S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 59 min 14 sec

Eskuak ondo garbitzea, gaitz infekziosoen aurkako gakoetako bat

mer, 2020/02/19 - 09:00
Juanma Gallego Globalizazioari esker epidemiak inoiz baino azkarrago hedatu daitezke, baina aireportuetatik igarotzen diren bidaiariek eskuak ondo garbitzen badituzte, gaitz infekziosoen zabalkuntza asko murriztu zitekeela proposatu dute ikertzaileek.

Komun publiko batetik atera berritan bazaude eta, doktoretza tesia egiteko adinean egon daitekeen gazteren bat ikusten baduzu, libreta eskutan, zertan ari zaren kuxkuxeatzen eta gaizki disimulatzen, ez haserretu. Edo, behintzat, ez moskeatu gehiegi. Kontuan izan agian ikertzaile bat izan daitekeela, gizateria salbatu nahian. Ados, bai, agian hau gehiegi esatea da. Gizateria salbatzen lagundu nahian, akaso.

Kuxkuxeroaren helburua zure portaera behatzea izan daiteke. Zertarako, bada? Ba, jakiteko ea, behin heldutasunera iritsita, gurasoek txikitan behin eta berriz gogorarazten zizuten agindu hori benetan jarraitzen ote duzun: “Komunetik ateratzean, arren, ondo garbitu eskuak”.

1. irudia: Argi dago eskuen garbitze soilarekin ez dagoela modurik gaitz baten zabalkuntza nazioartean ekiditeko, baina ikertzaileek uste dute oso lagungarria izango litzatekeela garbiketa-tasak handitzea. (Argazkia: Dan Watson/Unsplash)

Ez da soilik arreta erakartzeko kazetariek erabiltzen duten amu txotxolo horietako bat. Era horretako ikerketak egin egiten dira. 2003an, esaterako, halako behaketa baten gaineko emaitzak argitaratu zituzten, mikrobiologiari buruzko kongresu batean. AEBtako aireportuetan egindako ikerketa izan zen. New York, Chicago, San Francisco, Dallas, Miami eta Toronto hirietako aireportuetan 7.541 lagunen portaera aztertu zuten. Eta emaitzek berretsi zutenez, benetako datuak eskuratzeko, galdetzea baino, beharrezkoa da zuzenean begiratzea. Aurreko ikerketetan ikusia zuten jendeari galdetuz gero %95ek esaten zutela baietz, eskuak garbitzen zituztela, baina benetan soilik %67k egiten zuten. 2003ko azterketa horretan, SARS gaitzaren zabalkuntza puri-purian zegoenean, behaketetan eskuratutako datuak hobeak izan ziren: ikusi zuten %78k hori benetan egiten zutela. Sexuaren arabera, emakumezkoak (%83) gizonezkoak (%74) baino txukunago aritu ziren.

Ikerketa horiek aireportuetan egiteak badu arrazoi garrantzitsu bat: nodo baten modura funtzionatzen dute. Bai airelineatarako, pertsonentzako… zein birusetarako ere. Aireportuetan leku askotako lagunak elkartzen dira eta, normala denez, objektu desberdin asko ukitzen dituzte: aulkietako beso-euskarriak, segurtasun-kontroletan objektu pertsonalak uzteko erabiltzen azpilak edota ateetako heldulekuak, esate baterako.

Hori guztia kontuan hartuta, azpiegitura horietan higienea handitzearen garrantzia nabarmendu dute ikerketa berri batean. Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaileek Risk Analysis aldizkarian proposatu dutenez, munduko hamar aireportutan eskuak garbitzeko tasa handitze soilarekin, gaitz biral baten zabalkuntza asko murriztuko litzateke.

Dena dela, garbiketa horrek egokia izan behar duela azaldu dute. Izan ere, eskuak garbitzen dituztenen artean ere, askok ez dute ondo egiten. Ondo egiteko, gomendatzen da ura eta xaboia erabiltzea, 15-20 segundo inguruz eskuak igurtziz. Halere, askok ura baino ez dute erabiltzen. Germenen propagazioa ekiditeko, gainera, gutxienez ordubetean behin egin behar dela diote. Eta oraingoan aipatu ez badute ere, aurreko ikerketa batek agerian utzi zuen garbitzeaz gain garrantzitsua dela ere eskuak ondo lehortzea.

Hortaz, kalkulatu dute aireportuetan dabiltzan bidaiarien %20k baino ez daramatzatela eskuak ondo garbituta. Bada, munduko aireportu guztienetan kopuru hori hirukoiztuz gero –ondo garbitutako eskuak dituzten bidaiarien kopurua %60ra pasata–, horrek lortuko luke mundu mailan gaitzaren propagazio-maila ia %70 atzeratzea.

2. irudia: Munduko hainbat aireporturen kokapena eta beste aireportuekiko loturak aztertu dituzte, eta ikusi dute faktore horiek trafiko-kopurua baino garrantzitsuagoak direla gaitzen zabalkuntzari dagokionez. Irudian, Honoluluren adibidea. (Irudia: Nicolaides et al./Risk Analisys)

Halako neurri bat munduko aireportu guztietan ezartzea zaila litzatekeela aitortuta, kalkulatu dute noraino lagunduko lukeen horrelako garbitze-tasak munduko hamar aireportutan lortzeak. Gaitzen zabalkuntza %37 atzera litekeela ondorioztatu dute. Aireportu horien aukeraketa, gaitz infekziosoaren hasierako agerraldiaren jatorriaren arabera egin beharko litzateke. Wuhango koronabirusaren gorakada baino lehenago egindako ikerketa izan arren, egileek diote azken krisi honetan ere aplikagarri direla ondorioak, kutsagarria den edozein gaitzi dagokiolako.

Epidemiologia ereduetan eta datuetan oinarritutako simulazioak baliatu dituzte ikerketa egiteko. Besteak beste, nazioarteko hegaldien inguruko datuak, aireportuetan izaten diren itxarote-tasak eta pertsonen arteko zein pertsonen eta objektuen arteko elkarrekintzei buruzko balioespenak kontuan hartu dituzte, eta baita historikoki izurriteek izan duten bilakaeraren inguruan aurreko ikerketek esan dutena ere.

Higiene neurriak indartzeko, gaiari buruzko komunikazio kanpainen beharra azpimarratu dute. Egin duten beste kalkulu baten arabera, munduko aireportu guztietan eskuen garbitze-tasa %10 handituz gero, nazioarteko gaitz infekziosoen zabaltzea %24 murriztuko litzateke.

Ikertzaileek identifikatu dituzte munduan gaitzen zabalpenean eragin handiena izan dezaketen 120 aireportuak, eta ikusi dute ez direla izan behar, halabeharrez, trafiko gehien dutenak. Kokapena ere garrantzitsua izan daiteke. Tokio (Japonia) eta Honolulu (AEB) jarri dituzte adibidetzat. Hurrenez hurren, trafikoari dagokionez 46. eta 117. postuetan daude, baina euren kokapena eta bertan izaten diren loturak direla eta, garrantzi nabarmena izan ahal dute nazioarteko gaitz infekziosoen zabalkuntzan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nicolaides, C., Avraam, D., Cueto‐Felgueroso, L., González, M.C. and Juanes, R. (2020). Hand‐Hygiene Mitigation Strategies Against Global Disease Spreading through the Air Transportation Network. Risk Analysis. doi:10.1111/risa.13438

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Eskuak ondo garbitzea, gaitz infekziosoen aurkako gakoetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean

mar, 2020/02/18 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Diabetesa biztanleriaren zati garrantzitsu batek jasaten duen gaixotasun kronikoa da, baina, kasu askotan gaixotasun ezezaguna da edo, hobeto esanda, ez da ondo ulertzen zer den eta zergatik agertzen den diabetesa. Diabetesa ulertzeko bidean, lehenik glukosaren metabolismoan intsulinak duen garrantzia azaldu genuen eta jarraian, erregulazio horretan akatsak daudenean gertatzen denean jarriko dugu begirada.

Irudia: Diabetesa duten gaixoentzat beharrezkoa da odoleko glukosaren kontzentrazioa kontrolatzea eta beharrezkoa denean intsulina injektatzea. (Argazkia: Steve Buissinne – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Diabetesa aspalditik ezagutzen den gaixotasuna da. Ideia bat emate aldera, kontuan izan behar dugu diabetesaren lehen deskribapena Ebers papiroan dagoela, k.a. 1.500. urtean. Erromatarrek eta greziarrek diabetesa ezagutzen zuten. Garai hartan, norbaitek diabetesa zuen edo ez jakiteko haren gernua dastatu behar zen. Horrela, greziarrak konturatu ziren zenbait lagunen gernua mellitus zela, alegia, gozoa zela -eztia, mellita hitzetik dator-. Orain badakigu zapore hori gehiegizko glukosa kontzentrazioaren kausa dela. Modu horretan, greziarrek bazekiten gaixotasun hori zutenek edari gozoak edan bezala kanporatzen zituztela gernuaren bidez -alegia, gernua ere gozoa zela- sifoi bat balitz bezala. Sifoi hitzaren baliokide greziarra diabetes da eta hortik, hain zuzen ere, diabetes mellitus.

Diabetesa duten gaixoek egarri handia izan ohi dute eta baita pixa egiteko gogo handia ere. Sintoma horietan oinarrituta, historian zehar hainbat aurkikuntza egin dira diabetesari buruz. 1679an, Thomas Willis mediku ingelesak sintoma horiek zituzten gaixoen gernuaren hondakinak dastatu zituen eta bi diabetes mota berezitu zituen: diabetes gozoa eta zaporerik gabeko diabetesa -esan beharrik ez dago nola iritsi zen ondorio horretara-. Gaur egun dakigunez, diabetes mellitusa diabetes gozoa da eta odoleko glukosa maila handiegiarekin lotzen da. Zaporerik gabeko diabetesa, aldiz, guztiz desberdina den gaixotasuna da eta hormona antidiuretikoaren gabeziarekin lotzen da. Hala ere, antzeko sintomak ematen dituenez, izen bera dute biek. Hortaz, garrantzitsua da jakitea diabetes mellitus eta diabetes zaporegabea fisiologikoki gaixotasun desberdinak direla. Oro har, diabetesa aipatzen denean lehenengoaz ari gara.

Diabetesa, beraz, pertsona baten odoleko glukosa maila behar baino gorago dagoenean izaten da. Oro har, odoleko azukre maila normaltzat jotzen da 65-100 mg/dl artean badago -baraurik- eta 140 mg/dl azpitik otordutik ordu bat edo bi igaro denean. Maila hori gaindituz gero, litekeena da pertsona horrek diabetesa izatea. Azukre kantitate handiegi horrek hainbat kalte ekar ditzake begietan, giltzurrunen funtzionamenduan, nerbio sisteman, eta abar. Oro har, epe luzera agertzen diren arazoak izan ohi dira. Diabetesa mota desberdinetakoa izan daiteke, baina, motarik arruntenak 1 mota eta 2 mota deiturikoak dira. Horien arteko desberdintasuna ulertzeko, lehenik eta behin beharrezkoa da glukosaren metabolismoaren erregulazioan gehiago sakontzea.

Glukosaren metabolismoa intsulinak erregulatzen du. Bere funtzio garrantzitsuena glukosa odoletik zeluletara igarotzen laguntzea da, modu horretan odoleko glukosa kontzentrazioa murriztuz. Era berean, intsulinak gibeleko glukogeno sintesia aktibatzen du eta prozesu horrek ere glukosa kontzentrazioa murrizten du. Alabaina, pankreak intsulinarik jariatzen ez badu, zeluletako paretetan dauden glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da modu eraginkorrean sartzen zeluletara. Egoera honi 1 motako diabetesa deritzo, alegia, intsulina gabeziaren ondorioz odoleko glukosa kontzentrazioa murrizten ez denean.

Halere, bada beste akats mota bat glukosaren metabolismoaren erregulazioan. Zenbait kasutan, intsulina egon daiteke, bai, baina zeluletako intsulina hartzaileetan egotea akatsa -alegia, intsulinarekin lotu behar diren zelulako paretaren atalak-. Lotura hori ez bada modu egokian gertatzen, glukosa garraiatzaileak ez dira behar bezala aktibatzen eta glukosa ez da zeluletara sartzen. Bigarren arazo hori duten gaixoek 2 motako diabetesa dute, hots, pankreak intsulina jariatzen du, baina, intsulina ez da modu egokian lotzen hartzailearekin.

1 motako diabetesa haurtzaro edo nerabezaroan agertu ohi da, nahiz eta beranduago ere ager daitekeen. Oro har, mota honetako diabetesa bat-batean agertzen da eta intsulina hartuz kontrola daiteke. 2 motako diabetesa helduaroan agertzen da normalean eta horrek ez du zertan betirako izan behar; tratatzen bada, adibidez gizentasunaren aurka egiten bada, desagertu egin daiteke. 1 motako diabetesa baino askoz ere ohikoagoa da biztanlerian -%90-95- eta, orokorrean, sintomak ez dira hain agerikoak. Askotan ez du inongo minik sortzen eta denbora luzean oharkabean pasa daiteke -horrexegatik daude diagnostikatu gabeko kasu asko-. Oro har, 2 motako diabetesa elikadura desegokiaren eta kirol gabeziaren ondorioa izaten da. 1 motakoa, aldiz, ezin da era eraginkorrean saihestu. 1 motako diabetesa norberaren immunitate-sistemak pankrean dauden beta zelulak erasotzen dituenean gertatzen da eta horren arrazoiak genetikoak edo ingurunearenak izan daitezke -esaterako, gaixotasun birikoak jasan ondoren-.

Diabetes mellitusaren tratamenduari dagokionez, historian zehar hainbat modutara egin da, aurkikuntza berriek tratamendu eraginkorragoak ekartzen zituzten neurrian, baina, hori guztia hurrengorako utziko dugu.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Diabetesari buruzko artikulu-sorta:

  1. Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa
  2. Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean

The post Diabetesa ulertzeko bidean (II): metabolismoan akatsak daudenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mikrobio materia iluna

lun, 2020/02/17 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Lurrean bizitza hedatu zen moduari buruzko ikuspegia aldatzen hasi zen 1977an, itsaspeko batek biziz beteriko iturri hidrotermal (fumarola) bat topatu zuenean Ozeano Barearen hondoan. Orduz geroztik, aurkikuntzak bata bestearen atzetik etorri ziren, bai fumarola gehiago eta komunitate konplexuak horien inguruan, bai kokagune egiatan bitxiak.

Izaki bizidunak topatu diren lekurik ustekabekoenak, agian, sakonera handian dauden harkaitzen barnealdeak dira. Mikrobio formak bizi dira lurrazaletik eta itsas hondotik metro gutxi batzuetara, baita sakonera handiagoetan ere. Bakterioak eta arkeoak topatu dituzte lurrazaletik 5 kilometrora, lur azpian Txinan. Halaber, mikrobioak topatu dituzte itsas hondoa baino 2,5 kilometro beherago.

Irudia: Laborategietan kultibatu gabeko mikrobioen populazioari mikrobio materia iluna esaten zaio. Tennesseeko Unibertsitateko Karen Lloyd irakaslearen taldea lehena izan da mikrobio horien populazioa kalkulatzen. (Argazkia: Erabilera publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Arroken barruan, arrakalen eta poroen barnean, biosfera oso bat dago. Kalkulatu da organismo horiek guztiak 2 mila milioi km³-ko arroka bolumenean banatuta daudela (Lurreko ozeano guztiek okupatzen duten bolumenaren bikoitza), eta 1030 zelula izango lituzketela, hau da, Lurreko mikrobio-bizitzaren %70. Izan ere, zatirik handiena lurpeko biosferan dago, bakterioek eta arkeoak dira gehien bat, nahiz eta alga zelulabakarrak eta onddoak ere badauden.

Mikroorganismo horietatik gutxi batzuk heterotrofoak dira, hots, materia organikoz elikatzen dira; eta oso oxigeno gutxi edo batere ez dagoen inguruneetan bizi direnez, normalean, anaerobioak dira asko eta asko. Nolanahi ere, gehienak kimiolitotrofoak dira: gai inorganikoak dira euren energia iturri. Mikroorganismo horiek hondakinak sortzen dituzte, eta beste izaki bizidun batzuk elikatzen diren kate trofikoaren oinarria dira hondakinok. Gutxienez kasu batean, sare trofiko horretan superharrapakari bat dago, Halicephalobus mephisto har nematodoa, milimetro erdiko luzerakoa. 2011n topatu zuten urre meatze batean, 1.300 metroko sakoneran.

Bizitza forma anitz dago inguru batzuetan, eta oso gutxi beste batzuetan, edo espezie bakar bat. Hegoafrikako Mponeng urre meatzean, 2,8 km-ko sakoneran, ezagutzen den ekosistema bereziena topatu da: organismoen % 99,9 baino gehiago espezie bakar batekoak dira; Desulforudis audaxviator bakteriokoak.

Eta oraindik ere izaki bizidun asko eta asko dago lurpean nork aurkituko, ezagutzen dugun biologiaz oso bestelako organismoak, baiki. Seguru asko, bide metaboliko ezezagunak dituzte, eta litekeena da metabolismo oso geldokoak izatea. 2010ean, Pazifiko Hegoaldeko Ozeano Bareko sedimentuetan lurperatutako mikrobioak topatu zituzten, eta bertan 100 milioi urte zeramatzatela kalkulatu da. Bizirik zeuden, baina oso jarduera metaboliko txikia zuten.

Mikroorganismoen metabolismoa bizi diren arroken konposizio kimikoaren araberakoa da. Hau da, arroka granitoa, basaltoa, hareharria edo buztina den. Heterogenotasun metaboliko horri esker, mikrobio komunitateak asko aldatzen dira leku batetik bestera, arrokak ez direlako berdinak leku guztietan.

Lurpeko biosfera horri mikrobio materia iluna deitzen zaio, unibertsoko materia ilunaren analogiaz. Hori bai, materia mikrobianoa ezagutzen hasiak gara. Eta ez genuke baztertu behar halakorik gure planetan soilik topatzea: Marteko lur azpiak biosfera propioa izan lezake.

Iturria:

Lawton, Graham, (2019): Earth’s deep, dark secret. New Scientist, 242 (3229), 42-45. DOI: https://doi.org/10.1016/S0262-4079(19)30841-3.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Mikrobio materia iluna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #290

dim, 2020/02/16 - 09:00
Uxue Razkin

Medikuntza

Azken urteetan, modan jarri da proteina asko dituzten dietak. Horren harira, publikatu den ikerketa batean ikusi dute dieta horiek arterietan plaken pilatzea eragiten dutela. Testuan azaltzen digutenez, proteina maila altu hauek odolean zenbait aminoazidoren kopuruak handitzen dituzte, eta horrek sistema immuneko zelula makrofagoak akabatzen dituzte. Horren ondorioz, arteriak estutzen dira eta kasurik larrienetan, guztiz buxatzeko aukera dago.

Testosterona hormonaren mailaren eta zenbait gaixotasunen arteko lotura aztertzen duen ikerketarik handiena publikatu dute. Datuen arabera, testosterona-maila altua izateak bularreko eta endometrioko minbizia izateko arriskua handitzen du emakumezkoetan, eta prostatako minbiziarena gizonezkoetan. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Epilepsiaren Nazioarteko Egunaren harira, Berriako artikulu honetan gaixotasun kroniko honi buruz mintzatu dira. Kristinak eta Mikelek euren esperientziak azaldu dizkigute, gaitz hori hobeto ulertze aldera.

Genetika

Genetikan doktorea den Koldo Garcia elkarrizketatu dute Geuria.eus-en. Egun, ikertzaile lanetan ari da Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan, gaixotasun gastrointestinalen sailean. Bertan, genetika erabilita, gaixotasun horiek hobeto ezagutzen eta tratamendu hobeagoak egin daitezkeen ikertzen dute. Taldearen helburu nagusia da gaixotasun gastrointestinala (GI) sortzen duten mekanismo genetikoak azaltzea. Halaber, Garciak azaltzen digu zein den ikerkuntzaren egungo egoera eta zientziaren dibulgazio-lanaren garrantzia. Ez galdu!

Eboluzioa

Richard Wrangham primatologoaren Cathing Fire: How Cooking Made Us Human liburua aipatzen da testu honetan. Izan ere, eta autorearen hipotesiaren arabera, Homo erectus espezieak lortu zuen sua kontrolatzea eta elikagaiak kozinatzea, eta hori funtsezkoa izan zen garunaren eta adimenaren garapenerako. Elikagaiak kozinatuz handitu egin zen hauek digeritzeko eta xurgatzeko eraginkortasuna, eta horrek ondorio ebolutibo sakonak izan zituen.

Astrofisika

Berriki jakin dugu Arrakoth, iazko azarora arte Ultima Thule bezala ezagutu genuen Neptunoz haraindiko objektua, bi planetesimalen arteko batuketatik sortu zela. Hala berretsi du nazoarteko ikertzaile talde batek. Izan ere, objektuaren eraketa ez zen talka batengatik izan, “leunkiro” egindako grabitazio-hurbilpen baten emaitza baizik. Honi buruzko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Materialak

Nanoteknologiak ikerkuntza arlo askotan garrantzi handia du, elikagaigintzan, esaterako. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta zehazki, hiru arlo hauetan: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Horretaz gain, nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertzen da testuan.

Fisika

Aurreko astean eman genuen honen berri: Ion Errea ikertzailearen taldeak frogatu zuen tenperatura oso handiko supereroaleak lor daitezkeela askoz ere presio txikiagoetan. Honek iraultza ekar dezake, izan ere, etorkizunean presio baxuagoko material supereroaleak identifikatzeko oinarriak ezarri dituzte. Informazio gehiago Elhuyar aldizkariko artikulu honetan aurki dezakezue.

Klimatologia

Himalaiako glaziarretan industria-iraultzaren hastapenetatik poluitzaileak metatu zirela frogatu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikerketak agerian utzi du Britainia Handian sortu zen industria-iraultzak eragin nabarmena izan zuela airean, izotz-zutabean ordura arte baino metal toxiko gehiago aurkitu baitute 1780tik aurrera. Baina ez zen bakarrik industria-iraultza izan horren eragile, nekazaritzak ere eragina izan zuen izan ere, nekazaritzarako lurrak lortzeko basoei su emateak zinka askatzen baitu atmosferara.

Astronomia

Aurten, AEBk, Europako Batasunak eta Errusiak, Txinak eta Arabiar Emirerri Batuek misioak bidaliko dituzte Martera, bizitza arrastoak aurkitzera. Antolatuta dituzten misioen artean, ikertu nahi dute ea Marte bizia edukitzeko moduko planeta bat izan zen eta mikrobioak bizi izan ziren. Noizbait pertsonak bidali ahal izateko esperimentuak ere egingo dituzte. Marte hobeto ezagutzeko misioez gain, 2020an ilargia eta eguzkia izango dute helburu aipaturiko herrialdeek. Berriako artikuluan informazio guztia.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #290 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #295

sam, 2020/02/15 - 09:00

Zientzia merkatu bihurtu eta aura erromantikoa galdu duen beldur direnentzat, onbidezko irakurketa izan daiteke Jesús Zamoraren artikulua. Aurreiritziak tartean sartu ezean, noski. The marketization of science and the ‘marketization’ of science studies (& 2)

Alzheimerra goiz detektatzeko moduen bilaketan kandidatu berria: T zelulak. Rosa García-Verdugoren T cells could be key for early Alzheimer’s detection

Erreakzio biokimikoak katalizatzeko gai diren proteinak dira entzimak. Zikloadizio erreakzio bat katalizatzeko gai den proteina topatu dute DIPCn, organismo bizietan halakorik ez da aurkitu. Izena ere asmatu behar izan dute. Huisgenases, new protein catalysts which are not enzymes

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #295 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Aitana Lertxundi: “Gure hipotesia da ingurumenak fetuan eragina izan dezakeela” #Zientzialari (131)

ven, 2020/02/14 - 09:00

Gaur egun badakigu ingurumenak gure osasunean eragiten duela, baina ingurumenak fetuan eragina izan dezakeen ala ez jakin nahi du zientziaren munduak.

Aire kutsadurak, esaterako, haurdunaldian fetuari eragiten diola badakigu, eta ez bakarrik jaiotze-faktoreetan (pisuan, adibidez), baita lau eta bost urteko haurren hazkunde-faktoreetan ere; hala nola, garapen neuropsikologikoan.

Ingurumenak umearen hazkuntzan duen eragina ikertzen du INMA proiektuan (Haurtzaroa eta Ingurumena-Infancia y Medio Ambiente) eta ekimen horretan dabil lanean Aitana Lertxundi, UPV/EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea. Berarekin elkartu gara gaiaren inguruan sakontzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Aitana Lertxundi: “Gure hipotesia da ingurumenak fetuan eragina izan dezakeela” #Zientzialari (131) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean

jeu, 2020/02/13 - 09:00
Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi Nanoteknologia ikerkuntza arlo askoren garapenerako erreminta oso garrantzitsua izan da. Nanomaterialek materialek bulk egoeran (tamaina handian) aurkezten dituzten propietate desberdinak dituzte. Urreak adibidez, tamaina nanometrikoan ezagutzen dugun distira eta kolore horia galtzen ditu kolore gorria edo urdina hartzeko. Baina, zein txikiak dira nanopartikula hauek? Ideia bat izateko, nanometro batek milimetro baten milioirena neurtzen du, hots, giza ile baten diametroa baino 100.000 aldiz txikiagoa da.

Irudia: Nanoteknologia baliatuta superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri bati atea irekitzen dio.

Elikagaigintza industriak iraultza nanoteknologiko honekin batera aurrera egin du. Izatez, elikagaiak molekula nanometrikoez (behintzat, dituzten dimentsioetariko bat 100 nm baino txikiagoa denean) osatuta daude. Hori dela eta, ez da harritzekoa elikagaigintzan molekula txiki hauen inplementazioan aurrerapenak burutu izana. Elikagai berriekin amets egin dezagun! Goxoak eta aberastuak baina betiko itxura mantentzen dutenak.

Ziurrenik Edurnezuriren sagar gorri perfektua urdina izango balitz ipuinak beste amaiera bat izango zuen… Baina, zer-nolako elikagai motak nahi ditugu? Bakoitzak bere errezeta perfektua bilatuko luke: batzuek elikagai osasuntsuagoak eskatuko lituzkete; beste batzuek zapore originala mantenduko luketen gatz, azukre edo koloratzaile gutxiko elikagaiak nahiko lituzkete. Gainera, diabetesa edo gizentasun arazoak tratatzen lagunduko luketen elikagaiak sortzea posible izango litzateke. Eta murtxikatzeko arazoak dituzten adinduek? Zapore eta testura hobeagoko pureak hartzeko aukerak izango lituzkete. Hau guztia nanoteknologiari esker posiblea izango da.

Elikagaiei begi-bistan ikusezinak diren nanogehigarriak botaz elikagaigintza arloaren iraultza sortuko da. Dagoeneko nanoemultsioen egonkortzeari esker zaporea, dastamena edo testura desberdinak indartzeaz gain, elikagaietan farmako espezifiko bat sartzea eta digestio-aparatuan zehar duen askapena kontrolatzea posiblea da.

Baina nanoteknologiak superelikagaien sorreratik harago doa, izan ere, elikagaien paketatze perfektuak ere egin daitezke. Dudarik gabe, gaur egungo gizarteak plastikoarekiko menpekotasun handia du. Horretaz konturatzeko, etxean plastikoak eta ontziak birziklatzeko dugun poltsa begiratzearekin nahikoa da, non plastiko gehienak elikagaien estalkiak diren. Plastiko kontsumo etengabe honek ingurumen arazo larriak sortzen ari ditu. Erabiltzen diren plastiko gehienak ez dira biodegradagarriak.

Ingurumenarekiko kalte txikiagoa aurkezten dituzten plastikoek ez dituzte elikagaiak paketatzeko propietate egokiak azaltzen, adibidez: gasekiko hesi-propietate txarrak aurkezten dituzte. Mota honetako plastikoetan buztina bezalako nanopartikulak gehituz material hauen propietateak hobetuko lirateke, hauen erabilera eremuak zabalduz. Horren haritik, tupper zein elikagaiak gordetzeko erabiltzen diren ontzietan elikagaien kontserbazioa hobetzeko ere bakteriak “hiltzeko” gaitasuna duten nanopartikulak jarri daitezke.

Azkenik, nanoteknologiak elikagaigintzan izango duen beste arrakasta bat elikagaien egoera ezagutzeko nanosentsoreetan oinarritzen da. Gaur egun, iraungitze-data da elikagaiaren egoeraren berri ematen duena, baina nolakoa izan da elikagaiaren paketatze eta garraioa? Prozesu hauetan elikagaiaren egoera aldatu da? Nanosentsoreak erabiliz prozesu hauetan zehar elikagaiaren kalitatea eraldatua izan den jakitea posiblea izango litzateke estalkiaren gainazalean kolorez aldatzen duen pegatina bat jarriz.

Nanoteknologiak superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri batekin amets egitea ahalbidetzen du. Baina, amets hauek egia bihurtzeko azkeneko oztopo bat gainditu behar dute: herri-pertzepzioa. Biziraupen gisa, berria eta ezezaguna den guztia alde batera uzten dugu. Dena den, toxikotasun ikerketa sakonen bermearekin gure eskuetan dago etorkizuneko nanoelikagaietara eramango gaituen aurrerapausoa ematea, non tamainak axola duen.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean.
  • Laburpena: Nanoteknologiaren erabilpena funtsezko erreminta bilakatu da aplikazio askoren garapenean, eta elikagaien sektorea ez da alde batera geratu. Modu horretan, nanoelikagaien garapenak osasuntsuagoak, erresistenteagoak eta iraupen luzeagoa duten elikagaiz gozatzea ahalbidetuko duela uste da. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta, bereziki, honako hiru arlo hauetan jarri da arreta: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Amaitzeko, elikadura industrian nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertuko da; abantaila asko ekar ditzakeen arren, egun gizartearengan beldurra eta kezkak eragiten baititu.
  • Egileak: Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 143-164
  • DOI: 10.1387/ekaia.19684

————————————————–
Egileez:

Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Proteina asko duten dieten eta bihotzeko arazoen arteko lotura aurkitu dute

mer, 2020/02/12 - 09:00
Juanma Gallego Ikertzaileek uste dute proteina asko duten dietek plaken pilatzea eragiten dutela arterietan, immunitate-sistemaren mesedean aritzen diren zelula makrofagoak akabatzen dituztelako, eta horien zerraldoak plaketan biltzen direlako, arazoa areagotuz.

Bada Twitter erabiltzaile bat ospetsua egin dena azken urteetan: @justsaysinmice. Zehaztapen bat egitera dedikatzen da. Zientzia albisteak hartu eta garrantzitsua den datu bat gaineratzen du: “in mice”. Hau da, “arratoietan”. “Zientzialariek zerbait aurkitu dute… arratoietan”. Egia esanda, medikuntzaren alorrean egiten diren ikerketa gehienak, lehen pausuetan bederen, arratoietan egiten dira, ugaztunetan prozesu metaboliko asko oso antzekoak direlako. Gero, behin emaitza horiek eskura izanda, modu batean edo bestean ikertzaileak ikerketa horiek gizakietara eramaten saiatzen dira.

Twitterren bitartez egiten den kritika hori gaiaren inguruan arreta deitzeko aproposa bada ere, argi dago titularretan ezinbestean sinplifikatu beharra dagoela; beti ere, noski, artikuluan aipatzen bada arratoietan egindako ikerketa dela. Kazetarion deskarguan, aipatu beharra dago zientzia-artikuluen titularretan ere ez dela normalean azaltzen. Hala izan balitz, gaur dakargun honen tituluak honakoa beharko luke: High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy… IN MICE.

1. irudia: Proteinak beharrezkoak badira ere, gehiegi hartzea ere ez omen da gomendagarria, horrek arterietan plaken pilaketa lagun dezakeelako. Orain argitu dute horren arrazoia… arratoietan. (Argazkia: Jeff Covey / Unplash)

Bada, hasiera-hasieratik arratoietan egindako ikerketa dela argi utzita, baina emaitzak gizakietara eraman ahal izango diren esperantzan, hona hemen Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean funtsean azaldu dutena: proteina maila altua duten dietek arterietan plaken pilatzea eragiten dute, eta, hortaz, aterosklerosia garatzen laguntzen dute. Ikusi ahal izan dutenez, proteina maila altu hauek odolean zenbait aminoazidoren kopuruak handitzen dituzte, eta horrek sistema immuneko zelula makrofagoetan txarrerako eragiten du. Horren ondorioz, arteriak estutzeko edo, kasurik larrienetan, guztiz buxatzeko aukerak biderkatzen dira.

Aurrera joan baino lehen, komeni da gogoratzea proteinak behar beharrezkoak ditugula organismoaren funtzionamendu egokirako, eta elikadura eta osasuna jorratzen dituzten ikerketa guztien antzera, emaitzak ezin direla interpretatu norberaren usteen arabera. Are gutxiago, lehen faseetan dauden ikerketak direnean.

Oraingo honetan, proteina asko dituzten dietak egon dira ikerketaren abiapuntuan. Izan ere, azken urteetan modan jarri dira halako dietak, pisua galtzeko onak direlakoan. Pisua galtzeaz gain, muskulu-masa handitzen laguntzen dute. Eguneroko jakietan ez ezik, lagun batzuek osagarri modura hartzen dituzte proteina horiek. San Luisko Washington Unibertsitateko (AEB) Babak Razani ikertzailearen esanetan, irabiakietan jartzen den hautsezko proteina-koilarakada pare batek 40 gramo proteina gehitzen du dietan, “normalean egun osorako gomendatzen den dosia”, hain justu.

Esperimentua egiteko, bi arratoi talde bereizi dituzte. Lehen taldekoek gantz eta proteina asko dituen dieta jaso dute. Bigarren taldean, gantzen maila altuak mantendu dituzte, baina proteinen kopurua gutxitu dute. Zehazki, lehen taldekoek jan duten elikagaien proteina kopurua %46 izan da, bigarren taldekoek %15 jaso dutelarik. Gantzen kopuru berdina mantentzeari dagokionez, argitu dute gantz horiek beharrezkoak direla plaken eraketarako. Espero zuten moduan, proteina asko jaten zuten arratoiak ez dira gizendu, baina bai gizendu dira bigarren taldekoak, gantz kopuru berdina baina proteina gutxiago jan dituztenak, alegia.

Baina esperimentuaren helburu nagusia izan da ikustea zein den proteinen eragina plaken eraketan. Eta harremana badagoela ikusi dute. Zehazki, proteina asko duen dieta jaso duten arratoiek %30 plaka gehiago garatu dute euren arterietan.

Aitortu dutenez, hau ez da lotura hori azalarazten duen lehen ikerketa. Aurretik animalietan egindako zenbait probak eta baita kohorte handien bitartez egindako ikerketa epidemiologikoek erakusten zuten proteina kopuru handiko dieten eta arazo kardiobaskularren arteko harremana. “Horregatik argitu nahi izan dugu benetan lotura kausal hori ote zegoen”, azaldu dute ikertzaileek. Behin erlazio kausal hori berretsita, prozesuaren atzean dauden mekanismoei erreparatu diete, harreman horren nondik norakoak argitzeko.

2. irudia: Pisua galtzen laguntzen dutelako, azken urteetan modan jarri dira proteina kopuru altuak dituzten dietak, proteinak gehigarri modura hartzeraino. (Argazkia: Kelly Sikkema / Unsplash)

Arterietan sortzen diren plaka horiek hainbat materialez osatuta daude: gantzak, kolesterola, kaltzioa edota zelula hilak. Horiek garbitzeko ardura dute zelula makrofagoek. Baina proteina asko duten dieten kasuan, aminoazidoen kopurua handitzen da, eta horrek mTOR izeneko proteina bat aktibatzen du makrofagoetan. Haien zereginetan jardun beharrean, makrofagoak handitu egiten dira, eta, azkenean, hil egiten dira. Egoera okertzeko, hildako makrofago horiek plaken inguruan geratzen dira pilatuta, eta, hala, arterietan zegoen arazoa konpondu beharrean, arazoa bera handitu egiten da.

Aminoazidoen artean, bereziki makrofagoentzat kaltegarrien direnak leuzina eta arginina direla ikusi dute. Dena dela, aminoazido desberdinek kontu honetan guztian jokatzen duten rola argitu nahi dute datozen ikerketetan. “Proteina kopuru handiko dieta jaten zuten arratoiek makrofagoen hilerria ziruditen plakak zituzten”, adierazi du Razanik. Erantsi du hildako zelulek plakak ezegonkortzen dituztela, eta, ondorioz, plaka horiek askatuak izateko arriskua handitzen dela.

Proteina altuko dietak eta aminoazidoak arazoaren muinean daudela aitortuta ere, zientzia-artikuluarekin batera argitaratutako iruzkin batean Hanrui Zhang eta Muredach P. Reill ikertzaileek oraindik argitzeke dauden hainbat galdera jarri dituzte mahai-gainean.

Egile hauen ustetan, orain argitu behar da, besteak beste, beste aterosklerosia motetan harreman hori mantentzen ote den, dieta beganoen bitartez eskuratutako proteinek antzeko eragina ote duten, eta mikrobiotan sortzen den eragina aztertzeko aukera ere aipatu dute. Bestalde, eta egileek jatorrizko artikuluan esandakoari jarraiki, leuzinaren rola arreta handiagorekin aztertzeko beharra aipatu dute. Izan ere, soilik horrela argitu ahal izango da leuzina bera benetan hain funtsezkoa den, ala, aldiz, beste hainbat aminoazidoren arteko elkarrekintzatik sortzen ote den eragin kaltegarri hori. Informazio hori edukita, era batean edo bestean prozesuan kanpotik eragiteko aukera aztertzeko beharra aipatu dute ere, modu honetan, proteina altuko dietek dituzten abantailei probetxua ateratzen jarraitu ahal izateko.

Azkenean, gogorarazi dute aurkikuntza hau ez dagokiola soilik dieten arloari, eta, behin aminoazidoek makrofagoetan duten eragin hori ezagututa, botika eta sendabide berriak aurkitzeko ateak irekitzen direla. Antzeko moduan mintzatu dira ikerketaren egileak, prentsa ohar batean jaso dutenez: “Lan honek ez du soilik definitzen dietetako proteinen atzean dauden prozesu kritikoak. Bihotzeko arazoak tratatzeko bideak ezartzeko oinarria jartzen du ere”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zhang, X., Sergin, I., Evans, T.D. et al., (2020). High-protein diets increase cardiovascular risk by activating macrophage mTOR to suppress mitophagy. Nature Metabolism, 2, 110–125. DOI: https://doi.org/10.1038/s42255-019-0162-4

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Proteina asko duten dieten eta bihotzeko arazoen arteko lotura aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nazioarteko egun baterako arrazoiak

mar, 2020/02/11 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Ikastetxe batera joan gara eta gazte talde bati galdetu diogu emakumezko zer zientzialari ezagutzen dituzten. Marie Curie bakarrik aipatu dute; beste inor ez.

Hortik aurrera, elkarrekin hizketan hasi dira, emakumeek zientziaren munduan duten presentziari buruz. Hainbat arazo aipatu dituzte gai horrekin lotuta, besteak beste, emakumezko zientzialariak ez direla hainbeste aintzatesten, lehen emakumeek debekatuta zutela ikasketa jakin batzuk egitea, eta emakumeak pertsonen arreta eta zaintzarekin lotutako lanbideetara orientatu ohi direla. Ikuspegi desberdinak azaldu dituzte eta, halaber, aipatu dute gizarteak eta familiak neskak presionatu egiten dituztela euren prestakuntza eta lanbidea norabide batean edo bestean orientatzeko.

Nahiz zenbait lanbidetan aritzeko aukera gutxiago duten, ondo baino hobeto dakite edozein ikasketa egiteko eta edozein lanbide izateko gaitasuna dutela, eta halaxe adierazten dute. Iruditzen zaie gauzek hobera egin dutela, eta orain neskek askatasuna dutela zer izan nahi duten erabakitzeko.

Arazo horiek guztiak direla-eta da, hain zuzen ere, otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Mutilen eta nesken artean desparekotasuna dago ikasketei dagokienez, eta, batik bat, oso neska gutxik hautatzen dituzte bereziki zailtzat jotzen diren eta, suposatzen denez, ikasle bereziki argiei dagozkien diziplina jakin batzuetako gradu eta graduondokoak. Ikasketa bat edo beste hautatzeko orduan dauden desberdintasunek ondorio sozial eta ekonomikoak dituzte, arrakala sozial eta ekonomikoak sortzen eta jada existitzen diren arrakalak handiagotzen baitituzte.

Euskal Herriko Unibertsitatea konprometituta dago: gizartean gizonek eta emakumeek eskubide berak izatea eta aukera berberak izatea da helburua. UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak ere konpromiso hori hartu du bere gain, eta, ahal duen neurrian, egoera hori aldatzen lagunduko duela erabaki du. Horregatik, 2014ko maiatzaren 8az geroztik Mujeres con ciencia bloga argitaratzen da.

Gaur, otsailaren 11, guk ere bat egin nahi dugu Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak sustatzen duen eguna. Horretarako, Gai gara bideoa egin dugu, testu honekin batera dagoena. Agerian utzi nahi izan dugu unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari diren gazteek nola ikusten duten emakumeek zientziaren munduan duten egoera. Bideoan agertzen diren neska-mutilekin bat gatoz: ez gaude ados egungo egoerarekin, bidegabea da. Gainera, neska-mutil horien baikortasuna partekatu nahi dugu, baita euren gaitasunekin duten konfiantza ere. Baina baikortasun hori gizon-emakumeen eskubide eta aukera berdintasunean aurrerapausoak ematearekin justifikatzeko, ekintzak beharrezkoak dira; lan egiten jarraitu behar da. Horixe da Kultura Zientifikoko Katedraren jomuga. Eta horregatik, guretzat, bihar emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, atzo bezalaxe.

Gai garaK2000 enpresak ekoiztu du, Jose A. Pérez Ledok zuzendu eta musika Borrtex (Christmas Tree) jarrio dio. Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan grabatua dago eta eskerrak eman nahi dizkiogu ikastetxeari haren lankidetzarengatik.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunari buruzko gehiago:

The post Nazioarteko egun baterako arrazoiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kozinatzeak egin gintuen gizaki

lun, 2020/02/10 - 09:13
Juan Ignacio Pérez Iglesias Duela hamarkada bat giza eboluzioari buruzko liburu bat argitaratu zen, eta arrakasta itzela bildu zuen. Ordutik hona, itzal gero eta handiagokoa bihurtu da, behinik behin profesionalak izan gabe, giza espeziearen bilakaeran interesa dutenen artean. Liburua Catching Fire: How Cooking Made Us Human da (espainieraz, En llamas: Cómo la cocina nos hizo humanos).

Richard Wrangham primatologoa da egilea eta haren arabera, Homo erectus espeziea orain bi milioi urte sortu zen Afrikako sabanan, hain justu, sua kontrolatu eta hura ezaugarri fisiologiko eta portaera ezaugarri zenbaiten gainean erabiltzeak izan zituen efektuengatik. Agerpen ordenaren arabera, H. erectusa da, ziur aski, Homo generoko bigarren espeziea; lehena, H. habilis genuke. Alabaina, gure bilakaeraren aldi horren gaineko ezagutza asko ari da areagotzen azken urteotan eta ezin daiteke baztertu espezieon estatusa edo haien agerpen datak aldatzea.

Irudia: Giza espeziea elikagaiak prestatzen dituen bakarra da eta Richard Wrangham primatologo eta Harward Unibertsitateko antropologia biologikoko irakaslearen ustez, ohitura hori funtsezkoa izan zen gure garunaren eta adimenaren garapenerako. (Argazkia: Karsten Madsen – erabilera publikoko lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Wranghamen arabera, elikagaiak kozinatuz handitu egin zen hauek digeritzeko eta xurgatzeko eraginkortasuna, eta horrek ondorio ebolutibo sakonak izan zituen. Elikagai batek energia eta mantenugai gehiago ematen ditu kozinatuta gordinik baino. Izan ere, kozinatzean, tamaina handiko molekula zenbaiten egitura, esaterako, proteinena edo karbohidratoena, aldatu egiten da, eta errazagoa da haiek digeritzea. Ondorioz, elikagai kantitate gutxiago behar da bizirauteko, eta denbora gutxiago bideratu behar da hura lortzera, mastekatzera eta digeritzera. Eta hori bezain garrantzitsua edo areago dena: behar dugun janaria prozesatzeko, arbasoena baino digestio sistema txikiagoa behar da, edota gorilena eta txinpantzeena baino txikiagoa.

Hala –eta hau da bilakaerarako elementu gakoa–, digestio sistema asko txikiagotu ahal izan zen, eta energia askoz gehiago bideratu genezakeen entzefaloa elikatzera; pixkanaka tamaina handitu, eta gaur egungo bolumen harrigarria izatera iritsi zen. Trantsizio hori behar bezala ulertzeko, kontuan hartu behar da digestio eta nerbio ehuna direla (giltzurrun ehunarekin bat) energia gehien kontsumitzen dutenak masa unitateko; hau da, entzefaloa eta digestio aparatua oso garestiak dira mantentzeko. Ez hainbeste giltzurrunak, txikiak direnez.

Gainera, suaren kontrolak beroa ematen du eta harrapariak arrastoan sartzeko modua. Hala, bizimodu ez hain zuhaiztarra egin zitekeen, lurzoruan denbora gehiago egotea eta jarduera gehiago egitea ekarriko lukeen, eta horrek erraztu egingo zuen zutik egotea.

Wranghamen hipotesiak arazo bat zuen orduan; orain hamar urte ez zegoen frogatuta duela bi milioi urte sua kontrolatzen zutenik. Hori bai, kontrolaren ebidentziarik ez egotea ez da kontrola ez zutelako ebidentzia. Hamar urte geroago, oraindik ezin diogu erantzun gizakiok noiz hasi ziren sua kontrolatzen, baina argitaratu berri den lan batek “errekuntzaren eta giza portaeraren arteko lotura dokumentatu” du, 1,5 milioi urteko antzinatasuna duen aztarnategi batean, Koobi Fora formazioan, Kenyako ipar-mendebaldean. Eta litekeena da lotura hori hurbileko eta garai bereko beste bi tokitan ere gertatzea. Oso zaila da duela milaka urte suaren erabilera kontrolatuaren frogak izatea. Baina Koobi Foran egindako aurkikuntzek Wranghamen hipotesiaren alde egiten dute. Hipotesi hori, oso erakargarria da bere oinarri fisiologikoengatik eta, zergatik ukatu, askori sukaldaritza ona gustatzen zaigulako.

Iturria:

Hlubik, S., Cutts, R., Braun, D. R., Berna, F., Feibel, C. S., & Harris, J. W. K., (2019). Hominin fire use in the Okote member at Koobi Fora, Kenya: New evidence for the old debate. Journal of Human Evolution, 133, 214-229. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2019.01.010.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Kozinatzeak egin gintuen gizaki appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #289

dim, 2020/02/09 - 09:00
Uxue Razkin

Astrofisika

Daniel K. Inouye Eguzki Teleskopio berriak Eguzkiaren azala aurrekaririk gabeko xehetasunez lehen irudiak eman ditu. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, irudian ikusten diren gelaxkak Eguzkiaren plasma-burbuilak dira. Gelaxka bakoitzak Iberiar penintsulako neurria duela adierazi du National Science Foundation-ek.

Estatistika

Diru zorro bat kaletik topatzen badugu, jabeari itzuliko genioke? Eta berdin itzuliko genioke diru zorroa hutsik edo diruarekin aurkituko bagenu? Mundu mailako esperimentu batek eman digu erantzuna. Ia herrialde guztietan, langilea jabearekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen kasuen ehunekoa txikiagoa zen zorroetan dirurik ez zegoen kasuan, eta zorroetan zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta handiagoa zen kasuon ehunekoa. Arrazoia? langileak ez du bere burua lapurtzat hartu nahi. Hona artikulua informazio guztiarekin.

Mikrobiologia

Koronabirusak eragin duen larrialdia ikusita, Elhuyar aldizkariak glosario bat prestatu digu gaitza hobeto uler dezagun. Hainbat kontzeptu argitu dizkigute, hala nola, zoonosia zer den azaldu digute, baita R0 zenbakiak esan nahi duena ere. Ez galdu!

Arkeologia

Nazioarteko ikertzaile talde batek ikusi du duela 300.000 eta 200.000 urte tartean Afrikan bizi izan ziren lau populaziotan dagoela gaur egungo gizakien jatorria. Kamerunen kokatuta dagoen Shum Laka izeneko harpe batean aurkitutako arrastoak dira ikerketaren abiapuntu. Lau umerenak dira: horietako bi, duela 8.000 urte ingurukoak; beste biak, duela 3.000 urtekoak. Juanma Gallegoren artikuluan informazio guztia.

Danbolinzulo haitzuloan (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitutako horma-irudiek informazio baliotsua eman dute Paleolitoko testuingurua ulertzeko. Bertan, bost basahuntz, bi zaldi, eta giza itxurako figura bat identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, ikerketan ondorioztatu dute Magdaleniar aurrekoak direla (duela 20.000-30.000 urte), kantauriar-iberiar estilokoak. Ez galdu!

Bioteknologia

Garun-organoideak sortu dituzte Trentoko Unibertsitatean (Italia), Elhuyarren ikusi bezala, meduloblastoma, haurren garun-minbizirik erasokorrena ikertzeko. Izan ere, meduloblastoma duten haurren %70ek bakarrik irauten dute bizirik diagnostikoa jaso eta handik bost urtera. Ikertzaileek onartu dutenez, zailena tumoreetan oinarritutako organoideak sortzea izan da.

Kimika

Diabetesa ulertze aldera, ezinbestekoa da argitzea zein den glukosaren metabolismo normala. Hasteko, gorputzeko zelula guztiek energia behar dute bizirauteko eta haien funtzioak betetzeko. Hala, zelulen energia-iturri nagusia glukosa da eta odolaren bidez iristen da zeluletara. Baina glukosa zeluletan modu eraginkorrean sar dadin intsulina behar da. Ez galdu Josu Lopez-Gazpioren azalpenak!

Materialak

Ingurumena kaltetzen duten polimero eta plastiko arruntak ordezkatzea da azken urteotan ikertzaile askoren helburua. Bide horretan, polimero biodegradagarriak interes handia piztu du. Material polimeriko biodegradagarrien arloan propietate berri eta interesgarriak agertzen ari dira eta horien artean zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke. Honen ingurukoak artikuluan.

Ion Erreak –irakaslea UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ikertzailea DIPC Donostia International Physics Centerren eta CFM Materialen Fisika Zentroan– zuzendu duen ikerketa batean frogatu dute tenperatura oso handiko supereroaleak lor daitezkeela askoz ere presio txikiagoetan. Berriak egin dion elkarrizketa honetan aurkituko duzue informazio osagarria.

Emakumeak zientzian

Izar Agirresarobe Pinedarentzat zientzia eta filosofia uztartzea posiblea da. Filosofia ikasi zuen lehendabizi: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla”. Ondoren, Psikologia gradua lortu zuen, baita Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra ere. Orain doktoretza egiten ari da, plazeboa ikertzeko proiektu batean, IAS-Research taldean. Plazeboa eta plazebo-efektuaren arteko harremana ikertzea interesatzen zaio, besteak beste.

Osasuna

Europako kontsumitzaileen hainbat erakundek koloretako ezpain margo batzuk aztertu dituzte eta horietan “osagai kezkagarriak” topatu dituzte. Azaldu dutenez, petroliotik ateratako hainbat olio erabiltzen dira produktuotan, hala nola MOSH (Olio Mineralez Saturaturiko Hidrokarburoak), POSH (Poliolefina Oligomerikoz Saturaturiko Hidrokarburoak) eta MOAH (Olio Mineraletako Hidrokarburo Aromatikoak) gaiak. Berrian irakur daiteke informazioa.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #289 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #294

sam, 2020/02/08 - 09:00

Anai-arreben arteko harremana, positiboagoa da haietako batek desgaitasun neurologikoa duenean, biak neurotipikoak direnean baino. Limitazioak ditu egindako ikerketak, baina oso interesgarria da. J.R. Alonso: Siblings and discapacity

Titularretako “clickbait”ak ez du beti funtzionatzen, bereziki zenbait gairi lotuta. Hedabideetako editore batzuk konturatu beharko lirateke batzuetan kaltegarria ere badela. Martha Villabonaren Newspaper headlines influence online news search and engagement

250 K (23 gradu zero azpitik) giro tenperatura kontsideratzea ez, ezta? Ez da ohiko giro tenperatura, baina ez dirudi bereziki baxua denik, segun zein tokitan topa daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua 250 K-tan supereroalea den konposatua topatu izana. DIPCkoek lortu dute eta azaldu ere: Quantum atomic fluctuations stabilize the crystal responsible for superconductivity at 250 K

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #294 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izar Agirresarobe, filosofoa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla”

ven, 2020/02/07 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Izar Agirresarobe Pineda filosofoa da, eta laster doktoretza egiten hasiko da, zientzian ere interes handia duen gai bat ikertzeko: plazeboa. Bi mundu horiek, filosofikoa eta zientifikoa, beregan nola gurutzatzen diren galdetuta, tarte txiki bat hartu du pentsatzeko, erantzun aurretik: “Filosofian, gauzen naturaren gainean hausnartzen da, eta kontzeptuak aztertzen ditugu. Eta ikusten dugu kontzeptuen inguruan sortzen diren arazo batzuk praktikan eragiten dutela. Zientzian, berriz, posible da kontzeptuen inguruan dauden eztabaida horietatik ideiak sortzea gero praktikara eramateko”. Horrenbestez, elkar lotuta daude Filosofia eta Zientzia Agirresaroberentzat.

Lotura hori, baina, gerora iritsi da. Izan ere, unibertsitatera sartzeko hautaketa-proba egin aurretik, Psikologia ikasteko asmoa zuen. Horretarako nota nahikorik ez zuen lortu, ordea, eta Filosofia egiten hasi zen. Eta hara non, lehen mailan bertan, ohartu zen hura zela bere bokazioa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla. Ordura arteko ikasketetan, bazirudien gauzak irakasten zizkiguten bezalakoak zirela, eta ez zitzaion arretarik jartzen eztabaidari eta galderak egiteari. Eta niri asko gustatzen zait ezagutzea zenbat modu dauden gauza bat ikusteko eta ikertzeko”.

Zientziarekiko interesa, berriz, hirugarren mailan piztu zitzaion, Zientziaren Filosofia ikasgaian. Aitortu duenez, aurretik zientziari buruz zuen ikuspegia beste bat zen: “Matematikarekin, Fisikarekin… lotzen nuen, eta zerbait zurruna zela iruditzen zitzaidan”. Gerora, ikusi zuen ez dela horrela, eta Matematikaren filosofia ere badagoela, adibidez.

Elhuyarrera praktikak egitera joan zenean aurkitu zuen plazeboa. “Agustin Arrieta Urtizberea irakasleak Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua gomendatu zidan, eta Elhuyarren harekin lanean ari nintzela deskubritu nuen plazeboa”. Hainbesteko jakin-mina sortu zion, ezen gradu-amaierako lanerako ere gai hori aukeratu baitzuen.

Jarraian, unibertsitatean sartu aurreko asmoari heldu eta Psikologia egitea erabaki zuen. Nahiz eta hasieran ez zitzaion iruditu baliagarria izango zitzaionik plazeboa eta plazebo-efektua ikertzeko, denborarekin ohartu da gai batzuk ikasi izana, neuropsikologia edo osasunaren psikologia, adibidez, ondo datorkiola orain. Hain zuzen, berriro itzuli da Filosofiara eta plazebora.

Plazeboa eta plazebo-efektua, sakonean

Doktoretza egiteko bidean hasi berria da, plazeboa ikertzeko proiektu batean, IAS-Research taldearen barruan. “Plazeboa eta plazebo-efektuaren arteko harremana ikertzea interesatzen zait; izan ere, intuitiboki, badirudi plazeboak beti sortzen duela plazebo-efektua, baina egile batzuek zalantzan jartzen dute hori. Horrez gain, plazebo hitza ezabatzea proposatzen dute zenbait egilek, eta horrek zer ondorio ekarriko lituzkeen aztertu nahiko nuke. Eta, bestalde, plazeboaren erabilerak zer oinarri metodologiko duen, baita etikan plazeboaren erabilera arautzeko zer arau dauden ere”.

Hainbat alderdi aztertu nahi ditu, beraz, baina funtsezko galdera hau izango litzateke, Agirresaroberen hitzetan: “Plazeboa barrutik sortzen den zerbait den, edo kanpotik datorren. Edo zer harreman dagoen barrukoaren eta kanpokoaren artean, plazebo-efektua sortzeko”.

Hori ikertzeko, IAS-Research taldearen laguntza ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat ere jaso du doktoretza egin ahal izateko. Hortaz, ez du ezkutatzen pozik eta ilusioz gainezka dagoela. Ongi hornituta eta indartsu abiatu du bidea.

Fitxa biografikoa:

Izar Agirresarobe Pineda, Donostian jaio zen 1993an. Filosofiako gradua, Psikologiako gradua, eta Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egin ditu UPV/EHUn. Filosofiako praktikak egin ditu Elhuyarren, eta Psikologiako praktikak Ekin Emakumeak elkartean (Arrasaten). Egun, IAS-Research ikerketa taldean doktoretza egiten ari da.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Izar Agirresarobe, filosofoa: “Gehien erakarri ninduena izan zen gauzak zalantzan jartzen direla” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak

jeu, 2020/02/06 - 09:00
Uribarri Goikuria, Erlantz Lizundia Polimero biodegradagarrien inguruan interes handia dago eta ikerketa zabala gauzatzen ari da azken urteotan, besteak beste ingurumenarentzat kaltegarriak diren polimero eta plastiko arrunten ordezkatzeari begira.

Irudia: Hainbat arlotan izan dezaketa aplikazioa nanozelulosan oinarritutako material nanokonposatuek.

Polimero biodegradagarrien artean, biopolimeroak garatzeko orduan aukera desberdinak daude oinarrizko material ugari daudelako agertzen eta aztertzen, propietate interesgarri eta aplikazio aukera anitzekin. Sailkapenik ohikoenetan, zuzenean biomasatik lortzen direnak, baliabide naturaletatik ateratako monomeroen sintesi kimiko bidez produzitutakoak eta, azkenik, bakterio edo mikroorganismoen bidez lortutako biopolimeroak bereiz daitezke.

Zuzenean baliabide naturaletatik sintetizatutako biopolimeroen artean, zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke, jatorri naturaleko materiala izateaz gain, oparoenetarikoa delako eta ezaugarri oso interesgarriak dituelako. Baina, nahiz eta zelulosa material aski ezaguna izan, ez ordea zelulosatik sintetizatutako eskala nanometrikodun materialak. Azken material nanoegituratu honek biodegradagarriak izateaz gain, propietate harrigarriak ari dira erakusten, funtzionalizazio aukera handiekin.

Nanozelulosaren aukeraz beteko gainazal funtzionalizazio hau, nano-eskala dimentsioak eragindako hainbat eta hainbat azaleko -OH talderen eta gainazal espezifiko handiaren ondorioa da. Bestalde, zelulosatik sintetizatutako nanozelulosaren moldaketaren bidez aukera desberdinak aurkitu daitezke nanomaterial mota bereizgarriak lortuz; nanokristalak eta modu desberdinen bidez sintetizatutako nanozuntzak. Zehazki, nanozuntz hauek lortzeko aukera bat landereetatik tratamendu mekaniko eta kimiko bidez sintetizatzea da eta beste aukera sintesi bakteriano bidez produzitzea.

Hala ere, ikuspuntu zabalagoa edukitzeko, materialak jatorriaren arabera ez ezik, askotan oinarrizko egituraren distribuzioaren arabera sailkatu litezke, hain zuzen ere egituran duten bolumen aske kopuruaren arabera. Sailkapen hau kontuan hartuz eta nanozelulosari dagokionez, porodun edo poro gabeko materialak aurkitu daitezke eta filmak, gelak eta aerogelak nabarmendu daitezke.

Filmak paper moduko materialak dira, gelak berriz egoera geldikorrean jariakortasun eza duten material solido gelatinakarrak dira eta aerogelak porotasun oso handiko material izugarri arin eta bereziak dira. Bestalde, ohikoa da aerogelak gelen lehortze superkritiko edo liofilizazio prosezu bidez lortu ahal izatea.

Aipatutako aukerei nanozelulosaren propietate bereziak gehitzen badizkiegu, alde batetik propietate mekaniko eta fisiko apartak eta beste alde batetik biobateragarritasun, degradagarritasun egokia eta toxikotasun eza, besteak beste, aplikazio esparru handiak aurkitu ditzakegu. Bestalde, gainazal modifikazio aukera izugarriak dituen materiala izanik, ezaugarri guzti hauen konbinazioari esker, gaur egun aplikazio aukera gehiago atzematen ari dira.

Nanozelulosan oinarritutako material nanokonposatuen aplikazio berritzaileenak, ingurumenean (ur kaltetuetan), energian (energia metaketan eta isolatzaile moduan), biomedikuntzan (garraio bide eta emaile, protesi eta scaffold-ak edo soluzio antiseptikoetan), sentsoregintzan eta garraio edo konstrukzio sektoreetarako konposite eta osagai berrietan aurkitu ditzakegu eta etorkizun zirraragarria aurreikusten zaizkie.

Bestalde, enbalatze eta elikaduran, industria kimikoan edo kosmetikan nanozelulosaren deribatuen erabilera barneratuagoa dago. Hain zuzen ere, aplikazio berritzaileen erabilera merkaturatzeko oraindik ikerketa arloa badago eta erronkarik nagusienetakoa nanozelulosan oinarritutako material eta osagaiak industria mailan eta eskala handian fabrikatzea da. Helburu hori lortzeko, prozesu jasangarri, kalitatezko eta lehiakorrak garatzea beharrezkoa da material berriak merkatu eta sektore desberdinetan barneratzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak.
  • Laburpena: Gaur egungo plastiko erabilienak oraindik petroliotik deribatutako polimero eta lehengaietan oinarrituta daude, horrek ingurumenean duen eragina eta guzti, material horiek biodegradagarriak ez direlako, besteak beste. Egoera honetan, erakunde eta industria sektore askotan, gero eta erregulazio eta estandar gehiago ezartzen ari dira, produktu jasankorragoak eta ingurumenarekiko aproposagoak garatzea bultzatzeko helburuan. Honen eraginez, polimero biodegradagarrien inguruan interes handia piztu da, eta material horien aukerak sakonki ikertzen ari dira. Polimero biodegradagarri mota desberdinak daude eta horrez gain, polimero berriak aurkitzeko eta garatzeko asmoarekin, oinarrizko materialen inguruan aukera desberdinak aztertzen ari dira. Ikerketa zabal honi esker, material polimeriko biodegradagarrien arloan propietate berri eta interesgarriak agertzen ari dira eta honekin lotuta aplikazioa askotarako aukerak. Material biodegradagarrien artean, zelulosatik deribatutakoak nabarmendu daitezke; zelulosak jatorri naturala du, material oparoenetariko bat da eta ezaugarri apartak azaltzen ditu. Zelulosa eta horren propietate bereziak aspaldi ezagunak diren arren, gaur egun ikerkuntza-arlo emankor bat zabaldu da zelulosatik sintetizatutako eskala nanometrikoko materialen inguruan, material horiek agertzen dituzten propietate ikusgarrien eta funtzionalizazio-aukeren ondorioz. nanozelulosa mota desberdinak lor daitezke, zelulosa-nanozuntzak (ZNZak), zelulosa-nanokristal (ZNKak) eta nanozelulosa bakterianoa (NZBa). Nanozelulosa mota bakoitzak xehetasun partikularrak ditu, propietate bereziak eta berezitasun hauen ondorioz aplikazio arlo ugari agertzen ari dira, etorkizun nabarmena eskainiz. Bestalde, aplikazioaren arabera ez ezik materialak oinarrizko egituraren distribuzioaren arabera sailkatzen baditugu, nanozelulosan oinarritutako materialak hidrogel, aerogel edo film bezala aurkitu dezakegu. Zehazki, nanozelulosan oinarritutako aerogelak emaitza ikusgarriak ematen ari dira, horien pisu arin eta dentsitate baxu, porositate altu eta propietate mekaniko paregabeen ondorioz besteak beste. Propietate horri zelulosaren biobateragarritasuna, toxikotasunik eza eta biodegradagarritasuna gehitzen badizkiogu, material interesgarriak lor daitezke, funtzionalizazio- eta kustomizazio-aukera zabalak dituztenak. Pertsonalizazio-aukeren eta ezaugarri aparten ondorioz, nanozelulosa eta nanozelulosan oinarritutako materialak zenbait sektoretan hasi dira erabiltzen; besteak beste ingurumenean, energian, biomedikuntzan, enbalatze eta elikadura industrietan edo garraioan.
  • Egileak: Uribarri Goikuria, Erlantz Lizundia.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 119-142
  • DOI: 10.1387/ekaia.19675

————————————————–
Egileez:

Uribarri Goikuria Erlantz Lizundia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko Kimika Makromolekularreko Laborategikoak dira eta Erlantz Lizundiak, gainera, Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Sailean ere badabil.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zelulosa nanokristaletan oinarritutako material nano-konposatuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lau leinutan kokatu dute ‘Homo sapiens’ espeziearen jatorria

mer, 2020/02/05 - 09:00
Juanma Gallego Afrikan ehortzitako lau lagunen arrastoen analisi genetikoan oinarrituta, gaur egungo gizakien eboluzioan gutxienez lau leinu nagusi egon zirela proposatu du zientzialari talde batek. Toki zehatz batean baino, gure espeziaren jatorria Afrikako zenbait lekutan dagoela babestu dute ikertzaileek.

Bide bihurgunetsua da giza eboluzioaren ikerketarena. Modu tradizionalean, hezurren eta harrizko industriaren azterketan oinarritu dira ikertzaileak, eta oraindik ere bide horrek emaitza zirraragarriak ematen ditu. Zientziaren arlo guztietan adituen arteko eztabaidak oinarrizkoak izanda ere, paleoantropologiaren alorrean bereziki biziak dira. Askotan, ikerketa batek 180 graduko bira ematen dio indarrean dagoen ezagutzari… beste ikerketa batek kontrakoa esaten duen arte. Batzuetan etsigarria gerta daiteke ere, benetan pozgarria da ikustea zelan egiten den aurrera, zabuka agian, baina, aldi berean, ezagutzaren norabidean.

Genetikaren agerpenarekin, bazirudien eztabaida horiek guztiak nonbaiten baretuko zirela, ustez humanitateetatik aldenduta eta genetikari jauzi eginda tresna berrien emaitzak ukaezinagoak izango zirelakoan. Zoritxarrez –edo zorionez–, ez da horrela izan, eta ez dirudi hemendik aurrera ere hala izango denik.

1. irudia: Duela 25 bat urte aurkitu ziren lau umeren arrastoak Shum Lakako aztarnategian, baina orain egindako azterketa genetikoek haien gaineko ezagutzan iraulia ekarri dute. (Argazkia: Isabelle Ribot)

Hala, duela gutxi ezagutarazitako ikerketa batek Homo sapiens-aren jatorria Afrikako hegoaldean kokatu du, DNA mitokondrialaren analisian oinarrituta. Orain, berriz, hein batean ideia horren kontra doan beste ikerketa baten berri eman dute. Nazioarteko ikertzaile talde batek Nature aldizkarian aurkeztutako emaitzen arabera, duela 300.000 eta 200.000 urte tartean Afrikan bizi izan ziren lau populaziotan dago gaur egungo gizakien jatorria. Harvardeko Unibertsitateko David Reich genetista ezagunak gidatu du ikerketa, eta antzinako DNAren ikerketan aitzindarienetakoa den Carles Lalueza-Fox adituak ere parte hartu du.

Ondorio horretara iristeko mahai gainean jarri dituzten datuak ez dira edonolakoak izan: aurrenekoz, Ekialdeko eta Erdialdeko Afrikako antzinako DNAren sekuentzia genomiko osoak berreskuratu dituzte. Ez dira duela 300.000 urteko genomak, noski; duela 8.000 eta 3.000 urte inguru bizi izan ziren giza arrastoenak baizik. Horietan oinarritura, denboran atzera eginda zeuden ezaugarri genomikoak ondorioztatu dituzte.

Zaila da hain antzinako DNAren kontserbazioa, baina hori are konplikatuagoa da Afrika bezalako inguru batean, Saharako basamortua edota klima tropikalak direla eta. Horregatik, haitzuloetan aurkitutako fosilek berebiziko garrantzia dute, ingurune horietan errazagoa baita arrasto genetikoa gehiegi narriatu gabe mantentzea.

Hain justu, Kamerunen kokatuta dagoen Shum Laka izeneko harpe batean aurkitutako arrastoak daude ikerketaren abiapuntuan. Lau umeren arrastoak dira: horietako bi, duela 8.000 urte ingurukoak; beste biak, duela 3.000 urtekoak. Shum Lakan ehortzitako umeen genoma arakatu ondoren, Afrikako Ekialdeko eta Hegoaldeko hainbat ehiztari-biltzaileri buruz eta gaur egun kontinentean bizi diren beste hainbat populaziori buruz argitaratuta dauden DNA azterketekin alderatu dituzte, ikuspegi osatuago bat eduki aldera. Datu hauetan oinarrituta, Homo sapiens-aren historian egon diren leinu nagusiak ikustarazteko moduan egon dira.

2. irudia: Kamerungo Shum Lakako harpean kontserbatu dira duela 8.000 eta 3.000 urteko aztarnak. Tropikoetako klima ez da 2. irudia: Kamerungo Shum Lakako harpean kontserbatu dira duela 8.000 eta 3.000 urteko aztarnak. Tropikoetako klima ez da batere egokia DNAren kontserbaziorako, baina haitzuloetako tenperaturei esker hobeto mantentzen da informazio genetikoa. (Argazkia: Isabelle Ribot)

Ikerketan parte hartu du Iñigo Olalde zientzialariak, eta haren azalpenak jaso ditu Eva Caballerok La mecánica del caracol irratsaioan. Olaldek argi utzi du aztertutako genometan ez daudela berez leinu horiek. “Baina hain lagin zaharrak edukita, argiago ikus daiteke zer gertatu zen garai zaharragoetan, azken 8.000 urteetan batu diren seinale genetiko desberdinak kendu ditugulako”.

Lau leinu horietatik, hiru ondo identifikatuta dituzte: Afrika Hegoaldeko ehiztari-biltzaileetan ikus daiteke lehen leinua; bigarrena, Afrika Erdiko populazioei dagokie; eta, hirugarrena, Afrika Ekialdean bizi ziren zein Afrikatik atera ziren populazioei dagokie. Laugarrena, berriz, ez da identifikatu gaur arte, eta, hortaz, “leinu mamutzat” jo du ikertzaileak. Olalderen hitzetan, baliteke leinu gehiago egon izana, baina, hala izan balitz, horiek ez dira kontserbatu. Leinu hori Sahel inguruetan egon zitekeela uste dute, baina momentuz bederen ez dute modurik hipotesia mamitzeko.

Emaitzen argitara, ikertzaileek uste dute duela 250.000-200.000 urte bitartean gertatu zela lau leinu horien arteko bereizketa. Eta bidean, noski, oraindik argitzeko dauden gauza asko gertatu ziren. Adibidez, umeak ehortzita izan ziren eremua bantu hizkuntzen abiapuntutzat jo izan da. Afrikako berezko hizkuntzen artean, talderik zabalduena eta askotarikoena da bantu hizkuntzena. Alabaina, ez dute lotutarik aurkitu ume horien eta gaur egungo hiztunen artean. “Hau ezusteko bat izan zen, batez ere duela 3.000 urteko arrastoen kasuan” argitu du Olaldek. “Ordurako hasita zegoen bantu hizkuntzen zabalkuntza, eta espero zen ume horiek arbaso genetikoak izatea. Baina ikusi dugu ez dela hala izan”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lipson, M., Ribot, I., Mallick, S. et al., (2020). Ancient West African foragers in the context of African population history. Nature, 577, 665–670. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-020-1929-1

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Lau leinutan kokatu dute ‘Homo sapiens’ espeziearen jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa

mar, 2020/02/04 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Osakidetzako datuen arabera, Euskadin 200.000 lagunek daukate 2 motako diabetesa –biztanleriaren %11 inguruk-. Datuek azaleratzen duten bezala, diabetesa gaixotasun kroniko arrunta da eta arriskutsua, kasu askotan diabetesa diagnostikatu gabe egoten delako. Hain zuzen ere, aipatutako kopuruaren heren bat baino gehiago diagnostikatu gabeko kasuak dira. Gainera biztanleriaren beste hainbestek inguruk aurrediabetesa daukala jotzen da. Datuak elkartuta, hauxe da ondorioa: biztanleriaren %22 inguruk diabetesa dauka edo diabetesa izateko bidean egon daiteke.

Diabetesaren ugaritasuna obesitatearekin eta elikadura desegokiarekin lotzen da, kasu askotan. Horrexegatik beharrezkoa da prebentzioa eta heziketa, alegia, arazoei aurre egiteko arazoa zein den jakitea eta ulertzea. Lehen ekarpen honetan, diabetes mellitus gaixotasuna ulertzeko bidean kokatuko gara eta, horretarako, ezinbestekoa da glukosaren metabolismo normala zein den ulertzea.

Irudia: Otorduen ostean, odoleko glukosa kontzentrazioa handitzen da. Kontzentrazio hori murrizteko eta zelulek glukosa modu eraginkorrean erabiltzeko, intsulina izeneko hormona ezinbestekoa da. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Gorputzeko zelula guztiek energia behar dute bizirauteko eta haien funtzioak betetzeko. Gure organismo zelulen energia-iturri nagusia glukosa da, beste hainbat biomolekula metabolizatu ondoren lortzen den gluzidoa. Glukosa odolaren bidez iristen da zeluletara eta, horrela, zelula batek energia behar duenean odolean dagoen glukosa zelulara sartu behar da. Hala ere, zelula gehienetan prozesu hori ez da hain sinplea. Glukosa zeluletan modu eraginkorrean sar dadin, intsulina izeneko hormona beharrezkoa da.

Intsulina hormona polipeptidikoa da, alegia, hainbat osagai txikiagoz -aminoazidoz- osatuta dago. Zehazki, berrogeita hamaika aminoazidok osatzen dute intsulina. Ornodunen kasuan, intsulinaren egitura nahiko antzekoa da eta aipagarria da, adibidez, behiaren eta gizakion intsulinaren artean hiru aminoazido bakarrik aldatzen direla. Txerrien hormonarekin alderatuz gero, aldiz, aminoazido bakarra aldatzen da. Intsulina pankrean sintetizatzen da, hain zuzen ere, Langerhans-en irlak deitzen diren zelula-multzoetan. Pankrea digestio-aparatuaren eta sistema endokrinoaren osagai den organoa da, urdailaren atzean kokatzen dena. Langerhansen irlak pankrean sakabanaturik dauden zelula hormona-jariatzaileen multzoak dira -0,3 mm-ko diametrokoak, gutxi gorabehera-. Irla horietan mota desberdinetako zelulak daude eta zelula bakoitzak hormona jakin bat jariatzen du. Alfa zelulek glukagoia jariatzen dute, beta zelulek intsulina eta delta zelulek somatostatina, esaterako.

Pankrea intsulina sintetizatzen hasten da zenbait seinale jasotzen dituenean, besteak beste, proteinak edo karbohidratoak jaten direnean. Elikagai horiek jan ondoren, odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da eta, orduan, pankrean dauden beta zelulak intsulina jariatzen hasten dira. Intsulinak hainbat funtzio ditu, baina, funtzioetako bat glukosa odoletik zeluletara sartzen laguntzea da. Zelula gehienek intsulina hartzaileak dituzte eta intsulina bertan lotzen denean, glukosa zelula barrura sartzeko kanalak ireki egiten dira. Kanal edo bide horiek glukosa garraiatzaileak izenekoak dira. Hiru glukosa garraiatzaile nagusi daude: GLUT1, GLUT2 eta GLUT4.

Lehena, GLUT1, nahiko berezia da eta intsulinarekiko independentea da. Nagusiki eritrozitoetan -globulu gorrietan- eta garuneko zenbait zeluletan dago garraiatzaile mota hori. GLUT2 pankreako beta zeluletan, gibeleko, giltzurrunetako eta hesteko zeluletan dago. Garraiatzaile honi esker, odolean dagoen glukosa detekta dezakete Langerhansen irletan dauden beta zelulek eta horrela intsulina ekoizten hasten dira. GLUT4 garraiatzaileak, aldiz, ehun adiposoan, muskuluetan eta miokardioan daude eta horiek intsulinaren menpekoak dira. Garraiatzaile horiei esker, eta intsulinaren laguntzarekin, odoleko glukosa energia behar duten zeluletara sar daiteke.

Horrexegatik dira hain garrantzitsuak intsulinaren funtzioak. Alde batetik, gorputzeko zelula gehienetara glukosa modu eraginkorragoan iristea ahalbidetzen du. Bestetik, glukogenoaren sintesiari laguntzen dio -glukogenoa organismoak glukosa metatzeko duen forma da- eta, modu horretan, energia beharrak daudenerako gorde daiteke glukosa. Horiek ez dira intsulinaren funtzio bakarrak, baina, emaitza, azken finean odoleko glukosa kontzentrazioa murriztea da. Laburtuz, bada, elikagaiak organismora sartu ostean odoleko glukosa kontzentrazioa handitu egiten da, ondoren pankreak intsulina ekoizten du eta, azkenik, intsulinari esker odolean dagoen glukosa zeluletara sartzen da eta zelulek energia iturri moduan erabiltzen dute. Zikloa itxita geratzen da, hortaz: glukosa kontzentrazioa bere balio arruntera itzultzen da berriro.

Jakina, hori guztia gertatuko da organismoaren funtzionamenduan akatsik ez badago. Tamalez, zenbaitetan gure gorputza den makinak huts egiten du, baina, hori hurrengorako utziko dugu.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Diabetesa ulertzeko bidean (I): glukosaren metabolismoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bueltatuko zenioke diruz betetako zorroa bere jabeari?

lun, 2020/02/03 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Demagun diru zorro bat topatzen dugula kalean, jabearen datuekin. Itzuliko al genioke? Berdin itzuliko genuke diru zorroa hutsik edo 15 eurorekin aurkituko bagenu? Eta 90 euro baleuzka? Bada, galdera horiei erantzun zaie, mundu mailako esperimentu bati esker. Orain gutxi eman dira argitara emaitzak.

Esperimentua egiteko bezero arretako sailak aukeratu ziren, banku, antzoki, museo, posta bulego, hotel, polizia etxe, epaitegi eta bestelako egoitza publikoetakoak. Ikertzaileen laguntzaile bat horien arduradunarengana joaten zen eta diru zorro garden bat ematen zion –kreditu txartelak, bestelako agiriak eta, zenbaitetan, billete batzuk ikus zitezkeen–, eta handik hurbil topatu zuela esaten zion eta, arren, jabearekin harremanetan jartzeko, datuak dokumentazioan ageri baitziren. Azkenik, ehun egun igarota, langilea diru zorroaren ustezko jabearekin harremanetan jarri zen kasuak zenbatu zituzten.

Irudia: Zintzotasunaren eta norberaren interesaren arteko oreka aztertu dute munduko hainbat hiritan egindako esperimentu baten bidez. (Argazkia: BNN_News – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

40 herrialdetako 355 hiritan egin zuten esperimentua; guztira, 17.303 diru zorro entregatu zituzten, 400 bat herrialdeko. Hiri horietan guztietan eskema bera erabili zen: diru zorroetako batzuek ez zuten dirurik, eta beste batzuek, erosahalmen baliokidean, 13,45 dolar zeuzkaten. Hiru herrialde hautatutan –Polonia, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua– hirugarren motako diru zorro bat ere entregatu zuten, 94,15 dolarrekin (edo tokiko monetan, erosahalmen baliokidearen adinako zenbatekoarekin). Esperimentuaren emaitzak ezeztatu egin zuen espero zitezkeen emaitzei buruz galdetutako pertsonek –tartean, ekonomialariak eta ez adituak– emandako iritzia.

Ia herrialde guztietan, langilea jabearekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen kasuen ehunekoa txikiagoa zen zorroetan dirurik ez zegoen kasuan, eta zorroetan zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta handiagoa zen kasuon ehunekoa. Ikertzaileek ezusteko portaera horren arrazoiak aztertu zituzten modu independentean. Ondorioztatu zutenaren arabera, itzultzeko joera zorroan zenbat eta diru gehiago egon orduan eta handiagoa izatearen arrazoia hau da: langileak ez du bere burua lapurtzat hartu nahi. Bestela esanda: erabakian bi indar kontrajarrik eragiten dute; berekoia, dirua beretzat hartzearen aldekoa, eta altruista, diru zorroa itzultzearen aldekoa, galdu duenari kalterik ez egiteko.

Ikerketak emaitza gehiago izan zituen. Esaterako, desberdintasun handia dago jabearekin harremanetan jartzeko kasuen ehunekoetan 40 herrialdeen artean; alegia, kapital sozialaren osagai oso garrantzitsua den ondradutasunean, aldea dago herrialde batetik bestera. Peru, Mexiko, Kenya, Kazakhstan, Txina, Maroko, Ghana eta Malaysia dira, ehuneko txikienetik handienera ordenatuta, diru zorroak itzultzeko ahalegin txikiena egin zen herrialdeak (kasuen % 25ean baino gutxiagoan). Diru zorroak itzultzeko ahalegin handiena egin zen herrialdeak (% 70etik gora), handienetik txikienera ordenatuta, Danimarka, Suedia, Zeelanda Berria, Suitza, Norvegia, Txekiar Errepublika eta Herbehereak izan ziren.

Ikertzaileen arabera, hautemandako desberdintasunek korrelazio positiboa dute aldagai hauekin: baldintza geografiko onuragarriak ekonomian, erakunde politiko inklusiboak, hezkuntzaren hedadura soziala eta norbere taldeaz haragoko estaldura duten balio moralen aldeko balio kulturalak.

Esperimentua eta ondorioak oso interesgarriak dira, baina irudia osatzeko, jakin nahi nuke jendeak berdin jokatuko ote zukeen ondasun publikoen edo ondasun komunalen kasuan. Nik zalantzak ditut.

Iturria:

Cohn, A., Maréchal, M. A., Tannenbaum, D., & Zünd, C. L., (2019). Civic honesty around the globe. Science, 365(6448), 70-73. DOI: 10.1126/science.aau8712.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Bueltatuko zenioke diruz betetako zorroa bere jabeari? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #288

dim, 2020/02/02 - 09:00
Uxue Razkin

Botanika

Onddo espezie berri bat aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek Pagoetako Parke Naturalean. Pseudosclerococcum golindoi izendatu duten espezie berria: oso onddo txikia da, beltza eta dilista baten tamainakoa. Hildako egurrean bizi da, eroritako enborren azpialdean. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Mikrobiologia

Hil honetan gehien aipatu dugun hitza ziur asko “koronabirusa” izan dela: lanean, lagunartean, Twitterren… Gaixotasun berriari buruz ditugun zalantza guztiei erantzuna bilatzeko, hemen duzue Miren Basarasek idatzitako artikulua. Bertan azaltzen digu, besteak beste, nondik datorkion izena birusari; haren itxurari egiten dio erreferentzia, alegia, mota horretako birusek koroa itxura dute mikroskopioz behatzen direnean, eta gai dira gizakiak eta animalia ezberdinak (hegaztiak eta ugaztunak batez ere) kutsatzeko. Koronabirusaren berezitasunak eta hori saihesteko hartu beharreko neurriak ere azaltzen dira. Ez galdu!

Listeria monocytogenes deituriko bakterioaren inguruan mintzatu dira Berriako artikulu honetan, izan ere, berriki, bi produktu sorta, foie xerrak eta gazta marka bat, erretiratu behar izan dituzte. Bakterioa animalia jatorriko elikagaietan agertzen da, ekoiztean ez dute pasteurizazio prozesurik izan, eta ondoren ere prestatu gabe kontsumitzen dira. Horiek dira, batez ere, arriskutsu egiten duten ezaugarriak.

Eboluzioa

Neandertalen arrasto genetikoak aurkitu dira afrikarretan. Orain arte kontrakoa uste zen, izan ere, neandertalak ez ziren inoiz lurralde afrikarrean bizi izan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, Princetongo Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute %0,3ko arrasto neandertalak dituztela. Halaber, uste dute hibridazio afrikar hori gutxienez duela 100.000 urte inguru gertatu zela.

Bioteknologia

Ikertzaile talde batek giza gibelak zazpi egunez gorputzetik kanpo kontserbatzeko gai den makina eraiki du. Artikuluan zehazten denez, transplanteak egiteko baldintzak erraztea da proiektuaren helburua. Makina honek perfusio teknologia erabiltzen du eta horri esker, hasiera batean transplanteetan erabiltzeko modukoak ez diren gibelak nolabait berreskura daitezke.

Kimika

Eguzki-argia eraginkortasunez xurgatu eta energia kimikoan eraldatzeko gai den prozesu konplexua azaltzen da artikulu honetan. Lan honen helburua fotosintesian gertatzen den oinarrizko prozesuetako bat imitatzea da. Zehazki, argiaren xurgapenaz arduratzen diren organismo fotosintetikoetan (antena-sistemak) oinarritu dira, dimentsio nanometrikodun gailu artifizialak garatzeko. Garatutako nanomaterialak aproposak dira argia tarte espektral zabalean eraginkortasunez biltzeko.

Emakumeak zientzian

Londresko Historia Naturalaren Museoa bisitatu baduzue noizbait, Dorothea Bate paleontologoaren izena topatuko zenuten. Hemeretzi urte zituela hasi zen han lanean, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen gainera. Aurkikuntza ugari egin zituen: Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie, Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila (Myotragus balearicus)… Horretaz gain, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen.

Ingeniaritza

Kostu baxuko plataforma eramangarrien bidez, seinale elektrokardiografikoak argi eta garbi detektatzeko algoritmo bat garatu dute UPV/EHUko Kontrol Adimentsua ikertaldean. Lanaren helburua patologia fisiologiko, arazo disfuntzionala edo ezgaitasun kognitiboren bat duten pertsonen estres-maila identifikatzeko tresna bat lortzea da. GICI taldeko Eloy Irigoyen ikertzaileak azaltzen du tartean: “Pertsona baten estres-maila eta zenbat denbora irauten dion zehazten saiatzen gara, elektrokardiograma-seinaleen analisian oinarrituta”.

Kimika

Taula periodikoaren lehen bertsio modernoa Dmitri Ivanovic Mendeleiev errusiarrak egin zuen, 1869an. Elementu kimikoak pisu atomikoaren arabera antolatu zituen. Mendeleieven aurretik, beste zientzialariek ere egin zituzten euren proposamenak. Adibidez, Antoine-Laurent de Lavoisierrek. 1789an argitaratu zuen lanean, 33 substantzia sinple igarri zituen (gaur egun, horietatik 23 daude onartuta). Ba al dakizu nola antolatzen den taula periodikoa? Eta zeintzuk izan diren gehitu diren azken elementuak? Irakur ezazue artikulu hau osorik!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #288 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #293

sam, 2020/02/01 - 09:00

Zientzia merkatua bailitzan aztertzea zientzia marketizatzea al da? Jesús Zamora Bonillaren The marketization of science and the ‘marketization’ of science studies (1)

Testu batek, diskurtso idatzi batek dituen sentimenduak atzeman ditzake algoritmo batek, makina batek? BCAMekoek: An algorithm to discern sentiment in a text

Energia minimoko kuantoa baino ez baliatuta, molekula baten ingurunea ezagutzea posible dela teorikoki frogatu dute DIPCn: A local quantum emitter can be used to sense the environment of a molecule with the minimal quantum of energy

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #293 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dorothea Bate (1878-1951): Iragana aztarrikatu zuen esploratzaile ausarta

ven, 2020/01/31 - 09:13
Uxue Razkin Txikitan, Dorothea Batek begiz jota zituen landare eta animaliak. Irudi haiek haren memorian tinko gelditzen ziren, ondoren, papereratzeko; harentzat, aldez aurretik jakinarazitako sekretuak gorpuztea bezalakoa zen hori. Ziur, Carmarthen (Gales) jaiotzeak –herrialdeko herririk zaharrena eta nornahik postal batean jasota izan nahiko lukeena– naturaren azterketa erraztu zion, inguruan zuen oro ulertzearren.

Richard Ford eleberrigileak honakoa zioen Canadá liburuan: “Gauza orok ez du zertan ondorio praktikorik izan. Zenbait jardun gustuko dituzulako egiten dituzu”. Hain zuzen ere, paleontologo hau natura marrazten eta behatzen hasi zen, atsegin hutsez. Beste inork begiratzen ez zuena bilatu zuen Batek, eta horrenbestez, munduko fosilen harrapakarien artean ospetsuenetarikoa izan zen.

Dorotheak ez zuen ikasteko aukerarik izan, bere nebak eta ahizpak bai, ordea. Bata, mutila zen eta hori nahikoa zen garai hartan ikasketak gauzatu ahal izateko. Bigarrenak musikarako dohain berezia zuen. Dorotheak, bere aldetik, oso gogoko zituen natur zientziak baina hori ez zen nahikoa izan gurasoen iritzia aldatzeko. Dena dela, zoritxarrari aurre egin zion: hemeretzi urte zituela Londresko Historia Naturalaren Museoan lanean hasi zen, eta hori lortzen lehen emakumea bilakatu zen.

1. irudia: Londresko Historia Naturalaren Museoko Geologia Saila (1938). Dorothea Bate lehen lerroan eskuinean eserita dago. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)

Horren ondotik, 22 urterekin, bere lehenengo artikulua argitaratu zuen Geological Magazine aldizkarian. Bertan, Wye Valley kareharrizko kobetan aurkitutako karboniferoaren hezurrei buruz idatzi zuen. Bada, hori gertatu aurretik, Dorotheak jada identifikatuta zituen Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie. Bere aurkikuntzen artean, azpimarratzekoa da Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila: Myotragus balearicus (ahuntzaren eta arratoiaren arteko nahasketa bat).

Emakume bat museoan lanean

1898an, pentsaezina zen emakumeak zientzialari gisa kontratatu ahal izatea, are gehiago, astakeria bat zen. Alabaina, Batek Londresko Historia Naturalaren Museoan lan egitea lortu zuen, izan ere, Richard Bowdler Sharpe hegaztien departamentuko buruak onartu zuen taldean, ikusi zuelako, ikasketarik gabe, ugaztunen fosilei buruz asko zekiela. Museoan lanean hasi bazen ere, oro har, gainontzeko langile gehienek ez zuten begi onez ikusi haren etorrera.

Lanean hasi eta berehala, bere jakin-mina puztu egin zen. Bereziki, indusketetan lan egin nahi zuela ohartu zen. Hala, bere aldetik bidaiatzen hasi zen eta laguntza behar bazuen, inguruko jendea kontratatzen zuen gidari gisa. Munduko zoko-moko guztiak ezagutu nahi zituen. 1901 eta 1911 artean, Kreta, Zipre eta Balear Uharteen eremu menditsuak arakatu zituen. Lehenengo bietan, Borneoko Pigmeo elefanteen eta hipopotamoen fosilak aurkitu zituen, eta Mallorcan, aurretik aipaturiko Myotragusa.

2. irudia: Dorothea Batek aurkitu zuen elefante-hortz nanoa. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)

Mediterraneoko uharteetan egindako aurkikuntzarik esanguratsuena, baina, espezieen aldaketa ebolutiboak azkarrak zirela ohartzea izan zen. Esaterako, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen. Espezie horretako elefante heldu batek metro bateko altuera zuen, hau da, egun ezagutzen diren elefante afrikar jaioberri baten garaiera bera. Bateren lana bide-urratzailea izan zen eta zooarkeologiari ekarpen oparoa egin zion.

Dorothy Garrod eta hilketa bat Belenen

1929. urtean, Dorothy Garrod arkeologoa Monte Carmeloko (Israel) kobazuloetako indusketetan lanean ari zela, konturatu zen begien aurrean zituen fosilak garrantzi handikoak zirela, eta beraz, aditu batek berehala aztertu behar zituela. Ez zuen bi aldiz pentsatu eta Bateri bidali zizkion. Batek atsegin handiz onartu zuen erronka baina ez zuen distantzia maite eta, horregatik, Israelera joatea erabaki zuen. Elkarrekin egindako lanari esker, 54 espezie desberdinen aztarnak topatu zituzten, Gazella eta Persiar adarzabala artiodaktiloez gain.

Urte berean, Palestinako Britaniar Mandatuko Zaharki Departamentuak Bateri laguntza eskatu zion; Belengo mediku batek hezur-fosil zati batzuk ekarri zituen eta euren jatorria zehaztea eskatu zioten. Elefante baten hezurrak zirela ikusi zuen (iraungitako animalia horren lehenengo aurkikuntza izan zen Palestinan) baina sakonago ikertu nahi zuenez, Belenera joan zen, ez zuelako inolaz ere hori modu sakonean ikertzeko aukera galdu nahi. Aurkikuntza izugarria izan zen, Afrikatik at existitu ziren lehenengo elefanteen arrastoak zirelako, Elephas planifronsarenak, hain zuzen ere. Horretaz gain, errinozeroen, dortoka erraldoien eta Hipparion izeneko ugaztun artiodaktiloaren fosilak aurkitu zituen.

3. irudia: Dorothea Bate eta langile bat Belengo indusketan (1937?). (Argazkia: TowelBlazers)

Bat-batean sentitu zuen poz hura erraz desagertu zen, ordea. Izan ere, James Starkey arkeologoak ikerketan parte hartu nahi zuen eta Bateren lekua bete. Bere helburua lortu egin zuen. Jakina, Bate asko haserretu zen, ez baitzuen bere lana bukatu gabe utzi nahi, are gutxiago egindako lana Starkeyri oparitu. Horrenbestez, kolaboratzaile gisa lan egitea erabaki zuen Elinor Gardnerrekin batera, Starkey proiektuko buru gisa azaldu arren.

Istilu hori Starkeyren heriotzarekin amaitu zen. 1938an, Palestinako Arkeologia Museora zihoanean, armadak atxilotu egin zuen; kotxetik irteteko agindu eta tiro egin zioten. Gertakizun horren ondotik, Belengo indusketak bertan behera gelditu ziren. Eskualdea gero eta ezegonkorragoa bihurtu zen eta museoak ez zuen nahi Gardnerrek eta Batek bertan lan egiten jarraitzea. Gainera, ezin dugu ahantzi, Bigarren Mundu Gerraren zurrumurrua entzuten hasia zela honezkero. Gerraren ondotik, 70 urte zituela, Tringeko Historia Naturalaren Museoko zuzendari izendatu zuten Bate.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Dorothea Bate (1878-1951): Iragana aztarrikatu zuen esploratzaile ausarta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages