Asteon zientzia begi-bistan #271
Josu Lopez-Gazpiok argi hitz egin digu honetan: sukaldean dugun espartzua da etxeko lekurik zikinenean dagoen gauzarik zikinena. Elikadurarekin lotutako gaixotasunen eta etxeko kutsadura iturrien arteko erlazioak aurkitu dira. Sukaldean baditugu kutsatuak dauden objektuak, hala nola trapuak eta espartzuak. Egin diren ikerketen arabera, horiek patogenoen transmititzaile potentzialak dira. Espartzuen desinfekziorako método eraginkorrena espartzuak mikrouhin labean edo ontzi-garbigailuan garbitzea da. Ez galdu artikulu interesgarri hau!
AstronomiaZiurrenik asteon GJ3512b izeneko gasezko planeta bati buruzko informazioa jaso duzuela. Astronomo talde batek aurkitu du izar nano gorri baten inguruan orbitatzen. Ez da edonolako aurkikuntza. Izan ere, planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake. Zientzialariek azalpen berri bat proposatu dute: diskoaren ezegonkortasunaren eredua. Teoria honen arabera, posible litzateke arrokazko nukleorik gabeko planetak eratzea, orbita eta tenperatura egokian egonez gero, gasaren pilaketa soilean oinarrituta.
19 mila milioi argi urtera dagoen protokumulu bat aztertu du nazioarteko talde batek eta horren masa 32 bilioi eguzki-masa ingurukoa dela ondorioztatu du. Ikerketa talde horretan lanean ibili da Itziar Aretxaga astrofisikaria eta azaldu duenez, “grabitateak elkartutako milaka galaxiek sortutako egiturak dira kumuluak, Unibertsoan ezagutzen diren egitura handienak”. Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue informazio gehiago.
EboluzioaGizakiak eboluzioan galdutako muskuluak enbrioietan ikusi dituzte. Kalitate handiko 3D irudiak erabilita, aztertu dituzte giza enbrioi eta fetuen gorputz-adarretako muskuluak. Elhuyar aldizkariak artikulu honetan azaltzen digunez, hainbat muskulu bestigial aurkitu dituzte, beste ugaztun batzuetan agertzen direnak baina pertsonetan normalean ez daudenak. Aurkikuntza honek argituko du gorputz-adarren eboluzioa.
ZoologiaAnimalia basatien salerosketa uste zena baino handiagoa da. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, munduko ugaztunen bost espezietik ia bat saldu eta eros daiteke merkatu hartan. Ikertzaileek adierazi dute uste baino handiagoa dela salerosketak eragiten duen inpaktua munduko biodibertsitatean.
OsasunaPisua hartzea edo galtzea eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Baina ez da kontu hain erraza. Izan ere, zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak jan arren? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman digu erantzuna: genetika eta genetikak metabolismoan duen eragina.
FarmakologiaGero eta joera handiagoa dago antioxidatzaileak diren konposatuetan aberastutako jakiak kontsumitzeko. Elikagai industrian erabiltzen diren konposatuen artean ezagunena E bitamina da. Zortzi isoformez osatutako nahasketa da baina sistema biologikoetan aurkitzen den isoformarik ugariena alfa-tokoferola da, E307 gehigarri antioxidatzaile bezala ezagutzen dena. Elikagaietan ez ezik, gehigarri dietetiko askotan ere agertzen da eta horrek iritzi kontrajarriak sortu ditu. Ildo horri jarraiki, ikerketa bat egin dute aztertzeko liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan L-alfa-tokoferolaren gehikuntzak lipidoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua. Emaitza guztiak artikuluan.
EkologiaLur azpiko urak egoera larrira iritsiko dira 2050rako, ikerketa batean azaldu dutenez. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri: gizakiok lur azpitik erauzten dugun ur-kantitatea hain handia denez, askotan ez da berreskuratzen akuiferoen ur-maila euriak eta errekek egindako birkargaz. Ondorioz, murriztu egiten da akuiferoetatik hezegunetara eta beste ekosistema urtarretara egiten den ur-ekarpena.
TeknologiaEuskarazko sare sozialetako mezuen polaritatea edo sentimendua (positiboa, neutroa ala negatiboa) hautemateko lehen sistema sortu du Elhuyarreko I+G unitateak. Lan aitzindaria da Iñaki San Vicente Roncal Elhuyarreko ikertzaileak garatu duena bere doktorego-tesian. Proiektu honetan eman diren pauso guztiak ezagutu nahi badituzu, irakur ezazu artikulua osorik!
KimikaGuillermo Roa zientzia dibulgatzaileari egin diote elkarrizketa Berrian. Kimikako doktorea, musikazalea eta marrazkilaria da eta Zientzia eta teknologiaren inguruko Norteko Ferrokarrila irratsaioa gidatu du hamabost urtez Euskadi Irratian. Tesia egin ondoren aukera izan zuen atzerrira joateko baina berak azaltzen duen moduan, “ez nintzen ikertzaile ona, askoz hobeto kontatzen nuen, ikertu baino”. Hortaz, Elhuyarren hasi zen, dibulgazio-lanetan. Horren ondotik, irratira egin zuen jauzi.
Emakumeak zientzianLidia Arana biokimikaria elkarrizketatu dute honetan. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziatu ondoren, Biomedikuntza eta Biologia Molekularra Masterra egin zuen. Tesia egitea beti zaila egiten den arren, Aranak oroitzapen onak ditu eta batez ere, taldeko-lana azpimarratzen du: “Zientzia esperimentaletan talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”. Tesia amaitu baino lehen, irakasle-lanetan hasi zen. Ikertzaile eta irakasle izateko oreka mantendu nahian, azkenean, bigarrenak hartu zuen pisu handiagoa, halere onartu du ikerketaren falta sentitzen duela.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #271 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #278
Bada aukeramena zaintzen tematzen denik. Arazoa da zenbait argumentu aztertzean ez diotela eusten. Jesús Zamora Bonillaren Why emergent levels will not save free will (1)
Parasito batek izakiekin egin dezakeena sinestezina da. Sinestezina aukeramenean sinesten baduzu, noski. José Ramón Alonsok Bad companies
Korrelazio egitura duen fenomeno fisikoa agertzen denean, tentsore sarea da probabilitaterik altuena, informazio teoriatik hasi eta unibertsoaren egituraraino. Román Orúsek berrikusketa egin du gaiari sarrera egiten diona. DIPCk: Tensor networks everywhere
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #278 appeared first on Zientzia Kaiera.
Lide Arana, biokimikaria: “Talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”
Hala, Kimikatik Biokimikara jauzi egin, eta, azken urtean, Leioan ohikoa zen laborategiren batean sartzea. “Barne-ikasle deitzen zitzaion”, gogoratu du. “irakasle batek esan zigun bazegoela lekua bere laborategian, eta, gaia gustukoa nuenez, han hasi nintzen. Gerora, tesia ere bertan egin nuen”.
Azaldu duenez, lipido-mota berezi batekin (zeramida-1-fosfatoa) lan egiten zuten laborategian. Lehen, uste zuten lipido horrek ez zuela funtzio berezirik, egiturak osatzen lagundu baino ez zuela egiten. Gerora, ordea, ikusi dute funtzio biologiko asko erregulatzen dituela, eta arreta jarri diote, bereziki, gaixotasun kardiobaskularrekin duen harremanari.

Irudia: Lide Arana Urbieta biokimikaria eta UPV/EHUko irakaslea.
Horrenbestez, horren inguruan eman zituen Biokimikako azken urtea eta tesia. Tesia egitea zaila den arren, oroitzapen onak ditu, batez ere, laborategiko kideei buruz: “Denok antzeko gaietan genbiltzan, eta asko laguntzen genion elkar. Konturatu naiz laguntasun hori gako izan zela, oso momentu gogorrak igarotzen baitira. Ez dakit nola izango den beste arlo batzuetan, baina zientzia esperimentaletan talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”.
Horrez gain, atzerrira joateko aukera ere eman zion tesiak: “Egonaldietan eta kongresuetarako bidaietan asko ikasi nuen. Oso aberasgarria da. Ikusten duzu nola egiten duten lan beste leku batzuetan, harremanak egiten dituzu, ideia berriak hartzen dituzu…”
Aranaren esanean, zortea izan zuen laborategian bazegoelako dirua, eta, beraz, ideia bat izanez gero, nahikoa zen zuzendariak ere ontzat jotzea, aurrera egiteko. Horri guztiari esker, aukera izan zuen askatasun handiz ikertzeko.
Ikertzaile eta irakasle: oreka bilaTesia egiteko zeukan beka amaitu baino lehen, irakasle-lanetan hasi zen unibertsitatean. Hasieran, tesiarekin batera aritu zen, eta tesia aurkeztu zuenean, irakasle jarraitu zuen. Aldi berean, martxan zituen esperimentuak bukatu eta lan batzuk argitaratu zituen. Eta justu orduan, sail bereko beste laborategi batean ari zen beste ikertzaile batek lana utzi zuen, eta Aranari eskaini zioten.
“Aldatzeko momentua zela iruditu zitzaidan”. Lipidoetan ikertzen jarraitu zuen (eta jarraitzen du), baina beste era batekoak dira: “Lipido horiek erabiltzen ditugu egitura nanometriko batzuk osatzeko, eta helburua da nanoegitura horien bidez farmakoen administrazioa hobetzea”.
Hasieran doktoratu osteko ikertzaile gisa hasi zen, irakasle-ordu osagarri batzuekin. Denborarekin, ordea, ordezkapenak egin ahala, irakaskuntza pisu handiagoa hartzen joan da. Irakasle-lana oso gustuko duela onartu arren, ikerketaren falta sentitzen duela aitortu du: “Oraingoz irakasle jarraitzeko aukera daukat, eta atxiki-plaza bat lortzea gustatuko litzaidake. Ea zer gertatzen den, baina nire itxaropena da berriro ikerketara itzultzea, eta ikerketaren eta irakaskuntzaren areko oreka lortzea”.
Fitxa biografikoa:Donostian jaio zen 1984an. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziatu ondoren, Biomedikuntza eta Biologia Molekularra Masterra egin zuen, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (EHU). 2012an, Biokimikan doktoratu zen, eta doktoretza ondoko ikertzaile izan zen bi urtez. 2011tik EHUko irakaslea da.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Lide Arana, biokimikaria: “Talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki” appeared first on Zientzia Kaiera.
Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea?

Irudia: Alfa-tokoferola elikagaietan gehitzearen gainean iritzi kontrajarriak dituzte ikertzaileek.
Hainbat jaki aberasteko elikagai-industrian erabiltzen diren konposatuen artean, E bitamina dago. Konposatu hau zortzi isoformez osatutako nahasketa da, baina sistema biologikoetan aurkitzen den isoformarik ugariena eta indartsuena alfa-tokoferola da. Sintesi kimiko bidez sortutako alfa-tokoferola D- eta L- isomeroen nahasketa da eta legez onartutako E307 gehigarri antioxidatzaile bezala ezagutzen da. Oraingoz, legediak gehitutako alfa-tokoferolaren kontzentrazio maximo bat ezartzen ez duenez, muga hau zehaztea elikagai-industriaren erabakia da.
Elikagaietan ez ezik, alfa-tokoferola gehigarri dietetiko askotan ere aurkitzen da, kontsumitzaileek naturaltzat hartzen dutelarik. Hala ere, ikertzaileek alfa-tokoferolaren gehikuntzaren gainean iritzi kontrajarriak erakutsi dituzte. Ikerketa batzuek alfa-tokoferolaren aktibitate prooxidatzailea agerian utzi dute hainbat kondiziotan (kontzentrazio altuetan, esate baterako). Beste konposatu kimiko batzuen kasuan bezala, alfa-tokoferolak antioxidatzaile/prooxidatzaile dualtasuna dauka eta, lipidoen oxidazioa mugatu beharrean, kontrako efektua ere eragin dezake. Beste ikertzaile batzuek, berriz, alfa-tokoferolaren dualtasun hori ez dute nabaritu eta aktibitate antioxidatzaileari baino ez diote eutsi. Horregatik, elikagaien segurtasun eta osasunaren ikuspuntutik, alfa-tokoferolak prooxidatzaile bezala zein motatako kondiziotan joka dezakeen jakitea beharrezkoa da.
Lipidoen oxidazioa elikagaien prozesatzean eta biltegiratzean zehar gerta daitekeela aspalditik ezagutzen den arren, ikerketa berriek erakutsi dute elikagaien digestioan zehar ere oxidazio-erreakzioak ematen direla. Hori zenbait ikerketa-taldek frogatu dute animaliak erabiliz (in vivo kondiziotan), zein urdaileko eta hesteetako urinak simulatuz (in vitro kondiziotan). Digestio-kondiziotan alfa-tokoferolak duen eraginari dagokionez, orain arte oso lan gutxi egin da, eta gainera emaitza eztabaidagarriak lortuz.
Testuinguru honetan, ikerketa honen helburua liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan D,L-alfa-tokoferolaren gehikuntzak (200, 2000 eta 20000 ppm) lipidoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua aztertzea zen. Horretarako, olio-laginak (aberastu gabekoak eta aberastutakoak) prestatu eta urdail-hesteetako in vitro eredu estatiko baten bidez digeritu egin ziren. Ondoren, digeritutako laginen lipidoak erauzi ziren eta, hasierako olio laginekin batera, teknika aurreratu baten bidez aztertu ziren: Protoi Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (1H NMR). Laginen espektroetan agertzen ziren protoi seinaleak erabiliz, lipidoen hidrolisi-maila eta oxidazio-maila neurtu ziren.
Hidrolisiari dagokionez, olio lagin guztiek antzeko lipolisi-maila erakutsi zuten. Beraz, jatorri sintetikoko E bitamina honen gehikuntzak ez zuen inolako efekturik izan. Hala ere, oxidazioari dagokionez, alfa-tokoferolaren presentzian lipidoen oxidazioa areagotu zela ondorioztatu zen, dosi-menpeko modu batean. Izan ere, zenbat eta alfa-tokoferolaren kontzentrazioa handiagoa izan, orduan eta omega-3 poliasegabe kate gehiago degradatu ziren digestioan zehar. Horretaz aparte, aberastutako olio laginetan oxidazio-konposatu primario eta sekundario gehiago ere sortu ziren. Konposatu hauen artean, aldehidoak eta hidroxi edo keto taldeak dituzten dieno konjugatuak aipa daitezke.
Lortutako emaitzek alfa-tokoferolak digestio-kondiziotan prooxidatzaile bezala joka dezakeela baieztatu dute. Beraz, kontu handia izan behar da alfa-tokoferolaren gehikuntzarekin antioxidatzaile efektua lortzeko asmoz, kontzentrazio altutan erabiltzen denean espero den efektua kontrakoa izan daitekeelako, hau, da prooxidatzailea. Ikerketa gehiago behar da, emaitza hauek in vivo egiaztatzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea?
- Laburpena: Lan honen helburua liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan d,l-alfa-tokoferolaren gehitzeak (200, 2000 eta 20000 ppm) konposatu lipidikoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua aztertzea zen. Horretarako, protoi erresonantzia magnetiko nuklearra (1H NMR) teknika erabili zen. Jatorri sintetikoko E bitamina honen gehikuntzak ez zuen efekturik izan lipolisian, baina oxidazioa areagotu zuen, dosi-mendeko modu batean. Hau kate poliasegabeen degradazioaren eta oxidazio-konposatuen sorreraren handipenek nabarmendu zuten. Ikerlan honen kondizioetan, alfa-tokoferolaren presentziak aldehidoen eta hidroxi edo keto taldeak dituzten dieno konjugatuen sorreran lagundu zuen.
- Egileak: Bárbara Nieva-Echevarría, Encarnación Goicoechea, María D. Guillén.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 83-98
- DOI: 10.1387/ekaia.19720
————————————————–
Egileez:
Bárbara Nieva-Echevarría, Encarnación Goicoechea, María D. Guillén. UPV/EHUko Farmazia fakultateko Elikagaien Teknologia Atalean dabiltza Lascaray Ikergunean.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea? appeared first on Zientzia Kaiera.
GJ3512b du izena, eta planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake
Duela hamar bat urte gertatu zen. Kazetari honen alboan bizitzaren une onak eta ez hain onak elkarrekin bizitzea erabaki zuen laguna txantxa berdina egiten hasi zen. Sakelakoan edo tabletan jakinarazpen bat pizten zen aldiro besoak altxatzen zituen: “Hara, beste exoplaneta bat!”. Berdin zion dei galdu bat, SMS bat edo posta elektroniko bat ote zen. Ding horiek guztiak planeta berri bati leporatzen zizkion. Exoplaneta berri bat aurkitzen zenean jakinarazpen bat bidaltzen zuen aplikazio bat zen ding horien jatorria, eta planeta aurkitu berriari buruzko xehetasunak eskaintzen zituen. Gutxi ziren hasieran, baina denborarekin aplikazio horrek bere zentzua galdu zuen. Hain zen handia exoplaneta berrien jarioa ezen ez baitzegoen horiei guztiei arretaz erreparatzeko modurik.
Galaxia –eta unibertsoa, seguruenera- munduez beterik dagoela badakigu orain, eta dagoeneko soilik lurraren antzekoak izan daitezkeenak eta bizigarritasun eremuan daudenak dira atentzioa ematen dutenak. Jupiterren antzezko erraldoiek, adibidez, ez dute apenas arretarik erakartzen. Joan den astean aurkeztutako batek, berriz, bai. Atentzio eman ez ezik, hautsak harrotu ditu. Eta normala da: planeta hori aurkitu duten astronomoen arabera, aurkikuntzak orain arte ondo errotutako teoria bat kolokan jar lezakeelako. Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman dituzte xehetasun guztiak.

1. irudia: 30 argi urtera dagoen GJ3512 izarraren inguruan gutxienez bi planeta daudela ondorioztatu dute, eta horietako bat izarretik oso gertu dagoen gasezko erraldoi bat dela ikusi dute. (Irudia: ICE)
GJ3512b da planetaren izena, eta GJ3512 izarraren inguruan orbitatzen du. Bikotea 30 argi urtera dago. Hortaz, eskura ez; baina urrunegi ere ez. Izarra nano gorri bat da, eta gure eguzkiaren masaren hamarren bat izango du. Honaino, dena normala. Arazoa da alboan duen planeta hori gasezko erraldoi bat dela, Jupiterren tamainaren erdikoa edo, eta, izarretik nahiko gertu dagoela gainera.
Zientzialariek azaldu dute izarra Proxima Centauri ospetsuaren antzekoa dela, eta Teegarden zein TRAPPIST-1 izarrak baino zertxobait masiboagoa, baina horietan guztietan izarretik gertu daudenak arrokazko planetak direla, eta ez gasezko planeta erraldoiak.
Horregatik, hasiera batean pentsatu zuen izarraren gaineko eragina beste izar batetik zetorrela. IEEC Kataluniako Espazio Ikerketarako Institutuko Joan Oro teleskopioaren bitartez kalkulatu ahal izan dute sistemaren errotazio-periodoa, eta modu horretan baieztatu ahal izan dute planeta bat dela, eta ez beste izar bat.
Beste izar baten aukera alboratuta, planeta dela egiaztatu ahal izan dute. Zientzialariek uste dute planeta horren jatorria izarra oraindik gaztea zela gertatu zela. Izarraren inguruan sortutako disko ezegonkor baten zatiketatik sortu zelakoan daude. Baina planeta erraldoien eraketari buruz zabalduen dauden teoriek diote planeta horiek oso pixkanaka eratzen direla, nukleo solido baten inguruan gasa biltzen denean. Lehenik arrokazko nukleoak sortzen dira disko protoplanetarioan, baina masa kritiko batera iristean gasa ere biltzen hasten dira, eta hortik sortuko dira gasezko erraldoiak. Masa txikiko izarren kasuan, disko arinagoak izango lituzkete inguruan, eta, ondorioz, hor dagoen masa kopurua txikiagoa litzateke. Gasezko planeta erraldoi bat izar txiki batetik gertu dagoenez, horrek eskatzen du hasierako disko hori askoz dentsoagoa izatea edota orain arte kontuan hartu ez den mekanismo bat egotea atzean.
Zehazki, nukleoaren akrezioaren eredua da kolokan jarri dutena. Eredu horren bitartez azaldu daitezke gure eguzki sistemaren eraketa, eta baita txikiagoak diren izarren inguruan sortzen diren sistemenena. Baina, ikerketa hau egin duten zientzialarien irudikoz, ez du balio azaltzeko orain aurkitu berri duten planeta hau.
Orain artekoak balio ez badu, zer proposatu dute, bada? Diskoaren ezegonkortasunaren eredura jo dute, azalpen bat eman nahian. Eredu horren arabera, posible litzateke arrokazko nukleorik gabeko planetak eratzea, orbita eta tenperatura egokian egonez gero, gasaren pilaketa soilean oinarrituta. Baina momentuz hipotesi honek ez du babes askorik jaso, arlo teorikoan besterik ez zegoelako; eta, neurri handi batean, grabitazioaren inguruan ditugun ezagutzen arabera, intuizioaren kontra doalako. Orain arte, beraz, Ockhamen labana atera da nagusi, hipotesi errazenaren alde eginez. Azken aurkikuntza honek, ordea, eztabaida hauspotuko du seguruenera.
Infragorritik ikusitaAurkikuntzan erabilitako bideari dagokienez, Doppler teknika baliatu dute. Teknika honen bidez, izar batek aurrera eta atzera egiten duen mugimendua neurtzen dute, mugimendu horrek inguruko planetek eragindakoa baita. Orotara 140 behaketa egin dituzte, eta horien bitartez egiaztatu ahal izan dute izarrak inguruan lagun bat izan behar zuela.

2. irudia: Calar Altoko behatokian (Almeria) CARMENES tresnaren bitartez egindako azterketetan oinarritu dira aurkikuntza egiteko, infragorriaren eremuan egindako espektrografia baliatuta. (Argazkia: Pedro Amado – Marco Azzaro / IAA-CSIC)
Detekzio mota honekin, ez da beharrezkoa planeta izarraren aurrean pasatzea horren existentziaz jabetzeko. Baina planetak izarrari eragindako mugimendu hori bereziki infragorrian ikusten da hoberen, eta horregatik kasu honetan erabakigarria izan da CARMENES izeneko tresnaren erabilpena. 2016. urtetik martxan dago nazioarteko kolaborazio hori, eta Calar Altoko behatokian (Almeria) kokatuta dago. Bertan duten espektrografoaren bitartez atzeman dute planeta, bi espektrotan: ikusgaian eta infragorrian.
Harrigarria bada ere, gaur egungo teoria kolokan jar dezakeen objektibo hau behaketen zerrendatik kanpo egotear egon zen, ikertzaileek aitortu dutenez. Horren arrazoia zen izarra ahulegia zela, eta CARMENES egitasmoan izar txiki baina argitsuak dituztela jomugan. Behaketarako laginean izar txiki nahiko ez zeudela jabetuta, azken orduan sartu zituzten halako izar batzuk, tartean GJ3512 bera.
Lehen behaketak hasita, izar horrek ikertzaileen arreta ekarri zuen, portaera bitxia zuelako. “Bere abiadura oso azkar aldatzen zen tresnaren bi kanaletan, eta horrek adierazten zuen oso masiboa zen lagun bat zuela alboan; izar nano gorri batean hau nahiko anomaloa da”, azaldu du prentsa ohar batean zientzia artikuluaren egile nagusi Juan Carlos Moralesek.
Bestetik, planetak duen orbita eszentrikoagatik ondorioztatu dute ere iraganean beste planeta erraldoi bat zegoela sistema horretan, baina botata izan zela, eta orain izarrik gabeko planeta alderraia izan daitekeela. Sisteman ondorioztatu duten bigarren planeta baten atzean ari dira orain, hori ere behar bezala ezaugarritzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Morales, J. C. et al. (2019). A giant exoplanet orbiting a very-low-mass star challenges planet formation models. Science, 365 (6460), 1441-1445. DOI: 10.1126/science.aax3198
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post GJ3512b du izena, eta planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake appeared first on Zientzia Kaiera.
Espartzuak, bakterioak eta genero-rolak

1. irudia: Sukaldeko espartzua etxeko objekturik kutsatuena izan ohi da. (Argazkia: fede13 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Azken urteotan, elikadurarekin lotutako gaixotasunen eta etxeko kutsadura iturrien arteko erlazioak aurkitu dira. Oro har, jakina da elikagaien erabilpen okerrak eta higiene eskaseko ohiturek gaixotasunen eragileak izan daitezkeela. Horretaz gain, kozinatzen ari garenean kutsadura mikrobiologikoaren arriskuaren pertzepzio oso baxua dugu, baina, aldi berean, sukaldea da kutsadura maila altuena duen etxeko lekua -bainugelak berak baino gehiago-. Zehatzago, sukaldeko objekturik kutsatuena trapuak eta, bereziki, espartzuak dira. Horren ondorioz, espartzuek eta sukaldeko trapuek elikagaietan dauden patogenoen transmititzaile potentzialak dira, ikerketen arabera.
Espartzuak sarritan erabiltzen dira platerak eta sukaldeko beste tresnak garbitzeko, baina, horietaz gainera, hainbat gainazal -hozkailuak barne- garbitzeko erabiltzen dira. Guzti horrek elementu desberdinen arteko kutsadura gurutzatzeko arriskua sortzen du. Gainera, espartzuak objektu hobeezinak dira mikrobioen hazkuntzarako: azalera/bolumen erlazio handia dute -zulotxoz josita egoten baitira-, ia beti hezeak daude eta elikagaien hondakinak izaten dituzte. Oro har, ikerketa gehienek espartzuetan kutsadura mikrobiologiko handia dagoela identifikatu dute eta, besteak beste, Salmonella spp., Staphylococcus aureus, Campylobacter spp. eta Listeria monocytogenes patogenoak isolatu dira sukaldeko espartzuetatik.
Oinarri horietatik abiatuz, Stefania Marotta eta bere lankideek 2018 amaieran egindako ikerketak erakutsi zuenez, espartzuetan identifikatutako bakterio-kantitateak ez dira onargarriak sukaldean erabiliko den tresna batentzat. Aurkitutako kutsadura maila zinez arriskutsuegia zen, diotenez. Espartzuak mikrobioen kolonizaziorako objektu apartak dira eta, horrexegatik, ezinbestekoa da espartzuak sarritan aldatzea eta aldatzen ez diren bitartean modu egokian desinfektatzea.
Maastrichteko ikasleen espartzuakEspartzuen hariari tiraka, Jovanovska eta bere lankideek Maastrichteko ikasleen etxebizitzetako espartzuetan dauden bakterioak eta etxean bizi diren kideen arteko loturak bilatu nahi izan zituzten. Horretarako 34 etxetan espartzu berriak jarri zituzten eta denbora jakin baten ostean, haietan zeuden bakterioak aztertu zituzten. Jakina denez, espartzuak dira etxebizitzetako objekturik kutsatuenak eta bakterio gehienak kaltegarriak ez diren arren Escherichia coli eta Salmonella bezalako bakterio patogenoak ere egon daitezkeela badakigu. Ikerketa egiteko etxebizitza-mota kutsatuenetara jo zuten; izan ere, etxe arrunt bateko sukaldeko trapu batean 3,1 milioi bakterio daude, baina, ikasleek partekatutako etxeetan 7,9 milioi bakterio daude, batez beste.
Esan bezala, Jovanovska eta bere lankideek 34 espartzu jarri zituzten hainbat ikasle bizi ziren etxebizitzetan eta, aste beteren buruan espartzuen bila itzuli ziren. Espartzu zatitxo bat hartu eta ur destilatutan jarri zuten eta, hortik, diluzio egokiak egin ondoren bakterioak hazi zituzten 2 orduz. Ikerketan bakterio kopuruak bakarrik hartu zituzten kontuan; izan ere, ikerketaren helburua ez zen bakterio-motak identifikatzea. Alabaina, bitxikeria moduan aipatzen dute zenbait espartzutan giza-gorotzetan aurki daitezkeen bakterioak identifikatu zituztela –litekeena da horren arrazoia eskuak gaizki garbitzea edo eulien bidezko kutsadura gurutzatua izatea-.
Datuak jasota, ikertzaileek ez zuten ikusi korrelaziorik etxebizitzako kideen eta espartzuko bakterio kopuruaren artean. Oro har, espartzuaren zentimetro kubiko bakoitzeko 150 kolonia zenbatu zituzten, batez beste –etxebizitzako kide kopuruarekiko loturarik gabe-. Hain zuzen, bakterio kopuru handiena -300 inguru- zuen espartzua bi kideko etxebizitza batekoa zen eta kopuru txikienekoa -50 inguru-, aldiz, bederatzi kideko etxe batekoa zen. Ikertzaileek emandako azalpenak hauek dira: alde batetik, espartzuak asetze puntu batera iristen direnean ezin dira bakterio gehiago hazi, nahiz eta etxe horretan kide gehiago egon. Bestetik, kide asko dauden etxebizitza batean espartzua maizago erabiltzen dela pentsa daiteke eta, hortaz, detergente gehiago erabiltzen dela.
Etxebizitzako kideen dietari dagokionez, ikertzaileek korrelazio altua aurkitu zuten, kasu horretan. Hain zuzen ere, kide begetariano/begano kopurua zenbat eta altuagoa izan, orduan eta baxuagoa da espartzuan dagoen bakterio kopurua. Begetariano/beganorik gabeko etxebizitzetan aurkitu ziren bakterio kopuru altuenak -espartzurik kutsatuena, 320 koloniekin, begetariano/beganorik gabeko etxe batekoa zen-. Horren azalpena elikagaien konposizioan legoke, hain zuzen ere, haragian bakterio asko egon ohi baitira.

2. irudia: Espartzuan dauden bakterioek etxe horretan bizi direnen informazio ugari gordetzen du: etxeko kide kopurua, dieta eta generoa, besteak beste. (Argazkia: Hans Braxmeier – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Generoari dagokionez, ikertzaileek aurkikuntza harrigarria egin zuten: etxebizitzako emakume kopuruaren eta espartzuan dagoen bakterio kopuruaren arteko korrelazio negatibo altua aurkitu zuten. Oro har, zenbat eta emakume gehiago egon etxean espartzuan bakterio gutxiago zeuden. Batez beste, emakumeak bakarrik dauden etxeetan espartzuak askoz garbiagoak zeuden gizonezkoak bakarrik dauden etxeetan baino. Zenbakitan adierazita, gizonezkoez bakarrik osatutako etxebizitza batean gizon bakoitza zentimetro kubikoko 150 bakterioren erantzulea da. Alabaina, emakumeak bakarrik dauden etxe batean emakume bakoitza 30 bakterioren erantzulea da soilik. Etxe mistoetan, aldiz, bigarrena errepikatzen da: kide bakoitza, gizon zein emakume, zentimetro kubikoko 30 bakterioren erantzulea da.
Horrek argi erakusten du, egileek diotenez, gizon eta emakumeen arteko higiene ohiturak desberdinak direla. Oro har, ikertzaileek zerrendatutako bibliografiaren arabera, garbiketa lanak gehien bat emakumeek egiten dituzte eta, egitekotan, gizonek erosketak egitea eta kozinatzea nahiago izaten dute arropak edo etxebizitza garbitzea baino. Bestalde, garbitasunaren arauak ez dira berdinak gizon eta emakumeentzat, izan ere, txikitatik emakumeek jasotzen dituzte garbiagoak izatera behartzeko argibideak -jantziak garbi izan, kanpoko kiroletan ez jolastu, eta abar-. Hortxe, bada, genero-estereotipoek ere badutela zerikusia espartzuan aurkitzen den bakterio kopuruarekin. Jovanovska eta bere lankideen arabera, ikerketa honek berresten du genero bakoitzaren higiene arauak ez direla berdinak eta, hortaz, espartzuetan dauden bakterio kopurua baxuagoa dela emakumeak dauden etxebizitzetan.
DesinfekzioaEspartzuen desinfekziorako metodo eraginkorrenen artean, ikertzaileek hainbat proposamen egin dituzte. Metodorik eraginkorrenen artean, Marottaren taldeak espartzuak mikrouhin labean edo ontzi-garbigailuan garbitzea proposatzen du. Horietan tenperatuta altuak lortzen dira eta, hortaz, desinfekzioa nahiko arrakastatsua da. Beste ikerketa batek –Eliandra Rossik eta Eduardo Tondok sinatzen dutena– zehaztasun handiagoz ikertu zituen desinfekzio prozedurak- Ikusi zutenez, lixibak %99,9ko desinfekzioa lortzen zuen eta, irakite prozesuak, aldiz, %99,9999koa. Irakite prozesurako mikrouhin labea erabili zuten. Hain zuzen ere, espartzua botilatan sartzea proposatzen da, 300 ml ur gehituz. Ondoren mikrouhin labea martxan jarri behar da eta urak bost minutuz irakiten duela bermatu. Modu horretan, esan bezala, bakterioen portzentajea ia %100ean murrizten da.
Bestalde, ikasleen etxeetan garbiketa sakonagoak egitea beharrezkoa dela erakutsi dute ikerketek; izan ere, bakterio kantitate askoz ere handiagoak aurkitu ohi dira horrelako etxeetan. Elikagaiak modu egokian erabiltzea ere beharrezkoa da gaixotasunen transmisioa saihesteko. Genero-rolen zein estereotipoen kasuan, desinfekzioa egitea ez da erraza, baina, ziur asko -eta bide horretan egin behar dugu lan- desinfekzio-lan egokiekin egunen batean espartzuko bakterioen eta etxebizitzako kideen generoaren arteko korrelaziorik ez da egongo.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jovanovska, S., Quirant, L., Davidovijk, D. eta Popeijus, H. E. (2018). Invisible cohabitants: Investigating the microbial presence in the kitchen sponges of Maastricht. The Maastricht Journal of Liberal Arts, 10, 69-83. DOI: https://doi.org/10.26481/mjla.2018.v10.597
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Espartzuak, bakterioak eta genero-rolak appeared first on Zientzia Kaiera.
Obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira
Pisua hartzea edo galtzea, modu sinplean esanda, eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Organismoak irentsi den elikagaitik asimilatzen duena eskuratzen du. Eta jardunaren jardunez energia gastatzen du, beroa barreiatuz. Askotarikoak dira jarduerok: batzuk beharrezkoak dira sistema organikoek (bihotz jarduera, giltzurrunena, nerbioena, etab.) normal funtzionatzeko, esaterako, gorputz tenperaturari eustea; beste batzuk zelulak eta ehunak berritu eta konpontzeari lotuta daude; beste batzuk egitura berrien sintesiaz arduratzen dira; eta azkenik, ariketa fisikoari loturiko muskuluen jarduerak ere aipatu behar dira. Eskuratu den energia gastatu dena baino handiagoa bada, organismoak masa hartzen du. Kontrakoa gertatzen da gastatu dena eskuratu dena baino handiagoa bada.
Horrela esanda, kontu erraza dirudi. Alabaina, kontu horietan ezer ez da dirudien bezain erraza. Energia eskuratzearena termino aski sinplea da; bi faktore nagusi hartu behar dira kontuan, janari kantitatea eta haren osaera, energia edukiari eta digeritzeko eta asimilatzeko erraztasunari edo zailtasunari eragiten baitie. Energiaren gastua zailagoa da azaltzen, faktore anitz dagoelako tartean.

Irudia: Cambridgeko Unibertsitateko Fernando Riveros McKay ikertzaileak gidatu duen ikerketa batek, aztertu du zergatik batzuk ez duten inoiz pisurik hartzen edozer jaten badute ere. (Argazkia: Steve Buissinne / Pixabay)
Energia eskuratzeko eta gastatzeko elementuen determinatzaileak zein diren kontuan hartuz gero, inor ez da harrituko gainpisuak eta obesitateak egungo gizarteetan duten prebalentzia handiarekin. Janari asko dago, eta, gainera, nahiago izaten ditugu elikagai zaporetsuak, energia eduki handikoak eta absortzio errazekoak. Eskuratzen den energian eragiten du horrek. Gastuari dagokionez, sedentarismorako eta ariketa fisikorik ez egiteko joera handia dugu, eta konfort termiko handiko ingurunetan bizi ohi gara: nekez egongo gara organismoak gorputz tenperaturari eusteko energia asko gastatu behar duen egoeran. Esandakoa, kontu erraza dirudi. Halere, ez da horren kontu erraza.
Guztiok dugu ezagunen bat ez diona uko egiten jateko ezeri, eta beti dagoena argal. Loditzeko joera dugunok inbidiaz begiratzen diogu, ondo dakigulako zein zaila den buruari eustea jakiz oparo hornitu den mahai baten aurrean, ordu arteko mokaduei uko egitea edo gimnasioko bizikleta estatikoan heriosuhar pedalei eragitea. Kontrakoa gertatzen zaien ezagunak ere baditugu; ezer gutxi jaten dutela dirudien arren, lodiegi daude.
Zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak ahoratu arren? Zerk eragiten ditu «inkongruentzia» metaboliko horiek? Batzuk kontuan hartu ez diren faktoreen ondorio izan daitezke. Baina bada beste faktore bat oso kontuan hartzekoa: genetika, eta genetikak metabolismoan duen eragina.
Konparaketa bat egin da (1.600 pertsona oso argal, 2.000 pertsona oso obeso eta pisu normalean dauden 10.400 pertsona) eta jada jakina zena frogatu da: obesitatea tasun heredagarria da neurri handi samar batean; alegia, kasuen % 32an. Argaltasuna ere hala da, baina neurri txikiagotzean (% 28). Ikertutako ezaugarriaren –obesitatea edo argaltasuna– aldakortasuna faktore hereditarioen bidez azal daitekeen kasuen proportzioa adierazten dute ehuneko horiek. Gainera, tasun bati loturiko aldagai genetikoen sorta bat identifikatu da; horietako batzuk jada ezagunak ziren, eta beste batzuk aurkakoari lotuta daude. Horrenbestez, obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira, neurri batean izan arren, baina hori ez dugu, batzuek bederen, kontsolamendu handia.
Erreferentzia bibliografikoa:
Riveros-McKay, Fernando et al. (2019). Genetic architecture of human thinness compared to severe obesity. PLOS Genetics, 24;15(1), e1007603. DOI: 10.1371/journal.pgen.1007603.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko ekainaren 9an: Obesidad y delgadez también se heredan.
The post Obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #270
Fridays for Future gazte mugimenduak nazioarteko greba antolatu zuen ostiral honetan; klima larrialdiaz ohartarazteko beste mugimendu bat izango genuke hauxe. NBE Nazio Batuen Erakundean hizpide dute aste honetan afera eta neurri zehatzak hartzea dute erronka. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, 2015ean baino “okerragoa” da egoera. Berrian xehetasun guztiak.
Klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den eraginaz ezkor mintzatu da Berrian Jose Maria Gorostiaga, biologian doktorea eta botanika irakaslea UPV/EHUn. Hark algak ikertzen ditu, horiek itsasoan gertatzen diren aldaketak ikusteko baliagarriak dira. Ohartarazi du hemengo alga gorria, aski ezaguna, eta “gure kostaldeko habitat eraikitzailerik onena” desagertzen ari dela ura berotzearen ondorioz. Irakur ezazue elkarrizketa osorik!
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak adierazi du berotegi efektua eragiten duten gas emisioak planeta berotzen ari direla, eta, ez dela bakarrik atmosferan nabaritu, baizik eta ozeanoetan eta izoztutako eremuetan ere eragin nabarmena izaten ari dela. Poloetako izotza urtzearen ondorioz, itsasoaren maila igotzen ari da. Horrela jarraituz gero, 2100. urterako metro bat baino gehiago igo liteke itsas maila, NBEren ikerketa taldearen arabera. Berriak azaldu dizkigu xehetasunak.
MikrobiologiaZer harreman dago mikroorganismoen eta minbiziaren artean? Artikulu zientifiko asko argitaratu dira horien arteko erlazioak azalduz: batzuek diote mikroorganismoek minbiziaren agerpena saihesten dutela eta besteek, berriz, minbizia eragin dezaketela. Izan ere, mikroorganismoek minbizi guztien % 17,8 eragiten dutela estimatu da. Orain arteko ikerketek azaldu dute horien eragina minbiziaren garapenean eta sustapenean. Hortaz, minbiziari aurre egiteko beharrezkoa izanen da harreman horretan sakontzea.
GenetikaGene-edizioari buruz mintzo da Koldo Garcia honetan. CRISPR teknika agertu denetik, polemika etorri da, batez ere, gene-edizioak sortzen dituen gatazka-etikoak direla eta. Garciak azaltzen digunez, CRISPR teknikaren baitan Cas9 izenez ezagutzen den entzima erabiltzen da. Entzima horrek editatu nahi den gene-sekuentzia ezagutzen du eta genomaren toki hori moztuko du, gene-edizioa zehatz gauzatu eta mugatuz. Baina ikertzaileek ikusi dute editatu nahi den jomugaz gain genomako beste toki batzuetara lotzen dela Cas9 entzima. Hortaz, teknika horrek jomugatik kanpo egin ditzake gene-edizioak. Egun, ikertzaileak lanean ari dira CRISPR sistema berri bat garatzen, DNAren mozketarik behar ez duena.
BiologiaZer azalpen zientifiko dago gizakiaren larruazalaren atzean? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaltzen digu larruazalean melanozitoak daudela, hau da, pigmentuak sortzen eta biltzen dituzten zelulak. Bi pigmentu mota daude, bata eumelanina da eta bestea, feomelanina. Larruazalaren kolorea bi pigmentuen kantitatearen eta proportzioaren araberakoa da, eta bereizgarri hori zenbait generen araberakoa da. Ondorio gisa, gaur egungo gizakien kolorea gertakari biologiko eta demografikoen sekuentzia konplexu baten emaitza da.
Alexander von Humboldt bide-urratzailea izan zen haren Essay on the Geography of the Plants liburuari esker. Bertan, Chimborazo sumendiaren estratifikazio biologikoari buruz idatzi zuen. Egun mendi ekosistemak ikertzen jarraitu dute ikertzaileek eta horiei esker, modua izan dute nabarmentzeko mendiek ekosistemei ekartzen dizkieten onurak, eta bereziki zergatik diren hain emankorrak. Bioaniztasun oparo hau azaltzeko hainbat proposamen daude mahai gainean. Testua osorik irakurtzeko, jo ezazue artikulura!
ArkeologiaEsne-hondarrak identifikatu dituzte hiru ontzitan, historiaurreko biberoiak izan zitezkeenetan. Bavarian aurkitu dituzte eta isotopo azterketari esker, animalia-jatorriko gantz-azidoak identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, zehazki, aurkitutako bi ontzi hausnarkarien esnearekin erabili zirela ondorioztatu dute, eta hirugarrenean hausnarkariena ez den esnea identifikatu dute.
ElikagaiakElikagaien kontserbazioa luzatzen duen makina bat asmatu du Maitane Alonso (Sodupe, Bizkaia, 2001) medikuntzako ikasleak. Barbakoei so eginda etorri zitzaion ideia, Berrian irakur daitekeenez. Asmakuntzak mikrobiologiako nazioarteko sari bat jaso du. Alonsoren helburua kontserbatzeko modu naturalago bat bilatzea zen, “iraupen luzeagokoa eta kontserbagarri kimikorik erabili gabe”. Hori lortzeko, sorgailu elektriko batekin airean dauden molekulak disoziatzen ditu: “Mikroorganismoak hil egiten dira, eta berriz elkartzen dira aurreko atmosfera bera sortuz”.
MedikuntzaAhots-korden hiru dimentsioko eredu bat garatu dute Wisconsin Madisoneko Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyarren arabera. Ereduak giza ahots-korden mukosa eta tolesturak ditu eta ezaugarri hori garrantzia eman diote tolestura horiek direlako gure ahotsa sortzearen eta elikagaiak arnas-aparatura ez sartzearen arduradun nagusiak. Hiru dimentsioko eredu honek balio izango du ikertzeko nola sendatu tabakoak, alergenoek eta infekzioek eragindako kalteak.
AstronautikaNASAko ikertzaile Roger Wiens eta Samuel Clegg Marte esploratzen dabiltza Curiosity robotarekin. Euskal Herrian izan dira egunotan UPV/EHUrekin lankidetzan ibili direlako ‘Mars 2020’ robotak han erabiliko duen kamera egiteko. Kamera horri esker, bereizmen handiz aztertu ahal izango dute Marteko harrien osaketa, han bizitza izan ote den, eta etorkizuneko astronautentzat zer arrisku egon daitezkeen. Ez galdu Berriak bi ikertzaileei egindako elkarrizketa interesgarria!
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #270 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #277
Non sortzen da denbora? Zer zerikusi du masarekin? Daniel Fernándezen The road to quantum gravity (4): The flow of time for massive objects
Espazio misioei buruz hitz egitean jaurtiketak, azalera ailegatzeak eta emaitzek emozionatzen gaituzte. Oso gutxitan pentsatzen dugu ikuspuntu tekniko eta ekonomikoki misioa bideragarria izan dadin ibilbidea kalkulatzeko behar diren matematikak. BCAMen Calculating a spacecraft optimal trajectory
Orden garaiko isolatzaile topologikoak (HOTI) hainbat sistemetan egitea lortu da, baina ez zen HOTI elektronikorik existitzen. Orain arte. DIPC-en Topology as a parameter: an artificial electronic high-order topological insulator
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #277 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jose Ramon Bilbao: “Gaixotasun zeliakoaren genetika oso konplexua da” #Zientzialari (122)
Azken urteetako ikerketen ondorioz, gaur egun badakigu gaixotasun zeliakoa genetikoa dela. Baina, oso gaixotasun konplexua da eta gene desberdinek zer-nolako eragina duten oraindik ikertzen ari dira gaur egun zientzialariak.
Gurutzeta Ospitaleko Zeliakiarekin lotutako Ikerketa Funtzionalak taldeak gaixotasun zeliakoaren genomika ikertzen du; hain zuzen ere, gaixotasunaren garapenean zein genek eragiten duten eta horietako bakoitzak nolako eragina duen jakiteko.
Jose Ramon Bilbao talde horretako ikertzailea izateaz gain, UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea da, eta berarekin hitz egin dugu gaixotasun honen berezitasunak ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Jose Ramon Bilbao: “Gaixotasun zeliakoaren genetika oso konplexua da” #Zientzialari (122) appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete?

Irudia: Ezin izan da sakonean mikroorganismoek minbiziaren sorreran izan dezaketen zeregina ikasi.
Mikroorganismo guztien artean birusak ondo ikasitako minbizi eratzaileak dira. Orokorrean, datu kontserbadoreak kontuan hartuz, minbizi guztietatik % 12 birusek eragin omen dituzte, eta proportzioa handiagoa da garapen bidean dauden herrialdeak besterik ez baditugu kontuan hartzen. Ondorioz, minbizia sor dezaketen birusen mekanismo desberdin asko deskribatu dira.
Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak zortzi birus 1. mailako “gizakiontzat kartzinogeno”-tzat sailkatu ditu, haien artean giza papiloma birusa, bi herpesbirus eta bi hepatitisaren birus aurkitzen direlarik. Birus hauetako batzuek, papilomabirusa esaterako, eragin zuzena dute kartzinogenesian, beste batzuek, hepatitisaren birusek adibidez, eragin ez-zuzena daukate, batez ere infekzioaren kronifikazioa dela eta. Hala ere, beste mikroorganismoekin gertatzen den bezala, birusek egindako infekzio batzuk minbizia sortzeko beharrezkoak izan arren, berez ez dira nahikoak
Bakterioei dagokienez, minbizi-eragileen artean, Helicobacter pylori da gehien ikasi dena urdaileko minbiziarekin erlazionatuta. Bakterio honen presentzia gizakion urdailean oso ohikoa da, munduko populazioaren erdia H. pylorik urdailean infektatuta omen dagoelarik. Kasu gehienetan, sintomarik gabeko hantura kronikoa sortzen du, baina infektaturiko populazioaren % 10ek ultzera peptidikoa, % 1-3k urdaileko adenokartzinoma eta % 0,1ek mukosetako ehun linfoidearen linfoma garatuko du.
Bakterio honetaz gain, beste hainbat bakterio, hala nola Salmonella typhi, Chlamydia pneumoniae eta Streptococcus bovis minbiziarekin zuzenki erlazionatu dira. Minbizia eragiten duten bakterioen mekanismo nagusienak infekzioaren kronifikazioa eta ondoriozko hantura kronikoa, eta erantzun immunea ekiditea dira. Honekin batera, zenbait bakteriok zelulen zikloa aldarazten duten toxinak ekoitz ditzakete linfozitoen erreplikazio klonala ekidinez ala zelulen proliferazioa sustatuz
Onddoek daukaten minbiziarekiko erlazioa oso gutxi ikertu den arren, mikroorganismo hauek sortutako toxina batzuek, mikotoxinak deritzonak, minbizia eragin dezaketela frogatu da. Molekula hauek gizakiok kontsumitutako produktu ezberdinetan aurki daitezke, batez ere landareetatik eratorritako produktuetan, artoan besteak beste. Horrez gain, Candida albicans onddoak minbiziaren sorrera eta hedapena eragin dezakeen hainbat mekanismo deskribatu egin dira. Batez ere, Candida aho eta hestegorriko minbiziarekin erlazionatu egin da, baina baita metastasiak faboratzeko gaitasunarekin ere. Mekanismo kantzerigeno desberdin batzuk deskribatu dira, hala nola konposatu kartzinogenoak sortzea (nitrosaminak edo azetaldehidoa, esate baterako) eta hanturazko prozesua faboratzea.
Beraz, minbiziarekin erlazionatutako heriotza-tasa altua dela eta, orain arte, zientzialariek batez ere bere diagnostikoan eta tratamenduan fokatu dituzte haien ahaleginak eta, ondorioz, ezin izan dute sakonean mikroorganismoek minbiziaren sorreran izan dezaketen zeregina ikasi. Gaur egun, egindako ikerketek mikroorganismoek minbiziaren garapenean eta sustapenean daukaten eragina nabarian jarri dute. Hau dela eta, etorkizunean minbiziari aurre egiteko minbiziaren eta mikroorganismoen arteko erlazioan sakontzea ezinbestekoa da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete?
- Laburpena: Ikerketa askok mikroorganismoen eta minbizien arteko erlazioak aztertu dituzte, eta erakutsi dute mikroorganismo batzuek minbiziaren agerpena saihesten dutela eta beste batzuek, aldiz, minbizia eragin dezaketela. Hain zuzen ere, gero eta artikulu zientifiko gehiago argitaratzen ari dira mikroorganismoak minbiziaren sortzearekin, ezarpenarekin eta sakabanaketarekin erlazionatuz. Izan ere, mikroorganismoek minbizi guztien % 17,8 eragiten dutela estimatu da. Minbizia sortzeko birusen gaitasuna da gehien ikertu dena eta, ondorioz, minbizia sor dezaketen mekanismo desberdin asko deskribatu dira. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak zortzi birus 1. mailako «gizakiontzat kartzinogeno»-tzat sailkatu ditu; haien artean, giza papiloma birusa, bi herpesbirus eta bi hepatitisaren birus aurkitzen dira. Bakterioei dagokienez, minbizi-eragileen artean, Helicobacter pylori da gehien ikertu dena urdaileko minbiziarekin erlazionatuta. Baina honetaz gain, beste hainbat bakterio, hala nola Salmonella typhi, Chlamydia pneumoniae eta Streptococcus bovis minbiziarekin zuzenki erlazionatu dira. Onddoek daukaten minbiziarekiko erlazioa oso gutxi ikertu den arren, mikroorganismo hauek sortutako toxina batzuek minbizia eragin dezaketela frogatu da. Horrez gain, Candida albicans onddoak minbiziaren sorrera eta hedapena eragin dezakeen hainbat mekanismo deskribatu dira. Orain arte egindako ikerketek mikroorganismoek minbiziaren garapenean eta sustapenean daukaten eragina agerrarazi dute. Hori dela eta, etorkizunean minbiziari aurre egiteko, minbiziaren eta mikroorganismoen arteko erlazioan sakontzea ezinbestekoa da.
- Egileak: Aitana Arbizu, Aitziber Antoran, Idoia Buldain, Aize Pellon, Xabier Guruceaga, Leire Martin-Souto, Leire Aparicio, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando, Andoni Ramirez-Garcia.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 41-58
- DOI: 10.1387/ekaia.19676
————————————————–
Egileez:
Aitana Arbizu, Aitziber Antoran, Idoia Buldain, Aize Pellon, Xabier Guruceaga, Leire Martin-Souto, Leire Aparicio, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando eta Andoni Ramirez-Garcia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko Onddo eta Bakterioen Biomika ikerketa taldean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete? appeared first on Zientzia Kaiera.
Mendietan daude gordeta bioaniztasunaren gakoak
Estratuak. Leku guztietan estratuak ikusten dituzte geologoek. Sare sozialen garaian, inoiz baino argiago ikusten da hori. Urtebetetzean prestatu dieten tarta, erosi berri duten poltsa hori edo Argiñanok telebistan erakutsitako lasagna bera ere; berdin zaie. Horietan guztietan ikusten dituzte estratuak, eta ziztu bizian partekatzen dute haien paranoia ordura arte zoriontsu bizi ziren gainerakoekin.
Baina geologoak ez dira edonon estruktura horiek ikusten dituzten zoro bakarrak. Zenbait arkeologoen artean ere ematen da fenomenoa. Euskal Herrian horren adibide batzuk badira: ez da kasualitatea, EHUn Arkeologiaren Arkitekturaren talde indartsua baitago. Hauek eraikin historikoetan erraz atzematen dituzte eraikuntza fase desberdinen ondorio diren estratu horiek, gainerakook horma bat besterik ikusten ez dugun horietan, hain justu.

1. irudia: Garaiaren arabera sortzen diren mikroklima desberdinek azalduko lukete neurri batean mendietan aurki daitekeen bioaniztasuna, baina beste hainbat faktore proposatu dituzte oraingoan. (Argazkia: Kalem Emsley / Unsplash)
Hain zabalduta ez badago ere, biologoek ere estratuak ikusten dituzte, bereziki ekosistemen edo biogeografiaren alorrean ari direnak. Zenbait mendietan ondo ikusten da “bioestratifikazio” hori. Garaieraren araberako klimatologia dago ezarrita mendi horietan, eta zuhaitz eta landare mota desberdinak bata bestearen gainean kokatzen dira, tontorreraino.
Ezaugarri horretan sakondu zuen lehen aditua Alexander von Humboldt (1769-1859) naturalista prusiarra izan zen. Haren Essay on the Geography of the Plants liburuan Chimborazo sumendiaren estratifikazio biologikoari buruz argitaratu zuen diagrama ospetsua egin da, batez ere garaiko marrazkigile bikote batek hain modu txukunean iruditara eraman zutelako.
1799an hasita, Humboldtek Latinoamerikan zehar bost urtez egindako esplorazio bidaia luzearen baitan egin zituen ikerketa horiek, eta Chimborazo sumendia ospetsuena bada ere, landarediaren estratifikazio horren lehen ideia bidaiaren hasieran bertan izan zuen, Kanariar uharteetako Teide sumendiaren aurrean liluratuta geratu zenean.
Humboldten jaiotzeren 250 urte bete diren honetan, naturalistak urratutako bideari ekin diete hainbat ikertzailek; eta, urteurrena baliatuta, Science aldizkarian artikulu sorta argitaratu dute. Mendiek ekosistemetan betetzen duten rola gertutik aztertu dute horietatik bitan (hemen, eta hemen). Omenaldi gisa edo, lanak gidatu dituzten Carsten Rahbek eta Michael K. Borregaard ikertzaileek diote Humboldt esploratzailearen bizkarrean aritu direla. Haren ikerketa gaia ez ezik, prusiarraren filosofia ere mantendu dute: Humboldtek diziplina ugaritako ezagutzak baliatu zituen modu berean, haiek ere diziplinartekotasunean oinarritu dira mendi ekosistemak ikertzeko. Besteak beste, ekologia, geologia edota biologia erabili dituzte. Horiei esker, modua izan dute nabarmentzeko mendiek ekosistemei ekartzen dizkieten onurak, eta bereziki zergatik diren hain emankorrak.
Izan ere, mendien kasuan, espazio txikian mikro-ekosistema asko biltzen dira, bereziki garaieraren arabera klima-egoera desberdinak eratzen direlako, eta horiek direlako azken finean bioaniztasunerako aterpe bikaina. Modu horretan, eta Humboldtek abiatutako geobotanikari jarraiki, altitudeak zehazten ditu landareen bizi-zikloan funtsezkoan diren hainbat aldagai: tenperatura, eguzki-orduen kopurua edota atmosferaren presioa, besteak beste. Baldintza horiek ez diete soilek landareei eragiten, noski, baina bereziki ekosistema batean dauden landareak funtsezkoak dira gainerako biotaren osaketa zehazterakoan.

2. irudia: Tropikoetan dago munduko anfibioen, hegaztien eta ugaztunen bioaniztasunik handiena, eta bereziki mendien inguruan biltzen dira, printzipioz espero dena baino kopuru handiagoan. (Irudia: Rahbek et al. / Science / Euskaratuta)
Hala izanik ere, printzipioz espero zena baino bioaniztasun gehiago dago bertan. Datu esanguratsu bat nabarmendu dute Science aldizkarian, adibide gisa: mendiek soilik lurrazalaren %25 okupatzen duten arren, anfibio, hegazti eta ugaztunen espezieen %85 bizi da bertan. Lehen zientzia artikuluan argitaratutako grafiko batean argi geratzen da bereziki anfibioen kasuan nabarmena dela bioaniztasun hori, eta ez da xehetasun hutsala: biologoen artean, anfibioak oso estimatuak dira, aldaketen aurrean oso sentikorrak direlako, eta, beraz, ekosistemetan ematen diren aldaketen indikatzaile bikainak direlako.
Gauzak horrela, bioaniztasun oparo hau azaltzeko hainbat proposamen agertu dituzte. Geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintzan abiatzen da azalpen horietako bat. Mendietan dauden lur asko aitzinean itsaspean egon ziren, eta plaka tektonikari esker orain dauden lekuetara iritsi ziren. Horregatik orain proposatu dute tropikoetako mendien kasuan horrek ere eragina izan dezakeela bioaniztasunean. Aurretiaz antzeko proposamenak egin badira ere, geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintza zehatz hau nahiko proposamen berria da zientziaren munduan. Mahai gainean jarri duten hipotesiaren arabera, itsaspeko ozeanoetako hondo harritsuan jatorria duen lurzoruaren ezaugarriek landareen aldaketa adaptatiboa ekarriko lukete. Ohikoak ez diren zoru hauetara egokitzeko landareek espeziazio jauziak eragingo lituzkete, espezie batetik bestera, animalietara iritsi arte.
Bestalde, eta azken mendeetako jardunari dagokionez, egileek proposatu dute gizakiak eremu horietara asko ez iristea izan daitekeela ere bioaniztasunaren kontserbazioaren gakoetako bat. Are gehiago, mendien inguruan atzeman dira planetan dauden espezie zaharrenetako batzuk, eta inguru horretan ere artean zientziarentzat ezezagunak ziren hainbat espezie ere aurkitu dira.
“Jendeak uste du mendietako klimak itzaltsuak eta gogorrak direla. Baina, esaterako, espezieei dagokienez munduan aberatsena den Iparraldeko Andeen eremuak jasotzen ditu munduko klimen erdia edo; beti ere nahiko txikia den eremu batean. Gertu dagoen Amazoniak jasotzen dituen klimak baino gahiago dira horiek, Amazonia 12 aldiz zabalagoa izanda ere”, azaldu du prentsa ohar batean Michael K. Borregaard ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoak:
Carsten Rahbek et al. (2019). Humboldt’s enigma: What causes global patterns of mountain biodiversity? Science, 365 (6458), 1108-1113. DOI: 10.1126/science.aax0149
Carsten Rahbek et al. (2019). Building mountain biodiversity: Geological and evolutionary processes. Science, 365 (6458), 1114-1119. DOI: 10.1126/science.aax0151
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Mendietan daude gordeta bioaniztasunaren gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (1)
2018. urteko bukaeran jakin genuen Txinan beren genoma editatuta zuten bi haur jaio zirela; eta zientzia-komunitatearen haserrea eragin zuen horrek. Polemikak polemika, egon badaude gene-edizioa erabiliko dutela dioten ikertzaileak. Hortaz, zientzia-komunitatea eta erakundeak aztertzen ari dira nola arautu gene-edizioa. Baina, zer falta da, zein hutsune daude, ohikotasunez genomak editatzeko? Nature aldizkari entzutetsuak galdera hori luze eta zabal landu zuen eta landutako gakoak aztertuko ditugu.

1. irudia: Prest al gaude genoma editatu zaien jaioberriak ikusteko? (Argazkia: Karen Warfel – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)
Zenbat nahi gabeko edizio dira gehiegi?CRISPR teknikaren abantailarik handiena da, aurreko gene-ediziorako teknikekin alderatuta, soilik bere jomuga editatzeko duen espezifikotasuna. Baina teknika horren erabilera hedatu den heinean, ikertzaileak ohartu dira jomugaz gaineko gene-edizioak ere gertatzen direla.
CRISPR teknikaren baitan Cas9 izenez ezagutzen den entzima erabiltzen da. Entzima horrek editatu nahi den gene-sekuentzia ezagutzen du eta genomaren toki hori, eta bakarrik hori, moztuko du, gene-edizioa zehatz gauzatu eta mugatuz. Baina ikertzaileek ikusi dute editatu nahi den jomugaz gain genomako beste toki batzuetara lotzen dela Cas9 entzima, jomugaren antzeko sekuentzia duten tokietara hain zuzen ere. Nahi gabeko edizio horien ondorioz gene bat edo gehiago edita daitezke, beren funtzioan aldaketak eragin eta, ondorioz, nahi ez diren albo-kalteak sortu. Arazo hori saihesteko ikertzaileek Cas9 entzima aldatu dute eraginkorragoa izateko; edo beste entzima batzuk erabili dituzte Cas9 entzimaren funtzioa betetzeko. Baina oraindik saiakerak besterik ez dira.
Kontuan izan behar da, halaber, editatu nahi den sekuentziaren araberakoa dela nahi gabeko edizioen errore-tasa. Hau da, sekuentzia batzuk genoman askotan agertzen direnez, errazagoa da horiek nahastea eta jomugaz kanpo gene-edizioak gertatzea. Zelula-motaren arabera ere errore-tasa aldakorra da, ezaguna baita CRISPR teknika erabiltzeko zelula-mota batzuk egokiagoak direla beste batzuk baino. Baina enbrioi-zeluletan ez da guztiz ezaguna errore-tasa hori.
Aditu batzuen ustez errore-tasa honek ez du zertan zerokoa izan behar eta jomugaz gain gertatzen diren gene-edizio gutxi batzuk onargarriak izan litezke, batez ere gene-gaixotasun larrien kasuan. Agian jadanik nahi gabeko edizioen errore-tasa nahiko baxua da onargarria izateko, baina oraindik ez gara gai espezifikotasun hori behar bezala kudeatzeko.

2. irudia: CRISPR teknikak ez du beti asmatzen, eta jomugatik kanpo egin ditzake gene-edizioak (Argazkia: 15299 – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)
Zenbateko zehaztasuna da beharrezkoa?Demagun gene-aldaketak nahi diren tokietan bakarrik egiten direla. Gerta liteke gene-aldaketa horiek ez izatea nahi zirenak, hau da, gene-sekuentzia aldatzea baina ez nahi zen bezala. Arazo honen jatorria da Cas9 entzimak DNA mozten duela eta zelularen gain gelditzen dela egindako mozketa hori konpontzea, hots, DNA zatiak lotzea. Momentuz, lotura hori nola egiten den ezin daiteke ez aurreikusi ezta kontrolatu ere.
Zelulek bi modutara konpon dezakete hutsune hori: zuzenean bi zatiak lotuta edo bi zatien artean DNA sekuentzia bat sartuta.
Zelulak zuzenean bi zatiak lotzen dituenean, moztu den DNA sekuentziaz gain, sekuentzian beste mozketa batzuk egin ditzake. Gene-edizioaren helburua gene baten funtzioa murriztea edo etetea bada, mozketa gehigarri horiek ez lukete arazorik sortuko. Baina mozketa berri horiek luzera ezberdina izan dezakete zelula bakoitzean, DNA sekuentzia ezberdinak sortuta enbrioi bateko zelula bakoitzean. Ezezaguna da horrek enbrioiaren garapenean izan dezakeen eragina.
Zatien artean DNA sekuentzia bat sartzen denean, ikertzaileek DNA sekuentzia bat jar dezakete eredu moduan. Horrela, geneak akatsak baditu, akats horiek konpon daitezke, arazorik ez duen DNA sekuentzia bat eredu bezala jarrita. Modu honetara, gene-edizioaren kontrola handiagoa da, baina gene-edizioaren arrakasta, hau da, gene-edizioa gertatzearen probabilitatea, txikiagoa da.
CRISPR teknikaren efizientzia eta zehaztasuna hobetu ahal izateko saguak erabiltzen dituzte ikertzaileek. Saguen umealdiak handiak direnez, ikertzaileek aukera gehiago dituzte nahi diren edizioak lortzeko, eta gainontzeko edizioak eta akatsak baztertzeko. Baina hori ez da aukera bat giza enbrioietan. Izan ere, ez dago argi giza enbrioiek nola gauzatzen duten DNAren konponketa. Ikerketa batek iradoki zuen enbrioiek ematen den DNA sekuentzia eredu bezala erabili beharrean, amaren DNA erabiltzen duela. Baina beste ikertzaile batzuek ez dute lortu emaitza horiek errepikatzea. Ondorioz, oraindik ez da guztiz ulertzen giza enbrioiek nola erantzuten dioten gene-edizioari.
Ikertzaileak konponbideak ari dira garatzen arazo horiei aurre egiteko. Alde batetik, CRISPR sistema berri bat garatzen dira ari dira, DNAren mozketarik behar ez duena. Horrela nahi den DNA sekuentzia genoman zuzenean txerta daiteke, zelularen konponketa nola gertatu den zain egon gabe. Bestetik, base-edizioa deitutako teknika dago. Teknika horretan Cas9 entzima jomuga bilatzeko bakarrik erabiltzen da, ez DNA mozteko. Behin jomugan kokaturik, zuzenean editatzen du DNAren posizio bat, DNA moztu gabe. Baina teknika horrek joera du genomaren beste lekuetan nahi gabeko edizioak egiteko eta, hortaz, oraindik ezin da erabili enbrioiak editatzeko.

3. irudia: DNA editatzerakoan nahi gabeko aldaketak gerta daitezke. (Argazkia: Steve Buissinne – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)
Laburbilduz, giza enbrioien genomak editatzea ez da gauzagarria oraingoz. Alde batetik, editatu nahi den gene-eremutik kanpo nahi gabeko aldaketak gertatzen direlako. Bestetik, gauzatzen diren aldaketak ez direlako guztiz zehatzak. Aipatutako muga hauek arazo teknikoak besterik ez dira. Denboraren poderioz ikertzaileek arazo hauek saihestuko dituzte eta CRISPR teknika askoz eraginkorragoa eta zehatzagoa izango da. Baina oraindik egon badaude aurre egin behar zaien beste alderdi batzuk. Alderdi horiek hurrengo atal batean aztertuko ditugu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ledford, H. (2019). CRISPR babies: when will the world be ready? Nature, 570(7761), 293-296. DOI: 10.1038/d41586-019-01906-z
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (1) appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez dago arraza zuririk, ezta beltzik ere

Irudia: Ez dago arrazak existitzen direla argudiatzeko oinarririk. Izan ere, egungo gizakien kolorea, beraz, gertakari biologiko eta demografikoen sekuentzia. (Argazkia: Alexas_Fotos / Pixabay)
Larruazalean melanozitoak daude, pigmentuak sortzen eta biltzen dituzten zelulak. Bi pigmentu mota daude, eta, generikoki, «melanina» izenez ezagutzen dira; bat marroi arrexka da (eumelanina), eta, bestea, gorri horixka (feomelanina). Larruazalaren kolorea bi pigmentuen kantitatearen eta proportzioaren araberakoa da. Eta kontua da bereizgarri hori zenbait generen araberakoa dela; batzuek melanozitoetan dagoen pigmentu kantitatean dute eragina, eta, beste batzuek, bi melanina moten arteko proportzioan. Are gehiago, antzeko bi kolore oinarrizko ezaugarri horien zenbait konbinazioren emaitza izan daitezke, eta konfigurazio genetiko desberdinengatik izatea.
Afrikarrak, oro har, larruazal ilunekoak dira. Dinka etniakoen (Afrika mendebaldean) larruazala oso iluna da; San etniakoena (kontinentearen hegoaldean), aldiz, argiagoa. India hegoaldeko, Ginea Berriko eta Australiako natiboek ere larruazal iluna daukate. Asia erdialdean eta Ekialde Urrunean, baita Europan ere, larruazalak argiak dira, oro har. Eta natibo amerikarren artean, zenbait koloretako larruazala daukate, baina ez afrikarrek bezain iluna.
Txinpantzeen ilaje lodiaren azpian ezkutatzen den larruazalaren koloreari erreparatzen badiogu, gure arbaso hominidoena, seguruenik, argia zen. Duela bi milioi urte inguru, gure espezieko kideen ilajearen lodiera eta gogortasuna murriztu egin zen, ia gorputz osoan ile geruza mehe bat geratu arte. Baina eraldaketa horren ondorioz, larruazala eguzkiaren erradiazio ultramorearen eraginpean geratu zen, eta horrek minbizia eragin zezakeen eta, gainera, garrantzi fisiologiko handiko substantzia bat desagerrarazi: azido folikoa. Seguru asko, arrazoi horrengatik hautatu ziren larruazala iluntzen zuten aldaera genetikoak, melaninak babestu eta aipatutako kalteak eragozten baititu.
Gizakiak hedatu egin gara, eta ia latitude guztietara iritsi gara. Mugimendu horien ondorioz, jendearen larruazala erradiazio baldintza oso desberdinen eraginpean egon da. Eta erradiazio ultramore gehiegi izatea oso kaltegarria izan daitekeen bezala, erradiaziorik ez hartzea ere kaltegarria izan daiteke. Izan ere, kasu horretan ezin da D bitamina sintetizatu, eta horrek errakitismoa eta beste osasun arazo batzuk eragin ditzake. Hori dela eta, beste aukera batzuk alde batera utzi gabe, gizakien larruazala argitu egin da eremu geografiko batzuetan, hautespen naturalaren ondorioz. Gainera, biztanleria mugimenduek hainbat espezie nahastea eragin dute, bakoitza bere bereizgarri genetikoekin eta pigmentu ezaugarriekin, eta askotariko itxurak sortu dira.
Gaur egungo gizakien kolorea, beraz, gertakari biologiko eta demografikoen sekuentzia konplexu baten emaitza da, eta ezin dira taldeak biologikoki mugatu. Larruazalaren kolorearen desberdintasunak, askotan, ez datoz bat beste hainbat ezaugarrirekin, zeinak beste eredu batzuen arabera eta beste presio selektibo batzuen ondorioz aldatzen baitira. Horrenbestez, ez dago arrazak existitzen direla argudiatzeko oinarririk. Halaber, ez dago beste desberdintasun batzuk justifikatzeko oinarririk ere.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko maiatzaren 12an: No hay raza blanca, tampoco negra. Eta bigarren bat The Conversation gunean maiatzaren 19an: Las razas humanas no existen.
The post Ez dago arraza zuririk, ezta beltzik ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #269
Minbizi-zelula batzuek kimioterapiari aurre egiteko inguruko zelulak jaten dituztela aurkitu dute. Ikertzaileek uste dute energia lortzen dutela horrela, bizirik irauteko, eta tratamendua bukatu ondoren tumorea birsortzeko. Elhuyar aldizkarian irakur daitekeen moduan, jokabide hori laborategian hazitako minbizi-zeluletan eta saguen tumoreetan behatu dute. Gainera, ikusi dute biriketako eta hezurretako minbizi-zeluletan ere gertatzen dela.
OsasunaEz da oso ohikoa ikustea medikuntzan espezializatutako aldizkari batek birritan idaztea abortuari buruz. The Lancet astekariak egin du: modu seguruan abortatzeko aukerak murrizteak dituen ondorioei buruz mintzatu da zehazki. Argitaratu dituzten datuei dagokienez, munduan, urtean 227 milioi emakume geratzen dira haurdun. Horietatik, %44 nahi gabeko haurdunaldiak dira, eta haietatik %56 abortuan amaitzen dira, %32 nahi gabeko erditzean, eta %12 berez galtzen dira. Elhuyar aldizkarian duzue artikulu horren xehetasunak.
Ohiko eritasuna zen lehen elgorria. Egun, kasuak urriagoak dira Berrian irakur daitekeenez. Halere, osasun agintariek ohartarazi dute txertaketaren garrantziaz, birusaren kontra immunizatuta egotearen garrantziaz, alegia. Abisu eman dute 1970-1981 aroan jaiotakoen egoeraz.
REM fasean neurona-mota batek ahazteko prozesuan parte hartzen duela frogatu du Japoniako ikertzaile-talde batek, saguekin egindako esperimentu batean. Hauek adierazi duten moduan, loaldian, neuronen arteko sinapsiak berregin egiten dira; horren bidez, gogoratzea merezi ez duten oroimenak ezabatu egiten dira. Ildo horri jarraiki, ikusi dute hipotalamoko neurona batzuk REM fasean inhibituta, oroitzapenak galdu egiten direla, eta haiek aktibatuta, oroimena areagotu egiten dela. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
BiologiaNerabeen portaeraren atzean azalpen ebolutibo bat dago. Hori proposatu dute behintzat ikertzaile batzuek. Badirudi etapa honetan, hunkiberatasuna arautzen duen sistema linbikoa indartu egiten dela, baina bulkadei muga jartzen dien kortex prefrontala guztiz garatu gabe dagoela. Artikuluan adierazi dute ere fenomeno hau ez dela soilik gizakietan gertatzen, tximinoetan ere gertatzen dela. Zer gertatzen zaie nerabezaroei? Ez galdu artikulu interesgarri hau!
AstrofisikaHainbat misio egon dira eguzki sistemako hamaika tokitan ura topatzea helburu izan dutenak: Marten, Jupiterren, Saturnoren ilargietan… Zehazki, ur likidoa da bilatzen ari direna eta horretarako tenperatura-eta presio-egoera zehatz batzuk behar dira. Marte -46oC-ra dago eta gainazaleko presioa, zehazki 0.636 kPa-koa (0.006 atm) da, oso baxua. Horrek posible egiten du ur likidoa egotea. 70.hamarkadatik aurrera, hainbat misio programatu dira Marten ura dagoen jakiteko asmoz. Ezagutu ezazue misio horietan lortu ziren emaitzak.
IngurumenaOzono-geruzaren zuloa aurten txikiagoa izango dela aurreikusi dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Urtero, udaberri australaren hasieran, ozono-geruzaren zuloa agertzen da Antartikaren gainean. Izan ere, bromoa eta kloroa duten substantzia kimikoak aktibatu egiten dira udaberrian, eta ozono-molekulak suntsitzen dituzte. Aurten, ohi baino motelago ari da handitzen zuloa.
Euskal Herrian, berotegi efektuko gasen (BEG) isurketaren bilakaera aztertuz gero, kutsadurarik handiena 2000ko hamarkadan izan zen, Berrian ikus daitekeenez. Industria eta energia sektoreak 14,6 milioi tona CO2 isuri zituzten atmosferara 2011n, eta 11 milioi tona 2017an. Zeintzuk dira kutsatzaile zerrenda horretan ageri diren enpresak?
GeologiaMediterraneoan aspaldi egondako kontinente baten arrastoak aurkitu ditu geologo talde batek. “Adria Handia” izena jarri diote. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, duela 240 milioi urte, Gondwana superkontinentearen zati bat kontinentetik bereizten hasi eta iparralderantz mugitzen hasi zenean sortu omen zen hura.
FarmakologiaZientziak aurrera egin duen heinean, neuronen arteko informazioaren garraioa nola ematen den hobeto ezagutzen joan gara. Lehenengo ikuspegia sinapsi bipartitaren teoriarena da, hau da, neurotransmisoreen bidez neurona batetik beste neurona batera garraiatzen da informazioa. Teoria hori zuzena da baina oso sinplea. Horren ondotik, frogatu zen glia zelulek konexio neuronaletan eragina zutela. Azken urteotan, konexio horietan laugarren egitura batek eragin zuzenak dituela frogatu dute: zelulaz kanpoko matrizea (ZKMa). Horri buruz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!
Emakumeak zientzianInes Mandl biokimikaria Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen lehen ikertzailea izan zen. Entzima honek kolagenoaren lotura peptidikoak hautsi egiten ditu. Modu honetan, kolagenasak ehun berriaren formakuntzan laguntzen du, batez ere erredurak, ultzerak, diskoko hernia eta ehun konektiboaren gaixotasunak sendatze aldera.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #269 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #276
Gaixotasunen batek saihesten ez badu, gibelak birsortzeko ahalmena duela badakigu. Mekanismo honen klabea topatu dutela dirudi. Rosa García Verdugoren A new progenitor cell has the potential for (future) liver regeneration
Ez bere izena daraman orekak, ezta irabazitako Nobela sariak ez zuten Nash famatu egin. “Una mente maravillosa” filmak egin zuen entzutetsu. Hala ere, berebiziko garrantzia du Nashen orekak joko teorian eta erabakiak hartzerakoan. Oreka honen propietateak, hala ere, ez daude batere argi. Ala bai? José Luis Ferreira The properties that characterize the definition of Nash equilibrium
Batzutan gauzak ezagutzat ematen dira estrapolazio bidez: honek funtzionatzen badu kasu guztietan, honetan ere. Neurtzen den arte, noski. DIPCren The universal electronic mean free path law that wasn’t.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #276 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ines Mandl (1917-2016): Ehun konektiboaren gaixotasunak sendatzeko lan nekaezina egin zuen emakumea
Zientziara gerturatzeak bere bizitza aldatu zuen erabat eta era berean, aldaketa horrek ahalbidetu zuen bere belaunaldiko biokimikaririk ezagunena bilakatzea: Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen lehen ikertzailea izan zen.
Ernst eta Ida Hochmuth (Bassan abizena zuen jaiotzez) senar-emazteen alaba bakarra izan zen Ines (Viena, 1917). Austriako hirian lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen. 1936an, Hans Mandlekin, bere aitaren lankide batekin, ezkontzea erabaki zuen eta biak Londresera joan ziren bizitzera. Bertan hiru urte igaro ondoren, Irlandara joan ziren.

1. irudia: Ines Mandl biokimikaria. (Argazkia: Ines Mandl Research Foundation)
Garai hartan, Europako giroa nahiko asaldatuta zegoen. 1938an, Austriaren eta Alemania naziaren arteko anexioa gertatu zen, Anschluss ere deitua (“lotura” alemaneraz); Alemaniako indar armatuek herrialdea inbaditu zuten garaia izan zen. Horren kariaz, Austriari izena aldatu eta Ostmark jarri zioten, Hirugarren inperioaren (Al. Dritter Reich) probintzia, alegia. Bigarren Mundu Gerran, Mandl ezin izan zen Corketik mugitu gerra bukatu zen arte. Ez zuen denbora alferrik galdu baina. Izan ere, Irlandako Unibertsitateko Kimikako gradua lortu zuen.
1945ean, bere senarrarekin batera, Estatu Batuetara emigratu zuen, zehazki New Yorkera, dolar bateko billeteak bere arropan ezkutatuta zeramatzala. Hara iritsi bezain laster, zientzian murgildu zen berriz. 1947an, Brooklyneko Institutu Politeknikoan (egungo New York University Tandon School of Engineering deritzona) doktoretza-ikasketak egin zituen proteinen, peptidoen eta aminoazidoen fotokimikari buruz, hain zuzen. Hala, Ines doktoretza bukatu zuen lehen emakumea izan zen. Anekdota gisa, bere klaseetan Carl Neuberg izan zuen irakasle, “biokimika modernoaren aita”.
Kolagenasa eta ehun konektiboaDoktoretza bukatu ostean, Columbiako Unibertsitatean hasi zituen bere ikerketa-lanak eta bertan urteak igaro zituen 1986an erretiroa hartu zuen arte. Ikertzaile izan zen lehendabizi, ondoren irakasle elkartu izatera heldu zen. Bere azken etapan, biokimikako irakasle lanetan ibili zen. Aurretik aipatu moduan, 1950ean Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen. Entzima honek kolagenoaren –ehun konektiboan aurkitzen den proteina molekula bat da–, lotura peptidikoak hautsi egiten ditu. Modu honetan, kolagenasa entzimak ehun berriaren formakuntzan laguntzen du, eta erredurak, ultzerak, diskoko hernia eta ehun konektiboaren gaixotasunak sendatzeko erabil daiteke, Dupuytren gaixotasuna, kasu. Horretaz gain, Mandlek beste ikerketa batzuk egin zituen, hala nola elastina proteina aurkitu eta birika-enfiseman betetzen duen eginkizuna zehaztu zuen. Gainera, elastasaren ezaugarriak argitu zituen. Ezin dugu ahantzi biokimikari honek egindako jaioberrien arnas-arazoen inguruko ikerlana.

2. irudia: Dupuytren gaixotasunari dagokion sintoma hatz nagian ikus daiteke. (Argazkia: Wikimedia Commons)
Argitalpen eta sari ugari
Guztira, 140 zientzia-argitalpen baino gehiagotan agertzen da egilekide gisa. Gainera, 1972an, Connective Tissue Research aldizkaria sortu zuen eta 1986.urtera arte horren buru izan zen. Sariei dagokienez, bi nabarmentzen dira: American Societ of European Chemists and Pharmacists-ek eman zion Carl Neuberg domina, eta kolagenasa entzimari buruz egindako lanagatik jaso zuen Garvan-Olin domina, American Chemical Societyk banatutakoa, alegia. Hori gutxi balitz, Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiak eta New Yorkeko Zientzien Akademiak euren kide izendatu zuten. Azkenik, Ines Mandl ikerketa-fundazioa (IMRF) sortu zuen, ehun konektiboaren gaixotasunei aurre egiteko sendabideak aurkitzeko asmoz.
Erretiroa hartu ondoren, Maui eta Torremolinosen zituen etxeetara joateko ohitura zuen. Austria eta beste hainbat Europako herrialde bisitatu zituen ere, 2016an zendu zen arte. Ines Mandlek jakin-min handia zuen; oso independentea zen eta bere lagunek zioten moduan, oroimen ona zuen, entziklopedia bat zirudien.
Iturriak:
- Ines Mandl, Wikipedia.
- Ines Mandl, Mandel Research Found.
- Gisela Holfter and Horst Dickel, An Irish Sanctuary: German-speaking Refugees in Ireland 1933–1945, De Gruyter Oldenbourg, 2016
- 100th Birthday: Ines Mandl, Chemistry Views, 2017ko apirilaren 17a.
- El trabajo incansable de la bioquímica Ines Mandl: en busca de curas para las enfermedades del tejido conectivo, Mujeres con Ciencia, 2018.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Ines Mandl (1917-2016): Ehun konektiboaren gaixotasunak sendatzeko lan nekaezina egin zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.
Sinapsien ikuspegi modernoa: zelulaz kanpoko matrizearen funtzioa konexio neuronalean

1. irudia: Konexio neuronaletan laugarren egitura batek eragin zuzenak dituela frogatu dute: zelulaz kanpoko matrizea. (Irudia: GerryShaw).
Agian konexio neuronalen arteko ikuspegi ezagunena sinapsi bipartitaren teoriarena da. Teoria honetan bi partaide daude: neurona presinaptikoa, neurotransmisoreak jariatzen dituena, eta neurona postsinaptikoa neurotransmisoreentzako hartzaileak dituena. Neurotransmisoreen bidez neurona batetik beste neurona batera garraiatzen da informazioa. Teoria hau zuzena bada ere, errealitatearekin konparatuz oso sinplea da.
Sinapsi bipartitaren ondoren hainbat ikerketek glia zelulek konexio neuronaletan eragina zutela frogatu zuten, eta horrela astroglia izeneko zelulak sinapsien hirugarren partaide bezala deskribatu ziren. Alde batetik, astrozitoek nutrientez hornitzen dituzte neuronak eta baita bere hondakinak garbitu ere, burmuinera heltzen den odol-fluxua kontrolatzen dute eta glutamato neurotrasmisorearen birziklapen biologikoa egiten dute. Eta bestetik, konexio neuronaletan modu aktibo batean hartzen dute parte: glutamato neurotransmisorearen kantitatea murrizten dute tarte sinaptikoan eta gliotransmisore izeneko biomolekula transmisoreak askatzen dituzte, zeinek neurona pre- eta post-sinaptikoetan hartzaileak dituzte, glutamatoaren askapena eta glutamatoarentzako hartzaileen kitzikapen gaitasuna kontrolatuz.
Azkeneko urteotan egindako ikerketa anitzek konexio neuronaletan laugarren egitura batek eragin zuzenak dituela frogatu dute: zelulaz kanpoko matrizea (ZKMa). ZKMa ehun eta organo guztien osagaia da, zelulen kanpoaldean kokatzen diren eta funtzio ezberdinak dituzten molekula ezberdinez osatutakoa. Molekula hauek elkarri eragiten diote eta garunean 3 taldetan sailkatzen diren sare molekular sorta anitzak sortzen dituzte. Konexio neuronalei dagokionez, bere kokapena dela eta, sare perineuronala deritzon ZKMko taldea da garrantzitsuena. Sare perineuronalak neuronak eta dendrita proximalak inguratzen dituen dentsitate handiko geruza berezia da, eta beraz sinapsietan kokatzen da. (Ikus 1. Irudia)

2. irudia. Sare perineuronalaren irudi eskematikoa: marroiz azido hialuronikoa; morez lotura proteinak, urdinez aggrecan, neurocan edota brevican proteinak; laranjaz glikosaminoglikano katea (kondroitin sulfatoa, adibidez) eta gorriz tenaszina-R.
Bizitzan zehar konexio neuronalak aldatzen doaz, eta era berean sare perineuronala osatzen duten molekula motak eta hauen kopurua ere. Horrela, garatzen ari den garunean ZKMko molekulek migrazio zelularrean, axoien hazkuntzan eta luzapenean, neurogenesian eta gliogenesian parte hartzen dute, ama zelula neuronalen bereiztea, beraien garun-azaleko kokapena eta bereiztutako neuronen hazkuntza kontrolatuz. Funtzio hauek hainbat mekanismoen bidez betetzen ditu: hartzaileen bitartez, neuronen gainazaleko beste molekulekin elkar eragiten, hazkunde- faktoreei lotuz edo beraien egituretan barneratuz.
Nerbio sistema helduan sare perineuronalak garuna garatzean sortu diren konexioak egonkortzeaz eta neurona helduetan sinapsi berrien formazioa mugatzeaz gain, plastikotasun sinaptikoan eragiten du. Plastikotasun sinpatikoa nerbio sistema ingurunera moldatzea eta ikaste- eta memoria- prozesuak baimentzen ditu. Helduen ZKMak plastikotasun sinaptikoa mugatzen edo sustatzen dituzten molekulak ditu eta beraz neuronen arteko informazioaren garraio egokia kontrolatzen du. Nahiz eta oraindik funtzio hauen mekanismo asko ezezagunak izan, batzuk garapen aldikoaren antzekoak dira. Baina oraindik mekanismo asko ezezagunak dira. Gainera, garunean plastikotasun sinaptikoa errazteko ZKMa birmoldatzen duten entzimak daude. Hauek ZKMko proteinak eta zelula gainazaleko molekulak moztu ditzakete, molekula inaktiboak edo aktiboak sortuz.
Horretaz gain, ZKMko molekulen eta hauek degradatzen dituzten entzimen aldaketek hainbat neurogarapeneko gaixotasunekin eta gaitz neuropsikiatrikoekin erlazionatu dira: eskizofreniarekin, autismoarekin eta Alzheimerren gaixotasunarekin, besteak beste. Hala ere, oraindik egitura honi buruz dagoen informazioa urria da. Beraz, konexio neuronalen eta garunaren funtzionamendua eta gaixotasun neurologikoen garapena guztiz ezagutzeko ZKMaren inguruan ikertzen jarraitzea funtsezkoa da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Sinapsien ikuspegi modernoa: zelulaz kanpoko matrizearen funtzioa konexio neuronalean.
- Laburpena: Sinapsiaren azkeneko teoriak, sinapsi tetrapartitak, laugarren partaide bat gehitzen du neuronen arteko informazio garraioan eta birmoldaketa sinaptikoan: zelulaz kanpoko matrizea (ZKMa). Era honetan, konexio neuronalen osagaiak neurona presinaptikoa, neurona postsinaptikoa, glia eta ZKMa izango lirateke. ZKMa zelulen kanpoaldean dauden eta funtzio ezberdinak dituzten zenbait molekulak osatzen dute. Haren garrantzia ez da funtzio fisiologikora mugatzen, izan ere bere funtzioen alterazioak neurogarapenezko gaixotasunak eta gaitz neurologikoak eta neuropsikiatrikoak ere ekar baititzake. Ondorioz, ZKMa gaur egun osasun-zientzietarako funtsezko tresna da, ikertu eta aztertu beharrekoa. Lan honetan, lehendabizi, sinapsi bipartitaren eta sinapsi tripartitaren teoriak laburki azaltzen dira, ondoren sinapsi tetrapartitaren kontzeptuan barneratzeko. Amaitzeko, ZKMaren inguruko azkeneko aurkikuntzen garrantzia hainbat patologiatan aipatzen dira.
- Egileak: Amaia Núñez Del Moral eta Amaia Maite Erdozain Fernandez.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 41-58
- DOI: 10.1387/ekaia.19676
————————————————–
Egileez:
Amaia Núñez Del Moral eta Amaia Maite Erdozain Fernandez UPV/EHUko Farmakologia sailean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Sinapsien ikuspegi modernoa: zelulaz kanpoko matrizearen funtzioa konexio neuronalean appeared first on Zientzia Kaiera.
Ai gazte zoro hauek eta euren kortex prefrontal lotsabakoa!
Mundua hankaz gora eta bueltan. Nerabezaroan zer gertatzen den ondo dakite irakasleek zein gurasoek, modu enpirikoan ikasita. Horren atzean dauden zioei dagokienez, berriz, neurologoek dute azken hitza. Ados, bai, hezitzaileek, filosofoek, psikologoek, gizarte eragileek eta dena delakoek ere badute zeresanik, bai. Baina onartu beharra dago, gai honetan ere, mundua ikusteko eta kuantifikatzeko gizakiak asmatu dituen tresnek irauli dutela ikuspegia.
Azken hamarkadetan, bereziki erresonantzia magnetikoei esker ikusi ahal izan dute nerabezaroko garunak berezko izaera duela, eta ez dela ez haurtzaroko garun zahartua, ezta osatzear dagoen garun heldua ere. Besteak beste, bizitzaren etapa horretan hunkiberatasuna arautzen duen sistema linbikoa indartu egiten da, baina bulkadei muga jartzen dien kortex prefrontala, berriz, guztiz garatu gabe dago. Horrek laguntzen du azaltzen, hain handi batean, nerabe gehienek modu batean edo bestean erakutsi ohi duten portaera.

1. irudia: Hainbat egileren ustez, nerabezaroan inhibizioa arautzen duten mekanismoak garatu gabe egoteak arrazoi ebolutiboa izan lezake, besteak beste familiatik urruntzeko bidea ematen dutelako. (Argazkia: Mike Giles/Unsplash)
Bestetik, etapa horretara iristean, garunaren baitan berrantolaketa erraldoia egiten da. Neuronen arteko transmisioa ahalbidetzen duten axoiak hobeto isolatzen dira, mielina izeneko substantziari esker. Horren ondorio praktikoa da informazioa modu askoz azkarragoan transmititzen dela. Modu berean, axoien eta neuronetako dendriten arteko loturarik erabilienak indartu egiten dira.
Erabiltzen ez diren loturak, berriz, atrofiatzen dira. Prozesu horri “inausketa sinaptiko” izena eman zaio, eta adituek uste dute garunaren efizientzia hobetzeko balio duela. Sei urteren bueltan izaten da kimatze hori, eta, momentuz hori frogatzeko modurik ez dagoen arren, askotan planteatu da haurtzaroko “mundu magikoa” kimatze horrekin batera galtzen dela, gehienetan betiko. Aldaketa horiek guztiak modu progresiboan ematen dira, atzeko aldetik aurreko aldera. Horregatik kortex prefrontala da azkena garatzean.
Bi ahoko ezpata izan arren, horren atzean egon daitekeen zio ebolutiboa aurkitzen saiatu dira ere hainbat ikertzaile. Proposamen horren arabera, nerabeek ingurune berrietara egokitzeko ezaugarririk egokienak dituzte: arriskuei erreparatu ez eta ordainsari berriak hartzeko joera dute. Tartean, talde sozialaren onarpena bilatzen dute bereziki; normalean, gainera, familiatik kanpokoa. Ezaugarri horiek guztiak, eta nerabezaroan izaten diren beste hainbat, izugarri egokiak omen dira familiatik urruntzeko eta familia propioa sortzeko.
Azalpen ebolutibo honen alde dagoen ikertzaileetako bat da Pittsburgheko Unibertsitateko (AEB) Beatriz Luna. Christos Constantinidis kidearekin batera, gaiari buruzko artikulu bat argitaratu berri du Trends in Neurosciences aldizkarian. Zehazki, inhibizioaren kontrolaren umotzeari buruz gaur egun dagoen ezagutza laburbildu dute, bai gizakiei zein tximinoei erreparatuta.
Luna aspalditik ikertzen ari da nerabezaroa, eta portaera ikertzen duten beste hainbat zientzialariarekin gertatu ohi den moduan, trebezia berezia erakutsi esperimentu errazak eta, aldi berean, esanguratsuak diseinatzeko. Esperimentu horietan, haurrak, nerabeak eta helduak erabili ditu, eta horiei guztiei eskatu die begirada aurrera begira zuzen mantentzeko, eta aldeetatik datozkien estimuluei jaramonik ez egiteko. Emaitzetan argi ikusten da umeak direla estimuluei erantzuteko tentazioari eusteko moduan ez daudenak, seguruenera auto-kontrolerako mekanismorik ez daukatelako garatuta garunean.

2. irudia: Erresonantzia magnetikoei esker informazio ugari lortu da garunaren funtzionamenduaz, tartean, nerabeen garunaz. Argazkian, Jenako Unibertsitatean (Alemania) egindako erresonantzia bat, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Jan-Peter Kasper/FSU)
Nerabeen kasuan, berriz, zientzialariek badakite auto-kontrolerako mekanismo horiek soberan garatuta dituztela, baina, halere, esperimentuan ikusten dute helduek baino joera handiagoa dutela ikusi behar ez duten hori ikusteko. Batez bestean, 10 urteko haurrek %45 huts egin dute Lunak diseinatutako probetan, baina nerabeen kasuan akatsen portzentajea %30-20 da, Lunak berak National Geographic aldizkariaren 2011ko urriko alean (Espainiako edizioa) eman zituen datuen arabera.
Akatsen tasa baino, interesgarriena da proba egiten den bitartean parte-hartzaileen garunetan zer gertatzen den: errendimenduen kontrola, akatsen detekzioa, planifikazioa edota kontzentrazioa… arlo hauek guztiak arautzen duten garunaren eremuak gutxiago erabiltzen dituzte, helduekin alderatuz. Azken hauetan, eremu hauek ia modu automatikoan jartzen dira martxan.
Orain argitaratutako artikuluan, berriz, nabarmendu dute fenomeno hau ez dela soilik gertatzen gizakietan, eta tximinoen kasuan ere gertatzen dela. Lunaren ustez, azalpen ebolutiboa legoke horren atzean. “Nerabezaroan ez duzu inhibizioen kontrolerako sistema perfektu hau, baina horren atzean badago arrazoi bat. Eboluzioan zehar mantendu da esperientzia berrietan oinarrituta inguruneari buruzko informazioa eskuratzea ahalbidetzen duelako”, esan du orain egileak prentsa ohar batean.
Egileen esanetan, autokontrolaren hobekuntza ez ezik, nerabezaroan planifikazioari lotutako sistemak txukundu egiten dira garunean, modu horretan erantzun bat eman behar denean prest egon ahal izateko.
Arlo praktikoari begira, egileek iradoki dute nerabeen garunaren ikerketatatik hezkuntzaren alorrean estrategiak ondoriozta daitezkeela. Hala, adierazi dute haien ikerketaren funtsezko ondorioa dela nerabezaroan beste etapetan baino aldagarritasun gehiago dagoela garunean, eta hori, noski, hezkuntza jorratzeko kontuan hartu behar den aldagaia delakoan daude.
Modu honetan laburbildu du kontua Christos Constantinidis ikertzaileak: “norbanako bakoitza desberdina da, eta bakoitzak modu desberdin batean ikasten du”. Egileak dio ahalegin asko egiten direla guztientzat balio duen hezkuntza sistema lortzen saiatzeko, baina planteamendu hori ez omen da zuzena, “norbanako bakoitzak gaitasun desberdinak dituelako” eta erritmo desberdinean heldu egiten delako. Orain arte, bada, hitza neurologoena izan da, datuak eta tresnak mahai gainean jarri dituztelarik. Orain, berriz, hezitzaileen txanda da berriro. Eta gurasoena, bai. Eta gizarte osoarena…
Erreferentzia bibliografikoa:
Constantinidis, Christos eta Luna, Beatriz (2019). Neural Substrates of Inhibitory Control Maturation in Adolescence. Trends in Neurosciences, 42 (9), 604-616. DOI: https://doi.org/10.1016/j.tins.2019.07.004
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ai gazte zoro hauek eta euren kortex prefrontal lotsabakoa! appeared first on Zientzia Kaiera.
Marte bizigarria, egi ala amets?
Urik gabe, guk ezagutzen dugun moduko bizitzarik ezin daiteke sortu. Horregatik da ura hain interesgarria zientzia planetarioetan, eta horregatik dabiltza hainbat misio ura topatu nahian eguzki sistemako hamaika tokitan: Marten edo Jupiterren eta Saturnoren ilargietan, adibidez. Baina ez da edozein fasetan dagoen ura bilatzen, zeren eta dagoeneko badakigu ur lurruna badagoela hainbat planetaren atmosferatan, eta baita ur izoztua ere, Marteren poloetako izotz-geruzetan eta Jupiterren Europa ilargiko gainazalean. Ur likidoa da zehazki bilatzen gabiltzana, eta, horretarako, tenperatura- eta presio-egoera zehatz batzuk behar dira. Marte -46oC-ra dago, batez beste; hotzegi ur likidoa egoteko, ezta? Bada, ez.
Marten baxu-baxua da gainazaleko presioa, zehazki 0.636 kPa-koa (0.006 atm). Horrek posible egiten du ur likidoa egotea. Izatez, adituen ustean, garai batean Marte ez zen orain den modukoa, ez zen basamortu lehor bat. Bere ipar hemisferioa ozeano erraldoi batean murgilduta egon zela uste da. Ibai eta lakuak egon izanaren aztarnak ere badaude, gaur egun arroilak eta erreken ohantzeak ikus baititzakegu bertan.

1 irudia: Valle Marineris, eguzki sistemako arroilarik handienaren mosaikoa, Viking orbitadoreak Marteri ateratako 100 argazki baino gehiagorekin konposatua. (Argazkia: NASA)
Ura MartenMarten ura topatu izanaren berri milaka aldiz izan duzula uste baldin baduzu, zuzen zaude, askotan eman baitigute horren berri 70. hamarkadatik aurrera. Baina batez ere hala izan da 2002. urtetik aurrera, Mars Express, Mars Odyssey, Opportunity eta beste misio batzuen emaitza arrakastatsuak jasotzen hasi ginenetik.
70. hamarkadan, NASAren Viking eta Mariner zundek Marteren bereizmen handiko argazkiak hartu ahal izan zituzten. Bertan ikusi ahal izan ziren, lehen aldiz, planeta gorriko arroilen eta ibaien ohantzeak. Irudi horiek iraganean planetaren gainazalean ur fluxuak zeudela iradoki zuten. Halaber, Viking misioek ipar poloan ur izoztua kantitate handietan zegoela erakutsi zuten.
Hori dela eta, 90. hamarkadan misio ugari programatu eta bidali ziren Martera, eta hurrengo hamarkadan hasi ziren fruitua ematen.
2002an Mars Odyssey espazio-ontziaren espektrografoak hidrogenoa detektatu zuen gainazalean, eta horri esker lurrazpiko uraren presentzia iragarri zuten. NASAk ondorioztatu zuen Marten izotz lurperatua egon behar zuela poloetatik 60°-ko latituderaino bi hemisferioetan.
2004ko urtarrilean Mars Express zunda europarrak uraren presentzia hori baieztatu zuen planetaren hego poloan, ur izoztua bazen ere. Kasu hartan, aurrekoan ez bezala, zuzenean detektatu zen ura. Beraz, aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen, nahiz eta une hartan izotzaren presentzia bakarrik baieztatu ahal izan, ez ur likidoarena.
Geroztik ur aztarna gehiago eta gehiago topatu dira planeta gorrian. Berri ugari izan dira horren inguruan. Marteko urari buruzko azkenengo berria orain dela urtebete izan genuen Mars Expressen emaitzei esker: radarraren bidez, poloko izotz-geruzaren azpian ur likidoa zegoela antzeman zuten, Orosei et al. (2018) lanaren arabera. Baina ez ur pittin bat, izotzaren azpitik 1.5 km-ra dagoen eta 20 km-ko luzera duen laku bat baizik. Marten ur masa handi bat antzematen zen lehen aldia izan zen. Bertako ura 0°C baino askoz hotzago dago, baina perklorato gatz kantitate handiari esker, ez da izozten, gatz horrek izotz-kontrakoaren lana egiten baitu.
Lur planetan antzeko 400 bat laku aurki daitezke glaziarren azpian. Gehienak ur gozokoak badira ere, batzuek, Antartidako Vida lakuak bezala, ur oso gazia daukate. Ur hori -13oC-ra egon arren mikrobioak topatu dira bertan. Horregatik, badago oraindik Marten lurrazpiko lakuetan bizitza topatzeko itxaropena.
Hortaz, gaur egun Marteren azalean bizidunik egon ezin bada ere, azpiko geruza bizigarria izan daitekeelako susmoa dago, eta iraganean gainazala bera ere bizigarria izan zelako ustea gero eta indartsuagoa da zientzialarion artean.

2 irudia: Mars Expressek ur hobiratuta antzematen du Marteren hego poloan. (Argazkia: ESA / Copyright Context map: NASA/Viking; THEMIS background: NASA/JPL-Caltech/Arizona State University; MARSIS data: ESA/NASA/JPL/ASI/Univ. Rome; R. Orosei et al 2018.)
Metanoa MartenUste hori egiaztatzeko edo ezeztatzeko, lagundu egingo luke Marten metanoa dagoen edo ez jakiteak, zeren eta metanoaren detekzioa bizitza egotearen seinale izan daiteke.
Marten metanoa prozesu geologikoen ondorio izan liteke, edo, are zirraragarriagoa litzatekeena, prozesu biologikoen ondorio, Lurraren atmosferako metano gehiena prozesu biologikoek sortua baita. Beraz, ikertzaileok jakin nahi duguna da ea Marten metanoa dagoen, zenbat dagoen eta, egotekotan, zerk sortzen duen.
2003. urtean antzeman zen metanoa Marten lehen aldiz, bi modutan gainera: Mars Express orbitadore europarraren bidez eta lur teleskopioak erabiliz. Geroztik temati aritu dira ikertzaileak gas horren presentzia eta jatorria bilatzen. Lan batzuek hura aurkitu zela berresten zuten; beste batzuek, ordea, ezeztatu. Hamar urte itxaron behar izan ziren gas hau ziurtasunez detektatu ahal izateko. 2013ko ekainean, Marteko Gale kraterrean, Curiosity Roverrak antzeman zuen berriz metanoa, Science aldizkarian argitaratutako artikuluan irakur daitekeenez. Eta, azkenik, aurtengo apirilean jakin genuen, Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker, Curiosityk 2013ko ekainean egindako detekzioa Mars Express orbitadoreak ere antzeman zuela krater berean.
Beraz, azken emaitza hauetan oinarrituz, badirudi metanoa dagoela Marten, baina zein ote da haren jatorria? Bizi-jatorrikoa ote da? Hori dugu gaur egungo misterioa.
Erreferentzia bibliografikoak:
Orosei, Roberto et al. (2018). Radar evidence of subglacial liquid water on Mars. Science, 361 (6401), 490-493. DOI: 10.1126/science.aar7268.
Giuranna, Marco et al. (2019). Independent confirmation of a methane spike on Mars and a source region east of Gale Crater. Nature Geoscience, 12, 326–332. DOI: https://doi.org/10.1038/s41561-019-0331-9
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) eta Itziar Garate Lopez (@galoitz) UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideak.
—————————————————–
The post Marte bizigarria, egi ala amets? appeared first on Zientzia Kaiera.