Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 38 min 36 sec ago

Wolframa, metal baliotsua oraindik ere!

Tue, 2017/04/25 - 09:00
Bergarako Laboratorium Museoa 2016ko urrian wolframezko bi pieza jaso genituen dohaintzan Laboratorium museoan. Museoko sarrera berrien politikan, elementu kimiko horren aplikazioek arreta berezia daukate, erraz ulertzen diren arrazoiengatik. Izan ere, jakina da wolframa Bergarako Errege Seminarioko laborategian aurkitu zutela Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, 1783 urtean. 1. irudia: Elhuyar anaiek, wolframa isolatu zuten 783ko irailaren 28an eta “wolfram” izena eman zioten sortu zen materia gogoan izateko.

Wolframa isolatzea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 7 urte lehenago sortutako “Real Seminario Patriotico Bascongado”aren lorpen zientifiko ikusgarria izan zen, eta agian Euskal Herriak inoiz zientzia arloan egin duen eta egingo duen aurkikuntzarik handienetakoa. Baina proiektua bultzatu zutenek zientziaren oso ikuspegi utilitarista zeukaten eta beraien proiektuari ospe handia eman dion lorpena izan arren, badirudi metal berriari ez ziotela inongo aplikaziorik aurkitu. Aplikazioak oso poliki joan ziren iristen, hurrengo mendean hasita, baina iritsi dira. Eta wolframa elementu estrategikoa izatera iritsi da, gaurko gizartearen garapenerako funtsezko elementuetako bat dela esan dezakegu, bere aplikazioei erreparatzen badiogu.

Ezaugarri bereziak ditu, aplikagarritasunari begira eragin handia dutenak: metal oso gogorra da, xaflakorra eta fusio-punturik altuena duen metala da (3683ºk/3410ºC). Wolframaren aplikazio batzuk aski ezagunak dira. Beroaren aurrean duen erresistentzia ezinbestekoa izan da gaur egun arte etxeetan erabili ditugun bonbillen funtzionamendurako. XX. mendearen hasieran Coolidge jaunak wolframezko filamentu harikorra txertatu zuen lehen aldiz bonbilletan eta horrek argiztapen-sistema elektrikoaren historian aurrerapen nabarmena eragin zuen. Bigarren Mundu Gerran garrantzi handia izan zuen metal horrek, blindajeetan erabiltzen delako; eta ondoren soldatze lanetara, makina-erreminta arlora eta milaka aplikazio desberdinetara zabaldu da erabilera. Laboratorium museoak dohaintzan jasotako wolframezko lehen pieza, “hegazkin motor bateko pieza; CFM56 modelokoa (wolframezko aleazioa)”, aplikazio industrial anitzen adibidea da.

Baina aldi berean, esparru oso berrietan ere bere izaera estrategikoa ari da erakusten. Horren lekukoa da bigarren dohaintza, “Wolfram purua (barra)”, ESS Bilbaok dohaintzan emandakoa.

2. Wolframita. (Argazkia: Laboratorium Museoa)

Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturria (European Spallation Source-ESS) Europako egitasmo zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Instalazio nagusia Suediako Lund hirian ari dira eraikitzen, baina proiektuak Zamudion ere badu bere bigarren egoitza (ESS Bilbao). ESS proiektuak oinarrizko zientziaren zein teknologiaren hainbat ikerketei bide berriak zabalduko dizkiola aurreikusten da.

Espalazioa neutroiak kopuru handian sortzeko aukera ematen duen teknika da, protoietatik abiatuta. Espalazioak egiten duena da atomo baten nukleoa ezpaldu, nukleoak neutroi-pultsuak emititu ditzan. Prozesu hori sortzeko, beharrezkoa da protoi multzo bat eremu elektromagnetikoen bidez azeleratzea, energia kantitate handia eskuratzen duten arte. Une horretan, material astun baten kontra zuzentzen dira, eta talkak abiatzen du neutroiak sortzen duen erreakzio nuklearra. Material astun hori, noski, wolframa da.

Espalazioa egiteko ingeniaritza-gailuak, wolframezko 36 sektore ditu (elementu horrekin egindako 7.000 pieza guztira), 2,5 metroko diametroa duen gurpil baten barruan kokatuta. Gurpilak 30 rpm-ko abiaduran biratuko du eta horrela protoi-sortak sektore bati eragingo dio aldiko, neutroiak lortuz. Zirkuitu osoa helio bidez hozten da. Guk dohaintzan jaso duguna 7.000 pieza horietako bat da.

Wolframa fusio nuklearretako instalakuntza esperimentaletan ere erabiltzen da, dibertoreetan hain zuzen ere, hau da, karga termiko handiena jasaten duten sistemetan. Aplikazio berri hau ezagutzera emateko, Erresuma Batuko Culham Centre for Fusion Energy (CCFE) erakundeak maileguan utzitako dibertoreko pieza bat izan genuen museoan ikusgai, aldi baterako.

—————————————————–

Egileez:  Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.

Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara

Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus

—————————————————–

The post Wolframa, metal baliotsua oraindik ere! appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hegaztien gaueko migrazioa, uste zenaren kontrakoa

Mon, 2017/04/24 - 09:00
Kontrakoa uste bazen ere, hegaztien gaueko migrazioa udaberrian itsasotik eta lurretik igarotzen dela eta udazkenean lurretik egiten dela frogatu du Nadja Weisshaupten ikerketak. Hegaztiek Bizkaiko golkoan gauez egiten duten migrazioaren aztertu du UPV/EHUko Matematika Aplikatu Saileko ikertzaileak bere doktorego-tesian.

1. irudia: Hegaztiak hegan.

Hegaztien gaueko migrazioaren inguruan Bizkaiko golkoan eskala handian egin den lehen ikerketa izan da eta aitzindaria izan da gau migrazioaren azterketan. Lanak zenbait uste bertan behera utzi ditu: “Uste zen fronte zabalean migratzen zutela udazkenean, baina, nire azterketan ikusi dudanez, ez da hala”, Nadja Weisshaupten hitzetan. Ikerketaren emaitzek erakusten dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean udaberrian eta txikia udazken osoan. Udazkeneko migrazio mugimendua gehienbat Pirinio aldera izaten dela ikusi da, itsasoa gurutzatzea saihesteko, ziur aski.

Hegazti tipologiari dagokionez, paseriformeak (txori kantariak) dira gau-migratzaile nagusiak, nahiz eta hegazti urtarren ehuneko txiki bat ere erregistratu den.

2. irudia: Karnaba, hegazti paseriformea.

Milioika hegaztik migratzen dute ugalketa-tokitik negua igarotzen duten tokietara, bi puntuen arteko distantzia oso handia dela. Beharrezkoa dute sarri gelditu eta indarberritzea, bidaian aurrera egiteko. Ugalketa tokian eta negua pasatzeko tokian ez ezik, paseko lekuetan ere ekosistema egokiak behar dituzte hegaztiek, migrazioan zehar elikatu eta atseden hartu ahal izateko. Ekosistema egokien faltak ondorioak izan ditzake, bai espezieen populazioan, baita kontserbazioan ere. Nahitaezkoa da, beraz, migrazio-estrategien berri izatea, ikuspuntu biologiko eta ekologikotik nahiz kontserbazioaren aldetik. “Espazio bat babesteko, ezinbestekoa da oinarri zientifikoa izatea”, azaldu du Nadja Weisshauptek.

Hegaztien migrazioaren inguruko ikerketa zientifiko ugari egin izan dira (Euskadin, batez ere, harrapatutako hegaztiei eraztunak jarriz), fenomeno horri lotutako eredu eta dinamiketan eragina duten faktoreak aztertzeko. “Hala eta guztiz ere, orain arte ez zegoen daturik Bizkaiko golkoko gaueko migrazio aktiboari buruz”, gehitu du Weisshauptek. Aranzadi Elkarteak eraztunen bidez lortutako ezagutza eta Euskalmeten Punta Galeako radarraren datu-basea oinarri hartuta, Bizkaiko golkoko gaueko hegazti-migrazioa aztertu du Weisshauptek.

Behaketa-metodoak

Gauez aritzeak eta distantzia handiak behatzeko beharrak suposatzen zituen oztopoak gainditzeko hiru behaketa-metodo erabili ziren: radarrak, kamera termikoak eta ilargi-behaketak.

Radar meteorologikoak

Bi motatako radarrekin egin da lan:

  • Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua. Haizea neurtzen du, baina migrazio-garaietan, beste seinale batzuk ere erregistratzen ditu, hegaztiei dagozkienak. Datu meteorologikoen kalitatea bermatzeko arazoa bada ere, hegaztiak aztertzeko oso erabilgarria da. “Interesgarria da, gogor aritu behar izan baitugu jendeak sinets zezan posible dela profilagailuak erabiltzea azterketa ornitologikoetarako”, adierazi du Weisshauptek.
  • Prezipitazioa neurtzeko radarrak. Horrelako radarren uhina profilagailuarena baino laburragoa izan arren, hegaztiak erregistratzen dituzte. Ikerketan ikusi denez, zerbitzu meteorologiko bakoitzak bere prozesatze- eta iragazte-mailak ezartzen ditu eta, kasu batzuetan, informazio biologikoa kanpo geratzen da. Hori dela eta, ezin izan dira erabili AEMETen radarrak. Euskalmeten Kapilduiko radarreko eta Frantziako radarreko informazioa da erabili dena. Amsterdamgo unibertsitateko Adriaan Dokter doktorearekin elkarlana egin da, hark garatutako algoritmoa da radarretako datuak erauzteko erabili dena.
Kamera termikoak

Objektuek igortzen duten erradiazio infragorria erregistratzen dute. Hegaztien tenperatura (40-41ºC) detektatzen dute, giro-tenperaturarekiko kontrastea argia  baita. Behatutako hegaztiak paseriformeak diren eta banaka edo taldeka doazen zehazteko aukera ematen dute kamerek. Gainera, aztertutako denbora-tarteko migrazioaren norabidea eta intentsitatea ere erakusten dituzte.

Ilargi behaketa

Ilargiaren aurretik pasatzen diren hegaztiak aztertzean datza ilargi behaketa. Ilargi betearen aurreko bi egunetan hasi eta ondorengo bi egunetara arte egiten da ilargi-behaketa.  “Kasu honetan, beste sistemetatik eskuratutako informazioa osatzeko erabili da, hegazti migratzaileen konposizioa zehaztu ahal izateko”, argitu du Nadja Weisshauptek.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Radar meteorologikoak, hegazti migratzaileak aztertzeko funtsezko tresna.

The post Hegaztien gaueko migrazioa, uste zenaren kontrakoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hegaztien gaueko migrazioa, uste zenaren kontrakoa

Mon, 2017/04/24 - 09:00
Kontrakoa uste bazen ere, hegaztien gaueko migrazioa udaberrian itsasotik eta lurretik igarotzen dela eta udazkenean lurretik egiten dela frogatu du Nadja Weisshaupten ikerketak. Hegaztiek Bizkaiko golkoan gauez egiten duten migrazioaren aztertu du UPV/EHUko Matematika Aplikatu Saileko ikertzaileak bere doktorego-tesian. 1. irudia: Hegaztiak hegan.

Hegaztien gaueko migrazioaren inguruan Bizkaiko golkoan eskala handian egin den lehen ikerketa izan da eta aitzindaria izan da gau migrazioaren azterketan. Lanak zenbait uste bertan behera utzi ditu: “Uste zen fronte zabalean migratzen zutela udazkenean, baina, nire azterketan ikusi dudanez, ez da hala”, Nadja Weisshaupten hitzetan. Ikerketaren emaitzek erakusten dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean udaberrian eta txikia udazken osoan. Udazkeneko migrazio mugimendua gehienbat Pirinio aldera izaten dela ikusi da, itsasoa gurutzatzea saihesteko, ziur aski.

Hegazti tipologiari dagokionez, paseriformeak (txori kantariak) dira gau-migratzaile nagusiak, nahiz eta hegazti urtarren ehuneko txiki bat ere erregistratu den.

2. irudia: Karnaba, hegazti paseriformea.

Milioika hegaztik migratzen dute ugalketa-tokitik negua igarotzen duten tokietara, bi puntuen arteko distantzia oso handia dela. Beharrezkoa dute sarri gelditu eta indarberritzea, bidaian aurrera egiteko. Ugalketa tokian eta negua pasatzeko tokian ez ezik, paseko lekuetan ere ekosistema egokiak behar dituzte hegaztiek, migrazioan zehar elikatu eta atseden hartu ahal izateko. Ekosistema egokien faltak ondorioak izan ditzake, bai espezieen populazioan, baita kontserbazioan ere. Nahitaezkoa da, beraz, migrazio-estrategien berri izatea, ikuspuntu biologiko eta ekologikotik nahiz kontserbazioaren aldetik. “Espazio bat babesteko, ezinbestekoa da oinarri zientifikoa izatea”, azaldu du Nadja Weisshauptek.

Hegaztien migrazioaren inguruko ikerketa zientifiko ugari egin izan dira (Euskadin, batez ere, harrapatutako hegaztiei eraztunak jarriz), fenomeno horri lotutako eredu eta dinamiketan eragina duten faktoreak aztertzeko. “Hala eta guztiz ere, orain arte ez zegoen daturik Bizkaiko golkoko gaueko migrazio aktiboari buruz”, gehitu du Weisshauptek. Aranzadi Elkarteak eraztunen bidez lortutako ezagutza eta Euskalmeten Punta Galeako radarraren datu-basea oinarri hartuta, Bizkaiko golkoko gaueko hegazti-migrazioa aztertu du Weisshauptek.

Behaketa-metodoak

Gauez aritzeak eta distantzia handiak behatzeko beharrak suposatzen zituen oztopoak gainditzeko hiru behaketa-metodo erabili ziren: radarrak, kamera termikoak eta ilargi-behaketak.

Radar meteorologikoak

Bi motatako radarrekin egin da lan:

  • Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua. Haizea neurtzen du, baina migrazio-garaietan, beste seinale batzuk ere erregistratzen ditu, hegaztiei dagozkienak. Datu meteorologikoen kalitatea bermatzeko arazoa bada ere, hegaztiak aztertzeko oso erabilgarria da. “Interesgarria da, gogor aritu behar izan baitugu jendeak sinets zezan posible dela profilagailuak erabiltzea azterketa ornitologikoetarako”, adierazi du Weisshauptek.
  • Prezipitazioa neurtzeko radarrak. Horrelako radarren uhina profilagailuarena baino laburragoa izan arren, hegaztiak erregistratzen dituzte. Ikerketan ikusi denez, zerbitzu meteorologiko bakoitzak bere prozesatze- eta iragazte-mailak ezartzen ditu eta, kasu batzuetan, informazio biologikoa kanpo geratzen da. Hori dela eta, ezin izan dira erabili AEMETen radarrak. Euskalmeten Kapilduiko radarreko eta Frantziako radarreko informazioa da erabili dena. Amsterdamgo unibertsitateko Adriaan Dokter doktorearekin elkarlana egin da, hark garatutako algoritmoa da radarretako datuak erauzteko erabili dena.
Kamera termikoak

Objektuek igortzen duten erradiazio infragorria erregistratzen dute. Hegaztien tenperatura (40-41ºC) detektatzen dute, giro-tenperaturarekiko kontrastea argia  baita. Behatutako hegaztiak paseriformeak diren eta banaka edo taldeka doazen zehazteko aukera ematen dute kamerek. Gainera, aztertutako denbora-tarteko migrazioaren norabidea eta intentsitatea ere erakusten dituzte.

Ilargi behaketa

Ilargiaren aurretik pasatzen diren hegaztiak aztertzean datza ilargi behaketa. Ilargi betearen aurreko bi egunetan hasi eta ondorengo bi egunetara arte egiten da ilargi-behaketa.  “Kasu honetan, beste sistemetatik eskuratutako informazioa osatzeko erabili da, hegazti migratzaileen konposizioa zehaztu ahal izateko”, argitu du Nadja Weisshauptek.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Radar meteorologikoak, hegazti migratzaileak aztertzeko funtsezko tresna.

The post Hegaztien gaueko migrazioa, uste zenaren kontrakoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #151

Sun, 2017/04/23 - 09:00
Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Emily Elizabeth Dickinson (1830-1886) poeta estatubatuarrak mundu poetiko bat sortu zuen ia etxetik atera gabe. Heriotzari (eta bizitzari) buruz asko idatzi zuen baina natura ere kontuan hartu zuen bere poetika garatzeko. Konstelazio eta izar guztiak ezagutzera heldu zen. Modu berean, botanika asko interesatu zitzaion; hasieratik bazekien non aurkitzen ahal zituen bere herrialdean hazten ziren basoko loreak, eta horiek klasifikatzeko gai ere bazen: biologia-espezieak izendatzeko nomenklatura binominala ezagutzen zuen. 14 urte zituenean, herbario bat osatu zuen eta hori Harvardeko Unibertsitatean (AEB) dago ikusgai.

Biologia

Belakiak, bibalbioak, krustazeoak eta beste talde batzuetako espezie asko ura iragaziz elikatzen dira, talde bakoitzak bere metodoa izanik. Janariaren ezaugarriei dagokienez, mota askotakoak dira jaten dituzten partikula mikroskopikoak. Alga mikroskopikoak dira garrantzizkoenak, baina horietaz gain, badira partikula detritikoak ere. Animalia iragazleak planktonikoak edo bentonikoak izan daitezke. Kopepodo planktonikoak, adibidez, oso ugariak. Kopepodoak eta haiek bezalako beste artropodo planktoniko txikiak arrain askoren eta zenbait harrapariren janari dira. Hortaz, lehen mailako zenbait ekoizleren (mikroalgak) eta bigarren mailako beste zenbait ekoizleren (zenbait arrain) arteko lotura egiten dute. Bibalbioak bigarren taldean sartuko lirateke, iragazle bentoniko ugarienak dira, eta ura ponpatzeko ahalmen ikaragarria dute. Eragin handia dute itsasadar, badia eta antzeko ekosistemetan.

Ekaitz Agirregoitia Marcos biologian doktorea elkarrizketatu dute Berrian. Ikertzaile honek osasun biologia ikasi zuen, eta kalamuari buruzko ikerketak egin ditu. Duela hamalau urte diagnostikatu zioten kolitis ultzeraduna, eta duela lau ospitaleratu egin zuten. “Gaixotasunari aurre egiteko aukera bakarra zen immunodepresiboak hartzea. Baina botika gogorrak dira. Kalamuarekin ikertzen dut, eta oso ona omen da antiinflamatorio gisa, mina kentzeko eta hesteen mugimendua gelditzeko: nire sintomak”. Kalamua sintomak moteltzen ditu, Agirregoitiaren esanetan, “eta horrek laguntzen du gerora, adibidez, hestea bere onera ekartzeko. Bizi kalitatea eman dit; hori da eri batek lortu nahi duena”.

Ekologia

Europako eta Estatu Batuetako Atlantikoko kostetan itsasora botatzen diren plastikoek Artikoan amaitzen dutela erakutsi du ikerketa batek; bereziki, Barents  eta Groenlandiako itsasoetan. Cadizeko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute eta tartean AZTIkoak ere aritu dira. Ikerketan frogatu dute, Ozeano Artikoaren azalaren %37 erabat garbi dagoen arren, badaudela poluitutako eremuak. Plastiko horren jatorria ere aztertu dute eta ikusi dute Ipar Atlantikoko kostatik iristen direla hara; hau da, Estatu Batuetako ekialdetik eta Europako Atlantikoko kostatik. Ikertzaileen ustez, Artikoko eremu horien hondoa plastikoen hobi bilakatzen ari da, eta horrek Artikoko ekosisteman izan ditzakeen ondorioen larritasunaz ohartarazi dute.

Geologia

Nikole Arrieta UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak beachrockak –jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten hondar zementatuak dira– aztertu ditu, garapen industrialaren inpaktuak kostaldean izan duen eragina ezagutzeko asmoz. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira eta normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. “Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude” eta gehitzen du Arrietak: “Sedimentuen artean, zementua sortu da. Hala, hondarra ez dago solte, beste hondartzetan bezala, eta harri horiek sortzen ditu”. Argitaratutako lanean egindako ikerketaren ardatza zementu horien karakterizazioa da.

Astrofisika

Agustin Sanchez Lavegak jasoko du 2016ko Euskadi Ikerkuntza saria eta Berriak elkarrizketa egin dio. Astronomian emandako bere lehen pausoak azaldu ditu lehenik eta behin. Zale gisa hasi zen eta horrek eraman zuen astrofisikara: “Baina garai hartan Euskadin ez zegoen aukera askorik eta kanpora atera behar izan nuen. Calar Altoko behatokian (Almeria, Espainia) lan egiteko aukera izan nuen, behatokiko lana eta planeten atmosferari buruzko doktoretza tesia uztartuz. Zazpi urteren ondoren, Bilboko Ingeniaritza Eskolara etorri eta beste gai batzuetan ibili zen lanean. Bere tesia gauzatzeko, Saturnoko ekaitzen inguruko ikerketa abiatu zuen. Beste hainbat arloren inguruan hitz egin du astrofisikariak. Ez galdu!

Osasuna

Munduan 350 milioi pertsonari erasotzen die depresioak eta suizidio askoren arrazoia izaten da: 15-29 urteko gazteen artean bigarren heriotza motibo nagusia: urtean 800.000 pertsonak baino gehiagok bere buruaz beste egiten du. NBE Nazio Batuen Erakundeko osasun eskubideen gaineko kontalari Danius Purasek salatu du maiz jotzen dela botikak erabiltzera. “Joera hori nagusitu da; aldiz, ez da frogetan oinarritzen lehen erantzun gisara botika psikotropikoak erabiltzea, batez ere depresio kasu arinetan”. Martxoaren hasieran, psikiatriari buruzko kongresu bat egin zen Gasteizen —Psikiatria Gaietan Eguneratzeko Espainiako Ikastaroa—, eta han Bildu ziren adituek ere ohartarazi zuten depresioaren kontrako botikez egiten den erabileraz. Suizidioak eragozteko bideez mintzatu ziren ere. Philippe Courtet psikiatrak azaltzen du, besteak beste: “Depresioaren kontrako botikak erabiltze hutsarekin ez da aski gaixoak suizidiotik babesteko”.

Elikadura eta garunaren osasuna eskutik doazela berretsi du ikertzaile talde batek. Ikerketak sei urte baino gehiago iraun ditu eta “dieta mediterraneoarekiko gertuago egotearen eta garuneko atrofia gutxiago izatearen arteko erlazioa dagoela aurkitu dugu”, diote egileek. Zahartzen garen heinean, garuna uzkurtzen da eta ikertzaileek azaltzen duten bezala, dieta mediterraneoak garunaren osasunean “eragin positiboa” du. Hortaz, dieta eta garunaren osasunaren arteko korrelazioa badagoela dirudi baina atzean egon daitezkeen zio zehatzak ez dira ezagutzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #151 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #156

Sat, 2017/04/22 - 09:00

Autismoaren diagnostikoa eskaner baten bidez lortuko duzula? Benetan? José Ramón Alonsok aztertzen du gaia Diagnosing autism using brain scans? artikuluan.

Berreste alderako isuria oso indartsua da. Izan ere, hain da boteretsua modu esperimentalean probatzen denean harritu egiten duela. José Luis Ferreirak azaltzen digu guztia: An experiment on confirmation bias.

Grafenoaren aukerak anitzak direla hainbatetan esan digute eta, bai, oso ondo dago. Hala ere, egia aitortu behar bada, benetako gailu batean funtzionatu dezan eraldatu egin behar da. Horretan dabiltza egun DIPCko ikertzaileak: How to create a band gap in graphene using lead.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #156 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emily Dickinson (1830-1886): Etxeko lorategia, imajinazioaren gordeleku

Fri, 2017/04/21 - 09:00
Uxue Razkin Eleen artean, arnas hotsak oihartzun handia sortzen du; herioa da. Sufrimendua darie letrei, isil mandatuak nagusi direnetan. Baina heriotza ez dago bakarrik, natura ere irudikatuta dago paperean. Lanerako gordelekurik onena bere aitaren etxea da; bere logelan –idazmahaia eta ohe bat– dena da posible: leihotik ikusten duen lorategia du inspirazio-iturri eta horrela, bizia bera hitzartuta gelditzen da orri zurietan.

Emily Elizabeth Dickinsonek (1830-1886) mundu poetiko bat sortu zuen ia etxetik atera gabe. Heriotzari (eta bizitzari) buruz asko idatzi zuen –bizirik zegoela 7 poema argitaratu zituen bakarrik; hil ondoren, bere obra osoa publikatu zuten–, baina espazio horretan, natura nabarmena izan zen era berean: loreak eta animaliak izan ziren elementu errepikariak haren poetikan.

Irudia: Emily Dichinson 1847-1848 urtean gutxi gorabehera, 16 urtetik aurrera poetaren argazki bakarrenetakoa. (Argazkia: Wikipedia/Yale University Manuscripts & Archives Digital Images Database)

Astronomiaz, biologiaz eta botanikaz bazekien poeta estatubatuarrak eta ezagutza hori guztia poemetan islatu zuen. Amhersteko eskolak eta akademiak bazeukaten irakasle klaustro bat zientzialari ezagunek osatzen zutena, hala nola Edward Hitckcock eta Charles Baker Adams biologoak eta Charles Upham Shepard geologoa. 1848an, Dickinsonek 18 urte zituenean, aipaturiko instituzio biek zientzialarien bildumak gorde zituzten. Horretaz gain, behatoki astronomiko bat eraiki zuten. Horrekin guztiarekin poeta ezin liluratuago zegoen. Konstelazio eta izar guztiak ezagutzera heldu zen. Modu berean, botanika asko interesatu zitzaion; hasieratik bazekien non aurkitzen ahal zituen bere herrialdean hazten ziren basoko loreak eta horiek klasifikatzeko gai ere bazen, biologia-espezieak izendatzeko nomenklatura binominala erabiliz.

Ezagutza hori trama naturista elikatzeko erabili zuen Dickinsonek. Agerikoa da naturaren pisua idatzitako poemetan zein gutunetan: izaki bizidunak (58), urtaroen edo hilabeteen aldaketak (33), zerua, izarrak eta fenomeno meteorologikoak (29), eguna eta gaua (25), paisaia (17) eta natura orokorrean (15). Animaliak, hegaztiak, narrastiak, intsektuak, zuhaitzak, landareak eta loreez betetzen zituen orri zuriak. Batik bat, arreta ematen zuten elementuen artean, hegaztiak, saguzarrak eta intsektuak ziren ugarienak.

“Natura da” ikusten duguna–

Mendixka – Goiza –

Katagorria – Eklipsea – Erleen burrunba –

Are gehiago – Natura Zerua da –

Natura entzuten duguna da –

Arroz-txoria – Itsasoa –

Trumoia – Kilkerra –

Areago – Natura Harmonia da –

Natura ezagutzen duguna da –

Oraindik ez dugu esateko (deskribatzeko) arte hori

Indargabekoa da gure jakinduria

Bere sinpletasunaren aurrean

Dena dela, bere logelako leihotik ikusten zuen erreinua ez zuen soilik erabili hitzak eraikitzeko. 14 urte zituenen, 424 landare prentsatu eta lehortu zituen, ondoren koaderno batean ipintzeko. Herbario hori Harvardeko Unibertsitatean (AEB) dago ikusgai eta egun, Unibertsitateak ematen du aukera poetaren lana ikusteko.

Amhersteko (Massachusetts) kale nagusian dagoen adreiluzko etxean jaio zen Dickinson 1830ean, gaur gaurkoz poetaren museoa dena. Zenbait urtez tiraderan gordeta egon ziren hitzak ez dira usteldu, aske izateko sortu zituelako; bere idazketa bezain librea, etengabea, beharrezkoa. Bere oihartzuna oraindik dirau: “Natura etxe sorgindu bat da –Artea–, xarmaz betetzeko prest dagoen etxe bat”.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Emily Dickinson (1830-1886): Etxeko lorategia, imajinazioaren gordeleku appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kultura Zientifikoko Katedraren lana 2016an

Thu, 2017/04/20 - 16:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra 2010ean sortu zen. Urtetik urtera Katedraren jarduera etengabe hazi da. Askotariko izaera duten hainbat ekintza antolatu eta gauzatu ditu urteotan. Horren baitan, gaur,  2016an zientziaren ezagutza handitzeko eta zientzia gizarteratzeko antolatu diren jarduerak zeintzuk izan diren zehazten ditugu jarraian. Argitalpenak (denak digitalak), aurrez aurreko dibulgazio jarduerak (hitzaldiak eta dibulgazioa helburu duten beste ekimen batzuk), ikus-entzunezko proiektuak eta irakaskuntza alorrekoak edo beste era bateko jarduerak. Urte oso bateko ekitaldi-zerrenda, askotariko erakunde, eragile eta bidelagunen lanari eta inplikazioari esker gauzatuak.

Argitalpen digitalak

Mapping Ignorance

Blog honetan, dibulgazio zientifikoko goi-mailako artikuluak argitaratzen dira ingelesez. 2016. urtean zehar, astero 3-4 artikulu argitaratu dira. 2016an, guztira, 223 artikulu argitaratu dira; horrek esan nahi du argitalpenen kopurua 2015ekoa baino %7,4 txikiagoa izan dela. Blogeko edukiak aurreko urtean baino %20 gutxiago kontsumitu ziren (292.773 orri 2015ean eta 231.387 2016an). Beherakada hori artikulu gutxiago argitaratzearen ondorioa izan da, batik bat. Kontsumoaren kalitatea, alabaina, hobea izan da. Horren erakusle da, alde batetik, saioko erabiltzaileek egiten dituzten kontsulten igoera (saioko %2,84 gehiago 2015ean baino) eta bisiten iraupenaren luzapena (%6 gehiago). Mapping Ignorance blogak 171.346 bisita eta 133.190 bisitari jaso ditu.

2016an zehar, are presentzia handiagoa izan du sare sozialetan. Twitterren @MapIgnorance kontuak 531 erabiltzaile berri txertatu ditu 2016an (abenduan, urtea 3.013 jarraitzailerekin itxi zuen). Bai blogeko erabiltzaileak bai Twitterreko jarraitzaileak atzerritarrak dira gehienbat (erabiltzaile guztien %79). Blogak 407 harpidedun ditu, edukiak posta elektroniko bidez jarraitzen dituztenak.

Kultura Zientifikoko Koadernoa

Koadernoko atalen eta oharren kopuruak gora egin du 2016. urtean. 2016an, guztira, 584 ohar argitaratu dira; horietatik 535 artikuluak izan dira eta 49 ekitaldien (hitzaldiak, jardunaldiak, ikastaroak, etab.) gaineko informazio-testuak. Blogak eguneroko jarduera etengabea izan du urteko 365 egunetan, eta gehiago kontsumitu da erabiltzaileen artean. Hala, 2016an kontsumitutako orrien kopurua beste behin hazi da (%36 2015arekin alderatuta), 1.370.352 orrira iritsiz. Erabiltzaile kopuruari erreparatuta, 2015eko 503.870etik 720.784ra igo da 2016an.

Hazkundea nabaria da baita ere Twitterreko kontuan (@CCCientifica): 6.729 jarraitzaile berri lortu ditu 2016an, 2015ean lortutako 4.085 jarraitzaileen aldean. Koadernoa erabiltzen duten pertsonen %53 atzerrian bizi dira; horrek agerian jartzen du blogaren nazioarteko proiekzioa. 1.882 erabiltzailek blogeko edukia posta elektroniko bitartez jasotzen dute, harpidetuta baitaude.

Zientzia Kaiera

2016an, euskaraz .eus domeinuan argitaratu den blogak bere jarduera areagotu du; izan ere, orotara, 437 ohar idatzi dira: 397 artikulu eta hainbat ekitaldiren (jardunaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, etab.) gaineko 40 testu. Artikuluak egunero argitaratu dira eta, ondoz ondoko bigarren urtez, blogak bere jarduera finkatu du bi atal berri gehituz, artikulu gehiago eskainiz eta kolaborazio berriak barne hartuz. Ahalegin hori kontsumoan islatu da: 82.226 orri 2016an, 2015eko 73.588 orrien aldean; erabiltzaile kopurua %25,65 hazi da, 2015ekin alderatuta, 28.900 erabiltzailera iritsita (2015ean, ordea, 23.000 izan ziren) eta, guztira, blogak 45.000 bisita jaso ditu (2015ean baino %14 gehiago).

Era berean, Twitterreko kontuaren (@zientzia_k) erabiltzaile-kopuruak gora egin du. 2015ean 375 jarraitzaile berri lortu zituen, 1.000 jarraitzailetik hurbil, eta 2016an beste 368 gehitu ditu, abenduaren amaieran, denera, 1.364 erabiltzaile zituelarik. Zientzia Kaiera Euskal Herrian bizi diren erabiltzaileek jarraitzen dute nagusiki (guztizkoaren %70). Bestetik, guztira, harpidetutako 140 erabiltzailek jarraitzen dituzte Zientzia Kaieran argitaratutako artikuluak, posta elektroniko bidez.

Mujeres con Ciencia

2016ko maiatzean, Mujeres con Ciencia blogak bigarren urteurrena ospatu zuen. 2015ean proiektua finkatu egin zen eta, 2016an, pauso irmoz egin du aurrera. Hala, guztira, 682 artikulu argitaratu dira; horietatik 158 zientziaren eta teknologiaren eremu desberdinetako emakume zientzialarien jaiotza eta lana gogorarazten dituzten urteurrenak izan dira. Blogaren kontsumoak gora egin du nabarmen ondoz ondoko bigarren urtez; izan ere, kontsumoa %62,29 hazi da aurreko urtearekin konparatuta. Mujeres con Ciencia blogak 257.125 bisitari jaso ditu, zeintzuek, guztira, 368.379 bisita egin eta 516.408 orri kontsumitu dituzten.

Era berean, blogak @mujerconciencia kontuaren bidez Twitterren lortu duen jarraipena antzekoa izan da, eta bere eragina %108 areagotu du, 2016an 12.492 jarraitzaile izan baititu. Bestetik, azpimarratzekoa da Espainiako bisitarien kopuruaren hazkunde erlatiboa: 2015ean bisitarien %55,54 izanik, 2016an %62,96 izatera iritsi baitziren.

Cienciasfera

Cienciasfera zientzia blogen batzaile bat da. Gaztelaniaz argitaratzen diren zientzia blog onenak atzitzeko interesa duten pertsonei komunikabide bizkorra eskaintzea du helburu. 150 blog baino gehiago daude hor sartuta, diziplinaren arabera sailkatuta.

Zientzia.info

Webgune honek bi helburu betetzen ditu. Alde batetik, gaur egungo informazio zientifiko onena atzitzeko plataforma da, egiaztatutako kalitatezko zenbait komunikabide digital oinarri hartuta, egunero informazio zientifiko interesgarrienak hautatzen baititu. Gune hirueleduna da (gaztelania, euskara eta ingelesa); hortaz, hiru hizkuntza horietan argitaratzen diren komunikabideetako berriak aipatzen ditu. Informazio zientifiko onenaz gain, erabiltzaileek zientzia blogen bi batzaile (Science Seeker, ingelesez, eta Cienciasfera, gaztelaniaz) eta sarean euskaraz idazten diren argitalpen guztiak jasotzen dituen Zientzia Kaieran argitaratzen den asteko oharra atzitu ahal izango dituzte. Bestetik, Katedrako lau blogak eta Youtube zein Vimeo bideo kanalak atzitzeko aukera ematen du.

Antolatutako hitzaldiak Matemáticas para mentes inquietas

Aupatuz adimen gaitasun handiko seme-alabak dituzten familiek osatutako elkartearekin lankidetzan egindako programa honek 15 urterainoko neska eta mutilei zuzendutako hainbat elkarrizketa, hitzaldi eta tailer barne hartzen ditu. Jarduerak bost saiotan garatu dira, halaxe:

  • Otsailak 20: Tailer komuna (9 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat eta haien familientzat) Realizando una escultura en familia, la estrella dodecaédrica (Pedro Alegria eta Raul Ibañez UPV/EHUko irakasleen eskutik, Matematikako Graduko ikasleekin).
  • Martxoak 12: 1. tailerra (9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat): Lógica-mente. Problemas y acertijos matemáticos para poner a prueba tu capacidad de pensamiento lógico (Raul Ibañez, UPV/EHUko irakaslea). 2. tailerra (12 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat): Lógica-mente. Problemas y acertijos matemáticos para poner a prueba tu capacidad de pensamiento lógico (Pedro Alegria, UPV/EHUko irakaslea).
  • Apirilak 9: 1. tailerra (9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat): Jugando con el geoplano (Esperanza Noronha, irakaslea). 2. tailerra (12 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat): Taller de estadística (Irantzu Barrio eta Arantza Urkaregi, UPV/EHUko irakasleak).
  • Maiatzak 7: 1. tailerra (9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat): Taller de estadística (Irantzu Barrio eta Arantza Urkaregi, UPV/EHUko irakasleak). 2. tailerra (12 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat): Taller de criptografía (Alex Aginagalde, Arrigorriagako BHIko irakaslea).
  • Ekainak 11: Tailer komuna (9 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat eta haien familientzat) Paseo matemático por el Museo de Bellas Artes (Bilbo) (Raul Ibañez UPV/EHUko irakaslearen eta Cesar Ochoa Arte Ederren Museoko historialariaren eskutik).
Darwinen Eguna .

Darwinen Eguna Círculo Escépticoren eta Bidebarrietako Liburutegiaren lankidetzarekin antolatzen da urtero 2007tik. 2016ko edizioan, antropologiaren erronkak eta artearen jatorria landu dira bi adituen eskutik.

2016ko otsailaren 12a. Lekua: Bidebarrietako Liburutegia, Bilbo. Hitzaldiak:

  • El género Homo: lo que no sabemos y lo que creemos que sabemos’, Carmen Manzano (Antropologia irakaslea UPV/EHUn).
  • Los primeros artistas: rastreando los orígenes de la expresión simbólica Diego Garate, Bizkaiko Arkeologia Museoko arkeologoa.
Zientziateka

Zientziatekako programak Azkuna Zentroko Bastia aretoan (euskaraz) eta Auditoriumean (gaztelaniaz) egiten diren hainbat hitzaldi edota mahai-inguru barne hartzen ditu. Eskuarki, UPV/EHUko ikertzaileek hartzen dute parte hitzaldi eta mahai-inguru horietan. Programa Euskampusen laguntzarekin eta Azkuna Zentroaren lankidetzarekin egiten da.

  • 2016ko urtarrilaren 12a; Juan Carlos Iturrondobeitia (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU): Afrikatik datorren liztorra.
  • 2016ko urtarrilaren 26a; Ibon Galarraga (Basque Centre for Climate Change): La cumbre de París, ¿un resultado histórico?
  • 2016ko otsailaren 9a; Edurne Maiz (Psikologia Fakultatea, UPV/EHU eta Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatea): Ez dut probatu nahi! Zergatik egiten diote haurrek uko elikagai berriei?
  • 2016ko otsailaren 24a; Iñigo Azua (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU): Expedición Malaspina: 42.000 millas de viaje submarino.
  • 2016ko martxoaren 9a; Koldo Garcia (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, UPV/EHU) Geneak nahieran aldatzea, etorkizuneko botika?
  • 2016ko martxoaren 16a; Ricardo Hueso (Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU): Planeta X, en busca del inquilino invisible del sistema solar.
  • 2016ko apirilaren 12a; Miren Basaras (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, UPV/EHU): Zika birusa: azkenaurreko mehatxua?
  • 2016ko apirilaren 27a; Jose Juan Blanco-Pillado, Jon Urrestilla eta Raul Vera (UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea): La detección de ondas gravitacionales: el nacimiento de una nueva astronomía.
  • 2016ko maiatzaren 10a; Ainara Castellanos (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, UPV/EHU): Gaixotasun zeliakoaren eragileen bila: DNA zaborraren pistaren atzetik.
  • 2016ko maiatzaren 25a; Amaia Martinez Galarza (Gurutzetako Ospitalea): Badute makinek ikusteko gaitasunik? Oinarri zientifikoetatik erabilpen praktikora.
  • 2016ko ekainaren 23a (Kultura Zientifikoko Katedraren 5. urteurrena ospatzeko saio berezia): Itziar Laka (Letren Fakultatea, UPV/EHU): Hitzaz
  • 2016ko ekainaren 23a (Kultura Zientifikoko Katedraren 5. urteurrena ospatzeko saio berezia): Xurxo Mariño (Coruñako Unibertsitateko Medikuntza Saila): ¿Para qué nos sirve la mente?
  • Urriak 4; Julen Diez (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU) Dopin genetikoa: urrezko dominak laborategian diseinatzen.
  • Urriak 26; Imanol Montoya (Eusko Jaurlaritza): ¿Las desigualdades sociales matan en Euskadi? Sí, y hay cifras.
  • Azaroak 8; Aintzane Apraiz (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, UPV/EHU): Zelulen birziklapen sisteman sakondu eta Nobela eskuratu.
  • Azaroak 16; Jesus Ugalde (Kimika Fakultatea, UPV/EHU eta DIPC) Las máquinas moleculares que han ganado un Nobel.
  • Abenduak 13; Leire Reguero (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, UPV/EHU): Kannabinoideak: ikerketa berriak eta aukera terapeutikoak.
  • Abenduak 20; Diego Garate (Bizkaiko Arkeologia Museoa): Redescubriendo el primer arte vasco: nuevos hallazgos, nuevas investigaciones.
Pint of Science .

Maiatzaren 23, 24 eta 25ean, aldi berean Amerika, Europa eta Ozeaniako hainbat herritan ospatzen den Pint of Science jaialdiaren baitan, Kultura Zientifikoko Katedrak lehen aldiz koordinatu zituen Bilbon euskaraz eskainitako hitzaldiak.

Orotara, hiru hitzaldi antolatu ziren Bilboko Kafe Antzokian, Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait irakasle eta ikertzaileren eskutik.

  • Maiatzak 23, astelehena, 20:00etan, Jone Uria matematikaria eta Eneko Axpe fisikaria: “Fraktalak”.
  • Maiatzak 24, asteartea, 20:00etan, Aitor Bergara fisikaria eta Josu Jugo ingeniaria: “Lebitazioa, magia eta are gehiago”.
  • Maiatzak 25, asteazkena, 19:00etan, Itziar Garate eta Naiara Barrado astrofisikariak eta Jon Mattin Matxain kimikaria: “Exoplanetetara bidaia atomoen bidez”.
URBANZientzia .

Maiatzaren 21ean, aurten Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburua/Capital Europea de la Cultura programan sartu diren Olatu Talkako jardueren barruan, Kultura Zientifikoko Katedrak URBANZientzia ekitaldian parte hartu zuen, Activa tu Neurona blogarekin, Emakumeak Zientzian/Mujeres en la Ciencia jardueraren baitan hainbat elkarrizketa koordinatuz. Denera, lau elkarrizketa egin zituen zuzenean Javier San Martin (Activa tu Neurona) kazetariak, ordena hau jarraituz:

  • 12:00-12:30 – Maria Jose Noain, Irungo Oiasso Museoa eta Maria M. Intxaustegi (INSUB).
  • 12:30-13:30 – Elkarrizketa/eztabaida Txelo Ruizekin, UPV/EHUko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saila.
  • 16:00-16:45 – Margarita Martin, Igeldoko Meteorologia Behatokia (AEMET).
  • 16:45-17:30 – Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astrofisika taldeko kidea.
Voy a comprar mentiras

Ekainaren 1ean, Murtziako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasle eta Scientia blog ezagunaren arduradun Jose Manuel Lopez Nicolasek UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo) hitzaldi bat eman zuen, ‘Voy a comprar mentiras izenburupean.

Lopez Nicolasek industria horien gehiegikeriak salatu zituen, bertaratutakoei iruzurrak antzemateko tresnak eman zizkien eta publizitatearen kontrola hobetzeko proposamenak egin zituen. Ekitaldia Kultura Zientifikoko Katedrak koordinatu zuen, bere dibulgazio zientifikoko programaren baitan.

Editatona Wikipedian emakume idazle eta zientzialariak ikusgarri egiteko .

Kultura Zientifikoko Katedrak, Emakume Idazleen Egunarekin bat etorriz, emakume zientzialari eta idazleen lana ikusgai egiteko helburuz, hitzaldi bat antolatu zuen Editatona topaketen baitan. Hitzaldia urriaren 19an, asteazkenean, egin zen 10:00etatik 18:00etara. Honako jarduera hauek egin ziren:

  • 10:00-12:00. Hitzaldi-lantegia Montserrat Boix kazetariaren eskutik: Wikipedia en clave de igualdad y de diversidad. Posibilidades de trabajo con Wikipedia en la universidad.
  • 12:00-18:00. Editatona emakume idazle eta zientzialarien biografiak hobetzeko, biografia berriak sortzeko edo euskarara zein gaztelaniara itzultzeko.
Zientzia Astea .

Azaroaren 2tik 6rako astean Zientzia Astea ospatu zen, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. UPV/EHUko hiru campusetan egiten den ekitaldi honek aste bakar batean jarduera asko elkartzen ditu unibertsitatean egiten den lana publiko zabalari helarazteko eta ikerketa zein zientziaren eremuak gertutik erakusteko asmoz.

Zientzia Astearen baitan, Kultura Zientifikoko Katedrak, UPV/EHUko Ikerketa Errektoreordetzaren lankidetzarekin, honako jarduera hauek koordinatu zituen:

  • Urriaren 24an, Bizkaia Aretoan (UPV/EHU), 19:00etan, Leonardo Torres Quevedo, ingeniero universal. El más prodigioso inventor de su tiempo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko A. Gonzalez Redondo irakaslea izan zen hizlari.
  • Azaroaren 24tik 6ra, Bizkaia Aretoko Axular gelan (UPV/EHU), Leonardo Torres Quevedo, ingeniero universal. El más prodigioso inventor de su tiempo erakusketa. Erakusketan azalpen-panelak, Torres Quevedoren objektu pertsonalak eta berak egindako anezka baten maketa egon ziren ikusgai.
  • Azaroaren 2an, asteazkenean, 17:30ean, Barakaldo Antzokian (Barakaldo), umore zientifikoko bakarrizketak Big Van taldearen eskutik.
Naukas Bilbo .

2016ko irailaren 16a eta 17a; lekua: Bizkaia Aretoa (UPV/EHU), Bilbo.

Naukas dibulgazio zientifikoko ekitaldiaren seigarren edizioa izan da. Orotara, 10 minutuko 63 hitzaldi egin dira. Horien artean, bi esku-hartze berezi: Pedro Duque astronauta eta Maria Blasco, CNIOko zuzendaria, ekitaldian zuzenean elkarrizketatu baitzituzten. Bi egun luze horietan 60 hizlari baino gehiagok publikoarengan askotariko diziplina zientifikoekiko interesa pizteko ahalegina egin zuten. Gainera, Naukas 2016 programak zientziari buruzko hitzaldi laburrak bakarrizketa umoristikoekin, zuzeneko esperimentuekin edota haurrentzako tailerrekin konbinatu zituen.

Ekitaldia Naukas dibulgazio-plataformak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuten eta zuzenean eman zen EiTBko Kosmos kanalaren bidez.

Bertsozientzia: Jakinduriek mundue erreko dau 2016 .

Irailaren 24an, Bizkaia Aretoan (UPV/EHU), Bertsozientzia ekitaldia egin zen. Bertan, lau zientzialari profesionalek hainbat gai jorratu zituzten euskaraz 10 minutuko hitzaldi labur-laburretan eta hiru bertsolarik erantzun egin zieten. Hauek izan ziren gaiak: iragarpen meteorologikoen fidagarritasuna, kimika eskala nanometrikoan, osasunean eragiten duten alderdiak eta hauteskunde-inkesten diseinua.

  • Onintze Salazar fisikaria eta Euskalmeteko meteorologoa: “Hilabete barru ezkonduko naiz eta… esadazu, ze eguraldi egingo du?”

  • Felix Zubia medikua eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea: “Zerk eragiten du gure osasunean?”

  • Gotzone Barandika kimikaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea: “Kimikariok, nanoarkitektoak”

  • Patxi Juaristi soziologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea: “Gauza bat esan eta beste bat egin: nola asmatuko dute bada, hauteskunde-inkestek”

Erantzuna eman eta gaiei heldu zieten bertsolariak hauek izan ziren: Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria.

Naukas Passion .

Irailaren 28an, 30ean eta urriaren 1ean, DIPC zentroak Donostian antolatutako Passion for Knowledge ekitaldiaren baitan, Kultura Zientifikoko Katedrak Naukas Passion dibulgazio zientifikoko hitzaldien programa publikoa koordinatu zuen. Guztira, Naukas plataformako 15 kolaboratzaile igo ziren Victoria Eugenia Antzokiko agertokira, 10 minutuko hitzaldien bidez, publikoari hainbat gai zientifikoen gainean euren ikuspegi partikularra eskaintzeko, modu erraz, atsegingarri eta originalean.

Ikus-entzunezko komunikabideak Hitzaldien eta ekitaldien zabalkundea interneten

Katedrak antolatutako dibulgazio zientifikoko ekitaldi ia guztiak (hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, etab.) internet bidez zuzenean eman eta grabatu dira, ondoren, euskarri digitalen bidez -bai propioak bai beste erakundeenak- zabaltzeko. Hori Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari esker egin ahal izan da, EiTB arduratu baita ekitaldiak zabaltzeaz.

Zabalkundea irratian eta telebistan

Katedrak Bilbo Hiria Irratiarekin elkarlanean ekoizten du astero ematen den dibulgazio zientifikoko programa bat: UPV/EHUko irakasleek 20 minutuz hitz egiten dute. Programak Zientzialari du izena eta diziplina desberdinetako adituak hartzen ditu. 2016an zehar, orotara, 40 programa grabatu dira. Programa horiek bai Bilbo Hiria Irratian bai irrati txikien Arrosa Irrati sarean ematen dira eta, ondoren, internet bidez zabaldu Bilbo Hiria Irratia webgunean.

Bestetik, Katedrako koordinatzaileak 20 minutuko atal batean kolaboratzen du hamabost egunero: La mecánica del caracol programa, ezagutzaren zabalkundeari eskainia, euskal irrati publikoan, Radio Euskadin, ematen da. Hamabost egunean behin Bizkaia Irratiko Lau Haizetara goizeko programan kolaboratzen du baita ere, zientzia-gaiez hitz egiten. Era berean, azpimarratu behar da Katedrako kideek Arrosa Irrati Sareak ekoizten duen Zebrabidea programan kolaboratzen dutela hilero. Bertan, gaurko zientzia-gaiak aztertzen dituzte 15 minutuz.

Azkenik, Katedrako koordinatzaileak EiTBko euskarazko kanaleko Ahoz Aho programan kolaboratzen du hilero, interes zientifikoa duten gaiez hitz egiteko.

Zientzialari Bilduma

Katedrak bost minutuko bideoak egiten ditu, non UPV/EHUko hainbat ikertzailek beren ikerketa-jardueraren eta aztertzen duten eremuaren zenbait alderdi azaltzen baitituzte euskaraz eta kamera aurrean. Bideo horiek Zientzia Kaieran argitaratzen dira hamabost egunean behin otsailetik aurrera, abuztuan izan ezik. Edukiak Katedraren Youtube kanalean ere daude ikusgai. 2016an zehar 21 bideo prestatu dira ikertzaileen lanak ezagutzera emateko:

Hainbat programa Jakin-Mina

Katedrak Jakiundek antolatutako Jakin-Mina programa prestatzen lagundu du. DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako programa da, eta ikastetxeetako zuzendariek ikasle motibatuenak hautatzen dituzte bertan parte hartzeko. Hautatutako ikasleek goi-mailako zientzialari eta akademikoek gai ezberdinen inguruan ematen dituzten hitzaldietan parte hartzen dute. Programa hau EAE osoan egiten da. Katedrak hizlarien hautaketan eta Bizkaiko zentroetan ikasleei ematen zaizkien hitzaldien antolakuntzan lagundu du. Hitzaldi bakoitzean 40 ikasle inguruk hartzen dute parte. Hona hemen 2016an zehar Bizkaian koordinatutako eta UPV/EHUko Bizkaia Aretoan emandako hitzaldiak:

  • 2016ko urtarrilak 15, Eva Ferreira: Sex, games and politics
  • 2016ko urtarrilak 22, Estibaliz Capetillo: Aurrerapenak Alzheimer gaixotasunaren ikerketan
  • 2016ko urtarrilak 29, Helena Matute: No te fíes
  • 2016ko otsailak 5, Pedro Pablo Gil Crespo: Cristalografía: La arquitectura de los minerales
  • 2016ko otsailak 12 Aitor Erkoreka: Nola erabiltzen du gure etxeak energia?
  • 2016ko otsailak 19, Jon Landa: Giza eskubideak: zer dira? zeozertarako balio al dute?
  • 2016ko otsailak 26, Jasone Astorga: Smart cities: etorkizuneko hiriak jada hemen!
  • 2016ko martxoak 4, Josu Larrinaga Arza: Euskal pop musikaren hotsak, gizartearen isla?
Cristalización en la escuela

Cristalización en la escuela” lehiaketa 2015eko azaroan jarri zen abian. Gero, 2015eko abendua eta 2016ko maiatza bitartean garatu da. Euskal Herriko DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako ekimena da: kristalen sorkuntza estimulu gisa erabilita, ikasleengan esperimentu zientifiko bat egiteko eta ulertzeko interesa piztea du helburu. Honela, kristalen edertasuna eta haien sorkuntza-prozesua aprobetxatuta, bigarren hezkuntzako ikasleen interesa erakartzea da lehiaketaren xedea.

Abenduan, bigarren hezkuntzako irakasleek prestakuntza-tailerrak egin zituzten, eta 2016ko lehen hilabeteetan, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako laborategietan lan egin zen. Euskal Herri osoko 29 ikastetxek (6 Gipuzkoan, 1 Araban eta 22 Bizkaian) eman zuten izena eta, guztira, 1.226 ikaslek (%52 neskak eta %48 mutilak) hartu zuten parte. Lehiaketaren finala maiatzean egin zen. Hiru ikaslez osatutako 29 taldek ordezkatu zituzten ikastetxeak eta egindako lana epaimahaiaren eta publikoaren aurrean azaldu zuten. Ohiko biltzar zientifikoen formatua kopiatu zen jardunaldi honetan, talde bakoitzak maketa bat aurkeztu zuen egindako kristalen lagin batekin, bai eta lanaren helburuak, materialak, metodoak, emaitzak eta ondorioak zehazten zituen poster bat ere. Taldeen lana Euskal Herriko Unibertsitateko 12 irakaslez osaturiko epaimahai batek ebaluatu zuen.

2016ko urrian, bigarren urtez, 2016/2017 ikastaroko “Cristalización en la escuela” edizioa iragarri zen. Denera, 34 ikastetxek (4 Araban, 5 Gipuzkoan eta 29 Bizkaian) eman dute izena, orotara, 1.200 ikasle daude tartean eta 52 irakaslek prestakuntza jaso dute abenduan zehar kristalen konposizioaren gainean.

Ciencia Clip

Ciencia Clip lehiaketaren lehen edizioa otsailaren 1a eta irailaren 17a bitartean egin zen, eta 17an bertan sariak entregatu ziren. Guztira, herrialde desberdinetako bigarren hezkuntzako 430 ikasle gaztek hartu dute parte: nagusiki Espainiatik baina baita atzerritik (Argentina, Kolonbia eta Brusela) etorritakoek ere. Denera, 205 bideo aurkeztu ziren eta, horietatik, 194 sartu ziren lehiaketan: DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen 51 bideo, 3. eta 4. mailako ikasleen 67 bideo eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleen 76 bideo. Naukas dibulgazio zientifikoko plataformak eta Big Van taldeak antolatu dute lehiaketa.

Locos x Ciencia

Locos x Ciencia eduki zientifikoko bakarrizketen lehiaketa da. DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago eta Espainiako hainbat hiritan egiten da. Programak bakarrizketa zientifikoak egiten dituen Big Van taldearen emankizunak barne hartzen ditu, agertokiak ikusle askorentzako (4. mailako ikasleak) edukiera du, irakasleei prestakuntza eskaintzen zaie eta, lehiaketa-fasean, parte-hartzaileek, irakasleen laguntzarekin, bideo labur bat grabatzen dute eta antolatzaileei bidaltzen diote.

Hautatutako ikasleek bakarrizketa beren hirietan zuzenean aurkezten dute eta, azkenik, finala Madrilen ospatzen da. Lehiaketa 2015ean abiarazi zen, Big Van, FECyT eta Telefónica Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmen bati esker. 2016an, Katedra lehiaketa Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzeaz arduratu da eta saioetan 1.000 ikasle inguruk hartu dute parte.

Kolaborazioak Neurozientziari buruzko hitzaldia

Eguna: martxoak 10. Lekua: Baroja gela, Bizkaia Aretoa (UPV/EHU, Bilbo). Hizlaria: Jose A. Esteban (CSIC, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko irakasle ikertzailea): ¿De qué están hechos los recuerdos? ¿Y dónde se guardan? (Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroarekin lankidetzan)

Akuikulturaren Eguna Bilbon

Azaroaren 30ean, Biologoen Elkargo Ofizialak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak jardunaldi bat antolatu zuten Akuikulturaren Eguna ospatzeko. Topaketa Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan egin zen laugarren urtez, besteak beste, akuikulturaren indar ekonomikoarekin lotutako gaiak, akuikulturaren egungo egoera eta eremu horretako teknologia zein ikerketa joerak lantzeko helburuaz.

Jardunaldiak UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Arriaga gelan egin ziren.

  • 17:00: Miren Bego Urrutia (Kultura Zientifikoko Katedra, UPV/EHU) eta Manu Soto (PiE, UPV/EHU): Jardunaldien inaugurazioa.
  • 17:05: Roberto Gonzales, (Discusland): El potencial económico de la acuicultura ornamental.
  • 17:25: Sonia Castañon, (NEIKER): CYCLALG: Tecnologías innovadoras para desarrollar una biorefinería de microalgas.
  • 17:45: Urtzi Izagirre Aramaiona, (PiE, UPV/EHU): Acuacultura y experimentación en toxicología.
  • 18:05: Pilar Brettes (GAIKER IK4): Acumulación de lípidos en microalgas como estrategia de alimentación en acuicultura.
  • 18:25: Fernando Alkorta (GAIKER IK4): Kardala LHII, experiencia del alumno.
  • 18:45: Leire Arantzamendi (AZTI-Tecnalia): Oportunidades de desarrollo de la acuicultura offshore en el País Vasco.
  • 19:05: Luis Enrique Lagos (AZTI-Tecnalia): Acuicultura en la zona de producción de moluscos (ZPM) offshore del País Vasco: estado actual y tendencias.
  • 19:25: Mahai-ingurua.
Estrella Cervantes

Uztailaren 22an, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak, Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera, hitzaldi/mahai-inguru bat antolatu zuen Bilboko Bidebarrietako Liburutegian gugandik 49,8 argi-urtera kokatuta dagoen izar azpi-erraldoi batez hitz egiteko. Izarrari Cervantes izena jarri zitzaion Iruñeko Planetarioak, Espainiako Astronomia Elkarteak eta Cervantes Institutuak sustatutako bozketa publiko baten bitartez.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko astrofisika katedradun eta Espainiako Astronomia Elkarteko presidente Javier Gorgasek ekimena azaldu zuen, sistemaren ezaugarri fisikoak deskribatu zituen eta exoplanetak nolakoak diren jakinarazi zuen “La estrella Cervantes y sus exoplanetas” izenburuko hitzaldi/mahai-inguruan.

Katedrako zuzendariaren jarduera

Atal honetan sartu ditugun jarduerak Katedrako koordinatzaileari dagozkio. Horiek guztiek zientzia dibulgatzeko helburua dute, unibertsitate-gaiak jorratzen dituzte edo zientzia eta gizartearen arteko harremana lantzen dute.

  • Martxoak 9, Bilbo. Luisa Etxenike eta Gustavo Ariel Schwartzen “La entrevista” (El Gallo de oro argitaletxea) liburuaren aurkezpena; Esperientzia Gelak (UPV/EHU).
  • Apirilak 20, Santiago de Compostela. “La Cátedra: una agencia de agitación y propaganda científica” hitzaldia Consello da Cultura Galegak antolatutako “A Divulgación da Ciencia en Galicia” jardunaldian.
  • Maiatzak 21, Donostia. Ignacio Lopez Goñiren “Virus y pandemias” (Glyphos-Naukas argitaletxea) liburuaren aurkezpena, Urban Zientzin eta Olatu Talka ekitaldiaren baitan.
  • Maiatzak 26, Gasteiz. “Gazta jan zuten lehenik” hitzaldia dibulgazioko Naukas ekitaldian, Autokontrola eta Elikagaien Segurtasunari buruzko KAUSAL 2016 Nazioarteko Biltzarraren baitan.
  • Ekainak 22, Gasteiz. “Divulgación científica: una visión generalista desde diferentes perspectivas” mahai-ingurua “Comunicar de forma eficiente en la era de la información” tailerraren barruan; UPV/EHUko Uda Ikastaroak.
  • Uztailak 12, Eibar. “Kultura zientifikoaren hartzaileak” hitzaldia “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” ikastaroaren barruan; Udako Euskal Unibertsitatea (Markeskoa Jauregia).
  • Irailak 5, Iruñea. “Cuentahistorias científicas” Nafarroako Unibertsitate Publikoko Udako Ikastaroko “La motivación: Por qué divulgar es importante, tipos de público, formatos de divulgación, ejemplos, tendencias, modas” saioan parte hartzea.
  • Urriak 27, Madril. “La divulgación científica en la Universidad” hitzaldia Zientziaren Dibulgazio eta Komunikaziorako-Jardunbide Egokiak Partekatzeko Jardunaldian; Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa.
  • Azaroak 3, Zarautz. “Ciencia para una vida mejor” hitzaldia Zarautz On elkarteak antolatutako “Zarautzen Zientziaz Blai” saioan.
  • Azaroak 9, Santiago de Compostela. Antonio Martinez Ronen “El ojo desnudo” (Crítica argitaletxea) liburuaren aurkezpena; Zientzia Naturalen Museoa, Santiago de Compostelako Unibertsitatea.
  • Azaroak 10, Santiago de Compostela. “Ciencia y fe” lauko eztabaida Santiago de Compostelako Unibertsitateak antolatutako “Regueifas de Ciencia” ekimenaren baitan.
  • Azaroak 18, Bartzelona. “Divulgación científica” izenburuko heziketa-saioa (5 ordu) Viceko Unibertsitateko Komunikazio Zientifikoko Espezializazio Ikastaroan (Unibertsitate-aditua).
  • Azaroak 28, Salamanca. Cultura Científica Empresarial Jardunaldiko mahai-ingurua; Salamancako Unibertsitatea.
  • Abenduak 1, Vigo. “La divulgación científica como motor de la actividad de I+D+i” mahai-ingurua CRUEko I+G+b Batzorde Sektorialak antolatutako Ikerketaren XXIV. Jardunaldietan. Vigoko Unibertsitatea.
  • Abenduak 1, Vigo. UPV/EHUren ordezkaritzan, CRUEko Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko Lantaldean parte hartzea; CRUEko I+G+b Batzorde Sektorialak antolatutako Ikerketaren XXIV. Jardunaldiak. Vigoko Unibertsitatea.
  • Katedrako zuzendaria Museos Científicos Coruñeses fundazioak antolatzen duten Zientzien Etxearen dibulgazio zientifikoko Prismas sarien XXIX. edizioko epaimahaiburu izan da.
Katedraren 5. urteurrenaren ospakizuna Zientziateka berezia

2016ko ekainean programazio berezia diseinatu zen urteurrena ospatzeko. Horretarako, programa bikoitzeko Zientziateka antolatu zen (Zientziateka programari eskainitako atalean azaltzen da).

Kultura Zientifikoko Katedra aurkezteko saioak

Ekainaren hirugarren astean zehar, hainbat informazio-saio antolatu ziren Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean (batzar-gela, ekainak 21, 10:00), Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Paraninfoari eratxikitako gela, ekainak 21, 12:00) eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Gradu Aretoa, ekainak 23, 13:30), non azken bost urteen balantzea egin baitzen eta erakundearen etorkizuneko planak aurkeztu baitziren. Katedrako koordinatzailea izan zen saioen arduraduna eta sarrera librea eskaini zen. Bertan, erakundeko hedabide digitalen arduradunek ere parte hartu zuten.

Oroitzapenezko bideoa

Jose A. Perez Ledok zuzendutako oroitzapenezko bideo bat argitaratu da. Bideoan hainbat pertsonek “Zergatik da garrantzitsua kultura zientifikoa?” galderari erantzuten diote, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

Esker onak

Gero eta jarduera programa zabalagoa garatzen du Kultura Zientifikoko Katedrak. Hori dela eta, gero eta gehiago dira jarduera horiek aurrera atera ahal izateko esku hartzen duten erakunde eta lagunak. Hainbeste dira, oso erraza izango litzatekeela pertsona edo erakunderen bat aipatu gabe uztea eskerrak ematerakoan. Hortaz, ez gara saiatu ere egingo. Gurekin lan egin duzuen guzti-guztioi, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu; zuek badakizue nortzuk zareten. Zuen laguntzarik gabe hau guztia ez litzateke posible izango.
Mila esker!

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV//EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna da.

———————————————————————————-

The post Kultura Zientifikoko Katedraren lana 2016an appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsasoa garbitzen

Thu, 2017/04/20 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Animalia asko ura iragaziz elikatzen dira; horietako gehienak urtarrak dira. Ur-bolumen handietan esekiduran dauden janari-partikulak harrapatzen dituzte ura iragaziz eta, harrapatu ondoren, irentsi egiten dituzte. Ur-masa naturaletan partikula asko daude esekiduran. Partikula horiek mikroskopikoak dira, eta oso kontzentrazio altuetan bil daitezke. Ur mililitroko ehun mila partikulatik gora egon daitezke uhertasun handiko uretan, eta oso garbi dagoen urak berak ere mililitroko bost mila partikulatik gora izan ditzake. 1. irudia: Bibalbioak Behe-kanbriarretik gaur egun arte iraun dute eta ur gezan zein gazian bizi daitezke. (Argazkia: Diego Conti – Jabego Publikoa)

Belakiak, bibalbioak, krustazeoak eta beste talde batzuetako espezie asko elikatzen dira horrela. Talde bakoitzak bere metodoa erabiltzen du iragazi behar den ura ponpatzeko, baina gehienek ura mugiarazten dute zilio edo luzakin berezien mugimenduen bitartez. Janariaren ezaugarriei dagokienez, mota askotakoak dira animalia iragazle horiek jaten dituzten partikula mikroskopikoak. Duten elikatze-balioaren ikuspuntutik alga mikroskopikoak dira garrantzizkoenak, baina, mikroalgez gain, badira partikula detritikoak ere, mota askotakoak gainera. Kalitate handi zein gutxikoak izan, janaria dira partikula horiek, materia organikoz osaturik daudelako. Partikula organikoez gain, materia ezorganiko partikulatua ere bada ur-esekiduretan, eta materia horretan ere atxikita egoten da materia organikoa, janari diren bakterioez betea gainera. Modu batera edo bestera, asko dira esekiduran dauden partikulak, eta gehienek badute nolabaiteko elikatze-balioa.

Animalia iragazleak planktonikoak [1] edo bentonikoak [2] izan daitezke. Kopepodo planktonikoak, adibidez, oso ugariak dira eta oso garrantzitsua da sare trofikoan betetzen duten funtzioa. Kopepodoak eta haiek bezalako beste artropodo planktoniko txikiak arrain askoren eta zenbait harrapariren janari dira. Hortaz, lehen mailako zenbait ekoizleren (mikroalgak) eta bigarren mailako beste zenbait ekoizleren (zenbait arrain) arteko lotura egiten dute.

Iragazle bentonikoak ere garrantzi handikoak dira. Bibalbioak dira ugarienak, baina horiez gain badira beste zenbait espezie, hala nola belakiak, gastropodo iragazleak, lanpernak (artropodoak) edo aszidiak. Esan bezala, bibalbioak dira iragazle bentoniko ugarienak, eta ura ponpatzeko ahalmen ikaragarria dute. Adibide gisa esan daiteke gramo bateko masa lehorra (maskorra kenduta) duen muskuilu batek bi edo hiru litro ponpatu ditzakeela orduko. Hau da, bi edo hiru litro ur ―edo gehiago ere― igaroarazten ditu orduro bere brankietatik, brankiak baitira bibalbioen iragazkiak. Horrek esan nahi du tamaina horretako muskuilu batek 60 litro ur ponpatu eta iragaz ditzakeela egun batean. Hori dela eta, eragin handia dute bibalbioek itsasadar, badia eta antzeko ekosistemetan. Bi adibide ikusiko ditugu hemen.

2. irudia: Arosako itsasadarra Galiziako itsasadar handiena da eta Rias Baixas multzoaren baitan dago.

Arosako Itsasadarrak 4.335 milioi metro kubo ur ditu eta, mareak sorturiko ur-mugimenduaren eraginez, 23 egun behar dira, gutxi gorabehera, ur-bolumen hori berriztatzeko. Emankortasun handikoa da: 7.000 milioi gramokoa da estuarioan kultibatzen diren muskuiluen biomasa (maskorrik gabeko masa lehorra). Jakina, margola- eta txirla-populazio handiak ere badira Arosako itsasadarrean, baina horiek ez ditugu hemen kontuan hartu. Bada, muskuilu horiek eguneko 350 milioi metro kubo ur iragazi eta 12 egun behar dituzte itsasadarraren ur osoa iragazteko, badiaren ura berriztatzeko behar den denboraren erdia, hain zuzen ere.

Oosterschelde Herbehereetako estuario handienetako bat da. Azken hamarkadetan bertako biztanleak ekaitzetatik eta uholdeetatik babesteko egin diren lanen ondorioz, nahikoa itxita geratu da. 2.740 milioi metro kuboko ur-bolumena dauka (Arosako itsasadarraren erdia), eta ur horrek estuarioan egiten duen egonaldiaren batez bestekoa 40 egunekoa da. Bada, 8.500 milioi gramokoa da estuarioko berberetxo eta muskuiluen biomasa. Bibalbio horiek 740 milioi metro kubo ur iragazten dituzte eta, beraz, 4 egun baino gutxiago behar dute ur guztia iragazteko, itsasadarraren ura berriztatzeko behar den denboraren hamarren bat, gutxi gorabehera.

3. irudia: Oosterscheldeko estuarioa, Herbehereetan. Erromatarren garaian Eskalda ibaia bertan itsasoratzen zen.  (Argazkia: Wikipedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Bi adibide horietan ikusi ditugun ura iragazteko denborak ez dira muturrekoak; badira denbora laburragoak eta luzeagoak ere, baina gehienak Oosterscheldeko edo Arosako itsasadarretan kalkulatu direnen antzekoak dira. Bada, denbora horiek argi adierazten dute zer neurritakoa izan daitekeen bibalbioen jardueraren eragina. Jarduera horri esker, esekiduran dagoen materia partikulatua ―etengabe sortua edo ibaiak ekartzen duena― iragazi egiten da. Adibide gisa, ikus honako datuak: Gernikako Itsasadarrean dauden bibalbioek, oso gutxi badira ere, 1’2 milioi metro kubo ur iragazten dute eguneko, eta esekiduran dagoen materia partikulatuko 4 Tn (masa lehorra) hartzen dute ur-masatik denbora horretan. Bibalbioen jarduerei esker, ura garbiago mantentzen da, elikagaiak arinago birziklatzen dira eta, ondorioz, lehen mailako ekoizpena sustatzen da.

Oharrak:

[1] Ur-zutabean dauden eta aktiboki mugitzen ez diren bizidunen multzoa da planktona.

[2] Hondoan bizi diren bizidunen multzoa da bentosa.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Itsasoa garbitzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mens sana… ondo elikatutako gorputzean

Wed, 2017/04/19 - 09:00
Juanma Gallego Elikadura eta garunaren osasuna eskutik doazela berretsi du ikertzaile talde batek. Plazaratutako emaitzen arabera, dieta mediterraneoa jarraitzen duten adineko pertsonen garuna ohi baino gutxiago uzkurtzen da.

Zahartzearekin batera garuna txikitzen da eta horrek, noski, funtzio kognitiboetan ere eragiten du. Osasunari lotutako beste gaietan ohikoa denez, bizimoduek eragin handia izan dezakete garunaren osasunean. Eta elikadura izan daiteke, hain justu, bizimodu osasuntsuaren oinarrietako bat. Hala agintzen du senak, baina azken urteotan ideia hori indartzen duten ikerketak pilatzen hasiak dira.

Horietako azkena Neurology aldizkarian plazaratu dute. Oraingoan, dieta mediterraneoa eta garun osasuntsu baten arteko erlazio estua dagoela iradoki dute zientzialariek. Ikerketak sei urte baino gehiago iraun ditu, eta zientzialariek ehunka lagunen bizi ohiturak eta garunen azterketak baliatu dituzte. “Dieta mediterraneoarekiko gertuago egotearen eta garuneko atrofia gutxiago izatearen arteko erlazioa dagoela aurkitu dugu”, diote egileek artikuluan.

1. irudia: Frutak, barazkiak, lekaleak, eta zerealak daude dietaren oinarrian. (Argazkia: CongerDesing / Jabetza publikoa)

Ikerketaren egile nagusiak azalpen gehiago eman ditu. “Zehartzen garen heinean, garuna uzkurtzen da eta ikasketan zein oroimenean eragina izan dezaketen neuronak galtzen ditugu. Ikerketa hau dieta mediterraneoak garunaren osasunean eragin positiboa duela dioten ikerketetara batzen da orain”, esan du Edinburgoko Unibertsitateko psikologo Michelle Lucianok Ameriketako Neurologia Akademiak zabaldutako ohar batean.

Ondo ezagutzen den taldea

Guztira, egileek 843 lagunen elikadura ohituren inguruko informazioa eskuratu zuten. 70 urte inguru zituztenean, parte-hartzaileek elikaduraren inguruko galdetegi bat erantzun zuten. Horri esker, zientzialariek jakin ahal izan zuten zer jaten zuten eta zein maiztasunarekin. Elikaduraren inguruko datuak jakinda, ikertzaileek bi talde ezberdindu zituzten: dieta mediterraneotik gertuagoko elikadura zutenak eta halakorik ez zutenak.

Hiru urte geroago, 73 urte ingururekin, garuneko eskanerra egin zieten 562 laguni. Beste hiru urte pasata, 401 lagun berriro aurkeztu ziren, eta bigarren eskaner bat egin ahal izan zieten. Era horretan, zientzialariek datu zehatz eta fidagarriak izan dituzte eskura. Eskanerretan garunaren datu bolumetrikoak eskuratu ziren baina, horrez gain, parte-hartzaileek ebaluazio kognitiboak finkatzeko erabili ohi diren galdetegiak bete zituzten.

Proba hauek guztiez gain, erabilitako taldea oso ondo ezagutzen dute ikertzaileek. Izan ere kohorte baten partaide dira. Kohorteak ezaugarri zehatzak eta ezagunak dituzten banakoen multzoak dira eta, horregatik, mota askotako ikerketetan erabiltzen dira. Kohorteak maiz agertzen dira medikuntzari loturiko lanetan, batez ere ikerketa epidemiologikoetan.

Zehazki, orain erabili duten kohortea 1936ko “Lothian” izenekoa izan da. Guztira, 1.091 lagunek osatzen dute taldea, eta Edinburgoko eskualdean (Eskozia) urte horretan jaioak dira. Gehienek gaitasun mentalak neurtzeko froga egin zuten 11 urte zituztenean (1947ko Eskoziako Inkesta Mentala) eta bizitza osoan zehar beste azterketa askotan parte hartu dute, bai osasunari loturiko neurketetan zein bizimoduei dagozkienetan. Beraz, horien inguruko azterketa kognitiboak egiteko talde aproposa osatzen dute.

2. irudia: garunaren eskanerrak bi aldiz egin dituzte, 73 eta 76 urterekin. (Argazkia: AEBetako Gobernua/CC BY 2.0)

Behin datu guztiak eskutan izanda, estatistikaren ordua iritsi da. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, dieta mediterraneoari gertuagoko elikadura ohitura duten pertsonen garunek uzkurtze maila baxuagoa izan dute. Zehazki, talde osoaren batez besteko emaitzekin alderatuz, normala den uzkurduraren erdia izan dute.

Estatistika erabiltzen duen beste edozein ikerketarekin gertatu ohi den moduan, hemen ere zaila da aldagaien arteko loturak zehaztea eta, batez ere, egon daitezkeen alborapenak antzematea. Horregatik, inteligentzia maila ezberdinek edota hezkuntza bezalako aldagaiek emaitzetan eragina ez dutela ziurtatu dute zientzialariek. Adina, diabetesa edo hipertentsioa bezalako aldagaiak ere kontuan hartu dituzte, alborapenak ekidin aldera.

Faktore babesgarriak

Dieta honen osagaiak ezagunak dira: frutak, barazkiak, lekaleak, eta zerealak daude oinarrian. Arrainak eta esnekiak ere, baina, kopuru txikiagoan. Azkenik, hegazti haragiak eta haragi gorriak, hauek are kopuru askoz txikiagoan. Olibo olioa ere funtsezko osagaitzat jotzen da, eta otorduetan neurriz kontsumitutako ardo beltza era sartu ohi da dieta horretan. 2013an UNESCOk Gizateriaren Ondare Immateriala izendatu zuen elikadura mota hau.

3. irudia: Adinean aurrera joan ahala garuna uzkurtu egiten da. (Argazkia: gmstockstudio/Shutterstock.com)

Egileek onartu dutenez, dieta horretan garuna zertan laguntzen duen zehazterik ez dute izan. Baina badirudi arrainaren kontsumoa ez dagoela eragin horren atzean. Dieta eta garunaren osasunaren arteko korrelazioa badagoela dirudi beraz, baina atzean egon daitezkeen zio zehatzak, ordea, ez dira ezagutzen. Estatistikari jarraituz, ikertzaileek ondorioztatu dute arrain gehiago eta haragi gutxiago jateak berez ez duela eraginik emaitzetan. Gakoa, beraz, beste nonbaiten egon daiteke. “Baliteke dietaren beste osagarriak egotea harreman honen atzean, ala baliteke osagai guztien konbinaketaren emaitza izatea”, nabarmendu du Lucianok.

Ezaguna denez, oraingo hau ez da elikadura mediterraneoa eta osasun ona lotzen dituen lehen ikerketa. Aurretik ere, lotu izan da hainbat onurarekin. Besteak beste, bihotzekoak eta, oro har, heriotza goiztiarra ekiditeko, eta hipertentsioa zein kolesterola kontrolpean edukitzeko lagungarria omen da. Halere, adituek ohartarazten dutenez, elikaduraz gain, bestelako faktoreak ere kontuan hartu behar dira neuronak txukun mantendu nahi baditugu.

“Gure organismoan dauden beste osagaiek bezala, garunak ere gure bizimoduen eragina izaten du. Garuna osasuntsu mantentzeko lagungarria izan daiteke dieta mediterraneoa, baina ebidentziarik hoberenen arabera, bizimoduari lotutako beste hainbat faktore ere babesgarriak izan daitezke”, dio Jose Ramon Alonso neurozientzialariak Mapping Ignorance blogean. “Ez erretzea, fisikoki eta mentalki aktibo izatea, alkoholik ez edatea –edo neurriz egitea- eta odol presioa eta kolesterol mailak kontrolpean edukitzea”, dira adituak gomendatutako ohiturak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Luciano M et alia. (2017) Mediterranean-type diet and brain structural change from 73 to 76 years in a Scottish cohort. Neurology 88(5): 449-455. DOI: 10.1212/ WNL. 0000000000003559.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Mens sana… ondo elikatutako gorputzean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ikertzaile euskaldunak eta euskara ikerkuntzan: gogoetarako abiapuntu bat

Tue, 2017/04/18 - 09:00
Kafetapintxo Topaketaren dinamizatzaileak Azaroaren 10ean Gasteizen hainbat ikertzaile elkartu ginen UEUk eta UPV/EHUko Arabako campuseko Euskara Zuzendaritzak elkarlanean antolatutako Kafetapintxo Topaketan. Topaketa EHUskARABANda programaren barnean antolatu zen, eta campuseko ikerlari euskaldunen bilgune izatea zuen jomuga. Helburuak ez ziren txikiak: ikertzaile euskaldunak saretzea, haien arteko elkarlanerako oinarria jartzea, eta bai haien beharrak eta kezkak azaleratzea ere.

Topaketaren izena ez zen ausazkoa. Koldo Garcia Etxebarria genetikan doktore eta zientzia-dibulgatzaileak sarritan bere blogean erabiltzen duen zientziaren kafepintxo izaera zuen oinarri. Hau da, zientziaz hitz egin daiteke kafe bat eta pintxo bat hartzen dugun bitartean. Zientziaz aritu gaitezke aisialdian, laborategitik kanpo gaudenean; izan ere, zientziak hezi egiten gaitu, bai, baina entretenitu eta dibertitu ere bai. Gainera, hori guztia euskaraz egin daitekeela badakigu, eta euskaraz egin behar dela aldarrikatzen dugu.

1. irudia: 2016ko azaroaren 10ean Gasteizen UEUk eta UPV/EHUk antolatu zuten Kafetapintxo Topaketaren berri emateko erabili zen irudia.

Ikertzaile euskaldunok, ordea, trumoi-hotsak ere entzuten ditugu sarritan. Topaketan, euskaraz egiten den —edo egin beharko litzatekeen— ikerkuntzari buruz ere hitz egin zen, kezkak, gabeziak eta beharrak azaleratzeko. Ikertzaile eta zientziazale euskaldunen komunitateari idazten diogun gutun ireki honetan, Kafetapintxo Topaketan jasotako gogoetak, kezkak eta galderak bildu ditugu, plazara jalgi daitezen.

Euskararen hutsuneak Arabako campusean

Arabako campusaren kasuan euskarak bizi duen egoera goibela da; izan ere, euskararen hutsuneak anitzak dira oraindik. UPV/EHUko euskal ikasle- zein irakasle-komunitateak gero eta handiagoak dira eta, ondorioz, gero eta zabalagoa da euskarazko ikasketa-eskaintza. Hala ere, ibilbide akademiko osoa euskaraz egiteko aukera ez da bermatzen eta euskara maila egokia ez da ziurtatzen. Horretaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean oso murritza da euskarazko masterren eskaintza eta ugariak doktore-tesia euskaraz egiteko oztopoak.

Bestalde, euskara gero eta gutxiago azaltzen da Arabako campuseko eguneroko harremanetan eta, oro har, ez da unibertsitateko euskara maila zaintzen. Ohikoa da euskarazko ohar-taula eta mezuetan akatsekin topo egitea. Irakasleen prestakuntza da egunerokotasunari eragiten dion beste kontu bat. Irakasle elebidunen kontrataziorako euskara-agiriak aurkeztea nahikoa da, administrazioan ohikoa den moduan. Alabaina, inork ez du egiaztatzen irakasle izango den horrek euskaraz komunikatzeko duen gaitasuna eta, ondorioz, —praktikan egiaztatzen denez— zalantzagarria da euskarazko ikasgaien arduradun diren zenbait irakasleren adierazpen-maila adierazpen maila. Gaztelaniaz edo ingelesez onartuko ez liratekeen akatsak onartu egiten dira euskararen kasuan.

2. irudia: Kafetapintxo Topaketan helburuak izan ziren: ikertzaile euskaldunen sarea sortzea, euren arteko elkarlana bideratzea eta beharrak azalaraztea.

Ikasleen kasuan ere, antzekoa gertatzen da. Graduetan kreditu kopuru jakin bat euskaraz gaindituz gero, ikasleek euskarazko C1 maila eskuratzen dute. Hala ere, ez dago zehaztuta kreditu horietan euskara maila neurtzeko eta baloratzeko irizpideak edota arduradunak zeintzuk diren. Kasu horretan ere, zalantzagarria da zenbait ikasleren benetako euskara maila C1 ote den.

Unibertsitateko giro euskalduna desagertzen ari dela antzematen dugu. Zenbait kasutan, ezinezko gertatzen da harreman formalak euskaraz aurrera eramatea. Campuseko zerbitzuetako langile asko ez dira gai euskaraz komunikatzeko eta, gainera, bada euskara erasotzat ulertzen duenik ere. Era berean, irakasle zein ikasleen arteko harreman informaletan gaztelania da nagusi: gero eta ezohikoagoa da korridoreetan eta kafetegietan euskara entzutea.

Euskara: aukerak eta zailtasunak

Zientziaren esparrura etorriz, geure iritziz, argi dago euskara jakiteak aukera gehiago ematen dituela ikertzeko, dibulgatzeko eta, oro har, komunikatzeko. Ikerkuntzaren ekoizpenari dagokionez, oro har, euskarak balio erantsi bat ematen digu ikertzaileoi —jakintza arloaren arabera aukera horiek zabalagoak edo murritzagoak izan badaitezke ere—. Horregatik, ez zaigu diskriminazio positiboaren terminoa gustatzen eta, horren ordez, gakoa euskarak ematen duen balio erantsia aitortzea dela aldarrikatzen dugu.

Euskara ez da tokian tokikoa eta euskal zientzia-ekoizpena ere ez. Euskara munduko aniztasunaren atal bat da, gainontzeko hizkuntz komunitateen gisara. Kontuan hartu behar dugu euskal hiztunak munduan zehar daudela eta, beraz, euskara hainbat unibertsitate euskaldunen arteko zubi-hizkuntza dela, hots, euskara Euskal Herriaz harago, munduan zehar ere badagoela, batzuetan oso kontziente ez bagara ere.

Euskarak erantzukizunak ere sortzen dizkigu ikertzaileoi. Militantzia hutsagatik tesia euskaraz idazten dugu, ikasmaterialak argitaratzen ditugu, zientzia-terminologia garatzen laguntzen dugu, eta abar. Esan bezala, militantziagatik egiten da sarritan, eta ez etekina ateratzeagatik; izan ere, kasu askotan lan bikoitza eskatzen du jarduera horrek. Hala ere, guztion ahaleginei esker euskara aberasten goaz, pixkanaka-pixkanaka. Ekarpen horiek aitorpen murritza hartzen badute ere, lan hori ezinbestekotzat jotzen dugu. Nolanahi ere, zientzia euskaraz ekoiztea sustatu behar dela aldarrikatzen dugu. Bestetik, zaila da erreferentziak eta terminologia egokia aurkitzea. Halere, lan handia egin da azken urteotan arazo horiek saihesteko, eta bide horretan jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Bestalde, garrantzitsua da zientzia-komunitate euskaldunari informazio-iturri horien berri ematea, zenbaitetan ikertzaileek ez baitakite non eta nola egin bilaketa horiek. Azken batean, euskarazko materialen hartzaile ugari ditugu eta euskalduna den publiko espezifiko zaindua dugu. Euskarazko ekoizpenaren normalizazioak, hortaz, terminologiaren ohikotasuna eta estandarizazioa bultzatuko ditu eta euskara hizkuntza akademiko moduan errotzea nahi dugu.

Euskararen egoera ikerketa-taldeetan

Unibertsitateko ikerketa-taldeetan euskararen egoera ez da izan beharko lukeena bezain ona. Oro har, euskara da ikertzaile euskaldunen arteko harreman-hizkuntza, baina egoer erabat desberdina da administrazioari idatzizko eskaerak egin behar zaizkionean. Askok oztopo anitz topatzen ditugu administrazio publikoen aldetik —baita erakunde euskaldunetan ere—. Ikerketa-egitasmoak eta bestelako eskaerak euskaraz aurkezteko aukera ematen bada ere, gehienetan lana bikoiztu egiten da euskaraz egitea erabakitzen bada —ebaluatzaile euskaldunen gabeziagatik, esaterako—.

3. irudia: Kafetapintxo Topaketan parte hartu zuten ikertzaileak lanean. (Argazkia: UEU)

Bestalde, akreditazio-agentziek ikerkuntzarekin lotzen dituzte ibilbide akademikoarekin jarraitu ahal izateko baldintzak eta irizpideak. Hein handi batean ikerketa-egitasmoak eta zientzia-artikuluak baloratzen dira, eta artikulu horiek eragin-faktore altuko nazioarteko aldizkarietan argitaratutakoak izan behar dira. Hortik dator ikerkuntzan ingelesak duen nagusitasuna, eta ikertzaile gehienek euskarazko ekoizpena alboratzea.

Ikerkuntza munduan hasten diren ikertzaile euskaldun gehienak zalantzatan dabiltza tesia gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez idatzi behar ote duten. Nahia ez da beti nahikoa izaten. Aukeratutako ikerketa-taldean edo gaiaren inguruan adituak diren kideen artean tesi-zuzendari euskaldunak aurkitu behar dira eta hori ez da beti posible izaten. Irtenbide arruntena hizkuntza aldatzea izaten da. Tesiaren defentsarako epaimahai euskalduna osatzea ere zaila izaten da zenbaitetan. Gainera, euskaraz egindako bide horretan argitaratutako euskarazko lanei ez zaie inolako aitorpenik ematen. Alabaina, zenbait alde positibo ere nabarmendu behar dira; izan ere, azken urteotan badira zenbait pizgarri —gutxi— tesiak euskaraz idazteko. Nolanahi ere, geure ama hizkuntzan idatzi ahal izatearen gogobetetzea da pizgarririk eraginkorrena. Alor horretan euskarak etorkizun hobea edukiko duela uste dugu, geroz eta ikertzaile euskaldun gehiago baitaude unibertsitatean. Hala ere, pizgarrien politikan aurrera egitea eta ahal den neurrian areagotzea proposatzen dugu, atzerapausoak egon ez daitezen.

Zientzia-dibulgazioa euskaraz

Aitortua dugu bada eskasa dela euskaraz ekoitzitako zientzia, eta areago hutsaren hurrengoa dela de facto zientzia esperimentalen ekoizpena. Hori dela eta, pentsa dezakegu zientzia-dibulgaziora baztertuta dagoela euskara. Zinez, bertan behera utzi behar dugu ikuspegi hori. Alde batetik, dibulgazioa ez da bigarren mailako zientzia —ikerkuntzaren pareko garrantzia du, helburua da desberdina—, eta bestetik, euskarazko ekoizpena antzeko arazoekin topatzen delako esparru horretan ere. Garrantzitsua da zientzia euskaraz dibulgatzea eta ikerketen emaitzak euskaraz jendarteratzea; izan ere, kontatzen ez den zientzia egiten ez denaren parekoa da.

Zientzia-dibulgazioan aritzea lan neketsua da ikertzailearentzat —are gehiago euskaraz egiten denean—, ahalegin handia egin behar delako zientzia aditu ez direnei azaltzeko. Alabaina, ekoizpen horiek ez dute inolako aitorpenik eta, hortaz, ikertzaileon mundu lehiakor honetan, nork hartuko du musu-truk dibulgatzen aritzeko lanaren ardura? Ezinbestekoa da dibulgatu nahi duten ikertzaileei haien lana egokiro aitortzea; izan ere, jendarteratu egin behar da unibertsitateetako laborategietan diru publikoari esker. Hori egiteko behar etiko eta morala dugu zientzialariok. Gainera, euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Ikerkuntzarekin gertatzen den gisara, dibulgazioa euskaraz egitea ez litzateke militantzia kontu hutsa izan beharko. Euskaraz dibulgatzeko pizgarriak behar dira, eta bai egindako lanaren aitorpen duina ere.

3. irudia: KafetaPintxo Topaketako parte hartzaileak bertan jasotako ondorioak partekatzen. (Argazkia: UEU)

Egia da azkenaldi honetan, euskarazko dibulgazioaren loraldi txiki bat bizi dugula eta, oro har, azpiegiturak eta baliabideak nahiko ezagunak dira —arloan arloko baliabideak behintzat—. Jakina, arlo bakoitzak dituen dibulgazio moduak oso desberdinak dira —gizarte-zientzietan zaila da narratiba eta dibulgazioa bereiztea, esaterako—. Nolanahi ere, kontuan hartu beharrekoa da gizarte-sareek zeharo aldatu dituztela komunikatzeko moduak. Gizarte-sare hauek eta Interneten dauden baliabideek arrisku bat ere ekarri dute: edonork edozer esan dezake. Horregatik, informazio egokiaren hedapena bermatzeko, garrantzitsua da ikertzaileei zientzia dibulgatzen erakustea eta dibulgatzaile profesionalak prestatzea. Ikertzaileei kazetariengana hurbiltzen erakutsi behar zaie —eta alderantziz—. Zeharo ezinbestekoa da askotan zeharo bananduak diruditen bi mundu horien artean zubiak eraikitzea, zientzia-dibulgazioaren bitartez gizartearen kultura zientifikoa hedatzeko. Gainera, hori guztia euskaraz egin behar da, zailtasunak zailtasun.

Gogoetarako abiapuntua

Hemen luzatzen dizkizuegu, bada, Kafetapintxo Topaketan jasotako gogoetak, kezkak eta galderak, ikertzaile eta zientziazale euskaldunen komunitateari idazten diogun gutun ireki honetan. Zailtasunak zailtasun, ikertzaile euskaldunen sarea trinkotzen joan nahi dugu eta aurrerantzean gogoeta egiteko bidea ireki nahi dugu. Amaitzeko, euskaldun izateak ematen digun nortasuna azpimarratu nahi dugu. Gizartea ulertzeko gure moduak euskarari eta euskal kulturari garrantzia ematen dio. Horrela, pixkanaka bada ere, euskal komunitate zientifikoa finkatzearen aldeko apustua egin nahi dugu. Euskaraz badu lekua ikerkuntzan eta dibulgazioan eta horren alde lan egiten jarraituko dugu. Zuen laguntzarekin bada, hobe.

—————————————————–

Dokumentuaren sinatzaileak:

  • Gorka Etxebarria. Historia Garaikidean doktoregaia. UPV/EHU.
  • Itziar Eseberri. Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldeko ikertzailea. UPV/EHU.
  • Rakel Gamito. Hezkuntza arloko doktoregaia. UPV/EHU.
  • Eñaut Izagirre (@Ernatio), Glaziologiako masterduna eta zientzia-dibulgatzailea.
  • Idoia Larretxi, Glutena aztertzeko UPV/EHUko laborategiko ikertzailea.
  • Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
  • Itziar Txurruka, Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko kidea. UPV/EHU.

———————————————————————————-

The post Ikertzaile euskaldunak eta euskara ikerkuntzan: gogoetarako abiapuntu bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Historiaren gordailu bitxiak, hondar zementatuzko formazioak

Mon, 2017/04/17 - 09:00
Beachrockak eremu tropikaletako kostaldeetan aurkitzen diren arroka sedimentario bereziak dira. Arroka hauek legar sedimentuz, hareaz eta karbonato mineralez osatutako nahasketak dira eta, horrez gain, koral eta maskor zatiak izaten dituzte sarritan. Beste lurralde batzuetan ohikoak badira ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren eskuinaldean aurkitzen dira formazio hauek eta giza jardueraren eragin handia jasan dute. Izan ere, euren egitura sedimentarioa zementu karbonatatuen (CaCO3) pikor arteko prezipitazioaren ondorioz sortu da. Nikole Arrieta UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak beachrockak aztertu ditu, garapen industrialaren inpaktuak kostaldean izan duen eragina ezagutzeko asmoz. 1. irudia: Réunion uharteko kostaldean zehar aurkitzen diren harrizko formazioak edo beachrockak (Argazkia: Wikipedia / B. Navez/ CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Nikole Arrieta Irazabal ikertzaileak ‘The study of an unusual temperate latitude beachrock formation. Characterization of the Azkorri beach and Tunelboka cove locations’ doktorego-tesia gauzatu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean. Ikerketa honetan, besteak beste, Bizkaiko kostaldean dauden beachrockak aztertu ditu. Formazio hauek jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten hondar zementatuak dira. Garapen industrialaren inpaktuaren eta kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri berezi horiek.

“Zenbait fenomeno geologikoren ikerketak ingurumen-iragana berreraikitzen eta gizakiak izan duen eragina zehazten laguntzen digu, dena erregistratuta geratzen baita. Klima-aldaketak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko ere informazio baliotsua eman dezakete”, azaldu du Nikole Arrietak, beachrockak aztertzen dituen ikerketa-lanaren egileak. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira beachrockak. Normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Aztertutako beachrockak egitura berriak dira, eta, Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren eskuinaldean egonik, giza jardueraren eragin handia jasan dute. “Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude”, gehitu du Arrietak. Egitura sedimentario horiek zementu karbonatatuen (CaCO3) pikor arteko prezipitazioaren ondorioz sortuak dira. “Sedimentuen artean, zementua sortu da. Hala, hondarra ez dago solte, beste hondartzetan bezala, eta harri horiek sortzen diru”, azaldu du Arrietak. Edonola ere, beachrockak osatzen dituzten zementuak karbonatatuak izan ohi diren arren, gure kostaldeko egitura geologikoek burdin zementuak dituzte. Egitura zementatuetan harrapatutako zepek disoluzio-prozesuak izan dituzte meteorizazio-prozesu edo prozesu atmosferikoen ondorioz (euri azidoa, esaterako), eta berriz prezipitatzen dira poroetan, burdin gatz disolbaezin gisa.

2. irudia: Hondar zementatuzko egitura bat, Tunelbokan kokatua. (Argazkia: Nikole Arrieta. UPV/EHU)

Argitaratutako lanean egindako ikerketaren ardatza zementu horien karakterizazioa da. Alde batetik, zementu-motak aztertzeko, teknika espektroskopiko berritzaileak erabili dira. “Eskala mikroskopikoan, zenbait zementu-kapa agertzen dira, eta haietako bakoitzak informazio bat ematen du prezipitatu diren garaiari buruz, zer kondizio zeuden, etab.”. Bestalde, zementu horietan harrapatuta dauden materialak aztertu dituzte, eta “industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak aurkitu ditugu, bai eta Europako enpresa batzuen zigiluak dituzten hondakinak ere; barkuetan etorri, eta hemen botatzen zituzten zepak. Horregatik, teknofosilak edo giza jardueraren aztarnak aurkitu ditugu hondartzetan; kasu honetan, nazioarteko enpresen hondakin industrialek beachrockaren adina zehazten laguntzen digute”.

Guztia, Antropozenoaren garai geologikoaren erregistro geologikoaren adibide bat izan liteke. Gaur egun, mundu osoko espezialisten arteko eztabaidagaia da Antropozenoa. Izendapen horren aldeko zientifikoek diotenez, Lurra garai geologiko berri batean dago, “gizakiaren eran”; giza jarduerak aldaketa handiak eragiten ditu, eta horrek aztarna uzten du Lurraren geruza geologikoetan. Izendapenaren kontrakoek, berriz, argudiatzen dute kontu politikoa dela zientifikoa baino gehiago. Aro geologiko horrek Kuaternarioaren periodo berriena hartuko luke, eta mundu osoko adituen interesa erakartzen ari da gaur egun. “Tunelbokan, ikerketa egin den estuarioaren eskuinaldeko kala batean, dauden geruzak mundu mailan aztertu dira, Antropozenoaren ebidentzia gisa”, aipatu du Arrietak. Izan ere, mundu mailan latitude epeletan fenomeno hau duten eremu gutxi izateaz gainera, “are gutxiago dira hemengoen ezaugarriak dituztenak; barnean duten zepa-kantitatea sekulakoa da. Estatu Batuetako eta Australiako unibertsitate batzuetako ikertzaile entzutetsuekin lankidetzan aritu naiz, eta zur eta lur gelditzen dira guztiak argazkiak edo materialak ikusten dituztenean”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Arrieta, N., Iturregui, A., Martínez-Arkarazo, I., Murelaga, X., Baceta, J.I., de Diego, A., Olazabal, M.A., Madariaga, J.M.. Characterization of ferruginous cements related with weathering of slag in a temperate anthropogenic beachrock. Science of The Total Environment, 581-582, 49-65 (2017). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.12.132.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gure historia industriala harri bihurtuta.

The post Historiaren gordailu bitxiak, hondar zementatuzko formazioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #150

Sun, 2017/04/16 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko. Ohiko ongarritzeak nitratoan oinarrituak daude eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu; esaterako, azaleko eta lur azpiko uren kutsadura eta berotegi-efektuko gasak isurtzea. Izan ere, lurreko mikroorganismoen eraginez, oxido nitrosoa aireratzen dute eta hau berotegi-efektu handiko gas bat da. Arazoari aurre egiteko asmoz, gutxiago kutsatzen duten amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. “Bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa”, azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Hegazti batzuek 6.000 metro baino askoz ere altuera handiagoetan egin dezakete hegan. Gyps rueppelliik, esaterako, lau hemoglobina desberdin ditu odolean, eta bakoitzak oxigenoarekiko kidetasun desberdina du. Hemoglobina horiei HbA, HbA’, HbD eta HbD’ izenak eman dizkiete; HbAk dauka oxigenoarekiko kidetasunik baxuena eta HbD’k kidetasunik altuena. Haren odolak, hemoglobina multzo horri esker, oxigeno-tentsio oso desberdinetan garraia dezake oxigenoa. Testuan ere aipatzen dira altuera handietan hegan eginez migratzen duten ur-hegazti batzuk, hala nola Antzara indiarrak Everest mendikatearen gainetatik migratzen du; 9.000 metrotik gora hegan egiten ikusi izan dira espezie honetako banakoak (altuera horretan itsas mailakoaren herena da O2-aren presio partziala).

Aste honetan, Nature aldizkarian plazaratu den ikerketan, zientzialariek ondorioztatu dutenez, gantz azido asegabeek harren bizitza luzatzeko ahalmena dute. Oraingoan ere Caenorhabditis elegans izeneko nematodoa erabili dute. “Bizitza laburra duen harra da, 23-30 egunekoa, eta, horregatik, haren bizitza luzera era azkarrean iker daiteke”, azaldu du Harvardeko Osasun Publikorako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Carlos Silva Garciak. Azaltzen duen legez, normalean gantzak arazo kardiobaskularrei eta metabolikoei lotuta azaldu ohi dira, baina ikerketan azpimarratzen da gantz guztiak ez direla kaltegarriak. Ikertzaileak noizbait gizakiengan aplikatzeko esperantza agertu du.

Hizkuntzalaritza

Badira euskarazko zientzia izena duten animaliak, landareak, proteinak eta baita Marteko lekuak ere. Edu Lartzangurenek batzuk bildu ditu artikulu interesgarri honetan. Horien artean, ‘Musturzabalsuchus’ krokodiloa agertzen du. 1990eko hamarkadan topatu zituzten horren lehen zantzuak Trebiñuko Lañu herribatzarreko lurretan. Masailezurra eta baraila baino ez direnez aurkitu, horrek definitu du animalia genero osoa. ‘Papilloderma altonagai’ barea da euskaratik edan duen beste izen bat. Animalia hau oso berezia da bi arrazoirengatik: bizkarrean konkor bat du, maskorraren aztarna; eta Kepa Altonaga zoologoaren izena jarri zioten. Izan ere, Altonagak berak aurkitu zuen Kantabriako Puerto de las Alisasen eta Asturiasko Covadongako santutegian (Espainia). A. Wiktor aditu poloniarrak deskribatu zuen, eta hark eman zion altonagai izena, aurkitzailearen omenez. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

Erantzunen kalifikazio automatikoari buruzko artikulua duzue irakurgai honetan. Arlo horretako oinarrizko teknikak eta sistemak deskribatzen dira: bai esaldi-antzekotasunean oinarritzen direnak, baita testu-inferentzian oinarritzen direnak ere. Horiek biak dira testu ulermena lantzeko erabiltzen diren estrategia nagusiak. Alde batetik, hainbat zientzia-domeinutatik erauzitako ikasle-erantzunei kalifikazio egokiak esleitzea da helburu. Bestalde, testu-ulermen teknikak egoera berri batean erabilgarriak diren ebaluatzen dute. Oro har, galdera irekien erantzunak guztiz zuzen kalifikatuko dituen sistemarik ez dago egun, baina horretan dihardute ikertzaileek.

Eboluzioa

Azkenaldian, antropologoek, tresna berri bat izan dute eskura eboluzioaren azterketa egiteko: genomika.  Genomika izakien genomen sekuentzien azterketa egiten duen genetikaren atala da. DNA molekulen sekuentziaren azterketa, bai gaur egungo laginei, bai indusketetan aurkitutako aztarna arkeologikoei egin dakieke. Aztarna horien DNAren sekuentziazioak, nabarmen lagundu du gizakiren eboluzioaren ezagutzan. Abantaila asko ditu. Batetik, ez da lagin askorik behar, eta hezur txiki batetik ateratako DNA, nahiko izan daiteke espezie baten inguruko informazio anitz lortzeko. Bestetik, DNAren azterketak, denboraren berri ematen digu. DNAn gertatzen diren aldaketak, hau da mutazioak noiz gertatu ziren estima daiteke eta aldaketa horien garrantzi ebolutiboa ere finka daiteke kasu batzuetan. DNAk populazioen arteko gene-elkartruke edo gene-fluxua neurtzeko ere balio du. Areago, aztarnak egungo gizakien genomekin konparatuz, ondo beha daitezke gure eboluzioaren aztarnak, galdu eta irabazitako sekuentziak, beste espezieetako DNA arrastoak, eta espezie horiekin zenbateko nahastura izan genuen finka daiteke. Argitu gizakiaren historia artikulu argigarri honen bitartez!

Mikrobiologia

Giza odoleko biroma –birus eta genoma hitzen arteko batuketa da, eta giza gorputzean dagoen birus bildumari egiten dio erreferentzia– arruntak zer ezaugarri dituen aztertu dute AEBtako ikertzaile batzuek. Hemeretzi giza birusen sekuentziak identifikatu dituzte; herpesbirusak, batez ere. Erabat osasuntsu dauden 8.240 lagunen odolaren genomaren sekuentziazio datuak izan dituzte abiapuntu ikerketa honetarako. Gizabanakoen %42ari detektatu dizkiote hemeretzi birus horietakoren bat edo batzuen sekuentzia ugariak. Laginaren %14-20ari herpesbirusak topatu dizkiote, eta %9ari, anellobirusak. Aipatzekoa da adina, jatorria eta sexua kontuan izan dituztela azterketa honetan. Honi jarraiki, ikusi dute parte hartzaile gazteenen odolean maizago identifikatu dituztela birus horiek.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #150 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #155

Sat, 2017/04/15 - 09:00

Gutxi gorabehera hamar lagun eskuineko ezker bat dago. Baina zerk egiten gaitu eskuin ala ezker? Daniel Morenok azalpena ematen digu eta horretarako maila molekularreraino jaisten da: About lefties and righties.

Botika berrien garapena oso konplexua izan daiteke. Isabel Pérez Castrok farmakoen garapenean dihardu modu profesionalean eta Kaposi sarkomaren kasua hartzen du adibidetzat, botika bat nola garatzen den erraz azaltzeko: How drug discovery works: finding new strategies against Kaposi’s sarcoma.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #155 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Usue Pérez-López: “Elikagaien antioxidatzaile kopurua areagotzea da ikertzaileen helburua” #Zientzialari (70)

Fri, 2017/04/14 - 09:00

Animali zein landareetan aurkitzen diren konposatu organikoak dira antioxidatzaileak. Esate baterako, fruitu edo landareei kolore gorria, berdea edo laranja ematen dieten pigmentuak konposatu antioxidatzaileak dira. Sarri esaten da hauen kontsumoak osasuntsu mantentzen laguntzen gaituela. Hala baieztatu dute gainera azken urteetan egin diren hainbat ikerketa epidemiologikok. Baina zer dira zehatz-mehatz konposatu hauek eta zein funtzio betetzen dute izaki bizidunetan?

Galdera hauei erantzuna bilatzeko, Usue Pérez-López UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, konposatu antioxidatzaileen kontsumoak minbizia edota gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia murriztu dezake.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Usue Pérez-López: “Elikagaien antioxidatzaile kopurua areagotzea da ikertzaileen helburua” #Zientzialari (70) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zeruraino iristen diren hegaztiak

Thu, 2017/04/13 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Txoriak eta saguak atalean ikusi dugunez, arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduari eta bihotzaren tamainari esker ari daitezke txoriak normaltasunez 6.000 metroko altueretan. Altuera horietan oxigeno gutxi dago, baina txorietan oxigenoa eskuratzeko eta ehunetara eramateko sistemak oso eraginkorrak dira, eta horri esker gaindi ditzakete altuerak eragindako hipoxiaren ondorioak. Irudia: Saia (Gyps rueppellii) altuera gehienera hegan egiten duen hegaztitzat hartzen da, 11.000 metrotako altueran ikusi dutelako. Izena Eduard Rüppell XIX. mendeko alemaniar zoologo eta esploratzailetik datorkio. (Testua: Wikipedia)

Hegazti batzuek, baina, askoz ere altuera handiagoetan egin dezakete hegan. Gyps rueppellii izen zientifikoa duen saiaren banako batek, esaterako, 11.277 metrora zebilen hegazkin batekin talka egin zuen 1973. urtean, eta espezie horretako banakoak behin baino gehiagotan ikusi izan dira 10.000 metrotik gora doazen hegazkinetatik. Nekez lor liteke horren altuera handitan hegan egitea, arnas pigmentu berezirik eduki gabe.

Gyps rueppelliik ez du, ez, hemoglobina arruntik. Izan ere, lau hemoglobina desberdin ditu odolean, eta bakoitzak oxigenoarekiko kidetasun desberdina du. Hemoglobina horiei HbA, HbA’, HbD eta HbD’ izenak eman dizkiete; HbAk dauka oxigenoarekiko kidetasunik baxuena eta HbD’k kidetasunik altuena. Gyps saiaren odolak, hemoglobina multzo horri esker, oxigeno-tentsio oso desberdinetan garraia dezake oxigenoa.

Aipatzekoak dira altuera handietan hegan eginez migratzen duten ur-hegazti batzuk ere. Antzara indiarrak (Anser indicus) Everest mendikatearen gainetatik migratzen du; 9.000 metrotik gora hegan egiten ikusi izan dira espezie honetako banakoak (altuera horretan itsas mailakoaren herena da O2-aren presio partziala). Oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina dauka hegazti honek ere; argi dago, beraz, horri zor diola, neurri handi batean behintzat, hain altuera garaietan hegan egin ahal izatea. Andeetako antzara (Chloephaga melanoptera) ere toki altuetan bizi da (6.000 metrotik gora) eta, antzara indiarrak bezala, oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina du.

Ikusi ahal izan dugunez, beren bihotzen eta biriken ezaugarriei esker, hegazti guztiak dira toki altuetan hegan egiteko gai. Alabaina, hori baino gehiago behar dute planetan dauden toki altuenetan bizi eta mendi altuen tontorretatik gora hegan egiten duten hegaztiek. Arnas pigmentu bereziak eta hemoglobina bereziak behar dituzte. Horiei esker iristen dira zeruraino.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Zeruraino iristen diren hegaztiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Birusak zainetan

Wed, 2017/04/12 - 09:30
Amaia Portugal Giza odoleko biroma arruntak zer ezaugarri dituen aztertu dute AEBtako ikertzaile batzuek, zortzi mila lagun baino gehiagoko lagina erabilita. Hemeretzi giza birusen sekuentziak identifikatu dituzte; herpesbirusak, batez ere. Lan honek ekarpena egin dezake, transfusioen segurtasuna hobetzeko eta patogeno berriak identifikatzeko.

Gure odolak mikrobio ugari ditu. Horrek ez du esan nahi gaixo gaudenik, baina komenigarria da ahalik eta ondoen jakitea zer daramagun gure zainetan. Horretan ekarpena egin berri dute AEBtako Human Longevity zentroko ikertzaile batzuek, giza odoleko biroma arruntak zer ezaugarri dituen aztertu baitute. Zer da, baina, giza biroma? Birus eta genoma hitzen arteko batuketa da, eta giza gorputzean dagoen birus bildumari egiten dio erreferentzia. Azterketa hau baliagarria izan daiteke, odol transfusioen segurtasuna areago bermatzeko, bai eta patogeno berriak identifikatzeko ere. PLOS Pathogens aldizkarian argitaratu dute artikulua.

Erabat osasuntsu dauden 8.240 lagunen odolaren genomaren sekuentziazio datuak izan dituzte abiapuntu ikerketa honetarako. Informazio gehientsuena erreferentziazko giza genomarekin bat dator, baina sekuentzia datuen %5 inguru baztertuta geratzen da: giza DNAri berez ez dagokion zatia da. Hain zuzen, baztertutako informazio hori da gakoa, hor baitaude gure odoleko biromaren ezaugarriak.

1. irudia: Detektatutako hemeretzi birusen prebalentzia eta ugaritasuna laburbiltzen dituen grafikoa. (Argazkia: Ahmed Moustafa et al.)

Guztira, 94 birusen sekuentziak identifikatu dituzte lagin horietan guztietan. Birus horietatik 75 laborategiko produktuek edo ingurumen faktoreek kutsatuta sortu dira, eta azterketatik kanpo geratu dira, beraz. Ikertzaileek artikuluan aitortu dutenez, kanpo kutsadura horrek nahasmena eta arazo teknikoak ekar ditzake, giza patogeno berriak identifikatzeko erronka zailtzen baitute. Hala ere, detektatu dituzten gainerako hemeretzi giza birusak badira aztertzekoak eta fidagarriak, gure odoleko biroma xehatze aldera.

Gizabanakoen %42ari detektatu dizkiote hemeretzi birus horietakoren bat edo batzuen sekuentzia ugariak. Laginaren %14-20ari herpesbirusak topatu dizkiote, eta %9ari, anellobirusak. Badira proportzio txikiagoetan (%1etik behera) topatu dituzten bestelako birus batzuen sekuentziak ere: papilomaren birusa, B19 parbobirusa, poliomabirusa… bai eta Giza Immunoeskasiaren Birusa ere, besteak beste. Hala ere, azpimarratzekoa da DNA sekuentziei buruz ari garela, eta ez derrigor infekzioa dakarren zerbaiti buruz.

2. irudia: Odol transfusioen segurtasuna handitzen lagun dezake ikerketa honek. (Argazkia: Waldszenen / Public Domain)

Bestalde, adina, jatorria eta sexua kontuan izan dituzte ikerketa honetan. Hala, ikusi dutenez, parte hartzaile gazteenen odolean maizago identifikatu dituzte birus horiek. Jatorri geografikoa ere faktore epidemiologiko garrantzitsua izan daitekeela ondorioztatu dute, birus motan eta haren prebalentzian eragina izan dezakeela. Generoari dagokionez, oro har, birusen zirkulazioak prebalentzia handiagoa du gizonen artean emakumeengan baino, ikertzaileok artikuluan adierazi dutenez.

Lan honetako emaitzek ekarpen handia egin dezakete odol transfusioen segurtasunari dagokionez. Esaterako, gaur egun, odola ematen dugunean, GIBaren, HTLVaren, B eta C hepatitisen, Mendebaldeko Niloko birusaren eta Zikaren probak egiten zaizkigu; odolaren bitartez kutsatu daitezkeen birus patogenikoak direlako. Bada, giza biromaren azterketa honetan identifikatutako birus batzuk ere odolaren bidez transmititu daitezke; giza papilomaren birusa edo Merkel zelulen poliomabirusa, kasu. Nahiz eta DNA sekuentziak besterik ez izan eta printzipioz infekziorako arriskurik egon ez, komenigarria izan liteke halakoei ere bereziki behatzea etorkizunean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ahmed Moustafa et al. The blood DNA virome in 8,000 humans. PLOS Pathogens. 13(3): e1006292. DOI:10.1371/journal.ppat.1006292

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Birusak zainetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gizakien populazioen eboluzioa genomikaren ikuspegitik

Tue, 2017/04/11 - 09:00
Asier Fullaondo Oraintsu arte, gizakiaren eboluzioaren azterketa, aztarna arkeologikoetan oinarritu da, eta antropologoek, gizaki eta hominidoen hezurdurak eta aztarnak aztertuz azaldu digute gizakiaren eboluzioaren nondik norakoen historia. Hala ere, hezurduren eta giza aztarnen azterketak mugak ditu, askotan, ez delako erraza hezur edo aztarna gutxi batzuetan oinarrituta egoera batzuk aurreikusten edo azaltzen. Puzzle bateko pieza gutxi batzuk elkartuz, ez da erraza puzzle osoa zein izango den aurresatea. 1. irudia: Eboluzio-historiari buruz eta gizakion moldaerari buruz egin ditugun interpretazioak aldatzen ari dira egun, datu genomiko berriei esker. (Argazkia: David Mark)

Azken urteotan, antropologoek, tresna berri bat izan dute eskura. Genomika, izakien genomen sekuentzien azterketa egiten duen genetikaren atala da. DNA molekulen sekuentziaren azterketa, bai gaur egungo laginei, bai indusketetan aurkitutako aztarna arkeologikoei egin dakieke. Aztarna horien DNAren sekuentziazioak, nabarmen lagundu du gizakiren eboluzioaren ezagutzan. Genomikaren datuetan oinarrituta, hipotesi berriak garatu eta beste batzuk baztertu egin dira. Datu berri horiek, hainbat zehaztapenen berri eman digute giza eboluzioaren inguruan.

Genomikak, abantaila asko ditu eboluzioaren azterketa egiterako orduan. Batetik, ez da lagin askorik behar, eta hezur txiki batetik ateratako DNA, nahiko izan daiteke espezie baten inguruko informazio anitz lortzeko. Bestetik, DNAren azterketak, denboraren berri ematen digu, DNA erloju modura erabil baitaiteke. DNAn gertatzen diren aldaketak, hau da mutazioak noiz gertatu ziren estima daiteke eta aldaketa horien garrantzi ebolutiboa ere finka daiteke kasu batzuetan. DNAk populazioen arteko gene-elkartruke edo gene-fluxua neurtzeko ere balio du. Areago, aztarnak egungo gizakien genomekin konparatuz, ondo beha ditzakegu gure eboluzioaren aztarnak, galdu eta irabazitako sekuentziak, beste espezieetako DNA arrastoak, eta espezie horiekin zenbateko nahastura izan genuen finka daiteke. Beraz, genomika tresna oso eraginkorra bilakatu da giza eboluzioaren azterketan.

1980an mitokondrien DNAren (mtDNA) lehenengo azterketek, argi utzi zuten DNAren sekuentzien azterketek izugarrizko ahalmena izan zezaketela gizakien historia argitzeko, giza talde desberdinen arteko ahaidetasun erlazioak finkatzeko eta migrazioen nondik norakoak zehazteko. mtDNAren sekuentzien horien analisian ondorio nagusia hurrengoa izan zen: gizakia, Afrikan sortu zela, eta bertatik, mundu guztira zabaldu zela, erabat baztertuz gizakia aldi berean leku desberdinetan sortu izanaren hipotesia.

Mitokondrien DNAren analisiak bere mugak zituen, eta hainbatek aditzera eman zuten,  agian giza eboluzioa argitzeko ezin zitekeela informazio iturri nahikoa izan markatzaile genetiko bakarra edo informazio iturri bakarra agian. Horrela, beste tresna batzuek berretsi beharko zuten mtDNAk erakutsitakoa. Zenbait ikerlarik uste zuten, agian mtDNAk gizakiaren eboluzioaren alde bat besterik ez zuela erakusten, benetako konplexutasuna ezkutuan utzita. Bai mtDNAren analisiak, bai eta Y kromosomaren analisiak, mugak zituzten gizaki modernoen eta beste hominidoen arteko harremanak finkatzeko, ez baitzuten azaltzen Ameriketako gizakien jatorria. Izan ere, giza populazio desberdinen bilakaerak ez ziren argiak eta nekazaritzaren zabalkuntza ere, ez zen ondo azaltzen, informazio genetiko bi iturri horiek erabiliz.

Azken 7 urteotan, aldiz, genoma nuklearren sekuentziazioen metodologiak, eta DNA purifikatzeko eta prestatzeko metodologia berriek, aukera eman dute orain milaka urteko hezurretatik hasita, DNA erauzteko eta Antzineko genoma horiek sekuentziatzeko. Horrez gain, tresna bioinformatikoen eta eredu matematikoek ere, asko lagundu dute sekuentzia horien analisietatik hasita, informazioa lortzen. Nature aldizkarian azterketa sakona egin dute “Tracing the peopling of the world through genomics” artikuluan orain arteko aurkikuntzetan Nielsenek eta bere laguntzaileak. Artikulu horretan ez dute erakusten aurkikuntza berririk, baina bai ordea, orain arteko giza eboluzioaren ikuspegi orokor eta integratu bat. Idatzi honetan ez dut artikulua sakontasunez azalduko, baina artikuluan agertzen diren irudi bi azaldu nahiko nituzke.

2. irudia: Populazio garaikideen arteko harremanak eta hauek elkarrengandik urruntzen diren denbora tarteen adierazpena. DNA zaharraren azterketak populazioen historiaren ikuspegi xehea gaitzen du. Honako azterketek, adibidez, agerian utzi dute egungo europarra hiru talderen nahasketa dela (ANE + WHG + EEF): Antzinako Eurasiako iparraldekoak + lehen nekazari europarrak + Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileak. (Argazkia: Nature aldizkaria, 541. alea)

2. Irudiak, gizaki modernoaren sorreraren irudi sinplea azaltzen du. Irudi honetan, denbora-eskala neurtzen duen gezi bat ikus daiteke ezker aldean, eta filogeniako zuhaitz bat erdialdean. Geziak, milaka urtean erakusten du denbora. Filogeniako zuhaitzak argi erakusten du zenbait adar banatu direla, gaur egungo gizaki modernoa sortu aurreko prozesuan. Argi dago Afrikan sortu direla populazio guztiak eta hainbat migrazio prozesuk eraman dutela, gizaki modernoa, Afrikatik kanpoko munduko lurraldeak kolonizatzera.

Neandertalak dira aztarna gehien utzi egin duten desagertutako giza espezie nagusia. Beste bigarren espezie baten aztarnak ere aurkitu dira Denisovarrak, nahiz eta hauen datu oso gutxi izan.

Filogeniako zuhaitzean ikusi daitekeenez, espezie bi hauek nahiko harreman estuak zituzten elkarrekin. Orain arte horrela uste ez ba zen ere, espezi bi hauek, gizaki modernoarekin batera bizi izan ziren, espazioan eta denboran, eta beraien artean gurutzatu ziren guztiak. Egungo Europa eta Asiako biztanleon genomaren % 2 inguru Neandertalengandik datorkigu. Ez dirudi espezie arteko hibridazio prozesu hori, behin bakarrik gertatu zenik, eta zenbait alditan eta lekutan gauzatuko zen ziur aski.

2. Irudiaren beste kontu interesgarri bat, Afrikan badaudela, gizaki modernoaren populazio desberdinak. Egungo populazio guztiak sortuko zituen horietako batetik banatutako gizaki modernoaren populazio batek. Afrikan dauden klima-baldintzek ez dute aukerarik ematen aitzineko DNA aztarnak egoki mantentzea. Ez behintzat, beraietatik DNA erauzteko moduko kalitateko aztarnak. Hau dela eta, ez dago argi gizaki modernoa Afrikan non sortu zen. Ezin da baztertu, gaurko gizaki modernoaren anatomia, zenbait tokitan gertatutako eboluzio prozesu banatuen ondorioa izan litekeelako ideia.

Hipotesi hau onartuko badugu, egiaztatu egin beharko da gurutzaketak gertatu ote ziren toki horietako populazioen artean.

Argi dago egungo gizaki modernoak hainbat populazio eta jatorritako gizakien nahasketa garela, neurri batean edo bestean, eta nahasketa horiek gure genoman bere aztarna utzi dutela. Hori dela eta, egungo analisi genetikoek, aukera eman digute gure genomaren jatorrian zein portzentajea den asiarra, afrikarra edo europarra.

3. irudia: Egun hainbat migrazio ibilbide kolokan ipintzen dira. Esaterako, Amerikara hurbiltzeko erabili ziren migrazio ibilbideekiko zalantza asko daude egun. Adibidez, irudian beltzez agertzen diren hiru guneetako migrazio proposamenek ez dute adostasunik lortu: Iberiar penintsularenak (IP), Ilgora Emankorrarenak (FC) eta Ponto-Kaspiar estepakoak (PCS). (Argazkia: Nature aldizkaria, 541. alea)

3. Irudiak gizakiaren migrazioak erakusten ditu. Bertan ikusi daiteke planeta guztian zehar zabaltzeko nondik abiatu ziren. Europari dagokionean, hiru migrazio prozesu gertatu ziren gutxienez. Lehena neolitoan gertatuko zen orain dela 10.000 urte inguru, eta Iberiar penintsulara orain dela 7.000 helduko ziren. Hasierako giza populazioa, ondoren gertatutako bi migrazioetako populazioek guztiz ordezkatu zuten, eta horregatik, oso urriak dira hasierako biztanle horien genomen aztarnak, egungo Europar populazioan.

Asian, bi migrazio prozesu izan ziren behintzat, bat hego ekialdera zabaldu eta Australian bukatu zena, eta bestea Asiaren erdialdera zabaldu zena. Nabarmentzekoa da  Australiara zabaldutako lerroen genomek Denisovarren genomen aztarnak dituztela eta Asiako erdialdekoak Neandertalenak. Asiako populazioak izan ziren Amerikako kolonizazioa egin zutenak.

Interesgarria da ikustea irudia, gutxienez, 4 migrazio prozesuen ondorioz Amerikan zeharreko zabalkundea izan zela, eta ez da baztertzen, bosgarren bat ere egotea. Honetan, beste askotan bezala, ez dago argi noiz eta nola gertatu ziren gauzak, Siberiako izotzen estaldurek ez dutelako argi erakusten, nola gurutzatu ahal izan zuten giza populazioek Bering itsasotik Alaskara, eskualde guztia izotzez estalita bazegoen. Era berean, Polinesian zeharreko migrazioak ere erronka izugarria dira, aukera izan baitzuten milaka kilometroko distantziara dauden irlak kolonizatzeko eta ozeano guztian zehar barreiatzeko.

Artikulu hau oso abiapuntu interesgarria giza eboluzioa da ulertzeko. Oraindik ere zalantza asko daude migrazioen inguruan. Genomikak orain arte irudikatu digun irudi honi, argi eta zehaztapen asko faltako zaizkio, baina hurrengo urteotan irudi hori osatzen joango gara eta genomikak zeresana izango du aurkikuntza berri horietan.

———————————————————————————-

Egileaz: Asier Fullaondo Genetika irakaslea da UPV/EHUn eta Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldeko ikertzailea da ere.

———————————————————————————-

The post Gizakien populazioen eboluzioa genomikaren ikuspegitik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak

Mon, 2017/04/10 - 15:00
Eneko Agirre, Itziar Aldabe, Oier Lopez de Lacalle, Iñigo Lopez-Gazpio eta Montse Maritxalar Hein handi batean, Hizkuntzaren Prozesamenduko adituon erronka nagusia hizkuntza sortzeko, ulertzeko zein interpretatzeko gai diren aplikazioak garatzea da. Oso arlo zabala da, hainbat hizkuntza-teknologiaz arduratzen dena, izan ere: informatika, adimen artifiziala eta hizkuntzalaritza biltzen ditu. Hauen guztien artean, erantzunen kalifikazio automatikoaren inguruan emandako lehen urratsak azaltzen ditugu lan honetan.

Ikaskuntza-irakaskuntzarekin lotutako teknologiaz arituko gara, bereziki: erantzunen kalifikazio automatikoan. Honetarako, arloko oinarrizko teknikak eta sistemak deskribatzen ditugu: bai esaldi-antzekotasunean oinarritzen direnak, baita testu-inferentzian oinarritzen direnak ere. Izan ere, bi metodologia hauek dira artearen egoeran testu ulermena lantzeko erabiltzen diren estrategia nagusiak. Kontuan izan erantzunen kalifikazio automatikoa eta testu ulermena zeharo lotuak dauden atazak direla, makina batek ikasleen erantzunak kalifikatu ahal izateko, lehendabizi ulertu egin behar baititu. Bi teknika hauen artean guk bakar-batean sakonduko dugu, nahiz eta norgehiagoka garbia dagoen. Behin teknika azalduta, berau erabiltzen duten aplikazioak deskribatzen ditugu. Era honetan, bi dira artikuluan zehar aztertzen ditugun aplikazioak: bata, erantzunak hierarkikoki antolatzen eta kalifikatzen dituena, eta bestea, kalifikazioaren azalpena eman ahal izateko erantzunaren zatiak erreferentzia batekin parekatzeko gai dena.

Irudia: Hizkuntzaren Prozesamendua alorrak informatika, adimen artifiziala, hizkuntzalaritza biltzen ditu eta hainbat hizkuntza-teknologiaz arduratzen da.

Alde batetik, lehen aplikazioarekin testuinguru gisa irakaskuntzarekin lotutako nazioarteko ataza bat deskribatzen dugu (irakaskuntzaren alorreko nazioarteko Semeval 2013ko zazpigarren ataza. Ataza honetan hainbat zientzia-domeinutatik erauzitako ikasle-erantzunei kalifikazio egokiak esleitzea da helburua (kalifikazioak hauetariko bat izan behar du: zuzena, erdizka edo hein handi batean osatu gabea, kontraesana, garrantzirik gabekoa edo domeinuz kanpokoa). Kalifikazio hauek esleitzeko, galdera, erreferentziazko erantzun eta ikasle erantzunen artean teknika estatistikoak erabiltzen dituen sistema bat deskribatzen dugu eta lortutako emaitzak aipatzen ditugu.

Beste alde batetik, bigarren aplikazioaren testuinguruan, testu-ulermen teknikak egoera berri batean erabilgarriak diren ebaluatzen dugu. Honetarako, esaldiak osotasunean alderatu beharrean esaldiak sintagmen arabera deskonposatu, eta sintagma horien arteko antzekotasunak alderatzeko esperimentuak egiten ditugu. Beste hitz batzuetan esanda, esaldien arteko gainezarpen partziala lantzen dugu esaldi bikotearen segmentuak elkarrekin parekatuz. Sistema hau deskribatzeko ere beste nazioarteko ataza bat azaltzen dugu (Semeval 2015eko bigarren ataza) eta bertan lortutako emaitzak aipatzen ditugu.

Oro har galdera irekien erantzunak guztiz zuzen kalifikatuko dituen sistemarik ez dago egun, baina nazioarteko ataza hauetan -eta beste batzuetan- pixkana-pixkana aurrerapauso handiak ematen ari gara ikertzaileok. Galdera irekiei erantzuteak ahalegin handia eskatzen du, baita kontzeptuak argi antolatuak izatea ere. Hain zuzen ere, horregatik dira hain erabiliak ikasleen trebakuntza-aroetan ezagutza modu eraginkorragoan finkatzeko.

Gure urrutiko helburua galdera irekiei emandako erantzunak automatikoki kalifikatzeko gai liratekeen hizkuntza-baliabideak garatzea da, baina ez da helburu xumea. Argi dago makina batek zerbait gehiago jakin behar duela kalifikazio horiek ematen ikasteko azaleko hitzen esanahia eta sintaxiaren inguruko informazioa baino. Horregatik, oraindik ebatzi gabeko arazo konplexu bat dugu hau.

Teknika berrien laguntzarekin, espero dugu ikasleen erantzunak kalifikatzeko eraginkortasuna hobetzea, eta baita eman ahal dugun feedbacka eraginkorragoa izatea ere. Feedback erabilgarria automatikoki sortzea oso baliotsua da testu-ulermena lantzeko aplikazioen testuinguruan, kasu: tutore-sistema adimendunetan -bai erabiltzaileen ezagutza maila kuantifikatzeko, baita egindako akatsen azalpenak emateko ere-.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak.
  • Laburpena: Lan honetan erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak azaltzen ditugu. Urrats horiek azaltzeko, irakaskuntzaren domeinuko bi sistema deskribatzen ditugu: bata, erantzunak hierarkiko antolatzen eta kalifikatzen dituena eta bestea, kalifikazioaren azalapena eman hala izateko erantzunaren zatiak erreferentzia batekin alderatzeko gai dena. Horretaz gain, alorreko teknika erabilienak mahairatuko ditugu, irakaskuntzaren alorreko nazioarteko ataza bat aztertuz.
  • Egileak: Eneko Agirre, Itziar Aldabe, Oier Lopez de Lacalle, Iñigo Lopez-Gazpio eta Montse Maritxalar.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 127-137
  • DOI: 10.1387/ekaia.14530

—————————————————–
Egileez: Eneko Agirre, Itziar Aldabe, Oier Lopez de Lacalle, Iñigo Lopez-Gazpio eta Montse Maritxalar UPV/EHUko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak

Mon, 2017/04/10 - 09:00
Landareek nitrogenoa behar dute hazteko, eta nekazaritza intentsiboan, nitrogenodun konposatuak eman behar zaizkie landareei, ezinbestean. Ohiko ongarritzeak nitratoan oinarrituak daude eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu; estareko, azaleko eta lur azpiko uren kutsadura eta berotegi-efektuko gasak isurtzea. Izan ere, lurreko mikroorganismoen eraginez, oxido nitrosoa aireratzen dute eta hau berotegi-efektu handiko gas bat da. Arazoari aurre egiteko asmoz, gutxiago kutsatzen duten amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek.

Nitratoa duten ongarriak izan dira nagusi landereen ongarritzeetan, izan ere amonioa erabiliz gero, landareak gutxiago hazi ohi direlako.  Arazo hori arintzeko asmoz, “bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa”, azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Irudia: Daniel Moreno UPV/EHU ikertzaileak amonio bidez elikatzen diren landareen propietateak aztertu ditu. Ikertaren emaitzak adierazten du, amonio bidezko elikadurak konposatu intsektiziden eta minbiziaren kontrako konposatuen kontzentrazioa handitzen duela, esaterako, brokoli-landareetan.

Nolanahi ere, nitrogeno-iturri horrek badu berezitasun bat: “Landareentzat toxikoa izan daiteke, eta landareak nitratoarekin baino gutxiago haztea eragin dezake. Landareek nitrogeno-iturri horrekiko duten tolerantzia eta sentikortasuna ikertzen dugu gure ikerketa-taldean”. Gai horretan sakontzeko asmoz, landare-eredu baten, Arabidopsis thalianaren, proteoma aztertzeari ekin zioten. “Arreta inongo proteina zehatzetan jarri gabe, pentsatu genuen landareek ongarritze-mota bakoitzarekin sintetizatutako proteina-multzoen arteko desberdintasunei erreparatzea“, dio Daniel Marinok.

Elikadura-mota bakoitzarekin landarean zer proteina-mota eta zer kantitate pilatu diren aztertzean, “interes handiena piztu zigun amonio bidez elikatutako landareetan maila handiagoan pilatu zirela glukosinolatoen metabolismoarekin lotutako proteina batzuk”, azpimarratu du ikertzaileak. Glukosinolatoek, oro har, bi propietate dituzte: intsektizida naturalak dira, eta haietako batek, glukorrafanina deritzonak, minbiziaren kontrako propietateak ditu.
Esperimentuak Arabidopsis thaliana landarearekin egin zituztenez, hau da, ikerketan asko erabiltzen den baina interes komertzialik ez duen landare batekin, interesgarri jo zuten “brokoli-landareekin errepikatzea esperimentua. Jateko interes handieneko brokoliaren zatia, lorea, aztertu ez bagenuen ere, ikusi genuen landare gazteen hostoetan glukorrafanina gehiago pilatzen zela nitrogeno-iturri gisa amonioa eman genienean nitratoa eman genienean baino”, zehaztu du Marinok.

Emaitza horiek ikusita, ikerketa-taldeak gai hori ikertzen darrai, eta horretan interesa izan lezaketen enpresekin ere harremanetan jarri dira. Hala, erabilera komertzialera hurbiltzeko asmoz, “landa-azterketak egingo ditugu, sistema askoz konplexuagoa baita laborategia baino, besteak beste, lurreko mikroorganismo batzuek ere erabiltzen dutelako amonioa nitrogeno-iturri gisa. Halaber, esperimentu horietan, brokoliaren infloreszentziaren glukosinolato-edukiari erreparatuko diogu, hori baita gehien kontsumitzen den zatia. Bestalde, oinarrizko ikuspuntu batetik, jakin nahi dugu zein eragin izan dezaketen glukosinolatoek landarearen amonioarekiko tolerantzian”, azaldu du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marino D., Ariz I., Lasa B., Santamaría E., Fernández-Irigoyen J., González-Murua C., Aparicio Tejo P.M.: Quantitative proteomics reveals the importance of nitrogen source to control glucosinolate metabolism in. Arabidopsis thaliana and Brassica oleracea. Journal of Experimental Botany. 2016 May; 67(11): 3313-23  DOI: 67: 3313-3323.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Nitrogenoa amonio bidez emateak minbiziaren aurkako konposatuen sintesia handitzen du brokolian.

The post Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #149

Sun, 2017/04/09 - 09:45
Uxue Razkin

Astrofisika

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman dio Agustín Sánchez Lavega astrofisikariari 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Sánchez Lavega aitzindari izan da Euskadiko espazio-zientzien arloan astronomia eta astrofisika txertatzen: Zientzia Planetarioen Taldea sortu zuen, baita Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko  Espazio Gela eta Behatoki Astronomikoa. Ikerketan, eremu esperimentalean zein teorikoan aritu da. Sánchez Lavega irakaslea astronomia-instrumentazioaren garapen teknologikoan ere dago murgilduta, UPV/EHUren PlanetCam proiektuan. Halaber, Marte planetarako NASAren Mars 2020 misioan MEDA instrumentuaren ikertzaile-kide eta koordinatzaile zientifiko izendatu dute.

Azken urteotan, bereziki Jupiter eta Saturnoren ilargiek piztu dute arreta gehien. Bertan izaten diren prozesuak ulertzeko oso baliagarriak dira espazio misioak baina garestia da horrelako misioak egitea. Baina Laborategiko Astrofisika baliatuz, posible da ere, hein batean, aurkikuntzak egiten jarraitzea. Nola? espazioan gertatzen diren fenomenoak simulatzen. Juanma Gallegok aipatzen du adibide bat: Titan ilargia. Georgiako Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileek iradoki dutenez, satelitean dauden dunek indar elektrostatikei zor diete haien norabide bitxia. Titanen, haizeek batez ere ekialdetik jotzen dute baina, halere, satelitearen lurrazalean sortzen diren dunak kontrako bidea hartu ohi dute. “Badira hainbat indar guretzat batere intuitiboak ez direnak, Lurrean oso garrantzitsuak ez direlako. Baina indar horiek eragina izaten dute Titango elementu geografikoetan”, azaldu du Josef Dufek geofisikariak.

 Meteorologia

Nazio Batuek hamabi hodei berri izendatu dituzte. Ezagunak ziren jada baina oraindik sailkatu gabe zeuden. Modu horretan, Munduko Meteorologiaren Erakundeak aukera baliatu du Nazioarteko Hodeien Atlas berria aurkezteko; 1987az geroztik eguneratu gabe zegoena. Aipatu moduan, ez du genero berririk txertatu: “Hodeiak sailkatzeko irizpide berriak eta hodei bereziak aurkitu dira, baina ez dute genero berririk izendatu”, diote ikertzaileek. Halere, espezie berri bat aurkitu dute: Volutus izeneko hodeia, Australian maiz sortzen dena. Azken hau berezia da: “Ozeano Bareko hainbat tokitan sortu ohi da, eta arrabol horizontalaren itxura hartzen du. Azkar mugitzen da, eta kilometro askoko luzera izaten du normalean”. Aurkikuntzak askotarikoak izan dira. Jo ezazue artikulura horien berri izateko!

Emakumeak zientzian

Flemingek penizilina aurkitu zuen momentura salto egin dugu testu honetan. Argia aldizkarian azaltzen digute nola lortu zuten antibiotiko famatu horren ekoizpen handiagoa lortzea. 1938an, Oxfordeko Patologia Institutuko Ernst Boris Chain eta Norman Heatley biokimikariak eta Howard Florey medikua ekoizpena handitzeko ahaleginean hasi ziren, baina ez zuten emaitza handirik lortu. Mary Hunt-ek laborategi horretan lan egiten zuen; erosketa egiteaz arduratzen zen. Ekaineko egun batez, lizun horixka zeukan meloi bat erosi zuen. Laborategian, lizuna ebaki eta azter zezaten prestatu zuen, laginari etiketan 72 zenbakia ipinita. Ondoren, lizunik gabeko meloi zatiak lankideen artean banatu zituen eta gozoegia omen zegoen. Penicillium chrysogeum onddoa zeukan meloiak. Flemingek aurkitutako onddoak baino 200 aldiz penizilina gehiago ekoizteko aukera ematen zuen. Medikuntzako Nobel saria eman zieten Alexander Fleming, Ernst Boris Chain eta Howard Floreyeri 1945ean. Mary Hunt ez zuten aipatu ere egin.

Irati Markuerkiaga Herbeheretako Radboud Unibertsitatean dabil tesia egiten, neuroirudigintzaren arloan. Ingeniari izateko ikasten hasi zen. Momentu horretan ikusi zuen hautazko ikasgaietako bat Teknika Biomedikoak zirela eta erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI, ingelesez) zer zen ikasteko aukera izan zuen. CIC Biomagunen  erresonantziako teknikari lanetan ibili zen eta han jarraitu zuen lanean. Horren ondotik, doktoretza egitea erabaki zuen. Oraingo zentroan oso gustura dabil lanean: “Adibidez, hamar ikerketa talde daude, baina bulegoetan, taldeka egon beharrean, nahastuta gaude; eta taldeburu guztien bulegoak ere korridore berean daude”. Neurri horiek elkarlana bultzatzea eta taldeek jarrera territorialak izatea ekiditea dute helburu. Eta zein da haren zeregina bertan? MRIa aplikazio anitzetarako erabil daitekeen teknika aipatzen du, ehunen arteko kontraste oso ona lortzen duena. Baina nahiko teknika geldoa da. Hortaz, hiru helburu nagusi ditu taldeak, ikerlariak azaltzen duenez: “Irudiak azkarrago edo bereizmen handiagoarekin lortzeko metodoak garatzea, burmuineko ehunen ezaugarri magnetikoen irudi kuantitatiboak lortzea, eta bereizmen handiko erresonantzia magnetiko funtzionala egiteko metodoak garatzea“.

Osasuna eta medikuntza

Jaioberritan antibiotikoak hartzeak epe luzera ondorio kaltegarriak dituela ondorioztatu du ikerketa batek. Saguekin egindako ikerketak agerian utzi du dosi txikitan erabilita ere epe luzeko kalteak eragiten dituela. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu albistea: haurdunaldiaren azken fasean eta titia utzi arteko aldian penizilina hartzeak duen eragina aztertu dute, eta bietan parekoak direla ikusi dute: hesteetako mikrobiota eraldatzen du; erantzun immunea erregulatzen duten zitokinen kontzentrazioa handitzen du garunean; hesi hematoentzefalikoaren iragazkortasuna aldatzen du; eta, azkenik, portaera soziala murriztu eta jarrera jazarkorra areagotzen du. Bi sexuetan ikertu dute, eta berdin uzten ditu kalteak.

Gaixotasun zeliakoak oinarri genetikoa du baina berriki ikerketa batek erakutsi du infekzio biriko bat izan daitekeela gaixotasuna garatu arazten duen faktoreetako bat. Itxuraz asintomatikoa den reobirus bat da, gure heste meharra kalterik eragin gabe infektatzen duena. Baina, azken ikerketa honen arabera, gaixotasun zeliakoa izateko joera genetikoa duten pertsonengan bestelakoa da eragina: elikagaiekiko tolerantzia immunologikoa aldatu egiten du. Izan ere, gorputzak ez du haiekiko eraso immunologikorik sortzen. Baina gaixotasun zeliakoaren kasuan tolerantzia hori hautsi egiten da eta glutenaren aurrean erantzun immunea eragiten du: hesteetako mukosako geneen espresioa aldatzen dute eta elikagaien antigenoekiko tolerantzia galtzen da. Ondorioz, zelula immuneak martxan jartzen dira eta hesteetako hantura gertatzen da. Ikerketa saguetan egin dute.

Psikologia

Ustelkeria oinarri izan duten ikerketak plazaratu dituzte artikulu honetan. Aipatzen den lehen ikerketak, 2015ean Castellóko Unibertsitatean egin zenak, erakutsi zuen lasaigarriagoa eta errazagoa dela diru-eskaintza onartzea, eta ustela izatea ez da hain mingarria. Beatriz López Varcárcelek eta bere lankideek plazaratu zuten bigarren ikerkuntzan, udal mailako ustelkeria kasuen zehaztapen guztiak bildu zituzten, 2001-2010 tarteko datu-base bat osatzeko. Zer ondorioztatu zuten? Bada, ustelkeriarik gabeko udal batean, %3.1 igotzen direla ustelkerian erotzeko probabilitateak, inguruko zonaldean ustelkeria duen udal bakoitzeko. Costa Rica eszenatoki duen ikerketa batek datu harrigarri bat ematen du: Burgoseko Unibertsitatean, Barómetro de las Américas delakoaren datuak hartu zituen talde batek. Bertan, politikarien inguruko galderak egiten ziren zintzotasunaz, gaitasunez, eta politika-praxiez. Erantzun zutenen %23.2ak politikari ustelak nahiago zituzten, baldin eta politika-ahalmena bazuten.

Biologia

Ameriketako Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko ikertzaile batek behin etxetxori batzuk eraman zituen 6.100 metroko altueran zegoen toki batera. Txoriak beharrezkoa zuten oxigenoa lortzeko gai ziren nahiz atmosferan oxigeno gutxi egon. Toki berdinera eramandako saguak, aldiz, etzanda geratu ziren, koman ia-ia. Ikertzaileak ez zuen aurkitu saguen eta txorien odolen hemoglobinen arteko desberdintasun esanguratsurik. Beraz, sistema kardiobaskularraren edo arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduan egon behar zuen gakoak. Apunte garrantzitsu bat: hegaztien bihotza oso handia da, tamaina bereko saguena baino ia 3 bider handiagoa da etxetxoriena. Bihotz handia izanik, odol-bolumen handia bultza dezake taupada bakoitzeko. Horrez gainera, hegaztien birikak oso eraginkorrak dira, ugaztunenak baino askoz ere eraginkorragoak. Ezaugarri aproposak goialdeetan egon ahal izateko, bai horixe.

Ingeniaritza

UPV/EHUk magnesioan aberatsa den gehigarri batekin lurzoruak tratatzeari buruzko azterlan batean parte hartu du. Sulfatoak dituzten lurzoruak oso material ugariak dira naturan eta material desegokiak dira. Horrek berekin dakar material horiek kendu eta zabortegira eraman beharra, eta harrobietatik ateratako materialekin ordezkatu beharra. “Horrek guztiak kostu ekonomiko eta ingurumeneko handiak sorrarazten ditu, orain arte saihetsezinak” azaldu du Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako irakasleak. Mota horretako lurzoruak egonkortzeko zailtasunaren arrazoia da ohiko gehigarri egonkortzaileak kaltzioan oinarritzen direla. Halakoetan, sulfato gehigarria kaltzioarekin eta buztinaren aluminioarekin konbinatzen da, eta horren emaitza da oso hidratatuta dagoen mineral hedakor bat, etringita izenekoa. Azterlan honetan analizatu egiten da kaltzioan oinarritutako gehigarriak magnesioa oinarri duen hautabidezko gehigarri batekin ordezkatzearen emaitza

Geologia

Euskokantauriar arroaren bilakaera prozesua ezagutu ahal izan dugu artikulu interesgarri honen bitartez. Konpresio-prozesu luze honetan bi deformazio-fase bereizten dira. Zaharrenak iparralderanzko bergentziadun eta gazteenak hegoalderanzko bergentziadun egiturak sortuko dituzte. Lehenengo egiturak, gaur egun, Bizkaia eta Gipuzkoa iparraldean eta Lapurditik ekialdera azaleratzen dira batez ere. Ingurune horretan estentsioa nagusi zen bitartean arroaren hondoratzea eragin zuten faila normal ugari garatu ziren, baina konbergentzia hasi zenean egitura horiek izan ziren esfortzu berriei erantzuten lehenak. Horrela, faila normal askoren inbertsio tektonikoa gertatu zen; Sopelako Atxabiribil hondartzako azaleramenduetan argi gelditzen da hori. Bestalde, Hegoranzko bergentziako fase tektonikoan garatutako egiturak oso nabarmenak dira. Toloño mendizerran zehar garatutako toles eta zamalkadura gehienek hegoalderanzko mugimendua adierazten dute.

 Zientziaren emaitzak

Zientzialariek argitaratzeko duten presioa aspaldiko kontua da, baina azken urteetako “jasangaitza” dela dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduradun Joaquin Sevillak. Haren ustez, asko argitaratzearen beharrak arazo ugari eragin ditu. “Horren erruz, azken urteotan sortu diren zientzia emaitza asko ezin ditugu zientifikotzat hartu. Kasu batzuetan, kalitate estandarrak jaitsi direlako, baina, beste hainbatetan, zuzenean, iruzurtzat jo ditzakegulako”. Zientziarekin garapena beharrean, presio horrek kontrakoa lortzen du: “Zientzian ezinbestekoa den errepikagarritasun printzipioa hautsi da. Beste zientzialari batek esperimentua errepikatzen duenean, ez dira emaitza berberak lortzen”.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #149 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages