S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 22 min 39 sec

Bertsozientzia (5): “Sekula ez dute asmatzen eguraldia eta!”

jeu, 2017/05/18 - 15:00
Kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdia antolatu? Bertsolaritza eta zientzia uztartu? Bai, “Jakinduriek mundue erreko dau” ekitaldian. Zelan, baina? Bost zientzialarik gai baten inguruko azalpen laburrak emanda, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jartzen dutelarik eta guztia Kike Amonarrizen gidaritzapean.

2016ko lehenego hizlariak, Onintze Salazarrek, nahasi samar dabilen eguraldia izan zuen hizpide, Maialen Lujanbiok eta Beñat Gaztelumendik errima jarri ziotela.

“Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?” hitzaldian hurrengo egunerako iragarpenek %90eko fidagarritasuna dutela azaldu zuen meteorologoak.

Iragarpenak egiteko eredu fisiko-matematikoak erabiltzen dira meteorologian. Bi eredu dira nagusi meteorologian iragarpenak egiteko:

  1. Eredu determinista. Epe laburrerako, 1-4 egunera.
  2. Eredu probabilistikoa. Epe ertainerako, 3. edo 4. egunetik aurrera.

Eredu deterministak erabiltzeari esker dira epe laburrerako iragarpenak hain fidagarriak.

Eredu determinista

Atmosferaren hasierako baldintzak neurtu eta kontuan hartzen dira eredu honetan, baldintza horiek zelan eboluzionatuko diren kalkulatzeko ekuazioak aplikatzen zaizkie hasierako baldintza horiei eta lortzen diren emaitzak interpretatu egiten dira.

Eredu-deterministaren-irteera-mapa

1. irudia: Eredu deterministaren emaitzen irteera mapa. Iturria: Euskalmet

Hasierako baldintzen menpekotasun handia du eredu deterministak eta akats txiki batek oso eragin handia du iragarpenean; hori dela eta, fidagarritasuna ez da inoiz %100ekoa. Hasierako baldintzak, gainera, inoiz ez dira perfektuak. Ezinezkoa da momentu oro atmosferaren puntu guztietan dauden baldintzak ezagutzea. Izan ere, zenbait tokitan neurketarik ez da egiten eta, horretaz gain, neurketak ez dira perfektuak.

Arrazoi nagusia, hala ere, atmosferaren nolakotasuna da, izan ere, sistema kaotikoa da atmosfera.

Eredu probabilistikoa

Eredu deterministan ez bezala, aldagai bat baino gehiago izaten ditu kontuan eredu honek. Hasierako baldintza ezberdinekin lortutako emaitza multzoaren bataz besteko balioa hartzen da iragarpena egiteko.

Eredu deterministan bezala, hasierako baldintzak neurtu eta ekuazioak aplikatzen zaizkie. Kasu honetan, baina, hasierako baldintzei aldaketa txiki ezberdinak ezartzen zaizkie emaitza multzoa lortzeko. Hasierako baldintzen aldaera ezberdinekin lortuko liratekeen emaitza multzo horren bataz besteko balioa hartzen da. Hasierako baldintzen hainbat aldaerekin lortzen diren emaitza guztiak kontuan izanda, batez besteko balioa hartzen da.

Epe ertainerako iragarpenetan hasierako baldintzak zeintzuk izango diren jakiterik ez dago, esan bezala, atmosfera sistema kaotikoa da eta. Hainbat hasierako baldintza posibleren bataz besteko balioa hartzearen arrazoia, beraz, epe ertain eta luzera hasierako baldintza horiek ezin jakina da.

Eredu deterministak duen asmatze gaitasuna hasierako baldintzen zehaztasunean datza, eredu probabilistikoak inoiz izango ez duena. Hori dela eta, denboran aurrera egin ahala, iragarpenek gero eta fidagarritasun gutxiago izango dute. Hala, hurrengo egunerako aurreikuspenak, bataz beste, %90eko fidagarritasuna badu, laugarren egunerakoak %65-75ekoa du eta 15 egunerokoak %30-40koa.

Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Onintze Salazar meteorologoak “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.

Hitzaldi osoa:

Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.

The post Bertsozientzia (5): “Sekula ez dute asmatzen eguraldia eta!” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eguzkia hartzeko zioak

jeu, 2017/05/18 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Askotan kolore berdez tindaturik agertzen dira Britainia Handiko hegoaldeko eta Bretainiako kostaldeetako hondartzak. Hasiera batean alga baten ugaritzearen ondorioa dela dirudi, baina hurbiletik aztertuz gero, argi ikus daiteke hondartzari kolorea ematen diona ez dela alga bat. Algak ez dira lehorrean berez mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen kolore berdeko materia hori mugitu egiten da. Ez dira, ez, algak hondartza horietan dabiltzanak, zizareak baizik. Acoelomorpha filumeko Symsagittifera roscoffensis izeneko zizare lauak [1] dira, zehatzak izateko.

1. irudia: Bretainiako kostaldean sarritan “marea berdeak” izaten dira.

Horietako har gazte bat mikroskopiopean jartzen bada, erraz ikus daiteke hestea eta zelula parenkimatikoak Tetraselmis generoko mikroalgaz beterik daudela. Horixe da zizarearen kolore berdearen zergatia. Bizimodu berezia du Symsagittifera horrek. Gaztea denean mikroalgak jaten ditu, baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Mikroalgek, bestalde, ez dute fotosintesia egiteko ahalmena galtzen, eta zizarearen garrantzizko energia-iturri bilakatzen dira horri esker. Hogeita bost mila mikroalga zenbatu izan dira zizare bakar batean.

Funtsezko aldaketa anatomiko zenbait gertatzen dira heldutasunera iritsi orduko, bizitzaren aldi horretan ahoa eta hestegorria galtzen baitituzte. Hortik aurrera, mikroalgak dira Symsagittiferaren energia-iturri bakarrak: fotoautotrofo bilakatu dela esan genezake. Beraz, bai, animalia da zizare hori, baina animalia xelebrea: eguzkitik lortzen du energia, eta karbono dioxidotik karbonoa.

2. irudia: Symsagittifera roscoffensis zizare lauak oskol baten barruan. (Argazkia: Wikipedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Gainera, eguzki-argia jasotzeko moldaera egokiak ere garatu ditu. Nerbio-sistema bakuna duen arren, Symsagittiferak baditu pigmentu-koparen moduko bi begi eta estatozisto [2] bat buru aldean. Eguzki-izpiak ahalik eta modu eraginkorrenean hartu ahal izateko, kokapen egokia bilatzen du egitura horiei esker.

Bistan da, beraz, gizonak eta emakumeak ez garela eguzkia hartzea gustukoa dugun animalia bakarrak. Eguzkia hartzeko zioak, baina, ez dira berdinak gizon-emakumeotan eta zizareetan.

Oharrak:

[1] Duela gutxi arte, Convoluta roscoffensis izenekoa.

[2] Estatozistoa organo edo egitura mekano-hartzailea da, eta espazioan animaliak duen kokapenari buruzko informazioa hartzen du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Eguzkia hartzeko zioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Glaziarren gainbeherak nazioarteko segurtasunean eragin dezake

mer, 2017/05/17 - 09:00
Juanma Gallego Mundu osoan, glaziarrak urritzen ari dira klima-aldaketaren ondorioz. Horietako batzuk bereziki garrantzitsuak dira nekazaritza eta industriarako; Erdialdeko Asian, esaterako, 800 milioi lagun inguru horiei lotuta daude.

1. irudia: Baltoro glaziarra, Pakistanen. (Argazkia: Guilhem Vellut /CC-BY-SA-2.0)

Paisaia ederrak marrazten dituzte, eta, ekosistemetan, funtsezko rola betetzen dute ere. Baina, horrez gain, zenbait lekutan populazioaren biziraupenaren berma izan daitezke. Munduko populazio gehien duen kontinentean –hamar lagunetik sei asiarrak dira orain-, glaziarrak ezinbestekoak izan daitezkeelako bertako segurtasuna mantentzeko.

Horregatik, politikariek, ekonomialariek, militarrek eta zientzialariek interes handiarekin begiratzen dute bertako glaziarren egoera. Beste inon ez bezala, zientzia eta politika, ezagutza eta etorkizuna, eskutik helduta doaz Asian.

Hamish Pritchard glaziologoak Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek Erdialdeko Asian dauden mendilerroetan -Himalaia, Hindu Kush, Karakorum, Pamir, Kunlun eta Tian- dauden glaziarren garrantzia kuantifikatu du aurrenezkoz.

BAS British Antartic Survey erakundean lan egiten duen ikertzaile honen arabera, era batean edo bestean, 800 milioi lagun inguru glaziar hauekiko dependentzia dute. Artikuluan zehazten duenez, udaran glaziar horietatik jasotzen den urak zuzenean 136 milioi lagunen beharrak asetzen ditu.

Pritcharden hitzetan, “estres hidrikoa dela eta, eskualde hau ekonomikoki eta sozialki bereziki ahula da lehortearekiko, baina glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturriak dira”.

Baina klima-aldaketak oreka garrantzitsu honetan eragin handia izan dezake, eta hori, noski, kezka iturri da. Eredu gehienek glaziarren beherakada aurreikusten dute. Adituaren arabera, horrek egoera nabarmenki zailduko du. “Gehigarriko estres hidriko honek ezegonkortasun soziala, gatazkak zein bat bateko eta kontrolik gabeko migrazioak” eragingo dituela dio zientzialariak.

2. irudia: Estres hidrikoaren mailak eta glaziarren kokapena. Gorri koloreko marra etenaz, Kaxmirreko eskualdean liskarrean dagoen muga. (Irudia: Nature)

Klima-aldaketaren eraginez lehorteak eta gosea indartuko direla dio ere, baina egoera horri glaziarren atzerakada gehitu behar zaiola nabarmendu du. Hori dela eta “erdira jaitsi daitezke ibaietako ur emariak”. Masa horien gorabeherak eta eskualdeen izaten diren prezipitazioen inguruko datuak neurtuta, arroetan glaziarren emaria zein den zehaztu du. Bere kalkuluen arabera, udara bakoitzean 23 kilometro kubiko ur ematen dute glaziarrek.

Datuak eskura izanda, erraza da ur-emari hori kenduta suertatuko zen egoera kalkulatzea. Urte normal bateko udaretan, Indus ibaiko arroan %38 gutxituko litzateke ura. Lehortea izanez gero, berriz, kopuruak %58ra igoko luke. Aral ibaiaren goiko arroan, berriz, datuak are kezkagarriagoak dira, bertan %100era heltzeko aukera baitago.

Adituak ikerketan ohartarazi duenez, glaziarrek izan ohi duten masa aldaketak jarraitzeko zuzenezko neurketa gutxi egiten dira. Askotan munduan zehar sakabanatuta dauden ezaugarriak goitik bera ezagutzen direneko ustea zabalduta dagoen arren, benetako egoera oso bestelakoa da. Adibidez, glaziarretan izaten den izotzaren galera zehazteko orduan, zeharkako estimazioak dira nagusi. Egileak emandako datuaren arabera, glaziarren %0,01 baino ez dira neurtzen zuzenean. Gainerako guztia estimazioak dira, eta horietan alde nabarmenak daude.

Tentsioaren gorakada

“Udaran eskualde hauek prezipitazio gutxi jasotzen dute, soroak ureztatzeko beharra handiena den momentuan, hain zuzen”, dio Tobias Bolch geografoak Nature aldizkariaren ale beran idatzitako iruzkin batean. Bolchek azpimarratu duenez, arazoaren muinetako bat da herrialde hauetan nekazaritzak garrantzi handia daukala. Baina, bestalde, eskualdean pisua den beste faktore bat nabarmendu du: energia. Kirgizistanen kasua mahai gainean jarri du; bost planta hidroelektrikok sortzen dute herrialdearen elektrizitatearen %80.

Züricheko Unibertsitateko ikertzaile honen ustez, zenbait herrialdetan “existitzen diren edo planifikatuta dauden urtegiek uraren eskuragarritasunari lotuta dauden tentsioak indartuko dituzte”.

3. irudia: Suitzako armadako kideak Aletsch glaziarraren inguruetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Nazioarteko segurtasunari dagokionez, eskualdean bereziki kezka pizten du India eta Pakistanen arteko harreman gatazkatsuak. 1947an independentzia eskuratu zutenetik, auzokideek hiru gerra izan dituzte: 1947an eta 1965ean, Kaxmirren kontrola gora behera, eta 1971n, Bangladeshen independentzia zela eta.

India koloniala zena bi herrialde berrien artean banandu zutenean, ibaietako goi-ibar gehienak Indiaren lurraldean geratu ziren, baina ureztatze bidezko nekazaritzari lotutako nekazari gehienak Pakistanen zeuden. Sinplifikatuz, Indiak ura kontrolatzen zuen, eta Pakistanek ur horren premia bizia zeukan. 1960an, Munduko Bankuaren bitartekaritzari esker, akordio batera iritsi ziren bi herrialdeak. Horren arabera, goi-ibarrak Indiaren esku mantentzen ziren, baina Pakistanek ur-emarien %80 bermatuta izan zuen. Oreka horrek Pakistango nekazaritza ahalbidetu du, orain arte bederen. Baina giroa ez da guztiz baretu, eta mugetako tentsioak bere horretan dirau. Kezka, beraz, ez da debaldekoa: India eta Pakistan etsai sutsuak dira, eta, gainera, biek dute armamentu nuklearra.

Glaziarrak, maldan behera

Maila globalera begira jarrita, klima-aldaketak mundu osoko glaziarretan izaten duen eragina nabarmena da, eta aurreikuspenak ere ez dira oso positiboak. Coloradoko unibertsitateko Twila Moon ikertzaileak Science aldizkarian idatzi duenez, glaziarrak “azkar urtzen ari dira”. Haren esanetan, glaziarren beherakada itsasoetako ur mailaren gorakada ekarriko du, eta, horrek, “gaur egungo ume askoren bizitza tartean milioika lagunen desplazamendua” ekarriko du. Zentzu horretan, bere artikuluaren izenburua oso esanguratsua da: “Glaziarrei agur esanez”.

Adituaren arabera, datorren 25 urtetan Suitzak glaziarren erdia galduko du, eta Antartidan, Patagonian, Himalaian, Groenlandian eta Artikoan dauden glaziarrak txikituko dira.

Ia-ia hilabetero plazaratzen ikerketek berresten dituzte aurreikuspen ilun hauek. AEBtako Zerbitzu Geologikoak hil honetan bertan jakinarazi duenez, azken 50 urteetan Mendi Harritsuetan dauden 39 glaziar %39 urritu dira, batez bestean. Zenbait kasutan, murrizketa %85ekoa izan da. Horietatik 26k baino ez dute 10 hektarea baino gehiago, eta, beraz, teknikoki horiek dira glaziartzat har daitezkeenak. Horren arrazoia da zientzialariek zabalera neurri hori erabiltzen dutela bereizteko zer den eta zer ez den glaziarra.

Iazko mendearen hasieran Mendi Harritsuetan 150 glaziar zeudela kalkulatu dute ikertzaileek. Adituek nabarmendu dutenez, eskualdean izan den glaziarren beherakada maila globalean dauden joerekin bat dator: gero eta glaziar gutxiago daudela eta, hortaz, gero eta ur gezako biltegi natural gutxiago dagoela. Ez da txantxetako kontua. Glaziarretan baitago planetan dagoen ur gezaren %75 inguru.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hamish D. Pritchard, Asia’s glaciers are a regionally important buffer against drought. Nature. DOI: 10.1038/nature22062

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Glaziarren gainbeherak nazioarteko segurtasunean eragin dezake appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Biomimetika: natura gizakion inspirazio-iturri

mar, 2017/05/16 - 09:00
Nagore Elu eta Nerea Osinalde Egunero etengabe eta ia ohartu gabe erabiltzen ditugu asmakizun asko, orokorrean bizitza izugarri errazten digutenak. Horietako gehienek natura dute inspirazio-iturri. Batzuk ikerketa luzeen emaitzak dira, eta beste batzuk aldiz, zoriaren ondorio. Lehengo taldean sartuko lirateke, besteak beste, azken urteotan sortu diren zenbait produktu itsaskor. Jada aztekek erabiltzen zituzten animalien odolarekin eta buztinarekin egindako nahasdurak, oraindik tente dirauten eraikinetako harriak elkarren artean itsasteko. Ordutik, gizakiak hamaika produktu itsaskor lortu ditu zenbait konposatu erabiliz.Naturari jarraituz egin ditu berrienetariko batzuk.

1. irudia: Produktu itsaskor berriak ekoiztu dira muskuiluek ingurune urtsutan zenbait gainazal ezberdinei itsasteko duten ahalmen indartsuan oinarrituta.

Haitzetako ostra, muskuilu edo lapak dira naturari so eginez aurkitu ditzakegun organismo itsaskorren artean ezagunenak. Hauen propietate itsaskorrak aspalditik dira ezagunak, baina azken bi hamarkadetan ezagutu da bai substantzia itsaskortasun-eragilearen konposizio kimikoa, bai ekoizpen mekanismoa. 2006an MaxPlanck Institutuko zientzialariek aurkitu zuten muskuiluen barnealdea gehienbat kolageno zuntzez dagoela osatua, eta hain zuzen ere horrek ematen dio animaliari erresistentzia eta elastikotasuna. Kanpoaldea, aldiz, DOPA izeneko proteina batez eta burdin ioiz osatua dago. Azken bi hauen artean erreakzio kimiko bat gertatzen denean substantzia likatsu bat sortzen da, eta substantzia hori gradualki polimerizatzen doa, naturarekin kontaktuan jartzen denean. Horri esker, muskuilua bere bizileku izango den harri, zura edo metalari oso gogor itsasten zaio.

Itsasgarri sintetiko biodegradagarri ez-toxikoak ekoiztu dira, muskuiluek medio urtsuan itsasteko duten ahalmen berezi honetan oinarrituta. Etorkizun handia aurreikusten zaie itsasgarri hauei, erresistentzia handiko itsasgarri gisa ingeniaritzan, eta bai zauriak ixteko edota hausturak sendatzeko biomedikuntzan.

Horman gora edo buruz behera ibiltzen den geko muskerraren oinetan topatu zuen inspirazioa etorkizun oparoko beste itsasgarri batek. Gekoak ahalmen bikaina dauka markarik utzi gabe azalera ezberdinei itsasteko eta desitsasteko. Ahalmen berezi hori oin-hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker gauzatzen da.

2. irudia: (A) Geko muskerraren oina eta (B) oin-hatzetako ile mikroskopikoak.

Aspalditik aztertu da gekoaren oina baina duela gutxi lortu da animaliaren antzeko eraginkortasuna duen itsasgarri bat. Massachusettseko unibertsitateko zientzialari talde batek “Geckskin” deritzon itsasgarria plazaratu zuen 2012an. Kuxin bigun bat egitura egonkor batean jarriz eta tendoi artifizial bat erabiliz mimetizatu zuten gekoaren oina. Geckskin itsasgarriak 300 kilotik gorako pisuari eusteko ahalmena du, eta beraz, itsasgarri gogor eta iraunkorrenen artean egongo da etorkizunean.

Arestian aipatutako itsasgarriak ez bezala, hain ezaguna den belkroa zoriz aurkitu zen. 1941ean George Mestral ingeniaria bere txakurra paseatzen zebilela konturatu zen oso zaila zitzaiola bere jantziei eta txakurraren ileei itsatsitako lapa-belarraren hazia askatzea. Hazi hauek mikroskopioarekin aztertuta konturatu zen makina bat puntaz osatuta zeudela eta punta bakoitzaren muturrak gantxo edo kako itxura zuela. Hain zuzen ere, egitura horretan oinarrituta sortu zuen guztiok ezagutzen dugun belkroa, mantalak, eskularruak edo zapatak lotzeko erabiltzen dena besteak beste.

3. irudia: Lapa-belarra eta bere puntetako muturretan dauden kakoak.

Hasiera batean sistema honek kotoiz osatutako bi zinta zituen, eta horietako batean kako txiki batzuk zeuden. Alabaina, kotoia nahiko erraz apurtzen zela eta, hurrengo saiakerak nylonarekin egin ziren. Azkenean, poliester zuntzekin eraikitako belkroa izan zen 1951n patentatu zena.

Itsasgarriez gain, beste kontu askok ere agerian uzten dute natura gizakion inspirazio-iturri garrantzitsua dela. Hauetako bat da berriki Alemaniako Ornilux enpresak kaleratutako kristal berezia. Estimatzen da urtero 250 milioi hegazti hiltzen direla Europan eraikinetako kristalen kontra danba egin ostean. Arazo honi aurre egiteko ohikoa da eraikin handien leihoetan, baita autobideko paneletan ere, txori itxurako pegatinak ikustea. Baina metodo hau ez da batere eraginkorra. Duela hamarkada eskas bat arestian aipatutako Ornilux enpresak “txorien lagun” bezala definitzen duten kristala merkaturatu zuen: kristalak kolpatzeagatik txorien hilkortasuna % 75ean murrizten du. Kristal hau berezia da, txorientzat ikusgarria den sare batez estalia dagoelako, gizakiontzat ikusiezina bada ere. Izan ere, sare horrek argi ultramorea islatzen du.

4. irudia: Armiarma-sareek argi ultramorea islatzen dute, eta horrenbestez txoriak uxatu egiten dituzte. Horretan oinarrituta egin dituzte kristal hauek, argi ultramoreari esker txoriak uxatzeko.

Sortzaileek aitortu bezala, kristal honen diseinua armiarma sareetan dago inspiratuta; izan ere, hauen zetek argi ultramorea islatzen dute harrapakinak erakartzeko nahiz txoriak uxatzeko. Hortaz, kasu honetan gizakiak natura kontserbatu nahi du, naturaren beraren trikimailuak antzeratuz.

Oso bestelakoa da tardigradoengandik, hots uretako hartz mikroskopikoengandik, gizakiak hartutako mailegua. Tardigrada filumeko bizidunak munduko animaliarik erresistenteenak direla onartu ohi da. Izan ere, ahalmena dute beste edozein izaki bizidunentzako jasangaitzak diren muturreko baldintzetan bizitzeko, baita espazioko baldintzetan ere. Esaterako, lehorte egoeran uretako hartzek anhidrobiosia deitzen den prozesua jasaten dute; guztiz deshidratatzen dira baina DNA, RNA eta proteinak kaltetu gabe, trehalosa deitzen den azukre batez babesten baitira.

5. irudia: Txertoak hotzik gabe kontserbatzeko metodoak garatu dira, uretako hartzek lehorte garaian bizirik irauteko garatutako mekanismoa antzeratuz.

120 urte ere egon daitezke uretako hartzak loaldi egoeran, urak berriz ere berpizten dituzten arte. Horretan oinarrituta, ikertzaileek frogatu dute txertoak azukrez estalita gorde daitezkeela eta hotzetan gordetzen direnak bezain ondo mantentzen direla. Horrek izugarrizko abantaila ekarri du, batez ere hotz-baldintza kontrolatuak ez dauden munduko guneetara ere txerto eraginkorrak onik helarazteko.

Gizakiak ez ote dauka ideia txundigarririk natura antzeratu gabe?

Naturan aurretiaz antzerako ezer behatu gabe, kristo aurretik III. mendean gizakiak gurpil itxurako horzdun engranaje mekanikoak asmatu zituen. Horien antzekoak erabiltzen dira egun, ibilgailu edota bizikletetan. Esan bezala, uste zuten naturan ez zegoela horrelako mekanismorik, baina beste behin ere usteak erdi ustel. 2013an Science aldizkari ospetsuak plazaratu zuen horzdun engranajeak dituztela matxinsaltoaren antzekoa den Issus coleoptratus intsektu gazteen atzeko hankek. Hauei esker intsektu mota honek oso azkar egiten du salto aurre-alderantz, erlojuetan orratzek aurrera egiten duten antzera.

6. irudia: (A) Issus coleoptratus intsektua eta (B) bere atzeko hanketan aurkitutako engranaje mekanikoaren mikroskopio irudia.

Beraz, aurkikuntza honek frogatzen du engranaje mekanikoak ez direla gizakiaren diseinua, milioika urteko eboluzioaren emaitza baizik. Ez dago zalantzarik natura oso argia dela; hortaz jarrai dezagun natura behatzen eta bere liluretatik ikasten.

—————————————————–

Egileez: Nagore Elu UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean doktorego-ikasketak egiten ari den ikaslea da. Nerea Osinalde Biokimikan doktorea da eta UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakaslea.

—————————————————–

The post Biomimetika: natura gizakion inspirazio-iturri appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Laborategiko teknologia tomateen heltze puntua antzemateko

lun, 2017/05/15 - 09:00
Tomateen heltze puntu optimoa zein den jakiteko, pigmentuak neurtu dituzte espektrometria bidez. Raman espektroskopio eramangarria aplikazio honetarako baliagarria dela frogatu du Josu Trebolazabalaren ikerketak.

Tomatearen heltze prozesuak hainbat fase ditu eta, fasez fase, kolorea aldatuz joaten da. Heltze faseetan tomateak duen konposizioa monitorizatuta konposizioan gertatzen diren aldaketak ikus daitezke espektrometria bidez.

Tomatea berde dagoenean, adibidez, gehien agertzen diren pigmentuak klorofila eta argizari kutikularrak dira. Fruitua heldu ahala gutxitu egiten dira konposatu horiek eta laranja kolorea hartzean bestelako konposatuak ikusten dira: konposatu karotenoideak. Likopenoa (karotenoide gorria) gorenean dagoenean iristen da tomatea puntu optimora. Karotenoide edukia galtzen hasten da puntu horretatik aurrera, gehiegi heldutako tomateetan egindako azterketek erakusten duten bezala.

Irudia: Tomateak heltze une desberdinetan.

Metalurgian, arkeologian ala artelanen analisian erabiltzen den Raman espektrometroa tomateen heltze prozesua monitorizatzeko erabili da lehen aldiz. “Erabilera jakin bat zuen teknologia sukaldaritzara aplikatu da. Ekoizleari tomatearen heltze-puntu optimoa zein den jakiten lagunduko dion tresna sortzea zen ideia”, azaldu du Josu Trebolazabala ikertzaileak. Espektrometro mugikor honen bidez, ekoizleak in situ kontrola dezake tomatea eta, hala, heltze-puntu optimoa aurkitu.

Metodologia

Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits” ikerketak frogatu du tomatearen heltze faseetan dauden konposizio aldaketei buruzko datuak eskuratzeko balio duela Raman espektrometro mugikorrak. Oso erabilia da askotariko sektoreetan Raman espektrometroa, izan ere, teknika ez-inbaditzailea da eta inolako laginik atera gabe erabili daiteke. Baliagarria da, esate baterako, koadro baten edo eskultura baten pigmentuak ikusteko lanari/produktuari kalterik eragin gabe. Fruituaren konposizio molekularra aztertzen duen neurgailu honekin, beraz, fruitua hondatu gabe monitorizatu daiteke.

Laborategiko antzeko tresna baten emaitzekin alderatu dira tresna eramangarri honek emandakoak eta ikusi da laborategiko Raman espektroen kalitatea hobea izan arren, instrumentu eramangarriak emandako informazioak ere baduela nahikoa kalitate ezarritako helbururako. Ekoizlea ekipo mugikorrarekin baratzera joan eta kontakturako Raman zunda tomate-fruituaren gainean jarrita jakin dezake biltzeko punturik egokienean dagoen edo denbora gehiago utzi behar zaion.

Heltze prozesuan kolorea aldatzen zaion edozein elikagairi aplika dakioke teknika berritzaile hori. “Piperrarekin eta kuiarekin probak egin ditugu, besteak beste, eta haien konposizioari buruzko datuak ere eskuratu ditugu”, argitu du Josu Trebolazabalak.

Erreferentzia bibliografikoa:

J. Trebolazabala, M. Maguregui, H. Morillas, A. de Diego, J.M. Madariaga. Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits. Spectrochimica Acta Part A: Molecular and Biomolecular Spectroscopy 180: 138-143. DOI: 10.1016/j.saa.2017.03.024.

Iturria: UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Neurgailu eramangarri bat, tomatearen heltze-puntu optimoa aurkitzeko.

The post Laborategiko teknologia tomateen heltze puntua antzemateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #154

dim, 2017/05/14 - 09:00
Uxue Razkin

Geologia

Arturo Apraiz, Arantxa Aranburu eta Arantxa Bodego EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologoak Aiako Harrian izan ziren –Geolodia ekinbidea izan da Iberiar Penintsulako hainbat tokitan– eta bisita gidatuetako bat zuzendu zuten: Aiako harria, inguruak eta Pangeako superkontinetearen apurketa. Granitoa da han nagusi, “arroka plutonikoak dira”, Lurraren hastapenetan sortutakoak Pangea superkontinentean, magmatik. Higadurak, biluzi egin zituen ondoren. Apraizek, esaterako, koloreari erreparatzeko esan zien bisitan parte hartu zutenei. “Izan ere, ikusten dira arroka berdeak eta zuriak; arroka berdeak dira, magma klase bat, eta arroka zuriak, beste magma klase bat”. Bisita gidatu honetan, arroka bila ere ipini zituzten. Valderejon ere izan zen beste bisita gidatu bat. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Biologia

Ozeano Bareko hondoak baditu bizitza oparoko gune batzuk. Bertan, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurkitu ditzakegu. 1977 urtean ozeano-fosa horiek aztertzera ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliez osatutako dentsitate altuko populazioak aurkitu zituzten. Topatu zituztenen artean, metrotik gorako zizare tubikolak eta muxila erraldoiak zeuden. Azterketa egin zutenean ohartu ziren hazkunde-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuengatik, eta haatik sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Eguzkiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko.

Zilarrak estuarioetan kutsatzaile gisa duen papera eta elementu honek kobrearekin duen elkarreragina aztertzeko, Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries ikerketa egin du Ane Rementeria ikertzaileak. Ikerketa gauzatzeko zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Ondorioei dagokienez, lehenik eta behin ikusi dute ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituztela. Bigarrenik, Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituztela ikusi dute. Azkenik, ohartu dira zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua duela, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.

Osasuna

Kannabinoideek sagu heldu eta zaharren ikasteko gaitasuna eta memoria hobetzen dutela ondorioztatu dute. Emaitzek iradokitzen dute THC kannabinoidea (marihuanaren osagai psikoaktibo nagusia) dosi txikian hartzeak lagun dezakeela zahartzearekin lotutako galera kognitiboari aurre egiten. Ikertzaileek ikusi dute sagu gazteetan memoriari eta ikasteko gaitasunari kalte egiten diela, eta, helduetan eta zaharretan, berriz, hobetu. Gainera, frogatu dute hobekuntza hori lotuta dagoela garuneko eremu batean gene-espresioa areagotzearekin. Elhuyar aldizkariak kontatu digu ikerketaren nondik norakoa.

Tiritei erreparatzen die testu honek. Tirita mota ezberdin asko daude merkatuan egun. Lehenengo tirita Earle Dickinsonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Tiritek funtsean zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute. Jo ezazu artikulura tirita motak ezagutzeko: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, …

Teknologia

Gauzak digitalizatuz gero betiko izango zirela esan zuten eta errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela. Edu Lartzanguren kazetariak azaltzen digu: zenbat eta teknologia konplexuagoa erabili, orduan eta zailagoa da informazio hori berreskuratzea. Eresbil euskal musikaren artxiboko arduradun Jon Baguesek azaltzen du euskarri fisikoak gorde egin behar direla: “Jendeak esaten du: ‘Behin digitalizatuta, papera edo bestelako euskarriak bota daitezke’. Kontuz horrekin!”. Halaber, Interneten zabaldutakoa gordetzeko bidean, estekak erabili ordez –zaharkituta geratzen dira Interneten objektu bat gunez aldatzen denean, DOI egitasmoa nabarmendu du Iñaki Alegriak, EHUko informatika irakasleak. Zientzia aldizkarietan-eta ari dira erabiltzen, artikuluak galduko ez direla ziurtatzeko.

Medikuntza

Gizakiok usaimen eskasa dugula mito bat besterik ez dela esan du John McGann neurozientzialariak. Haren ustez, gizakiok bilioi bat usain desberdintzeko gaitasuna dugu –beste ugaztunen pare–, eta usaimen-erraboila 5.600 glomerulutan antolatua dugu, saguek baino askoz ere gehiagotan (1.800). Geneek, neurogenesiak eta beste zenbait faktorek usainekiko sentikortasunean izan dezaketen eragina aztertuta, aditzera eman du espezie bakoitza usain batzuekiko sentikorragoa dela. “Txakurrak gizakiak baino hobeak izan daitezke gernuak bereizten, eta agian gizakiok ardoen usainak bereizten”. Horretaz gain, McGannek dio zenbait ikerketak erakutsi duela usaimena galtzen hastea memoria-arazoen hasieraren adierazle izan daitekeela.

Arkeologia

Aurrenekoz topatu dituzte Egiptoko antzinako marrazkiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak. Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Zehazki, Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, k.a. 2.000 urtekoa. Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Amaia Portugalek eman digu albiste honen berri.

Biokimika

Gure gorputzeko tenperatura 37º ingurukoa den arren, gure zelulen barruko organulu batzuetan oso tenperatura altuak egoten direla ikusi dute: 50º neurtu dituzte mitokondrietan. Nola lortu dute hori neurtzea? Bada, tenperaturaren araberako fluoreszentzia ematen duten tindatzaileak garatu dituzte haiei esker egin da aurkikuntza berria. Zelularen zentral energetiko gisa jokatzen dute mitokondrioek: mantenugaiak oxidatzen dituzte, energia lortzeko (ATPa). Ikertzaileen ustez, prozesu horrek sortzen duen beroak bermatzen du organismo osoaren barne-tenperatura egonkorra, odol beroko espezieetan.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok kosmetikoak izan ditu aztergai artikulu honetan. Jakina da gizartean kezka dagoela kosmetikoen osagaien segurtasunari eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei dagokienez. Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno (PAS) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—. Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat.

Paleontologia

Gizakia uste baino lehenago iritsi zen Amerikara. Hala dio 1992an San Diegotik (AEB) gertu eraikitzen ari zen autobide batean topatutako mastodontearen hezurrek. Hezur horiek animalia hil berritan harriz hautsi izanaren markak dituzte, hezur-muina ateratzeko asmoz. Gainera, alboan ingude eta mailu gisa erabilitako harriak ere topatu zituzten. Informazio osagarria, Argian izango duzue irakurgai.

Zientzia azoka

Elhuyar fundazioak antolatutako Zientzia Azoka izan dugu aste honetan. Euskal Herri osoko 33 ikastetxetako 1.150 ikasle aritu dira aurtengo ikasturtean zientzia eta teknologia proiektuak taldeka lantzen, eta egindako lan horren guztiaren lagin bat jarri dute ikusgai Bilboko Plaza Berrian. Egitasmo honen helburua aipatzen du Leire Cancio Elhuyar fundazioko zuzendariak: “Gazteei zientzia, teknologia eta ikerketa hurbiltzea da gure helburua”.

CAF-Elhuyar sariak

CAF-Elhuyar 2017 sariak banatu ziren ostiralean. Urtero bezala, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea izan dute helburu sariek. Irabazleak eta euren lanak ikusteko aukera izango duzue hemen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #154 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #159

sam, 2017/05/13 - 09:00

Neutrinoen izaerari buruzko esperimenturik interesgarrienetariko bat Espainian egiten ari dira. Víctor Marínek aurkezten digu: The Spanish take on the nature of the neutrino: the NEXT Experiment.

Ba al dago desberdintasunik helduen entzefaloen artean sexuen arabera? Badago galdera bera sexista dela esaten duenik, eta galdearen aurrean ezetz erantzuten dute. Badago galderaren aurrean baietz erantzuten duenik, baina ez dakite zeintzuk diren garunen arteko desberdintasunak. José Ramón Alonsok gaiaren bueltan dauden ebidentzia zientifikoak errepasatzen ditu Sexual differences in the human brain artikuluan.

Badaude moduak molekula organiko ez magnetiko baten erantzuna lortzeko eremu magnetiko baten aurrean. Hau berori oso erabilgarria izan daiteke fluido biologikoak aztertzeko orduan. DIPCko ikertzaileek badakite zelan gauzatu: Magneto-optical activity of a nonmagnetic organic compound.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #159 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ibon Uriarte: “Planktona berreskuratzen ari da Euskal Herriko estuarioetan” #Zientzialari (72)

ven, 2017/05/12 - 09:00

Itsaso, ibai zein lakuetan bizi den organismo txikien multzoa da planktona. Bizidun hauek berebiziko funtzioa betetzen dute ekosisteman. Batetik, kate trofikoaren oinarrietako bat dira eta, bestetik, atmosferan dagoen CO2 soberakina xurgatu eta klima erregulatzaile eginkizuna betetzen dute.

Gai honen inguruan sakontzeko Ibon Uriarte, UPV/EHUko Ingurumen Zientzietako irakaslearekin izan gara. Bere ustez, Euskal Herriko itsasadarrak leku aproposak dira espezie hauen bilakaera aztertzeko.

Zientzialari izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ibon Uriarte: “Planktona berreskuratzen ari da Euskal Herriko estuarioetan” #Zientzialari (72) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Argi uhina ala argi partikula?

jeu, 2017/05/11 - 15:00
Ziortza Guezuraga Argi espektroa definitzeaz gain, argia partikulaz osatuta dagoela ondorioztatu zuen Newtonek “Opticks” (1704) liburuan. Partikula, beraz. Fisikaren ikuspuntutik aztertuta, hala ere, uhina da argia.

Uhinen ezaugarriak betetzen baititu:

Islapena eta errefrakzioa

Substantzia garden batetik bestera (airetik uretara) pasatzean jasaten duen norabide aldaketa da errefrakzioa.

1. irudia: Errefrakzioaren eskema. Josell7-ren irudian oinarritua.

Islapena, bere aldetik, gainazal batekin topo egitean jatorrizko norabidera itzultzen den norabide aldaketa da.

2. irudia: Islapenaren eskema. (Egilea: Ziortza Guezuraga)

Interferentziak

Bideoan ikus daiteke zelan bi zirrikitudun xaflatik pasaraztean argitasun handiko aldeak eta iluntasuna tartekatzen diren. Argitasun handiko aldeetan interferentzia konstruktiboa eman da eta iluntasun aldeetan suntsitzailea.

3. irudia: Interferentzia konstruktiboa (ezk.) eta interferentzia suntsitzailea (esk.). Haade, Wjh31 eta Quibik-en irudia oinarritua.

Uhinak gainjartzen direnean interferitu egiten dute. Frekuentzia berdineko bi uhin batzen direnean euren artean eragiten dute. Interferentziak konstruktiboak izan daitezke, hau da, uhinen gehiketa eman daiteke ala suntsitzaileak eta uhinak deuseztatu. Young-en esperimentuak frogatzen du argiaren interferentzia.

4. irudia: Young-en esperimentuaren eskema. Stannered-en irudian oinarritua.

Difrakzioa

Oztopo bat aurkitzean ala zirrikitu bat zeharkatzerakoan uhinen desbideratzea da difrakzioa. Zirrikitutik pasatzen den argia zirrikitua bera eta laserra baino zabalera handiagoa duela ikus daiteke, difrakzioa da hau. Efektu hau ikusteko, dena den, zirrikitua txikia izan behar da, bideoan ikus daitekeen bezala, zabalera handitzerakoan efektua aldatzen da.

6. irudia: Difrakzioaren eskema. (Egilea: Ziortza Guezuraga)

Polarizazioa

Plano bakar batean bibratzen duen argia da argi polarizatua. Kontrako bi polarizazio filtro (bata 90º eta bestea 180º) aurrez aurre jartzean ez da uhinik eta, beraz, argirik pasatzen.

Uhinen norabideak du eragina polarizazioan. Filtro polarizatzaileak norabide jakin batean ondulatzen diren uhinak baino ez ditu pasatzen uzten. Bideoan ikus daitekeen bezala, malgukia hainbat norabideetan ondulatu daiteke, filtroa jartzerakoan, ordea, soilik ondulazio horizontalak jarrai dezake, besteak blokeatzen dira.

7. irudia: Polarizazioaren eskema.

Oker zegoen Newton, orduan

Newtonek bere teoria argitaratu zuenean polemika handia izan zen, bere teoria defendatzen zutenen eta kontra egiten ziotenen artean. Fisikaren ikuspuntutik argia uhina dela argi geratu da, uhinen ezaugarriak betetzen baititu. Argiaren eta materiaren arteko elkarreragina gertatzen denean, ordea, argiak ez du uhinek duten portaera agertzen, partikulek dutena baizik.

Efektu fotoelektrikoa da uhina baino, argia partikula dela frogatzen duena. Materialengan inziditzean hauek elektroiak askatzea da efektu fotoelektrikoa.

Bideoan ikus daitekeen bezala, negatiboki kargatzen da girlanda lataren bidez, elektroi kopurua handituta. Karga negatibo horiek euren artean aldaratu egiten dira, karga bereko imanak bezala. Lata ukitzerakoan kargak girlanda uzten du eta jada ez dira aldaratzen. Berriro ere kargatzen da negatiboki eta argiaztatzen da lata. Argiak sortzen duen efektu fotoelektrikoa dela eta elektroiak askatzen doaz girlanda aldaratzen ez den arte.

Zelan frogatzen du horrek argia partikula dela, baina? Bada, energia kuantifikatuagatik. Argiak ez du edozein energia kantitate elkartrukatzen, modu kuantifikatuan askatzen du, hurrengo formulari jarraiki:

Energia ‘paketeak’, fotoi izenekoak, askatzen ditu argiak, E horrek ehuneko balioa badu, argiak 100 edo 200 edota 500 emango ditu baina inoiz 386 ala 79. Uhinek bai, edozein energia kantitate aska dezakete. Horrela demostratzen da argia partikula dela, energia ‘pakete’ zatiezinez (fotoiez) osatuta dagoelako.

Oker eta zuzen zegoen Newton, orduan? Bai, izan ere, izaera duala du argiak, uhina eta partikula da.

Argia, fisikaren ikuspegitik

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

———————————————————————–

The post Argi uhina ala argi partikula? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ba ote bizitzarik sakonera ilunean?

jeu, 2017/05/11 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Ozeanoetako hondoetako fauna ez da oso aberatsa. Itsasoaren behealdeak itsas azaletik hainbat kilometrotara daude, eta, beraz, urrutiegi eguzkiaren argitik; ondorioz, alde horiek ilunegi daude horretarako gai diren izakiek fotosintesia burutu dezaten. Goragotik erortzen den materia hila edo detritikoa izan ohi da hondo horietara heltzen den materia organiko bakarra. Bakterio batzuek metaboliza dezakete, eta zenbait ekinodermok eta moluskuk bakterio horiek jan ditzakete. Azkenik, badaude arrain gutxi batzuk ornogabe horiek jaten dituztenak, baina goragotik iritsitako “euri” horrek ez du askorako ematen. Bizitza urriko inguruak ditugu, beraz, itsas hondoak.

1. irudia: Garai batean, itsas hondoko eremu abisalean bizidunik ez zegoela uste zen baina Atlantikoan komunikazio banaketarako jarri zen lehen kableko lanak egin zirenean, animaliaz beteta zegoela ikusi zen eta, gainera, hauetariko asko ezezagunak zirela.

Ozeano Bareko hondoak ere arau orokor horri egokitzen zaizkio, baina hala ere badira, tarteka, bizitza oparoko gune batzuk. Asia eta Amerika elkarrengandik aldentzen ari direnez (zentimetro gutxi batzuk urteko), eta plaka tektoniko batzuek alde horretan talka egiten dutenez, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurkitu ditzakegu munduko alde horretan (baita beste zenbaitetan ere). Fosa horietan, plaken arteko tentsioen ondorioz arrakalak edo zirrikituak irekitzen dira noizbehinka, zirrikituotatik lurraren barruko laba atera, eta solidotu ondoren berriro arrakalatzen da. Zirrikitu horiek irekitzen direnean, sufre- eta sulfuro-kontzentrazio altuak dituzten ur beroak (20 bat gradu) isurtzen dira bertatik itsasoko ur hotzetara (5 gradu baino gutxiago), tximinia edo fumarola izenez ezagutzen diren azaleratzeak eraginez.

1977 urtean ozeano-fosa horiek aztertzera ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliez osatutako dentsitate altuko populazioak aurkitu zituzten. Horien artean metrotik gorako zizare tubikolak aurkitu zituzten kantitate handitan, eta baita muxila erraldoiak ere (>30 cm). Aurkitutako har-espezie berriari Riftia pachyptila izena eman zitzaion (Vestimentifera filum berezi samarreko partaideak omen dira), eta bibalbio-espezieari, berriz, Calyptogena magnifica.

2. irudia: Itsaspeko sumendien bueltan dauden tximinia hidrotermalen inguruan bizi diren zizare tubikolak. (Argazkia: NOAA Okeanos Explorer Program, Galapagos Rift Expedition 2011 / Wikipedia)

Animalia erraldoi horien azterketari ekin ziotenak berehala ohartu ziren azaleratzeen inguruan neurtutako hazkunde-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuengatik, eta haatik sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Sulfitoa edo sulfatoa osatzeko sufrea oxidatzen denean, energia askatzen da. Aspalditik dira ezagunak energia hori lurrazaleko sufre-azaleratzeetan erabiltzen dituzten bakterioak (sufre-oxidatzaileak, kimiolitotrofoak). Fotosintetizatzaileak diren landareak ez bezala, eguzkiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko.

Ozeano-fosetan, sufrea oxidatzen duten bakterio askeez gain, badira zizareen eta moluskuen ehunetan bizi diren bakterio sufre-oxidatzaile sinbionteak. Hodi zuri batzuen barruan bizi da Riftia zizare erraldoia; kolore gorri biziko lumak (brankiak) soilik ateratzen ditu hoditik kanpo. Ez dauka ez ahorik ez sabelik, eta, beraz, ezin du jan. Haren barne-organo handiena, trofosoma izena duena, sufre-oxidatzaileak diren bakterioz josita dagoen barrunbe bat da. Trofosomaren pisua animalia osoaren pisuaren erdia izatera hel daiteke, ohikoena % 30 baino gehiago izatea bada ere. Trofosomako bakterioek elikagaiak sintetizatzeko beharrezkoak dituzten sufrea, oxigenoa eta karbono dioxidoa uretatik odolerantz bideratzeko lana, hoditik kanpo ateratzen diren kolore gorriko luma brankialek egiten dute. Hain zuzen ere, hemoglobinak ematen die brankiei kolore gorri bizia. Animalia hauen odoleko hemoglobina, hala ere, hemoglobina berezia da, oxigenoa eta sufrea, biak lotzeko gai baita. Beraz, hemoglobinarekin konbinatuta garraiatzen dira bi sustantzia hauek trofosomara. Ezohiko hemoglobina da, sufreak hemoglobina arrunta ezgaitu egiten baitu, horrela oxigenoa lotzeko guneak blokeatuz. Horregatik da hain kaltegarria eta pozoitsua hidrogeno sulfuroa gizakiarentzat eta beste hainbat animaliarentzat. Riftiaren hemoglobinak, aldiz, banatuta dauden lotura-guneak ditu oxigenoarentzat eta sufrearentzat.

3. irudia: Calyptogena magnifica tximinia hidrotermalen inguruan bizi den almeja zuri erraldoia da. Taldeetan biltzen da tximinien inguruan eta Ozeano Barearen hondo abisalean bizi da. (Argazkia: Woods Hole Oceanographic Institution)

Calyptogenaren kasuan, bere bakterio sufre-oxidatzaileak brankietan “umatzen” ditu, eta horrela oxigenoa eta CO2-a zuzenean heltzen zaizkie uretatik. Baina zizare erraldoien kasuan ez bezala, almejen hemoglobinak ezin du sufrea garraiatu; are gehiago, pozoitsu gerta dakioke. Sufrea odoleko plasmako proteina handi eta berezi batzuek garraiatzen dute. Sufrea lortzeko modu berezi batean kokatzen dira bibalbio hauek azaleratzeetan: tximiniaren zirrikituetan txertatuta dute oina; sifoiak, ordea, gorantz, ohiko itsas uretarantz zuzentzen dituzte (sifoietatik sartu eta ateratzen da brankiak irrigatzen dituen ura). Horrela, bada, oinak eta brankiek inguruan duten ur-masak zeharo desberdinak dira: oinak ia oxigenorik gabea eta sufretan aberatsa den ur beroa jasotzen du; brankiek, ostera, ohiko itsasoko ur hotz eta oxigenatua hartzen dute, ia sufrerik gabea. Beraz, oxigenoa eta CO2-a zuzenean barreiatzen dira brankietan, eta sufrea, berriz, oinak hartu eta odolean zehar garraiatzen da brankietaraino.

Jokaera korapilatsua da, bai, baina bada horretarako arrazoi bat. Oxigenoak eta sufreak berez erreakzionatzeko joera dute, hau da, baldin eta bero ateratzen den ur-emari sufreduna eta oxigenoa duen ohiko itsasoko ura elkartzen badira, oxigenoak sufrea oxidatuko du bakterioetara heldu baino lehen. Beraz, bakterioez baliatzen diren animaliek sulfuroa eta oxigenoa bananduta mantendu behar dituzte beren sinbionteei hala helarazteko. Zizareek, horretarako, lur barrutik ateratzen den emarirantz eta ohiko itsas uretarantz txandaka zuzentzen ditu brankia-lumak. Muxilek, zirrikituetarantz zuzendutako oinetik jasotzen dute sufrea, eta, aldiz, oxigenoa, itsasoko uretarantz zuzendutako brankien bidez. Lan latza dute bai batzuek eta bai besteek bi konposatuak banandurik mantentzen, baina ordainetan, “gordetzen” dituzten bakterioak behar dituzten baliabideez hornitzen dituzte, eta hauek ekoitzitako materia organikoaz balia daitezke. Riftiaren kasuan, oso-osoan, ez baitu energia lortzeko beste modurik!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Ba ote bizitzarik sakonera ilunean? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Berpizteko fruituak ematen

mer, 2017/05/10 - 09:00
Amaia Portugal Antzinako Egiptoko hileta lorategi bat aurkitu dute lehenengo aldiz, Tebasko hilobi baten sarreran. Datil arrastoak eta tamariz baten sustraiak eta adarra ere topatu dituzte bertan. Landareek sinbologia handia zuten orduko hileta erritualetan, eta berpizkundearekin edo ugalkortasunarekin lotzen zituzten haziak landatzen zituztela dirudi.

Antzinako egiptoarrek hileta sinbolo gisa baliatzen zituzten landareak, ezin hobeki irudikatzen zutelako heriotzaren eta berpizkundearen ideia. Horregatik, lorategi edo ortu txiki bat landatzen zuten hilobien sarreran. Ikonografiari esker dakigu hori, marrazkiak utzi zizkigutelako, baina orain arte inork ez zuen benetako hileta lorategirik topatu. Bada, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Aurrenekoz topatu dituzte antzinako marrazki horiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak.

CSICek zuzentzen duen Djehuty proiektuaren barruan gertatu da. Ikerketa honetan, Tebas zenaren (Egiptoko Inperio Ertainaren eta Inperio Berriaren hiriburua; gaur egun, Luxor dago hor) nekropoliaren zati bat dute aztergai, eta indusketen hamaseigarren kanpaina egin dute aurten. Hain zuzen, urtarrilean eta otsailean egin duten kanpaina horretan topatu dute hileta lorategia. Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute zehazki, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, eta k.a. 2.000 urtekoa izango litzateke gutxi gorabehera.

1. irudia: Aurkitutako lorategiaren arrastoak, batetik, eta hura berreraikitzen duen marrazkia, bestetik, karratu bakoitzean landare bat duela. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)

“Bagenekien antzinako egiptoarrek ortu bat jartzen zutela hilobien sarreran, ikusi dugulako nola irudikatzen zituzten haien hiletak eta hilobietarako sarbideak, baina orain arte inork ez zuen fisikoki halakorik aurkitu. Lehenbizikoz, ikonografiak iradokitzen zuena berretsi du arkeologiak”, azaldu du Jose Manuel Galan CSICeko ikerketa taldearen buruak.

Egiptoarrek hilobien hormetan marrazten zuten, eta nolako hileta nahi zuten irudikatzen zuten marrazkiotan. Horri esker dakite ikertzaileek hileta lorategiak maite zituztela: laukizuzen formako ortu txiki bat, metro erdiko garaierakoa, eta karratutan bereizia. Marrazki horiexen irudiko da aurkitu duten lorategia. Izan ere, hiru metro luze eta bi metro zabal da, eta 30 zentimetroko aldea duten karratutan banatuta dago, zazpi karratuko lerroak eta bost karratuko zutabeak osatuz. Gainera, gainontzekoak baino garaiagoak diren bi karratu ditu, itxuraz, bertan zuhaixka bat zegoelako landatuta.

Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Hori gutxi ez, eta oraindik zutik zirauen tamariz baten sustraiak eta enborra (30 zentimetro luze) ere berreskuratu dituzte. Tamariza aukeratu izana ez da ausazkoa, zuhaitz honek hiletei lotutako konnotazioak baitzituen antzinako egiptoarrentzat. Haien sinesmenen arabera, hildakoaren arima hilobitik ateratzen zenean, tamarizaren adar batean pausatzen zen, eskaintzen esperoan.

2. irudia: Hilobi baten ondoan aurkitutako marrazki honetan lorategi bat dago irudikaturik. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)

Erlijio horretan askotariko landareek zuten sinbologiaren bat, heriotza edo berpizkundearekin zerikusia zuena. Esaterako, palmondoa edo sikomoroa hildakoaren berpizteko ahalmenari lotzen zaizkio. Letxugak, aldiz, ugalkortasuna irudikatzen du, eta beraz, bizitzara bueltatzea. Alberjinia eta tipularen gisakoek ere bazuten bere sinbologia, eta hiletatan eskaintza moduan erabiltzen ziren. Landare horiek eta beste zenbaitek beteko zituzten topatu duten lorategiko karratuetako bakoitza. “Itxaron egin beharko dugu ikusteko ea zer landare identifikatzea lortzen dugun, bertan bildu ditugun haziak aztertuta”, adierazi du Galanek.

Lorategiaz gain, beste makina bat aurkikuntza ere egin dituzte paraje horietan, proiektu honen barruan. Esaterako, ortu horren ondoan adobezko kapera bat ere topatu dute, k.a. 1.800 urte ingurukoa. Nekropoli batean ikertuz, hileta erritualei buruz ez ezik, gauza gehiagori buruz ere asko ikas daitekeela gaineratu du Galanek: “Haien eguneroko bizimoduaz, gizarteaz eta inguruneaz xehetasun gehiago argitzen laguntzen digu. Antzinako egiptoarrek berek zituzten usteei jarraiki, bizitza ezagutzeko biderik onena da nekropolia”.

Aurkikuntzaren berri ematen duen bideoa, (gaztelaniaz).

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Berpizteko fruituak ematen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Tiritak, diruditen bezain sinpleak ote?

mar, 2017/05/09 - 09:00
Leire Sangroniz, Ainara Sangroniz Tiritak edozein tamaina eta formatan aurki daitezke merkatuan: txikiak, handiak, karratuak, biribilak, koloretakoak, gardenak… Zauriak, erredurak edo babak estaltzeko beharrezkoak dira eta ez dira falta etxean, eskolan edo lantegian. Hasiera batean behintzat, tiritek sinple dirudite, baina beren diseinuak ezagutza handia eskatu du zauriez, kimikaz eta polimeroez. Izan ere, polimeroek eskaintzen dituzten aurrerapenek, bideragarria egin du behar desberdinetara egokitzeko ahalmena duten materialak lortzea, eta horrela, tirita mota desberdinak sortu dira. Baina nola asmatu ziren gaur egun horren hedatuta dauden tiritak?

1. irudia: Tiritak. (Argazkia: U. Leone – Jabego Publikoa)

Lehenengo tirita Earle Dicksonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Earlen emazteak, Josephine Frances Knightek, sukaldean ibiltzen zenean maiz zauri edo erredura txikiak egiten zituen. Zauri horiek estaltzeko Earli bururatu zitzaion zinta itsaskorra eta kotoizko gaza bat erabiltzea. Baina Frances bakarrik zegoenean eta behatz bat zaurituta zuelarik Francesentzat ez zen erraza horrelako tirita bat prestatzea. Hori dela eta, Earlek zinta itsaskor biribilki bat hartu, gainean kotoizko gaza zatiak jarri eta ondoren krinolinazko zinta batekin estali zuen. Horrela, emazteak zauri bat egitean biribilkitik zati bat moztu, krinolina kendu eta zaurian itsatsi zezakeen. Lankideek bere asmakuntza ikusi zutenean enpresako buruei erakusteko konbentzitu zuten. Hauei asko gustatu zitzaien produktua eta tiritak ekoizteari ekin zioten berehala.

Gaur egun tirita mota asko daude merkatuan: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, … Azken hauek batez ere babak sendatzeko erabiltzen dira. Funtsean, zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute.

Tirita arruntek poliuretanozko, polietilenozko edota zenbait kasutan poliesterrezko euskarria daukate. Euskarriaren gainean badago material absorbatzaile bat, zenbaitetan poliuretano apar bat izaten dena. Azkenik itsasgarria ez den material bat jartzen delarik, tirita zaurira itsastea ekiditen da.

Tirita detektagarriak

Elikagaien industrian lan egiten duen jendeak tirita detektagarriak erabiltzen ditu elikagaien segurtasuna eta higienea bermatzeko. Izan ere, ez litzateke atsegina izango jogurta jaten ari garen bitartean tirita bat aurkitzea! Horretarako aluminiozko banda bat daramate, metal detektagailuek antzeman ditzaten. Eta zer egin elikagaiak lata edo metalezko ontzietan badoaz? Kasu honetan X izpiek hauteman dezaketen haritxo bat jartzen zaie. Haria bario sulfatozkoa edo wolframiozkoa izaten da, eta gainera kolorezkoa izan ohi da errazago ikus dadin.

2. irudia: Tirita detektagarri baten eskema. (Egileak: Leire Sagroniz eta Ainara Sangroniz)

Irudian ikus daiteke mota honetako tirita baten eskema. Ikus daitekeen bezala, kanpoko geruza polietilenoz edo poliuretanoz egina egon daiteke. Behean, itsasgarri geruza bat dago eta aluminiozko banda bat, metal detektagailuek hauteman dezaten. Honen gainean material absorbatzaile bat jartzen da, eta azkenik, zaurira itsatsiko ez den materiala, zauriarekin kontaktuan egongo dena.

Hidrokoloideak

Tirita hidrokoloideak maiz erabiltzen ditugu oinetakoek sortutako babak sendatzeko. Mota hauetako tiritak gelak osatzen dituzten polimeroez eginak daude, esaterako sodio karboximetil zelulosaz, pektina edo gelatinaz. Gela osatzen duen polimeroa euskarri baten gainean jarri behar da, euskarri hori poliuretanozko film bat izan ohi da.

3. irudia: Oinetako berriak lehen aldiz janzten ditugunean babak ateratzen zaizkigu azalean. Hauek sortutako gaitza osatzeko tirita hidrokoloideak jartzen dira sarritan.

Zauria estaltzean zauriaren exudatua polimeroarekin konbinatzen da eta ondorioz gel bat sortzen da; honela zauria ingurune heze batean osatzen da. Mota honetako hesgailuek abantaila nagusi bat dute: tirita ez da zaurira itsasten eta gainera tirita kentzerakoan ehun berria ez da kaltetzen.

Hesgailu likidoak

“Hesgailu likido” deritze zauriak estaltzeko dagoen teknika berritzaile edo deigarrienari. Funtsean, polimero-disoluzio bat da, kolorerik gabea eta itsaskorra. Zuzenean aplika daiteke zaurian, likido edo esprai modura.

Polimeroa poli(N-binilpirrolidona), kopolimero akrilikoa edo poliuretanoa izan daiteke, eta erabilitako polimeroaren arabera disolbatzaile egokia aukeratu beharko da, esaterako alkohola edo ura. Disoluzioa azalean jarritakoan disolbatzailea lurrundu egiten da eta polimero-geruza fin bat gelditzen delarik, zauria babestu egiten du. Mota honetako hesgailuak oso egokiak dira babesten zailak diren eremuetan erabiltzeko, esaterako behatzen arteko zonaldea babesteko. Gainera, igerilekura joan gaitezke estaldura galdu gabe!

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.

———————————————————————————-

The post Tiritak, diruditen bezain sinpleak ote? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kosmetikako alergenoen analisi-teknikak berrikusten

lun, 2017/05/08 - 15:00
Josu Lopez-Gazpio Egun, nonahi erabiltzen dira produktu kosmetikoak eta industria kosmetikoaren sofistikazioa oso handia da. Mundu-mailako merkatu garrantzitsua da: lau merkatu handienen baturak —Europar Batasuna (EB), Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Txina eta Japonia— 166 bilioi euro inguruko pisua du, 2013. urteko datuen arabera. Produktu kosmetikoen erabilpen handia dela-eta, gizartean kezka dago kosmetikoen osagaien segurtasunari buruz eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei buruz.

Irudia: Kosmetikoei buruzko Europako araudian, erreakzio alergenikoak eragin ditzaketen 26 substantzia identifikatzen dira.

Europar Batasunaren legediaren kasuan, 1223/2009 araudiak osagaien segurtasunari dagokionez, muga zorrotzak ezarri zituen. Araudian debekatutako osagaien zerrenda jasotzen da, eta baita erabilpen-mugak dituzten hainbat osagai. Produktuen etiketatzeari buruzko xehetasunak ere aipatzen dira eta, oro har, kosmetikoan dauden osagaiak etiketan identifikatu behar direla adierazten da. 1223/2009 araudiaren eranskinak dira, zalantzarik gabe, interes analitiko handienekoak, izan ere, bertan kosmetikoetan erabili ezin diren edo erabilpen mugatua duten substantziak sailkatzen dira. III. eranskinean, hain zuzen, artikulu honetan aztertzen diren alergenoak sailkatzen dira.

Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno edo PAS (potentially allergenic substances) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—.

Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat bereziki, ukipen-alergien diagnosian lagungarria delako eta, hartara, alergia duten kontsumitzaileek kosmetiko horien erabilpena saihets dezaketelako.

Ekaia aldizkarian argitaratutako artikuluan substantzia alergenoak kosmetikoetan kuantifikatzeko zientzia-literaturan dauden analisi-metodoen berrikuspena egin da. Lurrin alergenoen analisia interes handiko alorra izan da azken urteotan, kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko nahia dela eta. Berrikusi diren metodo gehienak gas-kromatografian oinarrituta daude, eta horiek izan ziren garatu ziren lehenak. Hala ere, beste tekniketan oinarritutako metodologiak ere izan badira, hala nola likido-kromatografian eta elektromigrazioan oinarritzen direnak. Dimentsio biko gas-kromatografiak, bestalde, zehaztasun handiko analisiak egitea ahalbidetzen du, baina kostu ekonomikoa handiagoa da beste teknikekin alderatzen bada. Era berean, etorkizuneko erronka handia da araudian gehitzen ari diren beste zenbait substantzia alergeno analizatzeko metodoak garatzea. Izan ere, artikuluan aztertu diren 26 PAS klasiko horietaz gainera, badira beste batzuk Europako araudian gehitzen ari direnak. Guztira 82 dokumentatu dira, oraingoz —54 konposatu bakun eta 28 estraktu—, beraz, etorkizunerako erronka analitikoak ez dira txikiak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Substantzia alergenoen analisia kosmetikoetan.
  • Laburpena: Kosmetikoei buruzko Europako araudian, erreakzio alergenikoak eragin ditzaketen 26 substantzia identifikatzen dira. Araudiaren arabera, halabeharrekoa da kosmetikoaren etiketan substantzien berri ematea, araudiak ezarritako kontzentrazioak gainditzen badira. 26 substantziatik, 24 ondo definitutako konpasatu lurrunkorrak dira, eta beste biak estraktu naturalak. Artikulu honek helburu modura hartuko du 24 substantzia alergeniko horiek kosmetikoetan kuantifikatzeko garatu diren analisi metodoak aztertzea eta laburtzea.
  • Egileak: Josu Lopez-Gazpio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 73-85
  • DOI: 10.1387/ekaia.14536

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Kosmetikako alergenoen analisi-teknikak berrikusten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ostrak, estuarioen egoeraren adierazle eraginkorragoak

lun, 2017/05/08 - 09:00
Zilarrak estuarioetan kutsatzaile gisa duen papera eta elementu honek kobrearekin duen elkarreragina aztertzeko, “Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries” ikerketa egin du Ane Rementeria ikertzaileak.

1. irudia: Oka ibaia Zugastietan jaiotzen da, Mundakan itsasoratzen da eta Urdaibaiko padura eratzen du.

Bizkaiko golkoko hiru estuariotan (Ibaizabal, Oka eta Gironda) egin da ikerketa eta bertako zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Hiru dira ikerketak utzitako ondorio nagusiak:

  1. Ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituzte. Oso erabilgarriak izan daitezke, hortaz, estuarioen ingurumen-egoera zein den jakiteko. Lortutako emaitzak bidea irekitzen du, Ane Rementeriaren ustez, Euskal Herrian ostrak gehiago erabil daitezen estuarioen egoera aztertzeko.
  2. Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituzte. Oka eta Ibaizabal estuarioetako animaliek kontzentrazio baxuagoak erakutsi dituzte.
  3. Zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua du, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.

Estuarioetatik hurbil egiten den giza jarduerak eragina du ingurune horien orekan: degradatu egiten ditu eta funtzionamendu naturala aldatzen die. Europa mailan estuarioak kontserbatzeko prozesuak martxan egon arren, hainbat kutsatzaile agertzen dira oraindik uretan zein sedimentuetan; metalak, esaterako. Metalen artean, garrantzi berezia dute zilarrak eta kobreak, duten toxikotasunagatik eta ugaritasunagatik.

2. irudia: Kostaldeko ingurumena nola eraldatzen den aztertzea funtsezkoa da eskualdeko itsasertzak nolako bilakaera izango duen zehazteko.

Girondako estuarioko ostrek oso zilar balio altuak zituztela, zilar asko metatzen zutela, detektatu zuen Bordeleko Unibertsitateko ikerketa batek. Ibaizabal ibaiak ere antzeko historia izan duela kontuan izanda; Ibaizabalgo (Arriluze), Okako (Murueta) eta Girondako (Bonne Anse eta Lafosse) estuarioetako zilar eta kobre kontzentrazioak eta haien eraginak aztertzea erabaki zuten Ane Rementeriak eta UPV/EHUko CBET ikerketa taldeak.

Bibalbioak, ostrak eta muskuiluak, aztertu dituzte estuarioetako zilar eta kobre mailak neurtzeko. Estuarioetan bizi eta mugitu ezin diren izaki iragazleak dira ostrak eta muskuiluak; kutsadura jasan eta metatzen dute, beraz. “Hemen muskuiluak erabiltzen dira gehien ikerketarako; Frantzian, berriz, ostrak. Ostrak erabiltzen dituzte Girondako estuarioan ikerketak egiteko, eta guk erabilera potentzial hori ikertu nahi genuen”, azaldu du Ane Rementeriak.

ostra

3. irudia: Zilarrak eta kobreak sortzen duten kutsaduraren aurrean ostren erantzun biologikoa neurtu dute ikertzaileek, Bizkaiko golkoko egoera ezagutzeko.

Metodologia

Biomarkatzaileak baliatu dituzte ikerketaren datuak lortzeko. Erantzun biologikoa da biomarkatzailea, “organismo bat kutsaduraren eraginpean dagoenean, erantzun biologiko neurgarri bat ematen du, izan daiteke proteina bat emendatzea edo zelula batzuk galtzea, eta guk hori neurtzen dugu”, azaldu du Rementeriak. Glandula digestiboen atrofia eta degenerazioa, edota alterazio histopatologikoak daude ikerketan behatutako aldaketen artean.

IBR (Integrative Biological Response) erabili dute neurketa horiek prozesatzeko. Beliaeff eta Burgeot (Environ Toxicol Chem 21:1316–1322, 2002) kalkulatutako indizea da IBR, monitorizaziorako tresna. Ikerketa honen kasuan, denboraren eta dosiaren menpeko ostren osasun egoeraren dinamika identifikatu dute honi esker.

Aurrera begira, gai honetan sakontzen jarraitzeko beharra azpimarratu du ikertzaileak: “interesgarria izango litzateke esperimentu gehiago eta epe luzeagokoak aurrera eramatea, ondo ulertzeko benetan zer gertatzen den animalia hauetan zilarraren eta kobrearen eraginpean daudenean”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ostrak bereziki baliagarriak dira estuarioetako zilar-kontzentrazioa aztertzeko

The post Ostrak, estuarioen egoeraren adierazle eraginkorragoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #153

dim, 2017/05/07 - 09:00
Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Lorea Argarate izan da Emakumeak zientzian atalaren protagonista aste honetan. Unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaian, Fisika izan zen bere hautua, musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi baitzuen. Baina laugarren urtean utzi egin zuen karrera. Argaratek azaltzen du: “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Hortaz, musika elektronikoarekin hasi zen. Gauzak horrela, Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen. Lau urteren buruan, gradu amaierako lana egiteko unea iritsi zen eta musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen: “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Gaur gaurkoz Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan. Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da.

Astronomia

Juno zundak Jupiterren argazki berriak bidali ditu udaberri honetan, bosgarren maniobra amaitu duenean. NASAk edonoren eskura jarri ditu argazkiak.

Biologia

Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia eta marrazo balea, ozeanoetako arrainik handienak, adibidez. Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak. Flamenkoak ditugu adibide. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazleen artean handienak baleak dira. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du. Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janariaren bila. Jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia.

Hizkuntzalaritza

Keinuak eta hizkera noiz eta nola uztartzen dituzten umeek ikertu du UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeak. Helburua? komunikazioaren garapenaren hasieran gertatzen den keinuen eta bokalizazioaren arteko harremana zer-nolakoa den ezagutzea. Ikerketak erakutsi du 9 hilabeterekin zezelka egiteari, silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari, uzten diotela umeek eta 11 hilabete inguru dutenean keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten direla. Horretaz gain, keinuak eta hizkera konbinatzen hasten direnean oso keinu jakinak erabiltzen dituzte: deitikoak. Zezelkatzea keinuekin konbinatzearen eta umeak izango duen hizkuntzaren garapenaren arteko harremana badagoela frogatzen duten “ebidentzia zientifikoak gero eta gehiago” direla azaldu du Asier Romero ikertzaileak.

Paleontologia

Nazioarteko zientzialari talde batek ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute. Errusiako haitzulo hori oso garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Egindako analisi genetikoek erakutsi zuten giza espezie berri hori gertuago zegoela neandertalekiko gizaki modernoekiko baino. Teknika berri honi esker, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Arkeologia

Ikerlan batek aditzera eman duenez, 130.000 urteko giza jardueraren aztarnak aurkitu dituztela Ameriketan, Kalifornian: 100.000 urte aurreratu dute gizakiaren presentzia. Mastodonte baten arrastoak ageri dira, eta inguruan objektuen bitartez mastodonte hori akabatu edo, behintzat, haren hezurrak baliatu zituzten zantzuak ere bai. Arazo bakarra dago: hori gertatzea ezinezkoa da. Krimena izan zen garaian gizakirik ez zegoelako han. Asteon proposatu den hipotesia, beraz, 115.000-100.000 urte aurreratuko luke gizakiaren presentzia kontinentean. Zientzialariek azalpenak eman dituzte aurkikuntzaren inguruan. Steven Holen antropologoak azaltzen du: “Hain antzinako aztarnategia izanda, eszeptizismoa espero genuen. Are gehiago, ni neu ere eszeptikoa nintzen lehen aldiz materiala ikusi nuenean. Baina gure artikuluan zehazten den testuinguru geologikoa eta hezurretan azaltzen diren hausturak ikusten badira, ebidentzia nahikoa ematen dute». Hautsak harrotu ditu ikerlanak. Zuek zer deritzozue?

Geologia

Nukleo eta mantuaren arteko mugan murgildu gaitu Arturo Apraizek. Bertan sortzen dira plaken dinamika, superkontinenteen apurketa eta bereizketa, basalto-plataformak eta, ondorioz, klima-aldaketa orokorrak zein suntsipen biologikoak eragin ditzaketen luma gorakorrak. Jakina da Lurraren bilakaeran eragina duten prozesuak gertatzen direla bertan, baina oso datu gutxi dugu eremu horri buruzkoak. Azken urteotan, halere, tomografia sismikoaren garapenari esker, baieztatu ahal izan da hiru dimentsioko egitura ugari daudela bertan, eskala askotarikoak, milaka kilometrotik hamarnaka kilometrora. Orain arte mantuaren beheko aldean bereizi diren egitura onartuenak aipatzen dira testuan, bakoitzaren ezaugarriekin osatuz artikulua. Ez galdu!

Arkeologia

Arkeologiazalea da Jabier Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948). Ia 100 aztarnategi, arte labarra duten kobazuloak eta beste sekulako aurkikuntzak egin ditu Antxieta arkeologia taldeak eta horietako gehienetan parte hartu du. Elkarrizketa interesgarri honetan, Lazkanok kontatzen du, adibidez, nolakoa izan zen lur azpian sartu zen lehenengo aldia edota zeintzuk izan diren buru dituzten aurkikuntzak. Irakur ezazue elkarrizketa osorik, ez zarete damutuko!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #153 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #158

sam, 2017/05/06 - 09:00

Lekaleak nitrogenoa finkatzeko gai badira, zergatik ez da erabiltzen gaitasun hori nitrogenoa finkatzeko gai diren zerealak diseinatzeko? Daniel Marinok azaldu du asteon Engineering nitrogen-fixing cereals, between science fiction and reality artikuluan.

Herny D. Thoreauk adierazi zituen ideiak hartzen ditu oinarritzat Antonio Casado da Rochak, ezagutzaren gehiegizko espezializazioak eta zatiketak ezagutza beraren ahultasuna indartzen dutela argudiatzeko. Honen ondorioz, zientziaren komunikazioa funtsezko zerbait bihurtu da: The best of both worlds: Henry D. Thoreau on science communication.

Estralurtarrekin komunikatzeko baliagarria zen fenomeno oso sinple bat erabiliz, DIPCko ikertzaileek spin bat neurtzeko gai den zunda bat diseinatzea lortu dute: A spin-sensitive probe.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #158 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lorea Argarate: “Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz”

ven, 2017/05/05 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Batek baino gehiagok “Las Tea Party DJs” bikotearen kideetako bat delako ezagutuko du Lorea Argarate Zubia, eta ez du susmatu ere egingo zientzialaria denik, baina, hark dioenez, betidanik gustatu izan zaio zientzia. Gurasoak ere zientzia-zaleak omen dira; horren erakusgarri, etxean beti izan dute Elhuyar aldizkaria.

Hala ere, ezin du ezkutatu musikarekiko grina: “Musika-mota pila bat gustatzen zaizkit eta talde askotan eta jende desberdin askorekin jo dut”. Hala, unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, Fisikaren alde egin zuen. “Musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi nuen, uhinak eta hori dena. Fisika ikasita, dena jakingo nuela pentsatzen nuen”.

Irudia: Lorea Argarate Telekomunikazio Teknologietako ingeniaria.

Alabaina, laugarren urtean utzi egin zuen Fisikako karrera. “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen, Aitziber Anakabe irakasleak nire lan frikiak baloratzen zituen arren. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Azkenean, Fisika uztea erabaki zuen.

Aldi berean, musika elektronikoarekin hasi zen: “Ni klarinete-jotzailea naiz. Karrera egin dut, eta nire ametsa klarineteak egitea zen. Baina hori oso garestia da. Orduan musika elektronikoa deskubritu nuen, eta oso merkea eta erraza dela ikusi nuen, neuk egiteko modukoa”. Horrela ezagutu zuen zer zen elektronika eta zer ingeniaritza, eta Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen: “Telekomunikazio Ingeniaritza graduaren barruan, Irudia eta Soinua adarra zegoela ikusi nuen, eta hor ematen ziren ikasgaiak bat zetozen, guztiz, nik egin nahi nuenarekin”.

Ikasgaiak ez ezik, irakasleak ere gustuko izan zituen, bereziki bat: Mari Luz Guenaga Gómez. “Lehenengo mailatik izan dut ondoan, eta beti lagundu dit aurrera eramaten nire nahiak”. Gogoan du, adibidez, lehen mailan Programazioa irakatsi ziela, euskaraz, eta sei baino ez zirela gelan. “Ordutik, erreferente oso indartsua izan da niretzat. Eta hasieran hardwarean jarria banuen arreta, hari esker deskubritu nuen programatzeak ematen dituen aukerak. Nahi nuena egin nezakeen!”.

Marra paraleloak batu zirenekoa

Lau urte igarota, gradu-amaierako proiektua egin behar zuen, eta hor batu zitzaizkion bere hiru pasioak: zientzia, musika eta hezkuntza. “Ordura arte, marra paraleloak ziren: beti zeuden oso hurbil, baina ez ziren elkartzen. Agian, perpendikularrean jartzen ziren, eta orduan gurutzatzen ziren, baina une horretan bakarrik. Gradu-amaierako proiektuan, bat egin ziren”.

Hain zuzen ere, musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen, “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Horrek erabat gogobete omen zuen, eta geroztik Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan.

Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da. Ekimenaren helburua neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea da, eta, horretarako, inspirazio-iturri edo eredu izan daitezkeen emakume profesionalen esperientzia jasotzen dute, lehen eskutik. “Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat; beste lan batzuekin alderatuta, oso pertsonala izan da, eta asko jaso dut”.

Bukatzeko, norberaren jarrerak eta inguruak duten eragina nabarmendu nahi izan ditu: “Egun onak ez datoz bakarrik, egun onak “egin” egin behar dira eta gauzak egiteko ingurune oso ona eta proaktiboa izan dut. Beraz, esatetik egitera ez da zailtasun askorik egon. Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz”.

Fitxa biografikoa:

Lorea Argarate Zubia Bilbon jaioa da, 1990ean. Fisikako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, laugarren mailara arte, eta, gero, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Gradua egin zuen, Deustuko Unibertsitatean. Han egin zuen baita Industria Antolaketako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra ere, Big Data eta BI programa berria eta bertan jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Lorea Argarate: “Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Iragazle erraldoiak

jeu, 2017/05/04 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Iragazle mikrofagoez aritu gara aurreko atalean, baina badira mikrofagoak ―edo mikrofago hutsak― ez diren animalia iragazleak ere, batzuk oso ezagunak gainera. Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) (13 metroko luzera) eta marrazo balea (Rhincodon typus) (23 metroko luzera), ozeanoetako arrainik handienak, hain zuzen ere. Uretan igerian bizi diren animalia txikiak (baina ez halabeharrez mikroskopikoak) iragaziz elikatzen dira biak.

1. irudia: Rhincodon typus espezieko marrazo balea Georgiako akuarioan. (Argazkia: esAcademic)

Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak, flamenkoak (Phoenicopterus generokoak) esaterako. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazi egiten dituzte eta, iragazteaz gain, jateko onak direnak hautatu egiten dituzte eta baliorik gabeko jalkin-partikulak baztertu.

2. irudia: Flamenkoak uretan zein lurrean bizi daitezkeen hegaztiak dira eta krustazeoz eta algaz elikatzen dira.

Iragazle handienak, bestalde, baleak dira, munduko animalia handienak hain zuzen ere. Euphasiacea ordenako kideak diren “krill” izeneko krustazeo txikiak jaten dituzte baleek; izkirak dira, 3-5 cm-ko luzerakoak. Ozeano Antartikoan 500 milioi tona krill daudela kalkulatu izan da. Multzotan egoten dira eta multzo bakoitzak bi milioi tona izan ditzake. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du.

3. irudia: Krill (Meganyctiphanes norvegica) (Argazkia: Øystein Paulsen – Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janari ugaria baitago udaberrian eta udaren hasieran. Poloen inguru horietan hiru bat hilabete egin eta jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Gantz horren funtzioa bikoitza da, gainera: batetik, larruazalaren azpian gordetzen dutenez, isolatzaile termiko aparta da, eta hori oso ondo datorkie ur hotz horietan bizi ahal izateko, eta, bestetik, ugaltze-sasoian balearen energia-iturri nagusia bilakatzen da koipe edo gantz hori. Udaren amaieran migratzen dute berriro, eta alde tropikal edo azpitropikaletara abiatzen dira, ugaltzera. Ugaltze-sasoian kasik ez dute jaten, baina larru azpiko lipido-geruza ur epeletan behar ez dutenez, energia sortzeko erabiltzen dute.

Azkenean, ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia, bai itsas hotzetan bizi diren bitartean bai eta, geroago, ugaltze-sasoia heltzen denean ere.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Iragazle erraldoiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lurpetik erauzitako altxor ikusezina

mer, 2017/05/03 - 09:00
Juanma Gallego Historiaurreko material genetikoa sedimentuetan bertan eskuratzea lortu dute aurrenekoz, bestelako hezur edo material organikoren beharrik izan gabe. Giza eboluzioaren eremuan eta, oro har, iraganaren ezagutzan iraultza ekar dezake teknika berriaren garapenak.

Lanean ari direnean, arkeologoek lurra mugitu eta bertan arrastoak bilatzen dituzte. Ohikoa da, beraz, horiek buru-belarri lanean ikustea, objektuak bilatzen eta lurra edo hondarra alboratzen. Paleontologoek, berriz, arreta gehiago jartzen dute material horietan, batez ere mikrougaztunen hezurrak bilatzen ari direnean. Besteak beste, hezur puska ñimiñoek estratu zehatz horri dagozkion animaliak zeintzuk ziren jakiteko aukera ematen diete, eta iraganeko klimak berreraikitzeko bereziki baliagarria da informazio hori. Halere, horiek ere normalean baheak erabiltzen dituzte hezurtxoak eskuratzeko, eta soberan dagoen hondarra alboratzen dute.

Hemendik aurrera, ordea, gauzak alda daitezke. Izan ere, azken urteotan maiz gertatu izan den bezala, genetika berriro ere bete-betean sartu da aztarnategietan. Aspaldian bizi izan ziren gizaki eta animalien antzinako DNA berreskuratzeak benetako iraultza ekarri du, gure arbasoen inguruko informazio mordoa emanez. Denborarekin, teknikak asko findu dira, eta, horri esker, inoiz ez bezalako leihoa irekita dago iraganari. Zaila dirudi irudikatzea leiho hori are zabalagoa izan daitekeenik. Baina hala dela dirudi.

Nazioarteko zientzialari talde batek Science aldizkarian ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Orain arte, ordea, hezurretan baino ezin zen antzinako DNA eskuratu. Aurrerapausoa, beraz, nabarmena da.

1. irudia: Asturiasen (Espainia) dagoen El Sidrongo haitzuloan ere ikerketa honetarako laginak hartu dituzte. (Argazkia: Joan Costa/CSIC)

Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena (52 lagin) Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute.

Denisovako gizakia

Errusiako haitzulo hori bereziki garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Orduan egin ziren analisi genetikoek erakutsi zutenez, giza espezie berri hori gertuago zegoen neandertalekiko gizaki modernoekiko baino.

Haitzuloan neandertalen zein denisovanoen gizakien hezurrak topatuak dira, eta horien arabera abiatu dira orain arteko ikerketak. Teknika berri honi esker, baina, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute.

Max Planck Institutuan lan egiten duen Matthias Meyer antropologoak zuzendu du ikerketa. Azken urteotan paleogenetikaren arloan egin diren nazioarteko beste ikerketa askotan bezala, Carles Lalueza Fox eta Svante Paabo genetistek parte hartu dute azken lan honetan ere.

Berreskuratutakoa DNA mitokondriala izan dela nabarmendu beharra dago. DNA gehiena zeluletako nukleotan dago, baina zati txiki bat mitokondrietan dago ere. Hau bereziki garrantzitsua da espezien eboluzioa jarraitzeko, DNA mota hori aldagarriagoa baita, eta, gainera, ama leinuaren bitartez baino ez baita transmititzen (obuluetan espermatozoideen nukleoa baino ez da sartzen, eta aitaren DNA mitokondriala, beraz, ez da lagatzen). Gainera, genetistek badakite kalkulatzen gutxi gorabehera DNA mitokondrialean izaten den mutazioek denboran zehar zenbatean behin ematen diren. Horren arabera, leinu bakoitza noiz sortu zen jakin dezakete.

2. irudia. Denisovako koban (Errusia) topatutako laginei esker, 2010ean Denisovako gizakia deskribatu zen (Argazkia: Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutua)

Halere, DNA nuklearrak askoz informazio gehiago ematen du, eta zientzialariek gustura jasoko lukete hori ere. Etorkizunean teknikak genoma nuklearrak berreskuratzeko bidea irekiko duela espero dute ikertzaileek. Hori lortzea, ordea, ez da erraza izango, zeluletan mitokondria asko daudelako baina nukleo bakarra.

Elikaduraren erakusle

Gizakiez gain, animalien arrasto genetiko ugari ere atzeman dituzte haitzuloetan. “Megafaunaren DNAk iraganeko hominidoek zuten elikaduraren inguruko informazioa eman dezake”, azaldu du Carles Lalueza-Foxek, Bartzelonako Eboluzioaren Institutuko ikertzailea, CSICek zabaldutako ohar batean. “Berreskuratutako DNAren jatorria bertan egindako kakak edo kobazuloetan deskonposatu ziren gorpuak izan direla uste dugu”.

El Sidrongo haitzuloan izan ezik, gainerako aztarnategietan beste ugaztunen DNA mitokondrialaren arrastoak topatu dira. Guztira, 12 familia ezberdin bereizi dituzte: besteak beste, mamut iletsua (Mammuthus primigenius), errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis), leizetako hiena (Crocuta crocuta spelaea) eta leizetako hartza (Ursus ingressus) identifikatzeko gai izan dira. Horrez gain, ekidoak, bobidoak, zerbidoak eta kanidoak ere topatu dituzte.

Ikertzaileak gai izan dira bereizteko antzinako DNA eta DNA modernoa, antzinakoak degradazio marka zehatzak dituelako. Horrek asko erraztuko du material genetikoa bereiztea jantzi berezirik gabe egiten diren indusketetan (CSI moduko telesailetako buzo zuri horiek), eta orain arte arkeologoek nahigabean egiten duten “kutsadura” genetikoaren arazoari irtenbidea eman diezaioke.

Aurrera begira irekitzen diren ateak ere zabalak dira. Batetik, beste ugaztunen inguruko informazioa eskuratzeko bidea emango du teknika honek. Bestetik, bereziki zenbait aztarnategitan, berrazterketak abiatzeko aukera izango da. Hau bereziki garrantzitsua izango da zalantzagarriak diren aztarnategien kasuan. Duela gutxi, adibidez, izugarrizko polemika egon da Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek esan dutenean San Diegoko (Kalifornia, AEB) Cerutti Mastodon aztarnategian duela 130.000 urteko giza jardueraren arrastoak topatu dituztela. Arazoa da giza aztarna fisikorik ez dagoela inguruetan, eta harrien erabileran eta hezurrak apurtu ziren eran sustatu behar izan dute aurkikuntza. Teknika berriarekin, ordea, posible izango litzateke argitzea bertan gizakiak izan ote diren eta, era berdinean, gizaki horiek zein espeziekoak ziren argitu liteke ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

V. Slon et al., Neandertal and Denisovan DNA from Pleistocene sediments. Science. DOI: 10.1126/science.aam9695

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Lurpetik erauzitako altxor ikusezina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nukleo eta mantuaren arteko muga: ilun zegoena argitzean…

mar, 2017/05/02 - 09:00
Arturo Apraiz Nukleo eta mantuaren arteko muga (CMB; Core-Mantle Boundary) gure planetaren barnean dagoen mugarik nabarmenena da. Izan ere, mugaren alde batera eta bestera dauden konposizio-aldaketak eta materialen propietate fisikoak askoz desberdinagoak dira, Lur solidoaren eta atmosferaren edo hidrosferaren artean daudenak baino. Muga honetan zehar gertatzen den bero-fluxuak eragin handia du kanpo-nukleoaren dinamikan zein mantuko konbekzioan. Bertan sortzen dira plaken dinamika, superkontinenteen apurketa eta bereizketa, basalto-plataformak eta, ondorioz, klima-aldaketa orokorrak zein suntsipen biologikoak eragin ditzaketen luma gorakorrak. Nahiz eta jakin bertan, Lurraren bilakaeran eragina duten prozesuak gerta daitezkeela, azken urteetara arte ingurune iluna izan da, eta oso urriak izan dira Lurraren barneko eremu horren inguruko datuak. Azken urteetan ordea, tomografia sismikoaren garapenari esker, baieztatu ahal izan da hiru dimentsioko egitura ugari daudela bertan, eskala askotarikoak, milaka kilometrotik hamarnaka kilometrora. Ondoren, orain arte mantuaren beheko aldean bereizi diren egitura onartuenak aipatuko dira, bakoitzaren ezaugarri nagusiekin batera (2. eta 3. irudia).

1. irudia: Lurraren barruko egitura.

Ozeano Pazifikoaren eta Afrikaren azpitik, behe-mantuan kokatutako eskala handiko bi eremu daude, 15.000 km-ko zabalerarekin eta CMBtik gora, 500-1000 km-ko garaierarekin. Bertan, normalak baino txikiagoak diren abiadura-sismikoak antzeman dira. Gaur egun, eremu hauei “abiadura-sismiko txikiko lurralde handiak” izena ematen zaie (LLSVP; Large Low Seismic Velocity Provinces). Hasiera batean, iradoki zen agian tenperatura altuagoko eta ondorioz, dentsitate baxuagoko eremuak izan litezkeela (superlumak), baina muga zorrotzak dituzte inguruko materialekin eta P- eta S-uhinen abiadura-aldaketen azterketa zehatzek, erakutsi dute inguruko arrokak baino dentsitate handiagoa dutela. Beraz, baieztatu da konposizioan ere nolabaiteko desberdintasuna izan behar dutela. Oraingoz, konposizio-desberdintasunak azaltzeko bi aukera baino ez dira iradokitzen.

Alde batetik, Fe-n aberastuta egoteak azalduko luke abiadura-sismikoen moteltzea eta dentsitatearen gehikuntza, eta beraz baliteke, aldaketa kimikoa nukleo eta mantuaren arteko elkartrukearen ondorioa izatea edo Lurraren hastapenetan mantuaren diferentziazio-prozesuan garatutako konposizio desberdineko eremua izatea. Bestetik, espero da hondoratutako ozeano-lurrazala inguruko materiala baino dentsoagoa izatea behe-mantuko baldintzetan. Beraz, aldaketa kimikoen eragile ere izan liteke.

LLSVPei buruzko hipotesi hedatuenetakoak dio badaudela arrazoiak subdukzio-eremuekin lotutako konbekzio-korronte beherakorrek albo batera desplazatutako eremuak direla pentsatzeko, konbekzio-korronte gorakorreko inguruneekin lotura eginez: lehenik, konposizio propioa dute, bigarrenik, inguruko mantua baino dentsoago dira eta hirugarrenik, flotazio neutroa edo motelki negatiboa dute.

Horrela, azal daiteke luma gorakor ugari LLSVPen mugetan sustraituta egotea eta, era berean, konposizio desberdineko bi eremuen arteko nahasketaren ondorio izan daitezke puntu beroetako arroka bolkanikoek erakusten dituzten ezaugarri isotopiko bereziak. LLSVPak eragin nabarmena dute mantuaren dinamikan eta luma gorakorren sorreran.

2. irudia: Behe-mantuaren beheko aldean bereizi diren hiru dimentsioko egitura nagusien irudi eskematikoa. (Rost, 2013)

CMBtik 100-200 km gora sarritan sumatzen da uhin-sismikoen abiaduraren bat-bateko igoera eta azalera islatzaile bat ere agertzen da; azken hori, mantuaren barneko beste etenune sismikotzat hartu da. Etenunea etena eta uhinkaria da, eta D’’ eremua bezala identifikatuta zuten geofisikoek aspalditik. Petrologia esperimentaleko ikerketak aurrera eramatea oso zaila izan da, muturreko baldintzengatik: muturreko presioa (atmosferako presioa baino 1,3 milioi aldiz handiagoa) eta tenperatura (2.500 K-tik gorakoa). Hala eta guztiz ere, 2004. urtean, baldintza horiek laborategian lortu zirenean, egiaztatu zen behe mantuko mineral nagusiak (perovskita) egitura-aldaketa bat jasaten duela, eta post-perovskita[1] izeneko egitura minerala garatzen duela. Geroztik egindako ikerketetan guztiz egiaztatu da post-perovskitak tenperaturarekiko menpekotasun handia duela, eta zenbat eta tenperatura handiagoa izan presio handiagoa (edo sakonera handiagoa) behar duela garatzeko. Horrela, erraz detektatzen da subdukzio-eremuetan hondoratutako ezpalak pilatzen diren eremu hotzetan (D’’ erreflektorea), baina ez da garatzen nukleo eta mantuaren arteko ingurune beroenetan (LLSVP). Tenperaturaren menpekotasunak eragiten du D’’ azaleraren geometria uhinkaria eta etena.

Nukleo eta mantuaren arteko mugaren gainean 5-40 km lodi eta 100 km zabal diren txatal isolatuak identifikatu dira, uhin sismikoen abiadura izugarri moteltzen delako (2. eta 3. irudia). Txatal horiei “abiadura sismiko ultratxikiko eremua” izena eman zaie (ULVZ; Ultra-Low Velocity Zones). P-uhinak %10-raino eta S-uhinak %30-raino motel daitezke, baina behemantu guztian zehar lortzen diren abiadura-aldaketak %1-2 tartekoak baino ez dira. Abiadura sismikoen moteltze nabarmenak eta S-uhinen abiadura-moteltzea P-uhinena baino askoz ere nabarmenagoa izateak, iradokitzen dute txatal hauek fusio partzialaren ondorio direla. Nukleo eta mantuaren arteko muga konposizionalki homogeneoa balitz, fusio partzialaren ondorio diren ULVZak CMB guztian zehar agertuko lirateke, muga hori isotermikoa baita. Baina ULVZak txataletan sakabanatuta ageri dira, eta konposizio kimikoaren aldetik ere desberdinak izan behar dutela pentsatu behar dugu. ULVZko txatalak LLSVPetako ertzetan pilatuta agertzeko joera dute eta uste da mantuko sakonera berean dauden beste materialak baino %10 dentsoagoak direla bertako materialak. Izan ere, ez dute konbekzio-korronte gorakorrekin batera mantuan gora egiten. Lurraren azaleko puntu-beroak (hot spot) LLSVP ertzen gainetik kokatuta daude, hain zuzen ULVZak kokatzen diren eremuen gainetik, eta horrek agerian uzten du luma gorakor eta ULVZen arteko harreman zuzena. Beraz, baliteke ULVZk eragin zuzena izana probintzia igneo erraldoien sorreran edo superkontinenteen apurketan.

3. irudia: Ozeano-lurrazaleko ezpal hotz eta dentsoak mantuan behera hondoratzen dira eta material beroko lumek gora egiten dute. Behe-mantuan, gorriz nabarmendu dira abiadura sismiko txikiko lurralde handiak (LLSVP). Post-perovskita mineral-egituraren sorrera lerro grisez adierazita azaltzen dira. Nukleo eta mantuaren arteko mugatik gertu, aldiz, ezaugarri desberdinak dituzten ULVZ eremuak (laranja) eta LVZ eremuak (marroia) bereizi dira. (Rost, 2013)

Berriki, Ipar-Amerikako sismografo-sare osatua erabiliz Ipar-Amerika azpiko CMBko azterketa sismiko zehatza egin da eta beste egitura mota bat identifikatu ahal izan da (Sun et al., 2012).

CMBren gainetik hainbat gandor irudikatu dira, oraingoz abiadura baxuko eremu gisa identifikatzen direnak (LVZ; Low Velocity Zone), lodiera aldakorrekoak eta 100 km bitarteko altueraraino luzatzen direnak (3. irudia). Gandorretan uhin sismikoen abiadura moteldu egiten da, baina ez ULVZtan bezain beste; P-uhinen abiadura %5 moteltzen da eta S-uhinena %8. Era berean, kalkulatu da dentsitatea inguruko mantuko arrokena baino %1.5-2 handiagokoa dela. Datu hauek dituztela, ikertzaileek iradoki dute agian LVZ eremuak burdina kopuru altuago baten ondorio direla, nukleo eta mantuaren arteko material trukaketaren eraginez. Lortutako datuek iradokitzen dute Ipar-Amerikaren azpiko nukleo eta mantuaren arteko muga konposizio kimikoaren aldetik oso heterogeneoa dela.

Sismologoek gero eta eskala txikiagoko egiturak identifikatzen ari dira, 10 km ingurukoak ere; hala ere, oso zaila da fusio partzialeko eremuekin, konposizio desberdineko eremuekin edo beste zerbaitekin lotura zuzena egitea. Zehaztapen handiagoko azterketak behar dira egitura txikien ezaugarriak identifikatu eta beraien jatorriari buruz hipotesiak plazaratu ahal izateko.

Etorkizunean, gero eta konpaktuagoa izango da sismografo-sarea, batez ere eremu ozeanikoetan tresna gehiago kokatzen ari direlako. Gainera, konputagailuen ahalmenak gero eta handiagoak direnez, etorkizun hurbilean oso zehaztapen handiko irudiak lortu ahal izango dira CMBan.

Oharrak:

[1] Post-perovoskita (pPv): MgSiO3 magnesio silikatoaren presio altuko fasea.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Rost, S. (2013): Core-mantle boundary landscapes. Nature Geoscience, 6: 89-90.
  • Sun D, Helmberger DV, Jackson JM, Clayton RW, Bower DJ. Rolling hills on the core-mantle boundary Earth and Planetary Science Letters. 361: 333-342.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Nukleo eta mantuaren arteko muga: ilun zegoena argitzean… appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages