S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 42 min 16 sec

Afasia, hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho

lun, 2017/05/29 - 15:00
Amaia Munarriz Burmuineko lesioen ondorioz askotariko hizkuntza-arazoak eragiten dituen patologiari afasia deritzo. Afasikoen hizkuntza-arazoen inguruko ikerketek informazio garrantzitsua eskaintzen dute hizkuntzek duten antolaketaz. Hala, afasikoen ikerketetan oinarritu dira hein handi batean neurolinguistikan eta psikolinguistikan diharduten adituak hizkuntzek eta hizkuntzaren osagaiek (esanahia, hotsak, etab.) burmuinean duten antolamenduaren inguruko teoriak proposatzeko.

1. irudia: Garunean jasandako kalteak eraginda, ezin denean hitz egin afasia dugula deritzogu. Afasia kasuetan garuneko kalteek eragiten dute gaitza, izan ere ez da inolako kalterik jasaten ez ahoan, ez mingainean, ez aho-kordetan, ez muskuluetan. (Argazkiaren iturria: Webconsultas.com)

Afasiaren ondorioz, hizkuntza-erabilerari dagozkion askotariko arazoak ager daitezke, hala nola hitzak, hotsak edota esaldiak ekoizteko edota ulertzeko zailtasuna edo hizkuntzak bereiz mantentzeko ezintasuna elebidunengan. Arazo horiek ahozko edota idatzizko modalitateetan azalera daitezke, eta ahozko hizkuntzen hiztunengan bezala zeinu-hizkuntzen hiztunengan ere agertzen dira. Horrek guztiak erakusten du afasiak hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen diren burmuineko eremu/prozesuei eragiten diela.

Afasia informazio iturri klasikoa izan da neurolinguistikan eta psikolinguistikan hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak (esanahia edo semantika, hotsak, sintaxia) burmuinean nola antolatu eta irudikatzen diren ulertzeko. Afasiologiaren historian bi korronte kontrajarri dira aipagai hizkuntzek burmuinean duten antolaketari buruz: ikuspegi lokalizazionista eta ez-lokalizazionista. Batetik, ikuspegi lokalizazionistaren arabera, prozesu kognitiboak (tartean hizkuntza) funtzio jakinetarako espezializatutako burmuineko gune zehatzetan kokatzen dira. XIX. mendean Dax, Broca eta Wernicke neurologoek afasia izandakoen burmuinak aztertu zituzten, eta lesioen kokaguneen eta hizkuntza-ezintasunen arteko korrelazioetan oinarritu ziren hizkuntza-gaitasuna ezker hemisferioan kokatzen zela ondorioztatzeko. Ikerketa horiek bide eman zuten hizkuntza-eremuen eredu klasikoa proposatzeko, hain zuzen, ulermenerako Wernickeren eremua eta hizkuntzaren artikulaziorako eta ekoizpenerako Brocaren eremua. Ikuspegi horri jarraitzen dio, gainera, oraindik oso ohikoa den lesio-kokagunean oinarritutako afasia-moten sailkapena. 1960-1970etik aurrera hainbat psikolinguista eta hizkuntzalarik hizkuntza-eremu klasikoen funtzioa berrinterpretatu zuten, eta proposatu zuten Brocaren eremua ekoizpen eta ulermen sintaktikorako zela eta Wernickeren eremua prozesamendu lexiko-semantikoaz arduratzen zela.

2. irudia: Broca eta Wernickeren eremuak. (Argazkia: Wikipedia / Jabego publikoko irudia)

XIX. eta XX. mende hasieran Jackson eta Freud bezalako neurologoek lokalizazionismoa zalantzan jarri zuten, eta gerora ikuspegi ez-lokalizazionista edo holistikoa izango zena defenditu zuten. Ikuspegi horren arabera, burmuineko eremuen artean askotariko loturak daude, eta hizkuntza prozesatzeko eremuak beste funtzio kognitiboetarako (memoria, arreta, etab.) ere erabiltzen diren hainbat gune biltzen dituzte. XX. mende amaieratik aurrera ere hizkuntza-lokalizazioaren eredu tradizionala kolokan jarri izan da neuroirudi teknika berriek erakutsi baitute: a) eremu klasikoek bestelako funtzioak ere badituztela, adibidez Brocaren eremua oharmenerako ere baliatzen dela eta b) hizkuntza prozesatzean bestelako gune kortikal eta subkortikalak ere aktibatzen direla. Hurbilketa lokalizazionista eta holistikoaren arteko eztabaidak bizirik dirau oraindik, baina egungo ikerketak bi mutur horietatik aldendu egin dira eta proposamen zehatz eta sofistikatuagoak eskaintzen dituzte.

Hizkuntzen antolaketa funtzionalari dagokionez, neuropsikologia modernoan patologiek (tartean afasiak) bide eman dute sistema kognitiboaren arkitektura konplexua ezagutzeko disoziazio bikoitzei esker. Disoziazio bikoitza deritzo gaixo bik, gutxienez, funtzio kognitibo biri dagokienez, kontrako jokabidea dutenekoari; adibidez, hitzak ekoizteko zailtasunei dagokienez, afasiko batzuek aditzekin arazoak dituzte (izenak eskuratzeko arazorik izan gabe), eta beste batzuek, berriz, izenekin arazoak dituzte (aditzekin arazorik izan gabe). Disoziazio bikoitz horrek erakusten du bi kategoria horiek burmuineko prozesu/egitura desberdinen ondorio direla, eta gaixo horiengan bata edo bestea daudela ukituta. Adibide gisa, 3. irudian ikus daiteke afasikoen disoziazio bikoitzetan oinarrituta garatutako eredu psikolinguistiko orokorra.

3. irudia: Hitzak prozesatzen eragiten duten prozesuak.

Halaber, afasikoen jokabidea baliagarri gertatzen da hizkuntzalaritza teorikoan egindako proposamen eta hipotesiak egiaztatu edo deuseztatzeko. Esate batera, hainbat kontzeptu gramatikal berretsi dituzte, hala nola, izen eta aditz kategorien bereizketarakoa, edo bokal eta kontsonanteena. Horregatik guztiagatik, oro har afasikoen azterketek neuropsikolinguisikari egi(te)n dioten ekarpena handia dela esan daiteke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Afasia hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho
  • Laburpena: Afasiaren azterketak hizkuntzaren antolaketarako ebidentzia enpirikoa eskaintzen du, horregatik da ekarpen garrantzitsua eredu neurolinguistiko eta psikolinguistikoak garatzeko. Lan honetan, afasiologiarako sarrera labur gisa, burmuineko lesioen ikerketak hizkuntzaren eta hizkuntza osagaien antolaketaz zer erakutsi duen berrikusten da. Horretarako, aurkezten dira, batetik, afasiologiaren historian hizkuntzaren irudikapenaren inguruan izandako ikuspegi nagusiak eta, bestetik, zer-nolako datuak eskaintzen dituen afasiak hizkuntz osagaien antolaketa funtzionalerako eta hizkuntzalaritza teoriarako.
  • Egileak: Amaia Munarriz
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 185-195
  • DOI: 10.1387/ekaia.14580

—————————————————–
Egileaz: Amaia Munarriz UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Afasia, hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Neuroblastoma: tratamenduan aurrera

lun, 2017/05/29 - 09:00
Umeei eragiten dien minbizi honen tratamendua hobetzen lagunduko duten hainbat mutazio genetiko identifikatu ditu ikerketa batek.

Neuroblastomaren sorreran ezinbesteko funtzioa duen TIAM 1 genea ikertu dute. Genearen mutazioak aztertu dituzte eta zenbait mutaziok pronostiko hobea iragartzen dutela aurkitu dute. Neuroblastomaren terapia hobetzeko diana izan daiteke, hortaz.

Irudia: Neuroblastoma mikroskopioan, bereizgarri duen erroseta egiturak ikusgai.

Minbizi tumore arraroa da neuroblastoma; normalean, ume eta haurtxoetan agertzen dena. Nerbio ehunetik eratzen da, nerbio sistema sinpatikoa osatzen duten ehunetatik, hain zuzen. Gorputzeko zona askotan gara daiteke, organo eta sistema gehienetara heltzen baita sistema parasinpatikoa.

Haurretan garezurretik kanpoko tumore solidorik ohikoena da neuroblastoma. Minbizi pediatriko guztien %7a dira neuroblastomak eta prozesu onkologikoen ondorioz haurtzaroan izaten diren heriotza guztien %15aren erantzule dira.

Neuroblastoak nerbio zelula heldugabeak dira, nerbio zelulak bilakatzen direnak. Neuroblasto horiek garapen normala egiten ez dutenean (nerbio zelula helduak bihurtu beharrean neuroblasto moduan zatitzen eta hazten jarraitzen dutenean) sortzen dira neuroblastomak.

Heldugabeko zelula multzoak (tumoreak) dira neuroblastomak, beraz. Tumore horiek gorputzeko edozein zonatan ager daitezke, esan bezala, sistema parasinpatikoa zona gehienetara iristen baita. Giltzurrun arean, sabelaldean eta bularraldean agertzen dira kasu gehienetan, hala ere, gerora gorputzetik zabal daitekeela (metastasia).

Nahiz eta neuroblastomen kausa ezezaguna izan, zenbait kasutan aldaketa genetikoak daude atzean. Neuroblastoetako DNAko zenbait genek erregulatzen dute zelulen bikoizketa eta hazkuntza. Gene horietako kromosometako aldaketek neuroblastomen sorreran eta hazkuntzan eragin dezakete.

Ikerketa

Pazienteen neuroblastoma primarioa (tumore nagusia, lehena) dira ikerketan aztertu direnak. Mutazioak NGS bidez (Next Generation Sequencing) identifikatu dituzte, TIAM1 genearen mutazioak, zehazki. Tumore zeluletan TIAM1 geneak duen papera dokumentaturik badago ere, TIAM 1 genearen rol onkogenikoa (minbizi sortzailea) neuroblastomaren kasuan ez dago argi.

TIAM 1 genea funtsezkoa da neuroblastomaren garapenean eta, garapen horretan eragiteko ahalmenari esker, terapiaren eraginkortasuna hobetzen lagundu dezakeen diana izan daiteke. Ikerketak identifikatu dituen genearen mutazioak hiru seinalizazio zonaldetan daude kokatuta (N-terminusean, RAS binding domainean eta RAC aktibazioa eragiten duen DH-PH2 domeinu katalitikoan). Aldaera hauek pronostikoa hobetzen dutela, seguruenik TIAM1 genearen funtzioari eraginda, iradokitzen du ikerketak.

Aldaerek TIAM1ek kontrolatutako seinalizazio onkogenikoaren funtzioan galera sortzea edo guztiz etetea izan daiteke arrazoia. Esan bezala, aztertu diren aldaerak seinalizazio domeinuetan daude kokatuta, zehazki MYCN, RAS eta RAC proteinei seinaleztatzen dizkieten domeinuetan. Neuroblastoma zelulen potentzial onkogenikoan berebiziko papera dute bide hauek.

Oro har, neuroblastoma emaitza hobeekin daude erlazionatuta TIAM1 aldaerak eta gen honen inhibizioa erabil liteke ohiko terapiarekin batera emaitzak hobetzeko. TIAM1 neuroblastoma kasuetako terapiaren eraginkortasuna hobetzen lagundu dezakeen diana izan daiteke, hortaz.

Ikerketa praktika klinikora gehitzea da hurrengo urratsa, diagnostikorako erremintak eta prozedurak hobetzeko, gaixotasuna duten haurrei tratamendu goiztiarragoak eskaini ahal izateko.

Valentziako La Fe Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileek, Jaime Font de Morak zuzenduta eta José Luis Zugaza, UPV/EHUko eta Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Ikerbasque ikertzailearen laguntzaz egin dute ikerketa.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sanmartín, E. et al.: TIAM1 variants improve clinical outcome in neuroblastoma. Oncotarget, April 03, 2017. DOI: 10.18632/oncotarget.16787.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Neuroblastomaren tratamendua hobetzeko diana molekular berri bat aurkitu dute.

The post Neuroblastoma: tratamenduan aurrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #156

dim, 2017/05/28 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Juno misioak zikloiak eta magnetismo masiboa aurkitu ditu Jupiterren. 2011n abiatu zen misio espaziala eta iazko abuztuan barneratu zen lehendabiziko aldiz Jupiterren atmosferan. Jupiterreko poloak egitura obal distiratsuez beteta ageri dira; horiek zikloiak direla ikusi dute, eta 1.400 km-ko diametroa izan dezakete. Jupiterren atmosfera sakonaren egitura termikoa aztertu du. Ikertzaileek diote amoniakoan aberatsak diren guneak izan daitezkeela, eta amoniako horrek eragin ditzakeela ikusitako ekaitzak.

Osasuna

Azukre mota asko daude: laktosa (esnekoa), fruktosa (fruituetakoa eta eztikoa), maltosa (garagardokoa),… etiketak irakurtzekoan kontuan hartu behar ditugunak eta horiei erreparatu, ongi desberdintzeko elikagaietan eta osagaietan agertzen direnak. Osasun Erakundeak aholkatu du azukre askeen kantitatea osoko kantitate kalorikoaren %10era jaitsi beharko litzatekeela gutxienez. Alegia, gehien jota, 25 g hartu beharko lirateke egunean (6 azukre puska). Eta zer da, bada, azukre askea? Adibidez kafeari gehitzen dioguna eta lehen ikusi dugun moduan etiketan, janari baten osagai-zerrendan azaltzen dena. Aldiz, frutan eta baratzetan dagoena ez da azukre askea, eta horrela, janari hauen kasuan ez da inongo murrizketarik aholkatu.

Zer da akaina? Eta animalia horrek sortzen duen Lymeren gaixotasuna? Edu Lartzanguren kazetariak azaltzen digu artikulu honen bitartez. Akainak heldu eta 2-28 egunera gorritasuna ikusten da azalean, zomorroak helduriko lekuaren inguruan. Gorritasuna zabalduz joaten da. Gripearen sintomak eta ahuldadea sumatzen dute gaixoek. Artritisa ager daiteke hurrengo urteetan, eta, kasu gutxitan (%15engan), aurpegiaren alde bateko paralisia, bihotzeko arazoak… Halere, ez da erraza akain batek Lymeren gaitza kutsatzea eta horretarako piztia bera egon behar da kutsatuta borrelia burgdorferi bakterioarekin.

Stephen Lewis eta Ken Heaton Bristol Bristolgo Unibertsitateko Medikuntza saileko ikertzaileek 1997. urtean artikulu bitxi bat argitaratu zuten Scandinavian Journal of Gastroenterology aldizkarian. Artikuluan 1992an abiatutako ikerketa baten emaitzak argitaratu zituzten, gorozkien eskala bat, Bristol eskala. Hori da Koldo Garcia biologoak dakarkiguna asteon. Bristol eskala, gorotzen forma sailkatzeko eskala bat da. Gorozkiek forma desberdina dute kolonean pasatzen duten denboraren arabera. Gorotzak 7 forma nagusitan banatzen dira, 1a eta 2a idorreriarekin lotzen direnak; 3a eta 4a kolonaren funtzio normalarekin; eta 5tik 7ra beherakoarekin, kolonaren hanturarekin. Xehetasunak ezagutzeko irakurri Bristol eskala artikulua, ez zaizue damutuko.

Eboluzioa

Duela 7,2 milioi urte Balkanetan bizi zen hominino baten fosilak aztertu dituzte eta ondorioztatu dute, batetik, eboluzioaren zuhaitzean uste zutena baino lehenago banatu zela gizakien adarra, eta, bestetik, banaketa hori ez zela Afrikan gertatu, Europan baizik. Graecopithecus freybergi homininoaren bi aztarnaren azterketa egin dute: Grezian topatutako beheko masailezurraren zati bat eta Bulgarian topatutako goiko eta aurreko hagin bat.

Kimika

Pozoietan aditu bat aipatu beharko bagenu, literaturan behintzat, Agatha Christie izango litzateke, ezbairik gabe. Pozoi horien artean, artsenikoa ere erabili zuen. Baina gaurkoan literaturatik errealitatera egingo dugu jauzi. Artsenikoa oraindik uztak intsektuen kontrako plagizida bezala erabiltzen da. Horren ondorioz, artsenikodun produktuekin landu izan diren elikagaiak kutsatu eta lixibiazio bidez lurzoruan barne sartzen da. Honek gizaki eta sistema ekologikoen artsenikoarekiko esposizio zuzena sortzen du, biak egoera larrian jarriz. Gizakion kasuan, artsenikoz kutsatutako ura erabiltzea da metaloide honek sortzen dituen gaixotasun anitzen (neuropatia periferikoa, anemia, gibel eta giltzurrun disfuntzioa, azal pigmentazioa, gaixotasun kardiobaskularra…) arduraduna, batzuetan heriotza ere suertatzen duena. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude eta batzuk oso eraginkorrak dira, baina behar duten energia kontsumo handiak teknikak baztertzea eragiten du. Beste batzuk ordea, adsorbatzaile nanometrikoak kasu, ingurumen erremediaziorako propietate kimiko eta fisiko egokienak dituzte.

Biologia

Nerbioetan hazten diren tumore batzuk nola sortzen diren aztertzen ari zirela, ilea hazteko ezinbestekoa den proteina bat identifikatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek, bai eta adatsa urdintzen duen mekanismoa aurkitu ere. KROX20 ezinbestekoa da ilea hazteko, eta adatsak kolorea izan dezan, beharrezkoa da, gainera, SCF proteinak ere bere lana betetzea. Hala egiaztatu dute saguekin egin duten esperimentu honetan. Izan ere, KROX20 ekoizten duten zelulak ezabatuz gero, ilea ez da hazten. SCF genea bakarrik kentzean, aldiz, pigmentazioa desagertzen da eta ilea urdindu egiten zaie animalioi.

Elysia chloroticak, itsasoan bizi den bare mota, landare baten antzera jokatzen du. Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Bare honen janari nagusia alga bat da: ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu. Beraz, alga horren menpe dago bizirik irauteko.

Anatomia

Alfabetatu gabeko helduekin egindako ikerketa batek erakutsi du irakurtzen ikasteak uste baino aldaketa handiagoak eragiten dituela garunean. Orain arte, jotzen zen aldaketa horiek garunaren kanpoaldean gertatzen zirela, kortexean, egoera berrietara azkar egokitzeko gaitasuna duen aldean, hain zuzen ere. Baina orain, Max Planckeko ikertzaileek Indiako Ikerketa Biomedikoaren Zentrokoekin (CBMR) eta Hyderabad Unibertsitatekoekin batera aztertu dute zer aldaketa gertatzen diren helduen garunean irakurtzen ikastean, eta ikusi dute ikasketa-prozesu horrek garunean eragiten duen berrantolaketa garunaren sakoneraino iristen dela, talamo eta garun-enborreraino, hain justu. Ikusitako emaitzekin, ikertzaileek garun helduaren plastikotasuna azpimarratu dute.

Teknologia

Ziur asko jada ikusita izango duzue sare sozialetan arrakasta izan duen Nanobot bidezko fekundazioa bideoa baina aukerarik izan ez baduzue, ikustea gomendatzen dizuegu. Bideo honetan ikusten da nola nanorobot batek lagundu egiten dion espermatozoide bati obulua aurkitzen. Ikerketa Dresden hiriko IIN institutuan (nano-zientzien integraziorako ikertegia) egin dute.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #156 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #161

sam, 2017/05/27 - 09:00

Hizkuntza bat solturaz hitz egiten baduzu, zure ama hizkuntza ez bada ere, hau zure interesekoa da. Paula Krilčić eta Adrià Rofesen artikulua: How many animals can you name within one minute (and what does this say about your cognition). Seguru solturaz hitz egiten duzula?

Minbizi-zelula batzuk ez dira soilik farmakoen aurrean erresistenteak egiten, farmako zaleak egiten dira ere. Isabel Pérez Castrok kontatzen digu: Holidays, drug addiction…and cancer research.

Zer da benetan arrazoia? Gizabanakoaren ezaugarria ote da irrazionala izatea gehienbat? Edo beste gauzaren bat? Jesús Zamorak aztertzen du gaia: What is reason for?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #161 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Edurne Simón: “Euskadin, 5 haurretik bat obesoa da” #Zientzialari (73)

ven, 2017/05/26 - 09:00

Giza gorputzean gantz gehiegi metatzearen ondorioz agertzen den gaixotasuna da obesitatea. Egungo gizartearen bizi ohitura sedentariorako joerak, oro har, egunerokotasunean egiten dugun gastu energetikoa nabarmen jeistea ekarri du eta honek, halabeharrez, gainpisudun pertsonen hedapena eragin. Adituen esanetan, bereziki kezkagarria da arazoa haurren kolektiboaren barruan. Baina zeintzuk dira obesitateari lotutako arriskuak? Nola tratatu daiteke gaixotasun hau?

Arazo honi buruz gehiago jakiteko, Edurne Simón UPV/EHUko Nutrizio irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, prebentzioan dago gakoa eta horretarako, ohitura osasungarriak mantentzea beharrezkoa da.

Zientzialari izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Edurne Simón: “Euskadin, 5 haurretik bat obesoa da” #Zientzialari (73) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Argia materia bihurtzen

jeu, 2017/05/25 - 15:00
Ziortza Guezuraga Eguzki argia, ura eta CO2 hartu eta oxigenoa askatzen dute landareek. Fotosintesia deitzen da prozesu hau. Eta eskolan ikusi genuen bezala, horrelakoa da:

1. irudia: Fotosintesiaren eskema sinplifikatua. (Argazkia: Ziortza Guezuragak egina RoRoren irudian oinarrituta.)

Funtsean, eguzki argia baliatuta materia inorganikoa materia organiko bihurtzean datza fotosintesia, CO2 xurgatu eta oxigenoa askatu. Fotosintesia egiteko ezinbestekoa da argia.

Argiaren izaeraz aritu ginen aurreko artikuluan, uhina ala partikula zen. Oraingo artikulu honetan argia energia kimiko bilakatzeko prozesuan zentratuko gara: fotosintesian.

Eskolan irakasten den bezala, landareek CO2a, eguzki argia eta ura hartzen dute eta zenbait prozesuei esker O2 askatzen dute. Fotosintesiaren oso eskema sinplifiaktua da aurrekoa, baina. Fotosintesia prozesu erabat konplexua da eta oraindik ez da guztiz argitu zelako mekanismoak hartzen duten parte.

Esan bezala, argia nahitaezkoa da fotosintesia egiteko. Espektro ikusgarriko argia (400-700nm) erabiltzen dute izaki fotosintetikoek.

2. irudia: Argi espektroaren banaketa. (Argazkia: Ziortza Guezuragak egina Philip Ronanen irudian oinarrituta.)

Zenbat eta argi gehiago, orduan eta fotosintesi gehiago egiten dute landareek. Neurrian, hala ere, gehiegizko argia kaltegarria baita.

Hostoetan dituzten pigmentuak erabiltzen dituzte landareek argia xurgatzeko, pigmentu fotosintetizatzaile nagusia klorofila delarik. Bestelakoak ere badaude, karotenoideak, esaterako.

Tilakoide izeneko besikuletan dago kokatuta klorofila. Tilakoideak, era berean, kloroplasto izeneko organuluen barruan daude.

Fotosintesiaz arduratzen diren kloroplastoak hostoetako zeluletan daude, kloroplastoen barruan tilakoideak aurki daitezke eta tilakoideetan klorofila eta argiaren energia luminikoa energia kimiko bilakatzen laguntzen duten bestelako molekulak. Hostoetako zelulek xurgatzen dute argia, beraz.

3. irudia: Plagiomnium affineren zeluetan kloroplastoak ikusgai. (Argazkia: Kristian Petersen)

Argia hartu eta…

Argiak hostoetan dauden kloroplastoetara ailegatzen denean, zer? Bi fase erabat ezberdin ditu fotosintesiak:

  1. Argiaren fasea. Eguzki argia energia kimiko bihurtzen du landareak fase honetan. Ur molekulen disoziazioa baliatuta ATP eta NADPH eskuratzen ditu. Tilakoideetan ematen da prozesu hau, fotosistema izeneko konplexuetan.
  2. Fase iluna. Energia kimikoa baliatuta, CO2 bereganatu eta azukreak sortzen ditu landareak fase honetan. Argirik ez dute behar fase honetan gertatzen diren erreakzioak. Argiaren fasean sortutako ATP eta NADPH baliatzen dira karbonoaren finkapena (karbono inorganikoa karbono organiko bihurtzeko prozesua) eta Kalvin zikloa.

Fotosintesiari esker argia materia organiko bilakatzen dute izaki fotosintetikoek.

''Fotosintesia, argia eta energia kimikoaren arteko prozesua''

Aurreko artikulua:

Argi uhina ala argi partikula?

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

The post Argia materia bihurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eguzkiak elikaturiko itsas barea

jeu, 2017/05/25 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Elysia chlorotica itsasoan bizi den bare mota bat da, baina ez da batere arrunta. Eguzki-instalazio bat bezalakoa da edo, hobeki esan, landare baten antzera jokatzen du.

Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin, eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia-beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du beste animalia gehienek bezala jokatzen. Haren janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu.

Irudia: Elysia chlorotica barea bere jana sortzeko gai da. (Argazkiaren iturria: ALLPE Medio Ambiente)

Itsas bareak gordetako plastoek fotosintesia egiten jarraitzen dute, eta horrela sorturiko materia da Elysia chloroticak elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki-instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.

Itsas barea algaren menpe dago, oso-osoan, bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, algak jan behar ditu. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, horiek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.

Aurreko atalean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu dugu. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Baina ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina hark algak gorde egiten zituen, osorik, eta sinbiosi harremana mantentzen zuen, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute horren truke ezer lortzen. Bestalde, zizarearen kasuan ez zen zizarea fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina egin, berak egiten du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Eguzkiak elikaturiko itsas barea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ilearen proteina aurkitu dute ezustean

mer, 2017/05/24 - 09:00
Amaia Portugal Nerbioetan hazten diren tumore batzuk nola sortzen diren aztertzen ari zirela, ilea hazteko ezinbestekoa den proteina bat identifikatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek. Adatsa urdintzen duen mekanismoa ere aurkitu dute, aldi berean.

1922an, Alexander Fleming bakterio batzuk aztertzen ari zen plaka batean, onddo batek hura kutsatu zuenean. Onddo hark bakterioak hiltzen zituela konturatu zen ikertzailea, eta hala, penizilinaren propietate antibiotikoak aurkitu zituen oharkabean. Halako gertakariei serendipia deitzen zaie: ustekabean zerbait aurkitzeari, berez beste zerbaiten bila ari garenean.

Horixe gertatu berri zaio Texasko Unibertsitateko Southwestern Medikuntza Zentroko (AEB) ikerketa talde bati. Lu Le doktoreak zuzenduta, tumore mota zehatz bat nola sortzen den aztertu nahian zebiltzan, oso bestelako zerbaitekin topo egin zutenean. Izan ere, ilearen hazkundeaz arduratzen den proteina identifikatu zuten, bai eta adatsa urdintzen duen mekanismoa aurkitu ere. Genes & Development aldizkarian eman dute ikerketa lanaren berri.

1. irudia: KROX20 proteina gakoa da ilearen hazkundean. Hura gabe, burua soildu egiten da)
(Sinadura: Welshsk / CC BY 3.0 lizentziapean)

Ileen folikuluen azpialdean dauden azaleko zelula amek zerikusia dute ilearen hazkundean, eta hori jakina zen lehendik ere. Ikertzaileek ez zekiten, baina, nola ematen duten zelula horiek azaletik ilerako jauzia. Kasualitatez aurkitu dute erantzuna. Southwesterneko ikertzaileok 1 motako neurofibromatosia ari ziren aztertzen; gaitz genetiko honen eraginez, tumoreak nerbioetan hazten dira, toki berezia oso. Horren harira, nerbioen garapenarekin zerikusia duen KROX20 proteinari erreparatu zioten, baina hara non, bestelako funtzio bat aurkitu zioten, ilearen hazkundeari lotuta.

Zelula amak folikuluen oinarrira mugitzen direnean, KROX20 proteina aktibatu egiten da, ilearen hazkundeaz arduratzen diren azaleko zeluletan. Gainera, ondoren, hain zuzen ere KROX20aren eraginez, zelula horiek beste proteina bat ekoizten dute: SCF edo zelula amen faktorea. Zelula batean bi proteina horiexen espresioa gertatzen denean, folikuluan gora egiten dute, interakzioa daukate pigmentua sortzen duten melanozito zelulekin, eta hala, ilea osasuntsu eta koloretsu hazten da.

2. irudia: SCF proteinak bere lana egiten ez duenean, pigmentazioa desagertzen da, eta ilea urdindu)
(Aragazkia: Homini / CC BY 2.0 lizentziapean)

Horrenbestez, KROX20 ezinbestekoa da ilea hazteko, eta adatsak kolorea izan dezan, beharrezkoa da, gainera, SCF proteinak ere bere lana betetzea. Hala egiaztatu dute saguekin egin duten esperimentu honetan. Izan ere, KROX20 ekoizten duten zelulak ezabatuz gero, ilea ez da hazten, eta saguak soildu egiten dira, beraz. SCF genea bakarrik kentzean, aldiz, pigmentazioa desagertzen da eta ilea urdindu egiten zaie animalioi.

Aurkikuntza honen ondoren, denboraren poderioz proteina horien funtzionamenduak okerrera egiten ote duen aztertu nahi dute orain ikertzaileek. Adinean gora egin ahala ilea zergatik urdintzen den eta, batez ere gizonezkoen kasuan, burua zergatik soiltzen den ulertzea dute helburu horrela. Betiere, kontuan hartuta orain arte saguekin baino ez dutela lan egin. “Ezagutza honekin, etorkizunean konposatu bat garatu edo beharrezkoak diren geneak folikuluetan kokatu ahal izango ditugula espero dugu, arazo kosmetiko horiek zuzentze aldera”, azaldu du Lu Le doktoreak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Chung-Ping Liao; Reid C. Booker; Sean J. Morrison; Lu Q. Le. Identification of hair shaft progenitors that create a niche for hair pigmentation. Genes & Dev. (2017). DOI:10.1101/gad.298703.117

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Ilearen proteina aurkitu dute ezustean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Azukrea, janarien barruan ezkutuan

mar, 2017/05/23 - 09:00
Déborah García Bello Aste honetan bi gauza gertatu zaizkit, eta biek ere zerikusia dute janariek duten azukreak sortzen dituen zalantzekin.

1. irudia: Dieta egiten dutenen artean edo dieta egiten ez duten batzuetan, oso zabaldua dago ohitura bezala kaloria gabeko gozogarriak hartzea. Beraien ustez, hartu egiten ez diren kaloriak loditzen ez duten kaloriak direlako.

Lehenengoa, normalean joaten naizen dendan gertatu zitzaidan. Nire erosketak ordaintzeko kutxako ilaran nengoen zain, eta aurrean nuen andrea niregana bueltatu eta “Zein gozoki dira azukrerik ez dutenak?”. Etiketan bertan erakutsi nion “azukrerik gabe” zeramatela batzuek. “Eta nola dakit benetan ari direla?”. Erantzun nion egiazkoa dela beti etiketetan jartzen dutena, eta berez, gozoki horiek diabetikoek ere jan ditzaketela. Andreak chupachups horietako bat hartu zuen eta eskerrak eman zizkidan. “Fidatu egin beharko, baina batek daki ezkutuan zer daramaten hauek”. Etiketak legez arautuak daudela esan nion. Azkar erantzun nion kontuan sakondu gabe, ikusi nahi nuen filma berehala hastera zihoalako.

Antzeko zerbait ere gertatu zitzaidan supermerkatuko jogurten eremuan. Andre batek “Neskato, begiratuko didazu mesedez zeinek ez daukan azukrerik? Ez baitut azukre gabekorik aurkitzen, eta horrelakoak jatekoa agindu dit medikuak”. Andreak jogurt naturalaren osagaien taula erakutsi zidan, eta “Begira, 5.3 g azukre produktuaren 100 g-ko”. Nik esan nion hori ez zela medikuak debekatutako azukrea. “Jogurtaren esneak duen azukrea da hori, eta ez da azukrea arrunta bezalakoa. Begiratu jogurtaren osagaien zerrendan, eta bertan azukrerik azaltzen ez bada, erosi lasai”. Horrela, zerrendako osagaiak irakurri nizkion: esne gaingabetua, esnearen proteinak, laktosa, eta esne-hartzigarria. “Ikusten duzu? Ez da inongo azukrerik azaltzen, hau jogurt naturala delako, gaingabetua, eta azukre gehigarririk gabea”. Berak erantzun zidan “Bazuten ba argiago azaltzea”. Ez nion andreari ezer eztabaidatu.

2. irudia: Elikagaien zehaztapenak eta osagaiak jogurt batean.

Lagunen artean “azukrea” esaten dugunean, izatez sakarosa izeneko batez ari gara. Janariari botatzen diogun azukrea da sakarosa.

Berez, azukre asko daude: laktosa (esnekoa), fruktosa (fruituetakoa eta eztikoa), maltosa (garagardokoa),… Karbohidratoak dira haiek guztiak, baina desberdin metabolizatzen ditugu batzuk eta besteak, eta beraz, azukre mota asko daudela hartu behar dugu kontuan, janarien etiketak irakurtzeko unean.

Etiketan bi zehaztapen ematen dira: elikagaiak eta osagaiak. Elikagaietan ari garenean, laktosa, sakarosa zein fruktosaren berri ematen da, beti ere hidrokarburoen talde orokorrean sartuta. Hori dela eta, azukrerik gabeko jogurt natural batek 5.3 g azukre izan dezake, baina esneko laktosa izango da azukre hori, ez zaporea aldatzeko gehitzen den azukrea. Osagaietan aldiz, argi esaten da azukre gehigarririk dagoen ote produktuan. Horrela bada, osagaien zerrendan begiratu behar dugu, ez elikagaien zerrendan.

3. irudia: Sakarosa etxeko azukre arrunta da, glukosaz eta fruktosaz osatutako disakaridoa. Munduan janariak gozatzeko gehien erabiltzen den gozagarria da.

Egun, azukre aske deritzen horiei erreparatzen diegu bereziki. Munduko Osasun Erakundeak aholkatu du azukre askeen kantitatea osoko kantitate kalorikoaren %10era jaitsi beharko litzatekeela gutxienez. Alegia, gehien jota, 25 g hartu beharko lirateke egunean (6 azukre puska).

Zer da azukre askea?. Munduko Osasun Erakundearen arabera, hauxe da:

  1. Azukre gehigarria. Azukre arrunta (sakarosa), adibidez kafeari edo azkenburukoei gehitzen dieguna; era berean, janari baten osagai-zerrendan azaltzen dena. Izan ere, osagaien artean azaltzen da freskagarri, gaileta, zekale, opil disolbagarri eta ogi zuri batzuen zerrendetan.
  2. Berez, janari batzuetan badago azukre gehigarriaren antzeko ondorioak dakartzan azukre bat: hala gertatzen da eztia, ziropa eta zukuen kasuan.

Frutan eta baratzetan dagoena ez da azukre askea, eta horrela, janari hauen kasuan ez da inongo murrizketarik aholkatu. Horregatik gomendatu ohi da fruta pieza osoak jatea edo fruta pieza osoak dituzten irabiatuak edatea, eta ez zukuak (etxean eginak izan arren).

Izan ere, frogatua dago azukre aske hauek zerikusia dutela gizentasunarekin eta II motako diabetesarekin. Egun, gizentasun eta gehiegizko pisua, ohikoegiak dira gure gizartean.

4. irudia: Haurrei zuzendutako zuku edariek, fruta zuku naturalek eta smoothiek behar baino askoz ere azukre libre gehiago dituztela ondorioztatu dute, Liverpoolgo Unibertsitatean egindako ikerketa batean. Egunean bost fruta jan behar direla dioten gomendioei jarraiki, azpimarratu dute edari horietako batek ezin duela, inolaz ere, fruta ale bat ordezkatu.

Aholku hauek guztiek ez dute plazeren aurka egitea helburu. Munduko Osasun Erakundeak eta nutrizionistek jakitun jarri nahi dute populazioa: zuku bat edanez gero, inork ez dezala pentsa fruta jatea bezain osasuntsua denik hori edatea. Zilegi da zuku bat gustagarria delako edatea, baina garbi gera bedi hori ez dela osasuntsua.

Opila edo txokolate barratxoak jaten dituzunean, freskagarri bat edaten duzunean, horrelakoak atsegin dituzulako egiten duzu, osasuna kontuan hartu gabe. Inork ez du pentsatuko osasuntsua denik arrosa koloreko opila. Oso engainagarriak izan daitezke ordea iragarkiak, baldin eta tartean badaude frutak, barazkiak, zukuak, poto txikiak, ahiak… Hauek guztiek azukre gehigarriak dituzte eta ez dira beti osasuntsuak.

Kanpaina honetan, ageri-agerian utzi nahi dugu arriskutsua dela gure janarietan hainbeste azukre askeak jatea. Jatekotan, gutxienez jakitun jan dezagun. Erraza da gauzak bere onera eramatea: zuku, ezti, ziropa eta azukre gehigarria duten janari gutxiago jatea. Kontuan izan behar dugu edonola azukre hauek agerian egongo direla beti ere etiketetako osagaien zerrendetan, hala arautua dagoelako. Horrelakoak ez direnek ez dute ziurtasun-kontrolak gainditzen, eta ez dira merkaturatzen.

Ez da iradoki behar janarietan ezkutuko osagaiak daudenik, horrela mesfidantza eta ezagumendu falta ere areagotzen direlako. Beldurraz baliatzea ez da inoiz gizalegezkoa izan.

Hainbatetan “azukrerik gabe” irakurtzen dugu eta hala ere ez gara fidatzen. Batetik iragarki batzuk nahita egiten dira nahasgarri, eta jakina, horrek ezinegona eragiten dio erosleari. Bestetik, gehiegi jo izan da “ez zaitzatela engaina” sasi-jakintsu horretara. Ez dago engainurik etiketetako zehaztapenetan, bertako informazioa egiaztatua baitago beti ere. Ez dago ezkutuko azukrerik janarietan, eta hori lasai egiazta daiteke etiketak irakurrita.

—————————————————–

Egileaz: Déborah García Bello kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea da.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Azukrea, janarien barruan ezkutuan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Artsenikoa erauzteko bide berria

lun, 2017/05/22 - 15:00
Itziar Galarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz de Larramendi Historian zehar erabilitako pozoirik ospetsuena dugu artsenikoa. Metaloide edo erdimetal moduan sailkatutako dago eta metal eta ez metalen arteko propietate kimikoak ditu. Ingurumenean naturalki zein eragin antropogenikoen bidez aurkitzen da hurrengo lau oxidazio egoera desberdinetan: artseniko elementala edo artseniko metala [As(0)], artsanoa [As(-III)], artsenitoa [As(III)] eta artseniatoak [As(V)]. Urteetan zehar gauza askotarako erabili bada ere, duen izaera toxikoaren ondorioz gaur egungo erabilerak geroz eta urriagoak dira.

Irudia: Arnasketa bidezko kutsapena posible bada ere, azal zein beste bidezko kontaktua da artseniko kontaminazioaren iturri nagusia.

Oraindik uztak intsektuen kontrako plagizida bezala erabiltzen da. Horren ondorioz, artsenikodun produktuekin landu izan diren elikagaiak kutsatu eta lixibiazio bidez lurzoruan barne sartzen da. Lurzoruan beste ioiekin elkartu edo lur barneko urekin nahasten da espezie berriak sortuz. Honek gizaki eta sistema ekologikoen artsenikoarekiko esposizio zuzena sortzen du, biak egoera larrian jarriz. Gizakion kasuan, artsenikoz kutsatutako ura erabiltzea da metaloide honek sortzen dituen gaixotasun anitzen (neuropatia periferikoa, anemia, gibel eta giltzurrun disfuntzioa, azal pigmentazioa, gaixotasun kardiobaskularra…) arduraduna, batzuetan heriotza ere suertatzen duena. Honen adierazle artsenikoak duen dosi hilgarria (LD50) da: 1 – 4 mg/kg. Munduko Osasun Erakundeak artsenikoaren kontsumoak dituen eraginak ikusita, ur edangarrirako gidalerrotzat gehienezko 10ug/L-ko artseniko kontzentrazioa proposatu zuen 2010ean.

Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Metodo hauen artean batzuk oso eraginkorrak dira, baina behar duten energia kontsumo handiak teknikak baztertzea eragiten du. Beste batzuk ordea, adsorbatzaile nanometrikoak kasu, ingurumen erremediaziorako propietate kimiko eta fisiko egokienak dituzte.

Sistema hauen diseinu malgutasunak material berriak sortzeko aukera eskaintzen du. Adsorbatzaile honen bereizgarri nagusiak, dituen dimentsio eta gainazal/bolumen erlazio bereziak dira. Hauek, batik bat, nanosistemen eraginkortasuna hobetzen dute. Beste batzuen artean, nanometrikoak diren oxido metalikoak daude (NOM). Kasu honetan, ur kutsatuaren tratamenduetan magnetikoak diren sistemak azpimarratuko dira. Metalikoak diren nanopartikula hauek urarekin kontaktuan jartzean ura adsorbatzen dute eta, medio azidoetan, nanopartikulen gainazala positiboki kargatuta geratzen da. Hortaz, artsenikoz kutsatutako urak nanosistema hauekin kontaktuan jarri ondoren elkarrekintza elektrostatikoen bidez artseniato anioiak bereganatuko dituzte. Gero, iman indartsu baten eraginpean jarriko da sistema, artsenikoa erauztearren. Modu honetan, artsenikoz kutsatutako urak tratatzeko sistema sinple eta eraginkorra sortzen da.

Hau eginda “in situ” aplikatu daitekeen ingurumen tratamendua lortuko da. Sistema tradizionalekin alderatuz, teknologia eta sistema berri hauen agerpena ur tratamenduetarako bide berria sortzen ari da. Nahiz eta sistemen parametro asko hobetu behar diren, hobekuntza lanetan dagoen teknika honek etorkizun oparoa du. Izan ere, sistema tradizionalekin alderatuz, adsortzio gaitasun handiko sistema sinple, merke eta azkarra da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Nanoteknologia: artsenikoaren erauzketarako bide berria
  • Laburpena: Artsenikoarekiko esposizioak, nahiz eta kontzentrazio txikietan izan, osasunerako eta sistema ekologikoetarako oso kaltegarria da. Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Adsorbatzaile nanometrikoak dituzten propietate kimiko eta fisikoek ingurumen erremediaziorako materialik egokienak bihurtze dituzte. Lan honek artsenikoz kutsatutako uren tratamenduan erabiltzen diren nanoadsorbatzilei buruzko ezagutza handiagoa eskaintzea du helburu, nanoteknologia barneratzen duen ikerkuntzaren etorkizunaren inguruko ikuspegi berria emanez.
  • Egileak: Itziar Jalarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz de Larramendi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 87-105
  • DOI: 10.1387/ekaia.14572

—————————————————–
Egileaz: Itziar Galarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz Larramendi UPV/EHUko Kimika Ez-organikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Artsenikoa erauzteko bide berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Anatorama: garezurra hiru dimentsiotan

lun, 2017/05/22 - 09:00
Garezurraren eta giza garunaren sistema eta elementuen xehetasun guztiak ikusteko aukera ematen duen aplikazioa sortu du Jon Jatsu Azkuek: Anatorama. Gorputz atalak ikasi eta ikertzeko zegoen material mugatuari erantzuteko helburua du programak

“Bi dimentsiokoa zen geneukan ikonografia guztia: argazkiak, powerpointeko aurkezpenak… Eta horrek askotan zaildu egiten zuen ulermena”, azaldu du UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakasleak.

Garezurraren edo garunaren barnean nabigatu eta elementu guztiak bereizi daitezke euskaraz diseinaturiko software honekin. Koloreak eta gardentasuna aldatzen, elementuak kendu, jarri edo nabarmendu daitezke; momentuan ikertu nahi den guneari nagusitasuna emateko. “Disekzio birtual bat da, elementu batzuk kendu eta beste batzuk errazago ikusi ahal izatea da tresna honen filosofia”, gehitu du Azkuek.

Duela lau urte hasi ziren anatomiaren inguruan ikertzeko hiru dimentsioko teknikak erabiltzeko aukera aztertzen eta, Azkueren esanetan, oso teknika eraginkorra da, “anatomia hiru dimentsioko zientzia delako”.

Medikuntzako bigarren mailako eta Odontologiako ikasleen esku jarri da programa ikasturte honetan, aplikazioak zer-nolako harrera duen eta baliabide eraginkorra den egiaztatzeko, batetik, eta ikasleen feedback zuzena jaso eta horretan oinarrituta, lan egiteko. HELAZ Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuan aurkeztu zen ikasleek Anatorama ebaluatzeko proiektua. Berrikuntza proiektu gisa onartu zen, ikasleen esku jarri eta eraginkortasuna neurtzea ahalbidetu zuena.

Ikasleen eta irakasleen erantzun ona bada, eta egin diren lehen galdeketek hori diote, giza anatomiaren gainerako atalak lantzen jarraituko da, baita tresna beste hizkuntzetan eskaini.

Aplikazio ugari eskaintzen dizkiete aurrerapen teknologikoek Anatoramari; beste elementuekin konbinatuta, hala nola 3D inprimagailuekin, esaterako. Softwarea erabilita eredu digitala sortu daiteke, aztertu nahi den atala disekzionatu eta hiru dimentsioko inprimagailua baliatuta organo horren maketa fisikoa sortu daiteke horrela.

Erreferentzia bibliografikoa:

TY – JOUR A1 – , T1 – A digital tool for three-dimensional visualization and annotation in Anatomy and Embryology learning JO – Eur. J. Anat. SN – 1136-4890 Y1 – 2013 VL – 17 SP – 146 EP – 154 UR

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Jon Jatsu Azkuek Anatorama sortu du, garezurra 3 dimentsiotan erakusten duen aplikazioa

The post Anatorama: garezurra hiru dimentsiotan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #155

dim, 2017/05/21 - 09:00
Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Iaz lortu zuen Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimiko estatubatuarrak Millennium Technology Saria, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. Teknologia alorreko “Nobel” gisa ezagutzen da komunitate zientifikoan eta jendearen bizitza hobetzen duten proiektuak saritzea du xede. Arnoldek “bideratutako eboluzioa” metodoa garatzeagatik erdietsi zuen hura. Laborategian entzima berriak diseinatzea eta hobeak sortzean datza bere lana, eboluzio naturala imitatuz, gerora produktu industrialetan aplikatzeko. Argiro azalduta, DNAren zati txiki batzuekin (geneak) eta kodifikatzen duten proteinekin lan egiten du. Teknologia hori –bioteknologia– biologiaren eta eboluzioaren indarraz baliatzen da arazo garrantzitsuak gainditzeko (abeltzaintza, farmazia, elikagaien-zientzia eta medikuntza arloetan, besteak beste). Adibidez, azukrea oinarri duen erregaia sortzea izan da ingeniari honek garatu duen lanetako bat, energia berriztagarriak eta teknologia “berdeen” bidetik jotzeko asmotan.

Biologia

Askotan kolore berdez tindaturik agertzen dira Britainia Handiko hegoaldeko eta Bretainiako kostaldeetako hondartzak. Kolore hori ematen diotenak ez dira algak, baina horiek ez baitira lehorrean mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen kolore berdeko materia hori mugitu egiten da. Zizareak dira eta mikroalgaz beterik daude, horixe da zizarearen kolore berdearen zergatia. Gaztea denean mikroalgak jaten ditu, baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Animalia xelebrea da: eguzkitik lortzen du energia, eta karbono dioxidotik karbonoa.

Erabiltzen ditugu asmakizun askok natura dute inspirazio-iturri. Nagore Eluk eta Nerea Osinaldek horietako batzuk agertu dituzte testu interesgarri honetan. Hala nola haitzetako ostra, muskuilu edo lapen adibidea aipatzen dute. Hauen propietate itsaskorrak aspalditik dira ezagunak, baina azken bi hamarkadetan ezagutu da bai substantzia itsaskortasun-eragilearen konposizio kimikoa, bai ekoizpen mekanismoa. 2006an MaxPlanck Institutuko zientzialariek aurkitu zuten muskuiluen barnealdea gehienbat kolageno zuntzez dagoela osatua, eta hain zuzen ere horrek ematen dio animaliari erresistentzia eta elastikotasuna. Kanpoaldea, aldiz, DOPA izeneko proteina batez eta burdin ioiz osatua dago. Azken bi hauen artean erreakzio kimiko bat gertatzen denean substantzia likatsu bat sortzen da, eta substantzia hori gradualki polimerizatzen doa, naturarekin kontaktuan jartzen denean. Asmakizun gehiago ezagutzeko, jo ezazue artikulura.

Tomateen heltze puntu optimoa zein den jakiteko, pigmentuak neurtu dituzte espektrometria bidez. Raman espektroskopio eramangarria aplikazio honetarako baliagarria dela frogatu du Josu Trebolazabalaren ikerketak. Testuan azaltzen denez, tomatearen heltze prozesuak hainbat fase ditu eta, fasez fase, kolorea aldatuz joaten da. Hala, tomatearen konposizioan gertatzen diren aldaketak ikus daitezke espektrometria bidez. Fruituaren konposizio molekularra aztertzen duen neurgailu honekin, beraz, fruitua hondatu gabe monitorizatu daiteke.

Geografia fisikoa

Glazarriak izan dira protagonista artikulu honetan. Hamish Pritchard glaziologoak argitaratutako ikerketa batek Erdialdeko Asian dauden mendilerroetan (Himalaia, Hindu Kush, Karakorum, Pamir, Kunlun eta Tian) dauden glaziarren garrantzia kuantifikatu du eta haren irudiko, 800 milioi lagun inguru glaziar hauekiko dependentzia dute, udaran glaziar horietatik jasotzen den urak zuzenean 136 milioi lagunen beharrak asetzen ditu. Ikerlariak dio: “Glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturriak dira”. Halaber, klima-aldaketak oreka garrantzitsu honetan eragin handia izan dezake gehienek glaziarren beherakada aurreikusten dute. Klima-aldaketak lehorteak eta gosea ekarriko lituzke, baina egoera horri glaziarren atzerakada gehitu behar zaiola nabarmendu du.

Urte normal bateko udaretan, Indus ibaiko arroan %38 gutxituko litzateke ura. Lehortea izanez gero, berriz, kopuruak %58ra igoko luke. Aral ibaiaren goiko arroan, berriz, datuak are kezkagarriagoak dira, bertan %100era heltzeko aukera baitago.

Anatomia

Ikerketa askok erakutsi dute musikak eragin zuzena duela garunean eta organismoan. Orain, Max Planck Institutuko neurozientzialari batzuek beste adierazpen artistiko hartu dute aintzat: poesia. Ikertzaileek ondorioztatu dute errima eta hizkera erritmikoa duten adierazpenek ere, hala nola poema klasikoek, bertso tradizionalek edo haur-poemek, erreakzio fisikoa eragiten dutela entzulean. Ildo horri jarraiki bi esperimentu gauzatu dituzte. Lehenengoan, boluntarioek berentzat hunkigarriak ziren poemak aukeratu behar zituzten. Gero, haiek entzun bitartean zenbait parametro fisiko neurtu zizkieten: bihotz-taupadak, aldaketak larruazalean, ilea… Emaitza garbia izan zen: guztiek izan zituzten hotzikarak, eta hamaikari oilo-ipurdia jarri zitzaien. Bigarrenak 18 boluntariok parte hartu zuten, eta, horretan, berek aukeratutako poemak entzun bitartean, garuneko jarduera neurtu zieten. Une hunkigarrienetan, garuneko eremu askoren jarduera areagotu egiten dela frogatu dute.

Biokimika

Biodonostia OII-ko ikertzaileek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikuek elkarlanean, garuneko minbizi gaiztoen eta aldi berean ohikoenean gakoa den gene bat identifikatu dute (SOX1). Ander Matheuk koordinatzen duen ikertzaile-taldeak SOX1en maila handia hauteman zuen pazienteengan biziraupen txikia eragiten duten tumore batzuen biopsian. Era berean, identifikatu dute SOX1-maila nabarmen areagotzen dela glioblastomaren sorreraren eta progresioaren erantzulea den tumore-zelulen populazio espezifiko batean. Ikertzaileek glioma-zeluletan SOX1 isilarazi dutenean, hautematen dute zelulok galdu egiten dituztela ezaugarri gaizto guztiak, beren burua berritzeko ahalmena eta tumore-jarduera barne.

Ingurumena

Diesel motorrek laborategiko probetan baino askoz ere nitrogeno oxido gehiago isurtzen dutela salatu du ikerketa batek. Horrekin batera, gas horiek eragindako heriotza goiztiarrak ere kalkulatu dituzte eta isurketak murrizteko neurriak zorroztea eskatu dute. Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Austriako ikertzaile batzuk aritu dira elkarlanean eta diesel motorren nazioarteko 11 merkatu aztertu dituzte. Kalkulatu dutenez, 107.600 heriotza goiztiar eragin zituzten poluitzaile horiek, espero baino 38.000 gehiago, eta hamarretik zortzi Txinan, Indian eta Europako Batasunean izan ziren. Asiako eta Amerikako herrialde gehienetan arazo handiena ibilgailu astunek eragiten badute ere, Europan arazoa furgoneten eta autoen isuriak direla ere nabarmendu dute. Neurri zorrotzak hartu ezean, 2040. urtean heriotza goiztiarrak 174.000 izango direla ohartarazi dute.

Medikuntza

Odol-zelula amak laborategian sortzeko bi metodo berri sortu dituzte. Aurrerapauso garrantzitsua izan liteke, besteak beste, terapia zelularrerako, botiken testak egiteko, eta leuzemia ikertzeko eta tratatzeko. Hezur-muinean dauden odol-zelula ametatik sortzen dira odoleko zelula guztiak. Odol-zelula ama horiek, berriz, enbrioiaren garapenean sortzen dira odol-hodien paretetako zelula endotelial berezi batzuetatik, zelula endotelial hemogenikoetatik. Bihurketa horren mekanismo molekularrak ez dira ezagutzen oraindik, baina uste da gako direla laborategian odol-zelula amak lortzeko. Ikerketa taldeek garatutako metodoak sakonean ezagutzeko jo ezazue artikulura.

Zientzia ikus-entzunezkoetan

‘En busca del futuro perdido’ dokumentala aurkeztu du Luis Quevedo kazetariak. Eudal Carbonell Atapuerca aztarnategiko zuzendarikidearekin ekoitzitako dokumentala aurkeztu du Gasteizen. Quevedok dio beharrezkoa dela iragana aztertzea etorkizuna ulertzeko. “Ia zibilizazio guztietan, antzeko gauzak pasatu dira, antzeko hutsegiteak egin zituzten. Gaur egun ere, antzera gabiltza. Baina arazo horiek konpondu ditzakegu, historian konponbidea eman zaien arazoak direlako. Maiei gertatu zitzaienaz ikas dezakegu, guri gauza bera ez pasatzeko”, azaltzen du. Halaber, zientzia helarazteko eta jendearengana iristeko bide asko daudela gaineratzen du.

Astrofisika

Laurence Tresse astrofisikariari egin diote elkarrizketa Berrian. Bere ikerketa esparrua astronomia estragalaktikoa da eta kosmologia behatuan espezializatu zen unibertsitatean. “Lyongo CRAL zentroan, nire egiteko nagusia da gugandik urrunen dauden galaxiak ikertzea, horien eboluzioa ezagutu ahal izateko. Galaxien masaren metaketa ikertzen dut, horien neurria, adina eta kokapena zehazte aldera; eta, horretarako, ezinbestekoa da teknologia aurreratuena erabiltzea”, argitzen du Tressek. Horregatik, hurrengo belaunaldiko teleskopio eta behatze-tresnen diseinuan eta prestaketan ere egiten du lan. Teknologia berri horren ekarriaz ere hitz egin du. Ez galdu!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #155 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #160

sam, 2017/05/20 - 09:00

Minbizi bat ahal den arinen antzemateak zehaztu dezake berori gainditzearen eta ez gainditzearen arteko aldea. Horregatik bilatzen dira arriskuan egon daiteken populazioari minbiziaren ohiko diagnostiko goiztiarrak egiteko metodoak. Arlo honetan garatu den azken aukera birikietako minbizia sudurraren bidez antzematean datza. Sergio Laínezek azaltzen du: Lung cancer can be detected through your nose.

Zelan lortu kriminal batek ez dezala deliturik egin? Honen inguruan ez da gauza handirik idatzi. Eta are gutxiago, ez da bat ere ohikoa teknika ekonomikoak erabiliz aztertzea gaia. José Luis Ferreirak hurbiltzen digu gaia: Crime deterrence.

Ez dirudi erraza grafenoaren propietateak uneoro doitzea gailu elektroniko batek beharko lukeenera. Ez dirudi erraza, DIPCko ikertzaileek eskua sartzen duten arte: Tuning graphene adsorption continuously.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #160 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Frances Arnold: Teknologia berdearen iraultzan murgilduta

ven, 2017/05/19 - 09:00
Uxue Razkin Iaz lortu zuen Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimiko estatubatuarrak Millennium Technology Saria. 2004. urtean Tim Berners-Leek –Wolrd Wide Weba garatu zuena– lehenengo saria jaso zuenetik, ez zen agertu irabazle emakumerik zerrendan. 2016 urtera arte, jakina. Arnold sari hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. Teknologia alorreko “Nobel” gisa ezagutzen da komunitate zientifikoan eta jendearen bizitza hobetzen duten proiektuak saritzea du xede. Arnoldek “bideratutako eboluzioa” metodoa garatzeagatik erdietsi zuen hura.

1. irudia: Frances Hamilton Arnold ingeniari biokimikoak 2016ko maiatzaren 24an jaso zuen Millennium Technology Saria Helsinkin. Saria hartu ondoren adierazi zuen: “Espero dut emakumeek ikustea zientzian eta teknologian karrera gogobetegarriak eta onuragarriak izan ditzaketela”. (Argazkia: Technology Academy Finland)

Laborategian entzima berriak diseinatzea eta hobeak sortzean datza bere lana, eboluzio naturala imitatuz, gerora produktu industrialetan aplikatzeko. Argiro azalduta, DNAren zati txiki batzuekin (geneak) eta kodifikatzen duten proteinekin lan egiten du Arnoldek. Teknologia hori –bioteknologia– biologiaren eta eboluzioaren indarraz baliatzen da arazo garrantzitsuak gainditzeko (abeltzaintza, farmazia, elikagaien-zientzia eta medikuntza arloetan, besteak beste). Adibidez, azukrea oinarri duen erregaia sortzea izan da ingeniari honek garatu duen lanetako bat, energia berriztagarriak eta teknologia “berdeen” bidetik jotzeko asmotan.

Entzimak funtzio metabolikoa (biokimikoa) betetzen duten katalizatzaileak dira, hau da, azkartu egiten dituzte organismo bateko erreakzio biokimikoak. Entzimen lana ulertzeko elikagai batzuekiko intolerantziak izango ditugu ardatz, hala nola laktosarena. Laktasa, laktosa azukre disakaridoa (glukosa eta galaktosaz osatua) digeritzeaz arduratzen den entzima da, ugaztun askok gure digestio aparatuan sortzen duguna. Horren urritasunak edo eraginkortasun ezak eragiten du laktosa ez digeritzea. Laktasak laktosa hidrolizatzen du eta hala organismoak arazorik gabe asimilatzen du.

Azalpen hau guztia teknologia alorrera ekarriz, Arnold aditua den horretara, zelulosa aipatuko dugu. Bakteria batzuek, zelulosa sintetizatzeko gaitasuna duten geneak dituzte euren genometan. Gene hauek ekoizten dituzten entzimak gai dira, pausoz pauso, zelulosa sarea ekoizteko. Gaur egun zelulosa erreakzio kimikoen bitartez ekoizten da industria kimikoetan, merkeago eta prozesu azkarragoa delako. Dena den, entzima hauen geneak aldatuz eta bideratuz ekoizpena handitu daiteke etekin gehiago lortzeko, horrela prozesua merkeago bihurtuz. Gainera, hasi dira bakteria bidez ekoiztutako zelulosa merkaturatzen. Adituen esanetan kalitate hobeko zelulosa sortzen da bio-sintesiaren bitartez. Zelulosa egun oso hedatuta dago, hala nola oinetakoak, papera eta beste zenbait produktuen oinarri baita.

Arnoldek genomen mutazioak egiten ditu, eboluzionatzen ditu entzima hobeagoak edo eraginkorragoak lortzeko, ondoren horiek industrian eta teknologian erabiltzeko. Ingeniariak berak azaltzen du zertan datzan bere lana BBC-ko elkarrizketa batean: “Ausazko mutazioak egiten dituzu eta aztertzen dituzu interesatzen zaizkizun propietateak eta gero, prozesua errepikatzen duzu, kontuan izanda zeintzuk diren aldaketa onuragarri horiek”.

2. irudia: Frances Arnold ingeniarik gizakiok ingurumenari sortarazten diogun kaltea izan du kezka nagusi. Hori dela eta, teknologia berdeak garatzea izan da haren helburua eta ikerlerroa.

Teknologia iraunkorrak

Arnold teknologia “berdearen” defendatzaile sutsua da eta alor honetan lan egiten duen Gevo enpresako fundatzaileetako bat izan zen. Arnolden taldeak, besteak beste, entzima bat eboluzionatu zuen, azukre landare batetik abiatu ziren hegazkinetako erregaia sortzeko, hau da, energia berriztagarria oinarri duen produktu kimikoak eta erregaiak sortzen dituzte. Bideratutako eboluzioak entzimak hobetzen ditu zelulosa edo beste azukre landareak bioerregaietan eta kimikoetan bihurtzeko. Arnoldek aurkeztutako berritasuna da entzima katalizatzaileak lortzea industria- farmazeutikorako. Emaitzak izan ditu metodo honek jada. Izan ere, sendagaiak sortu dituzte, Diabetesaren 2 motakoa (DM2) tratatzeko.

Jasotako sariaren dirua ikerketara bideratu du Frances Arnoldek. Besteak beste, haren bi ikasle ohirekin pestiziden alternatiba ez toxikoak garatzen dihardu. Haren esanetan, ingeniari kimikoen %16a bakarrik den arren emakumezkoa, 2016an jaso duen sariak erakusten du emakumeak gai direla alor honetan ondo lan egiteko, munduari ekarpenak egin eta egindakoak aitorpena lortzea.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Frances Arnold: Teknologia berdearen iraultzan murgilduta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bertsozientzia (5): “Sekula ez dute asmatzen eguraldia eta!”

jeu, 2017/05/18 - 15:00
Kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdia antolatu? Bertsolaritza eta zientzia uztartu? Bai, “Jakinduriek mundue erreko dau” ekitaldian. Zelan, baina? Bost zientzialarik gai baten inguruko azalpen laburrak emanda, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jartzen dutelarik eta guztia Kike Amonarrizen gidaritzapean.

2016ko lehenego hizlariak, Onintze Salazarrek, nahasi samar dabilen eguraldia izan zuen hizpide, Maialen Lujanbiok eta Beñat Gaztelumendik errima jarri ziotela.

“Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?” hitzaldian hurrengo egunerako iragarpenek %90eko fidagarritasuna dutela azaldu zuen meteorologoak.

Iragarpenak egiteko eredu fisiko-matematikoak erabiltzen dira meteorologian. Bi eredu dira nagusi meteorologian iragarpenak egiteko:

  1. Eredu determinista. Epe laburrerako, 1-4 egunera.
  2. Eredu probabilistikoa. Epe ertainerako, 3. edo 4. egunetik aurrera.

Eredu deterministak erabiltzeari esker dira epe laburrerako iragarpenak hain fidagarriak.

Eredu determinista

Atmosferaren hasierako baldintzak neurtu eta kontuan hartzen dira eredu honetan, baldintza horiek zelan eboluzionatuko diren kalkulatzeko ekuazioak aplikatzen zaizkie hasierako baldintza horiei eta lortzen diren emaitzak interpretatu egiten dira.

Eredu-deterministaren-irteera-mapa

1. irudia: Eredu deterministaren emaitzen irteera mapa. Iturria: Euskalmet

Hasierako baldintzen menpekotasun handia du eredu deterministak eta akats txiki batek oso eragin handia du iragarpenean; hori dela eta, fidagarritasuna ez da inoiz %100ekoa. Hasierako baldintzak, gainera, inoiz ez dira perfektuak. Ezinezkoa da momentu oro atmosferaren puntu guztietan dauden baldintzak ezagutzea. Izan ere, zenbait tokitan neurketarik ez da egiten eta, horretaz gain, neurketak ez dira perfektuak.

Arrazoi nagusia, hala ere, atmosferaren nolakotasuna da, izan ere, sistema kaotikoa da atmosfera.

Eredu probabilistikoa

Eredu deterministan ez bezala, aldagai bat baino gehiago izaten ditu kontuan eredu honek. Hasierako baldintza ezberdinekin lortutako emaitza multzoaren bataz besteko balioa hartzen da iragarpena egiteko.

Eredu deterministan bezala, hasierako baldintzak neurtu eta ekuazioak aplikatzen zaizkie. Kasu honetan, baina, hasierako baldintzei aldaketa txiki ezberdinak ezartzen zaizkie emaitza multzoa lortzeko. Hasierako baldintzen aldaera ezberdinekin lortuko liratekeen emaitza multzo horren bataz besteko balioa hartzen da. Hasierako baldintzen hainbat aldaerekin lortzen diren emaitza guztiak kontuan izanda, batez besteko balioa hartzen da.

Epe ertainerako iragarpenetan hasierako baldintzak zeintzuk izango diren jakiterik ez dago, esan bezala, atmosfera sistema kaotikoa da eta. Hainbat hasierako baldintza posibleren bataz besteko balioa hartzearen arrazoia, beraz, epe ertain eta luzera hasierako baldintza horiek ezin jakina da.

Eredu deterministak duen asmatze gaitasuna hasierako baldintzen zehaztasunean datza, eredu probabilistikoak inoiz izango ez duena. Hori dela eta, denboran aurrera egin ahala, iragarpenek gero eta fidagarritasun gutxiago izango dute. Hala, hurrengo egunerako aurreikuspenak, bataz beste, %90eko fidagarritasuna badu, laugarren egunerakoak %65-75ekoa du eta 15 egunerokoak %30-40koa.

Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik Onintze Salazar meteorologoak “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?” hitzaldian dago oinarrituta artikulua.

Hitzaldi osoa:

Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.

The post Bertsozientzia (5): “Sekula ez dute asmatzen eguraldia eta!” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eguzkia hartzeko zioak

jeu, 2017/05/18 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Askotan kolore berdez tindaturik agertzen dira Britainia Handiko hegoaldeko eta Bretainiako kostaldeetako hondartzak. Hasiera batean alga baten ugaritzearen ondorioa dela dirudi, baina hurbiletik aztertuz gero, argi ikus daiteke hondartzari kolorea ematen diona ez dela alga bat. Algak ez dira lehorrean berez mugitzeko gai, eta hondartza gainean dagoen kolore berdeko materia hori mugitu egiten da. Ez dira, ez, algak hondartza horietan dabiltzanak, zizareak baizik. Acoelomorpha filumeko Symsagittifera roscoffensis izeneko zizare lauak [1] dira, zehatzak izateko.

1. irudia: Bretainiako kostaldean sarritan “marea berdeak” izaten dira.

Horietako har gazte bat mikroskopiopean jartzen bada, erraz ikus daiteke hestea eta zelula parenkimatikoak Tetraselmis generoko mikroalgaz beterik daudela. Horixe da zizarearen kolore berdearen zergatia. Bizimodu berezia du Symsagittifera horrek. Gaztea denean mikroalgak jaten ditu, baina ez ditu digeritzen, eta sinbionte gisa geratzen dira zizarearen barruan. Mikroalgek, bestalde, ez dute fotosintesia egiteko ahalmena galtzen, eta zizarearen garrantzizko energia-iturri bilakatzen dira horri esker. Hogeita bost mila mikroalga zenbatu izan dira zizare bakar batean.

Funtsezko aldaketa anatomiko zenbait gertatzen dira heldutasunera iritsi orduko, bizitzaren aldi horretan ahoa eta hestegorria galtzen baitituzte. Hortik aurrera, mikroalgak dira Symsagittiferaren energia-iturri bakarrak: fotoautotrofo bilakatu dela esan genezake. Beraz, bai, animalia da zizare hori, baina animalia xelebrea: eguzkitik lortzen du energia, eta karbono dioxidotik karbonoa.

2. irudia: Symsagittifera roscoffensis zizare lauak oskol baten barruan. (Argazkia: Wikipedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Gainera, eguzki-argia jasotzeko moldaera egokiak ere garatu ditu. Nerbio-sistema bakuna duen arren, Symsagittiferak baditu pigmentu-koparen moduko bi begi eta estatozisto [2] bat buru aldean. Eguzki-izpiak ahalik eta modu eraginkorrenean hartu ahal izateko, kokapen egokia bilatzen du egitura horiei esker.

Bistan da, beraz, gizonak eta emakumeak ez garela eguzkia hartzea gustukoa dugun animalia bakarrak. Eguzkia hartzeko zioak, baina, ez dira berdinak gizon-emakumeotan eta zizareetan.

Oharrak:

[1] Duela gutxi arte, Convoluta roscoffensis izenekoa.

[2] Estatozistoa organo edo egitura mekano-hartzailea da, eta espazioan animaliak duen kokapenari buruzko informazioa hartzen du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Eguzkia hartzeko zioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Glaziarren gainbeherak nazioarteko segurtasunean eragin dezake

mer, 2017/05/17 - 09:00
Juanma Gallego Mundu osoan, glaziarrak urritzen ari dira klima-aldaketaren ondorioz. Horietako batzuk bereziki garrantzitsuak dira nekazaritza eta industriarako; Erdialdeko Asian, esaterako, 800 milioi lagun inguru horiei lotuta daude.

1. irudia: Baltoro glaziarra, Pakistanen. (Argazkia: Guilhem Vellut /CC-BY-SA-2.0)

Paisaia ederrak marrazten dituzte, eta, ekosistemetan, funtsezko rola betetzen dute ere. Baina, horrez gain, zenbait lekutan populazioaren biziraupenaren berma izan daitezke. Munduko populazio gehien duen kontinentean –hamar lagunetik sei asiarrak dira orain-, glaziarrak ezinbestekoak izan daitezkeelako bertako segurtasuna mantentzeko.

Horregatik, politikariek, ekonomialariek, militarrek eta zientzialariek interes handiarekin begiratzen dute bertako glaziarren egoera. Beste inon ez bezala, zientzia eta politika, ezagutza eta etorkizuna, eskutik helduta doaz Asian.

Hamish Pritchard glaziologoak Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek Erdialdeko Asian dauden mendilerroetan -Himalaia, Hindu Kush, Karakorum, Pamir, Kunlun eta Tian- dauden glaziarren garrantzia kuantifikatu du aurrenezkoz.

BAS British Antartic Survey erakundean lan egiten duen ikertzaile honen arabera, era batean edo bestean, 800 milioi lagun inguru glaziar hauekiko dependentzia dute. Artikuluan zehazten duenez, udaran glaziar horietatik jasotzen den urak zuzenean 136 milioi lagunen beharrak asetzen ditu.

Pritcharden hitzetan, “estres hidrikoa dela eta, eskualde hau ekonomikoki eta sozialki bereziki ahula da lehortearekiko, baina glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturriak dira”.

Baina klima-aldaketak oreka garrantzitsu honetan eragin handia izan dezake, eta hori, noski, kezka iturri da. Eredu gehienek glaziarren beherakada aurreikusten dute. Adituaren arabera, horrek egoera nabarmenki zailduko du. “Gehigarriko estres hidriko honek ezegonkortasun soziala, gatazkak zein bat bateko eta kontrolik gabeko migrazioak” eragingo dituela dio zientzialariak.

2. irudia: Estres hidrikoaren mailak eta glaziarren kokapena. Gorri koloreko marra etenaz, Kaxmirreko eskualdean liskarrean dagoen muga. (Irudia: Nature)

Klima-aldaketaren eraginez lehorteak eta gosea indartuko direla dio ere, baina egoera horri glaziarren atzerakada gehitu behar zaiola nabarmendu du. Hori dela eta “erdira jaitsi daitezke ibaietako ur emariak”. Masa horien gorabeherak eta eskualdeen izaten diren prezipitazioen inguruko datuak neurtuta, arroetan glaziarren emaria zein den zehaztu du. Bere kalkuluen arabera, udara bakoitzean 23 kilometro kubiko ur ematen dute glaziarrek.

Datuak eskura izanda, erraza da ur-emari hori kenduta suertatuko zen egoera kalkulatzea. Urte normal bateko udaretan, Indus ibaiko arroan %38 gutxituko litzateke ura. Lehortea izanez gero, berriz, kopuruak %58ra igoko luke. Aral ibaiaren goiko arroan, berriz, datuak are kezkagarriagoak dira, bertan %100era heltzeko aukera baitago.

Adituak ikerketan ohartarazi duenez, glaziarrek izan ohi duten masa aldaketak jarraitzeko zuzenezko neurketa gutxi egiten dira. Askotan munduan zehar sakabanatuta dauden ezaugarriak goitik bera ezagutzen direneko ustea zabalduta dagoen arren, benetako egoera oso bestelakoa da. Adibidez, glaziarretan izaten den izotzaren galera zehazteko orduan, zeharkako estimazioak dira nagusi. Egileak emandako datuaren arabera, glaziarren %0,01 baino ez dira neurtzen zuzenean. Gainerako guztia estimazioak dira, eta horietan alde nabarmenak daude.

Tentsioaren gorakada

“Udaran eskualde hauek prezipitazio gutxi jasotzen dute, soroak ureztatzeko beharra handiena den momentuan, hain zuzen”, dio Tobias Bolch geografoak Nature aldizkariaren ale beran idatzitako iruzkin batean. Bolchek azpimarratu duenez, arazoaren muinetako bat da herrialde hauetan nekazaritzak garrantzi handia daukala. Baina, bestalde, eskualdean pisua den beste faktore bat nabarmendu du: energia. Kirgizistanen kasua mahai gainean jarri du; bost planta hidroelektrikok sortzen dute herrialdearen elektrizitatearen %80.

Züricheko Unibertsitateko ikertzaile honen ustez, zenbait herrialdetan “existitzen diren edo planifikatuta dauden urtegiek uraren eskuragarritasunari lotuta dauden tentsioak indartuko dituzte”.

3. irudia: Suitzako armadako kideak Aletsch glaziarraren inguruetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Nazioarteko segurtasunari dagokionez, eskualdean bereziki kezka pizten du India eta Pakistanen arteko harreman gatazkatsuak. 1947an independentzia eskuratu zutenetik, auzokideek hiru gerra izan dituzte: 1947an eta 1965ean, Kaxmirren kontrola gora behera, eta 1971n, Bangladeshen independentzia zela eta.

India koloniala zena bi herrialde berrien artean banandu zutenean, ibaietako goi-ibar gehienak Indiaren lurraldean geratu ziren, baina ureztatze bidezko nekazaritzari lotutako nekazari gehienak Pakistanen zeuden. Sinplifikatuz, Indiak ura kontrolatzen zuen, eta Pakistanek ur horren premia bizia zeukan. 1960an, Munduko Bankuaren bitartekaritzari esker, akordio batera iritsi ziren bi herrialdeak. Horren arabera, goi-ibarrak Indiaren esku mantentzen ziren, baina Pakistanek ur-emarien %80 bermatuta izan zuen. Oreka horrek Pakistango nekazaritza ahalbidetu du, orain arte bederen. Baina giroa ez da guztiz baretu, eta mugetako tentsioak bere horretan dirau. Kezka, beraz, ez da debaldekoa: India eta Pakistan etsai sutsuak dira, eta, gainera, biek dute armamentu nuklearra.

Glaziarrak, maldan behera

Maila globalera begira jarrita, klima-aldaketak mundu osoko glaziarretan izaten duen eragina nabarmena da, eta aurreikuspenak ere ez dira oso positiboak. Coloradoko unibertsitateko Twila Moon ikertzaileak Science aldizkarian idatzi duenez, glaziarrak “azkar urtzen ari dira”. Haren esanetan, glaziarren beherakada itsasoetako ur mailaren gorakada ekarriko du, eta, horrek, “gaur egungo ume askoren bizitza tartean milioika lagunen desplazamendua” ekarriko du. Zentzu horretan, bere artikuluaren izenburua oso esanguratsua da: “Glaziarrei agur esanez”.

Adituaren arabera, datorren 25 urtetan Suitzak glaziarren erdia galduko du, eta Antartidan, Patagonian, Himalaian, Groenlandian eta Artikoan dauden glaziarrak txikituko dira.

Ia-ia hilabetero plazaratzen ikerketek berresten dituzte aurreikuspen ilun hauek. AEBtako Zerbitzu Geologikoak hil honetan bertan jakinarazi duenez, azken 50 urteetan Mendi Harritsuetan dauden 39 glaziar %39 urritu dira, batez bestean. Zenbait kasutan, murrizketa %85ekoa izan da. Horietatik 26k baino ez dute 10 hektarea baino gehiago, eta, beraz, teknikoki horiek dira glaziartzat har daitezkeenak. Horren arrazoia da zientzialariek zabalera neurri hori erabiltzen dutela bereizteko zer den eta zer ez den glaziarra.

Iazko mendearen hasieran Mendi Harritsuetan 150 glaziar zeudela kalkulatu dute ikertzaileek. Adituek nabarmendu dutenez, eskualdean izan den glaziarren beherakada maila globalean dauden joerekin bat dator: gero eta glaziar gutxiago daudela eta, hortaz, gero eta ur gezako biltegi natural gutxiago dagoela. Ez da txantxetako kontua. Glaziarretan baitago planetan dagoen ur gezaren %75 inguru.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hamish D. Pritchard, Asia’s glaciers are a regionally important buffer against drought. Nature. DOI: 10.1038/nature22062

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Glaziarren gainbeherak nazioarteko segurtasunean eragin dezake appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Biomimetika: natura gizakion inspirazio-iturri

mar, 2017/05/16 - 09:00
Nagore Elu eta Nerea Osinalde Egunero etengabe eta ia ohartu gabe erabiltzen ditugu asmakizun asko, orokorrean bizitza izugarri errazten digutenak. Horietako gehienek natura dute inspirazio-iturri. Batzuk ikerketa luzeen emaitzak dira, eta beste batzuk aldiz, zoriaren ondorio. Lehengo taldean sartuko lirateke, besteak beste, azken urteotan sortu diren zenbait produktu itsaskor. Jada aztekek erabiltzen zituzten animalien odolarekin eta buztinarekin egindako nahasdurak, oraindik tente dirauten eraikinetako harriak elkarren artean itsasteko. Ordutik, gizakiak hamaika produktu itsaskor lortu ditu zenbait konposatu erabiliz.Naturari jarraituz egin ditu berrienetariko batzuk.

1. irudia: Produktu itsaskor berriak ekoiztu dira muskuiluek ingurune urtsutan zenbait gainazal ezberdinei itsasteko duten ahalmen indartsuan oinarrituta.

Haitzetako ostra, muskuilu edo lapak dira naturari so eginez aurkitu ditzakegun organismo itsaskorren artean ezagunenak. Hauen propietate itsaskorrak aspalditik dira ezagunak, baina azken bi hamarkadetan ezagutu da bai substantzia itsaskortasun-eragilearen konposizio kimikoa, bai ekoizpen mekanismoa. 2006an MaxPlanck Institutuko zientzialariek aurkitu zuten muskuiluen barnealdea gehienbat kolageno zuntzez dagoela osatua, eta hain zuzen ere horrek ematen dio animaliari erresistentzia eta elastikotasuna. Kanpoaldea, aldiz, DOPA izeneko proteina batez eta burdin ioiz osatua dago. Azken bi hauen artean erreakzio kimiko bat gertatzen denean substantzia likatsu bat sortzen da, eta substantzia hori gradualki polimerizatzen doa, naturarekin kontaktuan jartzen denean. Horri esker, muskuilua bere bizileku izango den harri, zura edo metalari oso gogor itsasten zaio.

Itsasgarri sintetiko biodegradagarri ez-toxikoak ekoiztu dira, muskuiluek medio urtsuan itsasteko duten ahalmen berezi honetan oinarrituta. Etorkizun handia aurreikusten zaie itsasgarri hauei, erresistentzia handiko itsasgarri gisa ingeniaritzan, eta bai zauriak ixteko edota hausturak sendatzeko biomedikuntzan.

Horman gora edo buruz behera ibiltzen den geko muskerraren oinetan topatu zuen inspirazioa etorkizun oparoko beste itsasgarri batek. Gekoak ahalmen bikaina dauka markarik utzi gabe azalera ezberdinei itsasteko eta desitsasteko. Ahalmen berezi hori oin-hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker gauzatzen da.

2. irudia: (A) Geko muskerraren oina eta (B) oin-hatzetako ile mikroskopikoak.

Aspalditik aztertu da gekoaren oina baina duela gutxi lortu da animaliaren antzeko eraginkortasuna duen itsasgarri bat. Massachusettseko unibertsitateko zientzialari talde batek “Geckskin” deritzon itsasgarria plazaratu zuen 2012an. Kuxin bigun bat egitura egonkor batean jarriz eta tendoi artifizial bat erabiliz mimetizatu zuten gekoaren oina. Geckskin itsasgarriak 300 kilotik gorako pisuari eusteko ahalmena du, eta beraz, itsasgarri gogor eta iraunkorrenen artean egongo da etorkizunean.

Arestian aipatutako itsasgarriak ez bezala, hain ezaguna den belkroa zoriz aurkitu zen. 1941ean George Mestral ingeniaria bere txakurra paseatzen zebilela konturatu zen oso zaila zitzaiola bere jantziei eta txakurraren ileei itsatsitako lapa-belarraren hazia askatzea. Hazi hauek mikroskopioarekin aztertuta konturatu zen makina bat puntaz osatuta zeudela eta punta bakoitzaren muturrak gantxo edo kako itxura zuela. Hain zuzen ere, egitura horretan oinarrituta sortu zuen guztiok ezagutzen dugun belkroa, mantalak, eskularruak edo zapatak lotzeko erabiltzen dena besteak beste.

3. irudia: Lapa-belarra eta bere puntetako muturretan dauden kakoak.

Hasiera batean sistema honek kotoiz osatutako bi zinta zituen, eta horietako batean kako txiki batzuk zeuden. Alabaina, kotoia nahiko erraz apurtzen zela eta, hurrengo saiakerak nylonarekin egin ziren. Azkenean, poliester zuntzekin eraikitako belkroa izan zen 1951n patentatu zena.

Itsasgarriez gain, beste kontu askok ere agerian uzten dute natura gizakion inspirazio-iturri garrantzitsua dela. Hauetako bat da berriki Alemaniako Ornilux enpresak kaleratutako kristal berezia. Estimatzen da urtero 250 milioi hegazti hiltzen direla Europan eraikinetako kristalen kontra danba egin ostean. Arazo honi aurre egiteko ohikoa da eraikin handien leihoetan, baita autobideko paneletan ere, txori itxurako pegatinak ikustea. Baina metodo hau ez da batere eraginkorra. Duela hamarkada eskas bat arestian aipatutako Ornilux enpresak “txorien lagun” bezala definitzen duten kristala merkaturatu zuen: kristalak kolpatzeagatik txorien hilkortasuna % 75ean murrizten du. Kristal hau berezia da, txorientzat ikusgarria den sare batez estalia dagoelako, gizakiontzat ikusiezina bada ere. Izan ere, sare horrek argi ultramorea islatzen du.

4. irudia: Armiarma-sareek argi ultramorea islatzen dute, eta horrenbestez txoriak uxatu egiten dituzte. Horretan oinarrituta egin dituzte kristal hauek, argi ultramoreari esker txoriak uxatzeko.

Sortzaileek aitortu bezala, kristal honen diseinua armiarma sareetan dago inspiratuta; izan ere, hauen zetek argi ultramorea islatzen dute harrapakinak erakartzeko nahiz txoriak uxatzeko. Hortaz, kasu honetan gizakiak natura kontserbatu nahi du, naturaren beraren trikimailuak antzeratuz.

Oso bestelakoa da tardigradoengandik, hots uretako hartz mikroskopikoengandik, gizakiak hartutako mailegua. Tardigrada filumeko bizidunak munduko animaliarik erresistenteenak direla onartu ohi da. Izan ere, ahalmena dute beste edozein izaki bizidunentzako jasangaitzak diren muturreko baldintzetan bizitzeko, baita espazioko baldintzetan ere. Esaterako, lehorte egoeran uretako hartzek anhidrobiosia deitzen den prozesua jasaten dute; guztiz deshidratatzen dira baina DNA, RNA eta proteinak kaltetu gabe, trehalosa deitzen den azukre batez babesten baitira.

5. irudia: Txertoak hotzik gabe kontserbatzeko metodoak garatu dira, uretako hartzek lehorte garaian bizirik irauteko garatutako mekanismoa antzeratuz.

120 urte ere egon daitezke uretako hartzak loaldi egoeran, urak berriz ere berpizten dituzten arte. Horretan oinarrituta, ikertzaileek frogatu dute txertoak azukrez estalita gorde daitezkeela eta hotzetan gordetzen direnak bezain ondo mantentzen direla. Horrek izugarrizko abantaila ekarri du, batez ere hotz-baldintza kontrolatuak ez dauden munduko guneetara ere txerto eraginkorrak onik helarazteko.

Gizakiak ez ote dauka ideia txundigarririk natura antzeratu gabe?

Naturan aurretiaz antzerako ezer behatu gabe, kristo aurretik III. mendean gizakiak gurpil itxurako horzdun engranaje mekanikoak asmatu zituen. Horien antzekoak erabiltzen dira egun, ibilgailu edota bizikletetan. Esan bezala, uste zuten naturan ez zegoela horrelako mekanismorik, baina beste behin ere usteak erdi ustel. 2013an Science aldizkari ospetsuak plazaratu zuen horzdun engranajeak dituztela matxinsaltoaren antzekoa den Issus coleoptratus intsektu gazteen atzeko hankek. Hauei esker intsektu mota honek oso azkar egiten du salto aurre-alderantz, erlojuetan orratzek aurrera egiten duten antzera.

6. irudia: (A) Issus coleoptratus intsektua eta (B) bere atzeko hanketan aurkitutako engranaje mekanikoaren mikroskopio irudia.

Beraz, aurkikuntza honek frogatzen du engranaje mekanikoak ez direla gizakiaren diseinua, milioika urteko eboluzioaren emaitza baizik. Ez dago zalantzarik natura oso argia dela; hortaz jarrai dezagun natura behatzen eta bere liluretatik ikasten.

—————————————————–

Egileez: Nagore Elu UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean doktorego-ikasketak egiten ari den ikaslea da. Nerea Osinalde Biokimikan doktorea da eta UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakaslea.

—————————————————–

The post Biomimetika: natura gizakion inspirazio-iturri appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Laborategiko teknologia tomateen heltze puntua antzemateko

lun, 2017/05/15 - 09:00
Tomateen heltze puntu optimoa zein den jakiteko, pigmentuak neurtu dituzte espektrometria bidez. Raman espektroskopio eramangarria aplikazio honetarako baliagarria dela frogatu du Josu Trebolazabalaren ikerketak.

Tomatearen heltze prozesuak hainbat fase ditu eta, fasez fase, kolorea aldatuz joaten da. Heltze faseetan tomateak duen konposizioa monitorizatuta konposizioan gertatzen diren aldaketak ikus daitezke espektrometria bidez.

Tomatea berde dagoenean, adibidez, gehien agertzen diren pigmentuak klorofila eta argizari kutikularrak dira. Fruitua heldu ahala gutxitu egiten dira konposatu horiek eta laranja kolorea hartzean bestelako konposatuak ikusten dira: konposatu karotenoideak. Likopenoa (karotenoide gorria) gorenean dagoenean iristen da tomatea puntu optimora. Karotenoide edukia galtzen hasten da puntu horretatik aurrera, gehiegi heldutako tomateetan egindako azterketek erakusten duten bezala.

Irudia: Tomateak heltze une desberdinetan.

Metalurgian, arkeologian ala artelanen analisian erabiltzen den Raman espektrometroa tomateen heltze prozesua monitorizatzeko erabili da lehen aldiz. “Erabilera jakin bat zuen teknologia sukaldaritzara aplikatu da. Ekoizleari tomatearen heltze-puntu optimoa zein den jakiten lagunduko dion tresna sortzea zen ideia”, azaldu du Josu Trebolazabala ikertzaileak. Espektrometro mugikor honen bidez, ekoizleak in situ kontrola dezake tomatea eta, hala, heltze-puntu optimoa aurkitu.

Metodologia

Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits” ikerketak frogatu du tomatearen heltze faseetan dauden konposizio aldaketei buruzko datuak eskuratzeko balio duela Raman espektrometro mugikorrak. Oso erabilia da askotariko sektoreetan Raman espektrometroa, izan ere, teknika ez-inbaditzailea da eta inolako laginik atera gabe erabili daiteke. Baliagarria da, esate baterako, koadro baten edo eskultura baten pigmentuak ikusteko lanari/produktuari kalterik eragin gabe. Fruituaren konposizio molekularra aztertzen duen neurgailu honekin, beraz, fruitua hondatu gabe monitorizatu daiteke.

Laborategiko antzeko tresna baten emaitzekin alderatu dira tresna eramangarri honek emandakoak eta ikusi da laborategiko Raman espektroen kalitatea hobea izan arren, instrumentu eramangarriak emandako informazioak ere baduela nahikoa kalitate ezarritako helbururako. Ekoizlea ekipo mugikorrarekin baratzera joan eta kontakturako Raman zunda tomate-fruituaren gainean jarrita jakin dezake biltzeko punturik egokienean dagoen edo denbora gehiago utzi behar zaion.

Heltze prozesuan kolorea aldatzen zaion edozein elikagairi aplika dakioke teknika berritzaile hori. “Piperrarekin eta kuiarekin probak egin ditugu, besteak beste, eta haien konposizioari buruzko datuak ere eskuratu ditugu”, argitu du Josu Trebolazabalak.

Erreferentzia bibliografikoa:

J. Trebolazabala, M. Maguregui, H. Morillas, A. de Diego, J.M. Madariaga. Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits. Spectrochimica Acta Part A: Molecular and Biomolecular Spectroscopy 180: 138-143. DOI: 10.1016/j.saa.2017.03.024.

Iturria: UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Neurgailu eramangarri bat, tomatearen heltze-puntu optimoa aurkitzeko.

The post Laborategiko teknologia tomateen heltze puntua antzemateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #154

dim, 2017/05/14 - 09:00
Uxue Razkin

Geologia

Arturo Apraiz, Arantxa Aranburu eta Arantxa Bodego EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologoak Aiako Harrian izan ziren –Geolodia ekinbidea izan da Iberiar Penintsulako hainbat tokitan– eta bisita gidatuetako bat zuzendu zuten: Aiako harria, inguruak eta Pangeako superkontinetearen apurketa. Granitoa da han nagusi, “arroka plutonikoak dira”, Lurraren hastapenetan sortutakoak Pangea superkontinentean, magmatik. Higadurak, biluzi egin zituen ondoren. Apraizek, esaterako, koloreari erreparatzeko esan zien bisitan parte hartu zutenei. “Izan ere, ikusten dira arroka berdeak eta zuriak; arroka berdeak dira, magma klase bat, eta arroka zuriak, beste magma klase bat”. Bisita gidatu honetan, arroka bila ere ipini zituzten. Valderejon ere izan zen beste bisita gidatu bat. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Biologia

Ozeano Bareko hondoak baditu bizitza oparoko gune batzuk. Bertan, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurkitu ditzakegu. 1977 urtean ozeano-fosa horiek aztertzera ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliez osatutako dentsitate altuko populazioak aurkitu zituzten. Topatu zituztenen artean, metrotik gorako zizare tubikolak eta muxila erraldoiak zeuden. Azterketa egin zutenean ohartu ziren hazkunde-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuengatik, eta haatik sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Eguzkiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko.

Zilarrak estuarioetan kutsatzaile gisa duen papera eta elementu honek kobrearekin duen elkarreragina aztertzeko, Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries ikerketa egin du Ane Rementeria ikertzaileak. Ikerketa gauzatzeko zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Ondorioei dagokienez, lehenik eta behin ikusi dute ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituztela. Bigarrenik, Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituztela ikusi dute. Azkenik, ohartu dira zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua duela, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.

Osasuna

Kannabinoideek sagu heldu eta zaharren ikasteko gaitasuna eta memoria hobetzen dutela ondorioztatu dute. Emaitzek iradokitzen dute THC kannabinoidea (marihuanaren osagai psikoaktibo nagusia) dosi txikian hartzeak lagun dezakeela zahartzearekin lotutako galera kognitiboari aurre egiten. Ikertzaileek ikusi dute sagu gazteetan memoriari eta ikasteko gaitasunari kalte egiten diela, eta, helduetan eta zaharretan, berriz, hobetu. Gainera, frogatu dute hobekuntza hori lotuta dagoela garuneko eremu batean gene-espresioa areagotzearekin. Elhuyar aldizkariak kontatu digu ikerketaren nondik norakoa.

Tiritei erreparatzen die testu honek. Tirita mota ezberdin asko daude merkatuan egun. Lehenengo tirita Earle Dickinsonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Tiritek funtsean zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute. Jo ezazu artikulura tirita motak ezagutzeko: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, …

Teknologia

Gauzak digitalizatuz gero betiko izango zirela esan zuten eta errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela. Edu Lartzanguren kazetariak azaltzen digu: zenbat eta teknologia konplexuagoa erabili, orduan eta zailagoa da informazio hori berreskuratzea. Eresbil euskal musikaren artxiboko arduradun Jon Baguesek azaltzen du euskarri fisikoak gorde egin behar direla: “Jendeak esaten du: ‘Behin digitalizatuta, papera edo bestelako euskarriak bota daitezke’. Kontuz horrekin!”. Halaber, Interneten zabaldutakoa gordetzeko bidean, estekak erabili ordez –zaharkituta geratzen dira Interneten objektu bat gunez aldatzen denean, DOI egitasmoa nabarmendu du Iñaki Alegriak, EHUko informatika irakasleak. Zientzia aldizkarietan-eta ari dira erabiltzen, artikuluak galduko ez direla ziurtatzeko.

Medikuntza

Gizakiok usaimen eskasa dugula mito bat besterik ez dela esan du John McGann neurozientzialariak. Haren ustez, gizakiok bilioi bat usain desberdintzeko gaitasuna dugu –beste ugaztunen pare–, eta usaimen-erraboila 5.600 glomerulutan antolatua dugu, saguek baino askoz ere gehiagotan (1.800). Geneek, neurogenesiak eta beste zenbait faktorek usainekiko sentikortasunean izan dezaketen eragina aztertuta, aditzera eman du espezie bakoitza usain batzuekiko sentikorragoa dela. “Txakurrak gizakiak baino hobeak izan daitezke gernuak bereizten, eta agian gizakiok ardoen usainak bereizten”. Horretaz gain, McGannek dio zenbait ikerketak erakutsi duela usaimena galtzen hastea memoria-arazoen hasieraren adierazle izan daitekeela.

Arkeologia

Aurrenekoz topatu dituzte Egiptoko antzinako marrazkiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak. Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Zehazki, Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, k.a. 2.000 urtekoa. Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Amaia Portugalek eman digu albiste honen berri.

Biokimika

Gure gorputzeko tenperatura 37º ingurukoa den arren, gure zelulen barruko organulu batzuetan oso tenperatura altuak egoten direla ikusi dute: 50º neurtu dituzte mitokondrietan. Nola lortu dute hori neurtzea? Bada, tenperaturaren araberako fluoreszentzia ematen duten tindatzaileak garatu dituzte haiei esker egin da aurkikuntza berria. Zelularen zentral energetiko gisa jokatzen dute mitokondrioek: mantenugaiak oxidatzen dituzte, energia lortzeko (ATPa). Ikertzaileen ustez, prozesu horrek sortzen duen beroak bermatzen du organismo osoaren barne-tenperatura egonkorra, odol beroko espezieetan.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok kosmetikoak izan ditu aztergai artikulu honetan. Jakina da gizartean kezka dagoela kosmetikoen osagaien segurtasunari eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei dagokienez. Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno (PAS) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—. Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat.

Paleontologia

Gizakia uste baino lehenago iritsi zen Amerikara. Hala dio 1992an San Diegotik (AEB) gertu eraikitzen ari zen autobide batean topatutako mastodontearen hezurrek. Hezur horiek animalia hil berritan harriz hautsi izanaren markak dituzte, hezur-muina ateratzeko asmoz. Gainera, alboan ingude eta mailu gisa erabilitako harriak ere topatu zituzten. Informazio osagarria, Argian izango duzue irakurgai.

Zientzia azoka

Elhuyar fundazioak antolatutako Zientzia Azoka izan dugu aste honetan. Euskal Herri osoko 33 ikastetxetako 1.150 ikasle aritu dira aurtengo ikasturtean zientzia eta teknologia proiektuak taldeka lantzen, eta egindako lan horren guztiaren lagin bat jarri dute ikusgai Bilboko Plaza Berrian. Egitasmo honen helburua aipatzen du Leire Cancio Elhuyar fundazioko zuzendariak: “Gazteei zientzia, teknologia eta ikerketa hurbiltzea da gure helburua”.

CAF-Elhuyar sariak

CAF-Elhuyar 2017 sariak banatu ziren ostiralean. Urtero bezala, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea izan dute helburu sariek. Irabazleak eta euren lanak ikusteko aukera izango duzue hemen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #154 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages