Gezurrak esatera ohitu egiten da garuna
Endredozko komedia askoren haria da, eta, egiari zor, guri geuri ere tarteka gertatzen zaigu: gezur bat esan, eta ondoren hura estaltzeko beste bat bota, eta beste bat, eta beste bat… egoera nahi baino gehiago korapilatu arte. Bada, gizakiok gezurren katramila luzetan sartzeko joera badugu, ez da soilik ziri txiki bat sinistarazteko beste guztia apaindu behar izaten dugulako. Izan ere, zenbat eta gezur gehiago esan, orduan eta erosoago gaude iruzurrarekin, ez gara hasieran bezain gaizki sentitzen.
Hala azaldu dute Londresko University College erakundeko zenbait ikertzailek, Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Idatziaren izenburua argigarria da oso: the brain adapts to dishonesty, edo euskaraz, garuna egokitu egiten da zurikeriatara. Egiaztatu dutenez, gezur txikitan behin eta berriz aritzean, gure burmuinak galdu egiten du jarrera horrek dakarkion ezinegonarekiko sentikortasuna. Ondorioz, errazagoa zaigu gerora gezur gehiago eta handiagoak botatzea.
Irudia: Pinotxori bezala, behin gezurretan hasita, gizakioi ere kosta egiten zaigu galga jartzea.
(Argazkia: mhagemann / CC BY-SA 2.0)
Amigdalari erreparatu diote ikerketa honetan. Garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masa da amigdala, almendra itxurakoa, eta emozioarekin lotuta dago. Ikertzaileok ikusi dutenez, amigdalaren erantzuna aktiboagoa da lehen gezurra esaten denean, baina bere erreakzioa gainbeheran doa gezur gehiago esan ahala, eta aldi berean, iruzurra handituz doa. Tali Sharot ikerketaren arduradunak adierazi bezala, “guretzat onuragarria izango delakoan gezurretan aritzen garenean, gure amigdalak sentipen negatiboa sorrarazten du, eta zenbaterainoko gezurra botatzeko prest gauden mugatzen du horrek. Hala ere, erreakzio hori ahuldu egiten da gezurretan jarraitu ahala: zenbat eta gehiago ahuldu, orduan eta handiagoak bihurtzen dira gure gezurrak”.
Ondorio horretara iristeko 18 eta 65 urte arteko 80 boluntariorekin egin dute esperimentua. Pote batean zenbat libera zeuden asmatu behar zuten, eta haien estimazioaren berri eman aurrez aurre ez zeukaten kideari, horretarako ordenagailua erabiliz. Estimazio horietan nahi beste gezur esateko baimena zuten esperimentuko partaideek.
Lehenengo kasuan, estimazioa zenbat eta zehatzagoa izan, partaidearentzat zein bere kidearentzat orduan eta onuragarriagoa izango zela esan zitzaien. Baina ondoren, askotariko agertokiak planteatu zitzaizkien. Hala nola, estimazioa gainetik edo azpitik egiten bazuten: haiek irabaziko zutela, haien kidearen lepotik; biek irabaziko zutela; kideak irabaziko zuela, haien lepotik; eta batak edo besteak irabaziko zuela, baina besteari kalterik egin gabe.
Catch me if you can filmean ere, protagonistaren gezurrak gero eta handiagoak dira. (Bideoa)
Gainestimazioa, kidearen lepotik, boluntarioaren aldekoa zen agertokian, hasieran zertxobait baino ez zuten puzten kalkulua, eta amigdalak gogor erantzuten zuen. Esperimentuak aurrera egin ahala, ordea, zifra gero eta gehiago puzten zuten boluntarioek, eta amigdalaren erreakzioak behera egiten zuen. Hala, hasieran gainestimazioa batez beste lau liberakoa zen bitartean, esperimentua bukatzerako (80 bat ariketaren ondoren) zortzi liberatan ari ziren puzten emaitza. 80 boluntario horien artean, 25ek garuna eskaneatu bitartean egin zuten esperimentua, eta hor argi eta garbi ikus zitekeen amigdalaren erreakzioaren bilakaera, eta gezurrak esaten ohitu egiten dela garuna.
Horrenbestez, ikerketak iradokitzen duenez, gaizki dagoenari edo immorala deritzonari higuina dio gure amigdalak, baina higuin hori lausotuz doa, ekintza errepikatzen den heinean. “Zurikeria baino ez dugu aztertu kasu honetan, baina litekeena da printzipio hau bera beste ekintza batzuetan ere aplikatzeko modukoa izatea. Hala nola, gehiegi arriskatzeko edo jokabide oldarkorrak izateko joerez ari garenean”, gaineratu du Neil Garrett artikuluaren egile nagusiak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Neil Garrett et al. The brain adapts to dishonesty. Nature Neuroscience (2016). Published online: 24 October 2016. DOI:10.1038/nn.4426
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Gezurrak esatera ohitu egiten da garuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Splicing bidez eginiko zuzenketa genetikoa: trans-splicinga
0. irudia: Splicinga genetika molekularrean erabiltzen den teknika bat da.
Badira urte batzuk terapia genikoek ez dutela izan esperoko arrakasta, baina une honetan bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak egin dituzten aurrerapausoak direla eta, berpiztu egin da terapia mota honekiko interesa. Teknika hauek, besteak beste, badute eragozpen bat gaixotasuna sendatuko lukeen genearen cDNAren tamainan, ez baitzegoen neurri handiko gene-transferentzia egiteko gaitasuna zuen bektorerik.
Gaur egun ordea hainbat teknikaren bidez saiatu dira arazo hau gainditzen; hori dela eta terapia genikoan aurrerapauso garrantzitsua eman da, zientzia eta bioteknologian erabilgarri izango diren baliabideei harrera emanaz.
Badira genomaren zuzenketa egiten duten teknologia ugari eta horretarako endonukleasek erabilpen zabala dute egunotan. Hedatuena, CRISPR/Cas9 (Clustered regularly interspaced short palindromic repeats CRISPR associated 9 (Cas9)) sistema da bere efikazia eta bertsatilitateagatik. Bere eraginkortasunagatik eta bere erabilera anitzengatik, CRISPR/Cas9 da sistema hedatuena.
Cas9 bakterioek kanpo DNA degradatzeko erabiltzen duten proteina bat da. Teknologia hau edozein zelula aldatu eta zuzentzeko erabiltzen da. Oso zehatzak izango liratekeen guraize molekular hauek edozein DNA molekula moztu eta bertan DNA berri bat gehitzeko gaitasuna dutenak. Behaturiko erronkarik handiena, beharrezkoa den entzima eta RNA gida, itua den ehunera zuzentzeko modua da.
Baina teknologia honetan ez dugu sakonduko RNAren heltze prozesuko terapiari buruzko estrategietara mugatuko baikara.
Gene jakin bat adierazia izan dadin, transkripzio prozesuaren ondorioz mRNA sortuko da informazio genetikoaren transmisioa baimentzeko. Besteak beste, jatorri genetikoa duten gaixotasun askoren artean badira, RNA mezulariaren heltze-prozesuan gertatzen diren akatsek sortzen dituzten gaixotasunak. Esan bezala, RNAn oinarrituriko terapiek mutazioa daramaten geneen adierazpena erregulatzea dute helburu. Akats mota jakin honi irtenbide bat emateko, gaur egun splicingean oinarrituriko hiru estrategia dira erabilienak:
Oligonukleotidoak orokorrean 13-25 nukleotido dituen azido nukleikoak dira, zeintzuk gene zehatz baten sekuentziarekiko osagarri diren. Hauek, zelulako mRNAri atxikituz proteinaren sintesia ekidin edo sintesian eraldaketak eragiten dira; horrela ordezko splicing bat bultzatzen dute lorturiko proteinak desiotako egitura izango duelarik (1 eta 2 irudia).
Oligonukelotido arrotzak zelulan sartuz gero, nukleasek azkar degradatzen dituzte, eta beraz, berauek aldaketa kimikoak behar dituzte degradazio hau ekiditeko. Aldaketa erabilienak 2’-gluzidoaren aldaketak dira, fosforilazioak, metilazioak, eta abar, horrela lotze-afinitatea eta farmakozinetika asko hobetzen delarik (Goyenvalle et al 2016).
Oligonukleotidoetan oinarrituriko terapiak etorkizun handikoak dira monogenikoak diren zenbait gaixotasunen splicing patologikoa zuzentzeko. Hauen eredu adierazgarriena Duchennen distrofia muskularrean erabilitako estrategia da. Estrategia honetan, mutazioa daraman exoia splicing bidez kentzen da (exon skipping) eta lorturiko proteina txikiagoa izan arren funtzioa bete dezake (2 irudia). Entsegu klinikoak urrats aurreratuetan daude dagoeneko, Duchenneen muskulu-distrofia eta muskulu-atrofiarako aplikazioetarako. Dena den, FDAk (US Food and Drug Administration) ez du dagoeneko oligonukleotidoetan oinarrituriko terapiarik baimendu minbiziaren tratamendurako (Lee et al 2016).
Splicing modulatzaileakSplicing-akatsak zuzentzeko gero eta gehiago erabiltzen dira molekula txikiak, zeluletan oligonukelotidoak baino errazago barneratzen direnak. Molekula txiki hauek, splicing modulatzaile deiturikoak, splicinga egiten duen zelula-makineriari eragiten diote, izan ere molekula hauek ez dute akasdun exoia itutzat hartzen (Chakradhar et al 2016).
Molekula hauek spliceosomako proteina ezberdinak izan ditzakete itutzat, splicinga gertatzeko beharrezko diren konplexuen sorrera ekiditen delarik.
Konpainia farmazeutikoak oraindik molekuletan eragiteko modua aztertzen ari badira ere, spliceosomari zuzenean atxikitzen zaizkiola uste da.
Badira dagoeneko, ahoz har daitezkeen bi hautagai, RG7800 eta RG7916 farmakoak alegia; hauek, gaixoentzat askoz egokiago izanik SMA atrofia espinalerako erabiltzen dira. Badirudi, RG7800rekin arazoren bat egon zela baina RG7916k, SMN2 genearen mRNA kopurua handitzen du odolean eta 1 fase klinikoan dago. Badira minbizi arloan erabilitako beste zenbait molekula ere. (Chakradhar et al 2016)
Aipaturiko bi estrategia hauetan ere erronkak badira, espezifizitatea eta banaketari dagozkionak alegia. Alde batetik, molekula txiki modulatzaile hauek, splicing makineriarengan eragiten dute eta ezespezifikoak izanik, itutik kanpo eraginda albo efektuak sor ditzakete. Bestalde, gorputzeko entzimek oligonukleotidoak molekula modulatzaileak baino errazago degradatzen dituzte eta oligonukleotidoak zeluletan barneratzeko ere zailagoak dira. Gainera, zaila da oligonukleotido hauek splicing makinarian eragiteko nukleoan sartzeko gaitasuna dutela ziurtatzea. Horretaz gain oligonukleotido bakoitzak oro har, mutazio bat zuzentzen du eta beraz, oligonukleotido asko beharko genituzke gaixotasun bakar bat sendatzeko.
Arazo hauek direla eta, zientzialari batzuen iritziz teknologia hauek baina hobea izan daiteke RNA bidezko trans-splicinga (Berger et al 2016).
RNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT (Spliceosome-mediated RNA trans-splicingRNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT izendaturiko estrategia, terapia geniko berritzaileak diseinatzeko etorkizun handiko estrategia da, tratamendurik ez duten gaixotasunentzat.
SMaRT teknologiak, mutazioen zuzenketa-transkripzioaren ondoren egiten du eta ondorioz mRNA sekuentzia aldatzen du. Horretarako, exogenoa den RNA bat barneratzen da zelula ituan eta splicinga gertatzen da RNA exogeno horren eta itua den pre-mRNA endogenoaren artean. Beraz, heltze prozesua trans moduan gertatzen da (3 irudia).
Trans-splicinga arrunta izan arren, tripanosoma eta nematodoetan, gertaera nahiko arraroa da ugaztunetan banandurik dauden bi premRNA-ren artean mRNA kimeriko bat osatzea. Dena dela, RNAren splicingeko makinaria naturalaz eta mekanismo honek dakartzan abantailaz baliatzeak, RNAren terapien aplikaziorako abangoardiara ekarri du SMaRT teknologiak.
Terapia genikoan erabil ahal izateko, pre-mRNA trans-splicing molekulak –PTM (pre-mRNA trans-splicing molecule) – deiturikoak erakusten dituen ezaugarriengatik, trans-splicingak dituen abantailak ondokoak dira:
1- Itua lehen introia denean, eta ondorengo sekuentzia guztia ordezkatzen denean, PTM bakarra behar da ondoren egon daitezkeen mutazio ugari konpondu ahal izateko. Honek CRISPR teknologia, ASO edo beste molekula batzuk baina abantaila gehiago ditu, azken hauek mutazio zehatz bakarra izan dezaketelako itutzat.
2- Gene desberdinen erregulazioa, espazio eta denboran, oso zorrotza izan behar da zelulen oreka fisiologikoa manten dadin. Beraz, PTMak, trans-splicing prozesurako izan ezik, inerteak direnez, berauen adierazpena erabat naturala den pre-mRNA ituaren erregulazioaren menpekoa da.
3- PTMek gaitasun bikoitza azaltzen dute erreakzio bakar batean, mutaturiko proteinaren sintesia murriztekoa eta halaber, proteina normalaren sintesia sustatzekoa alegia.
4- PTMak konponketarako cDNAren atal batez soilik osaturik daudenez (beste terapia genikoek cDNA osoaren premia dute), tamaina txikiko molekula baten beharra besterik ez dago. Horrela bektore gisa erabiltzen diren birusen eskaintza zabalagoa izatea baimentzen da.
Badira oraindik tras-splicingari buruz ezagutzen ez diren zenbait arlo; cis-splicingari buruzko informazio asko daukagun baina tras-splicingari buruzkoa ez da hain ugaria eta gaur egun ezinezkoa da PTMak izango duen eraginkortasuna aldez aurretik jakitea.
Trans-splicing teknologia gaixotasun askoren terapiarako erabili da dagoeneko, hala nola, distrofia muskularretan (Duchenne-en distrofia muskularra, Disferlinopatiak, Titinopatiak), Retinosi pigmanetarian, Fibrosi kistikoan,… Hauetaz gain ere zenbait minbiziren tratamendurako erabili izan da splicingaren zuzenketa.
Hala ere zoritxarrez, trans-splicinga ez da oraindik gehiegi garatu gaur egun eta oraindik hobeto aztertu eta ulertu behar da, PTM indartsuagoak lor ahal izateko.
Zenbait saiakera egin dira aipaturiko gaixotasunetan, baina oraingoz efizientzia ez da espero zitekeena bezain ona eta teknologia honen bidez ez da gaixotasuna gainditzeko proteina kopuru adina sortzen.
Sekuentziaren espezifikotasuna litzateke ordea arazo larriena, ingeniaritza genetikoko erreminta guztien kasuan gertatzen den bezala. Izan ere, ez genuke nahi trans-splicinga proteina aberrante baten sortzaile izatea.
Bestalde PTMaren gehiegizko adierazpenak ere arazoak sor ditzake, inespezifitatea gehitu edo toxikoa den gehiegizko RNA txikiaren gainadierazpena gerta baitaiteke.
Besteak beste, beharrezko ezagutza lortuta, efizientzia %100 izanda, eta albo ondorioak ekidinda, SMaRT teknologia benetan eraginkor eta boteretsu den terapia genikorako tresna izango da etorkizunean, gaixotasun askoren sendabide izanik.
———————————————————————————-
Egileaz: Amets Sáenz Peña Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea da eta egun, Gaixotasun Neuromuskularren Taldean dihardu lanean.
———————————————————————————-
The post Splicing bidez eginiko zuzenketa genetikoa: trans-splicinga appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainen gene-kodea ezagutzen
Azken hamarkadan genomak eta transkriptomak sekuentziatzeko metodo berriak garatu dira, bai eta sekuentzia kontsensuen antolaketa baimentzen duten programak ere. Hau da, gene-kodea aztertzea baimentzen duen tekniken iraultza gertatu da, baina ingurune urtarreko organismo askoren informazio genetikoa ezezaguna da oraindik. Teleosteoen kasuan, kladoaren dibertsitate handia kontuan harturik, ezagutzen diren arrainen genomen %0,2a baino ez da sekuentziatu edo behintzat, sekuentziatzeko asmoa dago. Trankriptoma kontuan hartzen bada ordea, arrainen %0,5 da.
Irudia: Berriki, DNA eta RNA mailako ikerketak egiten hasi eta asko ugaritu dira arrainetan, besteak beste, eboluzioa, populazioaren genetika, ekotoxikologia, akuikultura zein arrantza bezalako arloetan.
Hala ere, arrainen gene-kodearen ezagutza azken hamarkadan esponentzialki emendatu da. Sekuentziaturiko lehenengo teleosteoaren genoma, 2002an publikatu zen. 6 urte geroago, ordea, sekuentziazio teknologia berriak erabilita, lehenengo teleosteoaren transkriptoma. Artikulu bi hauetan, “Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar” eta “Mikrotxipak arrainetan: atzo gaur eta bihar”, gaur egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datu-baseetan dagoen informazioa laburtu da, bai eta informazio honen jakintzak dakartzan onurak azpimarratu ere. Horien artean, molekula mailako azterketetarako tresnak garatzea lortu da; hala nola, biomarkatzaile espezifiko berriak, mikrotxipak edo ingelesezko “digital gene expression” izenekoak. Hauek guztiak, hainbat arlotan diharduten bidezidorrak ulertzen laguntzen dute, besteak beste: garapenaren prozesu biologikoak, gaixotasunen disfuntzioen ezagutza, immunizazioa, elikadura, ingurumeneko aldaketen aurreko adaptazioa, ernalketa zein eboluzioa.
Orokorrean, DNA/RNA mailako informazio aberastasunak zenbat eta arrain familia ezberdin gehiago barneratzen dituen orduan eta eboluzioari buruzko informazio gehiago ezagutuko da. Zenbat eta filogeniako hutsune gehiago bete edo sekuentziatu, orduan eta errazago detektatuko dira espezie bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, eta estres ezberdinei aurre egiteko espezie bakoitzaren berezitasunak argitzen joango dira. Honetan guztian mikrotxipek zein“RNAseq” moduko teknologia berriek lagundu dezakete gene mailako informazioa deskodetzen eta funtzionalki testatzen. Hala ere, molekula mailan ematen diren aldaketok, zelula/ehun maila baino antolaketa biologiko konplexuagoetan izango duten efektua estrapolatzea zaila da oraindik. Hori dela eta, tresna mota hauek hipotesi berriak plazaratzeko erabili izan dira nagusiki ekotoxikologian.
Mikrotxipek zehazki, arrainek estres egoeretan pairatzen dituzten geneen adierazpen aldaketak aztertzea ahalbidetu dute. Horrela, kutsatzaile eta droga askoren efektu posibleak aztertu eta hipotetizatu dira. Hala ere, ingurunean, kutsatzaileak nahastuta daude, eta zoritxarrez, nahasketa hauek eragindako aldaketen inguruko azterketak urriak dira. Ingurunean aurkitzen diren kutsatzaileen nahasketok ikerketak zaildu egiten dituzte, eta ondorioz mikrotxipek izan dezaketen erabilgarritasuna sarri kritikatu da. Hala ere, mikrotxipak gai dira lekuan lekuko kutsadurak eragin ditzakeen efektuen espektroa azaltzeko.
Mikrotxipen bidez detekta daitezkeen gene baten zein gene multzo baten transkripzio mailako gorabeherek malformazioak edo gaixotasunak ondorioztatuko dituzten baieztatzea ez da batere erreza. Hala ere, zenbat eta molekula mailako informazio gehiago izan arrainetan, sekuentziazioak, zein mikrotxipen eta RNAseq bidezko gene adierazpen mailen azterketak direla medio, kutsaduraren aurkako arrain talde sentikorrenak/erresistenteenak ezagutu ahalko dira eta informazio hau balizkoa izan daiteke ingurune kortserbazio eta errekuperazio planetarako, bai eta “toxikologia ebolutiboa” bezalako ikerketa lerro berriak irekitzeko ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar.
- Laburpena:Nahiz eta genomak eta transkriptomak sekuentziatzeko metodo berriak garatu diren, ingurune urtarreko organismo askoren sekuentzia ez dugu ezagutzen oraindik. Teleosteoen kasuan, kladoaren dibertsitate handia kontuan harturik, ezagutzen ditugun arrainen %0.2aren genoma besterik ez da sekuentziatu edo sekuentziatze asmotan dago. Artikulu honen helburua, beraz, gaur egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datubaseetan dagoena laburbiltzea da, bai eta informazio honen jakintzak dakartzan onurak indartzea ere. .
- Egileak: Oihane Diaz de Cerio eta Eider Bilbao.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 151-182
- DOI: 10.1387/ekaia.13266
—————————————————–
Egileez: Oihane Diaz de Cerio eta Eider Bilbao Izaskun Alvarez UPV/EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen ikertaldeko kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Arrainen gene-kodea ezagutzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Sendagai eraginkorragoen mekanismoak argitzen
Irudia: Xabier Contrerasek, Biofisika Institutuko Ikerbasque ikertzaileak, mintz hartzaileak blokeatzen dituen mekanismo molekularra identifikatu duen ikerketan parte hartu du.
Ikerketa 11 haurren osasun txostenetatik abiatu zen. Haur horiek guztiek mikobakterioengatiko infekzioek eragindako nahasmendu bat zuten, eta konturatu ziren denek fenotipo bera zutela, mutazio bera zuena. Mutazioa interferon-gamma hartzailean (IFNGR) zegoen kokatuta, eta taldea disfuntzio hori zerk eragiten zuen ikertzen hasi zen.
Zelula mintza ozeano batekin konpara daiteke: batez ere lipidoz eta proteinaz osatutako itsaso bat, non lipido espezifiko batzuez osatutako uharteak dauden (kolesterolaz eta esfingolipidoz osatutakoak, esaterako). Uharte horietan daude mintz proteinak, eta nanodomeinu horietan baino ezin dute gauzatu euren funtzioa.
IFNGR hartzailea mintz proteina horietako bat da, eta askotariko prozesu zelularretan parte hartzen duten geneak aktibatzen ditu. Prozesu horietako bat agente patogenoen eta minbiziaren aurkako defentsa da. Taldeak aurkitutakoaren arabera, hartzailea osatzen duen 337 aminoazidoko katean mutazio soil bat egoteak azukre bat gehitzen dio hartzaileari. Azukre hori galektina izeneko zelulaz kanpoko proteinen familiako proteina bat da. Proteina hori hartzaileari gehitzen zaionean, bere nanodomeinutik ateratzen du, eta harrapatuta gelditzen da zelularen zitoeskeletoa osatzen duten aktina filamentuen artean. Hartzailea, bere nanodomeinutik kanpo dagoenean, blokeatu egiten da eta ezin du seinalea igorri.
“Ikerketak zenbait froga zuzen ematen ditu, egiaztatzen dutenak nanodomeinu lipidiko batzuek eginkizun garrantzitsua dutela IFNGR hartzaileak gauzatzen duen zelula seinaleztapena aktibatzen eta erregulatzen. Gainera, lan honen emaitzek agerian jarri dute beharrezkoa dela galektinen eta hainbat sortzetiko gaixotasunekin lotuta dauden N-glikosilazio maila altuko mintz hartzaileen arteko elkarreragina aztertzea. Ikerketak, halaber, zenbait helburu terapeutiko ematen ditu IFNGR hartzailean mutazioa duten gaixoak tratatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Blouin CM, Hamon Y, Gonnord P, Boularan C, Kagan J, Viaris de Lesegno C, Ruez R, Mailfert S, Bertaux N, Loew D, Wunder C, Johannes L, Vogt G, Contreras FX, Marguet D, Casanova JL, Galès C, He HT, Lamaze C. Glycosylation-Dependent IFN-γR Partitioning in Lipid and Actin Nanodomains Is Critical for JAK Activation. Cell. 2016 Aug 11;166(4):920-34. DOI: 10.1016/j.cell.2016.07.003.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Mintz hartzaileak blokeatzen dituen mekanismo molekularra identifikatu dute.
The post Sendagai eraginkorragoen mekanismoak argitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #126
Sagardo naturalari heldu dio Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Hasieratik argitzen digu kontua esaldi batekin: sagardoa ez da naturala. Halere, sagardo botila guztietan naturala dela jartzen du. Orduan, zer? Lopez-Gazpiok ederto batean azaltzen digu ‘natural’ hori 1979ko abuztuaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialean agindutakoa betetzen duen sagardoa delako. Aginduaren 4. artikuluan definitzen da: praktika tradizionalak jarraituz egindako sagardoa da, gehitutako azukrerik gabekoa eta jatorri endogenoko gas karbonikoa besterik ez duena. Definizio horrek islatzen du praktika tradizionalekin egindakoa dela naturala. Hau da, praktika tradizionalak dira eta ez naturalak.
TeknologiaPanorama iluna irudikatu du Yuval Noah Harari intelektualak aurrerapen teknologiko-zientifikoen gainean. Gizakia Jainko bihurtzen ari dela dio, “literalki, ez zentzu metaforikoan: gizakiak diseinatzen eta fabrikatzen ikasten ari gara”. Bere hitzetan, XXI. mendeko ekonomiaren produktu garrantzitsuenak ziurrenik gorputza eta burmuina izango dira. Argiak gerturatu dizkigu bere hausnarketak. Azpimarragarriena, honakoa: teknologia berriez informatuago egoteko eta gure ordez erabakitzen ez uzteko gomendatzen du. Haren irudiko, “arrisku handiak daude, baina gauzak aldatzeko garaiz gaude”.
BiologiaIpar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru-arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hazi eta landare lehorrak jaten dituzte metabolismoa asetzeko behar duten energia lortzeko. Animalia txikiak dira (10-20 cm-koak, eta gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak. Inguruan urik ez dagoen egoera batean, animalia hauek janaritik lortzen dute ura. Elikagaiek berez duten ur-kantitatea inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Basamortuan egonda, ur galerak murriztu behar dituzte orduan. Eta hori nola lortzen dute? Batetik, horretara zuzendutako bizimodua dute: gauez ateratzen dira bakarrik. Bestetik, azal oso iragazgaitza dute, eta, beraz, tegumentutik apenas galtzen dute urik.
Biologiari jarraiki, flatulentzien inguruko artikulua dugu hau. Datu ugari ematen dizkigute. Adibidez, Magendie fisiologo ospe handikoak aztertu zituen gizon osasuntsuen heste-gasak XIX. mendearen hasieran. Oxigenoa eta karbono dioxidoa aurkitu zituen, eta metanoa ere egon litekeela susmatu zuen. Egungo ikerkuntzek berretsi egin dituzte aurkikuntza hori. Horretaz gain, gasak hiru prozesutan sortzen direla azaltzen da. Neurri batean, jatean barneratzen dira gorputzera. Beste parte bat urdailean sortzen da digestio azidoaren ondorio modura. Azkenik, hesteetako bakterioek hidrogenoa, metanoa eta sufredun produktuak ekoizten dituzte, iristen zaizkien elikagaien digestioaren ondorioz.
IngurumenaEuropak 47,8 milioi tona plastiko eskatu zuen 2014an, eta tona horien % 90ek iturri berriztaezinetan zuten jatorria. Gainera, 25,8 milioi tona plastiko zaborretara bota ziren, eta horietatik % 30,8k zabortegietan bukatu zuten bizi zikloa. Hori da EBko herrialde askotan hondakinak kudeatzeko erabiltzen den plana. Baina alternatiba bat badago: ekonomia zirkularra. Azken honek baliabideak produktu bilakatzen ditu, produktuak hondakin, eta hondakinak atzera baliabide. Horrela, erabilitako baliabideen, sortutako hondakinen eta ingurumeneko isurien kopurua txikitzen da. UPV/EHUko Biomat ikertaldeak industriako hondakin eta azpiproduktuekin produktu biodegradagarriak edo konpostagarriak lortu nahi dituzte. Biomatek produktuaren hondakinak erauzteko, ekoizteko eta tratatzeko prozesuak hobetzeko lan egiten du. Besteak beste, itsas hondakinak balioztatzen ditu material berriak lortzeko.
Nazioarteko ikerketa batek zuhaitzen inbentario handiena bildu du. Ondorioztatu dutenez, basoak espezieen aldetik zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta azkarrago eta gehiago hazten dira zuhaitzak, eta beraz, egurrari merkatuan ateratzen zaion etekina handiagoa da. Horrenbestez, ekonomiari dagokionez, ikus daiteke benetan aberasgarria dela. Datuak kontuan hartuta, 770.000 lursailetik gora aztertu dituzte eta 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan. Horien artean: Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak).
Europan egindako ikerketa batek agerian utzi du airearen kutsaduraren eta trafikoaren zarataren eraginpean modu jarraian jartzeak hipertentsioa eragin dezakeela. Norvegia, Suezia, Danimarka, Espainia eta Alemaniako 41.000 herritarrekin egin da ikerketa, ESCAPE proiektuaren baitan. Ondorioetan azpimarragarriena honakoa izan da: Alemaniak eta Espainiak dute aireko kutsadura handiena eta Sueziak eta Espainiak trafiko-zarata handiena.
Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Testuinguru horretan kokatzen dira, hain zuzen, bioeraikuntza eta earthshipak. Nolakoak dira eraikuntza hauek, bada? Artikulu honetan topa dezakegu erantzuna: material birziklatuez eta, neurri handi batean, material naturalez eraikitako etxebizitza ekologiko eta autonomoak dira. Bestalde, earthshipak ez dira hornidura-sareetara konektatzen. Izan ere, modu pasiboan berotzen eta hozten dira; behar duten elektrizitatea sortzen dute eta behar duten ura batzen dute; hondakin-urak tratatzen dituzte eta janaria ekoizten dute ere.
MedikuntzaIkerketa berri batek espezie barruko garunaren desberdintasunak ikertu ditu eta tolesdurak adinarekin aldatzen direla ikusi dute. Artikuluan azaltzen digutenez, zahartzearen lehenengo kanpo-adierazlea larruazala da, irmotasuna eta elastikotasuna galtzen duelako. Baina garun-azalari ere antzeko zerbait gertatzen zaio: zahartzen goazen heinean tentsioa murrizten da eta garun-azalaren tolesturan igartzen da.
AstronomiaMarten dira jada ExoMars misioa osatzen duten TGOsatelitea eta Schiaparelli izeneko lurreratze modulua. Satelitearen egoera ona bada ere, moduluarekiko komunikazioak eten ziren lurreratzearen azken segundoetan, eta ESA Europako Espazio Agentziak galdutzat eman du modulua; planetaren kontra jo eta txikitu zela onartu du. Juanma Gallegok Berrian azaltzen dizkigu maila honetako misioak dituen zailtasunak. Esaterako, Marten lurreratzeak zailtasun tekniko handiak dakartza. Planetak oso atmosfera arina duenez, ziztu bizian doan espaziontziaren abiadura azkar eta zehaztasun handiarekin geldiarazi behar da. Egoera horrek istripua izateko arriskua handitzen du. Hasiera-hasieratik, ESAk «frogatzailetzat» jo du Schiaparelli modulua. Izatez, ESAk 2020an bidali nahi duen noranahikoa han pausatzeko lehen ahalegina izan da.
Emakumeak zientzianAste honetan, Alessandra Giliani ezagutzeko aukera izan dugu. XIV. mendeko patologoa eta anatomista izan zen. Hilotzak prestatzen zituen Boloniako Unibertsitateko anatomia klaseetarako (Mondino de Liuzzi medikuak ematen zituen klaseak). Gorpuak prestatzen zituen disekziorako. Horretaz gain, bere ikerketak ere egin zituen arlo horretan eta horietatik metodo garrantzitsu bat garatu zuen: arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #126 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #132
Energia berriztagarrien iraultzak beharrezkoa du material berriak sortzea. Horien artean dauzkagu material organiko fotovoltaikoak. Hauek, besteak beste, zelula malgu eta merkeen ekoizpena ahalbidetuko dute. María A. Izquierdo-Morelosek kontatzen digu Looking for new materials with applications in organic solar cells artikuluan.
Gure eguzki sisteman Artizarra da infernutik gertuen dagoen planeta. Baina, bitxia bada ere, zerua izan ei zitekeen denbora luzez. Santiago Pérez Hoyosek kontatzen digu: Heaven from hell.
DIPCko ikertzaileek lortu dute modu esperimentalean zehaztea, lehen aldiz, zeintzuk diren uraren konstante dielektrikoak hain handiak egiten dituzten mekanismo mikroskopikoak. Hau guztia neutroiak erabiliz egin dute: Neutrons reveal how water dipoles relax.
Aluminioa toxikoa izan daiteke. Eta, kelatoak deitutako substantzia batzuekin egindako tratamenduak ez omen du funtzionatzen espero bezain ondo. Baliteke kimika konputazionalak eransteko zerbait izatea kontu honetan. Gabriele Dalla Torrek zehazten du The Dark Side of Al(III) Chelation Therapy: A New Computational Hope artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #132 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alessandra Giliani (1307-1326): Hilotzen artean
Irudia: Mondino de Luzzi medikuak 1316. urtean idatzi zuen Anathomia Corporis Humani liburuaren azaletik hartutako irudia. Liburua 1478. urtean argitaratu zen.
Giza-gorpuak disekzionatzen zituen Alessandrak. Berari zegokion hilotzak prestatzea Boloniako Unibertsitatean ematen ziren anatomia klaseetarako. Gorpuen zaintze prozesuaz arduratzen zen, hori gauzatzeko beharrezkoak ziren teknikak ezagunak zituelako. Mondino de Luzzi mediku eta irakasle ezagunaren laguntzaile gisa lan egin zuen. Zoritxarrez –medikuntza arloan etorkizuna zuelako Gilianik-, Herioak goizegi egin zion bisita: hemeretzi urterekin zendu zen, septizemia batek eraginda.
Mito faltsutik aldenduzGilianiren jaiotza data ez da zehazki ezagutzen baina badirudi 1307. urtean munduratu zela San Giovanni in Persiceton, Italiako Emilia-Romagna eskualdean. Esan bezala, kirurgia laguntzaile bezala lan egin zuen aipaturiko unibertsitatean de Luzzi medikuarekin batera. Irakasleak hilotzak erabiltzen zituen bere anatomia klaseetan eta Gilianik horiek prestatzen zituen disekziorako. Antza, giza gorpuen zaintze-teknikak ezagutzen zituen. Medikuaren klaseetan parte hartzen zuen ere. Dena dela, bere kabuz, ikerketa anatomiko ugari abian jarri zituen. Horietatik, metodo garrantzitsu bat garatu zuen emakume gazteak. Arterietako eta zainetako odola erauzten zuen eta odol-hodiak betetzen zituen gogortzen ziren koloreko fluidoekin; koloredun argizari likidoa erabiltzen zuen, hain zuzen. Teknika horri esker, odolak egiten zuen bidea marraztea lortu zuen, giza-gorputzaren zirkulazio aparatua modu zehatz batean irudituz. Horrenbestez, praktika horrek ahalbideratu zuen ikasketa xehea egitea zirkulazio aparatuaren inguruan.
Bertutezko Gilianiz gain, De Luzzik beste laguntzaile bat zeukan, Otto Agenius izenekoa. Alessandra hemeretzi urterekin hil zenean, San Pietro e Marcellino elizan oroitarri bat hautatu zuen emakumea omentzeko:
Encerradas en esta urna las cenizas del cuerpo de Alessandra Giliani, doncella de Periceto, hábil con el pincel en las demostraciones anatómicas, y discípula, igualada por pocos, del muy notable médico, Mondino de Luzzi, esperan la resurrección. Vivió diecinueve años; murió consumida por sus trabajos el 26 de marzo de 1326. Otto Agenius Lustrulanus, privado por su pérdida de lo mejor de sí mismo, su excelente compañera merecedora de lo mejor, ha erigido esta lápida.
Ez zen debekurikErdi Aroan ez zegoen debekurik gorpuak tratatzeko eta ikerketetan erabiltzeko, baldin eta praktika horrek helburu didaktikoak bazituen. Hain zuzen ere, Tourseko Kontzilioak egin zuen ediktua (1163) eta Bonifacio VIII.a aita santuak XIV. mendearen hasieran egindako dekretua ez dira behar bezala ulertu. Izan ere, ez dago arau unibertsalik aro horretan disekzioa eta autopsia debekatzen zuenik. Halaber, XIV. eta XVI. mende bitartean, Boloniako eta Paduako Unibertsitateetan burututako giza-disekzioek anatomia arloaren berpizkundea eragin zuten eta horrek kirurgia-teknikak hobetzea ekarri zuen ezinbestean. Mondino de Luzzik argitu zuen bidea, Gilianiren laguntzaz ziur asko, 1316an idatzi zuen disekzioetarako gidarekin, gerora medikuntzaren eta, zehatz-mehatz, anatomiaren oinarria bilakatu zena.
Iturria:
- Alic, Margaret: El legado de Hipatia. Historia de las mujeres en la ciencia desde la Antigüedad hasta fines del siglo XIX. (2005)
- Arriaga Flórez, Mercedes: Mujeres, espacio y poder
- Centre de Recursos per a l’Aprenentatge i la Investigació: Alessandra Giliani (1307-1326).
- Comunicaciones Tian: Alessandra Giliani.
- Wikipedia: Alessandra Giliani.
- Women’s History: Alessandra Giliani.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Alessandra Giliani (1307-1326): Hilotzen artean appeared first on Zientzia Kaiera.
Urik edan gabe bizi
———————————————————————————————————–
Ipar Amerikako hego-mendebaldeko basamortuetan bizi diren kanguru-arratoiak (Dypodomys generokoak) asteetan eta hilabeteetan egon daitezke urik edan gabe. Hazi eta landare lehorrak jaten dituzte metabolismoa asetzeko behar duten energia lortzeko.1. irudia: Dypodomys Heteromyidae familiako kanguru-arratoia, karraskarien barruan sailkatzen den animalia. (Argazkia: Wikipedia. Domeinu publikoa)
Kanguru-arratoiak deritze aurreko hankak oso-oso laburrak dituztelako, eta atzeko hanka luze-luzeekin jauziak eginez mugitzen direlako, kanguruen antzera. Animalia txikiak dira (10-20 cm-koak, eta gehienetan 100 gramotik berakoak) eta oso aktiboak, karraskari guztiak bezala; eta, beraz, energia-eskari altuak dituzte. Izatez, animalia hauek ez dira gainerako gehienak baino idorragoak; duten ur-edukia normaltzat har daiteke ugaztunen artean (% 66 inguru). Ur-proportzio hori mantendu egin dezakete, nahiz eta ura eskura ez izan. Are gehiago, janari lehor nahikoa janez gero, animalia hauek ez dute pisurik galtzen; aitzitik, irabazi egin dezakete. Horrek esan nahi du ur-galerek ez dituztela ur-sarrerak gainditzen. Nola gerta daiteke ur-balantze negatiborik ez izatea urik ez duten egoera horretan?
Azter ditzagun ur-sarrerak eta ur-galerak kontu hau argitzeko: inguruan urik ez dagoen egoera batean, animalia hauek lor dezaketen ur bakarra da janariak berez duena, eta janari horren oxidazio-prozesuen ondorioz lor daitekeena. Elikagaiek berez duten ur-kantitatea inguruko hezetasun-mailaren araberakoa da. Janariaren katabolismoaren ondorioz lortzen dena, ur metaboliko deritzona, jakiaren konposizio biokimikoaren araberakoa da; hortaz, janari mota aldatzen ez bada, konstantea izango da jatekoaren masa-unitateko lor daitekeen ur metabolikoaren kantitatea. Argi dago, beraz, kanguru-arratoiek janaritik lor dezaketen ur metabolikoa beste edozein animaliak lor dezakeen berdina dela, ez gehiagorik.
Hori horrela, ura mugatua dagoen egoera batean, urik ez galtzean datza ura aurrezteko modu bakarra. Ikus dezagun nola lortzen duten basamortuetako biztanle hauek ur-galerak murriztea: batetik, horretara zuzendutako bizimodua dute, gauez besterik ez dira ateratzen euren habietatik, tenperatura oso altua eta hezetasuna oso txikia ez denean hain zuzen ere. Bestetik, azal oso iragazgaitza dute, eta, beraz, tegumentutik apenas galtzen dute urik.
Baina zer gertatzen da ezinbestekoak diren ur-galerekin, hots, gorotzetan, gernuan eta arnas azaleran gertatzen diren ohiko ur-galerekin? Kanguru-arratoiek ekoizten dituzten gorotzak oso lehorrak dira eta horietan galtzen den ur kantitatea baztergarria da.
2. irudia: Egun, Amerikan bizi diren Dypodomys kanguru-arratoien 22 espezie daude. Basamortuetan edota leku lehorretan bizi dira guztiak.
Arnasketan gertatzen da saihestu ezineko ur-galerarik handiena (>% 50). Arnasa hartzeak beti eragiten du ura lurruntzea. Prozesu horretan galdutako ur kantitatea eguraste-bolumenaren menpekoa da, eta eguraste-bolumena oxigeno-kontsumoaren araberakoa; kanguru-arratoiek eskari metaboliko altuak dituzte, oso aktiboak izateaz gain animalia txikiak baitira. Nola lortzen dute orduan arnasketaren ondorioz lurrundutako ur kantitatea murriztea? Batez ere gorputz-tenperatura baino hotzago dagoen airea kanporatuz: biriken tenperatura ohikoa bada eta urez saturatuta badago ere, sudurretik igarotzean hoztu egiten da. Arnasa hartzean airearen pasabideko hormek beroa eta ura galtzen dute, airea berotu, eta urez saturatu, eta gertatzen den lurruntze-prozesuari esker, sartutako airearen tenperaturaren azpitik koka daiteke pasabideko hormen tenperatura. Arnasa botatzerakoan, biriketatik datorren aire bero eta urez betea azalera hotz hauetatik igaroarazten da, hoztu, eta duen ura hormetan kondentsatu egiten da. Airea zenbateraino hozten den jatorrizko airearen tenperatura eta hezetasunaren araberakoa da.
Animalia guztiek erabil dezakete mekanismo hori berez, baina airearen pasabideak estuagoak badira eta trukerako azalera zabalagoa, karraskari txikietan den bezala, indartsuagoa da haren eragina. Izan ere, laborategiko arratoietan kanguru-arratoian bezain eraginkorra da.
Orduan, inguruan urik ez dagoen egoeretan zergatik deshidratatzen dira arratoi arruntak baina kanguru-arratoiak ez? Saihestezina den hirugarren ur-galeraren murrizteko gaitasunak ematen digu erantzuna. Lehengusu hauen arteko desberdintasun nagusia horretan datza hain zuzen: basamortuko biztanle txikiek gernua izugarri kontzentratzeko duten ahalmenean. Animalia hauek odola bera baino 14 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoitz dezakete. Henle-ren bihurgune oso luzeak dituzten nefronez osaturik daude haien giltzurrunak, eta horien lanari esker gernuaren kontzentrazioa 4.000-5.000 miliosmolarreraino irits daiteke. Erreferentzia bat izateko, gizakiak 4 aldiz, arratoi arruntak 9 aldiz, eta katuek 10 aldiz kontzentratuagoa den gernua kanpora dezakete, hau da, askoz ur gehiago behar dute solutu-kontzentrazio berbera iraizteko.
Hala ere, Ipar Amerikako basamortuko kanguru-arratoi hau ez da gernu kontzentratuena ekoizten duen animalia; Australian bada Notomys generoko kanguru-arratoi bat odola baino 25 aldiz kontzentratuagoa den gernua ekoizteko gai dena. “Hopping mouse” du ingelesezko izena, eta Arizonako basamortuan bizi den kanguru-arratoiaren antzeko bizimodua darama. Gauez da aktiboa, eta egunez zuloan geratzen da. Australiako basamortuetan bizi da, oso toki lehorretan. Hain kontzentrazio altuko gernua sortzeak, seguru asko, badu zerikusirik duen tamaina txikiarekin, 30 g inguruko pisua baitu, eta aski ezaguna da animalia txikiek jarduera metaboliko altua dutela eta, beraz, baita iraizte-behar handiagoak ere.
Australian bizi den Notomys kanguru-arratoiari buruzko bideoa (ingelesez).
Kanguru-arratoientzat ohikoak diren egoeretan gertatzen da azaldutako hau guztia; alegia, ur gutxi dagoenez, animalia hauen bizi-funtzioak modu egokian gerta daitezela ahalbidetzen dute garatu dituzten moldaera fisiologikoek. Inoiz, baldintza bereziren batek ur-beharrizanak areagotzea eragin dezake. Adibidez, kanguru-arratoi emeek, ugaltze-sasoian, udaberri goienean, ohikoa baino ur-behar handiagoak dituzte esnea ekoizteko; hori dela eta, berdeak edo behintzat hezeagoak diren landareak jan behar dituzte ur-oreka mantentzeko.
Bukatzeko, azaldu duguna ikertzen jardun zuen K. Scmidt-Nielsen biologoak bere autobiografian (The Camel’s Nose: Memoirs Of A Curious Scientist) idatzitako beste pasarte bat ekarri dugu hona; Arizonako basamortuari buruzko aipamena da, eta oso egokia iruditu zaigu biologoen lan-baldintzak batzuetan nolakoak izan daitezkeen erakusteko:
The summer was interesting in many other ways. We learned to pull the beds away from the wall and to keep bedding off the floor so that scorpions couldn’t climb in with us. Likewise, before putting on our shoes in the morning we shook out any scorpions that had crawled in. Before taking a shower, we looked for scorpions that might have crawled up the primitive drain. Outside we watched out for rattlesnakes: Fearing for the children’s safety, I killed several near our cabin. (90. or)
«Uda oso interesgarria izan zen beste hainbat aldetatik. Oheak hormetatik apartatzen eta oheko jantziak lurra ukitu gabe ipintzen ikasi genuen, eskorpioiak guregana irits ez zitezen. Era berean, goizean, jantzi baino lehen astindu egiten genituen zapatak barrura sartutako eskorpioiak ateratzeko. Dutxa bat hartu baino lehen, isurbidean eskorpioiak bilatzen genituen. Etxetik kanpo, kriskitin-sugeei adi egoten ginen: haurren segurtasunaz kezkaturik, zenbait hil nituen gure etxolatik hurbil.»
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Urik edan gabe bizi appeared first on Zientzia Kaiera.
Basoen biodibertsitatea aberasgarria da, zentzu guztietan
Ekologiaren ikuspegitik, basoen biodibertsitateak duen garrantziaz ez dago zalantzarik. Baina baten batek horrekin nahikoa ez badu, ekonomiari dagokionez ere bada aberasgarria, nazioarteko ikerketa zabal batean egiaztatu berri dutenez. Izan ere, espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira; beraz, biomasa handiagoa da, eta horietan ekoizten den egur kantitatea ere bai. Hala azaldu dute, Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.
Global Forest Biodiversity Initiative izeneko ekimenak orain arte egin duen lan garrantzitsuenaren emaitza da hau. Basoen ikerketan jarduten duen sare handienetakoa da, eta berrogei herrialde baino gehiagotako kideak ditu. Ikerketa Mendebaldeko Virginiako eta Minnesotako unibertsitateek (AEB) eta Herbehereetako Ekologia Institutuak koordinatu badute ere, hamarnaka erakundetako laurogei ikertzailetik gora daude artikuluaren sinatzaileen artean.
Irudia: Espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira. (Argazkia: Dario Di Gallo, Friuli Venezia Giulia Forest Service)
Inoiz egin den zuhaitzen inbentario handiena bildu dute lan honetarako. Hain zuzen, 770.000 lursaildik gora aztertu dituzte, eta hala, 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan; klima eta kondizio bereziki esanguratsuak dituzten asko, tartean. Esaterako, Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak) eta Brasilgo Bahia eskualdekoak (anitzenak).
Datu horiek guztiak bildu, eta orain arte zuhaitzen biodibertsitatean izan den bilakaera hartu dute kontuan. Hala, deforestazioa dela, edo klima aldaketa dela, zuhaitz espezieen aniztasunak behera egiten duenean, basoen produktibitatea ere murriztu egiten dela ondorioztatu dute. Egin dute kalkulua: zuhaitz biodibertsitatearen %10eko galerak haien produktibitatearen %3ko galera ere badakar, gutxi gorabehera. Are gehiago, gaur egun ditugun zuhaitz espezie guztiak izan beharrean, bakarra izango bagenu, nahiz eta zuhaitz kopurua berbera izan, basoei aterako litzaiekeen etekin komertziala %66 murriztuko litzateke.
Baina zuhaitz kopurua berbera bada, zer dela eta halako aldea? Bada, zuhaitz espezie bakoitzak modu desberdina darabilelako elikatu eta hazteko. Espezie bereko zuhaitzek lehiatu egin behar dute elkarren artean, denek bide bera baliatzen baitute bizirauteko baliabideak lortzeko. Espezieak desberdinak direnean, aldiz, traba gutxiago egiten diote elkarri, nork bere modua du aurrera egiteko, eta batak besteari kendu gabe, gehiago eta azkarrago hazten dira.
Ikerketaren berri ematen duen bideoa (ingelesez).
Hala, ikerketa honetan dirutan kalkulatu dutenez, espezieen biodibertsitatea murrizteak zuhaitzen produktibitatean eragin dezakeen galera ekonomikoa 500.000 milioi dolar artekoa (edo 460.000 milioi euro artekoa) izan daiteke urtean. Kopuru horren erdia baino gutxiago aski litzateke Lurreko ekosistemen kontserbazio globala bermatzen duten neurri eraginkor guztiak hartzeko. Horrenbestez, ekonomiaren terminologia aplikatuta, biodibertsitateari eusteak superabita dakar.
Hala, Mo Zhou Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek adierazi bezala, “basoetako espezieen dibertsitateak dakarren onura ekonomikoa nabarmen handiagoa da, hura kontserbatzeko kostua baino. Produktibitate komertzial hutsari baino erreparatuko ez bagenio ere bai”.
Gainera, biodibertsitate faltaren eta pobreziaren arteko lotura agerikoa da, batez ere landa eremuetan. Izan ere, basoak enplegua dakar askotan, eta produktibitatea murriztuz gero, bertatik lan egiteko aukerek ere behera egiten dute. Eta, jakina, onura ekologikoa da biodibertsitatearen abantaila agerikoena. “Ikerketa honen haritik, basoetan espeziek galtzen badira, produktibitatea ere txikitu daiteke, eta basoek atmosferatik xurgatzen duten karbono dioxido kopurua ere bai, horrenbestez. Beraz, basoen biodibertsitateari eustea gakoa da, klima aldaketari aurre egiteko”, azaldu du Eungul Lee Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako bat denak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jingjing Liang et al. Positive biodiversity-productivity relationship predominant in global forests. Science, 14 Oct 2016: Vol. 354, Issue 6309. DOI:10.1126/science.aaf8957
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Basoen biodibertsitatea aberasgarria da, zentzu guztietan appeared first on Zientzia Kaiera.
Flatulentziak, hots, puzkerrak
Behin norbaitek galdetu zidan
zer den puzkerra,
eta hona nik erantzun nuena:
halaxe da puzkerra
aireaz gorpuztua, haizea bihotzean
penatan dabilen arima
batzuetan putzetan, batzuetan trumoietan
ura, isurian dabilena
beti indarrez eta korrika doakiguna
Francisco de Quevedo , ‘Olerki bat puzkerrarentzat’
Euskaltzaindiaren Hiztegia: Uzkitik behingoan kanporatzen den haizea, bereziki zarata egiten duena. Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa: Puzkerra: Uzkitik kanporatzen den gasa. Flatulentzia: 1. Med.Urdaileko nahiz hesteetako distentsioa, gas-pilaketaren ondoriozkoa. Mina eragiten zenbaitetan (horrelakoetan, haize-min ere esaten zaio).1. irudia: Flatulentzia edo puzkerra, uzkitik kanporatzen den gasa da.
Gasak ditugu gorputz barruan eta gehienetan guztiz edo neurri batean birxurgatzen ditugu digestio-hodian. Batez ere hestean ditugu gasak., digestio prozesuan sortu eta uzkitik kanporatzen direnak. Batez ere hestean ditugu gasak. Flatulentziak dira, edo gordin esanda, puzkerrak. Denok ezagutzen dugu eta denok hitz egiten dugu beraiei buruz, baina gutxi idatzi izan dute beraiei buruz zientzialariek eta zientzia-dibulgatzaileek.
Bi mota ditugu. Lehenengoko motakoak, bolumen txikikoak eta leunak dira eta kontrolpean kanporatzen dira zaratarik egin gabe . Bigarren motakoak indartsuak eta zaratatsuak dira, eta gas-bolumen asko askatzen da kontrolik gabe eta zarata handia eginda. Animalia guztiek kanporatzen dute gasa bere digestio-aparatutik eta hala egiten dute har batzuek, intsektuek eta xinaurriek ornogabeen artean, eta hegaztiek, arrainek, narrastiek eta jakina, ugaztunek, ornodunen artean.
Magendie fisiologo ospe handikoak aztertu zituen gizon osasuntsuen heste-gasak XIX. mendearen hasieran. Horretarako, zoritxarrez “material” ugari zuen garai hartan: gillotinatutako jendea. Oxigenoa eta karbono dioxidoa aurkitu zituen, eta metanoa ere egon litekeela susmatu zuen. Egungo ikerkuntzek berretsi egin dituzte Magendieren aurkikuntzak.
Gasak hiru prozesutan sortzen dira. Neurri batean, jatean barneratzen dira gorputzera. Beste parte bat urdailean sortzen da digestio azidoaren ondorio modura. Azkenik, hesteetako bakterioek hidrogenoa, metanoa eta sufredun produktuak ekoizten dituzte, iristen zaizkien elikagaien digestioaren ondorioz.
Gas hauen %75 dira bakterioek sortutakoak. Hesteetako edukia oso dentsoa da, ura birxurgatu egiten delako, eta gasak barreiatu beharrean burbuiletan biltzen dira. Janaria hestean aurrera egiten doan neurrian, gero eta dentsoago bilakatzen doa eduki hori. Burbuilak isolatuak mantentzen dira uzkira iritsi arte. Bertan, ohiko usainak eta zaratak eragiten dituzten, apurtu eta kanporatzen direnean. Janariarekin batera hartzen dugun nitrogenoaren %23a-%80a askatzen da horrela, eta oxigenoaren %0.1-%2.3a. Hala gertatzen zaio era berean bakterioen fermentazioan sortutako metanoaren %26ari, karbono dioxidoaren %29ari eta bakterioek sortutako hidrogenoaren %0.06-%47ari. Gainera, sulfuro aztarnak ere badaude tartean. Metanoa eta hidrogenoa sukoiak dira, hurrenez hurren %5etik gora eta %4tik gora.
2. irudia: Flatulentziak %75 bakterioak sortutakoak dira. Gutxi gorabehera, 100.000 bilioi bakterio daude digestio-hodian. Sulfuroa duten gasek dira kirasdunak.
Izan ere, batzuek pentsatzen dute hobe genukeela flatulentziak erre eta ezabatzea. Horrela bada, hesteko edukiaren solidotzea eragiten du azken batean gasen diluitzea eta isurtzea. Digestio-hodian, nahiko gas gutxi dago (100-200 ml) eta egunero 500-1500 ml sortzen dira. Egoera arruntetan, 8-20 gas-askapen egiten dira egunero, bakoitzean 5-375 ml askatuta. Ez dago esan beharrik gehiegizko askapen kirasdunak desatseginak gertatzen direla lagunen artean, gizarte-esparru orokorretan eta bereziki lan-esparruetan.
Uste dute 100.000 bilioi bakterio daudela digestio-hodian. 500-1.000 espezietakoak dira. Besteak beste, baditugu metagenoak, Archaea taldekoak. Hauek funtsezkoak dira hestearen funtzionamenduan, baina metanoa sintetizatzen dute, beste bakterio batzuek sortutako hidrogenotik eta guk digeritzen ez ditugun karbohidratoetatik abiatuta. Metanoa ez da toxikoa baina desatsegina da hestean metatu ostean kanporatu egiten denean. Metanoak eta hidrogenoak ez dute usainik, baina esan bezala, sukoiak dira eta leher egin dezakete, bibliografian plazaratu denaren arabera.
Beste bakterio batzuen kasuan, hidrogenoak parte hartzen du sufredun konposatuen sintesian. Hauek dira kirasdunak direnak. Izan ere, bateraezinak dira bide hauek: batetik sulfurodunak kirasdunak dira, eta bestetik metanodunak, usaingabeak ditugu. Azken hauek, dena dela, bolumen handikoak izan daitezke, eta horrek ere eragozpen bat dakar. Edonola, denek eragiten dute zarata.
Kasu gehienetan, dieta hobetzeak onura ekar diezaioke kontu honi. Izan ere, dieta motaren menpe dela eta bai hestea kolonizatzen duten bakterioen menpe ari gara. Hesteko bakterioei substratua eskaintzen dioten elikagaiak saihetsi behar dira batez ere. Adibidez, neurriz hartu behar dira lekaleak eta batez ere indabak, karbohidrato asko dauzkatelako, eta hori ondo datorkielako Archaea taldekoei. Oro har, zuntz askokoak ekidin behar dira, bertan karbohidrato ugari daudelako: azak, Bruselako azak , alkatxofak bezalako barazkak, bananak edo okaranak bezalako frutak, ogi integrala…Dieta astebetean kontrolpean izatea nahiko da hobekuntzak nabaritzeko.
Neurri batean, ulergarria da indabek duten ospe txarra: 2011n egindako ikasketa batzuetan, ikusi zen indaba pintoez elikatutako gizaki batzuen %50ak, lehenengo astearen bukaeran nabaritu zuen flatulentzien gorakada; indaba beltzek, bi aste behar izan zituzten ondorio nabariak eragiteko. Azenario egosiek ere bigarren astean azaleratu zuten bere eragin kaltegarria. Dietak zortzi aste hartu ondoren, indabak jan zituztenen %6ak baizik ez zuen eraginik sumatu.
3. irudia: Dieta aldaketak lagungarriak izaten omen dira flatulentziak murrizteko.
Testu honi bukaera emateko, egokia izan daiteke kiratsei buruz eta toki itxietan gertatzen diren gas-leherketei buruz egiten ari diren ikerketak aipatzea.
Adibidez, bidaiari-hegazkin batean arazoak sor daitezke iraupen luzeko bidaietan. Bertako klimatizazioa aire-zirkuitu itxi baten bidez egiten da, beti ere airea iragazteko eta tenperatura mantentzeko. Bertan flatulentzia asko askatzekotan, metatu egingo lirateke bidaia osoan zehar. Ikerlariek hainbat estrategia proposatu dituzte. Lehenengo eta behin, zer esanik ez, flatulentziak botatzeko gogoari eutsi.
Baina hori ez da erraza, zeren eta batzuk arduragabeak dira, lotan joaten dira, eta gainera horrelako hegalaldiek flatulentzia gehiago eragiten dizkiete bidaiariei. Batzuetan irtenbiderik ez dago: pentsa ezazue pilotua izan litekeela flatulentzia gehien askatzen dituena, eta onar dezagun gogoari eutsi beharrak kontzentrazioa galaraziko diola langileari. Lehentasunak ezarri beharko dira eta horrelakoetan, hobe kiratsa pairatu eta hegazkina ondo pilotatua izatea.
NASAn ere aztertu ziren horrelakoak joan den mendeko 60. eta 70.eko hamarkadetan. Hainbat dieta erabili ziren, astronauten metano eta hidrogeno-ekoizpena geldotzeko. Gogoan izan behar da gas sukoiak eta lehergaiak direla eta espazio-ontzi haien kabinak txikiak zirela oso. Garbi zegoen astronautek ez zutela indabarik jan behar.
Bukatzeko, gogora dezagun metanoak negutegi-efektua eragiten duela eta beraz, parte hartzen bide duela klima-aldaketan. Izan ere, bera da karbono dioxidoaren atzetik eragin handiena daukana eta frogatua dago abelgorriengandik askatzen dela atmosferara metanoaren %20a. Guk ez bide dugu horretan errua, zeren… beren digestio-hodi berezia dela eta, ahotik botatzen baitute metano gehien behiek, korrokada modura.
—————————————————–
Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Flatulentziak, hots, puzkerrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Earthshipak, material naturalez eraikitako etxebizitzak
Gaur egun praktikan dagoen eraikuntza-ereduak eraldaketa bat bizi behar duela esateak ez digu ekarpen berririk egiten, jakina baita, ez duela jendearen eta ingurumenaren oreka bilatzen. Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Testuinguru horretan kokatzen dira, hain zuzen, bioeraikuntza eta earthshipak.
Irudia: Earthshipak material birziklatuaz egindako etxebizitza ekologiko eta autonomo eta pasiboak dira. Ez dira hornidura-sareetara konektatzen modu pasiboan berotzen eta hozten baitira. Izan ere beharrezkoa duten elektrizitatea sortzen dute eta ura ere batzen dute. (Argazkia: Texas Tiny Homes)
Azken urteotan, bioeraikuntzaren oinarriak aplikatuz hainbat motatako etxebizitzak eraiki badira ere (egurrezko etxebizitzak, lastozkoak, lurrezkoak eta abar), horien artean esan daiteke earthshipak izan direla eraikuntza konbentzionalaren eredua guztiz eraldatu dutenak.
Pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, Cincinnatiko Unibertsitatean arkitektura-ikasketak bukatu bezain laster, teknokrazia industrialaren disidentetzat har daitekeen Michael Reynoldsek (1945) arkitektura konbentzionala alde batera utzi eta Taoseko konderrira joan zen (Mexiko Berria), ingurumenarekiko errespetagarriagoa den arkitekturan lan egiteko. Eraikuntza araurik gabeko lurralde modura ezagutzen zen Taos. Bertan, Earthship Biotecture izeneko konpainia sortu zuen, eta material birziklatu eta diseinu berriekin esperimentatuz, gaur egun mundu osoan zehar zabaldurik dauden eartship eraikin autonomoen kontzeptua garatzen hasi zen.
Earthshipak material birziklatuez eta, neurri handi batean, material naturalez eraikitako etxebizitza ekologiko eta autonomoak dira. Material birziklatuak (pneumatikoak, aluminiozko freskagarri-latak eta kristalezko edo plastikozko botilak) eta material naturalak (lurra) dira earthshipak eraikitzeko funtsezko materialak. Bestalde, earthshipak ez dira hornidura-sareetara konektatzen. Izan ere, modu pasiboan berotzen eta hozten dira; behar duten elektrizitatea sortzen dute eta behar duten ura batzen dute; hondakin-urak tratatzen dituzte eta janaria ekoizten dute ere.
Lehenengo earthshipa Taosen orain dela berrogei bat urte eraiki zen arren, eta gaur egun mundu osoan zehar 3.000 baino gehiago dauden arren, EAEn guztiz ezezaguna da eraikuntza mota hori. Ordea, earthship kontzeptua zabaltzeko eta garatzeko asmoz, 2014ko urtarrilean Earthship Euskal Herria taldea sortu zen. Taoseko Earthship Biotecture Academy izeneko akademian trebatu ondoren, egun, Earthship Euskal Herriko kideek eraikin horien inguruko informazio eta aholkularitza eskaintzeaz gain, earthship bat eraikitzeko beharrezko urrats guztietan zerbitzua eskaintzen dute: proiektu-fasean, gauzatze-fasean eta mantenu-fasean.
Tokian tokiko berezitasunak kontuan izanda, EAE lurralde egokia da horrelako eraikuntzak egiteko. Klimatologia aldetik lurralde egokia da, eta eraikuntza-metodo modura autoeraikuntza aukeratuz gero, etxebizitza konbentzional bat egitea baino merkeagoa izango litzateke. Legediari dagokionez, ordea, aztertutakoaren arabera arazorik egon behar ez lukeen arren, EAEn earthshipetan aurrekaririk eta tradiziorik ez izatea oztopo bihur daiteke eraikuntza horiek legeztatzeko orduan.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Earthshipak: Bideragarriak al dira hornidura-sarearekiko konexiorik behar ez duten etxebizitza ekologikoak Euskal Autonomia Erkidegoan?
- Laburpena: Earthshipek eraikuntza konbentzionalaren eredua erabat eraldatu dute. Azken urteotan, hain zuzen, bioeraikuntzaren oinarriak aplikatuz hainbat etxebizitza mota eraiki dira, baina haien artean earthshipak izan dira etxebizitza konbentzionalekiko haustura nabarmenena ekarri dutenak. Hala, gaur egun praktikan dagoen eraikuntza-ereduak eraldaketa bat igaro behar duela esateak ez digu ekarpen berririk egiten, jakina baita, eredu horrek ez duela helburu gisa jendartearen eta ingurumenaren oreka. Gure ingurua etengabe urratzen duen eraikuntza-ereduak muga jo du edo joko du. Kontu horri erreparatzen dio, hain zuzen, earthship filosofiak: inguruaren eta gizakien arteko oreka erabatekoa helburu modura duen eraikuntza-eredua. Lehenengo earthshipa Taosen (Mexiko Berrian) eraiki zen orain dela berrogei bat urte, eta gaur egun, mundu osoan zehar 3.000 baino gehiago daude, baina Euskal Autonomia Erkidegoan guztiz ezezaguna da eraikuntza mota hori. Horregatik, ikerlan honetan aztertuko da earthshipak zer diren, berauen oinarriak zein diren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere bideragarriak ote diren.
- Egileak: Enara Zarrabeitia Bilbao eta Izaskun Alvarez Meaza.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 7-25
- DOI: 10.1387/ekaia.1318
—————————————————–
Egileez: Enara Zarrabeitia eta Izaskun Alvarez UPV/EHUko Bilboko Goi Ingeniaritza Eskola Teknikoko Enpresen Antolakuntza Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Earthshipak, material naturalez eraikitako etxebizitzak appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsas hondakinak material berriak lortzeko
Irudia: UPV/EHUko Biomat taldeak Gipuzkoako kostaldean batutako txibien, arrainen, algen eta abarren hondarrak erabiltzen ditu material berriak lortzeko.
UPV/EHUko Biomat ikertaldeak industriako hondakin eta azpiproduktuekin produktu biodegradagarriak edo konpostagarriak lortu nahi dituzte, eta gaur egun plastikoaren industriak erabiltzen dituen teknikekin prozesatzeko modukoak, egindako prozesu bakoitzari dagozkion ingurumen inpaktuak kuantifikatuz. Ekonomia zirkularraren etapei dagokienez, Biomatek produktuaren hondakinak erauzteko, ekoizteko eta tratatzeko prozesuak hobetzeko lan egiten du, prozesu horien errendimendua areagotu eta hala kostuak nola ingurumen inpaktuak murrizte aldera.
Besteak beste, Gipuzkoako kostaldeko itsas hondakinak (txibien, arrainen, algen eta abarren hondakinak) balioztatzen ditu material berriak lortzeko. Ikerlerro horrek ikuspegi berri bat ematen die plastikoei, ekonomia zirkularraren printzipioekin bat datorrena; hau da, oinarri du kapital naturala zaintzea eta hobetzea, izakin mugatuak kontrolatuz eta baliabide berriztagarrien fluxuak orekatuz. Alde horretatik, taldearen ikerketak garrantzi berezia ematen dio azpiproduktu edo hondakin industrialak eraldatzeari eta baliabide material zein energetikoen erabilera ahal bezainbeste murriztuko duten prozesuen bidez balioztatzeari, produktu lehiakorrak eta iraunkorrak lortzea helburu.
Ontzi aktiboakOntzien esparruari dagokionez, Biomat buru-belarri dabil lanean elikagaien balio bizitza luzatuko duten eta zaborretara elikagai gutxiago bota daitezen lagunduko duten ontzi aktiboak lortzeko. “Ontziari balioa eman nahi diogu, ez dadin edukiontzi soila izan; elikagaiarekin elkarreragina izan dezan nahi dugu, haren kalitatea luzaroago kontserbatzeko. Horretarako, arrantza industriako hondakinak balioztatzen ari gara, proteina, zelulosa eta kitina lortzeko, prozesu errazen, ekonomikoen eta ingurumenerako iraunkorren bitartez, % 95 inguruko errendimenduekin. Material horiekin, elikagai bilgarrietarako film gardenak lortu ditugu, eta termikoki zigila daitezke. Gainera, gasei eta produktu koipetsuei sarbidea oztopatzeko ezaugarri bikainak dituzte. Film horiek biodegradazio prozesuetatik igaro dira, eta emaitza onak eman dituzte. Hortaz, arrantza industriako azpiproduktuak balioztatzeaz gain, materialaren bizi zikloa ixten da”, azaldu du Guerrero ikertzaileak. Azterlanean, tartean diren prozesu bakoitzarekin lotutako ingurumen inpaktua zehatu da, eta emaitzak orain gutxi argitaratu dira ACS Sustainable Chemistry and Engineering aldizkarian.
BiomaterialakLortutako proteinak, elikagai bilgarrietarako ez ezik, material biobateragarriak egiteko ere erabil daitezke. Ezaugarri horrek aplikazio eremu zabal-zabala irekitzen du; kasurako, medikuntzan biomaterialak erabiltzea. “Esparru horretako erronketako bat da –jarraitu du Pedro Guerrero ikertzaileak– fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa erabiliz prozesatu ahal izango diren materialak lortzea. 3Dko egiturak lortzeko, materiala geruza bakoitzaren gainean jartzen da etengabe. Horretarako, lehen geruzaren egiturak osorik egon behar du bigarren geruza jarri aurretik, eta horrela hurrenez hurren. Ondorioz, materialaren parametro erreologikoak kontrolatu behar dira: materialak biskosoa edo biskoelastikoa izan behar du hasieran, eta gel bihurtu beste geruzak ipini baino lehen. Horrenbestez, 3D egitura bat lortzeko, funtsezkoa da materialaren ezaugarriak aztertzea, alde batetik, eta materiala ordenagailuz lagundutako diseinu teknika industrialak erabilita fabrika daitekeen egiaztatzea, bestetik”. Proteina haria lortzeko emaitzak European Polymer Journal aldizkarian argitaratu dira.
Erreferentzia bibliografikoak:
Alaitz Etxabide, Itsaso Leceta, Sara Cabezudo, Pedro Guerrero, Koro de la Caba. Sustainable fish gelatin films: From food processing waste to compost. ACS Sustainable Chemistry and Engineering, 2016; 4, 4626-4634. DOI: 10.1021/acssuschemeng.6b00750
Alaitz Etxabide, Koro de la Caba, Pedro Guerrero. A novel approach to manufacture porous biocomposites using extrusion and injection moulding European Polymer Journal, 2016; 82, 324-333. DOI: 10.1016/j.eurpolymj.2016.04.001
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itsas hondakinen balioa.
The post Itsas hondakinak material berriak lortzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #125
Behobia-Donostia denok ezagutzen dugun lasterketa da. Iaz 30.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen eta aurten korrikalari kopurua handitzea espero dute. Horrela, partaideen kopurua handitzeak arazo asko sortzen ditu bai kirolariei baita antolatzaileei ere. Hori dela kausa, antolakuntza UPV/EHUko ikertzailea eta Ikerbasque Research Professor den Urtzi Ayestaren ikerketa-taldearekin lan egiten ari da. Estatistikan oinarritutako eredu matematiko berriztatzaileak proposatu dituzte lasterketa honetan gertatzen diren problemak murrizteko. Ikerketa honetan zenbait optimizazio problema ikertu dira eta ereduak aurten jarriko dira praktikan. Adibidez, helmugako korrikalari-pilaketak saihestea edo bizkar-zorro banaketa optimizatzea.
BiologiaEta izurdeek, edaten dute urik? Artikulu honek emango digu erantzuna. Antz handia dago arrain eta ugaztunen barneko eta kanpoko medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Uraren eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude. Gatzen gradientea berdina da. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuagoak daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen trukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke iragazgaitza izan, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra izan behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero edanez berreskuratzen dutena. Baina hori ez da itsas ugaztunen kasua, birikak erabiltzen dituztelako arnasa hartzeko, eta hori airean egiten dute. Biriketatik ez dute urik galtzen eta beraz, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da ura edateko behar hori. Hala ere, gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute eta bi bide daude hori egiteko: itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez.
Zer da LUCA? Amaia Portugalek idatzitako artikulu honen bitartez jakingo duzu erantzuna. Last Universal Common Ancestor, edo azken arbaso komun unibertsala da. Gaur egun gure mundu honetan bizi garen organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea, gutxienez duela 3.500 milioi urte bizi izan zena. Dusseldorfeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek piztu du arreta honetan. Ustez LUCAk zeuzkan 355 proteina familia identifikatu dituzte, eta horietan oinarrituta, bere profila egin dute: beroa maite zuen mikrobioa zen, hidrogenoa funtsezkoa zuen, eta oxigenorik gabeko ingurunean bizi zen. Gainera, sufrea erabiltzeko ahalmena zuen eta termofiloa zen, berrogei gradutik gorako tenperatura zuten inguruneetan bizi zen. Ikerketa honetatik ondorioztatzen dutena zera da: Badirudi LUCA ingurune hidrotermalen baten bizi izan zela, itsas hondoan; hidrogenoz, karbono dioxidoz eta burdinaz inguratuta. Itsaspeko sumendien bueltan izaten diren tximinia hidrotermaletan kokatu dute bere bizitokia.
PaleontologiaADES Espeolologia Elkartea Armintxe kobazuloan aurkitutako labar-arteei buruz mintzatu da honetan, aurkikuntza honen nondik norakoa azalduz. Kobazulo hori aztertzeko pista gehiegi zeuzkaten. Interesak eta 1796an perito batek herriko hainbat kobazulori buruz egindako azterketak bultzatu zuten taldea. Esplorazio osoa oraindik ez dute amaitu: galeria batzuk esploratu gabe daude, haiek dioten moduan, hormak ukitu gabe sartzeko modua asmatu behar dutelako. Gainera, azaltzen dute komunikabideetan agertu den panel nagusiaz gain, irudi gehiago aurkitu dituztela; hala nola, zaldiak. Esplorazioa honen zailtasunetako bat ura izan da, barrutik doan errekak galeria urez bete duelako, eta hainbat grabatu urpean utzi dituelako (hondatuta, lokatzez estalita daude). Horregatik, ezinbestekoa izan zaio taldeari kobaren portaera hidrologikoa ulertzea, urari ateratzeko bideren bat ireki ahal izateko.
KimikaTiro-aztarnei buruzko testua duzue hau. Aztarna horiek erretako eta erre gabeko partikulen multzoa dira, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Konposizio organiko zein ez-organikoa izan dezakete. Partikula ez-organikoen analisirako erreferentziazko teknika eta baliagarritasun judiziala duen bakarra X izpien energia-dispertsiboaren espektroskopiari akoplatutako ekorketa bidezko mikroskopia elektronikoa (SEM-EDX) da. Honek baditu zenbait desabantaila; esate baterako, beharrezkoa du partikula bakoitzaren banakako identifikazioa, eta horrek denbora luzea behar duenez, garestitu egiten da analisiaren kostua. Traba hori gainditzeko, metodo analitiko bat garatu da, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknikan oinarritzen dena.
GenetikaHomo sapiens sapiens espezie bakarra izanda ere, izugarrizko aniztasun genetikoa garatu du. Juanma Gallegok kontatzen digu Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek aniztasun horren inguruan zientziak gaur egun dakiena laburbildu duela. Munduan zehar hainbat talde etnikok jaso duten bilakaera genetikoa aztertu du artikuluak, azken urteotan genomikaren alorrean egindako aurrerapen nabarmenenak azalduz. Era berean, informazio genetikoaren balioa nabarmendu dute, eta laginetan ahalik eta talde etniko gehien kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute. Besteak beste, gaixotasunei aurre egiteko aukerak zabaltzen dituelako. Talde etniko bakoitzak dituen aldaera genetikoek fenotipo mota batzuk eragin ditu, informazio genetikoa adierazten den bidea da. Hala nola pisua, sortzetiko erantzun immunitarioa, laktosarekiko tolerantzia, gantz azidoak prozesatzeko efizientzia metabolikoa eta odolean dauden hemoglobina mailak. Adibide baten bitartez uler dezakegu hori: Alaskan, Kanadan eta Groenlandian bizi diren inuitek, Artikoan eskuragarri den elikadura mota batera egokitu behar izan dute. Hortaz, omega-3 azidoen kontsumoa errazten duen entzima nagusitu da haiengan.
BiologiaAzaleko zeluletatik abiatuta obuluak laborategian sortzea lortu dute ikertzaile japoniar batzuek. Prozesu osoa laborategian egitea lortzen den lehenengo aldia da. Eta obulu horietatik ondorengo osasuntsuak atera dira. Kyushu Unibertsitateko Katsuhiko Hayashi-k gidatutako taldeak urteak daramatza ikerketa honetan lanean. Elhuyarrek azaltzen digu: zelula germinal primordialak obarioetan sartu beharrean sagu-fetuen obarioetatik erauzitako zelulen artean jarri dituzte laborategian. Laborategiko “obario” horietako bakoitzean 50 bat obulu garatzea lortu dute. Sortutako obuluen %75 inguruk zuten kromosoma-kopuru normala. Eta horietako batzuk espermarekin nahastuta 300 enbrioi sortu zituzten. Horiek sagu emeei sartu zizkieten, eta 11 kume atera ziren. Beraz, enbrioien % 3k egin zuen aurrera. Saguei zuzenean obuluak aterata in vitro ernalketa egitean, % 60 ingurukoa izan ohi da arrakasta. Jaiotako kumeak osasuntsuak dira, eta ugalkorrak; izan ere, ikertzaileek adierazi dute dagoeneko ondorengoak ere izan dituztela. Ikertzaileen hurrengo helburua da sagu-fetuen obarioetako zelulak erauzi behar ez izatea.
AstronomiaAste honetan askatu da Schiaparelli modulua TGO satelitetik. ExoMars egitasmoaren une garrantzitsuenetako bat izan da. Haren helburua: Marteren ingurunea aztertzea eta 2020rako prestatzen ari diren misioetarako teknologia probatzea. Europako (ESA) eta Errusiako (Roscosmos) espazio-agentzien egitasmoa da hau. Hain zuzen, 2017an TGO sateliteak atmosferako gasak aztertuko ditu, bereziki metanoa. Aste honetan, Marteren orbitan geratu da. Misioak bi zati zituen: batetik, TGO satelitea Marteren orbitan kokatu behar zen, eta, bestetik, Schiaparelli moduluak “lur” hartu behar zuen Marten. Maniobra konplexuak ziren biak, bereziki Schiaparellirena, abiadura oso handian hasiko baitzuen Marteren azalerako bidaia, eta gako zen abiadura modu kontrolatuan galtzea, osorik iristeko azalera. Orain arteko datuen arabera, ESAk ez du baieztatzerik izan osorik iritsi ote zen baina balaztatzean arazoak izan zirela onartu dute. Dena den, arrakastatsutzat jo dute misioa: satelitea egoki kokatu zen.
Elhuyar aldizkarian eta Berrian daukazue informazio osagarria.
Ingeniaritza eta teknologiaItsasorratzaren desbideratzeak modu autonomoago batean zuzendu ahal izateko sistema berri bat diseinatu du Josu Arribalzaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, iman mugigarriak dituen plater batean oinarrituta, bere burua konpentsatuko duen eta itsasorratza une oro konpentsatuta edukiko duen sistema bat lortzeko helburuarekin. Egun erabiltzen ditugun nabigazio-sistemek korronte elektrikoa behar izaten dute eta korronterik gabe ematen dituzten posizionamendu guztiek ez dute balio. Hala, Arribalzagak itsasorratza konpentsatzeko sistema modernizatu du, eta el elektrizitatearekiko mendekotasunik ez duen sistema erabat autonomo bat lortu du. “Etorkizunera begira proposatu dut modelo hori, etorkizunean, nolabait, sistema automatizatzera iristeko asmoarekin.”
IkerketakEdu Lartzagurenek galdera bat planteatzen digu artikulu honetan: Zein ikerketaz fida gaitezke? Ildo honi jarraiki, azken salaketa Michael Siegel eta Daniel Aaron ikertzaileek egin dute Bostongo (AEB) Unibertsitateko Osasun Publikoko departamentuan. American Journal of Preventive Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketan erakutsi dutenez, Coca-Colak eta PepsiCo konpainiek AEBetako 96 osasun erakunderi eman zieten dirua 2011-2015 bitartean: AEBetako Diabetesaren Elkartea, Minbiziaren Elkartea, Gurutze Gorria eta Gaitzak Kontrolatzeko Gobernuko Zentroa, besteak beste. Garai berean, edari azukredunak murrizteko edo elikadura hobetzeko asmoz proposaturiko 29 legeren aurka egin zuten konpainiok. “Ikerketa honen inspirazio iturria tabakoaren eta alkoholaren industrien ingurukoak dira. Horiek erakutsi zuten industriok diru laguntzak erabili dituztela politika publikoei aurre egiteko eta euren irudia hobetzeko”, esan du Siegelek. Benetan interesgarria kazetariak planteatu duen gaia.
HistoriaNagore Irazustabarrenak bitxikeria bat ekarri digu. Antzinako Grezian, Praxagorasen garaiko (K.a. IV. mendeko) medikuek ez zuten uste arterietatik odolak zirkulatzen zuenik. Pentsatzen zuten horietatik airea igarotzen zela. Horregatik artheria izena eman zieten (“aire-hodia” esan nahi du). Galenoren (K.o. 129-199) garaitik oker zeudela eta arterietatik odolak zirkulatzen duela jakin arren, odol-hodi horiei ez zitzaien izena aldatu. XIX. mendearen hasieran ibaien sareak izendatzeko erabiltzen hasi zen eta, aurrerago, trenbideak eta errepideak izendatzeko ere bai.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #125 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #131
Zelako eragina du gobernuen gastuak garapen bidean dauden herrialdeen desparekotasunean? José Luis Ferreirak aztertzen du gaia Government spending and income inequality in developing countries artikuluan.
Kimika teorikoak erreakzio bat nola garatuko den aurreikusteko ahalmena du, eta baita ere, zer nolako bitartekoak sortuko diren esateko. Ewa N. Szlapak erakusten digu Foreseeing the course of chemical reactions with computers and theory lanean.
Grafenoaren eroapen bandak aldatu eta itxaropena sortzen duen material berri bat lortzeko, agian boro apur bat nahikoa izango da. DIPCko ikertzaileen lana da berau: Graphene band gap engineering using boron.
Karbonozko nanohodiekin konbinatutako osagai polinitrogenatuak ote dira etorkizuneko energia garbiaren konponbidea? Steffano Bataggliak erantzuten du galdera: Novel sources of clean energy: Where functional polynitrogen materials meet society’s needs.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #131 appeared first on Zientzia Kaiera.
Iñaki Irizar: “Bilduma zientifikoak zientziaren harrobia lantzeko baliabide interesgarria dira” #Zientzialari (59)
Bilduma zientifikoak ordena, sailkapen eta helburu jakin batekin bildu eta gordetzen diren objektuen bildumak dira. Arrokak, landareak, fosilak, animaliak…bilduma hauek era askotakoak izan daitezke eta bakoitzaren izaerak bilketa eta kontserbazio prozesu ezberdinak eskatzen ditu. Guzti honi buruz aritu da Iñaki Irizar Bergarako Laboratorium Museoko ikertzailea Zientzialariren azken atal honetan.
Bere esanetan, bildumen helburu nagusia ondorio zientifikoen bilaketa da, hala ere, ez da bakarra, objektu zientifiko askok zientzia kontzeptuak transmititzeko ahalmen handia baitute.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Iñaki Irizar: “Bilduma zientifikoak zientziaren harrobia lantzeko baliabide interesgarria dira” #Zientzialari (59) appeared first on Zientzia Kaiera.
Edaten ote dute izurdeek urik?
———————————————————————————————————–
Edaten ote dute izurdeek urik? Baten batek pentsa dezake galdera erretorikoa dela hau, baina ez da. Erantzuna, gainera, ez da erraza. Ikus dezagun zergatik.1. irudia: Ugaztun itsastarra da. Mihi berezia dute, erdian kanal bat du, bertatik esnea ematen die kumeei hauek itsasoko ura har dezaten ekidinez.
Itsas arrainen edo itsas hegaztien egoera osmotikoaren antzekoa da itsas ugaztunena. Baleak, itsas lehoiak, izurdeak, itsas txakurrak eta abar, talde horretako kideak dira, eta itsasoko arrain gehienei ―arrain teleosteoei― gertatzen zaien bezala, oso apala da euren barne-likidoen kontzentrazioa. Gutxi gorabehera, itsasoko uraren kontzentrazioaren herena da itsas ugaztunen odolarena. Antz handia dago, beraz, arrain eta ugaztunen barneko eta kanpoko medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Uraren eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude bi talde horien artean. Egia da gatzen gradientea berdina dela, eta egia da, beraz, bi kasuetan ura galtzeko edo gatzak irabazteko joerak izango dituztela animaliek. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuagoak daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen trukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke iragazgaitza izan, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra izan behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero edanez berreskuratu behar dutena.
Baina ez da hori itsas ugaztunen egoera. Itsas ugaztunek birikak erabiltzen dituzte arnasa hartzeko, eta hori airean egiten dute. Hau da, itsasoko urak ez du inoiz ukitzen gasen trukerako azalera. Izan ere, itsas ugaztunek uretatik irten behar dute arnasa hartzeko. Hori dela eta, biriketatik ez dute urik galtzen, eta alde horretatik ez dute uraren ekonomiarekin arrainek duten arazo larria. Gauzak horrela, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da itsas ugaztunen ura edateko beharra. Hala ere, ez daude ura edatetik salbuetsita. Azken batean, arnas azaleratik ez, baina gernu gisa bai galtzen dute ura itsas ugaztunek. Ezin liteke bestela izan, nitrogeno-hondarrak kanporatzeko erabiltzen duten molekulak, ureak, uretan disolbatua egon behar baitu. Gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute. Balizko bi bide daude ura berreskuratzeko, itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez. Azter ditzagun kontu hauek.
Ugaztun gehienok ez dugu batere atsegin itsasoko ura; itsasoko uraren gatzen edukia hiru bider handiagoa da odolarena baino. Izan ere, bi dira itsasoko ura edateak ekar diezazkigukeen ondorio kaltegarriak: batetik, uraren gatzak xurgatzen ez badira, ura barne-mediotik heste argira irten daiteke, eta horrek barne-medioaren lehortzea ekar dezake; izan ere, horixe da magnesioarekin eta sulfatoarekin gertatzen zaiguna. Gatzak xurgatzen badira, nola edo hala kanporatu beharko dira gero, gatzen balantzea orekatua mantenduko bada.
Egia da ugaztunen giltzurruna oso eraginkorra dela lan hori egiten, odolarena eta itsasoko urarena baino gatz-kontzentrazio handiagoa duen gernua sor baitezake[1]. Baina eraginkortasun hori mugatua da, eta, beraz, hobe dute ahalik eta itsasoko ur gutxien edatea.
Lehenago esan bezala, janaria izan daiteke ura berreskuratzeko beste bide bat. Oso irtenbide ona izan daiteke hori ugaztun harraparientzat haien harrapakinak arrain teleosteoak baldin badira. Arrain teleosteoen barne-medioak eta ugaztunenak antzeko gatz-kontzentrazioa dutenez, arrainak jaten dituzten ugaztunek ez diete aurre egin behar ura edateak dakartzan arazoei. Izan ere, itsas lehoiekin egindako ikerketa batean aurkitu denez, itsas lehoien jakia arrainez osatua badago, ez dute batere urik edan behar. Harrapariak ez direnentzat, ordea, bere horretan dirau arazoak. Krill izeneko krustazeo txikiak iragaziz elikatzen diren baleek, adibidez, itsasoko ura bezain kontzentratua dagoen janaria baliatzen dute. Agian horregatik ikusi izan dira baleak izotza jaten!
2. irudia: Krill (Meganyctiphanes norvegica) krustazeo txikia ur hotzetan bizi da. Janari-iturri garrantzitsua dira zetazeoentzat, batez ere, baleentzat. (Argazkia: Øystein Paulsen – Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
Ekarpen honen izenburuaren galderari erantzutea ez da erraza. Ezaguna da hainbat itsas txakurrek eta itsas lehoik itsasoko ura edaten dutela, noizean behin bai behintzat, baina ez dakigu hori ohikoa den ala ez. Seguru asko, ura edaten dute besterik geratzen ez zaienean; azken batean, beren giltzurrunek geureek baino gernu kontzentratuagoa sortzen dute. Hala ere, segurtasun osoz esan dezakegu ahalik eta ur gutxien edaten dutela, bestela giltzurrunek lan handiegia egin beharko lukete-eta.
Oharra:
[1] Neurketak egin diren esperimentuetan ―foka eta itsas lehoietan― ikusi da itsasoko ura baino 2’5 bider kontzentratuago dagoela gernua.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Edaten ote dute izurdeek urik? appeared first on Zientzia Kaiera.
Denon arbasoaren arrastoen atzetik
Zer ari gara galdetzen, nondik gatoz galdetzen dugunean? Biologiaz ari al gara galdezka, ala fisikaz, ala filosofiaz? Ertz asko dituen auzia da. Bizitzaz, edo hobe esanda, guk ezagutzen ditugun bizitza formez ari bagara, LUCA da erantzuna: Last Universal Common Ancestor, edo azken arbaso komun unibertsala. Gaur egun gure mundu honetan bizi garen organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea, gutxienez duela 3.500 milioi urte bizi izan zena. Baina arazoa zera da, LUCA erantzuteak galderak areagotu baino ez dituela egiten.
Nolakoa zen organismo hau? Non bizi zen? Eta nola? Horiei erantzun nahian Dusseldorfeko Unibertsitatean egin duten ikerketa batek piztu du arreta berriki. Ustez LUCAk zeuzkan 355 proteina familia identifikatu dituzte, eta horietan oinarrituta, bere profila egin dute: beroa maite zuen mikrobioa zen, hidrogenoa funtsezkoa zuen, eta oxigenorik gabeko ingurunean bizi zen, Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez. Garbi dago haren ondorengo askok eta askok beste bide batzuk hartu ditugula.
1. irudia: Bakterio eta arkeoetatik abiatu dira LUCAren balizko geneak identifikatzeko. (Argazkia: Madeline C. Weiss et al.)
LUCA aurkitzeko, arkeologia lana egin behar da, bizitzaren historia luzea berreraiki. Eta horretarako organismo prokariotikoak dira abiapuntua. Animaliak, landareak, onddoak, bai eta legamiak ere, eukariotoak gara, organismo konplexuagoak; baina datuek diote prokariotoetatik sortuak garela guztiak, eta horregatik jo behar da horietara. Prokariotoak, aldiz, bi motatakoak izan daitezke: bakterioak edo arkeoak. Hain zuzen ere, bakterioak eta arkeoak bereizi izana, hori izan da bizitza formen bilakaeran gertatu den banaketarik sakonena. Horregatik, biek ala biek gene batzuk partekatzen badituzte, LUCAk ere gene horiek izango zituela pentsatzeak badu zentzua.
Ez da hain erraza, ordea. Bakterio batek eta arkeo batek gene bera izan dezakete erro beretik datozelako, baina gene transferentzia gertatu delako ere bai. Hizkuntzetan maileguekin gertatzen denaren parekoa da: euskarak baditu latinetik datozen hitzak (bakea, gela, zerua…) haren eragina izan eta transferitu egin dituelako, baina ez dute jatorri bera. Orduan, nola bereizi bi organismoek LUCAtik oinordetzan jaso dituzten geneak, eta elkarri gerora kopiatu dizkiotenak?
Bada, bakterio eta arkeo espezie banak partekatzen dituzten geneak besterik gabe bilatu beharrean, irizpideak eta metodoa zorroztu dituzte. Gutxienez bi bakterio espeziek eta bi arkeo espeziek dituzten gene komunak identifikatu dituzte aurrena. 1.847 bakterioren eta 134 arkeoren genomak aztertu eta 6,1 milioi gene kontatu dituzte horrela, eta horiek guztiak 286.514 proteina familiatan multzokatu. Baina familia horien guztien artean, 355 baino ez daude gaur egungo organismo guztietan luze-zabal barreiatuta. 355 gene familia horiek dira, beraz, LUCAren parte izateko hautagai nagusiak.
2. irudia: Tximinia hidrotermala, Ozeano Atlantikoan. Halakoak izan zituen LUCAk balizko bizitoki. (Argazkia: P. Rona- NOAA Photo Library)
“LUCAren fisiologia da. LUCA nola bizi zen ez ezik, non bizi zen ere esaten ari zaizkigu gene horiek”, dio William Martin ikerketaren arduradunak. Hala, gene horiek diotenez, LUCA anaerobioa zen (oxigeno askerik gabe bizi zen), karbono dioxidoa eta nitrogenoa ingurunetik hartu eta baliatu egiten zituen zuzenean, hidrogenoaren menpekoa zen, eta sufrea erabiltzeko ahalmena ere bazuen. Gainera, termofiloa zen, berrogei gradutik gorako tenperatura zuten inguruneetan bizi zen. Hori horrela, gaur egun gurean dauden izakien artean, badirudi Clostridium taldeko bakterioek eta arkeo metanogenoek dutela LUCArekin antz handiena.
Horiek guztiak kontuan hartuta, ikerketa honetan ondorioztatzen dutenez, badirudi LUCA ingurune hidrotermalen batean bizi izan zela, itsas hondoan; hidrogenoz, karbono dioxidoz eta burdinaz inguratuta. Hori dela eta, itsaspeko sumendien bueltan izaten diren tximinia hidrotermaletan kokatu dute bere balizko bizitokia, eta gaur egungo bizidun guztien abiapuntua.
Erreferentzia bibliografikoa:
Madeline C. Weiss et al. The physiology and habitat of the last universal common ancestor. Nature Microbiology 1. Article number: 16116 (2016). DOI:10.1038/nmicrobiol.2016.116
Informazio gehiago:
- LUCA: el último ancestro común universal (gaztelaniaz)
- How and where did the very first cells on Earth make a living? (ingelesez)
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Denon arbasoaren arrastoen atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.
Behobia-Donostia lasterketako matematikak
Irudia: 2015eko Behobia-Donostia lasterketaren irudia. (Argazkia: Oarsoaldeko Hitza)
Behobia-Donostia lasterketa oso ezaguna da. Azaroko bigarren igandearen goizean korrikalariak Behobiatik irteten dira eta 20km egin ondoren Donostiara heltzen dira. Lehen edizioa 1919. urtean egin zen eta aurtengoa 52. edizioa izango da. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du lasterketa hau duela hainbat urte. Joan den urtean lasterketa honek 30.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen eta aurten korrikalari kopurua handitzea espero dute. Horrela, partaideen kopurua handitzeak arazo asko sortzen ditu bai kirolariei baita antolatzaileei ere. Hori dela kausa, antolakuntza UPV/EHUko ikertzailea eta Ikerbasque Research Professor den Urtzi Ayestaren ikerketa-taldearekin lan egiten ari da.
Ayestaren ikerketa-taldeak estatistikan oinarritutako eredu matematiko berriztatzaileak proposatu dituzte lasterketa honetan gertatzen diren problemak murrizteko. Izan ere, korrikalarien errendimendua Fortuna Kirol Elkartearentzat (probaren antolatzailea) kontrolaezinak diren hainbat faktoreren araberakoa da, lasterketa egunaren eguraldia esate baterako. Beraz, korrikalari baten errendimendua zorizko aldagaia da eta horregatik, estatistikako tresna matematikoak ezinbestekoak dira Behobia-Donostia lasterketan azaltzen diren optimizazio problemak aztertzeko.
Elkarkidetza honetan zenbait optimizazio problema ikertu dira eta garatutako ereduak aurtengo edizioan jarriko dira praktikan. Adibide bezala, problema batzuk azaltzen dira hurrengo lerroetan:
Helmugako korrikalari-pilaketak saihestuBehobia-Donostia lasterketaren irteera taldeka egiten da korrikalarien abiaduraren arabera. Izan ere, korrikalaririk bizkorrenak 9:30etan irteten dira eta geldoenak minutu batzuk beranduago: zenbat eta geldoago korrika egin, orduan eta beranduago irten Behobiatik. Irteera mota honi esker, korrikalarien iritsiera-tasa konstante mantentzea espero dute Fortunakoek, pilaketarik gerta ez daitezen. Urtzi Ayestaren taldekoek datu estatistikoetan oinarritutako simulazioak egin dituzte eta, haien emaitzen arabera, ikusi dute korrikalari taldeen arteko irteera-denborak aldatuz, iritsiera-tasa fluxua asko aldatzen dela. Beraz, ikerketa honen helburua Donostiara iristen diren korrikalari tasa ahalik eta konstanteen mantentzea da (150 korrikalari minutuero, esate baterako) eta, horretarako, Behobiatik irteten diren korrikalari taldeen arteko denbora tarte optimoak lortu behar dira.
Bizkar-zorro banaketa optimizatuBehobian bizkar-zorroa utzi eta Donostiako Gipuzkoa Enparantzan jasotzeko aukera ematen diete Fortunakoek korrikalariei. Korrikalariak lasterketa bukatu ondoren ez hozteko, komenigarria da ahalik eta lasterren haien bizkar-zorroa hartzea. Hori lortzeko, ilara-teorian oinarritutako bizkar-zorro banaketa-sistema bat garatu dute, ilaretan itxaron behar izaten den denbora murrizteko.
Korrikalarien estrategia optimizatuBehobia-Donostia lasterketan parte hartzen duten korrikalariek badakite ahalegin handia egin behar dela lasterketa bukatzeko. Gainera, korrikalari askok ahalik eta bizkorren bukatu nahi dute eta horretarako, ezinbestekoa da haien energia nola banandu behar duten jakitea. Lasterketa laua denean, problema honen soluzioa orain dela 40 urte baino lehenago argitaratu zen (A theory of competitive running izeneko artikuluan alegia). Aldapak dituen lasterketen kasuan, berriz, ez dago argi korrikalariek jarraitu beharreko estrategia optimoa zein den. Elkarkidetza honen helburua Behobia-Donostia lasterketaren kasua ikertzea da.
Ikerketa-problema hauek erakusten dute matematikak Behobia-Donostia lasterketan agertzen diren optimizazio-problemetan aplikatzen direla. Lasterketa honetan ez ezik, beste kirol txapelketetan ere matematiken erabilgarritasuna aurkitu dezakegu. Baina hori hurrengo batean kontatuko dizuet.
———————————————————————————-
Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta egun, INRIA Institutuan dihardu ikertzen.
———————————————————————————-
The post Behobia-Donostia lasterketako matematikak appeared first on Zientzia Kaiera.
Auzitegiko zientzia, tiro-aztarnen identifikazioa
Tiro-aztarnak erretako eta erre gabeko partikulen multzoa dira, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Tiro egin ostean, partikulak tiroa gertatu den tokiaren inguruan jalkitzen dira, baina, batez ere, tiratzailearen gorputzean (eskuak, sudurra eta ilea) eta arropetan.
Irudia: Filmetan edo CSI telesailean eta antzekoetan ikusten ditugun auzitegi ikertzaileen lanak ez du zerikusirik alor horretako profesionalen egunerokoarekin. Hainbat gauza ikertzen badituzte ere: eraikinen egituretako kalteak, aizuntzeak, segurtasun-arazoak; lana pantaila aurrean ikusten duguna baino askoz normalagoa edo hurbilagoa da, eta badu zerikusirik zientziarekin.
Tiro-aztarnek konposizio organiko nahiz ez-organikoa izan dezakete. Konposizio ez-organikoan oinarrituz, 2008. urtean European Network of Forensic Science Institute (ENFSI) delakoak tiro-aztarnen analisirako gida plazaratu zuen[1]. Haren esanetan, tiro-aztarnak 0.5 eta 5.0 µm tarteko diametroa eta beruna (Pb), antimonioa (Sb) eta barioa (Ba) daukaten partikula esferikoak dira. Hala ere, azken urteotan, partikula horien esferikotasuna eta beraien konposizio elementalaren esklusibotasuna zalantzan jartzen duten zenbait ikerketa plazaratu dira[[2], [3].
Partikula ez-organikoen analisirako erreferentziazko teknika eta baliagarritasun judiziala duen bakarra X izpien energia-dispertsiboaren espektroskopiari akoplatutako ekorketa bidezko mikroskopia elektronikoa (SEM-EDX) da. SEM-EDX teknikak baditu zenbait desabantaila, esate baterako, beharrezkoa du partikula bakoitzaren banakako identifikazioa, eta horrek denbora luzea behar duenez, garestitu egiten da analisiaren kostua[1]. Desabantaila horiek gainditzeko asmoz, tiro-aztarnen dudarik gabeko identifikazioa egiteko, berriki, metodo analitiko bat garatu da, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknikan oinarritzen dena. Metodo horrek ez du behar laginaren aurretratamendurik eta nabarmen murrizten du analisi-denbora[4].
Orain dela urte batzuk, tiro-eremuetan sortzen diren metal astunen maila altuen eraginpean sor daitezkeen osasun eta ingurumen arazoak saihesteko, “berunik gabeko” (“lead-free”) eta “metal astunik gabeko” (“heavy metal free”) munizioak merkaturatu ziren. Munizio berdeak deritzen horiek, alabaina, ENFSIren irizpideetan oinarritutako zalantzarik gabeko tiro-aztarnen identifikazioa egitea galarazten dute. Konposatu organikoen analisiak informazio gehigarri baliotsua ematen dio partikula ez-organikoen ebidentziari eta lagin baten froga-balioa indartu dezake. Hori dela eta, arazo honen irtenbide bideragarriago bat munizio berdeak erabiltzen direnean tiro-aztarnen konposatu ez-organiko zein organikoen (organic gunshot residues, OGSR) identifikazioa egitea da.
Hala ere, gutxi dira OGSRen dudarik gabeko identifikaziorako guztiz sentikorrak diren metodoak. Horien artean aipagarrienak Raman espektroskopia eta masa-espektrometrian oinarritzen diren teknika kromatografikoak dira[5], [6]. Azkeneko urteotan, teknika hauek tiro-aztarnen ezaugarri diren konposatu organikoen identifikazioa ahalbidetu dute: zentralitak eta difenilaminen deribatu nitratuak, besteak beste. Jakina, teknika hauek SEM-EDX eta laser bidezko ablazioarekin batera erabili daitezke munizioek oro har eta, batez ere, munizio berdeek igortzen dituzten tiro-aztarnen identifikazioa posible egiteko[7], [8].
Ondorio gisa, esan daiteke azkenaldian elkarren osagarriak diren metodo analitiko ugari garatu direla delituzko ekintzak eta suizidioak argitzeko. Halako metodoen helburutzat eman daiteke, era berean, munizioetan agertzen diren konposatu ez-organikoak eta organikoak identifikatzea, izan ere, informazio hau oso baliotsua da batez ere geroz eta erabilera zabalagoa duten munizio berdeen kasuan.
Oharrak:
[1] NIEWOEHNER L. 2008. ENFSI-Guide for gunshot residue analysis by scanning electron microscopy/energy-dispersive X-ray spectrometry. ENFSI, Prague.
[2] MARTINY A., CAMPOS ANDREA P.C., SADER MARCIA S. eta PINTO ANDRE L. 2008. “SEM/EDS analysis and characterization of gunshot residues from Brazilian lead-free ammunition”. Forensic Science International, 177, e9-17.
[3] MOSHER P.V., MCVICAR M.J., RANDALL E.D. eta SILD E.H. 1998. “Gunshot residue-similar particles produced by fireworks”. Canadian Society of Forensic Science Journal, 31, 157-168.
[4] ABREGO Z., UGARTE A., UNCETA N., FERNANDEZ-ISLA A., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2012. “Unambiguous Characterization of Gunshot Residue Particles Using Scanning Laser Ablation and Inductively Coupled Plasma-Mass Spectrometry”. Analytical Chemistry, 84, 2402-2409.
[5] BUENO J., SIKIRZHYTSKI V. eta LEDNEV I.K. 2012. “Raman Spectroscopic Analysis of Gunshot Residue Offering Great Potential for Caliber Differentiation”. Analytical Chemistry, 84, 4334-4339.
[6] DALBY O., BUTLER D. eta BIRKETT JASON W. 2010. “Analysis of gunshot residue and associated materials. A review”. Journal of Forensic Sciences, 55, 924-943.
[7] ABREGO Z., GRIJALBA N., UNCETA N., MAGUREGUI M., SANCHEZ A., FERNANDEZ-ISLA A., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2014. “A novel method for the identification of inorganic and organic gunshot residue particles of lead-free ammunitions from the hands of shooters using scanning laser ablation-ICPMS and Raman micro-spectroscopy”. Analyst, 139, 6232-6241.
[8] BENITO S., ABREGO Z., SANCHEZ A., UNCETA N., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2015. “Characterization of organic gunshot residues in lead-free ammunition using a new sample collection device for liquid chromatography-quadrupole time-of-flight mass spectrometry”. Forensic Science International, 246, 79-85.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Tiro-aztarnen identifikazioa, auzitegi-laborategien erronka.
- Laburpena: Azken urteotan, su-armen erabilera nabarmen handitu da gure gizartean eta horrek tiro egin ondoren sortutako partikulen analisirako metodologia berriak garatzea ekarri du. Krimen agertokian tiro-aztarnak (gunshot residue, GSR) osatzen dituzten konposatuen detekzio eta identifikazioak su-armen erabileraren ebidentzia fidagarria eskaintzen du. Tiro-aztarnak erretako eta erre gabeko partikulen multzoa da, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Tiro egin ostean, partikulak tiroa gertatu den tokiaren inguruan jalkitzen dira baina, batez ere, tiratzailearen gorputzean (eskuak, sudurra eta ilea) eta arropetan. Gaur egun, GSR partikulen ohiko analisia konposatu ez-organikoen identifikazioan oinarritzen da. Konposatu organikoen azterketak (organic gunshot residues, OGSR) lagin baten froga-balioa indartu dezake. Hala ere, gutxi dira OGSR-en dudarik gabeko identifikaziorako guztiz sentikorrak diren metodoak. Lan honetan beraz, tiro-aztarnen laginketa eta analisirako teknika aipagarrienak laburbildu eta berrikusten dira.
- Egileak: Nora Unceta, Nagore Grijalba, Sandra Benito, Zuriñe Abrego, Alicia Sánchez, M Aranzazu Goicolea, Alberto Gomez, Asier Vallejo eta Ramón J. Barrio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 105-123
- DOI: 10.1387/ekaia.13556
—————————————————–
Egileez: Nora Unceta, Nagore Grijalba, Sandra Benito, Zuriñe Abrego, Alicia Sánchez, M Aranzazu Goicolea, Alberto Gomez, Asier Vallejo eta Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Auzitegiko zientzia, tiro-aztarnen identifikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasorratzak ez du iparra galtzen
Itsasorratzaren desbideratzeak modu autonomoago batean zuzendu ahal izateko sistema berri bat diseinatu du Josu Arribalzaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, iman mugigarriak dituen plater batean oinarrituta, bere burua konpentsatuko duen eta itsasorratza une oro konpentsatuta edukiko duen sistema bat lortzeko helburuarekin. Hala, itsasontziko energia-iturriek huts egin arren, itsasorratza zuzenduta eta erabilgarri eduki ahal izango da, iparra galdu gabe.
Irudia: Itsasorratzak iparra markatzen jarraitzen du, GPSak huts egiten duenean.
Itsasorratzen konpentsazioa era berean eta kalkulu berberen bidez egin izan da, XIX. mendeaz geroztik. Eragiketa horretan, hainbat kalkulu egiten dira zehazteko zer gelaxkatan jarri behar diren iman zuzentzaileak, itsasorratzak ipar magnetikoa zein den adieraz dezan beti. Ipar magnetikoa jakinez gero, eta deklinazio magnetikoa (benetako iparraren eta ipar magnetikoaren arteko diferentzia, National Oceanic and Atmospheric Administrationek kalkulu moderno batzuen bidez kalkulatzen duena) zuzenduta, benetako iparra zein den jakiten da beti, eta, haren bidez, itsasontzia zer norabide zehatzetan mugitzen ari den.
Gaur egun, itsasorratza alboratuta badago ere, nabigatzaileek erabiltzen ditugun nabigazio-sistemek korronte elektrikoa behar izaten dute, eta korronterik gabe sistema horiek ematen dituzten posizionamendu guztiak alferrikakoak gertatzen dira —azaldu du Josu Arribalzaga ikertzaileak—. Gainera, GPS sistemak seinalearen okerreko irakurketa bat ematera irits daitezke, bai kanpotiko distortsioek bai manipulazioek eragindakoak (nahita eragindakoak edo ez)”. Nazioarteko Itsas Erakundeak (IMO) agindutakoaren arabera itsasontzi guztietan konpas-kutxarekin batera itsasorratz bat eraman behar da, bai eta ordezko beste itsasorratz bat ere, gainerako nabigazio-sistemak huts egiten badute erabiltzeko. Hala, Arribalzagak konpentsazio-sistema berri bat proposatu du iman higigarriak dituen plater batean oinarrituta, zeinaren bidez era autonomoago batean zuzendu baitaitezke itsasorratzaren desbideratzeak.
Orain arte bezala iman zuzentzaileen potentzia erlatiboa erabili beharrean, ikertzaileak iman horien momentu magnetikoa erabili du haien zuzentze-gaitasuna kalkulatzeko, eta momentu magnetiko horren arabera zehazteko itsasorratzetik zer distantzia errealetara zuzentzen den desbideratze jakin bat. Halaber, ikertzaileak ustekabean konturatu dira orain arte erabili izan den konpentsazio-sistema ez dela zuzena, hainbat zuzenketa egin beharko balirateke konpentsazio zuzen bat lortzeko.
Konpas magnetiko baten osagarria den sistemaDesbideratzeak denbora errealean lortzeko konpas magnetiko integralak —UPV/EHUren patentea du— automatikoki kalkulatzen ditu itsasorratzaren desbideratze guztiak, norabide guztietan eta denbora errealean; baina desbideratze hori kalkulatu ondoren, doikuntzak egin beharko lirateke itsasorratza ipar magnetikoa markatzera irits dadin. Horrenbestez, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, Arribalzagak, itsasorratza konpentsatzeko sistema modernizatu du, eta elektrizitatearekiko mendekotasunik ez duen sistema erabat autonomo bat lortu du. “Etorkizunera begira proposatu dut modelo hori, etorkizunean, nolabait, sistema automatizatzera iristeko asmoarekin”. Itsasorratza zuzentzeko imanak kutxatilategi jakinetan sartu beharrean, orain arte bezala, plater batean ezarri ditu, halako eran non platera gorantz edo beherantz mugi baitaiteke (itsasorratzera hurbilduz edo harengandik urrunduz) eta iman zuzentzaileak biratu egin baitaitezke (efektu handiagoa lortuz, zenbat eta itsasorratzetik hurbilago egon imana).
“Nik diseinatutako eta probatutako platera zehaztasun handiz doi daiteke, edozein posizio bertikaletan eta une oro —adierazi du Arribalzaga—. Berez, nik sortutako prototipoa eskuz manipula daiteke; izan ere, motorizatzeak kostu gehigarri garrantzitsua eragingo luke, eta, gainera, motorra eta platera akoplatzeko sistema mekaniko bat beharko litzateke, imanei eta platerari egokitu beharko litzaiekeena”. Ikerketa hau, beraz, lehen urratsa izan da UPV/EHUk patentatutako konpas magnetiko integrala eta diseinatutako platera —autodoikuntza-sistema espezifiko batzuetara egokitu beharko litzatekeena— akoplatzera iristeko. “Baina hori beste fase batean sartuko litzateke”, adierazi du.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itsasorratzak iparra markatzen jarraitzen du, GPSak huts egiten duenean.
The post Itsasorratzak ez du iparra galtzen appeared first on Zientzia Kaiera.