S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 11 min 5 sec

Ezjakintasunaren kartografia #289

sam, 2019/12/21 - 09:00

Lurra laua dela uste dutenak ez dira ezjakinak, geneetan daramate. Literalki. Mikael Klintmanen Conspiracy theories: how belief is rooted in evolution – not ignorance

Lurraldean zelan zabaltzen den ezagutzea ezinbestekoa da espezie inbatitzailea bera eta eragiten dituen ingurugiro kalteak eta kalte ekonomikoak kontrolatzeko. Altitudea bezalako faktore geografiko fisikoak kontuan izan behar ditu eredu on batek. BCAMenparte hartzea izan duen hau bezala: A model for the spread of invasive species that brings the landscape into the equation

Substantzia batzuen jokaera optiko ez lineala beste batzuen, urrea edo zilarra bezala, plasmoiekin konbitatu daiteke azken belaunaldiko mikroespektroskopioen sentsore-puntak sortzeko, sistema bizien egitura sekretuak eta sekretu kimikoak argitzeko gai direnak. DIPCren Next generation nanoprobes for the microspectroscopic study of biosystems

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #289 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mary Allen Wilkes: abokatu izan nahi zuen (eta lortu zuen) informatikari aitzindaria

ven, 2019/12/20 - 09:00
Uxue Razkin 1959an, emakume bat Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) bulegoetara hurbildu zen galtzeko ezer ez duen pertsona baten ausardiaz. Mary Allen Wilkesek ez zuen zientzia konputazionala ezagutzen, izan ere, filosofian graduatu zen. Baina, hara joateko erabakia hartu zuen, irakasle batek animatuta: bere logika nabarmendu zuen, arlo horretan baliagarria izango zitzaion ezaugarria, alegia. Garai hartan, emakumeek errazago aurki zezaketen lana programazioaren esparruan beste edozeinetan baino. Ironikoa dirudi, baina errealitate hori bi aurrekari nabarmenek baieztatzen zuten: alde batetik, Bigarren Mundu Gerran, 6.600 emakume inguruk Bletchley Park-en lan egin zuten. Bestalde, hainbat programatzailek ENIAC izeneko konputagailua diseinatu zuten.

1. irudia: Mary Allen Wilkes lanean 1960. urtean (Iturria: Mujeres con Ciencia bloga)

Beharbada Wilkesen istorioa ez da ohikoena. Historian zehar, zientzialari gehienek txikitatik aurkitu dute euren bokazioa, eta horri eutsi diote, gustuko zutena ofizio bilakatu duten arte. Ez zen hori Wilkesen kasua izan, ordea. Berak ez zuen programatzailea izan nahi, abokatua baizik, baina gurasoek ez zioten utzi. “Oso zaila da abokatu gisa lan egitea emakumea bazara”, esan zioten. Hori entzun zuenean, zur eta lur gelditu zen, baina berehala eman zion buelta egoerari. Informatika arloan murgildu zen eta alor horretan bide-urratzaile bihurtu zen Laboratory INstrument Computer (LINC)-ko LAP6 sistema eragilearen diseinuari esker, lehenengo ordenagailu pertsonalaren aitzindari. Gainera, etxetik ordenagailu batekin lan egin zuen lehen pertsona izan zen.

Lengoaia bat deskodetzea helburu

Mary Allen Wilkes Chicagon jaio zen, 1937an. 1959an Filosofian graduatu zen, Wellesleyko Unibertsitatean. Abokatu izateko ametsa zapuztu egin zitzaion, eta informatikaren munduan sartzea erabaki zuen. MITeko Lincoln Laborategian hasi zen lanean, eta 1963ra arte eutsi zion karguari. Lehenik, ahotsa ezagutzeko sistema bat garatu zuen eta ondoren, zulatutako txarteletan buru-belarri aritu zen denbora batez; haren esanetan, lan “neketsua baina dibertigarria” izan zen. Izan ere, txartelek izan zitzaketen akatsak aurkitzeaz arduratzen zen.

Garai horretan, hainbat sistema eragile diseinatu zituen, besteak beste, LINCarena, hasieran LAP (LINC Assembly Program) izenaz bataiatu zuena, eta ondoren LAP6 bihurtu zena. 1964an, LINCa garatu zuen taldea Washingtongo Unibertsitatera joan zen, San Luisera (Missouri). Alabaina, Wilkes ezin izan zen hara joan, bere ama gaixo zegoenez eta Baltimorren bizi zenez, ez baitzuen bakarrik utzi nahi izan. Gauzak horrela, taldeak erabaki zuen LINCa –hozkailu baten tamainakoa– bere etxera bidaltzea, ordenagailuaren eta telefono baten laguntzaz etxetik lan egin zezan. 1965ean, bere etxeko egongelan zegoela, LAP6 sistema eragilea garatu zuen, eta, beraz, etxean ordenagailu bat erabili zuen lehen pertsona izan zen.

2. irudia: Mary Allen Wilkes 2017. urtean, 1963ean garatu zuen ordenagailu pertsonalarekin. (Argazkia: Imago/EDP/Werner Krueper)

Programazioari buruz noziorik ez zuten pertsonak ordenagailua erabiltzeko gai izatea zuen helburu Wilkesek. Horren gainean, honako hau esan zuen: “Ikasteko denbora behar da, oso sofistikatua delako programa, baina irakats daiteke”. Eskuliburu bat idatzi zuen horretarako: LAP6 Handbook. Eta beste liburu baten egilekide ere izan zen: Linc-a programatzen.

AEBtako Buru Osasuneko Institutu Nazionala lehena izan zen LINCa erabiltzen, hain justu, katu baten erantzun neuronalak aztertzeko erabili zuten. Wilkesek laborategietako ikertzaileei erakutsi zien nola instalatu behar zuten, eta nola erabili ondoren.

Programatzailea izatetik, abokatua izatera

Oso jende gutxi ausartzen da norabidea aldatzen dena ondo doakionean. Gauzak ondo doazenean, ezer gutxi aldatzen dugu eta ez zaigu gustatzen bat-bateko erabakiak hartzea, badaezpada ere. Are gutxiago informatikan aitzindari bihurtzen bazara. Karmelo C. Iribarrenek Diario de K liburuan dio “aldaketa baten beharrean nago” esaldiarekin tragedia asko hasten direla. Wilkesentzat ez zen hala izan. Inoiz ez zion bere ametsari uko egin, zientzia konputazionalaren alorrean izandako arrakastak ez zuen abokatu bihurtzeko bere gogoa itzali. Haren arabera, informatikan aritzea “zoragarria” izan zen eta zoriontsu izan zen lortu zuen guztia ikusita. Baina berak aspaldiko amets bat zuen buruan bueltaka.

Agian gurasoek Zuzenbidea ikastea debekatu zioten egun hura gogoratu zuen, lanbide horretan emakumeek ez zutela beren lekua aurkituko argudiatu zutenean. Duela urte batzuk MITen aurkeztu zen ausardi berarekin agertu zen Harvarden; Zuzenbideko ikasketak hasi zituen, eta erretiroa hartu zuen arte abokatu gisa lan egin zuen. Wilkesentzat tragedia ez saiatzea izango litzateke.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Mary Allen Wilkes: abokatu izan nahi zuen (eta lortu zuen) informatikari aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

DNAren nanoteknologia eta materia aktiboaren auto-antolakuntza

jeu, 2019/12/19 - 09:00
Ibon Santiago Tolestu, itsatsi eta mugitu: DNA Origami bidezko nano-egituren auto-antolakuntza.

1. irudia: DNAren molekulen auto-antolaketa gaitasunari esker, base-sekuentzia batean programatu dezakegu 3D-ko edozein egitura eta hau behetik gora (bottom-up) eraiki.

DNA garrantzi biologiko handiko molekula da, honek gordetzen baitu proteinak sortzeko beharrezkoa den informazio genetikoa. Azken urteotan ingeniaritza genetikoan aurrerapauso handiak eman dira. CRISPR/Cas9 bezalako teknologiei esker, genoma editatzea nabarmenki erraztu da eta ondorengo belaunaldiko sekuentziazioak (NGS) DNA masiboki irakurtzea (sekuentziazioa) ahalbidetu du. DNAren manipulazioak aukera handiak eskaintzen ditu medikuntzaren arloan, diagnosi eta terapia berriei ateak irekiz.

Testuinguru genetikoaz gain, DNA fisika eta nanoteknologia arloekin guztiz loturik dagoen molekula ere bada. Rosalind Franklin kristalografoaren 1952ko X izpien difrakzio bidezko DNAren lehen irudiek, molekula honen ezaugarri boteretsua azaldu zuten: Watson-Crick base-parekatzea, alegia. DNA nukleotidoz osaturiko polimeroa da eta base-parekatze arauari esker osagarriak diren bi kate (adibidez, ATTA eta TAAT) batzen dira eta helize bikoitza sortu.

LEGO jokoan bezala, osagarriak diren piezekin egitura konplexuak eraiki daitezke. DNArekin ere. Azken hamarkadan, DNAren berezitasun honek «arkitektura molekularrari» ateak ireki dizkio, eta nanoteknologiaren munduan erreminta paregabea bihurtu da materiaren antolakuntza espaziala kontrolatzeko. Giza ile baten diametroa baino ehun mila aldiz txikiagoa da nanometroa. Tamaina honetan bereizmen atomikoko nano-materialak goitik-behera (top-down) sortzea oso zaila da, eta normalean tresna oso garestiak behar dira. LEGO piezak balira bezala, DNAren molekulen auto-antolaketa gaitasunari esker, base-sekuentzia batean programatu dezakegu 3D-ko edozein egitura eta hau behetik gora (bottom-up) eraiki. DNAren bidezko nanoegituren eraikuntza molekularrari DNA nanoteknologia deritzo.

2. irudia: DNA Origamia: DNA kate luze bat (aldamioa) eta osagarriak kate txikiagoak (grapak) batzen dira. Berotze- eta epeltze-prozesu kontrolatu baten on- doren, aldez aurretik diseinaturiko egiturak sortzen dira. Eskuineko irudian bi di- mentsioko lehen DNA Origamia (izarra eta irribarrea [1]).

Japoniarrek Origami egitura ederrak sortzen dituzte papera tolestuz. Era berean, DNA kate luze bat bere osagarriak diren kateekin parekatzen da, DNA Origami egitura sortuz (Irudia 1). Teknika hauek jorratuz, 2D eta 3Dko egitura berriak sortu dituzte Oxfordeko Unibertsitatean. Urrezko nano-partikulak, lore itxurako Origami batekin „jantzi“ dituzte nano-loreak sortuz. Nano-loreak DNA katez egindako petaloak ditu eta base-parekatzeari esker, DNA sekuentzian kodifikaturik dago nano-loreen antolakuntza espaziala (Irudia 3). Nanopartikulen kokapena kontrolatuz, hauen ezaugarri optikoak ere alda daitezke, plasmonika arloan erabilera interesgarriak irekiz.

3. irudia: a) Nanolore baten osagaiak eta eraikuntza-prozesua DNA Origami teknika bidez. DNA aldamioak eta grapek, erdialdean hutsunea duen egitura sortzen dute. Hutsunea DNA katez “jantzia” dagoen urrezko nanopartikula batek betetzen du. Guztia nahastuz, berotu eta epelduz, nanolorea (DNA Origami+ nanopartikula egitura) auto-antolatzen da. b) Nanolorearen petaloen kokapenek, simetria desberdineko nanolore sareak sortzen dituzte.

Materiaren behetik-gorako auto-antolakuntza posible da DNA molekula itsaskor eta programagarria delako. Nanoegituren garraioa eta higidura kontrolatzea nanoteknologian beste erronka zientifiko garrantzitsua da. Naturak motore molekularrak erabiltzen ditu higidura sortzeko. Adibidez, miosina gure gihar-zeluletan dagoen motore molekularra da eta aktinarekin batera gihar-uzkurdura eragiten du ATP molekulak erregai bezala erabilita. Horrela, gaur gosaldu duzun sagarra motore molekularrei esker web orri honetan klik egiteko beharrezko erregai kimikoa higiduran transformatu da. Materia aktiboa erregaia kontsumituz orekatik kanpo mantentzen diren material mugikorrak dira.

4. irudia: a) Janus partikulak katalitikoki aktiboak dira esferaerdi batean soilik. Urrezko nanopartikula platinozko gainazal katalitikoa du. Erregai kimikoan murgiltzean (hidrogeno peroxidoa kasu honetan) zuziriak bezala higitzen dira b) Monolito itxurako DNA Origamia partikula katalitikoei lotua.

Posible da konplexutasun antzeko egitura higikorrak laborategian sintetizatzea? DNA nano eraikuntza materiala izateaz gain, ingurune aktibo eta dinamikoak sortzeko erabili daiteke. EKAIA artikulu honetan, Ibon Santiagok DNA Origami egiturak nanopartikula katalitikoekin lotuz, nano-zuziriak bezalako egiturak aurkezten ditu (Irudia 3). Erregai kimikoak kontsumituz, difusioa baino azkarragoak diren higidura sortzen duten egiturak azaltzen ditu, bai DNA Origami teknikarekin baita DNAz osaturiko uhin kimikoekin. Lan honetako emaitzek lehenengo aldiz lotzen dituzte DNAren nanoteknologiaren erremintak eta materiak aktiboaren fisika, mugitzeko gai diren nano-egituren auto-antolaketa ikertuz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: DNAren nanoteknologia eta materia aktiboaren auto-antolakuntza.
  • Laburpena: DNA material bikaina da nano-egiturak eraikitzeko. Garrantzi genetikoaz gaindi, azido nukleikoak nano-teknologiarako eraikuntza material programagarriak dira. «DNA Origami» eta «DNA bricks» (adreiluak) DNA nano-teknologiaren bidez sorturiko adibide nagusiak dira. DNA molekula itsaskorra ere bada, eta base-parekatzeari esker nano-partikulen arteko interakzioa kontrola daiteke, adibidez «DNA nano-loreak» sortuz. Lan honek DNA nano-teknologiaren teknika desberdinak aurkeztu eta materia aktiboarekin lotzen ditu. Materia aktiboa erregaia kontsumituz orekatik kanpo mantentzen diren material mugikorrak dira. Hemen, DNA bidez auto-antolatutako nano-egiturak aurkezten ditugu, nano-motor katalitikoen laguntzarekin higitzen direnak. Ikerketa hau nano-eskalako garraio kontrolatua lortzeko aurrerapausoa da.
  • Egileak: Ibon Santiago.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 9-19
  • DOI: 10.1387/ekaia.19679

————————————————–
Egileez:

Ibon Santiago Erresuma Batuko Oxford Universityko Department of Physicsen dabil.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post DNAren nanoteknologia eta materia aktiboaren auto-antolakuntza appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marteko goiko atmosferaren haizeen mapa osatu dute

mer, 2019/12/18 - 09:00
Juanma Gallego MAVEN zundak eskuratutako datuetan abiatuta, NASAko ikertzaileek Marteko goiko atmosferan izaten diren haizeen norabidea eta indarra zehazteko modua izan dute. Lurrarenak baino sinpleagoak direla ikusi dute, eta egonkorragoak.

Espazioaren esplorazioari buruz ari garenean, askotan suposatutzat ematen dugu goi mailako teknologiez eta protokolo zuhurrez betetako mundua dela, eta hala da gehienetan. Baina hasiera-hasieratik ezustekoek eta azken orduko aldaketek ere berebiziko garrantzia izan dute, eta horrela eskuratu dira lorpen garrantzitsu batzuk. Adibidez, 1990an Carl Saganek NASAko arduradunak konbentzitu zituen Vogager I zunda Lurrari begira jartzeko, eta modu horretan Pale blue dot izenez ezagutzen den Lurraren argazkia lortu zen. Zientziaren interes hutsetik begiratuta, zundaren mugimendu horrek ez zuen apenas baliorik izan, baina irudi horrek Gizaterian eragindako eragin positiboa seguruenera zundak eskuratutako datu askorenak baino handiagoa izan da.

1. irudia: MAVEN zundak jarraitutako ibilbidea (zuriz) eta ondorioztatutako haizeak (urdinez), ordenagailu bidezko irudikapen batean. Marra gorriek neurtutako haizeen norabidea eta indarra erakusten dute. (Irudia: NASA Goddard/MAVEN/SVS/Greg Shirah)

2014. urtetik Marte orbitatzen duen MAVEN zundaren kasua da ere. Mars Atmosphere and Volatile Evolution edo Marteko Atmosferaren eta Lurrunkorren Bilakaera esaldiaren akronimoa da MAVEN, eta ez da planeta gorriaren atmosfera ikertu duen zunda bakarra. Mars Global Surveyor, Mars Odyssey eta Mars Recoinnaissance Orbiter zunden bitartez ere datu garrantzitsuak eskuratu dira eremu horri buruz; baina, beti ere, datu horiek mugatuak izan dira.

MAVEN zundaren barruan hainbat tresna daude, eta horietako bat NGIMS izeneko espektrometroa da. Bada, 2016ko apirilean Mehdi Benna NASAko zientzialariari bururatu zitzaion tresna hori egokitzeko aukera. Bennaren ustez, haizearen jarioak aztertzeko aukera ematen zuen espektrometroaren birprogramatzeak, tresnak 8 graduko angelu batean mugitzeko aukera duelako. Esan beharrik ez dago hasiera batean zundaren arduradunak zuhur azaldu zirela horrelako aukera baten aurrean, baina azkenean hori egiten ausartu ziren. Eskerrak.

Zunda behin eta berriz murgildu da goiko atmosferan, 140-240 kilometro arteko altueran. Espektrometroan moldaketa hori eginda, 30 segundoko tartean atmosferaren bi puntu hurbiletan neurketak egiteko moduan egon dira. 2016tik 2018ra, hilabetean bitan egin dituzte neurketak. Zeharka bada ere, ikertzaileek aukera izan dute haizearen abiadura eta norabidea ondorioztatzeko, berez espektrometroa horretarako bideratuta ez zegoen arren. Hala, anemometro bihurtutako tresna horren bitartez, zientzialariek eskuratu ahal izan dituzte Marteko atmosferan dauden haizeen inguruko xehetasunak. Science aldizkarian aurkeztu dituzte emaitzak.

2. irudia: Orografiak Marteko haizeetan duen eraginaren irudi eskematikoa. Haizeak eragiten dituen grabitate-uhinak neurtuta, lurrazalean dauden mendiak eta haranak hautemateko gai izan da MAVEN. (Irudia: NASA Goddard/MAVEN/CI Lab/Jonathan North)

Lurrean bezala, termosfera eta ionosfera dira goiko atmosferan dauden geruzak, eta bertan ere nagusiki bi faktorek baldintzatzen dute eremua: Eguzkitik datorren energia eta beheko atmosferatik datorrena. Desberdinak izanda ere, Lurraren eta Marteren atmosferek badute antzekotasunik, eta horregatik hasieratik ikertzaileen xedeetako bat izan da Lurreko atmosfera hobeto ulertzea.

Oroitu beharra dago MAVEN misioaren bitartez ere argitu nahi izan dutela zergatik galdu zen Marteko atmosfera gehiena. Hein handi batean, MAVENi esker orain badakigu eguzki-haizea dela galera horren zio nagusiena. Eragin hori are handiagoa izan da Martek erradiazio horretatik babesteko eremu magnetiko indartsurik ez duelako.

Zirkulazio globala

Gaiari buruz aurreikusitako ereduak berretsi dituzte, Bennak berak prentsa ohar batean azaldu duenez. “Interesgarria izan zen ikustea goiko atmosferan behatutako joerek orokorrean bat egiten dutela ereduetatik aurreikus daitekeenarekin. Fisika badabil”, adierazi du. Atera duten ondorio nagusiena da Marteko zirkulazio-patroiak Lurrarenak baino sinpleagoak direla, goiko atmosferan bederen, eta ez direla asko aldatzen sasoi bakoitzaren arabera.

Bestalde, ikusi dute oso altuera handian egon arren, hein handi batean lurrazaleko orografiak ere baldintzatzen dituela goizko atmosferako haizeen norabideak. Horrela, 200 inguru kilometrora dauden haize horiek Marteko mendien, arroila edota haranen araberakoak dira ere. Ondorio hori ateratzeko haizeek sortutako grabitate-uhinak aztertu dituzte [ez nahastu grabitazio-uhinekin]. Ikertzaileek azpimarratu dute Lurrean ere orografiak eragin handia duela haizeetan, baina hemen ez dela iristen hain altuera handietara.

Hartu duten ezusteko nagusiena izan da denbora gutxian oso aldagarriak direla haize horiek. Izan ere, epe luzera nahiko egonkorrak izan arren, epe motzean dinamika handiagoa dago, eta orain arte eredu teorikoek espero zutena baino aldagarritasun gehiago topatu dute. Hori zergatik gertatzen den argitu nahi dute orain. Zientzian gertatu ohi den moduan, ate bat irekitzen den aldiro galdera berriak azaltzen dira zirrikitu guztietatik. Baita haize indartsuak ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

Benna et al., (2019). Global circulation of Mars’ upper atmosphere. Science, 366 (6471), 1363-1366. DOI: 10.1126/science.aax1553.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Marteko goiko atmosferaren haizeen mapa osatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (eta II)

mar, 2019/12/17 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Kimika kontakizunen bidez ere azal daitekeenez, Zientzia Kaieran karbono atomo baten jarraipena egiten ari gara. Artikulu bikoitz honen lehen atalean upeltegi batean dagoen lagun baten hatsaren karbono dioxido molekularekin hasi genuen bidaia. Karbono dioxidoa mahatsondo baten hostora hurbildu zen eta, hortik, fotosintesiaren ondorioz mahats ale baten glukosa molekulan eraldatu zen. Hortxe utzi genuen Kaierako molekula bidaiaria.

1. irudia: Glukosaren hartziduraz etanola lortzen da. (Argazkia: PhotoMIX – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)

Mahatsetik ardo botilara

Ardoa hiru etapatan egiten da. Lehendabizi mahatsak zanpatzen dira zukua lortzeko. Ondoren, zukuaren hartzidura alkoholikoa eta malolaktikoa gertatzen da -bigarrena ez kasu guztietan- eta, azkenik, ardoaren heltzea dator. Lehen pausoan, glukosa molekula bidaiaria mahatsean dago, beste hainbat konposaturekin batera. Gutxi gorabehera, mahatsak dituen osagaien %20-30 azukreak dira -nagusiki fruktosa eta, esan bezala, glukosa-. Azidoak ere badituzte: azido malikoa, zitrikoa eta tartarikoa dira ugarienak. Taninoen ondorioz zapore lehorgarria dute eta koloreak, aldiz, hainbat pigmentutan dauka azalpena -horien artean antozianinak eta flabonoleak-.

Mahatsak zanpatzean ardo bihurtuko den zukua lortzen da. Ardo zurien kasuan, ateratako muztioa mahats azalekin kontaktuan uzten da ordu batzuk, baina gero banatu egiten da. Ardo gorriaren eta beltzaren kasuan, azalak muztioarekin batera mantentzen dira hartziduran zehar. Hartzidura legamien elikatzeko beharraren ondorioa da eta, etanola, prozesu horren azpiproduktua. Ardoaren hartzidura kupel handietan egin ohi da eta Saccharomyces cerevisiae legamiak egiten du. Legamiek, oxigeno gutxiko ingurunean, hartzidura alkoholikoaren bitartez lortzen dute energia. Azukreak metabolizatzen dituzte eta haiei energia kentzearekin batera, etanola ekoizten dute. Etanolak, gainera, defentsa-mekanismo moduan egiten du lan; izan ere, bakterioak hil egiten dira etanola duen ingurunean. Legamiak, aldiz, %20ko kontzentrazioa jasaten du.

2. irudia: Etanola ekoiztea legamien defentsa-mekanismoa da, gure onurarako erabiltzen duguna. (Argazkia: Grace Chang – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)

Etanolaren toxikotasuna da, azken batean, ardoa edatean gertatzen zaizkigun asalduren erantzulea. Bada, glukosa molekula bidaiaria legamiaren metabolismoan sartzean, etanol bihurtuta ateratzen da beste milioika molekulekin batera. Horrekin batera, legamiek ardoaren ezaugarriak hobetzen dituzten konposatu usaintsuak sintetizatzen dituzte, esaterako, kate luzeko alkoholak eta esterrak. Muztioa eta mahatsaren beste osagai solidoak hartzitzen egongo dira 2-3 astez ardo beltzen kasuan eta 4-6 astez ardo zurien kasuan. Tenperatura ere ondo zaindu beharreko parametroa da; izan ere, tenperatuta altuagoan hartzidura azkarrago gertatzen da tenperatura baxuan baino. Tenperatura zenbat eta baxuagoa izan eta hartzidura denbora zenbat eta gehiago luzatu, molekula aromatiko gehiago izango ditu ardoak.

Muztioaren azukre guztia -edo ia- etanol bihurtu denean, hartzidura nagusia amaitutzat jotzen da. Azukrerik ez duen ardoari lehorra deritzo, baina, azukrea mantentzen duten ardoak ere badira –hartzidura lehenago moztu delako edo azukredun muztioa gehitu delako-. Hartzidura alkoholikoa amaitzean bigarren hartzidura gertatzen da: hartzidura malolaktikoa. Hartzidura hori Leuconostoc oenos bakterioak egiten du eta muztioak duen azido malikoa azido laktiko bihurtzea du helburu. Hartzidura malolaktikoaren eraginez ardoaren azidotasuna murrizten da eta konposatu usaintsu berriak sintetizatzen dira.

Azken pausoan, ardoa ontziz aldatzen da mahatsaren partikula solidoak eta legamia kentzeko. Horretarako partikulak hauspeatzen uzten dira eta ontzi aldaketan hauspeakina likidotik banatzen da. Prozesua behin eta berriz errepikatzen da partikula solidoen gehiengoa kendu arte, baina, ardotan murgilduta jarraitzen du karbono dioxido eta glukosa izandako etanol bidaiariak, beste milaka konposaturekin batera dantzan. Jarraian, ardoak 6 hilabetetik gora pasatzen ditu upelean heltzen -ardo motaren arabera epe hauek asko alda daitezke-. Ondoren, gasen trukaketa ahalbidetuko duen kortxo egokiarekin, ardoak botilatu egiten dira eta urtebetez -ardo zurien eta gorrien kasuan- edo bi urtez -zenbait ardo beltzen kasuan- haien ezaugarriak hobetzen jarraituko dute. Ardo beltz batzuk hamarkadatan zehar egon daitezke botilatuta ezaugarriak hobetzen baina, oro har, ardo guztien bizitzak muga bat du eta kalitatea galtzen hasiko dira uneren batean. Horregatik, lehenbailehen edatea hobe.

Botilatik gibelera

Etanol molekula bidaiaria denbora luzez egon da ardo beltz botilan gordeta, likidoetan gertatzen den higidura browndarraren eraginez alde batetik bestera mugitzen. Une batean, botila ireki da eta koparantz atera da ardo deritzon nahaste heterogeneoarekin batera. Ardoa kopan dagoenean milaka konposatu usaintsu gas fasera pasatzen hasi dira. Sudur hobietatik barrura, usain-hartzaileekin lotzen dira eta sagar, udare, anana, arrosa, belar, egur eta abarreko usainak gogorarazten dituzte. Ester etilikoek, azetato esterrek, alkohol konplexuek eta beste hainbat molekula dira usain berezi horien erantzuleak.

Ardoa edatearekin batera, etanola organismoan sartu eta haren metabolismo prozesuetan barneratzen da. Organismoak hainbat erreakzio eginez deskonposatzen du etanola; izan ere, gorputzarentzat toxikoa da eta lehenbailehen murriztu behar da bere kontzentrazioa. Transformazio hori nagusiki urdailean eta gibelean gertatzen da. Oro har, etanolak 30-60 minuturen buruan izaten du kontzentrazio maximoa odolean eta hortik zelula guztietara sakabanatzen da fluidoen bitartez. Lehen pausoan, alkohol deshidrogenasa entzimak etanola azetaldehido bihurtzen du -konposatu hori da, hain zuzen ere, ajearen ondorioen erantzule nagusia-. Jarraian, azetaldehidoa azetato bihurtzen du beste entzima batek -alkohol deshidrogenasak-, toxikotasun baxuagoa duen azetatoa lortuz. Azkenik, airearen karbono dioxidoa, mahatsaren glukosa, ardoaren etanola eta gibeleko azetaldehidoa izandako azetato molekula bidaiaria gibelean eta beste ehunetan oxidatzen da, karbono dioxidoa eta ura emanez. Arnasketaren bidez karbono dioxidoa atmosferara kanporatzen da eta hortxe dugu zikloaren itxiera. Karbono dioxidotik karbono dioxidora, mahatsetik, ardotik eta giza-organismotik pasata.

Atomo bakarrari -hasierako karbono dioxidoaren karbonoari- jarraipena eginez, puntu berera iritsi gara, baina, beste milaka atomo beste bide batzuk egitera egin dute ihes. Karbono horrentzat ere ez da bidaiaren amaiera; izan ere, beste milaka lekutan egongo da oraindik atomo hori. Guzti horretan pentsatuz upeltegiaren kanpoan dauden mahastiei begira geratu da eta, lasaitasunez, arnasa hartu du. Edandako ardo onarekin gozatu ondoren upeltegira sartu da.

Informazio gehiago:

La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Mahatsari buruzko artikulu-sorta:

  1. Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (I)
  2. Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (II)

The post Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Giza garunak denbora behar du garatzeko

lun, 2019/12/16 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Giza bereizgarrietako bat da, tamaina handiko buruarekin jaiotzea eta, hala ere, entzefaloa guztiz hazi eta garatzeko denbora behar izatea. Bi urterekin, gehieneko bolumenaren % 85era iristen da, alegia, hazten jarraituko du. Bestalde, ez dira eremu guztiak batera hazi eta garatzen. Garun azala, kanpoalderen dagoen alderdia, heltzen azkena da. Eta prozesu horretan, substantzia grisaren eta substantzia zuriaren proportzioak aldatu egiten dira.

Substantzia grisak hainbat elementu hartzen ditu barnean: neurona gorputzak eta horien dendritak –luzakin adarkatuak, zeinen bidez neurona batek beste baten seinaleak jasotzen baititu–; gliako zelulak, aurrekoen euskarri eta babes direnak (alabaina, gliaren funtzioak ezagutzeko, ikus [1]); odol kapilarrak, neuronei eta glia zelulei behar dituzten oxigenoa eta mantenugaiak ematen dizkietenak; eta neuronarteko konexioak, alegia, sinapsiak. Substantzia grisa garunaren eta zerebeloaren azalean banatzen da, bai eta entzefaloaren barnean oso sakon dauden egitura askotan ere. Substantzia zuri esaten diegu neuronen axoiei; substantzia lipidiko batez (mielina) gainestalita daude. Axoi bat hodi formako luzakin bat da, nerbio seinaleak eroaten dituena nagusiki neurona gorputz batetik aparte samar dagoen beste batera, edota muskulu zeluletara. Axoia estaltzen duen mielina zorroa isolatzailea da; hala, nerbio pultsuak lasterrago eta modu efikazean transmititzen dira.

Irudia: Gizakiok, beste animalia batzuekin alderatuz, tamaina handiko buruarekin jaiotzen gara, hala ere, entzefaloa guztiz hazi eta garatu arte denbora tarte bat behar izaten da. (Ilustrazioa: srossign / Pixabay)

Garun azalaren eskualde batzuetako substantzia grisaren bolumena 10 urterekin iristen da gehieneko garapenera. Hazkundea neuronarteko konexioak ugaritzearen isla da, eta ugaritzea, esperientziaren, trebakuntzaren eta ikaskuntzaren ondorio. Urte horietan guztietan, jarduera entzefalikoa hain da bizia, organismoak atsedenean kontsumitzen duen energiaren % 60 ere gastatu baitezake, eta eguneko energia premia osoaren ia erdia. Energia kontsumo horri egozten dio zenbaitek gorputzaren hazkundea hain motela izatea haurtzaroan, eta denbora behar izatea.

Hamaika edo hamabi urte bete ondotik, gauzak bestela dira. Garun azaleko substantzia grisaren lodiera argaltzen hasten da, baita nabarmen argaldu ere nerabezaroan. Alderdi batzuetan, murrizketa % 17koa ere izaten da prozesuaren amaieran, 15 urte geroago. Kontua da, konexio sinaptikoen parte bat, hein batean, «kimatu» egiten dela, neurozientzialarien hizkeran esanda. Kimaketan, erabiltzen ez diren edo gutxi erabiltzen diren konexioak ezabatzen dira, erabilienei eutsita. Aldi berean, substantzia zuriaren tamaina handitu egiten da. Alegia, axoi seinale eroaleak lodiagoak dira, eta estaldura zabalagoa dute, mielina geruza lipidikoari esker. Axoiak lodituta eta mielinizazioa areagotuta, nerbio pultsuak lasterrago eta modu efikazagoan transmititzen dira; beraz, efizienteagoa da komunikazioa garun azalaren eta gainerako eremu entzefalikoen artean. Hitz bitan esanda: garunak hobeto funtzionatzen du.

Garun azala heltzeko denbora behar da; ondorioz, nerabezaroa aldi zaila izaten da. Alabaina, aro horretan ikasten du giza adimenak zer-nola jokatu helduaroko gizarte ingurune konplexuan. Nerabezaroa, beraz, ikaskuntza horren truke ordaintzen den prezioa genuke.

[1] Xurxo Mariño erabiltzaileak (@xurxomar) diostanez, mende hasieratik kontsideratu da glia (zehazki, astrozitoak) neurona jarduera doitzeko funtsezko elementu. Horrenbestez, praktikan, egungoak halako bi lirateke NSZren barnean geneuzkakeen konputazio elementuak. Alegia, sinapsi askotan, hiru elementu daude: neurona presinaptikoa, post-sinaptikoa eta glia. Neurotransmisore neuronalak glia zelularen jarduera aldatu dezake, eta azken horrek, berriz, orain gutxiz geroztik gliotransmisore deitzen direnak ekoizten ditu, neurotransmisoreen analogiaz, eta horiek doitzen dute funtzio neuronala. Eta esteka hau eta beste hau eskaini dizkit. Eskerrik asko, Xurxo!

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra:

Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zatia da hau. Hauek dira sortako artikuluak:

  1. Nerabezaroko desoreka
  2. Norbere identitatearen bila
  3. Giza garunak denbora behar du garatzeko

Iturri nagusiak (hiru artikuluenak):

  • Blakemore, Sarah-Jayne (2018). Inventing Ourselves: The Secret Life of the Teenage Brain. Doubleday. London: Penguin Books. (espainieraz, La invención de uno mismo: La vida secreta del cerebro adolescente, 2018, Ariel)
  • Hainbat egile (2018): Collection – Adolescence. Coming of age: the emerging science of adolescence. Nature.
  • Mas, Salguero, María José (2018): La aventura de tu cerebro. Pamplona: Next Door Publishers.
  • Sapolsky, Robert (2017): Behave. London: Penguin Books. (espainieraz, Compórtate, 2018, Capitán Swing)

The post Giza garunak denbora behar du garatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #281

dim, 2019/12/15 - 09:00
Uxue Razkin

Neurologia

Artikulu honen bidez jakin dugu haurrek helduek baino gehiago sufritzen dutela talde batetik kanpo geratzeagatik. Helduen kasuan, hasieran, minaren, haserrearen eta atsekabearen pertzepzioarekin lotura duten entzefalo eremuak aktibatzen dira baina gero bazterketari garrantzia kentzen dion kortexeko eremu bat aktibatzen da. Nerabeen kasuan, ordea, eremu hori ez da ia aktibatzen, baina aurrekoak, haurretan eta helduetan baino areago. Bereziki adin honetan, garrantzia handia ematen diote laguntasunari ere.

Teknologia

3Dko plastikozko untxi bat inprimatu dute ikertzaile batzuek, untxia egiteko informazioa DNA sintetikoan kodetuta eta materialean txertatuta duena. DNA hori silizezko partikulatan sartu dute, eta partikula horiek poliester termoplastiko batean txertatu. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, lan honetan, memoria aldaezina duten materialak ekoizteko modu bat proposatu dute.

Kimika

Atomoen bizitza zirraragarriari buruz mintzatu zaigu oraingoan Josu Lopez-Gazpio kimikaria, tartean ardoaren elaborazioa azalduz. Pertsona batek ardoa dastatzen duen momentuan hasten da kontakizun hau, ondoren gure organismoan gertatzen diren zenbait prozesu aipatuz. Adibidez, ardoa edaten dugunean, etanola gutxika nerbio-sistemako zelulen mintzetara sartzen da eta aldaketak nabaritzen hasten dira. Ziur asko denok ezagutzen ditugu edo sufritu ditugu behin edo behin horiek: deshidratazioa, sistema endokrino eta kardiobaskularraren asaldura, besteak beste. Badakizue zergatik daukan alkohola ardoak? Bidaia hau amaitzeko, jo ezazue artikulura! Ez galdu!

Biokimika

Txerri izurri afrikarraren kariaz, milioika txerri hiltzen dituzte urtero. Kasu horietan, txertorik ez dagoenez, kutsatutako txerriak isolatzen eta hiltzen dituzte. Arazo handia bihurtzen ari da, batez ere, Txinan, Vietnamen eta Hego Korean. Birusari aurre egiteko, baina, Derioko CIC Bioguneko ikerketa talde batek aurrerapauso handia eman du: birusaren hiru dimentsioko egitura argitu du. Berrian irakur daiteke informazio guztia.

Genetika

UPV/EHUko Biomics taldeak ikertu du euskaldunen artean oso zabalduta dagoen Y kromosoma bereizgarri bat, DF27. Hori ohikoa da Latinoamerikako bost herrialdetako herritar mestizoetan ere. Datuen arabera, DF27ren maiztasuna %30 ingurukoa edo %30etik gorakoa da Kolonbiako, Panamako, Nikaraguako, El Salvadorko eta Guatemalako herritar mestizoetan. Emaitzak bat datoz euskaldunek Amerikaren kolonizazio garaian izan zuten protagonismoarekin. Irakur ezazu osorik Berriako artikulua euskaldunek munduan utzitako arrastoa ezagutzeko!

UPV/EHUko DNA bankuan zientzialariek haien ikerketetarako behar dituzten DNA laginak aurkitzen dira. Gasteizen dago kokatuta eta SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek kudeatzen dute. Maite Alvarez biokimikaria arduratzen da bankua zaintzeaz eta kudeatzeaz. Leku honen erraiak ezagutu nahi? Ez galdu artikulu hau, bankuko zoko-moko guztiak ezagutuko dituzu eta bertan gauzatzen diren ikerketen berri izango duzu.

Geologia

Planetaren oxigenazio-prozesuaren atzean zianobakterioak zeuden. Hala ondorioztatu du behintzat Leedseko Unibertsitate ingelesaren eredu berriak, hau da, zianobakterioa fotosintetikoen garapen hutsa dago planetaren oxigenazioaren atzean, kolokan jarriz iraultza tektoniko zein biologikoa. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, Lurraren oxigenazio-prozesua, lineala izan beharrean, hiru urrats nagusitan gauzatu zela.

Biologia

Animalien etxekotze-sindromea ezeztatu dute berriki AEBtako eta Britainia Handiko ikertzaileek. Haiek argi dute: otzantzeak itxura fisikoa aldatzea dakarrela azaltzen duten hipotesiek ez dute froga nahikorik. Egindako ikerketan, azeri zilarkararen esperimentuari jarri diote arreta. Hain zuzen, animalia basatiak etxekotzean itxura aldatzen duten adibidetzat hartzen da. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak!

CO2az elikatzeko gai den Escherichia coli bakterioaren aldaera bat garatzea lortu dute Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileek. Testuan azaltzen digutenez, E. Coli bakterioa azukre zalea da: glukosatik eskuratzen ditu energia-gordailu gisa erabiliko duen adenosina trifosfatoa lortzeko beharrezkoak dituen elektroiak. CO2a, berriz, iraizte gisa kanporatzen du. Orain, horri buelta eman diote bi estrategia erabiliz: ingeniaritza genetikoa eta eboluzio bideratua.

Osasuna

Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak garrantzi handikoak dira gizakiaren osasunerako. Besteak beste, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) eraginkorrak dira zenbait gaixotasun ekiditeko: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, endekapenezko gaixotasun mentalak, hesteetako hantura-prozesuak edota artritis erreumatoidea, esaterako. Arazoa da gaur egun gantz-azido aseen kontsumoa zeharo hazi dela, eta lipido onuragarrien kontsumoa, berriz, jaitsi egin dela. Artikuluan informazio gehiago.

Emakumeak zientzian

Europako Gastroenterologia Elkarteak (UEG) berriki banatu ditu Rising Star Award sariak ikertzaile gazte nabarmenen artean. Sari horietako bat jaso du Matxus Perugorria Montiel onkologia-ikertzaileak. Biologia eta Biokimikako ikasketak egin zituen eta bere tesiak gaixotasun hepatiko kronikoak izan zituen ardatz, baina batez ere hepatokartzinoma arloan murgildu zen. Newcastlera joan zen (Ingalaterra) hori ikertzeko eta eta han bertan egin zuen doktoretza ondorengoa, batez ere fibrosi hepatikoan. Horren ondotik, Euskal Herrira itzuli zen Ikerbasque beka bati esker. Perugorriaren esanetan, Euskal Herrian ikerketa ona egiten da: “Joera dugu pentsatzeko kanpoko ikerketa-maila hobea dela, baina, nire iritziz, hori ez da horrela”.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #281 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #288

sam, 2019/12/14 - 09:00

Unibertsoa laua zela adostu genuen, ezta? Eta ez bada? Eleonora Di Valentinoren Shape of the universe: could it be curved, not flat?

Ez litzateke zoragarria izango gure organismoko kaltetutako zelulak eta zelula zaharrak akabatuko lituzkeen farmakoa izatea eta zahartzaroan bizi-kalitate hobea lortu? Ez da ametsa, horrelako farmakoak existitzen dira. Mota honetako konposatuen familia berri baten aurkikuntzan parte hartu dute Pilar Picallos-Rabinak eta Manuel Colladok: Cardiac glycosides are a novel family of senolytic compounds.

Kimika apur bat ikasi duen edonork emtzun du aromatizitatearen kontzeptua, bentzenoei eta antzeko eraztunei lotuta. Funtsezko egoerako aromatizitateaz hitz egiten dela da esan ohi ez dena, egoera kitzikatuan ere existitzen den arren. DIPC-k Excited-state aromaticity

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #288 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Matxus Perugorria, onkologia-ikertzailea: “Hemen punta-puntako eta ikerketa egiten da”

ven, 2019/12/13 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Europako Gastroenterologia Elkarteak (UEG) ikertzaile gazte nabarmenei ematen dizkien sarietako bat lortu du Matxus Perugorria Montielek. Rising Star Award izena dute sari horiek, eta bultzada handia ematen diete eskuratzen duten gazteei. Hala onartu du Perugorriak: “Ez dute dirurik ematen, baina bada egiten duzun lanari aitortza bat. Gustura hartzen da, nola ez”.

Lan asko eginda eta bide zuzenetik iritsi da horra. Biologia eta Biokimikako ikasketak egin zituen Iruñean, eta tesia egitea erabaki zuen. “Karmen Berasain Lasarte ikertzaileak aukera eman zidan tesia bere sailean egiteko. Gaixotasun hepatiko kronikoen arloan egin nuen, batez ere hepatokartzinoman”.

Zirrosian parte hartzen duten zelula batzuekin lanean hasi zen, zelula hepatiko estelarrekin, horiek baitira kolageno-kantitaterik handiena sortzen dutena. “Hepatokartzinomen % 80 gibel zirrotikoetan sortzen dira”, azaldu du Perugorriak. Haiek ikertzeko, Newcastlera joan zen (Ingalaterra), hiru urtez, eta han egin zuen doktoretza ondorengoa, batez ere fibrosi hepatikoan.

Irudia: Matxus Perugorria Montiel, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea.

Ikerbasque beka bati esker itzuli zen Euskal Herrira, Biodonostiara, hain zuzen: “Horrek eman zidan aukera onena egonkortzeko. Oraindik ez nago guztiz egonkortuta, baina beka horiek bost urtekoak dira, eta haien helburua da ikertzaileak Euskadin geratzea”. Horrez gain, Ramón y Cajal beka ere lortu du, Biomedikuntzan, eta orain unibertsitatean sartu da, egonkortzeko xedearekin.

Oztopoen gainetik

Izan ere, horixe da ikertzaile asko eta askoren arazo handienetako bat: prekarietatea. “Ez dugu inolako ziurtasunik lanean jarraitzeko, eta horrek buruhauste eta kezka handiak sortzen dizkigu. Beti gabiltza bekak eskatzen, eta oso gogorra da, presio eta lehia izugarriak baitaude”. Hala ere, gauza batzuk ondo egiten direla ere nabarmendu du, eta horren adibide garbitzat jo du Ikerbasqueren lana: “Apustua egin du puntako ikertzaileak hona etor daitezen eta hemen gera daitezen ikertzen, eta uste dut hori dela bidea”.

Hepatokartzinomaz gain, gibelean beste minbizi-mota bat ere badagoela azaldu du, kolangiokartzinoma edo behazun-hodien sortzen den tumorea. Orain hor ere badabil lanean, eta kolangiokartzinoman bere taldeak egiten duen ikerketa nabarmentzea lortu dute, Europan sare bat sortu baitute: “Lehen biltzarra Donostian egin zen, eta kolangiokartzinoman proiektu europar handiak lortu ditugu”, adierazi du.

Nolabait, Perugorriaren ibilbideak erakusten du puntako ikerketa egiteko ez dela nahitaezkoa atzerrira joatea. Haren esanean, “joera dugu pentsatzeko kanpoko ikerketa-maila hobea dela, baina, nire iritziz, hori ez da horrela. Hemen punta-puntako eta ikerketa ona egiten da”.

Emakumeak zientzian

Bestalde, Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua (RRI) aipatu du Perugorriak: “Europako Batasunak bultzatuta, generoaren inguruan lan handia egiten ari dira, eta hemen ere ari gara. Azken finean, ikusten ari dira emakumezkoak ez direla goiko postuetara iristen, batez ere bidean utzi egiten dutelako, adibidez, amatasunagatik. Hortaz, orain ekimenak daude amatasuna eta halakoak ez daitezen oztopo izan”, azaldu du.

“Zentzu horretan, berriki UEGk (United European Gastroenterology) antolatutako biltzar batean parte hartu dut, Women in GI izenekoa, eta oso interesgarria izan da. Egon ziren debateak, nola aldatu egoera, eta abar, eta, nire ustez, halako gauzei ere garrantzia eman behar zaie”.

Fitxa biografikoa:

Matxus Perugorria Montiel Beran jaioa da, 1981ean. Iruñean Biologia eta Biokimikako ikasketak egin ondoren, tesia egin zuen, hepatokartzinomaren alorrean. Doktoretza ondorengoa, berriz, Newcastlen egin zuen, Ingalaterran, eta handik Euskal herrira itzuli zen, Ikerbasque beka bati esker. Geroztik, Biodonostian dabil ikertzen, eta duela gutxi Europako Gastroenterologia Elkartearen sari bat irabazi du.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Matxus Perugorria, onkologia-ikertzailea: “Hemen punta-puntako eta ikerketa egiten da” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Omega-3 gantz-azidoak eta osasuna

jeu, 2019/12/12 - 09:00
Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) kasu, garrantzi handikoak dira gizakiaren osasunerako. Haien eraginkortasuna zenbait gaixotasunen tratamenduaren kasuan frogatu da, baita zenbait gaixotasun ekiditeko ere: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, endekapenezko gaixotasun mentalak, hesteetako hantura-prozesuak edota artritis erreumatoidea, esaterako.

Irudia: Omega-3 gantz-azidoen elikagai-iturri nagusia ur hotzeko arrain urdinak dira, arrain oliotsuak esaterako (izokina, hegalaburra, sardinak, antxoa eta abar).

Mota honetako gantz-azidoak zelularen erantzun immunearen modulazioan parte hartzen dute, honek eragindako hantura eta kaltea murriztuz, hanturaren aurkako efektua eta zelularen efektu babeslea dutelarik. Gauzatu diren zenbait ikerketaren arabera, omega-3 gantz azidoetan aberatsa den arrain urdin kontsumo altua duten populazioek, infartu, hipertentsio eta artritis erreumatoide tasa baxuagoak aurkezten dituzte, beste zenbait gaixotasunen artean.

Halaber, omega-3 gantz-azidoen garrantzia ikusi da ikusmenaren eta nerbio sistemaren osasunean eta garapenean. Izan ere, omega-3 gantz-azidoen urritasunak, fetuaren hazkuntzan eta nerbio-sistemaren garapenean, ikusmen-sisteman akatsak, edota atentzio-defizita eragin ditzake. Hortaz, omega-3 gantz-azidoek funtzio garrantzitsuak gauzatzen dituzte edoskitzaroan, haurdunaldian eta haurtzaroan.

Mintz zelularren osagai izateaz gain, funtsezkoak dira nerbio-sisteman neuronen mielinazko zuntzak osatzeko, hots, neuronen arteko komunikaziorako eta baita ikusmen-sistemaren garapen optimorako ere. Gantz-azido hauen beharrak aipatutako une hauetan areagotzen dira bereziki, ehunen hazkuntza eta garapen handiko aldiak baitira. Hori dela eta, omega-3 gantz-azidoak nahitaezko kontsideratzen dira, batetik gizakietan ematen den sintesia mugatua delako, eta bestetik, gaixotasun ezberdinen garapena ekiditeaz gain, organismoan zenbait funtzio gauzatzeko funtsezkoa delako.

Omega-3 gantz-azidoen elikagai-iturri nagusia ur hotzeko arrain urdinak dira, arrain oliotsuak esaterako (izokina, hegalaburra, sardinak, antxoa eta abar), EPA eta DHA kontzentrazio altuak dituzte; hauekin batera, fruitu lehorrak (intxaurrak, arbendolak eta abar), hazi oliotsuak (kuia-haziak, lino-haziak, salbia, soia eta abar) eta landare-olioak (linazi, kanola, koltza eta abar), zeintzuk azido α-linolenikoan (AAL) aberatsak diren eta metabolismoaren bidez EPA eta DHA bilaka daitekeen. Oinarrizko dieta mediterranearra AALan nahiko aberatsa da, dietan barneratutako zenbait elikagaitan ugaria baita: lekaleetan bereziki (babarrunak, dilistak, garbantzuak eta abar), fruitu lehorretan eta hosto berdeko barazkietan (espinakak, zerba, azalorea eta abar). Elikagai horietan dagoen gantz totalaren kopurua baxua bada ere, nahiko aberatsak dira AALan eta maiz hartzen diren elikagaiak direnez, omega-3 gantz-azidoen ekarpena nabaria izan dadin laguntzen dute.

Gaur egungo dieta mediterranearra ostera, omega-6 gantz-azidoetan aberatsa da, eta omega-3 gantz-azidoetan baxua. Era honetan, populazioaren atal handi batek omega-3 gantz-azidoekiko gabezia aurkezten du. Komenigarria litzateke hortaz, omega-3 gantz-azidoetan aberatsa den arrain urdin kontsumoa areagotzea, omega-6 gantz-azidoen kontsumoa murriztea, eta baita omega-6/omega-3 gantz-azidoen artean gaur egungo dietan dagoen ratio altua jaistea ere; garrantzitsua da oso omega-3 gantz-azidoetan aberatsa den arrain urdinaren kontsumoa sustatzea ere (2-3 ano/astean, dieta orekatu baten barne).

Dena dela, omega-3 gantz-azidoen beharrak, pertsonaren egoera fisiologikoaren eta adinaren araberakoak izango dira. Amaitzeko, aipatu beharra dago, elikaduraren unitate funtzionala dieta dela; beraz, ez dira elikagai isolatuak izango gaixotasunen garapena saihestuko dutenak, dieta bere osotasunean baizik, bestelako faktore eta bizi-ohitura osasuntsuekin batera.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Omega-3 gantz-azidoak eta osasuna.
  • Laburpena: Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) kasurako, kantitate handitan aurkitzen dira arrain koipetsuetan eta haietatik eratorritako arrain-olioan, zeina elikadura-osagarri gisa erabiltzen den (nutrazeutiko gisa, alegia). EPA zein DHA mintz zelularren fosfolipidoei gehitzen zaizkio, non lipooxigenasa eta ziklooxigenasa entzimen bidez jaria dai- tezkeen, eta zelula babesten duten hanturen kontrako produktuak eratu. Hainbat ikerketaren arabera, EPA eta DHA kontsumitzea baliagarria da zenbait gaixotasun ekiditeko edota haien tratamendurako, hantura-prozesuak eragindako gaixotasunetan bereziki. Hain zuzen ere, EPA eta DHAk hanturaren kontrako propietateak dituzte, bai erresolbina gisako hanturaren kontrako eragileak ekoiztuz, edota hantura eragileak blokeatuz. Ebidentzia zientifiko honen arabera, kate luzeko omega-3 gantz-azidoek zenbait aplikazio izan patologia kliniko edo nutrizional ezberdinen tratamenduan nahiz edota prebentzioan. Alabaina, gaur egun gantz-azido aseen kontsumoa zeharo hazi da, eta lipido onuragarrien kontsumoa, berriz, jaitsi egin da; era honetan, populazioaren atal handi batek omega-3 gantz-azidoen gabezia aurkezten du. Frogatu da egoera honek eragin handia duela endekapenezko gaixotasunen garapenean esaterako, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, hantura-prozesuak eta bereziki ikusmenaren eta nerbio sistema zentralaren osasunean eta garapenean, non DHA kontzentrazio handiak dauden.
  • Egileak: Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 29-40
  • DOI: 10.1387/ekaia.18495

————————————————–
Egileez:

Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza. Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo, gainera, Instituto de Salud Carlos III-n ere dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Omega-3 gantz-azidoak eta osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Karbono dioxidoa jateko gai den bakterioa lortu dute laborategian

mer, 2019/12/11 - 09:00
Juanma Gallego Ingeniaritza genetikoaren eta bideratutako eboluzioaren tekniken bitartez, azukrea beharrean CO2az elikatzeko gai den Escherichia coli bakterioaren aldaera bat garatzea lortu dute.

Gizakiak etxekotu dituen animaliak. Bat, bi, hiru… erantzun! Txakurra. Behia. Katua. Txerria. Ardia. Erlea. Zaldia. Streptococcus thermophilus. Saccharomyces cerevisiae. Ados bai, teknikoki horietako batzuk ez dira animaliak, bakterioak eta legamiak baizik. Baina elkar ulertzeko moduan gaude, ezta? Orain garrantzitsuena da zera argi izatea: telebista lehiaketa batean horrelako zerbait galdetzen badizute, etxekotutako bizidunen artean mikroorganismoak sartzeko eskubide osoa duzu.

Finean, zibilizazioen hastapenetatik erabili ditugu mikroorganismoak, gure onerako. Duela gutxira arte, jakina, gizakiek ez zekiten gaztaren atzean, jogurtaren atzean edo ardoaren atzean mikrobioak zeudenik… esperientzian oinarritutako bioteknologia zen egiten zena, baina funtsean, bioteknologia zen eta bioteknologia bada gaur egun ere. Horren bitartez, bakterioei eta onddoei jaten ematen diegu, eta haiek sortutako hondakinei probetxua ateratzen diegu. Hemen kontua ez da inori jaia hondatzea, baina tabernan gazta pintxoa eta ardoa eskatzen dituzun hurrengoan, ez ahaztu funtsean mikroorganismo-kaka kontsumitzen ari zarela: kaseina eta etanola. Topa!

1. irudia: Karbono dioxidoa beharrezkoa da bizirako, baina ezaguna da neurrigabeko kopuruetan berotegi efektua eragiten duela. Etorkizunean CO2a xurgatzeko gai den bakterioa garatu nahi dute zientzialariek, baina denbora asko falta dela onartu dute. (Argazkia: Alexander Tsang / Unsplash)

Behin jakinda halako prozesuen atzean mikrobioak daudela, bioteknologiak bide berriak urratu ditu. Etxekotutako bizidun ñimiñoak konplexuagoak diren zereginetan jarri ditugu. E. coli bakterioaren kasuan, intsulina eta beste hormona batzuk ekoizteko baliatu dugu, eta kutsatutako eremuetan metal astunak xurgatzeko ere erabiltzen hasiak gara. Orain bakterio hori beste zeregin garrantzitsu batean erabiltzeko bidea ireki da: karbono dioxidoa prozesatzeko ahalmena izateko. Cell aldizkari entzutetsuan modu irekian argitaratutako zientzia artikulu batean eman dituzte lorpenaren inguruko xehetasunak. Bertan azaldu dutenez, CO2a kontsumitzeko gai den Escherichia coli bakterioaren andui bat lortu dute.

Biologia-ikerketetan arras zabalduta dago bakterio honen erabilpena, eredu gisa erabiltzen delarik. Gaur egungo ezagutzekin, bakterio hori eraldatzea nahiko erraza zaie zientzialariei; gainera, azkar hazi eta birsortzen da, eta, modu horretan, aise bideratzen da ere haren “eboluzioa”. Hala izanik, ikertzaileek nabarmendu dute eredu gisa erabiltzen den bakterio baten barne funtzionamendua errotik aldatzeak aurrerapen handia ekar dezakeela. Funtsean, bioteknologian erabiltzen tresna are ahaltsuago bihurtu dute.

Bizidun gehienak bezala, berez, azukre zalea da E. coli: glukosatik eskuratzen ditu energia-gordailu gisa erabiliko duen adenosina trifosfatoa lortzeko beharrezkoak dituen elektroiak. CO2a, berriz, iraizte gisa kanporatzen du. Baina hamarkada batez egoera horri buelta ematen saiatu dira Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileak.

Hori lortzeko, bi estrategia landu dituzte: ingeniaritza genetikoa eta eboluzio bideratua. Lehen teknikaren bitartez, fotosintesia egiteko gai diren organismoetako hainbat gene sartu dizkiote bakterioari. Zehazki, CO2a karbono organiko bihurtzea ahalbidetzen duten bi entzima kodetzen dituzten geneak erabili dituzte. Baina jakina da fotosintesiaren kasuan prozesua abiatzeko energia argiaren bidez lortzen dela. E. coli-aren kasuan, energia iturria formiato molekula (CH2O2) izatea lortu dute. Hori lortzeko, baina, beste gene bat txertatu behar izan dute. Bide hau jarraituta, 2016. urterako lortua zuten karbono dioxidoa kontsumitzeko gai zen andui bat, baina gas hori elikaduraren zati bat baino ez zen: artean batez ere glukosa kontsumitzen zuen.

2. irudia: E. coli bakterioa maiz erabiltzen da laborategietan, eta bakterio-eredu bilakatu da. Ikerketan guztiz hedatuta dagoen organismo batean hain aldaketa handia lortu izanagatik pozik azaldu dira ikertzaileak. (Argazkia: NIH / NIAID)

Ondoren, laborategian bultzatutako eboluzioaren txanda izan da. Urtebete batez hainbat bakterioen belaunaldiak kultibatu dituzte, azukre pixka bat baino ez eskainita, baina CO2 mordoa (atmosferan dagoena halako 250). Mutazioen bitartez, CO2a kontsumitzeko gai ziren lehen bakterioak 200 egunetara agertzen hasi ziren. Une hori mugarri izan zen, teknikoki organismo heterotrofo bat autotrofo bihurtzea lortua zutelako.

Bakterio horien garapena, baina, nahiko geldoa da: gainerako E. coli-ak 20 minututan behin bikoizten badira ere, bakterio berri hauek 18 ordutan behin egiten dute. Ez da arazo bakarra: elikatzerakoan, azukrea egotekotan, azukrea lehenesten dute oraindik. Gainera, karbono dioxido asko behar dute: haientzat prestatutako atmosferaren %10 izan behar da CO2. Gaur egungo atmosferan dagoen CO2 kopuruarekin (%0,041) ez dute aurrera egiteko biderik, azukrea eskura ez badute bederen. Horregatik, zientzialarien oraingo erronketako bat da CO2arekiko tolerantzia hori handitzea, eta birsortze abiadura handitzea.

Atmosferan karbono dioxidoaren kontzentrazioak gorantza doazen honetan, agerikoa da galdera: posible izango litzateke etorkizun hurbil batean horiek erabiltzea gas hori xurgatu eta horren kontzentrazioa gutxitzeko? Teorian, bai; baina ikertzaileek onartu dute oraindik denbora eta ikerketa asko falta dela halako egoera batera iristeko. Baina bidea irekita dago, noski. Karbono dioxidoa xurgatzeko ez ezik, karbono organikoa lortzeko aukera planteatu dute ikertzaileek, bereziki bioerregaiak lortzeko. Alabaina, momentuz bakterioak energia gisa erabiltzen duen formiatotik CO2a ere sortzen da. Horregatik, aurrean duten beste erronketako bat da formiato hori ekuaziotik kentzea, eta bakterioak zuzenean beharrezkoak dituen elektroiak argindarretik har ditzala lortzea. Zientzia fikzioa ematen du, ezta? Karbono dioxidoa jateko gai den bakterio baten pareko zientzia fikzioa, hain justu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gleizer, Shmuel et al., (2019). Conversion of Escherichia coli to Generate All Biomass Carbon from CO2. Cell, 179 (6), 1255-1263.e12 DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2019.11.009.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Karbono dioxidoa jateko gai den bakterioa lortu dute laborategian appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (I)

mar, 2019/12/10 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Molekulek bidaia izugarriak egiten dituzte eta, are gehiago, molekulen parte diren atomoak. Gure organismoaren parte den zelula baten atomo bat, noizbait, agian, beste planeta baten atomoak osatzen ari zen Unibertsoko beste punturen batean. Hain urrutira joan gabe, jarraian datorren kontakizun kimikoan karbono atomo baten bidea jarraituko dugu, tartean ardoaren elaborazio prozesua aztertuz. Bide horretan, konturatuko gara atomoen bizitza ziklikoa izan daitekeela eta prozesu horiek ez dutela ez hasiera eta ez amaierarik. Goazen.

1. irudia: Mahats aleetan dauden azukreei esker egiten da ardoa. (Argazkia: Johannes Plenio – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)

Edandako ardo onarekin gozatu ondoren upeltegitik atera da. Pixkanaka etanola bere nerbio-sistemako zelulen mintzetara sartzen ari da. Sentsazioa atsegingarria da eta lasaitasunez begiratzen ditu mahatsondoz beteriko sailak. Denak errenkadan eta txukun-txukun jarrita. Bi kopa ardo bakarrik edan ditu eta oraindik ez ditu nabaritzen etanolaren ondorioak: deshidratazioa, sistema endokrino eta kardiobaskularraren asaldura, besteak beste. Momentuz nerbio-sisteman aldaketak nabaritzen ditu eta gustura dago, pozoitzeaz gozatzen. Nolabait, bere burua intoxikatzen ari da. Etanola arma kimiko bat besterik ez da, legamiek bizi diren ingurunean askatzen dutena gainontzeko organismoak hil daitezen. Horrela, beraientzat elikagai diren azukreak ez dizkiete kentzen. Horrexegatik dauka alkohola ardoak.

Etanola arma kimiko toxikoa izan arren, neurrian hartu du, intoxikazio kontrolatu bat bailitzan eta, horrela, ardoak dituen beste konposatu gustagarriak dastatu eta usaindu ahal izan ditu. Usain horiek gogoratzen dituen bitartean, oxigenoz, nitrogenoz eta beste milaka konposatuz osatutako nahaste homogeneoaz -airez-, bete ditu birikak. Ondoren arnasa bota du birikak hustu arte. Hor ikusi du bi oxigeno atomoz eta karbono batez osatutako molekula sudur-hobietatik irteten. Karbono dioxido molekula bidaiari bati arreta jarri eta bistarekin jarraitu du. Hegan joan da, mahatsondo baten hosto berdean gelditu arte.

2. irudia: Landareek inguruneko karbono dioxidoa eta eguzkiaren argia erabiltzen dute fotosintesia egiteko. (Argazkia: Jacqueline Macou – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)

Hostoak zulo mikroskopikoak ditu bere gainazalean, estoma deitzen direnak, eta haiei esker gas trukaketa egin dezake. Trukatutako gasen artean, karbono dioxido bidaiaria xurgatu du. Karbono dioxidoa, energiarekin batera, fotosintesiaren fase ilunean beharrezkoak dira azukreak ekoizteko erabiliko du. Fotosintesiak bi fase ditu: argiaren fasean eguzki argia energia kimiko bihurtzen da -ATP eta NADH- eta fase ilunean, aldiz, energia kimikoa eta karbono dioxidoa erabiliz landareak azukreak sortzen ditu -beharrezkoa duen materia organikoa-. Karbono dioxido bidaiariak ere hemen jarraitu dio bideari eta fase iluneko Kalvin ziklotik pasa ondoren, glukosa bihurtu da.

Mahatsa

Frutak jangaitzak izatetik gozagarriak izatera pasatzen dira hainbat prozesu kimikori esker, eta mahatsari gauza bera gertatzen zaio. Fruitua lore batetik abiatuz garatzen den organoa da eta bertan gordetzen dira landarearen hazi heldugabeak. Lehenik eta behin lorearen ernalketa gertatu behar da -polenaren bidez-. Gero, pareta-zelulen hazkuntza gertatzen da eta, jarraian erreserba-zelulen hazkuntza. Bigarren hazkuntza hori gertatzen denean fruitua oso azkar hazten da. Zeluletako bakuoloek ur-izerdia metatzen dute eta, horrekin batera, landarearen beste organoetatik azukreak iristen dira, tartean glukosa eta fruktosa. Karbono dioxido izandako glukosa molekula bidaiariak, hortaz, mahatsondoaren hostoetatik mahatseraino migratu du eta bertan geratuko da, zain. Horretaz gainera, alkaloide pozoitsuak eta tanino lehorgarriak ere pilatzen dira. Azken konposatu horiek defentsa-mekanismoak dira eta fruitua infekzioetatik eta beste animalien erasotik babestea dute helburu.

Fruitua heltzen den neurrian, haziak gai dira haien kabuz hazteko. Une horretan animaliek fruta jan behar dute, horrela zabalduko baita hazia leku urrunetara. Horrexegatik, defentsarako konposatuak desagertzen joango dira, azidoak murrizten eta azukreak ugaritzen doaz heltze-fasean. Frutak kolorea aldatzen du, gozoagoa da, bigunagoa eta zapore erakargarriagoa du, animaliek jan dezaten. Tamalez, karbono dioxido izandako glukosa molekula bidaiaria duen mahats gozo hori ez du animalia batek jango. Upeltegiko langileek jasoko dute mahats-biltze garaian.

Momentuz, ardotegiko gizonaren hatsetik ateratako karbono dioxido molekulak bide nahiko luzea egin du -airetik mahatsondoaren hostoetaraino eta hortik mahats alera-. Hala ere, bere bidea ez da hemen amaitu eta oraindik kimika gehiago ikusiko dugu kontakizunaren bigarren -eta azken- atalean.

Informazio gehiago:

La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Norbere identitatearen bila

lun, 2019/12/09 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Nerabeentzat berebiziko garrantzia du parte sentitzen diren taldeak eurak onartzea. Kezka handia izaten dute gainerakoek haietaz duten irudiaz, batik bat, euren zirkulu sozialekoek dutenaz. Horrenbestez, erraz lotsatzen dira; aski izaten da norbait begira dagoela jakitea.

Haurrek eta helduek baino gehiago sufritzen dute talde batetik kanpo geratzeagatik, eta sufrimendu horrek korrelatu neurologiko bat du. Helduren bat baztertuta sentitzen denean, minaren, haserrearen eta atsekabearen pertzepzioarekin lotura duten entzefalo eremuak aktibatzen dira, bai, baina, jarraian, bazterketari garrantzia kentzen dion kortexeko eremu bat aktibatzen da. Nerabeetan, hala ere, eremu hori ia ez da aktibatzen, baina aurrekoak, haurretan eta helduetan baino areago. Horrenbestez, ez da harritzekoa lagunek eragin handia izatea nerabeengan.

Irudia: Nerabeek arriskuak hartzeko duten joera, neurri handi batean, lagunen harremanen mende dago. Izan ere, taldeko partaide izateko nahiak eta isolatuta geratzeko beldurrak eragiten baitei erabakiak hartzeko unean. (Gerd Altmann / pixabay.com)

Ezein bizitzako arotan ez dute adiskideek eta besteen iritziek nerabezaroan bezalako garrantzia. Horregatik, nerabeek arrisku handiagoak hartzen dituzte lagunekin daudenean ez daudenean baino. Are gehiago, sari zirkuitu entzefalikoa areago aktibatzen da eta autokontrolarekin zerikusia duten garuneko eremuen erantzun maila jaitsi egiten da lagunen konpainian. Helduetan ez da halakorik hauteman. Izan ere, nerabeek taldeko partaide izatearen behar handia izaten dute; beraz, hartzen dituzten erabakiak lagunak aurrean egotearen oso mende egon ohi dira.

Pubertarora arte, portaera prosoziala nahikoa indiskriminatua da. Alabaina, 16 eta 18 urte ingururekin hasten gara bereizketa gehiago egiten. Lagunak izaten dira nerabearen konfiantzaren, elkarrekikotasunaren eta eskuzabaltasunaren hartzaile nagusi. Bestela esanda, nerabeek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote harremanetan jartzen diren pertsonen nortasunari, ziur aski, norberaren nortasunari besteek garrantzi gero eta handiagoa ematen dioten arrazoi berberengatik, eta, taldekide sentitzen diren heinean, gainerakoek eurez duten iritziari.

Bestalde, nerabezaroan «adimenaren teoriaren» garapenak aurrera jarraitzen du. Beste norbanako batzuen adimen ikuspegia hartzeko gaitasuna da, txinpantzeek, orangutanek eta bele batzuek ere badutena. Era berean, barnera biltzeko eta norberaren egoera mentala aztertzeko gaitasuna ez da erabat garatzen hogeita hamabost bat urte bete arte. Besteak beste, arrazoi horiek direla kausa aldatzen da nerabeak gainerakoekin harremanetan jartzen diren modua.

Haurtzaroan ez dira argi bereizten istripuzko kaltea eta nahitakoa; pubertarotik aurrera hasten da bereizketa areagotzen. Urteak pasa ahala, gero eta gutxiago aktibatzen dira mina prozesatzen duten entzefaloko eremuak istripuzko kalte bat ikustean, kontrara, nahitako kalte bat ikustean, judizioak osatzen diren kortex prefrontaleko eremuak gero eta gehiago aktibatzen dira. Ekintza baten asmoari kaltezko iriztea da judizio moralen abiaburua; beraz, nerabezaroan, judizio horiek gero eta landuagoak dira.

Sarah-Jay Blakemore neuropsikologoak dioen eran, nerabezaroan asmatzen dugu geure burua; horretan datza, hain zuzen, nerabe izatea. Bidaia luze horretan norbere identitatearen zentzua eta gainerakoak ulertzeko gaitasuna eskuratzen dira, helduaroan gai izan gaitezen gurasoez independizatzeko eta gure berdinen taldean txertatuago egoteko.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra:

Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zati da artikulu hau. Hauek izango dira sortako artikuluak:

  1. Nerabezaroko desoreka
  2. Norbere identitatearen bila
  3. Giza garunak denbora behar du garatzeko

The post Norbere identitatearen bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #280

dim, 2019/12/08 - 09:00
Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Oraingo joera berean jarraitzen badugu, baliteke mende honen erdirako Pirinioetako glaziarrak desagertzea. Berrian irakur daitezkeen datuen arabera, horien azaleraren %70 galdu egin da 1980ko hamarkadatik hona. Baina egoera hau ez da bakarrik Euskal Herrian jazo, munduko mendi glaziarrak ere jasaten ari dira berotze globalaren ondorioak. IPCCko datuen arabera, urtero 3,6 milimetro igotzen da itsasoaren maila munduan, eta igoera orokorraren %28 eragin dute mendi glaziarrek.

Osasuna

Gaitzen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) nabarmendu du Europako emakume askori berandu diagnostikatzen zaiela GIBa, hau da, dagoeneko immunitate-sistema kale egiten hasten denean. 2018ko datuetan oinarritzen da baieztapen hori. Horretaz gain, azaldu dute diagnostiko berantiarra jasotzeko arriskua hiruzpalau aldiz handiagoa dela 40 urte inguruko emakumeen artean, gazteagoen artean baino. Informazio gehiago irakurtzeko aukera duzue Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Likenak oso bereziak dira; hasieran landaretzat hartu ziren, eta gero onddoen erreinuan sailkatu genituen. Oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dute eta zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Orain badirudi likenek ez zietela bidea ireki landareei, ikerketa artikulu batean adierazi dutenez. Artikuluan irakur daitekeen moduan, ezinezkoa da orain arte indarrean egon den hipotesi hori egia izatea, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu zirelako!

Neurologia

Badakizue zer gertatzen den gizakien kortexean? Adibidez, bertan pertzepzioa gertatzen da, judizio moralak egiten dira, erabakiak hartzen dira, pentsamendua sortzen da; hizkuntza egituratzen da, eta abar luze bat. Hamasei bat mila milioi neurona ditu. Tamainaz txikiagoa den zerebeloak, ordea, hirurogeita bederatzi mila milioi neurona ditu. Entzefaloari dagokionez, zazpiehun bat mila neurona daude. Eta kortex prefontalari buruz, zer dakigu? Testuan azaltzen digutenez, ez dago guztiz garatuta 25 urte betetzen diren arte. Aldiz, haurtzaroaren amaieran eta pubertaroan eremu azpikortikalak, emozioen sorkuntzarekin zerikusia dutenak, oso aktibo egon ohi dira.

Ingurumena

Cydalima perspectalis sitsaren izurriteak animalia espezie autoktonoei kaltea eragin die, Euskal Herriko ezpeldiak desagertzeko bidean utzi ditu eta adituek uste dute eragina izanen duela mendialdeko ekosisteman ere. Espezie inbaditzailea da eta ezpela du elikagai. Zuhaixka hori mendiaren parte da. Beraz, hori desagertuz gero, ingurune osoa alda daiteke. “Ezpel autoktonoaren ondare genetikoa desagertzen ari da, eta hori, berez, galera handia da, biodibertsitateari dagokionez; baina, horrez gain, lurzoruan ere badu eraginik”, azaldu du Zerynthia elkarteko buruak, Yeray Monasteriok Berrian.

Arkeologia

Leize-hartzari buruz hitz egin digute artikulu honetan. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24 eta 26 mila urte desagertu zen betiko. Testuan azaltzen diguten moduan, espezie horren iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun bi arrazoi daude indarrean: alde batetik, landaretzaren ekoizkortasunaren beherakada handia, klimaren hoztearen eraginez; eta bestetik, gizakiek egindako hartz-ehiza. Zeintzuk dira desberdintasunak egun ezagutzen ditugun hartzekin alderatzen baditugu? Nolakoa izan zen leize-hartzaren hedadura? Eta ba al dakizue leize-hartzak Askondon (Bizkaia) bizi izan zirela? Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Astronomia

James O’Donoghue Ingalaterrako astronomoak Eguzki Sistemako planeten errotazio abiada parekatzeko bideo bat sortu du NASAren irudiak erabiliz. Bertan, adibidez, Jupiter Lurra baino 2,4 aldiz azkarrago mugitzen agertzen da, eskala kontuan hartuta. Izan ere, eta testuan azaltzen digutenez, Jupiter Lurra baino ia 11 aldiz handiagoa da. Gainera, Lurrak 23,9344 ordu behar ditu bira bat egiteko; Jupiterrek, berriz, 9,9. Artizarrari (Venus) dagokionez, ia geldirik agertzen da. Ez galdu Berrian aurki daitekeen bideoa!

Arkitektura

Euskal landa-arkitektura tradizionalak mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura mota honek. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean. Artikulu honek arkitektura mota horren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #280 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #287

sam, 2019/12/07 - 09:00

Fetu bat izateko, lehenik obulu bat beharko duzu, eta, gero, hura ernalduko duten espermatozoideak, ezta? Agian ez… Rosa Garcia-Verdugok ematen digu erantzuna: A foetus without egg and sperm?

Gorputzeko gauza guztiak elkarlotuta daude. Egia esan, batzuk gustuko ez dugun eran baina, hala ere, lotura hau ezagutzea komenigarria da. José Ramón Pinedaren artikuluan xehetasunak: Neural precursors accelerate the development of tumors.

Polimeroen munduan, naturalak zein artifizialak izan, hauek zelan mugitzen diren edo nola jariatzen diren jakitea funtsezkoa da beraien portaera eta propietateak ulertzeko. Horrez gain, garrantzitsua da ere polimerook manipulatzeko eta haiekin gauzak berriak fabrikatzeko. Horregatik da hain interesgarria DIPCko ikertzaileek lortu duten hau: Direct observation of dynamic tube dilation in entangled polymer blends.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #287 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Luis M. Agirrezabala: “Intrusismo magmatikoak hainbat ondorio ekarri zituen, geologikoak eta biologikoak ” #Zientzialari (127)

ven, 2019/12/06 - 09:00

Eusko Kantauriar arroko Kretazeo Ertaineko arroka sedimentarioak interes handikoak dira, bat egin baitzuten Bizkaiko Golkoaren irekierarekin eta bertan gertatu ziren zenbait prozesu garrantzitsuekin. Izan ere, Kretazeo Ertainean, lurra zabaldu eta mehetu zenean, lurrazpiko magma gora joan zen eta lurrazaleko sedimentuetan txertatu zen, intrusismo magmatikoa sortuz.

Intrusismo magmatikoaren sorrera eta ondorioei buruz hitz egiteko, Luis M. Agirrezabalarekin, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzailearekin egon gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Luis M. Agirrezabala: “Intrusismo magmatikoak hainbat ondorio ekarri zituen, geologikoak eta biologikoak ” #Zientzialari (127) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hipatia: zientzialari aitzindariaren historia komiki egina

jeu, 2019/12/05 - 15:00
Hipatia Alexandrian jaio zen matematikari bikaina eta filosofo sutsua izan zen. 355ean jaioa, haren lanak matematika eta astronomia berrikusten eta eguneratzen lagundu zuen.

Jaiotako herrian eman zuen bizia. Garai hartan nahaste eta gatazka ugari zeuden Alexandrian baina horrek ez zuen beldurtu eta bere ezagutza eta jakinduria ikasleei transmitituz gain, besteen zerbitzura ere jarri zituen. Ospe handiko irakaslea izan zen eskola neoplatonikoan, eta bera dugu erreferentziazko emakume zientzialari aitzindarietako bat.

1. irudia: 2Hipatia, egia matematikan” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Hipatia, egia matematikan” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia.

2. irudia: “Hipatia, egia matematikan” komikian, besteak beste, garaiko emakume matematikari eta filosofoak ezagutzeko aukera ere eskaintzen da. Pandrosia, matematika-irakasle izan zena Hipatiaren aurretik, Asklepigenia eta Sosipaira Efesokoa filosofoak. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Hipatia komikian ikusiko dugu Hipatiak ikastea eta egiara hurbiltzea nahi zuela eta horretarako, haren ustez, biderik onena matematika zela. Komiki-tiren bidez Alexandriako Liburutegi zaharra ezagutzeko aukera izango dugu eta baita, Alejandro Magnok fundatu zuen Alexandria hiriko matematika eta filosofiako ikasle gazteen bizitza.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Hipatia, egia matematikan
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar, 2019
  • Orrialdeak: 47 orrialde
  • ISBNa: 978-84-17538-42-2

The post Hipatia: zientzialari aitzindariaren historia komiki egina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa

jeu, 2019/12/05 - 09:00
Matxalen Etxebarria Mallea, Lauren Etxepare Igiñiz, Margarita de Luxán García de Diego Energia-oreka eta eraginkortasun higrotermikoko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura tradizionalak. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da bere barnean.

Irudia: (Argazkai: Etxaburu).

Honela, beraz, euskal landa-arkitektura tradizionalaren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu artikulu honek, beraren barneko gorabehera higrotermiko pasiboaren irakurketa dela medio.

Eredu arkitektoniko tradizional honek mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Alabaina, lan honek, lurralde osoa eta aldaera guztiak aztertzea baztertu, eta Bizkaiko ekialdean kokatzen den Lea ibarreko eremu geografikoko ereduak hartu ditu aintzat.

Landa-arkitektura, hau da, «baserria eraikin-motatzat jotzen badugu, berariazko identitatea duen arkitektura-eredutzat», jatorria, nonbait, XV. mendean dauka, eta lurraldearekin, eskualdearekin, arkitektura-aldiarekin, nekazal ekoizpen sistemarekin, eraikuntza teknikekin lotutako aldaerak albo batera utzita, eboluzio-ezaugarrien sailkapen gisa «arkitekturaren historiaren garai klasikoak» eta eraikuntza-aroak lotzen dituena hartu da oinarri, hau da, gotiko-berpizkundeko lehenengo aroa (XV. mendearen erdialdetik XVII.aren erdialdera doana, XVI. eta XVII. mende bitarteko berpizkundekoa barne), garai barroko jori eta aberatsa (XVII. mendearen erdialdetik XVIII.aren amaiera arte doana), eta, azkenik, eredu honen gainbehera ekarri zuen azken aro neoklasikoa (XIX. mendea). Sailkapen nagusi hau eta ikerketa eremua mugatuta izanda, bertatik bertara egindako azterketen ondorioz tokira egokitutako lau azpiereduren araberakoa da ikerketa-lan hau.

Lau azpiereduak zehaztuta izanda, landutako metodologiaren lehenengo urratsa ingurumen baldintzak (kokapena eta ezaugarri klimatikoak) aztertzea izan da. Hurrenik, arkitektura tradizional honen ereduaren adierazgarri diren lau azpiereduen azterketa sakona burutu da berariazko eraikuntza-bilakaera eta ondoriozko ezaugarri teknikoak zehazteko.

Hala, erreferentzia-eredu adierazgarrienak aukeratu, eta haien portaera higrotermiko pasiboaren irakurketa egin da Design Builder v.5.0.1.024 simulazio energetikorako softwarea baliatuz. Horretarako, aurretiaz zenbait oinarrizko modelizazio-irizpide finkatu dira emaitzak euren artean konparagarriak izateko. Hauen artean, aldagai klimatikoak, lekuko informazioa (orientazioa, haizearekiko esposizioa), itxitura azal termikoaren zehaztapena Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezartzen duen Eraikuntza Elementuen Katalogoaren arabera, geometria, okupazio eta funtzio parametroak, eta airearekiko iragazgaiztasuna ezarri dira.

Ikerketa eredu bakoitzetik solairu bakoitzeko «1. zona termikoa» hartu da portaera higrotermiko pasiboaren azterketa-gunetzat, mehelin hormaren eta aurrealdeko fatxadaren artean eratzen den gunea, alegia. Gune hauetako aldagai higrotermiko bien, hau da, Tenperatura Operatiboaren [°C] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] balioak jaso dira, banan-banan, konparatiboki eta kronologikoki, eraikuntza-bilakaeraren eraginaren ondorioz izandako aldaera zenbatesteko neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako egunetako balioen arabera.

Beraz, azaldutako metodologiaren eta emaitzen arabera, eraikuntza-bilakaerak landa-arkitektura eredu tradizional honen portaera higrotermikoan ezkutuko edo ezagutu gabeko eragin onuragarria izan duela esan liteke. Izan ere, nahiz eta lortutako datuen arteko desberdintasuna izugarrizkoa ez izan, azpiereduetan kronologikoki aurrera egin ahala, eraikinak epelagoak direla ondorioztatu da, betiere tokiko klima hezeak barneko Hezetasun Erlatiboan duen eragin nabarmena kontutan izanik.

Lortutako balio higrotermikoek, beraz, kanpo-barru erlazioan garatutako oreka bat egon dela iradokitzen dute, erlazioaren eraginkortasuna arkitektura-, material- eta eraikuntza-ezaugarrien bilakaerarekin lotuz. Hortaz, eraikin eredu tradizional honen barne-giroaren garrantzia eta portaera-eredua arkitektura ondare ikuspegitik kontutan hartu beharreko oinarrizko balioak dira.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa.
  • Laburpena: Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura tradizionalak. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean, eta bi aldagai horien erlazioaren menpe dago barneko giroa. Euskal etxe-eredu tradizionalaren barneko portaera higrotermiko pasiboari aldian-aldian eginiko eraikuntza-egokitzapenek eragindako eboluzioa eta bilakaera aztertzen ditu artikulu honek. Horiek jorratzeko, Lea ibarreko arkitektura tradizionala hautatu da ikerketa-eremutzat. Bizkaiko ekialdeko ibar bat da, klima epel eta hezekoa. Hango baserrien eraikuntza-ezaugarriak, xv. mendean arkitektura-eredu gisa sortuz geroztik, behin eta berriz izan dira eraldatuak, gizarte-bilakaerak eta bestelako eskakizunak tarteko; eraldaketa horiek, bestalde, eraikinon portaera higrotermiko pasiboaren eboluzioa ere ekarri izan dute. Landa-azterketaren ondorioz, lehenik eta behin, lekuko arkitektura tradizionalaren eraikuntza-sistemaren eboluzioaren azterketa egin da eredu adierazgarrienak zehazte aldera; ondoren, eredu horietako Tenperatura Operatiboaren [oC] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] datuak biltzeko, simulazio energetikoa egin da Design Builder v.5.0.1.024 softwarea baliatuz. Azkenik, eskuraturiko datuok kronologikoki alderatu dira, neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako eguneko balioen arabera, eta hortik eskuratu eraikuntzaren eboluzioak zer-nolako eragina izan ote duen barneko portaera higrotermikoan..
  • Egileak: Matxalen Etxebarria Mallea, Lauren Etxepare Igiñiz, Margarita de Luxán García de Diego.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 317-334
  • DOI: 10.1387/ekaia.19671

————————————————–
Egileez:

Matxalen Etxebarria Mallea eta Lauren Etxepare Igiñiz, UPV/EHUko Arkitektura Sailean dabiltza eta Margarita de Luxán García de Diego Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Irakasle Emeritua da.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Usteak erdi ustel: ez dirudi likenek landareei bidea ireki zietenik

mer, 2019/12/04 - 09:00
Juanma Gallego Lur idorraren kolonizazioan likenak aitzindariak izan zirela ustea zabalduta dago adituen artean, landareei bidea ireki zietelarik. Arrazoi sinplea da: egungo ekosistemetan hala gertatzen da gehienetan. Baina datu berriek erakusten dute seguruenera hori ez zela hala izan.

Zeharo bitxiak dira onddoak. Hasiera batean, itxuragatik, landare direla eman dezake. Baina gizakiok mundua antolatzeko eratu dugun sailkapenean erreinu propioa eman behar izan diegu; landareak ez bezala, onddoak ez direlako gai haien elikagaiak sintetizatzeko. Bada, ez dira ez landareak. Algen kasua ere berezia da: fotosintesia egiteko gai dira, baina, –beste behin ere, landareak ez bezala– , sustrai eta zutoinik gabeko organismoak dira.

Berezitasunen festa honetan, likenak are bereziagoak dira. Natura-zientzien hastapenetan landaretzat hartu ziren, eta gero onddotzat. Simon Schwendener botanikoa izan zen XIX. mendearen erdialdean konturatu zena liken deitzen dugun hori onddo baten eta alga baten arteko harreman sinbiotikoaren ondorioa dela. Ordudanik, sinbiosiaren paradigma bihurtu dira likenak: onddoak babesa ematen du, eta algak fotosintesia bitartez ekoiztutako nutrienteak. Baina duela 150 urte inguru Schwendenerrek esandakoa ez da azken hitza izan. Duela gutxi jakin da zenbait likenetan onddo batek ez baizik bi onddok parte hartzen dutela. Likenologiaren diziplinan aurkikuntza horrek iraultza txikia ekarri zuen, mende eta erdiz ziurtzat ematen zelako likenena soilik bien arteko kontua zela.

1. irudia: Eremu gordin askotan likenak dira bidea irekitzen dutenak. Logika horri jarraiki, litekeena da eboluzioan ere hala gertatu izana. Baina ez dirudi horrela denik. (Argazkia: Bering Land Bridge National Preserve / CC BY 2.0)

Zientzia hutsetik harago, aurkikuntza horren aurrean istorio polit bat ere bazegoen. Erica Gies kazetariak Investigación y Ciencia aldizkarian idatzi zituen ikerketaren atzean zeuden nondik norakoak. Giesen kontakizunaren arabera, Science aldizkariko azala merezi izan zuen ikerketa hori, hein batean, Kanadako Columbia Britainiarreko Wells Gray parke naturalean bizi den Trevor Goward naturalistari zor zaio. Zientzia-formazio arautua izan gabe arlo zehatz batean izugarrizko ezagutzak eskuratzen dituen lagun horietako bat, hain justu. Eta agian ohiko zientzia ibilbide hertsietatik kanpo egon izanagatik ordura arte finkotzat jotzen zena beste modu batean ikusteko aukera izan zuen Grayk.

Halako proposamen ausart asko beharko dira zientziaren bidezidorrean aurrera egiteko eta oraindik erantzuna ez duten galderei erantzun berriak bilatzeko. Adibidez, eta likenenen alorrean jarraituta, oraindik misterioa da zergatik hasi ziren elkarrekin bizitzen bi organismo horiek. Beste harreman sinbiotikoei begira, baliteke hasiera batean onddo batek alga bat eraso egin izana, eta liskar horietatik harreman baketsu bat sortu izana. Funtsean, gure gorputzetan ere antzeko zerbaiten arrastoa legoke, Lynn Margulis biologoak proposatu zuen teoria endosinbiotikoaren arabera.

Berdin eraso baten ondorio izanik edo hasieratik elkarrekintza baketsu baten ondorio izanik, kontua da elkarte horrek oso emaitza indartsua sortzen duela. Jakina da likenek oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dutela –Nazioarteko Espazio Estazioan egindako esperimentuek erakutsi dute espazioan ere lasai asko mantentzen direla hainbat hilabetez–. Besteak beste, zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Eta, arlo makroskopikoan bederen, ekosistema askotan likenak dira, nolabait esateko, biziaren aitzindariak. Horiek dira eremu latzak kolonizatzen dituzten lehenak, eta horiek osatzen dute gero etorriko diren beste hainbat organismoren oinarria. Oinarri, zentzu askotan: bai kate trofikoari dagokionez, zein oinarri fisiko bezala ere.

Horregatik, denbora askoan zientzialariek pentsatu dute Lurraren historian likenak egon zirela uretatik lur idorrera igaro ziren lehenengo organismoen artean. Hipotesi horren arabera, likenek rol garrantzitsua jokatu zuten atmosferaren aldaketan, eta, bestetik, ordura arte arroka huts besterik ez zirenak sustraiak dituzten landareentzako aterpe bihurtu zituzten. Egoera berri hori izan zen, hain justu, landareei bidea erraztu ziena.

Hipotesi polita da, dudarik gabe, sen onean oinarrituta. Baina, jakina da askotan errealitatea ez dela guk uste dugun bezain sinplea. Hala, orain argitu dutenez, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu ziren. Hortaz, ezinezkoa da likenek landareei bidea ireki izana. Hara beste iraultza txiki bat likenologiaren erreinu txikian!

2. irudia: Onddo baten eta alga baten arteko “elkarlanari” esker osatuta daude likenak. Horregatik, sinbiosiaren paradigmatzat jo dira sarritan. (Argazkia: Matthew P. Nelsen / Field Museum)

Geobiology aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean eman dituzte xehetasunak (artikulu hori hemen ere dago eskuragarri, modu irekian). Artikuluaren nondik norakoak azaltzeko atera duten prentsa oharrean azaldu dutenez, Matthew Nelsen artikuluaren egile nagusiaren hasierako helburua ez zen kronologia kolokan jartzea, algen eta onddoen arteko harremanak argitzea baizik. Bi organismoek osatutako entitatea izanda, bai onddoen zein algen eboluzioa aztertu behar izan dute.

Likenen eboluzioa aztertzeko, gainera, ez da oso lagungarria erregistro fosilari jotzea, oso zaila baita bereiztea fosil bat benetan liken batena ote den. Dena dela, dudarik gabe likentzat jotzen diren fosilen kasuan, guztiak dira landaretzat hartzen diren fosilak baino berriagoak.

Beste bide bat jorratu behar, beraz. Nagusiki, erloju molekularraren teknika baliatu dute datak ebazteko. Espezieen arteko dibergentzia kalkulatzeko erabiltzen den teknika hori erabili ondoren, atera duten ondorioa da likenak landareak baino “gazteagoak” direla, zentzu ebolutiboan. Lur idorreko lehen landareak duela 450 milioi urte inguru garatu zirela uste da, eta likenak batez bestean duela 250 milioi urte garatu zirela proposatu dute orain. Egin duten kalkuluaren arabera, gutxi gora behera lehenengo likenak iratzeak eta beste hainbat landare baskular batzuk agertu eta 100 milioi urtera agertu ziren.

Halako teknikak erabiltzen direnean, kontuan hartu behar da datak oso gutxi gorabeherakoak direla. Halere, landareen eta likenen arteko agerpen tarteak dezente handiak direla proposatu dute. Bestetik, datak batez bestekoak direla nabarmendu beharra dago. Are gehiago, eta liken motaren arabera dibergentzia datak aldatzen direla kontuan izanda, beste ondorio garrantzitsu bat atera dute: ez zen egon likenen bat-bateko”genesi” bat. Alegia, onddo desberdinek algei eusteko joerak modu independentean garatu zituztela. Hori zergatik izan zen, ordea, argitzeko dago oraindik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nelsen, MP, Lücking, R, Boyce, CK, Lumbsch, HT, Ree, RH. (2019). No support for the emergence of lichens prior to the evolution of vascular plants. Geobiology. 2019; 00: 1– 11. DOI: https://doi.org/10.1111/gbi.12369.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Usteak erdi ustel: ez dirudi likenek landareei bidea ireki zietenik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Leize-hartza Askondon (Mañaria, Bizkaia)

mar, 2019/12/03 - 09:00
Asier Gómez eta Mónica Villalba Leize-hartza (Ursus spelaeus s.l.) Kuaternarioko megafaunaren espezie paradigmatikoetako bat dugu. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24 eta 26 mila urte desagertu zen betiko, hotz handi-handiko aldi batean. Espezie horren iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun gehien onartzen diren hipotesiek bi kausa nagusi darakuskite: alde batetik, landaretzaren ekoizkortasunaren beherakada handia, klimaren hoztearen eraginez; eta bestetik, gizakiek egindako hartz-ehiza.

1. irudia: Leize-hartz (Ursus spelaeus s.l.) baten berrosaera. (Ilustrazioa: Amaia Torres Piñeiro)

Ikertzaile batzuen arabera, espezieak hainbat mila urte gehiagotan biziraun zuen Europako hegoaldeko eta ekialdeko aterpe klimatikoetan, baina hori egiaztatzeko, Karbono-14 bidezko datazio gehiago egin beharko lirateke. Azterketa paleogenetikoek diotenez, gutxienez, leize-hartzen hiru leinu genetiko bizi izan ziren batera Goi Pleistozenoan. Ildo horretan, zientzialari batzuek espezie desberdintzat hartu dituzte: Ursus ingressus Europako erdialdean eta ekialdean, Ursus kudarensis Kaukasoan, eta Ursus rossicus Siberiako hegoaldean.

2. irudia: Leize-hartzen taldearen mapa filogenetikoa (goian; lau espezie, espezie batek bi azpiespezie dituela), hartz arrearen aldean (behean). (Iturria: Baca et al., 2016, egileek moldatutako irudia)

Johann Christian Rosenmüller zirujau eta anatomistak espezie berriaren deskribapena egin zuen 1794. urtean. Animalia horrela izendatzeko arrazoia dugu leize-hartzen lehen hezur fosilak leize edo haitzuloetan aurkitu zirela. Europako haitzulo batzuetan, milaka hezurrez osaturiko pilaketak idoro dira, espezie horrek leizeak erabiltzen zituelako negua bertan lo emateko eta, batzuetan, gosez eta ahulduraz hiltzen ziren haitzuloen barruan.

Alde nabariak aurkituko ditugu baldin eta erkatzen baditugu leize-hartza eta gaur egun bizi den horren ahaiderik hurbilekoena, hartz arrea. Alde horiek eskeletoaren alde guztietan igar daitezke, baina oso agerikoak dira garezurrean, masailezurrean eta esku-oinetan: I hatza (erpurua) laburragoa da leize-hartzetan, eta gainera, metapodoak eta hatz-hezurrak indartsuagoak dira, hau da, zabalagoak dira, luzeraren aldean.

3. irudia: Alde handiak daude leize-hartzen eta hartz arreen artean (azkenek eredu morfologiko primitiboagoa dute). Leize-hartzek maila nabarmena dute kopetan (1); masailezurraren aurreko matrailagin txikiak galdu dituzte (2); masailezur-adar aurreratua dute (3); masailezurraren egitura garaiagoa da (4) eta profila makurragoa (5). Alde horien guztien eta hortz handiagoak izatearen arrazoia dugu leize-hartzen dieta hartz arreena baino begetarianoagoa zela. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Leize-hartzen tamaina eta gaur egun bizi diren hartz handienen (Kodiak hartza, hartz zuria) tamaina antzekoak lirateke. Arrek 400-500 kg-ko pisua zuketen eta emeek 225-250 kg-koa. Bi sexuen arteko tamainaren desberdintasunari dimorfismo sexual deritzogu. Dimorfismoa agerikoa da banako hezurren tamainan ere, eta oso desberdintasun nabariak antzeman daitezke bi sexuen artean. Oro har, erregistro fosilean hortz-haginak hobeto gordetzen direnez, betortzen zeharkako dimentsioak erabili ohi dira arrak eta emeak bereizteko. Eskeleto osoetan, hartz arrak bereiz daitezke baculum deritzona (zakil-hezurra) dutelako. Zakil-hezurra ugaztun-talde askoren arretan ageri da; emeetan, aldiz, baubellum (edo klitori-hezurra) agertzen da. Leize-hartzen populazioen artean ere desberdintasun nabarmenak izan ziren tamainari dagokionez. Esate baterako, Ekialdeko Alpeetan aurkitutako aztarna batzuek (Ursus spelaeus lanidicus eta Ursus spelaeus eremus) desberdintasun handiak erakusten dituzte gainerako hartzen populazioen aldean, alpetarrak txikiagoak direlako. Beste alde batetik, leize-hartzen leinuetako bat, Ursus ingressus, Europako erdialdean eta ekialdean bizi izan zen eta Europako mendebaldeko leize-hartzak (Ursus spelaeus s.s.) baino handiagoa eta indartsuagoa izan zen.

Leize-hartzaren hedadura

Leize-hartzaren hedadura zabal-zabala izan zen, Europa osoan barrena eta Asiako zati batean (Kaukason eta Siberian). Iberiar penintsulan, aldiz, iparraldeko erdian baino ez da dokumentatu, eta aztarnategiak zein aztarnen kopurua ugari-ugariak dira Kantauri aldean eta Kataluniako ipar-ekialdean.

4. irudia: Europako mapa honetan, proposaturiko leize-hartzen espezieak eta haien banaketa geografikoa ageri dira. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Euskal Herrian, espezie horren aztarna ugari aurkitu dira honako lekuetan: Muniziaga (Galdames), Askondo (Mañaria), Astigarragako kobea eta Ekain (Deba), Lezetxiki (Arrasate), Troskaeta (Ataun), Arrikrutz (Oñati), Amutxate (Aralar), eta Izturitze, besteak beste.

5. irudia: Askondoren kokapena eta leize-hartzen hedapena iberiar penintsulan. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Jatorria

Leize-hartzen eta hartz arreen leinuen jatorria erkidea da: orain dela 1,2 milioi urte sortu bide ziren biak, azterketa molekularrek ondorioztatu dutenez. Leize-hartzaren arbaso berriena Deninger hartza (Ursus deningeri) da; Deninger hartzaren eitea antzekoa da, baina ondorengo leize-hartza baino txikiagoa eta ez horren indartsua (6. irudia). Bi espezie horien arteko banaketa artifiziala da, haien artean bitarteko ugari ageri direlako eta, hortaz, ikertzaile askok leize-hartzen taldean sartzen dituzte bi-biak. Bizkaian, U. deningeri hartzaren aztarna osoak aurkitu dira Raneroko Santa Isabel haitzuloan (Karrantzan), 300 mila urte dituztela (7. irudia).


6. irudia: Leize-hartza eta gaur egungo hartzen arteko erlazioa adierazten duen eboluzio eskema sinplifikatua. (Irudia: Mónica Villalba eta Asier Gómez – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

7. irudia: Raneroko Santa Isabel haitzuloko (Karrantza) Ursus deningeri hartzaren garezurraren marrazkia. (Ilustrazioa: Paula Martin Rodríguez)

Goi Pleistozenoan, Europan, leize-hartzak beste hartz-espezie batzuekin batera bizi izan ziren, hala nola hartz arrearekin (Ursus arctos) eta, unean-unean eta leku jakin batzuetan, Tibeteko hartz beltzarekin (Ursus thibetanus). Leinu desberdinekoak izan arren, azterketa genetikoek frogatu dute leize-hartzak eta hartz arreak hibridatu egin zirela; izan ere, gaur egun bizi den hartz arrearen genomaren % 0,9-2,4 iraungitako espeziearen genomatik dator.

Dieta

Oraintsuko ikerketen arabera, badakigu leize-hartzak, gehienbat, belarjaleak zirela (fruituak, belarrak, sustraiak, baiak eta abar jaten zituzten), azterketa isotopikoei, garezurraren morfologiari, masailezurrari eta hortzeriari esker. Leize-hartzek aurreko matrailaginak (gainerako haginak baino txikiagoak) galdu zituzten eta, ondorioz, hortz handiagoak, kuspide anitzekoak garatu zituzten, elikagai urragarriak jateko egokiagoak. Gainera, leize-hartzek beste hartz-espezie batzuek baino masailezur indartsuagoa dute eta muskulu-lotune sakonak dituzte murtxikatzeko muskulu garatu eta sendoei eusteko. Beste alde batetik, aztarna fosil batzuetan ageri diren markak direla eta, badakigu beste leize-hartz batzuek hildakoen haragi ustela jan zutela; azkenik, hortzeriaren higaduran funtsaturik, ondorioztatu dezakegu askotariko dieta zutela eta, inoiz, haragia jaten zutela. Beraz, leize-hartzak ez ziren egungo hartz arreak bezain orojaleak izango, ez eta belarjale hertsiak ere. Dietaren inguruko azterketek diotenez, oso habitat heterogeneoetan bizi izan ziren. Elkarrengandik hurbil bizi ziren populazioek dieta berezitu zuten. Gainera, ekosistema desberdinak dituzten altitude eta latitudeetara egokitu ziren eta Goi Pleistozenoan gertatu ziren klima-aldaketa laburretara ere bai.

Leize-hartzak Askondon (Mañaria, Bizkaia)

Askondoko haitzuloa edo leizea Mañarian dago, San Lorentzo baselizatik hurbil, Urkuleta auzoan. Gaur egun, Kanterazarra harrobiak zati batean itxita dauka haitzulorako sarbide nagusia; barruan, 302 metroko luzera eta 9 metroko desnibela du guztira. Leizea I-H norabideko haustura-sistema bati jarraiki sortu zen, disoluzioz (hasierako aldian) eta higaduraz nahiz grabitatearen eraispenez (geroko aldian). Askondoko haitzuloa Aramotz unitate hidrogeologikoaren sistema karstikoaren barruan dago eta leizea errudistaz eta koralez beteriko Kretazeoko uharri-kareharriz osaturik dago.

8. irudia: Askondoko (Mañaria) haitzuloan aurkitutako leize-hartzen aztarnez osatutako erakusketa dago ikusgai 2020ko irailera arte Mañariko Hontza museoan. (Argazkia: Hontza museoa)

Augusto Gálvez Cañerok egin zituen lehen indusketak XX. mendearen hasieran; geroago Joxe Miel Barandiaran izan zen haitzuloan 1929an. 1963. urtean, Joan Serrések leize-hartzaren bi burezur aurkitu zituen barruan eta, hamarkada horretan bertan, Ernesto Noltek leizearen barrualdea aztertu zuen eta haragijaleen (gehienbat, hartzen) nahiz gizakien aztarnak aurkitu zituen; halaber, adierazi zuen haitzuloaren sarrera erdi itxita zegoela harrobiko lanen eraginez. Joan den mendearen 80ko hamarkadaren hasieran, Bizkaiko karta arkeologikoak zioen bazitekeela haitzuloaren barruko balizko aztarnategi arkeologikoa hondaturik egotea, sarrera eta lehen esparrua hondaturik zeudenez gero.

2011ko urtarrilean, leizea berriro arakatu zen eta labar-margoak aurkitu ziren bertan. Horri esker, Bizkaiko Aldundiak finantzatu eta Diego Garatek eta Joseba Rios-Garaizarrek zuzendutako ikerketa proiektua abiatu zen, haitzuloaren sarreran hiru zundaketa gauzatzeko asmoz. Ikerketa horrek, hain zuzen ere, leizearen lehen ingurumari arkeologikoa eta paleontologikoa ondu zuen eta, horretan funtsaturik, badakigu gizakiek eta haragijaleek haitzuloa erabili zutela Historiaurreko hainbat alditan. Hala, Neandertal gizakiak (Homo neanderthalensis) bizi izan ziren Askondon orain dela 45 mila urte baino gehiago; geroago, gizaki modernoen (Homo sapiens) taldeek baliatu zuten haitzuloa Goi Paleolitoan: Aurignac aldian (gutxi gorabehera, orain dela 36 mila urte); Gravette aldian, (gutxi gorabehera, orain dela 28.500 urte) eta Goi Solutre aldian (gutxi gorabehera, orain dela 20-21 mila urte). Azkenik, Brontze Aroan (orain dela 3.500 urte inguru), 10 urteko ume baten aztarnak utzi ziren haitzuloaren barruan.

Leize-hartzei gagozkiela, haitzuloaren azalaren gainean idoro diren aztarnez gain (testuinguru estratigrafikorik gabekoak), beste aztarna batzuk berreskuratu dira hainbat mailatako indusketa-lanetan eta zuzeneko datazioa egin da erradiokarbonoa erabiliz. Horri guztiari esker, badakigu leize-hartzak haitzuloaren barruan bizi izan zirela 10 mila urtetik gorako aldi batean. Leize-hartzen hainbat belaunaldik Askondo erabili zuten negua lo emateko eta, batzuetan, gazteegiak zirelako, zaharregiak zirelako edo erreserba nahikorik ez zutelako, neguan hil ziren leizean bertan.

Hontza museoan gordeta dagoen Askondoko leize-hartzen aztarnen bilduma dohaintzan eman zuten Durangaldeko Paleontologia-elkarte batek (zoritxarrez orain dela 30 urte baino gehiago desegin zen) eta Unai Periañezen senideak.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileez: Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón eta Cajal eta Ikerbasque ikertzailea da UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean eta Mónica Villalba de Alvarado doktorego aurreko ikertzailea da Eboluzioa eta Giza Portaeren UCM-ISCIII Ikerketa Zentroan.

———————————————————————————-

—————————————————–

Itzultzailea: Manu Gañan Valero

——————————————–——–

The post Leize-hartza Askondon (Mañaria, Bizkaia) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages