Cecilia Payne-Gaposchkin (1900-1979): Unibertsoa argitu zuen izarrik dirdiratsuena

1. irudia: Cecilia Helena Payne Gaposchkin (1900-1979).
XX. mendearen hasieran, komunitate zientifikoak uste zuen oraindik izar baten konposizioa Lurra planetarena bezalakoa zela. Pentsamendu ilun horretatik atera zituen Ceciliak. Izan ere, 1925ean amaitu zuen astronomia alorrean egindako bere tesia: Stellar Atmospheres; a Contribution to the Observational Study of High Temperature in the Reversing Layers of Stars, non izarren izaera zehaztu zuen. Bertan frogatu zuen hidrogenoa zela horien oinarrizko osagaia. Konposaketa kimiko horretan, helioa ere zegoela zehaztu zuen baina azken hori kantitate txikiago batean. Iraultza ekarri zuen tesi horrek.
Ondorio horretara iristeko, Meghnad Saha fisikariak garatutako ionizazioaren teoria aplikatu zuen. Horri esker, erlazionatu zituen izarren espektro mota –Harvardeko espektro sailkapena– euren tenperatura absolutuekin. Otto Struve eta Velta Zeberg astronomoek lan horren gainean esan zuten “historian egindako astronomia tesirik onena” izan zela.
Alabaina, kontrako iritziak jaso zituen ere, Henry Norris Russell astronomoa kasu. Berak uste zuen Lurraren konposizioaren antza zuela izarrak eta lortu zuen Cecilia bera limurtzea: idatzitako tesian teoria horri uko egitea eskatu zion. Ceciliak aurkikuntza erraldoi hori azaldu bazuen ere, Russellek esandakoari men egin zion eta testuan garatutako teoria hori okerra zela adierazi zuen. Urte batzuen buruan eta esperimentu ugari egin ostean, Russell berak iritziz aldatu zuen eta Ceciliak esandakoaren alde agertu zen ondoren publikatu zituen lanetan.
Titulurik gabeko astroaCecilia Payne-Gaposchkin Ingalaterran jaio zen. Oso ikasle ona izan zen, emaitza bikainak lortu zituen. Hala, 1919an beka bat lortu zuen Newnhan Eskolan ikasteko –Cambridge Unibertsitateko erakundea–. Botanika, fisika eta kimika alorrak jorratu zituen bertan eta laster konturatu zen astronomia ere gustuko zuela. Ikasketak amaitu zituen baina ez zioten titulurik eman emakumea zelako –Cambridge Unibertsitateak emakumeak onartzen zituzten ikasle gisa baina ikasturtea amaitzean ez zieten titulu ofizialik ematen. 1948. urtean aldatu zuten hori–. Horren kariaz, AEBetara alde egin zuen: 1923an beste beka bat lortu zuen Hardvardeko behatokian lan egiteko.
Bertan, izarren argitasuna izan zuen ikergai. Ez zuen lortu, baina, kargu ofizialik. Bere soldata oso baxua zen, gainera. 1927tik 1938ra arte lan egin zuen unibertsitatean eta 1938an lortu zuen astronomoa zela baieztatzen zuen titulua. Horren ondotik, jendearen esker ona irabazi zuen. 1943an American Academy Of Arts and Sciencesen kide izateko hautatu zuten. 1956. urtean, lehenengo irakasle elkartua izan zen Harvarden. Hezkuntza alorrean, 1966an hartu zuen erretiroa eta ondoren, Smithsonian Astrophysical Behatokian hasi zen lanean. Sariei dagokienez, Henry Norris Russell Saria eman zion Ameriketako Estatu Batuetako Astronomia Elkarteak eta 2039 Asteroideari Payne-Gaposchkinen izena jarri zioten.
Astronomiaz gain, emakumeen diskriminazioaren aurka borrokatu zuen Ceciliak; inspirazio-iturri bilakatu zen ondoren etorri ziren milaka emakume zientzialarientzat. Russell Saria irabazi zuenean, honakoa bota zuen: “Zientzialari gaztearen ordainsaria da urduritasuna eta zirrara sentitzea zerbait berria ikusten edo ulertzen duzunean eta historian hori egiten lehena zarenean. Esperientzia hori paregabea da… Zientzialari zaharraren ordainsaria, aldiz, zirriborro bat paisaia magistral batean nola bilakatzen den ikustea da”.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Cecilia Payne-Gaposchkin (1900-1979): Unibertsoa argitu zuen izarrik dirdiratsuena appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2017ko udarako: erantzunak
Mikelek eta @amorroik erantzun zuzen bana lortu zuten. Hona erantzun osoa:
Zenbakia abcd bada,
(1000a+100b+10c+d)+(a+b+c+d)=2017
eskatzen ari gara. Bistan da a=1 eta b=9, edo a=2 eta b=0 beharrezkoak direla.
- a=1 eta b=9 hartuta, 1001+909+11c+2d=2017 dugu, hau da, 11c+2d=107. Honek c=9 eta d=4 soluzioa ematen du, hots, 1994.
- a=2 eta b=0 hartuta, 2002+11c+2d=2017 dugu, hau da, 11c+2d=15. Hemendik, c=1 eta d=2 ateratzen da, hots, 2012.
Zifren batura kenduz gero, ez dago soluziorik:
(1000a+100b+10c+d)-(a+b+c+d)=2017
behar dugu orain. Hori lortzeko, a=2 eta b=0 beharko dugu. Orduan, 1998+2c=2017 lortu behar da, eta hori ezinezkoa da.
———————————-
Lau erantzun zuzen izan ditu ariketak: Amorroik, Andonik, Manexek eta Koldok emandakoak.
Lehen jaurtialdi biek 1-2 eta 3-8 edo 1-8 eta 3-2 aukerak bakarrik uzten dituzte. Hirugarrenak erakusten du 3-2 ezinezkoa dela. Beraz, 1-2 eta 3-8 fitxak ditugu. Era berean, 5-6 eta 4-7 dira beste fitxak. Baturarik handiena 2+6+7+8=23 da.
———————————-
Erantzun zuzenaz gain, aholkua ere eskaini zion Koldok Anartzi.
Seigarren partidatik bederatzigarrenera 17 puntukoa da Anartzen batezbestekoa. Lehen bost partidetakoa 17 baino txikiagoa izan behar denez, gehienez 84 puntu egin ditu Anartzek bost partida horietan denetara. Hamar partidatan 180 puntu egin dituenez, azken partidan gutxienez 28 puntu sartu ditu.
———————————-
Honetan ere fin ibili zen Koldo. Hona azalpena:
Pitagorasen teorema erabiliz,
Izainak

———————————————————————————————————–
Aurreko atalean ikusi ditugun zimitz musukatzaileak ez dira erabilgarri suertatu diren animalia hematofago bakarrak. Zimitz horiek baino askoz gehiago erabili izan dira eta erabiltzen ari dira izainak; odolusteak egiteko erabiltzen dira, hain zuzen ere. Haatik, izain guztiak ez dira odolaz elikatzen. Badira harrapariak direnak, eseri-eta-itxaron motakoak batzuk, eta ehiztari arruntak besteak. Baina egia da gehienak odolaz elikatzen direla: hematofago ektoparasitoak dira.
1. irudia: Izaina odola zurrupatzen.
Hirudo medicinalis dugu izainen artean Europan ezagunena; odolusteak egiteko aspalditik erabili izan da. Duela 2.500 urte Egipton hasi ziren erabiltzen, greziarrek segitu zuten gero, eta ondoren, duela gutxi arte erabili izan dira helburu horrekin. Oinarri zientifiko zuzenik gabeko jardunbidea zen, Hipocrates-en lau humoreen teorian sustraitua. Hori dela eta, XIX. mendeaz geroztik gero eta gutxiago erabili izan da Hirudo helburu horrekin.
Hala ere, azken hogei urteotatik hona berreskuratu egin da odolustearekin jardutea, nahiz helburu eta arrazoi desberdinengatik izan. Antza denez, mikrokirurgiarako lagungarri gertatzen dira izainak. Hirudok bizkarroiari koska egiten dionean bi eratako gaiak erabiltzen ditu zurrupatze-lana errazteko; bata analgesikoa, eta antikoagulatzailea bestea; “hirudina” izena eman diote antikoagulatzaileari. Analgesikoari esker, bizkarroia ez da koskaz ohartzen eta ez du aurkako neurririk hartzen; antikoagulatzaileari esker, odola errazago iragaten da izainaren digestio-sistemara.
Bada, antikoagulatzailea da mikrokirurgian laguntza ematen duena. Izan ere, izainak ez du bere lan kirurgikoa egiten odola zurrupatu artean, zurrupatutakoan baizik. Bukatzen duenean zauritxo bat uzten du; “hirudina” delakoaren eraginari esker, zauritxoa ez da orbaintzen eta odoluste txiki baina etengabea sortzen du. Horixe da zirujauek bilatzen dutena. Askotan, ebakuntza baten ostean zain-odola pilatzen da ebakitako ehunetan [1], eta ehuna kaltetuta gera daiteke horren ondorioz. Esan bezala, izainek sorturiko odoluste txikien bitartez saihestu daiteke kalte hori. Betazal, atzamar eta belarrien ebakuntzetan erabiltzen dira izainak, bai eta estetika-ebakuntza batzuetan ere. Dena den, izainek alergia-erreakzioak eta infekzioak sor ditzaketenez, heparinaz hornituriko “izain mekanikoak” fabrikatu nahi dituzte egiazko izainik erabili behar ez izateko.

2. irudia: Kirurgia modernoan baliatzen dira izainak.
Izainen erabilgarritasun ezohiko baten berri izan dugu duela gutxi. 2009ko urriaren 19ko “The Ottawa Citizen” Kanadako egunkarian irakurri dugu lapurreta bat gertatu zen tokian aurkituriko izain batean zegoen odolaren DNAren azterketari esker jakin ahal izan zuela poliziak lapurraren nortasuna. Lapurreta, Australiako Tasmanian gertatu zen 2001ean. Bi lagunek 71 urteko andre bati 500$ lapurtu zioten haren basoko etxean. Dirudienez, lapurretaren tokia miatzerakoan, izain bat aurkitu zuen poliziak eta izainaren odola erauzi eta analizatu egin zuten. Zazpi urte geroago, droga-delitu batean ustez inplikaturik zegoen gizon bat atxilotu zuten, eta haren odolaren DNA-azterketa egin zutenean lagin zaharraren DNA bera zela ikusi zuten. Zer pentsatuko zuen lapurrak? Konturatuko ote zen izainaren koskaz lapurretaren egunean?
Eta begira izainen zer beste erabilera bitxia egin daitekeen: gure aitonak (JIPI) frontoian pilotan jokatu ondoren izainak jartzen zituen eskuen larruazalaren gainean, odola zurrupatu zezaten eta puztuta zeuden eskuak bere onera itzul zitezen. Harrigarria? Baliteke, baina mikrokirurgian ematen zaien erabilera bera ematen zien hark izainei.
Izeba zaharrak, bestalde, izainak gordetzen zituen kristalezko ontzi batean. Hirudo medicinalis espeziekoak ziren izainok, oso ederrak. Marroi-berdexkak ziren eta marra gorri ikusgarri bat zuten goialdean. Izeba zaharrak baraurik zituen ontzian, handik ez baitzituen ezertarako ateratzen; elikatzeko ere ez, noski. Nonbait irakurri dugu izain horiek urtebete iraun dezaketela baraurik, baina izeba zaharrak behin esan zigunez, bere izainek bi urte zeramaten etxean, bilobek errekatik ekarri zituztenetik.
Izainak denbora luze egon daitezke jan gabe, haien fisiologia horretara oso ondo moldatua dago eta. Aipatzekoa da duen bolumenaren halako hamar izan daitekeela izain batek ostalariari zurrupatzen dion odola. Denbora luze jan gabe egoteko moduko janari-neurria da, zalantzarik ez dago; gainera, bere ehunak ere birxurga ditzake behar izanez gero. Izan ere, zentzu handikoa da ahalmen hori izainengan, bizkarroi bat utzi eta hurrengoa aurkitu arte denbora luzea igarotzea gerta baitaiteke. Azken batean, ur-masa jakin batetik hurrengo zaldia, behia edo Humphrey Bogart [2], esaterako, noiz pasatuko den jakiterik ez dago, eta oso tarte luzea izan daiteke igaroko dena.
Oharrak:
[1] Zain-hutsegitea deitzen zaio horri.
[2] Gazteek seguru asko ez dute ikusi “Afrikako Erregina” filma. Film horren eszena batean, izainez beterik agertzen da protagonista, Humphrey Bogart, ontzi bat bultzatzeko uretan sartu ondoren.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Izainak appeared first on Zientzia Kaiera.
Barruko ahotsen jatorria identifikatu dute
“Bata bestearekin eztabaidan dauden ahots horiek direla eta, burua lehertzear daukat”. Horrela deskribatu zion John Nash matematikariak Arthur Mattuck bere lagun minari eskizofreniak eragindako egoera latza, A Beatiful Mind liburuan jasotzen denez. XX. mendeko matematikari jantzienetakoa izan zen Nash, baina, aldi berean, buruko osasun arazo larriak izan zituen. Hasiera batean kontrajarriak diruditen arlo horiek, gainera, estuki lotuta joan ziren Nashen kasuan. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak zirela eta, jenialtasuna eta eromena batera joan ziren. Bide beretik, zentzu literalean.
Behin galdetu zioten ea nola zitekeen guztiz arrazionala zen matematikari batek estralurtarren mezuak jasotzen ari zela sinestea. “Naturaz gaindiko izakien inguruan izaten nituen ideiak zein ideia matematikoak bide beretik etorri zitzaizkidalako”, erantzun zuen Nashek.

1. irudia: Barruko ahotsak entzuteaz gain, eskizofrenia dutenek irudipenak, pentsamendu nahasiak eta haluzinazioak nozitzen dituzte. (Argazkia: Lesly B. Juarez/Unsplash)
Gaixotasun latza da eskizofrenia, eta, momentuz, sendaketa bide ziurrik gabekoa. Elektroshockaren garai latzak atzean utzita, botika antsipsikotikoen bitartez tratatu ohi da, baina horiek ez dira beti erabilgarriak eta, zenbaitetan, kalte kognitiboak sortzen dituzte. Kalte horiek eragiten dituen mekanismo molekularra argitu berri dute duela gutxi.
Eskizofreniaren sintomak dira, besteak beste, irudipenak, pentsamendu nahasiak eta haluzinazioak. Baina ezagunetako bat da pazienteek ahotsak entzuten dituztela. Ahozko-entzutezko haluzinazioak deritze horiei (AVH, edo Auditory Verbal Hallucination). Eskizofrenia dutenen %70ek entzuten dituzte, era batean edo bestean, halako ahotsak. Halere, kasuistika izugarri zabala da. Batzuetan ahotsak kanpotik datozela ematen du, eta beste batzuetan pazientearen barrenetik. Izaerari dagokionez, “lagunkoiak” ala “erasokorrak” izan daitezke ahotsak. Paziente batzuek noizean behin entzuten dituzte; beste batzuek, aldiz, etengabean.
Estimulazio magnetikoaAurrenekoz, halako sentsazioa sortzen den garunaren leku zehatza topatu dute orain zientzialariek. Are gehiago, pultsu magnetikoak erabilita, hainbat pazientetako osasun egoera hobetzea lortu dutela diote. Hilaren hasieran Parisen izandako kongresu batean aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak. Artikulua Schizoophenia Bulletin aldizkarian onartu dutela ezagutarazi dute, baina argitaratze data oraindik zehazteko dago.
Garunaren estimulazio magnetikoa erabili dute, aurretik ere uste baitzen frekuentzia handiko pultsuak lagungarriak izan zitezkeela paziente horien egoera hobetzeko. Psikiatriari lotutako beste zenbait esperientziatan, bederen, erabilgarria izan omen da teknika hori; baina, ikertzaileen esanetan, ahotsak pairatzen dituztenen gaixotasuna tratatzeko bidean esperimentu gutxi egin dira orain arte.

2. irudia: Erresonantzia magnetikoa egin diete gaixoei, tratamendua ematen zieten unean garunaren poertaera jasotzeko (Irudia: Caengo Unibertsitatea)
Esperimentuan 59 lagunek parte hartu dute. Horietatik, 26k tratamendua jaso dute, eta gainerako 33 kontrol talde modura erabili dituzte ikertzaileek: hauek plazeboa baino ez dute jaso. Guztira lau saio izan dituzte, bi egunetan zehar. Saio horietan, 20 hertzeko pultsu magnetikoak ezarri dizkiete. Pultsu horiek lengoaiari lotu ohi den lobulu tenporaleko eremu zehatz batera zuzendu dituzte, garunaren ezkerraldean kokatutako alboko arrakalara, hain zuzen.
Esperimentua egin ondoren, gaixotasuna ikertzeko erabili ohi den protokolo estandarra baliatu dute, Entzutezko Haluzinazioak Puntuatzeko Eskala izenekoa. Bi aste eta gero, pazienteei galdetegia egin diete berriro. Zientzialariek ondorioztatu dute tratamendua jaso dutenen %34,6k hobekuntza “nabarmena” izan dutela. Plazeboa jaso dutenengan ere nabaritu dute hobekuntza, baina, kasu horretan, soilik %9,1 izan dira. Hobekuntza nabarmena izatea izan duten ala ez zehazteko irizpidea haluzinazioak %30 baino gehiago txikitzea izan da.
Esperimentutik bi ondorio nagusi atera ditu Caengo Unibertsitateko (Frantzia) ikertzaile Sonia Dollfusek, prentsa ohar batean zabaldutakoaren arabera. “Batetik, eta nolabaiteko ziurtasunez, orain esan dezakegu ahozko entzutezko haluzinazioei lotutako eremu anatomiko zehatza topatu dugula. Bestetik, erakutsi dugu frekuentzia altuko pultsu magnetikoak erabiltzeak gaixo batzuei bederen hobekuntza dakarkiela. Halere, bide luzea dago aurretik jakiteko epe luzera pultsu magnetikoen erabilera biderik egokiena ote diren”.
Bidea ireki badute ere, oraindik goiz da teknika honen etorkizuna irudikatzeko. Mannheimeko Osasun Mentalako Institutu Zentraleko ikertzaile Andreas Meyer-Lindenbergen iritzia bildu dute aurrerapenaren berri emateko zabaldu duten prentsa ohar berean: “Teknika honen arrakasta maila xumea bada ere, ongietorria eman behar zaio terapien multzora, bereziki botiken aurrean hobekuntzarik ez duten gaixoen kasuan”.
Ikusteko dago, beraz, esperimentu hau berresten duten ikerketa gehiago helduko ote diren. Dena dela, ikerketa honetan bezala, asko dira pultsu magnetikoaren bidea jorratzen ari diren neurozientzialariak, eta, horregatik, teknikak itxaropena piztu du.
Erreferentzia bibliografikoa:
Dollfus et al. Efficacy of high-frequency neuronavigated repetitive TMS in auditory verbal hallucinations: a double-blind controlled study in patients with schizophrenia. 30th annual ECNP Congress. P.3.d.044.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Barruko ahotsen jatorria identifikatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Ebaluazioak hobetu egiten du ikasketa prosezua

1. argazkia: Ebaluazioek eragin positiboa dute ikasketa prozesuan.
70. hamarkadaren erdialdean literaturaren berrikustapen batek agerian utzi zuen oroimenean gordetakoa berreskuratzeko jarduerak erraztu egiten duela jabekuntza prozesua bera (Bjork, 1975). Ordutik, maiz aztertu izan da ebaluazioaren eragina (“testing effect”), eta emaitzek ideia berberen alde egiten dute: beste ikasketa metodo ezagunagoek baino ondorio hobeak dakartza ebaluazioak, bai jabekuntzan, bai eta ikasitakoa ondorengo garaietan gogoratzeko jardueran. (Adesope et al., 2017; Bangert et al., 1991; Phelps, 2012; Roediger et al, 2006; Rohrer et al., 2010). Agian senak bestela esaten digu, baina ebaluazio bati aurre egitea onuragarriagoa da, ikasi beharrekoa behin eta berriz irakurtzea baino. Areago, emaitza hauek bere horretan jarraitzen dute baldintzak aldatzen direnean ere.
Roediger eta al.-ek berrikustapen kualitatiboa egin zuten 2006.ean, ebaluazioak ikasketan zuen eragina finkatu nahirik. Emaitzak konstante izan ziren, egiten ziren jarduerak egiten zirela ere: laborategiko jarduerak, estimulu-bikoteak, saio baten idazkera edo galderei erantzun anizkoitzen bidez aurre egitea bezalako zeregin errealak… Ez zuten eraginik ikasteko material motek (hitz zerrendak, testuak…) edo edukiek eta zailtasunak. Berdin zen, era berean, laborategietan edo ikasgeletan aritzea. Ikastetxeetako ikasketen metaanalisi bat egina zen aurretik, eta emaitza guztiak bat zetozen /Bangert et al., 1991). 2012.ean, Phelpsek berriz egin zuen berrikustapen bat. Kasu honetan, 1910-2010 tarteko lan kuantitatibo zein kualitatiboak aztertu ziren. Ondorio berberak lortu ziren hor ere.
Berriki, beste metaanalisi bat egin dute Adesope eta al.-ek (2017). Oraingo honetan, are zorrotzago jokatu da, duela gutxi egindako ikasketak aztertu direlako eta interpretazio osoagoa eta zehatzagoa bideratzen duten teknikak erabil direlako. Hori guztia dela eta, oso azpimarratzekoak dira ondorioak. Hasteko, ebaluazioak irakurketak baino ondorio arinki hobeak ematen ditu, eta ezer ez egiteak baino askoz ere hobeagoak. Bestetik, hauek dira onura handiena dakarten jarduerak: oroitze askea, oroitzea argibidea emanda, aukera anitzeko erantzunak eskaintzen dituzten galderak, eta erantzun laburreko galderak. Hori dela eta, irakasleak aukeratu behar du ikasketa mota jakin bati hobekien doitzen zaion metodoa. Horrela, aukera anitzeko galderak egokiagoak izan litezke erantzun laburreko gertaerak ikasteko, eta erantzun laburrekoak hobe izan litezke eduki abstraktu eta kontzeptualagoak helarazteko.
Gainera hobe da ebaluazioaren formatuak bat egiten badu errepasoen formatuarekin, eta bai jarduera mota desberdinak elkartzen badira bi kasuetan. Horrela bada, garbi dago jarduera desberdinak erabili behar direla eduki mota desberdinak ikasteko. Errepasoetan egindako feedbackek, bestalde, ez dute eraginik ebaluazioan eta, horrela, komenigarria da ebaluazioa egitea, bai eta errepasoetan feedbackik egiten ez denean ere. Ebaluazioaren eragina handiagoa da errepasoen eta bukaerako ebaluazioen arteko denbora-epea 1-6 egunekoa bada. Egun bakarretik behera, eragin txikiagoa sumatzen da. Ikasleen maila akademikoak ere ez du eraginik kontu honetan. Bitxia bada ere, hobe da ikasleek errepaso jarduera bakarra egitea, hainbat errepaso egitea baino. Beraz, denbora pixka bat erabiltzea nahiko da hobekuntzak lortzeko. Bukatzeko, saio guztiak bat datoz emaitza berberak ematean egoera artifizialetan zein benetako ikasgeletan.

2. irudia: Ebaluazioek oso ospe txarra dute, ez bakarrik mundu akademikoan.
Zer dela eta du ebaluazioak hain ospe txarra, ikasleek hainbeste goraipatzen duten berrirakurketaren aldean? Berrirakurketak “gauza ezaguna” delako susmoa eragin dezake testu batean eta susmo hori okerrekoa izan daiteke. Berez, erraz gerta daiteke ezaguna bilakatzea bai, baina ez ikastea (Bjork et al.. 2011). Ustezko ikasketa hori oso azalezkoa da eta etekin txikia ematen du epe luzerako (Roediger et al., 2006). Ebaluazioak, ordea, itxuraz zailtasun handiak eragiten ditu, baina ikasketa malguagoa eta iraunkorragoa bideratzen du. Zailtasun onuragarri horiek, Bjorken (1994) hitzetan, sustatu egiten dituzte kodetze eta berreskuratze prozesuak, eta horrela, hobeto ikasi, ulertu eta gogoratzen ditugu gauzak.
Egia da ebaluatua izatea ez dela atsegina, eta horretaz gain, badirela ebaluazioaren aurkako irizpideak. Batetik, maiz eginez gero, ebaluazioek estres eragin liezaieke ikasleei (Acaso, 2014). Gaia sakon aztertzen hasi nahi ez dugula ere, esan beharrekoa da ebaluazioa ez dagoela ezinbestez lotuta ez kalifikazio batekin, ez goi mailako ikasketetara iristeko proba batekin. Beste alde batetik, egia da ebaluazioa egin beharrak astia kentzen diela beste jarduerei, eta beste jarduera horiek egokiagoak izan litezkeela material didaktikoa era sormenezkoagoan erabiltzeko. Hala ere, Roedigerrek eta al.-ek azpimarratu dute ikasleek gaiak ondo bereganatu ez badituzte, nekez jokatuko dutela era kritikoan eta sormenezkoan. Gainera, ikasgelako errutina eten gabe gauzatu daiteke ebaluazioa.
Laburbilduz, agerian gelditu da epe luzerako ikasketan oso onuragarria izan daitekeela ebaluazioa. Onura, gainera, ez da adinaren edo ikasketa mailaren mende, ez eta gaiaren zailtasunaren mende ere. Horrela, ez dugu arrazoirik ikusten ebaluazioak kentzeko, edo ez duten ikastetxeek bere jardueretan ez sartzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
Acaso, M. (2014). Dopamina, empoderamiento y responsabilidad: sin cambiar la evaluación no cambiaremos la educación.
Adesope, O. O., Trevisan, D. A., & Sundararajan, N. (2017). Rethinking the Use of Tests: A Meta-Analysis of Practice Testing. Review of Educational Research, 87, 1-43.
Bangert-Drowns, R.L., Kulik, J.A., & Kulik, C.L.C. (1991). Effects of frequent classroom testing. Journal of Educational Research, 85, 89-99.
Bjork, R. A. (1975). Retrieval as a memory modifier. In R. Solso (Ed.), Information processing and cognition: The Loyola Symposium (pp. 123-144). Hillsdale, NJ: Erlbaum.
Bjork, R.A. (1994). Memory and metamemory considerations in the training of human beings. In J. Metcalfe & A. Shimamura (Eds.), Metacognition: Knowing about knowing (pp. 185-205). Cambridge, MA: MIT Press.
Bjork, E. J., & Bjork, R. (2011). Making things hard on yourself, but in a good way: Creating desirable difficulties to enhance learning. In M. A. Gernsbacher, R. W. Pew, L. M. Hough, & J. R. Pomerantz (Eds.), Psychology and the real world: Essays illustrating fundamental contributions to society (pp. 56-64). Washington, DC: FABBS Foundation.
Phelps, R. P. (2012). The effect of testing on student achievement, 1910–2010. International Journal of Testing, 12, 21–43.
Roediger, H.L., & Karpicke, J.D. (2006). The Power of Testing Memory: Basic Research and Implications for Educational Practice. Perspectives on Psychological Science, 1, 181-210.
Rohrer D., & Pashler, H. (2010). Recent research in human learning challenges conventional instructional strategies. Educational Research, 39, 406-412.
———————————————————————————-
Egileaz: Marta Ferrero psikopedagogoa da eta Psikologian doktorea. Egun, tesi osteko ikerkuntzan ari da, Deustuko Unibertsitateko Deusto Learning Lab izeneko taldean. Si tú supieras… blogaren egilea da.
———————————————————————————-
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Ebaluazioak hobetu egiten du ikasketa prosezua appeared first on Zientzia Kaiera.
Antipsikotiko hobeen bila
Eskizofreniaren aurka antipsikotiko atipikoak (tipikoak baino modernoagoak) etengabe hartzen dituzten eta, bereziki, dosi handietan hartzen dituzten eskizofreniadun pertsonetan narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismo zelularrak aurkitu dituzte.
Zelula ereduetan, eskizofrenia izan duten hildakoen burmuin ehunetan eta farmakoekin tratatuak izan diren genetikoki eraldatutako animalietan saiakuntzak egin dituzte eta anomalia sinaptikoak ikusi dira, alterazio kognitiboak sortzen dituztenak; besteak beste, zailtasunak laneko memorian eta objektu ezagunak eta berriak bereizteko gaitasunean.
Botika antipsikotikoek 5HT2A serotonina errezeptorearen blokeoa eragiten dute. Honek burmuineko hantura-bide garrantzitsua aktibatzen du eta baita plastizidade sinaptikoa (aktibitate kognitibo dinamikoa) gobernatzeaz arduratzen diren sinapsien morfologia eta funtzioa aldatu.
Objektu ezagun eta berrien artean bereizteko zailtasuna edota lan memorian zailtasunak bezalako aldaketa kognitiboak sortzen dituzten anomalia sinaptikoak detektatzeaz gain, ikerketak frogatu egin du defizit kognitibo hauek hainbat generen burmuin-espresioaren birmoldaketaren ondorio direla, DNAren espresioa geldiarazten duten HDAC2 proteinen aktibitatean aldaketek sortzen duten birmoldaketaren ondorio.
Botika hobeen bilaEskizofreniaren aurkako tratamenduekin lotutako arazo kognitiboak (arreta eutsirako arazoak, eginkizunak gauzatzeko buru zalutasun eza eta etorkizuneko eginkizunak planifikatzeko zailtasunak) eskizofrenia kronifikatzen lagun dezakete.
Farmako antipsikotiko atipikoek gaixoen lokomozio jarduerarekin lotutako arazoak desagerrarazten dituzte, baina arazo kognitiboak sortzeaz gain, obesitatea eta II motako diabetesa bezalako gaixotasun metabolikoak izateko arriskua sor lezakete, baita arrisku kardiobaskularra areagotu ere.
Desabantailak gorabehera, antipsikotiko atipikoekin tratamenduak ezin dira era goiztiarrean kendu, haluzinazioen eta delirioen berragerpena erraztu daitekeelako. Antipsikotiko atipikoen ondorio kaltegarriak ekiditea, tratamenduok duten eraginkortasunari eutsita da erronka.
Kalte kognitiboen sorrera eragiten duten mekanismoak inhibitu eta ondorio kaltegarriak blokeatzea lortuko duten beste farmako batzuen garapenean aurrerapenak egiteko bidea zabaldu du aurkikuntza honek, oraindik esperimentazio fasean badaude ere.
Erreferentzia bibliografikoa
Ibi D, de la Fuente Revenga M, Kezunovic N, Muguruza C, Saunders JM, Gaitonde SA, Moreno JL, Ijaz MK, Santosh V, Kozlenkov A, Holloway T, Seto J, García-Bea A, Kurita M, Mosley GE, Jiang Y, Christoffel DJ, Callado LF, Russo SJ, Dracheva S, López-Giménez JF, Ge Y, Escalante CR, Meana JJ, Akbarian S, Huntley GW, González-Maeso J.. Antipsychotic-induced Hdac2 transcription via NF-κB leads to synaptic and cognitive side effects. Nature Neuroscience. DOI: 10.1038/nn.4616.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Antipsikotikoek kalte kognitiboak sortzea eragiten duen burmuin mekanismoa identifikatu dute
The post Antipsikotiko hobeen bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Udan ere zientzia begi-bistan #167
Lüneburgeko Unibertsitatean egindako egonaldia kontatu du Nekane Castillok. Ingurumen zientziak hautatu zituen. Tesia egiteko gogoa sartu zitzaion eta halaxe egin zuen: Eusko Jaurlaritzako beka eskatu, eta horretan ari da orain, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio osagarria lortzea lurraldearen planifikazioa egokiagoa izan dadin. Nire taldeak azterketa biofisikoa egiten du, eta nik, berriz, balorazio ekonomikoa egiten dut, gizartearen lehentasunak eta desirak kontuan hartuta”. Tesian zailena aukeratutako arloa, hau da, ingurumen-ekonomikoa izan da.
MikrobiologiaHesteetako mikrobiota sabeleko minari lotuta egon daitekeela proposatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Paziente bakoitzaren makrobiota aztertzeko sekuentziazio genetiko masiboko teknikak baliatu dituzte. Zientzialariek dakitenez, hesteetako bakterioak hiru talde nagusitan banatzen dira. bakoitzean, Ruminococcaceae, Prevotella eta Bacteroides motako bakterioak dira. Ikerketa honetan ikusi dutenez, Prevotella enterotipoa urriagoa izatea izan daiteke gaitzaren atzen dagoen faktoreetako bat. Halere, ikertzaileek momentuz aldagai horien arteko korrelazioa baino ez dute iragarri, baina itxaropentsu daude: “Tratamendu baten bitartez, bakterioen orekan izandako aldaketa hauek berriro bere onera eramanez, sintoma horiek alda litezke”, esan du adituak.
FisikaSaguzarrek eta itsas ugaztun batzuek bezala, gizakiek ere ekolokazioa balia dezakete, inguruneari buruzko informazio espaziala jasotzeko. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri: Durham Unibertsitateko ikertzaileek ekolokazioa darabilten hiru pertsona itsu aztertu dituzte, eta fenomenoaren ezaugarri akustikoen eredu bat egin dute. Pertsona hauek zehazki ahoarekin kliskak egiten dituzte, eta, oihartzunari esker, informazio espaziala jasotzen dute. Ikerketa honetan, beraz, klisken ezaugarri fisikoen eredu matematiko bat egin dute.
FarmakologiaLehen aldiz merkaturako da leuzemia baten aurkako gene-terapia bat Estatu Batuetan. Novartis farmazia-konpainia dago horren atzean eta B zelulen leuzemia linfoblastiko akutua duten haur eta gazteei zuzenduta dago. Halere, albo-ondorioak larriak izan daitezkeela ohartarazi dute, beraz, ondorio horiek nola apaldu ikertzen ari dira orain.
ArkeologiaEuropako lehen ‘zibilizazioan’ emakumeek izan zuten rola aztertu dute Alemaniako ikerlari batzuek. Antzineko DNAren eta isotopoen analisiaren bitartez, Kristo aurreko hirugarren milurteko 84 hezurduren analisia egin dute. Bavariako (Alemania) Lech ibaiaren inguruan bilduta dauden zazpi aztarnategietan topatutako arrastoak baliatu dituzte. Duela 4500-3700 urteko tartean, boterearen transmisioan familiak zuen indarra egiaztatu dute eta horretaz gain, 22 lagun kanpotik etorritakoak zirela argitu dute, eta, horietatik, 17 emakumezkoak zirela. Ikertzaileek azaltzen duten moduan, behin bikotekidea ezagututa, garaiko emakumeak “senarraren” herrira bizitzera joaten ziren. Estrontzio isotopoak gako izan dira, horiei esker lortu dituzte emaitzak; isotopoen analisia oso erabilgarria izan da. Ikerketa honi buruz informazio gehiago ezagutzeko aukera izango duzue artikulua osorik irakurriz gero!
GenetikaAdrian Odriozola UPV/EHUko genetika irakaslea elkarrizketatu dute Argia aldizkarian; kirolaz eta genetikaz mintzatu da bertan. Ikertzaileak terapia genetikoa aipatzen du tartean. “Gaur egun teknika horiek hainbat gaixotasun sendatzeko erabiltzen dira. Milaka ikerketa daude eta teknikak asko ari gara garatzen, osasungintzan oso interesgarriak direlako”. Horretaz gain, dopin genetikoari buruz hitz egin du eta aitortu du ez dutela tresnarik dopin genetikoa detektatzeko. “Jakina da ordea, teknikoki posible dela egitea. WADAk (World Antidoping Agency) esaten du 2008tik, Beijingo Joko Olinpikoetatik, dopin genetikoa aplikatzen dela. Horregatik inbertitu ditu milioi dolar asko haren ikerkuntzan”. Dopin genetikoaz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazue elkarrizketara.
EkologiaKaliforniako Unibertsitateko Wayne Getzen Laborategian egin duten ikerketa batek aditzera eman du 2070rako bizkarroien heren bat galtzeko arriskua dagoela. Aurreikuspenak egiteko, museoetako bizkarroien bilduma historikoak (200 milioi bizkarroi baino gehiago) eta orain jasotako datuak erabili dituzte, eta klima-aldaketak 457 bizkarroi-espezieri nola eragingo liekeen aztertu dute.
BiologiaNakin Unibertsitateko ikertzaileek (Txina) argitu dute elikaduran hartutako landareen mikroRNAk eragiten duela erleak langile bilakatzea. Ikerketak erakutsi du landare batzuen mikroRNAk erle langileen hazkundea mugatzen duela eta emeen obuluak aktibitatea gelditu egiten dituela.
OsasunaJon Orueta medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Hark dio: “Ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena”. Zer da FINGER sistema? Pazienteak osasun-zerbitzuetan jasotako osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da. “Paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du”, azaltzen du.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Udan ere zientzia begi-bistan #167 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #181
Testosterona mailak eragina du erabaki hartze prozesuan, gizonengan… eta baita emakumeengan. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Testosterone and bad judgments.
Eguzki energia elektrizitate bilakatzeko sistemetan hartzaile eta emailearen artean transferentzia elektroniko ona egon dadin, lotura kobalentearen beharraren suposizioa gezurtatu dute DIPCko kideek: Strong donor-acceptor coupling does not require covalent bonding
Argia modu egokian erabilita hierarkia sozialeko gailurreko posizioa eskura daiteke. Arratoien artean, bederen. José Ramón Alonsok du gakoa: Alpha by design.
Modan dagoen hitza da CRISPR, honengan oinarritutako Cas9 teknika hain iraultzaileari esker. Hain sinple ez izatea baliteke, hala ere. Rosa García-Verdugok gatz-apur bat botatzen dio gaiari: A pinch of salt for CRISPR research
Olefinen kimika gure inguruan dago (produktu naturalak, farmakoak, perfumeak, e.a.) eta garrantzi ekonomiko izugarria du. Hauen iturriak eta eskuratze-metodoak, ordea, pasa den mendekoak dira guztiz, gehiegi. Etorkizun handiko metodoa aurkeztu da, hainbeste, ezen Nature aldizkarian agertu den abizenik gabe. Pablo Ortiz, A new method to make valuable olefins from abundant carboxylic acids
Zelula ama hematopoietikoek ezberdintzeko gaitasuna berreskura dezakete. Zer suposatzen du honek zahartzea ulertzeko dugun moduan? Galderaren erantzuna Gerardo Ferrer ikertzaileak du: One year or one cell division older?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #181 appeared first on Zientzia Kaiera.
Gorka Orive: “Geroz eta intsulina seguruagoak eta eraginkorragoak sortzen ari dira” #Zientzialari (78)
Diabetesa gaixotasun metaboliko kroniko bat da. Gaitz hau pairatzen duten gaixoek intsulinaren jariaketan gabeziak jasaten dituzte eta horren ondorioz, odoleko glukosa maila ohi baino altuagoa izaten dute. Aski ezagunak dira eskasi horri aurre egiteko eriek periodikoki beren buruari ematen dizkieten intsulina injekzioak. Nola eragiten du ordea diabetesak gorputzeko beste ataletan? Zein diabetes mota daude? Zeintzuk dira sintomarik agerikoenak?
Diabetesaren inguruan gehiago jakiteko Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia eta Farmazia-teknologia irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, zientzialariak eta industria farmazeutikoa gaixoen bizi kalitatea hobetuko duten medikamentuak ikertzen ari dira, hala nola, intsulina etengabe jariatuko luketen injekzio bakarreko tratamenduak.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Gorka Orive: “Geroz eta intsulina seguruagoak eta eraginkorragoak sortzen ari dira” #Zientzialari (78) appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (6): Balio bereko triangeluak
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure seigarren ariketa: Balio bereko triangeluak
Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (6): Balio bereko triangeluak appeared first on Zientzia Kaiera.
Duela lau mila urte iritsitako errainak mintzatu dira orain
Kanpai itxurako zeramikak, arkuak, aiztoak eta, zenbaitetan, anbarrez, brontzez edo urrez egindako objektuak. Hori da, funtsean, arkeologoek gehien topatzen dutena brontze aroko hilobi bat induskatzen dutenean. Hori, eta gorpuzkiak, noski. Horietan oinarrituta, iraganari buruzko irakaspen ugari atera daitezke, baina, ezagutza horrek, beti ere, berezko mugak ditu. Azken urteotan, ordea, iraganera hurbiltzeko bideak biderkatzen hasiak dira. Biologia eta kimika indartsu sartu dira aztarnategietan.
Horien bitartez, errazagoa da duela gutxira arte irudikaezina ematen zuen informazioa eskuratzea. Alemaniako zientzialariek egindako azken ikerketa horren adibide da. Duela lau mila urte inguru hilobiratutakoei mintzarazi egin diete. Familiaz eta jatorriaz galdetu diete, eta erantzunak lortu ere. Erantzun partzialak, behin-behinekoak, eta zalantzez beterikoak; baina erantzunak, azken finean. Antzineko DNAren eta isotopoen analisiaren bitartez eskuratu dituzte erantzun horiek. Emaitzak astelehenean ezagutzera eman dituzte PNAS aldizkarian.
Neolito eta Brontze aroen arteko trantsizioa nolakoa izan zen aztertzeko, Kristo aurreko hirugarren milurteko 84 hezurduren analisia egin dute. Bavariako (Alemania) Lech ibaiaren inguruan bilduta dauden zazpi aztarnategietan topatutako arrastoak baliatu dituzte ikerketa burutzeko. Azken bi hamarkadetan, eremu horretan arkeologoek ia 400 hilobi topatu dituzte.

1. irudia: Brontze Aroan emakumeek izan zuten mugikortasuna aztertu dute. Irudian, Miravecheko nekropolia (Burgos) (Argazkia: Juanma Gallego)
DNA mitokondrialaren azterketaren bitartez, bertan hilobiratutako gizakien arteko familia loturak argitu dituzte. Duela 4500-3700 urteko tartean, boterearen transmisioan familiak zuen indarra egiaztatu dute: emaitza genetikoaren arabera, hilobiratze hatu handiak zituzten hiru hobietan lurperatutakoak senideak zirela ikusi dute.
Bestalde, 22 lagun kanpotik etorritakoak zirela argitu dute, eta, horietatik, 17 emakumezkoak ziren. Hortaz, ondorioztatu dutenez, behin bikotekidea ezagututa, garaiko emakumeak “senarraren” herrira bizitzera joaten ziren. Antropologoek patrilokalitate deitzen duten ohitura edo instituzioa zabalduta zegoela, alegia.
Estrontzioa, gakoJatorri hori azalarazteko, hezurretako isotopoen azterketa egin dute. Bereziki, estrontzio isotopoak bilatzeari ekin diote. Elementu kimikoen taula periodikoan kaltzioaren azpian dago estrontzioa. Horregatik, bizidunen hezurretan erraz barneratzen da. Baina naturan, egonkorrak diren estrontzioaren lau isotopo nagusi daude, eta horiek, ingurumenean dauden proportzio berdinean iristen dira hezurretara. Proportzio horiek, alta, ezberdinak dira eremu geografikoaren arabera. Hortaz, markagailu geografiko bikaina da hezurretan pilatutako estrontzioa: horren proportzioa jakinda, gutxi gorabehera, ondoriozta daiteke gizabanako bakoitzaren jatorri geografikoa.
Hortzen esmaltearen osagai nagusi den hidroxiapatitaren isotopoen analisia bereziki erabilgarria egin zaie zientzialariei. Horren zioa agerikoa da: hezurrak gizabanakoaren bizitzan zehar handitu eta aldatzen badira ere, hau ez da hortzen kasua. Hortzak bizitzaren lehen urteetan garatzen dira, baina gero ez dute aldaketa nabarmenik jasotzen. Hortaz, hortzetan geratzen da zizelkatuta, betiko, pertsona baten jatorria.
Heldu berriak ziren emakume horiek beren herri berrietan ondo txertatuta zeudela dirudi. Ikertzaileek, bederen, ez dute aparteko ezberdintasunik antzeman hilobiratzeetan. Guztiek zuten hezurdura tolestuta, eta, emakumeen kasuan, eskumara jarrita eta burua hegoalderantz. Gizonezkoak, aldiz, ezkerrerantz eta iparraldeari begira jartzen zituzten. Ezberdintasun horren zergatia, oraindik orain, misterioa da, baina, askotan, generoaren araberako lehen diskriminazio aztarnatzat jo izan da.

2. irudia: Gizon eta emakume baten hilobi komuna. Gorpuen jarrera, beti ere, ezberdina da, generoaren arabera. (Argazkia: PNAS/Stadtarchäologie Augsburg)
Izan ere, aurreko garaietan, megalitoetan egindako hilobiratzeetan antzeko ezberdintasunik ez omen zen igartzen. Hala ere, megalitoen garaiko ustezko berdintasun hau ere kolokan jarri izan da beste hainbat ikerketatan. Adibidez, Teresa Fernandez-Crespo eta Concepcion de la Rua EHUko ikertzaileek 2015ean proposatutakoaren arabera, Neolitoan hasi ziren generoaren araberako lehen bazterketak. Euskal Herriko eta Errioxako trikuharrietan egindako hilobiratzeetan topatutako aztarnen arabera egin zuten proposamena. Ikerketa horretan ere isotopoen analisia baliatu zuten, baina, kasu horretan, dietan oinarritu ziren, eta karbono eta nitrogeno isotopoak izan zituzten jomugan.
Oxigenoaren isotopoak aztertuz, bestetik, paleontologoak gai dira iraganeko klimaren inguruko zantzuak eskuratzeko. Izan ere, oxigenoaren bi isotopo egonkor nagusiak O16 eta O18 dira, eta horien proportzioa tenperaturaren arabera aldatzen dira. Ikerketa honetan teknika hori baliatu dute ere, emakume horien jatorria kokatzen saiatzeko. 60 kilometro ingurura kokatuta dagoen Nördlinger Ries eskualdea proposatu dute, baina Alpeak eta Bohemia ere aukeran dauden jaiolekuak dira, bertan dauden isotopoen arabera.
Migrazioetatik haragoGoi Neolitoren eta Brontze Aroaren arteko trantsizioan, ia Europa osora zabaldu zen zibilizazio baten zantzuak agertu ziren. Andrew Sherratt arkeologo britainiarrak idatzitakoaren arabera, “pixkanaka, baina etengabe, Europa epeleko gizarteak ideia komun batera abiatu ziren”. Egile horrek nabarmendu zuenez, estilo hori berdin mantendu zen, bai bakean zein gerran: europarrek borroka egiteko ezpata berdinak erabili zituzten, baina abegi ona erakusteko ere antzeko edalontzietan edan zuten.
Askotan iraganaren diskurtsoak gerren eta migrazio handien arabera berreraikitzen badira ere, ikerketa honen egileek nabarmendu nahi izan dute “norbanakoen mugikortasunaren garrantzia, batez ere, emakumeei dagokienean”. Are gehiago, migrazioen arabera azaldutako iragana berrikusteko beharra azpimarratu dute beren artikuluan. Kontzeptu hori ez omen da nahikoa azaltzeko III. milurtekoko Brontze Aroko gizarteek zuten mugikortasun konplexua. “Aitzitik, badirudi arkeologoek migraziotzat jo ohi dituztenak, benetan norbanakoen mugikortasunen ondorioak direla; mugimendu horiek instituzionalizatuta zeudela, eta sexu eta adinari lotuta egon zirela uste dugu”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Knipper et al. Female exogamy and gene pool diversification at the transition from the Final Neolithic to the Early Bronze Age in central Europe. Proceedings of the National Academy of Sciences. Online Early Edition (September 4, 2017 – September 8, 2017). DOI: 10.1073/pnas.1706355114
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Duela lau mila urte iritsitako errainak mintzatu dira orain appeared first on Zientzia Kaiera.
Bihotzik gabe, ezin
Jane Goodall: “Teknologia bakar-bakarrik ez da nahikoa. Bihotza ere jarri behar dugu”.
—————————————————–
Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.
The post Bihotzik gabe, ezin appeared first on Zientzia Kaiera.
FINGER, osasun-arreta hobetzeko eredu estatistikoa

Irudia: Jon Orueta medikuak osasun-arreta hobetuko lukeen sistema bat garatu du haren doktorego-tesian.
Jon Orueta medikuak UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu duen ikerketari esker gaixo kronikoen arreta hobetu eta biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko sistema bat garatu du. Geruzatze-sistema bat proposatu du ikertzaileak, hau da, populazioa antzeko beharrak dituzten pertsona-multzotan banatzea eta geruzetako bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzea. Modu horretan, gaixo kronikoen zaintza aldez aurretik planifika daiteke, kontsulta edo ospitaleetara joateko zain egon beharrean. Funtsean, osasun-arretaren beharrak gertatu aurretik planifikatzeko baliabidea sortu du Jon Orueta medikuak. Honako baliabide batek zeregin garrantzitsua izan dezake, pertsona-multzo bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzeko eta osasun-zerbitzuen funtzionamendua optimizatzeko unean.
“Uste zabaldua da osasun-sistemen antolakuntza zaharkituta gelditu dela, eta aldaketa sakonak egin behar direla. Gaur egungo populazio-piramidearen egitura ikusirik, uste dugu datozen urteetan populazio zahartua izango dugula. Beraz, zaintza sanitario konplexua eman beharko da, eta baliteke hori osasun-sistema kolapsatzera iristea. Edonola ere, gaur egungo sistemak ondo funtzionatzen du pazienteetako askorentzat. Horregatik, erabaki egin behar da zein paziente artatuko diren eredu tradizionalari jarraikiz, eta zeinentzat aurkitu behar ditugun osasun-arreta emateko modu berriak”, azaldu du Jon Oruetak.
Geruzatze-sistemarik ezagunenak Estatu Batuetan sortu ziren, eta haien osasun-sistemaren eta gure osasun-zerbitzuen arteko aldeak handiak izan arren, ikerketek baieztatu dute honako ere balio dutela sistema horiek. Gaur egun Oruetak Osakidetzako Uribeko ESIn (Erakunde Sanitario Integratua) egiten du lan, baina EAEko Populazioaren Geruzatze Programaren zuzendari izan zen lau urtez, eta ondo ezagutzen ditu halako sistemak erabiltzeko zailtasunak. “Mundu errealean aplikatzen saiatu garenean, ikusi dugu eredu estatistiko oso konplexuak direla, aldagai asko dituztela, eta, askotan, ulertzeko zailak direla medikuentzat edo kudeatzaileentzat. Gainera, programa informatikoak erabiltzeko, urteko erabilera-lizentzia erosi behar izaten da. Horregatik, ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena. Gainera, hemen garatua denez, ez luke izango lizentzia-kosturik”.
FINGER, ‘made in Euskadi’FINGER sistemak, arriskuen geruzapenerako talde berriak osatzeko eta identifikatzeko sistema, gaztelaniazko izendapenetik hartzen du izena: Formación e Identificación de Nuevos Grupos de Estratificación de Riesgo. Pazienteak osasun-zerbitzuetan jasotako osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da sistema. Argia eta erabilerraza da, baina “ondo identifikatzen du hurrengo urtebetean baliabide asko beharko dituzten pazienteen, programatu gabeko ospitaleratzeak beharko dituztenen edo heriotza-arrisku handiena izango dutenen ehuneko handi bat. Hala, paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du“.
Iragarpen-ereduek ez dute “beren kabuz jendearen osasuna hobetzen, ez eta ospitaleratzeak saihesten edo kostuak txikitzen ere, haiekin batera ekintza-plan batzuk martxan jarri ezean”, adierazi du Oruetak. FINGER sistema eta hari lotutako ekintza-planak abian jarriz gero, “arreta hobea eman ahal izango litzateke, zaintza hobea, ospitaleratze gutxiago, eta desoreka gutxiago. Eta, logikoa denez, ospitaleak eta zaintza konplexuen unitateak gutxiago erabiltzen badira, kostuak ere gutxitu egingo dira”. Baina sistemaren helburua arreta hobea ematea da; “osasun-gastua murriztea neurri horiek aplikatzearen ondorioa da”, azpimarratu du Oruetak.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko eredu estatistiko bat
The post FINGER, osasun-arreta hobetzeko eredu estatistikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Udan ere zientzia begi-bistan #166
CRISPR-Cas 9 izeneko teknika lehen lerrora bueltatu da udan. Horren bidez mutazio bat ezabatzea lortu dute giza enbrioietan. Nazioarteko ikerketa talde batek eman digu berria. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako, Txinako eta Hego Koreako adituak aritu dira batera. Ikertzaileen arabera, 58 enbrioi lortu zituzten teknika erabilita, eta 42k ez zuten gaitza eragiten duen mutazioa. Arrakasta %72koa dela nabarmendu dute, inoizko handiena.
Elhuyar aldizkariak eman digu horren berri ere. Gaixotasun genetiko batzuk ondorengoetara pasatzea saihesteko bide eraginkor eta seguru bat izan daitekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, nahiz eta argi utzi duten oraindik asko hobetu behar dela klinikoki erabili ahal izateko. Ikertzaileek ondorioztatu dute CRISPR teknika in vitro ernalketarekin batera erabiltzea kardiomiopatia hipertrofikoa bezalako gaixotasun monogenikoak saihesteko bide eraginkorra izan daitekeela.
MedikuntzaKoldo Callado Hernando, medikuntza eta kirurgian doktorea, elkarrizketatu dute Berrian. Droga berrien eta klasikoen inguruan aritu da testu honetan. Droga mota berrien efektuak, oro har, psikoaktiboak eta pizgarriak direnez gehienak, jendeari euforia eragiten diote. “Asko oso lotuta daude jai giroarekin, eta logura murriztu eta gosea kentzen dute; jaiez jai gorputza martxan edukitzeko baliagarriak dira. Beste batzuek haluzinazioak edo barne munduko bidaiak eragiten dituzte”, azaltzen du. Berrien eta aspalditik dauden drogen arteko desberdintasunak azaltzen ditu tartean: “Droga ilegalen legezko alternatiba bihurtu dira droga berri horiek; denda espezializatuetan edo Internet bidez lor daitezke. Horixe da droga berrien arrakastaren gakoetako bat. Horiez gain, prezioz ere droga klasikoak baino merkeagoak dira, sintetizatzen ere errazagoak, eta odolean detektatzeko zailagoak dira”.
Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, desagertzear zeuden hainbat eritasun berrindartu egin dira. Automedikazioa, erabilera desegokia eta abeltzaintzako abusuak dira arazoaren motibo nagusiak, adituek diotenaren arabera. Gero eta nabarmenagoa da tuberkulosia, malaria eta halako eritasunen intzidentzia, bakterioen antibiotikoekiko erresistentziagatik. Hala ondorioztatu du Lierni Txintxurreta UPV/EHUko farmazia graduatuak (Donostia, 1994) bere gradu amaierako lanean. Ondorioei dagokienez, antibiotikoen erabilera normalizatu edo gehiegizkoak berekin ekar dezake infekzio batean medikamentu horien efektua baliogabetzea. Gauzak horrela, lehenago tratamendu bidez hiltzen ziren mikroorganismoek immunitatea dute zenbait antibiotikoren aurrean.
Zika birusak emakume haurdunen immunologia-sistema ahultzen duela frogatu dute Keck Medikuntza Fakultateko ikertzaileek (USC). Horretaz gain, ikusi dute birusak globulu zuri batzuk, CD14+ monozitoak, infektatzen dituela, eta M2 makrofago bihurtzen dituela. Makrofago horiek gorputzak patogenoa suntsitu duten seinale izaten dira; hortaz, gorputzak ez dio oztoporik jartzen hedatzeko eta ugaltzeko. Guztira, bi birus mota aztertu dituzte, Afrikakoa eta Asiakoa, eta ikusi dute bigarrenak kalte handiagoa egiten diela emakume haurdunei.
BiologiaGloriana Chaverri biologoari elkarrizketa interesgarria egin diote Berrian. Saguzarrei buruzko nazioarteko biltzar batean parte hartu du Donostian, eta horiei buruz zertzelada batzuk eman ditu. Animalia hauek ingurumenari egiten dioten ekarpena azaldu du, hala nola “izurria ekar dezaketen intsektuen kontrola, hazien zabalkundea, zona tropikaletan, saguzarrak asko elikatzen dira fruituez, eta, libratzen direnean, haziak eramaten dituzte. Landareak polinizatzen ere egiten dute lana. Saguzar banpiroak zuhaitz handien azpian bizi dira, eta, libratzen direnean, elikagaiak ematen dizkiete zuhaitzei”. Gainera, badugu gizakiok saguzarrengandik zer ikasi: “Elkartasun handiagoa izatea gure artean, kooperatiboagoak izatea”.
ArkeologiaArkeologoak Trebiñuko ‘Pozarrate’ izeneko aztarnategia arakatzen ari dira, duela 6.000 urteko sekretuak azaleratzeko. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da bera. Trebiñun, duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek silexaren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Horregatik dabil baliabide horren arrastoaren atzetik. Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea.
FisikaKobalto aleazioak (kromozkoak, ruteniozkoak eta platinozkoak) eta baita kromo oxidozko aleazioak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu Lorenzo Fallarinok egin duen ikerketan. Helburua? Ordenagailuetako grabazio magnetikoko memoria sistemak (disko gogorrak, USBak) hobetzeko material berriak bilatzea, baita material horien propietate magnetiko, fisiko, elektriko eta elastikoak ikertzea izan da.
IngurumenaGizakion jarduerak Lurraren tenperatura igotzea ekarri du (berotegi-efektua). Badira berotegi-efektuko gas ugari; ugariena CO2 da. Konposatu hori era naturalean sor daitekeen arren (jarduera bolkanikoan izan dezake jatorria, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoaren ondorioz (energia-iturri fosilen errekuntzaz) bilakatu da klima-aldaketaren eragile nagusia. Karbono dioxidoaren isuriak atmosferan metatzen dira, eta horregatik beharrezkoa da horiek murriztea. Horri aurre egiteko hainbat estrategia planteatu dira. Adibidez, CO2-a bahitzea da. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Plastikoen erabilera asko handitu da. Prezio merkea, kalitate ona, edo prozesatzeko erraztasuna badute ere, ez dira biodegradagarriak eta iturri ez-berriztagarrietatik datoz. Hondakinen hazkundeari aurre egiteko, jatorri berriztagarri eta izaera biodegradagarria duten materialek bultzada handia jasan dute. Aipaturiko material hauen artean, baliabide naturaletatik sortutako biopolimeroak aurkitzen dira.
Ekainetik hona, troposferako ozonoaren kantitatea igotzen ari da eta behin baino gehiagotan gainditu ditu legezko mailak. Ibilgailu motordunek, trafikoak, autobideek eta industrialdeek handitzen dute ozonoaren kantitatea. Miguel Angel Ceballos Ekologistak Martxan-eko kideak azaltzen du ozono kontzentrazio handienak hiri handien kanpoalde eta landa eremuetan izaten direla. “Izan ere, ozonoa sortu ahal izateko beharrezkoak diren erreakzio fotokimikoek distantzia bat behar dute osagai kutsatzaileen iturrietatik”. Horretaz gain, itsasoaren hurbiltasunak ere badu bere eragina.
AstronomiaUPV/EHUko ikertzaile batzuek beste hainbatekin batera ezagutzera eman dute gaueko haizeak egunekoen desberdinak direla Artizarrean. Aurreikusi ezin diren haizeak, uhin geldikorrak eta laino aldakorrak topatu dituzte, ESAren Venus Express misioak hartutako datuei eta irudiak prozesatzeko teknika berriei esker. “Superrotazioa gauean zehar ere gertatzen da, baina mugimendu-aniztasun zabalagoa du, eta orain artean ikusi gabeko laino mota ezberdinak agertzen dira, egun batetik bestera aurreikusi ezin den moduan bortizki aldatzen diren lainoak”, dio Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.
NeurozientziaKaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariek hizketaren tonu-aldaketak nola detektatzen ditugun azaldu dute. Intonazioa da funtsa. Adibidez, esaldia neutroa edo galdera izan daiteke, eta hitz bat edo bestea indartzean ere esanahia aldatu egiten da. Ikerketan ikusi dute, gainera, ahotsak bereizten dituzten neuronek ahots bakoitzaren tonu absolutua detektatzen dutela, eta intonazioa bereizten dutenek berriz, tonu erlatiboa, alegia, hizlariaren ahotsak uneoro dituen tonu-aldaketak.
HizkuntzalaritzaZenbait ikerketen arabera, test informatikoek abantaila asko dauzkate paperean egiten direnen aldean; besteak beste, azterketa gehiago egin daitezke eta erantzunak ere azkarrago prozesatzen dira. Test informatizatu hauek ohikoak, hau da, azterketa egingo duten pertsona guztiek azterketa bera izango dute, edo egokigarriak izan daitezke. Test egokigarriak informatizatuak izaten dira eta item bakoitzak parametro batzuk eduki behar ditu, ondorioz, kalibraketa egitea ezinbestekoa da.
OsasunaZaldi haragia osasuntsuagoa da? Artikulu honetan topatuko dugu erantzuna. Zaldi haragia ezaugarritzeko asmotan, bere konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila aztertu dira. Ikusi da gantzaren kopurua desberdina dela ikusi dira herrialde ezberdinetan jasotako laginen artean. Halere, herrialde guztietako laginen batez besteko gantz kopuruak %3ren azpitik daude. Urtaroari dagokionez, bada beste desberdintasun bat: neguan jasotako laginen gantz-azido monoasegabeen ehunekoa (%32.3) udaberrikoena (%35.4) baino baxuagoa izan da. Hortaz, zaldi haragia koipe gutxi eta gantz-azidoen profil onuragarria duen haragia desiratzen duten kontsumitzaileentzat egokia izan daitekeen produktua da.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Udan ere zientzia begi-bistan #166 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nekane Castillo: “Ingurumenaren eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen zait”
Castillok dioenez, betitik gustatu izan zaizkio natura-zientziak, biologia eta halakoak, eta ez zuen asko pentsatu Ingurumen Zientziak aukeratzeko. “Biologia ere aukeratu nezakeen, baina Ingurumen Zientziek gizakia ere aintzat hartzen dute, eta gustuko dut ingurunearen eta gizakiaren arteko elkarrekintza“, zehaztu du.
Tesia egitea, aldiz, ez zuen aurreikusita. Haren esanean,”beti pentsatu izan dut tesia egitean denbora asko ematen dela gauza oso zehatz batean, eta ez nituen beste lau urte eman nahi ikasten. Baina gero masterrak egin nituen, ekosistemen kontserbazioan eta leheneratzean sakondu nahi bainuen, eta enpresetan aritu nintzen lanean eta praktiketan, enpresa pribatuan zein publikoan, eta azkenean Costa Rican bukatu nuen, ikerketa-zentro batean. Hiru hilabete baino ez ziren izan, baina han sartu zitzaidan tesia egiteko gogoa. Gainera, banituen tesia egiten ari ziren edo egin berri zuten lagunak ere, eta haiek ere aurretik animatu ninduten”.

Irudia: Nekane Castillo ikertzailea.
Horrenbestez, tesia egiteko Eusko Jaurlaritzako beka eskatu, eta horretan ari da orain, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ekosistemen zerbitzuak dira naturak eskaintzen dizkigun onurak; eta ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio osagarria lortzea lurraldearen planifikazioa egokiagoa izan dadin. Nire taldeak azterketa biofisikoa egiten du, eta nik, berriz, balorazio ekonomikoa egiten dut, gizartearen lehentasunak eta desirak kontuan hartuta”.
Ikuspegi globala helburuAdibidez, Biosfera Erreserbaren izendapenak Urdaibaiko biztanlerian izan duen eragina aztertu dute. Zehazki, biztanleei izendapenak kalte ala mesede egin dien jakin nahi zuten, eta ikerketak erakutsi du onuragarria izan daitekeela.
Ondorio horretara iristeko, Castillok eta lankideek hiru aldagai-mota aztertu dituzte Busturialdean eta Uribe Kostan: lurraldearen erabilerari buruzkoak, sozioekonomikoak eta kulturalak. Ikusi dutenez, Biosfera Erreserbaren izendapenak ez du eragin kaltegarririk izan biztanleentzat; eskualdearen kontserbazioa bermatzen du, nahiz eta pinudiak baso autoktonoaz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzea lehentasuna izan; eta, gainera, litekeena da eskualdearen garapen sozioekonomikoan eta kulturalean lagundu izana
Orokorrean, berriz, ikusi dute balorazio bakoitzak informazio-mota bat ematen duela. Horrenbestez, ekosistemetan esku-hartzeak planteatzean, uste du denak hartu behar direla aintzat, ikuspegi globala izateko: “Ezin da ikuspegi ekologikoan bakarrik oinarritu, edo ekonomikoan edo kulturalean bakarrik; dena hartu behar da kontuan. Hori da gure ondorio nagusia; eta, gainera, bat dator beste ikerketa batzuen ondorioekin”.
Lüneburgen, Urdaibaiko datuak aztertzen aritu da, eta, horretan bakarrik aritu bada ere, hango ikertzaileekin lanean aritzeko aukera izan du. Horri esker, lana egiteko beste modu batzuk ezagutu ditu, “eta ingelesa praktikatu dut”, gehitu du, barrez. Horretarako ere baliagarria izan omen zaio Alemaniako egonaldia; “esperientzia izugarri ona”, laburbildu du.
Tesian zailena zer egin zaion galdetuta, aukeratutako arloa, ingurumen-ekonomia, izan dela erantzun du. Izan ere, bere taldean berria da ikuspegi hori, eta, beraz, talde barruan nolabait bakarrik aritu da. “Baina nik aukeratu nuen gaia, ekosistemen eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen baitzait, eta, gainera, Sarrikoko ekonomialari batekin ari gara lankidetzan. Hortaz, ez nago bakar-bakarrik ere”. Bestalde, gaur egun ekosistemen gaineko ikuspegi global hori gero eta zabalduago dagoela zehaztu du.
Aurrera begira, tesia bukatutakoan, ikerketan jarraitzeko gogotsu dagoela aitortu du, baina enpresa batean ere arituko litzatekeela dio. Garbi dauka: “Aukera guztietara irekita nago”.
Fitxa biografikoa:Nekane Castillo Eguskitza Bilbon jaio zen, 1988an. UPV/EHUn Ingurumen Zientzietan lizentziatu ostean (2010), Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Alcalako Unibertsitatean Kontserbazio Biologian eta Ekosistemen Lehengoratzean espezializatu zen, hurrenez hurren. Ingurumen aholkularitzetan, kluster eta ikerketa zentroetan praktiketan eta lanean aritua, 2015ean Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen ekosistemen zerbitzuen inguruan tesia egiten hasi zen, gaurdaino.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Nekane Castillo: “Ingurumenaren eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen zait” appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (5): Bizikletan arineketan
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bosgarren ariketa: Lorategiaren neurriak———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (5): Bizikletan arineketan appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikrobiota eta sabeleko minaren arteko lotura aurkitu dute
Ikerketan Biodonostia Institutuko adituek parte hartu dute, eta Gut aldizkarian argitaratutako gutun baten bidez ezagutarazi dute. Institutu horretako ikertzaile Luis Bujandak azaldu duenez, aurkikuntzak bide berriak ireki ditzake hesteari lotutako gaixotasunak tratatu ahal izateko.
Populazioaren %10-20ak nozitzen ditu, maila ezberdinetan, gaitz funtzional digestibo deritzonak. Halakoetan, pazienteak sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen ditu, eta, ondorioz, medikuarengana jotzen du. Ondorengo analisietan, ordea, ez da ezer berezirik antzematen. “Asaldura horiek azaltzeko hipotesi asko badaude ere, orain arte ez dago argi zerk eragiten duen”, esan du Bujandak. “Halere, pazienteak sintomak izaten ditu, eta gaitzak bizi kalitatean eragiten du”.

1. irudia: gaitz funtzional digestiboa dutenek sabeleko mina eta erraiekin lotutako beste sintomak nozitzen dituzte. (Argazkia: Ben White/Unsplash)
Azken urteotan, zientzialariek hesteetako bakterioek osasunean jokatzen duten rola oso nabarmena dela ikasi dute. Mikrobiota hori, ordea, izugarri konplexua da. “Hesteetan 1.000 bakterio mota baino gehiago daude. Guztira, 100 bilioi bakterio inguru; prozesu fisiologikoetan eragin garrantzitsua izaten dute, eta, mikrobiota hori aldatzen denean, egoera patologiko batera eraman dezake”.
Horregatik, bakterio andana horrek gaixotasun digestiboetan duen eragina aztertzeari ekin diote zientzialariek. Suediako PopCol izeneko kohortea erabili dute ikerketa aurrera eramateko: kolonoskopietan eskuratutako datuak baliatu ahal izateko. Guztira, kohorte horretako 159 lagun ikertu dituzte. Horietatik, 107 lagunek inoiz ez dute sabeleko minarekin arazo nabarmenik izan, eta, horregatik, kontrol talde modura erabili dituzte. Gainerako 52 lagunak, berriz, erraietako minak nozitu dituztenak dira. Taldearen batezbesteko adina 60 urte ingurukoa izan da.
Ikerketa hau egin aurretik, mikrobiotaren eta sabeleko minaren arteko ustezko lotura aztertzeko 15 lagunez osatutako taldea erabili izan dute; baina, orain, kopuru hori dezente handitu dute, 159 lagunera iritsi arte.
Astebetez, partehartzaileek galdetegi bat bete dute, mina ote duten jakiteko eta, hala izatekotan, min horren nondik norako zehatzak azaltzeko. Lagun bakoitzaren mikrobiota aztertuta, ikertzaileek ikusi dute mina nozitu izan duten eta minik nabaritu ez dutenen bakterioen osaketa nahiko ezberdina dela. Bereziki Prevotella, Blautia, Streptococcus eta Lactobacillus motako bakterioek izan zuten dute zeresanik handiena.
Sekuentziazio masiboaPaziente bakoitzaren makrobiota aztertzeko sekuentziazio genetiko masiboko teknikak baliatu dituzte. Teknika hau erabilita, aukera dago lagin batean dagoen DNA guztia aztertzeko eta, ondorioz, bertan dauden bakterio guztien berri izateko. Sekuentziazio masiboak benetako iraultza ekarri du, eta ez soilik medikuntzan. Adibidez, paleoantropologiaren alorrean, estratu zehatz batean eskuratutako lurretik erauzitako DNA aztertuz posible izan da garaiko bizidunen berri izatea.

2. irudia: Mikrobiota enterotipoen banaketa ezberdina dute gaitza dutenek eta kontrol taldean parte hartzen dutenek. (Irudia: /Gut)
Zientzialariek dakitenez, hesteetako bakterioak hiru enterotipo edo talde nagusitan banatzen dira. Horietako multzo bakoitzean, Ruminococcaceae, Prevotella eta Bacteroides motako bakterioak dira nabarmenenak. Ikerketa honetan ikusi dutenez, Prevotella enterotipoa urriagoa izatea izan daiteke gaitzaren atzen dagoen faktoreetako bat. Halere, ikertzaileek momentuz aldagai horien arteko korrelazioa baino ez dute iragarri, eta denbora igaroko da minaren zio konkretua argitu arte. Baina itxaropentsu azaldu da Bujanda. “Tratamendu baten bitartez, bakterioen orekan izandako aldaketa hauek berriro bere onera eramanez, sintoma horiek alda litezke”, esan du adituak.
Horretarako bidea irekita omen dago jada. “Gorozkien transplantea aukeretako bat da: osasuntsu dagoen lagun bati gorozkia hartu eta gaixo dagoen beste lagun batean txertatzea, hain zuzen. Orain, batez ere, infekzio larrien kasuan egiten da hori, antibiotikoek balio ez dutenean. Bestetik, bakterio-flora ere erabili daiteke horretarako”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Hadizadeh F, Bonfiglio F, Belheouane M, et al Faecal microbiota composition associates with abdominal pain in the general population Gut Published Online First: 01 August 2017. doi: 10.1136/gutjnl-2017-314792
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Mikrobiota eta sabeleko minaren arteko lotura aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Tradizioari hezkuntza
Seymour Papert: “Berrikuntzak ideia berriak behar ditu… hezkuntzak erantzukizun bat du, tradizioaren aurrean…”.
—————————————————–
Egileez: Eduardo Herrera Fernandez, Leire Fernandez Inurritegi eta Maria Perez Mena UPV/EHUko Letraz – Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Aipua eta irudia UPV/EHUko Zientzia Astea: Alfabetatze zientifikoa Alfabetización científica liburutik jaso dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu egileei eta UPV/EHUko Zientzia Astearen arduradunei, edukia blogean argitaratzeko baimena emateagatik.
The post Tradizioari hezkuntza appeared first on Zientzia Kaiera.
Zaldi haragia, osasuntsuagoa?
Zaldi haragia ezaugarritzeko helburuarekin, bere konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila aztertu dira. Horretarako, laginketa egin da Kantauri mendilerroaren bi aldeetan kokaturiko herrialdeetan (Euskadi, Nafarroa, Kantabria, Asturias, Galizia eta Gaztela eta Leon; 5-7 lagin/lurralde), udaberrian (n=41) eta neguan (n=41). Urtaro bakoitzeko haragiaren kalitatea aztertzeko aziendaren maneiuan egon daitezkeen aldaketetan du oinarria. Orokorrean, udaberrian jaiotako moxalek, amaren esnea hartuz mendietako larreetan igarotzen dute uda. Beraz, udazken/neguko hilabeteetan saltzen den haragiak modu estentsiboan ekoiztutako animalia izan dezake jatorri. Bestalde, negu giroa heltzean, ukuiluratu egin ohi dira, titia kendu, eta agian beren elikadura pentsu kontzentratuaz osatu. Ondorioz, udaberrian merkaturatutako haragia aipatutako azken animalietatik etor daiteke.
Konposizio kimikoari dagokionez, beste espezietako haragiaren antzera, balio biologiko altuko proteinen kopurua adierazgarria da (%23.2-23.8). Gantzaren kopuruan desberdintasun garrantzitsuak ikusi dira herrialde desberdinetan jasotako laginen artean. Gaztela eta Leonen eskuratutakoak izan dira koipetsuenak (%2.77), eta Galizia (%1.37) eta Asturiaskoak (%1.12) gantz urrienak dituztenak. Segur aski, lurraldearekin loturiko arraza eta produkzio-sistema desberdinak dira honen arrazoi. Edonola ere, herrialde guztietako laginen batez besteko gantz kopuruak %3ren azpitik daude.
Esan bezala, herrialdeen arteko laginen gantz kopurua desberdina izan da, eta hauen gantz-azidoen profilean ere desberdintasun nabariak ikusi dira. Oro har, Galiziako eta Asturiasko (gantz urrieneko haragia) laginen kate luzeko n-6 eta n-3 gantz-azido poliasegabeen ehunekoak altuagoak izan dira. Gaztela eta Leoneko laginen artean (koipetsuenak), aldiz, gantz-azido monoasegabeen ehunekorik altuenak ikusi dira. Orokorrean, trans gantz-azidoen eta azido linoleiko konjugatuen pilaketa baxua ikusi da. Zaldiak monogastrikoak dira, eta hauen dietako lipidoak mikrobiotak eraldatu aurretik (itsua/kolona), heste meharrean xurgatu egiten dira. Ondorioz, biohidrogenazio bitartekarien xurgapena eta pilaketa baxua da zaldian.
Urtaroari dagokionez, neguan jasotako laginen gantz-azido monoasegabeen ehunekoa (%32.3) udaberrikoena (%35.4) baino baxuagoa izan da. Bestalde, udaberriko (%23.4) laginekin alderatuta, gantz-azido poliasegabeen ehunekoak altuagoak azaldu dira neguan (%26.6). Lortutako kate luzeko omega-3 edo n-6 gantz-azido poliasegabeen ehunekoak ere altuagoak izan dira neguko haragian, eta azken hauen poliasegabeen/aseen erlazioa onuragarriagoa izan da. Desberdintasunek ziur aski animalien maneiu aldaketekin izango dute erlazioa. Emaitzak, neguko laginen jatorria baldintza estentsiboagoan ekoiztutako animaliak direnaren adierazgarri izan daitezke. Dena den, aipagarria da zaldi haragiaren n-3 motako gantz-azido poliasegabeen kopuru altua (%8.49).
Ondorioz, zaldi haragia gantz urriko eta n-3 motako gantz-azido poliasegabeen kopuru altua duen haragia dela esan genezake. Koipe gutxi eta gantz-azidoen profil onuragarria duen haragia desiratzen duten kontsumitzaileentzat egokia izan daitekeen produktua da. Amaitzeko, lortutako emaitzak kontsumitzaileek produktu honekiko duten harrera hobetzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan gaude.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Zaldi-haragiaren ezaugarritzea: konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila.
- Laburpena: Zaldi-haragiaren ekoizpen-, merkataritza- eta biztanleriarekiko eskuragarritasun-balioak laburbildu dira artikulu honetan. Gainera, zaldi-haragia ezaugarritzeko helburuarekin (konposizio kimikoa eta gantz-azidoen (GA) profila), laginketa egin da Kantauri mendilerroaren bi aldeetan kokaturiko herrialdeetan, udaberrian (n=41) eta neguan (n=41). Oro har, urtaroak GA monoasegabe eta poliasegabeetan izan du eragina. Bestalde, herrialdeen arteko haragiaren gantz kopuruan eta honen GAen profilean desberdintasun esanguratsuak ikusi dira. Lagin koipetsuenetan, GA monoasegabeen ehunekorik altuenak eta GA poliasegabeen eta dimetil azetalen ehunekorik baxuenak lortu dira. Desberdintasun horiek lurraldearekin erlazionatutako arraza eta ekoizpen-sistema izan dezakete oinrri. Dena den, zaldi haragia gantz urriko eta n-3 gantz-azidoen iturri garrantzitsu izan daitekeen produktu bezala ezaugarritu da.
- Egileak: Xabier Belaunzaran eta Noelia Aldai
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 37-50
- DOI: 10.1387/ekaia.16278
—————————————————–
Egileaz: Xabier Belaunzaran eta Noelia Aldai UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailekoak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zaldi haragia, osasuntsuagoa? appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (4): Lorategiaren neurriak
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure laugarren ariketa: Lorategiaren neurriak———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2017. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki dezakezu.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2017ko udarako (4): Lorategiaren neurriak appeared first on Zientzia Kaiera.