Giza gorputza lanean
John Lenihan fisikariak Giza gorputza lanean (1975) liburuan gizakia makina bezala aurkezten du eta bere funtzionamenduaz jabetzeaz pentsarazten du. Atalka ekin dio makina horren antolaera ikuskatzeari, aurrez aurre jarriz bere ingeniari-ezaguera eta biologian adituagoengandik jasoa. Ikuspuntu bereziak ematen dio originaltasuna saiakera xume bezain jakingarri honi.
Irudia: Giza gorputza lanean liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Imajina ezazu ingeniaria zarela, eta makina bitxi bat diseinatzeko eskatu dizutela: eboluzioak dagoeneko asmatua duen eta gizakia deritzon horren berdina, hain zuzen. Zer material erabiliko zenuke atal bakoitzerako, kasuan kasuko eginkizuna eta eraginkortasuna kontuan harturik? Nola antolatuko zenituzke behar diren sistemak? Izan ere, ibiltzeko (jauzi, laster, dantza… egiteko), elikatzeko, mundua hautemateko eta are pentsatzeko gai izan behar du makinak, besteak beste. Bai eta bere matxurak arian-arian bere kasa konpontzeko ere.
Oso aurreraturik dago gizakiaren teknologia, baina, hura guztia erabilita ere, urrunetik ere ez zenuke lortuko berdintzerik hautespen naturalak urteen poderioz ondutako makina harrigarri hori. Saioak, hala ere, merezi du: besterik ez bada, makina naturalaren lorpenak (eta hobekizunak) balioesteko eta apailatu beharreko gizagailu horren nondik-norakoez jabetzeko. Gure gaurko jakintzaren eta (bio)teknologiaren mugak non diren ikusteko ere ez da bide txarra.
Ibilaldia amaitzean, ataletako irudiak bateratuz, gogoan josirik geratuko zaio irakurleari giza gorputzaren oinarrizko “diseinu teknologikoa”: hobeto ezagutuko du bera den makina naturalaren zer-nolakoa.
John Lenihan (Carlisle 1918 – Glasgow 1993) fisikari britainiarra zen ikasketaz, biomedikuntzako ingeniaritzan espezializatua, Glasgow-eko unibertsitatean jarduna, eta zientzia-idazle oparoa. Gaitasun berezia zuen medikuntzako eta zientziako gaiak argitasun erakargarriz jorratzeko, jende arruntaren nahiz profesionalen eskumenean jarriz irakurgai, burutsu ez ezik, gozagarri askoak.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Giza gorputza lanean
- Egilea: Lenihan, John
- Itzultzailea: Irene Aldasoro
- ISBN: 84-8373-870-8
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2006
- Orrialdeak: 270 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Giza gorputza lanean
The post Giza gorputza lanean appeared first on Zientzia Kaiera.
Digestio-aparatuko gaixotasunen gene-oinarriak euskal populazioan
Orain dela hiru urte, hemen azaldu nizuen nola entendimentuz jantzia den Olentzerori ideia berriak eskatu genizkion digestio-aparatuko gaixotasunen gene-oinarria ikertzeko. Iaz, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak gonbidatuta, ideia horietako batzuen emaitzak azaldu nituen Bidebarrieta liburutegian, Olentzeroren baimenarekin. Aurten, Gabonetako ohitura hau jarraituta eta gardentasun- eta pedagogia-ariketa gisa, azaldu egingo dizkizuet digestio-aparatuko gaixotasunen inguruan egin ditugun gene-ikerketak euskal populazioan.
Digestio-aparatuko gaixotasunek eragiten dute ospitaleratzeen %15 inguru eta, batez beste, bost egun baino gehiago ematen dituzte halako gaixoek ospitalean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn). Argi dago ezin ditugula digestio-aparatuko gaixotasun guztiak ikertu eta azken urteetan horietako biren gene-oinarriak aztertu ditugu euskal populazioan: hesteetako hanturazko gaixotasuna eta kolon eta ondesteko minbizia. Aurten argitaratu ditugu gaixotasun horietan egindako lanak eta horietaz aritzea aproposa iruditu zait urteari bukaera emateko.
Berdina izan zen aipatutako bi gaixotasunetan erabili genuen prozedura: gaixotasuna duten pertsonen eta pertsona osasuntsuen bost milioi gene-aldaera ingururen informazioa eskuratu genuen eta aldaerok erkatu genituen gaixotasunean gehiago zeintzuk agertzen ziren zehazteko. Hala, ondoriozta daiteke gene-aldaera horiek gaixotasuna garatzeko arriskua handitu dezaketela eta, kokatzen diren geneak aztertuta, zein mekanismo biologikok parte hartzen duten gaixotasunaren garapenean.
Egia esateko, aipatutako prozedura hau oso ohikoa da gene-azterketetan. Hori jakinik ez gara berritzaileak izan, baina bai lehenak halako prozedura erabiltzen euskal populazioan gaixotasunak ikertzeko. Kontuan hartu behar da, duen historia ebolutiboagatik, euskal populazioan bi gene-jatorriren nahasketa –antzinako europarrak eta europar modernoak– antzeman daitekeela eta ezezaguna zaigula horrek gene-analisietan izan dezakeen eragina. Hala, aukera izan genuen Europako beste populazio batzuez dakigunarekin erkatzeko, halako gene-ikerketak hedatuta baitaude Europako beste populazioetan. Batez ere, beharrezkoa iruditzen zitzaigun aztertzea jada eskuragarri dagoen gene-informazioa gurera nola ekar zitekeen eta gene-informazio hori jardunbide klinikoan erabiltzea posible ote zen.
1. irudia: zama handia eragin dezakete digestio-aparatuko gaixotasunek. (Argazkia: 1662222 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Hesteetako hanturazko gaixotasunaHantura kronikoa sortzen du digestio-aparatuan hesteetako hanturazko gaixotasunak. Bi mota nagusi ditu: Crohn-en gaitza –digestio-aparatuko edozein puntutan gerta daitekeena– eta ultzeradun kolitisa –batez ere kolonean gertatzen dena–. Ohiko sintomak dira beherakoa, anemia, tripako mina eta pisua galtzea. Jakina da gaixotasunean parte hartzen dutela inguru-faktoreek eta gene-faktoreek. Hala, aztertu diren giza populazioetan detektatu da 200 gene-eskualdek parte har dezaketela gaixotasunaren garapenean. Gurean gaixotasun honen zamaren ikuspegia izateko, EAEn, 2.800 ospitaleratze inguru eragiten ditu urtean eta, batez beste, hamar ospitalizazio-egun inguru.
Hala, aztertu egin genituen Donostia eta Gurutzetako ospitaleetako 500 gaixo eta euskal biobankuko 900 osasuntsuren gene-informazioa, arestian aipatutako prozedura erabilita; eta gene-analisiok gaixo guztiak elkarrekin eta Crohn-en gaixotasuna eta ultzeradun kolitisa banatuta egin genituen. Analisi horiek eginda, detektatu egin genituen gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde. Horietako eskualde batzuk beste populazioetan ere detektatu dira (hala nola, IL23R, JAK2 edo erantzun-immuneko geneak); beste batzuk ez dira aurretiaz gaixotasunarekin lotu, baina duten funtzio biologikoa aintzat izanda, zentzuzkoa izan daiteke pentsatzea haiek ere gaixotasunean parte-hartzen dutela (besteak beste, AGT, BZW2 edo FSTL1 geneak). Erantzun-immuneko geneak direla eta, jakina da gaixotasun honetan parte hartzen dutela, batez ere ultzeradun kolitisean. Izan ere, gene-seinalerik argiena aurkitu genuen erantzun-immuneko geneak biltzen diren gene-eremuan ultzeradun kolitisean. Gene-eremu hori sakonago aztertu genuen eta ikusi genuen euskal populazioan seinale hori eragiten duten gene-aldaerak bestelakoak zirela edo efektua bestelakoa zela Europako beste populazioekin alderatuta.
Are gehiago, gaixotasun honetan gene-korrelazioa altua izan bazen ere Europako populazioen eta euskal populazioaren artean, kolitisaren kasuan gene-korrelazioa apalagoa izan zen. Hau da, oro har, gene-aldaeren efektua antzekoa da jada ezaguna denarekin alderatuta, baina ultzeradun kolitisean ezberdintasun gehiago daude. Gainera, ezaguna den gene-informazioa gene-arriskua kalkulatzeko erabili zenean, aurresateko gaitasuna altua izan zen Crohn-en gaixotasunean eta gaixo guztietan; ultzeradun kolitisean, aldiz, mugatua izan zen aurresateko gaitasuna. Hala, emaitzok iradokitzen digute, gaixotasun berdinaren motak badira ere, gurera hobeto ekar daitekeela eskuragarri dagoen gene-informazioa Crohn-en gaixotasunean ultzeradun kolitisean baino eta, ondorioz, azken honetan bertako gene-aldaerak ikertzea beharrezkoa izango dela gaixotasuna hobeto ulertzeko eta gene-informazioa jardunbide klinikoan erabiltzeko.
2. irudia: hainbat faktorek eragin dezakete digestio-aparatuko gaitzak garatzea; besteak beste, genetikak. (Argazkia: mohamed_hassan – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Kolon eta ondesteko minbiziaKolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da –munduan diagnostikatzen diren minbizien %10 da– eta minbizien artean hildako gehien eragiten duen bigarren minbizi mota da. Esate baterako, EAEn, 8.300 ospitalizaziotik gora eragiten ditu urtean eta, batez beste, hamar ospitalizazio-egun. Zenbat eta lehenago diagnostikatu, handiagoa izango da biziraupen-itxaropena. Hortaz, garrantzitsua da haren prebentziorako eta diagnosi goiztiarra egiteko bideak ikertzea. Hori lortzeko, genetika ere erabili izan da, minbiziaren gene-ikerketak zailtasunak baditu ere. Hala, hainbat gene-aldaera identifikatu dira kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen dutenak; eta, gene-aldaera horietan oinarrituta, hainbat eredu garatu dira gene-arriskua kalkulatzeko.
Gure kasuan, aztertu egin genituen Donostia ospitaleko 800 gaixo eta aurreko lanean erabilitako euskal biobankuko 900 osasuntsuren gene-informazioa. Analisiak gaixo guztiak elkarrekin eta kokapenaren arabera –eskuineko kolona, ezkerreko kolona eta ondestea– egin genituen. Analisi horiek eginda detektatu genituen minbizi hau garatzearekin lotura izan zezaketen 5 gene-eskualde. Bertan kokatzen diren geneak –besteak beste, ABCA12, ATIC eta ERBB4– kolon eta ondesteko minbizian parte hartzen dutela deskribatu da, baina guk aurkitu dugun lotura hori ez zen ezaguna. Gainera, tumoreen kokapenaren araberako analisietan beste 38 gene-eskualdek parte har dezaketela detektatu genuen. Aurretik ezaguna zen minbizi mota honetan parte hartzen dutela eskualde horietako hainbatetan kokatzen diren geneek; beste batzuk, aldiz, berriak dira. Hortaz, ikerketa berriak egiteko abagunea izan daitezke emaitzok.
Gainera, gene-arriskua kalkulatzeko 25 eredu aztertu genituen, ikusteko ea gai ziren aztertu genituen pertsonak egoki sailkatzeko. Bada, kolon eta ondesteko minbiziarentzat garatu diren eredu horiek aztertu ostean, ikusi zen ez dutela denek gaitasun bera pertsonak modu egokian sailkatzeko orduan. Hala, eredurik onenak nahiko ondo ezberdindu zituen gaixoak eta osasuntsuak, baina mugatua izan zen genetikaren eragikortasuna. Hau da, egokia da baina hobetu daiteke. Hortaz, beste gene-aldaera batzuk erabili beharko lirateke eta genetikoak ez diren beste faktore batzuk ere aintzat hartu sailkapen egokiago bat lortzeko.
Azkenik, emaitza hauek hesteetako hanturazko gaixotasunetan lortu genituen emaitzekin erkatu genituen, bi gaitzen arteko nahasmendua saihesteko –batzuetan antzeko sintomak izan ditzakete eta jakina da hesteetako hanturazko gaixotasuna arrisku-faktore bat izan daitekeela kolon eta ondesteko minbizia garatzeko–. Alde batetik, hainbat gene-aldaera aurkitu genituen bi gaitzak ezberdintzeko balio izan dezaketenak; bestetik, aipatutako gene-arrisku eredurik onenak ez zituen bi gaitz hauek nahastu. Beste modu batera esanda, gene-oinarri ezberdinak dituzte bi gaitzek, hesteetako hanturazko gaixotasuna duten pertsonek kolon eta ondesteko minbizia pairatzeko aukera gehiago badituzte ere. Kasu honetan, ez dugu gene-loturarik aurkitu bi gaitzen artean, edo, behintzat, ez gara gai izan.
3. irudia: Gabonak neketsuak izan ohi dira gure digestio-aparatuarentzat. Hortaz, mahai-inguruan hitz egiteko gai aproposa izan daiteke digestio-aparatuaren gaixotasunen gene-oinarria. (Argazkia: kaboompics – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Jakitun gara aztertu dugun laginaren tamainak mugatu dituela emaitzak eta lortu ditzakegun ondorioak. Pertsona asko aztertu baditugu ere, halako analisietan ez da nahikoa ondorio sendoetara heltzeko. Edonola ere, kontuan hartuta emaitzok balio biologikoa dutela, pentsa dezakegu bide egokia jorratzen ari garela. Hala, zentzuzkoa izango litzateke populazio jakin batean gaixotasunen gene-oinarria ikertzea, jardunbide klinikoan gene-informazioa ahalik eta modu eraginkorrean erabili ahal izateko populazio horretan.
Laburbilduz, zama handia eragiten duten digestio-aparatuko bi gaixotasunen gene-oinarriak ikertu ditugu euskal populazioan eta ondorioztatu dugu gaixotasun eta mota bakoitzean parte hartzen duten gene-aldaera batzuk Europako beste populazio batzuekin partekatuak direla eta beste batzuk berezkoak direla. Hala, gene-informazioa denon onurarakoa izatea nahi badugu, lortu ditugun emaitzak baliagarriak izan daitezke gene-informazioa gurera ekartzeko. Posible den bitartean, jarraituko dugu gai hauek ikertzen, lantzen eta azaltzen. Bitartean, Olentzero eta bere entendimentua lagun, Gabon ederrak opa dizkizuet eta zientziaz beteriko Urte Berri On!
Erreferentzia bibliografikoak:Garcia-Etxebarria et al. 2022. Local genetic variation of inflammatory bowel disease in Basque population and its effect in risk prediction. Scientific reports, 12: 3386. DOI: 10.1038/s41598-022-07401-2
Garcia-Etxebarria et al. 2022. Performance of the Use of Genetic Information to Assess the Risk of Colorectal Cancer in the Basque Population. Cancers, 14: 4193. DOI: 10.3390/cancers14174193
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Digestio-aparatuko gaixotasunen gene-oinarriak euskal populazioan appeared first on Zientzia Kaiera.
Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marten
Elysium Planitia lautadaren azpian 4.000 kilometroko zabalera duen egitura baten berri eman dute zientzia artikulu batean.
2018an Martera iritsitako InSight misioak helburu argia izan du hasieratik: planetaren ezaugarri geofisikoak aztertzea. Horretan, noski, sismografoak ezinbesteko garrantzia du, eta tresna horri esker gaurdaino InSightek 1.300 lurrikara baino gehiago atzeman ditu. Bateriak agortzen ari zaizkiolako bizitzaren azken uneetan dagoen zunda hori Elysium Planitia izeneko lautadan dago, zientzialariek pentsatu zutelako lurralde lau hori halako misio baterako aproposa zela: bertatik erreza izango zen Marte osoan gertatzen diren mugimenduen berri izatea, nahiko eremu lasai eta estandarra omen zelako.
Bada, bizitza bestelako planak egiten ditugun bitartean gertatzen diren gauzak direla esan ohi da, eta oraingoan ere antzekoa gertatu zaie zientzialari planetarioei: orain konturatu dira lautada hori ez dela batere ohikoa, eta, dirudienez, lurraren azpian zerbait mugitzen ari dela.
1. irudia: Cerberus Fossae izeneko egitura arrakala erraldoia da. Kraterrak eta mendixkak zeharkatzen dituenez, agerikoa da geologikoki nahiko berria dela. (Irudia: ESA/DLR/FU Berlin, CC BY-SA)Ondo ulertu zer den mugitzea zentzu geologikoan, ez pentsa Dune-n azaldutako zizare erraldoiei buruz ari garenik. Kontua da Arizonako unibertsitateak zabaldutako prentsa ohar batean Adrien Broquet ikertzaileak aldarrikatu duela “ebidentzia lerro asko” bildu dituztela ziurtatzeko “gaur egun Marten luma gorakor erraldoia, bat behintzat, aktibo dagoela”.
Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte beren argudioak. Geologoek egin ohi duten moduan, zuzenean ikusten ez diren egituren berri izateko zeharkako ebidentzietara jo behar izan dute.
Broquetekin batera, Jeffrey Andrews-Hanna ikertzaileak sinatu du zientzia artikulua. Biek argudiatu dute mantutik lurrazalera magma bideratzen duen luma horri leporatu ahal zaizkiola eskualde horretan atzemandako hainbat anomalia. Eta ez omen da ñimiñoa: 4.000 kilometro inguruko luzera kalkulatu diote; gutxi gorabehera, Mendebaldeko Europaren parekoa litzateke.
Luma honen burua 25 eta 200 kilometro arteko sakoneran dagoela kalkulatu dute. Gorago eginez gero —lurrazaletik hamar bat kilometrora— lurrazala apurtu eta laba gisa atera zitekeen. Eskala geologikoan ohikoa denez, zientzialariek argitu dute balizko erupzio hori “gaur bertan edo milioi urte barru” gerta zitekeela. Zerbait berezia gertatu ala ez, ikertzaileak sinetsita daude eskualde hori gaur egun “Marten dagoen interesgarriena” dela.
Denbora luzez uste izan da Marte geologikoki itzalita dagoen planeta dela, eta bertako jardun bolkaniko gehiena planetaren historiaren 1.500 milioi urteetan gertatu zela. Garai horretan izugarri handia izan zen bertako jarduera, gaur egun ikusten ditugun egiturak horren testigu baitira. Hala, Eguzki sistema osoko sumendi erraldoienak daude planeta gorrian, eta ipar hemisferio gehiena sumendi jatorriko metaketen bitartez sortutakoa da.
Baina, esan bezala, hori guztia aspaldi bukatu zen. Alabaina, gauzak hain sinple ez direla erakusten duten probak pilatzen ari dira apurka.
2. irudia: luma gorakor baten irudikapen artistikoa. Egileen arabera, egitura hori Marten badela baieztatzeko froga nahikoak daude. (Irudia: Adrien Broquet, Audrey Lasbordes)Batetik, satelite bidezko irudien bitartez, solidotutako magma metaketak atzeman dituzte Cerberus Fossae izeneko egituran —Elysium Planitiaren barruan dagoena, eta lerro itxura duen 1.000 kilometro inguruz zabaltzen dena—. Zientzialariek kalkulatu dute duela 53.000 urte inguru eratu zirela metaketa horiek. Atzo bertan, eskala geologikoan. Gainera, frekuentzia baxuko lurrikarak atzeman dira inguruetan. Bestetik, zientzialariek ikusi dute lautada hori konkortuta dagoela gainerako lurraldeen aldean —kilometro bat edo bi, batez bestean—, eta inpaktu krater askotan ere luma batekin bateragarri diren desitxuraketen aztarnak daudela egiaztatu dute, lumaren norabideari begira makurtuta daudelako. Egin diren grabitazio neurketek erakutsi dute ere lurraldea altxarazi duten indarrak planetaren barrenetik datozela. Horregatik guztiagatik uste dute anomalia horien abiapuntua luma gorakorrean dagoela.
“Lurra baino txikiagoa izanik ere, Lurrean dauden lumen tamainako lumak sor litezke Marten ere, grabitate txikiagoa eta mantuaren biskositate handiagoa direla eta”, adierazi dute zientzia artikuluan.
Dakigula, Eguzki sisteman Lurrean eta Artizarrean baino ez daude luma gorakorrak, baina oraingo datuen argitara badirudi Marten ere egon daitezkeela.
Luma horretan dagoen materiala ingurukoa baino 95 eta 285 gradu artean beroago dagoela zenbatetsi dute. Eta bertan sortutako bero hori, noski, arras interesgarria da. Izan ere, geologiaren alorrera mugatzen ez diren inplikazioak izango lituzke aurkikuntzak. Luma hauek eragindako beroak aukera eman lezake lurrazpiko ur lakuak ez izozteko, eta horrek, noski, bertan bizidunak mantentzeko aukerak erraztuko lituzke.
“Elysium Planitiaren azpian zutabe bat egoteak erakusten du lurrazalean gertatzen diren fluxu bolkanikoak eta jarduera sismikoak ez direla gertakari isolatuak, luzera handiko eskualde sistema bat baizik; horrek inplikazioak ditu lurpean bizigarri izan daitezkeen inguruak mantentzerako eta beren potentzial astrobiologikorako”, adierazi dute.
Aurkitzaileek diotenez, honek “paradigma aldaketa” dakar. Are gehiago, Marteren historia geologikoa “berridatzi” behar da egitura honen eraketa azaldu ahal izateko.
Erreferentzia bibliografikoa:Broquet, A., Andrews-Hanna, J.C. (2022). Geophysical evidence for an active mantle plume underneath Elysium Planitia on Mars. Nature Astronomy. DOI: 10.1038/s41550-022-01836-3
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marten appeared first on Zientzia Kaiera.
Mendiko artzaintza eta bere onura sozioekologikoak
Mendiko artzaintzak, kalitatezko produktuekin batera, onura sozioekologikoak dakarzkio gizarteari. Hori da UPV/EHU buru duen ikerketa-proiektu baten ondorioetako bat. Horrez gainera, mendiko artzaintzari buruz sor daitezkeen gatazkak kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko diziplinarteko metodologia partizipatibo bat proposatzen du.
SOSTEPASTO proiektuak (Mendiko artzaintza: elikagai tradizionalen kalitatea eta trazabilitatea, biodibertsitatea, sistema aldaketa globalera egokitzea eta landa-garapena) erakutsi du mendiko artzaintza-sistemek onura sozioekologiko ugari ekar diezazkioketela gizarteari. Hauek dira diziplinarteko lan horretako parte-hartzaileak: Luis Javier Rodríguez Barrón, Lactiker ikerketa-taldeko kidea, Arantza Aldezabal, FisioClimaCO2 taldekoa, eta Eneko Garmendia, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua saileko irakaslea eta ekopol ikerketa-taldeko kidea.
Irudia: mendiko artzaintza-sistemek onura sozioekologiko ugari ekar diezazkioketela gizarteari. (Argazkia: JerzyGorecki – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Ikertzaileek azaldu dutenez, ikuspegi ekologikotik, mendiko artzaintza-sistemak lagungarriak izan daitezke larreen biodibertsitatea eta nutrizio-kalitate handia mantentzeko eta lurzoruaren CO2-fluxua murrizteko. “Ikerketak erakutsi du kalitate handiko elikagai osasungarriak ekoitz daitezkeela mendiko larreetan bazkatzen diren artaldeekin. Esate baterako, ezaugarri sentsorial bereizgarriak aurkitu dira artalde horien esnearekin egindako gaztan, eta, horretaz gainera, gantz-azidoen profil osasungarriagoa eta konposatu antioxidatzaile osasungarri gehiago ere identifikatu dira”.
Bestalde, ikuspegi sozioekonomikotik, azterketak erakusten du mendiko artzaintzako sistemek lanpostuak eta diru-sarrerak sor ditzaketela bestelako aukera ekonomiko gutxi dituzten landa-eremuetan, eta, hala, abeltzaintza-sistema hori ez litzatekeela egongo dirulaguntzen hain mende. “Azterlanak erakusten du ezen, mendekotasun hori gutxitzeko eta diru-sarrera duinak bermatzeko, oso garrantzitsua dela artzainak balio-kate osoaren jabe izatea”, adierazi dute. Bildutako datuek erakusten dutenez, Idiazabal gazta ekoizten duten artzainek errentagarritasun eta enplegu-maila handiagoa lortzen dute esnea industriari saltzen diotenek baino. Beraz, gazta egiten duten artzainen dirulaguntzekiko mendekotasuna askoz txikiagoa da beste abeltzain batzuena baino.
Bestalde, mendiko artzaintzaren bideragarritasun ekonomikoa dela eta, ikerketak adierazten du mendiko herri-larreak erabakigarriak direla sistema horiek bizirauteko. “Herri-larreek, ardiek behar duten bazkaren ehuneko handi bat emateaz gain, aukera ematen dute Nekazaritza Politika Bateratuaren bidez kudeatutako laguntza ekonomiko ugari jasotzeko, onura ekologiko ugari sortzen dituztelako, besteak beste. Onura ekologiko horiek bermatzeko, ezinbestekoa da kudeaketa-eredu jasangarriak eta lan-baldintza duinak uztartzea”, zehaztu dute ikertzaileek.
Ez da erraza kudeaketa-eredu jasangarriak bultzatzea. Mendiko larreak sistema multifuntzionalak dira, eta interes desberdinen arteko gatazkak gertatzen dira maiz. Ikerketa-proiektu honen xede nagusietako bat izan da aztertzea zein den diziplinarteko lankidetzaren ekarpena eredu jasangarriagoak lortzeko prozesuan. “Azterketaren proposamen metodologiko integratzaileak erakusten du modu gardenean identifikatu eta azter daitezkeela kudeaketa-eredu desberdinen onurak eta kalteak. Elementu horiek, eta interes-talde desberdinen partaidetza, ezinbestekoak dira eredu jasangarriagoak bultzatzeko eta mendiko artzaintzaren gaur egungo erronkei erantzuteko”, ondorioztatu dute.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Mendiko artzaintzaren onura sozioekologikoak
Erreferentzia bibliografikoa:Andonegi, A.; Garmendia, E.; Aldezabal, A. (2021). Social multi-criteria evaluation for managing biodiversity conservation conflicts. Land Use Policy Vol. 109. DOI: 10.1016/j.landusepol.2021.105658
Barron, L.J.R.; Andonegi, A.; Gamboa, G.; Garmendia, E.; García, O.; Aldai, N.; Aldezabal, A. (2021). Sustainability assessment of pasture-based dairy sheep systems: A multidisciplinary and multiscale approach. Sustainability, 13(7). DOI: 10.3390/su13073994
Galan, E.; Garmendia, E.; Garcia-Alonso, O. (2022). The contribution of the commons to the persistence of mountain grazing systems under the Common Agricultural Policy. Land Use Policy Vol. 117. DOI: 10.1016/j.landusepol.2022.106089
Garmendia, E.; Aldezabal, A.; Galan, E.; Andonegi, A.; Del Prado, A.; Gamboa, G.; García, O.; Pardo, G.; Aldai, N.; Barrón, L.J.R. (2022). Mountain sheep grazing systems provide multiple ecological, socio-economic, and food quality benefits. Agronomy for Sustainable Development Vol. 42. DOI: 10.1007/s13593-021-00751-7
The post Mendiko artzaintza eta bere onura sozioekologikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #420
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaJone Bilbao Antolin ingurumen zientzialaria 2019tik UPV/EHUn dabil tesia egiten, Ibai Ekologia ikerketa taldearen barruan, Fitoplanktoneko laborategian. Bilbaok Urdaibaiko estuarioko uren saneamendua izan du tesian ikergai. Izan ere, Urdaibaiko estuarioa EAEko Biosfera Erreserba bakarraren parte izan arren, presio antropogeniko nabarmen batzuen eraginpean dago, eta hauen artean nagusiena Gernikako hondakin-uren araztegiaren isurketak izan dira urte askotan zehar. 2021etik, alabaina, araztegiko isuriak desbideratzea lortu da, eta Bilbaoren ikerketek erakutsi dute horrek onurak ekarri dituela Urdaibaiko ibai-ekosistemara. Fitoplanktona ikertzen atera ditu ondorio horiek, ekosistema urtarren kate trofikoaren oinarria baita eta uraren kalitatea ezagutzeko adierazle erabilienetarikoa. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Jone Bilbao: “Azken urtean uren kalitateak onera egin duen arren, fitoplanktonaren ugaritzea ez da guztiz seinale ona”.
Duela bi milioi urte klima izoztuetako eta epelagoetako animaliak elkarrekin bizi zirela ondorioztatu dute. Gaur egungo Groenlandiaren iparraldean tenperatura epelagoa zen duela bi milioi urte, eta bioaniztasun handia zegoen. Ondorio honetara iristea ahalbidetu du inoiz sekuentziatu den DNArik zaharrenak. Orain arte berreskuratutako DNArik zaharrena duela milioi urte batekoa izan zen, Siberiako mamut baten hezurretik erauzia. Oraingoan, sedimentuetatik atera dute DNA, Kap Kobenhavn deitutako leku batean, eta mastodonteen, elur oreinen, antzaren eta karraskarien arrastoak aurkitu dituzte material genetikoan. Baita karramarroak eta algak ere. Alegia, leku eta denbora berean bat egin zuten klima hotzetako eta epeletako animalia eta landare espezieek. Ikerketa honen nondik norakoak Zientzia Kaieran eta Berrian irakur daitezke.
Iazko irailetik, otsoa ez da espezie zinegetikotzat hartzen Espainian, eta, beraz, debekatuta dago otsoak ehizatzea. Erabaki horren aurka agertu dira ganaduzaleen elkarteak eta Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo gobernuak. Izan ere, erkidego horietan biltzen da haragijale handien % 95a. Egoera antzekoa bizi dute Europa erdialdean, Alemanian, esaterako. Bertan otsoa lehengoratu da, eta XXI. mendearen bigarren hamarkadan gero eta otso eraso gehiago erregistratu dira aziendetan. Horregatik ikertu dute eraso horien eta hautesleen jarreraren arteko harremana. Ikusi dute erasoek ondorio nabarmena izan dutela AfD alderdiari (eskuin muturreko alderdiari) emandako botoetan, bai estatu mailako hauteskundeetan, bai udal hauteskundeetan. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Otso-politikak.
Giza anatomiaJuncal Alzugarai fisioterapeutak alu baten eredu hiperrealista bat sortu du, eta Alooa izena jarri dio. Munduan egin den alu baten lehen eredu errealista da. Alzugarai zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeuta da, eta ez zuen inon aluaren eredu anatomiko fidelik aurkitzen. Beraz, berak asmatu du lehena. Haren esanetan, honelako eredurik ez egoteak andreen anatomiak ikerketa zientifikoan garrantzi txikia duela adierazten du. Emakumeen anatomia ez ezagutzeak esan nahi du beren prozesu fisiologiko arruntak ere ez direla ondo ezagutzen. Horrek ondorioak izan ditu emakumeen osasunean. Informazio gehiago Berrian: Alua: baztertua sarritan, agerian orain.
OsasunaArrazakeria, xenofobia eta bazterkeria osasun-arriskutzat hartzea eskatu dute The Lancet aldizkariko artikulu-sorta batean. Egileen arabera, faktore horiek osasunean duten eragina gutxietsi izan da, baina ondorioak oso nabarmenak dira mundu osoan zehar. Tokian tokiko desberdintasunak dauden arren, munduko leku guztietan gertatzen dira etnia, sexua, adina, klasea, migrazio-egoera, erlijioa edo azal-kolorearen araberako bazterkeriak. Besteak beste, arrazakeriak eta xenofobiak osasunean duten eragina hobeto ulertzeko, nola sortzen diren aztertu dute. Horrela, ondorioztatu dute bereizketatik eta hierarkiatik sortzen direla, eta azpian dagoenaren osasun fisikoa eta mentala gainean dagoenarena baino okerragoak direla. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Depresioa eta hesteetako mikrobiotaren alterazioa erlazionatuta daudela berretsi da. Pertsonekin egindako bi ikerketek depresioarekin erlazionatuta egon daitezkeen bakterioen generoak identifikatu dituzte. Depresio-sintomak dituzten 2.600 pertsona aztertu dituzte, eta ikusi dute haien gorozkietan hainbat bakterio-mota gutxitu edo ugaritu egin direla. Ikertzaileek uste dute bakterio horiek nerbio-sistema zentralaren funtzionamendurako neurotransmisore esanguratsuak sortzen dituztela hesteetan, eta, beraz, haien gabeziak depresio-sintomak eragin ditzakeela. Mikrobiotan eskasegi azalduko liratekeen bakterioen genero eta familien artean Coprococcus, Lachnospiraceae, Ruminococcaceae aurkitu dira besteak beste, eta Sellimonas, Eggerthella, Lachnoclostridium ugariegi azal litezkeenetako batzuk dira. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakasleak alkoholak gizakiarengan dituen ondorio biokimikoak azaldu ditu Berria-ko artikulu batean. Alkohola biztanleriak gehien kontsumitzen duen substantzia psikoaktiboa da, eta jakin badakigu ez dela osasuntsua. Epe laburrean, hainbat ondorio izan ditzake, besteak beste, errendimendu fisikoa zein intelektuala murrizten ditu. Epe luzera, bestalde, gaixotasun kroniko latzak edota hilgarriak ez ezik, zahartze goiztiarra ere eragiten du. Hainbat ikerketek erakutsi dute alkoholaren kontsumoak zahartze prozesua azkartzen duela, estres oxidatiboa eragiten duelako. Oxfordeko ikerketa berri batek frogatu du, gainera, alkoholak, estres oxidatiboa tarteko, telomeroetako DNA kaltetzen duela. Beste ikerketa batek, bestalde, ondorioztatu du alkoholak garunaren bolumena murrizten duela. Azalpen guztiak Berrian: Alkoholak zahartzen gaitu.
PaleontologiaEuropako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen. 1985ean, Jesus Altunak Errallako koban (Zestoan) zuzendu zuen indusketa batean, kanido baten humero bat aurkitu zuten. Alabaina, une hartan ez zegoen baliabiderik identifikatzeko hezurra zein kanido espezieri zegokion. Orain, Conchi de la Rúa irakasleak zuzentzen duen UPV/EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak sakon aztertu du hezur hondakina, eta analisi morfologiko, erradiometriko eta genetikoak berretsi egin du Canis lupus familiaris espezieari dagokiola; hau da, etxe txakurra. Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen eta, horrenbestez, Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakLoroaren teorema 1998an argitaratu zuen Denis Guedj matematikari eta dibulgatzaileak. Zientzien Historiako irakaslea izan zen Guedj Parisko unibertsitatean eta Larousse Entziklopediako matematika arloko arduraduna izan zen, besteak beste. Literaturan, antzerkian eta zineman aritu zen arrakastaz Loroaren teorema-k erakusten duenez. Best-seller bihurtu zen liburu hau 1998an, eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero. Eleberri honetan, idazle frantsesak matematikaren historia intriga-eleberria bihurtu zuen. Detektibe-ikerketa bat aitzakia, matematikaren historia aurkezten du Guedjek bere liburuan. Argitalpen hau ZIO bildumatik lortu da, Zientzia Kaierak Euskara, EHUko Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean eginiko atalean.
FisikaFusio-energia erabilgarria izateko ezinbesteko pauso bat eman dutela baieztatu dute. Lawrence Livermore laborategiko NIF Ignizio Instalazioan lortu dute, hain zuzen ere, fusio-erreakzioa gertatzeko sistemari eman zaion energia baino gehiago sortzea. Fusioa izarretan gertatzen den erreakzio-mota da; hidrogeno-atomoak fusionatu egiten dira grabitate eta tenperatura altuen ondorioz eta helioa sortzen dute. Horrekin batera, energia pila bat askatzen da. Erreakzioa hasteko ere energia handia eman behar zaio, eta hori zen erronka. NIFen erreakzio hori bera egin nahi dute, konfinamendu inertzialaren bidez, modu eraginkor eta kontrolatuan, hidrogenoa erregaitzat erabiltzeko. Azken helburua energia-iturri garbi, merke eta agorrezina izatea da. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaAbenduaren 11n itzuli zen Orion ontzia, espazioan 26 eguneko bidaia egin ondotik. Ozeano Barean ur hartu du ontziak, Guadalupe irlatik gertu. Artemis programaren parte izan da misio hau (Artemis I misioa), eta gizakia berriz ere Ilargira eramatea du helburu. Misio honetan, ordea, jaurtitzeko sistema eta ontzia probatu dituzte, hurrengo bidaia gizakiek egin dezaten. Orion-en buelta zen arazorik handiena sor zezakeena. Izan ere, Lurraren atmosferara sartzean ontzia 40.000 kilometro orduko abiaduran sartu zen eta haren kanpoko tenperatura 2.800 gradu ingurura iritsi zen, marruskaduraren eraginez. Beraz, igandean atmosferara sartzeko sistema probatu zuten. NASAk adierazi duenez, misioa arrakastatsua izan da. SLS (Space Launch System) suziria ere estreinakoz erabili dute misio honetan, espaziora pisu handiak bidaltzeko sistema. Datuak Berrian: Lehen urratsa Ilargirako bidean.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #420 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #426
Azken urteotan, beherakadaren teoriaren jarraitzaileek aliatua topatu dute ustezko eredu ekonomiko berri batean: donutaren teorian. Miguel Gilak itsaspekoari buruz zioen bezala “kolorea ondo, baina ez du flotatzen”, Jesus Zamorarentzat: The fake sweetness of doughnut economics
Ozeano Barean gertatzen den zerbait Mediterraneoko lehortearen erantzulea da. Eta azaltzen duen kausazko erlazioa aurkitu dute: The role of atmospheric transport in El Niño
Erdi Aroko hilerri batean aurkitutako aztarnen azterketa genetikoaren arabera, 500 banako populazioaren ondorengo dira 10 milioi judu askenazi. Ikerketa antropologikoetarako marko etiko berria adierazten du ikerketak, gainera: A founder event left its genetic mark in Ashkenazi Jews, Shai Carmi eta David Reichen eskutik.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #426 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ur motorraren historia
70eko hamarkadan petrolio gordinaren prezioak gora egin zuen neurrigabe eta ia mundu osora zabaldu zen krisi ekonomikoa. Arturo Estévez Varela industri-peritua eta asmatzaileak petrolioarekiko mendekotasuna gutxitzeko aukera topatu zuela zioen.
1971ean, zalaparta handiz aurkeztu zuen bere asmakuntzarik bereziena: «ur-motorra». Funtzionamendua erraza zen, baina apur bat misteriotsua. Asmakizunak funtzionatzen bazuen ere, ez zen sekula merkaturatu.
Estévez Varelak ez zuen inoiz argitu zein zen funtzionatzeko behar zuen minerala, baina, zantzu guztien arabera, boroa izan zitekeen. Eta nahiz eta Arturo Estévez Varela eta bere asmakizuna plaza publikotik desagertu, baliteke urte batzuk barru, bere garaiari aurrea hartu zion aitzindaria bat izatea hidrogenoa erabiltzen.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Ur motorraren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Loroaren teorema
Loroaren teorema 1998an argitaratu zuen Denis Guedj matematikari eta dibulgatzaileak. Idazle frantsesak matematikaren historia intriga-eleberria bihurtu zuen. Hizkuntza unibertsala dugu matematika, unibertsalena. Zientzia hutsetatik osoena; ospe zabalekoa, baina -maizegi- gaitzetsia: abstraktua, ulertezina, elitista… Ez dago, ordea, matematika baino demokratikoagorik!: “Geometrian, ez da errege-biderik”, ihardetsi zion Euklidesek Ptolomeo II.ari, erregeak matematikarako bide laburragoren bat eskatu ziolarik.
Irudia: Loroaren teorema liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Inguratzen gaituen horretan barrentzeko modu ahaltsuen eta zorrotzena da matematika. Ederki zekien hori Galileok: “Matematikaren bitartez mintzo da Izadia”. Izadiak matematika du adierazpide, eta hura ikasi beharko du, nahitaez, munduaren liburua irakurri nahi duenak. Umorea eta hausnarketa bateratuz, intrigazko eleberri bat ondu zuen Denis Guedj-ek, “intriga matematikozkoa”. Detektibe-ikerketa bat aitzakia, matematikaren historia aurkeztuko digu: Euklides, Pitagoras, Arkimedes, Newton, Descartes, Cantor…
Istorio argia eta atsegina topatuko dugu orriotan, pasadizoz betea. Antzinako grekoen buruhausteak eta lorpenak ederretsi; arabiarren aurrerabideak estimatu; europarren eraberritzeak ezagutuko ditugu. Familia sui generis bat osatzen duten pertsonaia xarmagarriak izango ditugu bidelagun: Ruche liburu-saltzaile bitxia, Max gazte gorra, Jonathan eta Léa bikiak, Perrette emakume misteriotsua eta,jakina, larca: Nofutur. Eta Parisko hainbat txokori egingo diegu bisita: Montmartre auzoa, museoak, liburutegiak, Grand Palais, …
Letrak eta zientziak: hala banatzen zen, oraintsu arte, jakintza. Letrak ala zientziak? Bat bera ez al da, baina, helburua? Gozatu Loroaren teorema, eta egiaztatu nor den irabazle letren eta zientzien arteko “sokatiran”: gu geu.
Denis Guedj (Setif, Argelia 1940 – Paris 2010) matematikari, matematikaren dibulgatzailea eta zientziaren historialaria izan zen. Zientzien Historiako irakasle Parisko unibertsitatean eta Larousse Entziklopediako matematika arloko arduraduna izan zen, besteak beste. Baita literaturan, antzerkian eta zineman aritu zen arrakastaz. Frantsesezko jatorrizkoa argitaratu zenean, 1998an, best-seller bihurtu zen Loroaren teorema eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Loroaren teorema
- Egilea: Guedj, Denis
- Itzultzailea: Jon Muñoz
- ISBN: 84-8373-816-3
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2005
- Orrialdeak: 526 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Loroaren teorema
The post Loroaren teorema appeared first on Zientzia Kaiera.
Duela bi milioi urteko DNA berreskuratu dute
Groenlandiako sedimentuetan gordeta zegoen DNA zatiak identifikatzea lortu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Horri esker, Pleistozeno garaiko biotopoak azaleratu dituzte.
Sukalde lanak azaleratzeko unea da: gaiak aukeratu behar dituztenean, zientziaren komunikazioaren alorrean aritzen direnek prentsa ohar andana birpasatu behar dituzte gainetik, eta dagoen zientzia produkzio itzelaren artean zer landu erabaki behar dute. Hainbeste aldiz jorratu izanagatik, bada zenbait gai berehala alde batera uzteko joera.. Hitz gako horietako batzuk dira Neandertal, Marte, grafeno, zulo beltz, Tutankamon… edota antzinako DNA ere.
Horregatik, enegarrenez antzinako DNA berreskuratu dutela ikustean, bai komunikatzaileak berak zein irakurleak ere gaia alboratzeko joera izan dezakete. Izan ere, antzinako DNArena ohiko kontua bilakatu da azken urteotan. Duela hamarkada bat ia sinestezina zirudien teknologiak dagoeneko ez du demaseko harridura sortzen. Alabaina, noizean behin orain arteko marka guztiak hausten dituzten ikerketak azaleratzen dira, mugarri garrantzitsuak mahai gainean jartzen dituztenak.
Nature aldizkarian berriki aurkeztutako ikerketa halakoxea da. Groenlandian abiatu da aurkikuntza. Zehazki, uharte erraldoiaren iparraldean, Kap København izeneko egituran. Orain eremu polar latza da, baina duela 2-3 milioi urte oso bestelako giroa zegoen bertan: gaur egungo tenperaturak baino 11-19 °C epelagoak ziren ordukoak. Garaiko fauna eta flora ere inguru horretara egokituta egon behar zen halabeharrez, baina, orain arte eskuratu diren fosilak urriak direnez, gutxi ezagutzen dira garaiko ekosistemak.
1. irudia: duela bi milioi urte Groenlandian egon zen paisaiaren irudikapen artistikoa, datu berrien argitara Beth Zaiken marrazkigileak egindako interpretazioan. (Irudia: Beth Zaiken)Baina bestelako fosilak ere badira. Fosil genetikoak. Eta horien atzetik abiatu dira ikertzaileak.
Zientzialariek ezagutzen zuten egitura horretako zenbait estratutan materia organikoa pilatuta zegoela, eta duela hainbat urte laginak hartu zituzten. Orotara, bost puntutan hartutako 41 lagin. Horietako asko 2006an hartu zituzten, zientzialariak beste proiektu baterako espedizioa egin zutenean. Duela gutxira arte gordeta egon dira horiek, beste behin, zientzia ona patxadaz egin behar den erakusle. Teknologia eta teknika analitikoak behar den moduan garatuta daudenean erabili behar direla ere erakutsi du oraingo mugarriak.
“DNAren sekuentziazio eta erauzketa ekipo berriak garatu arte ezin izan ditugu aurkitu eta identifikatu sedimentuetan zeuden hain DNA zati txiki eta kaltetutakoak”, nabarmendu du Kurt H. Kjaer ikertzaileak.
Orain, teknologia dezente garatuagoa izanik, duela bi milioi urte egon ziren ekosistemak azalarazteko moduan egon dira. Baso boreal zabal baten zantzu genetikoak aurkitu dituzte: makalak, urkiak eta tuiak ziren bertako zuhaitz nagusienak. Erbien presentzia ere egiaztatzeko moduan egon dira, baina berreskuratutako DNA mitokondriala aztertuta beste animalia askoren zantzuak aurkitu dituzte: besteak beste, mastodonteak, elur oreinak, antzarak eta Atlantikoko ferra karramarroa (Limulus polyphemus) —historia ebolutiboan aspalditik mantendu den espeziea, benetako fosil biziduntzat hartzen dena—.
Orain arte ez zen uste mastodonteak Groenlandian ibilitakoak zirela, baina orain egiaztatu ahal izan da latitude garai horietara ere hedatu zirena Ipar Amerikan eta Asia Erdialdean jatorria izan zuten animaliatzar horiek.
Espezie makro hauetaz gain, mikroorganismo askoren arrasto genetikoa ere berreskuratzeko moduan egon dira, bai bakterioak zein onddoak. Diotenez, orain lagin horiekin ari dira lanean, eta, horri esker, garaiko ekosistemek zuten funtzionamenduaren gaineko ezagutza sakonagoa eskuratu ahalko dute.
Ez da bide samurra izan egin behar izan dutena denboran hain atzera egin ahal izateko. Berreskuratutako DNA zati bakoitza gaur egungo espezieetako laginekin alderatu behar izan dute. Alderaketa horietatik guztietatik, noski, denetarik atera zaie: gaurko espezieekin nahiko erraz alderatu daitezkeen zatiak, soilik genero generiko bati egotzi ahal zaizkionak, eta, azkenik, gaur egungo espezieekin batere zerikusirik ez duten laginak.
2. irudia: Gaur egun Kap København eremuan dagoen paisaia guztiz bestelakoa da. Irudian, Svend Funder ikertzailea, 40 urtez inguru hori ikertu duena. (Argazkia: Kurt H. Kjaer)Gaur egun parekoak dauden kasuetan ere irakaspen garrantzitsu bat atera dute: horren lagin zaharrak eskura izanik, zenbait espezieren DNAn egon den “eboluzioa” ikustarazteko moduan egongo direla aurreikusi dute.
Material genetiko hori sedimentuetan harrapatuta geratu zenetik klima hotza eta lehorra izan da nagusi inguru horretan, eta horrek erraztu du DNA hain denbora luzez mantendu izana. 20.000 urtez pilatu ziren sedimentuen hondoan zeuden eskuratutako laginak. “Azkenean, izotzak eta permafrostak lagin horien kontserbazioa ahalbidetu zuten, eta, garrantzitsua dena, bi milioi urtez gizakiek ez dituzte eraldatu”, azaldu du Kjaerrek.
Sedimentuen depositu horrek ia 100 metroko lodiera du, eta fiordo baten sarbidean kokatuta dago.
Hotza ezinbesteko aliatua izan den arren, zientzialariek itxaropena dute beroagoak eta hezeagoak diren inguruetan ere DNA aztarnak harrapatuta geratuko direla buztinean eta kuartzoan. Teknologia honek Afrikan arrakasta izanez gero —bertan sortu baitira espezie asko, tartean lehen gizakiak— aukerak “mugagabeak” izan daitezkeela diote.
Prentsa ohar batean, Cambridgeko unibertsitateak ziurtatu du lorpen honek eboluzioaren historiaren jokoa aldatuko duela. Aurkikuntzaren tamaina ikustarazteko, gogora ekarri dute orain arte berreskuratutako DNArik zaharrena duela milioi urte batekoa izan zen, eta soilik espezie batena izan da: Siberiako mamut baten hezurrean aurkitu zuten.
Eske Willerslev ikertzaileak aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu du: “DNA oso azkar hondatu daiteke, baina erakutsi dugu baldintza egokietan atzera egin dezakegula inor gutxik imajinatu ahal zuen modu batean”.
Ohi bezala, eta gaur egungo arazoetara joz, ikertzaileek aurreratu dute klima aldaketaren aurrean espezie desberdinek izan zuten jokabideaz ikasi nahi dutela ere, oraingo egokitzapen estrategietarako informazio hori baliagarria izango delakoan. Zentzu horretan, Kjaerrek argudiatu du agian ingeniaritza genetikoak imitatu ahalko duela orain dela bi milioi urte bizidunek beroketa globalaren aurrean erabili izan zuten estrategia.
Erreferentzia bibliografikoa:Kjaer et al. (2022). A 2-million-year-old ecosystem in Greenland uncovered by environmental DNA. Nature 612, 283–291. DOI: 10.1038/s41586-022-05453-y
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Duela bi milioi urteko DNA berreskuratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Otsoei buruzko politika
Iazko irailetik, otsoa ez da espezie zinegetikotzat hartzen Espainian. Horixe ezarri zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandako agindu batek. Beraz, debekatuta dago otsoak ehizatzea. Ganaduzaleen elkarteez gain, Galizia, Asturias, Kantabria eta Gaztela eta Leon agertu dira erabaki horren aurka. Erkidego horietan biltzen da, hain zuzen, haragijale handien % 95a. Kalkuluen arabera, Espainian, 2 000 edo 2 500 otso daude, 300 taldetan banatuta, gutxi gorabehera.
Gai honetan, interes gatazka argia da. Alde batetik, mugimendu kontserbazionistak eta ekologistak daude. Mugimenduok presioa egiten dute naturaguneak ez zik, iraganean toki horietan zeuden espezieak ere lehengoratzeko politikak ezar daitezen, ehizaren eta beste giza jarduera batzuen ondorioz, espezie horien kopurua gutxitu egin baita. Bestetik, neurri horien aurka dauden ganaduzaleak daude. Salatzen dute otsoek bere animaliei eraso egiten dietela, eta beren azienden bideragarritasunaren kontura babesten ari direla. Oro har, alderdi ekologistak eta ezkerrekoak otsoen ehizaren aurka daude; eskuinekoak, eta, bereziki, eskuin muturrekoak, ordea, babes porrokatuaren aurka. Hala ere, salbuespen nabarmenak daude.
Irudia: Iberiar otsoa (Canis lupus signatus) Granadan (Espainia). (Argazkia: Arturo de Frias Marques – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Estatu Batuetan antzeko eztabaida bat sortu zen otsoa Yellowstone parkean berriro sartzea erabaki zenean. Karibu ehiztariak aurka zeuden, lehiakidetzat hartzen zituztelako otsoak, eta arrantxo jabeak, Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko ganaduzaleen arrazoi berberengatik. Han ere jarrerek zerikusia dute ideologiarekin: hautesle errepublikanoek politika kontserbazionisten aurkako jarrera izan ohi dute; demokratek, aldiz, aldekoa.
Europa erdialdean otsoa lehengoratu denetik, aziendak erasoak jasaten hasi dira. Alemanian ia ez zen erasorik gertatzen 2010. urtearen aurretik, baina XXI. mendearen bigarren hamarkadan gero eta gehiago erregistratu dira. 2020an, adibidez, hildako abelburuen kopurua milatik gorakoa izan zen; zehazki, 3.500. Eta, hain zuzen ere, horregatik ikertu dute eraso horien eta hautesleen jarreraren arteko harremana. Horretarako, udalerri mailaraino segmentatu dute eremua, eta aztertu dute zer eragin izan duten erasoek bai alderdi berdearen emaitzetan (Die Grünen), alderdi horrek jartzen baitu enfasi handiena politika kontserbazionistetan, bai Alternative für Deutschland (AfD) eskuin muturreko alderdiaren emaitzetan, irmo egiten baitu neurri horien kontra.
Hala, 1990. urtetik 2021. urtera egin diren hauteskunde federaletako, estatu mailako hauteskundeetako eta udal hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte, eta ikusi dute erasoek ondorio nabarmena izan dutela AfD alderdiari emandako botoetan; ondorioa askoz nabarmenagoa izan da estatu mailako hauteskundeetan, hauteskunde federaletan eta udal hauteskundeetan baino. Bestalde, erasoek ondorio negatiboa izan dute alderdi berdean, eta estatu mailako hauteskundeetan ere bai, baina ez alternatibak lortutako onura bezain nabaria.
Espezialistek bi hipotesi dituzte otsoen erasoen eta eskuin muturraren gorakadaren arteko lotura azaltzeko. Bata erasoek eragindako mehatxu ekonomikoa da (AfD-k hauteskundeetako argumentu gisa erabiltzen du). Beste batzuen ustez, ordea, baliteke otsoen aurka egotea hiri eliteekiko erresuminaren adierazpen bat izatea bizitzeko eta baliabideak ustiatzeko modu tradizionalekin identifikatzen direnentzat. Interesek ez ezik, balioek ere badute pisua balantzan.
Erreferentzia bibliografikoa:Clemm von Hohenberg, Bernhard eta Hager, Anselm (2022). Wolf attacks predict far-right voting. PNAS, 119 (30), e2202224119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2202224119
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Otsoei buruzko politika appeared first on Zientzia Kaiera.
Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen
Txakurra da gizakiak etxekotu zuen lehen espeziea, nahiz eta oraindik eztabaidagai izaten jarraitzen duten otsoaren etxekotzearen jatorri geografikoak eta tenporalak.
1985ean, Jesus Altunak Errallako koban (Zestoa, Gipuzkoa) zuzendu zuen indusketa batean, humero bat aurkitu zuten, ia osorik zegoena, kanido batena, otsoak, txakurrak, azeriak eta koioteak -besteak beste- biltzen dituen haragijale familia. Une hartan ez zegoen baliabiderik identifikatzeko hezurra zein kanido espezieri zegokion.
Irudia: 1985ean Errallako koban (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitutako humeroaren irudia. a) Aurreko ikuspegia. b) Atzeko ikuspegia. c) Ikuspegi mediala. d) Alboko ikuspegia. (Iturria: Hervella, M. et. al.)Orain, Conchi de la Rúa irakasleak zuzentzen duen UPV/EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak sakon aztertu du hezur hondakina, eta analisi morfologiko, erradiometriko eta genetikoak berretsi egin du espeziearen identifikazio genetikoa: Canis lupus familiaris (etxe txakurra). Karbono 14a erabiliz eginiko zuzeneko datazioaren arabera (masen espektrometria eta partikulen azeleragailu bidez), humeroaren antzinatasuna 17,410–17,096 cal. BP-koa da (calibrated years before the present esapidearen laburdura; hau da, emaitzak doitu egiten dira kontuan hartuz erradiokarbonoaren kontzentrazio globalean izandako aldaketak denboran zehar). Beraz, Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen eta, horrenbestez, Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke.
Errallako txakurraren eta orain arte aztertu diren Madeleine aldiko txakur urrien etorki mitokondriala berberak dira. Etorki horren jatorria lotuta dago Azken Izozte Maximoarekin bat datorren klima hotzeko aldi batekin, Europan duela 22.000 urte inguru izan zena. “Emaitza hauek ikusita, litekeena da otsoaren etxekotzea orain arte uste zena baino lehenago gertatu izana, Mendebaldeko Europan behintzat, non areagotu ahal izan zen Paleolitoko ehiztari-biltzaileen interakzioa espezie basatiekin, hala nola otsoarekin, krisi klimatikoaren aldian izoztetik babestuta egon ziren eremuetan (Franko-Kantauriar eremuan, adibidez)”, azaldu du Conchi de la Rúa Giza Biologia Ebolutiboko taldearen zuzendariak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen
Erreferentzia bibliografikoa:Hervella, M.; San-Juan-Nó, A.; Aldasoro-Zabala, A.; Mariezkurrena, K.; Altuna, J.; de-la-Rua, C. (2022). The Domestic dog that lived ~17,000 years ago in the Lower Magdalenian of Erralla site (Basque Country): A Radiometric and Genetic Analysis. Journal of Archaeological Science: Reports Vol. 46 DOI: 10.1016/j.jasrep.2022.103706
The post Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #419
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
ArgitalpenakSagua, eulia eta gizakia liburua 1997an argitaratutako liburua da, eta bere idazlea, François Jacob, genetika-lanen sorreraz, bilakabideaz eta etorkizunaz mintzo da bertan. Jacoben esanetan, ezaguera eta gizatasuna ezkontzetik etorriko dira gizarteak aurrerantzean beharko dituen balioak, mundu-ikuskera berri bati egokituak. Atal hau Zientzia Kaieran dago irakurgarri, eta , ZIO bildumatik atera da, EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean.
IngurumenaItsasoaren Esploraziorako Nazioarteko kontseiluak gomendatu du 2023an aingirarik eta beren kume diren angularik ez arrantzatzea. Ibai-aingira (Anguilla anguilla) desagertzeko arrisku larrian dago, baina bere egoera ez da zehatz-mehatz ezagutzen. Horregatik, zuhurtzia-printzipioari jarraituta, kontseiluak gomendatzen du ez egotea harrapaketarik inongo habitatetan. Gomendio honek aisialdiko harrapaketei zein komertzialei eragiten die, eta barne hartzen ditu birpopulatzeko eta akuikulturarako arrantzatzen diren aingira eta angulak. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Adituek diote erabilgarriak direla herritarrak zientziara hurbiltzeko eta zalantzak argitzeko. Alabaina, aplikazio horien fidagarritasuna ez da behin betikoa, eta tentuz erabili behar dira, ez dutelako beti bete-betean asmatzen. Hau arriskutsua izan daiteke, adibidez, onddoak identifikatzen laguntzen duten aplikazioen kasuan. Izan ere, argazki baten bidez identifikatzen dituzte onddoak, eta Joxepo Teres Aranzadi zientzia elkarteko mikologoak argi utzi du, bera ez dela ausartzen argazki batekin soilik onddo espezie jakin batzuk identifikatzen. Gai honen inguruko informazio gehiago Berrian: Natura poltsikoan.
AstronomiaNazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu. Ikerketa honetan partaide izan da Tom Broadhurst EHUko Ikerbasque ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko ikertzaile elkartua. Lehen planoan kokatutako galaxia baten handitze-ahalmenari esker lortu dituzte argazkiak, eta hiru momentu ezberdinetan atera zituzten. Horrexek argitzen du irudietan lortutako hiru koloreen jatorria, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, koloreak “gorritu” egiten baitira. Lortutako informazioarekin jakin ahal izan dute Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela, eta duela 11.500 milioi urte lehertu zela, alegia, gure galaxiaren jaiotzatik “gertu”. Datuak Zientzia Kaieran: Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak.
OsasunaGIBaren aurkako antigorputz aitzindariak sortzea lortu dute txerto berri batekin. Science aldizkarian argitaratu dutenez, I faseko saio kliniko txiki batean, parte-hartzaileen % 97k erantzun zabaleko antigorputzen aitzindariak sortu ditu, eta txertoak ez du albo-ondorio nabarmenik izan. Orain arte ezinezkoa izan da GIBaren andui desberdinak ezagutzeko gai diren antigorputzak sortzea. Alabaina, txerto berriaren estrategia izan da antigorputzen lerro germinalean edo jatorrian eragitea, eta, horrela, espektro zabaleko antigorputz bilakatzeko gai izango diren B zelula aitzindariak sorraraztea. Bada, txertoa hartu zuten 36 boluntariotatik 35ek B zelula aitzindari horiek sortu zituzten. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Gripearen txerto unibertsala lortzeko bidean da. Ezagutzen diren gripearen hogei bertsioei aurre eginen dien txertoa lortzeko ikerketek emaitza onak eman dituzte karraskariekin eta hudoekin egindako probetan. RNA mezulariaren teknika erabili dute horretarako, eta txertoa paratu dieten karraskariei immunitateak gutxienez lau hilabete iraun zien. Orain arte gripearen txertoak lau birusi erantzuteko gai ziren, eta, teknologia berri horrekin, hogeiri erantzuteko aukera egongo litzateke. Alabaina, emaitzak onak badira ere, oraindik klinika aurreko fasean dago. Honi buruzko informazio gehiago Berrian.
OPIK ikerketa-taldeak erakutsi duenez, antsiolitikoen kontsumoa igo egin da nerabeetan, bereziki, emakumeetan eta klase apalekoetan. Ondorio horretara iristeko, drogei buruzko Espainiako planaren barruko ESTUDES inkestaren datuetatik abiatu dira. Zehazki, 14-18 urteko ikasleen droga-erabilerari erreparatu diote, eta adin horretan antsiolitikoak eta hipnosedanteak kontsumitzeko prebalentziak eta probabilitateak aztertu dituzte. Gainera, OPIK taldeak baldintzatzaile sozialek osasunean duten eragina ikertzen du, eta, generoaren, jatorriaren eta klase sozialaren araberako desberdintasunak aztertu dituzte. Emaitzak ikusirik, ikertzaileek diferentzia horien zergatiak ere azaldu dituzte. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaEgunero, 1,5-2,5 litro urin gastrikoa ekoizten dira gure urdailean, eta ezinbestekoa da uri hau elikagaiak digeritzeko eta zenbait agente patogenok eragindako infekzioak prebenitzeko. Hain azidoa izanik, logikoa da pentsatzea urdaileko zelulak ere kaltetu ditzakeela likido horrek. Alabaina, lau defentsa elementuk babesten dute urdaila bere fluidoen kalteen aurrean. Batetik, urdailaren barnealdean dugun muki alkalinoko geruza lodi batek estaltzen du urdaila. Bestetik, urdailaren barnealdeko gainazala estaltzen duten zelulak, hermetikoki elkarri lotuta daude proteinazko egitura konplexu baten bitartez, eta urin gastrikoa zelula gastrikoen artean sar dadin ekiditen du. Gainera, zelula epitelialak etengabe berritzen dira urdailaren babesa bermatzeko, eta, azkenik, urdaileko azidoaren jarioa oso modu zehatzean erregulatzen da, azidotasuna gehiegizkoa izan ez dadin. Azalpenak Zientzia Kaieran: Zergatik urdailak ez du bere burua digeritzen? Tira, batzuetan, egiten du.
Miriam Friedman Menkin zientzialaria izan zen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena. Miriam Friedman 1901ean jaio zen Rigan, Letonian. Haren aita medikua zen eta familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera Miriamek bi urte besterik ez zituenean. 1923an genetikako maisutza lortu zuen Columbiako Unibertsitatean, eta urte batzuk geroago, John Rock Harvardeko biologoak kontratatu zuen. Horrela, emakumeen hilekoaren zikloan obulazioaren une zehatza zehazten saiatu ziren elkarrekin. Alabaina, 1944an, laborategiko errutina batean, Menkinek behar baino gehiago utzi zuen obulu bat in vitro espermatozoideekin kontaktuan, eta espero gabe, obulua ernaldu egin zen. Emakume honen ibilbide zientifiko osoa irakur daiteke Zientzia Kaieran: Miriam Friedman Menkin edo ugalketa-aro berri baten hasiera.
FisikaJavier Fernández Panadero fisikariak azaldu duenez, txanponak airea jaurtitzen ditugunean hauen portaera ez da zorizkoa. Txanponek mugimenduaren inguruko Newton-en legeei eta solido zurrunen ekuazioei jarraitzen diete, grabitatea jasaten dute, eta mahaiaren erreakzioaren, inguruko airearen mugimenduaren eta abarren mendekoak dira. Arazoa da oso zaila dela portaera aurreikustea, etorkizuneko balizko egoeretan egon daitezkeen aldakuntzek duten eragin handiagatik. Horrela azaldu nahi izan du Fernandezek mundu kuantikoa, kuantika naturaren beste eredu bat baita, eta hautematen ditugun portaerak eta ondorioak azaltzen saiatzen da. Honen adibide dira Heisenberg-en ziurgabetasun-printzipioa eta ezkutuko aldagaien teoria, eta hauek azaldu ditu Fernandezek Zientzia Kaierako Txanponen portaera ez da zorizkoa artikuluan.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #419 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #425
Dirudienez, entzefaloaren aldaketa jakin batzuekin lotuta egongo litzateke migraina. Preliminary research identifies brain changes associated with migraine, Rosa García-Verdugo.
Ba al dago erloju ultrazehatza baino zehatzagorik? Bai, kuantikoki korapilatutako bi erloju ultrazehatz. Ultraprecise entangled clocks
Hainbat molekula organiko abiapuntu hartuta, nanohariak fabrikatu dira. Nanohari ez-organiko bat lortzeko aukera aztertzeko lanean dabil orain, DIPCko jendeak lankide batzuekin (besteak beste, kimikako Nobel saridun batekin). Are inorganic nanothreads possible? The case for borazine-based ones
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #425 appeared first on Zientzia Kaiera.
Miriam Friedman Menkin edo ugalketa-aro berri baten hasiera
1978an munduko lehen probeta-umea jaio zenetik, in vitro ernalketa-tratamendua arrakastatsua izan da ugalkortasun-arazoak dituzten pertsonen ehuneko handi batentzat. Ia mende erdian, zortzi milioi haurtxo baino gehiago jaio dira dagoeneko teknika horri esker. Miriam Friedman Menkin (1901-1992) zientzialaria dago teknika horren atzean, hura izan baitzen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena.
Miriam Friedman 1901eko abuztuaren 8an jaio zen Rigan, Letonian. Haren aita medikua zen eta familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera gure protagonistak bi urte besterik ez zituenean. Friedman Cornelleko Unibertsitatean graduatu zen 1922an, Histologian eta anatomia konparatuan, eta hurrengo urtean genetikako maisutza lortu zuen Columbiako Unibertsitatean. Denbora batez, biologia eta fisiologia irakatsi zituen New Yorken. Aitaren urratsei jarraitzea erabaki zuen, eta medikuntzako zenbait fakultatetan matrikulatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, emakumeentzako oso plaza gutxi baitzeuden.
1. irudia: Miriam Friedman Menkin zientzialariak izan zen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena. (Iturria: Mujeres con Ciencia)1924an, Harvardeko medikuntza ikasle batekin ezkondu zen, Valy Menkinekin, eta Miriam Friedman Menkin izena hartu zuen (baita Miriam F. Menkin ere edo, besterik gabe, Miriam Menkin). Biologian doktoretza egiteko erabakia hartua zuen arren, baliabide ekonomikoak jarri behar zituen senarrak ikasketak amaitu bitartean eta, beraz, beste lizentziatura bat lortu zuen idazkaritza-ikasketetan, Simmons College eskolan. Hala eta guztiz ere, Miriamek akademiarekiko hurbiltasuna aprobetxatu zuen bakteriologian eta enbriologian trebatzeko eta senarrari laborategian esperimentuak egiten laguntzeko. Han ezagutu zuen Gregory Pincus, urte batzuk geroago John Rockekin batera pilula antikontzeptiboaren sortzaile bihurtuko zen Harvardeko biologo bat.
1939ko hamarkadaren hasieran, Menkinek patologiako ikertzaile gisa egin zuen lan Harvardeko Medikuntza Eskolan eta, ondoren, laborategiko teknikari gisa aritu zen Pincusentzat, unibertsitate berean. Garai hartan, ikertzaile horrek nolabaiteko ospe zientifikoa lortua zuen, jakinarazi baitzuen untxiak sortzeko aukera zegoela partenogenesi bidez, hots, ernaldu gabeko obuluetatik abiatuta. Gregory Pincusek Harvardeko lanpostua galdu zuen 1937an, eta horrek lanik gabe utzi zuen Miriam ere.
Miriam Menkin urtebete aritu zen estatuko laborategietan lanean, eta gero ikerketako lanpostu bat eskatu zuen John Rockekin, Bostonen lan egiten zuen ugalkortasuneko mediku aditu batekin. Ikertzaile ezaguna ez izan arren, Rockek interes handiz aztertu zituen Pincusen ikerketetako azken berrikuntzak, eta animaliekin egindako esperimentu haiek praktika klinikora eramateko asmoa zuen. Rockek Miriam Menkin kontratatu zuen bere laborategian egiten zen lana ikuskatzeko. Hala, emakumeen hilekoaren zikloan obulazioaren une zehatza zehazten saiatu ziren elkarrekin.
Asteko errutina1938tik aurrera, Rockek eta Menkinek beren ikerketetan parte hartzeko prest zeuden emakumeak bilatu zituzten. Rockek histerektomiak egiten zizkien diru-sarrera txikiko emakumeei Massachusettseko Free Hospital for Women karitate-zentroan. Prozedura kirurgikoak obulazioaren aurreko unean gertatzeko moduan programatzen ziren. Hala, astero, Rockek giza obulutegi atera berrien lagin txikiak ematen zizkion Menkini, eta hark laborategian disekzionatzen zituen, ernaltzeko prest zeuden obuluen bila. Gorputzeko zelula handienetako bat izan arren, giza obulua oso txikia da –ile baten antzeko diametroa du–, eta pertsona gehienek lupa bat behar dute orban ilun gisa ikusteko. Miriam, aldiz, obuluak begi hutsez identifikatzeko gai zen, baita normalak ziren edo deformatuta zeuden jakiteko ere.
2. irudia: obozito baten injekzioa espermatozoideen injekzio intrazitoplasmatiko batean. (Argazkia: Ekem – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Astero errepikatzen zen laborategiko errutina: asteartean obuluak lortu, asteazkenean espermarekin nahastu, ostegunean «otoitz egin» eta ostiralean mikroskopioan behatu. Protokoloan zenbait aldaketa txiki egin zituzten arren, esaterako, esperma-kontzentrazioak eta/edo inkubazio-kondizioak aldatzea, sei urte luzez, ostiraletan, Miriamek zelula bakarrak soilik aurkitu zituen, ernaldu gabeko obuluak hildako espermatan. Harik eta ostiral batean, 1944ko otsailaren 6an, zerbait aldatu zen arte.
Amaiera zoriontsuko hanka-sartze batAste hartako asteartean, Johnek obulutegia atera zion emakume bati, seme-alabak jaio ondoren haren umetoki-lepoak eta umetokiak prolapso bat izan zutelako. Miriamek obulua bilatu zuen barruan, eta espermarekin kontaktuan jarri zituen, protokoloak zehaztutako hogeita hamar minutuetan interakzioa izan zezaten. Egun hartan, ikertzailea bereziki nekatuta zegoen, haren alaba Lucyk gau txarra zuelako esna egon baitzen. Obuluaren eta espermatozoideen arteko interakzioa mikroskopioaz behatzen zuen bitartean, Miriamek ez zuen itxaronaldia bete, eta ezarritako iraupena gainditu zuen. Hurrengo ostiralean, Menkin harri eta zur gelditu zen, zelula banaketa hasi zela ikusi zuenean: horrek obulua in vitro ernaldu zela baieztatzen zuen.
3. irudia: Science aldizkariak Rockek eta Menkinen lana argitaratu zuen «In vitro ernalketa eta giza obuluen banaketa» artikuluan. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Aurkikuntzari berehala argazki bat egitea ahaztu zitzaion Menkini, eta egin nahi izan zuenerako, ernaldutako obulua hilda zegoen. Ondoren, beste hiru obulu ernaltzea eta haien argazkiak egitea lortu zuen, baina horietako bakar bat ere ez zen hiru zelulatik gora hazi hil aurretik. Rockek eta Menkinek beren lana txosten labur batean argitaratzea erabaki zuten. Science aldizkariak haien aurkikuntzak argitaratu zituen 1944ko abuztuan, «In vitro ernalketa eta giza obuluen banaketa» artikuluan. Associated Press aldizkariak eta The New York Times eta Time egunkariek ere eman zuten albistearen berri eta, oro har, itxaropen handiz hartu zuten berria familia antzuek. Urte asko geroago heldu zen lehenengo probeta-umea (Louise Brown, 1978), baina aurkikuntza horri esker, gaur arte antzutasunari buruz egin diren ikerketetarako oinarri zientifikoak ezarri ziren. Hain zuzen ere, 1951n, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jasotzeko proposatu zituzten Rock eta Menkin, in vitro ernalketaren garapenean egindako ekarpenagatik.
Zailtasun gehigarriakMiriam Menkin prest zegoen giza ugalketaren mugak zeharkatzen jarraitu eta erreferentziazko zientzialari bihurtzeko, baina ez berak ez Rockek aurreikusi ezin zuten zerbait gertatu zen: Miriamen senarrak Bostonen zeukan lana galdu zuen. Duke Unibertsitateak kontratatu zuen, Ipar Carolinan, eta hara joan ziren bikotea eta bi seme-alabak. Bostongo ikerketa eten zen; Miriam Menkinen ezagutzarik eta trebetasunik gabe, Rocken laborategiak ez zuen inoiz in vitro obulu bat ernaltzea lortuko. Ipar Carolinan, berriz, in vitro ernalketa eskandalutzat hartzen zen.
Hainbat urtez senarraren kontrol ekonomikoa eta eraso-mehatxuak jasan ondoren, 1949an Miriamek Valyrengandik banantzea erabaki zuen, eta bere ardurapean geratu ziren seme-alabak. Horrek are gehiago zaildu zion bere karreran aurrera egin ahal izatea; hilabete bukaerara iristeko zailtasunak izaten zituen eta, sarritan, bere alaba Lucy zaintzea egokitzen zitzaion, epilepsia baitzuen eta laguntza medikoa behar izaten baitzuen maiz. Garai hartan, Miriam Menkinek ordaindu gabeko lanetarako hainbat eskaintza jaso zituen, gauetan eta asteburuetan beste ikertzaile batzuen laborategiak erabiltzeko, baina ezin izan zuen halako lanik onartu.
1950eko hamarkadaren hasieran, Menkin Bostonera itzuli zen, Lucy premia bereziak zituzten haurrentzako eskola batean inskribatzera. Rockekin elkartu zen haren laborategian, baina azken urteetan asko aldatu zen haren egoera. Orduko ugalketa-erronka jada ez zen haurtxo gehiago jaiotzea, haurtxoak jaio ez zitezen lortzea baizik. Hala, John Rocken eginkizun nagusia antisorgailu bat garatzea zen, eta Gregory Pincusekin lankidetzan lortu zuen mugarri historiko hori, 1960an pilula antisorgailua onartu zenean. Menkinek eta Rockek ez zuten gehiago ugalketa-ikerketan lan egin.
Miriam Friedman Menkin Bostonen hil zen 1992ko ekainaren 8an, 91 urte zituela. Zaila da jakitea zer lortuko zukeen zientzialari honek bere bizitza desberdina izan balitz, Valyrekin ezkondu izan ez balitz edo merezitako doktoretza jaso izan balu (Harvardeko doktorego-baldintzak bi aldiz bete zituen, baina ezin izan zuen titulua lortu, ezin zituelako beharrezkoak ziren tasak ordaindu). Baina ziurtatu dezakegu hura bizi izandako garaiak eta haren inguruabar pertsonalek oso egoera berezian jarri zutela: zientzialari bikaina zen, baina bere haurrak laguntzarik gabe hazi behar zituen emakume baten lan- eta ekonomia-mugek nahasi zuten.
Erreferentzia bibliografikoak:- Rachel E Gross (2020). Miriam Menkin, la científica que cambió la fertilidad humana para siempre (y qué tuvo que ver una siesta en ello), BBC Future, 2020ko urtarrilak 19
- Artificial Fertilization, Science News 46 (7), 1944ko abuztuak 12
- Miriam Menkin, Wikipedia
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 16an: Miriam Friedman Menkin o el comienzo de una nueva era reproductiva.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Miriam Friedman Menkin edo ugalketa-aro berri baten hasiera appeared first on Zientzia Kaiera.
Sagua, eulia eta gizakia
Sagua, eulia eta gizakia liburua 1997an argitaratutako liburua da. Bere idazleak, François Jacob, genetika-lanen sorreraz, bilakabideaz eta etorkizunaz mintzo zaigu: “Molekulak, ugalketa eta eboluzioaren brikolajea ditugu hemen hizpide. Ikusiko dugu, orobat, nola diharduten biologoek, nola heltzen dio ten ederrari eta egiari, ongiari eta gaizkiari”.
Irudia: Sagua, eulia eta gizakia liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Genetikaren inguruko azalpen apainen haritik, ordea, munduko gatazka bizien erdira dakar Jacob-ek zientzia. Leporatu ohi zaion hoztasun eta urruntasunetik, giza auzien plazara datorkigu jakintza. Izan ere, hankaz gora jarri ditu aurrerapenak gizartearen hainbat sineste eta balio oso sustraitu, baina gainazpikatze horrek ez du esan nahi, Jacob-en ustez, elkarren aurka daudenik zientziaren aurrerabidea eta giza jokaera zintzoa: “Gizadiaren arrisku nagusia ez da jakintzaren garapena, ezjakintasuna baizik”.
Arriskuak arrisku eta mamuak mamu, diosku, ezaguera eta gizatasuna ezkontzetik etorriko dira gizarteak aurrerantzean beharko dituen balioak, mundu-ikuskera berri bati egokituak. “Nahaste ikaragarri bat gara: azido nukleikoak eta oroitzapenak, desirak eta proteinak ditugu osagai. Amaitzear den mendea biziki arduratu da azido nukleikoez eta proteinez. Datorrenak oroitzapenei eta desirei helduko die. Gai izango ote da auziok ebazteko?”.
François Jacob (Nancy 1920 – Paris 2013) izen handiko ikertzailea izan zen, hogeita hemezortzi urtez Pasteur Institutuan jarduna biologia- eta genetika-arloak jorratu zituen. Nobel saria jaso zuen, 1956an, André Lwoff eta Jacques Monod-ekin batera. Bere zientzia-lan oinarrizkoaren osagarri, beti izan zuen dibulgaziorako kezka. Ospetsuen honetaz gainera, baditu beste zenbait liburu argitaratuak, genetikaren inguruan betiere.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Sagua, eulia eta gizakia
- Egilea: Jacob, François
- Itzultzailea: Juan Garzia
- ISBN: 84-8373-661-6
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2004
- Orrialdeak: 198 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Sagua, eulia eta gizakia
The post Sagua, eulia eta gizakia appeared first on Zientzia Kaiera.
Txanponen portaera ez da zorizkoa
Ahaztu egiten zaigu, erabilera eta ohituren ondorioz, mundua hasiera batean ematen duenaren aldean oso ezberdina dela, bai eta hura ulertzeko (edo, behinik behin, ulertzen saiatzeko) zein tresna aukeratu ditugun ere. Ezagutzarekiko hurbilketa zientifikoan, enpirikoak izaten saiatzen gara. Bada, proposizio baten egia ebaluatzeko irizpidea mundu naturaleko behaketekin duen hitzarmena da, iritziez, teoriez, guruez edo ohiturez haratago. Behatutako egitateak azaltzeko gai izango liratekeen ereduak eraikitzen ditugu, eta ahalik eta sinpleen izaten (Ockhman-en labana) eta ahalik eta gauza gehien azal dezaten saiatzen gara. Berriro diot: ereduak.
Eredu sinpleak, baina ez sinpleegiakArrakasta handia duten eredu batzuk “faltsuak” dira, harrigarriro, sinplifikatuak izateagatik. Hona hemen adibide bat: gas ideala. Eredu horren arabera, gasa osatzen duten atomoak edo molekulak puntualak (zero tamainakoak) dira eta ez dute elkarren arteko interakziorik. Bistako faltsukeria horiek gutxi gorabehera zuzenak dira egoera askotan, eta eredu horrek primeran funtzionatzen du. Pentsa ereduaren sinpletasuna dela eta, eratorritako ekuazioak ere sinpleak eta erabilerrazak direla. Esan nahi al du horrek gas hori badagoela? Nola izan daitezke molekulak zero bolumenekoak? Ez, ez dago. Eredu hori gure aplikazioetarako nahikoa den zehaztasunarekin hurbiltzen da errealitatera. Eta kito.
1. irudia: txanponen portaera ez da zorizkoa, mugimenduaren inguruko Newton-en legeei eta solido zurrunen ekuazioei jarraitzen diete, besteak beste. (Marrazkia: Ipipipourax – domeinu publikoko irudia. Iturria Wikimedia Commons)Ideia horiek nahiko argi egon ohi dira. Zoriarekin antzeko zerbait gertatzen dela ahazten zaigu; hori da deigarria. Azaldu egingo dut.
Txanponen portaera ez DA zorizkoa. Mugimenduaren inguruko Newton-en legeei eta solido zurrunen ekuazioei jarraitzen dieten, grabitatea jasaten duten, eta mahaiaren erreakzioaren, inguruko airearen mugimenduaren eta abarren mendekoak diren objektuak dira txanponak. Dagozkien ekuazioak plantea ditzakegu, eta haiek ebazten saiatu. Arazoa da oso zaila dela portaera aurreikustea, etorkizuneko balizko egoeretan egon daitezkeen aldakuntzek duten eragin handiagatik.
Aldiz, jaurtiketa bat baino gehiago egin ondoren emaitzak aztertuz gero, zoriz amaierako bi balio eman litzakeen sistema batetik eratorritako portaera EMATEN duen portaera bat ikusiko genuke. Izan ere, estatistika apur bat eginez, bi aukeren artean % 50ez bestelakoak diren probabilitateak dituzten txanpon asimetrikoak modeliza genitzake. Hortaz, txanpon bat bi balio posibleren artean zoriz balio bat itzultzen duen sistema bat dela EREDU paregabe bat da, eta horrek ez du esan nahi aurkia ateratzen denik funtsezko portaeran ezinbestean zorizkoa den prozesu bat dagoelako. Baina gatozen berriro izenburura. Txanponak grabitatea eta mahaiaren erreakzioa “sentitzen” ditu, ondo baino hobeto DAKI zeinek zein norabidetan bultzatu duten eta zergatik erortzen den erortzen den moduan. Zu zara ez dakiena, eta ezin zenuke jakin.
Demagun likido batean murgiltzen den molekula bat. Ondo baino hobeto daki zeren kontra edo zein hormarekin egin duen talka eta zergatik duen abiadura hori. Berak badaki. Guk, ordea, ez. Horregatik egiten dugu mekanika estatistikoa emaitza paregabeekin. Imajina dezagun, nahi baduzu, metroaren aho baten irteera puntako orduan, goitik ikusita. Gainezka egiten duen likido baten antz handia du, eta, segur aski, ederki jarraituko dio eredu horri. Esan nahi al du horrek irteten den pertsona bakoitzak ez dakiela nora doan eta zergatik? Ez, esan nahi du zenbaketa hori egitea zaila egiten zaigula, eta eredu sinpleago batek nahikoa azaltzen duela behatutako portaera.
2. irudia: metroaren aho baten irteera puntako orduan, goitik ikusita gainezka egiten duen likido baten antz handia du. Naiz eta haiek jakin ze norabide hartuko duten, guri zaila egiten zaigu kalkulatzea. (Argazkia: ID 3005398 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Orain, bi esaldi hauetara itzuliko naiz:
“Txanponen portaera ez DA zorizkoa”. “(…), zoriz amaierako bi balio eman litzakeen sistema batetik eratorritako portaera EMATEN duen (…)”Pentsamendu enpirikoko eskema batean (non gauzak zentzumenei aurkezten zaizkien moduarengatik dakizkigun), zer desberdintasun dago IZATEAREN eta EMATEAREN artean?
ONDORIOEI soili erreparatuz, nola desberdin ditzakegu beti modu berekoa dela EMATEN duen zerbait eta beti modu berekoa DEN zerbait?
Ezin ditugu desberdindu. Bereizezinak dira. Ezagutza enpirikotik, gauzen “funtsa” ezagutzen dugu, horiek beha daitekeen munduan duten ondorioengatik.
Beste gauza bat izango litzateke objektu batek ia beti modu berean jokatzea, baina egoera jakin batzuetan beste modu batean jokatzea. Kasu horretan, bereiz genitzake, baina, berriz ere, ondorioengatik, ezohiko portaera horiengatik.
Beraz, klasikoki zorizko portaera beste eredu bat da, gutxi gorabeherakoa, baina ez sistemen funtsezko ezaugarri bat.
Izatez zorizkoa al da mundu kuantikoa?Ikus dezagun…
Alde batetik, kuantika naturaren beste eredu bat da, gutxi gorabeherakoa, eta hautematen ditugun portaerak eta ondorioak azaltzen saiatzen da. Kasu horretan, eredu klasikoen antzera, azalpen existentzialista bat faltako litzaioke.
Izan ere, sistema kuantikoen bilakaera determinista da; alegia, sistema baten egoeratik sistema horrek izango duen etorkizuneko bilakaera ezagut daiteke. Beste gauza bat da sistema baten egoerak propietate guztiak “zehaztuta” ez edukitzea edo horiek “eskuratzeko modukoak” ez izatea.
Ezagutzen dugu Heisenberg-en ziurgabetasun-printzipioaren bertsio hori. Horren arabera, posizioa zehaztasun handiagoz ezagutzen bada, ziurgabetasuna areagotzen da momentu linealean, eta alderantziz. Beraz, zenbait gauza egingo dira jakin (adibidez, “ibilbide” bat. “Probabilitate hodei” bihurtzen dira) edo zenbait gauza ezingo dira nahi beste zehaztasunarekin jakin.
Behagarri (edo “magnitude”) baterako balio definiturik ez duten egoera kuantikoak ere har genitzake; esate baterako, elektroi bat, zeinaren spina ardatz batean “goian” eta “behean” osatzen duten konbinazio lineal bat baita, elkarri lotutako bi partikula*, etab.
Nola erabakitzen da edo nork erabakitzen du neurri baten ondorioz aterako den balio zehatza?
Elektroi horren spina neurtzean, zerk eragingo du emaitza ½ edo –½ izatea partikula zehatz bakoitzaren neurrian?
Elkarri lotutako partikuletan, zergatik bat neurtzean balio bat lortzen dut eta ez kontrakoa? Hauteman ezin den mekanismo mikroskopikorik al dago (txanponaren antzera) edo izatez zorizkoa den prozesu bat al da?
Eman diezazuekedan erantzunik onena da galderak zentzurik ez daukala, eta ez duela axola, emaitzak bereizezinak direlako eta gu enpiristak ez garelako.
3. irudia: matematikak gutxi gorabehera hautematen dugun mundua modelatzeko modu on bat dira. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay. com)Agian norbaiti ezaguna izango zaio ezkutuko aldagaien teoriaren. Teoria horren arabera, neurtzen ari ez garen eta hautematen ditugun emaitzak markatzen dituzten aldagaiak daude.
Teoriak eta kuantikaren interpretaziorik ohikoenak emaitza desberdinak emango zituzten esperimentuak diseinatzen hasi ziren zientzialariak. Hori delako modu bakarra, enpirismoaren ikuspuntutik. Bibliako azi-orrazietan dira gizonak ezagun aginduari jarraitzen diote zientzialariek.
Azkenean, esperimentuak diseinatzea eta gauzatzea lortu zuten. Hala frogatu zuten ezkutuko aldagaien teoria, planteatzen zen moduan, ez zela bateragarria esperimentuekin. Hortaz, galdera hau geratzen da: Izatez zorizkoa al da natura kuantikoa edo zoriaren bidez ongi modelatu daitekeen portaera bat al du? Dena den, esan dizuedan bezala, enpirismoaren ikuspuntutik galderak zentzu askorik ez duela da erantzuna.
Beraz, ondorioztatuko dugu matematikak gutxi gorabehera hautematen dugun mundua modelatzeko modu on bat direla, modu harrigarrian, eta zoriarekin eta probabilitatearekin zerikusia duten azalpenak gure eskura dauden bestelako tresna matematikoak baino ez direla. Gainera, nolabaiteko atsekabe filosofikoa ekartzen badu ere, gogora dezagun enpirismoak ez duela ezagutu nahi gauzen funtsa portaerak ez diren beste gauzen bidez, eta horrek IZATEAREN eta EMATEAREN arteko desberdintasuna desagerrarazten du.
Oharra:*Elkarrekiko lotura kuantikoa. Analogo klasikorik ez duen fenomeno bitxia. Horren, arabera bi sistemek propietate bat dute, zeinaren balioa sistema batean eta bestean “lotuta” baitaude. Adibidez, zeroko ardatz batean spin balioa duten bi elektroi. Batek ½ balioa izango du, eta besteak –½, baina ez dago ezarrita zeinek duen zein. Horrelako egoera asko prestatuz gero, batean neurtzen duzunean balio bat lortuko duzu, eta bestean kontrako balioa ezarriko da, eta alderantziz.
Egileaz:Javier Fernández Panadero fisikaria eta bigarren hezkuntzako irakaslea da, baita zabalkunde zientifikoko liburuen idazle emankorra ere.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 22an: Tú no sabes por qué sale cara, pero la moneda sí
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Txanponen portaera ez da zorizkoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik urdailak ez du bere burua digeritzen? Tira, batzuetan, egiten du
Urin gastrikoa soluzio izugarri azidoa da. Ohiko pH maila 1,5 eta 3 artean izaten du, beraz, ozpina baino azidoagoa da eta gutxi gorabehera limoi zukuaren parekoa. pH oso baxu hori urdailaren horman dauden zelula parietalek askatzen duten azido klorhidrikoaren (HCI) ondorioa da. HCIak, salfuman izenarekin ezagunagoa denak, hainbat aplikazio ditu eguneroko bizitzan: etxea garbitzeko produktuetatik hasi eta erabilera industrial amaigabeetara (hodiak libratzeko, inkrustazioak kentzeko, materialak fabrikatzeko…).
Egunero, 1,5-2,5 litro urin gastriko (gehienbat urez, HCIz, digestio entzimez eta elektrolitoez osatua) ekoizten dira eta ezinbestekoa da elikagaiak digeritzeko eta zenbait agente patogenok eragindako infekzioak prebenitzeko. Nola da posible urdailak urin gastrikoaren eragin korrosiboak ez sufritzea, horren azidoa izanik? Oro har, lau defentsa elementuk babesten dute gordetegi muskular hori bere fluidoen kalteen aurrean. Lehenik, urdailaren barnealdea muki alkalinoko geruza lodi eta likatsu batek estaltzen du, bikarbonatoaren presentziari esker. Muki horrek oztopo fisiko zein biologiko moduan jarduten du eta urdaila bere urin propioaren aurrean babesten du, urdailaren barnealdeko gainazalean ia neutroa den pH (7) maila bat lortuta.
Irudia: lau defentsa elementuk babesten dute urdaila urin gastrikoaren eragin korrosiboetatik. (Argazkia: Robystarm – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Muki geruza horretatik haratago joanda, urdailaren barnealdeko gainazala estaltzen duten zelulak, zelula epitelialak, hermetikoki elkarri lotuta daude proteinez osatutako egitura konplexu baten bitartez. Oztopo fisiko hori oso trinkoa da eta urin gastrikoa zelula gastrikoen artean sar dadin ekiditen du. Bestela, arazo larria izango genuke, urdaileko ehunik sakonenaren digestioa gertatuko litzatekeelako.
Aurreko mekanismoekin batera, zelula epitelialak etengabe berritzen dira bizitzan zehar urdailaren babesa bermatzeko. Zelula hauek 3-6 egun arteko batez besteko bizitza izaten dute bakarrik, beraz, minutu oro, 500.000 zelula epitelial inguru suntsitzen dira eta zelula horiek urin gastrikora doaz. Azkenik, urdaileko azidoaren jariatze oso modu zehatzean erregulatzen da, organo honen azidotasuna ez dadin inoiz gehiegizkoa izan, eta elikagaiak ahoratzearen mendekoa izan dadin batez ere. Horretaz arduratzen dira, alde batetik, nerbio sistema sinpatikoa eta parasinpatikoa eta, bestetik, gastrina, histamina, somatostatina eta azetilkolina hormonak.
Jakina, egoera normalean, urdaila babesteko lau neurri horiek ezin hobeto funtzionatzen dute eta ez gara ohartu ere egiten gure barrenean azido biltegi bat dugunik. Hala ere, hainbat faktore direla eta, babes gastrikoko elementuen eta urin korrosiboaren arteko oreka delikatua apur daiteke. Alkohol gehiegi kontsumitzeak, zenbait sendagai (esaterako, antiinflamatorio ez esteroideak) maiz hartzeak edo Helicobacter pylori bakterioak (amoniakoa askatzen du eta ingurune azidoan bizirauten du), beste arrazoi askoren aurrean, urdaileko mukosa kaltetu dezakete eta eduki azidoaren ondoriozko kalteak eragin ditzakete. Fenomeno hori gertatzen denean ultzera peptikoez hitz egiten dugu: zauri horiek izugarrizko mina edo bihotzerrea eragiten dute urdailean, eta hori areagotu egiten da otorduen artean.
Orduan, zer egin dezakegu urin gastrikoak urdailaren eremu bat “digeritzearen” ondoriozko ultzerak sendatzeko? Lehenik, urdaileko oreka delikatua hondatu duen kausa tratatu behar da. Esaterako: H. pyloriaren aurkako antibiotikoak, mukosa gastrikoa kaltetzen duten sendagaiak kaltegarriak ez diren beste batzuekin ordezkatzea, alkoholik ez kontsumitzea, etab.
Horrez gain, urdailean askatzen den HCIa ere murriztu behar da, azidotasuna gutxitzeko eta, hartara, urdailari bere burua sendatzeko denbora emateko (zorionez, mukosa izugarri trebea da bere burua berritzen). Hori lortzeko protoi ponpa inhibitzen duten sendagaiak erabiltzen dira. Horien artean, omeprazola da ezagunena. “Babesle gastriko” moduan (oker) ezagutzen dira, errealitatean egiten dutena urdaileko azidoa murriztea izan arren, HCIa sortzen duten zelula parietalen kanalak blokeatuz.
Gaur egun, sendagai horiei esker, ultzeren pronostikoa bikaina izaten da. Oso arraroa da ultzera peptiko batek aurrera egin, urdaileko horma zeharkatu eta organo hori zulatzea. Bizitzarako arrisku larria ekarriko lukeen larrialdi medikoa izango litzateke hori, urin gastrikoa urdailaren ondoko eremuetara zabalduz gero, gorputzak kalte larriak sufrituko lituzke eta. Zorionez, oso salbuespenezkoak izaten dira horrelako kasuak.
Egileaz:Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko irailaren 12an:
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zergatik urdailak ez du bere burua digeritzen? Tira, batzuetan, egiten du appeared first on Zientzia Kaiera.
Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak
Supernoba deritzo oso masiboak diren izar batzuen bizialdiaren amaieran gertatzen den izar-leherketari. Bukaera bortitz honetan, izarrak talka-uhin baten bidez jaurtitzen du kanpoko geruzetako materiala, honen osagaiak ikusteko aukera erraztuz.
Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque ikertzaile eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaile elkartua partaide duen nazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu, kolore desberdinetan, lehen planoan kokatutako galaxia baten handitze-ahalmenari esker. Ikerketaren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dira.
Ikerketa-taldeak galaxiaren grabitazio-eremuaren eredua garatu zuen lente bezala erabiltzeko, eta horri esker zehaztu zuten hiru irudi horien argiek hiru bide egin zituztela, egun gutxi batzuen aldearekin. Horrexek argitzen du irudietan lortutako hiru koloreen jatorria, izan ere, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. Zenbat eta tenperatura handiagoa izan, orduan eta urdinagoa da igorritako argia, eta tenperaturak behera egin ahala, igorritako argiak gorrira jotzen du. Hartara, irudi urdina izar-leherketa gertatu eta ordu gutxira supernoba nola zegoen islatzen duen argazkia da, eta irudi berdea eta irudi gorria eztanda gertatu eta 2 egun eta 8 egun geroagokoak dira, hurrenez hurren.
Irudia: supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. (Argazkia: Jean Beaufort. Iturria: Publicdomainpictures.net)Informazio honetan oinarrituta, eztanda egin zuen izarra Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela jakin ahal izan da, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela, duela 11.500 milioi urte alegia, gure galaxia ustez sortu zen une berean. Supernoba honen irudiak Hubble Teleskopio Espazialarenak dira, baina oso handituta daude lentearena egiten duen galaxia hurbilago baten grabitazio-eremuaren eraginez, eta honi esker, gertuko galaxietako supernoba lokal guztiak baino askoz ere urrunago ikus dezakegu, distantziari eta denborari dagokienez.
Izar supererraldoi gorrien leherketei buruzko ikerketaren emaitzak bat datoz, elementu atomikorik astunenak izarren barruan eta supernoben leherketetan sortu zirela iradokitzen duen egungo hipotesiarekin: izarren barruan forjatutako elementuak supernoben leherketetan askatzen dira, eta horietan sortutako gas eta materialaren hurrengo belaunalditik sortuak dira eguzki-sistemak eta bizitza bera, egun ezagutzen ditugun bezalaxe. Leherketa horiek gertatu izan ez balira, egungo galaxietako gasak Big Bangean sortutako hidrogenoa eta helioa besterik ez lituzke izango, eta ez lioke eutsiko beste elementu kimiko astunago batzuk behar dituen egungo bizitza konplexuari. Gainera, grabitazio-lente baten bidez egindako supernoba honen behaketak argi utzi du unibertso urruneko gertaera bat hainbat aldiz ikus daitekeela, eta printzipioz, behatzeko tresnak behar bezala orientatuz gero, xehetasun osoz ikusi ahal izango genukeela supernoba bihurtuko den izar baten erupzioa.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Espazio urruneko supernoba bati esker, unibertsoko elementuen jatorria uler ditzakegu
Erreferentzia bibliografikoa:Chen, W.; Kelly, P. L.; Oguri, M.; Broadhurst, T. J. ; Diego, J. M.; Emami, N.; Filippenko, A. V.; Treu, T. L.; Zitrin, A. (2022). Shock cooling of a red-supergiant supernova at redshift 3, in lensed images. Nature 611, 256-259. DOI: 10.1038/s41586-022-05252-5
The post Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #418
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Argitalpenak
Zientzia Kaieran 1995ean argitaratutako liburu bat aurkeztu dute, Oliver Sacks neurologoak idatzitako Antropologo bat Marten liburua. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Sacks doktorea bere neurologo-esperientziatik abiatzen da zuzenean tratatu dituen kasu horien inguruan hausnartzeko. Atal hau Zientzia Kaierak ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumatik atera du.
Emakumeak ZientzianJone Iraeta Orbegozo ingurumen-psikologoa da. Ez da egunerokotasunean entzuten den terminoa. Diziplinartekoa dela nabarmendu du, eta modu batean psikologia eta biologia batzeko modua aurkitu du Orbegozok diziplina honetan. Hasiera batean psikologia klinikoa egiteko asmoa zuen, baina Txilera joan zen karrerako hirugarren urtean, ingurumen-psikologo bat ezagutu zuen bertan. Ordua ikusi zuen hori zela berak egin nahi zuena. Sevillan zientzia sozialak ingurumenera aplikatuta izena zuen masterra ikasi zuen horrela, eta masterra amaitzean Global Training bekari esker Kolonbian egon da lanean, aholkularitza sozial batean. Orain lan-bila dabil ingurumen-psikologo moduan, ingurumenean dugun eragina aztertzeko, eta ingurumenak gugan duen eragina ulertzeko. Elhuyar Zientziarekin elkarlanean egindako atal hau Zientzia Kaieran dago irakurgai.
OsasunaTximino-baztangari ingelesez Mpox deitzea erabaki du OMEk. Hau da, gaitzaren izenak tximino-baztanga izaten jarraitu du, eta hura eragiten duen birusaren izena, berriz, Orthopoxvirus monkeypox. Berri hau Elhuyar aldizkarian argitaratu da.
Abenduaren 1a Hiesaren Nazioarteko Eguna izan da, eta Alea aldizkariko Emaize Sexologia Zentroa atalak gogora ekarri nahi izan du pandemia hori. GIBa birus bat da, eta pertsona bat infektatzean, sistema immunologikoko zeluletan sartzen da eta pixkanaka hauek suntsitzen ditu. Infektatu ostean sistema immuneak defentsarako zelulak sortzeko gai izaten jarraitzen du tarte baterako, eta “seropositiboa” izatea deritzo. Alabaina, momentu batean birusak defentsak gaindituko ditu, eta Hiesa gaixotasuna azaleratuko da. Honetaz gain, argi izan behar da infektatuak sintomarik sumatzen ez badu ere, kutsatzeko gaitasuna duela, lau jariakinen bitartez: odola, semena, baginako fluxuak eta ama-esnea. Datu guztiak Alea aldizkarian: Ez egin ihes hiesari.
Gaiarekin jarraiki, diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk. Hiesaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu du OMEk mezu hori argi uzteko; izan ere, ugaritzen ari dira halako kasuak. Gaitzaren sorburua birus hori izaten da, eta, azaldu dute behar bezala atzematen ez bada, gaitzaren transmisioa ezin dela eten. Birusa berandu atzemanda, halaber, zailagoa izaten da pazientea ez eritzea, eta tratamendu egoki batekin asmatzea. Erakunde berak eman berri dituen azken datuen arabera, munduan 38 milioi GIBdun daude, 5,9 miliok ez dute tratamendurik jasotzen, eta lau milioi inguruk ez dakite birusa dutenik ere. Gauzak horrela, Europako gaitz infekziosoen prebentziorako zentroak eta OMEk helburu dute diagnostiko testak egiteko bideak erraztea. Azalpen guztiak Berrian.
Gaixotasun honen ildotik jarraiki, Berria GIB birusari aurre egiteko estrategien inguruan aritu da. Prebenitzeko neurriak beste ezeren gainetik egon behar dira, eta birus honen infekzioari izkin egiteko alternatiba bat Prep botika da, hau da, esposizio aurreko profilaxia. Prep GIBa ez duten lagunentzako prebentzio neurri biomediko bat da, eta egunero infekzioa eragozten duten botika bat hartzean datza. Botika horrek alderantzizko transkriptasa deitutako entzimaren ekoizpena blokeatzen du. Estrella Mikeleiz farmazian lizentziatuak eta Nafarroako GIB/Hies programaren koordinatzaileak azaldu du Euskal Herrian bostehun lagunek baino gehiagok hartzen dute Prep botika. Alabaina, argi utzi du neurri biomedikoa preserbatiboaren osagarria baino ez dela, eta lehena dela infekzio askori aurre egiteko modurik eraginkorrena.
AstronomiaArtemis I misioa espero baino urrunago doa. Azaroaren 16an abiatu zuen NASAk misioa, eta ibilbidearen erdian da Orion ontzia. Oraingoz, bidaiariak eraman ditzaketen ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena da. 430.000 kilometrora dago, eta are urrutiago ere joango da Ilargiaren inguruko buelta amaitzean. Izan ere, Ilargia orbitatzen ari da ontzia, Ilargiak Lurra orbitatzen duen kontrako norazkoan. Misio hau ordea etorkizunean Ilargira bidaiariak eramateko froga bat da, eta misioa amaitzean, beste bi urte itxaron beharko da Artemis II misioa abiatzeko. Datuak Berrian: Artemis I misioa espero baino «harago» doa.
Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek. Orain arte Gliese 486b eta Gliese 486 esaten zieten, urrenez urren. Alabaina, Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032 tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, Astronomoen Nazioarteko Batasunak 20 planetarentzat hizkuntza indigenetatik datozen izenak proposatzeko eskatu du. Hala, iaz aipatutako planeta topatu zuen ikerketa-taldeak eta beste zenbat zientzialarik eta pertsonaiak ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak proposatu dituzte, planeta hori eta bere izarrarentzat. Beroarekin loturiko izenak aukeratu dituzte, tenperatura beroak baitituzte Gliese 468 izarrean eta Gliese 486b haren planetan. Informazio gehiago Berrian eta Alea aldizkarian.
EkonomiaIkertzaile- eta aktibista-talde batek Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) azterketa egin du ikuspegi ekofeministatik, eta ondorioak zein trantsizio ekofeministarako proposamenak argitaratu ditu txosten batean. Zehazki, osasunean, energian, nekazaritzako elikagaietan, uran eta zaintzan oinarritzen da txostena. Egileen esanean, ikerketaren helburua da egungo politika ekonomikoei eta finantziazio publikoaren kopuruez ikuspegi feministatik eztabaidatzen laguntzea. Gainera, trantsizio ekofeminista baterako antolaketa sozial eta politikoari buruzko gogoeta egin dute, eta proposamen bat ere landu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: ESEPEen azterketa kritikoa eta proposamenak, ikuspegi ekofeministatik.
Unai del Burgo ekonomialaria da, UEUko Ekonomia Saileko kidea eta bere kontabilitate-administrazio ataleko teknikaria. Gainera, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko ikertzailea ere bada, eta zenbait ikerketa egin ditu alor horretan, bereziki ekonomia sozialaren inguruan. Tesian zehar, emaitza ekonomiko eta sozialaren arteko oreka neurtzeko tresnak aztertu zituen. Azaldu duenez, Ekonomia Sozialeko erakundeetan, emaitza ekonomikoak helburu sozialak lortzeko bitartekoak dira, eta aldagai sozialen eta ekonomikoen arteko oreka lortu behar da; hori bideratzeko, beraz, kudeaketarako neurketa-sistema berezi bat diseinatu dute Burgo eta lankideek. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Unai del Burgo: “Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen ‘bihotza’ kontutan hartuko duena”.
TeknologiaEHUko informatikari-talde bat zeinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira, bideoetatik ateratako eskuen erreferentzia-puntuak erabilita. Zehazki, Argentinako zeinu-hizkuntza identifikatzeko sistema garatzen ari da. Baina eskuaren posizioa eta mugimenduaz gain, orientazioa detektatu behar dute, keinu batek esanahi desberdina izan baitezake orientazioaren arabera. Ikertzaileek onartu dute, keinu-hizkuntza ulertzeko ezinbestekoa dela eskuen keinuez gain aurpegiko keinuak ere jasotzea. Alabaina, oraingoz eskuen keinuetan soilik oinarritu diren arren, emaitza oso onak lortzen ari direla adierazi dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Keinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira EHUn.
Zizare-zulo holografiko baten simulazio kuantikoa egin dute, lehen aldiz ordenagailu kuantiko batean. Maria Spiropulu Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzailearen lantaldeak lortu du, eta Nature aldizkarian argitaratu da lana. Spiropuluren taldeak sistema sinple bat diseinatu du zizare-zulo holografiko bat simulatzeko. Bertan, diseinatutako sistema kuantiko baten propietateak bat baitatoz grabitazio-sistema batean espero denarekin. Izan ere, printzipio holografikoa erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa bateratzen saiatzen da, eta printzipio horretan oinarritu dira simulazio hori diseinatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Ordenagailu kuantiko bidezko simulazioa, grabitate kuantikoa ikertzeko.
BiologiaZientzialari batzuk konturatu dira erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela. Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da. Ebidentzia honek beste ikerketa-esparru bat ireki du; izan ere, erleen karga elektrikoa sortzeko gaitasunak eragina izan dezake karga elektriko atmosferikoan, eta, ondorioz, ekaitzen sorreran. Azaldu dutenez, orain arte ekaitzen sorreran aintzat hartu diren prozesuak abiotikoak dira, hala nola hodeien elektrifikazioa, tximisten sorrera, prezipitazioa, aerosolak etab. Baina orain horiei intsektuen eragina gehitu beharko zaie. Datuak Zientzia Kaieran: Intsektuen ezusteko eragina atmosferan.
Populazioaren gene-ondarean eragina izan dezake bikotekidea nor eta nola aukeratzen dugun. Prozesu horretan zeresan handia du parekatze selektiboak, eta gure espeziean oso ohikoa da. Parekatze selektiboak zera esaten du: antzekoak diren pertsonek bikotekide izateko aukera gehiago dutela zoriz itxaron daitekeena baino. Ikusi da prozesu horrek eragina duela populazio jakin bateko gene-informazioan. Besteak beste, homozigotoen kopurua handitzen da, urrun kokatuta dauden gene-aldaeren arteko korrelazioak sortzen dira eta gene-informazioak ezaugarrietan duen eragina handitzen da populazio-mailan. Gai honen inguruan Japoniako biobankuko datuak erabilita analisi berri bat egin dute, parekatze selektiboaren gene-arrastoa detektatu da 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta nattō– eta jogurt-ahorakinean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Nolako bikotea aukeratu, halako gene-ondarea sortu.
NeurologiaHaurdunaldiak aldatu egiten du amaren garunaren egitura eta jarduera. Ikerketa berri batean argitu dutenez, aldaketa horiek hormonen eraginarekin lotuta egon litezke, eta lagungarri izan litezke fetuarekiko eta haurrarekiko lotura indartzeko, haurren seinaleei fisiologikoki erantzuteko, eta umean iritsierarako prest egoteko. Ikerketan zehar emakumeen garuneko hainbat datu jaso ziren haurdunaldiaren fase ezberdinetan. Horrela ikusi ahal izan dute materia grisaren bolumen-aldaketak gertatzeaz gain, haurdunaldian zehar aldatu egiten dela sare neuronalaren antolaketa, eta handitu egiten dela elkarrekin konektatutako garuneko eskualde batzuen jarduera. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaFrogatu dute lurraren %30 eta itsasoaren %24 kontserbatzeak eragin positiboa izanen lukeela giza ongizatean. Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlariak parte hartu duen ikerketa batean heldu dira ondorio horretara, eta mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte bertan. Ikerketan adierazi dutenez, giza ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatuko balira, errazagoa izango litzateke biodibertsitate, klima eta garapen helburu globalak lortzea. Ekosistema horiek munduan barrena banatuta daude, eta, dokumentuaren arabera, herrialde guztietan aurkitu daitezke mundu zabaleko biodibertsitateari eusteko ezinbestekoak diren eremuak. Datuak Berrian irakur daitezke, eta egunkari berean idatzi du Unai Pascual ikertzaileak gaiaren inguruan.
FarmakologiaUPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek errotik aztertu dute psilozibina haluzinogenoak duen eragin-mekanismoa eta bere bigarren mailako ondorio posibleak. Badirudi psilozibina erabilgarria dela depresioa eta adikzioaren moduko zenbait patologia psikiatriko tratatzeko, eta saiakuntza klinikoen fase aurreratuetan dago. Modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan, baina 1972az geroztik debekatuta dago haluzinogeno hori erabiltzea eta banatzea. Ikerketak ordea, aurrera jarraitu du, eta UPV/EHUko ikerketa-taldeak ikusi du epe luzerako ondorioen artean, psilozibinarekin tratatutakoek aldaketa positiboak hautematen dituztela umorean eta aldartean. Ondorio horien azpian dauden mekanismoak ez dira erabat ezagunak, baina plastikotasun neuronalaren gehikuntzekin erlazionatu dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #418 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #424
Itsasoa izozten bada, ez da soilik gainazalarekin kontaktuan dagoen airea hotz dagoelako, baizik eta mekanismo bat dagoelako beheko geruzen kalitate handiagoko urak gainazalera igotzea eragozten duena. Mekanismo honen gakoa gazitasuna da. Salinity of ocean’s surface water and Earth’s climate
Kaosetik sinkronia bat sor daiteke, eta kaosa mantendu. Ipurtargien komunikazioen kasua da. Synchrony with chaos, Raphael Sarfati.
Elektronika berri baten oinarri gisa erabil daiteke kristal baten kiraltasuna. Kanpo eremu magnetikoan egindako aldaketak garraio elektronikoan aldaketa eragiten duen lehen materiala aurkitu du DIPCk. Strong chiral transport switched by small magnetic field changes.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.Ezjakintasunaren kartografia #423
The post Ezjakintasunaren kartografia #424 appeared first on Zientzia Kaiera.