Asteon zientzia begi-bistan #322
Oxfordeko txertoak adinekoei immunitatea sortzen diela jakinarazi dute, Berriak albiste honetan jaso duenez. Hainbat adituk azaldu duten moduan, 55 urtetik gorako pertsonei T zelulak sorrarazten die. Txertoa lortzeko ikerketa hori hirugarren fasean dago, hots, txertoa onartzeko azken fasean.
Miguel Angel Gastelurrutia, Gipuzkoako Farmazialarien elkarteko presidentea elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, koronabirusaren behaketak egiterakoan farmaziak ere kontuan hartzeko eskatu du: “Uste dugu osasun establezimendu moduan tresna oso erabilgarria izan daitekeela farmazia”. Antigeno testak bertan egiteko aukera ona dela dio, adibidez.
Bada jendea txertoen aurka dagoena eta horren inguruan mesfidantzak dituena. Horri buruz aritu da Berriako elkarrizketa honetan Txetxu Ausin filosofoa. Zalantza horiek deuseztatzeko, Ausinek “gardentasuna” hitza aipatzen du. Tartean, hedabideen paperaz ere mintzo da, askotan ikuskizunaren alde egiten baitute. Gogoeta egiteko aukera bikaina duzue. Ez galdu!
Gripearen txertoa hartzeak eraginik izango ote du SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko arriskuan? Galdera hori erantzuten saiatzen ari da Bioarabako ikertzaile talde bat. Ikusiko dute, besteak beste, ea koronbirusak kutsatu dituen eta, kutsatzen badira, zer-nolako eboluzio klinikoa izan duten ikertuko dute, hala nola ospitalera eraman behar izan zituzten, egonaldiak zenbat iraun zuen, ZIUn sartu zituzten, gaitzaren larritasuna zein izan zen… Berrian informazioa.
Iker Alegria Lertxundi UPV/EHUko ikertzailea da eta, Berriak egin dion elkarrizketa honetan, bere tesiaren inguruan mintzatu da. Haren lanean aztertu du elikaduraren eta ondesteko minbiziaren arteko harremana. Atera duen ondorio nagusia da dieta desegoki batek ondesteko minbizia edukitzeko arriskua handitzen duela. Horretaz gain, espero ez zuen emaitza lortu du: “Ez nuen espero, ordea, gazta koipetsuek erlazio zuzena edukitzea minbizia horrekin”.
AstronomiaIrailean komunikabideek jakinarazi zuten Artizarraren atmosferan fosfanoa detektatu zutela. Bada, hori gezurtatzen duen lan bat argitaratu dute berriki. Egileen arabera, JCMT eta ALMA teleskopioen datuak berrikusi dituzte eta emaitzak okerrak direla esan dute. Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue xehetasunak.
Ilargian ur izoztua dagoela egiaztatu du NASA AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalak. Emandako datuen arabera, gutxienez 40.000 kilometro koadro hartzen dituzte satelitean ur izoztua duten gainazalek. Berriako artikulu honetan aurkituko duzue informazio gehiago.
BiologiaHesiek ekosistemetan duten eragina ikertu du zientzialari talde batek lan erraldoi batean. Izan ere, 1948-2018 tartean gaiaren harira argitaratu diren 446 ikerketa kontuan hartu dituzte. Ohiko hesiak izan dituzte ikergai, hau da, eta artikulu honetan azaltzen digutenez, normalean bertikalean txertatutako zutoinak eta horiek lotzen dituzten egitura horizontala ez jarraituak dituztenak. Zer ondorio atera dituzte? Ez galdu!
GenetikaGene-erregulazioa hobeto ezagutzeko duela hamar urte abiatu zuten ikerketa baten azken emaitzak publikatu dituzte. Koldo Garciak kontatu digu testu honen bitartez zein izan den egitasmo honen funtsa.
Edonola blogean, genetikaren etorkizuna badu lekua. Asteon, Howard Y. Chang Stanford Unibersitateko minbizien genomikako irakasleak esandakoa aztergai: RNA ez kodetzaile luzeak eraikitzeko garaia da.
ArkeologiaBerriaren eskutik jakin dugu Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dutela nazioarteko ikerketa batean. Bertan, parte hartu du UPV/EHUko Aritza Villaluenga ikertzaileak. Ikerlanean ondorioztatu dutenez, bazeuden zenbait txakur mota Izotz Aroan, duela 11.000 urte baino gehiago.
Aitzbitarteko haitzuloetan (Errenteria, Gipuzkoa) 2016an aurkitutako grabatu batzuk Europako beste 17 kobazuloetako grabatuekin alderatu dituzte, Elhuyar aldizkariak azaldu duenez. Ikertzaileek ondorioztatu dute grabatuak egiteko moduak eta haien banaketak bat egiten dutela orain dela 27.000 urte ohikoak ziren lanabes batzuenarekin.
Emakumeak zientzianJane Hamilton Hall fisikariak Mexiko Berriko Los Alamosen egin zuen lan eta Manhattan Proiektuan parte hartu zuen. Gerra amaitutakoan, Clementine erreaktore nuklearraren eraikuntzaz eta martxan jartzeaz arduratu zen. Hura izan zen munduko erreaktorerik azkarrena.
IngurumenaFukushiman gertatutako istripu nuklearrak sortutako kutsadura erradioaktiboa zortzi urtez monotorizatu du ikertzaile talde batek eta ingurune lurtarretan zer nolako migrazioa gertatu den argitu du. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
IngeniaritzaKobaltoaren inguruan irakurtzeko aukera duzue artikulu honi esker; haren ezaugarriak, eginkizun biologikoa, industrian dituen aplikazioak, besteak beste. Kobaltoa lurrazalaren % 0,003 da eta meatzaritzaren bidez erauzten da. Mineral urria denez gero, ahaleginak egiten ari dira meatzaritzaz gain beste metodo batzuk aurkitzeko. Ozeanoetan, adibidez, kobalto kopuru izugarria dago: bostehun milioi tona.
KimikaMaterial magnetiko topologiko berriak aurkitzeko metodo bat diseinatu dute. Ikerbasque, UPV/EHU eta DIPCko ikertzaileek parte hartu dute ikerketan. Xehetasunak, Elhuyar aldizkariko artikulu honetan topatuko dituzue.
Estatu Batuetako mendebaldean jazotzen ari diren suteak hizpide hartuta, artikulu honetan sugar-atzeratzaileak izan dute mintzagai, hau da, mendien edo zelaien errekuntza atzeratzeko erabiltzen diren konposatuak.
GeologiaZer aurkituko dugu Bilbo Handiko mapa geologikoa behatuz gero? Nerbioi ibaiaren ingurunearen mapa geologikoan murgiltzeko aukera eman digute artikulu honen bidez. Esaterako, bertako arroka guztiak ez dira sedimentarioak. Morez ageri direnak arroka igneo bolkanikoak dira.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #322 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #326
Bazen behin izaki bat, kreatura bat, zer dakit bat… Kontua da erdi-gizaki erdi-arratoi zela… Ez da ipuina: Welcome to the latest human-mouse chimeras Rosa García-Verduren eskutik.
Eboluzioari eta aldakortasun genetikoari oso lotuta dago espezie begetal batek zelan moldatzen den klimatologian, lurzorutan, altitudeetan eta prezipitazioetan hain aldakorra den Iberiar Penintsula bezalako territorio batera. Baina aldakortasun genetiko hori zerk gidatzen duen aurkitzeko maila goreneko matematikak behar dira. BCAM: Major drivers of genetic differentiation in Iberian Arabidopsis thaliana
2017an kimika topologikoa garatu zutenean zera izan zer emaitza: propietate topologikoak izan zezaketen material topologiko ez magnetikoen kantitate izugarria aurreikusi. Gaur, ikertzaile talde berak falta zen atalarekin dator: DIPCren Magnetic Topological Quantum Chemistry, ab initio calculations included
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #326 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jane Hamilton Hall (1915-1981): ‘Clementine’-ren ikuskatzailea
Bigarren Mundu Gerraren kariaz, Jane Hamilton Hall fisikaria Mexiko Berriko Los Alamosko Laborategi Nazionalean hasi zen lanean. Bertan, garatzen ari ziren Manhattan Proiektuan parte hartu zuen beste zientzialari batzuekin batera, Elda Emma Andersonekin kasu. AEBk, Erresuma Batuaren eta Kanadaren laguntzaz, abiatutako ikerlana izan zen eta lehenengo bonba atomikoa garatzea zuen helburu. Gogora dezagun, 1938. urtearen amaieran aurrerapauso ikaragarria eman zuela Alemaniako ikertzaile talde batek (Otto Hahn, Fritz Strassmann, Lise Meitner eta Otto Frisch) uranio atomoen fisio nuklearren inguruko esperimentuak egin zituenean. Manhattan Proiektuaren hazia baino besterik ez zen izan hori eta guztiok jakin badakigu zein izan zen emaitza: Hiroshima eta Nagasaki.

Gerra bukatu ondoren, Janek laborategian jarraitu zuen lanean haren senarra David Hallekin batera. Bertan, Clementine erreaktore nuklearraren eraikuntzaz eta martxan jartzeaz arduratu zen. Hura izan zen munduko erreaktorerik azkarrena; Janek berak halaxe azaldu zien Associated Press-ekoei, 1970ean: “Hara joan ginen uste genuelako arma nuklearren inguruko lanak jarraitu behar zuela. Horiek sortu behar genituen, horretan ez zegoen zalantzarik”. Laborategi hark iman bat gisa funtzionatzen zuen harentzat, ezerk ez zuen erakarri Mexiko Berriko hiri txiki horrek baino gehiago.
Erreaktore nuklearren arteanJane Hamilton Denverren (Colorado, AEB) jaio zen, 1915ean. Argi zeukan fisikaren munduan murgildu nahi zuela; gainera, bere ikasketak ezin izan zituen denbora laburragoan egin. Lasterketa bat balitz bezala, Chicagoko Unibertsitatean lizentziatu zen 1937an, urtebete geroago masterra lortu, eta azkenik, 1942an, doktoretza egin zuen. Han ezagutu zuen bere senarra izango zena, David Hall. Biek bukatu zuten doktoregoa aldi berean. Janek, bere aldetik, kristalografiari buruzko tesia ondu zuen.
Urte hartan (1942), Estatu Batuetan doktoregoa lortu zuen 461 emakumeetako bat izan zen. Are gehiago, zehazki, Chicagoko Unibertsitateko fisikako doktoretza erdietsi zuen emakume bakarra izan zen. Aipatzekoa da ikasketak amaitu bitartean, Denverko Unibertsitateko fisika departamentuan laguntzaile graduatu gisa jardun zuela. Bitxia badirudi ere, bikoteak Harold Agnew izan zuen ikasle, 1970ean Los Alamosko zuzendaria bilakatuko zena, alegia.

Doktoregoa lortu berritan, Chicagoko Metalurgia-laborategian hasi ziren lanean. Bada, Bigarren Mundu Gerra puri-purian zegoen eta egoera horren aurrean, Hall senar-emazteak erabaki zuen Manhattan Proiektuan parte hartzea; haiek arduratuko ziren erreaktore nuklearren eraikuntza zaintzeaz. Izan ere, Janek, esaterako, produkzioko erreaktoreen segurtasuna ebaluatu eta plutonioa arnastearen arriskuak ikertu zituen.
Bonbak jaurti zituzten, gerra amaitu zen eta zientzialariek laborategitik alde egin zuten. Alabaina, Janek zein Davidek erabaki zuten bertan gelditzea; euren aburuz, segurtasun nazionaleko politikak behar zituen Los Alamosen garatzen ari ziren armak. Aro berri honetan, nagusiki, energia nuklearraren askapenaren mekanikaz eta dinamikaz arduratzen zen armen ikerketa departamentuko zuzendaria izan zen fisikaria. 373 dolar irabazten zituen hilean –lankideek gehiago kobratzen zuten, jakina–. Haren inguruko inork ez zuen bidezkotzat jotzen soldata arrakala.
Clemyren txanda1946an, Clementine (izen hori Oh my darling Clementine abestiagatik jarri zioten) sortu ahal izateko eraikin berri bat egin zuten. Plutonioa erregai gisa eta merkurio likidoa hozgarri bezala erabili zuen lehen erreaktore nuklearra izan zen. Bikotearen esku utzi zuten proiektuaren gidaritza; lan zama handia zen, hala nola eraikuntzaren eta esperimentuen plangintza eta etapa desberdinetako probak egitea, langileen segurtasuna bermatzea, txostenak idaztea eta datuak interpretatzea, besteak beste. Janeren lana “bikaina” izan zen bere lankideen aburuz; haren ekarpenak oso garrantzitsuak izan ziren. Erreaktoreari dagokionez, 1952ra arte funtzionatu zuen, eta helburu gehienak bete ziren: arma nuklearrei buruzko datuak bildu ziren eta erreaktore azkarrak diseinatu eta horiek kontrolatzen ikasi zuten.
Halaber, erreaktoreei, x izpien kristalografiari, neutroien fisikari eta erradiazio kosmikoari buruzko ikerketak egiten jarraitu zuen. 1950ean, Laborategiko zuzendari laguntzaile tekniko hautatu zuten, eta 1958an, laborategiko zuzendariorde izendatu zuten.
Janek ez zuen inoiz bere gogo handia galdu, gaitasun zientifikoak eta bere dohainek berdingabea bihurtzen zuten haren jarduna. Gainera, taldean lan egitea gustatzen zitzaion eta oso ongi moldatzen zen lankideekin. Horregatik guztiagatik, 1966an, Energia Atomikoaren Batzordeko (AEC) Aholku Batzorde Nagusian (GAC- General Advisory Committee) hasi zen, kargu hori lortu zuen lehenengo emakumea izan zelarik. Gertutik ezagutzen zuen erakundea, bertako idazkaria izan baitzen hainbat urtez. Segurtasun nuklearra izan zen haren ardura nagusia eta bikaintasunez aritu zen.
1971n, laborategia utzi eta erretiroa hartu zuen. Horren ondotik, haren ibilbide zientifikoaren arrakastaren gailurra heldu zen: Ladies Home Journal-en agertu zen, alboan honako albisteak zituelarik: batean, emakumeek “senarra nola mantendu” behar zuten azaltzen zen eta bestean, “prakak nola erabili” behar ziren aholkatzen zuten. Harrigarria da argitalpen hartan zientzialari baten lana aipatu izana; are gehiago, herrialdeko “75 emakume garrantzitsuenetako bat” zela zehaztu izana. Haren lana gizartearentzat eredugarri izan zen seinale.
Iturriak:- Spivey, Whitney (2018). Jane Hall: Queen of the Hill. The Laboratory’s first female assistant director brought smarts, style, and a steady hand to Los Alamos. Los Alamos National Laboratory.
- Howes, Ruth H. & Herzenberg, Caroline L. (2015). After the war. Womens in physics in the United States. Williston, USA: Morgan & Claypool Publisher.
- Atomic Heritage Foundation, Jane Hall.
- Mujeres con ciencia, Jane Hamilton Hall (1915-1981): la supervisora de ‘Clementine’, 2019ko uztailaren 18a.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Jane Hamilton Hall (1915-1981): ‘Clementine’-ren ikuskatzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Hesiez inguratuta, baina horien inpaktua guztiz ulertu gabe
Hesiak azkar zabaltzen ari dira munduan, eta horrek animalia espezie asko kaltetu ditu. Batzuetan, gainera, beste espezie batzuk babesteko martxan jarri diren hesien ondorioz etorri da kaltea.
Ez dakigu noiz eraiki zen lehen hesia. Seguruenera, animalien etxekotzearekin batera gertatuko zen, animalia horiek aldendu ez zitezen. Planeta osoko kultura desberdinetan mugarri horietako bat errepikatu zen noizbait; baten batek hesi bat jarri eta “hor barruan dagoena, nirea da” esan zuenekoa. Zurez edo agian adobez egindako lehen hesi horiek ez zaizkigu iritsi, eta harri zurrunez egindako harresiak dira kontserbatu direnak.
Jatorria edozein izanda ere, argi dago egitura bezala arrakasta itzela izan dutela: gaur egun, gizakiek egindako egituren artean, zabalduenetakoak dira. Eta ez da iraganeko kontua: mendebaldeko herrialdeak hasiez josita daude dagoeneko, baina garapen bidean dauden herrialdeetan asko ugaritzen ari dira orain. Bertara iristen ari dira, abiadura bizian, lurren pribatizazioa eta horrekin batera doan eremuen zatiketa.

Ingurumenarekin harremana duten beste arlo askotan bezala, oraingoan ere prozesuen abiadura hain azkarra izatea da kezka gehien eragiten duena. Afrikan bereziki aldaketak hain agudo gertatzen ari dira ezen animalia askok ez baitute izan nahikoa denborarik hesi berri horietara egokitzeko. Hori da ikertzaile talde batek egin duen oharpena, hesiek ekosistemetan dituzten eraginei buruz BioScience aldizkarian argitaratutako berrikuspen zabal batean. Azken hau ez da topiko bat: zabala diogunean, zabala diogu: 1948-2018 tartean gaiaren harira argitaratu diren 446 ikerketa kontuan hartu dituzte lanean. Bada, zientzialari hauen hitzetan, hesi hauen zabalpen bizkorrak “ekosistema lokalen kolapsoa” ekarri du.
Harresietan eta bestelako egituretan ez baizik ohiko hesietan zentratu dira: normalean bertikalean txertatutako zutoinak eta horiek lotzen dituzten egitura horizontala ez jarraituak dituztenak, hain justu. Horien ezaugarria da, hein handi batean, espeziearen arabera iragazkorrak izan daitezkeela. Eta horiek dira, hain zuzen, zabalduen daudenak.
“Modu sinple batean esatearren, hesitutako mundu batean irabazleak eta galtzaileak daude”, laburbildu du prentsa ohar batean Alex McInturff ikertzaileak. Agian kezkagarriena da batzuetan gizakiak nahita bultzatu dituela hesi horiek espezie zaurgarri batzuk babesteko; baina, bueltan, beste espezie asko kaltetuak izan dira. Zientzialariek diotenez, espezie bat babesteko eraikitako hesiei buruz egindako ikerketetan, %10ek besterik ez dute kontuan hartzen beste espezieetan izandako eragina. Australiaren adibidea jarri dute: bertan hesiak arrakastaz erabili izan dira hainbat espezie babesteko, baina narrastietan txarrerako eragina izan dute; bereziki, Chelodina longicollis espezieko dortoketan sortu dute inpaktu handia.
Dena dela, dortokena ez da kasurik esanguratsuena. Mugikortasun handiaren beharra duten espezieak dira arazoa gehien nozitzen dutenak: migrazio erraldoiak egiten dituen Ñu urdina (Connochaetes taurinus) jarri dute adibidetzat, baina, seguruenera, beste asko badira munduan.
Europaren kasuan, autoen eta animalien arteko talkak ekiditeko autobide eta autobien inguruan jarri diren mugak kontuan hartu behar dira, baina baita landa eremuko ustiategietan eta mendietan abereak kudeatzeko jarritakoak ere.

Bestalde, hasiak azkar zabaltzen diren modu berean, azkar hondatzen dira ere, eta horrek pisu handia izan dezake eraginari begira. Izan ere, mantentze egoeraren arabera, hesiaren inpaktua guztiz desberdina izan daiteke, bai onerako zein txarrerako. Adibidez, kontserbazionistek aspalditik dakite espezie inbaditzaileek berehala aurkitzen dituztela hesietan sartzeko moduko hutsuneak. Honi dagokionez, azaldu beharra dago normalean ekologoek espezie jeneralistak eta espezialistak bereizten dituztela. Jeneralistak ondo egokitzen dira aldaketa gehienetara, eta aldaketa horiek azkar izaten direnean irabazle ateratzen dira gehienetan. Espezialistak, berriz, oso biotopo zehatzetara ohituta daude, eta, aldaketak daudenean, haien populazioak maldan behera izateko arriskua asko handitzen da.
Hortaz, eta lehen begirada batean gizakioi hesi xume bat inpaktu gutxiko egitura iruditu ahal bazaigu ere, espeziaren arabera, egitura hauek oso problematikoak izan daitezke. Habitaten itxiera, endogamia zein horren ondorengo pobrezia genetikoa abiatu dezaketen populazioen zatiketak edota baliabideak ematen dituzten ekosistemen aldaketa dira arazo horietako batzuk.
Egileek diotenez, mundu osoan zehar barreiatuta dauden arren, askotan hesiak ez dira kontuan hartzen eskualde batean dauden inpaktu antropogenikoak lantzen dituzten ikerketetan. Are gehiago, horien ikerketa nahiko zaila dela nabarmendu dute. Adibidez, satelite bidezko irudietan ez dira batere ondo ikusten, eta, hautematea posible den kasuetan ere, hesien benetako egoera zein den baloratzea ez da posible. Hortaz, tokian tokiko behaketak behar dira hesien benetako egoeraren berri izateko, eta horrek, noski, izugarrizko ahalegina eskatzen du. Horregatik da hain zaila horien inguruko jarraipena egitea.
Ondorioz, egitura horiei arreta gehiago jartzeko eskatu dute, are gehiago kontutan izanda askotan hesiak kontserbazio estrategietan tresna modura erabiltzen direla, baina ezusteko ondorioak izan ditzaketela. Harago joanda, hesiak kentzeko programak bultzatzeko eskatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:McInturff A. et al. (2020). Fence Ecology: Frameworks for Understanding the Ecological Effects of Fences. BioScience, biaa103. DOI: doi.org/10.1093/biosci/biaa103
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Hesiez inguratuta, baina horien inpaktua guztiz ulertu gabe appeared first on Zientzia Kaiera.
Suteak eta sugar-atzeratzaileak
Suteak gogor astintzen ari dira Estatu Batuetako mendebaldea: dagoeneko bi milioi hektarea erre dira Kalifornia, Oregon eta Washingtonen. Orain dela aste batzuk oihartzun handia izan zuen Oregoneko argazki batek nazioarteko hedabideetan. Argazkian Talent hiriko kaleak ikus daitezke, gorriz tindatuta. Kolore gorri hau sugar-atzeratzailearena da, sutea geldiarazten laguntzeko kaleetan zehar barreiatu zen substantziarena, alegia.

Sugar-atzeratzaileak mendien edo zelaien errekuntza atzeratzeko erabiltzen diren konposatuak dira, ura lurrundu eta gero hesi moduan jokatzeko gai direnak. Konposatu hauek koloredunak izaten dira: zuriak edo gorriak; modu horretan begi-bistaz erraz ikus daiteke zer eremu estali diren sugar-atzeratzailearekin. Horretaz gain, badaude gorriak diren konposatuak baina argiaren eraginez kolore marroixka hartzen dutenak.
Sugar-atzeratzaileen konposatu aktiboak amonio fosfatoak edo sulfatoak dira. Amonio sulfatoa sugar-atzeratzaile gisa erabiltzea Joseph Louis Gay-Lussac-ek, kimikari eta fisikari frantziarrak, proposatu zuen 1821ean, eta 1950etik erabili izan dira suteen aurka. Amonio fosfato edo sulfatoez gain beste konposatu batzuk ere gehitzen zaizkie sugar-atzeratzaileei, hala nola, substantzia lodigarriak, atzeratzailea hegazkinetik jaurtitzean gehiegi hedatu ez dadin.
Amonio fosfatoaren mekanismoa sugar-atzeratzaile gisa oso ezaguna da: fosfatoek zelulosarekin erreakzionatzen dute (zelulosa egurraren konposatu nagusia da) eta fosfato esterrak osatzen dituzte. Suak ester hauek deskonposatzen ditu eta errautsa sortzen da. Errauts honek gainestaldura babesle gisa jokatzen du eta sutearen hedatzea mantsotzen du.
Konposatu hauek ongarri modura ere jokatzen dute; beraz, sute bat egon eta gero, erabilgarriak dira basoberritzean. Hala ere, aipatu behar da uretako izakientzat arriskutsuak izan daitezkeela, uretan gatza disoziatu eta amoniakoa sortzen baita. Hori dela eta, saihestu egiten da ibai edo lakuen inguruan konposatu hauek barreiatzea.
Suteen aurkako beste konposatu multzo bat su-itzalgailu aparrak deritzenak dira. Hauek erregaiak sua hartzeko duen gaitasuna murrizten dute uraren lurruntzea atzeratuz eta ur-erretentzioa areagotuz; gainera erregaia airetik isolatzen dute. Apar hauek egiteko, surfaktanteak, apar-egonkortzaileak eta disolbatzailea erabiltzen dira, besteak beste. Hala ere, aparren desabantaila nagusia da, behin ura lurrundu delarik, ez dutela konbustioa murrizten.
Erreferentzia bibliografikoa:Gaikowski, M. P.; Hamilton, S. J.; Buhl, K. J.; McDonald, S. F.; Summers, C. H. (1996). Acute toxicity of three fire-retardants and two fire-suppressant foam formulations to the early life stages of rainbow trout (Oncorhynchus mykiss). Environmental Toxicology and Chemistry, 15, 1365-1374. DOI: https://doi.org/10.1002/etc.5620150816
Iturriak:- Hogue, Cheryl (2011). Seeing Red. Chemical & Engineering News, 2011ko abuztuaren 29a.
- Brunning, Andy (2019). Periodic Graphics: Suppressing wildfires with chemistry. Chemical & Engineering News, 2019ko azaroaren 24a.
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
The post Suteak eta sugar-atzeratzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kobaltoa, metal urria, baina oso beharrezkoa
Kobaltoaren ezaugarri ezagunena honako hau da: elementu horretaz osatutako konposatu jakin batzuek beirazko, esmaltezko eta zeramikazko piezei ematen dieten kolorea. Urdin kobaltoa –horrela deitzen zaio kolore horri– kobalto aluminato eta silikatoekin egindako pigmentu mineralen kolorea izaten da, baita kobalto fosfato eta alumina nahasketekin egindakoena ere.

B12 bitaminaren gune aktiboa ere bada kobaltoa. Bitamina hori, kobalamina ere deitua, metabolismo zelularrean parte hartzen duen koentzima bat da. Adibidez, azido desoxirribonukleikoaren sintesian parte hartzen du, baita gantz azidoen eta aminoazidoen metabolismoan ere. Nerbio sistemarako bereziki garrantzitsua da, neuronen axoiak biltzen dituen lipido estalduraren ekoizpenean duen eginkizuna dela eta, baina globulu gorriek ere B12 bitamina behar dute hezur muinean heltzeko.
Apainketarako erabileraz eta eginkizun biologikoaz gain (B12 bitaminaren bidez), industrian ere aplikazio ugari ditu kobaltoak. Elementu horren eskari handia bateria elektrikoen elektrodoetan erabiltzeko. Horregatik, ibilgailu elektrikoen ekoizpena azkar handitzen ari denez, kobaltoaren eskaria ere erritmo bizian ari da handitzen. Izan ere, kalkuluen arabera, datorren urtean ezinezkoa izango da automobilgintzarako behar den kobalto guztia erauztea, eta hori ibilgailu elektrikoen ekoizpena handitzeko oztopo handia izango litzateke.
Kobaltoa lurrazalaren % 0,003 da. Meatzaritzaren bidez erauzten da; normalean, kobrearen eta nikelaren erauzketarekin lotuta. Zenbait kalkuluren arabera, metal horren meatzaritza erreserben guztizko kopurua zazpi milioi tonakoa baino pixka bat handiagoa da; horietatik gutxi gorabehera erdia Kongoko Errepublika Demokratikoan dago.
Hala, ez da harritzekoa mineral urri hori lortzeko meatzaritzaz bestelako metodoak bilatzeko ahalegin sutsuak egitea. Kontua da ozeanoetan kobalto kopuru izugarria dagoela, bostehun milioi tona. Hau da, itsasoetan dagoen kobalto kopurua lurrazalekoa baino hirurogeita hamar aldiz handiagoa da, beraz, batzuk hori nola erauzi pentsatzen hasi dira. Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) Maha Hajik eta Alexander Slocum ikertzaileek horretarako adsortzio pasiboko teknologietara jotzea proposatu dute; material askok substantzia jakin batzuk modu pasiboan harrapatzeko (energia gastatu gabe) duten propietatean oinarritutako teknologiak dira.

Dirudienez, kobaltoa algetara eta beste produktu organiko oparoetara erraz itsasten da. Eta MITeko ikertzaileek erabiltzen ez diren petroliorako zulaketa dorreak baliatzea proposatzen dute; dorreetan sokak jarri eta haietatik hondartza baloien tamainako plastikozko esferak zintzilikatzea, hain zuzen. Esferak behar bezala zulatuta egongo lirateke eta barruan material adsorbatzaile egokienak jarriko lirateke. Zenbait astean behin, baloiak jasoko lirateke, kobaltoa kenduko litzaieke eta berriz ere soketatik zintzilik jarriko lirateke. MITeko ikertzaileen kalkuluen arabera, gaur egun erabiltzen ez diren hirurogeita hamasei petrolio plataforma baliatuz, urtean ibilgailu elektrikoetarako milioi erdi bateria egiteko bezainbeste kobalto lortu ahal izango litzateke. Antzeko prozedura erabiliz uranioa lortzeko egin diren laborategi probetan daude oinarrituta kalkulu horiek. Arazoa da itsasoko uretan dagoen kobalto kopurua uranioarena baino zortzi aldiz txikiagoa dela eta prozedura horrek, oraingoz, oso kostu handia izango lukeela. Baina agian ordaintzeko modukoa izango da, zenbait faktoreren arabera, hala nola baterien guztizko kostuaren zenbateko proportzioa kostatzen den, eta jendeak ibilgailu elektrikoak erosteko duen interesa, besteak beste.
Iturria:Haji, Maha N. & Slocum, Alexander H. (2019). An offshore solution to cobalt shortages via adsorption-based harvesting from seawater. Renewable and Sustainable Energy Reviews, 105(C), 301-309. DOI: 10.1016/j.rser.2019.01.058
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Kobaltoa, metal urria, baina oso beharrezkoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
Toki bateko geologia ulertzeko modu on bat mapa geologiko bat aztertzea da. Mapa horiek eskuragarri dauden datu geologikoen laburpenak dira, eta eskualde bakoitzeko historia geologikoa azaltzeko balio dute. Mapa horietan, inguruko arroka motak, horien adina, arrokak deformatzen dituzten egiturak (tolesdurak, failak…) eta interes ekonomiko eta industriala duten mineral meatokiak ageri dira.
Bilbo Handiko mapa geologikoa behatzen badugu, ikusiko dugu, oro har, ezkerraldea okupatzen duten arrokak kolore berdez ageri direla; eskuinaldekoak, berriz, laranjaz ageri dira (1. ilustrazioa). Kolore desberdinak izateko arrazoia ez da estetikoa: arroken adinari buruzko informazioa ematen digu. Arroka sedimentarioak dira kasu bietan, baina berdez ageri direnak duela 125 milioi urte sortu ziren, Kretazikoan; laranjaz ageri direnak, aldiz, duela soilik 45 milioi urte sortu ziren, Paleogenoan.
Hain zuzen, Kretazikotik Paleogenora igarotzean, meteorito batek talka egin zuen Lurraren aurka, eta dinosauroak eta beste espezie ugari desagertzea eragin zuen. Historia geologikoan, une horri KT muga deritzo, eta ondo kontserbatuta dago eskuinaldeko arroketan. Alabaina, Bilbo Handiko arroka guztiak ez dira sedimentarioak: mapa geologikoan morez ageri diren arrokak arroka igneo bolkanikoak dira.

Arroka horien azterketa xehatua, bai lurrean bertan egindakoa, bai analisi kimikoen zein xafla finen azterketa mikroskopikoaren bidez egindakoa, erabilgarria da geologoek arroka horiek sortu ziren ingurunea berreraiki ahal izan dezaten.
Arroka sedimentarioen kasuan, badakigu itsaso bero baten hondoan pausatu zirela, bertan aurki ditzakegun fosilei esker (koralak eta errudistak, besteak beste). Gainera, zein sakoneratan zeuden ere jakin dezakegu; adibidez, kareharriak plataforma kontinentalean eratu ziren, sakonera txikian. Flysch erako arroka sedimentarioak, hareharriak eta margak txandakatzen dituztenak, plataforma eta ezponda kontinentaletik askatutako sedimentuen fluxuaren eraginez sortu ziren, sakonera handiagoan.
Inguruan ditugun arroken itsas jatorria berresten dute, halaber, arroka bolkanikoek. Xehetasunez aztertzen baditugu, adibidez Meñakoz kalan, ikusiko dugu tutu luzexkak eta forma biribilduak dituztela, eta forma horiek ohikoak dira pillow-lavas izeneko arroketan. Arroka horiek gaur egun Hawaiin eratzen ari diren eta Euskadi Kretazikoan eratu ziren itsaspeko kolada mota bat dira.

Baina sedimentuak metatzeko eta arrokak eratzeko prozesu hori ingurune dinamiko batean gertatu zen. Itsasadarra eta haren bazterrak Pirinioen mendebaldeko amaieraren parte dira, eta iberiar plaka tektonikoaren eta europar plaka tektonikoaren arteko talkaren eragin handia jasaten dute; hain zuzen ere, talka horrek eragin zuen piriniar katea eratu eta altxatzea orogenia alpinoa deritzon garaian. Prozesu horrek milioika urte iraun zuen eta inguruan ditugun arrokak dardararazi eta deformatu zituen.
Egun, prozesu hori nolakoa izan zen birsortzeko baliagarriak diren aztarnak/egiturak ikus ditzakegu. Arrokak nola antolatzen diren sakon ulertzeko modu bat ebaki geologikoak behatzea da. Bilbo Handiaren kasuan, arrokek bi tolesdura handi irudikatzen dituzte (eskala kartografikoan) eta tolesdura horien arteko muga osatzen duten hainbat faila ageri dira. Egitura horiek berebiziko garrantzia dute; izan ere, sare hidrografikoaren garapena baldintzatzen dute, besteak beste. Hala, Nerbioi ibaia megaegitura horiekiko paralelo doa eta bokalea Bilboko faila deritzonaren trazatuaren gainetik igarotzen da.

Dena den, Nerbioi ibaiaren garapen industrial eta ekonomikoan eragin handiena izan duen alderdi geologikoa ezkerraldeko mendietan burdin mineral erreserba erraldoiak egotea izan da. Burdin mineralizazio horien sorrera azaltzen duen hipotesietako bat hipotesi diagenetikoa edo metasomatikoa da (Gil-Crespo, 2016) [1].
Hipotesi horren arabera, itsas hondoan 4km baino gehiagoko sedimentuzko zutabe batek egindako presioaren eraginez, tenperatura altuko (210 ºC) fluido kantitate handiak sedimentu metaketan gora joan ziren eta, bide horretan, sedimentu horietan zeuden metalak kontzentratu eta garraiatu egin zituzten. Burdin, magnesio eta manganeso askoko fluido horiek erreakzionatu egin zuten metaketa sedimentarioan tartekatuta zeuden kareharrizko bandekin, eta horiek eraldatu eta burdin karbonato eta magnesioz ordeztu zituzten (siderita). Aurrerago, orogenia alpinoak eragindako deformazio eta hausturaren eraginez, siderita masa horiek gainazalera atera eta oxidatu egin ziren, airearekin eta urarekin kontaktuan; hala, hematite eta goethita hobiak sortu ziren.

Esandako guztia kontuan hartuta, ondoriozta dezakegu Nerbioi ibaian ageri diren arroka, faila, tolesdura eta mineralen banaketa egokirik gabe, Bilbo Handiko biztanleen geografia, historia, ekonomia eta, are, idiosinkrasia egun direnaren oso bestelakoak izango liratekeela. Hala, baliteke ibaiaren egungo ibilgua beste bat izatea, edo Shakespearek bilbo ezpatak ez aipatzea, edo industrializaziorik ez egotea edo, okerrago dena, “all-iron” ez abestea.
Bibliografia:[1] Gil-Crespo, P.P., (2016). Introducción a la geología y mineralogía de los yacimientos de hierro de Bilbao. Ed: Orue-Etxebarria, X., Apellaniz, E. eta Gil-Crespo, Historia del hierro en Bizkaia y su entorno (19-52 orr.). Bilbo, Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen-zerbitzua.
Egileez:Nestor Vegas eta Lidia Rodríguez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geodinamika Saileko ikertzaileak dira.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
The post Aliron, aliron, Nerbioiko geologia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #321
Koronabirusak eragin duen krisi honen kariaz, immunitate-sistemari buruzko ezagutzak garrantzia hartu du. Berriako artikulu honetan, Biocruces Bizkaiako ikertzaile Francisco Borrego immunopatologoaren azalpenak bildu eta immunitate sistemari buruzko ideia batzuk agertu dituzte. Ez galdu!
Miren Basaras mikrobiologoak kontzeptu interesgarri bat dakar Berriako testu honetan: antigorputz okerrak. Bertan, azaltzen du COVID Human Genetic Effort nazioarteko partzuergoko ikertzaileek argitaratu berri duten lanetan aurkitu dutela COVID-19 larria duten pazienteen %10ek autoantigorputz neutralizanteak dituztela. Hauek dira antigorputz okerrak, pertsona baten sistema immunearen kontra egiten dutenak, alegia.
Adrian Aginagalde epidemiologoa elkarrizketa dute Berrian, pandemiaren bigarren olatua dela eta. Bertan, bizi dugun egoeraz, hartu behar diren neurriez eta beste konfinamendu bat izatearen posibilitateaz mintzatu da, besteak beste.
SARS-CoV-2aren transmisioaren oinarria gero eta gehiago ezagutzen da, Science aldizkarian ikertzaile batzuek esan duten arabera. Infekzio gehienak, % 46-66, etxeetan eta egoitzetan gertatzen dira eta horretaz gain, transmisio komunitarioa azpimarratu dute. Elhuyar aldizkarian duzue irakurgai artikulua osorik.
BiologiaBilboko itsasadarrari buruzko artikulu-sortarekin jarraituz, asteon planktonari buruz aritu dira egileak testu honetan. Planktona, uretan esekita dauden organismo txikiz osatuta, garrantzizkoa da uretako ekosistemetan. Zer motatako planktonak daude Bilboko itsasadarrean? Eta zer onura dakartza? Artikuluan xehetasunak aurkituko dituzue.
Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien gaitzei deitzen zaie zoonosia. Artikulu honetan azaltzen den moduan, azken hilabeteotan entzun dugun SARS-CoV-2 da orain arte ezagutu dugun azken birus zoonotikoa. Oro har, beste birus zoonotikoen errepasoa duzue irakurgai hemen, SARS-CoV-1 eta 1918ko pandemia, kasu.
AstronautikaOsiris-Rex zunda espazialak lortu du Bennu asteroidetik lagina hartzea. Zundak bi urte eman ditu asteroidearen inguruan orbitatzen, Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, eta nitrogeno konprimitua azalean botaz, harrotutako partikulak jaso ditu xurgagailu batez. 2023an Lurrera iritsiko dira laginak.
FisikaGiro-tenperaturan supereroalea den material bat lortu dute, 15 ºC-tan, zehazki, Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez. Hauxe lorpen handia da material supereroankorrak erabiltzen hasteko bidean. Hurrengo erronkari begira ari dira ikertzaileak: giro-tenperaturako supereroalea giro-presioan sortu ahal izatea.
TeknologiaEdmond de Belamy artelanaren kasua azaldu digu Juanma Gallegok artikulu bitxi honetan. Adimen artifizialak egindako koadro hau dirutza baten truke saldu zuten 2018an. Artelan hartatik abiatuta, ikertzaile talde batek jakin nahi izan du adimen artifizialak kasu honetan duen pisua. Ikertzaileek argudiatu dute hizkera antropomorfikoa erabiltzeak berehalako arrakasta ekarri zuela.
GenetikaAlpeetako zilar-koloreko inurrien koloniak bi motatakoak izan daitezke: erregina bakarra dutenak eta bat baino gehiago dutenak. Badirudi portaera sozial hori gene-mekanismo batek azal dezakeela; supergene batek kontrolatzen du hori! Beti dira interesgarriak Koldo Garciak ekartzen dizkigun gaiak. Ez galdu!
CRISPR teknika berriz hartu du protagonismoa. Dakigunez, aurtengo Kimikako Nobel saria Jennifer A. Doudnak eta Emmanuel Charpentierrek jaso dute teknika hori garatzeagatik. Berriako artikulu honetan horri buruz gehiago jakiteko aukera duzue: zer da? Zertarako balio du? Sortu al da horren inguruan arazo etikorik?
Ikerketa berri batean neanderthalen eta denisovarren Y kromosomak sekuentziatu dituzte, eta ikusi dute neanderthalen Y kromosomek, denisovarrekin baino gehiago, gurekin dutela ahaidetasunik handiena. Informazio gehiago Berriako artikuluan.
Edonola blogean, genetikaren eta COVID-19aren arteko harremanari heldu dio Koldok. Ikerketa ugari abiatu dira COVID-19a pairatzean norberaren geneek eragina ote duten ikertzeko. Azaltzen digu, adibidez, lan batean bi gene-eskualde detektatu zirela COVID-19 larria izatearekin lotura zutenak.
Genetikaren etorkizunaz eta arloak duen erronkez irakurri nahi baduzu, astero Koldok bere blogean zientzia-pilula interesgarriak idazten ditu. Gaurkoa: Alexander Meissneren, Max Planck Institutuko genetika molekularreko sailaren zuzendariaren burutazioak: epigenomaren geruzak argitzea da giltzarria.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #321 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #325
Zenbait nutriente kantitate egokian ez hartzeagatik herri batzuk baxuagoak direla pentsa liteke. Ikerketa batek genetikoa dela dioen arte: A common gene variant associated with short height in Peruvians Rosa García-Verdugoren eskutik.
Noiz esan daiteke gure arbasoek erabat gizaki izan zirela? Gizaki eta inteligente harreman biunibokoa dela suposatuta, noski. Nick Longrichen When did we become fully human? What fossils and DNA tell us about the evolution of modern intelligence
Partikula esferikoko erradiazio elektromagnetiko dispertsiorako Maxwell ekuazioei erantzun analitikoa da Mieren teoria. Izugarrizko interesa du honek nanomunduan. Kerkerren lehenengo baldintza (ezaugarri jakin batzuk dituzten partikulatan erradiazioak ez du erasotzen duen norabidean ez duela errebotatzen dio) ikertzen, DIPCk gauza bitxia topatu du: An intriguing link between Kerker conditions and energy conservation from fundamental principles
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #325 appeared first on Zientzia Kaiera.
Daltonismoaren historia
Ibilbide luzea eta emankorra izan zuen John Dalton zientzialari britainiarrak. Kimikaria, fisikaria eta matematikaria izan zen. Eta, daltonismo izenarekin ezagutzen dugun alterazio genetiko batekin jaio zen. 26 urterekin konturatu zen ez zituela koloreak gainerakoek bezala bereizten, eta gaitz horren zergatia aztertzen hasi zen. Lan horren emaitza izan zen 1794. urtean argitaratu zuen “Koloreen ikusmenari buruzko gertaera bereziak” artikulu zientifikoa. Bertan, koloreak desberdin hautematen dituztenei eragiten dien aldaketa hori deskribatu zuen.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren pasarteak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Daltonismoaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Inurriak, erregina hiltzaileak eta supergene berekoiak
Alpeetako zilar-koloreko inurriek (Formica selysi) bereizgarria dute iletsuak izatea eta bizi izatea Pirinioetatik Alpeetara eta Vosge mendietatik Ipar Apeninoetara. Inurri espezie honetan koloniak bi motatakoak izan daitezke: erregina bakarra duten koloniak edo erregina bat baino gehiago dituzten koloniak, hain zuzen ere. Portaera sozial hori gene-mekanismo harrigarri baten bidez azal daiteke.
Aurretik egindako ikerketei esker jakina zen Alpeetako zilar-koloreko inurrien kolonien egitura supergene baten menpe zegoela. Supergene esaten zaio batera heredatzen den genen multzoari, hots, gene bakarra balitz bezala transmititzen den gene-eskualdeari. Hortaz, gene horietan kokatzen diren gene-aldaerak ere batera heredatzen dira, haplotipo izena ematen zaien gene-aldaera jakinen konbinazioen bidez, hain zuzen ere. Supergeneek ezaugarri konplexuak kontrolatu ohi dituzte; eta batera heredatzeak abantaila ebolutiboren bat izan ohi du; adibidez, ezaugarri konplexu horretan parte-hartzen duten gene guztien informazioa modu koordinatuan transmititzea. Gainera, inurrietan emeek –beste edozein animaliatan bezala– bi gene-kopia dituzte, eta arrek bakarra. Hortaz, emeek supergene horretan bi haplotiporen informazioa eramango dute eta arrek bakarra.

Esan bezala, Alpeetako zilar-koloreko inurrien koloniek erregina bakarra ala bat baino gehiago izateak supergene batek kontrolatzen du. Erregina bakarreko kolonietan, emeek Sm deitutako haplotipoaren bi kopia dituzte; erregina bat baino gehiagoko kolonietan, ordea, emeek Sp deitutako haplotipoaren bi kopia dituzte edo Sp eta Sm haplotipoen kopia bana. Baina Sp eta Sm haplotipoak dituzten erreginen kolonia horietan gertaera arraro bat jazotzen da. Sp eta Sm haplotipoak dituzten emeak Sm haplotipoa duten harrekin gurutzatzen direnean ez dira gai sortzeko Sm haplotipoa duten arrak edo Sm haplotipoaren bi kopia dituzten emeak. Hau da, zerbaitek eragozten du erregina bakarreko koloniak kodetzen dituzten gene-aldaerak transmititzea erregina bat baino gehiago kodetzen duten gene-aldaerak emeen genoman presente daudenean. Hori dela eta, ikertzaileek uste dute erregina bat baino gehiago kodetzen duen haplotipoak –Sp haplotipoak, hain zuzen ere– supergene berekoi modura jokatzen duela, bere transmisioa bultzatzen baitu erregina bakarra kodetzen duen haplotipoaren –Sm haplotipoaren– kaltetan.

Supergene berekoi horrek beste haplotipoaren transmisioa nola oztopatzen duen aztertzeko, ikertzaile-talde batek hainbat esperimentu diseinatu zuen hiru mekanismo posible aztertzeko: gametoetan –ugalketa sexualean parte hartzen duten zeluletan, hots, emeen arrautzetan eta arren espermatozoideetan– Sp haplotipoa gainordezkatua ote zegoen ikusteko; Sp haplotipoa duten inurri langileek Sm haplotipoa duten indibiduoak hiltzen ote zituzten ikusteko –bizar berdea efektua izenez ezagutzen den gertaera, hau da, ezaugarri jakin bat dutenekin lehentasunezko tratamendua izatea–; eta bakarrik Sp haplotipoa duten indibiduoak heldutasunera heltzen ote ziren ikusteko, hau da, erreginen eraginez Sm haplotipoa zuten ondorengoak hiltzen ote ziren ikusteko.
Bizar berdea efektua alboratutaAipatutako esperimentu horiek egiteko, Sp eta Sm kopia bana zuten erreginak Sm arrekin gurutzatu zituzten ikertzaileek.
Ernaldutako arrautzak aztertzerakoan ikusi zuten arrautzen erdi batek Sp eta Sm kopia bana zuela eta arrautzen beste erdiak Sm bi kopia. Hau da, Mendelen legeak jarraituta itxaron daitekeen proportzioa. Hortaz, gametoek erakusten zutenak ez zuen laguntzen helduetan haplotipoen artean dagoen aldea azaltzeko.
Hala ere, erregina bakarreko haplotipoa bakarrik zuten arrautzak –hots, Sm haplotipoaren bi kopia zuten arrautzak– ez ziren gai eklosionatzeko. Berdin zion arrautza horiek zaintzen zituzten langileak Sp haplotipoa zuten ala ez, edota arrautzei jaramonik egitea zein ez; era batera nahiz bestera, ez ziren gai eklosionatzeko.
Esperimentua egin zenean erregina bakarreko haplotipoa zuten emeekin, –hau da, Sm haplotipoaren bi kopia zuten emeak Sm haplotipoa zuten arrekin gurutzatzean–, Sm haplotipoa bakarrik zuten arrautza horiek arazo gabe eklosionatzen ziren, Sp haplotipoa zuten langileek zaintzen bazituzten ere. Hortaz, inurri-langileek ez zuten inongo zerikusirik helduetan haplotipoen artean dagoen aldea azaltzeko; hori horrela, bizar berdea efektua baztertuta gelditu zen.
Ondorioz, mekanismo bakarrak azal lezake Alpeetako zilar-koloreko inurrien kolonietan jazotzen den aipatutako gertaera arraro hori: Sp haplotipoa duten erreginek, nolabait, Sp haplotipoa ez duten ondorengoak hiltzen dituztela. Supergene baten baitan hainbat gene daudenez, eta haplotipo bat gene-aldaeren konbinazio jakin bat denez, gerta liteke haplotipo horren baitan toxina baten eta bere antidotoaren gene-informazioa egotea, ahalbidetzen duena Sp haplotipoak Sm haplotipoa hiltzea.

Hainbat erreginako haplotipoak erregina bakarreko bere kidea horrela hil badezake, nola ez da gailendu eta zergatik ez dute Alpeetako zilar-koloreko inurriek bakarrik Sp haplotipoa? Hori da ikertzaileek orain aztertu nahi dutena. Behin jakinda Sp haplotipoak gene berekoi modura funtzionatzen duela eta Sm haplotipoa hiltzen duela, jakin nahi dute nola den posible Sm haplotipoak populazioan irautea. Mekanismo posible modura proposatzen dute hautespen-presioa ezberdina izatea haplotipoaren arabera –adibidez, Sp haplotipodun inurriak koloniatik kanpoko mugimendua mugatua izatea– edota Sp haplotipoak ondorengo gutxiago izatea.
Laburbilduz, Alpeetako zilar-koloreko inurrien gizarte-antolaketa ezartzen duten geneak supergenea balira bezala antolatzen dira; eta supergene horretan modu berekoian funtzionatzen duen gene-aldaera konbinazio batek erregina hiltzaileak sortzen ditu. Horrela, inurri horien kolonien egitura gene-aldaeren arteko norgehiagokaren isla besterik ez da. Orain gure buruei galde diezaiekegu, hori inurri hauetan bakarrik gertatzen al da ala beste animalia sozialetan ere bai?
Erreferentzia bibliografikoak:Clyde, D. (2020). Killer queens and supergenes. Nature Reviews Genetics, 21 (580). DOI: 10.1038/s41576-020-0279-z
Avril, A. et al. (2020). Maternal effect killing by a supergene controlling ant social organization. Proceedings of the National Academy of Sciences, 117 (29), 17130-17134. DOI: 10.1073/pnas.2003282117
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Inurriak, erregina hiltzaileak eta supergene berekoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Norena izango da adimen artifizialak sortutako artea?
Teknologia aurkezteko erabiltzen den hizkerak zeresan handia izan dezake adimen artifizialari buruz dugun pertzepzioan. Aurkezteko moduaren arabera, algoritmoa gizatiartzeko joera indartzen da.
Auto autonomo batek istripua eragin du, eta epaile batek programazio akats bati leporatu dio. Azken minutuetan sare sozialetan zabaldutako deepfake batek hauteskunde baten emaitzak hankaz gora jarri ditu, gobernua aldatuz. Alerta goiztiarreko sistema automatizatu batek ebaluazio okerra egin du, kontraeraso nuklear bat abiatuz. X herrialdearena den drone bat Y herrialdetik hackeatua izan bide da, eta Z herrialdeko biztanleen aurka oldartu da.

Zorionez, momentuz ez dira gauzatu diren arriskuak, baina dagoeneko gerta daitezke. Halako egoeretan, gauzak okertzen direnean, gizakiok iaioak gara erruak banatzen. Garaiaren edo norberaren gustuen arabera, errudunen katalogo oparoa dugu eskura. Errua izan daiteke gizartearena, sistemarena, kapitalismoarena, sozialismoarena, heteropatriarkatuarena, alboko herrialdeko biztanleena, aita-amaginarrebena edo Olentzerorena. Azken urteetan, gainera, petxeroen katalogo zabalean algoritmoak ere sartu dira.
Txantxak alde batera utzita, egia da teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintzatik abiatzen diren galdera mordoa sortzen ari direla. Askotan esaten da fenomenoak ezustean harrapatuko gaituela, teknologia filosofia baino askoz azkarrago doalako. Ez da egia. Teknologiak gure gizarteetan duen eta izango duen eraginaz buru-belarri hausnartzen ari diren pentsalari asko badira munduan, kolore eta mota guztietakoak. Eta proposamen zehatzak dituzte, informazio teknologien iraultzan ahalik eta hoberen murgildu ahal izateko. Arazoa da horiei normalean ez zaiela kasurik egiten, eta sakelakoen notifikazioen tintin-hotsek eta Youtuberen atzean dauden algoritmo madarikatuek liluratuta bizi garela.
Dena dela, zalantzarik ez dago adimen artifizialaren erantzukizunen inguruan erantzunak eta adostasunak beharko ditugula. Baina hori, hein handi batean, kontua aurkezten den moduaren araberakoa izan daiteke. Gaurkoan dakargun kontakizuna horren aurrekari txikia da.
Istorioa 2018ko urriaren 25ean abiatzen da. Egun horretan Christie’s enkante areto ospetsuan Edmond de Belamy izeneko erretratua saldu zuten, 432.500 dolarren truke. Salmentaren prezioa hain handia izan zen ezen enkanteak ezusteko galanta sortu baitzuen artearen munduan. Areto etxeak 10.000 dolarreko salneurria espero zuen, baina azkenean dirutza baten truke saldu zuten.
Seguruenera erosleak mugarritzat joko zuen artelana, eta etorkizunean horren balioa biderkatuko zela uste izango zuen. Zergatik ba, mugarri? Enkante horretan adimen artifizialak sortutako lehen artelantzat jo zelako, eta, hein handi batean espekulazio erraldoian oinarritzen den merkatu batean aurreneko edo lehenengo adjektiboek lan baten balioa izugarri handitu dezaketelako.
Edmond de Belamyren erretratuaren kasuan, beheko aldean, sinadura egon ohi den lekuan, erabilitako algoritmoaren zati bat idatzita agertzen da. Mezu inplizitua da: gizakia ez den norbaitek sortu du lana. Baina modu esplizituagoan ere aurkeztu zuten lanaren egiletza, prentsari aurkeztutako oharretan. Horren arabera, adimen artifizialak sortutako lehenengo artea litzateke.

Gauzak, noski, ez dira hain sinpleak. Izan ere, aurretik antzeko ekoizpenak egon dira, eta ez dago batere garbi egiletza hori nori egotzi ahal zaion. Etorkizunean, agian, gauzak bestelakoak izango dira; baina, gaur egungo egoeran oinarrituta, noraino egotzi ahal diogu adimen artifizial bati egintza baten erantzukizuna? Benetan hain funtsezkoa al da adimen horren laguntza? Erantzuna, aurrean aipatu bezala, adimen artifizialari buruzko informazioa aurkezten den moduaren araberakoa izan daiteke.
Kasu honetan, Obvious izeneko talde artistiko batek ekoitzi eta saldu zuen margolana; hori sortzeko kodea Robbie Barrat artistak idatzitako kode askean abiatu zuten. Baina hau guztia Sare Sortzaile Antagonikoei zor zaie (GAN gisa ezagutuak, ingelesezko akronimoa erabilita). Artelanak daraman Belamy abizena Ian Goodfellow GAN sareen asmatzaileari egindako omenaldia da, hurrenez hurren Bel ami eta Good fellow hitzek frantsesez eta ingelesez lagun ona adierazten dutelako. Are gehiago, beste garatzaile batzuek GAN sareak hobetu dituzte, eta DCGAN izenekoak sortu dituzte. Prozesuan jende hori guztia sartuta egon arren, azkenean, Obvious taldekoek eraman dute dirutza guztia.
Sareen arteko lehiaArtelana sortzeko, Errenazimendu garaiko maisuetan abiatuta trebatu zuten algoritmoa, horiek kopiatzen ahalegindu zitezen. Funtsean, hau da GAN sareen funtzionamenduaren oinarria: bi sare neuronal elkarren arteko lehian ari dira; jasotako datuetan abiatuta, lehen sarea patroiak aurkitzen eta antzeko emaitza bat lortzen ahalegintzen da, baina bigarrena lan hori epaitu eta akatsak ateratzen saiatuko da. Prozesua etengabean errepikatzen da, harik eta lehen sareak bigarrenari ziria sartzen dion arte.
Artelan horren salmentan abiatuz, nazioarteko ikertzaile talde batek jakin nahi izan du halakoetan erabilitako hizkerak norainoko eragina duen adimen artifizialak duen rola ebaztean. iScience aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte ondorioak.
Egileek argi dute abiapuntua zein den: Obvious kolektiboak margolana sortzeko prozesuan adimen artifizialak izan zuen garrantzia nahita puztu zuen. Hedabide batzuetan egindako adierazpenetan argi ikusten da kolektiboak berak onartzen duela horixe egin zutela. “Sormena ez da bakarrik gizakientzat” izan zen erabilitako lelo nagusia. Zientzia artikuluan ikertzaileek argudiatu dutenez, “lanaren inguruko hypea handitu aldera, hizkera antropomorfikoa erabili zuten”, eta narratiba horrek, noski, berehalako arrakasta izan zuen hedabide askotan.
Baina argi utzi dute gauzak ez direla horrela. “Adimen artifizialak artelana sortzeko prozesuan rol bat izan zuen arren, Edmond de Belamy ezin zitekeen sortua izan gizakien laguntzarik gabe”, ohartarazi dute zientzia artikuluan. Are gehiago, “adimen artifiziala termino lausoa da, eta modu konplexuan elkarrekintzan ari diren gizaki zein prozesu informatikoen sare bati dagokio”. Egileen ustez, horrek nahasmena sortzen du, eta prozesuan parte hartzen duten aktore nabarmenak zein haien arteko harremanak ulertzeko ezintasuna eragiten du.
Erabilitako hizkeraren eragina aztertu aldera, bi galdetegi osatu dituzte, 127 eta 320 parte hartzailerekin. Horiei bi istorio aurkeztu dizkiete, eta eskatu diete aktore bakoitzari erantzukizuna egotzi diezaietela, haien ustetan bakoitzari dagokion diru kopurua banatuz. Datu basea prestatu dutenak, informatikaria, artista, arte kuradorea eta adimen artifiziala bera daude tartean. Istorio bakoitzak, gainera, bi aldaera izan ditu: batean irabaziak daude, artelana saltzen delako, eta bestean isun bat, irudikatutako prozesuan iruzurra egon omen delako.
Istorio bakoitzean, erabilitako hizkera aldatu dute. Lehen testuan, adibidez, softwareak ImageBrush du izena, eta “gizakiek artea egiteko erabiltzen duten softwarea” dela esaten da; ImageBrushek komando sinpleak exekutatzen ditu, artistak esandakoaren arabera. Bigarrenean, berriz, SARA izendatu dute softwarea, “sortzeko ahalmenarekin artelan berriak planifikatzen eta irudikatzen” dituen sare neuronal sakona, alegia. Erantzunetan sakontzeko, adimen artifizialari buruzko hainbat galdera egin dizkiete parte hartzaileei.
Prentsa ohar batean azaldu dutenez, ondorio argia atera dute: hizkera aldatuta, posible da modu aktiboan jendea manipulatzea, modu horretan gizakienak diren hainbat balore adimen artifizialari egozteko.
Oro har, adimen artifiziala gizatiartu dutenek adierazi dute algoritmoari aitortu behar zaiola egindako lana. Pertsonei buruz galdetuta, prozesuan aritutako teknikariei eta algoritmoa elikatzeko datuak sortu dituztenei aitortu diete balioa, eta ez horrenbeste artistei. Emaitza negatiboa izan denean, eta saria beharrean isuna jarri behar izan denean, orokorrean adimen artifizialari ere bota diete errua.
“Adimen artifiziala gizartean txertatuz doan heinean, gero eta arreta gehiago jarri beharko dugu honetan: nor ote da adimen artifizialak sortutako lanen erantzule? Finean, gizakiak daude adimen artifizial bakoitzaren atzean”, gaineratu dute. “Eta hau bereziki garrantzitsua da funtzionamendu okerren ondorioz kalteak sortzen direnean; adibidez, istripu batean auto autonomo bat tartean sartuta dagoenean”.
Erreferentzia bibliografikoa:Epstein, Z., Levine, S., Rand, D. G., & Rahwan, I. (2020). Who gets credit for AI-generated art? iScience, 23(9), Article 101515. https://doi.org/10.1016/j.isci.2020.101515
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Norena izango da adimen artifizialak sortutako artea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Zoonosia
Beste animalia batzuk kutsatzen dituzten birus eta bakterio gehienak ez dira gizakientzat mehatxu. Baina gutxi batzuk, bai. Oso gutxi dira, baina arriskutsuak; izan ere, zoonosi izenez ezagutzen ditugun gaixotasunak kutsatu eta eragin ditzakete, eta horietako batzuk larriak izan daitezke.

Zoonosiak mota guztietako agente patogenoek sor ditzakete, hala nola prioiek, protozoo parasitoek, birusek, bakterioek eta onddoek. Transmisioa askotariko testuinguruetan gerta daiteke. Transmisio hori gerta liteke maskota batetik, kontsumitzeko hazten edo hiltzen diren animalietatik edo ehizatzen diren animalietatik. Eta gaixotasunaren larritasuna ere aldakorra da. Zoonosi batzuek ez dute hildakorik eragiten, eta beste batzuek –ebolak adibidez– kutsatzen diren gehienak hiltzen dituzte. Gaur egun, bi mila eta bostehun milioi pertsona inguru gaixotzen dira urtero, eta horietatik bi milioi zazpiehun mila inguru hiltzen dira.
SARS-CoV-2 da orain arte ezagutu dugun azken birus zoonotikoa. Koronabirus bat da (birus mota zehatz bat, zeinaren estalkiak, mikroskopio elektronikoarekin begiratuta, eguzki koroa baten antza baitu). Haren jatorria ez da oraindik ezagutzen, baina baliteke zuzenean edo zeharka saguzarrengandik etortzea; era berean, litekeena da gizakietara iristeko trantsizioan pangolina ere tartean egotea. Beste koronabirus batzuk gizakietara pasatu dira duela gutxi. SARS-CoV-1 birusa saguzarretatik palmondoetako zibetetara igaro zen, eta hortik, 2002an, gizakietara. Zortzi mila eta laurehun pertsona hil zituen. Beste koronabirus bat, MERS-CoV izenekoa, ziur asko saguzarretatik dator, baina pertsonei transmititzen zaie dromedarioen bidez. 2012an lehen agerraldia gertatu zenetik, 2.500 kasu erregistratu dira, eta horietatik % 35etan heriotza izan zen emaitza.
Berriki gertatutako gripearen birus batzuek ere jatorri zoonotikoa izan dute, hala nola 2009an eta 2010ean laurehun mila heriotza eragin zituenak. Gripe horren birusak txerrietan zuen jatorria, eta, aldi berean, 1918ko pandemia eragin zuen birusaren ondorengoa zela uste da. 1918ko pandemiari gripe espainiar izena eman zitzaion baina ez da egokia, birus hark hegaztietan baitzuen jatorria. Berrogeita hamar milioi pertsona inguru hil zituen. Izan ere, pandemia larriren bat sortzeko hautagaitzat hartzen dira gripearen birusak, eta hori gertatuko litzateke anduiren batek birulentzia bereziki handia hartuko balu. Arriskutsuak izan daitezkeen beste zoonosi biriko batzuk dira Lassa sukarra, Rift haraneko sukarra eta Marburgoko birusaren gaixotasuna.
Jatorri zoonotikoko gaixotasun biriko askok izaera hori galdu eta giza gaixotasun bilakatzen dira. Hori gertatu zen, ziur asko, katarro edo hotzeria batzuk eragiten dituzten koronabirusekin, duela milaka urte gizakietara igaro zirela uste baita. Giza immunoeskasiaren birusak (GIB) ere txinpantzeetatik egin zuen jauzi gizakietara, baina trantsizio hori duela askoz denbora gutxiago gertatu zen –laurogeita hamar urte inguru–, eta gaur egun giza birustzat jotzen da.
Birus zoonotikoak oso arriskutsuak izan daitezke; izan ere, gure espeziera iritsi berriak direnez, ez dugu haiei aurre egiteko immunitate egokirik izaten. Bestalde, ongi egokitutako birus batek ez dio heriotza eragingo ostalariari, horrek birusaren hedapena geldiarazten baitu. Neurri batean, horrek mugatzen du, adibidez, ebolaren birusak hedatzeko duen gaitasuna; hain hilgarria denez, ez die denborarik ematen haren ostalariei jende asko kutsatzeko. Hala ere, gurekin milaka urte daramatzaten birusak, katarroak bezalakoak, egokituta daude, ez ditugu guztiz akabatzen eta, trukean, haiek bizirik uzten gaituzte.
Iturriak:Le Page, Michael (2020). Coronavirus: Why infections from animals are such a deadly problem. New Scientist.
López-Goñi, Ignacio (2015). Virus y pandemias. Glyphos-Naukas. Madril.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Zoonosia appeared first on Zientzia Kaiera.
Planktona Bilboko itsasadarrean
Planktona uretan esekita bizi diren tamaina-txiki eta mugitzeko ahalmen gutxiko organismoek osatzen dute. Ur-ekosistemetako osagai egituratzaile eta funtzional oinarrizkoa da planktona, bere aniztasun funtzionala dela medio.
Izan ere, fitoplanktona, izaki zelulabakar fotosintetikoez osatua, argi-energiaz eta mantenugai inorganikoz baliatzen da biomasa sortu eta ekosistemako kontsumitzaileentzat oinarrizko elikagai iturri bihurtuz.
Zooplanktona, protozooez zein animaliez osaturiko multzo anitza, ezinbesteko bitartekaria da goiko kontsumitzaileei fitoplanktonak elikagai bihurtuta eskuragarri jarri duen energia helarazteko. Izan ere, zooplanktona arrain larba ororen zein zenbait arrain pelagiko txikien oinarrizko bazka da. Bentoseko komunitateetan osagai garrantzitsu diren animalia iragazleek ere planktona dute elikagaitzat.
Badago ere plankton mixotrofoa, fotosintesia egiteko eta era berean materia organikoz elikatzeko gaitasuna duten izaki zelulabakarrek osatua. Azkenik, bakterioplankton heterotrofoak ezinbesteko funtzioa betetzen du organismo guztiek sortzen duten materia organiko disolbatua eta partikulatu hila deskonposatuz eta horrela materiaren zikloa itxiz.

Funtzioaz aparte (autotrofo, mixotrofo, heterotrofo), tamainaren araberako planktonaren sailkapena ere garrantzitsua da, kate trofiko pelagikoan harrapakin-harrapakari erlazioak izakien tamainan oinarritzen baitira. Izan ere, ekoizle primario planktonikoak txikiegiak dira eta haien biomasa barreiatuegia dago tamaina handiko kontsumitzaileentzat bazka erabilgarria izateko.
Holan, 2 µm baino txikiagoak (pikoplanktona) diren bakterioez elikatzen dira 2-20 µm bitarteko protozoo flagelatu nanoplanktonikoak gehienbat. Nanoplanktoneko alga, onddo eta protozooak era berean elikagai nagusia dira mikroplanktoneko (20-200 µm) protozoo ziliatu eta metazoo txikientzat.
Kate trofikoan gora jarraituz, nano- eta mikroplanktoneko organismo fotosintetikoak zein kontsumitzaileak mesozooplanktoneko (0.2-20 mm) animalia-talde ugarien bazka bihurtzen dira, eta azken hauek arrain larba eta marmoka makro- eta megaplanktonikoena (>2 eta 20 cm, hurrenez hurren).
Fitoplanktona osatzen duten mikroalgen artean filum eta klase ezberdin asko daude. Aniztasun filogenetiko hori bitarte, pigmentu-osaketa ezberdineko eta, beraz, kolore ezberdineko mikroalgak ditugu. Tamaina handieneko fitoplanktona mikroplankton (20-200 µm) mailakoa da eta Bilboko estuarioan Abra aldean da ugarien.
Diatomeo (urre-arreak) eta dinoflagelatuek (arre-gorrixkak) osatzen dute, lehenengoak nabarmen ugariago direlarik. Diatomeoak beira antzeko material batez osatutako pareta zelular zurrunak dituzte eta flagelo bakoak dira, beraz, hondoratzeko joera dute. Dinoflagelatuak ordea igerilari onak dira eta argi bila azaleko geruzetara mugi daitezke.

Estuarioaren erdigune eta barrualdean, fitoplankton gehiena txikia da; nanoplankton mailakoa batez ere. Hemen ere diatomeoak ugariak dira, baina oso tamaina txiki eta pareta zelular oso finekoak izaten dira, ur uherretan fotosintesirako nahikoa argi azaleko uretan baino ez baitago eta pareta zelularren gehiegizko zamak hondora arazi egingo bailituzke. Diatomeoez aparte, ordea, beste hainbat talde ugaritu daitezke tarteka inguru honetan: kriptofitoak (gorrixkak edo berde-urdinxkak), klorofitoak (berdeak; landare lurtarren ahaide diren alga), haptofitoak (arre-horixkak) eta errafidofizeoak, besteak beste.
Protozooplankton ugarienak honelako estuarioetan nanoflagelatuak eta mikroplanktoneko ziliatu atekatu eta tekatuak (Tintinidoak) dira. Metazooplanktonean krustazeo kopepodoak nagusitzen dira estuario osoan zehar baina itsasorantz dibertsitatea emendatzen da, krustazeo kladozeroak, tunikatu apendikulariazeoak eta doliolidoak, knidario sifonoforoak eta ketognatuak agertuz, besteak beste.
Talde hauek guztiak planktoneko biztanle iraunkorrak izanik, holoplankton kategorian sailkatzen dira. Baina ugariak dira ere bai estuarioan denboraldi batez plankton moduan bizi diren bentoseko organismoen larbak eta zenbait estadio ugaltzaile (hidromedusak, esaterako). Azken hauek meroplankton kategorian batzen dira. Bilboko estuarioan larba meroplanktoniko ugarienak krustazeo zirripedioen nauplius eta zipris larbak dira, molusku bibalbio eta gastropodoen beliger larbak eta poliketoen trokofora eta nektoketa larbak ere kuantitatiboki garrantzitsuak direlarik. Estuarioko larba meroplanktonikoen multzo anitzean maiz agertzen dira ere briozooen larba zifonautak eta ekinodermatuen ofiopluteus eta ekinopluteus larbak.

Bilboko estuarioaren planktona oso kaltetua eta funtzionalki desorekatua geratu zen giza-jardueren eraginez. 80ko hamarkadan, planktonaren inguruko lehen ikerketak burutu zirenean, sistemak kondar uren bidezko kutsadura organiko zein jarduera industrialaren ondoriozko bestelako kutsadura eta uhertasunaren ondorioak pairatzen zituen.
Kondar uretako gehiegizko mantenugai-kargak fitoplanktonaren haziera pizten du eta uretan berez gehiegizkoa den karga organikoa emendatzen du. Azken honen deskonposizio mikrobiarra gauzatzeko oxigeno-eskakizunak anoxiko eta hipoxiko (oxigeno falta edo eskasia) bihurtzen ditu urak eutrofizazio deritzon prozesuaren bitartez.
Ondorengo gainbehera industrialak eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak abiatu zuen saneamendu-planak ur-kalitatearen hobekuntza ekarri zuen eta, horren ondorioz, plankton komunitatearen osatze eta berrantolaketa ere bai. Berreskuratze horren aurretik, kutsadurak estuarioko ur gehienetan, Abraraino, zooplanktoneko animaliak desagerrarazi zituen. Egun, kondar uren arazketari esker, sistemara sartzen den materia organiko zama nabarmen murriztu da eta oxigenoaren eskasiagatik desagertua zegoen ur gazikaretako zooplankton komunitatea berrezarri da barne-estuarioan, bertakoak ez diren espezieak nagusitu badira ere, hau kutsadura biotikoaren isla izanik.
Hain zuzen ere, egungo estuarioaren barrualdeko zooplanktonean indo-pazifiko jatorria duten bi kopepodo espezie nagusitzen dira, Acartia tonsa eta Oithona davisae. Seguruenik, itsas garraioari ezker, barkuen lasta-urekin ailegatu ziren biak eta itsasadarreko habitat gazikara hustua kolonizatu zuten modu arrakastatsuan 2003 urtetik aurrera. Hala ere, euskal kostaldeko estuarioetan bertakoak diren zenbait espezie gazikara, Acartia bifilosa eta Calanipeda aquaedulcis kasu, barne estuarioan 2010ko hamarkadaren bukaeraz geroztik ezarri dira ere bai, komunitatearen aniztasuna areagotuz.
Materia organiko eta mantenugai karga gutxitzearekin batera, uraren gardentasuna emendatu da ere bai eta, honekin, fitoplanktonak hazteko behar duen argi-eskuragarritasuna. Gauzak horrela, oraindik gaur egun ohizkoak dira uda aldean mikroalgen gehiegizko hazkundeak eragiten dituzten uraren koloratzeak, marea gorri bezala ezagutzen direnak. Honen adibide dira Conticribra weissflogii diatomeoak edo Bilbon bertan deskribatutako Urgorri complanatus kriptofito genero eta espezie berriak eragindakoak.
Egileez:Fernando Villate-Guinea eta Aitor Laza-Martínez EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak eta Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak dira.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
The post Planktona Bilboko itsasadarrean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #320
Koronabirusaren aurka PCR testez gain, badira beste test mota batzuk indarra hartzen ari direnak, hala nola antigenoen testak. Horiek hobetu egin dituzte eta abantaila handiak dituztela azaldu dute adituek: merkeagoak, azkarragoak, eta egiten errazagoak dira. Berriako artikulu honetan, UPV/EHUko Farmazia irakasle den Gorka Oribe antigenoen testei buruz mintzatu da. Ez galdu!
Varsoviako ghettoan, tifusak (zorriek transmititzen duten rickettsia prowazekii bakterioak sortuta) bertan izan zituen agerraldiak (eta eragindako hildakoak) azaltzen dira artikulu honetan. Horren harira, ikerketa bat: tifusaren epidemiaren dinamika simulatzeko zenbait eredu epidemiologiko erabili dituzte. Ikertzaileen arabera, ghettoko juduek hartutako neurriek desagerrarazi zuten epidemia.
MedikuntzaCRISPR metodoa erabiliz, SARS-CoV-2 birusa oso azkar (bost minututan izan dezakegu emaitza) detektatzen duen test bat garatu dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Xehetasun gehiago artikulu honetan aurkituko dituzue.
AstrofisikaArtizarrean fosfanoa lehen aldiz aurkitu dutela jakinarazi dute berriki ikerketa batean. Aurkikuntza horrek sekulako oihartzuna izan du. Baina zergatik da hain garrantzitsua? Zer da fosfanoa? Eta hori aurkitzeak esan nahi du bizitza dagoela Artizarrean? Aukera bat izan daiteke. Ez galdu Josu Lopez Gazpioren azalpen argigarriak hemen!
IngurumenaMunduko ekosistemen %30 berreskuratuta, aurreikusitako espezieen desagertzeen %70 ekidingo litzateke, ikerketa baten arabera. Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, 465 mila milioi tona CO2 xurgatu eta egun arriskuan dauden ugaztun, anfibio eta hegazti gehienak salbatuko lirateke, ekosistemen % 30 berreskuratuko balitz.
Klima-aldaketaIñaki Petxarroman kazetariak argitaratu berriki du klima aldaketari buruzko liburua (Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian). Bertan, aldaketa biofisikoei buruzko datuak bildu eta trantsizio ekologikoaren bidea aztertu du. Berriako elkarrizketa honetan liburuaz mintzatu da.
BiologiaKonfinamendu garaian, txorien kantua aldatu zen. San Frantziskoko badiako kurloiei erreparatu die ikerketa talde batek. Hain zuzen, Zonotrichia leucophrys espeziea izan zuten aztergai eta ikusi dute, 2015eko eta 2016ko apirila eta ekaina bitartean grabatutako soinuak 2020ko hilabete berdinetan grabatutakoekin alderatuz, txoriek frekuentzia eta bolumen txikiagoan txiokatu zutela. Oso bitxia eta interesgarria ikerketa! Ez galdu!
Artikulu honen bidez, Bilboko Abran jazotako itsas bizitzaren berreskurapena azaltzen dute egileek: nolakoa izan den uraren egoera historian zehar eta nola aldatu egin den kalitatea eta horrekin batera, nola gutxika handitzen ari den dibertsitatea. Halere, testuan azaltzen duten moduan, oraindik ere nabarmentzekoa da morfologia konplexuko algen eta belarjaleen eskasia.
Emakumeak zientzianEspaziotik barna pasoan ibili zen kosmonauta izan da protagonista Emakumeak Zientzian atalean: Svetlana Savitskaya. Emakume errekorduna da; espazioan hiru ordu eta 35 minutuz paseoan ibili zen eta espaziara bi bidaia burutu zituen lehen emakumea izan zen.
BiokimikaUgaztunek bi egarri-mota ase behar dituzte: osmotikoa eta hipobolemikoa. Ikerketa batek berriki argitu du horiek oinarri zelular desberdina dutela eta garunean neurona-mota desberdinak inplikatzen dituela. Elhuyar aldizkariak eman digu azterlan honen berri.
GenetikaAurreko astean jakin genuen aurtengo Kimikako Nobel saria Emmanuelle Charpentierek eta Jennifer A. Doudnak jaso dutela CRISPR/Cas9 metodoa garatzeagatik. Asteon, Koldo Garcia genetikariak horri buruz hitz egin digu bere blogean.
Genetikaren etorkizunean murgiltzeko aukera berri batekin datorkigu asteon ere: Barbara Treutlein, ETH Zurich unibertsitateko garapen-biologia kuantitatiboaren irakasle asoziatuaren aburuz, erronka nagusia zelula bakarrak ikertzea da hainbat maila omiko eta espazio-informazioa erabilita. Edonola blogean duzue irakurgai.
SariakElhuyar fundazioko I+G lantaldeak nazioarteko hiru sari jaso ditu biomedikuntzaren eta hizkuntzalaritzaren alorretan, Berriak artikulu honen bidez jakinarazi digunez. Garatutako itzultzaile automatikoaz, bilatzaile neuronalaz eta zuzentzaile gramatikalaz gehiago jakiteko, irakurri osorik artikulua.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #320 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #324
Mairon, Sauron zenbait girotan, Erdialdeko Lurraldean, eta Aristocles, Platon kobazuloetan, parekide dira. Eltze askotako burruntzalia da. Ez da arraroa zientziaren filosofiaren aurrehistorian agertzea. Jesús Zamora Bonillaren The ‘prehistory’ of philosophy of science (3): Introducing Plato
Material bat zein arin izan daitekeen limiterik du? Materia minimoa eduki behar du, noski. Baina limite termodinamikoak ere badira. Silvia Románen The thermodynamic limits of lightness.
Polimero sintetiko batek bere baitan tolestu eta nanopartikula bat sortzea lortuta, hainbat gauza erdietsi daitezke. DIPCk: Single-chain nanoparticles, a world of opportunities
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #324 appeared first on Zientzia Kaiera.
Svetlana Savitskaya (1948), paseoan espazioan barna
Espaziora egindako bidaiak mintzagai direnean, Julio Verneren Lurretik ilargira eleberria gogoratzen dute askok. 1865. urtea zen, abenduaren lehena, egun gogoangarria, jaurtigaiak hamarrak eta berrogeita sei minutu eta berrogei segundotan abiatu behar zuen. “Bagoi itxurako” ibilgailu hartan, espazioa zeharkatu eta Ilargia ezagutzeko ametsa zuten hiru gizon zihoazen. Horietako batek, aldez aurretik, etorkizunean bidaia horiek gauza arrunt bilakatuko zirela iragarri zuen: “Laster tren moduko jaurtigaiak sortuko dituzte, eta horiei esker, Lurretik Ilargirako bidaia erosotasunez egingo da. Ez dugu talken, astinaldien eta errailetatik irteteko beldurrik izango, eta berehala iritsiko gara helmugara, nekerik gabe, lerro zuzenean; eta hogei urte igaro baino lehen Lurraren erdiak Ilargia bisitatuko du”.
Planetaren erdia oraindik ez da Ilargia bisitatzeko gai izan, baina askok espaziora bidaiatu ahal izan dute, baita bertan paseoan ibili ere. Ezaguna da Valentina Tereshkovaren balentria. 1963an jaurtitako Vostok 6-an espaziora bidaiatu zuen lehen astronauta eta lehen zibila izan zen. Ezagunak dira ere kosmonautak esan zituen hitzak, ahoskatu bezain laster ospetsu bihurtu zirenak.
“Hemen Chaika, hemen Chaika.
Zeruertzean marra urdin bat ikusten dut: gure Lurra da. Bai ederra! Dena primeran doa.”

Gertaera historiko honen ondoren, 19 urte beranduago hain zuzen, beste bat agitu zen, aurrekoa bezain ikusgarria izan zena: 1982an, Svetlana Savitskaya pilotu eta kosmonautak espaziora bidaiatu zuen, hori lortu zuen bigarrena izan zen. Emakume errekorduna da zalantzarik gabe; espazioan hiru ordu eta 35 minutuz paseoan ibili zen eta bi bidaia burutu zituen lehen emakumea izan zen –1984an jazo zen bigarrena–. Savitskayak berak esan zuenez, protagonista bakarrak gizonezkoak diren diziplina batean, lehen hegaldiaren ostean “inork ez zuen galderarik, inork ez zuen esaten kosmonautika gizonezkoentzat zela soilik. Jada ez zuten hori esan nahi, ez ziren ausartzen, baina jakina, guztiak ez zeuden ados”.
Hegan egin nahi zuen neskatilaSvetlana Savitskaya Moskun jaio zen, 1948an. Haren aita, Yevgueni Savitski, Sobietar Batasuneko aireko armadaren komandantea izan zen. Txikitatik liluratu egin zen aitaren lanbidearekin, zeruak erakartzen zuen hor
nonbait. Hala, hegazkinak gidatuko zituela erabaki zuen. Halaber, hamasei urte zituela, parakaidismoa praktikatzeari ekin zion, gurasoen baimenik gabe. Izan ere, euren alabak ezkutuan egiten zuena ezagutzeko urtebete behar izan zuten. Savitskaya oso trebea zen eta hori nabaria zen: hiru munduko errekor lortu zituen estratosferatik egindako jauzietan, eta hamabost errekor erreakzio-hegazkinetatik egindakoetan.
Zeru-goian marrazten zuen trebetasunari eta haren kemenari men eginez, 1972an, Moskuko Abiazio Institutuan eman zuen izena. Ikasketak amaitu ostean, begirale gisa lan egin zuen. Horren ondotik, hegazkin-pilotuen eskolan ikastaro bat egin zuen eta SESBeko Aire Industriako Ministerioaren eskutik proba-pilotu titulua jaso zuen. Bertan, hogei hegazkin mota baino gehiago gidatzen ikasi zuen. Geroago, 1980an, berriki sortu zen emakume kosmonauten taldean sartu zen. Bertan, Soyuz motako espazio-hegaldietarako prestakuntza ikastaro bat egin zuen. Haren lehen hegaldi espaziala Soyuz T-6 ontzian izan zen, 1982an; zazpi egun, 21 ordu, 52 minutu eta 24 segundo iraun zuen. Kosmonauta ikertzaile gisa joan zen misio honetara eta estazioan hainbat esperimentu egin zituen.

Bi urteren bueltan, haren bigarren hegaldia egin zuen Igor Volk eta Vladimir Dyanibekovekin batera Soyuz T-12 espazio-ontzian. Estazio-espazial bat sortzea zuten helburu. Kasu honetan, Ontziz kanpoko ibilaldia (Extra Vehicular Activity-EVA, ingelesez) egin zuen aurreneko kosmonauta izan zen: 3 ordu eta 35 minutu iraun zuen paseoak. Haren eginkizuna estazioko energia hornikuntzarako material batzuk moztea eta soldatzea izan zen.
Kosmonautikatik politikaraLurreratzeko garaia iritsi zenean, Savitskayak politika hautatu zuen. 1989tik 1991ra Sobietar Parlamentuan diputatua izan zen. 1993an, kosmonauten taldea utzi zuen. Horren ostean, Estatu-Duman, Errusiako Biltzar Federaleko behe ganberan, eta Defentsa Batzordean sartu zen. Egun, Errusiar Federazioko Alderdi Komunistaren ordezkari gisa dihardu eta Moskuko Abiazio Institutuan ere dabil irakasle lanetan.
Haren ibilbidean zehar lortutako sariei dagokienez, bi aldiz aukeratu zuten Sobietar Batasuneko Heroi gisa, eta, gainera, Leninen Ordena bi aldiz jaso zuen. Horretaz gain, Ohorezko Intsigniaren Ordena esleitu zioten. Era berean, FAIren (Nazioarteko Aeronautika Federazioa) urrezko domina eta 18 diploma irabazi ditu, eta SESBeko 16 kirol-domina jaso ditu. Sari berezi bat erdietsi zuen ere Savitskayak, alegia, espazioan egoteko marka gainditzeagatik.
Iturriak:- El País, Svetlana Savitskaya, la primera mujer que “pasea” por el espacio, trabajó cuatro horas en el exterior de la nave, 1984ko uztailaren 27a.
- Mujeres con ciencia, Svetlana Savítskaya, cosmonauta, 2014ko abuztuaren 8a.
- RTVE, 50 aniversario de la salida de la primera mujer al espacio, 2013ko ekainaren 16a.
- Rusopedia, Mujeres rusas en el espacio: Svetlana Savítskaya.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Svetlana Savitskaya (1948), paseoan espazioan barna appeared first on Zientzia Kaiera.
Konfinamenduak txorien kantuak aldarazi zituen
San Frantziskon egindako grabazioek 2020ko udaberriko berrogeialdian zehar kurloiek haien kantua aldatu zutelako hipotesia berretsi dute. Inguruan zarata gutxiago izanda, txoriek frekuentzia eta bolumen txikiagoan txiokatu zuten.
COVID-19aren izurritearen ondorioz 2020ko udaberrian herrialde askotan izandako konfinamenduak zeresan ugari eman zituen herritarren artean: bat-batean, bazirudien basapiztiak hirietara hurbiltzen ari zirela, eta baziren ere esaten zutenak txorien kantua hobeto entzuten zela. Une horretan ez zegoen batere garbi hori errealitate baten isla ote zen ala gizakiaren pertzepzioa besterik ez zen.
Dena dela, adituei galdetzen zitzaienean, gehienek antzeko erantzuna ematen zuten: “Pena bat da, bai, konfinamenduak esperimentu asko egiteko abagunea ematen duelako. Baina, tamalez, ezustean harrapatu gaitu”.
Zorionez, zabala da mundua, eta konfinamenduan zehar zientzialari batzuek bai izan dute tenorea esperimentuak edota datu bilketak egiteko, aurretik jasotako datuekin alderatzeko bidea irekiz. Lehen emaitzak argitaratzen hasiak dira. Science aldizkarian argitaratutako artikulu honetan San Frantziskoko badiako (Kalifornia, AEB) kurloiei erreparatu diete. Zehazki, bertan koroa zuriko kurloi gisa ezagutzen dutenari; Zonotrichia leucophrys espezieari, alegia.

Elizabeth Derryberry ekologoak gidatzen duen ikerketa taldeak urteak daramatza eskualde horretan kurloien kantuak grabatzen eta haien portaera aztertzen. Zorionez, txorien kantua ez ezik, horien habitatetan sortzen diren zaratak ere jaso dituzte urte horietan. Horregatik, konfinamendua ezarri bezain laster, munduan zehar zientzialari askok zeukaten desio horri erantzun bat emateko moduan egon dira. Konfinamenduan zehar Derryberry Tennesseen (AEB) zegoen, eta ez zuen modurik ohiko landa laneko eremuetan soinu berriak jasotzeko. Baina, Jennifer Phillips ikaslea gertu zegoen, eta hari aitortu behar zaio pandemia baten erdian grabagailua eta mikrofono parabolikoa gora eta behera ibili izanaren meritua. Horrela, 2015eko eta 2016ko apirila eta ekaina bitartean grabatutako soinuak 2020ko hilabete berdinetan eta toki berdinetan grabatutakoekin alderatzeko aukera izan dute.
Lehenik eta behin, bertako zaratan izandako beherakada nabarmena berretsi dute. Munduko hiri eremu ia gehienetan bezala, azken hamarkadetan San Frantziskon zarata mailek gora egin dute, batez ere trafikoaren erruz. Bada, 2020ko udaberrian jasotako datu berriek zarata horren beherakada nabarmena erakutsi dute. Egileen arabera, pandemian zehar neurtutako zarata mailak 1950eko hamarkadan zeudenen parekoak izan dira.
Aurretik ikusia zuten denboraren poderioz txoriek ozenkiago txiokatzen zutela, eta haien kantuaren kalitatea txarrera zihoala. Konfinamenduak aukera eman die ikusteko ea benetan aldaketa horren atzean zarata antropogenikoa ote zegoen. Eta, datuen argitara, badirudi hala izan zela. Gainera, txioen aldaketa hau bereziki nabarmena izan zen hiri eremuetan. Zarataren gainenetik haien kantua bereizi ahal izateko, txoriek txio indartsuagoak egin behar dituzte, frekuentzia eta bolumen altuagoak erabiliz, eta horrek txoriek komunikatzeko duten gaitasunean eragina du. Nolabait esateko, soinuaren kalitatea alde batera utzi dute, ozenkiago txiokatzeko.
Berrogeialdia izan zen bitartean, berriz, joera honi buelta eman zitzaion: frekuentzia eta bolumen baxuagoetan txiokatu zuten, eta hori kalitatearen mesederako izan da. Egileen ustez, horrek txoriei ahalbidetu zien hobeto komunikatzea, txioek distantzia handiagoetara iristen zirelako, eta horrek ere energetikoki etekin bat suposatu zien.
Abestiak duen anplitudearen arabera ebazten dute adituek kantuaren kalitatea zein den. Eta ez pentsa ez melomanoen kontua denik. Ikertzaileen esanetan, txioen kalitatea funtsezkoa izan daiteke animalia horien biziraupenerako. Batetik, arrek emeak erakartzeko gaitasuna hobetzen dute, eta, hori, jakina, ugalketaren mesederako da. Bestetik, euren lurraldea babesteko aukera hobeagoa dute, gainerako arrak uxatzen dituelako. Funtsean, zientzialariek uste dute kantuan ahalegin gutxiago jarri behar izanagatik txoriak gehiago ahaleginduko direla lurraldea babesten eta ugaltzen.

Txioak baxuagoak ziren arren, bi aldiz urrunago iristen ziren. Arlo praktikoari begira, horrek lagun dezake azaltzen konfinamenduan zehar egon zen pertzepzioa: txorien txioak altuago entzuten ziren. Datuak eskura orain egiaztatu ahal izan denez, errealitatean txoriek baxuago txiokatzen zuten, baina modu txukunagoan egiten zuten, eta urrunagotik entzuten ziren, txorien kantu gehiago zaudelako ilusioa eraginez.
Ikerketaren berri ematerakoan, zientzia artikuluan jartzeko modukoa ez den baina hedabideetan kontua azaltzeko oso erabilgarria den terminoa erabili dute zientzialariek: kantu horiek sexyagoak dira.
Azkenik, harritzekoa izan da zer denbora gutxian nagusitu den txiokatzeko modu berria. Egileen ustez, emaitzek erakusten dute txoriek aldaketei egokitzeko gaitasun handia dutela. Horrek hausnarketa bat egiteko abagunea eman die. Haien esanetan, badira ingurumenaren alorrean zailagoak diren neurriak, horren ondorio azkarrak ez dituztenak. Baina, orain ikusi denez, hirietako zarata jaisteak berehalako emaitzak dakartza, eta hori biodibertsitatearen mesedean lagungarri izan daitekeelakoan daude.
Erreferentzia bibliografikoa:Derryberry E., et al. (2020). Singing in a silent spring: Birds respond to a half-century soundscape reversion during the COVID-19 shutdown. Science, eabd5777. DOI: 10.1126/science.abd5777
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Konfinamenduak txorien kantuak aldarazi zituen appeared first on Zientzia Kaiera.
Artizarrean, fosfanoa ala bizitza?
Nature Astronomy aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten emaitzen arabera, Artizarrean fosfanoa dago. Zergatik da, baina, hori garrantzitsua eta zergatik sortu da iskanbila hedabideetan Artizarrean bizitza egon daitekeela iradokiz?

Artizarraren atmosferan fosfanoa -lehen fosfina izenez ezagutzen zena- aurkitu dute lehen aldiz. Aurkikuntza benetan garrantzitsua da eta, beste azalpenik gabe ere, ondo erakusten du zertarako gai den zientzia. Horrelako distantzia luzera dagoen planeta batean tamaina izugarri txikia duen molekula bat dagoela jakin ahal izan dute. Ez da lan makala. Ikertzaileek ikusi dutenez, fosfanoa azaletik 50-60 km-ra legoke, atmosferako lainoetan. Fosfanoa fosforo atomo batez eta hiru hidrogeno atomoz osatutako gas koloregabea da, usain nahiko txarrekoa -baratxuriaren eta arrain ustelaren arteko zerbait-, bide batez. Lurrean materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek ekoizten dute, besteak beste eta industrian erabilera anitzak ditu -esaterako, intsektizida gisa-.
Ikertzaileek dioten moduan, Artizarrean fosfanoa egotea ezin da azaldu orain arte ezagutzen diren prozesu abiotikoen bitartez -alegia, bizidunen parte-hartzerik gabe-. Prozesu kimiko ezagunen bidez ezin bada azaldu, bi aukera daude: Artizarreko baldintza gogorretan oraindik ezagutzen ez den prozesu fotokimikoa edo geokimikoa egotea edo Lurrean gertatzen den bezala, fosfanoak jatorri biologikoa izatea. Greaves eta bere lankideek argi diote ez direla gai, momentuz, fosfanoaren presentziari azalpena emateko. Jakina da gasezko planeta erraldoietan fosfano abiotikoa egon badagoela, baina, prozesu horiek ezin dira Artizarrean gertatu.
Orain arte ezagutzen denarekin, beraz, planeta harritsu batean fosfano kontzentrazio hori azaltzeko modua prozesu biologikoak dira. Horrek, jakina, ez du esan nahi Artizarrean bizitza dagoenik, zenbait hedabidetan irailaren erdialdean hori irakurri bazen ere. Fosfanoa ez da gas atsegina eta Artizarreko azala ere ez da leku atsegina bizidunentzat. 400 ºC-tik gorako tenperaturak daude, presio ikaragarria eta azido sulfurikozko hodeiak. Ez da gutxi. Hala ere, proposatu denez, azaletik urrutiago eta hodei azidoen gainetik, baldintzak leunagoak dira eta bertan posible litzateke organismoren batek bizirautea. 1967an Carl Saganek berak esan zuen Artizarraren atmosferan mikroorganismoak egon zitezkeela.
Horrexegatik, fosfanoa biomarkatzaile interesgarria izan daiteke; izan ere, kontzentrazio konstante eta nahiko altuan fosfanoa badago, bizitza egotea aukera bat da. Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, hori aukera bat da. Hedabideak azkarregi ibili dira, baina, eta azalpen zehatzak ez dituzte eman. Oso goiz da, zalantzarik gabe, Artizarrean bizitza dagoela edo bizitzaren zantzuak topatu dituztela esateko. Beste hainbat aukeren artean bat da bizitza, baina, ez da bakarra ezta probableena ere. Ez da ondo ezagutzen Lurrean bertan mikroorganismoek fosfina nola ekoizten duten eta gasezko planetetan gertatzen dena ez dugu zehatz mehatz ezagutzen. Egileek hipotesi gisa aipatzen dute prozesu biologikoen ondorioa izan daitekeela, baina, beste hainbaten artean azaltzen duten hipotesietako bat da. Bizitza egongo balitz litekeena da fosfina egotea, baina, kontrakoa ez da egia inondik inora ere.
Greaves eta bere lankideek ikerketa-artikuluan argi uzten dituzte mugak eta hipotesi probableenen ostean azaltzen dute bizitzaren hipotesia. Balizko prozesu kimikoak ere deskribatu dituzte, baina, argi diote ikerketa gehiago beharrezkoak direla fosfanoa biomarkatzaile egokia den jakiteko. Zalantzarik gabe, fosfanoarekin batera beste hainbat indikatzaile aztertu beharko dira bizitzaren hipotesia onartzeko. Amaitzeko, horrelako albisteek erakusten dute sarri askotan hedabideen sentsazionalismoa izugarria dela, baina, jatorrizko erreferentziara jotzen badugu adierazpenak ez direla hain iraultzaileak. Zientzia gutxitan egiten da bat-bateko ezusteko aurkikuntza miragarrien bidez eta argitaratu berri den lanaren ondoren ere beste hainbat beharko dira ikusi dutena baieztatzeko. Liluratuta, zain egongo gara.
Informazio gehiago:- Galarraga, Ana (2020). Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan. Elhuyar aldizkaria. (2020-09-14n argitaratua)
- Domínguez, Nuño (2020). ¿Qué es la fosfina y por qué puede ser un indicio de vida fuera de la Tierra? El País. (2020-09-15ean argitaratua)
Greaves, J.S., Richards, A.M.S., Bains, W. et al. (2020). Phosphine gas in the cloud decks of Venus. Nature Astronomy, DOI: 10.1038/s41550-020-1174-4
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Artizarrean, fosfanoa ala bizitza? appeared first on Zientzia Kaiera.
Epidemia, ghettoan
Urrian laurogei urte betetzen dira okupatzaile alemaniarrek Varsoviako ghettoa sortu zutenetik. Ghettoaren barruan, Poloniako hiriburuko juduez gain, gainontzeko hirietako eta beste herrialde batzuetako juduak elkartu zituzten. Ghetto horretatik Treblinkako deuseztatze-esparrura eta beste batzuetara eramaten zituzten. Laurehun milatik gora pertsona sartu zituzten ghettoan, ia Varsoviako populazioaren herena, 3,4 km2-ko eremu batean, hiriburuko azalera osoaren % 2,4an.

1939aren bukaeran, hirian lehenengo tifus kasuak agertu ziren. Lehenengo olatu horrek 1940ko apirilean jo zuen goia; udarako desagertuta zegoen. Zorriek transmititzen duten rickettsia prowazekii bakterioak sortzen du tifusa; 14 eguneko inkubazio aldia du, sukar altua, buruko eta giharretako mina, goragalea, hotzikarak eta legen zabala eragiten ditu. Areagotzen den heinean, ahultasuna handitzen da, delirioak sortzen dira eta, kasu batzuetan, konortea galtzen da. Kasu okerrenetan heriotza eragiten du.
Ghettoa sortu ondoren, agintari alemaniarrek elikagaien hornidura eragotzi zieten bertan zeudenei eta Kontseilu Juduak erostea lortzen zuen apurrarekin konformatu behar izan zuten. Gosea kalte egiten hasi zen, eta heriotza asko eragin zituen. Nahiz eta aurrerago, 1942ko maiatzean, blokeoa bertan behera utzi, alemaniarrek hornitutako janaria ez zen nahikoa bizirauteko. Ondorengo hilabeteetan, urte hartako uztailera arte, erregistratutako heriotza kopurua lau mila eta bost mila artekoa izan zen hilabeteko, baina benetako kopura gutxienez bikoitza izan zen.
Ghettoa sortu eta berehala, Varsovian tifusa berragertu zen. Bigarren olatua okerragoa izan zen. Jendearen osasuna nabarmen kaltetua zegoen, ezarritako leku, xaboi eta janari murrizketa zorrotzen ondorioz. Ofizialki tifusa hogei mila lagunek izan zuten arren, benetako kopurua ehun mila ingurukoa izango zen, ghettoko populazio osoaren laurdena, garai hartako hainbat txostenetan islatzen denaren arabera. Gaixotasunak zuzenean hogeita bost mila heriotza inguru eragin zituen, baina zeharka askoz ere gehiago.

1941ean, tifusa gero eta gehiago zabaldu zen, udazkenera arte; sasoi horretan, murrizten hasi zen. Hurrengo uda iristerako, desagertuta zegoen. Ez zen logikoa udazkenaren hasieran epidemiaren hedapena murriztea; zabaltzen jarraitzea eta 1942ko neguaren bukaeran goren mailara iristea zen espero izatekoa. Nazioarteko ikertzaile talde batek tifusaren epidemiaren dinamika simulatzeko zenbait eredu epidemiologiko erabili ditu. Eredu horietatik abiatuz ondorioztatu dutenez, 1941eko maiatzean patogenoaren oinarrizko ugaltze indizea, R0(t), 2,5ko goren mailara iritsi eta, ordutik aurrera, jaisten hasi zen. Hala, 1942ko urtarrilean 1ekoa zen eta urte bereko uztailean 0,5ekoa (balioa 1 baino handiagoa bada, epidemia zabaldu egiten da; txikiagoa bada, murriztu).
Ikertzaileen arabera, ghettoko juduek hartutako neurriek desagerrarazi zuten epidemia, horietako asko ezartzerik izan ez zuten arren. Neurri nagusiak populazioari higienearen eta osasunaren inguruko prestakuntza ematearekin lotuta zeuden; hau da, gelak garbi edukitzea, elkarrengandik urruntzea eta gaixoak bakartzea. Horrela, dozenaka mila bizitza salbatu zituzten, agian gosearen eta gaixotasunaren eraginez galdutakoak bezainbeste. Ghettotik bizirik atera ziren gehienak, berrehun eta hirurogei milatik gora lagun, Treblinkara deportatu eta han hil egin zituzten. Ezin izan zuten sarraskitik salbatu.
Erreferentzia bibliografikoa:Stone, Lewi; He, Daihai; Lehnstaedt, Stephan eta Artzy-Randrup, Yael (2020). Extraordinary curtailment of massive typhus epidemic in the Warsaw Ghetto. Science Advances, 6 (30), eabc0927. DOI: 10.1126/sciadv.abc0927
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Epidemia, ghettoan appeared first on Zientzia Kaiera.