Asteon zientzia begi-bistan #161

Munduko animaliarik garaiena da jirafa. Arrak 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke. Bere lepo luzearen ondorioz, odola bururaino bidaltzeko “ponpa” indartsua behar du. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta 7’5 cm-ko lodiera dute haren hormek. Indar handia egin behar du; aortatik ateratzerakoan, beste edozein ugaztunen bikoitza da odolaren presio arteriala. Gainera, odolaren presioaren kontra egiten du larruazalak. Horri esker, odola ez da hanketan pilatzen eta ez da edemarik gertatzen. Ura edateko burua jaitsi behar duenean zer egiten du odola buruan ez pilatzeko? Sistema berezi bat dute lepoan. Rete mirabile sarea da funtsa. Gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!
Kepa Ruiz-Mirazo UPV/EHUko ikertzailea da eta bere lanak bi ildo nagusi ditu: alde batetik, Leioako Biofisika Unitateko laborategietan bizia sortu aurreko urratsak erreproduzitzen saiatzen da; bestetik, bizia bera zer den hausnartzen du Biologiaren Filosofia ikertaldean. Ruiz-Mirazok dio“biziaren sorrerari buruzko ikerketetan oso ohikoa da molekula mota bakarrari erreparatzea, “biziaren molekula” aurkitu nahian. Baina bizia osagai askoren arteko jokoa da. Gero eta gehiago molekula multzoak kontuan hartuta egiten ari dira ikerketak; ikuspegi aldaketa ematen ari da”. Laborategian egin duten lanari dagokionez, aitzindari molekular horiekin, alegia gantz azidoekin eta peptidoekin sinergia bat lortu dutela azaltzen du. Irakur ezazue osorik elkarrizketa.
Emakumeak zientzianElisabeth Kübler-Ross izan da aste honetako protagonista. Psikiatria arloan erreferentziazko emakumea izan zen; heriotza hurbil sentitzen duten gaixoen eta familiakoen emozioen-oreka ikertzen aitzindari eta zainketa aringarri edo paliatiboetan aditu izan zen. Horretaz gain, heriotza duina lortzearen aldeko apustua egin zuen. Bere obrarik garrantzitsuena On death and dying da, bere lehen liburua, 1969an publikatu zuena. Bertan heriotzaren asimilazioan gertatzen diren bost faseak esplikatu zituen, hala nola: ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena; Kübler-Ross eredua deritzona, hain zuzen.
Ikergazte egitasmoaren barruan, Pasaiako portuan bizi diren arrainen sexu garapenean kutsadurak duen eragina aztertu du Ainara Valencia ikertzaileak. Biologian lizentziatua da eta Ingurugiroa, kutsadura eta toxikologia masterra egin ondoren, doktoretza tesia egiten ari da. Korrokoiak aukeratu ditu “kutsadura gehiena dagoen tokian bizi direlako eta efektuak begiratzeko ere errazago delako”. Ikertzailean dio Pasaian korrokoi arrak intersex bihurtzen direla kutsaduragatik
Ekologia eta ingurumenaToki batean ingurumenaren alde hartutako neurriak kaltegarriak izan daitezke urrutiko beste toki batzuentzat. Hori ondorioztatu dute klima-aldaketa ikertzen duten hainbat adituk; hala nola BC3 zentroko Unai Pascualek eta Eneko Garmendiak. Askotan gertatzen dira horrelakoak. BC3ko ikertzaileek azaltzen dutenez, Europako arrain-populazioak eta basoak berreskuratu ahal izateko, Afrikako uretan egiten den arrantzaren gaineko presioa eta oihan tropikaletako deforestazioa areagotu egin dira. Egoera ezberdin horiek kontuak hartzeko zenbait bide iradoki dituzte, “globalki pentsatu eta tokian ekin” ideiari jarraituz.
Anomalia termikoa nabaritu da aurten itsasoetan. Horrela berretsi dute Espainiako buien sareak jasotako datuek. Sustatun eman diguten datuon berri. Kantauri itsasoko eta Mediterraneoko urek errekor historikoak gainditu dituzte ekainean. Izan ere, Bizkaiko itsasadarrean ekainean batez besteko tenperatura 19,09º C-koa izan da, azken hamar urteotan erregistratu den altuena. Eta tenperatura maximoa 23,5º C-tara heldu da, inoizko beroena sasoi honetan. Bai, Kantauri itsasoko ura inoiz baino beroago egon da ekainean.
Artea eta kimikaKolore urdina aztertu du testu honetan Oskar Gonzalezek. Itsasoaz haraindiko urdina Erdi Aroaren bukaera aldean iritsi zen Italiara. Kokcha haraneko (Afganistan) meatzetan lortzen zen. Bertan, lapiz-lazuli ugari lortzen zen. Erdi-harribitxia da, lazulita asko dauka gainera eta hori da hain zuzen ere urdin hori eragiten duena. Oso jende gutxik eros zezakeen horrelakorik. Baina Europan bazegoen aukera merkeago bat: “hemengo urdina”, zurita ere deitua. Kobre karbonato basikotik lortzen zen eta oso ugaria zen Alemaniako mendietan. Pigmentuak eragozpenak sortzen zituen baina eta beraz, pigmentu urdin artifizialak egiten hasi ziren. Hori lortzen lehenak egiptoarrak izan ziren hain zuzen 2500 Kristo aurretik historian lehenengo pigmentu sintetikoa lortu zutenak. XVIII. mendetik aurrera, Frantzia izan zen pigmentu urdina sintetizatzen gehien saiatu zena. Pigmentu urdin ezberdinak erabili dituzte margolariek historian zehar. Ez galdu!
MedikuntzaArreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua bezalako gaitzengandik edoskitzeak izan dezakeen babes funtzioa ikertu dute. Edoskitzeak autismo ezaugarrien aurrean babes dezake. Lotura kausala ezin da ezarri, hala ere. INMA Proiektuko datuak erabilita egin da ikerketa. Azterlanean parte hartu dute Enrique Arranz eta Manuel Sánchez UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek eta Jesús Ibarluzea Biodonostiako ikertzaile eta Psikologiako Fakultatera atxikitako ikerketa-laguntzaileak.
Ingeniaritza eta teknologiaOrain dela sei urte hasi zela Hasier Larrea ingeniaria robotika eta arkitekturarekin lanean Bostongo (AEB) MIT Media Laben. Metro koadro adimentsua lortzeko lanean diharduen ingeniari talde bateko kide da eta produktu berri bat kaleratu dute berriki: botoi bat klikatuta espazioa eraldatzen duen altzaria. Larreak azaltzen duenez etxebizitza edo mikroetxebizitzetarako pentsatuta dago. “Gure sistemak espazioaren banaketa aldatzen du, eta, aldi berean, gauzak gordetzeko leku asko sortzen du. Ideia da etxebizitza txiki bati handiago baten erabilgarritasuna ematea”.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #161 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #166
Astakeriak egin dira zientziaren izenean. II. Mundu Gerrako kontzentrazio-eremu nazietan egindako esperimentu arrazistak izan daitezke honen adibiderik argienetakoa. Duela gutxi ere egin dira oinarri arrazista sendoa izan duten esperimentuak. Eta ez dituzte naziek egin. Berrogei urte iraun zituen horietako batek. José Ramón Alonsok kontatzen digu Syphilis at Tuskegee artikuluan.
Lagun berezi berria du David Humek… eta pilula urdinak behar ditu. Lehen mailako arazo filosofikoa suposatzen du honek, non Otto Neurath erresidentzia kideak zeresan handia izango duen. Jesús Zamora Bonillak dakarkigu istorio bitxi hau: Hume’s viagra or the new riddle of induction.
Elementu kimiko baten isotopoek ez dute portaera fisiko-kimiko bera. Ikerketa zientifikoaren zenbait alorretan ezinbestekoa da hau, ezagutza teorikoa, beraz, oso garrantzitsua da. Ezagutza horrek sorpresak ematen dituzte batzuetan, Romain Dupuisek Geological phenomena implying dissolved species bring new insights on fundamental thermophysics azken ikerketan azaltzen duen bezala.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #166 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elisabeth Kübler Ross (1926-2004): Gaixoen sufrimendua itzali nahi zuen emakumea

Irudia: 1957. urtean Züricheko Unibertsitatean medikuntzan lizentziatu zen Elisabeth Kübler.
Burutazio hori mantra bat bailitzan errepikatu zuen bere bizitza osoan zehar. Modu horretan bilakatu zen psikiatria arloan erreferentziazko emakumea; heriotza hurbil sentitzen duten gaixoen eta familiakoen emozioen-oreka ikertzen aitzindari eta zainketa aringarri edo paliatiboetan aditu izan zen. Horretaz gain, heriotza duina lortzearen aldeko apustua egin zuen.
Medikua izan nahi zuela argi zuen hasieratik baina aitaren debekuarekin egin zuen topo. Gauzak horrela, hamasei urterekin etxeko erosotasunetik ihes egin zuen. Jakin bazekien kanpoaldeko egoera zein zen; laztura nagusi, heriotza nonahi, errealitate gordina. Baina horrek guztiak ez zuen gelditu. II. Mundu Gerran ospitale ezberdinetan lan egiten hasi zen boluntario gisa, gerratik zetozen zaurituak eta errefuxiatuak lagunduz. Horren ondotik, Züricheko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak burutu zituen eta graduatzea lortu zuen ere 1957. urtean, hain zuzen. Ezkondu egin zen Emanuel Rober Rossekin urtebete geroago eta harekin bi ume izan zituen (aurretik beste bi galdu). Familia osoa Estatu Batuetara joan zen.
Psikiatria erresidentzia egiten hasi zen eta bertan, gaixo terminalekin kontaktua izan zuen lehen aldiz. Laster ikusi zuen zer nolako garrantzia zeukan gaixoak eta euren familiakoak prestatzea trantze mingarri horretarako. Prozesu horretan beharrezkoa zen laguntza hori eskaini nahi zien gaixoei, nola edo hala.
1962an Coloradoko Unibertsitatean hasi zen lanean eta hiru urte geroago, Chicagon. Bere klaseak ezberdinak ziren: gaixo terminalak gonbidatzen zituen bertara eta horrela ikasleek haiei zuzenean galdetzeko aukera zuten. Klaseak emateko prozedura hura ez zuen mundu guztiak onartu.
Bere lan erraldoia eta ondoren sortu zen polemikaBere obrarik garrantzitsuena On death and dying (Sobre la muerte y el morir) da, bere lehen liburua, 1969an publikatu zuena. Bertan heriotzaren asimilazioan gertatzen diren bost faseak esplikatu zituen, hala nola: ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena. Kübler-Ross eredua dugu hori. Berehalako arrakasta lortu zuen liburuak. Hala, mundutik zehar hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak eman zituen.
Bestelako ideiak ere zabaldu zituen suitzarrak. Argitaratutako gainontzeko obretan doluaz eta minaz mintzatu zen, eta baita testigantzak tartekatu ere, gaixo zeuden umeenak, adibidez. Mundutik barrena emandako konferentziak ere bilduta daude liburu batean eta badauka argitaratuta ere minbizia zuen 10 urteko ume bati bidalitako gutuna.
1977an Kaliforniara joan zen bizitzera bere familiarekin eta bertan ideia iraultzaile bat garatu zuen. San Diegotik gertu, Shanti Nilaya –Bakearen etxea izango litzateke itzulpena– sortu zuen, duintasunez heriotza itxaroteko espazio bat. Horren ondotik, Küblerren lana polemikoa bihurtzen hasi zen. Izan ere, hiesdun umeentzat gune bat sortu nahi zuen Virginian. Bertako bizilagunek, gaixotasunaren beldur, ezezko borobila eman zioten. Halaber, esoterismo gisako esperientzietara hurbiltzen hasi zen eta horren kariaz, komunitate zientifikoak izen ona galarazi nahi izan zion.
1995ean hainbat krisi sufritu zituen –istripu zerebrobaskularrak– eta partzialki immobilizatuta gelditu zen. Horren ondotik Shanti Nilaya itxi zuten. Azkenik, Herioak Arizonan harrapatu zuen 2004.urtean. Hil eta hiru urtera, American National Women’s Hall of Fame-n sartu zuten. Mundu osoan ezagunak diren hogei obra baino gehiagotan utzi zuen gordeta psikiatra suitzarrak bizitasun osoz heriotzari buruz pilatu zuen ezagutza guztia.
—————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
—————————————————–
The post Elisabeth Kübler Ross (1926-2004): Gaixoen sufrimendua itzali nahi zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.
Jirafak

———————————————————————————————————–
Lepoaren luzera da jirafaren ezaugarririk behinena. Lepo horri esker, beste belarjaleek eskura ezin ditzaketen hostoak jan ditzake jirafak. Lepo luze hori horretarako ote duten ez dago esaterik, baina bai esan dezakegu lepo luze horri esker irits daitezkeela arbola askoren goiko hostoetara.
1. irudia: Jirafak.
Historian izan den jirafarik famatuena Medici-ren jirafa izan da, Lorenzo de Mediciri 1486an bidali ziotena. Hura ez zen izan, baina, Europara ekarri zuten lehena. Julius Caesar-ek k.a. 46an jirafa bat eraman zuen Erromara Egipton izandako garaipenak ospatzeko. Eraman zuen bilduma osatzen zuten animalien artean jirafa izan zen arrakastatsuena. Erromatarrek grezierazko jatorria (καμηλοπάρδαλη) duen izena (camelopardale) eman zioten ordura arte guztiz ezezaguna zuten animaliari, gameluaren eta lehoinabarraren ezaugarriak nahastuta zituela iruditu zitzaielako. Hortik dator, hain zuzen ere, jirafaren izen zientifikoa, Giraffa camelopardalis. Generoaren izena arabieratik dator –ziraafa edo zurapha hitzetik- eta camelopardale espeziea izendatzen duen bigarren hitza, aldiz, grekotik.
Julius Caesar handia antzeratu nahi izan zuen Lorenzo de Medicik, Caesarrek erromatarren artean zeuzkan ospe edo auctoritas berdina izan nahi baitzuen berak Florentziako herritarren artean. Segurtasun osoz ez dakigun arren, badirudi al-Ashraf Qaitbay Egiptoko Sultan Mamelukoak oparitu ziola, otomandarren aurka Mediciren laguntza eskuratzeko. Arrakasta handia izan zuen jirafak Florentzian, hain arrakasta handia, non garaiko artistek euren margolanetan margotu eta idazlanetan jaso baitzuten. Francesco di Ubertino Verdi Il Bacchiaccaren «Mana bilketa» margolana dugu horren adibide ona, baina ez bakarra.

2. irudia: Il Bacchiaccaren “Mana bilketa” margolana.
Jirafa gaixoak, ordea, zorte txarra izan zuen; korta berezia prestatu zioten arren, lepoa hautsi zuen kortako habeen aurka buruan kolpea hartu ondoren. Kortako habeak ez bide zeuden behar bezain altu. Azken batean, munduko animaliarik garaiena da jirafa. 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke arrak.
Horren lepo luzeak, bistan da, ondorio bitxiak ditu, odola bururaino bidaltzeko «ponpa» indartsua behar baita altuera handi horretara heltzeko. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta 7’5 cm-ko lodiera dute haren hormek. Indar handia egin behar du; aortatik ateratzerakoan, beste edozein ugaztunen bikoitza da odolaren presio arteriala.
Presio hori, baina, arazo handia izan liteke bihotzetik behera dauden organo eta gorputz-ataletarako, presio handiegia jasan behar dutelako. Izan ere, presio horretan odol-plasma kapilarretatik irten egingo litzateke beste edozein animaliaren hanketan. Jirafetan hori ez da gertatzen, noski, haien odol-hodien hormak, ehun konektiboa eta larruazala oso lodiak direlako. Gainera, pilotuen g jantzien moduko larruazala dute jirafek; hau da, odolaren presioaren kontra egiten du larruazalak. Horri esker, odola ez da hanketan pilatzen eta ez da edemarik gertatzen.
Zer gertatzen da, baina, ura edateko burua jaitsi behar duenean? Odola ez ote zaio buruan pilatzen? Arazoa konpontzeko sistema berezia dute jirafek lepoan. Izan ere, ez da jirafetan sortu den sistema berria, baizik eta ugaztun guztiok dugun egitura baten erabilera moldatua. Buruaren azpian dugun rete mirabile delakoaz ari gara, sare miresgarriaz alegia. Sare miresgarriak beherago ikusiko ditugu; atunek muskuluak berotzeko erabiltzen dute, esaterako, eta kontrako helburua betetzeko erabiltzen dugu ugaztun askok, burua gehiegi ez berotzeko, alegia[1].

3. irudia: Jirafa ura edaten.
Paraleloak diren odol-hodi askok osatzen dute rete mirabile bat, eta odol-hodi horiek odol-bolumen oso desberdinak har ditzakete barnean. Hori dela eta, burua jaisterakoan rete mirabilearen hodiak odolez betetzen dira, eta horri esker odola ez da bururaino heltzen; burua altxatzean, berriz, odol-hodiak hustu egiten dira. Zeregin horretan balbula batzuek eraentzen dute odol-fluxua, eta garrantzi handikoak dira prozesua era egokian bideratzeko. Nolabaiteko indargetze-lana egiten du sare miresgarriak kasu honetan, presio hidrostatikoa indargetzea, hain zuzen ere.
Oharra:
[1] Rete mirabile delako hori bero-trukatzaile bat da. Elkarren ondoan dauden odol-hodien sorta bik osatzen dute, eta sorta bakoitzaren hodiek kontrako norantzan daramate odola. Horregatik trukatzen dute beroa, batzuek besteei iraganarazten diotelako.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du
The post Jirafak appeared first on Zientzia Kaiera.
Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile

1 irudia: Sare sozialen bitartez zabaltzen dira gezur gehienak. (Argazkia: Kansasko Unibertsitatea)
Facebook-en horman ez –oraindik ez zegoen halakorik-, baina Egiptoko hainbat tenplutako hormetan marraztu zuen Ramses II faraoiak Historian dokumentatutako lehen gezur handia. Bertan zehaztu zituen hititen aurka Kadeshko guduan izandako garaipena. Historialariek badakite, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan zela, eta gudu horretan garaile garbirik ez zela izan. Berdinketa tekniko horretatik atera zen ere Historiako lehen bake hitzarmena.
Nahita zabaldutako desinformazioa ez da, beraz, gaur egungo kontua. Halere, normalean estatuek edo korronte ideologiko boteretsuek zabaldutako propaganda izan da erraz barreiatu dena. Zorionez ala zoritxarrez, Interneten garapenak informazio eredu hau irauli egin du. Orain edozeinek zabal dezake mezua eta, teorian behintzat, mila milioika laguni heltzeko ahalmena dago.
Informazio andana izateak, ordea, gezurren zabalpena erraztu du, eta fenomenoak zientzialariek arreta ekarri du. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aztertu dute gaia Indianako Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) eta Shanghaiko Teknologia Institutuko (Txina) ikertzaileek. Ondorio nagusia atera dute: gero eta informazio gehiago dago eta erabiltzaileen arreta gero eta mugatuagoa da. Horrek hauspotzen du gezurren eta berri faltsuen hedapena sare sozialetan.
Aurreko ikerketetan oinarrituta, zientzialariek bazekiten kalitatea ez dela beharrezkoa Interneten informazio bat birala bilaka dadin. Baina erantzunik gabeko galdera bat zegoen airean. Zergatik bilakatzen da birala kalitate baxuko informazioa? Egileek John Milton poetak zabaldutako ideia bat ekarri dute gogora: ideiak askatasunez eta modu irekian alderatzen direnean, egia garaile aterako da. Senak ala agintzen du, eta munduan diren antzeko beste hainbat fenomeno ere ideia borobil horren zuzentasunaren adierazle dira: eboluzioan, esaterako, inguruarekiko hoberen egokitzen direnak nagusituko dira; ekonomian, berriz, merkatuaren beharrak egokien asetzen dituzten produktuak ere hobetsiko dira. Errealitateak, ordea, poeta ingelesa erratu zela erakutsi du; bidelagun aparta izanda ere, sena ez da beti garaile ateratzen.
Ikertzaileek eredu teoriko bat garatu dute sare sozialetan izaten den informazioaren jarioa jarraitzeko. Halako informazio zati bakoitzari “meme” deritzo. Meme horiek oso bestelakoak izan daitezke: albiste bati lotura, esaldi bat, traola bat, bideo bat edo irudi bat. Twitter, Facebook eta Tumblr sare sozialetan egin dute albisteen jarraipena.
Funtsezko bi faktore kontuan hartu dituzte ikerketan: batetik, hedatzeko lehian dauden memeak; bestetik, jasotzaileek duten arreta mugatua. Bi faktore horien arteko elkarrekintzatik erabakitzen omen da informazio sistema batean zeintzuk izango diren hedadura gehien lortuko duten memeak. Jende gehienak denbora laburrez mantentzen du arreta albiste bakoitzean. Ondorioz, arreta lortzeko lehia gehiago sortzen da meme ezberdinen artean. Egoera horretan, erabiltzaileak di-da batean erabaki behar du albiste bat onartzea ala alboratzea, eta askotan erabaki hori ez da egokiena.

2 irudia. Noizbehinka berri faltsuak ere hedabide “tradizionaletan” sartzen dira. ‘Euskalburroa’, horren adibide da.
Egileek arazoaren tamainaz ohartarazi dute: “hedabide sozialetan, ebidentzia anekdotikoetan oinarritzen diren iruzurrak, konspirazioaren teoriak eta berri faltsuak” barra-barra zabaltzen ari dira, eta, hortaz, “desinformazio digital masiboa gure gizarteak dituen goi mailako arriskuen artean” kokatu behar da. Metafora bat baliatu dute egoera azaltzeko: “sare sozialak gure arreta eskuratzeko lehian ari diren ideia eta albisteen merkatu masiboak dira”.
Bestetik, “bot” automatikoen papera azpimarratu dute. Informazio faltsuak automatikoki eta abiadura handiz zabaltzen dituzte automatizatutako programa hauek. Desinformazioaren hedatzeari aurre egiteko, ikertzaileek zerbitzu hauen erabilera mugatzea proposatzen dute eta, orokorrean, sisteman sartzen diren sarrera kopurua mugatzearen alde azaldu dira.
Sare sozialak, informazio iturriBeti hala ez bada ere, informazioaren atzean hedabide jakin bat egotea, beraz, informazioaren gutxienezko bermea izan daiteke. Halere, sare sozialen bitartez eskuratutako berrien kontsumoa gora doa, Nafarroako Unibertsitateak egindako inkesta baten arabera. Unibertsitate hau mundu mailan urtero osatzen den Digital News Report ikerketaren Espainiako atalaz arduratzen da. Guztira 36 herrialdetan egindako 70.000 inkestatan oinarritzen da ikerketa; horietatik, 2.000 inguru Espainian egin dira.
Inkestaren arabera, Espainiako erabiltzaileen %41ek sare sozialen bitartez kontsumitzen ditu albisteak. Hori egiten duten lagunen kopurua gora badoa ere (%35 ziren duela bi urteko inkestan), oraindik internauta gehienek hedabide marka “tradizionalak” erabiltzen dituzte informazioa jasotzeko (telebista kateetako webguneak, egunkariak edo hedabide digitalak). Gainera, hamar internautetatik seik gutxienez zazpi hedabide ezberdin kontsumitzen ditu Interneten.
Copy-pastearen garaian, hedabide horietan ere kontsumitzaileek askotan informazio beretsua jasoko dute seguruenera, baina, noizean behin, gizaki batek denboraz landutako informazio kontrastatua jasotzeko aukera izango dute. Informazio hori egokia ala okerra izan daiteke, baina, bederen, sinatzaile bat egongo da atzean. Ohitura bitxi horri kazetaritza deritzo, eta, garai latzetan egonda ere, oraindik pizten du John Miltonek aipatutako ilusioa: ideiak askatasunez alderatzean, egia –edo horren antzeko zerbait- garaile aterako da.
Erreferentzia bibliografikoa:
Xiaoyan, Oliveira et al. Limited individual attention and online virality of low-quality information. Nature Human Behaviour 132 (2017). DOI:10.1038/s41562-017-0132
The post Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile appeared first on Zientzia Kaiera.
Urdinean blai
Pablo Neruda. XX. poema. Abeslaria: Chavela Vargas
Urdina inspirazio-iturri izan da gizakiontzat: izarren distira, uhinen isla, zeruaren handia, begi urdinak… Kolore honek ehunka abesti eta bertso eragin dizkio gizakiari, eta, zer esanik ez, garrantzitsua izan da Artearen Historian ere. Bere ingurua irudikatzen hasi zenetik, gizakiak izugarrizko ahaleginak egin ditu kolore hori pigmentuen bidez islatzeko.
Zer da ordea urdina? Zientziaren ikuspegitik, espektro elektromagnetiko baten tarte bat besterik ez da, 460 eta 495 nanometroen artean. Tarte txiki horretan ordea, nahi beste ñabardura aurki daitezke: urdin iluna, zeru-urdina, turkesa, blue-jeanen urdina,… Zuzena da beraz kolore bakar dugula esatea? Ez da zuzena Errusian behintzat. Errusierak, bi zatitan dauka espektroa: golubóy (zeru-urdina), eta síni (urdin iluna). Vietnamerak ordea, hitz bera erabiltzen du urdina zein berdea adierazteko. Horrelakoak dira hizkuntzak.
Emaidazue freskura ura eskutik eskura izarren salda urdina edanda bizi naiz gustora.
Xabier Amuriza – Mendian gora haritza – Kantaria: Imanol
Ez dago munduan Giottok Scrovegni Kaperan egin zuen zeruaren antzekorik. Lan horretan, oso garrantzitsua izan zen pigmentua: itsasoaz haraindiko urdina. Cennino Cenninik esan zuen “Artearen liburua” izeneko lanean LXII atalean “itsasoaz haraindiko urdina kolore noblea da, ederra, beste kolore guztiak baino hobea”. Ez naiz ni ba izango horretan gauzak hobetzen saiatuko dena. 1. Irudian ikus dezakezue kapera honen kupula. Badakizue hala ere argazkiek nekez erakusten dutela artelan baten eder osoa. Stendhalen sindromeak joak izateko, artelana bete-betean dastatzeko, Padovara joan behar da, Vénetora (Italia).

1. irudia: Giottoko Scovegni familiaren Kaperako Kupula (1305-6). Iturria.
Itsasoaz haraindiko urdina Erdi Aroaren bukaera aldean iritsi zen Italiara. Itsasoan zehar iritsi zen, eta horregatik jarri zioten izen hori. Kokcha haraneko (Afganistan) meatzetan lortzen zen. Bertan, lapiz-lazuli ugari lortzen zen. Erdi-harribitxia da lapis-lazuli, eta lazurita asko dauka. Lazurita da urdin hori eragiten duena: Na8-10Al6Si6O24S2- . Ez da esan beharrik garai hartan ez zegoela oso “errepide” onik eta erraz imajina daiteke honelako harribitxien prezioa. Oso jende gutxik eros zezakeen horrelakorik, eta batez ere Birjinaren jantziak irudikatzeko erabiltzen zen, Jainkoaren ama izanda urdinik bikainena merezi zuelakoan.
Zorionez, Europan bazegoen aukera merkeagoa: “hemengo urdina” (itsasoaz haraindikoa ez bezalakoa), zurita ere deitua. Oso ezaguna eta erabilia izan zen Erdi Aroaren bukaeran eta Berpizkundean, eta Kobre karbonato basikotik 2·CuCO3·Cu(OH)2) lortzen zen. Karbonato hau oso ugaria zen Alemaniako mendietan, eta izan ere “Alemaniako urdina” edo “mendietako urdina” ere esaten zaio. Pigmentuak ordea hainbat eragozpen eragiten zituen. Alde batetik, kolorea ez da bat ere egonkorra, eta berderantz lerra daiteke minerala malakitara aldatzen bada. Era berean, ilundu daiteke kobrea oxidatu egiten bada (CuO), tenoria (beltza) emateko. Hori dela eta, jatorriz urdinak ziren koadro batzuk, berde edo beltz direla ematen du egun. Beste alde batetik, itsasoaz haraindikoa baino merkeagoa zen, baina ez merkea. Gauzak horrela, pigmentu urdin artifizialak egiten hasi ziren.
Uste dugu Europa dela arte-munduaren erdialdea, baina Egipton sortu zen askoz ere lehenago interes hori. Egiptoarrak izan ziren hain zuzen 2500 Kristo aurretik historian lehenengo pigmentu sintetikoa lortu zutenak: urdin egiptoarra, kobre eta kaltzio silikato bat (CaCuSi4O10). Horrelakoa lortzeko, tenperatura handietan (800ºC inguru) nahasten ziren area (silikatoaren iturria), kaltzio karbonatoa (kaltzioaren iturria) eta malakita (kobrearen iturria). Natrona (Na2CO3) gehitzen zen urgarri modura, eta horrela jaitsi egiten zen urtuaren tenperatura. Prozesu honetan oso urdin egonkorra lortzen zen, gure egunetaraino ere heldu delako, askotan 4000 urte iragan ondoren era ezin hobean mantendua. Rafaelek erabilitako urdinak aldiz, erabat aldatu dira. Egipto 1 –Europa 0.

2. irudia: Aurrretik ikusia dugu Ducciok erabili zuela itsasoaz haraindiko urdina; kolore honek ez du argi infragorria xurgatzen, eta horrela, gardena zen irudi infragorrietan. Dirk Boutsek aldiz, azurita erabili zuen, eta horrek, argi infragorria xurgatzen duelarik, irudi iluna uzten du argi infragorrian
“Maitasuna urdina da eta kulunkatu egiten du nire bihotz maitemindua. Maitasuna urdina da, zure begietako zeruaren antzera”. (Bleu, bleu, l’amour est bleu. Berce mon cœur, mon cœur amoureux. Bleu, bleu l’amour est bleu. Bleu, comme le ciel qui joue dans tes yeux2)André Popp eta Pierre Cour. “L’amour est bleu”. Abeslaria: Vicky
XVIII. mendetik aurrera, Frantzia izan zen pigmentu urdina sintetizatzen gehien saiatu zena. Izan ere, kimika modernoaren sorlekua da Frantzia. Erdi Arotik, margolanetan erabiltzeko moldatzen zen esmaltea, kobalto oxido bat, kristalari urdin kolorea emateko erabiltzen zena. Egiptoarrak izan ziren kobaltoa erabiltzen ere lehenak, XXVII Kristo aurretik. Edonola, urdin kobaltoa ez zen XIX.mendera arte merkaturatu. Bere formula hobetua (CoO·Al2O3), 1807an lortu zuen Louis Jacques Thénard kimikariak. Pigmentu hau oraindik erabiltzen da, eta oso harrera ona eman zioten margolari inpresionistek, aurkitu ondoren zenbait hamarkada beranduago. 3. Irudian ikus daiteke Renoirek nola erabili zuen.

3. irudia: Les parapluies (180×115 cm). Renoir (1881-1886). Iturria.
Artelan hau zoragarria da koloreen erabileraren ikuspegitik. Izan ere, urdin kobaltoa ez zen bertan erabilitako urdin bakarra. 1880-1885 tartean, margolari frantziarrak nahiko aldatu zituen bere koloreak, eta bazter utzi zuen kobaltoa, itsasoaz haraindikoa hartzeko. Hain zuzen “Euritakoak” margotu zuen garaian gertatu zen hori. National Gallery izenekoan egindako ikerketek agerian utzi dute artelan honetan pigmentu biak daudela: zenbait tokitan, kobalto oxidoa itsasoaz haraindikoaz estalita dago. Pentsa dezagun baina. Ez ote zen ba itsasoaz haraindikoa oso garestia? Renoirrek nonbait aurkitu ote zuen merkeago? Ba ote zuen zuzeneko harremanik Afganistanekin? Izatez, urdin hori ez zen jadanik Asiakoa, Frantziakoa baizik. Frantziak lortu zuen produktua sintetizatzea. Bere konposizio kimikoa aurkitu zuten, eta gobernuak sari bat eskaini zion sintesi-bidea aurkituko zuenari. Jean-Baptiste Guimeti eman zitzaion saria, eta 1830.ean industria mailan hasi ziren sintetizatzen. Horrekin batera, alemanek ere gauza bera erdietsi zuten.
“Urdina, lerroak itsaso handian, egiaren atzetik sutsu” (Azul, líneas en el mar que profundo y sin domar acaricia una verdad)
Antonio Vega, egilea eta abeslaria: “Zeu zintuen ardatz”
Urdin kobaltoa eta itsasoaz haraindiko urdina sortu baina hamarkada batzuk lehenago, Diesbach izeneko artisau batek oso ezaguna bilakatu zen pigmetua aurkitu zuen XVIII. mendearen hasiera aldean. Dirudienez, serendipia kasu bitxi bat izan zen. Diesbach saiatzen ari zen gorri koloreko kotxinila-laka lortzen, baina ustekabean, produktu urdin bat aurkitu zuen: Prusiako urdina. 1724.ean, merkatura eraman zen produktua, bere Fe7(CN)18 formulan susma daitekeen baino korapilatsua dena. Izan ere, burdinak oxidazio-egoera desberdinak izan ditzake.
Artegile ugari hasi ziren pigmentua erabiltzen. Urdin berria, askoz ere biziagoa eta indigoa eta beste pigmentu natural batzuk baino egonkorragoa. Munduan zehar hedatu zen eta Txinara ere eraman zuten holandar salerosleek. Han, Hokusai handiak erabili zuen oso lan ospetsua egiteko. Ukiy-o formatoan egin zuen, hau da, egurrean egin zituen irudiak. Lan hori, Nueva Yorkeko Metropolitan museoan dago eta “Kanagawaren olatu handia” du izena. 4. Irudian ikus dezakezue.

4. irudia: Kanagawaren olatu handia (26 x 38 cm). Hokusai. Iturria.
“Urdina duzu ninia, eta barre egitean, bere argitasun leunak, gogora dakarkit egunsentiaren dardara, itsasoan islatua” (Tu pupila es azul, y cuando ríes, su claridad suave me recuerda el trémulo fulgor de la mañana, que en el mar se refleja)Gustavo Adolfo Becquer –XIII. errima– “Abestu” Eskur (espainierazko zeinu-hizkuntzan moldatua)
Kontu hauek irakurrita, burura etorriko zaizue agian “Big Eyes” filma. Duela urte batzuk estreinatu zuten, eta Amy Adams zen protagonista. Margaret Keane margolariaren bizitza zuen ardatz. Margolari honen lanak, oso bereziak dira, bere pertsonaiek oso begi handiak dituztelako (5. Irudia). Badaude ordea niri bitxiagoak gertatzen zaizkidan beste begi batzuk, urdinak jakina: Amadeo Modiglianik margotu zituenak, Jeanne Hébuterne bere musarengan inspiratuak Jeanne ere margolaria zen, eta musa, adiskide mina izan zen, bere buruaz beste egin baitzuen, maitasun-historiari bukaera emanda.

5. irudia: Ezkerrean, Play time (20 x 25 cm) (Margaret Keane); iturria. Eskuina: Begi urdinak (Jeanne Hébuterneren erretratua) (5 x 43) Amadeo Modigliani (1917); iturria.
Eta hitz dezagun Modigianik erabilli zuen beste pigmentu urdin bat: zeruleoa. Honek ere kobaltoa dauka, baina baita eztainua. Zehatz esanda, kobalto estannatoa da (CoO · n SnO2). 1821.etik ezagutzen da baina 1980.ean hasi zen George Rowney merkaturatzen Ingalaterran, eta orduantxe egin zen ezaguna. Pigmentu honen izena latinetik dator, caeruleus, eta hau caelum ‘zeru’ izenetik eratorria da latinaren barruan. Hain zuzen ere, merkatura iritsi zenetik, zerua irudikatzeko erabili izan da. Eta zer dela eta hemen Modigliani aipatzea? Modiglianik ez zuen ba pigmentu hau erabiltzen (dakigun bezala beste aukera asko zeudelako), eta horri esker, faltsutze asko harrapatu dira. Duela zenbait urte, koadro hori atzerabegirako erakusketa batean jartzeko eskaini zen, baina kimikako analisiak eginda, hura ustekabea!: urdin zeruleoa zegoen. Erakusketaren antolatzaileek nahiko izan zuten pigmentu hori aukitzea eta Modiglianiren lanetan ohikoak ziren beste pigmentu batzuk ez zeudela ikustea: baztertu egin zuten koadroa erakusketatik. Beste behin, egia agerian utzi zuten kimikako analisiek eta zorrotz lan egiteak.
“Tertziopelo urdina zeraman soinean, gaua baino urdinagoa. Satina leunagoa zen, izarretako argia baino” (She wore blue velvet Bluer than velver was the night, Softer that satin was the light from the stars)Bernie Wayne eta Lee Morrus. Blue Velver. Abeslaria: Isabella Rosellini
Kyle Maclachian Isabella Rosellini liluraturik begira dago, emakumea Blue Velvet abesten ari den bitartean, hain zuzen ere Blue Velvet izeneko filmean. Urdin mota guztiak ez ezik, testurak ere landu ditzakete artegileek, eta halaxe egin zuen Yves Kleinek, pintura berri bat sortu zuenean. Yves Klein izena jarri zioten pinturari. Pigmentua, itsasoaz haraindikoa zen, eta sintesi bidez lortua. Hala ere, aglutinatzailea zen gakoa. Rhône Poulene enpresa farmazeutikoko kimikariek polimero biniliko bat garatu zuten. Berak, alkohol etilikoak eta itsasoaz haraindiko urdinak International Klein Blue izenekoa osatzen dute. Aurretik behar bezain azalduta dago hau guztia hemen (baina Youtuben ere kontsulta dezakezue).

6. irudia: Samokraziako garaipena (S 9) (50×26×30 cm). Yves Klein (1973). Arte klasikoak eta arte garaikideak bat egiten dute obra honetan.
Laburbilduta, urdina kolore bat baino gehiago da (eta kolore bi baino gehiago). Kimikaren historiaren eragile liluragarria da. Giottoren zerua da, gogo bat, Kleinen Venus hura, Birjinaren mantua, Jeanneren begiak, bertso bakan batzuk, Picassoren garai bat, Hokusairen olatua, eta milaka akorderen sortzaile.
Gehiago jakiteko:
Cennino Cennini “El libro del arte” Ediciones Akal (1988).
Xavier Durán “El artista en el laboratorio” Universidad de Valencia (2008).
Deborah Garcia Bello (2013) “La química del azul de Klein”
M. Douma (2008). “Pigments through the Ages”
R. Klockenkämper et al. (2000) “Analysis of Pigments and Inks on Oil Paintings and Historical Manuscripts Using Total Reflection X-Ray Fluorescence Spectrometry” X-Ray Spectrom. 29, 119–129. DOI: 10.1002/(SICI)1097-4539(200001/02)29:13.0.CO;2-W
—————————————————–
Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea ere.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Urdinean blai appeared first on Zientzia Kaiera.
Autismotik eta arreta gabeziatik babesteko, edoskitzea
Edoskitzeak haurraren garapen kognitiboan eragin positiboa zuela, ama-ume elkarreraginaren ondorioz, uste zen orain arte. Edoskitzean umeak hartzen dituen gantz-azidoek sistema neurologikoak estimulu sozialei dien sentsibilitatea aktibatu egiten duela zehaztu ahal izan da aldagaiak bereizita identifikatzeko aukera eskaintzen duten azterlanei esker.
Edoskitzearen iraupena eta garapen kognitiboa, arreta, AGHN sintomak eta autismo-ezaugarriak lotu dituzte ikerketa honetan. Edoskitzeak autismo ezaugarrien aurrean babes dezakeela da ikerketaren ekarpena. Lotura kausala ezin da ezarri, hala ere, beste faktore batzuek ere esku hartzen dutelako.
Amagandik edoskitzeak funtzio kognitiboan eragin positiboa duela erakutsi du ikerketak. Edoskitzearen iraupena eta haurren adimen errendimendua positiboki lotzen dituzten hainbat ikerketa egin izan dira, iraupen luzeagoa errendimendu hobea.
Arreta gabeziaren hiperaktibitate nahasmendua (AGHN) eta espektro autistaren nahasmendua bezalako portaera arazoen aurrean edoskitzeak izan ditzakeen efektu babesle potentzialak aztertu dute oraingoan eta bien arteko harreman positiboa dagoela iradokitzen dute emaitzek.
Edoskitzearen iraupen luzeagoaren eta bai garapen kognitibo hobearen bai espektro autistaren nahasmenduaren zantzu txikiagoaren arteko lotura azalaratu du ikerketak, faktore sozioekonomikoak edozein direla. Edoskitzearen eta funtzio kognitiboaren arteko lotura positiboa, gizarte eta ingurumen faktoreetaz kanpo, frogatu du ikerketak.
MetodologiaINMA Proiektuko datuak erabilita egin da ikerketa. Estatu mailako ikerketa da INMA, kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzen duena, nazioarteko beste ikerketa batzuekin koordinatuta.erabili dira.
2003an jaiotako Asturias, Gipuzkoa, Sabadell eta Valentziako 1.346 haurren datuak dira ikerketan aztertu direnak. 2008an (umeak bataz beste 4.9 urte zituztenean) hainbat froga eta test egin zitzaizkien, laugarren hilera arte jasotako edoskitzeak (zela elikagai iturri nagusia, zukuak edo ura ere edaten zuelako; zela iturri bakarra, edoskitzea besterik ez zutelako hartzen) eta garapen kognitiboa, espektro autistaren zantzuak eta AGHN sintomak loturarik zuten ikusteko.
Azterlanean parte hartu dute Enrique Arranz eta Manuel Sánchez UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek eta Jesús Ibarluzea Biodonostiako ikertzaile eta Psikologiako Fakultatera atxikitako ikerketa-laguntzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Boucher, O., Julvez, J., Guxens, M., Arranz, E., Ibarluzea, J., de Miguel, M. S. & O’Connor, G. Association between breastfeeding duration and cognitive development, autistic traits and ADHD symptoms: a multicenter study in Spain. Pediatric Research. DOI: 10.1038/pr.2016.238.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Aditzera eman dute edoskitzeak babes dezakeela haurra autismo eta arreta-gabeziaren aurrean
The post Autismotik eta arreta gabeziatik babesteko, edoskitzea appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #160
Juanma Gallego kazetariak entzute handiko gaia ekarri digu aste honetan: gezurretan oinarritutako terapiak, hala nola homeopatia, txertoen inguruko konspirazioak eta minbizia ‘sendatzen’ duten sendabelarrak. Testuan Josu Lopez-Gazpio UPV/EHUko kimikariak argi azaltzen du: “Ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere. Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da”. Baina zergatik batzuek diote produktu horiek funtzionatzen dutela? Kimikariak badu erantzuna ere horretarako: “Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan”. Fedea, eta horretaz gain, jendeak osagarri modura hartzen duela, ohiko botikekin batera, “laguntzeko edo”. Alabaina, aipatutakoak ez dira arrazoi bakarrak. Testu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Kolesterol-maila jaisten duen txerto bat probatuko dute pertsonetan. Europako Kardiologia Elkarteak aurkeztu du eta saguetan egindako probetan ikusi da txertoa segurua eta eraginkorra dela. Kolesterol “txarra” altua duten pertsonei zuzenduta dago, odol-hodiak buxatzen baititu. Txerto berriak AT04A du izena, eta PCSK9 entzimaren aurkako antigorputzak sorrarazten ditu.
AstrofisikaEguzkiaren espikulak –plasma-zorrotadak– nola sortzen diren azaldu dute. Egunero milaka espikula sortzen dira. Segundoko 50-150 kilometroko abiaduran ateratzen da plasma Eguzkiaren gainazaletik koroarantz. Juan Martinez-Sykorak eta kideek lortu dute zehaztea Eguzkiko plasmaren eta eremu magnetikoaren arteko zer elkarrekintza fisikoren bidez sortzen diren espikulak. Gainera, jakin dute espikulen eraginez Eguzkiaren kanpoko atmosferak tenperatura altua hartzen duela.
219 exoplaneta berri aurkitu ditu Kepler teleskopioak. Horietako hamar Lurraren oso antzekoak dira gainera. Horietako bat, adibidez, KOI7711.01 da eta eguzkiaren antzeko izar baten inguruan ari da biraka. Izar horretatik jasotzen duen argi kantitatea ere lurraren antzekoa da. Hala ere, ikertzaileek aurreratu dute, zalantzak asko direla eta planeta horren atmosferaren datuak beharko lituzketela ondorio zehatzagoak ateratzeko.
IngurumenaGanaduak eragiten dituen metano isuriez kezkatuta daude zientzialariak. Behien dieta moldatuz —azukre gehiago duten jaki batzuk emanez—, gas igorpenak txikitu daitezkeela ondorioztatu dute, urdailean jakiak metano bihurtzeko prozesua aldatzen delako. Teknika berri horiek hedatzen ari dira baina oraindik ez dago adostuta nazioartean gasen isurketa neurtzeko modurik. Horretan aritu da IPCC Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Taldea azken bi asteetan, UPV/EHUren Leioako campusean (Bizkaia) egindako bileran. Bertan 190 aditu izan dira eta 2019an izango dute prest gida berria.
Javier Franco AZTIko ikertzaileak argi utzi du elkarrizketa honetan: plastiko gutxiago kontsumitzen saiatu behar da. Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen Kudeaketa arloko teknikaria da eta plastikoek itsasoan dute eraginari buruz mintzo da honetan. Plastikoa ohiko materiala da gurean eta erabilera oso zabalduta dago. Itsasoko hondakinen %75 plastikoak dira. Eta hemendik aurrera, zer? Konponbiderik badago? AZTIko ikertzaileak dio hainbat modu daudela arazoari aurre egiteko. Adibidez: “Egunerokoan, plastiko gutxiago kontsumitzen saia gaitezke, baina zaila da: sistemak ez digu batere laguntzen”.
Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Hala berresten du Miren Onaindiak, Garapen Iraunkorra eta Ingurumen hezkuntzarako Unesco Katedraren zuzendaria UPV/EHUn, “Biosfera erreserba baten erdigunea pertsona da“. Ildo horretatik, Nekane Castillo ikertzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du. Helburua? “Biosfera Erreserbaren izendapenak kalte edo on egin ote dion Urdaibaiko biztanleriari”, azaldu du ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak, kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren emaitzak adierazten dute: ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzen lagundu duela.
IngeniaritzaLarrialdi egoeretan toki jendetsuak %25 azkarrago husten dituen ebakuazio sistema garatu dute Europako proiektu batean. Tekniker zentroak horretan parte hartu du. Anoeta estadioan eta Bilboko metroan egin dituzte proba pilotuak. Krisi egoeretan oso zaila da arrazionalki jokatzea. Hala, eVACUATE izeneko europar proiektuak kontuan hartzen du giza faktore hori eta jakin denez, aparteko egoerak detektatzen dituzten algoritmo adimendunetan oinarrituta, hari esker %25 arindu daiteke ekitaldi eta toki jendetsuak husteko prozesua. Jo ezazue artikulura informazio osagarria ezagutzeko!
BiologiaKlorofila da ardatz artikulu honetan. Klorofila landareek eguzkiaren argia xurgatzeko duten molekula da. Landareek karbohidratoak sintetizatzeko erabiltzen dute energia hau geroago, fotosintesiaren bigarren fasean. Klorofilaren molekula konplexua da. Jon Corresek azaltzen digu bertan porfirina eraztun bat dagoela (2. irudia) Mg2+ atomo zentral bat estekatuta duena, koordinazio-konposatu bat sortuz. Klorofilak argia xurgatu dezake, bere egituran lotura bikoitzak eta bakunak txandakatzen direlako. Hau dela eta, molekularen elektroi batzuk lekutu gabe daude, eta karbonoen artean erresonantziari esker mugi daitezke. Klorofila molekulak ez daude aske zelulan, kloroplasto izeneko organulu batzuen mintzetan baitaude kokatuta. Klorofilak energia (eta materia organikoa) eskuratzeko balio du.
Landareak jaten dituen armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izena eman diote. Akazia zuhaixketan bizi da. Akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoitzitako nektarra eta Belt gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrien janaria. Inurriek bezala, Bagheera armiarmek berdina jaten dute baina gero ez dute landarea defendatzen. Costa Rican 2001ean aurkitu zuten lehenengoz, eta 2007an, Mexikon, berriro behatu zuten.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #160 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #165
Suntsipen masiboko armarik baldin ez badago, ba al dago arrazoirik erasorako? Arazo honek, zalantzarik gabe, karga politiko nabarmena du eta dimentsio berri bat hartzen du jokoen teoriatik lantzen bada. José Luis Ferreirak ekiten dio gaiari: There may not be weapons of mass destruction. Should we still attack?
Astrofisikariek ez dute behatzen teleskopioetatik zehar. Are gehiago, ez dute gaueko zerua leihoan zehar begiratzen ere. Ordenagailu bateko pantailan datuak ikusi eta hauek maneiatzen dituzte. Víctor Marín Felip horretaz mintzo da haren azken artikuluan: How everyday astrophysics is done.
Duela urte asko aurkitu zuen naturak materialen zientzietan ditugun arazo konplexuen konponbidea. Hona dakargun adibidea harrigarria da benetan. DIPCko ikertzaileek esaten digute zein den berori: Enantioselective polymerization of a biodegradable polymer using a substituted aminoacid as a catalyst.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #165 appeared first on Zientzia Kaiera.
Edorta Unamuno: “Txorien migrazio ohiturak aldatzen ari dira” #Zientzialari (75)
Euskal Herrian 300 txori espezietik gora bistaratu daitezke. Horietatik asko migratzaileak dira, hau da, milaka kilometrotako bidaiak egiten dituzte, kontinente batetik bestera, ugaltzeko edota elikatzeko toki aproposen bila. Zeharkaldi luze horiek behar bezala burutzeko, ezinbesteko dute bidean geldialdiak egin eta atseden hartzea. Horretarako leku aproposak ditugu gurean, esaterako, Urdaibai Bizkaian, Salburua Araban, Txingudi Gipuzkoan edo Pitillas Nafarroan.
Txorien migrazioaren fenomenoari buruz gehiago jakiteko, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Center-eko biologoarekin izan gara. Bere esanetan, hegaztien migrazio ohiturak aldatu egin dira azken urteetan.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Edorta Unamuno: “Txorien migrazio ohiturak aldatzen ari dira” #Zientzialari (75) appeared first on Zientzia Kaiera.
Bertsozientzia (8): “Hauteskunde-inkestek ez dute asmatzen”
Inkesta elektoralen eta gerora izaten diren emaitzen arteko ezberdintasunaz aritu da Patxi Juaristi soziologoa. 2016ko hauteskunde orokorretan protagonismo handia izan zuten inkesta elektoralek, Unidos-Podemosen sorpassoa aurreikusten zutelako. Errealitatean, ez zen halakorik izan, baina. Inkestek ez zuten asmatu.
Ez asmatzeko arrazoiak hainbat dira, haien artean hauteskunde inkestek dituzten zailtasunak:
- Telefonoz egindako inkestak dira normalean. Murrizketa batzuk dakartza honek, adibidez, telefonorik ez duen jendea inkestetatik kanpo geratzea edo telefono bat baino gehiago dituztenek gainordezkaturik egotea. Laginak, beraz, ez dira %100 adierazgarriak.
- Inkestak egiteko denbora gutxi izaten da. Hedabideak izaten dira inkestak eskatzen dituztenak eta hauteskunde egunetik ahalik eta hurbilen datuak ematea nahi dute. Inkestak, beraz, hauteskundeak baino 15-20 lehenago egin behar izaten dira. Ausaz aukeratutako indibiduoak etxean topatu eta inkesta telefonikoa egiteko denbora, beraz, murriztua da. Inkestatzaileek hautatutako pertsona topatzen ez badute, beste pertsona batekin saiatzen dira, esan bezala denbora mugatua baita. Modu honetan, etxean denbora gehiago ematen duten pertsonek (jubilatuak, etxekoandreak) errepresentazio handiagoa izaten dute inkestetan.
- Laginak txikiegiak izaten dira. Denbora eta errekurtso mugatuak izateak lagina txikia izatea dakar eta, ondorioz, laginketa errorea handia izatea. Zenbat eta lagin txikiagoa, orduan eta laginketa errore handiagoa eta datuak errealitatetik aldenduago. Oro har, %3ko errorea baino altuagoa duten datuak ez dira fidagarriak.
- Boto-emaileen %20-25ak kanpainaren azken egunetan erabakitzen du bozka. Legez kontrakoa da hauteskunde eguna baino 5 egun lehenago datuak argitaratzea, hortaz, inkesta egiten denetik hauteskunde egunera denbora asko pasatzen da. Denbora horretan iritzi aldaketa gerta daiteke eta, horretaz gain, kontuan izan behar da inkestatutako hainbatek ez dutela egia esaten.
Azken puntu honetan nabarmentzekoa da Elizabeth Noelle Newmanek egindako isiltasunaren espiralaren teoria. Horrela, alderdi batek lortuko duen emaitzaren pertzepzioaren araberakoa da inkestatuak alderdi horren aldeko bozka emateko intentzioa agertzea.
Denbora eta dirua behar dira inkesta onak egiteko, baina ezin da ahaztu jendea iritziz aldatzen duela eta, horretaz gain, intentzio erreala ezkutatzen duela. Esaerak dioen bezala, bat esan eta bestea egin, zelan asmatu horiekin?
Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Patxi Juaristi soziologoak “Gauza bat esan eta bestea egin: nola asmatuko dute hauteskunde-inkestek” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.
Hitzaldi osoa:
Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.
The post Bertsozientzia (8): “Hauteskunde-inkestek ez dute asmatzen” appeared first on Zientzia Kaiera.
Landareak jaten dituen armiarma

———————————————————————————————————–
Munduan 40.000 armiarma-espezie deskribatu izan dira gutxi gorabehera, eta guztiak intsektu eta bestelako animaliez elikatzen dira. Baina 2009ko urrian Current Biology aldizkarian jakitera eman dutenez, landareak jaten dituen armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izen ederra bezain bitxia eman diote. Akazia zuhaixketan bizi da armiarma txiki hau.
Irudia: Bagheera kiplingi armiarma saltari edo jauzilarien espeziekoa da eta egun ezagutzen den armiarma belarjale bakarra da. (Argazkia: Thomas Shahan)
Biologoek ondo ezagutzen dituzte akazia horiek, inurriekin mutualismo-harreman berezia mantentzen dutelako. Inurriek herbiboro gehienengandik babesten dituzte akaziak, eta akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoitzitako nektarra eta Belt gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrien janaria.
Bagheera armiarmek akazia-inurri sistema hori baliatzen dute, baina «iruzur eginez» nolabait. Inurriek bezala, nektarra eta Belt gorputzak jaten dituzte, baina gero ez dute landarea defendatzen: horregatik esan dugu iruzur egiten dutela, mutualismo-harremanaren onurak bai baina trukean ordainik ematen ez dutelako. Dirudienez, armiarmak bizkorrak dira, oso bista ona dute, eta gaitasun kognitibo handia, eta horri esker inurriek ezin harrapa ditzakete. Gainera, habiak ez dituzte akazietan egiten, beste landareetan baizik, inurriengandik urrun.
Costa Rican 2001ean aurkitu zuten herbiboria mota hau lehenengoz, eta 2007an, Mexikon, berriro behatu zuten. Mexikoko populazioko armiarmek Costa Ricakoek baino landareak jateko joera handiagoa dute. Izan ere, Belt gorputzak dira Mexikoko populazioko armiarma horiek jaten dutenaren % 90. Costa Ricako populaziokoek, berriz, animalia-harrapakinak -inurrien larbak barne- gehiagotan baliatzen dituzte jakia osatzeko.
Basoan definizio altuko filmaketak egin dituzte ikerketa hau aurrera eramateko; horrez gain, laborategiko lanak ere burutu dituzte. Lan horietan, 15N, 14N, 13C eta 12C isotopoen edukiak aztertuz, landareen energia-ekarpena neurtu eta basoan behatutakoa berretsi dute horrela.
Bare haragijale batez arituko gara aurreragoko atal batean. Bare hori ―mamu-barea― ez da bakarra, beste bare haragijaleren bat ere bada-eta munduan. Ez dakigu Bagheera bezalako beste armiarma belarjalerik ba ote den munduan; beste espezieren bat egon daiteke, noski, baina hauek guztiak salbuespenak dira, armiarma herbiboroak eta bare karniboroak. Baina salbuespen izate hori da, hain zuzen ere, animalien malgutasunaren eta ingurune desberdinetara moldatzeko izan dezaketen gaitasun handiaren erakuslerik argiena.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Landareak jaten dituen armiarma appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza faktoreari irtenbidea
Nola hustu futbol estadio bat, metro geltoki bat edo aireportu bat ahalik eta azkarren, larrialdi egoera baten aurrean? Azken urteotan asko hobetu dira segurtasunaren alorreko diseinuak, besteak beste, teknologia berriei esker: larrialdi irteeren antolakuntza, suteetatik babesteko sistemak, ebakuazio planak… Baina bada punta-puntako gailuentzat ere aurreikusten zaila den aldagai bat: giza faktorea.
Izan ere, krisi egoeretan, askotan jendeak ez du arrazionalki jokatzen. Orduan, premiazko ebakuazio betean, nola jakin hustu behar den eraikineko zer puntutan piztu daitekeen liskarra, non zabalduko den histeria, edo zer irteera geratuko den blokeatuta, behar baino jende gehiagok hartu duelako bide horretatik ateratzeko hautu inkontzientea?
Giza faktore horixe eta beste aldagai ugari kontuan hartzen dituen sistema garatu dute, eVACUATE izeneko europar proiektuan. Aparteko egoerak detektatzen dituzten algoritmo adimendunetan dago oinarrituta, eta bukatu berri dituzten probetan egiaztatu dutenez, hari esker %25 arindu daiteke ekitaldi eta toki jendetsuak husteko prozesua. Grezia, Ingalaterra, Italia eta beste hainbat tokitako ikerketa erakundeek jardun dute elkarlanean ekimen honetan, bai eta Eibarko Tekniker zentroak ere. Besteak beste, Donostian eta Bilbon egin dituzte sistema eraginkorra dela egiaztatzeko probak.

Irudia: Bilboko metroan egin dute azken proba pilotua, aurtengo maiatzean.
(Argazkia: Mario Roberto Duran Ortiz / CC BY-SA 3.0)
Ebakuazio sistema berri honek lau helburu bete behar zituen: edozer egoitza edo azpiegituratan, huste konplexuen eraginkortasuna handitzea; ebakuazio planak unean uneko baldintzetara egokitzeko modukoak izatea; huste prozesua nola garatzen ari den dinamikoki ikuskatu ahal izatea; eta babes zibilaz arduratzen diren profesionalei laguntzea.
Hori guztia betetzeko, askotariko soluzioak konbinatzen ditu eVACUATE sistema adimendunak, uztartu egiten baititu datuen bilketarako punta-puntako teknikak eta analisiaz, kudeaketaz eta erabakiak hartzeaz arduratzen diren gailu berrienak. Gailu horien artean daude, esaterako, aparteko gertaerak detektatzen dituzten algoritmoak, kamera termiko eta hiperespektralak zein seinalizaziorako tresna dinamikoak. Horiei guztiei esker, plataformak badu egokitzeko ahalmena, larrialdi egoeretan gertatzen diren aldaketen aurrean; azkar hedatzen diren suteetan, kasu. Halakoetan, gertaerari buruzko informazioa eskaintzen du denbora errealean, eta une erabakigarrietan zirt edo zart egitea errazten du horrek.
Plataforma honek jendearen erreakzioak hartzen ditu kontuan, horixe da bere ekarpen handienetako bat. Bideozaintza kamerei esker, sistemak pertsonen mugimenduak zein keinuak identifikatu eta interpretatzen ditu. Hala, eraikina husten ari diren bitartean jendeak zer portaera duen aztertzen du, segimendua egiten die, eta informazio hori igorri egiten dio eraikinaren segurtasunaz arduratzen den lan taldeari. Hartara gida lanak egiten dizkie, jendea non eta nola mugitzen ari den erakutsiz, eta ebakuazioan egoera gatazkatsuak zehazki zer puntutan gertatzen ari diren edo gerta daitezkeen adieraziz.
Gainera, seinalizazio elementu dinamikoak ere baditu sistemak, ebakuazio prozesuan jendeari adierazteko non duen irteerarik egokiena. Komunikazio sare hori garatzea izan da, hain zuzen, Teknikerren egitekoa. Une bakoitzean seguruena den ebakuazio bidea erakusten diote jendeari seinale horiek, hiru koloredun (berdea, horia, gorria) argiztapenaren bidez. Huste prozesua azkartzen du horrek, bai eta jendea eraikineko puntu arriskutsuenetatik urrundu ere.
Bideoa: Anoetan egindako lehen probaren berri ematen duen bideoa ingelesez, gaztelaniaz azpititulatuta.
Iazko urrian egin zuten eVACUATE proiektuaren lehen proba pilotua Anoeta estadioan, eta maiatzean egin berri dute azkena, Bilboko metroan; tartean, Atenasko aireportuan eta itsas bidaietarako Frantziako ontzi handi batean ere aritu dira.
Anoetako aurreneko saio horretan, esaterako, lau ekintza egin behar izan zituzten boluntarioek. Lehenik, irteera arrunta egin zuten futbol-zelaitik. Bigarren ebakuazio saiakeran, ateetako bat blokeatu zieten, baina boluntarioek ez zuten amarruaren berri izan irteerara bertara iritsi arte, eta beraz, ondoren atzera egin behar izan zuten, beste aterabide baten bila. Hirugarren ekintzan, sistemak jendearen ezohiko jarrerak detektatzeko duen ahalmena neurtu zuten. Eta azkenik, larrialdi egoera batek eragindako ebakuazio baten simulakroa egin zuten, argiztatutako seinaleak jarraituz.
Hori horrela, eta lau proba piloturen ondoren, eVACUATE sistemak huste prozesua %25 bizkortu dezakeela kalkulatu dute ikerketa honetan.
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————
The post Giza faktoreari irtenbidea appeared first on Zientzia Kaiera.
Fotosintesia: hain ergela ez den superboterea
Sarean badago web orrialde bat, komikietako 15 superbotererik ergelenak zerrendatuak dituena. Horien artean Klorofila Mutila izenekoaren boterea dago: klorokinesia. Pertsonaia hau Adventure Comics #306-en agertu zen lehenengo aldiz, Superheroien Legioaren sarrera-proban huts egiten. Izan ere, superheroi horiek ere alferrikakotzat hartu zuten Klorofila Mutilaren ahalmena. Komikien munduan gertatu ohi den bezala, ez da botere honen azalpen biokimiko sakonik ematen, eta horren ordez bere eraginak erakusten dira: landareak oso azkar hazten dira superheroi honek horrela agintzen duenean. Dena den, pertsonaiaren izena eta bere boterearen izenari erreparatuta, zentzuzkoa izango litzateke bere superboterea klorofila uztartzea izatea, eta zer esanik ez, ezin da inondik inora txikikeria izan, hain garrantzi biologiko handia duen molekula bat tartean badago.

1. irudia: Chlorophyll Kid / Klorofila mutila. (Argazkia: DC Comics DataBase)
Klorofilaren funtzioak nahiko ezagunak dira gizartean: klorofila landareek eguzkiaren argia xurgatzeko duten molekula da. Landareek karbohidratoak sintetizatzeko erabiltzen dute energia hau geroago, fotosintesiaren bigarren fasean. Gizakiok zein beste animaliek landareek sortutako nutriente horiek eskuratzen ditugu era batera edo bestera. Horrenbestez, klorofila bizitzarako ezinbestekoa dela esan daiteke.
Klorofilaren molekulari so egiten badiogu molekula organiko konplexua dela ohartuko gara. Bertan porfirina eraztun bat ikus dezakegu (2. irudia) Mg2+ atomo zentral bat estekatuta duena, koordinazio-konposatu bat sortuz. Klorofilak argia xurgatu dezake, bere egituran lotura bikoitzak eta bakunak txandakatzen direlako. Hau dela eta, molekularen elektroi batzuk lekutu gabe daude, eta karbonoen artean erresonantziari esker mugi daitezke.

2. irudia: Klorofila ezberdinek duten egitura komuna. (Argazkia: Wikimedia)
Hain zuzen ere modu honetan mugitzen da pigmentuetan zehar xurgatutako energia, pigmentu baten elektroiak kitzikatu egiten dira eta erresonantziaren bidez molekulaz molekula igarotzen da kitzikapena, azken klorofila batek bere elektroiak elektroi-garraiorako kate batean sartzen dituen arte.
Klorofila molekulak ez daude aske zelulan, kloroplasto izeneko organulu batzuen mintzetan baitaude kokatuta, proteina konplexu batzuetan. Klorofilak uretik hartuko ditu elektroiak (oxigenoa askatuz) eta mintzean dauden beste hainbat konplexuei pasatuko dizkie, era berean harrapatu eta askatuko dituztenak. Modu horretan, elektroiak oxidazio-erredukzio erreakzioen bidez gune batetik bestera garraiatzen dira, erredox-potentzial txikienetik handira. Elektroi-fluxu honi esker, protoiak mintzaren alde beste aldera ponpatzen dira; horrela, potentzial elektrokimiko bat sortzen delarik. Prozesu honi esker NADPH eta ATP molekulak sortuko dira gero karbohidratoak sintetizatzeko ezinbestekoak direnak.

3. irudia: Fotosintesiaren prozesu eskematikoa. (Argazkia: Wikimedia)
Fotosintesiaren prozesua ez da ordea elektroi jauzi lineal batera murrizten. Horrela izango balitz, elektroi garraioa P700 delako fotosistemara iristean bukatuko litzateke. Ordea, P700-ak argia xurgatzen duenean kitzikatzen da eta bere erredox-potentziala izugarri murrizten da (0,5 V-tik -1,2 V-tara), honi esker elektroi fluxu berria hasten delarik (4. irudia). Azpimarratu behar da P700-aren forma aktibatua (P700*) agente biologiko erreduzitzailerik indartsuena dela.

4. irudia: Fotosintesiaren Z eskema moduan ezagutzen dena. Ardatzean konplexu bakoitzaren erredukzio-potentziala adierazten da. (Iturria: The University of Arizona)
Beraz, fotosintesiari esker, argi-energia energia elektrokimiko bihurtzen da. Horrenbestez, argia dagoen bitartean, etengabe alda daiteke energia hori zelularentzako erabilgarria den energia batera. Azaldu denaren arabera, klorofilak energia (eta materia organikoa) eskuratzeko balio du, baina nola lagundu dezake horrek gaizkileen aurkako borroka batean? Klorokinesia klorofilaren jarduera estimulatzeko ahalmena baldin bada (eta horrekin batera landare-zelularen metabolismo osoa), botere ikaragarria izan daiteke. Gaitasun hori nahiko ez balitz, Klorofila Mutilak baditu trebezia gehiago. Izan ere, komikietan erakusten da bere eskuek landare itxura hartzen dutela. Beraz baliteke Klorofila Mutilak landareen zenbait ezaugarri bereganatu izana, horien artean kloroplastoak izatea. Esan liteke hau zorakeria bat dela, onartuta dagoelako animalia-zelulek ez dutela kloroplastorik. Hala ere, ez da hain tontakeria handia. Izan ere, animalia batzuek (itsaso-barraskilo batzuek), algen kloroplastoak berenganatu eta erabili ditzakete kleptoplastia izeneko fenomenoaren bidez.
Orain, irudika dezagun aurretik azaldutako klorofilaren botereak dituen gizaki bat. Bere nutriente-erreserbek eta oxigeno harrerak ez lukete bere energia lortzeko gaitasuna mugatuko. Argia dagoen bitartean bere energia amaigabea izango litzateke. Gainera, kloroplastoak osorik barneratuta, CO2-tik abiatuta karbohidratoak sintetizatzeko makineria ere barneratuko luke, eta hortaz, bere materia-iturria ere amaigabea izango litzateke. Horrela azalduta, beste superheroiek aintzakotzat hartu beharko lukete hain izaki boteretsua. Edo behintzat, Batman bezalako superbotererik gabeko pertsonaiek, hori ziur, nahiz eta Klorofila Mutilak gauean Batman bezain ondo ez jardun.
Gehiago jakiteko:
———————————————————————————-
Egileaz: Jon Corres Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikasten ari da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Oskar Gonzalez irakasleak bultzatutako Oreka kimikoa eguneroko bizitzan jardueraren harira idatzi zuen lantxo hau.
———————————————————————————
The post Fotosintesia: hain ergela ez den superboterea appeared first on Zientzia Kaiera.
Biosfera Erreserbak on egin dio Urdaibaiko bizi-kalitateari

Irudia: Urdaibaiko Biosferaren irudia airetik hartuta. UPV/EHUko ikerketa baten arabera Biosfera Erreserbaren izendapenak herritarren bizi-kalitatea hobetu du.
Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Ingurune baten kontserbazioaren eta haren garapen sozioekonomiko eta kulturalaren arteko loturaren inguruan eztabaida handia dago gizartean. Hain zuzen ere, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu eta Erabilera eta Kudeaketara Plan Gidaria onetsi zenetik (1993), hainbat jarduera debekatu eta hainbat ustiapen-mota mugatu dira, eta horrek eztabaida handia eragin du biztanleen artean. Urdaibaiko herritar asko ez dago ezarritako muga horiekin ados eta, beste batzuen ustez, ezarritako neurriak ez dira nahikoak kontserbazioa ziurtatzeko.
Eztabaida hori argitzearren, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko Nekane Castillo ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako hainbat aldagaik Plan Gidaria onartu zenetik gaur egun arte izan duten bilakaera aztertu eta alderatu dute ikerketan, “bi eskualdeok elkarrengandik hurbil baitaude eta antzeko ezaugarriak baitituzte”. Zehazki, hiru aldagai-mota izan dituzte langai: lurraren erabilerari buruzko aldagaiak (labore-lurrak, hiri-lurrak, pinu-landaketak, eukalipto-landaketak, baso autoktonoa…), aldagai sozioekonomikoak (enplegua eta langabezia, BPGa, biztanleria…) eta kulturalak (euskararen erabilera, hezkuntza-maila…). Bestalde, ingurunearen jasangarritasun-indize bat atera dute, kontsumitzen den uraren araberakoa, sortzen den zaborraren araberakoa eta abar.
Adierazle horien guztien azterketa estatistikoak egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute bi eskualdeek antzeko joera izan dutela, hau da, bi eskualdeen aldagai sozioekonomiko eta kulturalak parekoak direla. “Alde batetik, landa-jarduera tradizionalak bertan behera utzi dira, eta ingurumenean hainbeste kalte eragiten duten pinu-landaketak urritu egin dira, haien ordez hiri-lurrak eta tokiko espezieak zabalduz”, azaldu du Nekane Castillok. Bestalde, ikertzaileek hauteman dute hirugarren sektorea, turismoarekin lotutakoa, hazi egin dela, bai eta ongizatea (errenta, barne-produktu gordina, goi-mailako hezkuntza eta enplegua) eta jasangarritasuna ere. Dena dela, ikertzailearen esanetan, “oro har, Urdaibai Biosfera Erreserbaren azaleraren erdia pinudi-landaketak diren arren kontserbazio-baldintza hobeak eta landa-eremuko baldintza hobeak ditu Uribe Kostak baino, eta aldagai sozioekonomikoak eta kulturalak pareko mantentzen dira”.
Castilloren iritziz, “horrek esan nahi du Biosfera Erreserbaren izendapenak ez duela herritarren gain eragin kaltegarririk izan, eskualdearen kontserbazioa bermatzen duela eta litekeena dela horrek eskualdearen garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzatu izana. Zenbait aldaketa egin behar badira ere pinudiak baso autoktonoz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzeko, eremu babestuaren izendapenak helburuak bete ditu jasangarritasunari dagokionez, eta esan dezakegu eskualdeko populazioaren bizi-kalitatea handitzen dutela”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Castillo-Eguskitza, N., Rescia, A. J., Onaindia, M. 2017. “Urdaibai Biosphere Reserve (Biscay, Spain): Conservation against development?”. Science of the Total Environment 592, 124-133.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Urdaibai Biosfera Erreserba izendatzeak herritarren bizi-kalitatea hobetu du.
The post Biosfera Erreserbak on egin dio Urdaibaiko bizi-kalitateari appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #159
Elikagaietan aberatsak diren fruituek daukate alkohola, eta jateko gogoan duen eragin sustagarria oso onuragarria da zenbait belarjalerentzat, janari-iturri iraungikorra dutenentzat batez ere. Fruitu alkoholdunak dituzten landareen eta horien kontsumitzaileen artean koeboluzio-prozesu bat gertatu da. Hortaz, landareek fruituetan edo lore-nektarrean zenbat eta alkohol gehiago ipini, herbiboroek alkohola onartzeko eta metabolizatzeko hainbat eta ahalmen handiagoa garatu. Landareek polinizazioa eta hazien sakabanatzea erraztea lortzen dute. Honi buruzko ikerketa bat publikatu zuten duela urte pare bat. Bertan, Malaysiako oihanetako palmondo eta satitsu zuhaiztar baten arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoaren loreak % 3’8ko alkohol-edukia duen nektarra sortzen du bere legamiei esker. Satitsuei (eta, neurri txikiagoan, Nictycebus coucang loris geldoei) loreetara heltzen uzten ez zitzaienean, palmondoak normalean ekoizten zuen fruituen erdia ematen zuen. Beraz, animalia horien ohiko elikatze-jarduerak ez murriztea funtsezkoa omen zen palmondoen fruitu kopurua mantendu ahal izateko.
Euskal Herrian badaude animaliak habitat egokirik gabe gelditu direnik. Txantxangorria, hontza, tximeleta, erleak eta kakalardoak desagertzen ari dira. EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko Joxerra Aihartza irakasleak azaltzen du paisaia sinplifikatzeak dibertsitatea galtzea ekarri duela: “Badira tximeletak osinetan bakarrik ugaltzen direnak, beste inon haziko ez direnak”. Animalia hauek desagertzearen arrazoien atzean pestizidak daude, besteak beste. Baina badaude bestelakoak ere. Irakurri osorik artikulua, ez zarete damutuko!
HizkuntzalaritzaHizkuntzaren prozesamenduan, denbora-informazioa interpretatzea oso garrantzitsua da testuak osotasunean ulertu nahi badira eta horretarako, hizkuntza bakoitzean denbora nola adierazten den aztertu behar da. Zein da euskararen denbora-informazioa? Hiru denbora mota daude: gertaerak, denbora-adierazpenak eta denborazko erlazio-eraikuntzak. Denbora-egiturak sailkatu eta normalizatu behar dira eta hori egin ostean, corpus etiketatuak sortu. Denbora-adierazpenei dagokienez, erregela bidezko EusHeidelTime tresna garatu dute. EusHeidelTimek testuko denbora-adierazpenak identifikatu eta balio normalizatuak ematen dizkie. Etorkizunean, euskarazko denbora-informazioaren prozesamendua oso erabilgarria izango da medikuntza eta ekonomia bezalako arloetan.
IngurumenaPoliesterrez egindako jantziek ozeanoa kutsatzen dutela erakutsi du lan batek. Kaliforniako ikasle batzuek frogatu dute poliesterrez egindako arropa bat garbitzen den bakoitzean garbigailutik 100.000 mikrozuntz askatzen direla. Zuzenean itsasora askatzen dira mikrozuntzok eta ozeanora iristen direnean erraz hondoratzen dira. Arazoa da itsasoko bizidunek erraz nahasten dituztela janariarekin, eta haien elikaduran eta digestioan eragiten dutela. Talde horren arabera, orain ikertu beharko litzateke nola eragiten duten zuntzen askatze horretan garbiketa-tenperaturak, garbiketa-ziklo luzea erabiltzeak, garbikari-motak eta baita arropa sortzeko erabilitako metodoek ere.
FisikaDuela 14 urte, bi fotoien arteko korapilatze kuantikoa Danubio ibaiaren bi aldeetara mantentzea lortu zuten; duela 5 urte, 100 km-ra; eta, oraingoan, 1.200 km-ko distantzia lortu dute txinatar zientzialari batzuek. Partikulak distantzia handitara bidali eta korapilatuta mantentzeko metodologia berria aurkeztu dute: satelite bidez bidali dute haiek fotoia. Elhuyarrek azaltzen du: izpia satelitera bideratu, eta honek fotoia islatu du, berriz ere Lurrera bueltan bidalita, jatorrizko puntutik 1.203 km-ra. Fotoietako batean polarizazio-aldaketa eraginda, ikusi dute beste fotoian ere eman dela.
PaleontologiaAurreko astean eman genuen albiste bati helduko diogu berriz ere datu osagarriak emateko asmoz. Jakina denez, duela 300.000 urteko Homo sapiens espezieko arrastoak topatu dituzte Marokon. Alemaniako Max Planck Institutuko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, bertan topatu diren bost homininoren arrastoak Homo sapiens espeziekoak dira, eta duela 300.000 – 350.000 urte bitartekoak omen dira. Proposamen berriak 100.000 urte baino gehiago atzeratu ditu gure espeziearen existentziaren lehen frogak, eta jatorri geografikoa ere lekuz aldatu du. Izan ere, orain arte, gizaki modernoaren lehen ordezkariak Etiopian bizi izan zirela uste izan da. Horretaz gain, egindako indusketek fosil eta harrizko tresna berriak azaleratu dituzte: garezur baten zatia eta beheko baraila bat, besteak beste. Horien gainean, ikertzaile taldeak dio fosil horiek gizaki modernoaren eboluzioaren lehen fase bati dagokiela. Halaber, ikertzaileek diote aurpegiak, barailak eta hortzek lotura dutela gizaki modernoekin, baina garunaren morfologia, berriz, primitiboagoa omen dela.
MedikuntzaGero eta ugariagoak dira “minbiziaren aurkako” dietak. Artikuluan dieta alkalinoa da aipatzen dena adibide gisa. Zer dago honen oinarrian? Minbizi-zelulen ingurunea azidoa izaten da eta dieta hau bultzatu nahi dutenek aldarrikatzen dute azidotasun hori dela minbiziaren eragile. Dieta alkalinoarekin azido hori ezabatzen dela iritzi diote. Argi gelditzen da testuan ingurunearen azidotasun maila ezin dela dietaren bidez aldatu. Jendeari asko kostatzen zaio minbizia duela onartzea, horregatik kimioterapia bezalako tratamendu agresiboetatik aldentzen saiatzen da, beste bide batzuk bilatuz. Artikuluaren egilea argi mintzatu da honetan: “Esan behar da ordea gure osasun-sistemako medikuak direla terapia eraginkorrena agintzeko gai diren bakarrak”.
Esne Bidea irudikatzen duen lorategia aurkeztu dute Iruñean. Hawaiin du jatorria, duela hamar urte egin zuten proiektua eta orain Iruñean ikusteko aukera dago. Aipatzekoa da gisa horretako lehenengo lorategia dela Europan. Udalak eta Planetarioak, hamaika elkarteko kideren eskuei esker egin dute. Lurrean 30 metroko diametroa hartzen du espazioan 100.000 argi urteko zabalera duena. Eskalan egina dago, eta besorik txikienean dago Lurra: Orion besoan. Lurra salix integra baten hostoaren barruan dago. Mikel Baztanek diseinatu du, Iruñeko Parke eta Berdeguneen zuzendariak. Emaitzarekin pozik dago: “Planetarioak tresna oso polita du dibulgaziorako eta haien proiektua ezagutarazteko, eta udalak lorategien bitartez ingurumenaren eta zientziaren hezkuntza emateko aukera du”.
Izar baten masak beste izar baten argian eragiten duen desbideratzea neurtzea lortu dute astronomoek, lehenengo aldiz. Ikerketa berri honek berretsi su, ehun urte pasa ondoren, Albert Einsteinek proposatutako erlatibitatearen teoria. INAOE Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronika Institutu Nazionalean lanean ari den Itziar Aretxaga astrofisikariak azaltzen du 2014an Hubble-ek egin zituen behaketen arabera, Stein 2015 B izarraren grabitazio eremuak atzean zegoen izarraren irudia bi milisegundoz desbideratu zuela eta gaineratzen du zientzialariek “galaxiako izar konpaktu baten masa neurtu dute, izarrak eragiten duen grabitazio leiarra erabiliz”. Aretxagaren arabera, aurkikuntzak Hubble teleskopioaren ahalmena ere agerian uzten du. Baina harago ei doa esperimentuaren garrantzia: “Lehenengoz neurtu da halako desbideratze bat izarren artean, eta horrek izarren masa neurtzeko beste metodo bat ahalbidetzen du”.
Emakumeak zientzianSara Borrell biokimikaria izan da protagonista aste honetan, bere lana gogoratu dugu artikulu honen bitartez. Hormona esteroideak izan zituen aztergai. Atzerrian bideratu ziren ikerketa ugaritan parte hartu zuen, beste zientzialari ezagunekin elkarlanean. Hasieran Borrellek nekazaritza-ingeniaritza arloan murgiltzeko asmoa zuen baina ez zuten akademian onartu. Beraz, Farmazia ikasketak gauzatu zituen. Lizentziatu egin zen eta doktorego tesiaren ondotik, CSICen plaza lortu zuen 1949an. Gregorio Marañonek 1950ean, biokimikarekin eta hormona esteroideen metabolismoarekin lotura zeukaten ikasketak gauzatzeko aukera eskaini zion Borrelli eta honek baietz. Beka batzuei esker, Espainiatik alde egin zuen. Ikerketa ugaritan parte hartu zuen 1946-1961 bitartean. Hormona esteroideen metabolismoan eta analisian egindako ikerketak garrantzitsuak izan ziren. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.
OsasunaIkerketa batek aditzera eman du estres goiztiarra pairatu duten saguak heldutan sentiberagoak direla egoera estresagarriekiko eta depresiorako arrisku handiagoa dutela. Estres goiztiarra eragiteko, sagu jaioberriak amarengandik 2-4 orduz banandu dituzte, eta amaren arreta desordenatua jaso dute. Heldutan egoera estresagarrien aurrean jarri dituztenean, ikusi dute hasieran estresa pairatu zutenek harreman sozialak ekidin dituztela eta egoera zailen aurrean mugiezin geratu direla. Elhuyarrek kontatu digu.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #159 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #164
Batzuetan talde bateko kideak ez dira ados egoten baieztapen batzuen inguruan. Ondorioz, metodo demokratikoak erabiliz “talde” posizioetara heltzen dira. Puntu honetara ailegatuta, normalena da talde jarrera hori kontraesanez beteta egotea. Paradoxikoa? Ezaguna egiten zaizu? Edozein kasutan Jesús Zamorak azaltzen digu: What do we think? Scientific knowledge after judgment aggregation.
Modu askotan ekin zaio gazte-delinkuentziari historian zehar (batzuek oso basatiak egungo ikuspegitik begiratuz gero). Baina zer dio zientziak? José Ramón Alonsok erantzuten digu: Scientific approach to juvenile delinquency.
Tunel efektuko mikroskopio batekin trans erako Porfizenoa eskaneatzen saiatzean gertatzen da trans formatik cis erara aldaketa. Azalpen fisikorik ez zuen gauza bitxi-bitxi, benetan bitxia da. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute azalpena eta cis eta trans horri buruzko guztia kontatzen digute The tautomerization of porphycene on Cu(111) in simple physical terms artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #164 appeared first on Zientzia Kaiera.
Sara Borrell (1917-1999): Diasporatik ekarritako hormona-jakintza
Era askotako funtzioak dituzte eta zenbait taldetan banatzen dira. Sara Borrell biokimikari eta botikariak, zehazki, hormona esteroideak izan zituen aztergai, horien analisia eta metabolismoa xehe-xehe ikertu zituen diasporan, gerora Espainian aitzindari eta aditu izatera helduz. Arlo honen inguruan atzerrian bideratu ziren ikerketa ugaritan parte hartu zuen, beste zientzialari ezagunekin elkarlanean. Bada, etxera bueltatzeko garaia iritsi zenean, ikasitakoa barneratuta zeukala, hormonen antzera jokatu zuen: (ezagueraren) mezulari bihurtu zen madrildarra.

Irudia: Sara Borrell Ruizek Farmazia ikasketak bukatu zituen 1940. urtean Madrilgo Unibertsitatean eta 1944. urtean doktoregoa lortu zuen.
Aipatu bezala, hormona esteroideak ikertu zituen. Lipidoetan disolbagarriak eta kolesterolaren eratorriak dira. Talde desberdinetan banatzen dira: glukokortikoideak, mineralokortikoideak, androgenoak, estrogenoak eta progesteronak, besteak beste. Hormona horiek gorputzeko guruin suprarrenaletan, gonadetan eta organoetan sortzen dira. Adibidez, testikuluetan, obulutegian, plazentan eta Nerbio Sistema Zentralean (NSZ). Baina horien izaera, jatorria eta funtzionamendua ikertu aurretik, joan gaitezen hasierara; Borrellek nekazaritza-ingeniaria izan nahi zuen eta hormonek oraindik txunditu ez zuten istant hartara, hain zuzen ere.
Madrilen jaio zen 1917an. Sarak argi zeukan ikasi egin nahi zuela eta hasieratik familiak laguntza eman zion horretan –bere amona, Clementina Albéniz, irakasle izan zen Emakumeentzako Hezkuntza Elkartean. Hortaz, familian emakumeek askatasuna bazeukaten euren etorkizuna erabakitzeko–. Ikasketa-bidea hautatzerako garaian, nekazaritza-ingeniaritza arloan murgiltzeko asmoa zuen baina ez zuten Akademian onartu. Gauzak horrela, Farmazia ikasketak abiatu zituen Madrilgo Fakultatean 1933an. 1940an lizentziatu zen eta lau urteren buruan, doktoretza lortu zuen, lizentziaturan eta baita ere doktorego-tesian bikaintasun-saria jaso zuen. Ikasketak amaituta, oso azkar etorri zen bere lehendabiziko lana: CSICen plaza lortu zuen 1949an; bertan hasi zen kolaboratzen ikertzaile gisa. Halaber, esnearen proteinen inguruko arloan espezializatu zen Eskoziako Hanna Dairy Research Institutuan Norman Charles Wrightekin.
1950ean, Gregorio Marañon medikuak biokimikarekin eta hormona esteroideen metabolismoarekin lotura zeukaten ikasketak gauzatzeko aukera eskaini zion Borrelli eta bi aldiz pentsatu gabe, baiezko borobila eman zion. Beka batzuei esker, Espainiatik alde egin zuen. Ikerketa ugaritan parte hartu zuen 1946-1961 bitartean; asko ikasi zuen eta bere ezagutza-zorroa potoloago bihurtzen hasi zen gutxika. Adibidez, Leslie J. Harrisekin egin zuen lan Cambridgeko Dunn Nutritional laborategian eta Edwards C. Doddsekin elkarlanean aritzeko aukera ere izan zuen ere. Halaber, 1953.urtean Gregory Pincusekin lan egin zuen; pilula antikontzeptiboaren asmatzailearekin, hain zuzen.
Bere lanak ezagunak egiten hasi ziren atzerrian. Hala, Nature aldizkari zientifikoan publikatu zuen bere lanetako bat 1952an. Bere ikerketak aitzindariak izan ziren hormona esteroideen metabolismoan eta analisian. Laster argitara emango zituen bere artikuluak, hala nola Journal of Clinical Endocrinology and Metabolism, Biochemical Journal, Journal of Endocrinology eta Hormone Research aldizkaritan.
Gregorio Marañón zendu zenean, bere izena daraman Institutuak Esteroideen Saila sortu zuen eta Sara Borrell bertako zuzendari izendatu zuten 1963an. Urte berean, Espainiako Biokimika Elkarteko kide fundatzaile izan zen ere.
Berrogeita hiru urtez lan egin zuen hormona esteroideen arloan. Atzerriko egonaldiez asko ikasi zuen eta jakintza hori guztia Espainiara ekarri zuen. Hormona esteroideen funtzionamendua, izaera eta prozesuak ikertu zituen eta berrogeita hiru urte horietan, lanean buru-belarri eta etenik gabe aritu zen horietan, ez zuen errekonozimendu ofizialik lortu. Bere biografia ezagutzeko abiapuntu izan daitekeen datu bakarra Carlos III Osasun Institutuko doktoretzaondoko kontratuak lortzeko laguntza-programa izan daiteke. Bere izena daraman titulu hori baliagarria da guztiz Borrellek zientziari egindako ekarria ezagutzeko. Hobe berandu inoiz ez baino.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Sara Borrell (1917-1999): Diasporatik ekarritako hormona-jakintza appeared first on Zientzia Kaiera.
Bertsozientzia (7): “Nanoarkitektura”
Erreakzio kimikoen bidez nano eskalan egitura bereziak sortzeaz aritu zen Gotzone Barandika, 2016ko hirugarren hizlaria. Egitura ñimiño hauek sortzeko metodoez eta baita izan ditzaketen aplikazio praktikoez. Hidrogeno baterietan, adibidez.
Hidrogeno bateriak omen dira arazo energetikoaren irtenbide bideragarrienetako bat. Erregai fosilen alternatiba modura aurkezten dira, hidrogenoa oso arina eta ugaria da eta, beraz, erabat aproposa energia iturri gisa. Funtzionamendua ere nahiko erraza da, oso erreakzio sinplea dute oinarrian:
Erreakzioa gertatzerakoan elektroiak alde batetik bestera pasatzen dira, energia elektrikoa sortuta. Hidrogeno bateriek elektroien energia aprobetxatzen dute, bideoan ikus daitekeen bezala:
Hidrogeno baterien funtzionamendua
Hidrogeno bateriek, hala ere, zailtasunak ere badituzte. Giro tenperaturan gasa da hidrogenoa eta, gas guztiak bezala, ez du ez forma ezta bolumen definiturik. Libreki mugitzen diren H2 molekulez osatua dago eta abiadura handian mugitzen da, edukiontziaren azalera osoa bete arte.
Arriskutsu bihurtzen dute ezaugarri hauek, izan ere, hidrogenoa sukoia da gas egoeran eta zuzenean oxigenoarekin harremanetan jartzean eztanda egiten du. Bi elementu hauen arteko erreakzioa kontrolik gabe egiten bada, energia trukaketa bat-batean ematen da (hidrogeno ihes baten ondorioz, esaterako), eztanda egiten du eta energia aprobetxatzerik ez dago.
Eztanda ekiditeko molekulen antolaketari erreparatu behar zaio. Hidrogenoaren eta oxigenoaren arteko erreakzio kontrolgabea saihesteko molekulen antolaketa aldatu behar da. Molekulak ordenatzeko metodoetako bat nanoarkitektura da, nano eskalan sortutako materialak baliatu hidrogeno molekulak harrapatu eta antolatzeko.
Kimikariak, nanoarkitektoakHau da nanoarkitekturan lantzen den tamaina. Eta nanoarkitektura baliatzen dute kimikariek, besteren artean, hidrogeno molekulak antolatzeko balio duten egiturak sortzeko, erreakzio kimikoen bidez ezaugarri bereziak dituzten molekulak sortzen dituzte: MOFak.
Material solido, kristalino eta porotsuak dira eta oso baliagarriak izan daitezke, adibidez, hidrogeno molekulak harrapatu eta modu ordenatuan egituratzeko.
MOF hitza ingelesezko “Metal Organic Framework” da eratorria eta, izenak azaltzen duen moduan, metalez eta molekula organikoz osatutako egiturak dira. Katioi metaliko bat (kluster izenekoa) eta molekula organiko bat (ligando izenekoa) elkartzen direnean sortzen dira. Ioi metalikoa erdigunean kokatzen da eta koordinazio lotura bidez gehitzen zaizkio molekula organikoak.
Molekula errepikatuz osatutako makromolekulak dira MOFak, polimeroak, hortaz. Koordinazio polimeroak, zehazki. Metal ioia izatea da koordinazio polimeroek duten berezitasuna. MOFak, koordinazio polimeroen azpitaldea osatzen dute, poroak izateko gaitasuna duten azpitaldea, hain justu.
Klusterrak eta ligandoak osatzen duten egituraren errepikapenaz bat, bi edota hiru dimentsioko egitura dituzten materialak sortzen dira.

1. irudia: Klusterrak osatzen dituzten dimentsio ezberdinetako egiturak. (Ziortza Guezuragaren irudia.)
Egitura hauek dituzten barrunbeetan (poroetan) kokatzen dira hidrogeno edo harrapatu nahi diren molekulak. Modu honetan, hidrogenoa bezalako gasen molekulak modu ordenatuan finkatzen dira, berezko duen gas egoerako sukoitasuna deuseztatuta. Horretaz gain, bestelako abantailak ere eskaintzen ditu ordena molekularrak, gasak hartzen duen bolumena ere izugarri murriztu baitaiteke: 1g. material porotsu batek 7.000m²ko azalera har baitezake.

2. irudia: Nanoarkitekturaz sortutako material porotsua.
Hidrogenoa metatzeko eta garraiatzeko ez ezik, bestelako aplikazioak ere izan ditzake nanoarkitekturak, kutsatzaileen absortzioa edota farmakologia, adibidez.
Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Onintze Salazar meteorologoak “Zerk eragiten du gure osasunean?” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.
Hitzaldi osoa:
Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.
Aurreko hitzaldiak:
- Onintze Salazar meteorologoak egindako “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?”
- Felix Zubia medikuak egindakoa “Zerk eragiten du gure osasunean?“
The post Bertsozientzia (7): “Nanoarkitektura” appeared first on Zientzia Kaiera.
Alkoholzaleak

———————————————————————————————————–
Alkohola gizakiaren laguna izan da milaka urtetik hona. Denek ez dute gustuko eta denek ez dute onartzen, baina asko gara alkohola duten edariak maite ditugunak. Baina gizakiok ez gara horretan bakarrak. Gainerako primateei eta beste ugaztun herbiboroei hartzituriko fruituak gustatzen zaizkie, horiek jateko aukera dutenean.Alkohola, fruitu helduek daukate, elikagaietan aberatsak diren fruituek, eta jateko gogoan duen eragin sustagarria oso onuragarria da zenbait belarjalerentzat, janari-iturri iraungikorra dutenentzat batez ere. Hori dela eta, pentsatu behar dugu fruitu alkoholdunak dituzten landareen eta horien kontsumitzaileen artean koeboluzio-prozesu bat gertatu dela, eta prozesu horretan, alde bakoitzak ―landareak eta animalia kontsumitzaileak― moldaera osagarriak garatu dituztela. Hortaz, landareek fruituetan edo lore-nektarrean zenbat eta alkohol gehiago ipini, herbiboroek alkohola onartzeko eta metabolizatzeko hainbat eta ahalmen handiagoa garatu. Animalientzako onura zein den esana dago, eta landareek horrela polinizazioa eta hazien sakabanatzea erraztea lortzen dute.

Irudia: Ptilocercus lowii satitsua Malasian bizi da eta Alemaniako Bayreuth Unibertsitateko ikertzaileek deskubritu zuten alkohola duen nektarraz elikatzen dela.
Duela urte pare bat kontu honi buruzko ikerketa interesgarri bat argitaratu zen. Malaysiako oihanetako palmondo (Eugeissona tristis) eta satitsu zuhaiztar baten (Ptilocercus lowii) arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoaren loreak % 3’8ko alkohol-edukia duen nektarra sortzen du bere legamiei esker. Satitsuei (eta, neurri txikiagoan, Nictycebus coucang loris geldoei) loreetara heltzen uzten ez zitzaienean, palmondoak normalean ekoizten zuen fruituen erdia ematen zuen. Beraz, animalia horien ohiko elikatze-jarduerak ez murriztea funtsezkoa omen zen palmondoen fruitu kopurua mantendu ahal izateko. Ikerketan behatutakoaren arabera, gautarrak diren ugaztun txiki horiek bi orduz elikatzen ziren nektarrez gauero. Hortaz, nektarra zen, alde nabarmenarekin gainera, haien janari-iturri nagusia. Zoritxarrez, satitsuek balioesten dutena alkohola ote den jakiterik ez dago, nektarraren beste zenbait osagai izan baitzitezkeen satitsuek benetan maite zutena. Nolanahi ere, alkohola onartzeko ahalmen handia garatu dute. Begira zer neurritan onartzen duten alkohola: tamainaren eragina zuzenduz gero, bi orduko janaldi horietan satitsuek harturiko alkohola nahikoa eta sobera izango litzateke gugan izugarrizko mozkorra eragiteko.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Alkoholzaleak appeared first on Zientzia Kaiera.