Tximistak mendean hartzeko bidea argitu dute
Grafenoa eta laser izpi bat erabilita, laborategian deskarga elektriko baten ibilbidea bideratzea lortu du ikertzaile talde batek. Etorkizunean teknologia hori tximisten norabidea eta jomuga aldez aurretik erabakitzeko baliagarria izango den esperantza agertu dute.
Mundu osoko biztanleek haien bizitokitik mugitu gabe ikusi ditzaketen fenomeno naturalen artean, ekaitz elektrikoena da agian ikusgarriena… eta entzungarriena. Argi eta soinu ikuskizuna da, eta, etxe kanpotik ikusiz gero, inguruan dabilen haize boladak aurpegian sentitzeak ere zentzumenen espektakulua borobiltzen lagunduko du.
Arriskutsua ere izan daiteke, noski, batez ere tximistak direla eta. Oro har, tximista batek jota hiltzeko arriskua nahiko urria da, baina, ekaitz elektriko baten erdian egonda, loteria horretarako txartelak biderkatzen dira, noski. Tamalez, horien aurrean babesteko ditugun aukerak hala moduzkoak dira oraindik. Egia esanda, 1752an Benjamin Franklinek tximistorratza asmatu zuenetik, ezer gutxi aurreratu dugu arlo horretan. Jupiterren izaten diren deskargak gertutik jarraitzeko teknologia garatu dugu, baina, etxe atarian, tximistorratzen eta Faradayren kaiolen erabilera baino ez ditugu eskuragarri tximisten oldarraldietatik babesteko.

Ez da izango ez saiatzeagatik. Denbora dezente daramate zientzialariek tximistak mendean hartu nahian, baina kudeatu beharreko energia kopurua hain da handia ezen ez baitute lortu. Orain arte egin diren saiakera gehienek airearen ionizazioaren bidea jorratu dute, laser baten bitartez tximistei jarraitu behar duten bidea finkatzen saiatzeko. Baina, horretarako, energia kopuru erraldoiak behar dira.
Ikertzaile talde batek beste estrategia bat aurkeztu du Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Laserra tresna gisa mantendu dute, baina erabilitako potentzia askoz txikiagoa izan da. Prentsa ohar batean adierazi dutenez, aurreko saiakeretan erabilitako intentsitatea baino mila bat aldiz txikiagoa da eurek erabili dutena. Diotenez, laser erakusle baten antzeko tamaina eta indarra dituen gailu bat baliatu dute.
Hori lortzeko, grafenozko mikropartikulak harrapatu eta berotu dituzte laborategian, hobi edo bortize baten forma duen laser izpi baten barruan. Horri esker, elektrizitate deskarga bat abiatu dute, kontrako kargak dituzten bi xafla metalikoren artean tximista txiki bat eraginda. Sortu ez ezik –hori erraza da eta–, berotutako kanalean zehar tximista horren norabidea doitasun handiz finkatzeko gai izan dira, ikertzaileek aukeratutako puntura eramanez. Oraingoan grafenoa erabili duten arren, aurreratu dute bestelako materialak ere erabili ahal izango direla, eta horregatik teknikaren aplikazioak biderkatuko direlakoan daude. Ingurunean dauden gasak eta presio mailak ere desberdinak izan omen daitezke.
Aurrean duten erronkarik handiena erraz aurreikusi daiteke: nola lortu teknika hori laborategiaren baldintza kontrolatuetatik naturako errealitatera eramatea? Kasu honetan, ikertzaileek zuhurtziarekin jokatu dute. Kalkulatu dute gutxienez bost urte beharko dituztela naturan tximistak kontrolatzeko moduko azpiegitura garatzeko, eta hamarkada bat egitasmoa benetan gauzatzeko.
Australiako ikertzaileak izanda, halako teknologia batek izan dezakeen abantailetako bat nabarmendu nahi izan dute: lurralde horretan sute lazgarriak eragiten dituzten tximisten gaineko kontrola izateko ametsa. Izan ere, azken urteetan bereziki, herrialdean izandako sute handiek kalte larriak eragin dituzte.

“Irudikatu ahal dugu etorkizun bat non teknologia honek tximista batean abiatuta deskarga elektrikoak eragin ahal dituen, seguruak diren helmugetara bideratuta eta sute katastrofikoen arriskua gutxituz”, amestu du Australiako Unibertsitate Nazionaleko ikertzaile Vladlen Shvedov-ek.
Ez da martxan dagoen proiektu bakarra. Gugandik gertuago, Europar Batasunaren laguntzarekin, Laser Lighting Rod izeneko egitasmoa dago. Kasu honetan, hasiera-hasieratik mundu errealean txertatzeko moduko teknologia lortu nahi dute, ionizazioaren bide tradizionala jarraituta. Tximisten eraginagatik arriskuan egon daitezkeen azpiegitura kritikoak dituzte buruan, hala nola aireportuak, zentral nuklearrak edota komunikazio gune handiak.
Funtsean, tximistorratz erraldoi baten parekoa litzateke, baina, metalezkoa izan beharrean, laserrez osatutakoa. Atmosferan dauden baldintzak aprobetxatu eta tximista abiarazi nahi dute. Baldintza horiek aldez aurretik ezagutzeko, noski, bestelako sentsoreak beharko dira; hori ere kontuan hartu dute Europa lantzen ari den proiektuan.
Tamalez, pandemiak ere eragina izan du honetan, eta aurtengo udan Suitzan egin behar zuten lehen esperimentua atzeratu behar izan dute. Datorren udan egin ahal izatea espero dutela aurreratu digute egitasmoaren arduradunek, eta, hala ez balitz, 2022an saiatu beharko dutela, finantziazioa ondo bidean. Momentuz, bada, Thor eta Zeus-en haserrealdiak arrastoan sartzeko ahaleginek denbora pittin bat beharko dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Shvedov, V., Pivnev, E., Davoyan, A.R. et al. (2020). Optical beaming of electrical discharges. Nature Communications 11, 5306. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-020-19183-0
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Tximistak mendean hartzeko bidea argitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Erabili al daiteke sendagai gisa ideologia alda dezakeen onddoa?
Azaroaren 3an AEBtako presidentea aukeratzearekin batera, zenbait estatutan beste hainbat erabaki hartzeko aukera ere izan zuten. Horietako batek behintzat lotura zuzena dauka zientziarekin, hain zuzen ere, Oregonen psilozibina legeztatzeko aukera bozkatu zuten. Gutxigatik, baina, azkenean baiezkoa gailendu zen. Eztabaida bizia egon zen hauteskundeen aurreko asteetan gai honi buruz; izan ere, psilozibinaren aldeko eta aurkako argudioak ugariak dira. Bereziki kezkatzen du psilozibinaren albo-ondorioetako batek: antza, pentsatzeko modua alda dezake.

Psilozibina alkaloide triptaminikoa da, konposatu haluzinogeno gisa sailkatzen dena. Konposatu horixe da jangarriak diren zenbait onddoren eragin psikoaktiboaren erantzulea eta, gutxi gorabehera, 200 bat onddo espeziek ekoizten dute psilozibina. Onddoen plagizida naturala da konposatu hori eta, beraz, defentsa mekanismo gisa ekoizten dute. Gizakiak aspalditik erabili ditu onddoak efektu psikodelikoak lortzeko eta psilozibina duten onddoak ez dira aparteko kasua. Mexikoko medikuntza tradizionalean, adibidez, ondo dokumentatuta dago psilozibina duten onddoak aspalditik ustezko tratamenduetan erabiltzen zirela. Psylocibe mexicana da, hain zuzen ere, psilozibina erauzteko erabili zen lehen onddoa. Euskal Herrian ere horrelakoak baditugu, sorgin-zorrotza kasu.
Psilozibina droga psikodeliko sendoa da eta efektu psikoaktibo garrantzitsua du, horrexegatik erabili izan da haluzinogeno gisa. Bestalde, hilkortasun nahiko baxua da -LD50 280 mg/kg-koa da, kafeinarena baino baxuagoa- eta, hortaz, erabilpen desegokiak ez ditu ondorio larriegiak ekartzen -heriotza ez behintzat-. Gutxi gorabehera, 17 kg onddo jan beharko lirateke hiltzeko arriskua izateko. Horrek legez kanpoko erabilera handitu du, baina, droga gisa erabiltzeaz gainera, ezaguna da psilozibinak eraginkorra dela, esaterako, zainketa aringarriak behar dituzten gaixo terminalen kasuan. Psilozibinarekin lotutako hainbat ikerketa martxan daude duela hainbat urte eta emaitza onak lortu dira. Hala ere, zientzialariek ohartarazi dute erabilera libreak ere arriskuak ekar ditzakeela eta medikuek agindutako kasuetan bakarrik hartu beharko litzatekeela.
Onddo haluzinogenoak antsietatea eta depresioa arintzeko baliagarriak direla ikusi da minbizi kasu larrietan eta, zenbait kasutan depresioaren aurkako ohiko sendagaiak baino eraginkorragoak direla ikusi da. Tabakoaren edo alkoholaren menpekotasunari aurre egiteko ere baliagarria dela jakina da eta beste arazo psikiatrikoetan ere eraginkorra izan daiteke. Antza, psilozibinak barrera hematoentzefalikoa zeharkatzen du -beste sendagai batzuk ez dira horretarako gai- eta hor egon daiteke eraginkortasun handiaren azalpena. Edozein kasutan, psilozibinak badauka deigarria den albo ondorio bat.
Psilozibinak «mistiko» gisa deskribatu diren esperientziak eragiten ditu eta baliteke hori lagungarria izatea zenbait gaixotasunen kasuan. Alabaina, esperientzia horiek pentsatzeko modu irekiagoak ere bultza ditzakete eta pazienteengan epe luzeko ondorioak izan ditzakete. Sozializatzeko beharra handitu daiteke eta izaeran, baloreetan eta ideologian aldaketak eragin ditzake. Ez hori bakarrik: zenbait kasutan, ateoek Jainkoarekin topo egin izana dokumentatu da. Dosia handitzen den neurrian, gainera, esperientzia horiek areagotu egiten dira. Dirudienez, psilozibinak pentsamoldea ideia liberalagoetara eramaten du. Deskribatu denez, depresioaren aurkako tratamendu baten ondorioz ikuspuntu politiko autoritarioekiko afinitatearen txikiagotzea gerta liteke.
Horrek zalantza etikoak sor ditzake psilozibina sendagai gisa erabili nahi bada. Etikoa al da pentsatzeko modua aldatu dezakeen sendagaia ematea? Gaixoa jakinaren gainean badago, orduan etikoa al da? Ustez neutraltasun politiko eta erlijiosoa mantendu behar duen Administrazio Publikoak finantzatu edo sustatu al dezake horrelako sendagai bat? Momentuz, albo ondorio horri buruz egin diren ikerketak anekdotikoak dira eta, zalantzarik gabe, gehiago ikertzen jarraitu behar da ondorio sendoak izan arte. Hala ere, zalantzarik gabe psilozibinak medikuntzaren etikan eztabaida interesgarria piztu du.
Informazio gehiago:- Jacobs, E. (2020). What if a pill can change your politics or religious beliefs? Scientific American, 2020ko urriaren 11.
- Parra, S. (2019). Después de despenalizar la marihuana en Estados Unidos, ahora le toca el turno a los hongos alucinógenos. XatakaCiencia, 2019ko otsailaren 10a
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Erabili al daiteke sendagai gisa ideologia alda dezakeen onddoa? appeared first on Zientzia Kaiera.
Koskobilo muinoa, orein erraldoi eta makako galduen gordelekua
Burunda bailara Sakanako korridoreko parte da, hau da, Arabako lautada Iruñearekin lotzen duen eta iparraldean Aizkorri mendigunearen bukaerak eta Aralar mendiak mugatuta eta hegoaldean Urbasa-Andiak mugatuta dagoen igarobide naturalaren parte. Izatez, Asturica Augustatik (Astorga) Burdigalarako (Bordele) galtzada erromatarra bide natural horretatik pasatzen zen, Iruña-Veleian eta Pompaelon barna (Iruñea), beste herri batzuen artean. Ingurune horretan, XX. mendeko Koskobilo muinoko (Olazti, Nafarroa) kareharri Albiarren ustiatzeak Nafarroako aztarnategi Kuaternario zaharrena agerrarazi zuen.
1940an, harrobiko lanek sima bertikal bat azaleratu zuten Koskobilon. Sima hartako sedimentuen artean, hainbat arrasto fosil agertu ziren eta harrobiko langileburuak Máximo Ruiz de Gaonari letagin handi bat helarazi zion. Irakasle eta mikropaleontologoa ez ezik, Máximo Ruiz de Gaona naturalista polifazetikoa izan zen eta ornodunen paleontologiaren eta arkeologiaren arloetan ekarpenak egin zituen. Aurkikuntza hori asko interesatu zitzaion eta Ruiz de Gaonak berak azaldu duenez, ia erabat suntsituta zegoen sima hartako sedimentuetako fosilez gain, Koskobiloko hegaletan kokatutako bi hondakindegietan ere beste asko berreskuratu zituen (1. irudia). Ruiz de Gaonak Zientzia Naturalen Museoko (Madril) Federico Gómez Llueca paleontologoari bidali zizkion fosil horiek, hark sailka zitzan. Hala, gutxienez 26 ornodun espeziez osatutako zerrenda bat lortu zuen; espezie horien artean, Iberiar Penintsulan aurkitutako lehenengo kastore aztarnak nabarmentzen ziren, baita errinozero eta hipopotamo arrastoak ere.

Hamar urte geroago, 1950eko apirilean, fosil gehiago berreskuratzeko asmoz, Ruiz de Gaonak harrobiko hondakindegiak berriz bisitatu zituen, baina bere aurkikuntza nagusia suharri industria litikoko multzo garrantzitsu bat izan zen, 5.000tik gora piezaz osatua. Horren azterketak Paleolitoko hainbat garaitako piezak zeudela adierazten zuen –horien artean, Solutre aldiko industriak nabarmentzen ziren– eta, gainera, suharriaren jatorria handik hurbil zegoela iradokitzen zuen, Koskobilotik 5 kilometrora, Urbasa mendiko azaleratzeetan. Aurkikuntza horrek J.M. Barandiaran aurrehistorialari ospetsuaren interesa piztu zuen eta berak, 1955ean, hondakindegietatik aztarna paleontologiko multzo txiki bat eta industria litikoko 1.146 aztarna berreskuratu zituen (2. irudia). Azken aztarna horiek Maria Amor Beguiristainek aztertu zituen 1974an. Haren arabera, multzo horrek paleolitikokoa zirudien eta hainbat kultura irudikatzen zituen. 1970eko hamarkadan, Ruiz de Gaonak Koskobiloko material ezezaguna ere erakutsi zuen, bere bilduma partikularrekoa eta zalantzarik gabe Paleolito garaikoa. Horren barruan, argi eta garbi Solutre aldikoak ziren bost punta hostokara zeuden, baita hiru aurpegibiko ere, eta azken horien tipologiak Goi Paleolitoaren aurreko industria batekoak direla adierazten du.
Ruiz de Gaonak pieza litiko horien jatorria ulertu nahi zuenez, harrobiko langileekin hitz egin zuen eta, lekukotza horietan oinarrituz, aztarnategi suntsitua «irudimenaren bidez berreraikitzen» saiatu zen: 40 metro inguruko luzerako kobazulo bat izango zen, gutxi gorabehera horizontala eta ez oso zabala. Hezurren zatiketan oinarrituz, 1940an berak pertsonalki arrastoak atera zituen aztarnategia eta 10 urte geroago gizakien industria litikoko aztarnak aurkitu zituen kobazuloa lotuta zeudela ondorioztatu zuen Ruiz de Gaonak. Gizakiek kobazuloa erabiliko zuten, animalien hezurrak zatituko zituzten muina ateratzeko eta kobazuloaren ahotik gertu egongo zen simatik behera botako zituzten. Eztabaida historiografiko pixka bat izan zen arren, Barandiaranek eta Vallespík 1984an finkatu zuten «aztarnategi» horren ikuspegia, hiru kulturaren presentzia nabarmenduta: Acheul Trazidioko Moustier aldikoa (ATM), Périgord aldikoa (gaur egun, Gravette aldikoa deitzen zaio) eta Solutre aldikoa. Geroago, 1990eko hamarkadan, Jesús García Gazólazek Koskobiloko lau aurpegibikoz osatutako sorta bat Acheul aldiaren bukaerakotzat jo zuen –gaur egun, Erdi Paleolito Zaharrarekin lotzen da– eta kronologikoki Erdi Pleistozenoaren erdian kokatu zuen (duela 300-100 mila urte).

Duela 15 urtetik, gure ikerketa-ildoetako bat Mendebaldeko Pirinioetako giza okupazio zaharrenen azterketarekin lotuta dago, hala nola bere baldintza paleoekologikoen azterketarekin. Horretarako, hainbat aztarnategi induskatu dira, adibidez Arlanpe (Lemoa, Bizkaia) eta hainbat bilduma paleontologiko berrikusi, adibidez, Luzero lurmuturrekoa (Zierbena, Bizkaia). Azterketa paleontologikoek adierazten dutenez, hipopotamoak azken interglaziarraren ondoren desagertu ziren Mendebaldeko Europatik, duela 117 mila urte inguru. Horregatik, Koskobilon espezie hori egotea bereziki interesgarria zen, Erdi Pleistozenoko aztarnategi baten aurrean geundela (gutxienez neurri batean) adieraz zezakeelako. Beraz, lan hipotesi hori buruan izanik, kontserbatzen ziren aztarnategi horretako bildumak berriz aztertzea pentsatu genuen, aztarnategia bera harrobiak suntsitu zuelako. Hiru lan lerro osagarri finkatu genituen: bilduma paleontologikoa berrikustea, aztarnategiaren ingurunearen eta hondakindegien prospekzio bat egitea eta ordura arteko bibliografia aztertzea.
2016an, harrobi izandakoaren eremuan prospekzio batzuk egin genituen. Bertan, industria litikoaren ebidentzia berriak berreskuratu genituen, baina baita hezur arrasto batzuk ere. Industria litikoari buruzko argitalpenen berrikuspenak eta azken prospekzio horietan berreskuratutako aztarnen azterketak adierazten zutenez, Koskobiloko bilduman –Nafarroako Museoan gordea– hainbat kronologia zeuden irudikatuta. Bilduma paleontologikoaren aurreazterketak adierazten zuen, halaber, Erdi Pleistozenoko fauna zegoela (aurrerago aipatuko ditugun makakoa eta hartz beltz asiarra) hala nola Goi Pleistozenokoa (esaterako, leize-hartza; 3. irudia). Aztarna fosiletan irudikatutako espezieak ezagutzeaz gain, aztarna horiek aztarnategietan zer prozesuren bidez metatu ziren ere ezagutu nahi genuen: Ruiz de Gaonak proposatu zuen bezala, giza jardueren ondorio ziren?
Hezurren gainazalen azterketak bi multzo nagusi zeudela adierazten zuen. Alde batetik, Barandiaranek 1955ean berreskuratutako bilduma paleontologiko txikia eta guk 2016an berreskuratutako aztarnak, gehienbat, hezur luzeen diafisi zati identifikaezinez osatuta zeuden eta ebaketa eta manipulazio antropikoko markak zeuzkaten. Aldiz, Ruiz de Gaonak 1941ean berreskuratutako bilduma paleontologikoa gehienbat taxonomikoki sailkatu zitezkeen aztarna fosilez osatuta zegoen, ez zeukaten (salbuespen batek izan ezik) ebaketa markarik, eta haragijaleen jarduerak alteratu izanaren ebidentziak zeuzkaten. Eskura genituen ebidentziekin, Koskobilon egiazki gutxienez bi aztarnategitako arrasto arkeopaleontologikoak berreskuratu zirela eta horiek galeria sistema berekoak izan zitezkeela (edo ez) adierazi genuen. Alde batetik, 1940an aurkitutako sima egongo litzateke, Ruiz de Gaonak bilduma paleontologikoko zatirik handiena berreskuratu zuen sima: hango fosilek Erdi eta Goi Pleistozenoko hainbat aro irudikatuko lituzkete eta horien metaketan zenbait haragijalek esku hartuko zuten. Beste alde batetik, Goi Paleolitikoko aztarna litikoen zatirik handiena –hondakindegira bota ziren, 1940tik aurkitu ziren garaira, 1950era, bitarteko une zehaztugaberen batean–, hala nola ebaketa markak zituzten fauna arrastoen zatirik handiena, segur aski, harrobiko lanek erabat suntsitu zuten bigarren aztarnategi batekoak izango lirateke eta arrasto horiek zuzenean hondakindegietatik berreskuratu ziren.


Fauna arrastoak modu xehean lantzeko, ikertzaile talde handi bat geneukan: hainbat espezialitatetako paleontologoak, geologoak eta arkeologoak, bildumari ahalik eta informazio gehien ateratzeko. Emaitzek merezi izan zuten. Bitxia bada ere, hasieran aztarnategiarekiko interesa piztu ziguten ustezko hipopotamo arrastoak azkenean basurde handi baten kanino baten (letagina) arrastoak ziren. Beste alde batetik, Stephanorhinus hemitoechus espezieko errinozero baten hortz bat estaltzen zuen espeleotema datatu ahal izan genuen. Emaitzaren arabera, hortz horrek gutxienez 220 mila urte zituen (4. irudia) eta, hedaduraz, baita bilduma paleontologikoaren zati batek ere. Bilduma horren osagaiak honako hauek ziren: 38 ugaztun taxon, errinozeroetatik hasita saguzarretara (4 hartz espezie barne), 6 hegazti taxon, Iberiar Penintsulan dagoeneko bizi ez den bat barne (lira oilarra, Lyrurus tetrix) eta hiru arrain orno (5. irudia). Azterketa xehatuak gure aurretiko emaitzak baieztatzen zituen: 1940an berreskuratutako arrastoen artean bai Goi Plestozenoko bai Erdi Pleistozenoko fosilak zeuden, baina kasu askotan, zenbait espeziek kronologia zabalak zituztenez, arrasto horiek ezin ziren aro horietako bakar batekotzat jo. Arrasto fosilen artean, hartz espezieetako birenak nabarmentzen ziren: leize-hartzen arbasoarenak (Deninger hartza, Ursus cf. deningeri) eta hartz beltz asiarrarenak (edo hartz tibetarra, Ursus thibetanus; 3. irudia). Beste espezie batzuetako arrastoak ere nabarmentzekoak dira, dolearenak (Cuon cf. priscus), Berberia makakoarenak (Macaca sylvanus; 6. irudia) eta Megaceroides generokotzat jotzen dugun orein erraldoiarenak.
Eskura ditugun datu biokronologikoen arabera, espezie horiek Erdi Pleistozenoan (MIS 7d-n edo lehenago) datatutako errinozero arrastoen garaikoak izan daitezke; horrek Mendebaldeko Pirinioetako fosilen erregistroan oso gutxi irudikatutako kronologia batzuetako datuak emango lituzke. Azken preneandertalekiko garaikideak izateak bihurtzen du garrantzitsu espezie horiek aztertzea giza eboluzioa aztertzeko, hominido horiek zer ekosistematan bizi izan ziren eta ustiatu zuten hobeto ulertzen laguntzen baitigu. Arrasto fosil horiek segur aski gaur egungo aroaren antzeko une interglazial batean metatu ziren, zeinetan faunak askotarikoak ziren eta lehoi, lehoinabar, dole, otso eta hienek zaldiak, oreinak, bisonteak, orein erraldoiak eta errinozeroak ehizatzen zituzten. Era berean, kastoreen presez betetako Arakilen ibaiertzetatik bi hartz espezie jaitsiko ziren ura edatera eta Koskobiloren kareharrizko hegaletan makako taldeak ikusi ahal izango ziren. Kronologia horietako aztarnategiak (edo mailak) oso urriak dira Mendebaldeko Pirinioetan; horien artean aipatzekoak dira, funtsean, Arlanpeko behe mailak (Dima, Bizkaia), Lezetxiki I eta Lezetxiki II aztarnategietako behe mailak (Arrasate, Gipuzkoa) eta Raneroko Santa Isabeleko (Karrantza, Bizkaia) lehoiaren eta Deninger hartzaren arrastoak.


Duela 80 urte, Ruiz de Gaonak bilduma paleontologiko garrantzitsu bat salbatu zuen Nafarroako Kuaternarioko aztarnategi zaharrenetik, Koskobilotik. Gaur egun, aztarnategiak suntsitu zituen harrobia utzita dago, baina Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatutako eta Daniel Ruiz Gonzálezek zuzendutako lan arkeologiko berriek Burundako Historiaurreari buruzko informazio gehiago emango dute.
Gehiago jakiteko:- Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Rodríguez-Hidalgo, A., López-Horgue, M.A., Gómez-Olivencia, A. (2018). Koskobilo (Olazti, Nafarroa): nuevos hallazgos y revisión de las colecciones. Munibe Antropologia-Arkeologia, 69, 21-41. DOI: doi.org/10.21630/maa.2018.69.07
- Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Rodríguez-Hidalgo, A., Gómez-Olivencia, A. (2018). Nuevos datos sobre la colección arqueo-paleontológica de Koskobilo. In: Badiola, A., Gómez-Olivencia, A., Pereda Suberbiola, X. (editoreak). Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social (209-212 0r.). Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- Astibia, H., Murelaga, X., Pereda-Suberbiola, X., (1996). Máximo Ruiz de Gaona como prehistoriador y paleontólogo de vertebrados. Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias XVI, 14/15. zk., 65-76.
- Barandiarán, I., Vallespí, E., (1984). Prehistoria de Navarra, Trabajos de Arqueología Navarra. Nafarroako Gobernua, Iruñea.
- Gómez-Olivencia, A., Arlegi, M., Arceredillo, D., Delson, E., Sanchis, A., Núñez-Lahuerta, C., Fernández-García, M., Villalba de Alvarado, M., Galán, J., Pablos, A., Rodríguez-Hidalgo, A., López-Horgue, M.A., Rodríguez-Almagro, M., Martínez-Pillado, V., Rios-Garaizar, J., van der Made, J. (2020). The Koskobilo (Olazti, Navarre, Northern Iberian Peninsula) paleontological collection: new insights for the Middle and Late Pleistocene in Western Pyrenees. Quaternary International. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quaint.2020.06.005
- Ruiz de Gaona, M., (1941). Un yacimiento de mamíferos pleistocénicos en Olazagutía (Navarra). Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 39, 155-160.
- Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias, 1996. urtea, 14-15. zk. Honi eskainia: «Homenaje a Máximo Ruiz de Gaona: Naturalista y Paleontólogo (1902-1971)»
Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailean eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurrea Saileko kide aktiboa. Joseba Rios-Garaizar (@jorios) ikertzailea da eta bilduma litikoen kudeatzailea Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). Mikel Arlegi (@ArlegiMikel) UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko doktoretza ondorengo ikertzailea da.
The post Koskobilo muinoa, orein erraldoi eta makako galduen gordelekua appeared first on Zientzia Kaiera.
Nicolas Bourbakiren historia
1923an Raoul Husson (1901-1967) Parisko Goi Eskola Normaleko (École Normale Supérieure) ikaslea zen. Egun baten Husson mozorrotu egin zen, Nicolas Bourbaki izena zuen ustezko matematikari bizardun baten papera hartzeko. Eta, horrela jantzita, nahita ulertezina zen eta arrazoibide faltsuekin josita zegoen zientzia-hitzaldi faltsu bat eman zuen.
Hitzaldi honen bidez Bourbakiren ustezko teorema ezagutaraztea zen, asmakizun bat. Baina helburu jakin batekin egin zuen Hussonek, intelektual batzuen zinismoa agerian jartzeko. Izan ere, garai hartan, askok edozein azalpen ontzat ematen zuten, betiere behar bezain korapilatsua izanez gero.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Nicolas Bourbakiren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #327
COVID-19aren kontrako txertotik oso hurbil gaude. Baina egoerak islatzen du gizartearen zati handi batek ez duela jarri nahi, konfiantza falta baitago txertoarekiko. Miren Basarasek idatziko artikulu argigarri hau irakurtzea besterik ez duzue, txertoen segurtasunaren inguruan: “Txertorik ez jartzeko arriskua txertoari lotutako arriskua baino handiagoa da”.
COVID-19aren aurkako txertoen eraginkortasuna , efikazia eta efizientzia hitzek zer esan nahi duten azaldu digu Berriako artikulu honetan Basarasek. Ez galdu!
Txertoen gaia izan da protagonista asteon. Koldo Garciak bere Edonola blogean azaldu dizkigu aurrera egin duten txertoen nondik norakoak. Moderna, Pfizer eta Oxford-en txertoek zer dute oinarrian?
Zientzialari talde batek COVID-19ari aurre egiteko estrategiari buruzko ikuspegia John Snow Memorandumaren bidez plazaratu zuten eta Elhuyar aldizkariak artikulu honen bidez euskaratu egin du. Hemen duzue irakurgai.
Adimen artifizialaBiologian erronka handi bati erantzuna ematea lortu du adimen artifizialak. Elhuyar aldizkariak artikulu honetan azaltzen digunez, proteina bakoitzak zer egitura tridimentsional izango duen aurreikusi ahal izatea izan dute jomuga 40 urteetan. Eta horretan Google-ek lagundu du: AlphaFold programa entrenatu dute proteinen egitura tridimentsionalak aurreikusteko.
MaterialakAEBetako Rochesterreko Unibertsitateak giro tenperaturan supereroalea den lehenengo materiala lortu du, Berriak artikulu honetan kontatu digunez. Halere, oraindik urrun dago aplikazio praktikoetatik. Bereizgarria duen elementua presioa da, eta era berean, erronka dena. Izan ere, presio handia eragin behar izan diote: 267 gigapascalekoa, itsas mailako presioaren halako 2,6 milioi, Lurraren nukleoan dagoen presioaren %75aren parekoa.
Emakumeak zientzianAne Velascok genetika ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Horren ondotik, Filosofia, Zientzia eta Baloreak masterra egitea erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina ez zen hemen gelditu, Biomedikuntza Molekularra masterra egin baitzuen. Orain, Oxfordeko genetika-enpresa batean hasi da lanean bekadun gisa. Bertan, CRISPRekin egiten du lana.
MikrobiologiaLeonardo da Vinci artista eta jakintsu ospetsuaren marrazkietan bildutako mikrobioma aztertu dute. Zehazki zazpi marrazkitan zeuden arrasto biologikoen sekuentziazio masiboa egin dute. Eta badakizue zer aurkitu duten? bakterioak, onddoak eta gizakien DNA arrastoak, birusak eta arkeobakterioak. Harrigarria benetan!
GenetikaGutxi falta da eguberrietarako eta modu berean, arrainez eta itsaskiez mahaiak betetzeko. Horri begiratu dio Koldo Garciak artikulu honetan, itsasotik jasotzen dugun uztari, baina genetikaren ikuspuntutik. Gene-teknologiaz mintzo da honetan. Ez galdu!
DNA entzun daiteke? Badirudi baietz. Garciak azaldu digu honetan giza-genomaren soinua musikatu dela eta sekuentzia batek zein soinu sortzen duen entzun dezakegula zerbitzu bati esker. Zer gauza bitxiak dakargu zientziak!
KimikaGuztiok entzun ditugu noizbait azenarioaren atzean dauden mitoak: onak direla ikusmenarentzat, esaterako. Bada, Josu Lopez Gazpiok artikulu honen bidez uste horiek desmuntatu ditu. Azenarioa eta ikusmena, bere kolorea… Azenario bat jaten duzun aldiro gogoratuko zara artikulu interesgarri honetaz!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #327 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #330
Zenbait paisaia naturaltzat ditugu, baina, errealitatean, mendeetan edota milurtekoetan zehar gizakiekin izandako elkarrekintzaren ondorio dira. Dehesa iberikoa, oihan amazonikoa adibide ezagunak dira. Ikerketa baten arabera, antzinako kontrol gabeko praktikek beste adibide bat arriskuan jartzen dute: Kilimanjaroa. Fires shaped Mount Kilimanjaro’s unique environment. Now they threaten it
Baliagarria den covid-19 pandemiaren eredu matematikoa sortzea hain da konplexua, ezen ezin zaiela matematikariei bakarrik utzi. Disziplina anitzeko taldean egin dute BCAMen. Modelling the dynamics of COVID-19 first wave
Ohiz kanpoko gauzak egiten dituzten materialak lortu behar dira etorkizuneko elektronikara ailegatzeko. DIPCn bat lortu dute: isolatzaile topologikoa magnetiko bilakatu dute. An exotic magnetic topological heterostructure
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #330 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ane Velasco, genetista: “Oso aberasgarria da ikuspegi filosofikoa lantzea”
Ane Velasco Bilbaok genetika ikasi zuen, nahiz eta batxilergoan beste gai batzuk ere gustuko zituen: filosofia, historia… “Ez neukan oso argi, baina agian biologia zen gehien gustatzen zitzaidana, eta genetika beste arloak baino bereziagoa iruditzen zitzaidan. Baina ez nengoen erabat ziur. Orain, ordea, oso pozik nago egindako aukerarekin”, aitortu du.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikasi zuen, genetika puri-purian zegoen garaian. Izan ere, urte gutxian berrikuntza asko sortu ziren, tartean, CRISPR teknika. Hala ere, ikasten ari zela artean ez zuten susmatzen hain garrantzitsua izango zenik.

Gaur egun, ordea, ukaezina da duen balioa, eta hala baieztatu du Velascok ere: “Praktiketan, medikuntzan CRISPRek zenbat aukera ematen dituen ikusi nuen, eta sekulako tresna da”. Hain zuzen, orduan hasi zen aztertzen alderdi bioetikotik, eta horregatik aukeratu zuen Filosofia, Zientzia eta Baloreak masterra egitea Euskal Herriko Unibertsitatean.
“Hainbeste aukera izanda, nire buruari galdetzen nion non egon beharko luketen mugak. Beharrezkoa iruditzen zait adostea zertarako erabili eta zertarako ez. Horrez gain, banaketak ere asko kezkatzen nau, desberdintasun handiak sor daitezkeelako teknika eskura duten eta erabiltzen duten herrialdeen eta gainerakoen artean. Uste dut onuragarria dela, eta funtsezkoa dela bermatzea guztion esku egongo dela”, azaldu du Velascok.
Dena dela, mugak jartzea ere beharrezkoa dela iruditzen zaio. Eta Txinako kasua ekarri du gogora: 2018an, Txinan genetikoki eraldatutako bi haur jaio zirela zabaldu zen. “Teknikak horretarako aukera ematen du, baina aukera izateak ez du esan nahi egin behar denik. Kontuan hartu behar dira arriskuak eta zein ondorio ekar ditzakeen horrelako esperimentu batek. Adibidez, haur horiei zerbait gertatzen bazaie, nor da erantzulea?”.
Hala ere, garbi dauka teknikak merezi duela, eta horren erakusgarri da aurten haren garatzaileei (Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna) eman izana Kimikako Nobel saria.
Ikertzen jarraitzeko gogoaFilosofiako masterra egin ondoren, zientzia-arlora itzultzea erabaki zuen, eta Biomedikuntza Molekularra masterra egin zuen. COVID-19a dela eta, ezin izan zituen praktikak egin, baina Oxfordeko genetika-enpresa batean hastea lortu du, bekadun gisa. Han, CRISPRekin egiten du lana, terapia berriak garatzeko helburuarekin, baina ez ditu xehetasun asko eman, patenteak baitaude tartean.
Alde horretatik, desberdintasun handiak nabaritzen ditu Filosofiako masterrean lantzen zuten ikuspegiaren eta enpresan dagoenaren artean: “Zientzia-arloan ez dago hainbesteko kezkarik. Tresna bat da; behar den horretarako erabiltzen da, eta ez da pentsatzen hortik haragoko kontuetan. Masterrean justu kontrakoa zen; zuhurtzia handiz hartzen zen, eta alderdi praktikoak baino pisu handiagoa hartzen zuten balizko ondorioek”.
Velascori oso aberasgarria iruditzen zaio ikuspegi filosofikoa landu izana, lagungarria baitzaio egiten duena beste ertz batzuetatik aztertzeko eta bestelako galderak egiteko, laborategiko bere lankideek egiten ez dituztenak, adibidez. Hala ere, ikerketan jarraitu nahiko luke: “Bioetikarekin zerikusia badu, hobe, baina ikertzen jarraitu nahiko nuke; asko gustatzen zait laborategiko lana.
Lehen ere izana da atzerrian, Erasmusi esker Erroman egin baitzuen laugarren maila, baina oraingo esperientzia zeharo desberdina da, besteak beste, COVID-19arengatik: “Bekaduna naizenez, laborategian lagundu egiten didate, baina, handik kanpo, zaila da jendearekin egotea”. Irailera arte geratuko da Oxforden, eta gero tesia egitea gustatuko litzaioke, ahal bada, Biodonostian. Han, dementzia frontotenporala ikertzen ari dira, eta horretan ikertu nahiko luke, eta han ere CRISPR erabiltzen dutela zehaztu du.
Fitxa biografikoa:Ane Velasco Bilbao Algortan jaio zen 1996an eta Genetika gradua egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ondoren, bi master egin ditu: Filosofia, Zientzia eta Baloreak, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Biomedikuntza Molekularrekoa, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Orain, Oxgene enpresan dabil lanean (Oxford).
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ane Velasco, genetista: “Oso aberasgarria da ikuspegi filosofikoa lantzea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Da Vinciren marrazkietako informazio ikusezina
Leonardo da Vinci artista eta jakintsu ospetsuaren marrazkietan bildutako mikrobioma aztertu dute, sekuentziazio masiboko teknikak erabilita. Emaitzek erakutsi dute paper zaharrek mikrobioen araberako sinadura bat gorde dezaketela.
Aspalditik ireki gabeko eskuizkribu eta bestelako paperen artean zaudenean, ezustekoak agertu daitezke. Egia da bi urtean behin trastelekura egindako sarraldi horietan Indiana Jonesen pareko abentura bat gerta daitekeela. Dena dela, une epiko horiez gain, hau ez da jende guztiari gertatzen zaion zerbait.
Baina ogibidea eskuizkribu zaharren artean dutenei denetarik agertu zaie. Horregatik, pandemia aurreko garaietan musukoa erabiltzen aitzindariak ziren zaharberritzaileak eta historialariak. “Noski, hori izango da hain baliotsua den ondarea zuen eraginetik babesteko, ezta?”, galdetu nion behin, xalotasun puntu batekin, Ondare Babesa enpresako Marta Sabando dokumentalistari. “Ez pentsa. Hein handi batean, gure burua babesteko egiten dugu”, erantzun zidan. Arrazoia azaldu zuen: paper zaharren artean, gauza pila agertu daitezke; tartean, beste paper zaharrak, ileak, hostoak edota intsektu hilak… eta, batzuetan, hauts zuri bat. Arratoiak hiltzeko pozoia, hain justu; eliza batzuetan liburuak marraskarietatik salbu mantentzeko erabiltzen zuten erremedio bitxia. Hortik musukoaren beharra.

Elkarrizketan arrasto horien artean ager litekeen material biologikotik DNA erauzteko aukera azaldu zen, eta ia zientzia fikziozkoa zirudien. Askotan espekulatu da hori egiteko aukerarekin, eta espekulazio horiek are handiagoak izan dira lan horien atzean artista edo jeinu handiak daudenean. Har dezagun Leonardo da Vinciren adibidea, eta irakur dezagun 2004an jeinu italiarraren inguruan Charles Nicholls biografoak idatzitako The Flights of the Mind liburuan gaiari buruz azaltzen dena. “Zenbait zientzialari baikorren arabera, margoek Leonardoren DNAren benetako mezua gorde dezakete, tamaina mikroskopikoko odol eta listu pitinetan bilduta, baina hau idazteko unean, oraindik zientzia fikzioaren eremuan dago aukera hori”. Biografia argitaratu zenetik 15 bat urte igaro diren honetan, ez da hori erabat lortu, baina… zientzia fikzioa zirudien hori gero eta hurbilago dago.
Izan ere, bide hori urratzen hasia da zaharberritzaileak, historialariak eta biologoak biltzen dituen diziplina arteko ikertzaile talde bat. Frontiers in Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean lehen emaitza ikusgarriak azaldu dituzte. Da Vinciren zazpi marrazkitan zeuden arrasto biologikoen sekuentziazio masiboa egin dute, eta bertan atxikita zeuden bakterio, onddo eta gizakien DNA arrastoak ere aurkitu dituzte. Horrez gain, birusak eta arkeobakterioak ere atzeman dituzte. Marrazki horiek arakatzeko Nanopore izeneko sekuentziazio teknologia erabili dute. Hori egiteko, marrazkien gainetik aspiragailu baten funtzioa egiten duen tramankulu ñimiño bat pasatu dute, bertan bildutako partikula guztiak jasoz. Esan beharrik ez dago garbiketa hori tentu handiz egin dutela, lan horiek ikertzaileen material biologikoarekin ez kutsatzeko.
Batez ere onddoak aurkitzea espero zuten, horiek baitira paper zaharren artean aterpe gehien hartzen duten bizidunak. Izan ere, onddoak zelulosa deskonposatzen bereziki trebeak dira, eta paperetan aukeran zerbait badago, hori da, hain justu, zelulosa. Baina, hasierako ustearen kontra, bakterio kopurua onddoena baino handiagoa izan da.
Sekuentziazioari esker, espezieak bereizteko aukera izan dute. Giza azalean edota mukosetan ohikoak diren bakterioak daudela ikusi dute. Bakterioen artean, Streptococcus pseudopneumoniae edota Escherichia coli patogeno ospetsuak identifikatu dituzte. Artropodoetan egon ohi diren mikrobioak ere atzeman dituzte, seguruenera, eulien gorotzetan abiapuntua izango dutenak.
Aurkitutako mikroorganismoen ezaugarrien arabera, zazpi marrazkiak bi multzotan sailkatu ahal izan dituzte. Lehen taldean Turinen (Italia) gordeta dauden bost marrazkiak daude. Bigarren taldean, Erromako liburutegi batean dauden beste biak. Hortaz, lan honen emaitzarik esanguratsuena da ondare piezen multzo bakoitzak berezko ezaugarriak dituela mikrobiomari dagokionez, sinadura baten funtzioa beteta. “Nanopore bitartez sortutako mikrobiomak marrazkien bioartxibo gisa erabiliak izan daitezke, bai orain zein etorkizunean egin daitezkeen alderaketarako nolabaiteko hatz-marka baten antzera” idatzi dute zientzia artikuluan.

Ez da izan hau egin duten lehen aldia. Duela urtebete inguru, ikertzaile horiek saiatu ziren ebazten nongoak ziren kontrabandista talde bati atzemandako hiru estatua, eta zeintzuk izan zitezkeen haien biltegiratze baldintzak. Modu berean, aurten pergamino batzuen jatorria ere argitzen saiatu ziren, beti ere, bertan aurkitutako mikrobioen arabera.
Gizakien DNA arrasto ugari aurkitu dituzte, horien jatorria argitzea zaila dela aitortu duten arren. Ikertzaileen arabera, horiek seguruenera historian zehar egindako zaharberrikuntza lanetan eta bestelako manipulazioen bitartez iritsi dira bertara. Errenazimendu garaiko jeinuaren balizko zantzu biologikoei dagokienez, aitortu dute hauek ez direla zertan izan behar Da Vinciren garaiko arrastoak, azken 500 urteetan zehar pilatutako materiala baizik. Halere, noski, ez dute baztertu bertan Da Vinciren beraren zantzuak egoteko aukera, baina argitu dute ikerketa ez zegoela horretara bideratuta. Hortaz, ez dirudi, momentuz, DNAk jeinuaren inguruko informazio gehiago azalarazteko aukera emango duenik.
Zeregin horretan beren beregi eta buru-belarri ari den nazioarteko proiektuko kideek begi onez hartu dute ikerketa. “Guadalupe Piñar-en taldearen zientzia artikulua gustura eta liluraz irakurri digu. Lan ona ematen du. Gero eta jende gehiago horretan lanean egonda, artearen historiarako eta artearen kontserbaziorako erabilgarriak izan daitezkeen aurkikuntzak egiteko aukerak biderkatuko dira”, adierazi dio Zientzia Kaierari Leonardo da Vinci DNA Project taldeko buru Jesse Ausubel ingurumen zientzialariak.
Tamalez, gaur egungo egoerak ere eragina izan du proiektu horretan. “Noski, COVID-19ak ahaleginetako batzuk moteldu ditu, eta gure lan taldeko kide batzuek pandemiari buruzko ikerketari lehentasuna eman behar izan diote”, azaldu du Ausubelek. “Baina baikor jarraitzen dugu, uste dugulako irekita dauden bide desberdinek Leonardoren DNAren sekuentzien identifikazio ziurrera eramango gaituztela”.
Erreferentzia bibliografikoa:Guadalupe Piñar, et al. (2020) .The microbiome of Leonardo da Vinci’s drawings: a bio-archive of their history. Frontiers in Microbiology. 11:593401. DOI: 10.3389/fmicb.2020.593401
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Da Vinciren marrazkietako informazio ikusezina appeared first on Zientzia Kaiera.
Azenarioa ez da hain ona bistarentzat eta ez da laranja Orangeko printzearengatik
Ziur egunero ikusten duzula azenarioren bat, beti egoten baita bakanen bat edo multzotxo bat hozkailuan. Ziur asko, pentsatuko duzu azenarioak onak direla ikusmenarentzat: agian, horregatik janarazten zizkizuten eta horregatik jaten dituzu. Agian noizbait kontatu dizute azenarioak laranjak direla Holandako nekazariek Orangeko printzeari egindako opariarengatik. Bada, azenarioaren mitoetan zorroztasuna jartzeko eguna iritsi da.

Europan aspalditik jaten da azenarioa eta erromatarren garaitik -edo lehenagotik- kontsumitzen da Mediterraneo inguruan. Egun badakigu oxidazioaren ondorioz gorputzeko molekulek jasaten dituzten kalteak saihesteko eraginkorrak direla, baina, ez beste batzuk baino gehiago. Kolore berde iluna duten barazki asko, esaterako, artoa edo zitrikoak, hobeak dira begientzat azenarioa baino. Alabaina, txikitatik esan digute azenarioak onak direla ikusmenarentzat. Zenbat azenario jan ote genituen argudio horren aitzakiapean? Zenbat aldiz esan ote ziguten plater bazterrean utzitako azenarioak jan gabe ikusmena -edo begiak!- galtzeko arriskua izango genuela? Bada, mitoa iraultzeko eguna iritsi da eta guztiaren errua ez da zientziarena, Bigarren Mundu Gerrako kontrainformazio zerbitzu britainiarra baizik. Nola liteke, baina?
Lehen mitoa: azenarioa eta ikusmena1940an Winston Churchillek gidatutako Erresuma Batua eta Alemania nazia gerran murgilduta zeuden bete-betean. Alemaniak Frantzia okupatu zuen eta, horren ostean, Luftwaffe Alemaniako aire armadak eta RAF Royal Air Force britainiarrak gatazka krudela izan zuten Mantxako Kanalaren gainean hainbat hilabetetan zehar. Bigarren Mundu Gerraren atal horri Ingalaterrako Gudua deritzo. Labur esanda, alemaniarren helburua airean garaipena lortzea zen Ingalaterran lurreratzeko Itsas Lehoi Operazioa martxan jartzeko. Jakina den bezala, plan hori ez zen inoiz martxan jarri Luftwaffeko hegazkinek porrot egin zutelako. Baina, zer demontre egiten dute hemen azenarioek? Bada, Ingalaterrako Guduaren bitartean, britainiarrek hegazkinentzat Radar sistema berezia garatu zuten, Airborne Interception Radar delakoa, eta sistema horri esker hegazkin britainiarrak askoz ere eraginkorragoak ziren airean haien etsaiak aurkitzeko. Jakina, hegazkinek Radar hori zeukatela sekretupean gorde behar zen kosta ala kosta eta, hortaz, hegazkin-gidarien eraginkortasuna azaltzeko gezur bat asmatu eta zabaldu zuen zerbitzu sekretuak.
Biokimikariak aurkitu berri zuten A bitamina gabeziak itsutasuna eragin zezakeela eta, hortaz, gidari britainiarren eraginkortasunaren atzean azenarioak zeudela esatea ez zen hain burugabea. Aitzitik, egun badakigu azenarioaren karotenoideek ikusmenarekin zerikusia dutela -baina ez beste barazki batzuk baino gehiago-. Antza, armada alemaniarrak ez zuen gezurra sinetsi, baina, Ingalaterrako biztanleek, bai. Gainera, Erresuma Batuan errazionamendu gogorra bazegoen ere azenarioak eta beste barazki batzuk oraindik ugariak ziren. Erresuma Batuko Elikadura ministerioak elikagai horien kontsumoa sustatzeko kanpaina egin zuen, agian, haien onurak gehiegi goraipatuz. Orduan sortu ziren, esaterako, Doctor Carrot -azenario itxurako medikua- eta Potato Pete bezalako pertsonaiak, batez ere haurrak barazkiak jatera bultzatzeko. Azenarioak RAFeko heroien elikagai miresgarria zenez eta, gainera, nutriziorako aparta zenez, azenarioen mitoa abian zen. Gezurrek zabaltzeko duren erraztasunari esker, gure egunetaraino iritsi da. Adibide modura, ez galdu Azenario doktorearen iragarkietako bat:
Azenario kontsumoaren gorakada ez zen txikia izan eta jotzen da zenbait kasutan astean bi edo hiru kilo azenario jatera iritsi zirela britainiarrak. Orain dakigunez, A bitamina beharrezkoa da ikusmenerako erretinan funtzio garrantzitsua duelako. Horregatik, A bitamina gabeziak itsumena sor dezake, baina, kontrakoa ez da egia. Hau da: behin beharrezko A bitamina daukagula, gehiegizko bitamina gibelean metatzen da eta, jakina, ez dugu ikusmen miragarria lortuko. Azenarioak osasungarriak dira eta hainbat nutriente ditu, baina, ikusmenari dagokionez ez da elikagai miragarri bat. Beste hainbat barazkik -kalabazak eta espinakak, kasu- azenarioaren antzekoak diren betakaroteno kantitateak dituzte.
Azenarioaren jatorria eta ezaugarriakJaten dugun azenarioa Daucus carota espeziearen azpiespezie etxekotua da eta barazki honen sustraiak dira normalean jaten direnak. Landatzen diren azenario arruntenak bi motakoak izan ohi dira: ekialdeko azenarioa edo mendebaldeko azenarioa. Ekialdekoa Asia erdialdean garatu zen eta antozianina asko ditu. Kolore more iluna izan ohi du. Mendebaldeko azenarioaren kasuan, berriz, hiru azenarioren hibridoa dela dirudi: Erdi Arotik landatzen zen azenario horia, are lehenagotik landatzen zen azenario zuriak eta azenario basatiak. Guztiok ezagutzen dugun azenario laranja azenario horien nahastea da, beraz. Azenarioak A bitaminaren aitzindaria den betakarotenoa dauka eta horixe da, hain zuzen ere, landare jatorriko betakaroteno iturririk nagusienetakoa gure dietan. Kolpeek, Eguzki-izpiekiko esposizioak eta tenperatura altuek sustraiek alkohola eta babes-substantzia mikatzak ekoiztea eragin dezakete. Horregatik kendu ohi zaio azenarioari azala. Kanpoko geruzako azala kentzen bazaio, arretzea eragiten duten konposatu fenolikoak eta substantzia mikatzak kentzen dira. Azenarioaren gozotasuna egosi ondoren agertzen hasten da, zelula-pareta gogorrak apurtu eta azukreak askatzen direnean. Zaporeari dagokionez, nukleoak zapore gutxiago du; izan ere, bertatik igarotzen da ura sutraietik hostoetara. Kanpoko geruzek erreserba funtzioa dute eta zapore gehiago dute.

Esan bezala, azenarioaren zati jangarria sustraiak dira. Normalean, landareen sustraiak ez dira jaten; izan ere, gogorrak eta haritsuak izaten dira. Jangarriak direnak zuntzezkoak ez diren erreserba zelulak dituzten sustraiak dira. Puzten diren erreserba zelula horiei esker, landareak neguko baldintzetan biziraun dezake bigarren urtean loratzeko -azenarioa eta errefaua, kasu- edo, tropikoetako landareen kasuan, lehorteei aurre egiteko gai dira -esaterako, horixe da batataren kasua-.
Bigarren mitoa: azenarioa eta Gilen I.a Orange-NassaukoaAzenarioaren ezaugarri bereizgarri bat baldin badago bere kolore laranja bizia da. Nondik dator, baina, kolore hori? Lehenik eta behin esan behar da karotenoideak eta azenarioa guztiz lotuta daudela. Karotenoideen izena bera hortik dator: azenariotik –D. carota– isolatu ziren lehen aldiz karotenoideak. Pigmentu horiek fruta eta barazkien kolore hori eta laranja gehienen erantzuleak dira –betakarotenoa, xantofilak zeaxantina- eta baita tomatearen, sandiaren eta piperminaren kolore gorriaren erantzuleak -likopenoa eta kapsantina, adibidez-. Kolore gorria salbuespena da; izan ere, frutek duten kolore gorria normalean antozianinen presentziagatik izaten da. Karotenoideetara itzuliz, pigmentu organiko horiek landare-zelulen bi ataletan egoten dira: kromoplasto delako pigmentu-gorputz berezietan edo kloroplastoen mintz fotosintetikoetan. Kromoplastoen kasuan, pigmentuak bertan metatzen dira fruta heltzen doan neurrian -animalientzat ere heldutasunaren indikatzaile gisa ere balio du-. Mintz fotosintetikoetan karotenoideek funtzio garrantzitsua dute: klorofila babesten dute uhin luzera kaltegarriak eta fotosintesian sortutako azpiproduktu kaltegarriak xurgatuz. Proportzioei dagokienez, gutxi gorabehera, sei molekuletatik bat karotenoidea da eta beste bostak klorofila. Azpiproduktu kaltegarriak xurgatzeko gaitasunean dago karotenoideen eragin antioxidatzailea; izan ere, gure organismoan ere antzeko lana egin dezakete, batez ere begietan.
Elikaduraren kasuan, hamar bat karotenoide daude nutrizioan garrantzi berezia dutenak. Horietako bat da azenarioaren betakarotenoa. Betakarotenoa gizakion hesteetako paretan A bitamina bihurtzen da eta horregatik diogu betakarotenoa A bitaminaren aitzindaria dela. A bitamina animalia jatorriko elikagaietan bakarrik dago, baina, A bitaminaren aitzindariak landare, barazki eta frutetan badaude -bide batez, elikagai horiek jaten dituztelako dago A bitamina animalietan-. A bitaminak hainbat funtzio garrantzitsu ditu organismoan, esaterako, begiko erretinako pigmentuetarako beharrezkoa da, artikulu honen hasieran aipatu dugun bezala.

Horrela, azenarioen atzean dagoen bigarren mitoa iraultzeko ordua iritsi da. Ziur asko, noizbait entzun duzu azenarioek kolore laranja dutela Holandako nekazariek XVII. mendean haien printzeari, Gilen I.a Orange-Nassaukoari, egindako opariarengatik. Hori ere mitoa da; izan ere, egun badakigu azenario laranjak XVII. mendea baino askoz lehenago bazeudela. Litekeena da uste horren jatorria 1957ko Otto Banga botanikari holandarraren ikerketan egotea, baina, ez dago oso argi. Bangak esan zuzen esan zuenez, egun arruntenak diren azenario barietateak Herbeeretan garatu ziren XVII. mendean, baina, horrek ez du esan nahi laranja koloreko azenarioak bertan sortu zirenik ezta Holandako monarkiarengatik egin zenik. Litekeena da arazoa hizkuntzan egotea; izan ere, azenarioen kolorea deskribatzeko laranja ez beste hitz batzuk erabili ziren antzinako liburuetan eta dokumentuetan. Zergatik? Bada, laranja koloreari ez zitzaiolako laranja deitu gutxienez XVI. mendera arte. Laranja kolorea beste izen batzuk erabiliz deskribatu zen eta frutaren ondoren jarri zitzaion izena koloreari. Baliteke hori izatea arrazoia, baina, edozein kasutan, azenario laranjak ez ziren Holandan sortu. Orangeko printzearen kolorea laranja zen, bai, eta kolore laranja espainiarren aurkako iraultzaren eta Orangeko etxearen aldeko kolorea bilakatu zen, baina, azenario laranjak lehenagotik zeuden.
Azenarioak zientziarekin eta historiarekin loturak egiteko hainbat aukera eman dizkigu, Herbereetako matxinadatik Bigarren Mundu Gerrara joan gara eta laranja kolorearen jatorrira jo behar izan dugu. Azenarioak hainbat nutriente interesgarri ditu, betakarotenoa kasu, baina, ikusmena hobetzeko elikagai miragarria izatetik urruti dago. Nolanahi ere, hurrengo azenarioa jaten duzunean baduzu zer pentsatu eta, agian, gogo onez -edo hobez- jango duzu plateraren bazterrean utzitako zati laranja hori.
Informazio gehiago:- Ortí, Antonio (2020). Cómo Churchill trató de ocultar el radar a los alemanes. La Vanguardia, 2020ko uztailaren 11.
- Peláez, Javier (2011). Cuando las zanahorias “ayudaron” a ganar la II Guerra Mundial (1941). La aldea irreductible, 2011ko abenduaren 28a.
- Plackett, Benjamin (2020). Are carrots orange because of Dutch revolutionary? Live Science, 2020ko irailaren 5a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Azenarioa ez da hain ona bistarentzat eta ez da laranja Orangeko printzearengatik appeared first on Zientzia Kaiera.
Txertoen segurtasuna erdigunean
Koronabirusarengatiko pandemia kontrolatu ahal duen txertoaren informazioa hurbiltzen den heinean, gizartearen zati handi batek dio ez dutela lehenengoak izan nahi txertoa jartzen eta, beharbada, ez direla txertatuko ere. Ez dira benetako negazionistak, baina konfiantza falta dago SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoekiko, arin egin direlako eta, hortaz, seguruak izango ote diren beldurra dago agian.
Europar Batasunean 2018an egindako inkesta batean galdetu egin zen ea bakoitzaren ikuspuntutik txertoak seguruak ote ziren. Inkestatutakoen % 82,1ek hala direla uste zuen, eta Espainiar Estatuan % 91,6raino igo zen ehuneko hori: emaitza askoz altuagoa gertuko herrialde batzuekin alderatuta.
Historikoki, txertoak inoiz egin diren osasun publikoko neurririk arrakastatsuenen artean daude. Urtero 6 milioi heriotza inguru saihesten dute mundu osoan.
Osasunari buruz hitz egiterakoan, zero arriskua ez da inoiz existitzen. Baina dudarik ez dago handiagoa dela txertorik ez jartzeko arriskua, eta beraz, gaixotasuna pairatzeko arriskua, txertoak daukana baino. Esate baterako, elgorria gaitza pairatzen duten 20tik batek pneumonia izateko arriskua du; 2000tik batek, entzefalitisa izateko; eta 3000tik batek, hiltzeko. Elgorriaren kontrako txerto hirukoitzak duen arriskua, aldiz, hauxe da: milioi bat hartzailetik batek entzefalitis izan dezakeela.

Txertoa garatzeko egiten diren entsegu klinikoetan segurtasuna bermatzea da abiapuntu nagusietakoa. Txerto berri bat merkatuan jartzeko baimena eman aurretik aztertu egiten dira sortzen dituen ondorio kaltegarriak. Alde batetik, interes bereziko kontrako ondorioen identifikazioa egiten da eta, bestetik, segurtasun klinikoaren analisi metatuak; hau da, neurtu egiten da egin diren entsegu kliniko horietan zenbat arazo agertu diren txertatu diren boluntarioetan.
Baina, aldi berean, behin txertoa baimenduta dagoelarik eta merkatuan dagoelarik gizarteko edonork erabili ahal izateko, segurtasunaren zainketak jarraitzen du uneoro alerta-seinaleak lehenbailehen emateko prest txertoa jarri ondoren kontrako ondorioren bat agertuz gero.
Kontuan hartu behar da entsegu klinikoen kontrol zorrotzek ez dutela uzten, kasu guztietan, nahi ez den ondorioren bat dagoela egiaztatzen, boluntario kopurua mugatua baita, nahiz eta hori handitzen joan den urteekin. Laurogeiko hamarkadan, esate baterako, B hepatitisaren aurkako txertorako 800 boluntario erabili ziren; 2000n, aldiz, pneumokokoaren aurkako txertorako 60.000 haur izan ziren boluntarioak, eta gaur egungo COVIDaren aurkako txertoetarako 40.000-60.000 boluntariotan probatzen ari dira txerto bakoitza. Populazio kopuru handietan (milioi pertsona) txertoek izan dezaketen eragina ezagutzeko aukera bakarra txertoa jarri eta behatzea da, eta, horretarako, zainketa hurbiletik egin behar da, eta berehala.
Kontrako ondorioakAlbo-ondorioen % 90 baino gehiago txertoa eman ondoko 40 egunetan agertzen dira. Txertoak eragindako kontrako ondorio gehienak arinak eta iragankorrak dira, eta ziztatu den lekuko minera, gorritasunera edo edemara mugatzen dira. Lehenengo 4 orduetan agertu eta ordu gutxiren ondoren desagertzen dira. Batzuetan ere, gorputz osoko erreakzioa ager daiteke, hala nola sukarra.
Bigarrenik, biltegiratze, manipulazio edo administrazio akatsekin lotutako erreakzioak ager daitezke. Kasu horiek saihesteko ezinbestekoa da txertoa jartzen duten osasun-langileek administrazio-tekniken berri izatea eta erabilitako txerto-prestakinekin trebatuta egotea.

Hirugarrenik, badira, horrez gain, kontrako ondorio larriak edo oso larriak. Zorionez horiek oso bakan agertzen dira (100 txertatutatik 0,001ean ager daiteke). Ondorio horietariko bat erreakzio alergikoa izatea da txertoak duen konposatu baten aurrean, baina halako erreakzioa sarritan milioi bat txerto jarri ondoren atzeman daitezke. Horregatik, txertoa eman ondoren, komeni da 15-30 minutuko zaintza-aldi bat egitea, txertatutakoak ondorio kaltegarriak izango balitu berehala artatzeko.
Horrez gain, batzuetan aldi-baterako erreakzioak ager daitezke. Hau da, txertoaren administrazioarekin aldi berean agertzen diren erreakzioak, baina pazienteak txertoa jaso ez balu ere adieraz zitezkeenak. Horiek, beraz, ez daude txertoarekin erlazionatuak.
Txertoen segurtasuna zaintzeko sistemakOsasunaren Mundu Erakundeak badu txertoen segurtasunari buruzko aholku-batzorde orokor bat. Modu lokalean autonomia-erkidego bakoitzak botika guztien ondorio kaltegarriak aztertzen ditu, txertoak barne, eta gero Espainiako Medikamentuen eta Osasun-produktuen Agentziako farmakozaintza-sistemari jakinarazten zaizkio. Nazioarteko beste agentzia batzuekin kontaktuan jarriz, ustezko ondorio kaltegarri horiek aztertzen dira.
Azterketa horretan begiratzen da ea txertoa ematearen eta kontrako ondorioa agertzearen artean denbora-harremana dagoen. Horrez gain, ikusi egin behar da kontrako eragina txertoaren toxikotasunarekin lotuta ote dagoen edo ebidentzia zientifikoak erakutsi ote duen kontrako ondorioak izateko arrisku handiagoa dagoela txertoa jarri zaien pertsonetan txertatu gabeetan baino.
Aurreikusitako bigarren mailako ondorio baten eta txertoaren artean loturaren bat dagoela ziurtatzen denean, osasun-agintariek berehalako erabakia hartzen dute, arriskuak eta onurak egiaztatuz eta aztertuz, eta txertoen gomendioak aldatu behar ote diren erabakitzen dute, aukeretako bat delarik txertoa bertan behera uztea ere.
Agentzia arautzaileek eskatzen dituzten baldintza zientifiko-teknikoak gainditu ondoren, onartu egiten da aztergai den txertoa segurua eta eraginkorra dela. Gainera, txertoa merkaturatu ondoren, etengabe zaintzen da haren segurtasuna. Txertoen segurtasunarekin lotutako arazo errealek edo sumatuek eragin negatiboa dute txertaketa-programetan, eta oihartzun handia dute biztanlerian eta komunikabideetan.
Bukatzeko, historiak eta, beraz, esperientziak erakutsi diguna hauxe da:
TXERTORIK EZ JARTZEKO arriskua txertoari lotutako arriskua baino HANDIAGOA dela. Iturriak:- Europako Batzordea: State of vaccine confidence in the EU 2018.
- Osasunaren Mundu Erakundea (OME): Global Vaccine Safety.
Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
The post Txertoen segurtasuna erdigunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Super Glue itsasgarriaren historia
Joan den mendeko 40ko hamarkadaren hasieran, Harry Wesley Coover kimikariak Super Glue itsasgarria aurkitu zuen istripuz. Bigarren Mundu Gerra zen, eta Cooverrek eta haren taldeak Kodak enpresan lan egiten zuten, su-armen bisoreetarako plastiko garden bat garatzen. Akrilatoekin esperimentatzen ari zen, itsasgarri oso itsaskorra (zianoakrilatoa) aurkitu zuenean.
Alde batera utzi zuten aurkikuntza, harik eta 1951n Cooverren taldean zebilen Fred Joyner ikertzaileak konposatu bera erabili zuen arte. Hegazkin-kabinetarako tenperaturarekiko erresistentea zen estaldura bat bilatzen ari zirela, ikertzaileak errefraktometroaren bi lentetan zabaldu zuen itsasgarria, errefrakzio-indizea neurtzeko. Kontua da lenteak ez zirela askatzen, elkarri itsatsita mantentzen ziren eta produktu hark irtenbide komertziala izan zezakeela pentsatu zuen.
Handik urte gutxira, lehen Super Gluea iritsi zen merkatura, eta Eastman 910 deitu zioten. Hala ere, itsasgarriak ez zuen arrakasta handirik izan harik eta 70eko hamarkadaren amaieran zianoakrilatozko lurrunak askatzen zituela ikusi arte. Konturatu ziren lurruna larruazaleko koipeari itsasten zitzaiola eta ondoren gure erkainen markak agerian jartzen zituela.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Super Glue itsasgarriaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #326
SARS-CoV-2arekin lotura dute beste bi koronabirus aurkitu dituzte Japonian eta Kanbodian, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Bata Japonian aurkitu dute eta bestea Kanbodian. Japoniako laborategian ikusi dute bere genomaren %81 dela SARS-CoV-2 birusaren parekoa. Bigarrena oraindik ez dute guztiz sekuentziatu.
Mikel Baza familia medikua elkarrizketatu dute Berrian, izurriak eragin duen egoeraren ondorioz kontsulta telematikoen aldeko apustua egin baita. Haren esanetan, kontsulta birtualek “muga handiak” dituzte. Horretaz gain, aurrez aurreko artaren garrantziaz mintzo da. Ez galdu!
Gorka Oribe ikertzailea elkarrizketatu dute Alea-n, zientziak pandemia honetan izan duen rolaz eta txertoez mintzatu da. Horretaz gain, alzheimerraren detekzio goiztiarra ahalbidetzea helburu duen Geroa Diagnostics enpresako kidea ere bada eta horri buruzko azalpenak eman ditu. Elkarrizketa mamitsua hemen irakurgai.
Iker Badiola zientzietan doktoreak berriki publikatu du Cangrejo de Troya. Las bases celulares y moleculares del cáncer al alcance de todos, minbizia zen de ulertzeko azterlana, hain zuzen. Berriako elkarrizketa honetan liburuaren nondik norakoak azaldu ditu: asmoa, egitura eta edukia, besteak beste.
Sedentarismoaren aurrean, Osasunaren Mundu Erakundeak ariketa fisikoa egitea gomendatzen du. Orain gomendioak berritu dituzte: egiten den ariketa fisiko guztia osasungarria dela nabarmendu dute. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
BiologiaEspezie inbaditzaileen aferari helduz, ikertzaile talde batek identifikatu ditu zeintzuk diren Europan ahalik eta lasterren arreta berezia behar dutenak eta horiekin ranking bat osatu dute. Estrategiak garatu ahal izateko, hainbat faktore ezarri dituzte: eraginkortasuna, kostua, gizartean desagerrarazte estrategia horrekiko dagoen onarpen maila, iraupena eta, azkenik, behin akabatu ondoren populazio hori berriro agertzeko dagoen probabilitatea.
GenetikaAfrikan behiak nola etxekotu ziren aztertu du artikulu honetan Koldo Garciak. Afrikan 150 behi-arrazatik gora daude eta arraza horiek askotariko ezaugarri eta moldaketak dituzte. Behien gene-historia zein izan den eta jaso dituzten moldaketak ikusteko ikertzaile talde batek aztertu du behi afrikarren 16 arraza garrantzitsuenen 172 genoma.
Zer dira retroiak? Koldo Garcian Edonola blogean azaltzen digun moduan, “hainbat bakteriok dituzten gene-osagai arraro batzuk dira”. Bi ikertzaile taldek horiek aztertu eta ondorioztatu dute retroiak bakterioen babes-mekanismo bat direla birusen aurrean.
SariakTxiotesia lehiaketan, Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola izan dira irabazleak. Lehiaketa honen erronka da tesia sei txiotan azaltzea. Guztira, 74 ikertzailek hartu dute parte bosgarren edizioan. Berriak eman du albistea.
PaleontologiaNazioarteko ikertzaile talde batek buztana zuten eta mugitzeko ahalmena zuten mikroorganismoen aztarna fosilak aurkitu dituzte. Aztarnak 3.400 milioi urtekoak dira. Oraindik beste adituek aztertzea falta da emaitzak aldizkari batean publikatu aurretik.
Aurreko astean jakin genuen duela 80 urte Koskobiloko aztarnategian (Olaztin) aurkitutako fosilak berriro aztertu dituztela UPV/EHUko ikertzaile batzuek eta duela 220 mila urteko faunaren ebidentziak aurkitu dituztela: errinozero baten arrastoez gain, hartzak, orein erraldoiak, makakoak eta kuoiak ere topatu dituzte. Honi buruz gehiago irakurtzeko, hemen duzue Berriako artikulua.
DibulgazioaJames Randiren bizitzari errepasoa eman dio Josu Lopez-Gazpiok honetan. Pentsamendu kritikoaren aldarria izan zen. Zientziaren arloan, gezurtiak agerian uzteko lan bikaina egin zuen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #326 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #329
SARS-COV-2 koronabirusa, covid-19aren eragilea, gorputzeko hainbat organotan ditu efektuak, sintoma eta ondorio andanarekin. Oraindik ikasten gabiltza, baina gauza batzuk ezagutzen hasi gara, eta ez dira berri onak. José Ramón Alonsoren Coronavirus in the brain
Apurtutako bihotzaren eta ondo ez dabilen buruaren arteko harremana egon, badago. Rosa García-Verdugoren Broken heart, disconnected brain
Fotonikan egiten ari diren ikerketa asko erabilgarri izan daitezen, material fotonikoan gertatzen dena kanpoaldearekin harremana izan behar du eta harreman hori balioa izan behar du. Eta espektroskopioa txip batean muntatzea? Funtzionamenduaren printzipioa posible dela frogatu dute DIPCkoek: Strong coupling between propagating phonon polaritons and organic molecules observed for the first time
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #329 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asier Ruiz: “Kaltzioak ezinbesteko funtzio ugari betetzen ditu zeluletan” #Zientzialari (141)
Ikerketa askoren arabera, neuronen eta zenbait glia zelulen heriotzaren ondorioz sortzen diren gaixotasun neurodegeneratibo guztiek (edo gehienek behintzat) osagai komun bat dute: kaltzio-homeostasiaren, edo zelulen kaltzioaren erregulazioaren, galera. Izan ere, kaltzioak ezinbesteko funtzioa betetzen du hainbat zeluletan eta oso nabarmena da nerbio-sisteman.
Badaude fenomeno batzuk kaltzio-homeostasi hori apurtzen dutenak: gaixotasun neurodegeneratiboak. Gaixotasun mota hauek lehen mailako arazoa bihurtu dira gizartean, sekulako inpaktua dutelako eremu pertsonalean eta ekonomikoan ere.
Kaltzio-homeostasiaren eta bere haustura dakarren arazoen inguruan gehiago jakiteko Asier Ruizekin, Achucarro Center for Neuroscience zentroko ikertzaile eta UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzaile eta irakaslearekin, batu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Asier Ruiz: “Kaltzioak ezinbesteko funtzio ugari betetzen ditu zeluletan” #Zientzialari (141) appeared first on Zientzia Kaiera.
Inbaditzaileei aurre egitea, lehentasun kontua
Dagoeneko Europara sartu diren espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta etorkizunean sartu daitezkeenak uxatzeko, aditu talde batek lehentasunetan oinarritutako zerrenda bat osatu du. Espezie bakoitzaren araberako estrategia garatzea funtsezkotzat jo dute.
Espezie inbaditzaileen afera biologoen eremu hutsa gainditu eta gizartean dezente txertatu den gai horietako bat da. Gaur egun, gure artean, sakonki sartuta dago zebra-muskuilua arazo iturri delako ideia, eta berdina gertatzen da liztor asiarrarekin. Umetxoen artean ere kuriositatea eta beldurra parean eragiten dituen intsektua da, eta abuztuko arratsalde luzeetan, erredakzioetara berri askorik iristen ez diren horietan, albiste iturri izan daiteke ere, suhiltzaileek Asiatik etorritako liztorraren habi bat kentzen dutenean.

Baten batek esan lezake agian munduan hedatuen dagoen espezie inbaditzailea gizakia bera dela, eremu polar hotzenetatik basamortu beroenetara zabalduta baitago, eta munduan dagoen ia ekosistema orotan gailentzeko gai izan delako, gainerako espezie gehienen kalterako. Aparteko animalia da sapiensa, bai onerako zein txarrerako.
Baina kalekumeok ezagutzen ditugun espezieez kezkatzen hasten garenerako, biologoek eta ekologoek urteak daramatzate oraindik gehiegi zabaltzeke dauden espezieei adi. Batzuetan, horiei begirako kanpainetan ere parte hartzen dute. Hori gertatzen da, adibidez, bisoiekin. Bisoi amerikarraren (Mustela vison) erruz ur-ipurtatsak (M. lutreola) desagertzerako bidea hartu ez dezan, ahalegin izugarriak egiten ari dira. Gehienetan, adituak eta teknikariak estu eta larri ibili behar izaten dira, esku hartzeak hasten direnerako kaltea atzerapausorik gabekoa baita.
Hori gerta ez dadin, ikertzaile talde batek identifikatu ditu zeintzuk diren Europan ahalik eta lasterren arreta berezia behar duten inbaditzaileak. Horrez gain, eta arlo praktikoari begira, ranking bat osatu dute, espezie horien aurkako estrategiak ezartzerakoan lehentasunak argi izateko. Global Change Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eskuragarri dago zerrenda hori, modu irekian.
Europako 34 ikertzaileren artean ebaluazioak partekatu dituzte, eta adostasuna bilatu dute zerrenda egiteko. Aurreko ikerketa batean ebaluatu zuten espezie bakoitzak Europan ezartzeko zuen arriskua, eta, horren ondorioz, egon litekeen inpaktua. Oraingo ikerketan, berriz, aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategiekin alderatu dute espezieen zerrenda. Estrategia horien ebaluazioan, hainbat faktore kontuan hartu dituzte: eraginkortasuna, kostua, gizartean desagerrarazte estrategia horrekiko dagoen onarpen maila, iraupena eta, azkenik, behin akabatu ondoren populazio hori berriro agertzeko dagoen probabilitatea.
Aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategien gaineko azterketa egin dute, jakin ahal izateko estrategia horiek zer inpaktu eta zer eraginkortasun izan zezaketen. Dagoeneko kontinentean dauden espeziak kontuan hartu dituzte, baina berdina egin dute iristear egon daitezkeen espezieekin. Bide hori jarraituta, gauzak are gehiago okertu baino lehen, administrazioek bederen ezin izango dute esan abisatuta ez zeudenik.
95 espezie aztertu dituzte. Horietatik, 60 oraindik Europan txertatuta ez dauden espezieak dira, eta gainerako 35 dira goraka ari direnak; azken horiek lurraldean ezarrita daude, baina, momentuz, banaketa mugatua dute. Bi talde horietatik, aukeraketa bat egin dute, eta nolabaiteko ranking bat osatu dute, ahalik eta lasterren mugatu behar diren espezieez osatutakoa. Txertatuta ez daudenetatik 17 aukeratu dituzte; dagoeneko Europan daudenei dagokienez, 14 aukeratu dituzte. Horiek dira, ikerketan parte hartu duten adituen ustetan, lehentasun gehien izan behar dituzten espezieak.

Ezarritako espezieen zerrendaren goiko aldean daude, hurrenez hurren, Acridotheres tristis txoria, Bufo mauritanicus apoa, Nasua nasua koatia eta Pycnonotus cafer txoria. Lau horiei lehentasun altuko estatusa eman diete, eta ikertzaileen aburuz, agintariek horiek desagerrarazteari ekin beharko liekete. Oraindik ezarrita ez dauden espeziei dagokienez, gehienei lehentasun berdina eman diete, baina bati lehentasun mailarik altuena eman diote: Faxonius rusticus espezieko karramarro herdoilduari, Ameriketan ematen dioten izen arruntaren arabera. Espezie hau luze eta zabal hedatzen ari da Ipar Amerikatik, eta 2019an aurrenekoz aurkitu zuten Frantzian. Zerrenda hauek FBIk landutako Most wanted horietako bat izango balira, karramarro hori agertuko litzateke Public Enemy Number One gisa. Kontua ez da soilik jatorrizko beste espezieentzako izan dezakeen arriskua, baizik eta lehen momentuetan Europan erraz akabatzeko modukoa izango litzakeela, oraindik hedatuta ez dagoelako.
“Hoberena litzateke espezie inbaditzaile guztiak desagerraraztea, baina baliabideak, bai jendez zein diruz, urriak dira; are gehiago orain, beste lehentasun batzuk daudela”, adierazi du prentsa ohar batean Kordobako Unibertsitateko Pablo Gonzalez Moreno ikertzaileak. Gaiaren inguruan administrazioek hartu behar dituzten erabakietan ikerketa hau lagungarri izatea espero dute zientzialariek. Behar hau zientzia artikuluan bertan azpimarratu dute, kudeaketa egiteko garaian datuak eskura izatearen garrantzia nabarmenduta: “Espezie asko izanda, eta baliabideak mugatuak direnez, erabakiak hartzen dituztenek tentuz ebatzi beharko dute zein espezieren kudeaketari eman lehentasuna, eta nola”.
Ikerketak argi utzi du egoera gero eta konplexuagoa dela. Batetik, momentuz zenbait espezieri buruzko informazio nahikorik ez dagoelako. Bestetik, espezie bakoitzaren ezaugarrien arabera estrategia bat garatu behar delako. Adibidez, espezie batzuen aurrean, prebentzioa egitea oso zaila dela nabarmendu dute egileek. Plotosus lineatus arrainaren adibidea jarri dute. Itsaso Gorritik Mediterraneora igaro da espeziea, Suezko kanalen bitartez, eta bereziki Israel inguruko itsasoko ekosistemetan kalte nabarmenak eragiten ari da. Itsaso zabalean dabilen arraina izanik, ez da batere erraza izango arrainaren zabalpena mugatzea. Antzeko zerbait gertatzen da Pterois miles arrainarekin: Suezetik sartu da Mediterraneoan, eta, behin ezarrita, espeziea uxatzea oso zaila izango da.
Horretaz jakitun, zientzialariek ohartarazi dute oraindik iritsi ez diren zenbait espezierekin prebentzioa bai izan daitekeela guztiz beharrezkoa. Homarus americanus otarrainaren kasua jarri dute adibidetzat: Europan sartuko balitz, espeziea akabatzea guztiz zaila izango litzateke, eta, horregatik, prebentzioa lehenetsi beharko litzateke. Kasu honetan, eta Atlantikoaren beste aldekoa den krustazeoa izanik, ez gara hitz egiten ari kanal artifizial batetik etor daitekeen espezie bati buruz, gizakiak nahita mugiarazitako krustazeo bati buruz baizik. Hortaz, mugimendu artifizial hori ekiditea premiazkoa izan daiteke.
Aurrean aipatutako kasu horiek guztiak itsas espezieak dira, eta mota horretakoak dira, hain justu, kudeatzeko zailenak. Adituek diote itsas espezieen populazioak eskala txikietan kudeatzea erraza dela, baina, behin zabalduta daudela, arras zaila da horiek kontrolpean edukitzea. Lur espezieen kasuan, ostera, errazagoa omen da kudeaketa, lurraldean zabalduta egon arren. Horregatik nabarmendu dute espezie baten zabalpena ez dela zertan izan behar irizpide nagusia arazoa jorratzerakoan.
Erreferentzia bibliografikoa:Booy, Olaf et al. (2020). Using structured eradication feasibility assessment to prioritize the management of new and emerging invasive alien species in Europe. Global Change Biology, 26 (11), 6235-6250. DOI: https://doi.org/10.1111/gcb.15280
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Inbaditzaileei aurre egitea, lehentasun kontua appeared first on Zientzia Kaiera.
Behi afrikarren etxekotzearen gene-aztarnak
Behiak, animalia maitagarriak izateaz gain, haragia edota esnea ekoizteko etxekotu ditugun animaliak dira. Etxekotze-prozesua aski ezaguna da Europan, behien gene-materialean nahiz gizakien gene-materialean utzi dituen aztarnengatik; eta bi espezieen arteko koeboluzioaren adibidetzat jotzen delako. Baina beste kontinente batzuetan ez da hain ezaguna behien etxekotzea. Afrikara begira jarriko gara, ikerketetan ahaztu ohi den kontinentera, alegia, eta gene-informazioaren bidez, behiak bertan nola etxekotu ziren aztertuko dugu.
Afrikan 150 behi-arrazatik gora daude eta arraza horiek askotariko ezaugarri eta moldaketak dituzte. Afrikako behi gehienak guretzat ezagunak diren behien (Bos taurus) eta asiar jatorria duten zebuen (Bos indicus) arteko gurutzaketak dira. Bi behi mota horien arteko ezberdintasuna da zebuek beren sorbaldetan konkor handi bat dutela. Konkor horretan gantzak metatzen dituzte eta zebuak klima lehor eta tenperatura altuak jasateko moldatuta daude. Bi behi mota horiek –luze eztabaidatu izan da bi espezie ezberdin ote ziren baina badirudi espezie berdineko azpitaldeak direla– desagertuta dagoen uroaren (Bos primigenius) ondorengoak dira. Baina etxekotutako behiek ez dute afrikar jatorria, ez dira bertakoak.

Afrikan behien gene-historia zein izan den eta jaso dituzten tokiko moldaketak zeintzuk izan ziren ezagutzeko, ikerketa berri batek aztertu ditu behi afrikarren 16 arraza garrantzitsuenen 172 genoma. Hori horrela egin ahal izateko, lan horretako ikertzaileek sekuentziatu zituzten Afrikako 12 behi-populaziotako 114 behiren genoma osoak eta 2 bufalo afrikarren (Syncerus caffer caffer) genomak. Bufaloen genomak erabili ziren konparaketak errazteko. Genoma horietaz gain, jada eskuragarri zeuden beste 4 arrazetako 58 genoma erabili zituzten. Aztertutako behien arraza horiek honako herrialdeetakoak ziren: Etiopia, Sudan, Kenia, Uganda, Gambia eta Nigeria. Horrela lortu zuten –gene-informazioari dagokiola– Afrikako behien ordezkaritza zabala.
Hasteko, aztertu zuten zein zen behi eta zebu arteko nahasketa afrikar behietan eta noiz gertatu zen. Bi behi-taldeen arteko nahasketa-gertaera garrantzitsu bat orain dela 750 eta 1.050 urte artean gertatu zen, orain dela 150 behi-belaunaldi inguru, hain zuzen ere. Gertaera horrek gaur egun Afrikako Adarrean bizi diren behi-arrazen genomak moldatu zituen, bertatik sartu baitziren zebuak Asiatik Afrikara. Kontuan izan behar da, aztertu ziren 16 arrazetatik, 14 Afrikako Adarrekoak direla eta, ondorioz, bertan gertatu den etxekotzea sakonago azter daitekeela.

Erregistro historikoetan oinarrituta, zebua Afrikako Adarrera heldu zen aipatutako nahasketa-gertaera baino 200-300 urte lehenago, Swahili zibilizazioaren sorreraren ostean, hain zuzen ere. Hortaz, ikerketaren egileek iradokitzen dute, hasieran zebuak mugatu zirela Afrikako ekialdeko kostaldera; eta geroago behiekin nahastu zirela, giza populazioen mugimenduen eta dispertsioaren, eta klimaren gorabeheren ondorioz. Mendebaldeko Afrikan ere nahasketa-gertaerak detektatu ziren: esate baterako, orain dela 500 urte halako gertaera bat egon zen, Afrikako Ekialdetik Mendebaldera egindako mugimenduen ondorioz; edota orain dela hogei bat belaunaldi gertatutako nahasketa berriak Borgou eta N’Dama arrazetan, behi-izurriarekin lotura izan dezaketen gertaerak.
Behia nahiz zebua Afrikara sartu ziren beste leku batzuetan etxekotu ostean. Behia Ekialde Hurbilean etxekotu ostean sartu zen Afrikan; eta zebua, berriz, Indiako azpikontinentean etxekotu ostean. Hortaz, pentsa daiteke animalia horientzat erronka izan zela ingurune berrietara egokitzea. Egokitzapen horren zantzuak genoman aztertu ziren, hautespenean egon ziren gene-eskualdeak detektatzeko eta, horrela, hautatutako ezaugarriak zeintzuk izan ziren ondorioztatzeko. Hautespena izan zuten gene-aldaerak batez ere zebu jatorriko gene-sekuentzietan detektatu ziren.

Behi afrikarrek zebutik jasotako gene-aldaeren artean zeuden erantzun immunean parte hartzen duten geneak eta beroarekiko tolerantzian parte hartzen duten geneak. Erantzun immuneari dagokiola, ikertzaileek hautespena detektatu zuten kaparrekin eta kaparrek sortzen dituzten gaixotasunekin –esate baterako, Ekialdeko Kostaldeko sukarrarekin– lotura izan dezaketen geneetan; edota birusen aurkako erantzunean –esate baterako, Rift Haraneko sukarrarekiko tolerantzian– parte hartzen duten geneetan. Beroarekiko tolerantziaren kasuan, ikertzaileek hautespena detektatu zuten bai ingurune beroei erantzuteko geneetan, bai eta ura berxurgatzeko geneetan. Izan ere, zebuak ingurune beroetara moldatuta daudenez, Afrikako inguruneetara errez zuen moldatzea eta, ondorioz, Afrikako behietan gene-aztarna hori nabarmena izatea.
Behietan jatorria izan zuten gene-aldaerak, aldiz, izan ziren hanturan parte hartzen duten geneak eta tripanosomiasiarekiko –protozoo bizkarroiekiko– tolerantzian parte hartzen duten geneak. Hantura modu eraginkorrean kontrolatzeko gaitasunak infekzioen kalteak mugatzea eragin lezake, adibidez, lehenago aipatutako Ekialdeko Kostaldeko sukarraren edota Rift Haraneko sukarraren kasuetan. Tripanosomiasiak Afrikako behien produktibitatea murrizten du eta Afrikako hainbat ingurune halako parasitoez beteta daude. Hortaz, infekzio horiek kontrolatu ahal izatea –bai parasitoen kopurua, bai infekzioaren efektuak– abantaila da behientzat eta beren produktibitatea emendatzen du.
Hortaz, ondoriozta daiteke zebuak Afrikara heltzeak ahalbidetu duela Afrikan behien abeltzaintza arrakastatsua izatea. Hori dela eta, ikerketaren egileek iradokitzen dute afrikar kontinentearen elikagai-segurtasuna bermatzeko ideia ona izan daitekeela Afrikako behiekin beste lekuetako arrazak gurutzatzea.
Laburbilduz, Afrikan zebuen eta behien nahasketak gene-dibertsitatea handitu zuen eta, horren eraginez, Afrikako behiek ingurunera hobeto moldatzeko gaitasuna izan zuten. Badirudi gizakien eta behien arteko harremanak kontinente bakoitzean bere bilakaera izan duela, baina leku guztietan arrastoak utzi ditu bai abeltzaintzan, bai gene-ondarean.
Erreferentzia bibliografikoak:Koch, L. (2020). African cattle adaptations. Nature Reviews Genetics, 21, 718–719. DOI: https://doi.org/10.1038/s41576-020-00293-w
Kim, K., Kwon, T., Dessie, T. et al. (2020). The mosaic genome of indigenous African cattle as a unique genetic resource for African pastoralism. Nature Genetics, 54, 1099-1110. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-020-0694-2
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Behi afrikarren etxekotzearen gene-aztarnak appeared first on Zientzia Kaiera.
Organismo mugikor zaharrenak?
Parisko Sorbona Unibertsitateko Frédéric Delarue zientzialaria buru duen nazioarteko talde batek adierazi duenez, zartailu baten antzeko buztana zuten eta modu aktiboan mugitzeko gai ziren mikroorganismoen aztarna fosilak aurkitu dituzte. Aztarnak duela 3.400 milioi urtekoak dira (hemendik aurrera m.a.).

Orain arte zeuden lehenengo bizitza arrastoak duela 3.800 milioi urte inguruko harri batzuk ziren. Harri horietan dagoen grafitoko karbono isotopoen proportzioak nolabaiteko jarduera biologikoa islatzen du bere formazioan. Baliteke oinarrizko bizitza formak lehenago agertu izana ere, agian duela 4.000 milioi urte, planeta sortu zenetik 500 milioi urtera, oraindik asteroideek maiz kolpatzen zuten garaian. Hala ere, ezagutzen diren organismo zelulabakarren fosil zaharrenak duela 3.500 milioi urte ingurukoak dira.
Ustezko egitura eragileak dituzten mikrofosilak aurkitu dira Strelley aintziraren formazioan, Australiako mendebaldean. Hosto formako mikroorganismoetatik abiatuz osatuko ziren –30-84 µm-ko luzerakoak eta zabalera erdikoak–. Arrasto inorganiko hutsak ez zirela baieztatzeko, mikrofosiletan fosforoa eta nitrogenoa zegoela frogatu dute paleontologoek, hau da, izaki bizidunen ezaugarri diren elementuak. Aurkitutako bostehunetatik, lauk bastoi moduko bat daukate zelularen ertzetako batean, eta egitura hori jotzen dute ikertzaileek apendize eragiletzat, egitura osatugabeak direla susmatzen duten arren. Arrasto gehienetan apendizea ez egotea edo aurkitutako lauretan zatirik ez egotea formatu zirenetik igarotako denbora luzean galdu izanaren ondorioa izango litzateke. Gaur egungo mikroorganismo askok, mugitzeko, antzeko egiturak erabiltzen dituzte, adibidez, flageloak –ingurune likidoan horiek biratuz mugitzen dira– edo beste batzuk.
Ikertzaileek bioRxiv gordailuan –biozientzien arloko biltegi librea– argitaratutako dokumentu batean eman dute beren aurkikuntzaren berri eta beste aditu batzuek aztertzea falta da aldizkari batean argitaratu aurretik. Beraz, oraindik ez du txosten zientifikoek formalki egiazko ikerketa produktu gisa onartuak izateko gainditu behar duten iragazkia pasatu. Gainera, aditu batzuek aurkikuntzen interpretazioaren inguruko zalantzak adierazi dituzte, beraz, tentuz hartu behar dira.
Ikerketaren egileek bai aurkikuntza, bai interpretazioa baliozkoak direla defendatzen dute, logikoa denez. Eta behatutako egiturek funtzio motorrak eduki ahal izatea zalantzan jartzen dutenen aurrean, bizitzaren historian modu goiztiarrean agertzeko pisuzko arrazoiak daudela argudiatzen dute. Azken finean, mugitzeko ahalmenak jatekoa azkar lortzeko aukera ematen du, beraz, segur aski mugimendu-egiturak agertzeko pizgarri indartsu bat izan zuten –hautespen presioak, jargoi biologikoan–. Orain arte halakorik ez ikusteko edo oso proportzio txikian aurkitzearen arrazoia horien ahultasun handia izango litzateke.
Bizitzaren historia eta, batez ere, bere jatorriaren historia, alderdi ezezagunez beterik dago. Funtsezko mugarri batzuen froga biribilik ez daukagu. Delarueren eta haren laguntzaileen proposamenak, azkenean, komunitate zientifikoaren onarpena jasoko du edo baztertu egingo dute. Horrela funtzionatzen du zientziak, arrastoetan oinarritutako usteetatik edo nahasgarriak edo interpretatzeko zailak diren frogetatik abiatuz. Denborak, hala ere, froga gehigarriei esker, egiazkotzat jotzen dugun ezagutza finkatzen du. Gero eta gehiago, eta gero eta hobeto; baina inoiz ez erabatekoa.
Erreferentzia bibliografikoa:Delarue, F., Bernard, S., Sugitani, F., Robert, F., Tartèse, R., Albers, S.-V., Duhamel, R., Pont, S., Derenne, S., (2020). Evidence for motility in 3.4 Gyr-old organic-walled microfossils? bioRxiv, 2020.05.19.103424. DOI: https://doi.org/10.1101/2020.05.19.103424
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Organismo mugikor zaharrenak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Agur, Randi, agur
James Randi urriaren 20an zendu zen, 92 urte zituela. Urte horietako gehienak gezurtien eta hitzontzien aurka egon zen lanean eta hainbat eta hainbat iruzurgile utzi zituen agerian. Pentsamendu kritikoaren babesle sutsua eta gezurrak esaten aberastu nahi zirenen etsai beldurgarria, ekar dezagun bere bizitzaren oroigarria Zientzia Kaierara.

James Randi ilusionista zen, baina, zentzu onean. Ilusionismoa iruzurren aurkako tresna bihurtu zuen. Fenomeno paranormalen atzeko gezurrak azaleratzea zen, ziur aski, bere lanik gustagarriena. Bere bizitzari buruzko dokumentalaren izenburuak ondo definitzen du Randi jauna: bera gezurti zintzoa zen –An honest liar-. Randik egiarekin zuen betebeharra apurtezina zen eta aldi oro errepikatzen zituen pentsamendu kritikoaren aldeko aldarriak. Eszeptiko eredugarria zen, zalantzarik gabe. Bere ibilbidea mago gisa hasi zuen The amazing Randi izen artistikoarekin -izatez, Randall James Hamilton Zwinge da-. Lehen etapa hartan ilusionista eta eskapista lanetan aritu zen hainbat saio eta telebistako programetan. Hemen ikus dezakezue, adibidez, Niagarako ur-jauziaren gainean:
Mago lanetan aritu zen 60ko hamarkada bitarte eta hortik aurrera bere bizitzaren tarterik handienean baieztapen paranormalak, sasizientifikoak eta naturaz gaindikoak ezeztatzen egin zuen lan. Hitzontziak agerian jartzea bere espezialitatea zen eta ezagunak dira, esaterako Uri Geller ilusionistarekin izandako eztabaidak -epaitegietan amaitu zuten- edo Peter Popoff telebanjelistaren gezurrak azaleratu zituen momentua. Randi ere ilusionista zen, bai, baina bere trukoen helburua ez zen iruzur egitea, ezta iruzurrak esaten dirua lortzea. James Randi benetako magoa zen. Bideo labur honetan duzue adibide argigarri bat:
Aipatutako Uri Gellerren kasua da, ziur asko, ezagunenetakoa. Heldutasunean ondo sartuta zaudetenak gogoratuko duzue 1975eko Jose María Íñigoren TVEko Directísimo saioan Gellerrek nola okertzen zituen koilarak. Agian ez duzuena jakingo, ordea, zera da: bi urte lehenago, Johnny Carsonen programan Geller agerian gelditu zela saiakera hori bera egin nahi izan zuenean. Carsonek Randirik aholkuak eskatu zizkion Geller bere programara joan baino lehen eta Randik esan zion inondik inora ere ez uzteko Gellerri bere materialak eramaten edo koilarak saioa hasi baino lehen ukitzen. Aholku horiekin, Johnny Carsonen programan argi gelditu zen Gellerren indar paranormalak iruzurrak besterik ez zirela. Gaur egun ere oihartzuna du Randik egin zuena. James Randi hainbat telebista saiotan egon zen, bertan agertzen ziren ustezko fenomenoak azaltzen eta azaleratzen. Ez ziren gutxi izan ipurdi bistan utzi zituen iruzurgileak. Hemen duzue adibide bat:
Beste gertakari garrantzitsu bat, niretzat gozagarrienetakoa, Randik Jaques Benveniste biokimikariarekin izandako gatazka da. Benveniste homeopatia zaleek askotan aipatzen duten 1988ko Nature aldizkariko ikerketa-artikuluaren egile nagusia da. Bertan, ziotenez, uraren memoria frogatzea lortu zuten. Uraren memoria homeopatia zaleek diseinatutako argudiaketa da, diluzio homeopatikoen ustezko eraginkortasuna azaltzeko. Gaiari buruz gehiago sakontzeko Juan José Iruinekin batera Elhuyar Aldizkarian idatzi nuen artikulua irakur dezakezue.
Kontua da -eta hau, jakina, homeopatia zaleek ez dute esaten-, Benvenisteren artikuluak baldintza bat zuela: hain zuzen ere, artikuluan iradokitzen ziren gertaera harrigarrien kausaz, Randi eta bere taldeak Benvenisteren laborategira joan behar behar zuen esperimentuak errepikatzera. Randi joan zenean, Benvenisteren esperimentuak partzialki ondo errepikatu ahal izan zituzten, baina, kasu guztietan ikertzaileek bazekiten zein disoluzio ziren kontrolekoak eta zeintzuk diluzio homeopatikoan zeudenak. Alabaina, Randiren taldeak hodiak zenbakitu zituenean -Benvenisteren taldekoek hodi bakoitzean zer zegoen ez jakiteko-, argi gelditu zen esperimentuak ezin zirela modu arrakastatsuan errepikatu. Horrek azalean utzi zuen uraren memoriaren ustezko frogek ez zutela balio. Randik homeopatiaren aurka egindako lana azpimarratzekoa da. Hemen duzue ikusgai bere hitzaldi gogoangarrienetako bat:
James Randi urriaren 20an zendu zen eta horrekin batera zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko asko umezurtz gelditu garela. Randi egin behar den dibulgazioaren adibide bikaina da, gezurtiak agerian uzteko lan aparta egin zuen. James Randi gehiago beharko genituzke. Randi, gainera, ez zen geldi egotekoa. 1996an James Randi Hezkuntza-Fundazioa sortu zuen, Fundazioak hainbat lan egin zituen, baina, agian Milioi Dolarraren Erronka izan zen ezagunena. Erronka honetan, Randiren fundazioak milioi bat dolar eskaintzen zituen kontrolatutako behaketa baten bidez edozein fenomeno paranormal egitea lortzen zuenarentzat. Saria sortu zenetik mila eskaera bano gehiago aztertu zituzten eta, jakina, saria ez zuen inoiz inork irabazi -1996tik 2015era egon zen martxan-.
James Randi 2012an Bilbon egon zen eta hitzaldi bikaina eskaini zuen, hemen duzuena ikusgai. ARP-Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico elkarteak gonbidatu zuen eta hitzaldian bere ohiko umorea eta argitasuna erakutsi zuen. Randi joan zaigu, baina, zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko guztiak bere oinordekoak gara. Amaitzeko, bere laneko azken urteetan egindako hitzaldiarekin utziko zaituztet, bere pentsatzeko eta lan egiteko moduaren adibiderik argiena, zalantzarik gabe.
Informazio gehiago:- De Oñate, Antonia (2020). Cuando la ilusión señala la verdad. El País, 2020ko urriaren 22a.
- Jorge, Miguel (2020). El hombre que recorrió el mundo humillando y desmontando a pseudocientíficos y fenómenos paranormales. Gizmodo, 2020ko urriaren 21a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Agur, Randi, agur appeared first on Zientzia Kaiera.
Nylonaren historia
Joan den mendeko 40ko hamarkadan, zenbait material sartu ziren, hala nola rayona, poliesterra eta nylona, pneumatikoaren konposizioan. Bitxia, ezta? Pneumatikoak ez ziren izan material horiek barneratu zituzten bakarrak. Adibidez, nylona hortzetako eskuiletan, galtzerdietan, jausgailuetan, torlojuetan edo gitarra-soketan egoten da. Nylona poliamida sintetiko hutsa da eta Wallace Carothers kimikariaren taldeak garatu zuen DuPont laborategietan. Material honen aurkikuntzak iraultza komertziala ekarri zuen XX. mendearen erdialdean.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Nylonaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #325
COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko prozesua lasterketa moduko bat izaten ari da. Txertoa lortu nahi duten enpresak euren txertoen eraginkortasun portzentajea aipatzen ari dira eta hori albiste bilakatzen ari gara. Baina kontu honek erantzun gutxi eta galdera asko sortu ditu. Berriako artikulu honen bitartez, zalantzak argitzen saiatu dira. Zer dakigu orain arte? Zer esan dute farmazia enpresek? Eta zer dago albiste horien atzean?
Nazioarteko ikerketa batek ebaluatu ditu SARS-CoV-2aren hedapena arintzeko 79 lurraldetan hartu diren neurri ez-farmakologiko nagusiak, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Emaitzen arabera, hauek dira eraginkorrenak: bidaiak murriztea, itxialdiak eta jendea biltzen den tokiak ixtea, 50 pertsona edo gutxiagoko bilerak saihestea, etxetik lan egitea eta nerabeen hezkuntza-zentroak ixtea.
Koronabirusek duten mutatzeko ahalmenaz hitz egin digu zutabe honetan Miren Basaras mikrobiologoak. Hori argitzeko, Danimarkan jazo den bisoien auzia azaldu du tartean. Mutatzeko ahalmen horri erreparatuz, eta gripearekin alderatuz gero, hamar aldiz gutxiago aldatzen da. Baina zer gertatzen da aldaketa horiek koronabirusen S proteinan gertatzen badira? Ez galdu Basarasen azalpena Berrian.
Txertoen ikerketak mintzagai direnean ezinbestean finantzaketez ere hitz egin behar dugu. Ildo horri jarraiki, nazioarteko COVAX programako arduradunek esan dute era izango dela baliabide urriko herrialdeetara ere heltzeko. 2.000 milioi dolar bildu behar zirela esan dute, eta lortu dute kopuru hori. Informazio gehiago Berrian duzue irakurgai.
Financial Times-ek argitaratutako azken datuak ekarri dizkigu Berria egunkarira Gorka Oribe Farmaziako irakasleak gazteek pairatzen duten antsietatearen harira: Espainia lehen postuan dago biztanle gazteengan (18-34 urte) atzemandako antsietatea. Kezka nagusienak dira, besteak beste, langabeziaren egoera eta etorkizuna.
Gurutz Linazasoro neurologoari egin diote elkarrizketa Berrian, itxialdiak gugan izan duen eraginaz hitz egiteko. Zehazki, adikzioren bat dutenentzat bereziki gogorra izan dela dio. Horretaz gain, bizi dugun egoerak beste adikzio bat eragin du: teknologia berriena, esaterako. Oso interesgarria elkarrizketa.
ArkeologiaHaitzuloetako irisgarritasuna neurtzen duen sistema aurkeztu du ikertzaile talde batek Bizkaiko Atxurra haitzuloa eskaneatuz. Proiektuaren helburu nagusia da Goi Paleolito garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Kasu horretan, Atxurra leizean, labar-arte garrantzitsua dago, Madeleine aldian datatutakoa.
PaleontologiaDuela 80 urte Koskobiloko aztarnategian (Olaztin) aurkitutako fosilak berriro aztertu dituzte eta duela 220 mila urteko faunaren ebidentziak aurkitu dituzte: errinozeroak, lau hartz-espezie, orein erraldoiak eta makakoak bizi ziren mendebaldeko Pirinioetan. Elhuyar aldizkariak adierazi duenez, Nafarroako Kuaternarioko aztarnarik zaharrenak bihurtu dira.
TeknologiaGailuez inguratuta bizi gara baina zer gertatzen da horiek apurtu edo zaharkitzen direnean? Modu egokian birziklatzeko aukera dago baina gehienetan ez dugu hori egiten. Hondakin elektronikoaren inguruko artikulua duzu hauxe (zenbat sortzen dugun eta sortutakoak zer inpaktu duen, adibidez), hausnartzeko oso aproposa. Ez galdu!
Emakumeak zientzianAsteon, Emakumeak zientzian atalean, Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917) medikua izan dugu protagonista. Oztopo ugari izan zituen baina azkenean lortu zuen Medikuntza gradua, lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan hori lortzen. Horren ondotik, mediku-kontsulta bat ireki zuen, eta kontsultategi bat zuzendu zuen.
BiologiaDuela gutxi argitaratutako ikerketa batean etxeko oilarren zenbait barietateetako, lau espezie basatietako eta bost oilar gorri basatiaren bost azpiespezieetako 863 aleren genoma aztertu dute. Ikertzaileek ondorioztatu dute gaur egungo etxeko oilarrak azken horren azpiespezie batetik datoz, Gallus gallus spadiceus izenekotik. Ezagutu ezazu oilaskoen iragan genetikoa!
GenetikaZer dakigu orain arte COVID-19ari buruz? Koldo Garciak bere Edonola blogean errepaso bat egin du sei ideietan bildu du azalpena. Ez galdu!
Genetikaren etorkizunari begiratuko diogu asteon ere. Hain zuzen, Jin-Soo Kimen, Oinarrizko Zientziaren Institutuko Genoma-ingeniaritza Zentruko zuzendariaren hausnarketari helduko diogu: CRISPR gene-edizioa praktika klinikoan erabiltzea. Edonola blogean duzue irakurgai.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #325 appeared first on Zientzia Kaiera.