S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 10 min 25 sec

Nerabezaroko desoreka

lun, 2019/12/02 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Giza garunaren kanpoaldea, kortexa, entzefaloaren bolumenaren bi heren da. Hamasei bat mila milioi neurona ditu. Dakigula, ez dago beste animaliarik horrenbeste dituenik. Kortexean, pertzepzioa gertatzen da; judizio moralak egiten dira; erabakiak hartzen dira; pentsamendua sortzen da; hizkuntza egituratzen da; eta egintza kontzienteak zertzen dira, eta goi-mailako egiteko gehiago ere gauzatzen dira.

Zerebeloa, bestalde, oso handia izan gabe, populazio dentsitate handieneko entzefaloko alderdia da: tamaina txikia izanagatik, hirurogeita bederatzi mila milioi neurona ditu. Horien esku-hartzearen mende dago bizitzan zehar ikasi eta automatizatu ditugun mugimenduak zehatz egitea, horietako bakoitzaz ohartu beharrik gabe.

Irudia: Ezker hemisferioko kortex prefrontala.

Bestela, entzefaloan –kortexaren peko egituretan–, soilik zazpiehun bat mila neurona daude, baina horien egitekoak funtsezkoak dira, organismoak zuzen funtzionatuko badu. Egitura horiek –azpikortikal deritze posizioagatik– bizi funtzio zenbait doitzeaz arduratzen dira, eta hainbat fenomenotan esku hartzen dute, tartean, desira, motibazioa eta adikzioak. Emozioak sortzen dituzten egiturak dira; beraz, funtsezkoak.

Guztiz heltzeko denbora gehien behar duen eskualde entzefalikoa da aurre-aurrean kokatutako garun azalaren zati bat; kortex prefrontala. Ez da guztiz heltzen 25 urte izan arte, gutxi gorabehera. Funtzio betearazleak gauzatzen ditu; alegia, egintzen ondorioen balorazioa, judizio moralak eta bestelakoak, ekintzen plangintza, itxaropenen sorkuntza eta, oso garrantzitsua dena, bulkada portaerak kontrolatzea eta, behar bada, eragoztea. Horrenbestez, kortex prefrontala ez dagoenez guztiz garatuta bizitzaren hirugarren hamartera arte, funtzio horiek ez dira gauzatzen helduetan besteko efizientziarekin. Alabaina, aipatu eremu azpikortikalak, emozioen sorkuntzarekin zerikusia dutenak, eta, batik bat, sari aurreikuspenak eta sentipenak ekoizten dituztenak, oso aktibo egon ohi dira haurtzaroaren amaieran eta pubertaroan jada.

Egintzen ondorioak baloratzeko eta autokontrolatzeko ardura duten eremuak plazer emaileak eta plazera lortzea xede dutenak baino geroago heltzeak, bistan da, ondorio esanguratsuak ditu. Ondorio esanguratsuak, baiki, nerabezaro esaten diogun bizitzako fase horretan dauden norbanakoetan. Ondorioetako bat da nerabeak sentsazio eta esperientzia berrien gose izatea, eta horien balizko ondorioak ez aztertzea. Bestela esanda, arrisku portaerak izateko joera. Ez da ondorio bakarra, noski.

Robert Sapolskyk Behave (2017) liburuan dioenez, nerabezaroa eta gaztaro goiztiarra dira aldirik egokienak edonork hauetakoren bat egiteko: norbait edo norbaitek hil, etxea utzi, arte forma bat asmatu, diktadore bat erorarazi, behar dutenei bizitza eskaini, drogazale bihurtu, fisikoa aldatu, aisialdi-jarduera batean lepoa hautsi, jainkoren bati bizitza eskaini edo bere buruari sinetsarazi historia osoa une honetara iritsi dela, instanterik garrantzitsuena izateko, arrisku eta itxaropen gehienekoa, zailena, bereziena. Eta hori guztia zergatik eta entzefaloko eremuen artean heltze desdoikuntzak daudelako.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra:

Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zati da artikulu hau. Hauek izango dira sortako artikuluak:

  1. Nerabezaroko desoreka
  2. Norbere identitatearen bila
  3. Giza garunak denbora behar du garatzeko

The post Nerabezaroko desoreka appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #279

dim, 2019/12/01 - 09:00
Uxue Razkin

Astrofisika

Marten gauza arraroak gertatzen ari dira. Oraindik azalpenik ez badute ere, Curiosity ibilgailuak oxigenoaren gorabehera neurtu du Gale kraterrean. Oxigeno gutxi egon arren, urtaroen arabera kopurua %30 aldatzen dela kalkulatu dute. Gauzak horrela, metanoaren misterioari gehitu zaio oxigenoarena. Hain zuzen, iaz zientzialariek topatu zuten metano gorakaden eta urtaroen arteko korrelazioa zegoela. Oxigenoari dagokionez, ikertzaileek ondorioztatu dute zerbait egon behar dela udako hilabeteetan oxigeno hori sortzen ari dena. Hona artikulua osorik.

Osasuna

Kaltetutako bihotzetan zelula amak txertatzen direnean gertatzen den hobekuntza zelula horiek txertatzeak eragiten duen erantzun immunologikoagatik da, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez. Aurreko ikerketek iradokitzen zuten zelula amek eragiten zutela bihotzean zelula berriak sortzea, baina orain alboratu dute ideia hori ikerketa honen bitartez. Erantzun immunologikoa da funtsa!

Infekzioetatik babesten duten mutazio berek beste gaitz batzuk izateko arriskua areagotzen dutela ikusi dute Herbehereetako ikertzaile batzuek. Horretaz gain, badirudi gaixotasun infekzioso batzuei aurre egiteko lagungarriak diren aldaera genetikoek areagotu egiten dutela hanturazko gaitz eta autoimmune zenbait izateko arriskua, Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan.

Disfagia elikagaiak irensteko zailtasuna da, edozein adinetan eman daitekeen gaitza, alegia. UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiak (LaTEX) abiatu duen azken ikerketan, elikagai lodituen estandarizazioan dauden hutsuneak eta aldakortasun handia plazaratu dituzte. Alde batetik, kontuan hartu behar da disfagiarako elikagaiek pertsona bakoitzak irensteko duen zailtasun mailari egokitutako testura behar dutela. Bestetik, mantenugai ugari izan behar dituztela, desnutrizioa saihesteko, eta azkenik, zentzumen aldetik atseginak izan behar direla.

Paleontologia

Europako Lambeosaurus-ik zaharrena topatu dute Kataluniako Pirinioetan. Ahoaren formagatik, dinosauro hauei “ahate mokodun” esaten diete. Buru gainean gandorra zeukaten, ikertzaileen arabera, komunikatzeko balio zuena; orroak eta bestelako soinuak handitzeko erresonantzia kutxa gisa erabiltzen zuten, eta sexualki erakargarri suertatzeko ere. Xehetasun gehiago irakurtzeko, jo ezazue Berriako artikulura.

Biologia

Ginkgo zuhaitzari buruz hitz egin digu asteon Koldo Garciak berezia omen delako. Baina zergatik da berezia? fosil biziduna delako. Espezie hauek ez dute ahaide bizirik eta horregatik baliotsua da bere gene-azterketa. Zuhaitz hau askotan ikertu da baina orain misterio batzuk argitzen saiatu da ikerketa berri bat: non babestu zen, nola egin zion aurre Pleistozenoko klima-aldaketari, zein izan zen gizakion papera bere sakabanaketan eta zein faktorek eragin duten bere biziraupenean. Erantzunak testuan topatuko dituzue. Ez galdu!

Adimen artifiziala

Erabilgarri dago jada Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna: Itzultzailea.eus. Doan da eta prest dago ordenagailuetarako sakelako telefonoetarako. Bost hizkuntzatan dabil: euskaraz gain, espainiera, frantsesa, katalana eta galegoa daude aukeran. Elhuyarrek adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia izan du oinarri, Berriak dioenez.

Adimen artifiziala diskriminatzailea izatea eragozteko sistema bat asmatu dute AEBetako eta Brasilgo unibertsitate batzuetako ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, ikasketa automatikoan oinarritzen da, eta hezkuntzan eta osasun-arloan probatu dute.

Emakumeak zientzian

Asteon, Hedwig Kohn fisikaria izan dugu protagonista, bere lana oso garrantzitsua izan zen espektroskopia atomikoan eta molekularrean. Zehazki, argi-intentsitatea zehaztu zuen modu kuantitatiboan. Halere, zailtasun handiak izan zituen Bigarren Mundu Gerra piztu aurretik, ihes egin behar izan zuen judua zelako. Beraz, Ameriketako Estatu Batuetara eskapatu zen, Lise Meitner eta Hertha Sponer fisikariak bezalaxe. Ikerketan aritu zen Kohn eta irakasle izan zen ere. Ez galdu egin zituen ekarpenak eta bizi zituen abentura guztiak!

Matematika

Txartelen erabilera oso zabalduta dago gure bizitzan; hoteleko logelak irekitzeko erabiltzen ditugu, baita garraiobide batzuetan ere. Lan hau problema erreal batetik abiatu dute, adibidez, autoa aparkaleku batera sartzeko lauki sareko txartela diseinatu beharra, eta horri erantzuna emateko, formula matematiko batzuk erabili dituzte. Lan honen helburua formula matematiko horiek eta haien orokorpenak Burnside eta Pólyaren zenbatzeko teoriaren bidez azaltzea da.

Klima-aldaketa

Satitsuek klima-aldaketari erantzuteko zer gaitasun duten ikertzen ari da Antton Alberdi, Kopenhageko Unibertsitateko biologoa. Horretarako, eta Berriako artikuluan azaltzen de bezala, satitsuen hesteetako mikroorganismoak nola aldatzen diren behatzen ari da. Ikerketa honek gainera badu bereizgarri bat: ez ditu erabili laborategietako ohiko saguak, mendietan harrapatutako satitsuak baizik. Aukeraketa honek badu arrazoi bat atzean: klima baldintzek animalien egokitzapenean zer eragin duten jakitea du xede eta horretarako naturako egoeran dauden animaliak erabiltzea garrantzitsua dela dio biologoak.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #279 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #286

sam, 2019/11/30 - 09:00

Zerk du influentzia gehiago, genetikak ala inguruak? Aingeruen sexuaren inguruko eztabaida eskolastikoaren baliokide izan daitekeela dirudi, baina ez. Irakurtzen hasten den entzefalo batean gertatzen dena oso esanguratsua da. Nature versus nurture: how modern science is rewriting it, Kevin Mitchell eta Uta Frith.

Beharrik ez dagoenean, prebentiboki, frutalen gainean fungizida zabaltzeko arrazoirik ez dago. Ez da onuragarri inorentzat eta egiteko modu arrazionalagoak daude: eredu bayesianoa eginez, esaterako. BCAM eta Valentziako kakiak: A Bayesian model of fungal infection in persimmon

Duela 114 urte azaldu zuen Einsteinek efektu fotoelektrikoa. Kontu ugaritan erabiltzen da. Eta, hala ere, solidoetan, non aurkitu zen, zelan funtzionatzen den ikasten gabiltza. DIPC-k The attosecond dynamics underlying the photoelectric effect

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #286 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hedwig Kohn: Fisika, naziak eta korapilatu zen ihesaldi bat

ven, 2019/11/29 - 09:00
Uxue Razkin Bigarren Mundu Gerra piztu eta naziek beldurra eragin aurretik, hiru emakumek Alemaniatik alde egin behar izan zuten garai hartan indarrean zeuden aurreiritziak zirela eta: antisemitismoak eta haiekiko errefusak behartu zituen euren jaioterria uztera. Zientzian murgiltzea zuten amets Lise Meitner, Hertha Sponer eta Hedwig Kohn fisikariek, eta alor honetan, hain zuzen, aurkitu zuten euren gordelekua, baina Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin behar izan zuten eta atzean utzi bere jaioterrian gogotsu hasi zuten bidaia.

1. irudia: Hedwig Kohn 1912. urtean haren laborategian. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Wikimedia Commons)

Edonola ere, eskapatu aurretik, Alemaniako unibertsitateetan klaseak emateko titulua lortu zuten hirurek; hain justu, hori erdietsi zuten lehenengo emakumeak izan ziren. Hirurak ikerketan ibili ziren buru belarri. Kohn, bere aldetik, aitzindaria izan zen bere alorrean; argi-intentsitatea zehaztu zuen modu kuantitatiboan. Bere lana oso garrantzitsua izan zen espektroskopia atomikoan eta molekularrean.

Hedwig Kohn 1887an jaio zen, Breslavian (Poloniako hiri bat izan zen, Alemaniako Inperioko garrantzitsuetako bat). 1907an hasi zituen ikasketak unibertsitatean, emakumeek bertan sartzeko debekua zutenean. Fisikako doktoregoa ere lortu zuen, 1913an. Geroago, Kohnek azaldu zuen elkarrizketa batean hasieran ez ziotela utzi modu ofizialean matrikula egiten; alegia, “ikasle gonbidatu” gisa joaten zela klaseetara. Alabaina, berak bazekien egoera hori noizbait aldatuko zela.

Otto Lummer (1860-1925) bere mentorea izan zen, Kohnen esanetan, “fisikarako intuizio handia zuen gizona”. Ezaguna izan zen batez ere egindako erradiazio neurketen zehaztasunagatik; bere laguntza oso garrantzitsua izan zen Planck Legearen garapenean, adibidez. Lummer jabetu zen haren potentzialaz eta horregatik bere laguntzailea izateko eskaera egin zion 1914an. Jakina, Kohnek onartu egin zuen.

Lehen Mundu Gerran, irakasle eta ikasle batzuen tutore gisa lan egin zuen. Oraindik oso gaztea bazen ere, bere lanagatik domina jaso zuen. Klaseak eman eta ikerketak egin ondoren, 1930ean lortu zuen unibertsitateetan irakasteko behar zuen titulua. Halere, esan beharra dago aurretik saiatu zela hori lortzen, 1919an, baina beste oztopo bat izan zuen aurrean. Izan ere, dekanoarekin hitz egin ondoren, azken honek azaldu zion arauek argi uzten zutela kalifikazio hori “gizon gazteentzako” zela bakarrik. Arauak aldatzen hasi ziren.

Kaleratze batek piztu zuen ihesaldia

1933an, bere kargutik bota zuten judua izateagatik. Bi urte geroago, Arosan (Suitza) hiru hilabeteko lana eskaini zioten behatoki batean, eguzkiaren argi ultramorearen intentsitatea neurtzeko. Alabaina, ez zuen denbora aski izan bere ikerketa bukatzeko. Kristal hautsien gauaren ondoren, konturatu zen ahalik eta lasterren ihes egin behar zuela, baina ez zuen lan-eskaintzarik atzerrian eta horrek zailtzen zuen nolabait bere ihesaldia. Aurreiritziak agertu ziren berriro: beste herrialdeetan ez zen ezaguna, 50 bat urte zituen eta emakumea zen. Krisi-egoera horretan, Rudolf Landerburgek (1882-1952), Kohnen doktore-tesia zuzendu zuenak, lana topatzen lagundu zion. Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioak (IFUW ingelesez) eta Arriskuan dauden Akademikoentzako Kontseiluak esku hartu zuten egoera zail honetan eta Aberdeeneko Unibertsitatean lanpostua eskaini zioten. Hala ere, pozak oso gutxi iraun zion; gerra piztu zen eta, ondorioz, Ingalaterrak aurretik onartu zituen bisa guztiak bertan behera utzi zituen.

2. irudia: Hedwig Kohn fisikaria bere bulegoan 1950. urtean, gutxi gorabehera, Wellesley College Unibertsitatean. (Argazkia: Jewish Women’s Archive)

Garai hartan, Kohnek, Landerburgek, Meitnerrek eta Sponerrek gutun ugari bidali zizkioten Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioari eta, oro har, munduko unibertsitateei. Azkenean, hainbeste tematu zirenez, hiru lanpostu lortu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan: lehenengoa, Ipar Carolinako Unibertsitateko Emakumeen Eskolan; bigarrena, Sweet Briar Unibertsitatean, Virginian; eta hirugarrena, Wellesley izeneko Unibertsitatean, Massachusettsen. Urtebeteko egonaldia egin zuten hiruek. Denbora tarte horretan, Kohni Suediara joateko aukera eman zioten eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Ez zuen zorte bera izan Kurtek, bere nebak; 1941ean Kaunasera bidali, eta bertan hil zuten.

Fisikariari benetan zaila egin zitzaion itzulera, alegia, Stockholmotik Ipar Carolinara bidaiatzea, izan ere Atlantikoa une hartan gudu-zelaia zen. 1940an Suediako hiriburua atzean utzi zuen; trenez egin zuen bidaia Vladivostok hiriraino, eta bi hilabete geroago, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen, oso gaixorik. Indarberritzeko, Chicagon gelditu zen bolada batez, bere lagun James Franck fisikariarekin (1882-1964) eta ondoren Hertha Sponer izan zuen zaintzaile Durhamen (Ipar Carolina). Jada guztiz sendatuta zegoenean, Greensboroko Emakumeen Eskolan irakasten hasi zen.

Ez zion inoiz irakasteari utzi

1942 eta 1952 bitartean, irakasle jardun zuen Wellesleyko Unibertsitatean. Horretaz gain, laborategi xume bat eraiki zuen bere ikasleekin batera ikertzeko. Bertan, absortzio atomiko bidezko espektrometria teknika erabili zuen. 1952an, erretiroa hartu zuen urte berean, irakasle emeritu titulua esleitu zion Alemaniako Errepublika Federaleko Gobernuak.

Erretiroa hartu ondoren, Dukeko Unibertsitatean lan egin zuen ikertzaile gisa 1964an zendu zen arte. Denbora tarte horretan, Kohnek zenbait ikasleren doktore-tesiak zuzendu zituen eta doktorego ondoko ikasle bi hautatu eta animatu zituen absortzio atomiko bidezko espektrometria berarekin batera ikasteko, absortzioaren ezaugarriak eta gehiengo espezie kimikoen kontzentrazioak ikertu nahi zituen eta. Oinarrian, lan hori 1912 eta 1933 urteen artean egindakoaren jarraipena izan zen.

Bere ibilbide zientifikoan zehar, erradiazio-intentsitatearen neurketa kuantitatiboan zentratu zen, argitasunean eta tenperaturan nagusiki. Gainera, “Mueller-Pouillets Lehrbuck der Physik” (1929) izeneko fisika testu-liburu bateko hainbat kapitulu idatzi zituen. Ezin da ukatu bere ikerketek eta ekarpenek finkatu zituztela Fisikako oinarri batzuk.

Iturriak:

  • Lewin Sime, Ruth, (1997). Lise Meitner: A Life in Physics. University of California Press, California.
  • Winnewisser, Brenda P. (2009). Hedwig Kohn. Jewish Women: A Comprehensive Historical Encyclopedia. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)
  • American Institute of Physics. Hedwig Kohn. Niels Bohr Library & Archives, American Institute of Physics. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Hedwig Kohn: Fisika, naziak eta korapilatu zen ihesaldi bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik

jeu, 2019/11/28 - 09:00
María Merino Maestre, Imanol Unanue Gual Landu dugun problemaren motibazioa bizitza errealeko egoera batzuekin erlazionatuta dago. Azal dezagun gaur egungo horietakoren bat. Txartelen erabilera gero eta hedatuago dago, hoteleko logelen ateak irekitzeko, autobideen bidesarietan, garraiobide batzuetan edo parkimetroetan ordaintzeko, besteak beste.

1. irudia: Parkineko txartela sartzeko lau aukera ditugu.

Imajina dezagun autoa aparkaleku batera sartzeko lauki sareko txartela diseinatu nahi dugula. Txartela, parkimetroan sartzea errazteko asmoz, edozein posiziotan sartzeko aukera posible izango da, parkimetroaren zirrikituaren neurria (r laukietako luzerakoa) kontuan izanik. Hau da, txartela laukizuzena bada lau aukera dugu era arrakastatsuan sartzeko, 2. irudiaren adibidean ikusten den bezala. Bi txartel berdinak dira, batetik (a) bestera pasatu ahal bada 180 gradu biratuz (b), aurrealdetik atzealdera itzulia emanez (c) edo bien konbinaketa eginez (d). Erantzun nahi ditugun galderak mota honetakoak dira: zenbat txartel desberdin egin liteke bi kolore erabiliz? Eta zehatz-mehatz hiru lauki beltzez eta gainontzeko laukiak zuriz margozten badira? Eta kolore gehiago erabiliz? Eta txartela karratuak kontsideratzekotan?

Problema modelizatzeko nahian, txartelak matrize moduan ikusiko ditugu. Izan bitez r, s eta t zenbaki arruntak. Orduan, gure lanaren interesa t kolore erabiliz r x s tamainako matrize ez-baliokideak zenbatzean datza. Kopuru horiek matrize orokorren kasuan a(r; s; t) notazioarekin adieraziko ditugu. Bi matrize baliokide direla esango dugu baldin eta berdinak badira islapenak (horizontalak zein bertikalak) edo biraketak (180 gradukoen multiploak laukizuzenen kasuan) egin ondoren. Emaitzak r eta s neurrien bikoitasunaren menpekoak izango dira.

2. irudia: Parkimetroan txartela sartzeko aukera posibleak

Lan honen jatorria EKAIA 26 eta 27 aldizkarietan agertutako [1, 2] artikuluak dira. Lehenengoan, Konputazioa erabiliz formula batzuk induzitzen dira; bigarrenean, oinarrizko Konbinatoria erabiliz aieru batzuen froga matematikoa erakusten da. Hirugarren honetan Pólyaren zenbatzeko teoria aplikatuko da formulak lortzeko eta orokorpenak egiteko.

Aipatutako lanetan, patroi bitarrak landu dira, hots, bi koloredun matrizeen kalkulua. Matrize orokorren kasuan, (1) adierazpenean formulen laburpena dugu.

Aurreko emaitzak behin berriro frogatzeaz gain, teoriari esker formula horiek orokortuko ditugu bi norabidetan: (i) patroi bitarrak erabiltzetik t koloredun patroi ez baliokide kopurua kalkulatzera; eta (ii) kolore bakoitzaren maiztasuna jakinik, patroi ez-baliokide kopurua lortzeko bidea emanez. [3] lanean azalduko diren emaitzetan oinarrituta, hogeita hamar segida onartuak izan dira The On-Line Encyclopedia of Integer Sequences (OEIS) webgunean. OEIS zenbaki arrunten, zatikien, zenbaki transzendenteen digituak eta zenbaki konplexuen segidak dituen entziklopedia on-line da, [4] estekan kontsulta daitekeena. Neil James Alexander Sloane matematikaria 1960 urteetan biltzen hasi zen eta 2018an 300,000 segida inguru ditu, mota honetako datu-base handiena izanik.

Erreferentziak

[1] YURRAMENDI Y. 2013. \Matematika esperimentalaren adibide bat: Lauki sareko patroi bitarren kopuruaren kalkulua,” EKAIA, 26, 325{348.

[2] MERINO M. eta YURRAMENDI Y. 2014. \Lauki sareko patroi bitarren kalkulua, oinarrizko konbinatoriaren eskutik,” EKAIA, 27, 237{262.2

[3] MERINO M. eta UNANUE I. 2018. \Lauki sareko patroien kalkulua, P_olyaren teoriaren eskutik,” EKAIA, 34, onartua.

[4] SLOANE N.J.A. (ed.), \The On-Line Encyclopedia of Integer Sequences.” Website, eguneratze-data: 2017-05-12. http://oeis.org

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik.
  • Laburpena: Lan hau Yurramendiren (2013) eta Merino eta Yurramendiren (2014) artikuluen jarraipena da. Horietan, formula matematiko batzuk eman ziren kalkulatzeko zenbat patroi bitar ez-baliokide diren lauki-sarean. Lan honen helburua formula matematiko horiek eta haien orokorpenak Burnside eta Pólyaren zenbatzeko teoriaren bidez azaltzea da. Izan ere, bi kolore baino gehiago duten patroiak zenbatuko ditugu eta, gainera, kolore guztien maiztasuna jakinda, patroi ez-baliokideen kopurua lortzeko bidea emango dugu. Artikulu hau UPV/EHUko Imanol Unanue Gualen Matematikako Gradu Amaierako Lanean oinarrituta dago.
  • Egileak: María Merino Maestre, Imanol Unanue Gual.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 289-316
  • DOI: 10.1387/ekaia.17851

————————————————–
Egileez:

María Merino Maestre, Imanol Unanue Gual UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marteko metanoaren misterioari oxigenoarena gehitu zaio orain

mer, 2019/11/27 - 09:00
Juanma Gallego Momentuz azalpenik ez duen oxigenoaren gorabehera neurtu du Curiosity ibilgailuak Gale kraterrean. Oxigeno gutxi egon arren, urtaroen arabera kopurua %30 aldatzen dela kalkulatu dute.

“Gauza arraroak gertatzen ari dira Gale kraterraren inguruan. Urtaro bakoitzean, aurreikusitakoa baino handiagoak diren oxigenoaren gorakadak eta beherakadak ikusten ditut, metanoarekin gertatu den antzerakoa, hain justu. Iturri bio eta ez bio izan zitezkeen; hortaz, horrek ez du adierazten bizia Marten, baina… ene bada! Pena merezi du gehiago ikertzeak”. Azaroaren 12an Twitter sare sozialaren bitartez @MarsCuriosity kontu ofizialak zabaldutako mezua da. NASAko arduradunak gai izan dira 280 karakteretan baino gutxiagotan aurkikuntzaren muina laburbiltzeko: zer neurtu duten, testuingurua zein den, azalpen posibleak eta ikerketetan sakontzearen beharra. Halakoetan egin behar den moduan, gainera, emozioa eta zuhurtzia ondo neurtuta zabaldu dute mezua.

1. irudia: Ia sei urtez –hiru urte Marten– laginak hartzen egon da Curiosity, Gale kraterraren inguruetan. Ibilgailu horren neurketek planeta gorriaren inguruan genuen irudia guztiz aldatu dute. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Marten aurkikuntza harrigarriak egiten ari den robotaren arduradunak ez dira, noski, sare sozialetara mugatu aurkikuntzaren berri emateko. Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian eman dituzte xehetasun guztiak, gainerako zientzialariek horren berri izan dezaten, eta, behar izanez gero, datu horietatik bestelako ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.

Kasu honetan, gainera, kontua ez da tramite hutsa. Zientziaren kanonen arabera ondorioak mundu guztiaren esku jartzea eskatzen duen tramitea baino harago doa hau: ideiak beharko dituzte. Aitortu dutenez, esku artean dituzten datuen argitara, Marten dagoen oxigenoaren portaera azaltzeko modurik ez dute.

Kontu honetan guztian agian zirraragarriena da metanoarekin antzeko zerbait gertatu dela. Iaz zientzialariek aurkitu zuten metano gorakaden eta urtaroen arteko korrelazioa zegoela, eta martxoan gaiaren inguruan egon zitezkeen zalantzak argitu zituzten, Curiosityk lurrean egindako neurketak orbitatik berretsi zituztelako, Mars Express zundaren bitartez. Dena dela, eta gauzak konplikatzeko, apirilean jakin zen TGO zundak orbitan neurtutako metano mailak uste baino askoz txikiagoak izan direla.

Orain, oxigenoaren neurketak izan dira ezustekoa eman dutenak. Lehenik eta behin argitu behar da oso oxigeno gutxi dagoela Marten: atmosferaren %95 karbono dioxidoaz osatuta dago. Nitrogenoa %2,6 da; argona %1,9; eta oxigenoa %0,16 besterik ez da. Gutxi izan arren, neurketa fidagarriak egiteko oxigeno adina dago. Metanoaren kasuan, berriz, kopurua askoz txikiagoa da (%0,00000004), eta hor neurketetan akatsaren bat egotea errazagoa litzateke.

Beroarekin, gora

Urtaroei lotutako aldaketak izaten dira Marteko atmosferaren osaketan. Neguan, poloetako karbono dioxidoa izoztu egiten da, eta horrek dakar planeta osoko atmosferaren presioa are txikiagoa izatea. Uda partean, berriz, CO2z osatutako izotz hori sublimatzen da, eta atmosferaren presioak gora egiten du berriro. Dinamika hau ezagututa, zientzialariak gai dira azaltzeko CO2aren aldaketaren ondorioz argonean eta nitrogenoa izaten diren urtaroko aldaketak. Hots, bai nitrogenoak zein argonak urtaroen arabera esperokoa den patroia jarraitzen dute, atmosferan dagoen CO2aren arabera. Baina oxigenoaren kasuan ezin daiteke esan hau hala denik. SAM tresnaren bitartez egindako neurketek erakutsi dutenez, udaberria eta uda partean oxigeno hori %30 handitu da, eta udazkenean ohiko kopuruetara itzuli da. Gainera, aldaketa hauek urtero gertatzen diren arren, ez dira beti berdintsuak izaten. Horregatik, Melissa Trainer planeta-zientzialariaren aburuz, horren jatorria ezin daiteke egon atmosferaren dinamiketan; ezinbestean, jatorri kimikoa izan behar duela babestu du.

2. irudia: Oxigenoaren –zirkulu beltza– eta metanoaren –karratu grisa– aldaketak Gale kraterrean, lau urtaroen arabera. (Irudia: Melissa Trainer/Dan Gallagher/NASA Goddard)

Metanoaren kasuan, aurreko neurketek erakutsi zuten metanoa %60 hazten dela uda partean. Orain ezagutarazi dutenez, zenbait kasuetan bi gasen gorakadak batera ematen dira, eta hori izan liteke, zenbait hipotesiren arabera, gas horien jatorri komun baten adierazle. Oraindik goiz da jakiteko oxigenoaren eta metanoaren korrelazio bat ote dagoen, baina hala izan zitekeela iradoki dute NASAk zabaldutako prentsa oharrean.

Gainera, atmosferan horrelako gorakada bat sortzeko oxigeno-atomo adina ez dagoela kalkulatu dute zientzialariek; horregatik, lurrera begira ari dira, erantzunen bila. Onartu dute, halere, oraindik ez dakitela zein izan zitekeen gorakadaren abiapuntua. Hainbat hipotesi abiatu badituzte ere, orain arte sortu dituzten hainbat eredu desberdinak ez dira gai izan horrenbeste oxigenoren sorrera justifikatzeko.

Hortaz, atera duten ondorioa da egon behar dela zer edo zer udako hilabeteetan oxigeno hori sortzen ari dena. Zientzia artikuluetan idazterik ez baina prentsari bai azaldu ahal zaion zerbait gaineratu dute: hori ikusi zuten lehen aldia “txundituta” geratu ziren.

Datuak ikusita, egin zuten lehen gauza izan zen egiaztatzea SAM tresna ondo kalibratuta zegoela, eta hala zela baieztatu zuten. Lehen susmagarrietara jo zuten ondoren: agian oxigeno hori CO2tik edo ur molekuletatik zetorren, konposatu horiek atmosferara askatzen zirenean. Baina zenbakiak ez zetozen bat: planetaren atmosferan dagoen ura halako bost beharko lirateke oxigenoaren gorakada hori sortzeko. CO2ari dagokionez, horren deskonposaketa mantsoegia da zenbaki horiek emateko.

Neguan zergatik jaisten den ere azaltzeko modurik ez dutela onartu dute. Eguzkiaren erradiazioa oxigenoko molekulak apurtzeko gai bada ere, oraingoan ere prozesua mantsoegia litzateke jaitsiera azaltzeko (teorian gutxienez hamar urte beharko lirateke praktikan urtaro batean gertatzen den galera sortzeko).

Agerikoa da galdera: orain arte atzeman ez dugun bizidun motaren batek sortzen al ditu oxigeno eta metano horiek? Ur handiak dira horiek, noski. Fenomenoaren atzean arrazoi geokimikoren bat egon daitekeela diote aditu gehienek, behar-beharrezkoa den zuhurtzia erakutsiz. Baina, aldi berean, ziur aditu horiek guztiek, kasu honetan bederen, oker egotea nahi izango dutela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Trainer, M. G., Wong, M. H., McConnochie, T. H., Franz, H. B., Atreya, S. K., Conrad, P. G., et al. ( 2019). Seasonal Variations in Atmospheric Composition as Measured in Gale Crater, Mars. Journal of Geophysical Research: Planets, 124. DOI: 10.1029/2019JE006175.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Marteko metanoaren misterioari oxigenoarena gehitu zaio orain appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Test

mar, 2019/11/26 - 10:52

Test

The post Test appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Planifikazio-algoritmoak

mar, 2019/11/26 - 09:46
Ianire Taboada eta Fidel Liberal Internet behar-beharrezkoa bilatu da eguneroko bizitzan, eta horrek datu-sareen erabilera masiboa ekarri du, bereziki sare mugikorren erabilera masiboa. Horren aurrean, gaur egun, sare hornitzaileen erronka nagusietariko bat da erabiltzaileen trafiko fluxuen arteko sare baliabideen kudeaketa. Izan ere, Internet-aplikazioen igoerak sareko banda zabalera eskaeraren hazkundea eragin du. Beraz, oso garrantzitsua da bukaerako erabiltzaileak zerbitzuaren kalitatean hornitzeko sare baliabideen partekatze eta erabilera eraginkorra izatea.

Sare baliabideen esleipenerako estrategia tradizionalak zerbitzuaren kalitate parametro objektiboetara bideratzen dira. Sare baliabideen esleipen horretan, kalitate subjektiboaren maximizaziorako, planifikazioaren garrantziaren eta beharraren aurrean, lan honetan erabiltzaileek hautemandako kalitatearen maximizazioa helburutzat duen sare baliabideen planifikaziorako algoritmoen lorpenean sakondu da.

Era honetan, trafiko fluxuen planifikaziorako optimizazio arloan aurkitutako gabeziei aurre egiteko, lan honetan sare baliabideen esleipen dinamiko eta estokastikoaren problema aztertzen da, bataz besteko kalitate subjektiboaren maximizazioa denboran aldakorra den kapazitatea duen kanalaren kasua hain zuzen ere. Problema horren soluzio optimoa analitikoki zein konputazionalki eskuratzea bideragarria ez denez, sinpleak, tratagarriak eta inplementagarriak diren eta errendimendu ona erakusten duten lehentasunean oinarritutako planifikazio diziplina heuristikoak diseinatzeari ekin zaio.

Horretarako, ikerketa hau matematika arloan ekarpen handia duten erabakitze prozesu markoviarren markoan eta planifikazio indize erregela motako soluzioak eskuratzeko Gittins zein Whittle metodoetan zentratu da. Modu honetan, lehenik eta behin, aurreko planifikazio problema erabakitze prozesu markoviarren plataforman modelatu da. Ondoren, eredu analitiko horren soluzio optimoaren lorpena ezinezkoa izanik, horren ebazpenerako Gittins-en edota Whittle-n oinarritutako metodologiak erabilita, adierazpen itxia duten planifikazio indize erregelak proposatu dira, GM eta ASPIM deiturikoak hurrenez hurren.

Bukatzeko, proposatutako planifikazio diziplinen funtzionamendua balioztatzeko planifikazio proposamen horien errendimenduaren azterketa egin da. Horrela, planifikazio estrategia berri horiek 4G sare baten kasurako errendimendu egokia erakusten dutela egiaztatu da.

Egindako errendimenduaren azterketaren arabera, aipatzekoa da Whittlen-en konponbideak emaitza nabarmenki hobeak erakusten dituela. Batez besteko QoE-ari dagokionez, ASPIM izan ezik, GM-ek gainontzeko aztertutako diziplina guztiak gainditzen ditu, biak gogobetetze-atalasearen gainetik mantentzen direlarik. Gainera, ASPIMen eta GMen arteko aldea kasurik txarrenean 1 ingurukoa da. QoE-aren ekitateari erreferentzia eginez, bi diziplinen Jain indizeen arteko diferentzia kasurik txarrenean 0.15 ingurukoa da.

Aitzitik, ASPIM indize-erregela GM indize-erregela baino konplexuagoa da, GMen inplementazioa errazagoa zein exekuzio-denbora azkarragoa direlarik. Simulazioetan behatzen denaren arabera, exekuzio-denborari dagokionez, GM ASPIM baino 16 aldiz arinagoa da gutxi gorabehera.

Hortaz, lortu nahi den QoE-aren maximizazioaren zehaztasunaren eta indize-erregelaren konplexutasunaren arteko oreka bilatuko da ASPIM edo GM aukeratzerakoan.

Bestalde, analizatutako problemaren indize erregelen ondorioztatzearen ekarpenaz aparte, erabakitze prozesu markoviar batean oinarritutako sare baliabideen esleipenean erabiltzailearen pertzepzioaren maximizaziorako planifikazio optimizazio problemarako hautemandako kalitatea kontuan hartzen duen eredu analitikoaren proposamena azpimarratzekoa da. Eredu matematiko horren modelaketan kalitate subjektiboa sartzeko modua eredu horretatik abiatuz erabiltzailearen pertzepzioaren maximizaziorako problema ezberdinetarako indize erregela egokiak eskuratzeko oinarria da.

Beraz, lan honetan lortutako emaitzak gaur egungo eta etorkizuneko sareetan planifikazio algoritmoak garatzeko oinarri matematiko garrantzitsua dira.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: QoE-aren optimizaziorako indize-erregelen proposamenak sare-baliabideen esleipenerako planifikazioan.
  • Laburpena: Lan honetan sakon aztertu dira erabiltzaileek hautemandako kalitatearen maximizazioa helburu duen sare-baliabideen planifikaziorako scheduling algoritmoak, beti ere sare-baliabideen esleipenean kalitate subjektiboaren maximizaziorako planifikazioaren garrantzia eta beharra buruan izanda. Ikerketak bereziki erreparatu dio matematika arloan ekarpen handia egin duten Gittins zein Whittle metodoen bidez lortutako kalitate subjektiboaren maximizaziorako scheduling indize-erregela motako soluzioen azterketei. Modu honetan, lehenik eta behin, bi diziplina horiek aurkeztu dira, Gittinsena bakunagoa izanik. Ondoren, bi planifikazio-politika horien errendimenduak elkarrekin erkatu dira, eta ikusi da Whittlen-en konponbideak emaitza nabarmenki hobeak erakusten dituela. Ondorioz, Gittins edo Whittle metodoetan oinarritutako proposamena aukeratuko da.
  • Egileak: Ianire Taboada, Fidel Liberal.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 109-120
  • DOI: 10.1387/ekaia.14384

—————————————————–
Egileaz: Ianire Taboada eta Fidel Liberal UPV/EHUko Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakasleak dira eta Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaileak.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Planifikazio-algoritmoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Fosil bizidun baten gene-istorioak

mar, 2019/11/26 - 09:00
Koldo Garcia Udazkena bete-betean dugu eta zuhaitz gehienak biluztu zaizkigu. Gure inguruan aurki ditzakegun zuhaitz biluzi horien artean bada bat nahiko berezia dena: Ginkgo zuhaitza (Gingko biloba). Zuhaitz hori berezia dela diogu fosil biziduna delako. Termino hori zientifikoa ez bada ere, horrela ezagutzen dira erregistro fosilean aurki daitezkeen espezieen antza duten egungo espezieak. Espezie hauek ez dute ahaide bizirik, hau da, isolatutako espezieak dira, eboluzioan izoztuta egongo balira bezala, iraganeko mundu baten lekukoak. Horregatik da hain baliotsua beren gene-azterketa.

Ginkgo zuhaitzak ez du izan aldaketa nabarmenik bere itxuran azken 200 milioi urtean eta glaziazioetan bizirik iraun du Txinako parajeetan. Zuhaitz honek duen xarma dela eta, azken urteetan mundu osoan zehar zabaldu da gizakion eraginez, apaingarri gisa erabili baita. Zuhaitz hau askotan ikertu bada ere, oraindik ezezagunak ziren alderdi batzuk argitzen saiatu da lan berri bat: non babestu zen, nola egin zion aurre Pleistozenoko klima-aldaketari, zein izan zen gizakion papera bere sakabanaketan eta zein faktorek eragin duten bere biziraupenean.

Lan hau egiteko 51 tokitako 545 ginkgo zuhaitzen genomak sekuentziatu dituzte. Zuhaitz horiek batez ere Txinatik hartu dituzte, baina aztertu dituzte Koreako, Japoniako, Europako eta Ameriketako zuhaitzak ere. Kontuan izan behar da ginkgo zuhaitzaren genomak hamar mila miloi letrako luzera duela, hau da, gizakion genoma baino hiru aldiz luzeagoa da. Hortaz, eskerga da hortik atera den datu-kopurua, eta lan mardula hura aztertzea.

1. irudia: Ginkgo zuhaitza udazken koloretan Txinako herrixka batean. (Argazkia: Kohji Asakawa– Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Gaur egungo ginkgoen jatorria aztertzeko hainbat metodo erabili zituzten eta emaitza bera lortu zen horiek guztiek erabilita: jatorrian lau populazio handi zeudela eta hiru eskualdek babesgune bezala funtzionatu zutela. Jatorrizko populazio horien kokaleku ziren Txinako ekialdea, Txinako hego-mendebaldea, Txinako hegoaldea eta Txinako iparra, azken hau zelarik beste hiruen lotura-gunea. Hortaz, lanaren egileek proposatu dute Txinako iparraldeko populazioa hegoaldeko eta hego-mendebaldeko populazioen nahasketaren ondorioz sortu zela, orain dela 140.000 urte inguru. Emaitza horretan oinarrituta ere hiru babesgune zehaztu dituzte: jadanik ezagunak ziren hego-mendebaldeko eta ekialdeko babesguneak; eta hegoaldean babesgune berri bat. Izan ere, hiru babesgune hauek biodibertsitate handia duten lekuak dira, bai landare askoren babesguneak ere.

Populazioen tamainari dagokiola, ginkgoak hainbat zabalkuntza- eta murrizketa-ziklo izan ditu, Pleistozenoko glaziazioetan gertatu zirenak. Gene-datuetan eta simulazioetan oinarrituta, tamainarik handienak gertatu ziren orain dela 15 milioi urte, 1,05 milioi urte eta 0,5 milioi urte; eta txikienak orain dela 4 milioi urte, 0,1 milioi urte eta 0,06 milioi urte. Azken 2 milioi urteetan klima hotzekin izan dute lotura populazioen murrizketak.

2. irudia: Ginkgoak jatorrizko lau populazio ditu (Argazkia: Marzena P.– Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Txinatik kanpo kokatzen diren ginkgoei dagokienez, beren gene-jatorria aztertuta, Txinako ekialdeko populazioen ondorengoak direla ondoriozta daiteke. Lehenengo, Japoniara eta Koreara eraman ziren ginkgoak, Txinako ekialdeko ginkgoen parekoak direnak. Geroago, Europara eta Ameriketara. Europan aurkitzen diren zuhaitzak Txinako ekialdeko ohiz kanpoko ginkgoen ahaideak dira; eta Ameriketan aurkitzen direnak Txinako ekialdeko, Japonia eta Koreako, eta Europako ginkgoen antzekoak dira. Hortaz, ikertzaileen iritzia da ginkgoak hainbat aldiz eraman direla Txinako ekialdetik Ameriketara. Hori horrela izan dadin, ginkgoaren hedaketa berri hau gizakion eraginez izan behar zuen, ikertzaileen iritziz.

Banaketa honetan zein faktorek eragiten zuten ere ikertu zuten. Ondorioztatu zuten zazpi klima-aldagaik zutela eragina, besteak beste, tenperaturaren urtarokotasuna, euriaren urtarokotasuna edota hilabete lehorrenaren euri-kopurua. Gainera, aldagai hauen garrantzia ezberdina izan zen Txinako ekialdeko eta hego-mendebaldeko ginkgoetan, agian talde bakoitzak izan zituen habitat-lehentasunen ondorioz.

3. irudia: Ginkgoa klima-aldaketei moldatzeko gai izan da. (Argazkia: punch_ra – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Ginkgoen eboluzioa aztertzeko, 58 zuhaitz aukeratu zituzten ekialdeko taldetik eta beste 38 hego-mendebaldekotik. Zuhaitz horien genometan hautespenaren seinaleak bilatu ziren eta talde bakoitzean hautespena jaso zuten genoma-eskualdeak ezberdinak izan zirela ikusi zuten. Eskualde horietan kokatzen diren geneak aztertuta, ondorioztatu zuten gene horiek estres abiotiko eta biotikoei aurre egiteko funtzioa zutela; bereziki zirela intsektuei eta onddoei aurre egiteko defentsekin lotutako geneak eta deshidratazioari, tenperatura baxuei eta gatz askori erantzuteko geneak. Izan ere, aurretik jakina zen ginkgoak erresistenteak zirela estresaren aurrean, bereziki herbiboroen eta patogenoen aurrean.

Laburbilduz, ginkgo askoren genoma aztertuta bere banaketari buruzko zehaztasun berriak lortu dira, bere historia ebolutiboa irudikatuta. Honek espezieen eboluzioari buruzko datu berriak eman dizkigu, ez baita ohikoa isolatutako espezie bati buruzko horrenbeste gene-informazio biltzea. Mendeetan zehar ginkgoak gizakiak liluratu ditu, medikuntzan esanguratsua izan da eta inspirazio-iturri izan da arteetan. Orain genetikan ere bai.

Erreferentzia bibliografikoa

Zhao, Y., Fan, G., Yin, P. et al., (2019). Resequencing 545 ginkgo genomes across the world reveals the evolutionary history of the living fossil. Nature Communications, 10(1), 4201. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-019-12133-5.

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

—————————————————–

The post Fosil bizidun baten gene-istorioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila

lun, 2019/11/25 - 09:00
Disfagia elikagaiak irensteko zailtasuna da eta kasu batzuetan zailtasun honek mina eragiten du eta irenstea galarazten du. Disfagia edozein adinetan eman daiteken gaitza da baina ohikoagoa da adinekoetan eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenen artean. UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiak (LaTEX) hamar urte daramatza disfagia duten pertsonen dieta egokitzeko esparruan ikertzen eta burututako azken ikerketan elikagai lodituen estandarizazioan dauden hutsuneak eta aldakortasun handia plazaratu dituzte.

Egun, biztanleen %8ak du disfagia eta horietatik %80a adineko pertsonak eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenak dira. Irensteko arazoa larria izan daiteke eta desnutrizioarekin lotu daiteke. Horrez gain, desnutrizioarekin harreman dituzten egoera patologikoak larriagotu ditzake eta heriotza ere ekar dezake elikagaiak eztarrian trabatzearen ondorioz edota arnas konplikazioak eragiteagatik. Hau dela eta, UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiko Olaia Martinez ikertzaileak lanean dihardu disfagia duten pertsonen dieta egokitzeko eta Food Hydrocolloids aldizkarian arlo honetan egindako ikerlan bat argitaratu berri du, ‘Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition’ izenekoa (Disfagiarako formula loditzaileen zentzumen pertzepzioa eta fluxu propietateak, hainbat osaeratakoak).

Irudia: Elikagaiak irensteko zailtasunari esaten zaio disfagia eta biztanleriaren ehuneko handi bati (% 8) eragiten dion arazo larria da. Besteak beste, desnutrizioa ere eragin dezake gaitzak. (Argazkia: Catkin – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Argitaratutako artikuluan Gasteizko zenbait boluntarioei esker egindako azterlan bat deskribatzen da: parte-hartzaileek loditzaileak dastatu zituzten, osaeran goma jangarriak (xantana eta guar goma) dituzten loditzaileen irensketa propietateak ebaluatu eta almidoiekin egindako beste loditzaile tradizional batzuekin alderatzeko. “Produktuok baliokideak balira bezala eskaintzen eta erabiltzen dira, baina oso bestelako portaera dute ahoan, argitaratutako azterlanak agertzen duen bezala”, azaltzen du Olaia Martinez ikertzaileek. Horrek, bada, inplikazio garrantzitsuak ditu disfagia duten pertsonen irensketa segurtasunari dagokionez. Lanak, aurreko beste batzuen ildo beretik, elikagai lodituen estandarizazioan oraindik ere dauden aldakortasun handiaren eta hutsune garrantzitsuen berri ematen du.

Alde batetik, disfagiarako elikagaiek pertsona bakoitzak irensteko duen zailtasun mailari egokitutako testura behar dute. Elikagai solidoak pure homogeneo bihurtu arte birrindu eta likidoak loditu ohi dira. Hori funtsezkoa da elikagaiak irensteko seguruak izan daitezen, eta asfixiarik eragin ez dezaten, bai eta arnas infekzioak eragin ditzaketen hondarrak utz ez ditzaten ere. Bestetik, mantenugai ugari izan behar dituzte, desnutrizioa saihesteko. Azkenik, zentzumen aldetik atseginak izan behar dira, hartu behar dituenak otorduen ohiko zati gisa onartu ahal izan ditzan.

Dastatzean, produktu komertzialetan erabilitakoak baino estuagoak diren loditasun aldaketen artean bereizi ahal izan da. Kontzentrazio altuagoetan –esaterako, budinean–, zailagoa da aldaketoz ohartzea. Ondorioz, “loditzaile komertzialak prestatzeko jarraibideak berrikusi egin behar dira –ikertzaileek ohartarazi dutenez–. Fluxu proben datuek berretsi zutenez, produktuaren oharrak ez datoz beti bat kategoria estandarizatuekin. Loditzaileak pauta estandarretara egokitzeko ahalegina egin behar da; hartara, berme klinikoa handiagoa izango da, bai eta kudeaketa efizienteagoa ere, produktua gehiegi erabiltzea saihestuz”.

Beste ekarpen batzuen artean, testura egokitua duten elikagaiak disfagia duen pertsona bakoitzaren eskakizunetara zein mailatan egokitzen diren aztertzeko objektiboa eta efektiboa den zentzumen protokolo bat garatzen ari da Olaia Martinezen ikertaldea. “Gaur egun esparru zientifikoan erabiltzen diren erreferentziako teknika analitiko konplexuetatik urrun, senideek eta esparru kliniko-asistentzialeko langileek aipatu zentzumen protokoloa irensketa segurtasuneko berme gisa erabil lezakete, behar bezalako prestakuntzarekin”, ikertzaileak baieztatu duenez.

LaTEX laborategiak arazo larri hau aintzat hartzeko beharraz ohartarazi nahi du administrazioa, eta eskatu nahi dio baliabide gehiago bidera ditzala ikerketa ildo honetara, bai eta diziplina anitzeko lankidetza bultzatu dezala eremu honetan elikagaien teknologiako espezialisten, sukaldarien, nutrizionisten eta osasuneko profesionalen (logopedak eta gastroenterologoak, tartean) artean. Izan ere, oraindik asko dago egiteko eremu honetan Olaia Martinez ikertzailearen esanetan.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Testura egokitua duten elikagaiak, disfagia duten pertsonentzako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez, O., Vicente, M.S., De Vega, M.C. eta Salmerón, J. (2019). Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition. Food Hydrocolloids, 90, 508-514. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foodhyd.2018.12.045.

The post Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #278

dim, 2019/11/24 - 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Badirudi lo egiten dugunean, gure gorputza ere gelditu egiten dela. Bada, jakina da hainbat prozesu garrantzitsu gertatzen direla lo gauden bitartean. Horietako bat da hezur-ehunak berritzen direla. Ikerketa batean ondorioztatu dute lo gutxiegi egiteak hezurren mineral-dentsitatea txikitzen eta osteoporosia izateko arriskua handitzen duela, menopausia ondoren. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Psikologia

Luis Fernando Lopez Martinez psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, suizidioaz mintzatu da eta honek Interneten duen presentziaz. Sare sozialak kanal “oso ahaltsuak” direla dio. “Pairamendu egoera oso handian dagoen pertsona bati, sufrimendu horren zilegitasuna onartu behar zaio, baina gero laguntza ematen ez bazaio, hauspotu egiten da pertsona horren suizidio arriskua”, azaltzen du Lopez Martinezek.

Elikagaiak

Haragiaren samurtasuna izan dute ikergai honetan. Badirudi ezaugarri aldakorra dela; hil ostean gertatzen den ontze-prozesua da azken produktuaren samurtasunean eraginik handiena duena. Lan honetan, giharra osatzen duten proteinen profila ezaugarritzeko estrategia berria garatu da. Egileek diote ontze-prozesuan gertatzen diren aldaketa biokimikoak ulertzeko, beharrezkoa dela ildo honetan ikertzen jarraitzea. Hala, isoelektrofokatze likidoa etorkizun oparoko teknika dela gaineratzen dute.

Ekologia

Klima aldaketaren ondorioetako bat biodibertsitatearen galera da. Hain zuzen, ibaietako ekosistemak espeziak galtzen ari dira. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien Ekologia taldeko ikerketa batek frogatu du ibaiertzetako basoek bizi dituzten aldaketek biodibertsitatea narriatzea eta galtzea eragiten dutela.

Genetika

Zer gertatuko litzateke gure informazio genetikoa argitara ematen badute? Zer egin ahalko luketen komunikabide edo politikari batzuek pertsona baten informazio genetikoa eskuratuta? Estatu Batuetan jada analisi genetiko komertzialak erabiltzen dira semen emaile baten ama topatzeko. Intimitate galera honetan, bada beste adibide bat: Ancestry, test genetikoak merkaturatzen dituen genealogiako enpresa estatubatuarra. Spotify enpresarekin bat egin eta gero, kasuan kasuko DNA testaz gain, ustez bezeroaren jatorrian oinarritutako musika zerrenda eskaintzen du.

Medikuntza

Ukimenarekiko sentikorra den interfaze bat garatzea lortu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, gailuak informazioa bibrazio mekanikoen bitartez komunikatzen du. Gainera, “azal” honek material leun eta malgu batean integratuta ditu osagai bibragailuak, eta “komunikazio atsegina” lortzen du. Haririk gabekoa eta programagarria dela ere esan dute egileek. Interfaze berri hau eskuen protesietan erabil ahal izango da.

Biologia

Iberiar penintsulako saguzarren elikadura aztertzean, ikertzaileek ikusi dute sarri izurrite bihurtzen den pinu-beldarraren kontrolean ardura garrantzitsua dutela. Hainbat baso-eremutan eskuratutako saguzar gorotzetako DNA bidezko analisiak egin dituzte eta ikusi dute berez elikadura ohitura desberdinak zituzten hamar espezietik zazpitan intsektu baten arrasto genetikoa zegoela. Saguzarrak izurriteei aurre egiteko aliatu bikainak dira.

Teknologia

Musika unibertsala al da? Orain arte egin den ikerketarik osatuenean ondorioztatu dute musikak badituela ezaugarri komunak kultura denetan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu egindako ikerketan ezagutzen diren kultura guztien adierazgarriak diren 315 kulturatako kantak aztertu dituztela. Lau testuingurutan sailkatu dituzte kantak: dantza, sendatzea, maitasuna eta sehaska-kanta.

Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak exoeskeleto bat erabiltzen du pazienteen errehabilitaziorako, eta gailu hori erabiltzearen abantailak frogatu nahi dituzte ikerketa baten bidez. Urtebete beharko dituzte datuak aztertzeko baina ondorio batzuk atera dituzte jada: oreka hobetzen du, eta hankak eta enborra indartzen ditu. Exoeskeletoak garestiak eta astunak dira. Oraindik, errehabilitaziorako erabiltzen dira bakarrik.

Fisika

Javier Aizpurua munduko ikertzailerik aipatutakoen artean azaltzen da, Clarivate Analytics argitalpen zientifikoaren zerrendaren arabera. Guztira, mundu osoko 6.000 ikertzailek osatzen dute zerrenda. Aizpurua Materialen Fisikako Zentroko (CFM, CSIC zentro mistoa eta UPV/EHU) Nanofotonika Teorikoko eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) taldeko burua da. Argiaren eta nanomaterialen arteko interakzioa aztertzen du.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #278 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #285

sam, 2019/11/23 - 09:38

Biokimikariak, antza, psikiatrak lanik gabe uztekotan dira. Hurrengo pausua izango ei da, adimen artifizialak biokimikariak lanik gabe uztea. Baina gauza bakoitza bere denboran. Momentuz ikus dezagun Rosa Garcia-Verdugok azaltzen diguna: A biomarker in hair could help diagnose schizophrenia.

Einsteinek, Alessandro Fedrizzi eta Massimiliano Proietti fisikariek idatzitako hau irakurriko balu, harriduraz hartuko luke: Quantum physics: our study suggests objective reality doesn’t exist.

Hau sinestezina da. Atomo bakarraren propietate magnetikoak (spin) ezagutu daitezke, molekula bat erabiliz tunel-efektuko mikroskopio baten zundaren puntan. DIPCko ikertzaileek azaltzen digute zelan: Atomic-scale spin sensing with a single molecule.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #285 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ainara Sangroniz: “Estrategia desberdinak erabiltzen ditugu polimero biodegradagarrien malgutasuna hobetzeko” #Zientzialari (126)

ven, 2019/11/22 - 09:00

Ontzigintza beharrezkoa da elikagaien kalitatea zein segurtasuna bermatzeko eta produktuen biziraupena areagotzeko. Sektore horretan polimeroak edo plastikoak dira gehien erabiltzen diren materialak; besteak beste, merkeak eta arinak direlako eta erraz prozesatzen direlako. Nolanahi ere, material horiek badituzte zenbait desabantaila.

Ainara Sangroniz UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko eta Polymat Institutuko ikertzailea da, eta bere ikerketaren erronka nagusia ontzigintzarako material jasangarriagoak garatzea da. Ikerketa arlo honen inguruko xehetasunak eta erronkak hobeto ezagutzeko berarekin hitz egin dugu.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ainara Sangroniz: “Estrategia desberdinak erabiltzen ditugu polimero biodegradagarrien malgutasuna hobetzeko” #Zientzialari (126) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Behi-haragiaren samurtasuna aztergai

jeu, 2019/11/21 - 09:00
Lorea R. Beldarrain, Noelia Aldai, Miguel Angel Sentandreu Samurtasuna behi-haragian gehien balioesten den ezaugarri organoleptikoen artean dago, urtsutasunarekin, zaporearekin eta kolorearekin batera. Izan ere, samurtasun ezegokia kontsumitzaileak produktua berriz ez erosteko arrazoi nagusietakoa da.

Irudia: Hil ostean gertatzen den ontze-prozesua da azken produktuaren samurtasunean eraginik handiena duena.

Produktuaren ezaugarri hau animaliaren bizitzarekin eta hilketarekin zerikusia duten hainbat faktoreren menpe dago. Honen eraginez eta merkatuan bistaratzen denaren arabera, samurtasuna oso ezaugarri aldakorra eta kontrolatzen zaila dela esan daiteke.

Hiltzearen ostean gertatzen den ontze-prozesua da azken produktuaren samurtasunean eraginik handiena duena. Prozesu honetan produktuaren kalitatean erabakigarriak izango diren aldaketa biokimiko konplexuak gertatzen dira giharretan. Hauen artean gehienak giharretako zuntzak osatzen dituzten proteinen degradazioarekin erlazionatuta daude. Beraz, ontze-prozesuaren ezaugarritze proteomiko sakona mesedegarria da haragi-industriaren hobekuntzarako.

Honen harira, agerikoa da proteomikak haragiaren ikerkuntzan duen potentziala, azken 40 urteetan teknika proteomikoak erabiliaz egindako lanen ugaripenean islatu dena. Lan hauetan, oro har, haragiaren kalitatearekin zerikusia duten proteinetan gertatzen diren aldaketak identifikatu eta azaltzen dira. Haragiaren samurtasunari loturiko proteina bereizgarriak identifikatuz, haragiaren ekoizte edo prozesatze-metodoak hobetu daitezke eta baita haragiaren kalitatea aurreikusi ere.

Hau lortzeko, proteinak banatzeko usadiozko teknika dimentsio biko gel elektroforesia (2-DE) izan da, ondoren proteinak masa espektrometriaren bidez (MS) identifikatuz. 2-DE-n proteinak puntu isoelektrikoaren arabera banatzen dira lehen dimentsioan, eta pisu molekularraren arabera bigarrenean. Teknika honen garapenari esker proteinen azterketa izugarri aurreratu den arren, eskulan eta denbora handia eskatzen ditu.

Lan honetan giharra osatzen duten proteinen profila ezaugarritzeko estrategia berria garatu da, usadiozko metodoaren alternatiba bezala proposatzen dena. Estrategia honetan proteinak puntu isoelektrikoaren arabera banatzen dira, automatikoki kudeatzen den isoelektrofokatze likidoaren bidez (OFFGEL). Ondoren, proteinen banaketa pisu molekularren arabera burutzen da dimentsio bakarreko elektroforesiaren bidez (1-DE), 2-DE baino sinpleagoa eta errepikakorragoa dena. Azkenik, proteinen identifikazioa MS bidez burutzen da.

Estrategia hau haragiaren gogortasunaren biomarkatzaileen bilaketan aplikatu da, Maine Anjou frantziar behi arrazako animalietan. Hil eta 24 ordura haragiaren gogortasuna determinatzeko mozketa indarra mekanikoki neurtu da Warner Bratzler ekipoaren bidez eta “gogortzat” (Warner Bratzler >60 N) eta “samurtzat” (Proposatutako metodologiaren bidez laginen analisia burutzean giharra osatzen duen proteina frakzioa modu eraginkorrean ikertu ahal izan da. Izan ere, 7 proteina banda era adierazgarrian izan dira desberdinak haragi gogorraren eta samurraren artean.

Ontze-prozesuan gertatzen diren aldaketa biokimikoak ulertzeko eta kontsumitzaileak ontzat hartuko duen haragia ekoiztu ahal izateko, beharrezkoa da ildo honetan ikertzen jarraitzea. Horrela, esan daiteke, isoelektrofokatze likidoa etorkizun oparoko teknika dela argitu gabeko galderei erantzuna emateko. Hala ere, ikerketa sakonagoa eta metodoaren hobekuntza beharrezkoak dira. Etorkizunean profila guztiz ezaugarritzea eta 1-DE-aren pausua ezabatzea lirateke helburuak, frakzioak zuzenean MS bidez analizatu ahal izateko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Behi-haragiaren samurtasuna aztergai.
  • Laburpena: Autofagia zelula eukariotikoetan berez gertatzen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeretan dagoenean. Autofagiari buruz hitz egitean, apoptositik bereiztea komeni da. Oro har, autofagia babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzuntzat. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia aktibatuko da, zelula deuseztatzeko. Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru motek duten ezaugarri komuna da lisosoma bidez zitosoleko materialaren degradazioa gertatzen dela. Oro har, autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu, eta, ondorioz, horren asaldurak zelularen funtzionamendua kaskartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Autofagiak (edo haren asaldurak) zenbait gaixotasun eta egoeraren (neuroendekapenezko gaixotasunak, diabetesa, obesitatea, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa edo zahartzea) sorrera eta garapenarekin duen erlazioa dela eta, komunitate zientifikoa aspalditik dabil prozesu hau aktibatzen edo egoera normalera itzultzen duten molekula edo esku-hartzeen bila. Hala ere, gaur egun prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak oraindik ezagutzen ez direnez, beharrezkoa da gizakiekin ikerketa gehiago egitea mekanismo hau helburu terapeutikoekin erabili ahal izateko.
  • Egileak: Lorea R. Beldarrain, Noelia Aldai, Miguel Angel Sentandreu.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 157-170
  • DOI: 10.1387/ekaia.19621

————————————————–
Egileez:

Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Behi-haragiaren samurtasuna aztergai appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Saguzarrak: izurriteen aurkako aliatu ustekabeak

mer, 2019/11/20 - 09:15
Juanma Gallego Iberiar penintsulako saguzarren elikadura aztertzean, biologoek ikusi dute sarri izurrite bihurtzen den pinu-beldarraren kontrolean ardura garrantzitsua dutela ugaztun gautar txiki hauek. Baso-kudeaketetarako estrategiak diseinatzerakoan hau kontuan hartzeko modukoa dela uste dute .

Gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat. Euskal mitologian, istorio askoren amaieran errepikatzen den irakaspena da. Dudarik ez, ahozko tradizioan halako esanek hezkuntzari lotutako funtzio garrantzitsua dute. Belaunaldiz belaunaldi eskuratutako irakaspenak ondorengoei modu erraz eta ulergarrian helarazteko modua da tradizioa. Kasu honetan, argi dago mezua zein den: ugaztun gehienak ez bezala, gizakia eguneko animalia da, eta harrapakariez betetako mundu batean hobe da mantentzea eguzkiaren argiak bermatzen duen segurtasunean. Harrapakari horiek animaliak ala beste gizaki batzuk izanda ere.

Mundu arrotza da gaua guretzat, eta inguru horretan moldatzen diren animaliak ezagutzea zaila egiten zaigu. Saguzarren kasuan, saiakera are konplikatuagoa egiten zaigu, gaueko animalia izateaz gain, hauek mundu ikuskera guztiz desberdina dutelako. Izan ere, gurea mundu ikuskera bada, saguzarrena mundu entzukera litzateke: soinuaren bitartez eskuratzen dute inguruko informazioa. Gainera, ez dute entzumena erabiltzen guk bezala: ekolokalizazioaren bitartez egiten dute. Modu horretan, oihartzunen bidez mundua atzemateko gai dira.

1. irudia: Ekosistemen zerbitzuei erreparatuz gero, eremu tropikaletan bizi diren saguzar espezie askok haziak barreiatzen dituzte eta polinizazioan laguntzen dute. Euskal Herriaren kasuan, animalia hauek intsektuak jateagatik dira bereziki estimatuak. (Argazkia: Vlad Kutepov / Unsplash)

Agian mundua atzemateko desberdintasun hori eta haien izaera gautarra daude animalia hauekiko jende askoren artean zabalduta dagoen beldurraren abiapuntua. Batzuetan saguzarrekiko gaitzespen hori arrazoi zehatzetan oinarrituta badago ere (etxe barruan sartu eta zikinkeria eragin dutelako, adibidez), besteetan “modu irrazional batean” saguzarrei gorrotoa dieten lagunak badirela azaldu du EHUko Jokabide Ekologia eta Eboluzioa Saguzarretan ikerketa-taldeko kide Inazio Garinek. “Zentzurik ez badute ere, oso barneratutako emozioak dira, eta zaila da horiei buelta ematea”.

Irudi txar hori telebistaren, filmen, liburuen eta, oro har, banpiroen inguruko mitoen bitartez mantendu dela dio Garinek. “Baina badago jende talde garrantzitsu bat ere saguzarren aurrean ez hotz ez bero azaltzen dena”. Aurreiritzirik ez duten lagun hauei saguzarrei buruzko azalpenak ematen zaizkienean, estimu askoz handiagoan hartu ohi dituzte animalia hauek. Hala, kume bakarra izaten dutela eta horri titia ematen dietela, taldeka biltzen direla, edota ilunpean hegan egiten izugarri trebeak direla… “halako gauzak azaltzen direnean, enpatia handiagotu egiten da”, nabarmendu du adituak.

Ekosistemetan ere oso onuragarriak dira saguzarrak. Tropiko inguruetako espezieek hazien zabalpenean eta polinizazioan laguntzen dute, baina gurean intsektuak kontrolpean hartzeko orduan jokatzen duten rola da nabarmentzekoa. Horregatik, zientzialariek saguzarrek izurriteei aurre egiteko izaten duten garrantzia kuantifikatu nahi izan dute, eta horretarako gorotzetara jo dute. Bertan baitago jaten dutenaren arrastoa. Eta hori zehaztasun handiarekin jakiteko aukera dago gaur egun. Oso urrun daude dagoeneko biologoak animalien kaka artean pintzak eta luparen laguntza soilarekin hezur puskak eta edota ilearen aztarnak bilatzen ibiltzen ziren garaiak. Intsektiboroen kasuan, gainera, hori ia-ia ezinezkoa zen. Orain, sekuentziazio genetiko masiboko teknikei esker, modu errazean jakin daiteke zer dagoen animalia baten menuan.

Iberiar penintsulako hainbat baso-eremutan eskuratutako saguzar gorotzetako DNA bidezko analisi horietan abiatuta, ikusi dute berez elikadura ohitura desberdinak zituzten hamar espezietik zazpitan intsektu baten arrasto genetikoa zegoela. “Datuek iradokitzen dute gure ikerketa eremuan T. pityocampa milaka saguzarretako elikadura iturri garrantzitsua dela, eta aurreikusten dugu hemen ikertutako espezieez gain, beste espezie batzuek ere sits hau kontsumitzen dutela”, idatzi dute EHUko ikertzaileek PeerJ aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean.

Biologo ez garenontzat T. pityocampa aipatzea ez da oso argigarria, baina pinuetako prozesionaria aipatuta, erraz ikusten da datu hori edukitzeak izurriteen aurkako estrategiak diseinatzerakoan izan dezakeen garrantzia. Banda marroia edo banda gorria izenarekin ezagutzen diren gaitzak eragiten dituen onddoa da azken urteotan kezka iturri nagusi pinudiak kudeatzen dituztenentzat, baina hau ez da izan koniferetako basogintzarentzako kezka bakarra. Pinu-beldarra (Thaumetopoea pityocampa) intsektuak ere buruhauste asko ekarri ohi ditu. Zuhaitzentzat kaltegarri ez ezik, zenbait kasutan giza osasunean ere eragiten du. Beldarrarekin kontaktuan sartuz gero, animalia honen ileak narritadurak sortzeko gai dira, eta baita ere erreakzio alergikoak edota arnasbideetako arazoak eragiteko.

2. irudia: Izurrite bihurtzen denean, prozesionaria edo pinu-beldarra basoetan kalte ugari eragiten dituen espeziea da. Saguzarrak espezie honen harrapakari garrantzitsua dela frogatu dute orain. (Argazkia: J. Gallego)

Estrategia biologikoak

Datu hauek eskutan, berretsi dute saguzarrak aliatu bikainak izan daitezkeela nekazaritzan edo basogintzan tresna bezala erabiltzeko; izurriei aurre egiteko, alegia. Zientzia artikuluan azaldu dutenez, besteak beste, Bacillus thuringiensis kurstaki bakteriotik hartutako esporak eta toxinak baliatu ohi dira izurrite horiek mendean hartzen saiatzeko. Dena dela, metodo horrek emaitza mugatuak ditu, eta ez ditu eteten izurriteen eztanda ziklikoak.

Horrelako parte-hartzeen aurrean, askotan biologoak bestelako alternatiben bila ari dira, eta halako kasuetan izurrite bakoitzaren harrapakari naturalak hartu ohi dira kontutan. Pinu-beldarraren kasuan, saguzarrak eta zatak dira harrapakari arruntenak, baina biologoek ondo ezagutzen dute ugaztun hegalariak zatak baino askoz ugariak direla. Hortaz, logikak agintzen du izurriteen kontrolerako estrategiak bilatzerakoan saguzarrek duten eragina dezente handiagoa izango dela. Dena dela, logika hutsa ez da nahikoa ingurumenaren kudeaketari lotutako erabakiak hartu behar direnean, eta horregatik datuetara jo beharra dago.

Pinu-beldarrarena irakaspen garrantzitsua da noski, eta garapen praktikoa izan dezakeen ondorioa izategatik azpimarratu dute. Baina Garinek aldarrikatu du oinarrizko ikerketak berak baduela garrantzia. “Hasiera batean balio handirik gabekoak diruditen halako ikerketak ez dira oso distiratsuak izango. Tira, ez gara diseinatzen ari prozesatze ahalmen izugarria ekarriko duen txip bat, esaterako; baina oinarrizko ikerketak gure ongizatearen alde egin dute, modu nabarmenean”, babestu du.

Landa lanean eta laborategian datuak aztertzen jarraituko dute biologoek, egunen batean aplikazio praktikoa izan dezaketen ondorioen bila; edo, zergatik ez, ezagutza eskuratze soilaren plazeragatik. Gurekin batera planeta hau partekatzen duten auzokideak ondo ezagutzea ere badelako, hein handi batean, gure ardura. Tartean, gauez aritzen diren eta mundua ikusi ez baizik entzuten duten guraso arduratsu horiek ezagutzea ere gizakion ardura badelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Garin, I., Aihartza, J., Goiti, U., Arrizabalaga-Escudero, A., Nogueras, J., & Ibañez, C. (2019). Bats from different foraging guilds prey upon the pine processionary moth. PeerJ, 7, e7169. DOI: 10.7717/peerj.7169.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Saguzarrak: izurriteen aurkako aliatu ustekabeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Intimitate genetikorik gabe

mar, 2019/11/19 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Madonna abeslari ezagunak garbiketa taldeak kontratatzen ditu, arreta handiz garbi dezaten artista egon den hotel logela. Hala, norbaitek lagin biologikoak lortzea ekidin nahi du, inork ez dezan bere genoma sekuentziatu laginotatik ateratako materialarekin. Gehiegizko zuhurtzia dirudi, baina ez da zelebrekeria.

Lagin biologiko ñimiño batetik atera daitekeen informazio genetikoaren eta, batik bat, informazio hori jendaurrean ezagutarazi daitekeen moduaren aldean, paparazziek ospetsuei hartzen dizkieten irudiak ume jolasa dira. Imajinatzen duzue?

Angelina Joliek bular biak erauzteko ebakuntza kirurgikoak egin zituen, kausa genetikoak tarteko, bularreko minbizia izateko % 87ko probabilitatea zuelako, eta obulutegiko minbizia izateko % 50ekoa. Jendaurrean azaldu zituen horiek, hala nahi izan zuelako. Aldiz, Madonna beldurtzen duena da berak kontrolik batere izan gabe beste batzuek bere informazio genetikoa argitara ematea.

Irudia: Genomaren sekuentziazio dela eta ezinezkoa izango zaigu benetan anonimoak izatea. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Imajinatzen duzue zer egin ahalko luketen komunikabide edo politikari batzuek arerio baten gaineko informazio genetikoa eskuratuta? Esaterako, goi-kargu baterako hautagai batez hitz egitean, arrisku-portaerak izateko joera genetikoa duela esan ahalko lukete. Balizko joera horrek egiantzik balu, zer tratamendu emango lioke komunikabide sentsazionalista batek gai horri? Zer esango lukete irratiko eta telebistako solasaldietan? Nola hartuko luke bere alderdiko arduradun nagusiak? Zer pentsatuko lukete alderdiaren boto emaileek? Pentsatzen dut jokabide horiek legez kanpo leudekeela, baina legez kanpo egoteak nabarmen aldatuko lituzke jokabide horiek?

Estatu Batuetan, analisi genetiko komertzialak jada erabili dira semen emaile baten ama topatzeko. Jokabide hori orokortzen denean, emaileak ez dira gehiago anonimo izango, eta nabarmen aldatu beharko dira arauak; are gehiago, emateko modu hori bera desagertzea gertatu daiteke.

Anonimotasun galerarena ez da mugatzen semen emaileetara. Soilik Estatu Batuetan, 90 bat enpresek, DNAren analisiaren bidez, bezeroen arbasoak bilatzea dute xede. Bada, biztanleria ehuneko oso txiki bat lagintzea aski da herritar gehienen jatorria marrazteko. Xehetasun harrigarri hori edonoren familia harremanen sare trinkoaren ondorio da. Esaterako, Estatu Batuetan, % 2ak sarbidea ematen du biztanleen % 99aren informazio genetikorako, herengusuen bidez.

Intimitate galera jarraitu horretan guztian, Ancestry, test genetikoak merkaturatzen dituen genealogiako enpresa estatubatuarrak kontua are gehiago korapilatu zuen. Spotify, online musikako enpresa ezagunarekin bat egin eta gero, kasuan kasuko DNA testaz gain, ustez bezeroaren jatorrian oinarritutako musika zerrenda eskaintzen du. Ez dago ezer pertsona baten DNAn helburu horretarako balia daitekeenik. Musikazaletasuna, oro har, nola edo hala genoman kodetuta egon litekeen arren, analisi baten bitartez ezin daiteke inola ere jakin zer musika entzuten zuten gure arbasoek, musikarik entzuten bazuten. Izan ere, musika adierazpideak kultura bereizgarriak dira, eta, horrenbestez, ikaskuntzaren eta gizarte ukipenaren bitartez transmititzen dira.

Musikaren apaingarria kenduta, pentsatu al du inork zer erabilera eman liezaiokeen sare sozial batek, esaterako, Spotifyk, milaka erabiltzaileren informazio genetikoari? Gogoratu zer egin duen Facebookek beste mota bateko kontuz erabiltzeko informazioarekin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Whyte, Chelsea (2019). No one can be truly anonymous ever agian thanks to genetic sequencing. New Scientits, 2019ko Maiatzaren 28a. New Scientist, 28 May 2019.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko urriaren 6an: Sin intimidad genética.

The post Intimitate genetikorik gabe appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ibaiak, biodibertsitate galera handia bizi duten ekosistemak

lun, 2019/11/18 - 09:00
Gizakiak eragindako klima eta ingurumen aldaketaren ondorio kezkagarrienetako bat da biodibertsitatearen galera. Besteak beste, ibaiak dira biodibertsitate-galtze handia bizi duten ekosistemetako bat. Ibaietako ekosistemak espeziak galtzen ari dira eta espezie gutxi batzuez osatuta egotera igarotzen ari dira, kalte ekologikoak eraginez. Hala ere, egun ez dira honen ondorio guztiak ezagutzen.

UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien Ekologia taldeko ikerketa batek erakutsi du ibaiertzetako basoek bizi dituzten aldaketek biodibertsitatea narriatzea eta galtzea eragiten dutela. Horrez gain, ekosistemak askotariko komunitate konplexuak izatetik espezie batez edo gutxi batzuez osatuta egotera pasatu dira. Azterlanak agerian utzi du ere ibaiertzeko landare espezieak galtzeak eragina duela ibai ekosistemaren ‘multifuntzionalitatea’n. Literatura ekologikoan berriki agertu den termino horrek aztertzen du zer-nolako ahalmena duen ekosistema batek askotariko prozesuak aldi bereran edukitzeko, eta hori ezinbestekoa da haren osasun egoera zehazteko.

Irudia: Ikertzaileek aurreikusten dute ekosistemen funtzionamenduan aldaketak gertatuko direla espezieak galtzearen ondorioz. Galera honek eragina izango du fenomeno garrantzitsuetan, esaterako, natura baliabideen eskuragarritasunean edo klimaren erregulazioan. (Argazkia: mariscogallegopro – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ibaiertzeko landareek animalia askoren oinarrizko energia baliabideak eskaintzen dituzte, adibidez, orbelak. Orbela uretako ornogabeak diren detritujaleentzako oinarrizko elikagaia da eta hauek ibaiko elikadura sarearen oinarrizkoak dira arrainentzat zein ibaietako beste organismo enblematiko batzuentzako janaria baitira, esaterako, sorgin-orratzentzat. Mikroorganismoek, gainera, orbela desegiten dute eta horrela haren mantenugaiak birziklatzen dira eta berriz landareentzako eskuragarri jartzen dira.

Azterlan honetan ibaien ingurune moduko bat sortu dute, eta bertan, ibaiertzetako landareen dibertsitatearen mailakako galera simulatzeaz gain, ibaietako prozesu askoren tasak zenbatu dituzte, hala nola orbelaren desegitea, hura gai organiko fin bihurtzea, oinarrizko mantenugaien birziklatzea (nitrogenoa eta fosforoa) eta animalien biomasaren sortzea. “Dibertsitatea galtzeak ekosistemaren multifuntzionalitatea nabarmen gutxitzea ekarri zuen, baina detritujaleen agerpenean soilik; horrek agerian uzten du organismo horiek funtsezko eginkizun ekologikoa dutela lehorreko ekosistema eta ibai prozesuetatik datozen landare baliabideen bitartekari gisa”, azaldu du Boyerok.

Ikerketak erakutsi du ere ibaiertzetako landareen dibertsitatea galtzearen ondorioak prozesu bakoitzean bereiz aztertzea oso garrantzitsua dela, bai eta ekosistemaren konpartimentu guztiak kontuan hartzea (orbela, ura eta organismoak), azpian dauden mekanismo biologikoak zehaztu ahal izateko. Esate baterako, ikusi zen mikroorganismoek eginkizun nabarmena dutela mantenugaien birziklatzearen gainean gertatutako aldaketetan, eta detritujaleak, berriz, erantzule nagusiak direla gai organiko fina desegitean eta sortzean izandako efektuei dagokienez.

UPV/EHUko Ibaien Ekologia taldeak egindako lana lagungarria da ezagutzeko eta iragartzeko zelan eragin dezaketen ingurumen aldaketek ibaien osasunean. Horrenbestez, uraren kalitatean, arrain baliabideetan edo paraje naturaletan sor ditzaketen ondorioez jabetzeko.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Uraren osasunerako mehatxuak.

Erreferentzia bibliografikoa:
López‐Rojo, N., Pozo, J., Pérez, J., Basaguren, A., Martínez, A., Tonin, A. M., Correa‐Araneda, F., eta Boyero, L. (2019). Plant diversity loss affects stream ecosystem multifunctionality. Ecology 00(00):e02847. DOI: 10.1002/ecy.2847.

The post Ibaiak, biodibertsitate galera handia bizi duten ekosistemak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #277

dim, 2019/11/17 - 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Oro har, mundu mailan gizakien pisuaren indizea gora egiten ari da. Zergatik jaten ditugu osasuntsuak ez diren elikagaiak? Badirudi galdera horri erantzun nahi izan diola María Elena Pérez Ochoak, Basque Culinary Centerreko irakasleak bere tesiaren bidez. Bere ikerketaren arabera, elikagai osasuntsuen kontsumoa eta horri dagokion portaera zentzumenek eta ingurunearen eraginak baldintzatzen dute.

Eltxo tigrea jatorriz Asiakoa da, Indonesiakoa eta Vietnamgoa, baina Euskal Herrira ere iritsi da. Berrian azaltzen denez, espezie inbaditzailea da. Mikel Bengoa entomologoak dio intsektua azkar hedatu izana “globalizazioaren ondorio” dela. Eltxo honen ziztada oso mingarria da eta dengea, zika eta chikunguya bezalako gaitzak transmititzeko gai da. Oraingoz, eltxo tigrearen arazoari neurria hartzen ari dira adituak eta erakundeak.

Ikerketek hainbatetan erakutsi dute sexua eta generoa kontuan ez hartzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, emakumeen osasunean adibidez. Nazioarteko ikerketa batek sexua eta generoa ikerketan kontuan hartzeak ekarritako hobekuntzaren adibideak eman dituzte arlo desberdinetan, hala nola itsas zientzietan, biomedikuntzan, robotikan eta adimen artifizialean. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak

Psikolinguistika

Ergatiboa duten esaldi iragangaitzak prozesatzeko zailagoak direla frogatu dute Gillen Martinez de la Hidalga Malla hizkuntzalariak eta haren kideek. Beste inguruko hizkuntzetan, ingelesa eta gaztelania kasu, kontrakoa gertatzen da. Elhuyar aldizkarian azaltzen dute bi esaldi-mota konparatu nahi izan dituztela: esaldi iragankorrak eta iragangaitzak. Ikerketa egiteko lehen aldiz erabili dute ERP metodologia (event related potential; hau da, gertaerei loturiko potentziala).

Neurozientzia

Ikertzaile talde batek proposatu du musika entzutean jasotzen dugun plazera ziurgabetasunaren eta ustekabearen arteko konbinazioak sortzen duela. Ikerketa egiteko Billboard zerrenda ospetsuetan oinarritu dira. Kasu honetan, 1958-1991 urte tartean izandako zerrenda horietan dauden pop generoko 745 abestitan bildutako 80.000 akorde erabili dituzte. Vincent Cheung ikertzaileak azaltzen du: “Abestia denboran garatzen den heinean, musikak entzulea espektatibak etengabe sortzera eta konpontzera bultza dezake, eta modu horretan plazera sorrarazi”.

Astrofisika

Urte hasieran, aurkitu zen Kuiperren gerrikoko objektuari Ultima Thule izena jarri zioten. Orain, objektuari buruzko informazio gehiago jaso dutenez, Arrokoth izena jarri diote behin betiko. Zergatik izen hori baina? Elhuyar aldizkarian azaltzen digute: Arrokoth lehenik Hubble teleskopioz ikusi zuten, eta gero New Horizon zundak atera zituen irudiak. Biak ere Maryland estatutik zuzentzen dira, eta hango berezko biztanleak Powhatan-algonkin herrietakoak ziren. Haien hizkuntzan zeru esan nahi du arrokoth hitzak.

Matematika

Joko-teoriaren helburua eragile arrazionalen portaera estrategikoak aztertzea da. Batez besteko joko-teoria 2007. Urtean sortu zuten Pierre Luis Lions eta Jean Michelle Lashry ikertzaileek. Testua aipatzen da lteraturan, artikulu gutxitan onartzen da jokalarien akzio-espazioa diskretua dela. Eredu horiek dira ikerketan aztertzen dituztenak. Artikulu honetan egileek erakusten dute badela beti oreka bat batez besteko eremuko joko horietan.

Nanoteknologia

CIC Nanogunek eta DIPCek, beste lau ikerketa zentrorekin batera, Spring izeneko ikerketa bat abiatu dute: grafeno-xafletan elektroien karga magnetikoa kontrolatzea eta manipulatzea dute helburu. Spintronika eta grafenoa izango ditu oinarrian ikerketak, etorkizuneko teknologiaren elementuak izan daitezkeenak. Testuan azaltzen digute, spintronika, elektroien karga baliatu beharrean, haien spina baliatzen duela. Eta espina propietate magnetikoa da. Thomas Frederiksenek, proiektuko ikertzaileak, dio: “Grafenoaren propietate batzuk oso erakargarriak dira elektronikarako, eta horri magnetismoa gehitu nahi diogu”. Spinen bidez informazioa transmititu nahi dute.

Fisika

Perovskita-geruza homogeneoagoak egiteko moduak izan zuten helburu hasieratik Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek baina konturatu dira perovskitaren desordena kimikoak haien eraginkortasuna handitzen duela. Perovskita-xaflan konposizio desberdineko guneak sortzen dira haranak eta mendiak bailiran, karga-eramaleak hobeto harrapa ditzaketenak. Ikertzaileek orain nahaste-maila egokia identifikatu beharko dute.

Eboluzioa

Standford Unibertsitateko ikertzaile batzuek gizaki modernoen eta neandertalen gaitzek elkarri nola eragin zieten eta azkenean zergatik gailendu ziren gizaki modernoak proposatu dute. Haien arabera, litekeena da gizaki modernoek tropikoetatik ekarri zituzten gaitzak gako izatea bi giza taldeen arteko talkan. Ikusi dute gizaki modernoak gailendu zirela, hauek immunitatea hartu zuten, neandertalen gaitzen aurrean, baina ez alderantziz.

Arkeologia

Asteon, Hannah Marie Wormington arkeologoa izan dugu protagonista, museologiari eta arkeologiari ekarpen handiak egin zizkion zientzialaria. Hogeita hamahiru urte eman zituen lanean Denverko Natura eta Zientzia Museoan. Bertan, ikerketa zientifikoak garatu, museoko bildumen kontserbazioa bermatu eta horien erakusketak antolatu, eta museoak egiten zuen lana sustatu zuen munduan zehar. Horretaz gain, egindako eremu-ikerketa da nabarmentzekoa; kasu askotan indusketak zuzendu zituen eta beste batzuetan, laguntzaile edo aholkulari gisa lan egin zuen.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio azukrearen inguruan aritu da beste behin. Gaurkoan sukaldean errezetaren batean egiten dugun karamelizazioari buruz hitz egin digu. Berez, sakarosak tenperatura altuan jasaten duen arretze-prozesua da karamelizazioa eta horren ondorioz kolorea aldatzen da, zaporeaz eta usainaz gain. Zer gertatzen da prozesu horretan? Zeintzuk dira ematen diren pausoak sakarosaren deskonposaketan? Ez galdu Lopez-Gazpioren azalpen interesgarria!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #277 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #284

sam, 2019/11/16 - 09:00

Zertarako estudiatu irakasten dena ez bada ikasten? Zertarako estudiatu ikasten dena ez bada erabiltzen? Zertarako estudiatu unibertsitateko tituluak bakarrik gaitasunak erakusten baditu eta ez trebetasunak? Galdera hauek laburbiltzen dute Brian Caplanek erakusten duen tesia “The Case against Education” liburuan. Jesús Zamorak Caplanen argudioak desmuntatzen ditu Caplan’s ‘case against education’ (& 2) artikuluan.

Egunerokotasunean beraiekin eragin dezakegun robotak dira “robot bigunak” (soft robots ingelesez). Robot bigunak esaten zaie industrian dauden robotez bereizteko. Robot hauen etorkizuna, Michael Fordek kontatzen digun moduan, material berrien propietateen mende daude: Soft robots of the future may depend on new materials that conduct electricity, sense damage and self-heal.

Etorkizuneko elektronikan erabiliko diren material berrien garapenean, propietate magnetikoak giltzarri izango dira. Honenbestez, propietate desberdineko materialen ukitze-azalak arazoen edo konponbideen iturri izango dira. Horregatik da interesgarria DIPCko ikertzaileek honen bueltan garatu duten teoria berri bat: A theory of spin hall magnetoresistance to study magnetism at interfaces.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #284 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hannah Marie Wormington arkeologoaren ikuspegi argigarria

ven, 2019/11/15 - 09:00
Uxue Razkin Hannah Marie Wormingtonek bere inizialekin sinatzen zituen lan guztiak. Bere nortasuna ezkutatu ohi zuen, XX. mendeko beste hainbat emakumek egin zuten antzera. Bada, ez zuen hori egiten bi letren atzean ezkutatzeak nolabaiteko xarma zuelako, honek, azken batean, irakurleari inizialen atzean ezkutatzen den pertsona zein den ezagutzeko jakingura pizten baitio, baizik eta bere izena gizonen munduan nabarmentzen zelako, eta hori, garai hartan, onartezina zen. Esan bezala, emakumea izateagatik, bizi zuen garaiak eskatzen zion ikusezina izatea, baina Wormingtonek ez zion uko egin nahi gustuko zuenari, arkeologian gailentzeagatik irainak entzun bazituen ere. Bere ausardiari eta taldean lan egiteko ahalmenari esker ez zuten kikiltzea lortu. Hori bai, bakarrik egin zuen bidea, haren lankideek ez zutelako batere lagundu.

1. irudia: Hannah Marie Wormington 1937. urtean. (Argazkia: TrowelBlazers.com)

Wormingtonek arkeologiari eta museologiari egindako ekarpena oso garrantzitsua da baina, era berean, oso ezezaguna. Ipar Amerikako arkeologian murgildu zen, zehazki, Ipar Amerika mendebaldeko Paleoamerikar garaia (K.a. 40.000 eta 8.000 artean) izan zuen ikergai. Hogeita hamahiru urte eman zituen lanean Denverko Natura eta Zientzia Museoan (Coloradon). Bere eginkizunen artean zeuden ikerketa zientifikoak garatzea, museoko bildumen kontserbazioa bermatzea eta horien erakusketak antolatzea, eta museoak egiten zuen lana sustatzea munduan zehar.

Ibilbide bikain baten kronika

Hannah Marie Wormington Denverren jaio zen, 1914an. Bere jaioterriko unibertsitatean antropologia ikastea erabaki zuen. Ikasten zegoen bitartean, bere bigarren urtean, Etienne B. Renaud arkeologoarekin (1880-1973) lan egiteko aukera izan zuen; hain zuzen, hark transmititu zion antropologiarekiko miresmena. Gainera, lana bilatzen ere lagundu zion. Izan ere, Renaudek lagun asko zituen eta bere kontaktuei esker, Denverko Natura eta Zientzia Museoak Wormington kontratatu zuen boluntario gisa; jakina, bere ikasketekin uztartu zuen lana. 1937an, Radcliffe Collegen graduondoko bat egiten hasi zen. Zailtasunak izan zituen gradua aurrera ateratzeko, horregatik erabaki zuen museoan hamar hilabeteko eszedentzia hartzea, ikasketetan guztiz zentratzeko. 1950ean, graduondokoa lortu zuen eta lau urteren buruan, doktoregoa. Harvarden Antropologian doktorego titulua lortzen zuen lehen emakumea izan zen.

Ez dakigu zergatik kostatu zitzaion hainbeste goi mailako ikasketak bukatzea. Izan ere, soilik 24 urterekin arkeologiako bere lehen liburua publikatu zuen, Ancient Man in North America; bigarrena, Prehistoric Indian of the Southwest, 33 urte zituela kaleratu zuen. Esan daiteke, beraz, gaia menperatzen zuela. Ildo honi jarraiki, teoria batek dio ez zuela inolako premiarik munduari frogatzeko ikasle bikaina zela eta horregatik patxadaz hartu zuela ikasle garaia.

Eremu-ikerketa, nazioarteko bilerak eta erakusketak

Museoan boluntario gisa lan egin ondoren, Paleoamerikar garaiko Folsom Kultura eta Yuma bildumetako puntak (jaurtigai gisa erabiliak) sailkatzea egokitu zitzaion. Wormingtonek ideia berritzaile ugari proposatu zituen han zegoelarik. Besteak beste, bururatu zitzaion museoan zituzten garai hartako materialen bildumak munduari erakustea argazkien bitartez. Bera arduratu zen bidaiez eta materialen sustapenaz; Europako museoetatik barna ibili zen Denverko museoan zituzten balio handiko piezak erakusten. Ideia honen atzean helburu zehatz bat zegoen: museoen arteko truke bat egitea europar paleolitikoko tresnekin. Wormingtonen lan bikainagatik, 1936an Denverko museoak Arkeologia Departamentua sortu zuen eta, urtebete geroago, kontserbatzaile izendatu zuten.

Hannah Marie Wormington Coloradoko Montroseko arkeologi-indusketa gunean. (Argazkia: TrowelBlazers.com)

Bere lanari dagokionez, egindako eremu-ikerketa da nabarmentzekoa; kasu askotan indusketak zuzendu zituen eta beste batzuetan, laguntzaile edo aholkulari gisa lan egin zuen. Esaterako, Mexiko Berrian kokatzen den Folsom Site gune arkeologikoan lan egin zuen 1936an; urtebete geroago Montrosen izan zen, Coloradoko hiri batean, eta 1950ean, Albertan, Kanadan.

Hortik aurrera, indusketak alboratu zituen eta beste bide bat hartu zuen: nazioarteko biltzarretara joaten hasi zen beste arkeologo ospetsuekin batera. Esanguratsuenen artean, Filadelfian antolatu zuten Historiaurreko Gizakiari buruzko Nazioarteko Biltzarrean (1937) eta Frantziako Teknologia Litikoari buruzko konferentzian (1964) parte hartu zuen arkeologo estatubatuarrak. Horretaz gain, leku ezagunetan abiatu ziren indusketetara joateko ohitura zuen eta bere liburuen edizio lanaz ere arduratzen zen.

Halaber, 1935 eta 1965 artean, proiektu arkeologiko batzuk zuzendu zituen eta horien xehetasunak eman ziren argitara museoko aldizkarian. Bertan egindako lanari dagokionez, ezin dugu ahaztu bere ardura nagusia bildumetako tresnak sailkatzea eta erakusketetarako prestatzea zela. Antolatu zuen erakusketarik arrakastatsuena Hall of Man izan zen, ezbairik gabe.

Garai baten amaiera

Oraindik ez dago arrazoirik azaltzeko zergatik utzi zuen Wormingtonek museoko lana 1986an. Berak azaldu zuenez, bizitzan hartu zuen “erabakirik zailena” izan zen, han igaro zuelako bizitza osoa, bertan boluntario gisa hasi zenetik, alegia. Erabaki hori hartu eta bi urtera, museoko arduradunek zientzialari emeritu izendatu zuten eta oraindik bere izena daraman konferentzia multzo bat sortu zuten. Horren ondotik, hainbat unibertsitatetan izan zen irakasle.

Amerikako Arkeologia Elkarteko zuzendaritzara iritsi zen Wormington, eta hori lortzen lehen emakumea izan zen. Kargu horretara iritsi aurretik, zuzendariordea izan zen. Horretaz gain, aipaturiko elkarteko domina irabazi zuen. Sariei dagokienez, C.T. Hurst saria jaso zuen (1985) Coloradoko Arkeologia Elkartearen eskutik. Era berean, Guggenheim Fundazioko beka bat lortu zuen lehen emakumea izan zen.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Hannah Marie Wormington arkeologoaren ikuspegi argigarria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages