S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 30 min

Industrian aitzindari, kutsaduran ere bai

mer, 2016/12/07 - 10:00
Amaia Portugal Gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia identifikatu dutela uste dute Kanadako ikertzaile batzuek. Jordanian gertatu zen, orain dela zazpi mila urte, kobrearen erauzketaren ondorioz. Konbustio bidez ateratzen zuten metala, eta ingurunean zein bertako herritarren osasunean kalte handiak eragin zituen.

Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldea da, Itsaso Hilaren azpian. Wadi hitzak ubidea edo bailara esan nahi du arabieraz. Hain zuzen ere, zonalde honetan aurkitu dute gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia. Edo, behintzat, orain arte topatutako gisa honetako poluzioaren arrasto zaharrenak, orain dela zazpi mila urtekoak baitira. Kanadako Waterlooko Unibertsitatean egin dute ikerketa lana, eta Science of the Total Environment aldizkarian eman dute haren berri.

Dagoeneko ez du emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daude lehortutako ibaiaren bidean zein ertzetan. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Arrastoek iradokitzen dutenez, pirometalurgiaren aitzindariak izan daitezke: konbustio bidez ateratzen zuten metala.

 Barqa Landscape Project / University of Waterloo)
1. irudia: Wadi Faynan lurraldea, Jordanian. (Argazkia: Barqa Landscape Project / University of

Garai hartan, gizakia trantsizio betean zegoen, eta harrizko tresnak egitetik metalak baliatzera igarotzen ari zen. Kalkolitoa edo Kobre Aroa zen: Harri Arotik Brontze Arorako denbora tartea. Erdibideko aro horri buruzko datu berriak dakartza ikerketa honek, eta zantzuek erakusten dutenez, Ekialde Hurbileko inguru horietan, behintzat, hasiak ziren metala urtzeko metodoak ikasten eta garatzen.

Russell Adams Waterlooko Unibertsitateko Antropologia saileko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek adierazi bezala, “populazio horiek hasiak ziren suarekin saiakuntzak egiten; bai eta zeramikarekin eta kobre meekin ere. Berrikuntza teknologikoa eta metalen erabileraren hedapena gizartean: horixe da mundu modernoa hasi dela adierazten duen mugarria”.

Jendeak egur-ikatza eta inguruotan ugaria zen kobre mineral urdin-berdexka konbinatzen zituen garai honetan kobrea sortzeko, eta bi horiek nahasteko, sutan berotzen zituzten. Hastapenetan, kobreak funtzio sinbolikoa betetzen zuen nagusiki. Hura lortzeko prozesua konplexua eta neketsua zenez, luze jo zuen metal honen erabilera benetan gizarteratu zen arte, baina k.a. 2.600 urterako martxan zituzten meatzeak eta lantegiak, eta ordurako bai, kobrearen ekoizpena erabat hedatuta zegoen. “Munduko lehen industria iraultza hemen gertatu zen”, gaineratu du Adamsek.

 Daniel Stucht / CC BY-SA 3.0)
2. irudia: Kobre minerala. (Argazkia: Daniel Stucht / CC BY-SA 3.0)

Industriak kutsadura dakar, ordea, eta badirudi Wadi Faynan aitzindaria izan zela horretan ere. Metala galdatzeak errefus kutsakor ugari dakartza: kobrea bera, beruna, zinka, kadmioa, bai eta artsenikoa, merkurioa eta talioa ere. Landareek metal horiek xurgatzen zituzten, eta ardiek landareok jaten zituztenez, azkenerako osagai toxiko horiek ingurumenean metatzen ziren.

Waterlooko Unibertsitateko ikertzaileok ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak, besteak beste. Hain zuzen, honi lotuta, Erromatar garaiko giza hezurretan ere kobre eta berun kantitate handiak aurkitu izan dituzte hainbat ikerketatan.

Erreferentzia bibliografikoa:

J.P. Grattan et al. The first polluted river? Repeated copper contamination of fluvial sediments associated with Late Neolithic human activity in southern Jordan. Science of The Total Environment, Volume 573, 15 December 2016, Pages 247–257. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.08.106

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Industrian aitzindari, kutsaduran ere bai appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea

mar, 2016/12/06 - 09:00
Arturo Apraiz Mantuko luma gorakorren kontzeptua oso hedatuta dago unibertsitateko ikertzaileen artean eta gero eta arruntagoa da ere unibertsitate-aurreko testuliburuetan. Hala ere, sortu zenetik oso eztabaidatua izan da hipotesia, eta ika-mikak ez dira oraindik amaitu. Izan ere, oraindik zehaztu gabe dago lumak zinez egiazkoak diren ala ez, eta egiazkoak izanda ere zein jatorri izango luketen eta nola eragin dioten plaka-tektonikari eta Lurraren bilakaera geologikoari. Gainera, luma gorakorren kontzeptua bera izugarri aldatu da, hasieran iradokitako luma termikoen eskema arruntetatik abiatuta, jatorri desberdineko eta geometria konplexuko luma gorakor termo-kimikoetaraino.

Jarraian, luma gorakorrekin lotutako hainbat kontzeptu historiko berrikusiko dira, eta hipotesia sortu zen zientzia-egoeraren berri emango da era berean. Ondoren, deskribatu egingo dira egun elkarren aurkakoak diren bi eredu-proposamen nagusiak: lumen eredua eta plaken eredua.

Luma gorakorren aurrekariak eta sorrera-unea

Plaka-tektonika, eta kontinenteen jitoa ere, hedatu aurretik aipatu izan zen lurrazalaren azpian konbekzio-korronteak egon zitezkeela. Lehendabiziko aipamena William Hopkins matematikariak egin zuen, baina Osmond Fisher (1878) izan zen mantuko konbekzioa egitura geologikoen eragile gisa erabiltzen lehena. Orduko teoria nagusiak esaten zuen Lurra hoztean gertatutako uzkurduraz sortzen zirela mendikateak; Fisherrek aldiz, iradoki zuen lurrazalaren azpitik geruza mehe likidoa zegoela eta gaineko lurrazalak mugitzean mendikateak sortuko zituela eremu horren gainetik horizontalki. Mugimenduen eragilea aurkitu nahirik, esan zuen agian ozeanoen azpitik kokatutako material beroa goratu eta kontinenteen azpitik kokatutako material hotza beheratu egingo zela, hau da, konbekzio-korronteak erabili zituen.

Konbekzio-mugimenduen ereduak bultzakada handia jaso zuen Arthur Holmesen lanei esker (1928, 1944). Aurretik, orduko zientzialari oso ezaguna zen Harold Jeffreysek esana zuen mantuaren biskositatea ez zela konbekziorako eragozpena, eta hortik abiatuta, mantuko material solidoak (Fisherrek aurretik likidoa zela esan zuen), Lurraren barneko beroaren ondorioz, konbekzio motela jasan zezakeela aipatu zuen. Holmesek aurkeztutako irudian mantuan zehar bertikalean igotzen den korrontea ikusten da, eta kontinentearen azpira heltzean bi noranzkoetan zabaldu eta kontinentearen apurketa eta ozeanoaren sorrera eragiten du (1. irudia). Sortutako korronte horizontal bakoitzak beste korronte bertikal batetik datozen korronte horizontalekin bat egitean beherantz desbideratu eta kontinenteak bertarantz bultzatzen dira.

arthur-holmes-convection-02
1. irudia: Holmesek (1928) plaken mugimendua azaltzeko iradokitako mantuko konbekzioa. (Ilustrazioa: Arthur Holmesek, «Radioactivity and earth movements» liburuan argitaratutakoa. Transactions of the Geological Society of Glasgow, 1929. © Transactions of the Geological Society of Glasgow. Iturria: Planet Terre gunea)

Plaka-tektonikaren teoria plazaratu zenean, konbekzio-ereduak paradigma bihurtu ziren eta erabateko hedakuntza izan zuten. Plaka-tektonikaren lehendabiziko urteetan (1960-1970) ozeano-gandorren azpiko konbekzio-korronte gorakorrak eta subdukzio-eremuetako konbekzio-korronte beherakorrak erabili ziren plaken mugimendua azaltzeko (2. irudia).

Ereduak azalpen egokia eskaintzen du lurrazalean gertatzen diren prozesu magmatiko gehienetarako, eta plaken arteko mugetan gertatutakoetarako. Badaude aldiz plaken barne eremuetan zein plaken arteko mugetan gertatzen diren hainbat “prozesu magmatiko anomalo” (gandor aseismikoak, basalto-plataformak, dike sare-erraldoiak,…), ereduan azalpenik aurkitzen ez dutenak. Sortutako galderei irtenbideren bat emateko, luma gorakorren eredua plazaratu zen. Bertan, ozeano-gandorrak zabalik mantentzen dituen mantuko konbekzio nagusitzat jotzen dira, luma gorakorrak plaken barnean gertatzen diren prozesu bolkanikoak azaltzeaz gain.


2. irudia. Plaka-tektonikaren eredua azaltzeko erabili zen konbekzio-korronteen eredu zaharkitua, oraindino testu liburu askotan agertzen dena

Hala ere, hipotesia sortu zenetik, milaka argitalpen eragin dituen, eztabaida latza izan da luma gorakorren inguruan. Ikertzaile batzuek ez dute ikusten luma gorakorren beharrik “prozesu magmatiko anomaloen” azalpenerako.

Ikertzaile hauek litosferan bertan gertatzen diren aldaketetan oinarritutako beste eredu bat sortu dute: plaken eredua (plate model). Egia da hasierako luma gorakorren ereduak akats ugari zituela, baina jatorrizko kontzeptua aldatuz eredu berri baterantz bilakatzeko ahalmena izan du, eta hasierako kontzeptuarekin desberdintasun asko baditu ere, egun luma gorakorren eredua (plume model) aurrera doa.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
  • Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movemwnts. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
  • Holmes, A. (1944): Principles of physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
  • Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
  • Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
  • Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
  • Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
  • Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
  • Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Itsas energia irakasten R programarekin

lun, 2016/12/05 - 15:20
Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra Itsas Energia gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten ari gara EHUn. Beronen irakasleek, Gabriel Ibarrak eta Alain Ulaziak, hezkuntza aitzindaritza honek dakarren erronkari nola erantzun zaion azaldu nahi dugu. Halaz, ikas denboraren hiru laurden suposatu duen R analisi estatistikorako eta grafikorako programazio hizkuntza itsas baliabidearen analisi espazio-tenporalerako nola aplikatu den dibulgatzea interesgarria izan daiteke bai ikuspegi teknikotik eta baita ikuspegi didaktikotik ere. itsas energia
Irudia: Gurean aintzat hartzeko moduko energia horietako bat itsasoarena da. Bat baino gehiagoren ustez, itsas energiari lotutako teknologiak europar ekonomia altxa baitezake hurrengo hamarkadetan.

R estatistikarako erabili ohi den eta komunitate zientifikoan berebiziko erabilgarritasuna lortzen ari den programazioa hizkuntza libre bat da. Objektuetan oinarritutako hizkuntza sinple eta intuitiboa da izan: aldagaiak, funtzioak, grafikoak, datuak, etab., memorian gordetzen dira izen zehatz batekin. Halatan, munduan barreiaturiko hamaika arlotako zientzialarik egindako zientoka pakete eskuragarri daude edozein unetan jaitsi eta aktibatuta arlo horri dagozkion kalkulu, grafiko eta irudikatze ohikoenak segituan egin ahal izateko. Hauei buruzko informazio zehatza programaren R-CRAN gordailuan topatu daiteke.

Pakete hauen artean lurreko nahiz itsasoko datuen manipulazio espazio-tenporalari dagokienekin aritu gara, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituen sp paketeaz; edo maps eta mapdata paketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituena; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketea; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDF paketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko.

3 edo 4 orduko iraupena duten 10 ariketa prestatu ditugu hauekin AEBen NOAAko (National Oceanic and Atmospheric Administration) ETOPO5 bezalako proiektuek eskainitako datuekin modu eraikitzaile batez kurtsoan aurreratu, eta R hizkuntza ikasi ahala, orduan eta datu tratamendu eta irudikatze geografiko konplikatuagoak gauzatu dira. Hemen TOPEX/Poseidon satelitearen datuak aurki daitezke, 1992an NASAk eta Frantziako Agentzia Espazialak gainazal ozeanikoa aztertzeko aireratutako misioarenak. Satelitearen radar altimetroa aitzindaria izan zen, eta itsas maila inoiz ez bezalako zehaztasunez neurtzeaz gain itsas korronte globalen mapak ere lehenengoz egiten ari dira.

Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dugu iturri gisa, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Halako puntu bakoitzean aldagai atmosferikoen balioak ematen ditu eredu honek denboran zehar. Hainbat neurketa aparatu erabiltzen dira lehenbizi atmosferako, lurrazaleko eta itsas-azaleko datuak eskuratzeko: radio-zundak, scatterometroa, itsas buiak, globoak, sateliteak, etab.; ondoren, ECMWF eredu konputazionalak datuok hartu eta sare-begi guztietara eramaten ditu espazialki.

Finean, R kalkulu estatistikorako programazio hizkuntzak datuen tratamendu espazio-tenporalerako baliabide aberatsa eskaintzen duela argi dago, GNU programa libre bat izatean eta hamaika arlotako hamaika zientzialariren ekarpenak etengabe metatzean, ikerketarako ez ezik hezkuntzarako ere tresna oso egokia da eta. Itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko ere gai gara honekin. Guzti honek problemetan oinarritutako ikasketarako, auto-ikaskuntzarako, eginaz ikasteko edota ikasketa kooperatiborako lan tresna aparta bihurtzen du R.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Itsas Energia irakasten R-rekin.
  • Laburpena: Itsas Energia gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten ari da EHUn. Beronen irakasleek Itsas Energiaren garrantzia nabarmendu nahi dute hemen, eta horretaz gain, azaldu nahi dute nola erantzun zaion hezkuntza aitzindaritza honek dakarren erronkari. Halaz, ikas denboraren hiru laurden suposatu duen R analisi estatistikorako eta grafikorako programazio hizkuntza itsas baliabidearen analisi espazio-tenporalerako nola aplikatu den azalduko da ikasleek garatu dituzten ariketen bidez.
  • Egileak: Alain Ulazia, Gabriel Ibarra
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 27-37
  • DOI: 10.1387/ekaia.14245

—————————————————–
Egileez: Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Fluidoen Mekanikako Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

The post Itsas energia irakasten R programarekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Munduko lenterik txikiena, optika atomikoari esker

lun, 2016/12/05 - 09:00
Mendeetan zehar, zientzialariek uste izan dute argia ezin zela enfokatu bere uhin luzera (metroaren milioirenaren ordenakoa) baina neurri txikiagoetan. Baina, Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPCko) zenbait ikertzailek, Cambridgeko Unibertsitatearekin elkarlanean, munduko lenterik txikiena eraiki dute, argia metroa baina mila milioi aldiz txikiagoak diren neurrietan harrapatzeko gai den lentea, atomo bakarraren neurrian hain zuzen ere.
Irudia: Nazioarteko ikertzaile talde batek, munduko lenterik txikiena sortu du; argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea.

Javier Aizpurua irakaslea, Materialen Fisika Zentroko eta DIPCko ikertzailea, izan da argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea sortu duen ikerketaren alor teorikoen burua. “Gure iragarpen teorikoek hori posible zela aditzera ematen zuten, orain egiaztatu den bezalaxe”, adierazi du Aizpuruak. Garapen teoriko hauei esker, horren eskala txikietan argiaren konfinamendua eta argiak molekulekin duen elkarrekintza ulertu ahal izan da.

Cambridgeko ikertzaile talde esperimentalak, Jeremy Baumberg irakaslearen gidaritzapean, eroankortasun altuko urrea erabili du aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko. Barrunbe hau –  ‘piko-barrunbe’ izenaz deitua – urrezko nano-egitura batean atomo bakarreko konkor batez osatuta dago, eta argia konfinatzen du metroaren mila milioirena baina neurri txikiagoetan. Esperimentuan, barrunbe honen ondoan zenbait molekula aurkitzen dira, eta honek ahalbidetzen du argia eta materiaren arteko elkarrekintza ikertzeko modu berri bat. Emaitzak Science aldizkarian argitaratu dira.

Eskuan plektroa hartuta gitarraren sokak eragiten diren moduan, argiaren energiak molekula baten lotura kimiko jakin baten bibrazioak eragin ditzake. Fenomeno honi elkarrekintza optomekanikoa deritzo. Lan honetan, ikertzaileek lortu dutena izan da hain zuzen ere, piko-barrunbean fokuratuko argiak ondoko molekularen bibrazioak eragitea; munduko gitarrarik txikiena bezala imajina genezake, argiaren bidez jotzen den gitarra molekular ñimiñoa.

“Eskuartean duguna elkarrekintza optomekaniko bat da, eta eskala atomikoan seinale optikoa bihurtzeko erabili daiteke. Hau da, argiarekin gure “gitarra” molekularraren “nota” jakin batzuk jotzeko: argi mota batek zenbait nota joarazten ditu eta beste argi mota bat berriz ez da gai ezer jotzeko” azaltzen du Aizpuruak.

Nanoegiturak eraikitzea banakako atomoen zehaztasunarekin oso zaila da, eta urrezko atomo iheskorrak izoztu ahal izateko, gutxienez, -260°C tenperaturara laginak hoztea beharrezkoa izaten da (zero absolutua -273,15°C da). Urrezko nano-partikulak laserrarekin argiztatzean, isolatutako atomo gutxi batzuk mugitu egiten dira eta piko-barrunbea eratzen dute. Une horretan, piko-barrunbe horretan enfokatutako argiak ondoko molekularen bibrazioa eragiten du, prozesua denbora errealean monitorizatua delarik.

Urrezko atomoek, argia harrapatzen duten saski eroale ñimiñoak bezala jokatzen dute eta, argi bidez katalizatutako erreakzio kimikoen alorrean aukera eta bide berriak irekitzeko gaitasuna azaltzen dute. Piko-barrunbe hauek, osagai sinpleagoetatik habiatuz beste konplexu molekularrak osatzeko erabil litezke, baita gailu optomekaniko berriztagarriak garatu ahal izateko ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

Single-molecule optomechanics in ‘pico-cavities’. Felix Benz, Mikolaj K. Schmidt, Alexander Dreismann, Rohit Chikkaraddy, Yao Zhang, Angela Demetriadou, Cloudy Carnegie, Hamid Ohadi, Bart de Nijs, Ruben Esteban, Javier Aizpurua, Jeremy J. Baumberg. Science 354, 725-728 (2016). DOI: 10.1126/science.aah5243

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Argia atomoetara iristen denean.

 

The post Munduko lenterik txikiena, optika atomikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #131

dim, 2016/12/04 - 09:02
Uxue Razkin

sunrise-1756274_1280

Nekazaritza eta bioteknologia

Landareentzat kaltegarriak diren onddo eta bakterio askok landareen hazkuntza sustatzen duten konposatuak igortzen dituzte, Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek frogatu dutenez. Nekazaritzan landareen errendimendua hobetzeko balio dezake aurkikuntzak, eta ohiko tratamendu kimikoen alternatiba gisa funtziona dezake. “Ikerketa honek lehenengo aldiz proposatzen du ‘Zomorro txarrak, langile onuragarriak’ kontzeptua” azaltzen du Javier Pozueta ikertzaileak. Jakina zen mikroorganismo onuragarriek konposatu hegazkorrak igortzen dituztela baina beste batzuek ere hori egiten dutela frogatu dute adibidez, bakterio eta onddo kaltegarriek.

Arkitektura eta ingurumena

EAEn eta Nafarroan erabilerarik gabeko trenbideak aztertu ditu Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Sailekoak ikertzaileak etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatze aldera. 150 km inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea hartu du ardatz eta oro har, “erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela”, dio ikertzaileak. Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek, egun, bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak eman du aditzera Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Dimetil eterra (DME) konposatuak interesa piztu du azkenaldian. Izan ere, aplikazio anitzeko erregaia da, eta petrolioaren ordezko energia-iturrietatik (gas naturala, ikatza eta biomasa) ekoitzi daiteke. Ikerketa gutxi egin dira DME ekoizteko erabiltzen diren katalizatzaileen desaktibazioaren inguruan, eta zenbait alderdi argitu gabe geratzen dira. Artikuluan topatzen ahal ditugu azalpen horiek: Katalizatzailearen aktibitatea murriztu daiteke kokea deritzon karbonodun materiala funtzio metalikoan eta azidoan ezartzen delako, eta funtzio metalikoaren sinterizatzea (degradazio termikoa) gertatzen delako. Bestalde, erreakzio-ingurunean dagoen urak gune azidoen aktibitatea jaits dezake; izan ere, ura gune horietan adsorbatuta (atxikita) geratzen da, eta erreaktiboekin lehiatzen du. Artikulu honetan CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailearen desaktibazioaren izaera ikertu da. Horretarako, desaktibatutako katalizatzaileen funtzio metalikoak eta azidoak analizatu dira.

Matematika eta kirola

Zein estrategia jarraitu behar dute jokalariek penalti bat sartzeko? Joko-teoriari esker, artikulu honetan emango digute erantzuna. John F.Nash zientzialaria da joko-teoriaren sortzailea. Bere teoremak penaltietan erabili ahal dira jokalariak zein atezainak erabaki berekoiak hartzen dituztelako. Penaltien Nash oreka zein den azaltzen digute jarraian. Jokalariak eta atezainak bi aukera baino ez dituzte, ezkerra edo eskuina. Horretaz gain, bi horiek alde bana aukeratzen dutenean baino ez dela gola lortzen. Jokalariak ezkerra edo eskuina aukeratuko du Nash orekan probabilitate erdiarekin; alegia, trukatu gabeko txanpon bat airera bota eta gurutzea ateratzen badu, ezkerrera botako du pilota; aurpegia ateraz gero, eskuinera. Atezainak, bestalde, beste txanpon bat erabiliko du (trukatu gabea hau ere) eta, gurutze ateratzen badu, eskuinera mugituko da eta, aurpegia ateraz gero, ezkerrera. Horrela, jokalariek (atezainak eta penalti-jaurtitzaileak) gol gutxiago sartuko ditu beste estrategia bat erabiliz gero.

Biologia eta teknologia

Amsterdamgo Medikuntza Zentro Akademikoan egiten ari diren proiektuari esker, giza enbrioiaren hiru dimentsiodun atlasa garatzen ari dira.  Bertan, enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera zehatza definitu eta erakutsi dute. Gutxi gorabehera, 150 organo eta egitura identifikatu, sailkatu eta irudikatzea lortu dute. AEBtako Carnegie erakundeko giza enbrioien bilduma hartu dute izan dute oinarri. Zehazki, 34 giza enbrioiren sekzio bakoitzeko organo eta egiturak marraztu dituzte, hilabete erditik bi hilabetetarako fase guztiak banan-banan kontuan hartuta. Hala, 15.000 sekzioren argazki digitalak bildu dituzte guztira. Horietan oinarrituta, irudi interaktiboak sortu dituzte gero. Atlasa guztiontzat ago eskuragarri.

Elhuyar aldizkarian ere topatuko duzue honen inguruko informazioa: Giza enbrioien garapenaren mapa birtuala 3Dn.

Biologia

Bitxiak dira arrain marmartiak, uretatik kanpo erruten duten arrain bakarrak. Ilargi beteko eta ilargi berriko gauetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten txanpa baliatuz. Gero, ahalik gehien urruntzen da ur-ertzetik. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta emea hurrengo olatuaren zain geratzen da. Baina kanpoan dauden bitartean nola arnasten dute? Arrainek bezalaxe, hauek brankiak dituzte. Bada, uretatik kanpo dauden tarte horretan ez dute gasik trukatzen eta, beraz, hipoxia-egoeran daude.

Geofisika

Lurrikaren inguruan aritu da Juanma Gallego Berrian. Adituak dira lurraren dardarak iragartzeko ahaleginetan dihardutenak. Antonio Aretxabala geologoak azaltzen du oraindik lurrikarak iragartzeko zereginean gutxi aurreratu dela. Halere, gehitzen du azken bost urteetan geofisikaren alorrean hori erdiesteko ahalegin handia egin da. Horren harira, aste honetan bertan Nature Communications aldizkarian aurkeztutako ikerketa bat ahalegin horien adibide da. Nazioarteko ikertzaile talde batek 2011n Japonian izandako lurrikara handian bildutako datuak baliatuz grabitatean izandako aldaketa ñimiñoak behatu dituzte. Aztertutakoa “oso seinale txikia” izan dela ohartarazi du adituak, baina lurrikarak iragartzeko baliagarria izango dela irizten dio.

Emakumeak zientzian

Amaia Hernandezi errehabilitazio medikurako sistema protesikoen eta ortesikoen garapenean lan egitea gustatuko litzaioke, hori baitu gogokoen eta horretarako prestatu baita azken urteotan. Baina esparru nahi berria da eta aukerak ez dira oso anitzak. Lan bila ari den bitartean, bideo-jokoen inguruko ikastaro bat egiten ari da, gero errehabilitazioan aplikatzeko asmoarekin. Hasieratik zientziak gustuko izan zituen eta horrela iritsi zen Ingeniaritza Biomedikora. Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen ikasketak eta bertan, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuela dio: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”. Masterra gauzatu zuen geroxeago eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera. “Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen”, dio Hernandezek. Bertako giroa azpimarratzen du tartean: “erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi…”.

Astronautika

Espazioan gertatzen diren hutsak abiapuntu hartu ditu Edu Lartzangurenek testu honetan. Adibidetzat hartzen ditu, besteak beste, Errusiako Progress MS-04 kohetea, aireratu eta sei minutura lehertu egin zena. Urriaren 19an, Europako Espazio Agentziaren Schiaparelli zunda ere aipatu du tartean. Huts horiek zergatik gertatzen diren azaltzen digu kazetariak. Irakur ezazue, ez zarete damutuko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #131 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #136

sam, 2016/12/03 - 15:02

 

 

figure-1-wireless-surveillance-camera-640x480

 

Begiztaz libre dagoen korapilatze kuantikoaren esperimentua ez da behin bakarrik konpondu, baizik bitan. Daniel Manzanok azaltzen digu: The loophole-free quantum entanglement experiment (6): The Vienna Experiment (and now what?)

Radio-espektroa baliabide urria bihurtzen ari da. Horrez gain, segurtasun kameren kontrolerako erabiltzen bada, baliabideen kudeaketaren arazo baten aurrean aurkituko gara, eta, honek ondorio larriak izan ditzake. David Orden eta matematikak datoz erreskatera: Negotiating Wi-Fi channels to improve bandwidth in surveillance networks.

Substantzia batzuen mugimendu gaitasunaren gakoa ura da. Izan ere, uraren presentziak substantzia ez-organiko batzuk proteinak bezala mugiarazten ditu. Silvina Cervenyk (DIPC) eta Jan Swensonek (Chalmers University of Technology) azaltzen digute: Some non-biological materials move as proteins do: the role of water.

Japoniar artean origamiarekin gertatzen den bezala, material bat plegatu eta zabaltzeko moduak, aplikazio zenbatezinak izan ditzake. Izan ere, hainbat aplikazio izan ditzake ezaugarri mekaniko harrigarriak dituen egiturak fabrikatzeko orduan. Silvia Románek diosku Origami, the art of folding artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #136 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Amaia Hernández: “Benetan baloratzen dutena ahalegina da”

ven, 2016/12/02 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Amaia Hernández Puerta Kanadatik itzuli berritan eta lan bila dabilela ezagutu dugu. Errehabilitazio medikurako sistema protesikoen eta ortesikoen garapenean lan egitea gustatuko litzaioke, hori baitu gogokoen eta horretarako prestatu baita azken urteotan, baina, esparru nahiko berria denez, ez ditu aukera asko ikusten inguruan. Hala ere, gogotsu jarraitzen du lan bila, eta, bitartean, bideo-jokoen inguruko ikastaro bat egiten ari da, gero errehabilitazioan aplikatzeko asmoarekin.

Orain arteko ibilbideaz galdatuta, badirudi hasieratik zuela oso garbi ingeniaritza biomedikoan espezializatuko zela. Argitu duenez, ordea, batxilergoan ez zekien ikasketa horiek zeudenik ere: “Betidanik gustatu zaizkit zientziak, orokorrean. Gustuko nuen biologia, baina baita matematika, fisika eta halakoak ere. Bi arloak batuko zituen ikasketa baten bila hasi nintzen Interneten, eta orduan izan nuen Ingeniaritza Biomedikoaren berri lehen aldiz. Berehala erabaki nuen hortik joko nuela”.

 Amaia Hernández bioteknologoa.
Irudia: Amaia Hernández ingeniari biomedikoa.

Hala, Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Lehen urtean, hala ere, ez zitzaion iruditu bete-betean asmatu zuenik. Batetik, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuen: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”, azaldu du Hernándezek. Bestetik, lehen mailako ikasgaiak orokorregiak iruditu zitzaizkion. “Gehien bat, masterrean izan nuen aukera nahi nuen adarrean sakontzeko”.

Bitartean, dena den, gustura aritu zen, eta Erasmus beka baten bidez Trondheimen (Norvegia) ikasteko aukera ere izan zuen. Gero, Ingeniaritza Biomedikoko masterrean jarraitu zituen ikasketak egin zuen, eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera.

“Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen. Estatu Batuetako beste bi lekutan ere egin nuen eskaera; haietatik, ordea, ez zidaten erantzun ere egin. Horrela bukatu nuen Kanadan. Hasiera batean gogorra egin bazitzaidan ere, hona itzultzean negar egin nuen”.

Autonomia eta babesa

Han topatu zuen giroak ez zuen ordura arte ezagututakoaren antza handirik. “Hemen, praktikak egiten dituzunean, oso bideratuta zaude gehienetan. Han, berriz, erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi… Hasieran ardura eta kezka handia sortzen zidan horrek guztiak, baina gero konturatu nintzen hanka sartzeko aukera ere ematen dizutela, eta benetan baloratzen dutena ahalegina dela”, aitortu du.

Gainera, autonomiaz lan eginda, emaitzak are gehiago asetzen zaituela nabarmendu du, eta beti izan zuela lankideen babesa. Horrenbestez, ez du zalantzarik egiten Kanadako esperientzia baloratzean: “Erabat aberasgarria izan da, bai alde profesionaletik bai pertsonaletik”. Eta espero du, aurrerantzean ere, ibilbide profesionalak pertsonalki hazteko aukera emango diola.

Fitxa biografikoa:

Amaia Hernández Puerta Zarautzen jaioa da, 1992an. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta, tartean, Norvegian izan zen, Erasmus egitasmoaren laguntzarekin. Ondoren, leku berean izen bereko masterra egin zuen, eta proiektua Kanadan garatu zuen, Otawako Ospitalean. Errehabilitazio mediku, protesiko eta ortesikoan, eta eransketa bidezko sistema biomedikoen garapenean espezializatuta dago.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Amaia Hernández: “Benetan baloratzen dutena ahalegina da” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Arrain marmartiak

jeu, 2016/12/01 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Bitxi samarrak dira Leuresthes tenuis izen zientifikoa duten arrainak; arrain marmartia da espezie honen izen arrunta. Charles Bukowski idazle estatubatuarrak, arrain marmartia aipatzen du bere Mockingbird Wish Me Luck (1972) liburuko bi poematan. Horietako batean, “The hunt” (Ehiza) izenburukoan, honela dio:

and the grunion ran again

through the oily sea

to plant eggs on shore and be caught

by unemployed drunks

with flopping canvas hats

and no woman at all.

 

(Eta marmartiak lasterka ekin zion berriz

itsaso koipetsuan zehar

arrautzak errutera urbazterrean

han harrapa zezaten langabetu mozkorrek

olanezko beren kapelu abailduak buruan

eta inolako emakumerik ez aldean.[1])

Ran, to run «lasterka egin» aditzaren iraganaldia erabili zuen Bukowskik poema horretan, arrain horrek harearen gainetik «lasterka» egiten duelako. Ez beti, ez baita hori haren ohiko bizimodua, baina poeman irakur daitekeen bezala, kostaldean errutera (to plant eggs on shore…) irteten da uretatik. Portaera harrigarria da, izan ere bera da uretatik kanpo erruten duen arrain bakarra.


1. irudia: Kaliforniako Laguna Beach itsasadarrean bizi diren Californian Grunion arrainak (Leuresthes tenuis). (Argazkia: Peter J. Bryant ©; Iturria: http://nathistoc.bio.uci.edu/)

Ilargi beteko eta ilargi berriko gauetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten txanpa baliatuz. Gero, ahalik gehien urruntzen da ur-ertzetik. Emeak, burua gora begira mantentzen duen artean, isatsarekin zulo bat egiten du harean. Harea bustita dagoenez, ez zaio gehiegi kostatzen zulatze-lana, eta bular-hegatsetaraino sartzen da egindako zuloan, eta arrautzak jartzen ditu barruan (azaletik 10 cm-ra); orduan hainbat ar ―zortzi ere izan daitezke― inguratzen zaizkio eta beren espermatozitoak bertan askatu. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta emea hurrengo olatuaren zain geratzen da; uhina iristean zulotik irten eta berau ere uretara itzultzen da. Bizkorren egiten duten arrainek, 30 segundotan burutzen dute eragiketa osoa, baina gerta daiteke uretatik kanpo minutu batzuk egotea.


2. irudia: Arrain marmartiaren (Leuresthes tenuis) arrautzak. (Argazkia: Peter J. Bryant ©; Iturria: http://nathistoc.bio.uci.edu/)

Gogoan izan arrainez ari garela, eta arrainek, arrain gehienek behintzat, hauek bezala, brankien bitartez hartzen dutela arnasa. Bada, uretatik kanpo dauden tarte horretan ez dute gasik trukatzen eta, beraz, hipoxia-egoeran daude. Oso denbora laburra dela pentsa liteke, baina arrain horientzat ez da laburra; txikiak dira eta metabolismo-tasa altua dute. Ez da harritzekoa, hortaz, uretatik ateratzearen ondorio diren hipoxia-egoerei aurre egiteko arrain marmartiek agertzen dituzten erantzun fisiologikoak oxigeno-ezak beste zenbait espezietan eragiten dituen erantzun berberak izatea. Ikus dezagun erantzun hori zein den.

Itsas ugaztunek, urperatzen direnean, oxigeno-biltegi moduko bi erabiltzen dituzte: odolaren globulu gorrien kopuru handia, batetik, eta muskuluko mioglobina-kontzentrazio altua, bestetik. Hala ere, urperatuta dauden artean, hipoxia egoeran daude, arnas gasak trukatzerik ez dutelako, eta, beraz, ez zaie komeni gordeta duten oxigenoa gehiegi baliatzea. Hortaz, itsas ugaztunek bi modutara aldarazten dute zirkulazio-sistemaren funtzionamendua. Batetik, bradikardiara jotzen dute; hau da, bihotz-taupadaren maiztasuna nabarmen jaistera. Bestetik, zirkulazio periferikoa murrizten dute, periferiako hainbat odol-hodi itxiz. Era horretara, bihotzak askoz lan gutxiago egiten du eta ez da oxigenorik bideratzen ezinbestekoak ez diren organoetara. Garunaren oxigeno-emaria bermatuta dago, jakina, bai eta igeri egiteko baliatzen diren muskuluena ere, baina, guztira, nabarmen jaisten da oxigeno-kontsumoa.

Bada, arrain marmartiak berdin jokatzen du uretatik irteten denean. Izan ere, airean egonik, hipoxia-egoeran dago, eta hipoxiari berdin egiten diote aurre batzuek eta besteek, hau da, lehorrekoek uretan sartzean eta urtarrek uretatik irtetean. Hortaz, arrain hegalariak ere berdin jokatzen du, baina uretatik kanpo askoz denbora laburrago egon ohi da, ezustekorik ez bada, noski.

Oharra:

[1] Juan Kruz Igerabide eta Juan Garziaren itzulpena.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Arrain marmartiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Giza enbrioiaren hastapenak, egunez egun

mer, 2016/11/30 - 09:00
Amaia Portugal Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaile batzuek Giza Enbriologiaren 3D Atlasa osatu dute. Enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera ikus daiteke bertan, urratsez urrats eta xehetasun handiz. Izan ere, 150 organo eta egitura identifikatu eta irudikatzea lortu dute, babarrun eskas baten tamaina duen arren.

Nolakoak dira giza enbrioiaren aurreneko urratsak? Noiz eta nola hazten da organo bakoitza, eta zer ordenatan? Gure espeziearen ale bakoitza gauzatzeko erabakigarriak dira lehen aste horiek, baina horren inguruan dugun ezagutza herrena izan da orain arte. Gai honi dagokionez, testu-liburuek diotena ia ez da aldatu azken mendean, eta gainera, giza enbrioiak fisikoki aztertzeko aukera txikia dela eta, kasu askotan beste animalia batzuenak (saguak, txitak) hartu ditugu erreferentziatzat, estrapolagarriak direlakoan.

Alor honetan, aurrera pauso handia eman dute Amsterdamgo Medikuntza Zentro Akademikoan egiten ari diren proiektuari esker. Giza enbrioiaren hiru dimentsiodun atlasa garatzeko lanean dihardute azken urteotan, eta orain arte egindako lanaren berri eman dute Science aldizkarian. Enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera zehatza definitu eta erakutsi dute atlas honetan. Gutxi gorabehera, 150 organo eta egitura identifikatu, sailkatu eta irudikatzea lortu dute, aurreneko fase horietan enbrioiak babarrun eskas baten tamaina duen arren.

 Bernadette S. de Bakker et al.)
Irudia: Ezkerretik eskuinera, enbrioiaren eskeleto sistema, sistema kardiobaskularra, eta azala ez beste organo guztiak. (Argazkia: Bernadette S. de Bakker et al.)

Giza Enbriologiaren 3D Atlasaren proiektua 2009tik dago martxan, eta orain arte 75 ikasle igaro dira bertatik eta egin dute ekarpena; Amsterdamgo Unibertsitateko Anatomia, Enbriologia eta Fisiologia saileko profesionalen gidaritzapean.

AEBtako Carnegie erakundeko giza enbrioien bilduma hartu dute oinarri atlasa osatzeko. Zehazki, 34 giza enbrioiren sekzio bakoitzeko organo eta egiturak marraztu dituzte, hilabete erditik bi hilabetetarako fase guztiak banan-banan kontuan hartuta. Hala, 15.000 sekzioren argazki digitalak bildu dituzte guztira. Horietan oinarrituta, irudi interaktiboak sortu dituzte gero, informazio hori guztia errazago bistaratzeko. 3D irudien dokumentu sorta honi esker, erabiltzaileak urratsez urrats beha diezaioke giza enbrioiaren bilakaera morfologikoari, organo bakoitza nola hazten den eta bere tokia nola hartzen duen ia egunez egun ikusteraino.


Atlasaren berri ematen duen bideoa.

Atlas honetan ageri diren enbrioien tamaina milimetro baten hamarrena eta 30 milimetro artekoa da. Hain dira txikiak, ezen ekografia batetik ezin baita informazio askorik erauzi. Horregatik, proiektu honetako hiru dimentsiodun irudiek ematen dituzten xehetasunak harrigarriak dira. Giza organoen garapenaren inguruan zeuden zenbait anbiguotasun argitzeko baliagarria izan da. Esaterako, desberdintasunak antzeman dituzte, saguen eta txiten enbrioiekin alderatuta: giza enbrioiek organo batzuk animaliok baino lehenago garatzen dituzte, eta beste batzuk, geroago.

Atlasa erabilerraza da, eta guztiontzat dago eskuragarri. Amsterdamgo Medikuntza Zentroko zientzialariek adierazi dutenez, hezkuntzaren alorrerako baliagarria izan daiteke. Bai eta sendagile eta ikertzaileentzat ere, aldaera anatomikoak eta sortzetiko anormaltasunak nola gertatzen diren hobeto ikusteko, eta hala pazienteei behar bezala azaltzeko. Esperoan dauden pertsonentzat ere baliabide interesgarria izan daiteke, gizaki bihurtzeko bidean den enbrioia nola garatzen den ikas dezaten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bernadette S. de Bakker et al. An interactive three-dimensional digital atlas and quantitative database of human development. Science, 25 Nov 2016: Vol. 354, Issue 6315. DOI:10.1126/science.aag0053

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Giza enbrioiaren hastapenak, egunez egun appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Penalti jaurtiketak joko matematikoak dira

mar, 2016/11/29 - 09:00
Josu Doncel Penalti jaurtiketa batean jokalari batek gola lortu nahi du; atezainak, ordea, pilota ate barnean ez sartzea. Zein estrategia jarraitu behar dute bere helburua lortzeko? Joko-teoriari esker, galdera honen erantzuna zein den ikusiko dugu. the-ball-488714_1280
1. irudia: Penalti, ingelesezko penalty-tik dator eta hau, latineko poenalis hitzetik. Zigorra adierazteko erabiltzen da, batez ere, kirol munduan. Baloiarekin jokatzen den hainbat kiroletan jokoan adieraz daitekeen zigor gorena da.

Penaltiak oso garrantzitsuak dira futbol-partidetan. Izan ere, futbol-txapelketa askoren irabazlea penalti-txandan erabakitzen da. Pilota atetik 11 metrora ipintzen da eta, epaileak seinalea emanda, jokalariak erabakitzen du pilota ezkerrera edo eskuinera botatzea gola lortzeko. Bestalde, atezainak erabaki behar du zein aldetara mugitu behar den, pilota ate barnera sar ez dadin. Horrela, bi kirolariek erabaki berekoiak hartzen dituztela ondorioztatu ahal dugu (alegia, batak gola lortzeko eta besteak pilota ez sartzeko); beraz, joko-teoriaren matematika-tresnak erabili ahal dira egoera hau aztertzeko.

Joko-teorian aztertzen da agente berekoi batek zein erabaki hartzen duen, beste agenteek zer egiten duten kontuan harturik. Penaltien kasuan argi ikusten da atezainak ezkerrera jotzen badu beti, jokalariak eskuinera botako duela pilota eta, alderantziz, jokalariak eskuinera botatzen badu beti pilota, atezainak eskuinera joko duela. Hori dela eta, joko-teoria penaltietan erabiltzen dela esan daiteke.

John F. Nash zientzialaria da joko-teoriaren sortzailea eta oso ezaguna da arlo honetan egin zituen aurkikuntzengatik, baita haren bizitzaren inguruan film bat egin zutelako ere. Bere teoremak penaltietan erabili ahal dira jokalariak zein atezainak erabaki berekoiak hartzen dituztelako. Bere teoremak erabiliz, frogatu ahal da badagoela ez jokalariak ez atezainak joera aldatzeko interesik ez duten egoera bat. Beste era batera esanda, penaltiak joko lehiakor bezala aztertu ahal direnez, Nash oreka bat existitzen da.


2. irudia: Penalti jaurtiketak eraginkorrak izateko, zein ote da gakoa? Askoren ustez, penaltien emaitza ona edo txarra, “loteria” kontua da.

Penaltietako Nash oreka zein den erraz azaltzeko, onartuko dugu jokalariak eta atezainak bi aukera baino ez dituztela, ezkerra edo eskuina. Horretaz gain, pentsatuko dugu bik alde bana aukeratzen dutenean baino ez dela gola lortzen. Jokalariak ezkerra edo eskuina aukeratuko du Nash orekan probabilitate erdiarekin; alegia, trukatu gabeko txanpon bat airera bota eta gurutzea ateratzen badu, ezkerrera botako du pilota; aurpegia ateraz gero, eskuinera.

Atezainak, bestalde, beste txanpon bat erabiliko du (trukatu gabea hau ere) eta, gurutze ateratzen badu, eskuinera mugituko da eta, aurpegia ateraz gero, ezkerrera. Horrela, jokalariek (atezainak eta penalti-jaurtitzaileak) gol gutxiago sartuko ditu beste estrategia bat erabiliz gero.

Bukatu aurretik, txantxa txiki bat. Aurten, futboleko lehen mailan bost euskal talde daude. Horrek esan nahi du 10 derbi egongo direla denboraldi honetan. Horietako partida batean penalti bat gertatzen bada eta atezainak edo jokalariak txanpon bat airera botatzen badu, joko-teoria erabiltzen ari dela jakingo dugu.

Artikulu honetan joko-teoria penalti-jaurtiketetan aplikatzen erabiltzen dela ikusi dugu. Gainera, penaltietan ez ezik, kiroletako beste egoera askotan ere erabiltzen da joko-teoria. Baina horretaz beste egun batean idaztea erabaki dut.

———————————————————————————-

Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta egun, INRIA Institutuan dihardu ikertzen.

———————————————————————————-

The post Penalti jaurtiketak joko matematikoak dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dimetil eterra, aplikazio anitzeko erregaia

lun, 2016/11/28 - 15:00
Irene Sierra, Ainara Ateka eta Javier Ereña Dimetil eterra (DME) deritzon konposatuarekiko interesa gero eta handiagoa da. Izan ere, aplikazio anitzeko erregaia da, eta petrolioaren ordezko energia-iturrietatik (gas naturala, ikatza eta biomasa) ekoitzi daiteke. DME diesel motorretan erabiltzeko ordezko erregai garbia izan liteke. Badira zenbait arrazoi: haren zetano indize altua (gasolinaren oktano indizearen antzekoa), errekuntzan sortutako NOx-en kantitate txikia, ke ekoizpenik eza, eta motorraren zarata baxuagoa, diesel erregaiarekin alderatuz.
1. irudia: Hainbat arrazoi direla, diesel motorretan erabiltzeko ordezko erregai garbia izan liteke dimetil eterra.

Dimetil eterra erraz likidotu daitekeen konposatua da, eta petrolioaren gas likidotuen (propanoaren eta butanoaren) teknologia erabiliz biltegiratu eta banatu daiteke. Horrez gain, dimetil eterra lehengai estrategikoa da, metanola ordezka baitezake olefinak (lotura bikoitzeko hidrokarburoak) ekoizteko, eta erregai-zeluletan erabiltzeko H2 ekoizteko balia baitaiteke.

H2 eta CO erabiliz egiten den syngas-to-DME (STD) prozesuan hiru erreakzio nagusi gertatzen dira:

dme

Ikerketaren helburua

Ikerketa gutxi egin dira DME ekoizteko erabiltzen diren katalizatzaileen desaktibazioaren inguruan, eta zenbait alderdi argitu gabe geratzen dira, hala nola: (i) desaktibazioaren jatorria; eta (ii) funtzio metalikoaren eta azidoaren eragina katalizatzailearen desaktibazioan.

Katalizatzailearen aktibitatea murriztu daiteke honako kausa hauek direla medio: kokea deritzon karbonodun materiala funtzio metalikoan eta azidoan ezartzen delako, eta funtzio metalikoaren sinterizatzea (degradazio termikoa) gertatzen delako. Bestalde, erreakzio-ingurunean dagoen urak gune azidoen aktibitatea jaits dezake; izan ere, ura gune horietan adsorbatuta (atxikita) geratzen da, eta erreaktiboekin lehiatzen du.

Artikulu honetan CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailearen desaktibazioaren izaera ikertu da. Horretarako, desaktibatutako katalizatzaileen funtzio metalikoak eta azidoak analizatu dira.

Emaitzak eta ondorioak

Katalizatzailearen desaktibazioa ikertzeko, DMEren sintesi-erreakzioak egin dira, eragiketa-baldintza ezberdinak erabiliz. Partzialki desaktibatutako katalizatzaileak hainbat teknika erabiliz karakterizatu dira: TPO (oxidazioa tenperatura programatuan), nitrogenoaren adsortzioa, TPR (erredukzioa tenperatura programatuan), TPD (desortzioa tenperatura programatuan) eta N2O-ren kimisortzioa.

Emaitzek erakusten dute garrantzitsua dela koke deritzon karbonodun materiala ezartzearen ondorioz gertatzen den katalizatzailearen desaktibazioa. Kokea metanolaren sintesi-erreakzioarekin paraleloan sortzen da, eta funtzio metalikoan ezartzen da. Hala, eragina dauka metanolaren sintesi-erreakzioan. Hidrokarburoak sortzen dituzten erreakzioek, aldiz, ez dute jasaten desaktibazioaren eragina.


2. irudia: Emaitzek adierazten dutenaren arabera, honako hipotesi hau eman daiteke: CuO-ZnO gainazal metalikoaren gainean ezarritako kokeak metanola eratzeko erreakzio-bidea eragozten du; katalizatzaileak metanoa eta parafinak sortzeko duen ahalmena, aldiz, mantentzen da. Hala, metanola eratzen duen erreakzioa desaktibatzen den heinean, ordezko erreakzio-bideak faboratzen dira eta, ondorioz, parafinen ekoizpena handitzen da. Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailearen desaktibazioa dimetil eterraren sintesian.
  • Laburpena: (H2 + CO) elikatuz eta CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailea erabiliz egindako dimetil eterraren sintesi zuzenean, garrantzitsua da koke deritzon karbonodun materiala ezartzearen ondorioz gertatzen den desaktibazioa. TPO analisien emaitzek eta erreakzio-produktuen denborarekiko bilakaerak erakusten dute kokeak CuO-ZnO funtzio metalikoa desaktibatzen duela. Koke hori metanolaren sintesi-erreakzioarekin paraleloan eratzen da, eta eragina dauka metanolaren sintesi-erreakzioan. Hidrokarburoak sortzen dituzten erreakzioek, aldiz, ez dute jasaten desaktibazioaren eragina..
  • Egileak: Irene Sierra, Ainara Ateka, Javier Ereña.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 83-94
  • DOI: 10.1387/ekaia.13684

—————————————————–
Egileez: Irene Sierra, Ainara Ateka eta Javier Ereña UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

The post Dimetil eterra, aplikazio anitzeko erregaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Trenbide zaharrak, lurraldea antolatzeko errail lagungarriak

lun, 2016/11/28 - 09:10
XIX. eta XX. mendeetan ehunka trenbide kilometro eraiki ziren Euskal Herrian eta horiek inguruko herrien garapenean eragin zuzena izan zuten. Trenak lurraldea antolatu eta hierarkizatu zuen, trena pasatzen zen herriak modernitatearen parte eginez eta gainontzekoak kanpoan utziz. XX. mende bukaeran, ordea, industriaren gainbeherak eta errepide bidezko garraioaren konpetentziak horietako askoren gainbehera eta ixtea ekarri zuen. Egun, 500 kilometrotik gora dira EAEn eta Nafarroan erabilera gabe gelditutako trenbideak. Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak erabilera gabeko trenbide-sare hori aztertu du eta etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatu ahal izateko analisi-metodologia bat finkatu du.  Euskal Herriko erabilera gabeko trenbide askok bide berdetik haratagoko potentziala dutela egiaztatu du UPV/EHUko ikerketa batek.
Irudia: Euskal Herriko erabilera gabeko trenbide askok bide berdetik haragoko potentziala dutela egiaztatu du UPV/EHUko ikerketa batek.

Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa zeharkatuz 150 km inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Sailak. Horretarako, trenbide horrek eremu bakoitzean izan ditzakeen ibilbide-motak finkatu dituzte lehendabizi. Alegia, aisialdi eta turismoaz gain, zein gunetan izan dezakeen ardatz horrek eguneroko ibilbideei loturiko mugikortasuna. Irisgarritasuna aztertuaz, erabilera gabeko trenbidea eta horren inguruko lurraldearen arteko harremanak aztertu dituzte. Azterketa hiru eskala edo maila ezberdinetan, eta maila bakoitzera egokitutako metodologia erabiliaz egin dute, linearen inguruan aurki daitezkeen eremu ezberdinak aztertu ahal izateko:

  • Lurralde mailan: lineak loturiko herri, hiri edo auzoak aztertu dituzte.
  • Herri arteko edo herriz gaindiko mailan: lineak herrigunetik kanpo zeharkatzen dituen eremuak aztertu dituzte.
  • Herri mailan: linearen inguruko herri-eremuak eta geltokien inguruko eremuak izan dituzte aztergai.

“Badira munduan zehar erabilera gabeko trenbideen berrerabilpen arrakastatsuak, hala nola, New Yorkeko High Line parkea edo Greenway edo Vía Verde izeneko programak. Hala ere, horiek guztiek aisialdiari edo turismoari lotutako erabilerak izan ohi dituzte orokorrean” azaldu du Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak. Ikerketa honetan, ordea, “erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela, eta aisialdiaz eta turismoaz gain, egunerokotasunean lanerako, eskolarako zein erosketetarako mugitzeko ardatz bilakatu daitezkeela” azpimarratu du ikertzaileak.

Egunerokotasunari loturiko ibilbideetarako aproposak

Gaur egun, Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak, berriz, Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela erakutsi du. “Gipuzkoa eta Arabaren arteko mugako zatia da (Leintz-Gatzaga inguruko mendiko zatia) potentzial hori erakusten ez duen eremu bakarra” dio Eizaguirrek.  “Badira dagoeneko egunerokotasuneko ibilaldiei loturiko ardatz bezala funtziona lezaketen eremuak edota etorkizunean funtziona lezaketen beste batzuk” gehitu du.

Bestalde, hiri edo herri nagusienetatik irisgarria den populazio-kopuruaren arabera, ibilbide guztia zona ezberdinetan banatzeko aukera eman du azterketak: Gipuzkoako herriak (Bergara-Eskoriatza), Gasteizen eragina duen eremua (Legutio-Erentxun), Araba eta Nafarroako herri txikiak (Gauna-Acedo) eta Lizarran eragina duen eremua (Antzin-Lizarra). “Eremu horiek lurraldearen egituraketa nolakoa den ulertzen laguntzen dute” gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Herri arteko azterketaren bidez, herrigune nagusiak soilik kontuan hartuta, gune irisgarrienak Gipuzkoan kokatzen direla ikusi dute. Herrigune denak aintzat hartuta, ordea, Arabako Andollu ingurua dela irisgarriena ikus daiteke. Ondorioz, “lehenengoan sor daitezkeen etorkizuneko ibilaldiak herri eta hiriguneei zuzenean loturikoak izan daitezke, eta bigarrenean sortutakoek, aldiz, landa eremuetako garapenean izan dezakete eragina” dio ikertzaileak. Azkenik, herri mailako azterketak trenbide zaharreko geltoki eta herrien arteko harremana aztertzeko aukera eman du.

Horrenbestez, metodologia osoaren bidez, “Vasco-Navarro trenbidearen mugikortasun ez-motorizaturako potentziala finkatzea lortu dugu ikerketa honetan” azaldu du Arritokieta Eizaguirre ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Eizaguirre-Iribar, A., Etxepare Igiñiz, L., Hernández-Minguillón, RJ. (2016). A multilevel approach of non-motorised accessibility in disused railway systems: The case-study of the Vasco-Navarro railway. Journal of Transport Geography, 57, 35-43.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hildako trenbide zaharren potentziala.

The post Trenbide zaharrak, lurraldea antolatzeko errail lagungarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #130

dim, 2016/11/27 - 09:00
Uxue Razkin

zientzia-begi-bistan-130

Hizkuntzalaritza konputazionala

UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, txatbot adimentsuetara -gizakion portaera imitatzen duen sistema informatikoa, erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai direnak- pasatzeko ikerketa garatzen ari dira. QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) ikerketa-proiektuari esker, aurrerapauso bat eman dute eta hemendik aurrera, itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzeko txatbot eleaniztunak aurkitzea. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.”, argitzen du Eneko Agirrek.

Itzulpen-sistemari jarraiki, Sustatun azaldu digute, Facebook-en “erakunde orriak” kudeatzen dituztenek, aukera daukate duela zenbait astetatik, edukia hizkuntza batean baino gehiagotan sartzeko.

Energia berriztagarriak

Azken urteotan, interesa areagotu da interkonexio sistema ahuletan. Uharte-sare txikiak ahulak izaten dira ikuspegi estatiko zein dinamikotik. Gainera, arazo ekonomiko eta tekniko ugari sortzen ditu. Teknikoei dagokienez, tentsio eta maiztasun-erregulazioari eta egonkortasunari lotutakoak izan ohi dira. Beste alde batetik, sistema elektrikoan berebiziko garrantzia du alderdi ekonomikoak. Gainontzeko sareetatik isolatuta egoteak elektrizitatearen sorkuntza garestitzen du, elektrizitatea tokian sortu behar baita.

Genetika

Genoma editatzeko CRISPR teknika pertsona bati aplikatu diote lehen aldiz Txinako ikertzaile batzuek biriketako minbizia tratatzeko. Gaixori urriaren amaieran txertatu zizkioten teknika horren bidez eraldatutako zelulak. Gaixoaren odoletik erauzitako T linfozitoetan PD-1 genea ezgaitu zuten CRISPR teknikarekin. PD-1 geneak linfozitoek erantzun immunologikoa ematea oztopatzen du, eta hain zuzen ere, hori baliatzen dute minbizi-zelulek ugaltzeko. Eraldatutako zelulak ugaritu eta berriz sartu zizkioten gaixoari. Espero dute PD-1 generik gabe, linfozitoek minbizi-zelulei erasoko dietela, eta, hala minbiziari aurre egiteko gai izango direla.

Kimika

Disruptore endokrinoak bihurtu dira eztabaiden erdigune. Izan ere, ikerketa askoren arabera, produktu horiek osasunerako kaltegarriak izan daitezke. “Disruptore endokrinoak hormonen lana imitatzen ala inhibitzen duten sustantziak dira», azaldu du Asier Vallejo EHUko kimikariak. Haren arabera, horregatik daukate eragina sistema endokrinoan. “Konposatu kimiko artifizialak izan daitezke, baina baita naturalak ere, hau da, gure gorputzak sortutakoak”, gehitzen du. Vallejok arrainetan dituzten eraginak ikertu eta hortaz, eraginak ondo ezagutzen ditu: “Arrainen hazkuntzan eta haien sexualitatean eragiten dute. Horrez gain, malformazioak sor ditzakete”. Ikusi dute, adibidez, hainbat kasutan arrain arrek emeen obozitoak izan ditzaketela.

Biologia

Dromedarioak izan dituzte mintzagai artikulu honetan. Animalia horiek ur biltegiak dituzte konkorrean ezkutaturik kondairak dioen moduan? Schmidt-Nielsen fisiologoa berehala konturatu zen gameluek ez zutela ur-biltegi berezirik; izan ere, gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainerako hausnarkariena oso antzekoak dira. Konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur-iturri egokia. Lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste substratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da, eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdutakoa berreskuratzeko dela, ez ur gehiago gordetzeko. Nola lortzen dute ura? Eta nola galdu? Artikulu honetan galdera horien erantzunak topatuko dituzu.

Mikrobiologia

Weizmann Institutuko ikertzaileek hainbat esperimentu egin dituzte obesitatea eta argaltzea ikertzeko erabiltzen diren saguekin. Yo-yo efektua gertatzen dela ikusi dute. Hau da, ohartu dira dieta egitea ez dela eraginkorra, hamarretik zortzik berehala berreskuratzen baitute galdutako pisua. Are gehiago, askotan, lehen baino kilo gehiago pisatzera iristen dira eta, horrekin batera, zituzten arazo metabolikoak ere larriagotu egiten dira. Esperimentu horiei esker, frogatu dute dieta egiteak aldaketak eragiten dituela hesteetako bakterioetan, eta aldaketa horiek iraunkorrak direla.

Arkeologia

Gasteizko Santa Maria Katedraleko hormetan agertzen diren ikur gorriak izan dira aztergai testu honetan. Badirudi Ikur horiek gaztelaniaz “vítor” izenez ezagutzen diren interjekzioak direla. XIV. mendean Salamancako, Alcala de Henareseko edo Sevillako unibertsitateetan doktore titulua lortzen zutenen omenez egiten zituzten horma-irudiak ziren. Muralak pigmentu gorriz edo beltzez margotzen ziren eta anagrama itxura ematen zieten ‘V I C T O R’ edo ‘V I T O R’ letra larriekin, omendutakoaren izenarekin batera.

Ingeniaritza

AEBtako Lehigheko Unibertsitateak zuzendu duen ikertzaile talde batek hontzaren isiltasunaren gakoak aztertu ditu, aerosorgailuei aplikatu eta turbina horiek egiten duten zarata leuntzeko. Izan ere, hontzarentzat isiltasuna da ehizarako arma nagusia. Hegan ari denean, giza entzumenak ezin du antzeman. Hortaz, hontzaren lumatxaren eredua hartuta, eta hiru dimentsiodun inprimagailua erabilita, haren egitura kopiatzen duten hegatsen itxurakoak eraiki dituzte, aerosorgailuen xaflatan itsasteko. “Hontzaren hegoetako lumatxak soinua leuntzen du. Gure diseinuak hori kopiatzen du, baina gurutzatzen den zuntzik gabe. Oinarrian, gurea hontzarena baino urrats bat hobea da”, dio Justin Jaworski ikertzaileak.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #130 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #136

sam, 2016/11/26 - 09:00

ezjakintasunaren-kartografia-136

Gauzak zelan biltegiratu aztertzeko hainbat modu daude. Bata, behin eta berriz probak egitea da; bestea, aldiz, oso desberdina da: hasieratik hastea. Carles Martík diosku zelan egin: Ab initio modeling the chemical storage of alternative energy.

Sexu kontuengatik frustrazioa sentitzen dutenek edanari ematen diote. Zer? Baina, zer diozu? Ez da izango! Ignacio Amigok kontatzen digu haren artikuluan: Sex, alcohol and flies.

Molekulak mikroskopio egokitik “ikuste”aren kontuak, materialen zientzietan eta biomedikuntzan interesgarriak diren erreakzio kimikoak aztertzeko modua goitik bera aldatu du. Eta gaiari heldu diote DIPCko ikertzaileek: Warheads on gold form dimers when heated.

Datu-prozesamenduak funtsezko garrantzia du ikerketan. Koldo Garcia-Etxebarriak dakarkigun kasua, non parte-hartze zuzena eta aktiboa izan zuen lan honetan, oso argigarria da: The recycling of data unveils genomic regions related to celiac disease.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #136 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Jon Legarreta: “Lurretik kanpo, momentuz ez da ezagutzen bizia erraztu dezakeen atmosferarik” #Zientzialari (61)

ven, 2016/11/25 - 09:00

Nola sortu ziren eguzki-sistemako planeta ezberdinen atmosferak? Zergatik dira atmosferak hain ezberdinak beraien artean? Zer dira planeta gaseosoak eta harrizko planetak? Zeintzuk dira Artizarra, Marte, Urano, Jupiter, Saturno edo Neptunoko atmosferen ezaugarriak?

Galdera guzti hauek argitu dizkigu Jon Legarreta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileak Zientzialariren atal berri honetan. Bere esanetan, momentuz ez da ezagutzen Lurretik kanpo bizia erraztu dezakeen atmosferarik.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jon Legarreta: “Lurretik kanpo, momentuz ez da ezagutzen bizia erraztu dezakeen atmosferarik” #Zientzialari (61) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dromedarioen ur-biltegiaren kondaira

jeu, 2016/11/24 - 09:45
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Plinio Zaharrak, bere Naturalis Historia liburuaren VIII. liburukian honakoa zioen: «Egarriari eusten diote, bai eta lau egunetan zehar ere, eta edateko aukerarik dagoenean, iraganetik eta etorkizunetik hartzen dute ura; hori bai, ostiko eginez ura uhertu ondoren, bestela ez baitute urik edan nahi.» Plinio Zaharraren eta, seguru asko, haren garaikideen ustetan, dromedarioek ur-biltegi bat zeukaten beren baitan. Mendeetan zehar bilatu izan dute biltegi hori, eta naturazaleek hainbat organo proposatu izan dituzte zeregin horretarako. Batzuek, esaterako, errumena zela uste zuten. Gero, ura metabolismotik lor zitekeela jakin zenean, konkorrean gordetzen ziren lipidoetatik atera zezaketela proposatu zuten beste batzuek.
1. irudia: Dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdu duten ura berreskuratzeko da eta ez ura pilatu eta gordetzeko.

Horrelako ustekizunak ziren nagusi Schmidt-Nielsen fisiologo handiak kontua aztertu zuen arte. Bazituen kanguru-arratoiari buruz egindako beste zenbait lan eta bazekien kanguru-arratoia urik edan gabe bizirik manten zitekeela. Baina dromedarioak desberdinak dira: aski ezaguna zen ura edan behar dutela, nahiz eta ur-eskasia ongi baino hobeki jasan. Bada, Schmidt-Nielseni jakin-mina piztu zitzaion eta Algeriako basamortu sakonean dagoen oasi batera jo zuen emaztearekin eta hiru seme-alabekin urte oso baterako. Sahararen erdian zegoen oasi hori; han, udan, 43 °C-tik gora igo daiteke tenperatura. Bere autobiografian (The camel’s nose, 139 or.) oasi horretan udan egiten zuen beroaz idatzi zuen:

Lagrib could again buy eggs, but it was so hot we had to eat them immediately; if we kept them for a day, a chick promptly started developing. Lagrib had an ingenious approach to the problem of getting fresh eggs: if a woman had more than two eggs for sale, he didn’t buy any, but if she had only one or two, he felt reasonably certain that they had been laid the same day. Usually he was right.

«Lagrib-ek arrautzak eros zitzakeen berriro, baina hain zen bero, berehala jan behar genituen; egun oso baterako gordetzen bagenituen, berehala garatzen zen txita bat. Lagribek bazuen arrautza freskoak lortzeko modu azkarra: emakume batek bi arrautza baino gehiago bazituen salgai, ez zion erosten, baina arrautza bat edo bi baino ez bazituen, egun berean errunak zirela pentsa zezakeela uste zuen. Gehienetan asmatu egiten zuen.»

Schmidt-Nielsen berehala konturatu zen gameluek ez zutela ur-biltegi berezirik; izan ere, gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainerako hausnarkariena oso antzekoak dira. Konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur-iturri egokia. Lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste substratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da, eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdutakoa berreskuratzeko dela, ez ur gehiago gordetzeko.


2. irudia: Gameluek duten ilajeari esker isolatze egokia lortzen dute eta eguzkiari so esertzen dira eguzkiaren irradiazioaren intentsitatea gutxitu nahian.

Gameluen jasankortasun handia, beraz, beste ezaugarri batzuei zor zaie. Hasteko, gorputzaren bero-irabaziak mugatu egiten dituzte. Errepara diezaiogun ilajeari, esaterako; oso trinkoa da, eta, horri esker, isolatze egokia lortzen dute. Gainera, distiratsua da, eta horrela eguzki-irradiazioaren zati bat islatzen da. Jokabidea ere garrantzitsua da: eguzkiari so esertzen dira, irradiazioaren intentsitatea murriztuaz.

Moldaerarik eraginkorrenak, baina, fisiologiari dagozkio. Oso zorrotzak dira ura aurrezten eta ez dute erraz galtzen. Hortaz, gernu gutxi ekoizten dute, eta gernu-ekoizpena areago murrizten dute urik edan ezin dezaketenean. Hori dela eta, kontzentrazio altuko gernua sortzen dute: odolarena baino 8 aldiz altuagoa da gameluen gernuaren kontzentrazio osmotikoa[1]. Azkenik, gorotzetan ere ur gutxi galtzen dute (% 45eko ur-edukia dute bakarrik).

Animalia askok arnas azaleretatik galtzen dute urik gehiena (horixe gertatzen zaio kanguru-arratoiari, esaterako). Gameluek, baina, oso gutxi galtzen dute horrela, biriketan lurruntzen den uraren zati handi bat arnas aparatuaren goi-bideetan eta sudurrean berreskuratzen dutelako. Botatzen duten airearen hezetasun erlatiboa % 50eraino hel daiteke. Sudurraren ohiko jariakinak eta epitelio-zelula hilak lehortu egiten dira, eta epitelioaren gainean geratzen den geruza hori oso higroskopikoa da, hau da, ur-lurruna xurgatzeko ahalmen handia du; gauza bera gertatzen zaie, adibidez, gailetei giro hezean gordetzen direnean, bigundu egiten dira airearen hezetasuna xurgatu egiten dutelako.

Schmidt-Nielsen izan zen hori guztia frogatu zuena. Berak proposatu zuen gorago esan dugun azalbidea basamortuko ikerketak egin ostean. Gameluak kanporatutako airearen hezetasuna neurtu eta % 50ekoa zela ondorioztatu zuen, baina ez zekien biriketatik ote zekarren hezetasun hori ala lurrun-edukia arnasbideetan aldatzen ote zen. Uste zuen biriketako albeoloetatik irtendako airea % 100eko hezetasun-mailatik gertu zebilela, baina, gero, arnasbideetatik, aireari ur pixka bat kentzen zitzaiola. Hipotesi hori frogatu ahal izateko, sudur artifizial bat sortu zuen laborategian; sudur horretan, geruza higroskopiko artifiziala erabili zuen. Lorturiko emaitzek bat egin zuten basamortuan gamelu deshidratatuei egindako esperimentuetatik erdietsitako emaitzekin.

 Gamelu bat Gobiko basamortuan.
3. irudia: Gamelu bat Gobiko basamortuan. Beste edozein animaliak ezingo luke gameluek eta dromedarioek edaten duten beste ur edan. Izan ere, urez pozoituko litzateke.

Ura berreskuratzeak, baina, badu alde txar nabarmen bat: sudurra berotu egiten da, eta sudurrarekin batera gorputza. Hau da, airea sartzean ura lurrunduz beroa galtzen den bezalaxe, alderantziz gertatzen da airea irtetean, ur-lurruna kondentsatzean beroa irabazten baita. Hori dela eta, deshidrataturik badaude, gameluek ez dute gorputz-tenperatura guztiz konstante mantentzen. Izan ere, 6 °C-ko tenperatura-aldaketa jasan dezakete deshidrataturik daudenean (41 °C-raino). Artean, garuna babestuta dago, arteria karotidaren rete mirabile delakoak hotzago mantentzen duelako.

Ur-galera ikaragarriki jasaten dute dromedarioek. Txakurrek edo zaldiek, esaterako, ezin dute uraren % 15 baino gehiagoko galerarik onartu. Dromedarioei buruz, berriz, badakigu % 25eko ur-galerak paira ditzaketela, baina askoz galera handiagoak ere jasan ditzakete, nahiz hori jakin ahal izateko inork ez duen dromedario bat hiltzen utzi. Janaritik ere, noski, ur apur bat lortzen dute, orixek edo basamortuetako beste animaliek bezala. Nolanahi ere, zenbait egun (udan) edo zenbait aste (sasoi hotzetan) egon daitezke urik edan gabe. Egia da gero ur-bolumen handia edaten dutela. Beren masaren % 33 edaten ikusi zituen Knut Scmidt-Nielsen-ek deshidrataturik zeudenean. Beste edozein animalia, horrenbeste edanez gero, urez pozoituko litzateke. Honek guztiak ez du esan nahi gameluek gorputzean ur-biltegi bat dutenik; bolumen hori edanaz berrezarri egiten dute lehenago galdutako ura, ez besterik.

Sudurraren zereginari buruzko lana Proceedings of the Royal Society aldizkari ospetsura bidali zuen Schmidt-Nielsenek argitara emateko, baina ezusteko handia hartu zuen artikulua argitaratu aurretik, Peanuts komiki-bineta ezagunean sudurraren zeregin horren aipamena ikusi zuenean. Honela kontatzen digu autobiografian:

In the first panel Charlie Brown says to Lucy: “I just found out why camels can go so long without water. It has something to do with their big noses.” In the next panel Lucy turns to the dog Snoopy and suggests that with his large nose he could go for years without a drink. We had been scooped! I wrote to Charles Schulz, the artist, to ask how he had learned of our unpublished work. A secretary replied that Mr. Schulz couldn’t remember. At any rate, in the scientific literature we retained our priority.

«Lehenbiziko binetan, Charlie Brown-ek honakoa esaten dio Lucy-ri: “Jakin berri dut nolatan egon daitezkeen gameluak hain denbora luzean urik edan gabe. Haien sudur handiekin omen du zerikusia.” Hurrengo binetan, Lucyk Snoopy txakurrari begira iradokitzen du duen sudur luzeaz urteetan egon litekeela ezer edan gabe. Aurkikuntza berria lapurtu ziguten! Charles Shultz margolariari idatzi nion gure lan argitaratu gabearen berri nola izan zuen galdetzeko. Idazkari batek erantzun zigun esanez Schultz jaunak ezin zezakeela gogoratu. Nolanahi ere, zientzia-argitalpenean lehentasuna bermatu genuen.»


4. irudia:Schmidt-Nielsen fisiologoak ustekabe handia hartu zuen, gamelu eta dromedarioei buruzko ikerketaren ondorioetako nagusia Peanuts komikian plazaratu zenean, aldizkari zientifikoetan baino arinago.

Oharra:

[1] Gernu-kontzentrazioaren eta odol-kontzentrazioaren arteko aldea handia bada ere, badira alde hori baino alde handiagorik duten ugaztunak ere; honetan, dromedarioa ez da punta-puntako adibidea.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Dromedarioen ur-biltegiaren kondaira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hontzen isiltasunaz bada zer ikasi

mer, 2016/11/23 - 09:30
Amaia Portugal Lumatxa leun eta apartari esker, hontzek ez dute soinurik egiten hegan ari direnean, eta oso baliagarria zaie hori ehizarako. Hegoen gainean dituzten iletxoen egitura aztertu eta hiru dimentsiotan kopiatu dute ikertzaile batzuek, aerosorgailuei atxikita, turbinek eragiten duten soinua ere gutxitu ahal izateko.

Besteren batean ere hitz egin izan dugu biomimetikaz Zientzia Kaieran. Hau da, naturan dauden diseinu, prozesu eta sistemak hartu, eta horietan oinarritutako teknologia garatzeaz. Horren adibide dira, esaterako, erleen hegan egiteko modua kopiatzen duten robot txikiak. Bada, kasu honetan, hontzen hegoei erreparatu diete ikertzaileek, hartara, aerosorgailuentzat onuragarriak izan daitezkeen gauzak ikas ditzaketelakoan.

Hontz espezie handientzat isiltasuna da ehizarako arma nagusia. Hegan ari direnean 1,6 kilohertzetik gorako soinu frekuentziatan aritzeko ahalmena dute; giza entzumenak ezin du hori antzeman, adibidez. Horrenbestez, AEBtako Lehigheko Unibertsitateak zuzendutako ikertzaile talde batek isiltasun horren gakoak aztertu ditu, aerosorgailuei aplikatu eta turbina horiek egiten duten zarata leundu ahal izateko. Journal of Sound and Vibration aldizkarian eta aeroakustikari buruzko AEBtako biltzar batean eman dute lanaren berri.

 Peter Trimming / CC BY 2.0)
1. irudia: Hontz handiak bere hegoen isiltasuna baliatzen du, ehizan aritzeko. (Argazkia: Peter Trimming / CC BY 2.0)

Hontzek lumatxa berezia dute, beste hegazti batzuena ez bezalakoa. Ile finez osatutako geruza belusatu batek estaltzen du hegoen gainazal guztia. Horri esker, soinurik egin ez, eta ezustean atxikitzen dituzte harrapakinak.

Ikertzaileok tentuz aztertu dute lumatxa horren egitura eta forma. Iletxo horiek lumaren azalerarekiko zut abiatzen dira, angelu zuzena osatuz, baina norantza aldatu eta airearen fluxuarekin bat eginez doaz pixkanaka; zuhaitzak basoan nola. Gainera, ile bakoitzak bizar moduko bat du muturrean, eta horren bitartez, elkarlotu egiten dira. Haren azpian geratzen diren lumen gainazala baino askoz ere leunagoa da goiko geruza hori, eta hegan egitean, aerodinamika erraztu eta soinua murrizten du.

 Ian A. Clark et al.)
2. irudia: Bubo bubo, Strix nebulosi eta Bubo scandiacus hontzen lumak ageri dira hemen. (Argazkia: Ian A. Clark et al.)

Lumatxaren eredua hartuta, eta hiru dimentsiodun inprimagailua erabilita, haren egitura kopiatzen duten hegatsen itxurakoak eraiki dituzte, aerosorgailuen xaflatan itsasteko. Hala ere, ez dute hontzen estalkiaren erabateko erreplika egin: iletxoen norantza bera dute eta airearen fluxuari men egiten diote inprimatutako hegatsek ere, baina ez dute bizarrik muturrean, hala aerodinamika hobea delakoan. “Hontzaren hegoetako lumatxak soinua leuntzen du. Gure diseinuak hori kopiatzen du, baina gurutzatzen den zuntzik (bizarrik) gabe. Guztia norantza bakarrean doa. Oinarrian, gurea hontzarena baino urrats bat hobea da”, dio Justin Jaworski ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek.

Egiaztatu dutenez, sortu duten asmakizunak nabarmen murrizten du aerosorgailuen soinua: hamar dezibeliotan. Hori ez ezik, zimurtasuna eta herrestatzean egiten den soinua gutxitzeko antzeko diseinuak egin ote daitezkeen ere ari dira aztertzen ikertzaileok. Gainera, aerosorgailuez gain, bestelakoetan ere (autoetako ateak, leihoak…) aplikatu daitekeela uste dute artikuluaren egileek, horietan ere soinua murrizte aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ian A. Clark et al. Bio-inspired canopies for the reduction of roughness noise. Journal of Sound and Vibration, Vol. 385, 22 December 2016, Pages 33–54. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.jsv.2016.08.027

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hontzen isiltasunaz bada zer ikasi appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Santa Maria Katedraleko grafitiak

mar, 2016/11/22 - 09:30
Grafitiak katedralean

Gasteizko Santa Maria Katedrala bisitatu baldin baduzue, agian hormetan grafiti gorrien antza duten ikurrak aurkitu dituzue bertatik ibiltzerakoan. Baliteke hauek ikustean zuen jakin-mina piztu izana. Ikur gorri horien goraipamenak dira, eta gaztelaniaz “vítor” izenez ezagutzen diren interjekzioak dira.

1739. urtean horrela definitu zuen goraipamen hau Diccionario de Autoridadesek: “Pozezko interjekzio bat da. Eginkizun bat aurrera eraman duen pertsona bat txalotzeko erabiltzen den goraipamena”. Era berean, honela definitu du Diccionario de la Real Academia deritzonak: ”Hormaren gainean zuzenean idatzitako izkribua, bai eta kartel zein oholtxo baten gainean idatzitakoa ere, balentria, ekintza edo igoera loriatsu batengatik pertsona bat txalotzeko xedea duena”.


Irudia: Gasteizko Santa Maria Katedralean dauden horma-irudiak. (Argazkia: Wikipedia. Egilea: Benjamín Núñez González)

Goraipamenok, besteak beste, XIV. mendean Salamancako, Alcala de Henareseko edo Sevillako unibertsitateetan doktore titulua lortzen zutenen omenez egiten zituzten horma-irudiak itxura emanez. Muralak pigmentu gorriz edo beltzez margotzen ziren, eta anagrama itxura ematen zieten ‘V I C T O R’ edo ‘V I T O R’ letra larriekin (gaztelaniaz ‘viva’ [gora] esan nahi dute hitz horiek), omendutakoaren izenarekin batera.

Egun, Sevillako Katedralean edo Indiako artxibategian ikus daitezke honako goraipamenen arrastoak. Horregatik, ez da arraroa aipatutako oroitzapenezko irudiak aurkitzea Gasteizko Santa Maria Katedralean. Horietako batzuk XVIII. mendean daude datatuta, eta goraipatutako pertsonaien izenak agerian dituzte.

Iturria:Berriak Triforiotik’ buletinaren 36. zenbakia.

—————————————————–

Testuaren editorea Uxune Martinez.

—————————————————–

The post Santa Maria Katedraleko grafitiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Energia berriztagarriak, autonomia energetikoaren gakoa uharte-sareetan

lun, 2016/11/21 - 15:00
Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia, Esther Torres, Igor Albizu eta José Ignacio San Martín Sistema elektriko garrantzitsuenak elkarkonektaturiko sare sendoak izan arren, azken urteotan interesa handiagotu egin da uharte-sareetan eta interkonexio ahuldun sistemetan, hots, sare ahuletan. Sare nagusiei lotura ahulen bitartez konektaturiko azpisistemak dira sare ahulak; hau da, urrutian kokatutako kargak eta ‘offshore parke eolikoak, baita sare isolatuak ere, uharteak eta mikrosareak bezala. windmill-1206385_1280
Irudia: Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta.

Uharte-sare txikiak ahulak dira ikuspegi estatiko zein dinamikotik. Energiaren sorkuntza sorgailu-talde gutxiren esku egoten da, gehienbat olio astunez elikatutako inertzia baxuko unitate txikiak. Sorgailuen tamaina kargarekiko handia izan ohi da arrazoi ekonomikoak direla eta. Hortaz, sare elkarkonektatuetan baino erreserba-marjina handiagoak behar dira. Eskari-ereduei dagokienez, eskari minimo eta maximoen arteko ratioak baxuak izaten dira. Turismoa duten uharteek, aldiz, neguan karga baxua eta udan altua izan ohi dituzte. Ezaugarriok direla eta, uharte-sareetan arazo tekniko eta ekonomikoak sortzen dira.

Sare ahuletan elektrizitatearen hornidura etetea ohikoa izaten da, eta etendura horien maiztasuna eta iraupena sare interkonektatuetan baino altuagoa izan ohi da. Horrez gain, sorgailu-unitateak zerbitzuz kanpo izatea ere sarri gertatzen da, eta kanpoko konexio elektrikorik gabeko sareetan arazo larriak ekarri ahal ditu. Perturbazio-patroi horiek, sare ahulen berezko ezaugarriekin batera, tentsio eta maiztasun-erregulazioari eta egonkortasunari lotutako arazo teknikoak sor ditzakete.

Beste alde batetik, uharte-sareetako sistema elektrikoan berebiziko garrantzia du alderdi ekonomikoak. Gainontzeko sareetatik isolatuta egoteak elektrizitatearen sorkuntza garestitzen du, elektrizitatea tokian sortu behar baita. Operazio- eta erregai-kostuak ere igo egiten dira. Gainera, uharte-sare gehienek %30-40 arteko sorkuntza-marjinekin lan egin behar dute fidagarritasuna ziurtatzeko. Hortaz, elektrizitatearen sorkuntza elkarkonektaturiko sareetan baino %15-20 garestiagoa izan ohi da. Hala ere, solidaritate-politikak aplikatzea ohizkoa izaten da sare ahuletan eta eredu ekonomiko egokituak sustatzen dira.

Energia berriztagarriak, ordea, aukera egokia izan daitezke arazoak gainditu eta sistema isolatuen autonomia energetikoa bermatzeko. Izan ere, baliabide energetikoak ugariak izaten dira uharte-sareetan. Baina arazo tekniko eta ekonomikoak ere areagotu egiten dira energia berriztagarrien penetrazio-ratioak gora egin ahala, energia berriztagarriak zeharo aldakorrak eta aurresangarritasun mugatukoak baitira. Arazo teknikoak ekiditeko asmoz, sistema elektriko batzuetan mugatu egin dute energia berriztagarrien penetrazioa. Oro har, %15eko proportzioa muga maximotzat dago. Ondorioz, energia berriztagarriek noiz edo noiz sortzen duten potentzia mugatu behar dute, energia-iturria alferrik galduz. Ez da bide optimoa, energia berriztagarrien integrazioa maximizatzea uharte-sareen etorkizun energetikorako irtenbide egokia delako.

Horrenbestez, ekimen berriak eta proiektu berriztatzaileak sustatu dira azken urteotan uharte-sareetan, hala nola: energiaren kudeaketa eraginkorreko sistemak, baliabideen aurresangarritasuna eta eskariaren kudeaketa barne; energia berriztagarrien ustiapen optimoa eta epe motzeko operazioa; sare elektrikoaren eta aktiboen hobekuntza; zentral termiko malguagoak eta performantzia altukoak; kontrol algoritmo berriak bihurgailuetan; edo potentzia aktiboaren metaketa (adib. bateriak, ponpaketa, inertzia-bolanteak…). Horrez gain, sistema-operatzaileek baldintza tekniko zorrotzak ezarri dituzte arauetan, maiztasun eta potentzia aktiboari edo/eta tentsio eta potentzia erreaktiboari dagokionez. Sorkuntza sinkrono konbentzionalen gisan, gaur egun energia berriztagarrietan oinarritutako sorgailuei ere eskatzen zaie sistemaren kontrolean eta segurtasunean aktiboki parte hartzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Energia berriztagarrien integrazioa uharte-sareetan.
  • Laburpena: Interkonexio ahuleko sistema elektrikoak eta sare elektriko isolatuak, maiz, energia-iturri berriztagarritan aberatsak izaten dira. Hala ere, elektrizitatearen hornidurak hainbat arazo tekniko eta ekonomiko sortzen ditu, hurbileko beste sistema elektrikoen sostengurik gabe. Artikulu honek deskribatzen ditu, hain zuzen, uharte sareetako dibertsifikazio elektrikoaren alderdiok. Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta. Azkenik, Açores uhartediko Terceira irlaren operazio estatikoa eta dinamikoa aztertzen dira artikuluan, energia berriztagarrien integrazioaren adibide gisara.
  • Egileak: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia, Esther Torres, Igor Albizu, José Ignacio San Martín.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 39-53
  • DOI: 10.1387/ekaia.14590

—————————————————–
Egileez: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia eta Esther Torres UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasleak eta ikertzaileak dira: Igor Albizu eta José Ignacio San Martín Eibarko Industria Ingeniartzia Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakasleak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

The post Energia berriztagarriak, autonomia energetikoaren gakoa uharte-sareetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bot kalakari eleaniztunak, itzulpen automatikoari esker

lun, 2016/11/21 - 09:40
Gizakion portaera imitatzen duen sistema informatikoa “bot” izenarekin ezagutzen da egun. Hainbat bot mota daude eta, besteak beste, webgune baten erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai direnak, bot kalakariak edo hiztunak. Azken hauek, “txatbot” izena daramate. Txabotak eta erabiltzailearen arteko elkarrizketa testu bidezkoa izaten da normalean, eta egon badaude interfaze multimediak dituztenak ere. UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, txatbot adimentsuetara pasatzeko ikerketa garatzen ari dira. QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) ikerketa-proiektuari esker, aurrerapauso bat eman dute interakzio-modu berri honetan, eta hemendik aurrera, itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzeko txatbot eleaniztunak aurkitzea.

 

 

robots-764951_1280
1. irudia: UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, elkarrizketa bat mantentzeko gai diren robotak edo txaboten itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, Europako zortzi erakunderen partzuergoan, itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko. Egun, Interneteko aplikazioetatik txatbot adimentsuetara pasatzen ari gara, oztopo linguistikoak gaindituz mundu digital osora mugitzeko aukera emanaz.

Eneko Agirre irakaslearen aburuz “ordenagailu pertsonalen etorrerarekin, enpresek eta erakundeek web gunea garatu behar izan zuten bere presentzia digitala bermatzeko. Gerora, telefono mugikorrekin, mundu digitalera iristeko app aplikazioak sortzea ezinbestekoa izan da. Adimen Artifizialeko (AA) azken aurrerapenak ikusita, hurrengo urratsa txatbotak edo elkarrizketarako robotak izango direla dirudi, hainbat hizkuntzatan erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzea erraztuko dutenak“.

Arlo honen inguruan ari da lanean QTLeap—Quality Translation by Deep Language Engineering lankidetzako europar ikerketa-proiektua, Europar Batasunak finantzatutakoa eta zortzi partaideko partzuergo batek aurrera eramana (Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultatearen bitartez; Adimen Artifizialerako Ikerketa Zentro Alemana; Berlineko Humboldt Unibertsitatea; Bulgariako Zientzien Akademia; Groningeneko Unibertsitatea; Lisboako Unibertsitatea; Pragako Charles Unibertsitatea; eta, Higher Functions enpresa portugaldarra). QTLeap proiektuak Itzulpen Automatikorako metodologia berritzaile bat ikertu eta garatu du, elkarrekintza globalerako teknologia-belaunaldi berri honi oztopo linguistikoak gainditzen laguntzeko.

 Ane, UPV/EHUko laguntzaile birtuala.
2. irudia: Ane, UPV/EHUko webguneko laguntzaile birtuala. Unibertsitatean sartzear dauden ikasleei laguntza eskatzen die online elkarrizketa bat mantenduz ehu.eus atariaren bidez.

“Emaitzen arabera, gure proiektuan garatutako Itzulpen Automatikoaren teknologiarekin, txatbota hizkuntza berri batera egokitu behar denean, kostuak %20an murriztu daitezke, hizkuntzaren arabera. PCMedic izeneko online motako laguntza-zerbitzu batean lortu dira emaitza hauek. Sortutako zerbitzuan, erabiltzaile batek informazio-teknologiako gailu edo zerbitzu batean duen arazoa duenean, galdera egingo dio txatbotari. Galdera edozein hizkuntzatan eginda ere, galdera hori itzuli eta galdera-erantzunen datu-basean bilatuko da. Sistemak, erantzuna automatikoki itzuli eta bere hizkuntzan erantzungo dio. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.”, argitzen du Eneko Agirrek.

Halaber, emaitzek erakusten dute proiektuan garatutako itzulpen sakoneko teknikek “egoeran aurrerapauso bat ekarri dutela. Ikusten da teknika hauek orain arteko teknologia estandarrak baino itzulpen hobea lortzen dutela, %85eko probabilitateaz, hizkuntzaren arabera”. Egindako ikerketa hizkuntzaren prozesamendu sakonean datza, “esaldiak egitura sakonaren eta esanahiaren arabera analizatuz gero, hizkuntzen arteko ezberdintasunak gutxitu egiten dira, itzulpena erraztuz”, azaldu du Eneko Agirre ikertzaileak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itzulpen automatikoak txatbot teknologia merkatu batu digitalera hurbiltzen du.

The post Bot kalakari eleaniztunak, itzulpen automatikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages