Lurralde igneo erraldoiak: Lurraren indar-erakustaldia
“Bolkanismo anomalotzat” jotzen da plaken arteko mugetatik urrun gertatzen dena. Ondorioz, onartzen da plaka-tektonikak ezin duela bolkanismo mota hori azaldu. LIPetan pilatutako basalto-bolumenak izugarriak dira; sarritan 1.000-2.000 km-ko diametroko lurraldeak estaltzen dituzte, lodiera kilometrikoa dutelarik (1-5 km); beraz, milioi bat km3 baino basalto gehiago pila daiteke (Elosegi eta Apraiz, 2004). Pilaketa prozesua metro gutxiko laba-kolada bakunen gainezartzaren ondorioa da.
LIPek ezaugarri modura dute, era berean, Geologian laburtzat hartzen den epean azaltzea, eta onartu ohi da 1 ma baino arinago garatzen direla.
Horren epe laburrean horrenbeste arroka igneo azaleratzen delarik, atmosferara gas kantitate izugarriak igortzen dira. Ondorioz, eragina dute bai Lurreko batezbesteko tenperaturan, bai klimatologian, bai eta ozeanoetako baldintzetan, eta zenbait suntsipen biologiko orokor sustatu dituzte.
Lurralde igneo erraldoiek daukaten bolumen handia eta isurtze-denbora laburra uztartuz, erraz uler dezakegu produkzio magmatikoa ikaragarrizkoa behar duela, urtero kilometro kubikoa baino handiagoa.
Halako emaria lortzeko mantuak ohiko tenperaturak baino beroagoak behar ditu izan eta magmaren igoera azkarra izan behar da.
Aurrez aipatutako zehaztapenak kontutan hartuz, mendearen hasieran eztabaida sutsua izan zen LIPen jatorria azaltzeko muturreko bi hipotesien artean. Batak mantuko luma gorakorren jarduera (lumen eredua) erabiltzen du eragile gisa, eta besteak, kontinenteko litosferaren lodiera-ezberdintasunetan sortutako, tokian tokiko, konbekzio-korronteak eta mantuaren hetereogeneotasuna (plaken eredua).
Egun, eztabaida baretu da, egindako azken ikerketek zeharo indartu dutelako luma gorakorraren eredua.
Aipagarria da, adibidez, LIP gazte gehienek, sortu zitueneko luma gorakorrekin duten lotura zuzena, bien artean 200-300 km zabal den bolkan-katea edo gandor aseismikoa agertzen baita (2. irudia).
Jakinik LIPen erupzio-proportzioa, lotuta duten bolkan-kateena baino 2-3 magnitude-orden handiagoa dela, luma gorakorren bilakaera logikoa ondorengoa litzateke: luma gorakorren buruek anomalia termiko handia eragiten dute listoferaren azpian, eta horren eraginez, LIPak garatzen dira. Lumaren burua lausotu eta indarra galtzen duenean, lumaren zutabea edo isatsa baizik ez da geldituko, eta zutabe horrek Hawaii-Emperor antzeko bolkan-katea edo gandor aseismikoa baino ez du sortuko, anomalia termiko murritzagoa eragiten duena (2. irudia).
Isatsaren bizia luzea da eta puntu bero bat mantenduko du lurrazalean. Puntu bero horrek, bolkanketa prozesu geologikoki jarraituak izango ditu.
Basalto-plataformek eta, ondorioz, luma gorakorrek lotura zuzena dute superkontinenteen edo kontinenteen apurketa prozesuekin. Luma gorakorrek bultzada eragiten dute litosferaren azpian, eta horren eraginez, domo egiturak sortzen dira 1000m-ko altueraraino. Domoek estentsioaren eragipean jartzen dute kontinente-litosfera eta estentsio-indarrek LIPen sorrera erraztu eta ozeano baten garapenarekin buka dezakeen rifting prozesua abiarazten dute.
Rifting prozesua eraginkorra izanik, ozeano berria sortzen denean, normala baino lodiagoa izango da luma gorakorraren eraginpean garatutako ozeano-lurrazala. Aldiz, lodiera normala izan ohi du luma-gorakorren eraginetik urrun sortzen den ozeano-lurrazal berriak. Adibidez, ozeano-lurrazalerako normala dena baino lodiera handiagoa erakusten dute Hego Ameriketako eta Afrikako ertzak Paranáko luma gorakorraren inguruan, Indiako ertzak Deccan luma gorakorraren inguruan edo Groenlandia eta Europako ertzak Islandiako luma gorakorraren inguruan.
LIPen eta kontinenteen apurketaren arteko adin-harremana aspalditik ezaguna da geologoontzat. Azken 300 ma-tan eskala handiko hamar LIP garatu dira. Etiopiakoa da gazteena eta ez dago zalantzetan Itsas Gorriko, Adeneko golkoko eta Eki-Afrikako riftaren sorrerarekin duen harreman estua. Era berean, antzeko harremanak aurkitu dira 55 ma-ko Groenlandiako LIParen eta Ipar Atlantikoaren zabalkuntzaren artean, 66 ma-ko Deccaneko LIParen (3. irudia) eta iparmendebaldeko ozeano Indikoaren irekitzearen artean, 133 ma-ko Paranáko LIParen eta Hego Atlantikoaren irekitzearen artean, 183 ma-ko Karooko LIP-aren eta hegomendebaldeko ozeano Indikoaren zabalkuntzaren artean edo 201 ma-ko Atlantikoaren erdialdeko LIP-aren eta ozeano Atlantikoaren Ekuatore aldeko irekitzearen artean. Hala ere, zalantzak sortzen dituzten salbuespenak ere badaude. Ezagutzen den LIP handienak, Siberiakoak, ez du lotura zuzenik ozeano baten sorrerarekin, nahiz eta bere inguruan estentsioaren aztarnak ugari izan eta arro sedimentario sakonak aurkitu. Baliteke, hasierako estentsio-egoera orokorra kontinenteen apurketa gertatu aurretik aldatu izana eta, ondorioz, arro ozeanikoaren garapena ekiditzea.
Izugarria da Lurralde igneo erraldoiek Lur osoko ingurumenean izan dezaketen eragina. Erupzio basaltikoek sulfuro dioxidoaren, karbono dioxidoaren, kloroaren eta fluorraren kopuru izugarriak igortzen dituzte atmosferara. Bolkanismo-prozesuetan sortzen diren 3-13 km bitarteko erupzio-zutabeen bidez gasak troposferaren goiko aldean eta estratosferaren beheko aldean pila daitezke. Baldintza horietan, berotegi-efektua sortzen duen gasa izanik, Lurreko berotzea eragin dezake karbono dioxidoak. Aldiz, sulfuro dioxidoak aurkako eragina du, eta sasoi hotzak eragin ditzake epe laburrera.
Hain epe laburrean hainbeste arroka bolkaniko azaleratzen delarik, klima-aldaketa azkarrak eragin ditzake atmosferara igortzen den gasak eta, ondorioz, gerta daiteke hainbat organismok baldinza berrietara egokitzeko denborarik ez izatea.
Adibide bat ematearren, Pinatubo bolkanak 20 milioi tona sulfuro dioxido igorri zituen atmosferara 1991. urtean. LIP batean astero Pinatubo antzeko bolkan bat aktibatuko litzateke milaka eta milaka urtean zehar, eta horrela sortuko ziren atmosferan, kliman zein ozeanoen konposizioan aldaketa iraunkorrak. Horrela, klima zein ozeanoetako uren konposizioa suntsipen biologikoak eragiteraino alda daiteke. Frogatu da lotura zuzena dagoela historia geologikoan gertatutako suntsipen biologiko garrantzitsuenen eta LIPen artean (4. irudia) (Courtillot, 1999). Kretazeo-Paleogeno mugan (K/Pg) gertatutako suntsipenak dinosauroen desagerpena, beste hainbat espezieren artean, ekarri zuenak Deccaneko LIPrekin lotzen da. Gaur egun, askok pentsatzen dute K/Pg mugaren aurretik organismo bizidun asko estresatuta zeudela Deccaneko LIPak sortutako klima-aldaketengantik eta Yucatango penintsulan eroritako meteoritoak suntsipena areagotu eta bapatekotu egin zuela. Baina historia geologikoan K/Pg suntsipen orokorraren antzeko eta are suntsipen bortitzagoak gertatu dira (Permiar-Triasiko muga), eta horietarako ez da meteoritoen aztarnarik aurkitu. Zer dugu beraz?
Erreferentzia bibliografikoak:
- Courtillot, V. (1999): Evolutionary catastrophes: the science of mass extinction. Cambridge Univ. Press, Cambridge.
- Elosegi, M. eta Apraiz, A. (2004): Basalto-plataformak: ezaugarriak, jatorria eta kontinenteen apurketa, eta suntsipen biologiko orokorrekin izan ditzaketen loturak. Ekaia, 18: 31-48.
- Mahoney, J.J. eta Coffin, M.F. (Edk.) (1997). Large Igneous Provinces: Continental, Oceanic, and Planetary Flood Volcanism. Geophys. Monogr., 100.
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Lurralde igneo erraldoiak: Lurraren indar-erakustaldia appeared first on Zientzia Kaiera.
Kotoi-paperezko euskarriak odol analisiak egiteko
Teknika honetan kotoiaz egindako txartel batean odol tanta batzuk ipintzen dira, horretarako gorputzeko edozein tokitan (atzamarra, orpoa edo belarria) orratz batekin ziztada bat eginez. Odola lehortu denean txartel hauek oso erraz gorde daitezke eta edonora eraman. Gero, laborategian odola duen paper zati bat zulatzen da, odola erauzten da eta interesatzen zaigun metabolitoa edo droga analiza daiteke. Modu honetan teknika hau dopin kontroletan, farmakoen monitorizazioan edota gaixotasunen diagnostikotan aplika daiteke. Zeresanik ez izugarri egokia dela jaioberriei odola hartu behar zaienean (ezin diegu odol gehiegi lapurtu!) edo hirugarren munduan erabiltzeko tamalez han odol laginketa klasikoa egiteko arazo asko baitaude.
Orduan, teknika hau hain ona bada, zergatik ez du aspaldi xiringen bidezko odol ateratzea baztertu? Izan ere, 1963. urtean erabiltzen hasi zen eta oraindik gutxik izan duzue ospitaletan OTLa ikusteko aukera. Arrazoi nagusietariko bat analisiak burutzeko behar diren metodo analitikoen mugak izan dira. OTLarekin hain odol bolumen gutxi hartzen da ezen analitoen kantitate izugarri txikiak detektatzeko teknikak beharrezkoak baitira. Zorionez denbora aurrera doan heinean metodo analitikoak askoz sentikorragoak dira eta gaur egun analisi gehienak ahalbidetzeko beharrezkoak diren detekzio mugak lor daitezke.
Hala ere, teknika honen berpiztea berriki geratu denez analisi kuantitatiboetan eragina izan dezaketen faktoreak sakonki aztertu behar dira oraindik. Hori da hain zuzen ere aurkezten dugun lan honetan egin duguna. Alde batetik, OTLan oinarritutako prozedura analitikoa garatu dugu hiru farmako ezberdinen analisi erraza aurrera eramateko kromatografia likido ultra-azkarra eta detekzio fluoreszentea erabiliz. Bestetik, farmako hauen analisi kuantitatiboa baldintza dezaketen hiru faktore sakonki aztertu ditugu: odolaren hematokritoa, euskarrian ipinitako tantaren bolumena, eta analisirako zulatutako paperaren posizioa.
Garatutako metodo azkarrak OTLa farmakoen analisirako etorkizun izugarriko teknika dela erakusten du. Dena den, hematokritoa eta zulatutako paperaren posizioa bezalako faktoreek analitoen kuantifikazioan eragina dutela ikusi dugu. Ondorioz, teknika hau aplikatu baino lehen, analizatu nahi den konposatu bakoitzaren portaera aztertu behar da eskaintzen diren emaitzak fidagarriak direla ziurtatzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Odol Tanta Lehorraren fidagarritasunaren azterketa farmakoen analisi kuantitatiborako UHPLC-PDA-FLDren bidez.
- Laburpena: Lan honetan Odol Tanta Lehorraren (OTLa) laginketa-teknikaren fidagarritasuna ikertu da farmakoen analisirako fotodiodo- eta fluoreszentzia-detektagailuei akoplatutako bereizmen oso altuko likido-kromatografiaren (UHPLC-PDA-FLD) bidez. OTLak, odol-tanta bat kotoi-paperezko euskarri batean jartzean eta lehortzen uztean datzan teknikak, azken urteotan erabileraren handipen garrantzitsua antzeman du bioanalisian. OTLak ohiko odol-analisiekiko hainbat abantaila erakutsi arren, analisi kuantitatiboaren ikuspuntutik hainbat faktorerekiko mendekotasuna duela antzeman da. Ikerketa honetan faktore batzuek (hematokritoa, odol-bolumena eta laginketa-puntua) farmakoen determinazioan duten eragina aztertu da, horretarako amilorida, propranolola eta valsartan farmakoak eredu gisa erabiliz. Emaitzetan oinarrituta, zuloaren kokapenak eta hematokritoak analisien zehaztasunean eta doitasunean eragina dutela ondorioztatu da, teknika honen aplikazio kuantitatiboa mugatuz. Bestalde, analitoen sakabanaketa odol-tantan zehar analitoen propietate fisiko-kimikoen mendekoa dela ikusi da, metodo analitikoaren garapenean analito bakoitzaren sakabanaketa aztertu behar dela ondorioztatuz.
- Egileak: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 19-36
- DOI: 10.1387/ekaia.14547
—————————————————–
Egileaz: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Kotoi-paperezko euskarriak odol analisiak egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Hazkuntza faktoreak askatzen dituzten aldamioak
Aldi baterako aldamio funtzioa izaten dute kaltetutako ehunean, organismoari osatzen laguntzeko. Gelatinazko matrizea garatu du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak, hezurren osatze prozesuan euskarri fisiko funtzioa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen duena, gorputzak modu naturalean egiten duenari jarraiki.
Hezur-kalte kritikoetan (erredura, traumatismo, tumore-erauzketa, …) sor daitezkeen kalteetan aldi batez hezur-matrizea ordezkatu eta hezur-ehuna birsortzen laguntzeko da baliagarria garatutako aldamioa. Kolagenoaren deribatu bat erabili dute, kolagenoa prozesatzean sortzen den gelatina bat, zehazki.
Biodegradagarria izateaz gain, gorputzak errefusatzeko oso arrisku baxua du material honek. Gelatina-proteinak polimerizatu eta aldamioa kohesionatzeko, gardeniaren fruitutik erauzten den molekula bat erabili dute: genipina. Erabili ohi diren beste molekulak (glutaraldehido, adibidez) baino toxizidade baxuagoa du zelulentzat genipinak.
Behin aldamioa diseinatuta, zenbait entsegu eta prozesutan probatu dute; zer-nolako propietate, biobateragarritasun eta zitotoxikotasun dituen jakiteko. Emaitza positiboak lortu dituzte proba guztietan. Are gehiago, entseguetako batean espero baino hobeto erantzun dute zelulek: ohiko euskarri batean aldamioa zelula alfonbra baten gainean jarri zuten, kontaktuan egoteak zelulak intoxikatzen edo hiltzen ziren ikusteko. Aldamioa altxatzean, hutsunea ikusi zuten harekin kontaktuan egondako gainazal osoan eta zelulak hil zirela pentsatu zuten hasieran, baina zelulek aldamiora migratu zutela ikusi zuten orduan, alegia, hazteko jarritako plastikoa baino, nahiago zutela aldamioaren gelatina.
Aldamioa baino gehiagoZelula ama mesenkimalei (hezur-matrizea birsortzen duten zelulei) sostengatzeko egitura emateaz harago, hazkuntza-faktoreak askatzeko gai den materiala bilatu dute ikertzaileek; unean uneko egoeraren arabera beharrezkoa den moduan eta kantitatean egin dezala, gainera. VEGF and SHH proteinak dira, zehazki, gehitu diren hazkuntza faktoreak. Heparina glikosaminoglikanoa lotzeko atalak dituzte bi proteina hauek haien sekuentzietan eta, ezaugarri hori aprobetxatuta, heparina gehitu da aldamio egiturara, hazkuntza-faktoreak harrapatu eta haien askatze profilak gordetzeko.
Hezurra hautsi eta lehenengo bi egunetan baino espresatzen ez den proteina da SHH, hezurra osatzen laguntzeko inguruko zeluletan zenbait gene aktibatzeko funtzioa duena. Heparina baliatuta aldamioetan gehitutakoan, lehenengo 24 orduetan askatu zen SHH proteina entseguetan, gorputzak sortzen duenaren antzeko portaera. VEGF proteinak, bere aldetik, angiogenesia (odol hodien sorrera) bultzatzen du eta, horretaz gain, zelulak erakartzen ditu hezur ehuna sortzen lagun dezaten. Kasu honetan ere, gorputzak askatzen duen moduan, hainbat egunetan zehar askatu zen aldamioan gehitutakoan.
Proiektuaren lehenengo zatia da ikerketa hau. Animalietan azterketa preklinikoak egin dituzte eta emaitza itxaropentsuak lortu dituzte. Etengabe goraka doan diziplina da medikuntza birsortzailea eta askotariko estrategia terapeutikoak hartzen ditu barnean, proteina birkonbinatu eta zelula ametatik hasi eta, kasu honetan bezala, botikak eta hazkuntza-faktoreak askatzeko material eta matrizeetaraino.
Erreferentzia bibliografikoa:
P. Sánchez, J.L. Pedraz, G. Orive.. Biologically active and biomimetic dual gelatin scaffolds for tissue engineering. International Journal of Biological Macromolecules, 98: 486–494 (2017). DOI: 10.1016/j.ijbiomac.2016.12.092.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hezurren birsorkuntza-prozesuan organismoa imitatzen duten gelatinazko gailu berriak
The post Hazkuntza faktoreak askatzen dituzten aldamioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #157
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zegamako (Gipuzkoa) Solita Apaolazari ezarritako isunak –erreakzio alergikoa eragin zion ukendu bat saldu ziolako bezero bati –, zer esana eman du komunitate zientifikoan; batzuek txalotu dute jarri dioten debekua, baina beste batzuk beldur dira mendeetako ezagutza bat galduko delako horrela. Deborah Garcia Bello kimikari eta dibulgatzaileak argi dauka: “Primeran iruditzen zait isuna jarri izana”. Hasteke produktuak kosmetiko edo sendagai gisa merkaturatzen ahal dira eta Zegamako sendalariak ukendua sendagai gisa merkaturatu izanak “askoz larriago” egiten du afera, kimikariaren arabera. “Hasteko, ezin da formula sekreturik izan. Kontrola pasatu behar duzu”. Sasi-zientzia izan da mintzagai artikulu honetan.
TeknologiaKataluniako ICFO Kataluniako Fotonika Institutuko ikertzaileek, Grapheneakoekin lankidetzan, sentikortasun handiko kamera bat sortu dute grafenoa erabiliz. Ikertzaileek azpimarratu dute sentsorea egiteko ez dela prozesamendu konplexurik behar. Horregatik, uste dute aurrerapauso garrantzitsua izan daitekeela espektro anitzeko eta bereizmen handiko irudigintzarako gailu merkeak sortzeko. Hamaika aplikazio ditu gainera mugikorretarako kamerak, gaueko zaintzarako kamerak, automoziorako sentsoreak, medikuntzako irudigintza, elikagaien eta farmakoen azterketa, ingurumenaren monitorizazioa.
Maiatzaren 24an argitaratutako artikulu baten adimen artifizialean adituak diren 352 ikertzaileren iritzia plazaratu dute gure etorkizunari buruz. Bertan adierazten denez, adituen esanetan hemendik 40 urtetara robotek guk baino hobeto egingo dituzte hainbat zeregin: gidatu, idatzi edota operatu… eta honako honek aldaketak eragingo ditu gizartean. Sustatun eman digute honen berri: Makinek edozertan gaindituko gaituzte 2060. urterako.
Satelite artifizialen bilatzaile baten berri eman digute Sustatun. Keeptrack Space du izena aplikazioak. Honen bidez gure planetaren inguruan biraka dauden satelite artifizialen orbita eta informazioa ezagutu daiteke.
Erregaiak eta ingurumenaTxinak iragarri berri du itsaspean gordetako metano hidratoetatik gasa erauztea lortu duela. Hego Txinako Itsasoan egin dute ustiapena. Lurra eta Baliabideetako ministro Jiang Damingek jakinarazi du, hil honen 18an, hidratoak eskuratzeko arrakasta. Haren hitzetan, «mundu mailako iraultza energetikoan» aitzindaria izango da lorpena. 1.266 metroko sakontasunean topatu dituzte hidratoak. Xinhua Txinako agentzia ofizialaren arabera, “purutasun handiko 16.000 metro kubo” atera dituzte eguneko. Abantaila handiak dakartza berriak gainera: “Energia oparoa eta garbia da, eta mundu mailako energiaren garapenaren etorkizunerako garrantzi estrategikoa du”.
Eloy Alvarez Pelegry, Orkestrako energia katedrako buruari egin diote elkarrizketa Berrian. Garraioan bestelako energiak erabiltzea gomendatu dute, ohiko erregaiek eragiten duten igorpen kutsakorrak murrizteko asmotan. Orkestratik helarazi dute erronka nagusia dela energia alternatiboak gehituz joatea ahalbidetuko duen plana indartzea.
HizkuntzalaritzaAfasiaren ondorioz, hizkuntza-erabilerari dagozkion askotariko arazoak ager daitezke, hala nola hitzak, hotsak edota esaldiak ekoizteko edota ulertzeko zailtasuna edo hizkuntzak bereiz mantentzeko ezintasuna elebidunengan. Arazo horiek ahozko edota idatzizko modalitateetan ager daitezke, baita zeinu-hizkuntzen hiztunengan ere. Afasiologiaren historian bi korronte kontrajarri dira aipagai hizkuntzek burmuinean duten antolaketari buruz: ikuspegi lokalizazionista eta ez-lokalizazionista. Egungo ikerketak, baina, bi mutur horietatik aldendu egin dira eta proposamen zehatz eta sofistikatuagoak eskaintzen dituzte. Informazioa osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.
KimikaUda begi-bistan dugunez Josu Lopez Gazpio kimikariak hondartza sasoiko gai bat dakarkigu. Dirudienez orain arte marmoken ziztaden aurrean egindako lehen sorospenak ez dira egokiak ezta eraginkorrak ere. Hawaiiko Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera ozpina eta beroa dira aplikatu beharrekoak marmokaren ziztada jasanez gero. Izan ere, ozpinak tentakuluen kolagenoa puztu eta blokeatu egiten ditu eta, ondorioz, pozoi-deskarga inhibitzen da. Azalpen guztiak eskura dituzue Zer egin behar da marmoken ziztada arintzeko? (eta ez, ez da pixa) artikuluan.
Emakumeak zientzianEmma López de Armentiak Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zuen eta amaitutakoan, kontsulta bat jarri zuen. Baina konturatu zen ez zuela horretan aritu nahi. Modu horretan, Elikagaien Zientzia eta Teknologia egitea erabaki zuen eta Leian hasi zen praktiketan: “Orduan hasi nintzen gerturatzen ikerketara”. Praktikak amaitu ostean, masterra gauzatu zuen: Elikagaien Kalitatearen eta Segurtasuna. “Segidan, Neiker-Tecnalian hasi nintzen lanean, Enrique Ritter doktorearekin, eta genomikaren mundua deskubritzen hasi nintzen”. Inoiz ez zuen doktorego-tesia egitea pentsatu, baina doktorego aurreko kontratu bat eskaini zioten. Bere tesiaren helburua Olio-palmondoko markatzailez lagundutako hautespen-sistema bat garatzea zen. Halaber, palma-olioaren aurka zabaldu den iritziaz mintzo da ikertzailea: “Badakigu palma-olioak gantz asea duela, eta gantz ase gehiegi hartzea txarra dela, baina horregatik palma-olioa guztiz baztertzea ez da zuzena, nire ustez”.
BiologiaTridacna generoko espezieek bi elikatze-modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte-modua erabiltzen dute. Bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiotikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria. Testuan azaltzen digutenez, handiak dira tamainaz eta duten bizitza luzea da: 100 urteko adinera hel daitezke. Hori bai, Tridacnaren tamaina dela, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Baina horiek funtsik gabeko elezaharrak dira soilik.
GenetikaCRISPR teknikak aurreikusi gabeko mutazioak eragiten ditu. Ikerketa Estatu Batuetan egin dute. CRISPR erabilita genoma eraldatu zaien saguen DNA aztertu dute, eta sagu batzuei itsutasuna sendatzeko gene bat aldatu zieten. Hori arrakasta izan zen, ikusteko gaitasuna eskuratu baitzuten. Baina, modu berean, bi saguren genometan 1.500 nukleotido-aldaketa inguru gertatu ziren, eta ehundik gora gene blokeatu edo gehitu egin ziren.
Zer da neuroblastoma? Umeei eragiten dien minbizi tumore arraroa da. Nerbio ehunetik eratzen da, nerbio sistema sinpatikoa osatzen duten ehunetatik, hain zuzen. Gorputzeko zona askotan gara daiteke, organo eta sistema gehienetara heltzen baita sistema parasinpatikoa. Hala, gaitz horren tratamendua hobetzen lagunduko duten hainbat mutazio genetiko identifikatu ditu ikerketa batek. TIAM 1 genea funtsezkoa da neuroblastomaren garapenean eta hori da ikertu dutena. Xehetasun gehiago ezagutzeko, irakurri Neuroblastoma: tratamenduan aurrera.
AstronomiaAstronomia alorrean, emakumezkoek sinatutako artikuluek sistematikoki aipamen gutxiago jasotzen dutela aurkitu dute Zuricheko (Suitza) Astronomia Institutuko ikertzaileek. Egile nagusi bezala emakume bat duten ikerketek %10 aipamen gutxiago jasotzen dute. Hain azterketa zabala burutu ahal izateko, ordea, ikaste automatikoko teknikak (machine learning) erabili behar izan dituzte. Zehazki, random forest izeneko algoritmoa baliatu dute. Artikuluan ere bada itxaropena pizteko datu bat: emakumezkoek idatzitako artikuluek gora egin dute azken hamarkadetan; 1960ko hamarkadan, %5 baino gutxiago ziren, baina, 2015ean, %25 inguru ziren emakumeek idatzitako ikerketa artikuluak.
Kirola eta osasunaAriketa fisiko eza hainbat gaixotasunekin uztartu da, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrekin, 2 motako diabetesarekin, depresioarekin edota zenbait minbizi motarekin. Munduko laugarren hilkortasun-eragilea da. Baina kirola egiteak ondorioak ere baditu; hala nola, lesioak. Artikulazioetako lesioak, esate baterako, aldaka, belauna edo orkatila bezalako giltzaduretan gertatzen dira. Garuneko kommozioa ere lesio larria da. Horretaz gain, aurretik jasandako lesioak dira arrisku-faktore garrantzitsuenak, esaterako orkatilako bihurdurarik pairatu ez duenak baino aukera gehiago izango du horrelakoa pairatu duenak, geroago lesio gehiago jasateko. Testuan, Athletic Clubarekin elkarlanean ari diren Euskal Herriko Unibertsitateko Kirola, Errendimendua eta Osasuna ikerketa taldeak eta Spot Genomics ikerketa taldeak, arrisku-faktoreen eta futboleko lesioen arteko lotura aztertzen duen ikerketa bat abiatu dute. Honen inguruko informazioa artikuluan topatuko duzue.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #157 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #162
Gorputzean ditugun bakterioak ote dira gure zahartze prozesuaren arduradunak? Eva García-Gonzálezek gaia aztertzen du Growing old together; are your bacterial partners making you old? artikuluan.
Erakusleihoetan ikusten ditugun manikietatik hasita, modaren munduak ematen duen irudia gaizbera izatera iritsi daiteke. Do mannequins have anorexia? artikuluan José Ramón Alonsok aztertzen du eragina.
Banakako molekulen korronte-pasabidearen diferentzien lehen behaketa dokumentatu da, hauen kiralitearen arabera. DIPCko ikertzaileek gauzatu dute berori: First case of observed current asymmetries in single chiral molecular junctions.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #162 appeared first on Zientzia Kaiera.
Emma López de Armentia: “Ikerketak asko eskatzen du, baina baita asko eman ere”
“Laster ohartu nintzen ez nuela horretan aritu nahi. Gaia bera oso gustukoa nuen, baina lana ez. Gainera, orduan ez zegoen gaur bezain ondo ikusia”, aitortu du. Hala, Elikagaien Zientzia eta Teknologia egitea erabaki zuen. Egin, eta Leian hasi zen praktiketan (gaur egun Tecnaliaren barruan), Elikagai Berrien laborategian. “Orduan hasi nintzen gerturatzen ikerketara; ordura arte, urrutikoa zen, eta han hasi zitzaidan harra sartzen”.
Praktikaldiaren ondoren, Elikagaien Kalitatearen eta Segurtasunaren Masterra egin zuen. “Segidan, Neiker-Tecnalian hasi nintzen lanean, Enrique Ritter doktorearekin, eta genomikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Erabat harrapatu ninduen, liluratuta geratu nintzen”, gogoratu du. “Inoiz ez nuen doktorego-tesia egitea pentsatu, baina doktorego aurreko kontratu bat eskaini zidaten, eta horrela hasi nintzen”.
López de Armentiaren esanean, ezustean eta pixka bat berandu iritsi zen ikerketa-mundura, baina gaiarekin zoratuta zegoen. Olio-palmondoko markatzailez lagundutako hautespen-sistema bat garatzea zen tesiaren helburua. Eta esperimentu-aldia gogorra izan bazen ere, askoz ere gogorragoa izan zen tesia idazten eman zuen garaia.
“Esperimentu-aldia ez da erraza izaten eta denbora asko eskatzen du, baina taldea oso-oso ona zen, eta benetan gustura aritu nintzen, asko lagundu baininduten. Ezin da beste lanarekin alderatu; ikertzen ari zarenean, ikasten duzu arazoei aurre egiten, taldean lana egiten, eta, aldi berean, autonomoa izaten… Asko eskatzen du, baina asko eman zidan. Hiru hilabetez luzatu zidaten kontratua esperimentuekin amaitzeko, eta dena ondo joan zen”, azaldu du.
Aldiz, inolako kontraturik gabe aritu zen tesia idazten, urte eta erdiz, eta oso gogorra egin zitzaion: “Diziplina handia eskatzen du, eta norberak ez ezik, ingurukoek ere lagundu behar dute. Bestela, ezin da; baina oso gogorra egiten zitzaidan ikustea etxekoei ere eragiten ziela. Azkenean, beste guztia alboratu, horretan ematen duzu urte eta erdi, buru-belarri”.
Palma-olioari buruzko iritzia eta informazioaPalma-olioaren aurka zabaldu den iritziaz galdetuta, López de Armentiak uste du ez dela informazio osoa eman. “Boladak izaten dira. Garai batean txerri-gantza txartzat jotzen zen; gero jakin zen batez ere azido oleikoa duela, alegia, osasunerako ona dela. Eta bai, badakigu palma-olioak gantz asea duela, eta gantz ase gehiegi hartzea txarra dela, baina horregatik palma-olioa guztiz baztertzea ez da zuzena, nire ustez”.
Azaldu duenez, palma-olioak oso ezaugarri organoleptiko eta teknologiko egokiak ditu; horregatik erabiltzen da hainbeste elikagai-industrian. “Izatekotan, elikagai-prozesatuak dira kontuz hartu beharrekoak. Gaur egun, jende askok horietan oinarritzen du bere elikadura, eta hori bada txarra osasunerako; ez bakarrik palma-olioagatik, baita horrekin batera hartzen duen karbohidrato, gatz, azukre, gehigarri eta beste osagaiengatik”.
Horrekin batera, argitu du palma-olioaren ordezkoak are okerragoak izan daitezkeela: “Industriaren ikuspegitik, trans-azidoak erabiltzea izan daiteke irtenbide bat, baina horiek are kaltegarriagoak dira”. Eta olio-palmondoaren jatorrizko lekuetan, gantz-iturri nagusia huraxe dutela gogorarazi du. Haientzat, ezinbesteko elikagaia da.
Bestalde, olio-palmondoarekin egiten den ikerketaren erabat alde azaldu da: “Ikerketa pila bat egiten dira olio-palmondoarekin, eta oso onak: ingurumenaren alderditik, osasunarenetik, teknologiarenetik… Jendeak hori guztia jakin beharko luke, palma-olioa epaitu baino lehen”
Etorkizunean, olio-palmondoaren edo beste oleaginoso batzuen ikerketan aritzea du amets… “Badakit ikaragarri zaila dela. Gainera, nik ez dut kanpora joan nahi ikertzera; familia dut, eta ezin diet hori eskatu. Baina, nigatik, horixe egingo nuke gustura asko”.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Emma López de Armentia: “Ikerketak asko eskatzen du, baina baita asko eman ere” appeared first on Zientzia Kaiera.
Bertsozientzia (6): “Zerk eragiten du gure osasunean?”
2016ko bigarren hizlariak, Felix Zubiak, osasunean eragina duten faktoreen inguruan aritu zen. Jone Uriak eta Felix Zubiak berak jarri zioten errima gero.
Osasunean zerk eragiten duen azaltzeko 1996an eguneratu zen Lalonde txostenean (1974) oinarritu zen Felix Zubiak. Txostenaren ondorioen arabera lau dira osasunean eragin zuzena duten faktoreak: bizi azturak, ingurugiroa, biologia-genetika eta osasun sistema.
- Bizi ohiturak
Elikadura, ariketa fisikoa, alkohola, tabakoa, drogak eta jokaera biolento edota inpultsiboak dira kontuan hartu beharrekoak.
- Ingurugiroa
Uraren kalitatea, elikadura eta kutsadura bezalako faktoreak eragiten dute ingurugirotik.
- Genetika-biologia
Eragile genetiko-biologikoen kasuan gaixotasunekiko erresistentzia, gaixotzeko joera eta gaixotasun genetikoak dira nabarmentzekoak.
- Osasun sistema
Osasun sistemari dagokionez, daukan kalitatea, irisgarritasuna eta kostua dira ezaugarri nagusiak.
Kontuan izan behar da, hala ere, faktore guztiak daudela elkarreraginean, ez dutela modu isolatuan eragiten. Zenbait faktorek bestelako arrisku faktoreetatik babesten dute. Eta alderantziz, faktore batzuek arriskua areagotzen dute. Erretzeak, esaterako, minbizia garatzeko arrisku faktorea da, baina biologia-genetikak arrisku horretatik babestu dezake neurri batean.
Hartara, erretzaile sutsua den norbanakoak biriki minbizirik ez garatzea posiblea da, biologia-genetikak babesten duelako. Eta sekula erre ez duen norbaitek gaixotasuna gara dezake, biologia-genetikak edota ingurugiroak duten eraginagatik, adibidez.
Osasun faktoreak vs. inbertsioaHurrengo banaketaren araberako eragina dute osasunean azaldutako faktoreek:
Osasun arloan dirua zertan inbertitzen den aztertzean, baina, banaketa oso bestelakoa dela erakusten du Lalonderen txostenak.
Ikus daitekeen moduan, nahiz eta osasunean eragin gehien duen faktorea bizi azturak izan, inbertsioaren gehiengoa osasun sistemara bideratzen da.
Osasunean eragina duten faktoreen banaketa eta osasun zerbitzuek egiten dituzten inbertsioen banaketaren arteko ezberdintasun nabaria ikusita, aldaketa proposatu zuen Lalondek. Orduan ezarri zen medikuntza prebentiboaren oinarria.
Norbanakoaren ohiturak dira osasunarengan eragin gehien duten faktoreak eta, beraz, osasun egoera norberaren esku dago hein handi batean. Dena den, kontuan izan behar da arriskua dela neurtzen dena. Posible da bizi ohitura erabat osasuntsuak izatea eta gaixotasun larria garatzea, bestelako faktoreek horren alde egiten badute. Ezin da ahaztu elkarreraginean dabiltzan faktoreak direla.
Horretaz gain, oso kontuan izan behar da gizabanakoa ez dela isolaturik bizi, gizartean baizik, eta honek ere eragina du.
Ez da berdin herri txiki eta isolatu batean, non auzokide guztiak ezagutzen diren bizi edo hiri handi batean bizi. Auzoen artean ere ezberdintasunak nabarmenak dira, biziraupenean 2-3 urteko diferentzia dagoela. Gizarteak ere osasunean du eragina. Gizarte justua izatea ere osasun arazoa da.
Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik hitzaldian dago oinarrituta artikulua.
Hitzaldi osoa:
Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.
Aurreko hitzaldia:
- Onintze Salazar meteorologoak egindako “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?”
The post Bertsozientzia (6): “Zerk eragiten du gure osasunean?” appeared first on Zientzia Kaiera.
Txirla gizajalea
———————————————————————————————————–
Symsagittifera roscoffensis zizarea eta Elysia chlorotica itsas barea ez dira algen sinbiosiaz baliatzen diren itsas animalia bakarrak. Bibalbioen artean, esaterako, badira berdin jokatzen dutenak ere. Ozeano Bareko koralezko uharrietan bizi den Tridacna gigas dugu kuskubiko horietako bat.Tridacna generoko espezieek bi elikatze-modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte-modua erabiltzen dute; hau da, esekiduran dauden mikropartikula organikoak ―mikroalgak eta beste― harrapatu eta irensten dituzte, ura ponpatuz eta brankietatik iragaziz. Bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiotikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria.
Tridacna guztiak handiak dira tamainaz, baina genero horretan Tridacna gigas da tamaina handieneko espeziea. Horri dagokio, hain zuzen ere, espezie-izena, bibalbioen artean erraldoia baita. Izan ere, 200 kg-ko pisua eta 140 cm-ko luzera edukitzera hel daitezke espezie honetako banakoak.
Tridacna generoko kuskubikoak munduko handienak izatea eta elikatze-modu bikoitza edukitzea ez da, seguru asko, kasualitatea, zeren tamaina handi horietara iritsi ahal izateko ezinbestekoa baita mikroalga dinoflagelatuek Tridacnari ematen diotena. Bestalde, luzea da duten bizitza ere, 100 urteko adinera hel daitezke eta. Handi egiteko denbora nahikorik gabe, nekez lor liteke horren tamaina handirik.
Tridacnaren tamaina dela eta, badira inolako funtsik ez duten elezaharrak. Izan ere, gizakiak “jaten” zituztelakoan, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Izen horiek, baina, ez dira inondik ere egokiak. Kuskuak ixten dituztenean astiroegi ixten dituzte, eta euren babeserako egiten dute, inoiz ez erasotzeko. Beraz, inoiz Ozeano Bareko koralezko uharrietan urperatzen bazara, Tridacnari ez beldurrik izan, ez du koskarik egiten. Baina hori bai, kontuz ibili marrazoekin! Horiek bai egiten dute koska, eta hortz zorrotzak dituzte.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Txirla gizajalea appeared first on Zientzia Kaiera.
Berdintasuna, argi-urtetara dagoen aukera
Astronomiari buruzko artikulu zientifikoetan, egile nagusi bezala emakume bat duten ikerketek %10 aipamen gutxiago jasotzen dute, gizonezko bat egile nagusi bezala duten antzeko lanekin alderatuz.
Nature Astronomy aldizkarian plazaratu dituzte generoaren araberako alborapena agerian uzten duen ikerketaren emaitzak. Zuricheko (Suitza) Astronomia Institutuko ikertzaileek egin dute aurkikuntza.
Guztira, 1950etik 2015era argitaratutako 149.000 ikerketa aztertu dituzte ondorio horretara ailegatzeko. Hain azterketa zabala burutu ahal izateko, ordea, ikaste automatikoko teknikak (machine learning) erabili behar izan dituzte. Zehazki, random forest izeneko algoritmoa baliatu dute datu-base erraldoi batetik ondorio estatistikoak atera ahal izateko. Aztertutako ikerketa horiek guztiak bost aldizkaritan argitaratutakoak dira: Astronomy & Astrophysics, The Astrophysical Journal, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, Nature eta Science.
Egileek aitortu dutenez, erronka bat izan da generoaren araberako aipamenak kuantifikatzea, askotan datu bibliografikoak urriak direlako, eta, bestetik, faktore askok eragiten dutelako ikerketa batek jasotzen dituen aipuetan.
Hasieran, 208.577 artikulu arakatu dituzte, horietan egile nagusia emakumezkoa ala gizonezkoa ote zen jakiteko. Hala ere, hasierako garbiketa egin behar izan zuten: aipamenik jaso ez dutenak, egilerik edo egile nagusirik agerian ez zutenak, eta, batez ere, inizialak baino azaltzen ez zituzten artikuluak alboratu zituzten. Zenbait kasutan, emakumezkoek inizialak baino ez dituzte jartzen lanetan. Antza, emakume ikertzaile askok nahita egiten dute hori, hain zuzen ere, generoan oinarritutako alborapena saihesteko. Ikertzaileek egoera hau ere kontuan hartu dute ikerketa egiteko. Daturik gabeko garbiketa honetan, lanen %28 alboratu zuten: 58.836 artikulu, guztira. Ikerketa abiatzeko, beraz, 149.741 artikulu “baino” ez dituzte aztertu azkenean.
Artikulu bakoitza “generoaren” arabera sailkatu ondoren, gizonezkoek idatzitako artikuluen ezaugarriak aztertu dituzte: ikerketa lerroa, artikuluaren luzera, eremu geografikoa edota egilearen eskarmentu profesionala, besteak beste. Generoarekin zerikusirik ez duten ezaugarri hauek ezagututa, eta aipatutako ikaste automatikoko teknikak baliatuz, ezaugarri berdinen arabera emakumezkoen artikuluek jaso beharko luketen aipamenen kopuru teorikoa kalkulatu dute. Hortxe atera da aipamen teorikoen eta benetakoen arteko aldea: %10,4.
Ikerketa azaltzeko idatzi duten artikuluan egileek azaltzen dutenez, “ikerketa arlo ezberdinetan egin diren hainbat azterketek erakutsi dute ebaluatzaileek, bai emakumezkoek zein gizonezkoek, emakumezkoek egindako antzeko lanekin alderatuz, puntu gehiago eman ohi dizkietela gizonezkoek egindako lanei”.
Artikuluan ere bada itxaropena pizteko datu bat: emakumezkoek idatzitako artikuluek gora egin dute azken hamarkadetan; 1960ko hamarkadan, %5 baino gutxiago ziren, baina, 2015ean, %25 inguru ziren emakumeek idatzitako ikerketa artikuluak. “Joera hau bat dator fakultateetako astronomia sailetan emakumezkoen presentziaren handitzearekin”, azaldu dute egileek. Alborapenak ere, zorionez, behera jo omen du azken urteotan. Garai horretako datu bibliografikoak zehaztea oso zaila dela aitortuta ere, 1960ko hamarkadan alborapena %50era ailegatzen zela proposatu dute Suitzako ikertzaileek.
Aipamenen garrantziaZientzia mundutik urrun daudenentzat aipamenen kontua huskeria eman badezake ere, zientzialariek gertutik jarraitzen dituzte ikerketa edo paper bakoitzak jasotzen dituen aipamenak. Izan ere, horren arabera neurtzen baita zientzialari bakoitzak egiten duen lanaren garrantzia, eta horrek ondorioak ditu ere eguneroko bizitzaren alde praktiko anitzetan. Batez ere, curriculuma osatzeko eta aukera profesional hobeagoak lortu ahal izateko beharrezkoa da aipamen horiek eskuratzea.
Ekoizpen zientifikoa ebaluatzeko erabiltzen den sistema honek (zientziametria) kritika asko jaso ditu, batez ere, zientzialariak kosta hala kosta publikatzera behartzen dituelako, eta, bestetik, iruzurrak hauspotu ditzakeelako. Dena dela, eta demokraziaren inguruan askotan esan ohi den moduan, beste alternatiba baten faltan, zientziametria, sistema txarrenen artean, horren txarrena ez den bakarra omen da.
Halere, gaur egun ezarrita dagoen zientziametria eredua zalantzan jartzen dutenek orain badute eskura kritikarako beste argudio bat: aipamenak kontuan hartuta, generoaren araberako alborapena egiten duela. Astronomiaren arloan, bederen, hori berresten duten datu argiak daude orain mahai gainean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Caplar, Neven; Tacchella, Sandro; Birrer, Simon. Quantitative evaluation of gender bias in astronomical publications from citation counts. Nature Astronomy 1: 0141 (2017). DOI: 10.1038/s41550-017-0141
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Berdintasuna, argi-urtetara dagoen aukera appeared first on Zientzia Kaiera.
Ariketa fisikoa eta lesioak
Zoritxarrez, lesioek ondorio ezkorrak eragiten dituzte. Epe motzean mina, mugikortasun murriztua edota laneko baja ekar dezakete. Are kezkagarriagoak dira epe luzean sor daitezkeen osasun arazoak; horien artean bi dira nabarmenenak: artrosia eta garuneko arazoak.
Artrosia endekapenezko gaixotasun kroniko eta sendaezina da. Gaixotasun honetan, hezurrek muturrean duten kartilago bigunaren higaduraren ondorioz, bata bestearen aurka talka egiten dute, eta horrela, mina, mugikortasun murriztua eta bizi-kalitatearen jaitsiera gertatzen dira. Artikulazioetako lesioak, esate baterako, aldaka, belauna edo orkatila bezalako giltzaduretan gertatzen dira, eta esan izan da etorkizunean artrosia pairatzeko arrisku handiagoarekin lotuta daudela. Belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren haustura da lesio hauen artean beldurgarrienetakoa, eta ohikoa izaten da jauziak, norabide-aldaketak edo kontaktu-egoerak eragiten dituzten jardueretan.
Sarritan, ebakuntza behar izaten da lotailua osatzeko, eta errekuperazio epeak oso luzeak dira, urtebete ingurukoak. Gainera, 12-25 urteko haur-gazteak lesio hau jasateko arrisku-taldea dira, eta emakumeak gizonezkoak baino arrisku handiagoan daude. Horrelako lesio batek adin hain gazteetan, artrosiaren hasiera goiztiarra ekar dezake, eta beraz, ezinbestekoa da prebentzioa gazte-gaztetatik hastea.
Garuneko kommozioa ere lesio larria da, objektu edo gizaki baten aurka hartutako kolpeen ondorioz eragiten dena. Sintomen artean, badaude buruko mina, zorabioak, ikusmen lausoa, botagura, jokabide-aldaketak edota kognizio-narriadura; kasu larrietan kontzientzia galera ere gerta daiteke. Ohikoak izaten dira borroka-kiroletan, eta errugbia edo futbol amerikarra bezalako kontaktu-kiroletan, baina baita beste talde-kirol batzuetan ere. Izan ere, horrelako lesioek igo egiten dituzte geroago neurokogniziozko arazoak pairatzeko probabilitateak. Hollywoodera ere iritsi da horren lesio kezkagarria, Concussion (La verdad duele) filmaren harira.
Hari beretik, esan beharra dago lesioek diru-galera handiak eragiten dituztela. Futbolean, Champions Leagueko taldeetan, 600.000 euro galtzen dira jokalari baten hilabete bateko baja batengatik. Alegia, 20.000 euro/eguneko joaten dira. Gizartearentzat ere gastuak handiak dira. Suitzak Euskal Autonomi Erkidegoak baino 4 aldiz populazio handiagoa du, eta futbolean gertatutako lesioek soilik 150 milioi euroko gastua eragiten dute urtero. Australian, batez beste 1.000 euro ingurukoa da ospitaleetan tratatutako ariketa fisikoarekin zerikusia duen lesio bakoitzaren kostua. Gainera, kontuan hartu beharko dira etorkizuneko osasun arazo eratorrien gastu esponentzialak.
Horrela ba, lesioak osasun arazo publikoa dira eta prebentzio-neurriak hartu behar dira. Hori dela eta, ondorengo pausoak eduki behar dira kontuan:
Lehenbizi, norberak ondo jakin behar du zein lesio gertatzen zaizkion bere jardueran. Gero, prebentzioan, lehentasuna eman behar zaie lesio larriei eta etorkizunean ondorio kaltegarriak dituzten lesioei. Hori hala izan behar da, aipatutako lesio horiek ohikoenak ez badira ere.
Bigarrenik, lesio horien eragileak zehaztu behar dira, arrisku-faktoreak eta lesioen mekanismoak aztertuz. Erraz esanda, zertan ezberdintzen dira lesionatzen direnak eta lesionatzen ez direnak? Hau lagungarria da, alde batetik, lesionatzeko arrisku handiagoa duten gizakiak identifikatzeko, eta bestetik, lesioak prebenitzeko erak ezagutzera emateko. Imajina dezagun, oso era sinplean, ikerketen arabera hanka baten gainean oreka gaitasun baxua duten kirolariak gehiago lesionatzen direla oreka hobea dutenekin alderatuta. Geroago, aukera izango genuke oreka kaxkarreko kirolariak identifikatu eta oreka hobetzeko ariketak ezartzeko.
Dakigunez, aurretik jasandako lesioak dira arrisku-faktore garrantzitsuenak, esaterako orkatilako bihurdurarik pairatu ez duenak baino aukera gehiago izango du horrelakoa pairatu duenak, geroago lesio gehiago jasateko. Hala ere, ezin dezakegu ahaztu lesio batek arrisku faktore eta kausa anitz dituela.
Arlo honetan, Athletic Clubarekin elkarlanean ari gara Euskal Herriko Unibertsitateko Kirola, Errendimendua eta Osasuna ikerketa taldea, eta Sport Genomics ikerketa taldea, arrisku-faktoreen eta futboleko lesioen arteko lotura aztertzen. Lan honen emaitza modura, aurkitu dugu gizon eta emakume futbolariek lesio ezberdinak jasateko joera dutela. Izan ere, ohikoagoak dira emakumeetan koadrizepseko muskulu-lesioak, aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak eta orkatilako lotailuen lesio larriak. Gizonezkoetan, ordea, sarriago gertatzen dira iskiotibialetako muskulu-lesioak eta pubalgiak. Horretaz gain, kirolaren esparruan sartu dira buru-belarri genetikari buruzko ikerketak, eta haien artean, genetika eta lesioen arteko harremana ikertzen ari direnak. Azpimarratzekoa da orain egin dugun ikerketa batek agerian utzi duela gizakien gene-kodeen arteko desberdintasunak kontuan hartzekoak direla futbolean ohikoenak diren muskulu iskiotibialetako lesioetan.
Oro har, deskribatuta daude arrisku-faktore eta lesioen arteko harremanak, baina ez dago oraindik lesioak ondo aurresaten dituen testik eta ikerketa gehiagoren beharra dago. Une honetan, badirudi zentzuz jokatu behar dela eta lehentasuna eman behar diegula gure jardueran ohikoak diren lesioei, norberaren aurretiko lesioei, eta ondorio ezkorrak dituzten lesioei.
Azkenik, arrisku-faktoreen ikerketetatik lortutako informazioarekin prebentzio esku-hartzeak garatu eta inplementatu egin beharko dira. Zorionez, funtzionatzen dute! Nerbio-muskuluen entrenamendurako programek aurreko lotailu gurutzatuaren hausturen % 50-80 ekidin ditzakete. Programa hauetan, ariketa sinpleak erabiltzen dira kirolariaren oreka, koordinazioa, indarra eta malgutasuna hobetzeko: hainbat korrikaldi mota, gorputz-pisuarekin egindako indar-ariketak, hanka baten gaineko oreka, edota jauziak.
Honen adibide ona da FIFAren 11+ beroketa programa. Horrelako programa bakunak behe ataleko lesioak ekiditeko eraginkorrak dira, eta ariketa fisikoaren hasieran egiten den beroketan sar daitezke, denbora gehiegi luzatu gabe (ordu laurden, bi aldiz astean). Gainera, prebentzio-neurriak gero eta hurbilago ditugu e-Osasunaren agerpenarekin, eta jadanik lesioen prebentziora bideratutako hainbat aplikazio egin dira sakelako telefonorako.
Beste batzuetan, etorkizuneko lesio larriagoak edo ondorio kaltegarriak ekiditeko ezinbestekoa izango da lesioa gertatu osteko jokabide zuzen bat. Ikus bedi adibidez, garuneko kommozioen kasua. Kirolari batek buruaren mugimendu bortitza eragiten duen kolpe bat jaso eta gero, garrantzitsua da bere egoera fisiko eta kogniziozkoaren azterketa zorrotza egitea, kognizio- edo trauma-kalteak atzemateko. Jarduerara azkarregi itzultzean beste kolperen bat jasotzekotan, arazoa handi daiteke. Eskuragarri daude horrelako egoeretan jarraitu beharreko protokoloak, esate baterako, SCAT5 delakoa. Argibideak zorrotzak dira, eta kommozioaren susmoa badago kirolariak bertan behera utzi behar du jarduera, ez dezagun burua galdu! Hori dela eta, norbaitek pentsa dezake ezinezkoa dela aurkari baten ostikoa edo kolpea aurreikustea. Horra hor ‘Fair play’ horretan oinarritutako programak, kirolarien segurtasuna eta jokabidea zintzoa bultzatzen dutenak.
Hortaz, prebentzio-neurriak arrakastatsuak izango badira, ezinbestekoa gertatuko da heziketa eta kontzientziazioaren onurak azpimarratzea eta prozedura egokiak zehaztea. Honen guztiaren berri helarazi beharko zaie bai ariketa fisikoa egiten dutenei, bai eta kirolariengan eragina duten guraso, irakasle eta kirol-teknikariei.
Lesioak osasun arazo publikoa direla kontuan hartuta, instituzio publikoen eta kirol-erakundeen parte hartzea beharrezkoa izango da gizarte mailako estrategiak abian jartzeko. Gazteenetatik hasi behar gara, eta heziketa fisikoko klaseek aukera bikaina dirudite.
Bukatzeko, argi gera bedi, ariketa fisikoa egitearen onurak arriskuak baino askoz handiagoak direla. Dena den, lesioak ekiditen saiatu behar gara, hain zapore gozoa duen sendagai horretatik nahi adina pilula hartzeko aukera eduki dezagun.
—————————————————–
Egileez: Jon Larruskain eta Julen Diaz-Ramirez UPV/EHUko Sport Genomics ikerketa-taldeko ikertzaileak dira, Susana M Gil, UPV/EHUko Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da eta Adrian Odriozola UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea.
—————————————————–
The post Ariketa fisikoa eta lesioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Afasia, hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho
Afasiaren ondorioz, hizkuntza-erabilerari dagozkion askotariko arazoak ager daitezke, hala nola hitzak, hotsak edota esaldiak ekoizteko edota ulertzeko zailtasuna edo hizkuntzak bereiz mantentzeko ezintasuna elebidunengan. Arazo horiek ahozko edota idatzizko modalitateetan azalera daitezke, eta ahozko hizkuntzen hiztunengan bezala zeinu-hizkuntzen hiztunengan ere agertzen dira. Horrek guztiak erakusten du afasiak hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen diren burmuineko eremu/prozesuei eragiten diela.
Afasia informazio iturri klasikoa izan da neurolinguistikan eta psikolinguistikan hizkuntzak eta hizkuntza-osagaiak (esanahia edo semantika, hotsak, sintaxia) burmuinean nola antolatu eta irudikatzen diren ulertzeko. Afasiologiaren historian bi korronte kontrajarri dira aipagai hizkuntzek burmuinean duten antolaketari buruz: ikuspegi lokalizazionista eta ez-lokalizazionista. Batetik, ikuspegi lokalizazionistaren arabera, prozesu kognitiboak (tartean hizkuntza) funtzio jakinetarako espezializatutako burmuineko gune zehatzetan kokatzen dira. XIX. mendean Dax, Broca eta Wernicke neurologoek afasia izandakoen burmuinak aztertu zituzten, eta lesioen kokaguneen eta hizkuntza-ezintasunen arteko korrelazioetan oinarritu ziren hizkuntza-gaitasuna ezker hemisferioan kokatzen zela ondorioztatzeko. Ikerketa horiek bide eman zuten hizkuntza-eremuen eredu klasikoa proposatzeko, hain zuzen, ulermenerako Wernickeren eremua eta hizkuntzaren artikulaziorako eta ekoizpenerako Brocaren eremua. Ikuspegi horri jarraitzen dio, gainera, oraindik oso ohikoa den lesio-kokagunean oinarritutako afasia-moten sailkapena. 1960-1970etik aurrera hainbat psikolinguista eta hizkuntzalarik hizkuntza-eremu klasikoen funtzioa berrinterpretatu zuten, eta proposatu zuten Brocaren eremua ekoizpen eta ulermen sintaktikorako zela eta Wernickeren eremua prozesamendu lexiko-semantikoaz arduratzen zela.
XIX. eta XX. mende hasieran Jackson eta Freud bezalako neurologoek lokalizazionismoa zalantzan jarri zuten, eta gerora ikuspegi ez-lokalizazionista edo holistikoa izango zena defenditu zuten. Ikuspegi horren arabera, burmuineko eremuen artean askotariko loturak daude, eta hizkuntza prozesatzeko eremuak beste funtzio kognitiboetarako (memoria, arreta, etab.) ere erabiltzen diren hainbat gune biltzen dituzte. XX. mende amaieratik aurrera ere hizkuntza-lokalizazioaren eredu tradizionala kolokan jarri izan da neuroirudi teknika berriek erakutsi baitute: a) eremu klasikoek bestelako funtzioak ere badituztela, adibidez Brocaren eremua oharmenerako ere baliatzen dela eta b) hizkuntza prozesatzean bestelako gune kortikal eta subkortikalak ere aktibatzen direla. Hurbilketa lokalizazionista eta holistikoaren arteko eztabaidak bizirik dirau oraindik, baina egungo ikerketak bi mutur horietatik aldendu egin dira eta proposamen zehatz eta sofistikatuagoak eskaintzen dituzte.
Hizkuntzen antolaketa funtzionalari dagokionez, neuropsikologia modernoan patologiek (tartean afasiak) bide eman dute sistema kognitiboaren arkitektura konplexua ezagutzeko disoziazio bikoitzei esker. Disoziazio bikoitza deritzo gaixo bik, gutxienez, funtzio kognitibo biri dagokienez, kontrako jokabidea dutenekoari; adibidez, hitzak ekoizteko zailtasunei dagokienez, afasiko batzuek aditzekin arazoak dituzte (izenak eskuratzeko arazorik izan gabe), eta beste batzuek, berriz, izenekin arazoak dituzte (aditzekin arazorik izan gabe). Disoziazio bikoitz horrek erakusten du bi kategoria horiek burmuineko prozesu/egitura desberdinen ondorio direla, eta gaixo horiengan bata edo bestea daudela ukituta. Adibide gisa, 3. irudian ikus daiteke afasikoen disoziazio bikoitzetan oinarrituta garatutako eredu psikolinguistiko orokorra.
Halaber, afasikoen jokabidea baliagarri gertatzen da hizkuntzalaritza teorikoan egindako proposamen eta hipotesiak egiaztatu edo deuseztatzeko. Esate batera, hainbat kontzeptu gramatikal berretsi dituzte, hala nola, izen eta aditz kategorien bereizketarakoa, edo bokal eta kontsonanteena. Horregatik guztiagatik, oro har afasikoen azterketek neuropsikolinguisikari egi(te)n dioten ekarpena handia dela esan daiteke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Afasia hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho
- Laburpena: Afasiaren azterketak hizkuntzaren antolaketarako ebidentzia enpirikoa eskaintzen du, horregatik da ekarpen garrantzitsua eredu neurolinguistiko eta psikolinguistikoak garatzeko. Lan honetan, afasiologiarako sarrera labur gisa, burmuineko lesioen ikerketak hizkuntzaren eta hizkuntza osagaien antolaketaz zer erakutsi duen berrikusten da. Horretarako, aurkezten dira, batetik, afasiologiaren historian hizkuntzaren irudikapenaren inguruan izandako ikuspegi nagusiak eta, bestetik, zer-nolako datuak eskaintzen dituen afasiak hizkuntz osagaien antolaketa funtzionalerako eta hizkuntzalaritza teoriarako.
- Egileak: Amaia Munarriz
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 185-195
- DOI: 10.1387/ekaia.14580
—————————————————–
Egileaz: Amaia Munarriz UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Afasia, hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho appeared first on Zientzia Kaiera.
Neuroblastoma: tratamenduan aurrera
Neuroblastomaren sorreran ezinbesteko funtzioa duen TIAM 1 genea ikertu dute. Genearen mutazioak aztertu dituzte eta zenbait mutaziok pronostiko hobea iragartzen dutela aurkitu dute. Neuroblastomaren terapia hobetzeko diana izan daiteke, hortaz.
Minbizi tumore arraroa da neuroblastoma; normalean, ume eta haurtxoetan agertzen dena. Nerbio ehunetik eratzen da, nerbio sistema sinpatikoa osatzen duten ehunetatik, hain zuzen. Gorputzeko zona askotan gara daiteke, organo eta sistema gehienetara heltzen baita sistema parasinpatikoa.
Haurretan garezurretik kanpoko tumore solidorik ohikoena da neuroblastoma. Minbizi pediatriko guztien %7a dira neuroblastomak eta prozesu onkologikoen ondorioz haurtzaroan izaten diren heriotza guztien %15aren erantzule dira.
Neuroblastoak nerbio zelula heldugabeak dira, nerbio zelulak bilakatzen direnak. Neuroblasto horiek garapen normala egiten ez dutenean (nerbio zelula helduak bihurtu beharrean neuroblasto moduan zatitzen eta hazten jarraitzen dutenean) sortzen dira neuroblastomak.
Heldugabeko zelula multzoak (tumoreak) dira neuroblastomak, beraz. Tumore horiek gorputzeko edozein zonatan ager daitezke, esan bezala, sistema parasinpatikoa zona gehienetara iristen baita. Giltzurrun arean, sabelaldean eta bularraldean agertzen dira kasu gehienetan, hala ere, gerora gorputzetik zabal daitekeela (metastasia).
Nahiz eta neuroblastomen kausa ezezaguna izan, zenbait kasutan aldaketa genetikoak daude atzean. Neuroblastoetako DNAko zenbait genek erregulatzen dute zelulen bikoizketa eta hazkuntza. Gene horietako kromosometako aldaketek neuroblastomen sorreran eta hazkuntzan eragin dezakete.
IkerketaPazienteen neuroblastoma primarioa (tumore nagusia, lehena) dira ikerketan aztertu direnak. Mutazioak NGS bidez (Next Generation Sequencing) identifikatu dituzte, TIAM1 genearen mutazioak, zehazki. Tumore zeluletan TIAM1 geneak duen papera dokumentaturik badago ere, TIAM 1 genearen rol onkogenikoa (minbizi sortzailea) neuroblastomaren kasuan ez dago argi.
TIAM 1 genea funtsezkoa da neuroblastomaren garapenean eta, garapen horretan eragiteko ahalmenari esker, terapiaren eraginkortasuna hobetzen lagundu dezakeen diana izan daiteke. Ikerketak identifikatu dituen genearen mutazioak hiru seinalizazio zonaldetan daude kokatuta (N-terminusean, RAS binding domainean eta RAC aktibazioa eragiten duen DH-PH2 domeinu katalitikoan). Aldaera hauek pronostikoa hobetzen dutela, seguruenik TIAM1 genearen funtzioari eraginda, iradokitzen du ikerketak.
Aldaerek TIAM1ek kontrolatutako seinalizazio onkogenikoaren funtzioan galera sortzea edo guztiz etetea izan daiteke arrazoia. Esan bezala, aztertu diren aldaerak seinalizazio domeinuetan daude kokatuta, zehazki MYCN, RAS eta RAC proteinei seinaleztatzen dizkieten domeinuetan. Neuroblastoma zelulen potentzial onkogenikoan berebiziko papera dute bide hauek.
Oro har, neuroblastoma emaitza hobeekin daude erlazionatuta TIAM1 aldaerak eta gen honen inhibizioa erabil liteke ohiko terapiarekin batera emaitzak hobetzeko. TIAM1 neuroblastoma kasuetako terapiaren eraginkortasuna hobetzen lagundu dezakeen diana izan daiteke, hortaz.
Ikerketa praktika klinikora gehitzea da hurrengo urratsa, diagnostikorako erremintak eta prozedurak hobetzeko, gaixotasuna duten haurrei tratamendu goiztiarragoak eskaini ahal izateko.
Valentziako La Fe Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileek, Jaime Font de Morak zuzenduta eta José Luis Zugaza, UPV/EHUko eta Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Ikerbasque ikertzailearen laguntzaz egin dute ikerketa.
Erreferentzia bibliografikoa:
Sanmartín, E. et al.: TIAM1 variants improve clinical outcome in neuroblastoma. Oncotarget, April 03, 2017. DOI: 10.18632/oncotarget.16787.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Neuroblastomaren tratamendua hobetzeko diana molekular berri bat aurkitu dute.
The post Neuroblastoma: tratamenduan aurrera appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #156
Juno misioak zikloiak eta magnetismo masiboa aurkitu ditu Jupiterren. 2011n abiatu zen misio espaziala eta iazko abuztuan barneratu zen lehendabiziko aldiz Jupiterren atmosferan. Jupiterreko poloak egitura obal distiratsuez beteta ageri dira; horiek zikloiak direla ikusi dute, eta 1.400 km-ko diametroa izan dezakete. Jupiterren atmosfera sakonaren egitura termikoa aztertu du. Ikertzaileek diote amoniakoan aberatsak diren guneak izan daitezkeela, eta amoniako horrek eragin ditzakeela ikusitako ekaitzak.
OsasunaAzukre mota asko daude: laktosa (esnekoa), fruktosa (fruituetakoa eta eztikoa), maltosa (garagardokoa),… etiketak irakurtzekoan kontuan hartu behar ditugunak eta horiei erreparatu, ongi desberdintzeko elikagaietan eta osagaietan agertzen direnak. Osasun Erakundeak aholkatu du azukre askeen kantitatea osoko kantitate kalorikoaren %10era jaitsi beharko litzatekeela gutxienez. Alegia, gehien jota, 25 g hartu beharko lirateke egunean (6 azukre puska). Eta zer da, bada, azukre askea? Adibidez kafeari gehitzen dioguna eta lehen ikusi dugun moduan etiketan, janari baten osagai-zerrendan azaltzen dena. Aldiz, frutan eta baratzetan dagoena ez da azukre askea, eta horrela, janari hauen kasuan ez da inongo murrizketarik aholkatu.
Zer da akaina? Eta animalia horrek sortzen duen Lymeren gaixotasuna? Edu Lartzanguren kazetariak azaltzen digu artikulu honen bitartez. Akainak heldu eta 2-28 egunera gorritasuna ikusten da azalean, zomorroak helduriko lekuaren inguruan. Gorritasuna zabalduz joaten da. Gripearen sintomak eta ahuldadea sumatzen dute gaixoek. Artritisa ager daiteke hurrengo urteetan, eta, kasu gutxitan (%15engan), aurpegiaren alde bateko paralisia, bihotzeko arazoak… Halere, ez da erraza akain batek Lymeren gaitza kutsatzea eta horretarako piztia bera egon behar da kutsatuta borrelia burgdorferi bakterioarekin.
Stephen Lewis eta Ken Heaton Bristol Bristolgo Unibertsitateko Medikuntza saileko ikertzaileek 1997. urtean artikulu bitxi bat argitaratu zuten Scandinavian Journal of Gastroenterology aldizkarian. Artikuluan 1992an abiatutako ikerketa baten emaitzak argitaratu zituzten, gorozkien eskala bat, Bristol eskala. Hori da Koldo Garcia biologoak dakarkiguna asteon. Bristol eskala, gorotzen forma sailkatzeko eskala bat da. Gorozkiek forma desberdina dute kolonean pasatzen duten denboraren arabera. Gorotzak 7 forma nagusitan banatzen dira, 1a eta 2a idorreriarekin lotzen direnak; 3a eta 4a kolonaren funtzio normalarekin; eta 5tik 7ra beherakoarekin, kolonaren hanturarekin. Xehetasunak ezagutzeko irakurri Bristol eskala artikulua, ez zaizue damutuko.
EboluzioaDuela 7,2 milioi urte Balkanetan bizi zen hominino baten fosilak aztertu dituzte eta ondorioztatu dute, batetik, eboluzioaren zuhaitzean uste zutena baino lehenago banatu zela gizakien adarra, eta, bestetik, banaketa hori ez zela Afrikan gertatu, Europan baizik. Graecopithecus freybergi homininoaren bi aztarnaren azterketa egin dute: Grezian topatutako beheko masailezurraren zati bat eta Bulgarian topatutako goiko eta aurreko hagin bat.
KimikaPozoietan aditu bat aipatu beharko bagenu, literaturan behintzat, Agatha Christie izango litzateke, ezbairik gabe. Pozoi horien artean, artsenikoa ere erabili zuen. Baina gaurkoan literaturatik errealitatera egingo dugu jauzi. Artsenikoa oraindik uztak intsektuen kontrako plagizida bezala erabiltzen da. Horren ondorioz, artsenikodun produktuekin landu izan diren elikagaiak kutsatu eta lixibiazio bidez lurzoruan barne sartzen da. Honek gizaki eta sistema ekologikoen artsenikoarekiko esposizio zuzena sortzen du, biak egoera larrian jarriz. Gizakion kasuan, artsenikoz kutsatutako ura erabiltzea da metaloide honek sortzen dituen gaixotasun anitzen (neuropatia periferikoa, anemia, gibel eta giltzurrun disfuntzioa, azal pigmentazioa, gaixotasun kardiobaskularra…) arduraduna, batzuetan heriotza ere suertatzen duena. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude eta batzuk oso eraginkorrak dira, baina behar duten energia kontsumo handiak teknikak baztertzea eragiten du. Beste batzuk ordea, adsorbatzaile nanometrikoak kasu, ingurumen erremediaziorako propietate kimiko eta fisiko egokienak dituzte.
BiologiaNerbioetan hazten diren tumore batzuk nola sortzen diren aztertzen ari zirela, ilea hazteko ezinbestekoa den proteina bat identifikatu dute ikertzaile estatubatuar batzuek, bai eta adatsa urdintzen duen mekanismoa aurkitu ere. KROX20 ezinbestekoa da ilea hazteko, eta adatsak kolorea izan dezan, beharrezkoa da, gainera, SCF proteinak ere bere lana betetzea. Hala egiaztatu dute saguekin egin duten esperimentu honetan. Izan ere, KROX20 ekoizten duten zelulak ezabatuz gero, ilea ez da hazten. SCF genea bakarrik kentzean, aldiz, pigmentazioa desagertzen da eta ilea urdindu egiten zaie animalioi.
Elysia chloroticak, itsasoan bizi den bare mota, landare baten antzera jokatzen du. Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Bare honen janari nagusia alga bat da: ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu. Beraz, alga horren menpe dago bizirik irauteko.
AnatomiaAlfabetatu gabeko helduekin egindako ikerketa batek erakutsi du irakurtzen ikasteak uste baino aldaketa handiagoak eragiten dituela garunean. Orain arte, jotzen zen aldaketa horiek garunaren kanpoaldean gertatzen zirela, kortexean, egoera berrietara azkar egokitzeko gaitasuna duen aldean, hain zuzen ere. Baina orain, Max Planckeko ikertzaileek Indiako Ikerketa Biomedikoaren Zentrokoekin (CBMR) eta Hyderabad Unibertsitatekoekin batera aztertu dute zer aldaketa gertatzen diren helduen garunean irakurtzen ikastean, eta ikusi dute ikasketa-prozesu horrek garunean eragiten duen berrantolaketa garunaren sakoneraino iristen dela, talamo eta garun-enborreraino, hain justu. Ikusitako emaitzekin, ikertzaileek garun helduaren plastikotasuna azpimarratu dute.
TeknologiaZiur asko jada ikusita izango duzue sare sozialetan arrakasta izan duen Nanobot bidezko fekundazioa bideoa baina aukerarik izan ez baduzue, ikustea gomendatzen dizuegu. Bideo honetan ikusten da nola nanorobot batek lagundu egiten dion espermatozoide bati obulua aurkitzen. Ikerketa Dresden hiriko IIN institutuan (nano-zientzien integraziorako ikertegia) egin dute.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #156 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #161
Hizkuntza bat solturaz hitz egiten baduzu, zure ama hizkuntza ez bada ere, hau zure interesekoa da. Paula Krilčić eta Adrià Rofesen artikulua: How many animals can you name within one minute (and what does this say about your cognition). Seguru solturaz hitz egiten duzula?
Minbizi-zelula batzuk ez dira soilik farmakoen aurrean erresistenteak egiten, farmako zaleak egiten dira ere. Isabel Pérez Castrok kontatzen digu: Holidays, drug addiction…and cancer research.
Zer da benetan arrazoia? Gizabanakoaren ezaugarria ote da irrazionala izatea gehienbat? Edo beste gauzaren bat? Jesús Zamorak aztertzen du gaia: What is reason for?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #161 appeared first on Zientzia Kaiera.
Edurne Simón: “Euskadin, 5 haurretik bat obesoa da” #Zientzialari (73)
Giza gorputzean gantz gehiegi metatzearen ondorioz agertzen den gaixotasuna da obesitatea. Egungo gizartearen bizi ohitura sedentariorako joerak, oro har, egunerokotasunean egiten dugun gastu energetikoa nabarmen jeistea ekarri du eta honek, halabeharrez, gainpisudun pertsonen hedapena eragin. Adituen esanetan, bereziki kezkagarria da arazoa haurren kolektiboaren barruan. Baina zeintzuk dira obesitateari lotutako arriskuak? Nola tratatu daiteke gaixotasun hau?
Arazo honi buruz gehiago jakiteko, Edurne Simón UPV/EHUko Nutrizio irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, prebentzioan dago gakoa eta horretarako, ohitura osasungarriak mantentzea beharrezkoa da.
Zientzialari izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Edurne Simón: “Euskadin, 5 haurretik bat obesoa da” #Zientzialari (73) appeared first on Zientzia Kaiera.
Argia materia bihurtzen
Funtsean, eguzki argia baliatuta materia inorganikoa materia organiko bihurtzean datza fotosintesia, CO2 xurgatu eta oxigenoa askatu. Fotosintesia egiteko ezinbestekoa da argia.
Argiaren izaeraz aritu ginen aurreko artikuluan, uhina ala partikula zen. Oraingo artikulu honetan argia energia kimiko bilakatzeko prozesuan zentratuko gara: fotosintesian.
Eskolan irakasten den bezala, landareek CO2a, eguzki argia eta ura hartzen dute eta zenbait prozesuei esker O2 askatzen dute. Fotosintesiaren oso eskema sinplifiaktua da aurrekoa, baina. Fotosintesia prozesu erabat konplexua da eta oraindik ez da guztiz argitu zelako mekanismoak hartzen duten parte.
Esan bezala, argia nahitaezkoa da fotosintesia egiteko. Espektro ikusgarriko argia (400-700nm) erabiltzen dute izaki fotosintetikoek.
Zenbat eta argi gehiago, orduan eta fotosintesi gehiago egiten dute landareek. Neurrian, hala ere, gehiegizko argia kaltegarria baita.
Hostoetan dituzten pigmentuak erabiltzen dituzte landareek argia xurgatzeko, pigmentu fotosintetizatzaile nagusia klorofila delarik. Bestelakoak ere badaude, karotenoideak, esaterako.
Tilakoide izeneko besikuletan dago kokatuta klorofila. Tilakoideak, era berean, kloroplasto izeneko organuluen barruan daude.
Fotosintesiaz arduratzen diren kloroplastoak hostoetako zeluletan daude, kloroplastoen barruan tilakoideak aurki daitezke eta tilakoideetan klorofila eta argiaren energia luminikoa energia kimiko bilakatzen laguntzen duten bestelako molekulak. Hostoetako zelulek xurgatzen dute argia, beraz.
Argia hartu eta…
Argiak hostoetan dauden kloroplastoetara ailegatzen denean, zer? Bi fase erabat ezberdin ditu fotosintesiak:
- Argiaren fasea. Eguzki argia energia kimiko bihurtzen du landareak fase honetan. Ur molekulen disoziazioa baliatuta ATP eta NADPH eskuratzen ditu. Tilakoideetan ematen da prozesu hau, fotosistema izeneko konplexuetan.
- Fase iluna. Energia kimikoa baliatuta, CO2 bereganatu eta azukreak sortzen ditu landareak fase honetan. Argirik ez dute behar fase honetan gertatzen diren erreakzioak. Argiaren fasean sortutako ATP eta NADPH baliatzen dira karbonoaren finkapena (karbono inorganikoa karbono organiko bihurtzeko prozesua) eta Kalvin zikloa.
Fotosintesiari esker argia materia organiko bilakatzen dute izaki fotosintetikoek.
''Fotosintesia, argia eta energia kimikoaren arteko prozesua''Aurreko artikulua:
Argi uhina ala argi partikula?
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.
——————————————————————
The post Argia materia bihurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Eguzkiak elikaturiko itsas barea
———————————————————————————————————–
Elysia chlorotica itsasoan bizi den bare mota bat da, baina ez da batere arrunta. Eguzki-instalazio bat bezalakoa da edo, hobeki esan, landare baten antzera jokatzen du.Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin, eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia-beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du beste animalia gehienek bezala jokatzen. Haren janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu.
Itsas bareak gordetako plastoek fotosintesia egiten jarraitzen dute, eta horrela sorturiko materia da Elysia chloroticak elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki-instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.
Itsas barea algaren menpe dago, oso-osoan, bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, algak jan behar ditu. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, horiek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.
Aurreko atalean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu dugu. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Baina ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina hark algak gorde egiten zituen, osorik, eta sinbiosi harremana mantentzen zuen, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute horren truke ezer lortzen. Bestalde, zizarearen kasuan ez zen zizarea fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina egin, berak egiten du.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Eguzkiak elikaturiko itsas barea appeared first on Zientzia Kaiera.
Ilearen proteina aurkitu dute ezustean
1922an, Alexander Fleming bakterio batzuk aztertzen ari zen plaka batean, onddo batek hura kutsatu zuenean. Onddo hark bakterioak hiltzen zituela konturatu zen ikertzailea, eta hala, penizilinaren propietate antibiotikoak aurkitu zituen oharkabean. Halako gertakariei serendipia deitzen zaie: ustekabean zerbait aurkitzeari, berez beste zerbaiten bila ari garenean.
Horixe gertatu berri zaio Texasko Unibertsitateko Southwestern Medikuntza Zentroko (AEB) ikerketa talde bati. Lu Le doktoreak zuzenduta, tumore mota zehatz bat nola sortzen den aztertu nahian zebiltzan, oso bestelako zerbaitekin topo egin zutenean. Izan ere, ilearen hazkundeaz arduratzen den proteina identifikatu zuten, bai eta adatsa urdintzen duen mekanismoa aurkitu ere. Genes & Development aldizkarian eman dute ikerketa lanaren berri.
Ileen folikuluen azpialdean dauden azaleko zelula amek zerikusia dute ilearen hazkundean, eta hori jakina zen lehendik ere. Ikertzaileek ez zekiten, baina, nola ematen duten zelula horiek azaletik ilerako jauzia. Kasualitatez aurkitu dute erantzuna. Southwesterneko ikertzaileok 1 motako neurofibromatosia ari ziren aztertzen; gaitz genetiko honen eraginez, tumoreak nerbioetan hazten dira, toki berezia oso. Horren harira, nerbioen garapenarekin zerikusia duen KROX20 proteinari erreparatu zioten, baina hara non, bestelako funtzio bat aurkitu zioten, ilearen hazkundeari lotuta.
Zelula amak folikuluen oinarrira mugitzen direnean, KROX20 proteina aktibatu egiten da, ilearen hazkundeaz arduratzen diren azaleko zeluletan. Gainera, ondoren, hain zuzen ere KROX20aren eraginez, zelula horiek beste proteina bat ekoizten dute: SCF edo zelula amen faktorea. Zelula batean bi proteina horiexen espresioa gertatzen denean, folikuluan gora egiten dute, interakzioa daukate pigmentua sortzen duten melanozito zelulekin, eta hala, ilea osasuntsu eta koloretsu hazten da.
Horrenbestez, KROX20 ezinbestekoa da ilea hazteko, eta adatsak kolorea izan dezan, beharrezkoa da, gainera, SCF proteinak ere bere lana betetzea. Hala egiaztatu dute saguekin egin duten esperimentu honetan. Izan ere, KROX20 ekoizten duten zelulak ezabatuz gero, ilea ez da hazten, eta saguak soildu egiten dira, beraz. SCF genea bakarrik kentzean, aldiz, pigmentazioa desagertzen da eta ilea urdindu egiten zaie animalioi.
Aurkikuntza honen ondoren, denboraren poderioz proteina horien funtzionamenduak okerrera egiten ote duen aztertu nahi dute orain ikertzaileek. Adinean gora egin ahala ilea zergatik urdintzen den eta, batez ere gizonezkoen kasuan, burua zergatik soiltzen den ulertzea dute helburu horrela. Betiere, kontuan hartuta orain arte saguekin baino ez dutela lan egin. “Ezagutza honekin, etorkizunean konposatu bat garatu edo beharrezkoak diren geneak folikuluetan kokatu ahal izango ditugula espero dugu, arazo kosmetiko horiek zuzentze aldera”, azaldu du Lu Le doktoreak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Chung-Ping Liao; Reid C. Booker; Sean J. Morrison; Lu Q. Le. Identification of hair shaft progenitors that create a niche for hair pigmentation. Genes & Dev. (2017). DOI:10.1101/gad.298703.117
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————
The post Ilearen proteina aurkitu dute ezustean appeared first on Zientzia Kaiera.
Azukrea, janarien barruan ezkutuan
Lehenengoa, normalean joaten naizen dendan gertatu zitzaidan. Nire erosketak ordaintzeko kutxako ilaran nengoen zain, eta aurrean nuen andrea niregana bueltatu eta “Zein gozoki dira azukrerik ez dutenak?”. Etiketan bertan erakutsi nion “azukrerik gabe” zeramatela batzuek. “Eta nola dakit benetan ari direla?”. Erantzun nion egiazkoa dela beti etiketetan jartzen dutena, eta berez, gozoki horiek diabetikoek ere jan ditzaketela. Andreak chupachups horietako bat hartu zuen eta eskerrak eman zizkidan. “Fidatu egin beharko, baina batek daki ezkutuan zer daramaten hauek”. Etiketak legez arautuak daudela esan nion. Azkar erantzun nion kontuan sakondu gabe, ikusi nahi nuen filma berehala hastera zihoalako.
Antzeko zerbait ere gertatu zitzaidan supermerkatuko jogurten eremuan. Andre batek “Neskato, begiratuko didazu mesedez zeinek ez daukan azukrerik? Ez baitut azukre gabekorik aurkitzen, eta horrelakoak jatekoa agindu dit medikuak”. Andreak jogurt naturalaren osagaien taula erakutsi zidan, eta “Begira, 5.3 g azukre produktuaren 100 g-ko”. Nik esan nion hori ez zela medikuak debekatutako azukrea. “Jogurtaren esneak duen azukrea da hori, eta ez da azukrea arrunta bezalakoa. Begiratu jogurtaren osagaien zerrendan, eta bertan azukrerik azaltzen ez bada, erosi lasai”. Horrela, zerrendako osagaiak irakurri nizkion: esne gaingabetua, esnearen proteinak, laktosa, eta esne-hartzigarria. “Ikusten duzu? Ez da inongo azukrerik azaltzen, hau jogurt naturala delako, gaingabetua, eta azukre gehigarririk gabea”. Berak erantzun zidan “Bazuten ba argiago azaltzea”. Ez nion andreari ezer eztabaidatu.
Lagunen artean “azukrea” esaten dugunean, izatez sakarosa izeneko batez ari gara. Janariari botatzen diogun azukrea da sakarosa.
Berez, azukre asko daude: laktosa (esnekoa), fruktosa (fruituetakoa eta eztikoa), maltosa (garagardokoa),… Karbohidratoak dira haiek guztiak, baina desberdin metabolizatzen ditugu batzuk eta besteak, eta beraz, azukre mota asko daudela hartu behar dugu kontuan, janarien etiketak irakurtzeko unean.
Etiketan bi zehaztapen ematen dira: elikagaiak eta osagaiak. Elikagaietan ari garenean, laktosa, sakarosa zein fruktosaren berri ematen da, beti ere hidrokarburoen talde orokorrean sartuta. Hori dela eta, azukrerik gabeko jogurt natural batek 5.3 g azukre izan dezake, baina esneko laktosa izango da azukre hori, ez zaporea aldatzeko gehitzen den azukrea. Osagaietan aldiz, argi esaten da azukre gehigarririk dagoen ote produktuan. Horrela bada, osagaien zerrendan begiratu behar dugu, ez elikagaien zerrendan.
Egun, azukre aske deritzen horiei erreparatzen diegu bereziki. Munduko Osasun Erakundeak aholkatu du azukre askeen kantitatea osoko kantitate kalorikoaren %10era jaitsi beharko litzatekeela gutxienez. Alegia, gehien jota, 25 g hartu beharko lirateke egunean (6 azukre puska).
Zer da azukre askea?. Munduko Osasun Erakundearen arabera, hauxe da:
- Azukre gehigarria. Azukre arrunta (sakarosa), adibidez kafeari edo azkenburukoei gehitzen dieguna; era berean, janari baten osagai-zerrendan azaltzen dena. Izan ere, osagaien artean azaltzen da freskagarri, gaileta, zekale, opil disolbagarri eta ogi zuri batzuen zerrendetan.
- Berez, janari batzuetan badago azukre gehigarriaren antzeko ondorioak dakartzan azukre bat: hala gertatzen da eztia, ziropa eta zukuen kasuan.
Frutan eta baratzetan dagoena ez da azukre askea, eta horrela, janari hauen kasuan ez da inongo murrizketarik aholkatu. Horregatik gomendatu ohi da fruta pieza osoak jatea edo fruta pieza osoak dituzten irabiatuak edatea, eta ez zukuak (etxean eginak izan arren).
Izan ere, frogatua dago azukre aske hauek zerikusia dutela gizentasunarekin eta II motako diabetesarekin. Egun, gizentasun eta gehiegizko pisua, ohikoegiak dira gure gizartean.
Aholku hauek guztiek ez dute plazeren aurka egitea helburu. Munduko Osasun Erakundeak eta nutrizionistek jakitun jarri nahi dute populazioa: zuku bat edanez gero, inork ez dezala pentsa fruta jatea bezain osasuntsua denik hori edatea. Zilegi da zuku bat gustagarria delako edatea, baina garbi gera bedi hori ez dela osasuntsua.
Opila edo txokolate barratxoak jaten dituzunean, freskagarri bat edaten duzunean, horrelakoak atsegin dituzulako egiten duzu, osasuna kontuan hartu gabe. Inork ez du pentsatuko osasuntsua denik arrosa koloreko opila. Oso engainagarriak izan daitezke ordea iragarkiak, baldin eta tartean badaude frutak, barazkiak, zukuak, poto txikiak, ahiak… Hauek guztiek azukre gehigarriak dituzte eta ez dira beti osasuntsuak.
Kanpaina honetan, ageri-agerian utzi nahi dugu arriskutsua dela gure janarietan hainbeste azukre askeak jatea. Jatekotan, gutxienez jakitun jan dezagun. Erraza da gauzak bere onera eramatea: zuku, ezti, ziropa eta azukre gehigarria duten janari gutxiago jatea. Kontuan izan behar dugu edonola azukre hauek agerian egongo direla beti ere etiketetako osagaien zerrendetan, hala arautua dagoelako. Horrelakoak ez direnek ez dute ziurtasun-kontrolak gainditzen, eta ez dira merkaturatzen.
Ez da iradoki behar janarietan ezkutuko osagaiak daudenik, horrela mesfidantza eta ezagumendu falta ere areagotzen direlako. Beldurraz baliatzea ez da inoiz gizalegezkoa izan.
Hainbatetan “azukrerik gabe” irakurtzen dugu eta hala ere ez gara fidatzen. Batetik iragarki batzuk nahita egiten dira nahasgarri, eta jakina, horrek ezinegona eragiten dio erosleari. Bestetik, gehiegi jo izan da “ez zaitzatela engaina” sasi-jakintsu horretara. Ez dago engainurik etiketetako zehaztapenetan, bertako informazioa egiaztatua baitago beti ere. Ez dago ezkutuko azukrerik janarietan, eta hori lasai egiazta daiteke etiketak irakurrita.
—————————————————–
Egileaz: Déborah García Bello kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea da.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Azukrea, janarien barruan ezkutuan appeared first on Zientzia Kaiera.
Artsenikoa erauzteko bide berria
Oraindik uztak intsektuen kontrako plagizida bezala erabiltzen da. Horren ondorioz, artsenikodun produktuekin landu izan diren elikagaiak kutsatu eta lixibiazio bidez lurzoruan barne sartzen da. Lurzoruan beste ioiekin elkartu edo lur barneko urekin nahasten da espezie berriak sortuz. Honek gizaki eta sistema ekologikoen artsenikoarekiko esposizio zuzena sortzen du, biak egoera larrian jarriz. Gizakion kasuan, artsenikoz kutsatutako ura erabiltzea da metaloide honek sortzen dituen gaixotasun anitzen (neuropatia periferikoa, anemia, gibel eta giltzurrun disfuntzioa, azal pigmentazioa, gaixotasun kardiobaskularra…) arduraduna, batzuetan heriotza ere suertatzen duena. Honen adierazle artsenikoak duen dosi hilgarria (LD50) da: 1 – 4 mg/kg. Munduko Osasun Erakundeak artsenikoaren kontsumoak dituen eraginak ikusita, ur edangarrirako gidalerrotzat gehienezko 10ug/L-ko artseniko kontzentrazioa proposatu zuen 2010ean.
Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Metodo hauen artean batzuk oso eraginkorrak dira, baina behar duten energia kontsumo handiak teknikak baztertzea eragiten du. Beste batzuk ordea, adsorbatzaile nanometrikoak kasu, ingurumen erremediaziorako propietate kimiko eta fisiko egokienak dituzte.
Sistema hauen diseinu malgutasunak material berriak sortzeko aukera eskaintzen du. Adsorbatzaile honen bereizgarri nagusiak, dituen dimentsio eta gainazal/bolumen erlazio bereziak dira. Hauek, batik bat, nanosistemen eraginkortasuna hobetzen dute. Beste batzuen artean, nanometrikoak diren oxido metalikoak daude (NOM). Kasu honetan, ur kutsatuaren tratamenduetan magnetikoak diren sistemak azpimarratuko dira. Metalikoak diren nanopartikula hauek urarekin kontaktuan jartzean ura adsorbatzen dute eta, medio azidoetan, nanopartikulen gainazala positiboki kargatuta geratzen da. Hortaz, artsenikoz kutsatutako urak nanosistema hauekin kontaktuan jarri ondoren elkarrekintza elektrostatikoen bidez artseniato anioiak bereganatuko dituzte. Gero, iman indartsu baten eraginpean jarriko da sistema, artsenikoa erauztearren. Modu honetan, artsenikoz kutsatutako urak tratatzeko sistema sinple eta eraginkorra sortzen da.
Hau eginda “in situ” aplikatu daitekeen ingurumen tratamendua lortuko da. Sistema tradizionalekin alderatuz, teknologia eta sistema berri hauen agerpena ur tratamenduetarako bide berria sortzen ari da. Nahiz eta sistemen parametro asko hobetu behar diren, hobekuntza lanetan dagoen teknika honek etorkizun oparoa du. Izan ere, sistema tradizionalekin alderatuz, adsortzio gaitasun handiko sistema sinple, merke eta azkarra da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 29
- Artikuluaren izena: Nanoteknologia: artsenikoaren erauzketarako bide berria
- Laburpena: Artsenikoarekiko esposizioak, nahiz eta kontzentrazio txikietan izan, osasunerako eta sistema ekologikoetarako oso kaltegarria da. Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Adsorbatzaile nanometrikoak dituzten propietate kimiko eta fisikoek ingurumen erremediaziorako materialik egokienak bihurtze dituzte. Lan honek artsenikoz kutsatutako uren tratamenduan erabiltzen diren nanoadsorbatzilei buruzko ezagutza handiagoa eskaintzea du helburu, nanoteknologia barneratzen duen ikerkuntzaren etorkizunaren inguruko ikuspegi berria emanez.
- Egileak: Itziar Jalarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz de Larramendi
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 87-105
- DOI: 10.1387/ekaia.14572
—————————————————–
Egileaz: Itziar Galarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz Larramendi UPV/EHUko Kimika Ez-organikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Artsenikoa erauzteko bide berria appeared first on Zientzia Kaiera.