Garunak eta hortzek, nork bere bidea
Jakina da gizakiaren arbasoek guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituztela. Burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta daudela pentsatzen da maiz; hau da, garuna handitu ahala, harrizko tresnak egiteko ahalmena eskuratu zutela gure aurrekoek, eta tresna horiek edukita hortzak hainbeste erabili behar ez zituztenez, horiek txikitu egin zirela.
George Washington Unibertsitatean egin berri duten ikerketa batek, baina, hankaz gora jarri du uste hori: haien emaitzek iradokitzen dutenez, garunaren eta hortzen bilakaerak ez datoz bat. Ez ziren gertatu ez aldi berean, ez eta erritmo berean ere. Hala azaldu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.
Homininoak dira Homo generoko kideak eta horien arbaso gertukoenak; Australopithecus, Paranthropus eta Ardipithecus, alegia. Bada, berriki plazaratutako beste ikerketa batzuetan ere egiaztatu dutenez, homininoen garuna garatzen hasi eta gero ere hortz handiak izaten jarraitu zuten, eta gainera, oraindik burmuin nahiko txikia zeukaten, harrizko tresnak erabiltzeari ekin ziotenean. Aipaturiko lotura kolokan jartzen duten datuak dira, eta ikerketa berri hau ere ildo beretik doa.
1. irudia: Australopithecus homininoak guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituen.
Artikulu honetan diotenez, aztertu duten hominino espezie bakoitzean, garunak garapen desberdina izan zuen tamaina eta erritmoari dagokionez, batez ere Homo generoaren barruan. Hortzen tamainaren bilakaera, aldiz, oso egonkorra izan da, pixkanaka txikitu baitira.
Hala azaldu du Aida Gomez-Robles artikuluaren egile nagusiak: “Gure aurkikuntzek adierazten dutenez, ez dirudi kausazko harreman soila dagoenik garunaren tamainaren bilakaeraren, tresnen erabileraren eta hortzen tamainaren artean. Batez ere, homininoen bilakaeraren konplexutasuna aintzat hartuta, eta aldaketa horiek denbora tarte oso zabaletan gertatu zirela kontuan hartzen badugu”.
Zortzi hominino espezie izan dituzte aztergai lan honetan. Hain zuzen, komunitate zientifikoarentzat polemikoak ez direnak aukeratu dituzte: ikertzaile gehienak bat datoz haien bilakaeraren xehetasunetan, eta ez dute beste zenbaitek bezainbesteko eztabaidarik eragiten. Hala, zortzi espezieon eboluzio tasari behatu diote, eta haien arteko desberdintasunei erreparatu. Bai eta kasu bakoitzean garuna eta hortzak zer unetan aldatu ziren aztertu ere. Argi ikusi dute garuna azkarrago aldatu zela hortzak baino, batez ere aurreneko Homo espezieetan. Bien garapena ez dator bat, eta bion atzean dauden faktoreak ere ez.
2. irudia: Gaur egungo giza garuna, hortzak barne, hiru dimentsiodun irudian. (Argazkia: George Washington University)
Lan honetan ez dute aztertu faktoreok zeintzuk izan daitezkeen. Hala ere, zenbait hipotesik iradokitzen dutenez, garunaren hazkundeak zerikusia izan dezake homininoen gizarte egituran eta portaeran (familia, gurasotasuna) eragin handia izan zuten zenbait aldaketatan. Hortzen tamainari dagokionez, aldiz, homininoen elikadura ohituretan izandako aldaketekin ikusi dute lotura askok. Baina bilakaera hain izan da egonkorra eta jarraitua kasu honetan, ezen ez baita ageri jakiekin zerikusia duen gorabehera nabarmenik.
Erreferentzia bibliografikoa:
Aida Gomez-Robles, Jeroen B. Smaers, Ralph L. Holloway, P. David Polly, Bernard Wood. “Brain enlargement and dental reduction were not linked in hominin evolution”. PNAS, January 3, 2017. DOI: 10.1073/pnas.1608798114
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Garunak eta hortzek, nork bere bidea appeared first on Zientzia Kaiera.
Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak
1. irudia: Kokondoetako karramarro erraldoia. (Argazkia: Wikimedia Commons / John Tann, Creative Commons Attribution 2.0 Generic lizentziapean)
Tropiko aldeko uharteetan bizi da Birgus, Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean, eta kokondoetako karramarroa da krustazeo honen izen arrunta. Kokoez, pikuez eta bestelako materia organikoaz elikatzen da. Eta kokoak jateko ahalmenari dagokio bere izena; izan ere, kokoak apurtzeko eta zabaltzeko ahalmen harrigarria du. Bere hagin edo matxardez apurtu eta barruan dagoena jaten du.
Karramarro honetaz ari naiz hemen, duela gutxi plazaratu direlako bere haginez egin dezakeen indarrari buruzko ikerketa baten emaitzak. Okinawa uharteko 29 kokondoetako karramarrook gara dezaketen indarra neurtu du Okinawa Churasima Foundationen lan egiten duen Shin-Ichiro Oka ikertzaileak zuzentzen duen taldeak. Azterketa horren emaitzen arabera, indar handia egiten dute, izugarri handia; izan ere, indar gehien egiten duen krustazeoa dela aurkitu dute.
2. irudia: Kokondoetako karramarroen matxarden morfologia eta hauen indarra neurtzen. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)
Lehen eta behin, espero bezala, ikertzaileek ikusi zuten animalien masaren proportzionala dela matxardek egin dezaketen indarra. Bestalde, neurturiko baliorik handiena 1800 newton-ekoa izan zen; indar hori garatu zuena 3 kg-ko karramarroa zenez, 4 kg-ko ale batek 3000 newton-eko indarra sor dezakeela ondorioztatu zuten. Zenbaki horien esanguraren ideia bat egiteko, kontuan hartu behar da otarrain batek 250 newton-eko indarra baino ezin dezakeela egin bere haginez, hau da, Birgus-ena baino askoz ere apalagoa. Kokondoetako karramarroak hain matxarda indartsuak edukitzeagatik janari mota asko balia ditzake eta, gainera, balio handikoak dira harraparien mehatxuei aurre egiteko eta lehiakideak uxatzeko.
3. irudia: Lurrazaleko harrapakari askoren haginkadak baino indar gehiago du kokondoetako karramarroaren matxardak. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)
Ikusi dugunez, beste krustazeoek egiten duten indarrarekin alderatuta, izugarri handia da Birgus latro-k egiten duena. Baina krustazeo ez diren beste animaliekin erkatzea ere oso adierazgarria da. Gure eskuek, esaterako 300 Newton-eko indarra egiteko ahalmena dute gutxi gorabehera, eta 1600 Newton-ekoa krokodilo baten barailezurrak sor dezakeena. Begira zein handia den kokondoetako karramarroarena, animalia-erreinuan indar handien gara dezakeen animalia krokodiloa dela kontuan hartzen badugu!
Erreferentzia bibliografikoa:
Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita, Kei Miyamoto (2016): A Mighty Claw: Pinching Force of the Coconut Crab, the Largest Terrestrial Crustacean. Plos One, November 23, 2016. DOI: 10.1371/journal.pone.0166108
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak appeared first on Zientzia Kaiera.
Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala
Irudia: Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuntzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.
K.A. VIII milurtekoaz geroztik, hainbat dira eraikuntza materialak indartzeko zuntzak erabiltzeko joera. Anatoliako Çatal Höyük hiri zaharrean buztina lasto eta belar onduarekin nahasten zen gisara, A. Bernardek altzairu ezpalak erabili zituen, 1874an erregistratutako patentearen arabera, alde batetik hormigoia indartu eta beste aldetik hondakin industrialak berrerabiltzeko asmoz. Nabarmentzekoa da, hormigoi armatuaren aitzindaritzat hartzen diren Jean-Louis Lambot (1856) eta Joseph Monieren (1867) patenteen garaikidea izan zela. Azken hauek ez bezala, altzairu zuntzez indarturiko hormigoiak, matrize hauskorra indartzeko ausaz kokatzen diren milaka zuntz labur baliatzen ditu, gaur egun ohikoagoak diren barren ordez. 1962an James Romualdik gidaturiko saiakuntzek beharrezko bultzada eman eta puri-purian jarri dituzte altzairu zuntzez indarturiko hormigoiaren ikerketak.
Laborategiko mailan egindako saiakuntzek aski ondo frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik buru-belarri dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Argi dago, teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.
Hormigoia era berritzailean indartzeko erabiltzen diren beste material naturalen kasuan, egur-zelulosa edo koko-zuntza kasu, ordenagailu bidezko tomografia axialak erabil litezke, elementu edo laginaren barreneko zuntz, poro edo edozelako beste gorputzak zehaztasun oso agertzen dituztelarik. Hala ere, teknika honen kostua altua da eta ezinezkoa suertatu ohi da tamaina handiko egitura elementuetan erabiltzea. Gaurkotasun handikoak diren jasangarritasun alderdiak sustatu egiten dira saiakuntza ez-suntsikor hauen erabileraz. Teknika berri hauek gauzatzea arin eta sinplea denez, interesgarria litzateke neurketa ekipoak garatu, gailu mugikor bati atxiki eta etengabeko neurketen erregistroa biltzea egituraren indartze-mapa osatuz.
Hurbilean badira hainbat adibide material hau erabiltzen dutenak, esate baterako, Bilbao Exhibition Centreko pabiloien lauzak, Bermeoko portua, Metro Bilbaoren tunel tarte baten sostengua eta LKS Ingeniaritza enpresaren egoitza nagusia. Azken hau da guztietan adierazgarriena. 660 metro karratuko forjatuak 300 mm-ko lodiera duten lauzez eraiki dira eta, zuzenean eta inolako haberik gabe, 8 x 7,8 metrora irits daitekeen zutabe sarearen gainean bermatzen direlarik. Era honetan, nabarmenki murriztu dira muntaia eta eraikitze lan eta kostuak.
Etorkizunera begira, zuntz horien kokapen eta orientazioa detektatzeaz gain, datu horiek aurreikusteko egoeran izango gara, batik bat, ordenagailu bidezko jariakinen dinamikaz baliatuz. Horrez gain, pitzadurak berez sendatzeko gai diren hormigoiak garatze bidean dira, materialaren iraunkortasuna handituz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia: Eraikuntza lanak erraztuko dituen etorkizun oparoko materiala.
- Laburpena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia, AZIH (ingelesez SFRC), arrunki ezagutzen dugun hormigoi armatuaren anaia txiki eta ezezaguntzat har genezake. Hala ere, bere ibilbidea anaia zaharrenaren eskutik egin du teknologia hauen garapenean zehar, eta orain etorkizun oparoa aurreikusten zaio. Aldi berean, azken bolada honetan garatzen dabiltzan hainbat azterketa teknika ez-suntsikorrek, kalitate kontrol erraz eta zehatza egitea ahalbidetzen dute. Hori baita AZIHak duen desabantailetako bat, hau da, behin hormigoia gogortuta, ez da hain erraza zuntzek hormigoi matrizearen baitan hartzen duten orientazioa ikusten. Hala ere, materialak merkatuan harrera ona izan dezan, ezinbestekoa da laborategiko maila gainditu eta eskala errealeko egitura-osagaien ikerketa bultzatzea.
- Egileak: Aimar Orbe
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 137-144
- DOI: 10.1387/ekaia.14494
—————————————————–
Egileaz: Aimar Orbe Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakaslea da eta Eraikuntza Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzailea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala appeared first on Zientzia Kaiera.
Bakterioen kontrako hortz-inplanteak
Irudia: Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte UPV/EHUn, inplantazioa arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten.
Inplanteen inguruan bakterioak itsastea eta kolonizazioa gertatzea saihesteko gai diren gainazalak bilatzea “interes handiko gaia da, inondik ere, eta horren erakusgarri da zenbat argitalpen zientifiko atera diren gai horri lotuta”, azaldu du Beatriz Palla ikertzaileak. Izan ere, “inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak medio edo infekzioak agertzen direlako”, gaineratu du.
Arazo horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzeko orduan, kontuan izan behar da erronka bat dela titaniozko inplanteen gainazalari bakterioen aurkako propietateak ematea, eta, aldi berean, bakterio-anduiek erresistentzia handiak gara ditzaketela ohiko antibiotiko-terapien aurrean. Horixe izan zen, ikertzaileek gainditu beharreko erronka. “Dagoeneko garatuta genituen inplantearen inguruan hezurra sortzea bultzatzen duten estaldura batzuk, inplanteak hezurrean ainguratzen laguntzeko. Urrats bat aurrera egin nahian, estaldura horiek bakterizida ere bihurtzen saiatu ginen“, dio ikertzaileak.
Sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten horretarako. Sol-gel sintesian, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da. Gel horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, ezarriko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. “Silizioa erabiltzen dugu hasarazle gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen“.
Egindako ikerketan, hiru motatako estaldurak garatu zituen Pallak, bakterioen aurkako zenbait agente erabilita. Bakterioen infekzioei aurre egiteko mekanismo jakin bat du horietako bakoitzak: batzuek eragin profilaktikoa dute, eta bakterioak hasieran itsastea saihesten dute, eta, baita ondoren infekzioa sortzea ere. Besteek, berriz, sortuta dagoen infekzioa ezabatzen dute.
Estaldura profilaktikoen kasuan, “degradazio-denbora oso luzeko materiala behar genuen, torlojuan denbora luzean itsatsita egon dadin, eta ahalik eta denbora gehiena eman dezan bakterioak itsastea galarazten”, adierazi du Pallak. Dagoeneko sortuta dagoen infekzioei aurre egitera bideratutako estalduretan, berriz, “azkar degradatzen diren materialak behar dira, ahalik eta azkarren askatzeko bakterioen aurkako agentea eta infekzioari eraso egiteko”. Azkeneko helburu horretarako sortutako estalduretako bat, gainera, “odontologia-kontsultan bertan, infekzioak hartutako torlojuan erabiltzeko diseinatu dugu, pazienteari inplantea kendu beharrik izan gabe. Patente-bidean dago material berri hori, baita industria-sekretupean ere”, nabarmendu du ikertzaileak.
Emaitzei erreparatuta, Pallaren ustez, “esan daiteke sortutako estaldurak gai direla bakterioen aurka egiteko, eta ez dutela galarazten inplantea masailezurrean behar bezala integratzea“. Hala ere, aitortzen du bide luzea dagoela oraindik odontologia-kontsultetan erabiltzeko moduko zerbait bihurtzeko, inoiz bihurtuko bada: “Egin beharko liratekeen entsegu guztiez gain, egokia litzateke gehixeago ikertzea, emaitzak optimizatzea lortzeko”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Romero-Gavilán, F., Barros-Silva, S., García-Cañadas, J., Palla, B., Izquierdo, R., Gurruchaga, M., & Suay, J.. Control of the degradation of silica sol-gel hybrid coatings for metal implants prepared by the triple combination of alkoxysilanes. Journal of Non-Crystalline Solids, 453, 66-73.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hortz-inplanteak, bakterioen kontra egiteko eta hezurrean integratzea bultzatzeko gai.
The post Bakterioen kontrako hortz-inplanteak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #136
Ikerketa berri baten arabera, garunaren eremu batek hazten jarraitzen du helduaroan ere. Orain arteko teoriak dio haur jaioberri baten garunak baduela jada helduaroan izango duen neurona-kopuru bera (90.000 milioi inguru neurona). Horren arabera, haurra hazten doan heinean, bere garuna ere hazten doa, baina ez neurona gehiago sortzen dituelako, baizik eta neuronen tamaina eta mielinazko estaldura handitzen doazelako. Elhuyarren azaltzen digute nerabezarora iristean aukeraketa bat gertatzen dela: gutxi erabiliak eta ahulak diren neuronen arteko sinapsiak galdu egiten dira, eta gehien erabiltzen direnak sendotu. Hori dela eta, nerabezaroa hartzen zen garuna hazteko muga gisa. Orain, ordea, ikusi dute eremu batean hazten jarraitzen duela, eta gainera, neurona gehiago sortzearen ondorio dela.
Ekologia eta biologiaDatu triste batekin hasi dugu albisteen errepasoa: 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena murriztu da. Amaia Portugalek kontatu digu gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena dela, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu direla elkarlanean. Sarah Durant ikertzaileak azaltzen du, animalia iheskorra dela eta hari behatzea zaila dela. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”. Afrikan daude gepardo ia guztia; Asian ale eskas geratzen dira. Orain, guztira, 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude.
Animaliekin jarraituz, bitxia da jarraian datorrena: Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek ez dute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Autoreek azaltzen digutenaren arabera, benetan bitxia da talde hori ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da. Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?
Zergatik egiten dugu lo? Loaren garrantziaz jabetzeko, zenbait ikerketa egin dira eta horiek bildu ditu artikuluaren autoreak. Lehenik, dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du Marie-Pierre St.-Ongek gidatzen duen ikerketan. Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute. Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Alabamako unibertsitateak jakitera eman du beste ikerketa baten bitartez 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute.
OsasunaBitamina eta gehigarriak hartzeko ohitura asko zabaldu azken urteotan. Eskura ditugu honakoak hainbat tokitan. Baina benetan onuragarriak al dira. Berrian Edu Lartzangurenek gaia jorratzen du. Antioxidatzaile, azido foliko edo resveratrol pilulak hartzea baliagarria da zerbaitetarako? Zientziak erakutsi du belar denda, parafarmazia, gimnasio eta supermerkatuetan denen eskura dauden elikagai gehigarriak hartzeak ez duela, askotan, osasun onurarik ekartzen. Adituek argi dute auzia: egoera berezietan ez bada, gehigarriok ez dira beharrezkoak, ez dute onurarik ekartzen eta, arriskuak, ordea, badituzte.
BiokimikaBizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertzen dihardu UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko lanean ari dira. DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, esan du Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUkoBiofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du. Gantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik.
Argiak egin dio elkarrizketa Aitana Oltra zientzialariari. Herritar zientziari buruz mintzatu dira, batik bat. Haren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Oltra urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.
2016ko aurrerapen esanguratsuakJuanma Gallegok aurten izandako aurrerapen esanguratsuenak bildu ditu bilduma interesgarri honetan. Lehenik, Advanced Ligo behatokiak grabitazio uhinen aurkikuntza egin zuen. Duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzek egindako talkaren seinalea izan zen atzemandakoa. Albert Einsteinen teorien baliagarritasuna frogatzeaz gain, unibertsoa aztertzeko ate berri bat ireki du grabitazio uhinen aurkikuntzak. Bigarrenik, CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren bidez eraldatutako geneak gizaki batean txertatu zituztela gogoratzen du. Guztira, hamar bat lagunengan egingo dute saioa. Orain arte ez dute jakinarazi sendabide gisa arrakastatsua izan ote den. Erresuma Batuak, bestalde, tresna giza enbrioietan erabiltzeko aukera ireki du. Hirugarrenik, astronautika pribatua dugu. Apirilean, SpaceX enpresak Nazioarteko Espazio Estaziora bidalitako suziri batek itsasoan zegoen oholtza batean lurreratzea lortu zuen. Zerrenda honetan ere, planeta gorriaren lurrazalera egin diren bidaiak aipatu ditu autoreak. ESA Europako Espazio Agentziaren Exo Mars 2016 misioa, adibidez. Ez galdu zientzian izan diren aurrerapenak 2016.urtean zehar.
Astrofisika
“Ospea iragankorra da. Niri zenbakiek sariek baina gehiago inporta didate. Etorkizunean astronomoek nire datuak erabiltzen jarraitzen badute, hori izango da nire ohorerik handiena.” Vera Rubin (1928-2016)
Vera Rubin 2016ko abenduan zendu zen. Astrofisikaria aitzindaria izan zen. Berorrek neurtu zuen lehen aldiz izarren errotazioa galaxia barruan. Neurketa horren emaitzekin materia iluna bazegoela frogatu zuen. Aurkikuntza honez gain ibilbide oparoa egin zuen Vera Rubinek. Nobel saria jasotzeko beste ekarpen egin bazituen ere ez zuen eskuratu inoiz. Beste hainbeste bezala Gorka Zozaia kimikariak Gaur8 gehigarrian azaltzen digu, sukaldeko lana egin dutela Vera bezalako zientzialariak “iluna” argitzen.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #136 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #142
Objektu bat aurkitzen denean aztarnategi arkeologiko batean, ezaguna den kategoria baten sailkatzen da aurkitutakoa. Eta hau horrela egiten da sailkapenerako aukera bat bera ere egokia izan ez arren. Eta beste modu batera egingo balitz? César González-Pérezek erantzuten du galdera Category-less Archaeology artikuluan.
Hormonek emakumeen garunean eragina dute. Izan ere, ez dute eragiten soilik aldarte aldaketan, entzefaloaren tamainan ere eragiten dute, eta, horrez gain, neurona-zirkuitu batzuetan. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Brains on hormones.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #142 appeared first on Zientzia Kaiera.
Xabier Murelaga: “Euskal Herriko arrokek itsaso azpian eman dugun iragan bat erakusten digute” #Zientzialari (64)
Arrokak mendeetan gertatu diren prozesu naturalen ondorioz sortu dira, horregatik, informazio iturri garrantzitsua dira denboran zehar mundua nola aldatu den ulertzeko. 3 multzotan banatzen dira nagusiki: igneoak, metamorfikoak eta sedimentarioak. Azken hauek dira gure inguruan ugarienak eta oso sakonera handiko itsasoetan sortuak izan zirela diote adituek.
Arroken ezagutzak duen garrantziaz hitz egin digu Xabier Murelaga UPV/EHUko geologoak Zientzialariren atal berri honetan. Honez gain, arroka baten azterketa nola burutzen den azaldu du.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Xabier Murelaga: “Euskal Herriko arrokek itsaso azpian eman dugun iragan bat erakusten digute” #Zientzialari (64) appeared first on Zientzia Kaiera.
Gepardoak, uste baino ataka estuagoan
Lehorreko animalia azkarrenak hil ala biziko lasterketa gal dezake, neurririk hartzen ez badugu. Ikerketa batean ondorioztatu berri dutenez, 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena ikaragarri murriztu da: orain dela mende bat hartzen zituzten lurraldeen %9a baino ez dute betetzen egun. Animalia hau arrisku larrian jarri duen arazo nagusietako bat zera da, ale gehienak parke eta eremu babestuetatik kanpo bizi direla, eta horrek are gehiago zailtzen du haien etorkizuna.
Gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena da honakoa, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu dira elkarlanean horretarako. Sarah Durant ikertzaileak azaldu bezala, animalia iheskorra da oso, eta hari behatzea zaila da. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”, esan du. Hala plazaratu dute, PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.
1. irudia: Gaur egun 7.100 gepardo inguru geratzen dira. (Argazkia: James Temple / Flickr / CC BY 2.0)
Gaur egun, gepardo ia guztiak Afrikan daude; Asian 50 ale eskas geratzen dira, eta Irango gune zehatz batzuetan baino ez daude, isolatuta. Munduko kontinente handienean animalia honek izan duen gainbehera ikaragarria izan da, baina Afrikan ere, galera ez da txikia izan. Zimbabwen, esaterako, gepardoen populazioa 1.200etik 170era jaitsi da azken hamasei urteotan. Gainera, orain guztira 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude. Afrika hego eta ekialdeko 30 eremu bereizitan daude, han-hemenka, eta isolamendu horrek are gehiago jartzen du kolokan animaliaren etorkizuna.
Ikerketaren arabera, giza faktoreak gepardoaren biziraupenari egin dion kaltea agerikoa da. Ez dakigu askorik animaliok eremu babestuetan zein horietatik kanpo jasaten duten jazarpenaren inguruan, baina izan bada. Gainera, gehiegizko ehizaren ondorioz, gero eta harrapakin eta elikagai gutxiago dituzte eskura; habitat galera pairatzen dute; eta gepardoen eta haien gorputzeko zenbait atalen legez kanpoko trafikoak ere ez du laguntzen. Neurririk hartu ezean, datozen hamabost urteotan gepardoen kopurua erdira murriztu daitekeela uste dute ikertzaileok.
Babestutako zenbait gunetan ehunka gepardo bizi dira oraindik; esaterako, 340 ale inguru zenbatu dituzte Serengeti Parke Nazionalean (Tanzania). Hala ere, gaur egun, animalion %77a gotorleku horietatik kanpo bizi da, eta hori bereziki kezkagarria da biziraupenari begira. Izan ere, babestutako eremuetan dauden gepardoen proportzioa txikitu ahala, desagertzeko arriskua azkar handitzen da. Parke nazionaletako gepardoen hazkunde tasak oso nabarmena izan beharko luke, horietatik kanpo bizi direnen desagertze azkarra berdintze aldera.
2. irudia: Serengeti Parke Nazionalean 340 gepardo inguru bizi dira, baina eremuak babestea ez da aski. (Argazkia: Bjørn Christian Tørrissen / CC BY-SA 3.0)
Animalia hau hedapen handiko inguruneetan mugitzen dela kontuan hartuta, babestutako eremuak hainbeste zabaltzea zaila da, eta bestelako irtenbidea proposatu dute ikerketa honetan. Gizakiak eta gepardoak elkarrengandik ahalik eta gehien urrundu beharrean, bi animaliok eremuak partekatzearen aldeko apustua egiten da. Tokian tokiko komunitateek gepardoak babestea, gobernuak mugaz gaindiko elkarlanean aritzea eta halako neurriak sustatzearen alde egiten dute ikertzaileok.
Kim Young-Overton artikuluaren beste egileetako batek gaineratu bezala, “babestutako eremuak gotortzea ez da nahikoa. Animaliok urrutira mugitzen dira, eta haien bizitoki diren lurralde babestuak zein babesik ez dutenak kontserbatu behar ditugu”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Sarah M. Durant et al. The global decline of cheetah Acinonyx jubatus and what it means for conservation. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS). December 27, 2016. DOI: 10.1073/pnas.1611122114
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Gepardoak, uste baino ataka estuagoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Odol zuriko izotz-arraina
———————————————————————————————————–
Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek talde guztiz bitxia osatzen dute ornodunen artean, ez baitute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Hemoglobinak ematen dio kolore gorria odolari; arrain hauek arnas pigmentu hori ez dutenez, hortik datorkie «odol zuriko arrainak» izena. Benetan bitxia da talde hau ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da.Horrelako animalia talde baten aurrean bi galdera sortzen dira: zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?
1. irudia: Odol zuriko izotz-arraina 1927. urtean aurkitu zuen lehen aldiz Ditlif Rustad zoologoak norvegiar espedizio baten parte hartzen zuenean. Haren sarean “odol zuriko krokodilo arraina” izendatu zuten Channichthydae espezieko lehen arraina harrapatu zuten.
Lehen galderak ez du erantzun bakarra eta zalantzarik gabekoa. Kontua aztertu duten zientzialarien iritziz, izotz-arrainaren odolak biskositate altuegia izango luke hemoglobina edukiko balu, bai koloide-esekiduran edo eritrozitoen barruan balute ere. Izan ere, tenperaturaren menpekoa denez, biskositatea nabarmenki igotzen da tenperatura jaistean. Hori dela eta, oso altua izan daiteke 0 °C edo baxuagoak diren tenperaturatan bizi diren animalien barne-likidoen biskositatea. Arnas pigmentuak areagotu egiten du tenperaturaren eragin hori. Esaterako, ugaztunen odolaren hematokritoa, gutxi gorabehera, % 46koa da, eta haren biskositatea plasmarena baino hiru bider altuagoa. Bi eragile horiek elkartuta, hots, tenperatura baxuak eta hemoglobinak, biskositate altuegia emango liokete odolari, eta horrek nabarmenki igoko luke odola ponpatzearen kostua, edo, areago, ponpatzea bera eragotziko luke. Horren guztiaren ondorioz, antza, hemoglobina galdu zuten ur hotzetan bizitzera moldatu ziren arrain horiek. Esan beharra dago ur hotzetan bizi diren beste arrain batzuek eritrozitoak badituzte ere, haien odolaren hematokritoa oso baxua dela. Zentzu horretan, izotz-arrainak ez dira, beraz, salbuespen bat, joera orokor baten muturra baizik.
Bigarren galderari berez erantzuten zaio: hemoglobinarik ez badute, behar ez duten seinale. Beste kontu bat da, noski, nola betetzen duten arnas pigmentuaren gabeziak utzitako zuloa: arnas pigmenturik gabe, oxigeno-garraioa odoletik ehunetarantz barreiaduraz gertatzen diren prozesuetara mugatuta gelditzen da. Aukera bat beharrizanak murriztea litzateke, animalien tamaina mugatuz, hau da, txikiak izanik. Ez da hau esku artean dugun kasua; izotz-arrainen artean bada gutxienez espezie bat, Chaenocephalus aceratus, metro erdiko banakoak izan ditzakeena. Orduan, nola konpontzen dute animalia bitxi hauek hemoglobinaren gabeziak oxigeno-garraioari ezartzen dizkion mugak?
2. irudia: Ditlef Rustad zoologo norvegiarra (ezkerrean) saretik tiraka Ozeano Antartikoak egindako espedizio batean. 1927ko abenduan aurkitu zuen odol zuriko izotz-arraina. Arraina ia gardena zen eta odola zuria zuela antzeman zuen zoologoak. 1954. urtean Nature aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean, Johan Ruud biokimikariak baieztatu zuen Chaenocephalus aceratus-ek ez zuela globulu gorririk ez hemoglobinarik. (Argazkia: Liv S. Schjerven-en bilduma pribatua)
Argi dago arrain hauek beren ohiko inguruneak eskaintzen dizkien baldintzetan soilik bizi daitezkeela. Antartidako itsasoetako urek oso oxigenatze-maila altua dute, eta tenperatura ia 2 gradu zero azpitik mantentzen da urte osoan zehar. Jakina denez, oxigenoak uretan disolbatzeko duen erraztasuna handiagoa da zenbat eta tenperatura baxuagoa izan; beraz, disolbagarritasun altua bermatua dago bai uretan eta baita ere arrainen odolean tenperaturak baxu mantentzen diren artean. Gainera, hotzak berak poikilotermoak diren animalia hauen beharrizan metabolikoak (eta, beraz, oxigeno beharrizanak) txikiagoak izatea eragiten du.
Hala ere, animalia hauek ez dira baldintza fisikoen gatibu, beste moldaera bat agertzen baitute: bihotza tamaina bereko beste arrain guztiena baino askoz handiagoa dute, eta taupada bakoitzean 4-10 aldiz odol gehiago ponpatzen du. Horrekin batera, odol-fluxua azkartzera zuzenduta dagoen beste moldaera estruktural bat agertzen dute izotz-arrainek: arrain hauen ehunak irrigatzen dituzten odol-hodiak ohi dena baino askoz handiagoak dira, diametro handiagoa dute, eta, beraz, mikro-zirkulazioa erraz dezakete odol-fluxuari hodietan jartzen zaion erresistentzia txikiagoa delako. Azkenik, larruazalak ere zeregin garrantzitsua betetzen du gas-trukean, garraio-sistema baten beharra arinduaz. Izan ere, brankia txikiak dituzte, haien larruazalak ez du gas-trukea eragotziko luketen ezkatarik, eta dermisa odol-hodiz beterik daukate gasen trukerako azalera eraginkorra areagotuz.
Bistan da ornodun guztien odola ez dela gorria, baina horrek ez du esan nahi gizakien artean odol urdineko banakoak izan daitezkeela sinesgarria denik.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Odol zuriko izotz-arraina appeared first on Zientzia Kaiera.
Goazen ohera…
“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da”
Allan Rechtstaffen, 1971
1. irudia: Antonio Possenti (1933-2016) margolariaren “Morfeo” lana.
Esna gaudenean, jan egin dezakegu ala ez, edan dezakegu ala ez, ugaldu gaitezke ala ez, edota interesatzen zaizkigun eta interesatzen ez zaizkigun beste hainbat gauza egin ditzakegu ala ez. Baina, lotan gaudelarik, begiak abiadura bizian mugitzen zaizkigu eta amets egiten dugu, erremediorik gabe eta inongo kontrolik gabe gure aldetik. Gainera, ez da ahaztu behar animalia gehienek ere lo egiten dutela. Ohiko funtzioa da animalien erresuman. Beraz, zerbait garrantzitsua izango du loak, eboluzioak milioika urtean zehar espezie ugarirengan txertatu badu.
Gure espeziearen biologian lo egitea zein garrantzitsua den irudikatzeko, zenbait adibide zehatz ikus ditzagun. Hasteko, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean lan egiten duen Marie-Pierre St.-Ongek gidatutako ikertzaile taldeak dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du.
Dieta eta loaBadakigu gutxi eta gaizki lo egitea pisua hartzeko arriskuarekin lotuta dagoela eta, ondorioz, baita umeek zein helduek pairatzen duten loditasunarekin ere. Are gehiago, behar adina denbora lo eginez gero, gantz gutxiago irensten dugu. Hala ere, hori ez da lotura kausala, hau da, ez dakigu zehatz-mehatz zerk lotzen dituen loa eta dieta. Ondorioak ezagutzen ditugu, ez ordea zerk eragiten dituen. Gainera, ikerketaren egileen arabera, alderantzizko loturaz are gutxiago dakigu, hots, dietak loari eragiten ote dion.
Ikerketan, 26 boluntarioren laguntza izan zuten. Horiek 30 eta 45 urte bitartean zituzten, eta gauero 7 eta 9 ordu artean lo egiten zuten. Esperimentuak sei egun iraun zuen; haietan, gauero 9 ordu igaro zituzten ohean, lehen lau egunetan dieta kontrolatua izan zuten, eta nahi zutena jan zuten azken bi egunetan. Era horretan, ikertzaileek boluntario bakoitzaren loari buruzko datuak bildu zituzten, dieta kontrolatuari eta ez-kontrolatuari lotutakoak bereiziz. Dieta kontrolatuan %31 gantzari zegokion; karbohidratoei, %53; eta proteinei, %17.
Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute, lo geratzeko behar den denbora handitzearekin batera. Zuntzek eragin nabarmena dute dietan, loa hartzeko denbora murriztu, eta lo sakonaren iraupena luzatzen baitute. Dieta kontrolatua jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, batezbestekoa 29 minutu dira. Horrez gain, gantz aseak lo sakonaren iraupena murrizten du. Eta karbohidratoen ehunekoa altua bada, datu hori loaldian zehar gehiagotan esnatzearekin lotuta egon daiteke.
Orain artekoak laburbilduz, zuntz gutxi eta gantz saturatu asko irensteak gutxiago eta arinago lo egitea, okerrago atseden hartzea eta gauean zehar gehiagotan esnatzea eragiten du.
2. irudia: Dieta kontrolatua bat jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, 29 minutu behar dira, gutxi gorabehera, lo hartzeko.
Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Eta, denbora gutxi lo eginda ere, ez dute energia-gastuan aldaketarik hauteman.
Loaren eta dietaren arteko harremanari buruzko bigarren datua Suediatik datorkigu, Uppsalako Unibertsitatean Chistien Benedictek gidatutako taldearen eskutik. Bederatzi boluntarioren laguntzaz egindako ikerketa argitaratu dute. Boluntario guztiak gizonak ziren, eta batez beste 23,3 urte zituzten. Bi esperimentu egin ziren modu jarraian: lehendabizikoak lo-iraupen txikia izan zuen baldintza nagusi (2.45etik 7etara bitartean), eta bigarrena loaldiaren ohiko iraupena errespetatuta burutu zen (22.30etik 7etara bitartean). Esperimentuaren aurretik eta ondoren boluntarioei gorotz-laginak hartu zitzaizkien hesteetako mikrobiota, hots, haien digestio-hodian bizi ziren mikroorganismoak aztertzeko. Mikrobiotak elikagaien digestioan parte hartzen du, eta horiek kudeatzen ditu digestio horren emaitzak xurgatzeko unean. Hortaz, mikrobiotaren espezieen konposizioa eta haren funtzioa garrantzitsua da organismoak elikagaiak beregana ditzan.
Benedicten ikerketak erakusten duenez, mikrobiotak espezieen konposizioa aldatzen du loaren iraupenaren arabera, eta, ondorioz, bakterio talde batzuk ugaritzen, eta beste batzuk urritu egiten dira. Egileek neurtutako beste parametroen argitan, lo gutxi eginda ere, ez da aldaketarik odoleko gantz-azidoetan; intsulinak, ordea, %20an galtzen du eraginkortasuna, nahiz eta glukosak ohiko kontzentrazioari eusten dion. Gainera, egileek beraiek aitortzen dute ez dela erraza lo eskasak eragindako aldaketen arrazoiak eta ondorioei buruzko hipotesiak planteatzea.
Loa eta arazo kognitiboakBeste adibide bat Alabamako Unibertsitateak Birminghamen duen campusean lan egiten duen Sylvie Mrugek zuzendutako taldeak argitaratutako nerabeen loari buruzko azterketa da. Hartan, 84 boluntariok parte hartu zuten; batez beste, 13,3 urte zituzten, eta erdia neskak ziren. Haien lo-ordutegiaren eta loaren kalitateari buruzko autoebaluazioaren gaineko datuak biltzeaz gain, listuan kortisol-kontzentrazioa neurtu zieten haien estres-maila ezagutzeko.
Neskengan bereziki, kortisol-kontzentrazio altuak lo egiteko arazoekin lotzen dira eta, horrez gain, denbora gehiago eskaintzen diote lo egiteari: gauero 11 ordu ere igaro ditzakete ohean. Haien loaren kalitateari buruzko autoebaluazioa bat dator listuaren kortisol-kontzentrazioarekin, ohartzen baitira estresatuta daudenean okerrago lo egiten dutela. Haien autoebaluazioa gurasoek beraiek beren seme-alaben loaren inguruan egiten dutena baino zehatzagoa da.
Ikerketa zehatzen zerrendaketa amaitzeko, Singapurren kokatutako Neurozientzia Kognitiboko Zentroan lan egiten duen June Lok eta haren kideek loaren iraupenak 55 urtetik gorakoengan eragindako arazo kognitiboen inguruan argitaratu berri duten meta-azterketa ikus dezagun. Bertan, guztira 14 herrialdetako 97.264 pertsonako lagina aintzat hartzen duten 18 ikerlan aztertu dituzte, ametsari eta ahozko memoriari, lanari eta prozesu kognitiboei buruzko datuak jasoz.
Emaitzek, 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute. Hots, arriskutsua da gutxiegi zein gehiegi lo egitea.
3. irudia: Alde handia dago loak zenbat irauten duen animalien artean. Txakurren 10.1 ordu egiten dute lo eta zaldiek, aldiz, 2 ordu.
Loaren iraupenari dagokion datua gehitu dezagun, baina, testua sobera ez zailtzearren, ugaztunak baino ez ditugu kontuan hartuko. Alde handia dago animalien artean, izan ere, 24 orduko ziklo bati gagozkiola, zaldien 2 orduetatik saguzarren 19.9 orduetara doa. Katuak, esate baterako, 12.5 ordu lo egiten du; txakurrak, 10.1 ordu; armadiloak, 18.3 ordu; eta txinpantzeak, 9.7 ordu. Mugikorrerako aplikazio baten bitartez jasotako datuetatik abiatuta, giza espezieak 7.5 ordu eta 8.1 ordu bitartean lo egiten du (Singapurreko, Espainiako eta Herbehereetako datuak dira, hurrenez hurren).
Bestalde, egia da alde handia dagoela pertsona batetik bestera, lo egitearen jarduerari dagokionez. Victoriako Monash Unibertsitateko (Australia) Bei Bei irakasleak eta haren lankideek aldez aurreko azterketa baten bidez 53 ikerlan aukeratu zituzten eta, ondoren, horien meta-analisia egin zuten.
Bakarkako aldakortasun handiagoa hautematen da gazteengan, bakarrik bizi direnengan, diabetesa edo bihotz-gaixotasunen bat dutenengan, Gorputz Masaren Indize altua dutenengan, estresaturik daudenengan, eta depresio edo insomnioaren sintomak dituztenengan.
Laburbilduz: loa eta dieta, loa eta estresa, loa eta arazo kognitiboak. Hainbeste denbora eskaintzen diogun funtzioa izanda, argi dago loak esna gaudenean gure bizitzaren alderdi askotan funtsezkoa izan behar duela. Hala ere, ezer gutxi dakigu haren funtzionamenduaz, are gutxiago zergatik den ezinbestekoa gure biziraupenerako.
Zertarako lo egin?Loa mugimendu mugatuko eta zentzumenen erantzun urriko egoera erregulatu gisa deskribatu dezakegu. Lo gaudenean, ezin dugu jan, bikotearekin sexu-harremanik izan edo gure burua babestu. Eta, denbora nahikoa lo egin ezean, loak ezinbestean hartzen gaitu. Lo egitea beharrezko eta derrigorrezko funtzio biologiko bat da eta, lo egiten ez badugu, neke handia, gorputz eta buru mailako desoreka eta, kasurik larrienean, heriotza pairatuko dugu. Hala gertatu da arratoi edo intsektuekin egin diren esperimentuetan.
4. irudia: Adituak ez dira jartzen ados loaren funtzioaren inguruan, eta hainbat hipotesi landu dituzte azalpen bat eman nahian.
Hasierara itzuliz, oraindik ere zergatik lo egiten ote dugun galdetzen diogu gure buruari. Zergatik gauden esna ere galdetu genezakeen (Matrix filma gogora ekartzea baino ez dago lo egotea erosoagoa dela konturatzeko), baina, esna gaudelako hain zuzen, badakigu egoera horretan jan egin edo ugaldu gaitezkeela; ez dugu, ordea, lo gaudeneko hainbeste informaziorik (adibidez, begiak azkar-azkar mugitzen edo amets egiten dugula), ezta gutxiagorik ere.
Hori dela eta, adituak ez dira ados jartzen loaren funtzioaren inguruan. Hainbat hipotesiren artean, gure jokaera alferrikakoa edo ezinezkoa denean, lo egiteak energia gastatzea eragozten eta ekintzarik eza bultzatzen duela aipatu izan da; kasu horretan, onena geldi egotea litzateke. Izan ere, egoera horrek oroimena sendotzen du; erdiguneko nerbio sistema garatzen du; esna gaudenean gure jarrera hobetzen du; ikerketaren egileen arabera, nerbio sistemaren loturak indartu edo ahuldu egiten ditu; burmuineko hondakin metabolikoak garbitzen ditu; eta, diotenez, sistema immunearen funtzionamendua berregokitzen du. Aitzitik, loak inolako funtzio espezifikorik ez duela ere esan izan da, azken finean modu dotore batean ezertarako balio ez duela adieraztea litzatekeena.
Loaren funtzioa edozein izanik ere, halakorik balu, hura garrantzitsua izango da eta hautespen naturalaren aplikazioan sortu ohi diren presio negatiboek eragindakoa baino eboluzio mailako abantaila handiagoa eskaini beharko du, bestela aspaldi desagertua izango zelako. Eta, hala ere, animalia espezie gehienek lo egiten dute, eta haietako zenbaitek duela milioika urte jokatzen dute horrela. Loak ez du hautespen naturalaren bidez espezieen desagerpena laguntzen, horren ordez, ezagutzen ez dugun abantailaren bat eskaintzen die lo egiten duen espezieei. Azken batean, agerikoa da lo egitea edo, hobeto esanda, ondo lo egitea garrantzitsua dela.
Erreferentzia bibliografikoak:
Al Khatib, H.K. et al. 2016. The effects of partial sleep privation on energy balance: a systematic review and meta-analyses. European Journal of Clinical Nutrition doi: 10.1038/ejcn.2016.201
Allada, R. & J.M. Siegel. 2008. Unearthing the phylogenetic roots of sleep. Current Biology 18: R670-R679.
Aulsebrook, A.E. et al. 2016. Sleep ecophysiology: Integrating neuroscience and ecology. Trends in Ecology & Evolution doi: 10.1016/j.tree.2016.05.004
Barton, R.A. & I. Capellini. 2016. Sleep, evolution and brains. Brain, Behavior and Evolution 87: 65-68.
Bei, B. et al. 2016. Beyond the mean: A systematic review on the correlates of daily intraindividual variability of sleep/wake patterns. Sleep Medicine Reviews 28: 108-124.
Benedict, C. et al. 2016. Gut microbiota and glucometabolic alterations in response to recurrent partial sleep deprivation in normal-weight young individuals. Molecular Metabolism doi: 10.1016/j.molmet.2016.10.003
Krueger, J.M. et al. 2016. Sleep function: Toward elucidating an enigma. Sleep Medicine Reviews 28: 42-50.
Lo, J.C. et al. 2016. Sef-reported sleep duration and cognitive performance in older adults: a systematic review and meta-analysis. Sleep Medicine 17: 87-98.
Mrug, S. et al. 2016. Sleep problems predict cortisol reactivity to stress in urban adolescents. Physiology & Behavior 155: 95-101.
St.-Onge, M.-P. et al. 2016. Fiber and saturated fat are associated with sleep arousals and slow wave sleep. Journal of Clinical Sleep Medicine 12,1.
Walch, O.J. et al. 2016. A global quantification of “normal” sleep schedules using Smartphone data. Science Advances 2: e1501705
—————————————————–
Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.
—————————————————–
The post Goazen ohera… appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa
Orain dela 3.500 milioi urte abiarazi zen prozesu bat da bizia. Gaur egun ezagutzen ditugun zelulen oinarrizko osagaiek, molekula kimiko bizigabeek, urratsez urrats batzen, nahasten eta elkarri eragiten hasi zirenean sortu zen. Une batean bizidun bihurtu ziren, hau da, sistema autonomo. Urteen poderioz, eboluzionatuz joan dira, gaur egungo konplexutasun eta aniztasunera iritsi arte. Bada, bide horretan atzera egin, eta bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek.
Irudia: Gantz-azidoek uretan sortzen dituzten egitura supramolekularren irudi bat, cryo-TEM mikroskopia-teknika erabiliz egindakoa (Argazkia: Adela Rendón eta CIC BioGUNE).
DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, dio Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUko Biofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du.
Kepa Ruiz Mirazo ikertzaile: “Biziaren jatorriari buruzko ikuspegia aldatu behar dugu”. Kultura Zientifikoko Katedraren bideoa.
Ikuspegi berri horren aldeko jarrera izateaz gainera, Ruiz-Mirazoren taldeak Montpellierreko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa batean —Sara Murillo-Sánchez UPV/EHUko doktorego-ikaslearen bi egonaldien esker—, frogatu du molekula batzuek badutela besteetan eragina. “Gure taldean adituak gara inguru prebiotikoetan zer eta nolako mintzak sortu ziren aztertzen, gaur egungo lipidoen aitzindariek, gantz-azidoek, nolako dinamika zuten ikusten. Montpellierko taldea, berriz, lehenengo peptidoen sintesia nola gertatu zen aztertzen dago espezializatua. Bada, batzuen eta besteen jakintzak elkartu genituenean, eta esperimentalki gantz-azidoak eta aminoazidoak batera jarri genituenean, ikusi genuen sinergia bat gertatu zela bi molekula-moten artean”.
Hala, ikusi zuten erreakzioaren katalisi hori gertatzen dela gantz-azidoek konpartimentuak sortzean. Ur-ingurune batean egonda, eta lipidoek, izaera hidrofobikoa dutenez, molekulak elkarrekin lotu eta konpartimentu itxiak sortzen dituzte; alegia, mintz-funtzioa hartzen dute; “garai hartan, mintzak ez ziren biologikoak, kimikoak baizik”, argitu du Ruiz-Mirazok. Bada, ikusi zuten mintz horiek eskaintzen dituzten kondizioek nolabaiteko mesedea egiten dietela aminoazidoei: “Montpellierreko taldeak oso ondo karakterizatuak zituen dipeptidoak sortzeko erreakzio prebiotikoak; eta ikertzaileek ikusi zuten gantz-azidoen presentzian erreakzioaren efizientzia areagotu zela”, gaineratu du.
Kimikatik abiatuta biologiaren konplexutasunera iritsiGantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik. Guk frogatu dugu aitzindari molekularretatik abiatuta lehenengo elkarketak eta kateak sortu zirela. Hau da, kimikatik abiatuta, biologian aurkitzen dugun aniztasunera eta konplexutasunera iristeko modua badagoela”.
Bere ikerketetan, lan esperimentalaz gain, beste bi alor jorratzen ditu Ruiz-Mirazok. Denera, beraz, hiru zutabe edo ikuspuntutatik lantzen eta azaltzen du biziaren sorrera: “Bata esperimentala da; bestea, eredu teoriko eta simulazio konputazionaletan oinarrituta dago, eta esperimentalki lortzen ditugun emaitzak aztertzeko erabiltzen dugu, eta, hirugarrena, apur bat zabalagoa da, filosofikoki aztertzen baitugu zer den bizia, biziaren ikuskerak zer eragin duen gero egiten dituzun esperimentuetan, ikusmolde bakoitzak era bateko esperimentuak egitera eramaten baitzaitu —argitu du—. Hiru metodologia horiek elkarrekintzan daude: azterketa filosofikoan sortzen den ideia batek simulazio berri bat egitera eramaten zaitu, eta simulazio horien emaitzen arabera, esperimentuak diseinatzeko bidea sortzen da. Edo alderantziz. Ziur aski, inoiz ez gara iritsiko biziaren sorrera ebaztera, baina guk horretan dihardugu: lurreko bizidun guztiek jatorri bera dugu, eta hori nola gertatu zen jakin nahi dugu“.
Erreferentzia bibliografikoa:
Murillo-Sánchez, S., Beaufils, D., González Mañas, J. M., Pascal, R. & Ruiz-Mirazo, K. (2016). “Fatty acids’ double role in the prebiotic formation of a hydrophobic dipeptide”. Chemical Science 7: 3406-3414 (online – 09 Feb 2016). DOI 10.1039/C5SC04796J
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko.
The post Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #135
Saturnoko atmosferan haize handia dabil. Zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela. Handik hilabetera, atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, PlanetCam kamera erabili zuten. Ikertzaileek xehetasunez atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten eta zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran.
GenetikaMuskulu-distrofiak herentziazko gaixotasun multzo heterogeneoak dira, eta beraien bereizgarri nagusia gihar eskeletikoko muskulu-zuntzen degenerazio progresiboa da. Muskulu-distrofia mota asko daude. 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A), CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.
NeurozientziaIkerketa baten arabera, haurdunaldiak egitura-aldaketak eragiten ditu amaren garunean eta aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela frogatu dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak gidatu du ikerketa eta erakutsi du lehen aldiz ama izan diren emakumeen garunek materia grisa galtzen dutela, baina horrek ez duela galera kognitiborik eragiten. Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da. Elhuyarrek azaltzen digu aldaketa horri egokitze-inausketa esaten zaiola. Ikertzaileen arabera, prozesua nerabezaroan gertatzen denaren antzekoa da; izan ere, haurrek ere materia grisa galtzen dute nerabezarora pasatzean. Badirudi aldaketa horiek amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen direla. Horrela, emaitzen arabera, amaren garunaren aldaketek amaren haurrarekiko lotura areagotzen dute, haurraren egoera emozionala errazago ezagutu ahal izateko.
Kontu bitxia dakarkigu Amaia Portugalek. Itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten Pokemon telesaileko atal bateko argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak eta haren zergatiak Etxeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politekbikoak elkarlanean egindako lan batean aztertu dituzte. Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.
FisikaFernando Gonzalez fisikaria elkarrizketatu du Berriak. Ordenagailu kuantikoak. Unibertso paraleloekin kalkulatzeko artea izenburuko hitzaldia eman du berriki Iruñeko Planetarioan. Hitachi enpresa japoniarrak Londresko Cambridge Unibertsitatean duen laborategian egiten du lan iruindarrak. Ordenagailu kuantikoen prozesatzaileen nukleoetan dauden bit kuantikoak sortzeaz eta probatzeaz arduratzen den lantaldearen parte da. Ordenagailu kuantikoak oraindik ez dira existitzen, baina fisikariaren arabera, arruntek baino askoz ere ahalmen handiagoa dute. Horren sorrerak dakartzan onurei dagokienez, Gonzalezek hauek aipatzen ditu: “Material berriak sortzen lagunduko du; giza genoman arazoak azkarrago aurkitzen; Interneteko segurtasuna areagotzen; eta informazioa azkarrago bilatzen”.
KimikaGarbigailuak jantzi zikinak garbitzeko erabiltzen dugu, eta bizitza errazten digu horrek. Alabaina, arropa garbitzea kutsadura-iturri garrantzitsua da. Kimikariak testuan esaten duenez: “Ez dugu ahaztu behar garbitzea, azken finean, zikinkeria eta zaborra tokiz aldatzea besterik ez dela”. Eta arrazoia dauka; izan ere, garbigailutik ateratzen diren hondakin-urek hainbat konposatu kutsatzaile dituzte. Azken urteotan bada arreta berezia sortzen ari den kutsatzaile-multzo bat: mikroplastikoak. Lopez Gazpiok azaltzen duenaren arabera, 5 mm baino txikiagoak diren plastiko zatiak dira eta haien arriskua hauxe da: hain dira txikiak, ezen uretako organismoek oso erraz irensten dituztela. Gainera, mikroplastiko horietan kutsatzaile organiko iraunkorrak itsatsi daitezke eta, horrela, bizidunek irentsi egiten dituzte. Artikulu interesgarria, betiko lez. Ez galdu!
HezkuntzaMikel Aizpuruk 1936ko unibertsitatean aurrekariak eta ezaugarriak izan ditu mintzagai testu honetan. 1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokiena baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bateratzeko agindu zuen Leizaolak.
BiologiaOstrak izan dira artikulu honen ardatz, Juan Ignacio Perezek eman digu horien berri: Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Halere, energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera. Handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #135 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #141
Unibertso ezegonkor baten bizi gara. Gure buruen gainean, eta orokorrean biziaren gainean, Damoklesen ezpata asko esekita daude. Horien artean badago bat ez dugula kontuan hartzen, Lurraren ingurutik 25 argi-urteko erradioan dagoen supernoba baten eztanda. Hala ere, dena ez da txarra izango. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu Cloudy, with a chance of supernova artikuluan.
Duela gutxi iragarri dute odol-transfusio batek gaztetu gaitzakeela. Rosa García-Verdugo oso argia da aipatutako iragarpenari buruz: Blood is NOT the eternal youth elixir.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #141 appeared first on Zientzia Kaiera.
Emakume zientzialarien letra-zopa
Hamar arrasto emango dizkizugu lana errazteko. Zientzialari bakoitzaren datu eta argazki bana dituzu, baina bata zein bestea ez daude hurrenkera berean. Animatu zaitez eta aurrera letra-zoparekin!
Zientzialariei buruz- Kimikari honek Kevlar® zuntza sintetizatu zuen.
- Sismologo da eta lurraren nukleoa bi atalez osatuta dagoela antzeman zuen.
- Egun mundu osoan erabiltzen den testa sortu zuen mediku honek, jaioberrien osasunaren egoera aztertzen duena.
- Lehen iktiosauroaren eskeletoa aurkitu eta zehatz-mehatz identifikatu zuen paleontologoa izan zen.
- Naturalista hau mundu osoan barrena ibili zen landare-espezieak marrazten.
- Kimika alorrean aitzindaria izan zen Nafarroan jaiotako ikertzaile hau.
- Fisikaria, Igeldoko Meteorologia Behatokiaren zuzendaria izan zen.
- Hilotzak disekzionatzen zituen, anatomia klaseetan erabiltzeko.
- Geologoa izan zen eta itsas hondoaren edo lurzoru ozeanikoaren lehen mapa egin zuen.
- Fisio nuklearra aurkitu zuen haren lankideekin batera.
Baten bat ez baduzu ezagutu, loturan klik eginez gero ikusi ahal duzu emaitza zuzena.
—————————————————–
Egileez:
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
—————————————————–
The post Emakume zientzialarien letra-zopa appeared first on Zientzia Kaiera.
Norbere gela bat zientzian
Gela bat norberarena. Virginia Woolf
1. irudia: Zientzia, sarri askotan, jenialtasunarekin lotu izan da eta dohain hori gizonezkoei atxikitu izan zaie, ez emakumezkoei. Ondorioz, zientzia gizonezkoen kontua dela luzaroan iraun du historian eta emakume zientzialarien lana estalduta gelditu da.
Judith Shakespeare existitu izan balitz, bere neba William bezain ona izango zatekeen. Baina ez zioten aukerarik eman hori egiaztatzeko. Gela bat norberarena (A room of one’s own, 1929) saiakeraren atal batean aurkeztu zigun Virginia Woolfek fikziozko pertsonaia hura; emakumea izateagatik bere trebetasuna garatzeko askatasuna kendu ziotena. Woolfek erabilitako adibide horrek erakutsi zuen indarrean zegoen –eta dagoen– gizarte patriarkala; eta horren aurrean, emakumeentzako gela propioaren beharra: zer behar dute emakumeek? Woolfek argi zeukan afera eta halaxe idatzi zuen: Sormena eta, batez ere, norbanakoaren independentzia ekonomikoa zein pertsonala garatzeko gela bat, hain zuzen. Tamalez, errealitateak fikzioa erraz gainditu ohi du eta historian zehar, zientzia arloa ez da salbuespena izan.
Emakume zientzialariak egon dira eta asko borrokatu behar izan dute gizonezkoen espazioan sartzeko. Berauen zaletasunak izan dira aurrera jarraitzeko arrazoi nagusiak eta zenbait arlotan aitzindari izatea lortu badute ere, ahanztura zorroan gelditu dira urte askoan. Berriki hasi dira izenei hautsa kentzen.
Imajina dezakezue Eiffel dorrerik gabe, Paris? Sophie Germainen laguntzari esker –beste hainbat zientzialariren parte hartzeaz gain– Gustave Eiffelek burdinazko egitura erraldoia eraiki zuen maitasunaren hirian. Laguntzaile horien ekarpena saritzeko, xafla batzuetan euren izenak grabatu zituen, habeetan. Baina Sophie zerrendatik ezabatu zuen, emakumea zelako.
Eta Hitlerren erregimenaren esanetara egongo bagina oraindik? Ez genuke Philip K. Dickek idatzitako The Man in the High Castle istorio distopikoaren beharrik imajinatu ahal izateko nolakoa izango zatekeen mundua totalitarismoak eta faxismoak indarrean jarraitu izan balute. Joan Clarkeri zor diogu nazien ‘Enigma’ makinak sortzen zituen mezu konplexuak deskodetzearen lana.
Eta jaio berrien bizitasuna neurtzen duen eskalarik izango ez bagenu? Virginia Apgarrek sortu zuen test famatua. Eta imajina dezakezue baztanga gaitz infekziosoak oraindik Europa beldurtuta izango balu, XIV. mendean izurri beltzak biztanleria ikaratu zuen eran? Mary Wortley Montagu Ingalaterrako emakume aristokratak ekarri zuen gaitz horren aurkako metodoa Europara.
Eta zenbat hildako gehiago izango ziren kevlar zuntza sortu izan ez balitz? Bigarren Mundu Gerran erabilitako balen aurkako txalekoei esker, 3.200 pertsona onik atera ziren. Horren atzean dago Stephanie Kwoleken lana.
Zerrenda amaigabea da. Odolak gorputzean egiten duen ibilbidea ezagutu zuen lehena Alessandra Giliani izan zen; Lise Meitner fisio nuklear fenomenoa aurkitu zuen; Marie Tharp itsaso hondoko lehen mapa marraztu zuen lehena izan zen; Marianne Northek munduko botanika ilustratu zuen; Herschel kometa bat identifikatu zuen lehen emakumea izan zen; Mont Blanc mendia igo zuen lehen emakumea bihurtu zen Fanny Bullock Workman, Himalaia esploratu eta haren kartografia jaso zuen; Andereñoen Egoitza sortu zuena Maria de Maeztu izan zen; Mary Anningek hamabi urte zituen Jurasiko garaiko iktiosaurioaren hezurdura topatu zuenean eta hogeita bi urte plesiosaurioaren fosila aurkitu zuenean.
2. irudia: Berriki hasi dira ahaztutako emakume zientzialarien izenei hautsa kentzen.
Historia ez du emakume batek idatzi, ez dago zalantzarik. Baina gehienetan gertakizunen ardatz izan dira, protagonistak, hain zuzen ere. Ezabatu izanak ez du esan nahi existitu izan ez direnik. Eta izan dira, eta badira. Emakumeen ekarriak behar ditugu, jakina da hori. Eta ez zaie lekua eman behar, galtzaileari sari kontsolagarria ematen zaion gisan, haiek konkistatu dutelako irmotasun handiz euren lekua, euren gela, aurreneko su lerroan.
Iraganeko uretan –eta oraina begi-bistan–, dabilen ontzi bat imajinatzen dut nik emakumeek zientzian egin duten lana gogora ekartzen dudanean. Emakumeak dira lemari tinko helduz norabidea erabakitzen dutenak, olatuari beldur ez diotenak. Zenbaitetan ezkerrera, batzuetan eskuinera, baina beti aurrera. Itsasoaren eskergak ez ditu itsutzen; badakite ur mugitu horietan zailtasunak topatuko dituztela, baina datorrenari aurre egingo diote Moby Dick eleberrian Stubbek Pequod ontzian esan zuen antzera: “Etorriko dena ez dakit zehazki zer izango den baina, edozein modutan, pozik joango naiz”.
Bakarrik sentitu dira, laguntzarik gabe. Hala ere, euren eskuek ez diote inoiz lema hartzeari utzi, ontzia ez da inoiz noraezean ibili. Makilaka tratatu dituzte eta beti altxatu dira, inoiz erori ez den norbaiten asmo erabakiaz. Bigarren mailakoak izan direla pentsatu dute askok, eta horiei argitu nahi diet kontua: gustatu ala ez, historian zehar emakumeak protagonistak izan dira.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Norbere gela bat zientzian appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetan ostrak
Ugaltzea ez da merkea, energia asko behar baita sortu behar diren egitura berriak ekoizteko. Alde handia dago espezie batzuk eta besteek egiten duten ugaltze-ahaleginari dagokionez; espezie obiparoen emeek ahalegin handia egiten dute eta are handiagoa da espezie bizierditzaileenek egiten dutena. Hortaz, handiak izan daitezke desberdintasunak. Hala ere, animalia denek gametoak sortu behar dituzte, gameto arrak (espermatozito) edo gameto emeak (obozito), eta energia erabili behar da gameto horiek ekoizteko.
1. irudia: Zergatik da ohikoa ostrak jatea Gabonetan?
Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera baina populazio batean milioika larba sortzen eta garatzen direnez, gehienetan nahikoak dira gazte-egoerara heltzen direnak eta substratuan finkatzen direnak; eta nahikoak direla diogunean, populazioaren iraunkortasuna bermatzeaz ari gara.
Esan bezala, handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke! Bestalde, gametoak osatzeko behar den energia bi iturritik etor daiteke: aldez aurretik pilaturiko erreserbetatik edo ur masatik zuzen hartzen duten janaritik gametoak hazi eta garatzen diren bitartean. Hasiera batean biak izan daitezke iturri egokiak, baina arrisku handikoa da ugalketa zuzen hartutako janariaren guztiz menpekoa izatea. Ikus dezagun zergatik.
2. irudia: Ostra arruntak, Ostrea edulis, Europako ostren artean ohikoena da.
Itsaso epeletan bi izaten dira hazkunderako egokiak diren edo izan daitezkeen urtaroak, udaberria eta udazkena. Udan garaiegia da tenperatura eta horrek, -bibalbioak poikilotermoak direnez-, gastu metabolikoa igoaraz dezake; gastu metabolikoa oso garaia denean janari asko irentsi eta asimilatu behar da gastu garai hori konpentsatzeko eta udan, askotan, janari-gertutasuna ez da oso handia izaten. Neguan, bestalde, janari gutxi dago, gutxiegi energia-erreserbak metatzeko edo ehun berriak sortu ahal izateko. Udaberrian eta udazkenean, berriz, tenperatura ez da garaiegia; hortaz, metabolismoari dagokion gastua ez da larregikoa izaten. Ehun berriak edo erreserbak pilatu ahal izatea, beraz, itsasoan gertu dagoen janariaren menpe dago.
Udaberria izaten da hazkunderako oso urtaro egokia, lehen mailako ekoizpena -eta beraz, bibalbioen janaria diren mikroalgen kontzentrazioa- handia izaten baita sasoi horretan. Azken batean, lehorrean bezala gertatzen da itsasoan. Hori dela-eta, udaberria izaten da larbak eta ale gazteak sortzeko urtarorik egokiena, udaberriko egoera mesedegarria balia baitezakete denbora laburrean tamainaz handitzeko. Bestela, negua heltzen denean oso egoera txarrean helduko dira eta, behar bada, negua ezin izango dute gainditu. Hortaz, gonadaren garapena udaberrian gertatzen bada, beranduegi hel daiteke erruteko unea, zeren larbak udan sortzen badira janari gutxiegi egon baitaiteke itsasoan ale gazteek negua heldu aurretik tamaina egokia lor dezaten. Hori horrela, oso onuragarria da udazkenean zehar energia-erreserbak pilatzea, erreserba horiek izango baitira neguan eta udaberri hasieran zehar gametogenesia (gametoak sortzeko prozesua) elikatuko dutenak. Erreserbetan oinarritutako garapen gonadala da, beraz, hurrengo belaunaldiko biziraupena bermatzeko bibalbio helduek egin dezaketen inbertsiorik egokiena. Eta ez dezagun ahaztu hurrengo belaunaldia dela oraingo belaunaldia existitzeko zioa, zio bakarra izan ere.
3. irudia: Muskuilu eta ostra onenak dastatzeko sasoia udazkenena da, zapore onena baitute orduan. Metatu dituzten glukogenozko erreserbei esker sor diogu zapore on hori eta, ondorioz, Gabonetan hauek jateko ohitura.
Bibalbioen erreserben kontu hau dela-eta, bada azken iruzkina merezi duen kontu labur bat, kapitulu honen izenburuari dagokiona hain justu. Energia-erreserbei dagokienez, berezi samarrak dira bibalbioak. Guk dakigula, animalien artean erreserba gisa lipidoak erabiltzen ez dituzten bakarrak dira, glukogenoa baita euren erreserba nagusia. Bibalbioak gustuko ditugunok badakigu udazkenean jaten direla muskuilu eta ostra onenak; pilatuta duten glukogenoak ematen die zapore bereziki ona sasoi horretan. Glukogenoa eta almidoia oso antzekoak dira eta gure listu-amilasak biak digeritzen ditu. Hortaz, udazkeneko ostrak edo muskuiluak jaten ditugunean listu-amilasaren ekintzaren ondorioz sortzen diren azukre sinpleagoak dastatzen ditugu; horri dagokio, hain zuzen ere, duten zapore ona. Beraz, hurrengo negu eta udaberriko garapen gonadalari begira bibalbioek metatu dituzten glukogenozko erreserbek sustatu dute Gabonetan ostrak eta bestelako bibalbioak jateko ohitura. Hurrengo ostra ahoratzen duzunean, gogoan izan!
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Gabonetan ostrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Telebistak eragindako epilepsia, zabutik erortzearen modukoa
Orain ia hogei urte, zeresan handia eman zuen Pokemon telebista saioko atal batek. Lehen denboraldiko 38. atala zen, eta ordurako milioika jarraitzaile zituen anime horrek. 1997ko abenduaren 16an aireratu zuten Japonian; aurrenekoz, bai eta azkenekoz ere, atal hori ezabatu egin behar izan baitzuten egileek. Izan ere, itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten, marrazkion argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak. Orain, haren zergatiak xehatu dituzte Exeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak elkarlanean egindako ikerketa batean. NeuroImage aldizkarian eman dute emaitzen berri.
Horretarako, garunaren kortexean dagoen neurona multzo baten eredu konputazionala garatu dute ikertzaileok. Hala, frekuentzia zehatz batzuk dituzten estimuluen aurrean, neurona horiek portaera epileptikoa dutela erakutsi nahi izan dute. Estimulu horiek garunak berak sortuak izan daitezke, edo kanpo faktoreek ekarritakoak, Pokemon telesailarekin duela bi hamarkada gertatu zen bezala.
1. irudia: Ia zazpiehun haurrek izan zuten epilepsia krisia 1997an, Pokemonen atal bat ikusitakoan. (Argazkia: Toshiyuki IMAI / CC BY-SA 2.0)
Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.
Fenomenoa azaltze aldera, zabu batekin konparatu dute ikertzaileok. Kulunka dabilen haur bati zabuan bultzada gogorra ematen badiogu, bultzada horren frekuentzia kulunkaren frekuentziaren parekoa izan daiteke. Orduan, zabuaren oszilazioa handituko da, eta haurrak gora eta gora egingo du, erortzeko arriskua izateraino. Erorketa horren moduko efektua izan zuten garunean epilepsia jasan zuten ehunka haur horiek, marrazkien argiek frekuentzia zehatz horretan egin zutelako dir-dir. “Garunaren alfa erritmoa 8-12 hertzekoa da, eta marrazkiok hamabi hertzeko alfa frekuentzia ari ziren erakusten”, gaineratu du Maciej Jedynak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak.
2. irudia: Zabu batekin egin dute analogia ikertzaileek, epilepsia fotosentikorra azaltzeko. (Argazkia: Luiz Carlos / CC BY 2.0)
Epilepsia krisiak nola sortzen diren eta horietan neurona sareetako komunikazioek zer rol jokatzen duten ulertzeko aurrera pausoa da ikerketa hau, egileen hitzetan. “Lan honek erakusten duenez, garunaren portaeran eragin sakona izan dezakete haren ausazko jardueraren behin-behineko zenbait ezaugarrik”, dio Jordi G. Ojalvo Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako batek.
Epilepsiaren kontrako gaur egungo tratamenduen aurrean alternatibak sortu nahi badira, gaitzaren atzean dauden mekanismoak ahalik eta ondoen ulertu behar dira, eta horixe da gisa honetako ikerketen helburua. “Krisi epileptikoak sortu eta zabaltzeko mekanismoak zeintzuk diren argitzen laguntzen dute gure aurkikuntzek”, dio Jedynakek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Maciej Jedynak, Antonio J. Pons, Jordi Garcia-Ojalvo, Marc Goodfellow. Temporally correlated fluctuations drive epileptiform dynamics. NeuroImage. Volume 146, 1 February 2017, Pages 188–196. http://dx.doi.org/10.1016/j.neuroimage.2016.11.034
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Telebistak eragindako epilepsia, zabutik erortzearen modukoa appeared first on Zientzia Kaiera.
1936ko Euskal Unibertsitatearen aurrekariak eta ezaugarriak
Euskal gizartea eta bertako agintariek ondo asko ohartu ziren unibertsitatearen garrantziaz, eta behin eta berriz eskatuko zioten Hegoaldeko ordezkariek Espainiako gobernuari unibertsitate publiko bat. Nafarroako aldundiak 1866. urtean egindako eskaera da ezagunenetarikoa: “Universidad Vasco-Navarra” eratu nahi izan zuten. Hainbat helburu zituen eskabideak: batetik, euskal ikasleek etxetik hurbil ikasi ahal izatea arrazoi moralengatik (atzerri-giroaz kutsatu ez zitezen) eta ekonomikoengatik, eta, bestetik, euskal gizartearen garapena bultzatzea. Madrileko buruzagiek entzungor egin zioten eskariari, eta denbora asko iragan zen nahi hori gauzatu baino lehen. 1886an sortu zen Deustuko unibertsitatea eta 1897an Bilboko Ingeniari Industrialen Eskola.
Aldarrikapenak indar berezia hartu zuen hogeigarren mendearen lehen urteetan, ekonomiaren garapenak, hazkunde demografikoak eta abertzaletasunaren zabalkundeak bultzatuta.
1. irudia: Euzko Irakastola Nagusiaren irekiera ekitaldiaren argazkia (1936ko abenduaren 1ean). (Argazkia: Sabino Arana Fundazioa / Testua: “Amets baten oinordekoak gara-Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea-Universidad Vasca. 1936” liburua)
1916an, Bartzelonako Unibertsitateko Kimika katedraduna zen Agustin Muruak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Bilbon, eta bertan agerian utzi zuen egitasmo desberdinak zeudela unibertsitatearen eskaeraren atzean. Batzuek unibertsitate arrunta eskatzen zuten, Espainiako beste eskualdeetan zeudenen modukoa. Beste batzuek, ordea, Murua bera tarteko, unibertsitatearen erreferentziak atzerrian zituzten (Alemanian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan), eta irakaskuntza-eredu berria nahi zuten. Angel Apraiz gasteiztarrak hartu zion lekukoa Muruari, eta Eusko Ikaskuntzaren bitartez zabaldu zuen euskal gizarte osora. Unibertsitate-ereduak ez ezik, finantzaketak eta kokapenak ere zalaparta sortu zuten: batzuek unibertsitate-campus bakarra nahi zuten (Bilbon gehienen ustez, Oñatin gutxi batzuen aburuz) eta beste asko lau hiriburuetara zabaldutako campusaren aldekoak ziren. Gauza bera gertatu zen ikasketei zegokienez, ez baitzetozen denak bat ezarri beharreko ikasketak aukeratzerakoan; giro horretan, 1914an hasi ziren Bilbon Medikuntza fakultatea sortzeko lanak. Bestalde, Eliza katolikoak zer nolako eragina eduki behar zuen ere izan zen eztabaidagai. Unibertsitatearen aldekoek, oro har, bat egiten zuten autonomia-estatutuen egitasmoekin. Aurreko guztiak kontuan hartuta, ez da beraz harritzekoa unibertsitate publikoa sortzeko ahaleginak Espainiako gobernuaren ezezkoa jasotzea 1930era arte.
2. irudia: Bilbon sortu zen Medikuntza Fakultateko Luis Libano Bilbao irakaslearen agiria. 1937. urtea. (Argazkia: Jose Luis Goiti Zientzia eta Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa)
1931ko apirilean, Bigarren Errepublikaren etorrerarekin aldatu egin zen giro politikoa eta bultzada berri bat eman zitzaion Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapenari. Autonomiaren aldarrikapenaren baitan eta ikasleen mobilizazioak hauspoturik indartu zen euskal unibertsitatearen eskaria, baina berriro ere alferrekoa izan zen. Garai hartan, Bilboko egunkari batek azpimarratu zuen alde batera utzi behar zirela txokokeriak, zatiketak eta interesak, eta ez zirela berriztu behar lehenago euskaldunen artean sortutako banaketak, unibertsitatea lortuko bazen; errepublikako urteetan ordea, euskal gizarteko zatiketak ezinezko egin zuen berriro eskaera bateratu bat aurkeztea Madrileko agintarien aurrean. Dena den, indarberritu egin ziren unibertsitatea Bilbon kokatzea hizpide zuten eztabaidak. Eusko Ikaskuntzak antolatutako udako ikastaroek ere agerian jarri zuten unibertsitate ofizialik eza. Donostian Jakintza Zientifikoen Ikasgune bat sortu zen, unibertsitate ofizialetan matrikulaturik zeuden ikasleek praktikak egin zitzaten (Zientzia Fakultatearen hazia izan zen gune hori). Horretarako, lau adar (Matematikak, Zientzia Fisikoak, Zientzia Kimikoak eta Natur Zientziak) zituen unibertsitate gune bat diseinatu zen, non zientzia teorikoak eta horien aplikazioa teknikan eta industrian konbinatuko ziren. Garai berean hasi ziren hainbat lagun aldarrikatzen euskara ikergai ez ezik, irakaskuntzako hizkuntza ere izan beharko zela unibertsitatean.
Autonomia-estatutuaren egitasmoetan ere azaldu zen unibertsitatea izateko premia, baina estatutuari berari buruzko eztabaida eteteaz batera amaitu zen unibertsitateari buruzkoa 1934. urtean.
1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean, Gerra Zibila hasi, autonomia estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritza osatu arte, hain zuzen. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik, ez zuen denborarik galdu. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokia unibertsitate gune berri baten jaiotzarako, baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bat eratzeko agindu zuen Leizaolak. Batzordeak bi sail izan zituen. Unibertsitatearen ezaugarriak definitzeko ardura zuen sailetako batek; Alfredo Ruiz del Castaño kimikariak zuzentzen zuen eta besteak beste, Angel Apraiz eta Ingeniaritza Eskolako Cesareo Madariaga irakasleak izan ziren batzordekideak. Bazekiten behin-behineko proiektu batean ari zirela lanean, baina, aldi berean, ondo zekiten etorkizuneko Euskadiren unibertsitatearen oinarriak ezarri nahi zituztela. «Proyecto de bases de organización de la Universidad Vasca» izan zen batzordearen emaitza. Helburu gisa hartu zuten unibertsitate integrala osatzea eta lehendik zeuden hezkuntza-, ikerketa-, osasun- edo kultura-erakundeak biltzea. Gainera, mailaka eratuko ziren gogoetarako erakundeak nahiz izaera praktikoko erakundeak.
3. irudia: Ikasleak Medikuntza Fakultateko gelan, 1937. urtean. (Danielle Labajos de Bertolinek utzitako argazkia)
Estatuko legeria errespetatuko zen, baina irakasleria propioa izango zuen eta euskal gizartearen eta irakaskuntzaren premiei erantzuten saiatuko zen unibertsitate berria. Horrela pentsatuta bazegoen ere, azaroaren 18an, Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zen dekretuaren bitartez Euzko Irakastola Nagusia, hots, Euskal Unibertsitate ofiziala sortu zenean, aginduan ez ziren aipaturiko xehetasunak agertzen. Lege-arauak bakar-bakarrik argitzen zuen unibertsitatea sortu zela, Medikuntzakoa izango zela lehen fakultatea eta beste ikastetxeen sorrera Jaurlaritzaren erabakien menpe geratzen zela. Azaroaren 1ean egin zen Basurtuko ospitalean irekiera-ekitaldia, eta bertan Agirre lehendakariaren babesa izan zuen erakunde sortu berriak. Garatu gabe geratu ziren egitasmoen artean, besteak beste, eskola politeknikoa sortzeko asmoa zegoen.
Esan bezala, Medikuntza fakultatea izan zen sortu zen fakultate bakarra. Ikasketak aukeratzeak ez zuen arazo handirik sortu, ez baitzegoen zalantzarik. Bilboko Ospitale Zibilak hainbat saiakera eginda zituen bere zereginen artean unibertsitateko irakaskuntza sartzeko, eta bera zen aukera gauzagarriena. Leizaolak sortutako bigarren batzordearen ardura izan zen haren diseinua. Hainbat eztabaidaren ondoren, argia izan zen konponbidea: Espainiako unibertsitateetako ikasketa-plana bere horretan ezarriko zen Bilbon ere, bi aldaketa esanguratsurekin: Sendakintza-Euskara eta Psikologia Medikoa eta Psikiatria. Prestakuntza urte bat ere derrigorrezkoa izango zen mediku ikasketak egin ahal izateko.
Hiru kontu geratu ziren erabaki gabe: irakasleen hautaketa, ikasleen kontua, eta ikasgelen kokapena. Deialdi publikoa egin zen irakasleak hautatzeko, eta zenbait datatan 29 lagun kontratatu ziren irakasle aritzeko. Horietako gehienak Bilboko Basurtoko ospitaleko medikuak ziren eta bertan eman zituzten eskolak. Prestakuntza-ikastaroan 72 lagunek eman zuten izena eta nabarmendu behar dugu horietatik 14 emakumeak zirela. Medikuntzan, aldiz, 71 matrikulatu ziren. Azken ikasle horiek bi jatorri zituzten; gehienek ikasketak aurretik hasiak zituzten Espainiako beste toki batzuetan; laurden batek batxilergoa amaitu berria zuen. Zazpi neska zeuden euren artean. Erizain-eskola bat ere sortu zen, 1937ko otsailean, baina ez zen abian jarri. 1937ko urtarrilaren 3a zen eskolen hasiera-data ofiziala, baina ikasleek makina bat arazo izan zituzten, gazteak izanda gerra-ahaleginean parte hartu behar zutelako. Maiatzetik aurrera erdi etenda geratu ziren ikasketak bonbardaketen eta bestelako gorabeheren eraginez; hala ere, irakasle batzuk saiatu ziren gutxienez praktikekin jarraitzen.
Ekainaren 19an sartu ziren matxinoak Bilbon eta orduan erori ziren Euskadi Autonomoa, eta berak sortu zituen erakundeak, Euskal Unibertsitatea, besteak beste. Ateak itxi zituzten ikasgelek, eta zapalketa latza jasan behar izan zuten Euskal Unibertsitateko protagonista izan ziren gehienek. Hamabost irakaslek galdu zuten aurretik zuten lanpostua, eta horietako batzuek atzerrira joan behar izan zuten kartzela saihestu ahal izateko. Bilbon geratu ziren batzuek, Julian Guimonek eta Juan Viarrek esate baterako, espetxe gogorra jasan zuten eta ezin izan zuten lanpostu publikoa berreskuratu. Ikasle batzuk ere zigortu zituzten, ez hainbeste Euzko Unibertsitatean matrikulaturik egoteagatik, zituzten lotura politikoengatik baizik. Horrela, beste hainbestek bezala pairatu behar izan zituzten zigorren ondorioak.
4. irudia: Justo Garate irakasleak Patologia Orokorra irakasgaia landu zuen. (Argazkia: Argazkia: Sabino Arana Fundazioa / Testua: “Amets baten oinordekoak gara-Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea-Universidad Vasca. 1936” liburua)
Berritzailea izan zen hogeigarren mendearen hasieran Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapena egitea; izan ere, eskakizun horrek unibertsitatearen mundua eta inguruko gizartea lotzen zituen. Azpimarratu egin zen inguruko gizartea, ekonomia eta Euskal Herriaren kultura hobetzeko unibertsitateak zuen ardura, aldarrikatu egin zen unibertsitatearen jardueran ikasleek izan behar zuten parte-hartzea, eztabaidatu egin zen irakasleak hautatzeko erarik egokienak finkatzeko eta agerian utzi ziren erakundearen kudeaketa autonomoaren aldeko jarrerak. Guztiek uste zuten euskal gizartea, ekonomia eta kultura garatzeko nahitaez behar zela Euskal Herrian unibertsitate publiko bat, eta arrazoi bakarra izan ez bazen ere, erabakigarria izan zen sentitzeko modu hori azkenean unibertsitatea sortzeko. Horretarako, ezinbestekoa izan zen 1936ko udazkenean autonomia lortzea.
Gerra galdu izanak unibertsitatea desagerrarazi zuen, baina ez zen erabat itzali haren aldeko aldarrikapena. 1950eko hamarkadatik aurrera euskal gizartean oso azkar ari ziren gertatzen gizarte eta ekonomia-aldaketak, eta horrek inoiz baino gehiago eskatzen zuen goi mailako irakaskuntza zabaltzea. Ez zen prozesu erraza izan, handia baitzen mesfidantza, baina gutxika-gutxika unibertsitate mailako irakaskuntza publikoak bere tokia egin zuen euskal eremuan, aurrena ikastetxe isolatuetan oinarrituta, ondoren Bilboko unibertsitatea lortuta. Franco hil ondoren, ikasleen eta irakasleen belaunaldi berriek bat egin zuten eskakizun zaharra berpizteko: Euskal Unibertsitatea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Aizpuru Murua, Mikel. Amets baten oinordeko gara – Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea – Universidad Vasca. 1936. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzua, 2012.
———————————————————————————-
Egileaz: Mikel Aizpuru UPV/EHUko Gaur Egungo Historia Saileko irakaslea eta zuzendaria da.
———————————————————————————-
The post 1936ko Euskal Unibertsitatearen aurrekariak eta ezaugarriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Muskulu-distrofien diagnostiko molekularra
Irudia: Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da.
Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, MLPA (Multiplex ligation dependent probe amplification) teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.
DNAren edo/eta cDNAren sekuentziazioa erabiliz aztertutako 722 kasuetatik 271 kasutan 2 mutazio topatu ziren CAPN3 genean, eta diagnostikoa bukatutzat eman zen kasu horietan. 35 kasutan mutazio bakarra topatu zen, eta gainontzeko 416 kasuetan ez zen mutaziorik topatu. Azken kasuak beste muskulu-distrofia batzuen azterketara bideratu ziren. Mutazio bakarra aurkitu zitzaien 35 kasuak eta beste kasu berezi batzuk MLPA bidez aztertu ziren segidan, aurreko teknikekin detektatu ezin izan ziren delezioak egon zitezkeelakoan. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu ziren: 2-8 exoien delezioa heterozigosian, 5-7 exoien delezioa heterozigosian, 2-6 exoien delezioa homozigosian eta gene osoaren delezioa hemizigosian (haustura-puntuak: GANC genearen 16. introiean hasi eta CAPN3 genearen 3’UTR muturrean bukatu). Azken kasu berezi horrek agerian utzi zuen DNAren sekuentziazioz homozigoto diruditen kasu batzuk hemizigosi kasuak izan daitezkeela.
Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko ondoko algoritmoa proposatzen dugu:
a) RNA laginak eskuragarri izanez gero, cDNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke. Ondoren, DNAz baliatuko ginateke, batetik, odoleko RNAtik abiatzen garen kasuetan, 15. exoia ez dagoelako odoleko isoformetan, eta, beraz, exoi hau DNAn sekuentziatu behar delako; eta, bestetik, topatzen diren mutazioen konfirmazioa burutzeko, NMD (Nonsense Mediated Decay) fenomenoaren ondorioz mRNAren degradazioa gerta daitekeelako. Mutazio bakarra aurkituko balitz, edota mutazioa homozigosian balego, MLPA egitea komeniko litzateke; batetik, bigarren mutazioa hasleak lotzen diren eremuan kokatzen den delezio bat ote den argitzeko, eta, bestetik, ustezko homozigotoak hemizigosi kasuak diren aztertzeko, hurrenez hurren. Delezio bat detektatuz gero, delezioaren ingurutik kanpo lotuko liratekeen hasle egokiak aukeratu eta cDNA sekuentziatu beharko litzateke transkrito trunkatua ikusi eta delezioa konfirmatu ahal izateko.
b) RNA laginik eskuragarri ez balego, DNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke ezinbestean. Kasu horretan ere, DNA sekuentziatzean mutazio bakarra topatuko balitz, edota mutazio bat homozigosian ikusiko balitz, MLPA beharrezkoa litzateke delezio posibleak detektatzeko. Bestalde, DNAren anplifikazioan arazoak baleude ere MLPA egitea komeniko litzateke, delezio homozigoto baten aukera aztertzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra.
- Laburpena: 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A) CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da eta MLPA erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu dira. Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko algoritmo bat proposatzen dugu.
- Egileak: Oihane Jaka
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 77-86
- DOI: 10.1387/ekaia.14528
—————————————————–
Egileaz: Oihane Jaka Biodonostia Institutuko eta King’s College Londoneko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Muskulu-distrofien diagnostiko molekularra appeared first on Zientzia Kaiera.
Saturnoko atmosferan haize handia dabil
Irudia: UPV/EHUko Zientzia Planetarioen ikerketa-taldeko kideek Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak ezagutarazi dituzte.
Saturnoren atmosferako zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak elikagaitzat dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela gogorki, Voyager zundek planeta bisitatu zutenean behatu zenarekin alderatuta.
“Iazko ekainean, Aula EspaZio Gelako 28 cm-ko teleskopio soil baten bidez, ikusi genuen orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean eta 1.600 km/h abiaduran mugitzen zela. Abiadura hori ez zen 1980az geroztik inoiz ikusi Saturnon”, azaldu du Agustín Sánchez Lavegak, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariak. Handik hilabetera, Zientzia Planetarioen Taldeko kideek atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, taldeak berak garatutako eta Almeriako Calar Altoko behatokiko 2.2 m-ko teleskopioan instalatutako PlanetCam kamera erabili zuten. Ikerketan, beste herrialde batzuetako behatzaileek teleskopio txikiak erabiliz lortutako irudiak ere erabili zituzten.
Ikertzaileek xehetasunez aztertu ahal izan dute fenomenoa; izan ere, Hubble Espazio Teleskopioaren zuzendariak berau erabiltzeko denbora eman zien, Saturnoren irudiak hartu ahal izateko, garai hartan Cassini ontzia Saturnoren orbitan zegoenez ezin zen-eta planeta ondo ikusi. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira ikerketan”, azaldu du Sánchez Lavegak.
Zenbat eta sakonago, haize bortitzagoakOrban distiratsua osatzen zuten hodeien mugimendua (7.000 km inguruko ekaitz izugarria) eta horien inguruan zeudenena aztertu ondoren, ikertzaileek informazio berri eta baliagarria lortu dute planetaren zorrotada korronte ekuatorial handiaren egiturari buruz. Gainera, ikertzaileek atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten, eta, horren bitartez, zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan, korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera oso aldakorrak dira, urte sasoiko intsolazio zikloak Saturnon duen eragina dela eta. Intentsitatea areagotu egiten da, ekuatorearen gainean eraztunen itzala aldakorra delako.
Bada planetaren ekuatorean dagoen beste fenomeno meteorologiko bat, haizean eragin handia izan dezakeena: Urte Erdiko Oszilazioa (SAO). Hodeien sabai gainetik 50 km-ra gertatzen da, gutxi gorabehera; fenomeno horren eraginez, tenperaturak oszilatu egiten dira eta haizeen norabidea eta indarra ekialdetik mendebaldera aldatzen dira.
Saturnoren meteorologia ekuatorialaren konplexutasun hori gutxi balitz bezala, latitude horietan Orban Zuri Handia izenekoa garatu da hiru aldiz, 1876., 1933. eta 1990. urteetan. Planetari bira osoa ematen dion ekaitz erraldoi bat da eta sei aldiz baino ez da ikusi azken 150 urteotan. Zientzia Planetarioen Taldeak eginiko ikerketak iragarri du ekaitz erraldoi hori dela zorrotada korronte ekuatorialean aldaketa eragin duten eragileetako bat.
“Fenomeno horiek guztiak gure planetan ere gertatzen dira, baina beste eskala batean. Hori dela eta, fenomeno horiek beste mundu batzuetan baldintza oso desberdinetan ikertuz gero, horiek hobeto ulertu ahal izango ditugu eta ereduak eraiki”, esan du ondorio gisa Agustín Sánchez Lavega astrofisikariak.
Erreferentzia bibliografikoa
A. Sanchez-Lavega, E. García-Melendo, S. Perez-Hoyos, R. Hueso, M. H. Wong, A. Simon, J. F. Sanz-Requena, A. Antuñano, N. Barrado-Izagirre, I. Garate-Lopez, J. F. Rojas, T. del Rio Gaztelurrutia, J. M. Gómez-Forrellad, I. de Pater, L. Li, T. Barry “An Enduring rapidly moving storm as a guide to Saturn’s equatorial jet complex structure”, Nature Communications, 10.1038/NCOMMS13262.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ezagutarazi dira Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak.
The post Saturnoko atmosferan haize handia dabil appeared first on Zientzia Kaiera.