S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 32 min 2 sec

Lurraren magnetismoaz (III)

mer, 2020/09/02 - 09:00
César Tomé López XVIII. eta XIX. mendeetan itsas nabigazioak bultzatu zituen Lurraren magnetismoari buruzko lanak. XX. mendean, berriz, itsaspekoen sorrerak, haiek mundu-gerretan erabiltzeak eta Gerra Hotzean arma nuklearrak erabiltzearen arriskuek bihurtu zuten geomagnetismoa estatu-auzi aurrez aurre ziren botereentzat. Erabilera militarra bigarren mailan egon bazen ere, ez zen inoiz desagertu mende horretako aurrerapenetan.

Zientziaren ikuspuntua soilik hartuta, XIX. mendearen bukaerarako nazioarteko izaera zuen hartua Lurraren magnetismoari buruzko ikerketak, hedatzen hasiak ziren arloko estatuz gaindiko erakundeak eta, gainera, magnetismo-ikerketak baizik argitaratzen ez zituen aldizkaria zen sortua, 1896an: Terrestrial Magnetism.

Mendearen lehen hamarkadetan nabarmen handitu zen eskura zeuden datuen kopurua eta kalitatea, baina ez aurrerapen teorikoa. 1947ra arte itxaron beharko zuen horrek: eguzkiaren eta beste izar batzuen hainbat eremu magnetikoren neurketak argitaratu ostean, Patrick Blackett-ek urte hartan iradoki zuen magnetismoa, Lur planetako fenomenoa ez ezik, errotazioan zegoen gorputz ororen propietatea izan zitekeela. Aldi berean, 1946 eta 1947 bitartean, Walter Maurice Elsasser fisikariak dinamo planetario baten eredu matematikoa azaldu zuen zenbait artikulutan; haren arabera, Lurraren nukleoaren kanpo-geruzan eragindako korronte elektrikoengatik sortzen zen eremu magnetikoa. Elsasser, bere eredu hori diseinatu eta garatu bitartean, Estatu Batuetako Armadaren Komunikazio Taldearentzat zebilen lanean, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan.

Irudia: Lurraren eremuko lerroen simulazioa, inbertsioen arteko aldi estandar batean. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hurrengo urteetan zehar, zientzialariek bi ereduen alde on eta txarrak aztertu zituzten. Orduan, 1952an, Blackettek berak baztertuko zuen bere teoria; izan ere, porrot egin zuen momentu angeluarraren eta momentu magnetikoaren arteko lotura esperimentalki frogatzeko ahaleginean. Data hartatik gaur arte Elsasserren eredua da erreferentzia, nahiz eta oraindik aurkitu ez den bildu diren behaketa guztiak zenbaki bidez deskribatzeko modua.

Blacketten esperimentuen porrota eta gero, beste aurkikuntza batzuk egin ziren paleomagnetismoaren arloan, eta erabakigarriak izan ziren teoria geologikoan, batik bat plaken tektonikari dagokionez. Horiek guztiek are gehiago zailtzen zuten Elsasserren lanean oinarrituko zen eredu doitua lortzea Lurraren magnetismoa azaltzeko.

XIX. mendean zientzialariek bazekiten magnetismo fosilizatua zegoela. Konturatuta zeuden buztin mota batzuek eta solidoturiko laba-ibaiek gorde egiten zutela Lurraren eremu magnetiko nagusiarekiko lerrokadura magnetikoa buztin eta laba horiek hoztu ziren unean zegoen bezalaxe. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, magnetismo fosilizatua sistematikoki kartografiatzen zuten geologoek ondorioztatu zuten ipar-poloak, iraganean, etengabe aldatu izan zuela bere posizioa.

Aurkikuntza hura hain zen apartekoa, ezen denetariko hipotesiak mahaigaineratu baitziren: neurketa-tresnek berek sortzen zutela efektua, eremu magnetikoa ez zela beti dipolarra izan, kontinenteak mugitu egin zirela bata bestearekiko, polo bakoitza bere kasa desplazatu izan zela… Hamarkadaren bukaerarako, hainbat daturi esker, Londreseko Unibertsitateko eta Australiako Unibertsitate Nazionaleko zientzialari talde batek ondorio argia aurkeztu zuen, Newcastle-ko Unibertsitateko Keith Runcorn-en gidaritzapean: kontinenteak desplazatu egin ziren. Hala, makal samar zebilen kontinenteen jitoaren teoria berpiztu zuten.

Bestalde, hogeita hamarreko hamarkadan frogatua zen magnetismo fosilizatuaren beste ezaugarri bat: harri batzuetan polaritate magnetikoa gaur egunekoaren aurkakoa zela. Poloek, hortaz, Lurrean harat-honat ibiltzeaz gain, batzuetan posizioak trukatu ere egiten zituzten. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, datazio erradioaktiboko teknikak erabilita, trukaketa horien historia berreraikitzea lortu zen. Itsas zoruaren sorreraren eta hedapenaren teoriarako giltzarri izango ziren trukaketa haiek.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

 

The post Lurraren magnetismoaz (III) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Moda lasterraren ingurumen prezioa

mar, 2020/09/01 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Munduko kutsadura globalaren % 10 modaren industriari egotz dakioke. Eta bi arrazoirengatik du hain eragin handia modaren industriak. Alde batetik, hornidura kate luze eta konplexua du; nekazaritzarekin (landare zuntzak) edo fabrikazio petrokimikoarekin (zuntz sintetikoak) hasten da, manufakturarekin jarraitzen du eta, logistikatik igaro ondoren, txikizkako salmentarekin amaitzen da. Eta, bestalde, azken urteotan sektoreak hazkunde izugarria izan du,  fast fashion («moda lasterra») deritzonaren agerpena ondorioz;  fast food esamoldearen analogiaz deritzogu hala mota horretako modari. Sektorearen ingurumen inpaktua lau osagai hauen bidez gertatzen da: kontsumitzen den ura, erabiltzen (eta botatzen) diren materialak, ondorio kaltegarriak izan ditzaketen produktu kimikoen erabilera eta deuseztapena, eta energia gastua.

Ikus ditzagun industria honek dituen efektuen neurria irudikatzeko datu batzuk. Modaren industriak 1.700 milioi tona CO2 baino gehiago sortzen du urtero, hau da, gas horren emisio guztien % 10 inguru. Ur kontsumoari dagokionez, sektore hau bigarren tokian dago: 1.500 milioi metro kubiko ur inguru kontsumitzen du; uraren kutsadura industrialaren % 20 modaren industriari dagokio, ehunak tratatzeko eta tindatzeko jardueren ondorioz. Ozeanoetan metatzen den mikroplastikoaren herena baino pixka bat gehiago modaren industriari dagokio: urtean 190.000 tona, hain zuzen. Eta urtean 92.000 tonatik gora ehun hondakin sortzen du (saltzea lortzen ez den arropa barne hartuta), eta horietako asko zabortegietara iristen dira azkenean edo erraustu egiten dira.

Irudia: Kostu txikiek are gehiago handitzen dute gehiago erosteko eta artikuluak gutxiagotan erabiltzeko fenomenoa, moda lasterraren eredua erraztuz. AEBn, batez besteko kontsumitzaileak 5,5 egunean behin erosten du arropa eta Europan, pertsona bakoitzak duela 10 urte baino arropa berri gehiago erosten du: 13 eta 16 kg artean Danimarkan, Suedian, Norvegian eta Finlandian, 14,5 kg Italian, 16,7 kg Alemanian eta 26,7 kg Erresuma Batuan. (Argazkia: Andreas Lischka – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azken mende erdiari erreparatzen badiogu, arropa ekoizpenak, gutxi gorabehera 2000. urtera arte, populazioaren gorakadarekin batera egin zuen gora. Baina, 2000. urtetik igarotako hogei urteetan, ehungintza biztanleria baino gehiago hazi da. Izan ere, 1975etik 2018ra bitartean, pertsona bakoitzeko ekoizpena 6 kg-tik 13 kg-ra igo da; bestela esanda, bikoiztu baino gehiago egin da. Uste da mota horretako modaren eskaria urtean % 2 handitzen dela gaur egun.

Izan ere, industriak kontsumitzaileei produktu berriak lehen baino askoz merkeago eta maizago eskaintzeko gaitasuna du, eta horrexegatik gertatzen da, hain zuzen, hazkunde hori. Ekoizle nagusiek saltoki txikien bidezko banaketan oinarritutako konpainia tradizionalen lekua hartu dute, eta onuragarri atera zaie euren produktuak Internet bidez merkaturatzea. Ondorioz, marka arrakastatsuek moda lasterraren fenomenoa hasi aurretik (hots, 2000. urtea baino lehen) merkaturatzen zituzten bildumen bikoitza merkaturatzen dute gaur egun.

Ekoizpenaren eraginkortasunak izugarri egin du gora, eta, kontsumoa igo egin den arren, pertsona bakoitzak arropan egindako gastuak nabarmen egin du behera guztizko gastuaren barnean Europan: erosketa saskiaren % 30 zen aurreko mendeko 50eko hamarkadan; % 12, berriz, 2009an; eta % 5, azkenik, 2020an. Eta murrizketa horrek arropa gehiago erostea errazten du, maizago erosten baita. Estatu Batuetan, gaur egun, 5,5 egunean behin erosten da arropa pieza bat. Eta Europan, bestalde, erabilera denbora % 36 murriztu da azken hamabost urteotan.

Modaren industriak kostuak eta entrega denborak gutxitzera bideratu ditu bere ahaleginak, hori baita, hain zuzen ere, sektorearen erakargarritasunaren eta arrakastaren funtsezko elementuetako bat, baina kaltegarria gizadirentzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Niinimäki, K., Peters, G., Dahlbo, H. et al. (2020). The environmental price of fast fashion. Nature Reviews Earth & Environment, 1, 189–200. DOI: https://doi.org/10.1038/s43017-020-0039-9

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Moda lasterraren ingurumen prezioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (6): Karratu perfektuak

lun, 2020/08/31 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behineta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza–eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure seigarren ariketa: Karratu perfektuak.

6) Zenbaki oso bati 52 kenduta eta 52 gehituta, bietan karratu perfektuak (zenbaki osoen karratuak) lortzen dira. Aurkitu propietate hori duten zenbaki guztiak.

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique  atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

 

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (6): Karratu perfektuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zerura begira

ven, 2020/08/28 - 09:00
Uxue Razkin Ez dut gogoratzen zenbatetan itzuli naizen “Harvardeko kalkulagailuen” argazkiak ikustera. XIX. mendearen amaieran, Harvardeko Astronomia Behatokian emakumez osatutako talde baten jarduna behatzea berezia dela pentsatzen dut.

 

Euren lana imajinatzen laguntzen didate garaiko irudiek: zer idatzi zuten koaderno horietan? Eta zer ikusten ari ziren une hartan? Dokumentu bikainak dira, jakina, denborazko kapsula modukoak. Bada, argazkien antzera, emakume horiek egindako lanaren erradiografia ederra eskaini digu Dava Sobel idazleak El universo de cristal liburuaren bitartez.

Edward Charles Pickering (1846-1919) Harvardeko Astronomia Behatokiko zuzendariak gidatuta, izarrak zenbatu eta sailkatu zuen emakume astronomo eta matematikarien taldearen historia kontatzen da bertan. Besteak beste, Antonia Mauryk, Williamina Flemingek, Henrietta Swan Leavittek eta Annie Jump Cannonek egindako lanak azaltzen ditu Sobelek modu erraz eta argian.

Hamaika dira egin zituzten aurkikuntzak: izarren konposizioa identifikatu, berauen distantziak neurtu eta izarrak sailkatzeko sistema berri bat sortu zuten, egun indarrean dagoena, hain zuzen. Beste gauza batzuen artean, proiektu handi batez ere mintzo da liburua: izarren espektroen katalogoaz, alegia.

Astronomia Behatokian aurkituko du bere burua irakurleak ezinbestean. Begi aurrean, eszena osoa: Cannon teleskopiotik begiratzen, Maury koadernoan idazten, Pickering taldea zuzentzen… denak daude lanean, isilik. Eta gu, taularatutako obra bat izango balitz bezala ikusten ari gara dena. Liburu honek sortzen duen gauzarik politena zera da: astronomo hauen lanaz irakurtzean, zerua imajinatzeko gai garela.

Argitalpenaren fitxa:
    • Izenburua: El universo de cristal. La historia de las mujeres de Harvard que nos acercaron las estrellas
    • Egilea: Dava Sobel
    • Itzultzailea: Pedro Pacheco
    • Argitaletxea: Capitan Swing
    • Orrialdeak: 392
    • ISBNa: 978-84-946453-1-0

———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zerura begira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lurraren magnetismoaz (II)

mer, 2020/08/26 - 09:00
César Tomé López XIX. mendeko hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadek iraultza ekarri zioten magnetismoaren ezagutza-arloari, eta ideia berriak agertu ziren Lurraren magnetismoaren azterketan. Hala, Hans Christian Ørsted-ek 1820an aurkitu zuen korronte elektrikoek efektu magnetikoak dauzkatela, Thomas Seebeck-ek 1822an deskribatu zuen termoelektrizitatea eta Michael Faraday-k 1831n erakutsi zuen magnetismoak korronte elektrikoak sor ditzakeela.

Lur planetaren posizioak eragindako magnetismo-bariazioek XVIII. mendearen bukaeratik zeukaten harrituta Alexander von Humboldt, eta intentsitate magnetiko bereko lerroen arteko berdintasunez idazten aritu zen. Horrez gain, lerro isotermoez eta fenomeno geologiko, meteorologiko nahiz magnetikoen arteko loturez ere idatzi zuen. Bariazio horien mapa sortu ahal izateko, Humboldtek magnetismoaren behatoki-sare bat osatzea sustatu zuen. 1834 urtean, Europan eraikitako 23 behatokien datuek ekaitz magnetikoen fenomenoa aurkitzea ahalbidetu zuten. Kosmos lanaren bosgarren liburukian −Humboldtek bukatu gabe utzi zuen, 1859an hil zen eta−, Lurraren magnetismoari buruz bildutako ezagutza guztiaren laburpena agertu zen: magnetismoaren bariazioa, banaketa eta ekaitz magnetikoak azaltzen ziren.

Edonola dela, hogeita hamarreko hamarkadako lehen urteetan Carl Friedrich Gauss-ek eta Wilhelm Weber bere lankideak hartu zuten Lurraren magnetismoari buruzko auziaren buruzagitza, hasi tresneriatik eta buka oinarrizko teorian. Hamarkadaren hasieran, Gaussek hari biko magnetometroa diseinatu zuen, eta haren bidez garatu zuen intentsitate magnetikoaren lehen neurketa absolutua. Gainera, Weberrekin batera, mundu mailako magnetismoaren behatoki-sarearen bertsio propioa proposatu zuen: Magnetische Verein delakoa.

Behatoki haien emaitzak 6 liburukitan argitaratu ziren 1836 eta 1841 urteen artean (Resultate aus den Beobachtungen des magnetischen Vereins). Bariazio eta intentsitate magnetikoari buruzko datu berri haiek eskuetan, Gaussek 1839an Lurraren magnetismoaren osagai bertikal eta horizontalen analisi matematikoa landu ahal izan zuen; horrela, lurrazalaren edozein puntutako potentzial magnetikoa kalkulatu ahal izan zuen, harmoniko esferikoen bitartez. Metodo hura izango zen mende hartako gainerako ikerketa teorikoen lan-eremua, Lurraren magnetismoaren jatorriari buruzko inolako teoriaren mende ez zegoelako.

1. irudia: Torontoko Behatoki Magnetikoa, 1852an. Gurutzada magnetikoan eraiki zuten 1840an. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

Aldi berean, hainbat britainiarrek aldarrikatzen zuen Erresuma Batua ezin zela atzean geratu Lurraren magnetismoa bezalako fenomeno baten ikerkuntzan, hainbestekoa zelarik herrialdearentzat itsas armadaren botere ekonomikoak eta militarrak zuten garrantzia: ikerkuntza hori nazio-eginkizun bihurtu beharra zegoen. 1838an, Hansteen-en ikasle Edward Sabine-k John Herschel eta George Airy-ren babesa lortu zuen, baita Humboldten lankidetza ere, mapa magnetikoak garatu eta inperioaren lurretan magnetismoaren ikerkuntzarako behatokiak ezartzeko. Hasia zen «gurutzada magnetikoa».

Garai hartako fisikarien buruetan dantzan zebiltzan bai magnetismoa, bai hark elektrizitatearekin zeukan lotura. James Clerk Maxwell-ek -Gaussen egitura kontzeptualetik abiatuta- ezarri zituen elektromagnetismoaren oinarri matematikoak, bere Treatise on Electricity and Magnetism lanean (1873). Izan ere, beraren izena daukaten ekuazio ezagunak garatu zituen Maxwellek, eta ikertzaileak Lurraren eremu magnetikoaz hitz egitera eraman zituen, aurrerantzean indar magnetikoez hitz egiteari utzita.

2. irudia: Armadaren Behatokiko etxola magnetikoa San Fernandon (Cadiz), 1900ean. 1879an eraikia. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

1800 eta 1900 artean, geomagnetismoa diziplina izaera hartzen hasi zen. Fisikari-belaunaldi berri bat, oinarri matematiko bikaina zuena –Arthur Schuster-ek bereziki-, aurrera egin zuen Lurraren eremu magnetikoa deskribatzeko prozesuan, jatorriari buruzko teoria aipagarririk garatu ez zuten arren. Gero eta behatoki berri gehiago eraiki zenez, eta herrialde bakoitzak mapak garatzen jarraitu zuenez, emankor jarraitu zuten datu berrien iturriek.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

The post Lurraren magnetismoaz (II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (5): Zirkuluaren azalera

lun, 2020/08/24 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bostgarren ariketa: Zirkuluaren azalera.

5) Zirkulu baten erradioa √2 da. Zati bat jan diogu, zentrotik pasatzen den 1 erradioko zirkulu bat gainezarriz. Zenbat da zirkulu handiari gelditzen zaion azalera?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique  atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

 

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (5): Zirkuluaren azalera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bidaia hiriaren erdigunera

ven, 2020/08/21 - 09:00
Uxue Razkin Aitorpen batekin abiatuko naiz: Darwin viene a la ciudad. La evolución de las especies urbanas liburua irakurtzen hasi naizen arte ez nituen hiriak ekosistema gisa identifikatzen.

 

Natura, ingurumena, eta biodibertsitatea gisako kontzeptuetan pentsatzen nuenean, kolore berdea zetorkidan burura, eta hausnarketa oker samar honetan, soilik berdeak ziren inguruetan bizi eta eboluzionatzen zuten espeziak zeuden.

Bada, liburuak begiak ireki dizkit: gizakiak, Homo sapiensak, asfaltozko eta burdinazko ekosistema bat sortu du (“fenomeno ekologiko liluragarria eta berritzailea”, Menno Schilthuizen autorearen esanetan) eta hori dugu bizigiro bai guk, bai beste espezieek. Begi aurrean gertatzen ari zen eboluzioa eta ni konturatu gabe!

Eskerrak liburu hau daukagun. Hiri-oihan moduko hau berria, desberdina eta aldakorra da oso. Eta ingurune honetan, gainontzeko espezieek ikasi, modu berrietara egokitu eta eboluzionatu behar izan dute. Gainera, pentsatzen duguna baino izaki gehiago bizi dira hirietan. Ildo honi jarraiki, galdera batzuk erantzuten saiatuko da autorea: nola egokitzen dira inguru berrira eta zeintzuk izan dira garatu behar izan dituzten estrategiak bizirauteko? Nolakoa da (aurre)egokitzapen prozesua? Eta zerk eragiten du espezieen desagerpena?

Schilthuizenek espezie ugariren adibideen bitartez, orain arte egin diren arloko ikerketak agertuz eta bere esperientziak tartekatuz, istorio bat kontatu digu: hirietan gertatzen ari den eboluzioarena, alegia. Bidaia liluragarria da hiriko naturaren mundua aztertzeko. Hala, beste aitorpen batekin bukatu nahi dut: ez ezazu lan hau irakurtzeko aukera galdu.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Darwin comes to town: How the urban jungle drives evolution
  • Egilea: Menno Schilthuizen
  • Itzultzailea: Eduardo Jordá
  • Argitaletxea: Turner
  • Orrialdeak: 296
  • ISBNa: 978-84-17141-75-2
  • ———————————————————————————-Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.———————————————————————————-

The post Bidaia hiriaren erdigunera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lurraren magnetismoaz (I)

mer, 2020/08/19 - 09:00
César Tomé López Nahiz eta Mendebaldean XII. mendetik den ezaguna orratz imanduek iparraldera seinalatzen dutela, Lurraren magnetismoarekiko interesa XV. mendetik aurrera piztu zen, batik bat nabigatzaileen beharrizan praktikoek bultzatuta.

Geomagnetismoari buruzko lehen pisuzko lana De magnete liburua izan zen, William Gilbert-ek argitaratua 1600ean. Data hartarako, nabigatzaileek bazekiten orratzek batzuetan ez zutela zehatz-mehatz seinalatzen iparraldera, baizik eta angelu bateko desbideraketa zeukatela; gerora, angelu hark deklinazio magnetiko izena hartu zuen. Era berean, bazekiten orratza noizbehinka horizontaletik aldentzen zela, inklinazio magnetiko delakoa sortuz. Filosofo naturalek egiatzat hartzen zuten Lurraren magnetismoa magnetita mineralaren propietate ezkutuek eragiten zutela, edo zeruetako Iparrizarraren eta Lurreko ipar polo magnetikoaren arteko konexio neoplatonikoren batek.

Medikua ogibidez, Gilbert-ek magnetismoari lotutako bost mugimenduak jorratu zituen bere lanean: erakarpena -berak «koito» zeritzon, irudikapen modukoa eginez-, orientazioa, deklinazioa, inklinazioa eta errotazioa. Horiek osatzen zuten bere Lurraren magnetismoaren teoriaren abiapuntua.

1. irudia: “terella”. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gilbertek esperimentuak egin zituen orratz magnetiko txikiak magnetita-esfera batean jarriz («terrella» izena eman zion esferari; latinez Lurtxo esan nahi du horrek). Haien bidez erakutsi zuen esferaren irregulartasunek orratzen orientazioa aldatzen zutela, baita orratzak, ekuatorean esferaren plano tangente batekiko paralelo zeudelarik, poloetara hurbildu ahala okertu egiten zirela, harik eta bertan bertikalera iritsi arte. Lurra, hortaz, magnetita-esfera eskerga izango zen, errotazioan dagoen arima magnetiko materiagabea zeukana.

Bazirudien magnetismoa zela, Lurraren magnetismoa barne, munduko indar ezkutuen artean nabarmenena; horregatik, filosofo mekaniko berriek behartuta ikusi zuten beren burua mugimenduan dagoen materia kontuan hartuko zuen azalpena topatzera.

Principia philosophiae lanean (1644), René Descartes-ek zioen Lurraren magnetismoa kiribil formako partikula-korronte zirkulazioa zela (kortxo-torloju moduko bat). Horren harira sortu zen XIX. mendeko hogeiko hamarkadara arte eragin handia izan zuen tradizioa, hain zuzen, fluido magnetiko bizi eta sotilek eragiten zutela Lurraren magnetismoa.

2. irudia: Halley 1702an egindako mapa. (Iturria: Wikimedia Commons).

Edmond Halleyk proposatu zuen Lurra neurri batean hutsik zegoela, lehenik 1683an eta, ondoren, 1692an, Londreseko Royal Society-ren aurrean. Bere esanetan, lurrak geruza esferikoak zeuzkan bat bestearen barnean, esferen artean atmosferak zirelarik. Bina polo magnetiko zeukaten esferek eta, deklinazio- eta inklinazio-bariazioen eragileak, beraz, esferon abiadura ezberdinetako errotazioak ziren, baita poloen arteko interakzioen eragileak ere. 1698 eta 1700 urteen artean, Halley-k Atlantikoan zehar bidaiatu zuen, eta deklinazio-bariazioak neurtu zituen. Mapa aitzindari batean irudikatu zituen, 1701 eta 1703 urteen artean. Lan hura sarritan berrargitaratu zen, General Chart of the Variation of the Compass izenaz.

Aipatu bezala, Descartesen fluidoen teoriak eragin handia izan zuen XIX. mendearen hasierara arte. Haren une gorena 1826an Parisko Académie des Sciences-en aurkeztu zen teoria izan daiteke, Charles-Augustin Coulomb eta Simeon-Denis Poisson-en eskutik. Teoriak jakintzat ematen zuen substantzia magnetikoen fluidoek eragindako urrutiko zenbait indar existitzen zirela.

Teoria kartesiarraren ildoko beste zientzialari garrantzitsu batzuk -Coulomb-Poisson-ekarpenaren aurretikoak- honakoak ziren: Gavin Knight, Leonhard Euler, Franz Aepinus, Jean-Baptiste Biot. Eulerrek 12 aldiz irabazi zuen Académie des Sciences-en saria, eta, izan ere, haietako aldi batean –1746koan-, Lurraren magnetismoari buruzko teoria bat eskatzen zuen akademiak.

Ikertzaile franko saiatu zen Lurraren magnetismoa azaltzeko teoria nahiz deskribapen egokiak garatzen; hala ere, horretarako behar diren matematikek asko zailtzen zuten egitekoa. Mendearen azken laurdenean garapen matematiko berri eta sendoa agertu arte itxaron behar izan zuten auzian aurrera egin ahal izateko.

Bien bitartean, XIX.eko hogeita hamarreko hamarkadan, gero eta erakargarritasun txikiagoa zuten fluido «boreal» eta «astralak» oinarri zituzten hipotesiek. Ildo horri jarraika, hala ere, Christopher Hansteen-ek Halley-ren ikuspegia -bi errotazio-ardatz eta lau poloren existentzia zuena oinarri- berreskuratu zuen bere Investigations Concerning the Magnetism of the Earth lanean (1819). 90º-ko inklinazio magnetikoa izan behar zuten polo horiek behingoz aurkitzeko ahaleginean, Siberiara abiatu zen Hansteen 1830ean, eta asmo berarekin egin zuen James Clark Ross-ek bidaia Kanadara.

Ardatz bikoitzen teoriak babes handirik eskuratu ez bazuen ere, poloak aztergai gisa berreskuratzeak, teoriak nahiz deskribapenak matematizatzeko saiakerek eta espedizio ugariek ideia berriak ekarri zizkioten Lurraren magnetismoaren ikerkuntzari, bai eta behaketa-datu anitz ere.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

 

The post Lurraren magnetismoaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (4): Zatitzaileak

lun, 2020/08/17 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure laugarren ariketa: Zatitzaileak.

4) 39-ren zatitzaileak 1, 3, 13 eta 39 dira. Zatitzaileen azken zifrak 1, 3 eta 9 dira. Zein da zatitzaileen azken zifretan 0-tik 9-rainoko guztiak dituen zenbakirik txikiena?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique  atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

 

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (4): Zatitzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ametsetik urrun, amesgaiztotik oso gertu

ven, 2020/08/14 - 09:00
Uxue Razkin “Liburu hau irakurtzea mugikorreko pantailan agertzen den argazki bati hatzez zoom egitea bezalakoa da: ez duzu xehetasunik galtzerik nahi.”

XVIII. mendean, Italian, Gennaro izeneko mediku bat larri gaixotu zen baina ez zekien zehazki zer gertatzen zitzaion. “Zergatik ezin dut lorik egin? Kutsatu ote naiz? Mi sono straco. Mi divento mato. Nekatuta nago. Erotu al naiz?”, esan zion gau batean bere emazteari. Horren ondotik, azkar egin zuen okerrera eta hil egin zen. Bi mende luzez familia horretako kideek insomnioa eta beste sintoma latz ugari pairatu zituzten, heriotza barne. Bada, zerk eragin zuen halako sufrimendua?

Lokartu ezinik dabilen Veneziako familia baten kontakizunarekin abiatzen du D. T. Max idazleak La familia que no podía dormir: un misterio médico liburua. Familiako insomnio saihestezina izeneko gaixotasuna da istorio honen muina eta, era berean, hori eragiten duten prioiak. Hauek ez dira birusak, ezta bakterioak ere. Ez dute material genetikorik. Zer arraio dira orduan? Eta zergatik dira hain zitalak? Zinez da liluragarria nola murgiltzen gaituen genetikan, alegia, prioiek sortutako gaixotasun ugariren azalpenean (kurua eta behi eroen gaitza, adibidez) eta horiek mundu osoko zenbait toki eta garaitan eragin zuten kezkan. Bitxikeria bati tiraka arlo hori are interesgarriagoa da bat-batean.

Zientzia-kazetaritza lan bikaina dela uste dut. Alde batetik, gaixotasunaren ezagutzaren garapena azaltzen duelako modu oso argian: hasieran misterio bat izan zen denontzat –zer gertatzen zaio familia horri? – baina gutxika gaia bere osotasunean ulertzeko beharrezkoa den datu mordoa ematen du. Halaber, aipatzekoak dira Maxek testuan darabilen lengoaia eta informazioaren zorroztasuna ere. Bestalde, ikuspegi oso bat emateko asmoz, historian zehar gaitz hori aztertu zuten zientzialariak –Stanley Prusiner eta Daniel Carleton Gajdusek aipatzen ditu tartean– ezagutzeko parada izango du irakurleak; egindako lanen, saiakeren eta aurkikuntzen berri ematen du, hain zuzen.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: La familia que no podía dormir: un misterio médico
  • Egilea: D. T. Max
  • Itzultzailea: Maria Luisa Rodriguez Tapia
  • Argitaletxea: Libros del K.O
  • Orrialdeak: 380
  • ISBNa: 978-84-16001-87-3

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ametsetik urrun, amesgaiztotik oso gertu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Klimaz (II)

mer, 2020/08/12 - 09:00
César Tomé López Zientziak behar zuen filosofia berria XIX. mendeko lehen hamarkadetan agertu zen, eta geografia nahiz meteorologia, naturaren osotasunaren ikuspegi erromantikoa eta Ilustrazio berantiarraren metodoak -hau da, tresneria eta neurketa zehatzak- uztartu zituen.

Alexander von Humboldt da sintesi horren ordezkaririk ezagunena. XVIII. mendearen hondarreko filosofia natural eta esperimentalaren testuinguruan ikasi bazuen ere, oso harreman estuak izan zituen mugimendu erromantiko alemaniarraren partaide nagusiekin. Lurralde batean beha zitezkeen elementu natural guztietatik abiatu zen, eta osotasun elkarreragile eta koherentea bilatu zuen geologian, kliman, landaredian, faunan eta giza kulturan oinarri hartuta. «Physique générale» izena eman zion osotasun horri.

Beraren ustez, geografia fisikoaren elementu ugarien elkarreraginek eratzen dute klima: lurzoruak osatzen dituen egituren tamaina eta orientazioa, haien garaiera eta osaera geologikoa, lurzoruaren eta uraren arteko hartu-emanak, landare- eta elur-estaldurak etab. Bat-batean, Humboldtek eta garaikideek eskualde nahiz herrialde mailako patroi meteorologikoak aurkitu zituzten, iraganeko ikertzaileek tokiko berezitasunak baino ikusi ez zituzten bitartean. Isotermen bidez -mapa batean tenperatura berdineko puntuak lotzen dituzten lerroak- irudikatu zuten aurkikuntza hori, zeinetan tenperaturaren datu globalak elkartzen diren osotasun koherente bat eratzeko.

1 irudia: Woodbridge kartografoak eta von Humboldt egindako grafiko isotermikoa 1823an. (Iturria: Wikimedia Commons).

Humboldten garaiko klimatologoek klimak munduan zehar nola banatzen ziren aztertu zuten; ikuspegi klimatikoa erantsi zioten biogeografiari, eta gogoeta egin zuten jakiteko aldi historiko eta geologikoen klimak nolakoak izango ote ziren, erregistro idatzi nahiz fosilak kontuan hartuta.

Mendearen bigarren erdialdean, inperialistek gero eta gehiagotan erabili zituzten argudio hipokratikoak arraza europarraren nagusitasuna berresteko eta Asiako zein Afrikako konkistak arrazoitzeko. «Arrazak klimaren ondorio dira» dioen baieztapen hipokratikoari jarraituz, hainbat geografok eta antropologok aldarrikatu zuten buruargitasuna, industria, neurritasuna eta XIX.ean goraipatu ohi ziren beste hainbat bertute Europako eta AEBtako klima epelaren ondorio zirela. Eta kolonietako klima erosoek, aldiz, arraza ahulak sortu izan zituztela, men egiteko jaioak.

Ideia horiekin estuki lotutako arazoez arduratu zen medikuntza tropikala; besteak beste, aurkitzeaz zer oinarri klimatologiko zuten lur exotikoetako gaixotasunek, europarrek itsasoaz bestaldeko jabetzak gobernatzea oztopatzen baitzuten; era berean, kolonietako biztanleen endekapen fisiko eta morala aztertzeaz ere arduratu zen.

XIX. mendeko klimari buruzko ikerketen adar enpiriko eta praktikoenak arazo biogeografikoez eta nekazaritzakoez arduratu ziren batez ere. Auzi bat oso maiz agertu izan zen garai hartan: elementu klimatologikoek (tenperaturak, hezetasunak, prezipitazioek, intsolazioak…) uzten bizi-aroetan eta giza kokaguneetan zer eragin zuten jakitea.

2. irudia: Köppen-en lehen mapa klimatikoa, 1884an. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica).

Klimatologoek klimen sailkapen ugari garatu zituzten, elementu meteorologikoak nahiz biogeografikoak erabiliz beren grafikoetan. Horien artean ezagunena Köppen-ek 1884an aurkeztu zuena da. Gerora doituz joan zen hainbat argitalpenetan agertuta mende erdi baino luzaroagoan. Izan ere, XIX. mendearen azken herenean, «klimatologia klasiko» delakoak ahalegin handia egin zuen neurketak estandarizatzeko eta fidagarritasuna bermatzeko.

Behin XX. mendea heldu zelarik, Vilhelm Bjerknes-en lana funtsezkoa izan zen klimatologia eta geografia guztiz banantzeko eta lehena fisikaren adar bihurtzeko; aurreikuspenerako gaitasun handia hartu zuen horrela. Agian meteorologia zientzia gisa behin betiko finkatu zuen gertaera Bigarren Mundu Gerrako Normandiako lehorreratzea dugu, azterkuntza klimatikoa oinarri zela aukeratu baitzen D eguna. Bestalde, aipatu ditugun garaietan metatuz joan den klima-jakintza guztiak ahalbidetu zuen munduko klima aldatzen ari delako ikuspegia indartzea XX. mendearen erdialdetik aurrera.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

The post Klimaz (II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (3): Triangeluaren azalera

lun, 2020/08/10 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure hirugarren ariketa: Triangeluaren azalera.

3) ABC triangelua zuzena da (A-n du angelu zuzena). AB= 3 m eta AC = 4 m dira. DE eta BC paraleloak dira eta 1 m da bien arteko distantzia. Zein da ADE triangeluaren azalera?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (3): Triangeluaren azalera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zientziaren historia poltsikoan

ven, 2020/08/07 - 09:00
Uxue Razkin “Ia denaren historia labur bat liburua esku artean hartzen duzunean eta lehenengo orrialdeak irakurtzen dituzunean, konturatzen zara ezer gutxi dakizula inguratzen zaituen guztiaz –zientzia edonon dago, baita gugan ere–. Eta hori da gerta dakizukeen gauzarik ederrena.”

Unibertsoari neurria hartzea bezain zaila da zientziaren historia laburbiltzea. Biak ala biak lorpen gogoangarriak dira, zalantzarik gabe. Bada, bereziki bigarren ideiak meritua baduela uste dut. Bill Bryson idazleak hori erdietsi du; zientzia(k) Ia denaren historia labur bat liburuan sartzea, alegia.

Iraganean murgildu gaitu, unibertsoa eraiki zen istant hartan. Eta hortik aurrera dena. Edo ia dena. Besteak beste, astronomia, fisika, geologia, paleontologia, kimika eta genetika bezalako alorrak jorratu ditu honetan, eta oso fin, gainera. Lan zaila dirudien arren, historia ez baita egun batetik bestera eraikitzen (eta unibertsoa?), erraztasun handiz egiten du jauzi diziplina batetik bestera. Aurkikuntzak, eureka momentuak, eta horien inguruan orbitatu zuten zientzialarien biografia laburrak aurkituko ditu irakurleak. Eta anekdotak zein bitxikeriak ez dira faltako liburuan zehar, jakina; horrelako ugari tartekatzen baititu azalpenari arintasuna emateko asmoz. Alde horretatik, oso irakurketa atsegina da.

Esaterako, Robert Evans artzainaren begietatik izarren iragana ezagutuko dugu, Newtonen legeak behingoz argitzeko aukera izango dugu, baita Dimitri Ivanovich Mendeleyev kimikako elementuak nola ordenatzen hasi zen jakingo dugu ere. Era berean, oso garrantzitsuak diren kontzeptuak azalduko dizkigute: erlatibitatearen teoria, atomoak, plaken tektonika, eta genomak kasu. Etenik ez duen haria sortu du Brysonek.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Ia denaren historia labur bat
  • Egilea: Bill Bryson
  • Itzultzailea: Ixiar Iza Agirre
  • Argitaletxea: Elhuyar edizioak
  • Orrialdeak: 454
  • ISBNa: 978-84-92457-08-3

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Zientziaren historia poltsikoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Klimaz (I)

mer, 2020/08/05 - 09:00
César Tomé López Denis Diderot eta Jean D’Alembert ezagunen Encyclopèdie lanak, XVIII. mendearen erdialdean argitaratuak (1751-1772), klimaren hiru definizio ematen zituen. Lehenik, klima Lurraren inguruko latitude tarte bat zen, eta zabalera halakoa zuen non bere muga polarraren zirkuluan zehar egunik luzeenak gehiago irauten zuen –iraupen-neurria bat zelarik beti– bere muga ekuatorialaren zirkuluan zeharreko egunik luzeenak baino. Bigarrenik, klima lurralde bat zen, urtaro, zoruaren kalitate edo are «biztanleen heziketa» jakinak zeuzkana. Azkenik, hirugarren definizioak lurralde bateko klima eta tenperaturak edo «bero-graduak» parekatzen zituen. Klima, beraz, lurraldea zen definizio horien arabera, eta ez eguraldi-patroi tipikoa: geografiaz ari ziren, meteorologiaz baino.

Geografoak Antzinate Klasikotik zebiltzan eztabaidatzen klimaz eta kulturarekin zeukan loturaz. Tradizio horren iturria bilatzeko orduan, Hipokratesen aire, ur eta lekuei buruzko trataturaino egin genezake atzera; bertan, populazioaren izaera haizeari (airea), ur-horniduraren jatorriari (ura) eta lurrari berari zein bere kokapenari (lekuak) egozten zitzaien, baita dietari, higieneari, ohiko zereginei eta bestelakoei ere. Hain zen boteretsua ikuspuntu hipokratikoa, ezen Encyclopèdiearen editoreek Montesquieuri eskatu baitzioten bildumaren artikulu hori idazteko. Izan ere, bere De l’esprit des loix lanean gaiaz aritu eta gero (1748), zaila baitzen ezer eranstea halako gai ezagunez.

Irudia: Shikaribetsu laku izoztua, Japonian. Geografoak Antzinate Klasikoan klima kulturarekin lotura zeukala pentsatzen zuten. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com).

XVIII. mendearen azken laurdena baino lehen, geografiaren ibilbideak zerikusi gutxi zeukan meteorologiarekin. Geografoen meteorologiari buruzko baieztapenak beti izaten ziren oso orokorrak eta kualitatiboak, eta ez zieten atarramendurik ateratzen gero eta ugariagoak ziren behaketa meteorologiko egokiei. Bestalde, eta egungo irizpideei erreparatuta paradoxa iruditu dakigukeen arren, meteorologoek ez zeukaten inolako interesik kliman. Eguraldia aurreikusteko patroi errepikatuak eta nekazaritzan nahiz osasunean zer eragin zeukaten aurkitzea zen meteorologoen helburu nagusia.

XVIII. mendearen bukaeran, gero eta zehatzagoa zen tresneria, gailu asko sortu ziren elkarte zientifikoen bultzadarekin, eta datu meteorologiko fidagarri andana bildu zen horri esker. Meteorologoak, ordea, ez ziren horregatik hasi klima ulertzen: ez zituzten puntu askotako behaketa meteorologikoak erabili denboraldi- eta espazio-tarteetan zehar eguraldiak duen batasuna ulertzeko. Horri dagokionez, egokia izan daiteke Kant-ek bere garaiko zientzia naturalei egindako kritika aipatzea: «[zientzia naturalek objektuak] bata bestearen atzean pilatuta [jartzen dituzte], besterik gabe, gauzen izaera askotarikoa ondorioztatzeko osotasuna [kontuan izan beharrean]».

Paradoxa bada ere, tradizio hipokratiko handiak ekarri zuen, XVIII. mendearen bukaeran, hurbilketarik onena meteorologia, behaketa zehatzak eta geografia uztartu ahal izateko: medikuntza zen hurbilketa hori, edo, hobeto esanda, topografia medikoa. Frantzian topa dezakegu adibiderik egokiena. Bertan, Medikuntzaren Errege Elkarteak frantziar lurralde osoan zehar zeuden medikuei eskatu zien erresumako leku bakoitzeko ingurumenaren ezaugarriak izpiritu hipokratikoari jarraituz deskribatzeko. Partaideek, beraz, hiru oinarriak uztartzen zituzten: behaketa meteorologikoak, «aire, ur eta lekuen» deskribapenak eta herrietako biztanleriari buruzko informazioa. Horren helburua «Frantziako mapa topografikoa» argitaratzea zen. Ahalegin hura klimatologiaren lehen tratatua bihurtu aurretik, ordea, Iraultzak itxi egin zuen Errege Elkartea.

Edonola dela, benetako klimatologia ager zedin, zientzialariei zaila egiten zaien baldintza behar zen: filosofia-aldaketa, mundu-ikuskera berria. XIX. mendean heldu zen hori.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

The post Klimaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (2): Kartak ordenatu

lun, 2020/08/03 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bigarren ariketa: Kartak ordenatu.

2) Karta batzuetan idatzita daude bi zifrako lehen bederatzi zenbaki lehenak (11 da txikiena eta 41 da handiena). Kartak ordenatu nahi ditugu erregela hau betez: elkarren alboan dauden karten zenbakien aldea 2-ren berretura da. Zenbat modutan egin dezakegu?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématiqueatalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (2): Kartak ordenatu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #313

dim, 2020/08/02 - 09:00
Uxue Razkin

Medikuntza

Ba al zenekien ilea maiz garbitzeak ez duela eraginik ilearen osasunean? Artikulu honen bitartez jakin dugu xanpuek soilik ilearen itxura aldatu dezaketela baina ez haren osasuna. Dermatologia kontsultan sortzen diren ohiko zalantzak bildu ditu Ramon Grimalt medikuak. Esaterako, zein maiztasunekin garbitu behar dugu ilea? Edo zergatik erortzen zaigu hainbeste ilea? Ez galdu!

Osasuna

Pisua galtzearen harira, beti komeni da jakitea zeintzuk diren bakoitzak jarraitu behar dituen estrategiak. Ildo horri jarraiki, bost herrialdetako (Alemania, Estatu Batuak, Finlandia, Grezia eta Portugal) datuak biltzen dituzten 50 argitalpen zientifikoren emaitzak aztertu dituzte. Emaitzen arabera, pisua galtzeko eta ondoren mantentzeko gauzarik eraginkorrenak ariketa fisikoa egitea eta hartzen den energia eta koipea murriztea da.

SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoa bilatzeko bidean daude herrialde askotako ikertzaileak. Azken asteetan, hiru izan dira bereziki itxaropena piztu digutenak. Lehenengoa, Oxford Unibertsitatean ikertzen ari dira. Bigarrena, Txinan, eta hirugarrena, Estatu Batuetan. Txerto hautagai hauen inguruan aritu da Miren Basaras mikrobiologoa Berria egunkarian.

Biologia

Ikerketa batean ondorioztatu dutenez, hartz batek 14 urte behar ditu gizakiekin batera lurraldea partekatzen ikasi ahal izateko. Guztira, 1979-2019 urte tartean, 2.669 hartzen bizimoduak aztertu dituzte. Faktore hauek izan dituzte kontuan: heriotza tasak, mugimenduak, habitataren erabilera eta demografia.

Ingurumena

Ikerketa batek aditzera eman duenez, hartz zuriak desagertuko dira klima-aldaketaren ondorioz. Berrian irakur daitekeen moduan, 2100. urterako galduko direla ondorioztatu dute ikertzaileek. Hain zuzen ere, argitaratu duten txostenean, planetaren berotzeak Artikoko izotza murriztea eragingo duela adierazi dute eta, horrekin batera, hartz zuriak galtzea ekarriko duela.

Astrofisika

Desagertutako kumulu globular baten arrastoak aurkitu dituzte, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Duela bi mila milioi urte Esne Bidearen grabitateak 62.000 argi-urtera zegoen kumulu globular bat birrindu zuen Fenix konstelazioan eta orain jakin dute egitura horrek izar-korronte baten itxura duela.

Asteon, NASAk Mars 2020 misioa abiatu du, Marten inoiz bizirik izan den aztertzeko asmoz. Perseverance ibilgailua bidali dute eta 2026. urtean itzuliko da Lurrera. Egitasmo honetan AVS euskal enpresak eta UPV/EHUk parte hartu dute. Berrian aurkituko dituzue xehetasun gehiago misio honen inguruan.

Geologia

Gaur egun oraindik glaziazioen jatorria modu egokian azaltzen duen hipotesirik ez dagoen arren, Zientzia Kaierako testu honetan historian zehar egindako ikerlanez, aurkikuntzez, eta horien atzean egon ziren geologo eta naturalistez hitz egin digute. Ez galdu!

Nekazaritza

Ikerketa batean ikusi dute nekazaritza bertikala oparoagoa izan litekeela. Bertan, hamar geruzez osatutako laborantza bertikala irudikatu dute, eta baldintza guztiak kontuan hartu dituzte: argi artifiziala, tenperatura edota CO2 maila. Kalkulatu dutenez, baldintzen arabera, hektarea bakar batean 700-1.940 tona gari hazteko moduan egongo lirateke. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #313 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #317

sam, 2020/08/01 - 09:00

Dena asmatuta dago eta. Txoriek hegan egiten dutela? Ba txorien moduan hegan egiten duen drona egiten dugu. Kolibria bezala, adibidez. Zer abantaila luke? Lau errotore dituen dronak horizontalki mugitzen geldirik baino energia gehiago behar du. Kolibriak ez. Javaan Chahlen Learning from nature: a new flapping drone can take off, hover and swoop like a bird

Esna ametsetan zaudenean, ezertan pentsatzen ez duzun momentuetan. Entzefaloaren egoera basalaren antzekoenak dira momentu horiek. Ametsak oso aktiboak dira, kontzientzia aktibo ez badago ere. Egoera horretan erresonantzia magnetiko funtzionalaren seinaleak baliatu daitezke entzefaloaren funtzionamendua ikertzeko. Eta baita arazo neurologikoak eta gaixotasun mentalak detektatzeko ere. Horretarako matematikak behar dira. BCAM-en The metaestable resting state dynamics of the brain

Helio atomoen dispertsioa azalera batean baliatu daiteke materialaren nondik-norakoak ezagutzeko. Hala frogatu dute DIPCn. Bi dimentsioetan eta zenbait materialentzat egina zen, orain dimentsioak eta konposatuak gehitu dira. Measuring electron-phonon interaction in multidimensional materials with helium atom scattering

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #317 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hartzen eta gizakien erresumek topo egiten dutenekoa

ven, 2020/07/31 - 09:00
Juanma Gallego Kanadako mendebaldean bizi diren hartzek azken lau hamarkadetan izan duten jarduna aztertuta, ondorioztatu dute hartz batek 14 urte behar dituela gizakiekin batera lurraldea partekatzen ikasi ahal izateko. Animalia hauen egoera hobetzeko hainbat proposamen landu dituzte.

Etxetik atera aurretik, ez ahaztu autoaren giltzak poltsikoratzeaz. Eta sakelako telefonoa eramateaz. Badakizu, kalera ateratzeko ahaztu behar ez diren gauzatxo horiek. Zorionez, gure ingurua ez da oso arriskutsua. Adibidez, inork ez du espero ataritik metro batzuetara basapizti batekin topo egitea. Baina gauzak bestelakoak dira Svalbard uhartedian. Bertan, kalera atera aurretik, elur-motorraren giltzak, sakelakoa, eta erriflea eraman beharra dago. Bai, erriflea. Izan ere, hartz polar batekin topo egiteko aukerak egon badaude, eta ustekabeko topaldia Disney-ko filmetan agertu ohi dena baino zertxobait problematikoagoa izan daiteke. Zorionez, normalean ez da erabili beharrik, baina, badaezpada, komeni da gertu edukitzea.

Artikoaren altzoan dagoen uhartedi horretakoa muturreko adibidea da, noski. Gizakiaren munduak eta mundu basatiak topo egiten duten horietakoa. Normalean eremuak oso ondo zehaztuta daude: gizakiona (munduko zatirik handiena) eta natura basatiarena (gero eta eremu urriagoa, hain justu). Mundu naturala behin betiko babestu ahal izateko, ekomodernismoak proposatu du bi eremu horiek, gizakiarena eta naturarena, banatzeko beharra; baina gure artean predikazio gutxi izan duen planteamendua da ekomodernismoarena, seguruenera errazagoa delako pentsatzea landa eremuaren despopulazioa arazo handi bat dela, eta aterabiderik ekologikoena dela lurralde osoa gure gain hartzen jarraitzea, sikiera natural-naturalak diren tomate ekologikoak mendiaren puntaren puntan ekoiztu ahal izateko. Zein izango da, ba, hain maltzurra etxe ondoko ortua lantzen pozik eta alai bizi nahi duten 7.000 milioi lagunei elikadura burujabetzaukatzeko?

Errealitatera bueltatuta, eta aterabide hobeagoen faltan, argi dago gaur egun zenbait eremutan bederen gizakiaren eta basapiztien arteko elkarbizitza kudeatu beharra dagoela. Gure artean, otsoaren inguruan piztu dira polemikak, batez ere Araban; eta Pirinio inguruetan ere hartzaren sarrerak eman du zer esatekorik. Halako egoeren kudeaketan aspaldi ari dira ere Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, eta, seguruenera, bertako lurraldeen tamaina oso desberdina izan arren, hortik ere egongo da zer ikasterik.

1. irudia: Gero eta gehiago, hartzek gizakiekin partekatu behar dituzte haien habitatak. Espero bezala, harreman horretan hartzak izan ohi dira galtzaile ateratzen direnak. (Argazkia: Paxson Woelber/Unsplash).

Bertan pixkanaka hartzak berreskuratzen ari dira, hein handi batean, harrapakari hauen gaineko kontrola helburu zuten gobernu kanpainak bertan behera uzten ari direlako. Baina, modu berean, ondo dakite harrapakari handien basa populazioek gora egiten duten heinean, elkarbizitza zaila izango dela, eta ezinbestean kudeatu beharra dagoela. Irtenbide bila, ideologiei ez baizik datuetara jo dute. PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean Columbia Britainiarrean eta probintziaren inguruan azken lau hamarkadetan hartzei buruz bildutako datuak aztertu dituzte. Zehazki, bertakoak diren Grizzly hartzei (Ursus arctos horribilis) erreparatu diete —izen zientifikoan bertan igartzen da nolakoa izan den historian zehar eurekiko izan den pertzepzioa—.

Guztira, 1979-2019 urte tartean, 2.669 hartzen bizimoduak aztertu dituzte, hainbat faktore kontuan hartuta: heriotza tasak, mugimenduak, habitataren erabilera eta demografia. Besteak beste, telemetria eta azterketa genetikoak ere baliatu dituzte ikerketa lanean.

Batez ere jakin nahi izan dute nola egokitzen ari diren hartzak, eta gizakiarekin lurraldea partekatzeak zer nolako ondorioak ekartzen dizkien. Eta, agerian utzi dutenez, esperientzia edukitzea hil ala biziko kontua izan daiteke, baita hartzentzat ere.

Ondorioztatu dute batez bestean hartzek 14 urte behar dituztela gizakiekin nola bizi ikasteko. Haatik, arazo da adin horretara iristea zaila dutela, gizakia jaun eta jabe den lurralde batean: soilik 30 hartzetik batek lortzen du adin horretara iristea. Giza presentzia txikiagoa den eremuetan berriz, 5tik batek lortuko du 14 urteren mugarri horretara iristea.

2. irudia: Aautoen harrapaketek kalte handia egiten diote faunari, baina, hartzen kasuan, arazoa handiagoa da: hildako animaliaren usainak erakartzen ditu errepide inguruetara. (Argazkia: Clayton T. Lamb).

Lau hamarkada mahai gainean izateak perspektiba eman die ikertzaileei. Horri esker, beste ondorio interesgarri bat ateratzeko moduan egon dira: hartzen jarduna, gero eta gehiago, gautarra da, iluntasuna nagusi den tarte horretan gizakien presentzia urriagoa delako. Progresiboki, adinean aurrera egiten duten heinean, horrek abantaila txikia ematen die hartzei. Esku artean izan dituzten kalkuluen arabera, harrapakari handi hauek hiru urte dituztenetik urte bakoitzeko %2-3 handitzen dute gaueko jarduna, eta, modu horretan, bizirik irauteko aukerak handitzen dituzte. Ikerketa hau hartzei soilik dagokien arren, beste ikerketa batean ondorioztatu zuten hartzak ez direla gauera egokitzen ari diren ugaztun bakarrak, eta ia prozesu orokorra dela esan daitekeela.

Egileek uste dute harrapakariarekiko “tolerantzia soziala” handitu beharra dagoela: eremu zehatz batzuetan animalia hauen presentzia onartzea ezinbestekotzat jotzen dute; modu berean, gizakiok eta hartzek bestelako bizitokiak ditugula kontuan hartzeko eskatu dute. Elkarbizitza hau sustatu aldera, hainbat irtenbide proposatu dituzte ikerketan. Horien artean, garrantzitsuenetako bat da hartzaren habitata zeharkatzen dituzten errepideetan zirkulazioa gutxitzea. Izan ere, urte bakoitzeko Kanadako probintzia horretan basapiztia handiekin 10.000 talka inguru gertatzen dira.

Talka horiek ekiditeko, animalientzako pasabideak eraikitzea proposatu dute. Horrez gain, hain ezagunak ez diren proposamenak ere landu dituzte. Horietako batek aurrean aipatutako arazoarekin du zerikusia: orain, errepideetako talken ondorioz hilda geratzen diren animalia asko bazterbidean edo inguruetan geratzen dira, eta horien usainak hartzak erakartzen ditu. Bada, horien kudeaketa egokia egiteko proposamena egin diote Kanadako Garraio Ministerioari: animalien zerraldoak hesiz babestutako toki berezietan lurperatzea. Dagoeneko, horri bideratutako hainbat azpiegitura martxan jarri dituzte, antza, emaitza positiboekin. Agian ez dira izango bi espezieen arteko elkarbizitza erraztuko duten aterabide magikoak, baina, behintzat, norabide horretan egindako pauso txikiak izan daitezke. Erriflea eraman behar izan gabe.

Erreferentzia bibliografikoa:

Clayton T. Lamb et al. “The ecology of human–carnivore coexistence”. PNAS. July 28, 2020 117 (30) 17876-17883 https://doi.org/10.1073/pnas.1922097117

  1. irudia: Gero eta gehiago, hartzek gizakiekin partekatu behar dituzte haien habitatak. Espero bezala, harreman horretan hartzak izan ohi dira galtzaile ateratzen direnak (Argazkia: Paxson Woelber/Unsplash)
  2. irudia: Aautoen harrapaketek kalte handia egiten diote faunari, baina, hartzen kasuan, arazoa handiagoa da: hildako animaliaren usainak erakartzen ditu errepide inguruetara. (Argazkia: Clayton T. Lamb).

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hartzen eta gizakien erresumek topo egiten dutenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Peio Iñurrigarro: “Jupiterren fenomenoen ikerketak Lurrean gertatzen dena aztertzen lagun dezake” #Zientzialari (137)

jeu, 2020/07/30 - 09:00

2016an Juno misioa Jupiterrera heldu zen planetaren barne egitura sakona ikertzeko. Misio hau oinarritzat hartuta, Peio Iñurrigarro, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea, Jupiterren goi-atmosferan gertatzen diren fenomenoetan sakontzen ari da bere doktorego tesian.

Zehazki, Iñurrigarroren ikerketa-taldeak, Jupiterreko geruza meteorologikoan garatzen diren zenbait fenomeno atmosferiko ikertzen ditu. Taldekideei, Jupiterren garatzen diren ezegonkortasunak sorrarazten dituzten ekaitz konbektiboak eta hauen perturbazioak ikertzea interesatzen zaie, batez ere.

Jupiterren geruza meteorologikoaren eta bertan gertatzen diren fenomenoen inguruan gehiago jakiteko Peiorekin elkartu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Peio Iñurrigarro: “Jupiterren fenomenoen ikerketak Lurrean gertatzen dena aztertzen lagun dezake” #Zientzialari (137) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Glazioazioez

mer, 2020/07/29 - 09:00
César Tomé López Jean Louis Rodolphe Agassiz naturalistak 1840an argitaratutako Études sur les glaciers liburuak eta garaiko adituen beste lan batzuek aldaerazi egin zieten geologoei lurrazalaren -eta, oro har, Lur planetaren- eboluzioa ulertzeko zuten modua. Horrez gain, gerora biologo eta antropologoek eboluzioa nola ulertuko zuten ere baldintzatu zuen, Homo Sapiens gizakiaren eboluzioa barne. Izan ere, lan hartan lehen aldiz hartu zen aintzat iragan hurbilean Izotz Aro bat egon izan zitekeela.

XIX. mendearen hasieran, geologia arloko ikerlan gehienak Europako ipar-mendebaldekoak ziren. Kokapen horretan buztin eta errekarri geruza lodi bat dago harri-ohea estaltzen, bai eta berez dagozkien estratuetatik kanpo baina ikusmenetik urrundu gabe dauden harritzarrak (bloke erratikoak), arrakala paraleloak dauzkaten harriak eta itsasoaren mailatik askoz goragoko hondartza-aztarnak ere. Froga horiek guztiek Izotz Aroaren hipotesiaren alde egiten zuten, baina inork ere ez zituen zantzu guztiak elkarrekin lotu, edo, hala egin bazuen, ez zen argitaratzera ausartu, ez Venetz, ez Charpentier, ez Saussure, ez Schimper, den-denak glaziarren ikertzaileak. Onartuta zegoen azalpena zen uholde handi batekin zetozela bat datu horiek denak.

Irudia: Allalin glaziarra, Suitza. (Argazkia: Thomas Hitz – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Artean, naturalista gehienek uste zuten Lurra oso gaztea zela (ikus “Lurraren adinaz” artikulua), eta antzinako testuak nahiz euren behaketa propioak hartzen zituzten aintzat hipotesiak eraikitzeko orduan. Uholde handiaren aipamena zegoen, esaterako, Metamorphoses lanean, non Publius Ovidius Naso-k historia mitologikoak biltzen zituen, baita Genesi biblikoan ere. Horrez gain, geologoak XIX. mendearen hasieratik sinetsita zeuden Lurra sortze garaitik aurrera hoztu baino ez zela egin; ikuspuntu horretatik, uholdea gertagarriagoa zen izotz aro bat baino.

Louis Agassiz aipatu berri ditugun glaziar-adituen lanetan oinarritu zen datuei interpretazio berria emateko eta Europako lurralde gehiena izotz geruza batek estali zuela argudiatzeko. Mende hartako 60ko hamarkadarako, geologo sinesgogorrenak ere, besteak beste Charles Lyell-ek, ideia hori onartu zuten, gogo txarrez izan bazen ere.

Agassiz-ek gertaera bat agerian jarri besterik ez zuen egin; inoiz ez zuen Izotz Aroaren jatorriari buruzko azalpenik eman. XIX. mendeko esplikaziorik onena James Croll izeneko eskoziar autodidakta batek atera zuen 1875ean, Climate and Time liburuan. Bertan, Croll-ek, gainerako planetekin izandako elkarrekintza grabitazionalak zirela medio Lurraren orbitaren bidea aldatu izan zenez, iradoki zuen eliptikotasunean gertaturiko aldaketek izotz aroak eragin zituztela, eta ez behin, behin eta berriz baizik. Hipotesi horren ondorioetako bat da hemisferio batean glaziazioak dauden bitartean bestean glaziazio arteko aldiak daudela.

Zientzialariak laster hasi ziren glaziazioak beste arazo batzuei konponbidea emateko baliatzen. Hala, esaterako, Baltikoaren itsasertzean ikus daitezkeen itsas mailaren aldaketa ezagunak azaldu zituzten itsasoko ura izotz egoeran harrapatzen zela esanez, edota izotzaren pisupean lurrazalaren depresioa gertatzen dela argudiatuz (ikus “Isostasiaz“). Era berean, gizakiok, Eurasiatik Ipar Amerikara iristeko, izotz-zubi bat zeharkatu genuela iradoki zuten, eta Afrikatik kanpoko giza historiaurrearen zati handi bat azaltzeko ere izotz-geruza eurasiarraren hego-mugako bizi baldintzetara egokitu beharra erabili zuten.

XX. mendeko hogeiko hamarkadarako, zenbait ondoriotara heldu ziren zientzialariak, United States Geological Survey-k bildutako datuek eta Europako ibaien legar-terrazen ikerketek bultzatuta. Lehenik, Izotz Aro Handiak, Agassiz-ek proposatutakoak, glaziazio-maila handiagoko eta txikiagoko lau fase izango zituela. Bigarrenik, lau fase horiek bi hemisferioetan ikus zitezkeela eta, hortaz, Croll-en hipotesia defendaezina zela.

Lurrak jasotzen zuen erradiazioak jarraitzen zuen glaziazioak azaltzeko lan-ildo nagusi. Milutin Milánkovich-ek kalkulatu egin zuen hemisferio bietan azken milioi urte erdiko zenbait unetan jasotako erradiazioa. Lurraren klima hobeto ezagutzeko balio izan zuten kalkulu horiek (intsolazioa, Milánkovich-en zikloak), baina ez zetozen guztiz bat ondorioztatuak ziren Izotz Aroaren lau aldiekin.

Bigarren Mundu Gerraren ostean itsas zoruen datu berriak aurrean zirela, baztertu egin behar izan zen, azkenean, lau fase horien ideia. Zoruen adinen, eratze-garaiko tenperaturen eta paleomagnetismoaren arteko korrelazioek historia konplexuagoa iradokitzen dute, eta badirudi datuek hobeto egingo luketela bat erradiazio-zikloekin. Edonola dela, gaur egun oraindik ez dago glaziazioen jatorria guztiz egokiro azaltzen duen hipotesirik.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

The post Glazioazioez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages