dago. “Gizateriak modu gogorrean ikasi zuen ikasgai hau industria iraultzak lan indarretan izango zituen eraginak arautu ez zituenean, eta baita ere industrializazio masiboaren eta kontsumismo globalaren ingurumen eragina azken momenturaino aintzat hartu ez zuenean”. Horrelako adibideen aurrean, irakaspen garbia atera dute: “Adimen artifizialaren iraultza aipatutako aldaketa horiek bezain esanguratsua da, eta gizateriak ez luke akats berdina egin behar”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Tadeo, Mariarosaria and Floridi, Luciano, (2018). How AI can be a force for good. Science 361 (6404), 751-752. DOI: 10.1126/science.aat5991

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Adimen artifizialari buruz seriotasunez hitz egiteko ordua iritsi da appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik ezin ziren espagetiak erdibitu (eta orain bai)?

Ar, 2018-09-25 09:00
Josu Lopez-Gazpio Espagetiak osorik egosi ohi dira, baina, bada eltzean hobeto sartzeko-edo zatitua egostea nahiago izaten duenik. Hori egiten saiatzen direnek sukaldea espageti zatitxoz betetzen dute; izan ere, oso zaila da espagetiak bitan zatitzea hegan ateratzen diren zatitxo txikiak egin gabe. Zuk zeuk proba egin dezakezu oraintxe bertan: espageti bat hartu eta erdibitzen ahalegindu. Zenbat zatitan banatu da? Ziur asko, hiru edo gehiagotan. Eta, ziur asko, inoiz ez zinen horretaz konturatu ere egin.

1. irudia: Espagetiak egosteko erdibitzen saiatzean nekez lortzen da espageti bakoitza bi zatitan bakarrik banatzea. (Argazkia: Jeshootscom – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Espagetiak bitan zatitzea zein fenomeno konplexua den Richard Feynman fisikari ospetsua bera ere ohartu zen. Diotenez, bere sukaldean orduak eta orduak igaro zituen espagetiak bitan zatitzen ahalegintzen. Haren ustez, espagetiak zailtasunik gabe zatitu behar ziren bitan; izan ere, espagetiaren kurbadura handiegia bilakatzen denean, espagetia bitan apurtzeak energia askatuko zuen kurbadura murrizteko. Hori horrela zela uste bazuen ere, ez zuen lortu espagetiak bi zatitan apurtzea. Nahi eta ezin. Jarraian ikusgai dagoen bideoan -50. segundotik aurrera- ikus daiteke espagetiak erdibitu nahi direnean zer gertatzen den.

Lehen ikerketak

Feynmanek egindako esperimentuen ondoren, espagetien gaia ikertzen jarraitu zuten zientzialariak egon ziren eta, hain zuzen ere, 2006an espagetiak erdibitzeko ezintasunaren fenomenoa azaltzea lortu zuten Audoly eta Neukirch zientzialariek. Fisikariek espagetia apurtzean gertatzen diren indarrak deskribatu zituzten. Azaldu zutenez, espagetia apurtzean alderantzizko indarrak eta bibrazioak sortzen dira eta horiek dira, hain zuzen, espagetia zati gehiagotan apurtzea eragiten dutenak -erreakzio-turrusta modukoa-. Hortaz, intuitiboa ez bada ere, espageti harian zehar erlaxazio-uhin bat hedatzen da eta hedapen horrekin batera espagetia zatitxo txikitan apurtzen da. Esan behar da espagetien inguruko ikerketari esker bi fisikari frantziarrek 2006ko Ig Nobel saria irabazi zutela. Sariok, umore kutsuan izan dezaketen ikerketak saritzen dituzte -Nobel sarien parodia modura-, baina, Ig Nobelek ere zientzia asko dute atzean eta, haiek diotenez, barrea eragin ondoren pentsarazi egiten duten sariak ere badira. Sariaren ostean, espagetien arazoa ezagunagoa egin zen, baina, oraindik galdera bat zegoen erantzuteke. Tira, orain badakigu zergatik den hain zaila espagetiak erdibitzea, baina, ba al dago modurik espagetia bitan -eta bitan bakarrik- zatitzeko?

Azken aurrerapausoak espagetien ikerketan

Orain, MITeko bi matematikarik fenomeno hori azaltzea lortu dute eta, gainera, irtenbidea eman diote. Horretarako espagetiak apurtzeko makina diseinatu eta eraiki dute eta hainbat eta hainbat espageti zatitzen saiatu dira modu desberdinetan. Horri esker jakin dutenez, espagetiak biratzen diren bitartean apurtzen badira -270 º-ko angeluaz-, indarrak gehiago sakabanatzen dira eta espagetia zati gehiagotan apurtzea ekiditen da. Hain zuen ere, apurketa-tentsioa eta biraketa-tortsioa elkartuz, espagetiak simetrikoki zatitzen dira. Espagetiaren lehenengo apurketak eragiten duen bibrazioa tortsio mugimenduan kanalizatzen da eta espagetiaren egituran tentsio gutxiago eragiten du.

2. irudia: Espagetientzat egindako eredu matematikoak bestelako egituretan ere aplikatu ahal izango da, hala nola nanohodiak eta zelula-mikrotubuluak. (Argazkia: quintheislander – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Beraz, MITeko ikertzaileen ondorioen arabera jarraian ikusgai dagoen bideoan ikusten den moduan erdibitu behar dira espagetiak. Eskuz egitean beti ez da lortzen, baina, antza, hauxe da espagetiak erdibitzeko modurik eraginkorrena.

Hasiera batean dirudienaren gainetik, ikerketa honek aplikazio ugari izango ditu; izan ere, espagetientzat garatutako eredu matematikoa bestelako egituretan aplikatu ahal izango da eta kaskada-hausturak saihestea lor daiteke. Beraz, Ig Nobel sarien kasuan gertatzen den antzera, ikerketa xelebre eta bitxienek ere badute funtsa. Hori bai, agian errazagoa da espagetiak osorik egostea…

Erreferentzia bibliografikoa:

Heisser, Ronald H., et al., (2018). Controlling fracture cascades through twisting and quenching. PNAS 115(35), 8665-8670. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1802831115

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zergatik ezin ziren espagetiak erdibitu (eta orain bai)? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak