S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 57 min

Asteon zientzia begi-bistan #359

dim, 2021/09/12 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

xavier

Ingurumena

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Indize bat diseinatu dute hiri bizkaitarreko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko. Gainera, hiri-mota guztietarako balio duen indizea dela ziurtatzen dute.

Teknologia

Xavier, izen euskalduneko polizia robota Singapurreko kaleetan patruilatzen hasi dela azaltzen dute Sustatu agerkarian. Herritarren portaera zibiko zehatz batzuk zaintzea da ibilgailu txiki honen lana. Esaterako, erretzea debekatuta dagoen tokietan araua errespetatzen den edo ez. Xavierrek sistema konplexu baten bidez hautematen ditu jokabide desegokiak. Inguruko irudiak hartu eta kontrol zentrora bidaltzen ditu. Hauek denbora errealean aztertu eta arauak betetzen ez dituenarekin harremanetan jartzen da robota panel interaktibo bati esker. Berrian azaltzen dituzte ere euskaratik izena datorkion robotaren ezaugarriak.

Perseverance ibilgailu robotikoak Marteko zorutik lagin bat hartzea lortu duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. Aurreneko saiakerek huts egin zuten, baina, oraingoan, beste arroka-mota batekin lortu dute azkenean. Hurrengo misio bateko beste ontzi batek Lurrera ekarriko du aztertu ahal izateko.

Aste honetan Zientzia Kaieran, Asier López ingeniariari egin diote elkarrizketa, ikasketa automatikoaren inguruan. Azaldu duenez, ikasketa automatikoa, datu desberdinen pilaketari esker, elkarrizketa sistema naturalagoak sortzea ahalbidetzen duen prozesua da. Hainbat abantaila ditu eta bitxia bada ere, Asierrek azaltzen du, esaterako, hizkuntza jakin bat ezagutu gabe, hizkuntza horretan berba egiten duen sistema bat eratzea posible egiten duela. Adibidez, beraiek norvegieraz hitz egiten duen sistema bat egin dute, hizkuntza hori ez dakiten arren.

Berrian irakur daitekeenez, Sopela eta New York eta Cornwall (Ingalaterra) lotuko dituen ur azpiko kable bat jarriko du Googlek. Euskal Herrian hasiko dira lanean eta bi hilabete beharko dituzte kablea New Yorkeraino eramateko. Googleko arduradunek Sopelan azaldu dituzte egitasmoaren  xehetasunak eta Joseba Zubiaren iritziz, Komunikazio Optikoetako katedraduna EHUn, honi esker abiadura handiagoaz jasoko ditugu Internet bidez datuak.

Osasuna

Emakumezkoen lehen heriotza kausa oraindik ikertu gabe dagoela dio dakargu Garak. Gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen lehen heriotza kausa munduan baina ez dira behar beste diagnostikatzen, ezta aztertzen. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituzten modu berean adierazten  gaixotasun berdinak, sintomak ez baitira berdinak batean zein bestean. Eta hori oso argia da, esaterako, bihotzekoaren kasuan.

Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen inguruan irakur daiteke Zientzia Kaieran. Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Hauen epidemiologia eta kontrolaren inguruan idatzi dute Mikele Macho eta Miren Basaras mikrobiologek.

Indiak SARS-CoV-2 birusarekiko immunitatea sustatzeko txerto bat baimendu berri duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. DNA-kate zirkular batean oinarritzen da txerto hau eta Indian bertan garatu dute. ZyCoV-D izena du eta 3 dosiko txertoa da baina orratzik gabe ematen da dermis barneko aplikatzaile bati esker. Honekin, Indiak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat COVID-19rako lehen txertoa lortu du. Txertoa helduentzako ere baliagarria da.  du elduez gain.Berezitasun handiena: ez dago ziztatu beharrik, larruazalean ematen da

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #359 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #364

sam, 2021/09/11 - 09:00

 

 

 

 

 

Eduardo Anguloren “Preparados para matar” seriea ingelesera itzultzeaz gain, mundu anglosaxoira ari da moldatzen Julio Ozores psikiatrak, erreferentzia berriak gehituta. Irakurtzera eta berrirakurtzera gonbidapena. Assasins

Boro nitruro hexagonalari prezisio atomikoarekin ehundura emateko modua topatu dute DIPCn. Ehunka aplikazio izan ditzake metodoak. Texturing of hexagonal boron nitride with atomic precision

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #364 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asier López: “Ikasketa automatikoak elkarrizketa sistema konplexuak eratzea ahalbidetzen du ” #Zientzialari (159)

ven, 2021/09/10 - 09:00

Lengoaia naturala erabiliz pertsonekin komunikatzeko gai diren sistemak dira elkarrizketa sistema automatikoak. Hauek diseinatzeko bi metodologia nagusi erabiltzen dira. Lehenengoa, sistemak erabiltzaileari eman ahal dizkion erantzunak eskuz diseinatzea eta programatzea da. Baina, zer gertatzen da elkarrizketa konplexua eta luzea bada? Horretarako bigarren prozedura bat baliatzen da, zeinetan oinarria ikasketa automatikoaren teknikak dira.

Ikasketa automatikoa, datu desberdinen pilaketari esker, elkarrizketa sistema naturalagoak sortzea ahalbidetzen duen prozesua da. Edozein hizkuntzatan elkarrizketak gauzatzeko gai diren makinak sortzeko, hizkuntza zehatz bateko datuak pilatu eta ordenatu behar dira. Datu horiek sistemari helarazten zaizkio, kasu bakoitzean zein erantzun mota eman behar duen ikas dezan.

Ikasketa sistema automatikoaren eta horren barruan kokatzen den elkarrizketa sistemen nondik-norakoez gehiago jakiteko, Asier Lópezekin, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikertzailearekin, bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Asier López: “Ikasketa automatikoak elkarrizketa sistema konplexuak eratzea ahalbidetzen du ” #Zientzialari (159) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola

jeu, 2021/09/09 - 09:00

Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan azaltzen bakarrik; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan %5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainian osasun-zentro berean izandako infekzio nosokomialen prebalentzia %6,2koa da. Urteetan zehar OAEI mota ohikoenen hurrenkera aldatzen bada ere, Espainian infekziorik usuenak kokapen kirurgikoko infekzioak dira, arnasbidekoak, gernubidekoak eta bakteriemiak jarraiki.

Mikroorganismo ezberdinek eragin ditzakete infekzio mota hauek, baina bakterioak dira ugarienak. Horien artean kezka gehien sorrarazten dutenak antimikrobianoen aurkako erresistentziak garatu dituztenak dira, metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus bakterioa (MRSA), zefalosporinekiko edo karbapenemikoekiko erresistenteak diren enterobakterioak edota bankomizinarekiko erresistenteak diren enterokokoak, besteak beste. Mikroorganismo horiek eragindako infekzioak larriak eta sendatzeko zailak izateaz gain, osasun-eremuetan pertsona batetik bestera hedatzeko erraztasun handia dute.

infekzioIrudia: infekzioak murrizteko osasun-eremua ahalik eta garbien mantentzea funtsezkoa da, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen transmisioa gutxitzeko neurriak hartzea. (Argazkia: leo2014 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Paziente batek osasun-eremuan OAEIa garatzeko faktore ezberdinen arteko elkarreragina egon behar da, esate baterako, gaixoaren berezko arrisku-faktoreak, antimikrobianoen erabilera, ospitaletako edo egoitzetako egonaldiaren iraupena eta prozedura inbaditzaileen eragina. Esate baterako, zain barneko kateterra, gernu-kateterra edo aireztatze mekanikoa bezalako gailuek edota diagnostikorako edo tratamendurako beharrezkoak diren bestelako prozedura inbaditzaileek (zain barneko tratamenduak, biopsiak, endoskopio bidezko azterketak, etab.), pazientearen azal eta mukosetako babesak ahuldu egiten dituzte, mikroorganismoen sarrera erraztuz.

Aipaturiko infekzioak murrizteko osasun-eremua ahalik eta garbien mantentzea funtsezkoa da, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen transmisioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik eta paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude, hau da, mikroorganismo eragilearen gordelekua, transmisio-mekanismoa eta populazio gaixokorra. OAEIak eragiten dituzten mikroorganismoen gordelekua gizakia (pazienteak, osasun-langileak, bisitariak) edo ingurugiroa (objektuak edo fomiteak, gainazalak, airea, ura) izan daitezke. Infekzio nosokomialen transmisio-mekanismoak, aldiz, aire bidezkoa, tanta bidezkoa eta kontaktu bidezkoa dira. Azken hau ospitale eta bestelako osasun-eremuetan mikroorganismoak transmititzeko biderik ohikoena da eta, batez ere, kutsatutako eskuen bidez gertatzen da. Populazio gaixokorrari dagokionez, pazientearen osasun-baldintzek, hala nola, zahartzaroa, immunodepresioa, diabetesa, neoplasia gaiztoa etab. indargetu egiten dute gaixoaren osasun-egoera, infekzioaren aurrean sentiberagoa bilakatuz.

OAEIak prebenitzeko neurriak, beraz, lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumeneko neurriak eta infekzioen kontrola eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean, eskularruak, maskarak edo mantala jartzea dago; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; osasun-tresneriaren desinfekzioa eta esterilizazioa; elikagaien eta hondakinen kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko Osasun Erakundeak aipatzen duen moduan “Arreta garbia, arreta seguruagoa” kanpainan.

Estatu eta autonomia-erkidego ezberdinetan osasun-zainketa ezberdinen eta mikroorganismoen hedapena murrizteko prozeduren jarraipena egiten da OAEIak prebenitzeko helburuarekin. Horrez gain, antimikrobianoen aurka erresistenteak diren edota populazioan erraz hedatzen diren infekzioen eragile ezberdinen zaintza egiten da. Izan ere, infekzioak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak har daitezke.

Iturria:

Macho, Mikele; Basaras, Miren (2020). «Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola»; Ekaia, 37, 2020, 25-44. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20753) Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola.
  • Laburpena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) hainbat osasun-eremutan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek paira ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan bakarrik azaltzen; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan % 5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainia mailan infekzio hauen prebalentzia % 4,8koa da. Espainian, OAEI usuenak dira gernubidekoa, arnasbidekoak, kokapen kirurgikoko infekzioak eta bakteriemiak. Mikroorganismo ezberdinak daude inplikatuak infekzio mota horietan, baina bakterioak dira ugarienak. Infekzioak murrizteko, funtsezkoa da osasun-eremua ahalik garbiena mantentzea, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen trans- misioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude eta lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumen neurriak eta infekzioen kontrol eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean daude eskularruak, maskarak edo mantala jartzea; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; elikagaien kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko osasun Erakundeak aipatzen duen moduan »Arreta garbia, arreta seguruagoa» kanpainan. OAEIak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak hobeto har daitezke.
  • Egileak: Mikele Macho, Miren Basaras
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 25-44
  • DOI: 10.1387/ekaia.20753

————————————————–
Egileez:

Mikele Macho Basurtuko Unibertsitate ospitaleko Mikrobiologia kliniko eta Infekzioaren kontrolaren Zerbitzukoa da.

Miren Basaras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailekoa da.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (6): Zatitzen, zatitzen

mer, 2021/09/08 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure seigarren ariketa: Zatitzen, zatitzen.

 

Zenbaki bat 2-rekin zatitu dugu eta hondarra 1 da; 3-rekin zatitu eta hondarra 2 da; eta horrela, hondarrak 3, 4, 5, 6, 7 eta 8 dira, hurrenez hurren, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9-rekin zatitzerakoan. Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (6): Zatitzen, zatitzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Tokian tokiko jarduera: siderurgiaren ingurumen inpaktua neurtzen

mar, 2021/09/07 - 09:00

Edozein egunetan ekonomiari buruzko egunkari bat hartu, eta begiratzen badugu inbertsioei buruzko atala, behin baino gehiagotan agertuko zaizkigu sigla hauek: ESG. Ingurumena, gizarte inpaktua eta gobernu ona adierazten duen ingelesezko sigla da ESG, eta enpresak hiru atal horien arabera sailkatzen dituen metodologia batean oinarritzen da. Hala, planetako edozein lekutako inbertsiogile batek ingurumen inpaktu txikiena duten enpresetan inbertitzea aukeratu dezake, langileentzat eta enpresa horiekin hartu-emana dutenentzat berdinzaleenak, justuenak eta seguruenak direnetan, eta kudeaketan kontrol eta gardentasun estandarrik handienak ezarrita dauzkaten eta betetzen dituztenetan.

Herrialde garatuetako enpresa munduan argi dago etorkizuna, izatekotan, ESG izango dela. Inbertsiogile asko aktibista bihurtu dira, edo beren inbertsioetarako aukeratzen dituzten enpresetan ESG sailkapena hobetzea sustatzen dute, edo ez dute inbertitzen ESG baxua dutenetan, edo biak egiten dituzte.

Hori da indar sustatzaileetako bat; beste bat ingurumen kontzientzia bera izango litzateke, edota enpresa berritzaileenak beren inpaktua murrizteko lantzen ari diren neurrien ondoriozko ekoizpen ziklo eraginkorragoek dakarten kostu murrizketa.

Berehala agertzen den korapiloetako bat neurtzearena da. Badakigu neurtzen duenak soilik dakiela; neurtzen ez duenak, ustea baino ez du. Baina, nola neurtu jarduera batek duen eragin globala? Ez da langintza erraza, ez horixe. Hain da horrela, ezen neurketa sistema diseinatzea bera da lorpen zientifiko bat. Eta orain agertzen da produktuaren ingurumen aztarnaren kontzeptua.

ingurumen inpaktuaIrudia: Produktuaren ingurumen aztarna kalkulatzea ez da beti erraza, adibidez, altzairuan, gauzak korapilatu egiten dira. (Iturria: Pixabay.com)

Gure lantegietatik irteten diren produktuen guztizko ingurumen inpaktua kalkulatzeko metodologia bat da Europar Batasunaren Produktuaren Ingurumen Aztarna (PIA). Horren helburua da produktuei buruzko informazio fidagarria eta konparagarria eskaintzea, merkatu jasangarriagoa sustatzeko. Arauari buruzko lanketak 2011n abiatu ziren, orduan aztertu baitziren aurretik zeuden metodologiak.

Zenbait irizpide oinarritzat hartuz, ondasun batek, produktu industrial edo zerbitzu batek bere bizialdi osoan duen ingurumen inpaktua zenbatesteko balio du PIAk. Helburu orokorra da jarduketa ildoak ezartzea haien ingurumen inpaktua murrizten saiatzeko, hornikuntza kateko jarduera guztiak kontuan hartuta (lehengaien erauzketatik hasi eta azken hondakinen kudeaketaraino, tartean ekoizpena eta erabilera daudelarik).

Produktuaren ingurumen aztarna oro Produktuaren Ingurumen Aztarnako Kategoria Arauetan (PEFCR ingelesez) oinarritzen da; horiek, bada, gida tekniko zehatz bat ematen dute produktu kategoria bakoitzean ingurumen aztarnaren azterketa nola egin azaltzeko. PEFCR arauak ingurumen aztarnaren gaineko orientazio metodologiko orokorraren osagarri dira: produktuaren zehaztapen gehiago eman, eta azterketen koherentzia eta erreproduktibitatea ziurtatzen dute.

Teoria ongi dago, baina hori praktikan jarri nahi izaten denean, adibidez, altzairuan, lurraldean eta energian inpaktu handia duen material hain intentsiboan, gauzak korapilatu egiten dira, eta ez gutxi ere. Enpresa bakar baten jarduketa gainditzen duen zerbait da hori. Horregatik, adibidez, Siderex Euskadiko siderurgiaren klusterra ari da HAMBEMET proiektua gidatzen: eskala handiko proiektu bat, PIA zenbatesteko lehendik dagoen (eta Europar Batasunaren gidalerroetan oinarritzen den) metodologia hori egokitzeko Arania bezalako enpresa historikoen produktu hiperespezializatuetarako.

Baina PIA soilik ez da nahikoa. Osatu egin behar da enpresaren jarduerak bere osotasunean duen karbono aztarnaren zenbatespenarekin, ingurumen inpaktu orokorraren ideia bat eduki ahal izateko. Neurketa gehigarri hori, adibidez, Jatorri Berriztagarriaren Bermearen kudeaketaren bitartez lortzen da.

Nola jakin kontsumitzen den energiaren jatorria zein den? Hori kausitzeko adostu zen nazioarteko hitzarmen bat, urtebetean ingurumen faktorea ziurtatzeko gai den akordioa: Elektrizitatearen Jatorriaren eta Etiketatzearen Bermea. Hornidura elektrikoaren kantitate jakin baten ekoizpena energia berriztagarrien eta kogenerazioaren bidezkoa dela egiaztatzen duen ziurtagiriak dira jatorri berriztagarriaren bermeak.

Berme horren bitartez, enpresa batek informazio zehatza eman diezaieke bere bezeroei, jasotzen duen energiaren jatorriari eta bere produkzioak ingurumenean duen inpaktuari buruz. Jatorri ez-fosiletatik sortutako energia esan nahi du jatorri berriztagarrikoa izateak: energia eolikoa, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidroelektrikoa, biomasa…

Horrelako kontuez arduratzen dira etorkizunean lehiakorrak izateko asmoa duten enpresetako goi mailako arduradunak.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tokian tokiko jarduera: siderurgiaren ingurumen inpaktua neurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu dituzte

lun, 2021/09/06 - 09:00

UPV/EHUn egindako azterlan batean, indize bat definitu dute hiriko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko (jariatze-urak atxikitzea, airea araztea eta ingurunea hoztea), eta etorkizuneko plangintza-prozesuetako helburu espezifikoak zehazteko. Bilbon aplikatu dute metodologia, eta, emaitzen arabera, lehentasuna eman behar zaie Abando eta San Frantzisko auzoei.

Hiri-garapenari lotutako inpaktuak eta presioak murrizten laguntzen dute hiriko ekosistemek. Hirietako gizarteak hain beharrezko dituzten ekosistema naturaletatik urruntzen ari direnez, inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako, eta azpiegitura berdea —hiriko espazio berde eta urdinez osatua— ondorio garrantzitsuak ari da eragiten hirien etorkizunerako, naturaren eta pertsonen arteko zubi  garrantzitsua baita. Eremu naturalen eta erdinaturalen sare estrategikoki planifikatuak dira azpiegitura berdeak, eta ekosistema-zerbitzu ugari (pertsonek naturatik eskuratzen dituzten onurak) eskaintzeko diseinatu eta kudeatutako ingurumen-ezaugarriak dituzte.

hiri-ekosistemakIrudia: inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako. (Argazkia: javierAlamo – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“Aisialdirako eta olgetarako guneak izateaz gain, berdegune batetik hurbil egoteak ongizatea sentiarazten baitu, hiriko azpiegitura berdeek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak ere eskaintzen dituzte, hala nola airea arazten dute, hiriko tenperatura erregulatzen edo jariatze-urak atxikitzen —dio Beatriz Fernández de Manuel UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako ikertzaileak—. “Hiriguneetako berdeguneak, parkeak eta eremu ‘naturalenak’ hobeto kudeatuz, hirietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetu daiteke”.

Oro har, hiri-gainazal iragazgaitzek mesede egiten diete prezipitazioek eragindako azaleko jariatze-urei; izan ere, landarez osatutako estalki trinkoa duten hiri-berdeguneek jariatze-urak atxikitzeko eta iragazteko gaitasun handiagoa dute, eta uholdeak prebenitzeko baliabide naturala dira. Gainera, halako eremuek airea arazteko ahalmena ere handitzen dute, landare-estalkiak eragina baitu kutsatzaileak xurgatzeko, sakabanatzeko eta/edo metatzeko prozesuan. Landarediak inguruko airearen tenperatura ere murriztu dezake, zuhaitzen adaburuen azpian itzala sortzen baita eta egunean zehar ebapotranspirazioa gertatzen baita.

Hiri-mota guztietarako balio duen indizea

Beatriz Fernández de Manuel ikertzaileak hiriko azpiegitura berdearen eraginkortasunaren adierazle berri bat proposatu du, ekosistemen zerbitzuen ebaluazioan oinarritua: “Indize horrek aukera ematen du gaur egun udalerriek duten azpiegitura berdearen kalitatea ebaluatzeko, edo azpiegitura berdearen elementu berriak planifikatzeko udalerrietako hirigintzan”. Ikertzaileak azpimarratzen du garrantzitsua dela arlo horretan eragiteko lekuak lehenestea.

Aipatutako hiru zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak aztertu dituzte ikertzaileek Bilbon, hiriko auzuneen mailan, eta “emaitzek erakusten dute desoreka nabarmena dagoela azterketa-eremuko zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren artean”, dio Fernández de Manuelek. Zer eremutan esku hartu behar den eta zer jarduera proposatzen duten jakinarazi diote Bilboko Udalari jada. Ikertzaileak bereziki azpimarratzen ditu Abando eta San Frantzisko auzoetako desorekak.

Hala ere, “indizea Europako zein Euskadiko edozein udalerritako edozein auzotan aplika daiteke, auzo-eskalara egokituta baitago. Hiri baten barruan, auzoen ezaugarriak desberdinak izan daitezke, eta, gainera, kontuan hartu behar da auzo bakoitzeko biztanleria zein den”. Ikertzaileen asmoa da “zerbitzu ekosistemiko gehiago ikertzen jarraitzea; izan ere, udalerrietako espazio berde eta urdinek hiru zerbitzu baino gehiago eskaintzen dituzte, adibidez, karbono-metaketa, klima-aldaketa arintzen laguntzen duena; olgeta-zerbitzua, han bizi diren pertsonen aisialdia bultzatzen duena, etab. Horien guztien ebaluazioak egiteko metodologiak garatzen jarraituko dugu”, esan du.

 

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Hiriko azpiegitura berdeak hobetzeko jarduerak eta eremuak lehenesteko indize bat proposatu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Fernández de Manuel, B., Peña, L., Ametzaga, I., Onaindia, M. (2020). Gida praktikoa ekosistemen zerbitzuak lurralde- eta hirigintza- plan eta -programen formulazioan integratzeko. Universidad del País Vasco (UPV/EHU). Leioa, España. ISBN: 978-84-1319-238-3.

The post Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #363

sam, 2021/09/04 - 09:00

Burmuina gazte eta abila jarraitzen izan dadin sistemak iragartzen dira han hemen.“Brain training” delakoa, bideojoko baten izena hartzen duena. Baina ez du funtzionatzen: Brain training does not improve cognition Rosa García-Verdugoren.

Arautu barik dago espazioa. Zaborrez eta satelite pribatuez beteta dago eta gau zerua ez da izan beharko litzatekeena. It’s not too late to save the night sky, but governments need to get serious about protecting it Samantha Lawler eta Aaron Boley.

Las Vegasko kasino baten fatxadaren, zein autobus baten karrozeriaren forma har ditzaketen material malguak behar dira eguzki energia garatzeko. Material horiek, ziur aski, organikoak izango dira eta, seguruenik, egitura kristalino zehatzen araberakoa izango da haien errendimendua. DIPCren Polymorphism in non-fullerene acceptors for organic solar cells.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #363 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Itziar Irakulis, ingeniari geomatikoa: “Alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela”

ven, 2021/09/03 - 09:00

Itziar Irakulis Loitxate Etxanoko baserri batean jaio zen, eta beti egon da naturaz inguratuta. Hala, behatzeko, esperimentatzeko eta jakin-mina asetzeko aukerak izan ditu, eta etxekoek ere ikertzera bultzatu dute. Eskolan ere, zientzietako gaiak zituen gustukoen. Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zenean, berriz, zalantza handiak izan zituen, ia karrera guztiak gustatzen baitzitzaizkion.

“Oso zaila egin zitzaidan aukeratzea. Nire joera natura-zientziak ziren, baina marrazketa teknikoan, matematiketan eta fisikan ere ona nintzen, eta, beraz, ingeniaritzek ere erakartzen ninduten. Azkenean, Geomatika eta Topografia Ingeniaritzako Gradua aurkitu nuen. Natura-zientzien zati bat du (geologia, meteorologia, geomorfologia…), eta beste bat ingeniaritzakoa (matematika, fisika, marrazketa teknikoa…), baita espazioaren esplorazioarena ere (sateliteak eta abar). Ate pila bat zabaltzen zituela iruditu zitzaidan, eta hortik jotzea erabaki nuen”, gogoratu du Irakulisek.

itziar irakulisIrudia: Itziar Irakulis Loitxate, ingeniari geomatiko eta topografikoa.

Erabaki ona izan zela onartu du: “Aukeratu dudan bide honen alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela, eta zientzian, oro har, hala izaten da. Orain Lurraren behaketan nabil, sateliteak erabiliz, eta sateliteen bidez ia dena ikus daitekeenez, arlo asko ikusteko eta haiei buruz ikasteko aukera ematen dit. Hori da ikerketan aritzearen alderik onena: gauza batean jartzen duzu arretan, baina beste asko ere ikasten dituzu aldi berean”.

Haren tesia sateliteen bidezko berotegi-gasen detekzioari buruzkoa da, batez ere, metanoarena, bereizmen handian. Irakulisen ustez, klima-larrialdiarekiko orain ardura handiagoa dago, hasi zenean baino. Orduan, lau talde baino ez zeuden mundu-mailan: Harvardeko talde bat, JPL (NASA), Environmental Defense Fund erakundea eta besteren bat. “Elkarlanean aritzen gara, baina, hain jende gutxi dabil honetan, dena dago egiteko. Berez, ikerketa ondo doa, baina, egia esan, ikusten ari garen isuriak ikaragarriak dira. Gehienak erregai fosilen erauzketan sortzen dira, eta harritzekoa da nola ez duten konpontzen, isuriak izugarri handiak baitira”.

Larrialdi klimatikoari aurre egiten

Irakulisen esanean, isuri horiek ez dira aintzat hartu orain arte, gutxietsi egin dira. “Oraindik lan asko dago egiteko. Duela gutxi argitaratu da nire lehen artikulua, Science Advance aldizkarian, eta AEBko Arro Permiarreko (Permian Basin) isuriei buruzkoa da. Arro horretan egiten AEBko petrolio- eta gas-erauzketa nagusiak, eta bereizmen handiko sateliteak erabili ditugu ikusteko nondik datozen isuriak, eta pila bat detektatu ditugu”.

Emaitza zientifikoak alde batera utzita, gustuko du ikerketa-mundua, nahiz eta garai bereziak egokitu zaizkion. Hain zuzen, iaz hasi zuen doktoretza, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta, handik gutxira, pandemia agertu zen. Beraz, oraindik ez du ikertzailearen bizimodu normala ezagutzerik izan, baina, lan handia duen arren eta lankideekin duen harremana urrunetik den, pozik dago. “Masterra egin aurretik, enpresa batean aritu nintzen lanean, kartografian, eta han geratzeko aukera izan nuen, baina askoz ere erakargarriagoa zait ikertzea. Gainera, larrialdi klimatikoari aurre egiteko zerbait egin dezakedala sentitzen dut, eta horrek asko asetzen nau”.

Bukatzeko, aipatu du bere taldea orekatuta dagoela generoaren aldetik, baina beste taldeetan gizonak nagusitzen direla, nabarmen. “Badirudi sateliteak gizonen kontua direla. Nire ustez, ordea, aberasgarriagoa izango litzateke emakume gehiago egongo balira; ikuspegia osatuagoa izango litzatekeela iruditzen zait”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Irakulis Loitxate Amorebieta-Etxanon jaio zen 1996an. UPV/EHUn Geomatika eta Topografiaren Ingeniaritza gradua egin ondoren, Teledetekzio Masterra egin zuen Valentziako Unibertsitatean. 2020tik doktoretza egiten ari da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, LARS Lur eta Atmosferaren Teledetekzio taldearen barruan.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Itziar Irakulis, ingeniari geomatikoa: “Alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten

jeu, 2021/09/02 - 09:00

Azken urteetan teknologiaren iraultza izugarria gertatu da, bizitzaren erritmoa azkartu eta egoera erosoagoak erraztu dizkigunak. Gizartearen garapen ekonomiko, teknologiko eta industrialak orain arte erregai-fosilen bidez asetzen zen energia-beharra areagotu du; izan ere, erregai fosilen konbustioaren bidez energia kantitate handiak lortzen dira. Baina iturri hauen kontsumoa beraien birsorkuntza baino azkarragoa da eta agortzen ari dira, beraien konbustio prozesuak aldaketa klimatikoaren eragilea den karbono dioxidoa (CO2) atmosferara emititzeaz gain. Egoera honen aurrean, zientzialariok berotegi-efektua murriztu eta energia-beharrak ase ditzakeen CO2-ren birziklapen prozesua garatzea proposatzen dugu.

landareetatikIrudia: Badago prozesu natural bat fotokatalizatzaileak eta eguzki-argia soilik behar dituena: landareen fotosintesia. Beraz, fotosintesi artifizialak arazo hau erregulatu dezake, kontsumo energetiko gehigarririk eta ingurumenean kalterik eragin gabe. (Argazkia: dmarr515 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Urtero gutxienez 32.000 milioi tona CO2 emititzen dira atmosferara eta horietatik 200 milioi baino gutxiago aprobetxatzen dira. Hori dela eta, Carbon Capture and Storage (CCS) teknologiak garrantzia hartu du, karbono dioxidoa jaso eta berrerabiltzeko aukerei ateak zabaldu dizkiolako. Karbono dioxidoa transformatzeko prozesu ugari badaude ere, CO2 molekula apurtzeko tenperatura eta boltaje altuak behar dira, prozesuen kostua handituz eta jasangarritasuna murriztuz. Baina badago prozesu natural bat fotokatalizatzaileak eta eguzki-argia soilik behar dituena: landareen fotosintesia. Prozesu honetan, landareek atmosferako CO2 hartu eta elikagaietan transformatzen dute erreakzio fotokatalitikoen bidez. Beraz, fotosintesi artifizialak arazo hau erregulatu dezake, kontsumo energetiko gehigarririk eta ingurumenean kalterik eragin gabe.

Fotokatalisian aplikagarriak diren material ezberdinak badaude ere, oraindik ez da aurkitu emaitza adierazgarriak eman dituen konposaturik. Horregatik, aurretik ezagunak diren materialak hobetu, edota aplikazio honetarako egokiak diren material berriak diseinatu, sintetizatu eta garatu behar dira. Azken urteotan metal-organic framework (MOF) izeneko konposatu hibridoetan jarri da ikusmira. MOFak funtzionalizatu daitezkeen material kristalino mota berri bat dira, nodo metaliko eta molekula organikoak elkartuz sortutakoak, eta dimentsio bateko, biko edo hiruko koordinazio sareak osa ditzakete. Beraien izaera hibrido horretan dago gakoa: metalak eta ligandoak nahi bezala konbinatu daitezke, material berri eta ezberdinak sortzeko. Hori kimikariontzako abantaila handia da, MOFa propietate jakin batzuk lortzeko diseinatu dezakegulako, metalak eta ligandoak modu egokian aukeratuz. Hori dela eta, material berri hauen aplikagarritasuna oso anitza da. Fotokatalisirako MOF interesgarrienak hiru dimentsiokoak dira arrazoi ezberdinengatik:

1) Egitura porotsuari esker fotokatalisirako gainazal eskuragarria handitzen da. Porositatea aukeratutako metal eta ligandoen arabera moldatu daiteke, poroen tamaina eta forma aldatuz erreaktiboen garraioa errazteko materialean zehar.

2) Eguzki-argiaren espektro ikuskorrean lan egiteko diseinatu daitezke.

3) Baldintza katalitikoak jasateko beharrezkoak diren egonkortasun kimiko eta termikoa erakusten dute.

4) Erreakzioatik erraz banatu daitezke berrerabiltzeko aukera emanez, katalizatzailearen bizitza-denbora luzatuz eta hondakin eta kutsatzaile kopurua murriztuz.

Fotosintesi artifiziala burutzeko gehien ikertu den MOFetako bat NH2-UiO-66 izan da, Osloko Unibertsitatean aurkitutako materiala (UiO = University of Oslo), eta ondorengo eskemako mekanismoa jarraitzen du:

1) CO2 poroetatik difusioaren bidez pasatzean NH2-UiO-66ren gainazalean adsorbatzen da.

2) Fotokatalizatzailea argiarekin irradiatuz aktibatzen da.

3) Ligando-metal karga-transferentzien bidez, nodo metalikoa kitzikatzen da.

4) Nodo metalikoak adsorbatutako CO2 erreduzitzen du eta, aldi berean, erreakzio mediora gehitutako ura oxidatu egiten da CO2-ren erredukzio produktuari hidrogenoak emateko.

5) Karbono dioxidoa erreduzitzean, azido formikoa askatuko litzateke produktu modura.

Iturria:

Huizi-Rayo, Uxua; San Sebastian, Eider; Cepeda, Javier (2020). «CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten»; Ekaia, 37, 2020, 189-209. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20860)
Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten.
  • Laburpena: Gaur egungo energia-beharra dela eta, energia-iturri fosilak agortu eta CO2– isuriak hazten ari dira. Horrek energia-iturri alternatiboekin bultzatutako gizartearen ideiari indarra ematen dio. CO2-emisioen papera klima-aldaketan aski ezaguna da. Horregatik, kutsatzaile horren birziklapenak energia-beharra eta klima-aldaketa erregula ditzakeela pentsatzen da. CO2 eraldatzeko prozesu bat baino gehiago badaude ere, gehienetan tenperatura eta boltaje oso altuak behar dira, erredukzio fotokatalitikoaren kasuan izan ezik. Horrek landareen fotosintesia simulatzen du, baina, prozesuari bere etekin guztia ateratzeko, fotokatalizatzaileak hobetu behar dira. MOFak metalak eta molekula organikoak koordinatuz osatutako material nanoporotsu mota bat dira, adsortzioaren bidez molekula txikiak harrapatu ditzaketen zulo edo kanalak dituztenak. MOFaren diseinu egokiarekin, metalak eta ligandoak ondo aukeraturik, material horiek CO2-aren erredukzio fotokatalitikoa burutzeko gai izan daitezke.
  • Egileak: Uxua Huizi-Rayo, Eider San Sebastian, Javier Cepeda
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 189-209
  • DOI: 10.1387/ekaia.20860

————————————————–
Egileez:

Uxua Huizi-Rayo, Eider San Sebastian, Javier Cepeda UPV/EHUko Donostiako Kimikako Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (5): Perimetroaren bila

mer, 2021/09/01 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bosgarren ariketa: Perimetroaren bila.

Goiko irudia egiteko √12 zentimetroko aldea duen karratu bat 2 zentimetroko erradioa duen zirkulu baten gainean ezarri dugu, biak zentro bera izanik. Zein da irudiaren perimetroa?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (5): Perimetroaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa

lun, 2021/08/30 - 09:00

Eritasun zeliakoa asaldu autoimmune konplexu bat da, eta genetikoki aurrez prestatuta dauden pertsonei eragiten die. Egun, diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egitea beharrezkoa da. Hau prozedura desatsegina izateaz gain, nahiko garestia izaten da. Alde batetik, gaixotasun zeliakoaren sintomatologia duten pazienteei endoskopia egiten zaie, baina kontuan euki behar da sintomak (tripako mina, pisu galera edo anemia, besteak beste) oso arruntak izaten dira, alegia, beste gaixotasun askoren antzekoak. Era berean, gaixotasun zeliakoa garatzeko arrisku handiena ematen duen aldaera genetikoa populazio osasuntsuaren ehuneko handi batean dago. Ondorioz, sintoma eta arrisku genetikoa duten paziente ez-zeliako askori behar ez den endoskopia bat egiten zaie.

gaixotasun zeliakoaIrudia: Listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa da. (Argazkia: Tho-Ge – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Orain, Ikerbasqueko eta UPV/EHUko ikertzaileek, Biodonostia eta Biocruces institutuekin eta Txagorritxu eta Galdakaoko ospitaleekin lankidetzan, burutu berri duten ikerketa batean, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoan laguntzeko metodo ez inbaditzaile bat garatu dute listua erabiliz. Endoskopia horiek ekidin edota murrizte aldera, ikerketa honetan listua erabiliz gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzaile baten garapena posible dela erakutsi dute.

Metodoa garatzeko prozedura

Lehenik eta behin, listuan ere zeliakoen hestean ikusten den inflamazioa ikusteko gai zirela ziurtatu zuten Ainara Castellanos ikerlari nagusiak eta Maialen Sebastian doktoratu aurreko ikasleak. Ondoren, paziente zeliakoen eta paziente kontrolen (hau da, paziente ez zeliako) listu laginetan inflamazioa kuantifikatu zuten. Listu lagin horietan gaixotasun zeliakoaren arrisku genetika ere aztertu zuten. Datu hauekin (inflamazioa eta arrisku genetika) iragarpen formula bat sortu zuten. Azkenik, eredu honen iragarpen ahalmena 100 listu laginetan itsuan frogatu zuten eta lortutako asmatze tasa %73koa izan zen. Gainera, euren iragarpen ereduak %91ko sentikortasuna aurkeztu zuen, hau da, gaixotasun zeliakoa dutenen artean asmatze tasa %91koa izan zen.

Iragarpen ereduak sentikortasun altua du eta beraz, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa baztertzeko egokia izan daiteke. Era berean, gogoratu behar da ereduarekin emaitza onak lortu diren arren ez dela %100 zehatza, eta beraz gaur egungo diagnostiko metodo tradizionala ezin dela guztiz baztertu. Ondorioz, eredu honek zeliakotzat iragartzen dituen pazienteei endoskopia egin beharko zaie. Edozein kasutan ere, metodo hau erabiliz egiten diren endoskopia kopurua asko murriztuko litzateke.

Gainera, konprobatu da, listu lagin berdinean gaixotasunaren arrisku genetika ere aztertu ahal denez, odolean egiten diren proba genetikoen alternatiba ez-inbaditzailea ere izan daitekela, listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa baita.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzailea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sebastian-delaCruz M, Olazagoitia-Garmendia A, Madrigal AH, Garcia-Etxebarria K, Mendoza LM, Fernandez-Jimenez N, Casales ZG, Navarro EdlC, Calvo AE, Legarda M, Tutau C, Irastorza I, Bujanda L, Bilbao JR, Castellanos-Rubio A. (2021). A novel non-invasive method based on salivary inflammatory biomarkers for the screening of celiac disease. Non-invasive diagnosis for celiac disease. Cellular and Molecular Gastroenterology and Hepatology DOI:10.1016/j.jcmgh.2021.05.01

The post Gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna

ven, 2021/08/27 - 09:00

Koordinazio polimeroek (CPs) azken urteetan jasan duten hazkundea ikaragarria izan da material ez-organiko hibridoen arloan. Konposatu hauen karakteristikarik erakargarriena beraien egitura kristalinoa diseinatzeko erraztasuna eta hauek aurkezten dituzten propietate ugariak dira. Egitura horiek eraikitzeko bi osagai beharrezkoak dira: estekatzaileak eta metalak. Estekatzaileak atomo emaileak dituzten molekula organikoak dira eta nodoak metal edo kluster metalikoak (1. irudia).

polimero1. Irudia. Metalen (berdea) eta estekatzaileen arteko konbinaketa sare moduko eraikin kristalinoa osatzen duen koordinazio polimeroa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Esan bezala, konposatu horiek propietate anitzak erakusten dituzte haien egitura hibridoa dela medio, eta horrek hainbat aplikaziotan erabiltzeko gaitasuna ematen die. Horien artean, gehien nabarmentzen den erabilera gas edo molekula txikien (H2, CO2…) adsortzioa da, gas horien biltegiratze edo banaketarako prozesuak goitik behera aldatu dutenak “Metal-Organic-Frameworks” (MOFs) deritzon koordinazio polimeroetan. Bestalde, konposatu horiek beste ezaugarri interesgarri batzuk eskaintzen dituzte hala nola katalisi arloan edo luminiszentzian. Azken horien interesa asko hazi da azken urteetan gailu argitsu hobeak sortu ditzaketelako, aplikazio-esparru anitzak dauzkatenak, hala nola trafiko-seinaletan, pantaila digitalean edo faltsifikazio sistemetan. Halaber, ezaugarri hori konbina daiteke molekula zehatzak detektatu ditzaketen sentsore gisa erabil daitezkeen material berriak sortzeko.

Luminiszentziari materialak argia igortzeko duten gaitasunari deritzo, aldez aurretik energia xurgatu behar izan duelarik. Bi argi igorpen mota bereiz ditzakegu: fluoreszentzia eta fosforeszentzia. Lehenengoaren kasua argi igorpena oso azkarra da, aurrez aurretik xurgatuta energia xurgatu bezain laster bueltatzen dute argi moduan; beraz, energia iturria kenduz gero argia igortzeari uzten diote. Fosforeszentzian berriz, xurgatutako energiaren igorpena argi moduan askoz motelagoa da, igorpenak denboran luzatzea ahalbidetzen duena eta kitzikatze iturria behin kenduta argia igortzen jarraitzen dute. Denboran luzatzeko argi igorpenari iraupen luzeko fosforeszentzia (ingelesez Long-Lasting Phosphorescence, LLP) deitzen zaio.

polimero2. Irudia. Koordinazio-polimero baten argi igorpena kitzikatzearen ondorioz. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Luminiszentzia konposatuaren izaera hibrido metal-organikotik dator, hau da, metalaren eta estekatzailearen ezaugarrien arteko konbinaziotik. Horretarako, metalaren eta estekatzailearen aukeraketa egokia egitea ezinbestekoa da gure konposatuak luminiszenteak izan dezaten. Metalen artean, geruza osoko metalak dira egokienak, hala nola zink (II) edo kadmio (II), biek d10eko konfigurazio elektronikoa dute. Geruza osoa izateagatik, d-d trantsizioetan oinarritutako erlaxazio prozesu ez-erradiatiboak (ez dutenak argirik igortzen) ezin dira eman eta ondorioz igorpen luminiszentea bermatzen du. Horrek esan nahi du beste metal batzuk ere baliagarriak direla koordinazio polimero luminiszenteak eraikitzeko baldin eta geruza osoko metalak baldin badira, hala nola metal-lurralkalinoek. Estekatzailearen aldetik, konposatu organikoak elektroi pare bakartiak dituzten atomoak eduki behar ditu, adibidez oxigeno, nitrogeno edo fosforo atomoak, eta elkarrekintza supramolekularrak sortzen laguntzen dituzten talde funtzionalak, hala nola eraztun aromatikoak edo karboxilato taldeak.

Dena den, konposatu hauek aurreko mendetik ezagunak diren arren, azkenengo hamarkadan hazkunde handia jaso dute bere egituraren natura hibridoa metal-organikoak osagaien konbinaketa mugagabea eskaintzen duelako eta horren ondorioz propietate luminiszenteak egokitzea erraza suertatzen delako. Horrenbestez, molekula adimenduak sor ditzakegu sistema optiko gisa erabiltzeko. Igorpen luminiszenteak dituzten koordinazio-polimeroak aplikazio gutxi batzuetan sustatu badira ere, bere garapena abiapuntuan baino ez dago eta; hortaz, ibiltzeko geratzen den bidean tarte handia dago oraindik ere iraupen luzeagoko argi igorpena erakusten duten material berri eta hobeak sortzeko.

Iturria:

Pajuelo Corral, Oier; Seco, Jose Manuel; Cepeda, Javier (2020). «Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna»; Ekaia, 37, 2020, 159-174. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20840) Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna.
  • Laburpena: Koordinazio-polimero luminiszenteak aurreko mendetik ezagutzen diren arren, izugarrizko hazkundea izan dute aurreko hamarkadatik gaur egun arte, erakusten duten argi-igorpen gaitasun paregabeei esker. Material horiekin, gailu argitsuen arloan belaunaldi berri bat garatzen hasi da, bereziki sentsore gisa edo faltsifikazio-sistemetan erabiltzeko. Material hauen aplikazio gehienek intentsitate handiko igorpenak edota igorpen iraunkorrak izatera behartzen dute. Zentzu horretan, koordinazio-polimeroak aukera egokiak dira, beren izaera metal-organikoa dela eta; haien egitura kristalinoa nahi diren propietate fotoluminiszenteak erakusteko diseina daitezke, horrela eginkizun zehatz batera bideratzeko. Azpimarratzekoa da azken urteotan ikusi egin dela koordinazio-polimeroek iraupen luzeko argi-igorpenak emateko gaitasuna daukatela. Lan honen helburu nagusia da koordinazio-polimero luminiszenteak eta, bereziki, argi-igorpen fosforeszenteak sortzen dituztenak nola eraiki eta haietan gertatzen diren fenomenoak azaltzea.
  • Egileak: Oier Pajuelo Corral, Jose Manuel Seco, Javier Cepeda
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 159-174
  • DOI: 10.1387/ekaia.20840

————————————————–
Egileez:

Oier Pajuelo Corral, Jose Manuel Seco eta Javier Cepeda UPV/EHUko Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko Kimika Ez-organiko Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (4): Auto ibilbidea

mer, 2021/08/25 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure laugarren ariketa: Auto ibilbidea.

Jonek ibilbide bat egin du kotxez. Batez besteko abiadura 55 km/h izan da eta ordu-kopuru oso bat behar izan du ibilbidea egiteko. Hasieran, kilometro-kontagailuak abc markatzen zuen, a ≥ 1 eta a + b + c ≤ 7 izanik. Amaieran, cba irakurri du Jonek kontagailuan. Zein zen hasierako abc zenbakia?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

 

Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (4): Auto ibilbidea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak

lun, 2021/08/23 - 09:00

Zanbranako (Araba) paisaia subtropikalean orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen (sasizaldi) beste bi espezie ezezagunak deskribatu ditu UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak. Leire Perales-Gogenolak zuzendutako ikerketa honi buruz Journal of Vertebrate Paleontology nazioarteko aldizkariak artikulu bat argitaratu du duela gutxi. Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni izendatu dituzte espezie berriak, Miguel Ángel Cuesta eta Jens Lorenz Franzen paleontologoen omenez (lehendabizikoa Palentzian sortua, eta bigarrena, berriz, Bremengoa; biak ere Europako Eozenoan adituak).

Gaur egun, ugaztun hipomorfoen (edo ekuoideoak) barruan genero bakar bat (Equus) eta zaldi, asto eta zebra espezie gutxi batzuk baino ez daude, baina Eozenoan (duela 56-33,9 milioi urte bitarte) aniztasun handiagoa zegoen. Paleoteridoak izan ziren Europan gehien hedatutako taldeetako bat –garai hartan Europa artxipelago bat zen–. Montmartreko (Paris) harrobietan topaturiko fosiletatik abiatuta, George Cuvier naturalista frantses ospetsuak 1804an deskribatutako Palaeotherium generotik datorkie izena.

sasizaldi espezie ezezagunak1. irudia: Duela 37 milioi urteko Zanbrana lakuaren ertzaren xehetasuna (Araba). Ezkerrean, Leptolophus cuestai motako paleoterido berria, eta erdian eta eskuinean, beste perisodaktilo ekuoideo bat, Pachynolophus zambranensis. (Argazkia: Paleoilustrazioa, Ulises Martínez Cabrera. Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Europako artxipelagoan, paleoteridoen (edo sasizaldien) dozena erdi genero baino gehiago zeuden, erdiak baino gehiago endemikoak Iberiar uhartean, eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izaniko krisi klimatiko-biologikoan (Stehlinen Grande Coupure edo Eten Handia ere esaten zaio) desagertu ziren. Gorputzaren itxura aintzakotzat harturik, paleoteridoak egungo zaldien antzekoak ziren, baina txikiagoak. “Imajinatzen duzue fox terrierraren, dogo alemaniarraren eta asto baten neurriko hiru behatzeko zaldiak Arabako paisaia subtropikal batean? Sasizaldi horietako asko Zanbranako aztarnategian deskribatu dira –zehaztu du Ainara Badiola doktore eta ikertaldeko kideak–. Adibidez, Pachynolophus zambranensis eta Iberolophus arabensis espezieak kokagune paleontologiko horretantxe definitu ziren lehenbizikoz”.

Orain arte ezagutzen ez ziren espezie horien hortzen ezaugarri atipikoek pentsarazten dute eremu iberiarrean ingurumen baldintzak desberdinak zirela Europako erdialdekoekin alderatuta. Baita areagotu egiten dute paleoteridoen faunen erregistro fosila eta biodibertsitatea. “Atzeko haginek koroa oso altua dute, eta zementuzko geruza lodi batez estalita daude. Hortz mota hori beste paleoterido iberiar batzuetan ere ageri da, eta litekeena da eremu iberiarraren eta Europa erdialdearen arteko ingurune-baldintzen diferentziaren adierazgarri izatea: Iberia aldean baldintza idorragoak edo baso ez hain itxiak, eta eremu irekiagoak izatea”, azaldu du Perales-Gogenolak.

Europan, baso intertropikalak galduz joan ziren Eozeno amaieran, eta bide eman zieten landare komunitate epelagoei, eremu irekiagoei. Zaldi modernoak edo ekidoak gerora agertu ziren Europan, Miozenoan (23-5,3 milioi urte). Haien hortzek koroa oso garaiak dituzte, eta egokiturik daude silize askoko landaredian bazkatzeko (larreak). Zanbranako (Araba) goi Eozenoko aztarnategiko Leptolophus cuestai espezie berriaren atzeko haginek ere ohi baino koroa altuagoak dituzte, Europako lehen ekidoetako batzuen antzekoak.

Interes paleobiologikoaz gainera, Zanbranako ugaztunen askotariko fosilek –primateak, karraskariak, martsupialak, haragijaleak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak– informazio berria ematen digute Europan eta gure inguruan denbora geologikoan izaniko klima eta ingurumen aldaketei buruz.

Gaur egun, UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldea paleoteridoen material gehiago deskribatzen ari da, eta litekeena da perisodaktilo ekuoideoen artean ezohiko hortz ezaugarriak dituzten genero eta espezie berriak deskribatzea.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak

Erreferentzia bibliografikoa:

Leire Perales-Gogenola, Ainara Badiola, Asier Gómez-Olivencia & Xabier Pereda- Suberbiola. (2020). New Leptolophus (Palaeotheriidae) species from the Iberian Peninsula and early evidence of hypsodonty in an Eocene perissodactyl. Journal of Vertebrate Paleontology. DOI:10.1080/02724634.2021.1912061

The post Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Biomarkatzaile berrien identifikazioa giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako

ven, 2021/08/20 - 09:00

Giltzurrun gutxiegitasun kronikoa (GGK) da arazo funtzional zein estrukturalen ondorioz giltzurrunek bere zeregina betetzeko duten gaitasunaren galera. GGKaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, eta hori dela eta, populazio-talde horietan morbilitate eta heriotza-tasak handiak dira. Ildo horretan, esku-hartze terapeutiko eraginkorra lortzeko, diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. Egun, gaixotasunaren diagnostikoan serumeko kreatinina biomarkatzaile klasiko bezala erabiltzen bada ere, faktore anitzek kreatininaren kontzentrazioa aldatzea eragin dezakete. Hori dela eta biomarkatzaile honek sentikortasun mugatua du, bereziki gaixotasunaren lehenengo faseetan. Hortaz, diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea lortzeko biomarkatzaile berriak aurkitzeko beharra dago GGK pairatzen duten paziente pediatrikoetan.

Metabolomika lagin biologikoen profil metabolikoaren azterketa sistematikoaren bidez biomarkatzaile berriak aurkitzea ahalbidetzen duen tresna da, 1500 Da arteko molekula txikiak helburu dituena. Kontrol-taldearen eta talde gaixoaren arteko profil metabolikoen konparaketan zenbait metabolitoren kontzentrazioen igoera edo jaitsiera identifika daiteke, eta hortaz, metabolito horietako batzuk biomarkatzaile bezala erabili daitezke.

Giltzurrun gutxiegitasunIrudia: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, beraz diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. (Argazkia: Wagner Souza e Silva – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)

Lan honetan bi estrategia erabili dira haurretan gertatzen den GGKaren diagnostiko azkarra ezartzeko: metabolomika bideratua (edo targeted) eta metabolomika ez-bideratua (edo untargeted). Ikerlan hauetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jasotako GGK zuten haurren eta haur osasuntsuen plasma erabili da.

Metabolomika bideratua bide metaboliko, entzima sistema edota talde metaboliko jakinekin erlazionatuta dauden eta aldez aurretik definitutako metabolito ezagunen determinazioan eta kuantifikazioan oinarritzen da. Kasu honetan, analizatzen diren konposatuak ezagunak direnez, laginaren tratamendua oso espezifikoa da eta analisiak sentsibilitate ahalik eta handiena izateko diseinatzen da. Aurretik egin diren ikerketetan oinarrituz, urearen zikloan, argininaren metilazioan eta arginina-kreatina bide metabolikoetan parte hartzen duten 16 aminoazido, aminoazidoen eratorri eta erlazionatutako metabolito ezberdinak GGK duten haurren eta kontrolen plasman analizatzeko helburua planteatu da. Horretarako, metabolomika metodo bideratu bat garatu eta balioztatu da, likido kromatografia-masa espektrometria bidez kuadrupolo-hegaldi denbora analizatzailearekin (LC-QTOF). Gurutzetako haurren plasma laginak analizatu eta emaitzak aldagai anitzeko analisi estatistikoaren bidez aztertu eta gero, GGK zuten pazienteen plasman kreatinina, zitrulina, S-adenosilmetionina eta dimetilarginina simetrikoaren kontzentrazioa altuagoa dela ikusi da. Hortaz, azken hiru metabolito hauek biomarkatzaile berri posibletzat hartu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera.

Metabolomika ez-bideratuaren helburua, ordea, jatorri desberdineko lagin taldeen artean ahalik eta metabolito gehienen konparazioa egitea da, inongo aldez aurretikako hautaketarik gabe, bi taldeen artean esanguratsuak diren metabolitoak soilik identifikatzeko. Kasu honetan, lan fluxua ondorengoa izaten da: laginen prestaketa eta bereizmen altuko masa espektrometria ekipoen bitarteko analisia (QTOF erako ekipoak, kasu), datuen prozesamendua, analisi estatistikoa edo kimiometrikoa eta azkenik, adierazgarriak diren metabolitoen identifikazioa, datu baseen eta kandidatuen estandarren analisiaren bidez. Gurutzetako haur osasuntsuen eta GGK pairatzen zuten haurren plasmak LC-QTOF teknikaren bidez konparatu eta gero, 232 entitate ezezagun lortu dira. Analisi kimiometrikoaren bidez entitate murrizketa egin eta gero, GGK duten haurren eta haur osasuntsuen metabolomen artean estatistikoki desberdinak diren 5 entitate aurkitu dira. Azkenik, bost metabolito horien artean lau identifikatzea posible izan da datu-baseak eta estandar analitikoak erabiliz: n-butirilkarnitina, cis-4-dezenoilkarnitina, bilirrubina eta esfingosina-1-fosfato.

Ikerketa metabolomiko bideratu eta ez-bideratu hauen emaitzak batera hartuta, kreatinina biomarkatzaile klasikoaz gain beste zazpi biomarkatzaile berri proposatu dira GGK duten haurren diagnostiko goiztiarra egitea ahalbide lezaketenak. Etorkizunera begira, zazpi biomarkatzaile horiek GGK duten haurrak eta haur osasuntsuak bereizteko esanguratsuak diren egiaztatzeko populazio pediatriko ezberdin eta zabalago bat ikertzea proposatzen da.

Iturria:

Benito, Sandra; Unceta, Nora; Sánchez-Ortega, Alicia; Gómez-Caballero, Alberto; Goicolea, M. Aránzazu; Barrio, Ramón J. (2020). «Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako»; Ekaia, 37, 2020, 65-81. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20859)

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako.
  • Laburpena: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren (GGK) ebaluazioa egiten da iragazpen glomerularraren tasaren (IGT) bidez, eta kalkulatzen da serumeko kreatininaren kontzentrazioan oinarritutako ekuazioen bidez. Hala ere, serumeko kreatinina kontzentrazioa hainbat faktoreren arabera alda daiteke, eta horrek GGKaren diagnostikoa arriskuan jar dezake, bereziki gaixotasunaren fase goiztiarrenetan. Haurretan GGKak, arazo metaboliko eta kardiobaskularrez gain, garapen-arazoak eta malnutrizioa eragiten ditu. Haur osasuntsuekin alderatuta, zailtasun horiek 30 aldiz handitzen dute heriotza-tasa GGkaren fase aurreratuenetan dauden haurretan. oro har, gaixotasun jakin baterako biomarkatzaileen presentziak diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea ahalbidetzen dute. Hori dela eta, GGK pairatzen duten helduetan ikerketa integrala egin da biomarkatzaile berriak topatzeko, baina populazio pediatrikoan ikerlanak oraindik oso mugatuak dira, eta biomarkatzaile berrien beharra dago. Helburu horrekin, haur osasuntsuen eta GGK pairatzen duten haur gaixoen arteko profil metabolikoen konparazioa egin da, metabolomika bideratu zein ez-bideratuak aplikatuz. Ikerketaren ondorioz, GGK pediatrikoaren detekzio goiztiarrean erabilgarri izan daitezkeen zazpi metabolito berri aurkitu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera. Metabolito horiek, kreatininarekin batera erabiliz, kreatinina soilaren erabilerarekin ez bezala, haur gaixoak eta osasuntsuak bereiztea ahalbidetzen dute.
  • Egileak: Sandra Benito, Nora Unceta, Alicia Sánchez-Ortega, Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 65-81
  • DOI: 10.1387/ekaia.20859

————————————————–
Egileez:

Sandra Benito, Nora Unceta, , Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea eta Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira

Alicia Sánchez-Ortega UPV/EHUko Lascaray Ikerguneko Analisirako Zerbitzu Zentralekoa da

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Biomarkatzaile berrien identifikazioa giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (3): Triangelu koloredunak

mer, 2021/08/18 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure hirugarrenn ariketa: Triangelu koloredunak.

Zenbat triangelu egin daitezke hiru erpinak kolore bereko puntuetan hartuta?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

 

Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (3): Triangelu koloredunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta

lun, 2021/08/16 - 09:00

UPV/EHUko Lactiker – Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikerketa-taldeak egiten dituen ikerketen artean, nabarmena da artzaintzan oinarritutako Idiazabal gazta ekoizpen-sistemarekikoena. Honek diziplina anitzekoa da. Besteak beste, gaztaren kalitate teknologiko, nutritibo eta sentsorialean zuzenean eragiten duten ekoizpeneko prozesu biokimiko, mikrobiologiko eta teknologikoen karakterizazioan egiten du lan; bai eta higiene- eta osasun-segurtasunean ere, helburu izanik kalitate eta segurtasun handiko produktua lortzeko behar den informazioa helaraztea ekoizpen-sektoreari. Baita ekoizpen-sistemaren gaur egungo ahuleziak artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari dela pixkanaka, adibidez

Taldeak 25 urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean, eta Idiazabal jatorri-deiturako gazta-ekoizpenaren alderdi guztiak aztertu ditu. Taldearen beste ekarpen zientifiko nagusietako bat izan da “Idiazabal gaztaren ezaugarri sentsorialak zehaztea, karakterizatzea eta parametrizatzea, berez ezagutzen dugun bezala ezagutzeko”, azaldu du Luis Javier R. Barrónek, Lactiker taldeko ikertzaile nagusiak. Horretarako, UPV/EHUko Zentzumen Analisiaren Laborategiarekin (LASEHU) lankidetzan ari dira. Laborategi hori Idiazabal gaztaren kalitate sentsoriala kontrolatzeko ziurtatuta dago, eta han aztertzen dute “gaztek Idiazabalgo baldintza sentsorialak betetzen dituzten. Desberdintasun sentsorialak daude gazta batzuetatik besteetara, eta horrek adierazten du ekoizleek askotariko usain-, zapore- eta testura-ñabardurekin egiten dutela gazta; eta horri guztiari balio handia ematen dio kontsumitzaileak”, erantsi du.

Idiazabal gazta1: irudia: Gazta egiteko parametroen kontrola araututa dago, baina ez da modu automatizatuan egiten, beraz, esan daiteke gaztandegi txikietan egindako gaztak egile-produktuak direla. (Argazkia: AnthonyArnaud – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ezagutzaren transferentziaren garrantzia

Taldea Idiazabal gazta egiten duten artisau-gaztandegi txikiekin aritzen da lankidetzan. “Gaztandegi horietan erabakigarria da gaztagilearen zeregina; izan ere, gazta egiteko parametroen kontrola araututa dago, baina ez da modu automatizatuan egiten. Esan daiteke halako gaztandegi txikietan egindako gaztak egile-produktuak direla”, azaldu du UPV/EHUko katedradunak.

Berriki egindako azterlan batean, gazta egiteko baldintzen eta gazuraren propietateen eta lortutako gaztaren propietateen arteko erlazioak ikertu dira, gaztaren errendimendua hobetzeko eta produktuaren kalitateari eusteko helburuarekin. Ikertzailearen arabera, lortutako emaitzak “lagungarri izan daitezke koagulazioko eta gazura kentzeko prozesuetan jarraibide espezifikoak ezartzeko, eta, hala, Idiazabal gazta artisauaren ekoizpen-prozesua hobetzen lagundu dezakete”. Lactikerrek berriki egin duen beste azterlan batek balio izan du aztertzeko zer neurritan eragiten duten ingurumen- edo teknologia-baldintzek haraneko edo mendiko gaztandegietan ekoitzitako ardi-esne gordinezko gazten bereizketa sentsorialean.

Lactiker taldeak, artisau-gaztandegi txikiekin lan egiteaz gain, jatorri-deiturarekin eta ekoizle-elkarteekin ere lan egiten du, hala nola Artzai-Gazta elkartearekin. Ane Aldalur doktoreak egindako doktorego-tesiaren emaitza gisa, gaztandegi txikiei zenbait gomendio ematen dizkien triptiko bat argitaratu eta banatu du taldeak: “Gure ustez, gaztagileentzat lagungarri izango da, fabrikazio-prozesua hobeto kontrola dezaten. Guk gaztagileengandik ikasten dugu, eta haiek gugandik. Haiek dute gazta egiteko esperientzia, eta guk zergatiak eta hobekuntza posibleak bilatzen ditugu, baita arazo batzuk nola konpondu ere”, esan du taldeko ikertzaile nagusiak.

Idiazabal gazta2. irudia: Europako eta Mediterraneoko, beste herrialde batzuetako eremu askotan gertatzen ari den bezala, artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari dira pixkanaka (Iturria: Pixabay)

Era berean, Lactiker taldeak zenbait urte daramatza elikagaiak ekoizteko sistemen (bereziki artzaintzan oinarritutakoen) jasangarritasuna ebaluatzeko helburu nagusia duen ikerketa-lerro batean lanean. Beste ikerketa-talde batzuetako lankideekin ari da lan hori egiten. Artzaintzan oinarritzen diren sistemen jasangarritasuna ebaluatzeko moduak bilatzen dituzte; jasangarritasuna ekonomian, ingurumenean, elikagaien kalitatean eta segurtasunean, gizartean, kulturan eta abarretan oinarritzen dena. Ikertu behar dute ea epe ertain edo luzera sistema horiek jasangarriak izango diren bizi dugun mundu globalizatu honetan. Gaztandegi txikiek jasangarriak badira egin ahal izango dute aurrera. Eta hori ere gizarteari helarazi behar zaio. Arazo eta zailtasun ugari daude, baina esanguratsuenetako bat —eta Europako eta Mediterraneoko beste herrialde batzuetako eremu askotan gertatzen ari dena— da artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari direla pixkanaka: larratzen diren ardien esnetik ez datorren gazta egiten bada, Idiazabal gaztak gaur egun dituen ezaugarri eta propietateak izateari utziko dio, eta pixkanaka galduko dira artzaintzak landa-eremuko ingurumenari, biodibertsitateari, kulturari eta garapenari eragiten dizkion ondorio positiboak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta

Erreferentzia bibliografikoa

Ane Aldalur, María Ángeles Bustamante, Jesús Salmerón and Luis Javier R. Barron. (2021). Relationships between cheese-processing conditions and curd and cheese properties to improve the yield of Idiazabal cheese made in small artisan dairies: A multivariate approach. Journal of Dairy Science DOI:10.3168/jds.2020-18926

Gustavo Amores, Francisco José Pérez-Elortondo, Marta Albisu, and Luis Javier R. Barron. (2021). Short communication: To what extent do environmental or technological conditions affect the sensory differentiation of raw ewe milk cheeses produced in valley or mountain farms? Journal of Dairy Science DOI:10.3168/jds.2020-18358

The post Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

CO2-aren erabilera, negutegi-efektua murrizteko estrategia

ven, 2021/08/13 - 09:00

Asko izan dira azken hamarkadetan munduan egin diren aurrerapenak, eta horiei esker bizi-kalitatea hobetzeaz gain, bizi-itxaropena ere luzatu egin da. Hala ere, demografiaren eta industriaren hazkundearen ondorioz, kontsumoa ere areagotu da, eta horrek, ingurumenaren kaltetan, hondakinen eta kutsatzaileen gorakada ekarri du. Gero eta nabariagoak dira Lurrak pairatzen dituen kalteak. Erregai fosilen inguruan garatu den industriak eta gizarteak, erregai hauek erabiltzeak dakartzan arazoei aurre egin behar die.

Negutegi efektuaren eragile diren gasen artean ugariena da karbono dioxidoa. Konposatu egonkorra da eta, beraz, denbora luzez atmosferan iraun eta metatzen da, Lurraren tenperatura igoaraziz. CO2-ak jatorri naturala izan dezakeen arren (jarduera bolkanikoa, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoak (erregai fosilen errekuntzak, alegia) bilakatu du klima-aldaketaren eragile nagusia. Beraz, klima-aldaketa arintzeko ezinbestekoa da CO2-aren isurketak murriztea.

negutegi-efektuaIrudia: CO2-aren eliminazio biologikoa landare berdeek edo algek egindako fotosintesian oinarritzen da. Prozesu horretan, klorofilak eguzkitiko argia hartzen du, eta CO2 eta ura eraldatzen ditu, karbohidratoak ekoitziz. (Argazkia: photosforyou – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Helburu hori betetzeko Carbon Capture and Utilization teknologia (CCU, CO2-aren bahiketa eta erabilera) lagungarria izan daiteke. Horretan, lehenengo urratsa energia-planta edo industrietan sortzen den CO2 bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. Ondoren, industrialki erabiliko duten instalazioetaraino garraiatzen da, eta bertan produktu komertzial bilakatzen da. CCU teknologien abantaila nagusia CO2-aren erabilera jarduera errentagarria bihurtzea da, hondakinetatik abiatuz lortutako produktuak sal daitezkeelako.

CCU teknologiak bi taldetan sailka daitezke CO2-ari dagokionez: a) inolako aldaketarik jasan gabe zuzenean erabiltzen dutenak (zuzeneko erabilera); b) lehengai modura erabiltzen dutenak, zenbait produktu ekoizteko (eraldatu ondorengo erabilera).

a) Zuzeneko erabilera

CO2-aren zuzeneko erabilerari dagokionez, hurrengo aukerak daude:

  • Injekzioa, ustiatze-etekina hobetzeko. EOR (Enhanced Oil Recovery) eta ECBM (Enhanced Coal Bed Methane) izeneko prozesuetan. Lehenengoan, CO2-a petrolioaren erauzte-etekina handitzeko erabiltzen da, petrolio-hobietan. ECBM izeneko prozesuan, aldiz, ikatz-hobi ustiaezinetako gas naturala erauzteko.
  • Sistema geotermikoak. Energia geotermikoa berreskuratzeko sistemen etekina hobetzeko ere erabiltzen da CO2, uraren ordez, EGS (Enhanced Geothermal Systems) izeneko sistemetan.
  • CO2 uretan disolbatutako solidoak kentzeko erabil daiteke, edateko ura ekoizteko edo hondakin-urak arazteko.
  • Zenbait industriak zuzenean erabiltzen dute CO2. Gainazalak garbitzeko edota elikagaien eta edarien industrian. Azken hauetan ugariak dira CO2-ak dituen aplikazioak: karbonatazio-agentea, kontserbagarria, disolbatzailea, usainak eta kafeina kentzeko, ontziratzeko gasa. Bestalde, industria farmazeutikoan ere erabil daiteke, botikak ekoizteko bitarteko gisa.

b) Eraldatu ondorengo erabilera

CO2 hondakin moduan hartu beharrean, lehengai modura erabil daiteke, erregaiak eta zenbait produktu kimiko ekoizteko. Hala ere, CO2-ak iturri petrokimikoak ordezka ditzakeen arren erregaiak eta produktu kimikoak ekoizteko, muga garrantzitsuak daude, nagusia CO2 molekularen egonkortasun handiarekin lotuta egonik. Teknologia hauen artean hurrengoak ditugu:

  • Algen hazkundea (eraldaketa biologikoa). Biomasa energia-iturri berriztagarritzat hartzen da, denbora-tarte labur samarrean ekoitzi daitekeelako, iturri fosilekin alderatuz. CO2-aren eliminazio biologikoa landare berdeek edo algek egindako fotosintesian oinarritzen da. Prozesu horretan, klorofilak eguzkitiko argia hartzen du, eta CO2 eta ura eraldatzen ditu, karbohidratoak ekoitziz.
  • CO2 kantitate handiak finka daitezke karbonatazio minerala izeneko prozesua erabiliz. Karbonatazioan, CO2-aren eraldaketa naturala edo artifiziala ematen da karbonatoak ekoizteko.
  • Produktu kimikoen eta erregaien ekoizpena (eraldaketa kimikoa). CO2 lehengai modura erabil daiteke balio erantsiko produktuak ekoizteko, bai produktu kimikoak zein erregaiak. Prozesu hauek katalizatzaileen beharra dute, eta egoera idealean, energia iturri berriztagarrietatik lorturiko energia erabiliz, CO2 atmosferara isurtzea ekiditen da. Teknologia hauek egungo errekuntza-ondorengo CCS (Carbon Capture and Storage) teknologien jarraian erantsi daitezke.

Iturria:

Ateka, Ainara; Portillo, Ander ; Sierra, Irene ; Ereña, Javier (2020). «CO2-aren erabilera, berotegi-efectua murrizteko estrategia»; Ekaia, 37, 2020, 257-270. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20905) Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 37
  • Artikuluaren izena: CO2-aren erabilera, berotegi-efectua murrizteko estrategia.
  • Laburpena: Gero eta arreta handiagoa eskaintzen ari zaio erregai fosilen errekuntzatik sortutako klima- aldaketari. karbono dioxidoa (CO2) berotegi-efektuaren eragile diren gasen artean ugariena da, eta klima-aldaketa arintzeko ezinbestekoa da haren isurketak murriztea. Helburu hori betetzeko, CCU teknologia (karbono dioxidoaren bahiketa eta erabilera) lagungarria izan daiteke. Horretan, lehenengo urratsa energia-plantetan edo industrietan sortzen den CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. ondoren, industrialki erabiliko duten instalazioetaraino garraiatzen da, eta horietan produktu komertzial bilakatzen da. CO2-a zuzenean erabil daiteke, eraldatu gabe, zenbait aplikaziotarako: uren gatzgabetzea, gainazalen garbiketa, elikagaien eta edarien ekoizpena eta petrolio- eta gas-hobien ustiatze-etekina hobetzeko. Bigarren aukera CO2-a lehengai modura erabiltzea da, produktu kimikoak zein erregaiak lortzeko. CCU teknologien abantaila nagusia CO2-aren erabilera jarduera errentagarria bihurtzea da, hondakinetatik abiatuz lortutako produktuak sal daitezkeelako. Hala ere, zenbait arazo daude CCU teknologiari lotuta: (i) produktu kimikoen eskaria ez da nahikoa CO2-aren kantitate esanguratsua bahitzeko, (ii) CO2-a erregaiak ekoizteko erabiltzen bada, isurketak atzeratu egiten dira, saihestu beharrean, (iii) zenbait produktu kimikotan egindako CO2-aren «biltegiratzeak» bizitza laburra izan dezake.
  • Egileak: Ainara Ateka, Ander Portillo, Irene Sierra, Javier Ereña
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 257-270
  • DOI: 10.1387/ekaia.20905

————————————————–
Egileez:

Ainara Ateka, Ander Portillo eta Javier Ereña UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoak dira.

Irene Sierra UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoa da.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post CO2-aren erabilera, negutegi-efektua murrizteko estrategia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (2): Laukiaren azalera

mer, 2021/08/11 - 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bigarren ariketa: Laukiaren azalera.

ABCD laukiaren aldeen luzerak hauek dira: AB = 3 cm, BC = 4 cm, CD = 5 cm eta DA = 6 cm. Baldin B erpineko angelua zuzena bada, zein da laukiaren azalera?

 

———————————————————————————-

Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

The post Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (2): Laukiaren azalera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages