Ezjakintasunaren kartografia #328
Hedabideek batengan baino gehiago besteengan dutela eragina uste du jendeak, zoragarriak eta apartak garelako gu. Berri faltsuekin manipulatzeko baliatzen da hori eta benetakoak ez sinesteko. Dokumentaturik dago mekanismoa: Fake news: the third-person effect, Martha Villabona.
Lege fisikoen bateratzean itxaropen estetikoaren ernamuina baino ez da Platonen lau elementuen hurbilketa geometrikoa. Jesús Zamoraren The ‘prehistory’ of philosophy of science (5): What a beautiful world!
Magnetikoa da grafenoa. Ezta? Ia DIPCn zer esaten duten: Magnetism in graphene nanoribbons induced by a pair of boron atoms
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #328 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917): Medikuntzaren erreinuko giltzak jaso zituen emakume
Zeharkaezinak diruditen ateetatik igarotzeko gai zen Elizabeth Garrett Anderson. Bai, dohain berezia zuen, orotariko giltza moduko bat izango balitz bezala. Esan dezagun horiek irekitzeko ahalmena bazuela baina egiari zor, ez zuen erraz izan. Haren garaiko bidegabekeria handienetako bati aurre egin behar izan zion, alegia, unibertsitateetan ikasi nahi zuten emakumeei betoa jartzeari. Elizabethek bere azalean sufritu zuen hori: medikua izateko ikasi nahi zuen, eta asko eskatzea ez bazen, haren ikaskideen begirada harroak jasan behar izan gabe.
Zailtasunez beteriko hasiera bizi zuen –XIX. mendeko zenbat emakumek sufritu zuten patu bera?–, aukera ugari galdu zituen bidean, ate mordoa itxi zitzaizkion. Bada, oztopoak oztopo, mediku-kontsulta bat ireki zuen, eta Britania Handian mediku bihurtu zen lehen emakumea izan zen. Azkenean, bera izan zen atea zartakoz itxi zuena.
Medikuntza ikasteko bidezidorrakElizabeth Garrett Anderson Londresen jaio zen 1836an, familia ugari batean. Bere aita, negozioetan oso abila zenez, erraz aberastu zen. Hala, Elizabeth eta Louie alabak, 13 eta 15 urtekoak hurrenez hurren, barnetegi batera bidali zituen. Bertan, lehenak irakurketez asko gozatu zuen, literatura eta frantsesa ikasi zuen –ondoren, tesia Sorbonan defendatzeko balioko zion hizkuntza– eta idazketa hobetu zuen. Baina horren guztiaren gainetik, medikuntza ikastea zuen amets.

Erreferenteak izatearen garrantziaz hitz egin ohi da maiz. Kasu honetan, Garrettek bazuen bat, Elizabeth Blackwell, Ameriketako Estatu Batuetan medikuntza gradua jaso eta munduan mediku gisa jardun zuen lehen emakumea, hain zuzen. Esan beharra dago eredu izan zuela bai arlo zientifikoan, bai emakumeen eskubideen aldeko borrokan.
Ametsak egia bihurtuz, medikuntzaren aldeko apustua egingo zuela erabaki zuen. Aitak laguntza handia eman zion; ama, aldiz, ez zegoen oso pozik hautu horrekin. Zoritxarrez, iritzi hori ez zen amarena soilik, gizarte osoarena baizik. Garai hori nolakoa zen ederki asko islatzen du britaniarrak mediku batekin izandako solasaldiak. Azken honek galdetu zion, mediku izateko grinaren harira, ea zergatik ez zuen erizaina izan nahi. Eta Garrettek erantzun zion “nahiago zuela urtean mila libra irabazi, hogei libra baino”.
Alabaina, ate bat irekitzen ez denean, batzuetan leiho batetik sartzeko ahalegina egin behar. Modu horretan, erizaintza ikasketak gauzatzeko matrikulatu zen Middlesex Ospitalean, eta sei hilabetez aritu zen praktikak egiten. Horren ondotik, bertako medikuntza eskolan izena ematen saiatu zen, baina ez zuten onartu. Hala ere, latina, greziera eta farmazia klaseetara joateko baimena eman zioten baina ikasle ez ofizial gisa.
Halaber, irakasle bat kontratatu zuen anatomia eta fisiologia bere kabuz ikasteko, eta disekzio eta kimika eskoletara joaten hasi zen. Dena den, lankideek aurkeztutako kexa baten kariaz, sarrera ukatu zioten eta alde egin behar izan zuen Middlesex Ospitaletik. Hori bai, kimikako eta farmaziako ohorezko ziurtagiria erdietsiz.
Etorri ziren beste saiakera batzuk: Grosvenor Street, Westminster eta London Ospitaleko medikuntza eskoletan izena ematen saiatu zen baina ez zuten inon onartu. Denek gauza bera zioten, emakumeak ezin zirela sartu medikuntza graduan. Zorionez, Garrettek ez zuen amorerik eman eta zirrikitu bat aurkitu zuen

: Botikarien Elkarteak ez zuen debekatzen emakumeak azterketetara aurkeztea. Onartu egin zuten, beraz, haren eskaera, baina, era berean, curriculuma osatzeko eskatu zioten, oraindik egiteko zituen beste irakasgai eta praktika batzuekin. Azkenean, hainbat urtez ikasi eta lan egin ondoren, 1865ean medikuntza gradua lortu zuen, eta lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan hori lortzen.
Oztopoak amaierara arteGradua izateak ez zizkion gauzak erraztu: ospitale bakar batek ere ez zuen kontratatu emakumea izateagatik. Beharrezkoa zuen zerbait egitea, bazekien ez zuela laguntzarik jasoko. Hortaz, kontsulta pribatua ireki eta kontsultategi bat zuzendu zuen, St. Mary ‘s Dispensary for Women and Children izenekoa, Londresko gunerik pobreenetako batean, Marylebonen. 1866an jarri zuen abian, urte ikaragarria Londresentzat bestalde, kolera-agerraldiaren ondorioz. Pazienteak artatzeaz gain, bisitak egiten zituen gaixoen etxeetan. Azkenean, kontsultategia emakumeentzako ospitale bihurtzea erabaki zuen, non soilik emakumeek lan egingo zuten: New Hospital for Women deitu eta 1872an inauguratu zuen. Elizabeth hil zenean, bere izena jarri zioten. Egun, Londresko Unibertsitatearen zati da.
Dena dela, Garrettek zerbait sumatzen zuen faltan: doktoregoa egin nahi zuen. Hala, Sorbonako Unibertsitatean onartu eta 1870ean amaitu zituen ikasketak. Doktoregoa egin ondoren, London Hospital for Children-eko mediku ofizial bisitari gisa izendatu eta Britainiar Mediku Elkarteko kide izateko aukeratu zuten. 1874an, Londresko Emakumeentzako Medikuntza Eskola sortu zuen. Hemen, irakasle izateaz gain, dekanoa ere izan zen 1883tik 1903ra arte. Datu bitxi bat: ginekologia eskolak emateko haren erreferentea zen Blackwell kontratatu zuen; zirkulua itxiz horrela.
Egunkari eta aldizkarietako artikulu zientifiko ugariren bidez ezagutzera eman zen haren medikuntza-jarduna, baita emakumeen sufragioaren alde egindako borroka ere. Izan ere, 1889an Emakumeen Sufragiorako Elkarte Nazionalaren Batzorde Zentraleko kide izan zen. Ezin da ahanzturan gelditu Aldeburgheko alkate hautatu zutela 1908an, Britainia Handian kargu hori lortu zuen lehen emakumea izanik.
Iturriak:- Valentina project, Elizabeth Garrett Anderson, feminist and Britain’s first female physician, 2014ko martxoaren 8a.
- Encyclopedia of World Biography, Elizabeth Garrett Anderson Biography.
- Historic Figures (BBC), Elizabeth Garrett Anderson (1836 – 1917).
- Iglesias-Aparicio, Pilar (2003). Mujer y salud: las escuelas de Medicina de mujeres de Londres y Edimburgo. Tesis doctoral.
- Johnson Lewis, Jone (2017). Elizabeth Garrett Anderson. First Woman Physician in Great Britain, ThoughtCo, 2017ko abenduaren 5a.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917): Medikuntzaren erreinuko giltzak jaso zituen emakume appeared first on Zientzia Kaiera.
Haitzuloen irisgarritasuna neurtzeko metodoa garatu dute
Bizkaiko Atxurra haitzuloa eskaneatuz, eta 21 lagunekin egindako esperimentu baten laguntzaz, ikertzaile talde batek haitzuloetako irisgarritasuna neurtzen duen sistema aurkeztu du. Aditu bakoitzak bere irizpide propioa jarraitu beharrean, alderaketak egiteko moduko metodo objektiboa lortzea izan dute helburu.
Gizakiaren iraganaren gaineko informazioa lur azpitik ateratzearekin lotzen da normalean arkeologia, eta hala da gehienetan. Baina ez da noski, informazioa eskuratzeko bide bakarra. Gauzak nola gertatu ziren argitu ahal izateko oso lagungarria izan daiteke modu praktikoan benetan zeregin horretan jartzea. Ideia baten inguruan azterketa bibliografikoa egin daiteke, ordenagailu bidezko simulazioak, eredu estatistikoak… baina —demagun—, antzinako polinesiarren eta Hego Amerikako biztanleen arteko harremanak posible ote ziren argitzeko modurik hoberena da… horretan ahalegintzea. Kon-Tiki espedizioaren kasua da agian ospetsuena, baina badira ere arkeologia esperimentalaren alorrean hain muturrekoak ez diren saiakerak. Erromatarrek ura nola berotzen zuten argitzeko berogailua eraikitzea, Historiaurrean eskura zauden materialekin harrizko armak egin eta probatzea edota Pazko Uhartean moaiak egin, mugitu eta altxaraztea dira ahalegin horietako batzuk.

Filosofia berdina jarraituz, ikertzaile talde batek arkeologia esperimentalaren alorrean oso metodologia originala garatu du; kasu honetan leizeen irisgarritasunari lotuta. Honen guztiaren abiapuntua da Historiaurreko labar artea askotan iristeko zailak diren tokietan dagoela, eta kokapen hori kontuan hartzea arte horren interpretazioa egiteko baliagarria izan daitekeela. Arazoa da orain arte artelan horien irisgarritasuna neurtzeko modu bateraturik ez dagoela, eta zientzialari bakoitzaren irizpidearen arabera kuantifikatzen dela.
Egoera ikusita, toki sakon horietara iristeko zailtasun maila neurtzen duen metodo bat proposatu du ikertzaile talde batek Journal of Archaeological Science aldizkarian. Berriatuan (Bizkaia) kokatutako Atxurra haitzuloa hartu dute abiapuntutzat. Bertako irisgarritasuna neurtzen saiatu dira Before Art proiektuko kideak. Egitasmo horren helburu nagusia da Goi Paleolito garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Atxurraren kasuan, labar arte garrantzitsua dago bertan, Madeleine aldian datatutakoa.
Batetik, barrunbea eskaneatu dute, eta, lortutako datuekin, haitzuloaren hiru dimentsioko eredua osatu dute. “Laser eskaner bat erabiltzen dugu horretarako”, azaldu du EHUko ikertzaile Iñaki Intxaurbek. “Horrela neurtzen dugu zenbateko distantzia dagoen haitzuloaren puntu desberdinen artean: zorua, hormak, sabaia edota espeleotemak, esaterako”. Gaur egun, hori egiteko teknologiak laguntza handia ematen du. “Minutu erdian, eskanerra gai da 25 milioi puntu kokatzeko”. Datu horiekin guztiekin, haitzuloaren erreplika birtuala lortzen dute adituek, eta gero ordenagailuan zuzenean erreplika horrekin lan egiteko aukera dute. Besteak beste, haitzuloa editatzeko moduan daude, eta hau funtsezkoa da barrunbeak Historiaurrean zuen benetako itxura berreraiki ahal izateko. “Kontuan izan haitzuloak, paisaia gisa, bizirik daudela”, dio Intxaurbek. Garai urrun horietatik gaur egungo egunetara arte izan diren aldaketak ondorioztatzeko gai dira adituak; adibidez, espeleotemen tamainaren aldaketa edota pilatutako sedimentuak kontuan hartu ditzakete.
Ikerketa honen bigarren hanka arkeologia esperimentalari dagokiona da: haitzuloaren irisgarritasuna ebaluatu dute, sektore desberdinetara iristeko dagoen zailtasuna neurtuz. Horretarako, 21 lagun sartu dira haitzuloan, eta egin duten ibilbidea gertutik aztertu dute. Parte hartzaileen ezaugarriak kontuan hartu dituzte, bai altueran, zabaleran edota sexuan, Paleolito aroko populazio arrunt baten isla estatistiko egokia direla ziurtatzeko.

Lagun horiek oinutsik joan dira, eta, Goi Paleolitoan erabiltzen zen argiztapena imitatu nahian, argi-zuzi elektrikoak baliatu dituzte, suari darion kearekin lurrazpiko ondarea ez kaltetzeko. Leku hertsi batera edo jauzi bertikal batera iristean parte hartzaileak nola moldatzen diren aztertu dute egileek. “Leku bertikaletan ikusi dugu guztiak ez zirela gai jaisteko”, azaldu du ikertzaileak. “Batzuetan, laguntza behar izan dute, eta beste batzuetan sokak erabili behar izan dituzte”. Zentzu honetan, adituak gogorarazi du soken erabileraren berri ematen duten zenbait arrasto badirela garai horri dagokion erregistro arkeologikoan. Hortaz, ez litzateke arraroa izango Atxurrako artelanak egin zituztenek sokak erabili izana.
Batez bestean, sektore bakoitzera iristeko zenbat minutu behar izan diren jaso dute ikerketa artikuluan, eta hau martxan diren bestelako ikerketetan erabilgarria izango delako itxaropena dute. “Gure taldean dagoen Mari Angeles Medina-Alcaidek margoen azpian geratzen diren ikatz arrastoak ikertu ditu. Askotan, margoen garaikideak dira ikatz horiek”. Hortaz, pilatutako ikatz arrastoak neurtuz, gutxi gorabehera jakinda zuziek zenbat denbora irauten zuten, eta zenbat denbora behar zen leku horietara iristeko, ikertzaileek hobeto kalkulatu ahal izango dute garaiko gizakiek zenbat denbora ematen zuten artelan horiek egiten. “Horrek agian zantzuaren bat eman ahal liguke margotzeaz gain hor barruan beste motatako erritoren bat burutzen ote zuten jakiteko”.
Galderarik misteriotsuenek, halaber, erantzuteke jarraitzen dute. Zer funtzio zuten margo horiek? Zergatik daude askotan iristeko oso zailak diren tokietan? Zantzuen bila, askotan adituek gaur egungo ehiztari-bilatzaileen ohituretara jo behar dute, eta hala egin behar izan du Intxaurbek. “Askotan sinbolo berdinak agertzen dira, bai iristeko errazak diren tokietan zein zailak direnetan. Uste dugu ez zela zertan izan behar oso gauza debekatua, baina badirudi leku zail batean egoteak bermatzen zuela norbaitek ez zituela irudiak nahigabean ikusiko. Eta hau agian lotu daiteke Australiako gaur egungo aborigenen artean ikusten den ezaugarri batekin: batzuetan artelanak ikusteko errazak diren tokietan egon daitezke, baina horiei begiratzeko debeku kultural bat garatu dute aborigenek”.
Tribukoa ez den norbaitek margo horiek ikusi eta euren ehiza bereganatzea ekidin nahi ote zuten gure arbasoek? “Bai, baliteke horrelako zerbait izatea, baina, egia esanda, ez dakigu”, aitortu du adituak. Erantzuna, momentuz, haitzulo horretako iluntasunean geratuko da, baina lehen zantzuak jasotzen hasiak dira. Ibilbide luzeenak ere pauso txiki batekin hasten dira, eta horiek emanda daude dagoeneko. Eta ondo neurtuta daude, gainera.
Erreferentzia bibliografikoa:Intxaurbe, Iñaki; Arriolabengoa, Martin; Medina-Alcaide, Mª Angeles; Rivero, Olivia; Rios-Garaizar, Joseba; Salazar, Sergio; Libano, Iñaki eta Garate, Diego (2021). Quantifying accessibility to Palaeolithic rock art: Methodological proposal for the study of human transit in Atxurra Cave (Northern Spain). Journal of Archaeological Science, Volume 125, 105271. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jas.2020.105271.
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Haitzuloen irisgarritasuna neurtzeko metodoa garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Gailu elektronikoen bizi luzea
Gero eta gailu elektroniko gehiago ditugu gure artean, sakelakorik gabe jada jende asko ezin da atera etxetik, ordenagailurik gabe lan egitea askorentzat pentsaezina zaigu eta etxeetan zein kaleetan gero eta elektronika gehiago ikusten dugu. Gainera urtero-urtero bertsio eta eguneraketak ditugu eskuragarri, eta nork ez du punta-puntako teknologia bere eskuetan izan nahi?
Baina kate honek ere badu bere azken katebegia ere: zer gertatzen da tresna hauek apurtu edo zaharkitzen direnean? Egokiro birziklatzeko aukera badago, baina ez da beti horrela egiten. Gailu askok zuzenean zabortegian bukatzen dute eta beste batzuek, berriz, bidaia luze bat egiten dute guztiz amatatu baino lehen. Baztertutako gailu elektriko edo elektronikoak deskribatzen ditu “e-waste” terminoak. Gure artean hondakin elektronikotzat hartzen duguna litzateke “e-waste”-a, eta, halaber, berritzera, berrerabiltzera, birsaltzera, materialak berreskuratzera edo zuzenean zabortegira bideratzen diren aparatu guztiak. Hegoaldeko herrialde txirotuetan amaitzen dute askok bizia, birziklapen-prozesua han amaitzeko.
Guk erabilera bat eman diogu, eta beste batek birzikla dezala zaborra! Ba al dakizue zenbat hondakin elektroniko sortzen ditugun?

2019an, hondakin elektronikoen 53,6 milioi tona metriko (Mt) sortu zen mundu osoan. Errekor itzela, 2018ko 51,8 Mtak gainditu ziren, eta joerak ez dirudi aldaketarik izango duenik. % 21eko igoera izan dugu azken bost urteetan, NBEren 2020ko E-waste Monitor Globalaren arabera. Etorkizunera begira egindako kalkuluen arabera, 2030erako kopuru hori 74 Mt-ra iritsiko da, eta bestalde, gailu horiek birziklatzeari buruzko datuak ere baditugu. Prosum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Espainia mailan 19 kg hondakin elektroniko sortu genituen pertsonako; ez da gutxi eh! Zaku bete hondakin biztanleko! Tona nahikotxo dira urtean sortutakoak, eta birziklatze tasa ez da ez oso esanguratsua. Zein izan daiteke honen arrazoia? Zaharkitze programatua? Traketsak al gara gailu hauen erabilpenean eta asko hausten ditugu? Edo ezin dugu gainditu azkeneko modelo txundigarria erosteko grina?
Pantaila hausteak eta bateriaren errendimenduak askotan telefonoz aldatzera bideratzen gaitu, konponketak garesti dira eta. Baina, aldi berean, askok eta askok bi urte erabili ondoren aldatzen dituzte telefonoak eta gehienek oso ondo funtzionatzen jarraitzen dute. Izan ere, egin diren ikerketen arabera, kontsumitzaile gehienek telefonoak “zaharkituta” daudela uste dute bi urte pasa ondoren. Uste horretan zaharkitze programatuaren eragina egon daiteke, baina erabiltzailearen jokaeran ere badago zer aldatu.
Jarrai dezagun telefono “adimentsu” honen historiarekin… behin bi urte pasata non bukatuko ote dute?
Basel Action Network-ek egindako lanaren arabera, Europa mailan legedia zorrotza egon arren, hondakin hauek Afrika eta Asiako hainbat herrialdetara legez kanpo bidaltzeko aukera handia dago. Beharbada, Guiyu-n, Txinako Guangdong eskualdean, buka dezakete, edo aski ezaguna den Nigeriako Agbogbloshie-ko zabortegian. Guiyu hondakin elektronikoak prozesatzen dituen hiri handi bat da, non milaka tailer txiki zein handitan langileek kableak mozten dituzten, zirkuituen tauletatik txipak ateratzen dituzten eta taulak berak azidoz murgiltzen dituzten metal preziatuak disolbatzeko.

Kontrolik gabeko hondakinen tratamenduak ondorio kaltegarriak izan ditu Guiyu eta Agbogbloshie hirietan. Besteak beste, Guiyu inguruko metal astun toxiko eta kutsatzaileen maila oso altua da eta horrek eragin handia izan du umeen zein helduen osasunean zein ingurumenean.. Kontuan izan behar da, ikerketen arabera, haurrak helduak baino askoz sentikorragoak direla ingurumeneko produktu toxikoekiko. Beraz, kutsatzeko arrisku handia dute hondakin elektronikoak tratatzen diren eremuetan bizi diren haurrek.
Ikusi dugun bezala, gailuak guk erabili ostean, haien bideak jarraitu egiten du, eta, guk ikusi ez arren, arazo larriak sortzen ditu bide horrek. Eta ez bereziki mendebaldeko gizarte aberatsetan.
Ingurumen-inpaktu eta osasun-arazo hauek zuzenean daude lotuta gutako bakoitzak sortzen dituen hondakin elektronikoekin. Gailu hauek sortzen dituzten arazoak ekiditeko, zer egin dezakegu? Hementxe aholku batzuk. Gehiago baldin badituzu… partekatu!
- Gailu berri bat erosi baino lehen, pentsa ezazu ea benetan beharrezkoa duzun. Bi urtean behin erosi behar al dugu telefono berri bat?
- Apurtuta badago, saiatu konpontzen (Repair cafe-ak ezagutzen? Saia zaitez sustatzen!)
- Zaharkitze programatua duten produktu eta softwareak ekidin. Informa zaitez produktuak erosi baino lehen ea zer nolako garantia duten, birziklatzeko errazak ote diren, nondik datozen materialak, etab. Saiatu erosle kontzientea kontzientziaduna izaten. Adibidez, Software Librearen erabilerak asko laguntzen du gailu elektronikoen bizitza luzatzen!
- Gailu iraunkorrak eskatu edo eskuratu. Gailu iraunkorrak aldarrikatu.
- Gailu elektronikoak bota baino lehen iker ezazu ea bigarren bizitza bat duten! Adibidez Reciclaneten webgunean.
Gero eta gailu elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, baina haien onurak eta zerbitzuak ikusten ditugu bakarrik. Behin erabilita “e-waste” moduan sortzen dituzten arazoei ere ikusgarritasuna eman behar diegu, gure erantzukizuna ere bada eta. Beharrezkoa ikusten dut gizarte bezala hausnarketa bat egiten hastea. Beharrezkoak al ditugu hainbeste gailu elektroniko? Ba al dakigu zenbat zabor eta arazo sortzen duen gailuen kontsumo amaigabe honek?
Informazio gehigarria:- e-Trash Transparency Project
- E-waste monitor
- Waste Electrical & Electronic Equipment (WEEE)
- Mugarik Gabeko Ingeniaritza: No más artículos defectuosos
Izaro Basurko Pérez de Arenaza UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea da.
The post Gailu elektronikoen bizi luzea appeared first on Zientzia Kaiera.
Oilar, oilo eta oilaskoen jatorriaz
Charles Darwinek pentsatzen zuen gaur egungo oilarrak Asiako hego-ekialdeko oihanetako espezie tropikal baten ondorengoak zirela, Gallus gallus oilar gorri basatiarenak. Antza handia daukate eta hibridatu ere egiten dira. Espezie horrek bost azpiespezie basati dauzka, Indonesiako oihanetatik Himalaiaren Pakistango adarrerainoko eremu geografiko zabal batean banatuta. Hain zuzen ere, oilarra Indian etxekotu zutela uste zuen naturalista ingelesak.
Darwinen lehen ustea zuzena zen, baina bigarrena, okerra. Gallus gallus-a, egiazki, gure oilaskoen jatorrizko espeziea da, baina ez dirudi Indiako azpikontinentean etxekotu zituztenik. Asiako zenbait lekutan aurkitutako hezur aztarnetan oinarrituz, arkeologo askok pentsatzen zuten oilaskoak duela 9.000 urte inguru etxekotu zituztela Txinako iparraldean, lehenik eta behin, eta duela 4.000 urte inguru Pakistanen –Indoren haranean–, ondoren.

Berriki argitaratutako ikerketa batean, etxeko oilarren zenbait barietatetako, lau espezie basatietako eta bost oilar gorri basatiaren bost azpiespezieetako 863 aleren genoma aztertu dute. Ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, gaur egungo etxeko oilarrak azken horren azpiespezie batetik datoz, Gallus gallus spadiceus izenekotik. Gaur egun, Txinako hego-mendebaldean, Thailandiako iparraldean eta Birmanian banatuta dago. Baina etxekotu ondoren, Asiako hego-ekialdera eta hegoaldera eraman zituzten. Eremu horietan, beste oilar basati espezie batzuk zeuden (eta oraindik ere badaude), baita beste oilar gorri barietate batzuk ere (edo azpiespezieak) eta horietako askorekin gurutzatu eta ondorengo ugalkorrak izan zituzten. Beraz, gaur egungo oilaskoen iragan genetikoa oso korapilatsua da, jatorrizkoari beste espezie eta azpiespezie mota batzuk gehitu zaizkielako. Txinako, Asiako hego-ekialdeko eta Asiako hegoaldeko etxeko oilar guztiek genoma hibridoak dauzkate eta ia laurden bat jatorrizkoa ez den Gallus gallus azpiespezie batekoak dira.
Beste ondorioetako bat izan da etxeko oilarrak duela 9.500 urte inguru bereizi zirela oilar gorri basatitik, hau da, etxekotzea hasi baino lehenago, beraz, horrek ez zuen bi oilar moten, basatiaren eta etxekoaren, arteko zatiketa eragingo. Bi oilar motak klima-aldaketa handiko garai batean bereizi ziren, Pleistozenotik Holozenora arteko trantsizioaren ondoren; garai hartan, Asiako hego-ekialdean tenperaturak igo eta montzoiak ugaritu egin ziren. Baliteke eguraldi aldakorrak eragin izana jatorrizko espeziearen (Gallus gallus spadiceus) dibertsifikazioa eta bere aldaera bat edo batzuk aurrerago etxekotu izana.
Giza kontsumorako erabiltzen diren espezieekin gertatzen den bezala, ekoizpenarekin lotutako geneek hautespen positibo indartsua izan dute eta hori, logikoa denez, hazkunde azkarra eta arrautzen produkzio handia bilatzearen emaitza da. Azken finean, oilaskoak planetako baserriko animalia ugarienak bihurtu dira; gizaki bakoitzeko hiru inguru daude.
Oilar basatiaren barietatea desagertzeko arriskuan dago gaur egun, bere karga genetikoa berarekin hibridatzen diren etxeko oilar askoz ere ugariagoetan galtzen bukatu dezakeelako; hala balitz, dibertsitate genetikoko iturri baliotsu bat galduko litzateke. Agian modu bitxian bada ere, gaztelaniazko esaera zahar bat beteko litzateke: «Ez dago nor bere egurrekoa baino ziri txarragorik».
Erreferentzia bibliografikoa:Wang, MS., Thakur, M., Peng, MS. et al. (2020). 863 genomes reveal the origin and domestication of chicken. Cell Research, 30 (8), 693–701. DOI: 10.1038/s41422-020-0349-y
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Oilar, oilo eta oilaskoen jatorriaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Kristalak apurtzen zituen apaizaren historia
Egitura kristalinoaren aurkikuntza urrats erraldoia izan zen egitura ñimiñoen aurkikuntzan. René Just Haüy izan zen kristalografiaren gurasoetako bat eta kristalak oinarrizko egitura geometrikoetan hautsi daitezkeela antzeman zuen lehena.
Argitu behar dugu, horri buruzko iruzkinen bat jaso dugulako, mineralogistek hausteko bi modu bereizten dituztela: apurtzea eta esfoliatzea. Bideoan ez dugu bereizketa hori egiten, eta modu generikoan “hausten” dugu. Haüyk ere ez zuen mailua ganorarik gabe erabiltzen. Zergatik da hau garrantzitsua? Izan ere, adibidez, pirita kubotan esfoliatzen da (bideoan aipatzen den bezala), baina modu irregularrean apurtzen da (eta jargoi teknikoan, maskor-itxurako haustura esaten zaio).
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Kristalak apurtzen zituen apaizaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #324
SARS-CoV-2aren transmisioaren inguruko Berriako artikulu honetan zenbait ikertzaile eta aditu aerosolen inguruan mintzatu dira. IDEA-CSICeko ikertzaile Xavier Querolek dio, adibidez, “ebidentzia” asko daudela eta horren inguruko eztabaida bakarra dela aerosolen bidezko transmisioaren garrantzia, hots, “zer ehuneko hartzen duten era horretan gertatutakoek”.
COVID-19 luzea fenomenoari dagokionez, inkesta baten arabera, 40 urte inguruko emakumeei eragiten die batez ere (%79 emakumezkoak dira; gizonezkoak, berriz, %21). Agertzen diren sintoma nagusiak dira: neke kronikoa, arnasa hartzeko zailtasunak, buruko eta giharretako mina eta arreta biltzeko zailtasuna. Datuak irakurgai dituzue Berrian.
Pandemiaren ildotik, lan batean aztertu dute COVID-19aren eraginez sortutako erruduntasunak eta lotsak izandako eragina. Egileek diote emozio horiek gainditzen ez badira, kalte psikologiko larria sor dezaketela. Ana Galarragak ekarri digu azterlana Berriako testu honetara.
BiomedikuntzaElectrospinning teknika zer den ikasteko aukera paregabea eskaintzen digu Berriako artikulu honek. CIC Nanogune ikerketa zentroan erabiltzen dute elektroirutea aspaldi eta orain, Donostiako AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolak bat eginez, elektroirutea eta hiru dimentsioko inprimatzea baliatuz, ehun berriak sortzen ari dira, material birziklatuekin eta biodegradagarriekin.
AstrofisikaArabiar Emirerri Batuek Ilargirako lehenengo misioa abiatuko dute 2024an, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Rashid ibilgailua bidaliko dute helburu ugarirekin: Ilargiaren azaleko ezaugarri termikoak argitzea, paisaia hobeto ulertzeko; ilargi-hautsaren partikulak zehaztasun mikroskopikoaz ikertzea; eta Ilargiaren azaleko plasma aztertzea.
Gogoratzen duzue irailean ikerketa bat argitaratu zela Artizarrean fosfanoa zegoela esanez? Horrek bizitza egon zitekeela iradoki zuen eta berri honek sekulako oihartzuna izan zuen. Duela gutxi egin ziren datuen berrazterketak eta litekeena da fosfanorik ez egotea. Josu Lopez-Gazpiok azaldu dizkigu zientziaren prozedurak. Tentuz ibili behar, zientziak baditu bere erritmoak eta.
AnimaliakNola entzuten dute armiarmek? Ikerketa baten bidez agerian gelditu da armiarmek, belarririk ez duten arren, hanken bidez entzuten dutela, hau da, aire bitartez jasotako dardarak hautematen dituztela, errezeptore batzuei esker. Ez galdu artikulu interesgarri hau!
BiologiaEntzefaloa gertutik ikusi nahi? Artikulu honen bidez, bere ezaugarriak ezagutu ditugu. Adibidez, laurogeita hamar mila milioi neurona inguru ditu eta gizaki baten entzefaloak 1,2 eta 1,4 kg arteko masa dauka. Sistema konplexu bat gobernatzen du, eta gutxienez seiehun muskuluren jarduera koordinatzen du.
TeknologiaLitio-ioizko bateriak birziklatzeko metodo merkea eta eraginkorra garatu dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaldu digunaren arabera, bateria horiek kobaltoa edo nikela erabiltzen duten beste litio-ioizko bateriak baino merkeagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak dira. Arazo bakarra izaten da ekonomikoki garestia dela bateria horiek birziklatzea. Baina motodo berriarekin lortu dute merketzea.
GenetikaIkus dezagun zer dakarren Koldo Garciak asteon genetikaren etorkizunaz: Eran Segal Weizmann Institutuko konputazio-zientzien eta matematika aplikatuen saileko irakaslearen hausnarketa dugu. Haren aburuz, hurrengo urratsa genomika medikuntzan txertatzea izango da. Edonola blogean duzue irakurgai.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #324 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #327
Munduko unibertsitaterik onenetarikoen ekologia departamentuan egin du tesia Pablo Rodríguez Sánchezek. Ez litzateke arraroa, baina doktoregoa matematika aplikatuetan egin du. Eta hainbat kontu ikasi zituen: How can we improve the communication between mathematics and life sciences?
Gutxi gorabehera denok dakigu zer den kristala: espazioan errepikatzen den patroia, simetriak sortzen dituena. Zelan deitzen zaio denboran errepikatzen den patroiari? Instituo Carlos Iek azaltzen du: Rare events and time crystals
Erresonantzia magnetiko nuklearra erabilita enantiomeroak bereizi zitezkeela argitaratu zuenean, DIPC-k hautsak harrotu zituen pasa den urtean. Ezinezkoa dela suposatzen da. Froga gehiagorekin datoz. Remarkable enantiospecific response in Cross-Polarization Solid-State NMR experiments
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #327 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Bernal: “Endokannabinoide sistemak hainbat onura eragiten ditu gaixotasun ezberdinetan” #Zientzialari (141)
Garuneko endokannabinoide sistema hainbat funtzio doitzen dituen sistema neuromodelatzailea da. Funtzio hauen artean, oroimena, mugimendua, mina eta jangura aurkitu ahal ditugu. Sistema honen aktibazioak hainbat onura dakartza gaixotasun ezberdinetan eratzen dituen kannabinoide hartzaileei esker.
Esaterako, CB1 kannabinoide hartzaileak neuronak babesten ditu haien endekapena edo heriotza saihestuz eta, CB2 kannabinoide hartzaileak gure immunitate-sisteman adierazi egiten da, hanturazko edo inflamazio erreakzioa murriztuz. Esklerosi anizkoitzaren kasuan, nerbio sistema zentraleko hanturazko gaixotasun kronikoa denez, endokannabinoide sistemaren aktibazioak aurreko bi eragin positiboak edukiko lituzke.
Sistemaren inguruan gehiago jakiteko eta gaixotasunetan izan dezakeen aplikazioei buruz sakontzeko Ana Bernalekin, UPV/EHUko Neurozientziak Saileko ikertzaile eta irakaslearekin, batu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Bernal: “Endokannabinoide sistemak hainbat onura eragiten ditu gaixotasun ezberdinetan” #Zientzialari (141) appeared first on Zientzia Kaiera.
Artizarrean, bizitzarik ez eta, agian, fosfanorik ere ez
Irailean Nature Astronomy aldizkarian ikerketa bat argitaratu zen Artizarrean fosfanoa dagoela adieraziz. Berriak oihartzun handia sortu zuen, fosfanoa biomarkatzailea izanik, Artizarrean bizitza egon zitekeela ere iradokiz. Ikerketa horrek, ordea, zenbait zalantza ere piztu zituen eta datuen berrazterketak erakutsi duenez, litekeena da Artizarrean fosfanorik ere ez egotea. Eztabaida horrek aukera paregabea ematen du zientziaren prozeduretan sakontzeko eta zientziaren behin-behinekotasuna gogorarazteko.

Irailaren erdialdean oihartzun handia izan zuen hedabideetan Artizarraren atmosferan fosfanoa aurkitu izanak. Greaves eta bere lankideek Nature Astronomy aldizkarian argitaratu zuten jatorrizko lana eta, ziotenez, Artizarraren atmosferako lainoetan, gainazaletik 50-60 km-ra fosfanoa zegoen. Fosfanoa biomarkatzailetzat har daiteke, alegia, bizitzaren presentziaren zantzu gisa. Lurrean materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek ekoizten dute eta Greaves eta bere lankideek aipatzen zuten moduan, Artizarrean fosfanoa egotea ezin da azaldu orain arte ezagutzen diren prozesu abiotikoen bitartez -alegia, bizidunen parte-hartzerik gabe-. Hainbat hedabidetan horrek zuzenean adierazten zuen Artizarrean bizitza egon zitekeela eta izenburu potoloak zituzten albisteak argitaratu ziren. Greaves eta bere lankideek argi uzten zituzten haien ikerketaren mugak eta hipotesi probableenen ostean azaltzen zuten soilik bizitzaren hipotesia. Oso goiz zen, zalantzarik gabe, Artizarrean bizitza dagoela edo bizitzaren zantzuak topatu dituztela esateko. Beste hainbat aukeren artean bat zen bizitza, baina, ez zen bakarra ezta probableena ere. Horrelakoak jasota, hedabide honetan bertan Artizarrean, fosfanoa ala bizitza? artikulua argitaratu nuen eztabaida horren berri emanez. Artizarreko baldintza gogorretan oraindik ezagutzen ez den prozesu fotokimikoa edo geokimikoa egotea zen probableena, ziur asko, baina, nik aipatu ez nuen beste aukera bat ere bazegoen: datuak gaizki egotea edo datuen interpretazio desegokia egitea.
Bada, urriaren amaieran iritsi zen albistea. Egia da hasieratik zalantzak egon zirela Greaves eta bere lankideen ikerketan zenbait zalantza; izan ere, potentzia handieneko teleskopioen gaitasunaren mugan egin ziren behaketak. Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoela ziurtatzea aurrerapauso handia da eta, ezinbestez, aurrerapauso handiek froga eta baieztapen ugariak behar dituzte. Bada, orain, aurrez argitaratutako lan hori zalantzan jartzen duen ikerketa argitaratuko du Nature Astronomy aldizkariak berak. Momentu honetan Geronimo Villanueva eta bere lankideen ekarpena preprint gisa argitaratu da eta horrek ere kontuz jokatzea eskatzen digu.
Ikerketa-artikulu bat argitaratzeko bidea luzea izaten da eta lana bidaltzen denetik aldizkarian argitaratzen den arten hainbat pauso eman behar dira. Garrantzitsuena, adituen ebaluazioa da –peer review– delakoa. Bada, Villanuevaren ikerketak oraindik ez ditu pauso guzti horiek eman eta horregatik esaten da preprint fasean dagoela. Artikulua irakurgai dago arXiv.org biltegian, baina, oraindik ez ditu betetzen ikerketa-artikulu batek bete behar dituen estandar guztiak.
Hori argituta, Villanuevaren taldeak Greavesen taldearen datuak berraztertu ditu eta horrek erakutsi du ALMA eta JCMT teleskopioen datuek ez dutela fosfanoaren presentzia baieztatzen. Bigarren lanaren emaitzak ondo azaltzen ditu Francisco R. Villatoro adituak bere blogean: JCMTko datuak pareidoliaren ondorioak izan daitezke eta ALMA teleskopioaren datuak baieztapen isuriaren ondorio. Nolabait, zerbait baieztatzeko beharrak zalantzazkoak diren datu batzuetan ez dagoena ikustera eraman gaitzake. Dirudienez, berrazterketak erakutsi du fosfanoa, egotekotan, kontzentrazio askoz ere txikiagoan dagoela eta, hortaz, ALMA eta JCMT teleskopioekin ezingo litzatekeela behaketa hori egin. Momentuz, bada, ezin da baieztatu Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoenik. Orain ikusi behar dena da Greaves eta bere taldeak Nature Astronomy aldizkariko lana kentzea eskatzen duten ala ez. Akatsaren jatorria kalibraketa desegoki batean egon daiteke eta ALMA teleskopioko ikertzaileak ere datuak berraztertzen ari dira.
Edozein kasutan, bi lan hauek zientziaren prozedurak aztertzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Lehenengoaren kasuan, ikerketaren emaitzak tentuz hartzearen garrantzia erakutsi zuten. Fosfanoa egonda ere, ezin zitekeen baieztatu bizitza egongo zenik inondik inora ere. Orain, lehen lan hori gezurtatzen duen lanak erakutsi digu zientzia behin-behinekoa dela, Kasu honetan lehen ikerketak oihartzun handia izan zuen eta, ziur asko, horregatik izan du orain bigarrenak ere oihartzun handia. Hala ere, normala da zientzian horrelakoak gertatzea eta etengabe berraztertzen dira aurrez argitaratutako lanak. Zenbait kasutan emaitzak baieztatzeko -kasu horretan ikerketa-lerroa sendotuz- eta beste zenbait kasutan emaitzak ezeztatzeko. Bigarrengoaren kasuak, ikerketa-lerroa baztertzea ekarri dezake edo ikerketa gehiagoren beharra egon daiteke. Horixe da zientziaren lan egiteko modua eta hori da bide zuzena. Greavesen taldeari kritika egitea ere ez da bidezkoa, neurri batean behintzat, beraiek eskuragarri zituzten datuekin eman zituztelako emaitzak. Orain, gainera, ez dugu berdin jokatu behar Villanuevaren lanarekin: agian, bigarren lanak ere akatsak izan ditzake. Ez dezagun akats bera bi aldiz egin. Momentuz esan daitekeen bakarra hauxe da: ez dakigu Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoen ala ez.
Informazio gehiago:- Villatoro, Francisco R. (2020). Adiós definitivo al fosfano en Venus. La ciencia de la mula Francis bloga. (2020-10-28an argitaratua)
- Agirre, Aitziber (2020). Fosfanorik ez Artizarraren atmosferan. Elhuyar aldizkaria. (2020-10-29n argitaratua)
- Domínguez, Nuño (2020). La vida en Venus se tambalea. El País. (2020-10-30ean argitaratua)
Greaves, J.S., Richards, A.M.S., Bains, W. et al. (2020). Phosphine gas in the cloud decks of Venus. Nature Astronomy, DOI: 10.1038/s41550-020-1174-4
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Artizarrean, bizitzarik ez eta, agian, fosfanorik ere ez appeared first on Zientzia Kaiera.
Hanken bidez entzuten duten armiarmak
Tinpanoekin ez baizik hanketan dituzten errezeptore bereziei esker hautematen dute mundua armiarmek, lurreko bibrazioak jasota. Ogro aurpegiko armiarmaren kasuan, egiaztatu dute aire bidez ere jasotzen dituztela bibrazioak.
Gorbeia inguruetako bidezidor estu batera iritsita, eskuetan adaxka bat gora eta behera darabilen lagun bat ikusten baduzue, ez izutu. Ez da —nik dakidala— burutik jota dagoen norbait. Ezta Harry Potter enegarrenez ikusteagatik expecto patronum araoa lau haizetara zabalduz dabilen aita bat. Are gutxiago zotz baten laguntzaz lurrari darion energia telurikoa sentitu eta ura aurkitu nahi duen azti hipsterra. Erantzuna askoz prosaikoagoa da. Ni neu izango naiz seguruenera, haurtzarotik ondo ikasitako mugimendu bat egiten: aurrera joan ahala, bidezidorrean egon daitezkeen armiarma sareak kentzeko biodispositiboa astintzen, hain zuzen.
Bai, jaun-andreok, araknofobia garrantzi gutxiko kontua izan daiteke, baina, fobia guztiak bezala, hori nozitzen dugunontzat oso kontu desatsegina ere izan daiteke. Halakoetan, fobiak abiatzen duen elementua ondo ezagutzea funtsezkoa omen da. Nire kasuan, zin dagizuet, askotan saiatu naiz hori egiten. Saiakera horietako bat Adrian Txaikovski idazlearen Children of Time eleberria irakurtzea izan da.
Oso argumentu erakargarria du: etorkizunean, gizakiek planeta bat terraformatu nahi dute, eta, besteak beste, horien eboluzioa azkartuko duen birus bat txertatzen dute tximinoetan. Birus hori tximinoetan ez baizik armiarmetan garatzen da, euren adimena sustatuz. Askoz gehiagorik ezin dizuet kontatu, spoilerra ez egiteko eta liburua oraindik bukatu gabe dudalako.

Bada, hau guztia kontatzen dizuet eleberri horretan ederki deskribatzen delako armiarmek izan dezaketen mundu ikuskera. Izan dezaketen, bai, zeren praktikan gizakioi oso zaila egiten baitzaigu irudikatzea gureak ez diren zentzumenak. Kolorez ikusten dugu mundua, baina duela gutxira arte guretzat infragorria edo ultramorea basoetako maitagarriak bezain ikusezinak ziren. Teknologiari esker dakuskigu. Zer esan espaziotik datozen grabitazio uhinei, buruz? Parekotasun bilatu nahian, unibertsoa entzutea bezalakoa dela esan zaigu askotan, baina gure pertzepzioan parekorik ez duen beste zentzumen bat litzateke benetan.
Armiarmen kasuan, berez ez dute belarririk, baina ez dago argi noraino diren gai entzuteko. Haiek bereziki bibrazioen bitartez hautematen dute ingurua. Animalia horien artean gehien zabalduta dagoen ehiza estrategia ezaguna da: txokoren batean armiarma sarea eraiki eta horren kontra talka egiten duten intsektuak harrapatzea. Hortaz, esan daiteke normalean armiarmek arrantza egiten dutela, eta zeregin horretan bibrazioak atzematea funtsezkoa zaiela.
Baina badira ere ehiza egiten dutenak. Hori da armiarma saltarien hautua: jauzi txiki bat eginez, harrapakinaren gainean erortzen dira. Eta badira ere sarea modu aktiboan ehiza egiteko tresna gisa erabiltzen dutenak. Mota horretakoak dira ogro aurpegiko armiarmak (Deinopis spinosa): sarea aurreko lau hankekin eutsi eta arma gisa erabiltzen dute, horrekin harrapakinak lortzeko.
Beste armiarma mota askok ez bezala, kasu honetan armiarmak ikusmen bikaina du. Zortzi begietatik bi oso handiak dira, eta horiek gauez ehizatzea ahalbidetzen diete. Begi pare hori da, hain justu, ogro izena ematen diena. Eguna ezkutuan ematen dute inguru tropikaletako palmondoen hostoetan mimetizaturik, zotz baten itxura ematen —hortik datorkie spinosa abizena—. Ez da nagikeria, noski, biziraupen kontua baizik: harrapakarietatik babesteko estrategia da. Gauez, berriz, ehizari trebeak bihurtzen dira.
Darabilten ehiza estrategia hain da txukuna ezen ikertzaileek susmatzen baitzuten ikusmenaz eta lurreko dardarez gain zerbait gehiago egon behar zela haien pertzepzioan. Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean horren haritik egindako hainbat esperimentu azaldu dituzte, eta bertan agerian geratu da armiarma horiek entzun entzuten dutela, belarririk ez duten arren. Eta oso ondo egiten omen dute, gainera.
Hau da, hain justu, ikerketa honen berritasunik handiena. Izan ere, adituen artean ezaguna zen armiarmak eta beste animalia askok zorutik jasotako dardarak hautemateko gai direla; zentzumen mota hau solido bidez transmititutako seinale gisa ezagutzen da. Baina gauza bat da bibrazioak atzematea, eta beste bat da airean gertatzen diren perturbazio urrunak hautemateko gai izatea. Oraingoan berretsi dute aire bitartez jasotako dardarak ere hautematen dituztela, eta, horregatik, hori entzumentzat jotzen dugun fenomenoarekin lotu daitekeela.

Tinpanoak baliatu beharrean, hanketan dauden errezeptore batzuei esker lortzen dute hori. Batetik, hanketan artikulazioetan dauden organo metatarsaletan abiatzen da entzuteko gaitasun hori. Eta badirudi ere hanketan dituzten trichobothria izeneko iletxoek laguntzen dutela pertzepzio bitxi horretan.
Aurreko ikerketa batean egiaztatu ahal zuten entzumenak rol bat jokatzen zuela. Begietan silikona jarrita, ikusmena kendu zieten armiarmei; hala eta guztiz ere, gai izan ziren aireko intsektuak harrapatzeko. Lurreko harrapakinekin, ordea, ez ziren ondo moldatu, eta, horregatik, ikertzaileek ondorioztatu dute armiarmak zentzumen desberdinetan oinarritzen direla aireko edo lurreko intsektuak ehizatzeko: ikusmena darabilte lurrekoen kasuan, eta entzumena airekoenean.
Ondorioetara iristeko, batetik, armiarmen garunetan elektrodoak sartu dituzte. Zientzialariek bi metro inguruko distantzia batetik soinu desberdinak sortu dituzte, eta elektrodoen irakurketaren bitartez egiaztatu dute soinuen aurrean garuna aktibatu egiten dela. Bestetik, armiarma batzuei ere hankak kendu dizkiete, eta hanka horietan elektrodoak ezarri dituzte. Ikertzaileen esanetan, hanka horiek ordubetez erantzuteko gai dira. Bada, hankek ere soinuarekiko sentikortasuna erakutsi dute, neurketen arabera. Organo metatarsala kendu dizkieten armiarmen kasuan, berriz, soinuen aurreko erantzuna ez da hain nabaria izan. Horregatik ikertzaileek uste dute organo horiek tinpano baten rola betetzen dutela.
Laborategian ez ezik, naturan ere berretsi dituzte emaitzak. Intsektu hegalari baten presentziaren seinale izan daitekeen frekuentzia baxuko soinu bat entzutean, armiarmek haien sareak zabaldu dituzte. Frekuentzia altuagoetan, berriz, ez dira mugitu, ikertzaileen arabera, txori bat izan ote zitekeen beldur. “Frekuentzia baxuko soinuak jartzen nituenean, distantzian egon arren, armiarmek eraso egiten zuten, intsektu bat harrapatzen egongo balira bezala, baina hori ez zuten egiten frekuentzia altuagoetan”, azaldu du Cornelleko Unibertsitateko (AEB) ekologo Jay Stafstrom-ek.
Argitu nahi duten hurrengo galdera da ea entzuteko gaitasun hori norainokoa izan daitekeen direkziozkoa. Zortzi hanka izateak kokapen desberdinetan dauden sentsoreak izatea suposatzen du, eta ikertzaileek susmoa dute antolaketa hori agian baliagarria izan daitekeela soinuaren kokapena igartzeko. Ehizatzeko erabiltzen duten mugimenduagatik ere uste dute modu batean edo bestean soinuaren norabidea aurreikusteko gai direla.
Agerian geratu da armiarmen pertzepzioaren atzean mundu miresgarria egon daitekeela, eta abian diren ikerketek ezusteko ugari ekarriko dizkigutela. Baina, zer esatea nahi duzue: nire aste honetako terapia bukatutzat eman dezaket, eta pozik emango dut asteburua armiarmetan pentsatu gabe. Eta, ze demontre, hurrengo txangoan armiarmak uxatzeko makilatxo hori hagaxka magiko bihurtuko dut agian. Alde, acromantula zatar hori! Arania exumai!
Erreferentzia bibliografikoa:Stafstrom, Jay A., Menda, Gil, Nitzany, Eyal I., Hebets, Eileen A., & Hoy, Ronald R. (2020). Ogre-Faced, Net-Casting Spiders Use Auditory Cues to Detect Airborne Prey. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2020.09.048
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Hanken bidez entzuten duten armiarmak appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza entzefaloa
Gizaki baten entzefaloak 1,2 eta 1,4 kg arteko masa dauka; hau da, gorputzaren masa guztiaren % 2 inguru. Gizonen entzefaloak 1.260 cm3-ko bolumena du eta emakumeenak, 1.130 cm3-koa; dena dela, aldakortasun handia dago banakoen artean. Gorputzaren masaren % 2 hartzen badu ere, organismoak gastatzen duen energia guztiaren % 20 kontsumitzen du.
Entzefaloak laurogeita hamar mila milioi neurona inguru ditu, eta horien jarduera frenetikoa da halako energia gastu handiaren arrazoia. Neurona bakoitzak aldameneko neuronekin bost mila konexio sinaptiko ditu. Konexio horien guztizko kopurua 2 x 1014 eta 3 x 1014 artean dago. Entzefalo normal batek milioi bat konexio ezar eta desegin ditzake segundo batean.

Entzefaloak informazioa presio-aldaketa, erradiazio elektromagnetiko eta substantzia kimiko gisa jasotzeko gai diren sentsore multzo bat erabiltzen du. Sentsoreek seinale bioelektriko bihurtzen dute informazio hori. Seinale horiek despolarizazio trantsitorioak dira, magnitude konstantekoak, eta maiztasun aldakorrekin mugitzen dira sentsoreak eta entzefaloa konektatzen dituzten neuronen mintzean zehar. Entzefaloak, seinaleak jaso ondoren, iragazi egiten ditu, bai eta horien artean lehentasunak ezarri ere, daukaten informazioaren interesaren edo adierazten duten arriskuaren arabera. Informazio horretatik eta zirkuituetan bilduta duenetik abiatuta, bere ingurunea birsortzen –edo kopiatzen– du. Gorputzak eusten badio, mende batez gorde dezake informazioa; automatikoki katalogatzen du eta, behar denean, editatu. Hain zuzen ere, kualitatiboki eta kuantitatiboki aldatzen du informazioa hura atzitzen duen bakoitzean, eta, horretatik abiatuta, «ni» bat eraikitzen du, esnatzean kontziente egiten den bakoitzean.
Konplexutasun handiko mezularitza kimikoko sistema bat gobernatzen du, eta gutxienez seiehun muskuluren jarduera koordinatzen du. Tresna horien bitartez, hauek egiteaz arduratzen da: energia prozesamendua antolatzeaz, dagoen organismoa ugaltzera bideratutako jarduerak gobernatzeaz eta, noski, existitzen jarraitzeaz –dena dela, azken horretan gutxi ahalegindu ohi da–.
Bere gainerako gaitasunak beste entzefalo batzuekin erlazionatzeko, existentziaren zentzua baloratzeko eta esperientziatik eta ezagutu ere egin ez dituen beste pareko batzuetatik ikasteko erabiltzen ditu.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Giza entzefaloa appeared first on Zientzia Kaiera.
Uri Gellerren historia
Badira gauza harrigarriak egiteko gai diren pertsonak. Horien artean daude, adibidez, eliteko kirolariak, gainerakoentzat ezinezkoak diren balentriak egiteko gai direnak. Baina, itxuraz ezinezkoak diren eta gure ulermenetik ihes egiten duten gauzak egiten dituzten beste batzuekin ere topo egiten dugu.
Horietako bat Uri Geller ilusionista da. Duela hamarkada batzuk ospetsu egin zen koilarak bere buruaren ustezko ahalmenarekin okertzen zituelako. Bai, Uri hainbat telebista saioetan agertu zen koilaren ikuskizunarekin. Baina… ba ote zuen koilarak okertzeko botere mentalik?
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Uri Gellerren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #323
Badira COVID-19aren ondorioak aste eta hilabeteetan pairatzen dituzten pertsonak. Gorka Oribe UPV/EHUko farmazia irakasleak Berriako testu honetan azaltzen duenez, “COVID-19a iraunkorra da” eta orain arte ezagutu diren ondorio nagusiak hauek dira: disnea, itolarria, neke kronikoa eta giharretako mina. Honi jarraiki, ikerketa batek ondorioztatu du aztertutako 179 pazienteetatik %87k gutxienez sintoma iraunkor bat zutela (nekea edo disnea), %55ek hiru sintoma edo gehiago zituela eta soilik % 12,6k ez zutela izan.
Pandemia dela eta, Rakel Mateo psikoterapeuta elkarrizketatu dute Berrian. Bere aburuz, osasun krisi honek baldintzatu ditu dolu prozesuak. Mugek prozesu hauetan nola eragin duten azaltzen du elkarrizketa honetan, baita izua dela indar handiagoz azaldu den sentimendua. Dolu prozesuaren emozioez irakurtzeko aukera duzue hemen.
Pandemia hasi zenetik, buruan izan dugu galdera hau: zenbateko iraupena du SARS-CoV-2aren aurkako immunitate-erantzunak? Ikerketa batean ikusi dute, 30.082 pertsonen datuak aztertuta, COVID-19a pasa duten pertsona gehienek birusaren aurkako IgG antigorputzen erantzun sendoa sortzen dutela eta bost hilabetez mantentzen dituztela antigorputzak. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
Ana Maria Garcia Osasun Publikoan aditua da eta bizi dugun egoeraren larritasunaz mintzo da Berriak egin dion elkarrizketa honetan. Udaberrian konfinamendua arintzeko eman ziren urratsaz hitz egin du, Espainiako Gobernuaren aholkulari lanetan jardun zuen eta. Horretaz gain, agintariek helarazi dituzten mezuak ezbaian jarri ditu. Ez galdu!
KimikaArma kimikoak izan ditu mintzagai Josu-Lopez Gazpiok artikulu honetan. Horretarako, Novichok agente neurotoxikoari buruz eman dizkigu azalpen interesgarriak. Zer da baina? nerbio-agente kutsatzaileen taldekoa da eta konposatu organofosforoduna eta egitura kimiko nahiko konplexua du. Eta nola funtzionatzen dute agente neurotoxikoek gure organismoan?
AstronomiaEuskal ikertzaile talde batek unibertsoren jatorriaz ikertzeko laguntza jaso du. Zehazki, 9,3 milioi euroko diru laguntza lortu dute DIPC, UPV/EHU eta Ikerbasque-ko hiru ikertzailek Synergy-2020 NEXT-BOLD proiekturako. Horren bidez, neutrinoa bere antipartikula ote den argitu nahi dute. Berrian aurkituko dituzue xehetasunak.
Nekazaritza espaziala, zer ote da? Juanma Gallegok artikulu honen bitartez azaldu digu zertan datzan. Ikertzaile asko ari dira lanean hori lortzeko nahian. Testuan aipatzen da, besteak beste, Green Moon Project, grabitate baxuko eremu batean haziak ahalbidetu eta horien garapena ikertzeko egitasmoa. Proiektu honetan lortu zuen aurrenekoz landare batek Ilargian ernamuintzea. Ilargian haziak mantendu eta garatzeko moduko kapsula prestatzen ari dira grabitate baxuko baldintzetan landareak nola garatzen diren aztertzeko.
Emakumeak zientzianSusana Marcosek iaz lortu zuen Ikerkuntzako Sari Nazionala, ingeniaritza optiko eta fotonikoari, eta oftalmologiako diagnostiko- eta zuzenketa- tresnen garapen industrialari egindako ekarpen aitzindariengatik. Haren ibilbideaz eta lanaz irakurri nahi baduzu, jo ezazu artikulu honetara.
ArkeologiaAurreko astean Berriaren eskutik jakin genuen Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dutela nazioarteko ikerketa batean. Bertan, parte hartu du UPV/EHUko Aritza Villaluenga ikertzaileak eta asteon horri buruz hitz egin du luze erreportaje honetan: “Txakurrak munduko bost leku ezberdinetan etxekotu ziren, modu independentean; duela 11.000 urte, Europan txakurrak zeuden, eta txakur mota ezberdinen presentzia bat dator giza mugimendu eta kultura nagusiekin”.
EboluzioaHegaztiek eta tximeletek dimorfismo deigarria dute, arrek eta emeek kolore ezberdinak dituzte. Dikromatismo horren motor ebolutiboa zehazten saiatu dira Stockholm-eko Unibertsitateko zoologoak, Elhuyar aldizkariak kontatu digunez. Ikerketan, Europako tximeletak izan dituzte aztergai, hots, koloreak eboluzioan zehar nola aldatu diren modelizatu dute. Ondorioztatu dute arren koloreak emeena baino% 26 azkarrago eboluzionatu zuela.
AntropologiaTrantsizio demografikoa fenomenoa ulertzen saiatu gara testu honen bidez. Besteak beste, Poloniaren kasua aipatzen da. Testuan aipatzen denez, zenbat eta handiagoa izan emakumeen ikasketa maila orduan eta seme-alaba gutxiago izaten ditu. Azterketa horretako beste datu interesgarri bat: emakume bakoitzaren hezkuntza mailaren arabera ez ezik, beren gizarte inguruneko emakumeen prestakuntza mailaren araberakoa ere bada ugalkortasuna.
EkologiaElikadura-ohiturak aldatu behar ditugu Parisko Akordioko helburuak lortzeko (1,5 ºC edo 2 ºC-koa), Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta Minnesotako Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek jakinarazi dutenez. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak sortzeko egiten diren baso-mozketak eta deforestazioak, ongarrien erabilera eta elikagaiak sortu eta banatzeko erretzen diren erregai fosilak dira igorpenen eragile nagusietako batzuk.
GenetikaBirusen mutazioei erreparatu die Koldo Garciak Edonola blogeko testu honetan. Zehazki SARS-CoV-2a izan du aztergai eta kontatu digunez, mutazio gutxi ditu eta bere mutazio-tasa geldoa da. Itxaropentsu agertu da gainera. Izan ere, mutatzeko abiadura geldo horrek abantaila bat du: genoma egonkorra duenez, eraginkorrak diren tratamenduek eta konponbideek beste birusetan aurkitzen direnak baino denbora tarte luzeagoan izango dira eraginkorrak.
Genetikaren etorkizunaz aritu da beste behin Koldo. Asteon, Núria Lopez-Bigasen, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle asoziatuaren hausnarketa ekarri digu: tumoreen garapena ikertzeko FAIR estrategia gakoa izango da.
Klima-aldaketaMende amaierarako, euskal itsasertzeko (Bizkaiko eta Gipuzkoako) hainbat toki arriskuan egongo direla jakin dugu Sustaturen bidez. Eusko Jaurlaritzak ondu duen txostenaren ingurukoak irakurtzeko, jo ezazue artikulu honetara.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #323 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #327
Astrozitoak neurona bilakatzea da parkinson gaixotasunarentzat egiten den tratamendu esperimentala. Arratoietan arrakastatsua da. Rosa García-Verdugoren How to treat Parkinson’s with astrocytes
Zientziaren filosofiak aurrehistoria izan zuen eta Jesús Zamora Bonillak azaltzen dabil. Epistemiologiarekin talkan dabil oraingoan metafisika postsokratikoak. The ‘prehistory’ of philosophy of science (4): Thank goodness!
Fase aldaketa normala balitz bezala tratatu daitezke polimeroen desortzio prozesuak. Fisika ikasita, izugarria da. DIPCkoek: Desorption as a first-order phase transition
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #327 appeared first on Zientzia Kaiera.
Susana Marcos: Ikerkuntzako Sari Nazionala jaso zuen ingeniaritza optikoan aitzindaria
Zientziaren bidea pertsona mordoari ixten dio fisikak; ahoskatu bezain laster blokatzen gaituen hitza da, zalantzarik gabe. Beldurra ezjakintasunaz elikatu ohi da; ulertezina egingo zaiguna baztertu egiten dugu maiz. Bat-batean atzera eginarazten digun indar moduko bat da diziplina hori. Aldiz, Susana Marcosi (Salamanca, 1970) guztiz kontrakoa gertatu zitzaion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zegoenean. Haren institutuko irakasle batek hain ondo azaltzen zuen fisika, ezen hori ikastea erabaki baitzuen eta hori haren familia letren mundukoa zela.
Literaturan gertatzen den legez, batzuetan erabaki ñimiñoek pertsona baten bizitza aldatzen duten gertaerak eragiten dituzten. Hauek izaten dira kontakizun onenak. Marcos fisikarekin liluratu zen haurtzaroan irakasle baten lan bikainari esker, eta optikaren eta giza ikusmenaren munduan murgildu eta arlo horretan espezializatu zen. Hori gutxi balitz bezala, iaz Leonardo Torres Quevedo Ikerketa Sari Nazionala lortu zuen, ingeniaritza optiko eta fotonikoari, eta oftalmologiako diagnostiko- eta zuzenketa- tresnen garapen industrialari egindako ekarpen aitzindariengatik, hain zuzen.

Aipaturiko sariak 1982an sortu ziren, eta ikerketa zientifikoaren arloan Espainian banatzen diren esanguratsuenak dira. Iaz, Susana Marcos ez ezik, Angela Nieto biologo molekularrak ere jaso zuen. Guztira, sei emakumek eta 73 gizonek irabazi dute saria gaur gaurkoz. 2019ko edizioko hautagai zerrendak kontuan hartuz gero, agerikoa da alde handia dagoela gizonen eta emakumeen artean. Izan ere, 66 eskaeretatik 22 soilik izan ziren emakumeenak (%33,3) eta 44 gizonenak (%66,7). Horren harira, Marcosek elkarrizketa batean azaldu zuenez, “zenbakiei so egiten diegunean, genero desberdintasunak daude, bereziki fisikaren arloan. Esaterako, ni joaten naizen ingeniaritza eta fisikako kongresuetan, ilara bakoitzean zenbat emakume dauden zenbatzen hasi eta oso gutxi daudela ohartzen zara”. Era berean, adierazi zuen askotan bera dela halako kongresu batera gonbidatzen duten hizlari bakarra.
Amaierarik gabeko ibilbideaSusana Marcosek Salamancako Unibertsitatean (USAL) Zientzia Fisikoetan lizentziatu eta ondoren, doktoregoa lortu zuen. Horren ondotik, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian (gaztelaniaz CSIC: Consejo Superior de Investigaciones Científicas) jardun zuen bekadun gisa. Era berean, Europako eta Estatu Batuetako hainbat erakundetan ibili zen doktoretza ondoko ikasketak gauzatuz; hiru urtez lan egin zuen Harvardeko Unibertsitatean ikertzaile gisa, adibidez. Espainiara itzulitakoan, CSICen hasi zen zientzialari titular gisa, eta ondoren, ikerketa-irakasle moduan. Egun, CSICeko Optika Institutuko Optika Bisual eta Biofotonikoko laborategiko zuzendaria da.
Bertan, giza ikusmen-sistema ikertzeko irudi teknikak eta ikusmena zuzentzeko aukera berriak garatzea dute helburu. Horrekin guztiarekin, euren asmoa da begiaren sistema optikoaren irudi-mekanismoak eta mekanismo biologikoak ulertzea, begi-patologien diagnostiko goiztiarrak egitea, eta zuzenketa errefraktibo eta presbiopikoen diseinuak sortzea.
Marcos hamazazpi patente-familien asmatzailea da: horietatik hamaikak industriarako lizentzia dutelarik. Gainera, SimVis teknologiaren eta 2EyesVision enpresaren sortzaileetako bat da. Horretaz gain, sari ugari jaso ditu, hala nola, Adolph Lomb domina (2002), Ukraniako Zientzien Akademiako honoris causa doktoregoa (2011) eta Jaime I Erregea Fundazioa Saria, Teknologia Berrien mailan (2017).
Eremu oso zabalaInguruan dugun gauza mordoak badu fisika oinarrian, eta horietako asko optikaren munduari dagozkio. Izan ere, optikak zientzia arlo ugari hartzen ditu bere baitan: ingeniaritza, fisika, biologia eta neurozientzia, besteak beste. Lan zehatza eskatzen du diziplina honek eta horregatik, Marcosek zuzentzen duen taldeak “bikaintasuna” bilatzen du. Zehazki, elkarrizketa honetan, hark azaltzen du oftalmologoak edo zirujauak eguneroko jardunean erabil ditzakeen tresnak egiteaz arduratzen dela haren taldea. “Gizartean eragina duen zerbait egin nahi dugu”, dio.
Horrekin batera, Marcosek aipatzen du ikertzailearen bizitza “oso sakrifikatua” dela, baina gaineratzen du gauza onak ere badituela; adibidez, etxera iristean hainbeste espero zenuen emaitza erdietsi duzula kontatu ahal izatea. Azken finean, Nikola Teslak zioen bezala: “Asmakizun batek funtzionatzen duela ikustea baino emozio biziagorik ez dago”. Aurretik bide luzea du oraindik Susana Marcosek, iaz eskuratu zuen saria bultzada baino ez da harentzat. Jazo den guztiari aurre egin dio eta hori izan daiteke haren arrakastaren arrazoia; oztopoen gainetik, helburuak beteko dituela sinetsita egotea, alegia.
Iturriak:- Agencia Sinc,“Mi sueño es devolver la capacidad de enfocar la vista a quien la haya perdido”, 2016ko martxoaren 30a.
- El País, Los Premios Nacionales de Investigación distinguen los avances en medicina, humanidades e ingeniería, 2019ko uztailaren 10a.
- Mujeres con ciencia, Susana Marcos: “Hay diferencias de género, particularmente en física”, 2016ko irailaren 3a.
- Wikipedia, Susana Marcos Celestino. Wikipedia.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Susana Marcos: Ikerkuntzako Sari Nazionala jaso zuen ingeniaritza optikoan aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Espazioan ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza
Gizakiok aspalditik ohituta gaude landareekin lan egiten, baina Lurretik kanpoko nekazaritza garatzerakoan Neolito aroko lehen ahaleginetan bezain galduta egon gaitezke. Zientzialariak lanean ari dira hori gerta ez dadin, etorkizun hurbil batean espazio nekazaritza errealitatea bihurtu nahian.
2020ko irailean zerbait historikoa gertatu zen, baina ez da iritsi hedabideen lerroburuetara. Ordudanik, NASAk Ilargiko laginak erosteko eskaintza egiten dio horiek hartu eta Lurrera ekartzeko prest dagoen edozeini. Hasiera batean garrantzi handirik gabeko zerbait ematen du. Azken finean, nor egongo da prest hori egiteko? Diru aldetik, bederen, eskaini dituzten prezioekin, ez du ematen bidaia egitea merezi duenik. Baina, zinez, zerbait historikoa da. Ez da harreman publikoetara mugatzen den kontua, ezta espazio kontuen friki direnentzako denbora-pasa hutsa ere.
Funtsean, NASAk aldarrikatu du Ilargia merkatuan dagoela, eta AEB prest dagoela merkataritza horri nolabaiteko berme juridiko bat emateko. Arlo diplomatikoan jorratzen ari diren Artemis hitzarmenen osagarri dira asmo horiek, eta, teorian orain dagoen legedian oinarrituta egon arren, praktikan argi dago helburua dela hasierako legedi lauso horiek gainditzea.

Guztion burua Marte egonda ere, momentuz ez dira Mars hitzarmenak, Artemis hitzarmenak baizik. Ez da kasualitatea: gizakia kanpo espazioan lehen pausuak ematen ari den honetan, Ilargia izango da lehen abiapuntua. Baina jomuga edozein izanda, gauza asko beharko dituzte astronautek. Tartean, zerbait jan beharko dute, eta janaria Lurretik eramatea ez da epe luzerako aukera oso errealista. Esan beharrik ez dago, landareek emandako oxigenoa ere nahiko preziatua izan daitekeela hor goian. Modu batean edo bestean, benetan planeta arteko espeziea bilakatu nahi badu, halabeharrez, nekazaritza espaziala garatu beharko du gizakiak.
Ikertzaile asko ari dira zeregin horretan, zarata asko egin gabe. Baina kontua gero eta ezagunagoa da. Dagoeneko, gainera, nekazari lanetan dabilen astronauta bat irudikatzea ez da kontu arraro bat. Berdin liburuaren zein filmaren bitartez, The Martian izeneko istorioak irudi hori gogor finkatu du gizakion kontzientzian. Erronka ez da makala, baina gizakiak behin baino gehiagotan erakutsi du erronken aurrean kikiltzea ez dela aukera bat. Ez batzuentzat, bederen.
Ahalegin horietako batek Green Moon Project du izena. Duela lau urte abiatu zen, grabitate baxuko eremu batean haziak ahalbidetu eta horien garapena ikertzeko. Iazko urtarrilean, gainera, beste mugarri historiko txiki batek ezustean harrapatu zituen proiektu horretako ikertzaileak: Txinako Chang’e-4 misioak lortu zuen aurrenekoz landare batek Ilargian ernamuintzea. Hasierako esperimentua izan zen, noski, eta argi zegoen landare horrek aurrera egiteko modurik ez zuela. Baina lehen urratsa emanda zegoen.
Hori ikusita, Txinako talde zientifikoarekin harremanetan jarri eta elkarlana abiatu dute Green Moon proiektukoek. Zientziaren mundua ezagutzen dutenek ondo dakite askotan ikertzaileen arteko harreman zuzenak burokrazia eta deialdi publikoak baino askoz eraginkorragoak direla, eta diplomaziaren muga zurrunetan zirrikitu freskoak atera daitezkeela horri esker.
Elkarlan horren barruan, kapsula bat garatzen ari dira, egunen batean Ilargira eramango duten esperantzan. Horretarako, Ilargian dagoenaren antzekoa den lurra hartzen dute abiapuntutzat. Ilargiaren eta bereziki Marteren analogotzat jotzen den Lanzarote uhartean ere hainbat esperimentu egiten ibili dira.
Landareari dagokionez, lehen saiakeretarako Arabidopsis thaliana espeziea erabiltzen ari dira. Landare hori oso ezaguna da zientzialarien artean, eredu-organismo gisa sarri erabiltzen delako. Eta zientzialari ez garenok ere ikusi izan dugu sarritan, horretaz apenas konturatu gabe. Izan ere, itxura xumea eta atentzioa deitzen ez duen landare hori ia-ia edozein zirrikitutan ernamuintzeko gai da, asfaltoaren gainean natura erraz gainditzen den oroigarri gisa. Hortaz, erraza da ulertzea zergatik aukeratu duten hain temati den landare hori espazioan biziraupenari buruzko ikerketetan.
Lurraren antzeko grabitatea ez duen inguru batean landareak aurrera ateratzea da erronka nagusienetako bat. Teorian, landareak arinago hazi beharko lirateke Ilargian, bertako grabitatea Lurrarena baino sei aldiz txikiagoa delako. Bestalde, lantzen ari diren kapsulan karbono dioxido eta oxigeno mailak zein argia eta tenperatura neurtzen dituzten sentsoreak daude, besteak beste.

Dudarik gabe, tenperatura egokia lortzea da zailena, Ilargiaren azala Eguzkiari begira edo Eguzkiaz bestalde egon, horren arabera tenperatura alde oso handiak daudelako. Baina atmosferaren eta eremu magnetikoaren babesik gabe landareek Ilargian jasan beharko luketen erradiazioa ere kezka iturri da ikertzaileentzat. Hasiera batean, bederen, landarean bertan ez luke aparteko eraginik izan behar, normalean landare bakar baten bizitzan metatzen den erradiazio maila ez delako handiegia; baina, epe luzerako, oinordekoetan erradiazio horrek izan ditzakeen ondorioak aztertu eta aurreikusi beharko dira. Izan ere, herrialde gehienetan uzta txar baten ondorioak ez dira hain larriak XXI. mendean, baina Ilargian —are gehiago, Marten—, galdutako uzta batek kinka larrian jarri ditzake bertaratutakoen segurtasuna.
Marteko lur… emankorra?Marteren kasuan bereziki zailagoa izango da hara lurra eramatea, eta, beraz, bertakoa baliatzea ezinbestekoa izango da. Horregatik, Icarus aldizkarian argitaratutako lan batean Marten dagoen lurzorua imitatzen duten formula desberdinak ebaluatu ditu beste ikertzaile talde batek. Kasu honetan, aurrean izan duten erronkarik handiena izan da igartzea nolakoak diren Marteko lurrak. Izan ere, eta hori egiteko misioak planifikatu diren arren, momentuz lurtarrok ez daukagu planeta gorriko lurren laginik, eta, hortaz, teledetekzio bitartez eta Marte zapaldu duten ibilgailuen bitartez egindako azterketa fisiko-kimikoekin eskura daitekeen informazioaz konformatu behar gara.
Mineralen osaketa eta gazitasun maila simulatuz, Marteko lurrek duten emankortasun potentziala ebaluatu nahi dute, jakin ahal izateko lur horrekin nekazaritza txikiren bat abiatzeko moduan egongo ote diren, eta, hau horrela ez bada, emankortasun hori lortzeko zer nolako prozesuak abiatu daitezkeen. Marteren kasuan, landareek behar dituzten nutriente guztiak daudela ezagutzen da: bereziki, nitrogenoa, fosforoa eta potasioa.
Baina horrek ez du esan nahi berez funtzionatuko duenik, Laura Fackrell egile nagusiak prentsa ohar batean ohartarazi duenez. “Landare bat lurzoruan jarri ahal duzu, bertan burdina edo magnesioa daudelako, baina horrek ez du esan nahi landarea zorutik elementu horiek erauzteko gai izango denik”. Modu berean, osagarri horiek kopuru onargarrietan egon behar dira: gutxi izanez gero, ez dira nahikoak izango; gehiegi badira, berriz, toxikoak bilaka daitezke.
Simulazioen bitartez egiaztatu ahal izan dute Marteko lurzoruen testurak kurruskariak eta lehorrak direla, eta hori erronka handi bat izan daitekeela praktikan lur horiek baliatzean. Horregatik, Lurrean ere erabiltzen diren hainbat aterabide ere kontuan hartu dituzte; adibidez, lur horietan bakterio edo onddo batzuk gehitzeko aukera.
Beste hainbat eta hainbat proiektu ere badira munduan, baina guztiek dute kontu bat komunean: muturreko baldintzetan landareen emankortasuna bermatzea eta, ahal bada, handitzea. Eta hau oso garrantzitsua izan daiteke. Askotan errepikatzen da espazioan egindako inbertsioak beti Lurrera bueltan datozela, eta alor honetan inoiz baino arrazoi gehiagorekin esan daiteke hau. Lurrean egiten den nekazaritza ez eraginkorrean bide handia dago hobetzeko.
Adibidez, Marten koloniak ezartzeko kalkuluak egiten ibilitako Gisela Detrell eta Guillem Anglada zientzialariek Hablando con científicos saioan azaldu dutenez, badago tarte zabala nekazaritza hobetzeko, baldintza kontrolatuetan eta modu efizientean eginez gero. Diotenez, Marterako simulazioetan ikusi dute 100 metro koadroko lursail eraginkor bat nahikoa dela pertsona baten beharrak asetzeko, baina Lurrean, berriz, ehunka hektarea erabiltzen ditugu pertsona bakoitzeko. “Berdina egingo bagenu, nekazaritzara eta elikagaien ekoizpenera bideratzen dugun lurraren kopurua frakzio batera jaitsi genezake. Hau oso mezu indartsua da, baina jendeari askotan eskapatu egiten zaio”, laburbildu dute.
Bidea, beraz, irekita dago. Ad astra… per agrum.
Erreferentzia bibliografikoa:Ortega-Hernandez, J. M., Martinez-Frias, J., Pla-Garcia, J., and Sanchez-Rodriguez, E. (2020). Green Moon Project: encapsulated and pressurized habitat for plants on space, Europlanet Science Congress 2020, online, 21 September–9 Oct 2020, EPSC2020-22, DOI: https://doi.org/10.5194/epsc2020-22
Fackrell, Laura E. et al. (2021). Development of Martian regolith and bedrock simulants: Potential and limitations of Martian regolith as an in-situ resource. Icarus, 354 (2021), 114055. DOI: doi.org/10.1016/j.icarus.2020.114055
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Espazioan ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza appeared first on Zientzia Kaiera.
Novichok: hiltzeko diseinatuta
Uda amaieran agente neurotoxikoen gaia behin baino gehiagotan agertu da albisteetan politikari errusiar baten ustezko pozoitzearen ondorioz. Kasua argitzen den bitartean, arma kimikoen gaia aztertzeko aukera ona da. Zergatik garatzen dira hain arriskutsuak diren substantziak?

Abuztu amaieran Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kideak gaizki sentitzen hasi zen Moskutik Siberiara hegazkinez zihoala. Larrialdiko lurreratzearen ostean, egun pare bat Errusiako ospitale batean pasa zituen eta, handik, Berlinera eraman zuten tratamenduarekin jarraitzeko. Alemanian –eta horren ondoren Suedian eta Frantzian– egindako analisietan Novichok agente neurotoxikoaren arrastoak aurkitu zituzten. Navalniren egoerak okerrera egin zuen hasiera batean eta, bien bitartean, Alemaniaren eta Errusiaren arteko hainbat tira bira egon ziren. Navalni koma induzituan egon zen eta gero, pixkanaka, hobera egin zuen. Politika-kontuetan gehiegi sartu gabe, argi dago pozoiek erabilpen anitz eta zabala izan dutela historian zehar.
Novichok delakoa nerbio-agente kutsatzaileen taldekoa da, konposatu organofosforoduna eta egitura kimiko nahiko konplexua duena. Sobietar Batasunean 70eko hamarkadan diseinatutako agente neurotoxikoetako bat da. Novichoka Foliant izeneko programa sekretuaren bitartez garatu zen, Vil Mirzayanov kimikari erbesteratu errusiarrak emandako informaziotik jakin zen moduan. Novichok agentea binarioa da, alegia, bi substantzia geldo elkartzea sortzen den agente toxikoa. Bi substantzia horiek, hain aldetik, ez direnez arriskutsuak, Sobietar Batasunak pestizidak garatzeko programa baten baitan mantendu zuen sekretuan Novichok agentearen ekoizpena. Horretaz gainera, agente binarioa izanik erabiltzea errazagoa da, ez baitago arrisku gehiegi pozoiaren garraioan: azken unean elkartzen dira substantzia pozoia lortzeko. Likidoa da, baina, hauts solidoekin nahastuta ere erabili daiteke, beraz, erraz eraman daiteke leku batetik bestera.
Ikuspuntu toxikologikotik, VX agentea baino bost edo zortzi aldiz toxikoagoa da. Hainbat Novichok mota desberdin daude, beraz, ez gara konposatu bakarraz ari. A-232 edo A-234 dira toxikoenak, ziur aski, eta antza denez Navalniren kasuan aurkitu dena horietako bat da. Agente neurotoxiko horiek laugarren belaunaldiko arma kimikoak dira. Lehen belaunaldikoak nagusiki Lehen Mundu Gerran -eta neurri txikiagoan Bigarrenean- erabilitako arma kimikoak dira. Arma horietaz luze eta zabal hitz egin nuen hedabide honetan bertan Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen artikuluan. Bigarren belaunaldikoak G serieko konposatuak dira: Tabun, Sarin eta Soman, besteak beste. Hirugarren belaunaldikoak V seriekoak dira, esaterako, aipatutako VX agentea. Laugarren belaunaldikoak, aurreratuenak, A seriekoak dira -Novichoka tarteko-.
Nola funtzionatzen dute, baina, agente neurotoxikoek organismoan? Bada, nerbio-sistema autonomoari eragiten diotelako dira hain arriskutsuak. Nerbio-sistema autonomoa funtzio automatiko edo inkontzienteez arduratzen da, esaterako, bihotz taupadak, arnasketa eta odol-presioa. Azetilkolina organismoan dugun berezko neurotransmisorea da funtzio horiek erregulatzeko, neuronen arteko komunikazioa ahalbidetzen baitu. Alabaina, beharrezko seinalea bidali ondoren, azetilkolina degradatu egin behar da seinalea eteteko. Nerbio-agente batzuk, Novichoka kasu, degradazio hori katalizatzen duen entzima erasotzen dute, alegia, azetilkolinesterasaren inhibitzaileak dira. Azetilkolina ez denez desagertzen, pilatzen doa eta gehiegizko nerbio-seinaleak eragiten ditu. Horrek gehiegizko jariaketa eta muskuluen nekea dakar eta, azkenik, paralisia eta heriotza.
Kalte handiak eragiten ditu Novichok agenteak, sarri askotan itzulezinak eta, gainera, hainbat urte geroago agertu daitezkeenak. Hain zuzen ere, entzimarekin modu itzulezinean lotzen denez, ondorio neurologiko larriak ager daitezke epe luzera. Agentearekin kontaktu oso laburra -10 minutu nahikoak izan daitezke- nahikoa da organismoan kalteak eragiteko. Oso eraginkorra da, baina, ez dezagun ahaztu horretarako diseinatuta daudela arma kimikoak. Arma kimikoak modu masiboan erabiltzeko garatu daitezke, esate baterako, Lehen Mundu Gerran erabili zirenak erabilera horretarako pentsatu ziren: ahalik eta soldadu gehien hil edo desgaitzeko diseinatu ziren. Egun erabiltzen direnak, pozoi selektiboagoak dira. Erraz garraiatu eta erabili daitezkeen substantziak, eta detektatzen zailak direnak. Zoritxarrez, kimikak ere horretarako aukera ematen du.
Informazio gehiago:- Perez-Peña, Richard (2020). ¿Qué es el novichok, la neurotoxina relacionada con el envenenamiento de Navalny? The New York Times. (2020-09-02an argitaratua)
- Madsen, James M. (2019). Agentes de guerra química nerviosos. Manual MSD. (2019-05-01ean argitaratua)
- Braitberg, George (2018). The science behind novichok. Pursuit. (2018-03-19an argitaratua)
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Novichok: hiltzeko diseinatuta appeared first on Zientzia Kaiera.
Prestakuntza maila eta trantsizio demografikoa
Ugalkortasuna jaitsi egin da edo azkar txikitzen ari da munduko herrialde gehienetan. Horren ondorioz, giza populazioa gero eta gutxiago hazten ari da eta litekeena da une jakin batetik aurrera gutxitzea. Ugalkortasun aldaketa horri eta horrek populazioan dituen ondorioei «trantsizio demografikoa» deitzen zaie. Eboluzioaren ikuspegi hertsitik, zaila da fenomeno hori ulertzea; izan ere, printzipioz, bikote batek zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta oinordeko gehiago atera ditzake aurrera. Baina gauzak ez dira eskema horren arabera gertatzen.

Europari dagokionez, Frantziako eskualde batzuetan duela ia bi mende hasi zen trantsizio demografikoa, 1830 inguruan; Normandian eta Bretainian, berriz, ia mende bat geroago. Valonian 1870 inguruan hasi zen; Flandrian, berriz, lau hamarkada geroago. Britainia Handian eta Alemaniako eskualde batzuetan 1880an iritsi zen; herrialde horretako beste batzuetan, berriz, 1910ean eta, gainerakoetan, 1930ean. Desberdintasun horiek ikusita, batez ere herrialde bereko eremuen artekoak, badirudi kultur faktoreek fenomeno horretan eragina izan dezaketela. Hain zuzen ere, ugalkortasunaren beherakada emakumeek heziketa jasotzeko eta bai ekonomikoki bai sozialki baloratuta dauden lanak eskuratzeko aukera izatearekin lotuta egon ohi da.
Trantsizio demografiko betean dagoen Poloniako eremu batean egindako azterketa batek azaleratu zuenez, hala da, zenbat eta handiagoa izan emakumeen ikasketa maila orduan eta seme-alaba gutxiago izaten ditu. Baina azterketa horretako datu interesgarriena honako hau da: emakume bakoitzaren hezkuntza mailaren arabera ez ezik, beren gizarte inguruneko emakumeen prestakuntza mailaren araberakoa ere bada ugalkortasuna, hein berdinean edo are handiagoan. Hau da, goi mailako hezkuntza duten emakumeekin harremanak dituzten hezkuntza maila txikiko emakumeek haien ugalketa portaera kopiatzeko joera daukate eta hala, jokabide hori gizarte ingurune osora zabaltzen da.
Hasteko, prestakuntza maila handiko emakumeek amatasuna atzeratu ohi dute, lanean aurrera egitea eta estatus handiagoa izatea errazten duten ezagutzak eta gaitasunak bereganatzeko denbora gehiago izateko eta horretan ahalegin handiagoa egiteko; eta amatasuna atzeratzeak ugalkortasuna gutxitzea dakar. Emakume horiek eta haien bikotekideek maila sozioekonomiko handiagoa izaten dutenez, haien inguruneko gainerako emakumeek edo bikoteek imitatu egiten dituzte. Horren ondorioz, baliteke denbora gehiago ematea sozialki desiragarriak diren prestakuntza eta lanak bereganatzen; kasu horretan ere, ugalkortasuna murriztu egiten da. Baina gerta daiteke imitatzen den bakarra ugalkortasunarekin lotutako erabakiak izatea. Transmisio kulturaleko fenomeno aski ezaguna da, bi isuri psikologiko oso boteretsutan oinarritua: prestigioa eta konformatzea.
Prestigioaren lerrabideari jarraituz, arrakasta handieneko gizabanakoen jokabidea imitatzeko joera daukagu. Eta konformatzekoari jarraituz, gure taldeko gehienek egiten dutena egiteko joera daukagu. Bi lerrabideek bateratzearen ondorioz, ugalkortasuna jaistea eragiten duten kultur arauak azkar transmititzen dira. Fenomeno hori autoelikatu egiten da eta epe erlatiboki laburretan jaiotze tasa oso txikiak izatea eragiten du.
Trantsizio demografikoan, seguruenik, beste faktore batzuek ere zerikusia dute, baina haien ondorio okerrenak aldatu nahi badira, seguru asko, kontuan hartu beharko da nola eragiten duten ugalkortasunaren inguruko erabakietan biztanleriaren prestakuntza mailak eta bikote gazteen lan espektatibek.
Erreferentzia bibliografikoa:Colleran, H., Jasienska, G., Nenko, I., Galbarczyk, A., Mace, R. (2014). Community-level education accelerates the cultural evolution of fertility decline. Proceedings of the Royal Society B, 281, 20132732. DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2013.2732
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Prestakuntza maila eta trantsizio demografikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Kininaren historia
Malaria gaixotasun infekziosoa da, eta mendetan gaixotasun beldurgarri eta suntsitzaileenetako bat izan da. Italieratik datorkio izena, eta honela osatuta dago: “txarra” eta “aria”, hau da, “aire txarra”.
Plasmodium generoko protozooek eragiten dute gaixotasun hori. Protozoo horiek odoleko globulu gorriak infektatzen dituzte, eta Anopheles generoko eltxo espezie batzuek infektatutako emeen ziztadek transmititzen dituzte.
Malariaren sendabidea kininaren eskutik iritsi zen, eta badakigu globulu gorrien barruan Plasmodiuma suntsitzen duela, nahiz eta oraindik ez dakigun mekanismo zehatza.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Kininaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.