Asteon zientzia begi-bistan #431
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
KomunikazioaEmakumeen Nazioarteko Egunaren harira, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, generoa eta zientziaren komunikazioaren inguruko hausnarketa egin da, eta dekalogo bat aurkeztu dute: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak. Dekalogoan gomendatzen dute, komunikazio zientifikoari heltzean, alderdi kualitatiboari ematea garrantzia, ez soilik kuantitatiboari. Gomendio orokor horri segika hamar puntu garrantzitsu jorratzen dira, komunikazioan genero-berdintasuna sustatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa.
MikrobiologiaNekazaritzaren sektorearen erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu dute NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Elhuyar Fundazioak. Bertan, Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko ikertzaileak abiatu du eztabaida, eta hainbat hizlarik hartu dute parte. Gaitzen bektoreekin, klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotuta, Aitor Cevidanes Miranda Osasun Bakarrean adituak hartu du hitza. Besteak beste, zoonosiak eta antropozoonosiak izan ditu hizpide. Honetaz gain, Ibone Ametzaga Arregi ekologian aditua ere aditu da naturaren multifuntzionalitatearen inguruan, eta azkenik, Manu Soto López EHUko ikertzaileak hitz egin du lur-zizareen mikrobiomaz. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nekazaritza eta abeltzaintza jomugan: erronka berriak.
NeurozientziaZientzia Kutxa jardunaldien barne, martxoak 10ean Banpiroarekin neurozientziaz solasean hitzaldia eskaini zuen Jose Ramon Alonso neurobiologoak, Donostiako Tabakaleran. Neurozientzien alorrean ikertzen du Alonsok, eta, nazioarteko zientzia aldizkarietan argitaratzeaz gainera, blog bat eta hitzaldiak baliatzen ditu bildutako jakintza gizarteratzeko. Hitzaldian zehar, gai asko jorratu ditu, besteak beste, autismoa, depresioa, usaimena eta dibulgazioa. Bere ikerketa gai nagusia, bestalde, plastikotasun neuronala da, hau da, garapenaren nahasmenduek eragindako kalteei erantzuteko burmuinak duen gaitasuna. Argi utzi du, hala eta guztiz ere, galdera asko daudela oraindik erantzuteko, bai bere ikerketa-gaien inguruan, baita orokorrean burmuinaren inguruan ere. Azalpenak Berrian: «Neurozientzian hardwaretik softwarera pasatzea falta zaigu».
EkologiaErlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon. Hala berretsi du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak. Nazioarteko ikerketa baten bidez, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu dute erlauntza unitate gisa hartuta, eta ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Gainera, ondorioztatu dute erlauntzak habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egiten duela nekazaritzak haien mikroorganismo-multzoan eragindako desoreka. Azalpenak Zientzia Kaieran.
BotanikaEtxean landareak lehortzeko, Aranzadi zientzia elkarteak hainbat gomendio eman ditu Berrian, Nola lehortu landareak etxean artikuluan. Aranzadik ARAN izeneko herbarioa du, eta bertan 80.000 lagin baino gehiago dituzte bilduak. Erregistratutako lehen herbarioa 1544koa da, eta Luca Ghini mediku eta botanikari italiarrak eraiki zuen. Pentsatzen da berak asmatu zuela landareak kontserbatzeko modua, eta ez da asko aldatu garai hartatik hona. Aranzadik herbario bat egiteko modua azaldu du, beraz, mendira joan eta landareak hartzetik, landareak prentsatu eta katalogatzera arte.
Adimen artifizialaIkerketa berri batean adimen artifizialaren giza alborapen kognitiboak aztertu dituzte, eta RIEV aldizkarian argitaratu dira emaitzak. Jakina da adimen artifizialeko algoritmoek datuetan dauden alborapenak barneratzen eta areagotzen dituztela, eta artikuluaren egileen arabera, ez dituzte datuek soilik alborapenak eragiten, baita adimen artifizialeko algoritmoen garapen osoan eragiten duten giza alborapen kognitiboek ere; hasi ikertzaileetatik eta erabiltzaileetara. Alborapen horiek guztiak aztertu eta eztabaidatu dituzte ikerketa berri horretan, eta ohartarazi dute, adimen artifiziala ez dela pentsatzen dugun bezain objektiboa eta neutrala. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaEspainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok D bitamina molekularen defizita daukate. Alabaina, D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez dielako inolako onurarik ekartzen defizitik ez duten biztanle osasuntsuei. Izan ere, behaketa batean D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotu zen. Artikulu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia.
Garazi Larrañaga Jaurrietak Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen, eta, gaur egun, tesia egiten ari da BioSmarTE taldean, CICbiomaGUNErekin kolaborazioan. Bere tesian osteoartritisaren tratamendurako teknologiak garatzen dihardu. Azaldu duenez, osteoartritisa 65 urtetik gorakoen %30ek jasaten dute, eta helduen artean, desgaitasun ohikoena da. Emakumeek gaitz hori pairatzeko probabilitate altuagoa dute, bestalde, eta menopausiaren ondorioz sortutako estrogeno-urritasunagatik izan daitekeela uste da. Alabaina, oraindik ez da era sakonean ezagutzen zer prozesu gertatzen diren gaixotasun honetan zehar, eta horrek tratamendu egokiaren bilaketa zailtzen du. Horregatik, osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu nahi du Larrañagak, eta tratamendu eraginkor bat bilatu, kartilagoaren erregeneraziorako 3D egiturez baliatuz. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean.
Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, eta mundu osoko herritarren %10-17k dituzte. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologoaren esanetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake. Kasu gehienetan azkar desagertzen dira akufenoak, baina badaude bizi osorako dituztenak. Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren, baina belarriko infekzioek edota zarata handien eraginpean egoteak eragina izan dezakete, besteak beste. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz. Informazio gehiago Berrian: Isiltasunik gabeko jendea.
Saguzarrek birusak nola toleratzen dituzten azaltzeko hipotesi berriak plazaratu dituzte, saguzarren zelula ama pluripotenteak lortzeko teknika berri bati esker. Saguzarrek beste edozein ugaztunek baino askoz birus gehiago ostatatzen dituzte, itxuraz kalte handirik pairatu gabe. Beraz, animalia-eredu bereziki interesgarria da birusekiko tolerantzia neurtzeko. Alabaina, azterketarako lagin-tamaina handia behar zenez, pentsatu zuten zelula ama pluripotenteak sortzea izan zitekeela bide bat. Zelula ama horiek aztertuta, ikusi zuten sekuentzia biral aktibo asko zeudela. Ikertzaileek emaitza horiekin ondorioztatu dute saguzarrek ez dutela birus horien aurka egiten, eta litekeena dela beste birus batzuekiko defentsa-estrategia modura erabiltzea, edo txerto gisa funtzionatzea. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
GenetikaNature Communitations aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean azaldu dutenez, giza enbrioietan gaixotasunak sendatzeko edizio genetikoa erabiltzea ez da segurua oraindik. CRISPR teknikaren bidez editatutako giza enbrioiak aztertu dituzte, eta ikusi dute, DNA gutxi dagoela enbrioi horietan, eta sekuentziatu ahal izateko asko anplifikatu beharra dagoela. Hainbeste anplifikatzean fidagarritasuna galtzen dela azaldu dute ikertzaileek, eta, beraz, ezin dela ziurtatu diagnosi egoki bat. Bestalde, edizio-tekniketan ere arazo bat aurkitu dute, mutazioa konpontzeko egin nahi den aldaketa baino gehiago egiteko arriskua dagoela, hain zuzen. Datuak Elhuyar aldizkarian: Enbrioien edizio genetikoa ez da segurua.
ArkeologiaAztarna arkeologiko gehiago atera dituzte argitara Arkaiako aztarnategian (Gasteiz), hiru urteko lanaren ostean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituzten aurreneko indusketa lanak bertan, eta orduan atera zituzten argitara erromatar garaiko termak. Miguel Loza arkeologoa da azken indusketa lanen arduraduna, eta azaldu duenez, Suestatium hiri erromatarra zegoen gaur egun Arkaia herria dagoen lekuan, eta termak ziren hiri hartako eraikinik handienak. Arkaiakoak, gainera, inguruan aurkitu diren terma garrantzitsuenak zirela azpimarratu du Lozak. Lehen indusketa horien ostean, aztarna horien inguruko eremuak induskatzen aritu dira arkeologoak, eta azaldu dutenez, ez dute garrantzi handiko ezer topatu. Hala eta guztiz ere, lanek balio izan dute orain arte aurkitutakoa egonkortu eta balioa emateko. Informazio gehiago Berrian.
ArgitalpenakAste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Descartesen hutsegitea (1994) liburua iradoki dute. António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakasleak idatzi zuen, eta bertan, egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat jorratzen du: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Istorio bitxiez, historial klinikoez, laborategiko esperimentuez zein abentura existentzialez dihardu Damasok liburuan zehar, eta datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientziaren bidez gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketa egiten du.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #431 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #437
Duela gutxi egindako ikerketa batek agian aurkitu du esklerosi anizkoitzaren jatorriaren enigmaren erantzuna eta, horrekin batera, tratamendua. J.R. Alonsoren The origin of multiple sclerosis
Zeruko eskualde batean aurkitu da izarrak sortzen dituzten hidrogenozko hodeiak uste baino askoz azkarrago sortzen direla. High-speed star formation
Adimen estralurtarrarekin komunikatzeak arazo asko ditu eta hiru motatan sailka daitezke: hizkuntzazkoak, testuingurukoak eta edukikoak. Juan F. Trilloren Communication with Extraterrestrial Intelligent Beings: a sociolinguistic approach
Molekula baten magnetismoa kontrolatzea oso garrantzitsua da espintronikan eta DIPCko jendeak mikroskopio baten puntarekin egiten du: Controlling the magnetic anisotropy of a transition metal complex
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #437 appeared first on Zientzia Kaiera.
Estetoskopioaren historia
XIX. mendean, pazienteak auskultatzeko modu eraginkorrena belarria zuzenean bularraren kontra jartzea zen. Baina arazo bat zegoen: garaiko morala. Mediku batek ezin zuen bere belarria emakumearen bularraren gainean jarri.
René Laënnecek, Parisko Necker ospitaleko mediku buruak, kontsulta batean koaderno bat biribilkatu zuen auskultatzeko. Bazebilen! Handik gutxira, are hobeto zebilen egurrezko zilindro bat diseinatu eta eraiki egin zuen. Mediku asko zilindroa eske etorri eskatzera joan ziren eta azkenean, 1849an, lehen estetoskopio malgua sortu zen eta 1851ean, lehen binaurala.
‘Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Estetoskopioaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Descartesen hutsegitea
Egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat da Damasiok darabilena Descartesen hutsegitea (1994) liburuan: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Horra gogamena gogoeta sakonean bere izate eta jatorriaz, behaketa zorrotzarekin uztarturik introspekzio ernea.
Irudia: Descartesen hutsegitea liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Emozioaren eta arrazoiaren arteko erlazioa da saiakera ospetsu honen gai nagusia. Zehazkiago: «Garuneko zerk ahalbidetzen die gizakiei arrazionalki jokatzea? Nola funtzionatzen du zer horrek? Ez dut nahi izaten, ahal dela, galdera horiei erantzuteko ahaleginari “arrazionaltasunaren neurobiologia” izena eman, ofizialtasun- eta arrandia-kutsua baitu etiketa horrek. Baina horixe da, mami-mamian: eskala handiko garun-sistemen mailako giza arrazionaltasunaren neurobiologia baten hastapenak. […] Ez dut emango eskuliburuetakoen moduko azalpenik; eta ez ditut justifikatuko aurkezten ditudan iritzi guztiak. Ez ahaztu: solasaldi bat da hau. […] Testu hau arian ariko ikertze bat da, eta ez dagoeneko finko onetsiriko egitate sail bat. Hipotesiak eta proba enpirikoak aztertzen ari naiz, ez ziurtasunezko baieztapenak egiten».
Istorio bitxiak zein historial klinikoak, laborategiko esperimentuak zein abentura existentzialak: askotariko solasez oratua du Damasiok bere esploradore-kronika mamitsu hau, datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientzialariaren tresnekin heldurik gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketari.
António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakaslea da, eta Garunaren eta Sormenaren Institutuaren zuzendaria. Emozioen eta sentipenen izaeraz eta jardunaz arduratzen da batik bat, eta ospe handia du mundu zabalean, hala bere ikerketetan nola bere dibulgazio-lan oparoan. Publiko zabalarentzat idatzitako liburuen artean, Deskartesen hutsegitea izenburuko hau du ospetsuena.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Descartesen hutsegitea
- Egilea: Antonio Damasio
- ISBN: 978-84-9860-744-4
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2012
- Orrialdeak: 427 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Descartesen hutsegitea
The post Descartesen hutsegitea appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa
Martxoaren 8a da, Emakumeen Nazioarteko Eguna. 2023ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren leloak “Mundu digital inklusiboa: Berrikuntza eta genero-berdintasunerako teknologia” aldarrikatzen du. Inguratzen gaituen munduak Informazio eta Komunikaziorako Teknologien (IKT) garapenean eragina du eta, horrez gain, erabilera molda dezake jokabide diskriminatzaileak areagotu edo iraunarazteko. Beraz, mundu digital inklusiboa lortzeko, beharrezkoa da hainbat esparrutatik jardutea.
Irudia: 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako ilustrazioa. (Iturria: NBE)Testuinguru horretan, adibidez, komunikabideek funtsezko zeregina dute berdintasuna lortze bidera. Honen harira, otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren baitan Generoa eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldia egin zen Bilbon. Bertan, zientziaren komunikazioaren esparruan genero-ikuspegia ezartzeko eta hobetzeko moduari buruz hausnartu zen hainbat ikuspuntutik.
Jardunaldi honekin, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan dugu: gogoeta eta ekintza. Horren erakusgarri da gaur aurkezten den dekalogoa: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak.
DekalogoaKontuan izan gauzak asko hobetu direla, baina gaur egun gauzak oso ondo doazela eta berdintasuna lortuta dagoela zabalduta badago ere, pertzepzio hori ez da benetakoa. Beraz, komunikazio zientifikoari heltzen diozunean, eman garrantzia alderdi kualitatiboari, ez soilik kuantitatiboari. Ondorioz, ez hartu kontuan zenbat emakume zientzialari izendatzen diren, nola irudikatzen diren baizik.
- Komunikazio arduratsua praktikan jarri: ez dago komunikazio aseptikorik; beraz, kontziente izan behar da genero-ikuspegiari jaramonik egin gabe eginez gero, komunikazioa alborapenak eta aurreiritziak indartzeko tresna izan daitekeela.
- Kontuan izan ikerketa bat genero-ikuspegirik gabe egin ahal izan dela, eta, beraz, emaitzak ezin direla orokortu. Genero-ikuspegia ikerketa-taldeen osaeratik askoz harago doa. Horrela, planteatutako galderak garrantzitsuak dira, uste dugunetik sortuko baitira eta hori generoaren araberakoa izan daiteke. Genero-ikuspegiak ere eragina du galdera horiei erantzuteko datuak lortzeko erabiltzen den metodologian eta datu horiek interpretatzeko sortzen den narratiban. Narratiba datuak bezain garrantzitsua da: normalean, datu-multzo berberak bat egin dezake hainbat narraziorekin.
- Ezarri irizpide argiak iturriak hautatzeko orduan: joan jatorrizko iturrira, bilatu emakume adituak solaskide gisa (nahiz eta batzuetan premiazkoa izan berehalako erantzun bat izatea eta horren aurrean zailagoa izan emakume zientzialarien kolaborazioa) eta lehenetsi merituak adituaren karguaren aurretik. Jarri harremanetan emakume zientzialariekin, ez bakarrik efemerideak edo STEM diziplinetan emakumeei buruzko albisteak daudenean. Praktika horrek emakumeek garatzen dituzten lan zientifikoak ikusezin bihurtzen laguntzen du.
- Emakume ikertzaileak normaltasunez tratatu, gizonezko ikertzaile bat bezala: haien itxura, bizitza pertsonala, jatorria, adina edo ikerketarekin zerikusirik ez duen beste edozein aldagai aipatu gabe.
- Ez erabili metafora mugatzailerik, hala nola “kristalezko sabaia”, “oztopo-lasterketa” edo “zulo beltza”. Baliatu ekintzara gonbidatzen duten esamoldeak.
- Ezagutarazi emakume ikertzailea ondo identifikatuta, adierazi haren izen-abizenak, lanpostua eta erakundea. Generikoaren eta inizialen erabilerak ikusezin bihurtzen baititu zientzialariak.
- Protagonista sinesgarriak eta imitagarriak sortu: emakume ikertzaileak benetako merituaren arabera tratatu, ez da beharrezkoa hauek salbuespenezko figurak bezala aurkeztea, eman ezagutzera ezohikoak izan beharrik gabe, gizonezko ikertzaile gehienak salbuespenezkoak ez diren bezala.
- Hizkuntza ez-sexista, inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabili. Orokorra maskulinotzat hartzen dela jakinda, saihestu ere termino neutroen erabileraren arriskua, emakumeak ikusezin bihurtzen baititu. (Adibidez, gaztelaniaz, ez erabili “x”, “@” edo antzeko flexioak).
- Edukiarekin bat datozen irudiak erabili, emakume zientzialariaren presentzia “loreontzi” gisa agertzen dutenak ekidinez. Protagonistak lehen planoan eta kamerari begira erakutsiz eta, gogoan izan, ez da beharrezkoa bere jarduera edo konpetentzia justifikatzen duen elementurik sartzea, hala nola mantalak, laborategiko tresnak edo bestelakoak.
- Lana amaitutakoan, begiratu egindakoa eta hausnartu: era berean tratatuko zenukeen testuko zientzialaria gizonezkoa izan balitz? Erantzuna ezezkoa edo zalantzazkoa bada: irakurri berriro dekalogoa.
Komunikabideak, komunikazio-lanak egiten dituztenak edo zabalkundearen esparruan lan egiten dutenak, genero-berdintasunaren aldeko eragile eta sustatzaile aktiboak dira. Horregatik, dekalogo honek zenbait estrategia eskaini nahi ditu komunikazio zientifiko hobea lortzeko, genero-ikuspegia duen zientzia-komunikazioa, edukiak idazten laguntzeko eta hedabideetan emakumeen presentzia areagotzen laguntzeko.
Egileez:UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitatea.
The post Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa appeared first on Zientzia Kaiera.
D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia
D bitamina molekula berezia da zentzu askotan. Lehenik eta behin, prohormona bat da (hormona baten molekula aitzindaria), eta ehun ezberdinetan askotariko ondorioak eragiten ditu. Hezurrak mineralizatzeagatik nabarmentzen da, baina sistema immunitarioaren funtzionamenduan, pankrearen funtzio endokrinoan, garunaren garapenean… ere bere funtzioa du. Hori gutxi balitz, D bitaminaren forma aktiboa larruazalean sintetizatzen da, eguzkiaren izpi ultramoreen esposizio zuzena jasan ostean. Horrela, egoera normalean, molekula hori ez da elikagaietatik lortzen nagusiki, eguzkiaren erradiaziotik baizik (guztizkoaren % 80-90).
Hain zuzen ere, D bitamina lortzeko modu berezi horrek eragiten du molekula horren defizita, itxuraz, nahiko ohikoa izatea. Defizit hori ez da eguzki erradiazio mugatua duten herrialdeetan soilik gertatzen, Eskandinavian kasu, bai eta egun eguzkitsu ugari eta eguzki erradiazio handia duten nazioetan ere, nahiz eta ez espero. Espainia da adibide bat.
Irudia: ebidentzia zientifikoak iradokitzen digu ez dagoela arrazoirik D bitaminaren osagarriak kontsumitzeko. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Gai horren inguruan eztabaida handia dagoen arren, kontuan hartzen bada D bitaminaren urritasuna dagoela 25-hidroxibitamina D-ren odol-serumeko mailak 20 ng/ml baino txikiagoak direnean, orduan, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen (SEEN) arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok molekula horren defizita daukate.
Gure gizartean dagoen bitamina defizit kezkagarri horren aurrean, gaiaz ezer ez dakien edonork esperoko luke medikuek, errutinaz, beren pazienteei odol analisiak eskatzea, horietakoren batek defizit hori duen detektatzeko eta, horrela, D bitaminaren gehigarriak errezetatzeko. Logikoena litzateke, ezta? Ba ez. Izan ere, ez da gomendatzen kontsulta medikoetan baheketa unibertsalik egitea populazio orokorraren D bitaminaren mailak detektatzeko, arriskua duten kasuetan (osteoporosia, adin handiko adinekoak) horretarako pisuzko faktoreak daudenean izan ezik.
D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea. Horren ordez, eta ahal bada, pazienteari eguzki gehiago hartzeko eta D bitamina asko duten elikagai gehiago kontsumitzeko (arrain urdina, arrautzak, gibela…) gomendioa egiten zaio.
Orduan, D bitaminaren defizita hain ohikoa bada gure herrialdean eta beste askotan, zergatik ez da screeningik egiten eta ez da gehigarririk hartzeko agintzen? Arrazoia sinplea da: saiakuntza klinikoek erakusten dute, behin eta berriz, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez diola inolako onurarik ekartzen defizitik ez duen biztanle osasuntsuen osasunari, ez eta, askotan, defizita dutenen osasunari ere.
D bitamina gehitzean inolako onurarik ezDuela gutxi saiakuntza kliniko bat egin zen Mongolian, eta emaitza deigarriak izan zituen; izan ere, D bitamina gehitzean ez zen inolako emaitza onuragarririk lortu. Saiakuntza hori molekula horren defizita zuten 8.851 haurrekin egin zen (serumean 20 ng/ml baino gutxiago). Ikertzaileek jakin nahi zuten ea D3 bitamina gehigarrien kontsumoak (14.000 nazioarteko unitate astero, 3 urtez) eragin positiborik izango zuen haien osasunean, plazebo taldearekin alderatuta. Ez zuten inolako ezberdintasunik aurkitu bi taldeen artean, salbu eta urteetan zehar D bitamina jaso zuen haur taldeak jada ez zuela defizitik. Ez zen inolako eraginik izan pubertaroan, ez altuerari, ez gorputz-masari, ez garapenari zegokionez. Ezer ez. Eta hori ez zen gertatzen aldez aurretik defizit normala zuten haurren artean soilik (20 ng/ml baino D bitamina gutxiago serumean), baita azterketaren hasieran defizit larria (10 ng/ml baino gutxiago) zutenen artean ere.
Emaitza etsigarri horiek behin eta berriz ematen dira saiakuntza klinikoetan. D bitamina gehitzeak ere ez dakar onurarik defizita duten haurren tuberkulosi arriskua murrizteko, ez du populazio orokorraren hezurren mineralizazioa hobetzen, ez du hausturarik edo erorikorik prebenitzen, eta ez du murrizten edozein kausagatik hiltzeko arriskua edo minbizia edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak onurarik ez izateaz gain, zenbait azterketek erakutsi dute osasunerako zenbait arrisku ere ekar ditzakeela. Ia 31.000 parte hartzailerekin egindako behaketa azterketa baten arabera, defizitik ez duten pertsonek egunean 10 mikrogramo baino gehiagoko dosiak kontsumitzea kausa guztien hilkortasuna eta, bereziki, minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotzen zen. Bestalde, mantenugai horren gehiegizko kontsumoak kalteak eragin ditzake giltzurrunetan eta bestelako organo eta ehun batzuetan.
Zergatik dago paradoxa hori D bitaminaren inguruan? Bi azalpen nagusi daude. Alde batetik, gaur egun molekula horrek eragindako defizita noiz dagoen definitzeko atalaseak ez dira zuzenak (altuegiak dira), eta horrek berez existitzen ez diren defizitak diagnostikatzera garamatza, osasunean ez dutelako kalterik eragiten. Horregatik, D bitamina gehiago hartzeak ez dakar onurarik. Izan ere, aspalditik eztabaida zientifiko handia dago D bitaminaren urritasuna zein mailatik behera ematen den zehazteko.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak eragin osasungarririk ez eragiteko beste azalpen bat da organismoan arazoren bat egotea, eta horren ondorioz ezin izatea molekula hori bere forma aktibora (kaltzitriola) eraldatzea –forma aktibo horrek hainbat funtzio egiten ditu–. Edo, bestela, ezagutzen ez dugun beste faktore bat egotea, molekula forma aktiboan dagoenean dituen ondorioak mugatzen dituela.
Arrazoia edozein dela ere, ebidentzia zientifikoak iradokitzen digu ez dagoela arrazoirik D bitaminaren osagarriak kontsumitzeko, oso kasu zehatzetan salbu. Maila onak eduki nahi badira, aukera gomendagarriena eguzkia neurriz hartzea, jarduera fisikoa egitea eta mantenugai horretan aberatsak diren elikagaiak jatea da, osasunerako onura ugari eskaintzen dituelako eta lortzeko errazagoa delako.
Egileaz:Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 5ean: La extraña paradoja tras los suplementos de vitamina D
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia appeared first on Zientzia Kaiera.
Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon
Nazioarteko ikerketa batean, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak, erlauntza unitate gisa hartuta. Ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egin du nekazaritzak erlauntzetan eragindako desoreka mikrobianoa.
Mendebaldeko ezti-erlea (Apis mellifera) arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres-faktore askoren ondorioz; besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak. “Badira zenbait urte agerian geratzen ari dela erleen heriotza-tasa asko handitu dela; horregatik, duela 6 urte inguru ikertzen hasi ginen erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia eta horrek zer lotura duen erleen gaixotasunekin edo osasunarekin”, azaldu du Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak. Ikertzaileek garrantzi handia egozten diote eremuen antropizazioari, alegia, “nekazaritza intentsiboari, erabiltzen diren produktu kimikoei, etab.”.
Irudia: 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman da nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egiten dela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan. (Argazkia: NickRivers – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.comKroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan, “aukera izan dugu Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko. Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia izan —erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea—. Ikertu nahi genuen antropizazioak zer eragin daukan erleen mikrobiotan edo mikroorganismo komunitatean. Horretarako, nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlauntzen mikrobiotarekin alderatu ditugu Unije irlako erlauntzak”, dio Zarraonaindiak.
Nekazaritza-eremuko bi erlauntzak konparagarriak izateko, “ahizpa genetikoak” erabili dituzte —alegia, nekazaritza-eremukoen material genetiko bera daukaten erlez osatutako erlauntzak—, eta haietako erlauntza bat eremu erdinatural batera eraman dute. “Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan”, azaldu du doktoreak. Horrek agerian uzten du ezti-erleen mikrobiotak erraz egokitzeko gaitasuna daukala; “ez genuen uste hain azkar aldatuko zenik mikrobiotaren konposizioa”, dio.
Ikertzaileek gradiente argi bat aurkitu dute antropizazio-mailarekin eta erlauntzako mikrobio-komunitatearekin lotuta: “Unije irlako erlauntzaren mikrobiota orekatuagoa dago, mikroorganismo onuragarrien proportzioa handiagoa da eta erdinaturalean jaitsiz doa; nekazaritzako eremuan, berriz, erlauntzak oso konposizio desorekatua dauka, bakterio oportunista gehiago aurkitzen dira, eta gaixotasunekiko sentikorragoa da”, azaldu du Zarraonaindiak. Ikertzailearen arabera, “estres-faktoreak oso aktibatuta daude nekazaritza-eremuetan”.
Apibioma ikertzeaOndorio horiei esker, ikertzaileek aukera izan dute erleen osasunari buruzko informazioa emango duten biomarkatzaileak zehazteko. Esate baterako, ikertzaileek hauteman dute bakterio jakin bat, Arsenophonus, oso ugaria dela nekazaritza-eremuetan; gutxiago dagoela eremu erdinaturaletan, eta ia ez dela azaltzen eremu naturaletan.
Erlauntza bere osotasunean ikertu dute, ez erlea bakarrik. Horixe da ikerketa honen gako garrantzitsuenetako bat: “Ikuspegi berritzailea da hau. Erlauntzan dauden nitxoetako mikroorganismoen multzoa, apibioma, ikertu dugu. Erleen hesteak, erlauntzaren sarrera, erle-ogia (erleak elikatzeko gaia) eta erlauntza barneko airea ikertu ditugu”. Lehen esan bezala, Arsenophonus bakterioa nekazaritza-eremuan da ugarien, eta joera hori nitxo guztietan topatu dugu. Beraz, oso biomarkatzaile egokia da nekazaritzak erlauntzetan zer eragin duen eta erlauntzek zer osasun duten neurtzeko; gainera, “metodo hau ez da inbaditzailea, erlauntzaren sarrerako lagin bat hartuta jakin baitaiteke hori”.
Ikerketa honen berri Nature-ren Scientific Reports aldizkarian eman dute ikertzaileek. Artikuluan jasotako ikerketa urtebeteko lana besterik ez da. Eta ikerketek aurrera jarraitzen dute: “Orain eremu erdinaturaleko erlauntza eremu naturalera eraman dugu ikusteko ea mikrobiota orekatzen zaion eta eremu naturaleko erleen berbera izatera iristen den. Horrek aukera emango digu jakiteko genetikaren edota ingurunearen kontribuzioa zenbaterainokoa den”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon
Erreferentzia bibliografikoa:GorrochateguiOrtega, June; MuñozColmenero, Marta; Kovačić, Marin; Filipi, Janja; Puškadija, Zlatko; Kezić, Nikola; Parejo, Melanie; Büchler, Ralph; Estonba, Andone; Zarraonaindia, Iratxe (2022). A short exposure to a seminatural habitat alleviates the honey bee hive microbial imbalance caused by agricultural stress. Scientific Reports, 12. DOI: 10.1038/s41598-022-23287-6
The post Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #430
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianAmaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta zientzia honen babesean, nabarmendu du nahiz eta modu abstraktuan landu, matematikek lotura zuzena dutela eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Iparragirre doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Emakumeen eta matematiken inguruan, azaldu du duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa zirela; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira graduan. Iparragirreri oso garrantzitsua iruditzen zaio emakume erreferenteak izatea, etorkizunean emakume matematikari gehiagoren presentzia sustatzeko. Emakume ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalean.
ArgitalpenakAnimalien aferak liburua 2011n argitaratu zuten Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak, eta bertan animaliak aztertzean aurkitu ditzakegun zerbait bitxi edo deigarriak azaltzen dizkigute. Beren beharrizanak aurrera eramateko, animaliek mekanismo jakin batzuk erabiltzen dituzte, eta mekanismo hauek partekatu egiten dira espezie ezberdinean artean. Hala eta guztiz ere, aniztasun zoragarria aurkitzen dugu animalia espezieen artean, baldintzen, beharrizanen eta taldearen arabera. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia Barandika Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira, eta itsas animalien biologia ikertzen dihardute aspalditik. Atal hau Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
GenetikaIzarbe Yarza Giza Nutrizioa eta Dietetikan graduatu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta egun, doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Ikerketa Biomedikoaren doktorego-programaren barne, Baigene genetika-enpresan. Bere tesian ebakuntza osteko fibrosia ekiditeko modua ikertzen ari da, genetikaren bitartez. Izan ere, genetikak gaixotasun jakin batzuk izateko arriskuan eragina du, baita ebakuntza osteko fibrosia izateko aukeran ere. Asken honen kasuan, kirurgiaren ondorioz orbain-ehuna modu desantolatuan hazten da ehun bigunen eta artikulazioen inguruan, eta horrek, mugimendua mugatu eta mina eragiten du. Genetikaren bidez, alabaina, pazienteak fibrosia garatu behar duen edo ez jakingo dute test genetiko baten bidez. Horrela, medikuek arrisku hori aurreikusteko erabil dezaketen kalkulagailu moduko bat sortu dute, eta ebakuntza-gelara sartu baino lehen arrisku hori murriztu dezaketen ekintzak proposatu gaixoarekin batera. Azalpen guztiak unibertsitatea.net webgunean.
MikrobiologiaNora Fernandez Jimenez EHUko Genetika irakasleak eta ikertzaileak hesteetako mikrobiotaren inguruan idatzi du Berrian. Hesteetako mikrobiotaren desorekak edo disbiosiak hanturazko patologia kroniko ugari ekar dezake, hala nola heste narritagarriaren sindromea, koloneko minbizia eta diabetesa, bai eta beste hainbat patologia ere. Alabaina, azken urteetan ikusi da hesteetako mikrobiotak prozesu oso desberdinetan eragina izan dezakeela; autismoaren espektroko nahasmenarekin erlazionatua izan da baita ere, baina oraindik ez dago argi erlazio hori benetan ematen den. Horregatik, Fernandezek argi utzi du gai honen inguruko ikerketa askoren beharra dagoela oraindik. Informazio gehiago Berrian: Mikrobiota, kausa ala efektu?
AstronomiaAste honetan, Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk Bilboko Bizkaia aretoan. Martera bidalitako robotak zazpi tresna zientifiko konplexu ditu, eta horietako bat da MEDA. Askotariko sentsore meteorologikoen sistema bat da, tenperatura, presioa, hezetasuna, haizea eta abar neurtzeko gai dena. Horri esker jakin dute nolakoa den Marteko Jezero kraterra. Jasotako datuak aztertuta, planetaren atmosfera ezaugarritzen ari dira, eta esan du hango eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetuko dituztela horri esker. Honetaz gain, krater bereko arrokak aztertu dituzte, eta haiek hautatutako laginak 2030ean Lurrera ekartzea espero dute. Berri honi buruzko datuak Berriako “Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk” eta “Marten bildutakoak zabaltzen” artikulutan irakur daitezke.
OsasunaInterneten eta bideo-jokoen erabilerak nerabeen bizi-kalitatearekin harremana du, UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzen arabera. Estatuko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek Internet eta bideo-jokoak nola erabiltzen dituzten aztertu dute. Ikerketa honen bidez, lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin. Bizi kalitatearen murriztea adikzio baten ondorioz gertatzen denaren parekoa dela azaldu dute; nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean eta sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileen % 15,5ek Interneten erabilera problematiko orokorra erakuste dute, eta bideo-jokoetan jokatzen duten nerabeen % 3,3k jokoaren nahasmenduaren zantzuak dituzte. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Formula-esneen osasun- eta nutrizio-oharrek ez dute oinarri zientifikorik, BMJ aldizkari zientifikoan argitaratu denez. Ikerketan zehar, 2020-2022 urteen arteen arteko mundu osoko hamabost herrialdetako formula-esneen oharrak aztertu zituzten. Ohar horietako askotan “garuna edo nerbio-sistema garatzen laguntzen du” edo immunitate-sistema sendotzen zuela zioten, baina laurdenak inguru bakarrik egiten zieten erreferentzia saio klinikoei. Aipatutako saio kliniko horiek, hala ere, oso ahulak ziren eta alborapenak zituzten. Hala, egileek hasieratik utzi dute argi bularreko esnea dela elikagai egokiena haurrentzat. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaErlauntzen osasuna hobetu egiten da antropizazioa txikitzean. Hala erakutsi dute nazioarteko ikerketa baten emaitzek. Ikerketan erleen egoera mikrobianoa ikertu dute, nekazaritza intentsiboko eremuetan, eremu erdinaturaletan eta eremu naturaletan. Ondorioztatu dutenez, erlauntzaren mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen da antropizazio-mailaren arabera, nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren produktu kimikoek eta abarrek desoreka eragiten baitute mikroorganismo horietan. Mikroorganismo-multzo jakin batzuek, era berean, erleen zaurgarritasunean eragina dute. Alabaina, ikertzaileek azaldu dute desoreka hori bere onera etortzen da, erlauntzak eremu naturalera eramanez gero. Datuak Elhuyar aldizkarian.
GeologiaAste honetan Blanca Martinez geologoak orientaziorako erabili izan diren mineralei buruz idatzi du Zientzia Kaieran, Orientatzen gaituzten mineralak artikuluan. Dual 2.000 urte baino gehiago, gaur egungo Grezian, Magnesia izeneko lurralde bateko artzain gazte batek harri arraro batekin egin zuen topo, eta burdina erakartzeko ahalmena zuela ikusi zuten. Bi mende geroago antzinako txinatarrek magnetita erabiltzen zuten burdinazko pieza txikiak magnetizatzeko, baina ez dago idatziz jasota erabilpenik ematen ote zioten aurkikuntza horri. Magnetita iparrorratz moduan erabiltzen hasi zenaren lehen erregistroa XII. mendeko Ingalaterrakoa da. Alabaina, historian zehar beste mineral batzuk ere erabili izan dira orientaziorako, hala nola, bikingoen “eguzki harria”.
NeurozientziaBelarri-harra (earworm) izena hartzen du melodia bat buruan behin eta berriro “entzuten” egoteak. Esperientzia unibertsala da, baina zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela dirudi. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery) da jarri dioten izen zientifikoa eta topatu da abesti zatiak izaten direla normalean, 15 eta 30 segundo artekoak, eta letra duten abestiak izaten direla kasu gehienetan. Gainera, ikusi da earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak dituztela. Ez dago erabateko sendabide hutsezinik, baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, hala nola, abestia bere osotasunean entzutea edota abestitik arreta desbideratzea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Aldapan gora… txiklea murtxikatzen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #430 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #436
Gene batek, gene bakar batek, gauza harrigarriak lor ditzake. Aste honetan bi adibide ikusgarri ditugu. Rosa García-Verdugoren A single gene might be responsible for the bigger brain of modern humans eta Losing genes can be good, hummingbirds are a nice example Ramón Muñoz-Cónpuliren eskutik.
Litioa baliabide mugatua da eta elementu honetan oinarritutako baterien teknologia mugatua da. Bideragarritasun ekonomikoa duten eta eskalagarriak diren alternatibak aktiboki bilatzeko garaia da. Beyond lithium: magnesium rechargeable batteries
Teorema batek esaten duenean hori ez dela izango, DIPCkoak datoz eta esaten dute, ondorio praktikoetarako, ez dela hainbesterako Mermin–Wagner theorem for practical length scales
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #436 appeared first on Zientzia Kaiera.
Amaia Iparragirre, matematikaria: “Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea”
Matematikek ospe txarra dute: zailak direla, abstraktuak direla, ez dutela ezertarako balio… Horrelako usteak oso zabalduta daude gizartean. Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta ez du arrastorik ere nondik datorren ospe txar hori, “ume-umetatik gustatu izan zaizkit“, adierazi du.
Eta ez daki zergatik izango duten ospe txarra; agian, abstraktuak direlako izan daitekeela uste du. Nabarmendu duenez, ordea, nahiz eta modu abstraktuan landu, lotura zuzena dute eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Gainera, beti moldatu izan da ondo matematiketan. “Ama ere matematika-irakaslean zen; hortaz, etxetik ere jaso dut zaletasun hori, eta ez dut sekula sentitu matematikak ez zirela niretzat egokiak edo ez zitzaizkidala gustatu behar. Oso naturala izan da niretzat”.
Irudia: Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan MATHMODE taldean. (Argazkia: Elhuyar)Orain, doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Azaldu duenez, eredu aurresaleak asko erabiltzen dira gaur egun. Helburua da, dauden datuetan oinarrituta, etorkizuna aurreikustea. “Nire tesiaren berezitasuna da datu-mota jakin bati doitu nahi zaizkiela mota honetako ereduak. Datu-mota hori ohikoa izan da estatistikan, baina, orain arte, ez zaizkio eredu aurresaleak doitu. Hortaz, nire helburua bi arlo horiek lotzea da”.
Eredu horiek aplikazio zuzena dutela baieztatu du; hain zuzen, tesia abiatu zuenean, egiazko arazo batetik abiatu zen. Adibideak ere eman ditu: “Esaterako, pandemian ikaragarri erabili dira, eta, orokorrean, medikuntzan asko erabiltzen dira. Adibidez, orain ditugun datuetan oinarrituta, agian interesatzen zaigu jakitea zenbat ohe izango ditugun libre datorren astean, edo datorren hilean. Horretarako, eredu aurresaleak beharko genituzke”.
Emakume erreferenteen garrantziaHorrelako garapenak gizarte osoarentzat dira interesgarriak, baina matematikak ikasteko interesean bilakaera bat egon da: duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa ziren; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira. Iparragirre aldaketa horren lekuko izan da: “Matematika ikasi nuen garaian, emakume gehiago ginen, eta ordutik ez da denbora asko igaro, baina gizon gehiago daude gaur egun. Ez dakit zergatik izan daitekeen, baina uste dut gizonen gorakada bat datorrela matematikek gizartean hartzen ari diren izenarekin. Agian, zenbat eta ospe handiagoa izan matematikek eta zenbat eta gehiago lotu enpresa-munduari, orduan eta gizon gehiagok ikasten dituzte matematikak“.
Horrek ondorioak izan ditzakeela iruditzen zaio. “Adibidez, ikertzen diren gaietan aldaketak ekar ditzake. Kalterako, noski, justu gizartean gure helburua beste bat baita. Nolabaiteko genero-berdintasuna lortzea nahi dugu, eta hemen badirudi kontrakoa ikusten ari garela”.
Hori aldatzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaio erreferenteak izatea: “Ez dakit horrekin nahikoa izango den, baina nik erreferente emakumezko asko izan ditut bai matematikak ikastean, bai ikertzean, nire bi tesi-zuzendariak emakumeak dira, eta, estatuan, beste matematikariekin elkartzen garenean ere, asko emakumeak dira. Eta emakume hauek guztiak niretzat erreferenteak dira, eta beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea. Hortaz, uste dut gizartearentzat ere garrantzitsua dela ahotsa ematea horrelako profilei”.
Fitxa biografikoa:Amaia Iparragirre Letamendia Azpeitian jaioa da, 1994an. 2016an Matematikan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta urte bat beranduago Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa masterreko titulua lortu zuen. Ondoren, EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean egin zuen lan ikertzaile ez-doktore bezala, Bioestatistikako Ikerkuntza Taldean (BIOSTIT). 2019ko ekainean EHUren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako beka bat eskuratu zuen. Ordutik, bere doktorego-tesia prestatzen dabil MATHMODE taldean. Horrez gain, estatistikaren dibulgazioari lotutako hainbat proiektutan ere hartu dut parte azken urte hauetan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Amaia Iparragirre, matematikaria: “Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Animalien aferak
Animalien aferak liburuan (2011) animaliak aztertzean aurkitu ditzakegun zerbait bitxi edo deigarriak azaltzen dizkigute Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Nola irauten dute hauek bizirik? Zer trikimailu darabilte arrakasta izateko? Halako galderak bururatzen zaizkigu maiz animalien bizimoduei erreparatzean, baldintza gogorretan aurrera ateratzeko gai direla ikusten dugularik batez ere.
Irudia: Animalien aferak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Askotariko animaliak aztertu ondoren, argi gelditzen da nahiko urriak direla erabiltzen dituzten mekanismoak; hala ere, aniztasun zoragarria aurkitzen dugu animalien artean, baldintzen, beharrizanen eta taldearen arabera. Horren adibide dira Animalien aferak izenburupean bildutako istorioak. Bitxitasuna gorabehera, eredugarri direlako aukeratu dira, eta guztietatik atera daiteke animalien funtzionamenduari buruzko irakaspenen bat. Bederatzi ataletan antolaturik datoz, gaion harian: animalien tamainaren eragina; hotzari eta beroari aurre egiteko erak; ura, oxigenoa eta janaria lortzeko baliabideak; harrapariengandik ihes egiteko zen harrapakinak ehizatzeko moduak; ondorengoen biziraupena bermatzeko estrategiak…
Literaturak askotan hartu ditu animaliak protagonistatzat, fantasiaz gehienetan; istorio hauetan, animalien bizitza erreala dugu, bere horretan, literatura ederra.
Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia Barandika Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira. Urteak daramatzate Biologiako ikasleei animalien fisiologiari buruzko eskolak ematen Zientzia eta Teknologia Fakultatean.
Itsas animalien biologia ikertzen dihardute aspalditik, eta gai horri buruzko zientzia-artikulu ugari argitaratu dituzte.
Miren Bego Urrutia EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko zuzendaria da, eta Juan Ignacio Pérez, berriz, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea.
Uhandreak bloga sortu, eta han hasi ziren animalien biologiari buruzko istorioak idazten, formatu askeagoan helarazteko publiko zabalagoari animaliei buruzko kontu interesgarriak.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Animalien aferak
- Egilea: Pérez Iglesias, Juan Ignacio; Urrutia Barandika, Miren Bego
- ISBN: 978-84-9860-568-6
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2011
- Orrialdeak: 340 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Animalien aferak
The post Animalien aferak appeared first on Zientzia Kaiera.
Aldapan gora… txiklea murtxikatzen
Zoro moduen musturrek sartunde ibili ginen Gatiburekin, ongi etorria emateko eskatzen Esne Beltzakoen eskutik, arnasa hartu ezinik aldapan gora Huntzakoekin eta, urtero, udaberri hasierarekin, Zea Maysek negua joan dela buruan sartzen digu berriro.
Benetan buruan izan ere. Burutik atera ezinik ibiltzen baikara abestia, eta, abestia baino gehiago, abesti zatitxo bat. Belarri-harra (earworm) izena hartzen du buruan behin eta berriro “entzuten” dugun eta burutik atera ezin dugun melodia horrek. Abestiekin ez ezik, publizitateko jingleekin edo melodiekin ere gertatzen zaigu.
Ez dago guztiz argi zer gertatzen den ditxosozko melodia behin eta berriro buruan bueltaka dugunean. Badirudi zirkuitu neuralak trabatuta geratzen direla errepikatzen den begiztan, buruaren jabeak hala nahi edo ez nahi.
Irudia: txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du, beraz, lagungarria izan daiteke buruan behin eta berriro “entzuten” dugun melodia hori burutik ateratzeko. (Argazkia: Yuri Manei – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Esperientzia unibertsala da, mundu mailan gertatzen dena. Egia da zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela, musikariek eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboa dutenek, esaterako.
Eta badakigu askoren mina tontoen atsegina dela, baina onar dezagun, kontsolamendu pixka bat ere badakar; beraz, hona datua: gizakien % 98ri eragiten dio fenomenoak.
Ihes egiterik ez dagoIa erabat unibertsala den gertakizunaz ari gara, beraz. Alienak topatu arte, behintzat. Hala izanik, zientziak, noski, kontua aztertu du. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery edo INMI, ingelesez) da jarri dioten izen zientifikoa eta zenbait ezaugarri dituela topatu da: abesti zatiak izaten dira normalean, 15 eta 30 segundo artekoak. Letra duten abestiak izaten dira kasu gehienetan, % 73,7 (telebista iragarkiak eta jingleak % 18,6, eta abesti instrumentalak % 7,7).
Londreseko unibertsitateak 2016an egindako ikerketa bat pauso bat harago joan zen. Abesti baten populartasunak eta ezaugarri melodikoek belarri-harra bihurtzen laguntzen ote duten ikertu zuen. Eta, earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak zituztela topatu zuten.
Eta gainera, bidean, ikerketan parte hartutakoek gehien izendatu zituzten abestien zerrenda osatu zuten. Lehen postuan nor izan zela uste duzue? Bada, Lady Gaga jaun eta jabe. As-ti-ro, pasito a pasito, suave suavecito zerrendan ez egoteak argi uzten du 2016an emandako erantzunak direla.
Gaur egun egingo balitz, eta globalizazioa gorabehera, pentsa liteke tokien arabera emaitzak aldatuko liratekeela. Hala ere, hona aipatuen izan ziren bederatzi abestiak, hurrenez hurren:
- Bad Romance, Lady Gaga
- Can’t Get You Out Of My Head, Kylie Minogue
- Don’t Stop Believing, Journey
- Somebody That I Used To Know, Gotye
- Moves Like Jagger, Maroon 5
- California Gurls, Katy Perry
- Bohemian Rhapsody, Queen
- Alejandro, Lady Gaga
- Poker Face, Lady Gaga
Laburbilduz, ia mundu guztiari eragiten dio, kasu gehienak letra duten zatitxoak izaten dira eta pop musika izaten da, batez ere, protagonista. Izan gaitezen praktiko, baina. Zelan, jainkoarren, zelan atera dezakegu burutik abestitxoa?
Horretan ere ibili da zientzia. Albiste txarra lehenengo: ez dago erabateko sendabide hutsezinik. Baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, Jose Ramón Alonso neurobiologoak azaltzen duenez:
Lehenengo estrategia abestia bere osotasunean entzutea da. Esan bezala, abesti osoa baino, abestiaren zatiren bat da buruan bueltaka izaten duguna eta, abesti osoa entzutean, begizta horretatik atera eta nolabaiteko bukaera lortzen dugu.
Abestitik arreta desbideratzea da beste modu bat. Norbaitekin hitz egin, txistu egin, zenbatu, bestelako abestiren bat entzun… Belarri-harrak baliatzen dituen garuneko baliabide berdinak erabiltzen ditugulako funtzionatzen du metodo honek. Arrazoi berbera dela medio, baliagarria izan daiteke ondo ezagutzen den abestiren bat abestea.
Entzungor egitea da gomendatzen den beste jokabide bat. Buruan dabilen abestitxoa kontuan ez hartzea eta, eskolan zirika dabilen umeak bezala, aspertu eta bakean utziko gaitu.
Eta topatu duten azken metodoa asmatuko zenuten honezkero, artikuluaren tituluan doa eta: txiklea jan. Bai, ondo irakurri duzu. Txiklea murtxikatzea.
Hitz egitearekin lotutako programazio motorrari eragiten omen dio txiklea murtxikatzeak eta azpibokalizazioa (abestien hitzak buruan esatea) galarazten omen du. Horrela, buruan abestiaren hitzak ezin esan eta, puf! desagertu egiten da abestia.
Baina hitz egin dezagun pixka bat txiklea jateaz. Dirudien baino mami gehiago baitu kontuak. Izan ere, garunari eta bere funtzionamenduari eragiten omen dio. Txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du. Txiklea jateak memorian duguna atzitzea zailtzen duela, aizue!
Hortaz, badakizue, Alboka taldearen bolumena igo eta martxan jartzen gare, ez gaituzu maite, baina gu hemen gaude aldarrikapena buruan behin eta berriro baldin baduzue, ziur aski ez zaudete bakarrik esperientzian; zuen garuna begizta batean dabil atera ezinik eta, irtenbide zehatz eta magikorik ez badago ere, aukeraren bat baduzue abestiari “ikusi arte” esateko. Bila ezazue beste bat eta esan aurrekoari Agur!
Erreferentzia bibliografikoak:- Alonso, José Ramón (2021). Earworms revisited. Mapping Ignorance. https://mappingignorance.org/2021/07/12/earworms-revisited/
- Jakubowski, Kelly; Finkel, Sebastian; Stewart, Lauren & Müllensiefen, Daniel (2017). Dissecting an earworm: Melodic features and song popularity predict involuntary musical imagery. Psychology of Aesthetics, Creativity, and the Arts, 11(2), 122–135. DOI: https://doi.org/10.1037/aca0000090
- Alonso, José Ramón (2015). Earworms and chewing gum. Mapping Ignorance. https://mappingignorance.org/2015/10/21/earworms-and-chewing-gum/
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko urrian, 232. zenbakian.
The post Aldapan gora… txiklea murtxikatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Orientatzen gaituzten mineralak
Bai, onartzen dut, izenburua nahiko clickbait da. Edo “amu” samarra, anglizismoak alde batera uzten baditugu. Izan ere, nahiz eta ematen duen sasizientzien alde ilunera igaro naizela eta mineralen, hots, solido kristalino horien gezurrezko “botere magikoak” iragartzearen alde nagoela, ez da hala.
Orain oso erraza iruditzen zaigu orientatzea bidaia bati ekiten diogunean, GPS gailuari esker. Mugikorrean bertan daukagu. Baina, zer gertatzen da estaldura galtzen dugunean eta ez dagoenean seinalerik sateliteekin? Bada, bi aukera baino ez ditugu: galtzea (eta onartzen dut, ni talde horretakoa izaten naiz) edo oso erosoa den tresna bat erabiltzea, geologiako profesionalek beti motxilan daramatena: iparrorratza.
1. irudia: Toledoko probintziako San Pablo de los Montesen jasotako magnetitazko edo “iman harrizko” kristalen agregatua, Madrilgo Museo Geomineroan (IGME-CSIC) ikusgai. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Iparrorratzaren historia ere oso geologikoa da. Horretarako, 2.000 urte baino gehiago egin behar dugu atzera, Magnesia izeneko eskualde batera. Gaur egun Turkian dago, baina, garai hartan, greziarren lurraldean zegoen. Bertan, artzain gazte batek harri arraro batekin egin zuen topo. Burdina erakartzeko ahalmena zuela ikusi zuten, eta “Magnesiako harri” izena eman zioten (oso originalak ez ziren izan izena jartzeko orduan). Propietate horrek obsesionatu egin zuen Tales Miletokoa bera, ohartu baitzen mineral horrek ez zuela burdina bakarrik erakartzen eta harriarekin igurzten zen burdinazko pieza orok propietate hori bereganatzen zuela. Egun, “magnetita” izenez ezagutzen dugu mineral hori (formula kimikoa: Fe3O4), eta metalak erakartzeko duen propietateari “magnetismo” deitzen diogu.
Pare bat mende igaro arte ez dugu mineral horren berri askorik izan; hots, idatzizko erregistro batzuk agertu ziren arte. Ziotenez, antzinako txinatarrek magnetita erabili zuten burdinazko pieza txikiak magnetizatzeko, eta, pieza horiek, urez betetako ontzi batean flotatzen zuten egurrezko ohol baten gainean libreki biratzen uztean, beti norabide berean seinalatzen zutela ikusi zutela: I-H magnetikoa. Hala ere, ez dago idatziz jasota ea erabilpenik ematen zioten aurkikuntza horri, kontu sasimagikoez harago.
XII. mendera iritsi arte; Ingalaterrako idazkiek adierazten dute nabigatzaile batzuek magnetitaz imandutako burdinazko pieza txiki horiek erabiltzen zituztela, eta kortxo baten gainean biratzen uzten zituztela urez betetako ontzi batean, itsaso zabalean orientatzeko, beste erreferentziarik ez zutenean, hala nola, Eguzkia, Iparrizarra edo itsasertza. Horrela jaio ziren historiako lehenengo iparrorratzak.
Baina magnetita ez da gizakiek beren itsas bidaietan erabili duten mineral bakarra izan. Bikingoen sagetan, “eguzki harria” aipatzen da. Nabigatzaile ospetsu haiek erabiltzen zuten tresna zen, eta itsaso zabalean non zeuden jakiteko baliatzen zuten lehorreko erreferentziarik ez zutenean eta eguna oso lainotuta zegoenean eta ezinezkoa zitzaienean Eguzkiaren kokapena jakitea.
2. irudia: History Channeleko Vikings telesaileko fotograma. Bertan, protagonistetako bi agertzen dira, Islandiako espato kristal edo “eguzki harri” bat erabiltzen, Ingalaterra iparraldera joateko bidaian orientatzeko. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Nahiz eta oraindik ez dakigun ziur zer mineral zen bikingoek erabiltzen zuten “eguzki harri” hura, badirudi bi hautagai posible daudela, eta bietako edozein izan daiteke. Lehenengoa espatua da: burdinazko, aluminiozko eta magnesiozko silikatoa (formula kimikoa: (Mg,Fe)2Al4Si5O18). Oso ohikoa da Eskandinaviako arroketan, eta propietate bitxi bat du: birrefringentzia. Mineral batzuek duten propietate optiko bat da, eta argiaren errefrakzio bikoitz bat ematen du, hau da, argi sorta bakar batetik bi izpi paralelo banatzen ditu. Horrela, testu idatzi baten gainean ahalik eta espatu gardenena jartzen badugu, letrak bikoiztuta ikusiko ditugu, eta horrek txikien arreta erakartzen du dibulgazio jardueretan (eta ez hain txikiei).
3. irudia: kaltzitazko kristal gardena, Islandiako espatuaren barietatekoa, Madrilgo probintziako El Barruecotik datorrena, Madrilgo Museo Geomineroan (IGME-CSIC) ikusgai. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Bikingoen eguzkia harrirako beste hautagaia kaltzita barietate bat da (formula kimikoa: CaCO3), “Islandiako espatu” izenez ezagutua. Kristal oso gardenak dira, eta birrefringentzia propietatea ere badute, zeina oso ugaria den izen bera duen uhartean. Bikingoek, Islandia konkistatu aurretik espedizio nautikoak egiten zituztenez, badirudi espatua erabili ohi zutela kaltzita mota horren meategi ugariak aurkitu zituzten arte. Gero, haien GPS minerala ordeztu ahal izan zuten.
Birrefringentziarekin ez da beharrezkoa kristal mineralek jasotzen duten zuzeneko argia oso indartsua izatea, eta, beraz, egun lainotsuetan, Eguzkiaren kokapen zehatza zehaztea oso zaila denean, fenomeno optikoa oso modu nabarmenean gertatzen da. Egia da ez dakigula bikingoek nola erabiltzen zituzten mineral horiek itsaso zabalean orientatzeko, ia ez dagoelako aztarna arkeologikorik, eta testu idatzietara soilik jo dezakegulako. Hala ere, bi modutara egin zezaketela uste da: batetik, zerurantz kristal bakarra altxatuz, bi argi sorten errefrakzio angelua kalkulatzeko; edo, bestetik, bi mineral batera erabiliz eta beti posizio finko batean egongo zen egurrezko hirugarren pieza batekin hiruki bat osatuz. Hori bai, badakigu mineral soil batzuk erabiliz, Europa eta Amerika iparraldean modu zehatzean nabigatzea lortu zutela.
Harrigarria da nola gizakiak itsas epopeia horiek burutzeko gai izan diren aurreko mendeetan, mineral pare bat bakarrik erabiliz, haien propietateen atzean zegoen zientzia zehazki ulertu gabe. Baina horrek ez zuen inolako magiarik, eta, beraz, badugu tresna bat gehiago hasieran aipatzen nituen sasizientzia horiek agerian uzteko. Edo, ez al zaizue greziarrei, txinatarrei eta bikingoei buruz hitz egiteko gogorik sortu, norbait mineralen propietate mistikoak azaltzen saiatzen denean?
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 8an: Minerales que nos orientan.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Orientatzen gaituzten mineralak appeared first on Zientzia Kaiera.
Interneten eta bideojokoen erabilerak nerabeen bizi-kalitatearekin harremana du
Estatuko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek Internet eta bideojokoak nola erabiltzen dituzten aztertu du UPV/EHUk elkarlanean egindako azterlan batek. Interneten erabileran edo online jokoen inguruko nahasmendu arazoak erakutsi dituzten parte-hartzaileek puntuazio baxuagoak lortu dituzte osasunarekin lotutako bizi-kalitatean.
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2019an 10 urteko haurren % 79k ordenagailua zuten, eta % 22,3k mugikorra; 15 urterekin, ehuneko horiek % 93,6 eta % 93,8 ziren, hurrenez hurren. Azterlan epidemiologikoen arabera, nerabeen % 15ek Interneten edo mugikorraren erabilera problematikoa erakusten dute.
Irudia: Interneten erabilera problematiko orokorra, oro har, Interneten kudeaketa eta erabilpen disfuntzionala da. Aldiz, Internet bidezko joko-nahasmendua lineako bideojokoekin lotutako jokabide espezifikoa da. Bi arazoak gero eta ohikoagoak dira nerabeen artean. (Argazkia: Stocksnap – Pixabay lizentziapean – Iturria: Pixabay.com)Euskal Herriko Unibertsitateko, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek Ziberpsikologia Taldearen esparruko elkarlanean aritu dira ikerketa honetan. Lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin. Hau da, ongizate fisiko, mental eta sozial okerragoa izatearekin. Bi arazo horiek ugaritzen ari dira nerabeengan. Juan Manuel Machimbarrena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak —Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Sailekoak— espainiar estatuko 7 eskualdetako 16 ikastetxetan 11-18 urte bitarteko 2.024 gazterekin egin den azterlanean parte hartu du.
Interneten erabilera problematiko orokortuak berekin dakar Internet, oro har, disfuntzionalki erabiltzea eta kudeatzea. “Berez ez da nahasmendu bat. Erabilera problematikoa izan dadin, onlineko elkarrekintza lehenesteaz gain, gatazkak sortzen dituen erabilera konpultsiboa izan behar da”, azaldu du Machimbarrena doktoreak. Bestalde, Internet bidezko jokoaren nahasmendua lineako bideojokoekin lotutako jokabide espezifikoa da. “Adikzio baten ezaugarriak ditu. Nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean; sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Eta horrek arazoak sor diezazkieke eguneroko bizitzan”, gehitu du.
Teknologia bere testuinguruan ulertu behar daIkerketaren emaitzek erakusten dutenez, parte-hartzaileen % 15,5ek puntuazio handia lortu dute Interneten erabilera problematiko orokorrari dagokionez, eta bideojokoetan jokatzen duten nerabeen % 3,3k jokoaren nahasmenduaren zantzuak dituzte. Machimbarrenak egiaztatu duenez, “parte-hartzaile gehienek ez zuten inolako arazorik; ez zuten bi arazo horietako bat ere, ez behintzat kezkatzeko moduan. Baina Interneten erabilera orokorrean arazoak zituztenek eta bideojokoak erabiltzeagatik nahasmenduak zituztenek osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoa zuten”.
Ikertzaileek honako hau azpimarratu nahi dute: “ezin dugu kausalitaterik ondorioztatu. Badakigu une jakin batean bi arazo horiek aldi berean dituen jendeak bizi-kalitate txarragoa duela. Alabaina, baliteke jende horrek bizi-kalitate txarragoa duelako izatea arazo horiek, edo arazo horiek dituelako izatea bizi-kalitate txarragoa”. Bestalde, ikusi dute “korrelazio handia dagoela Internet modu problematikoan erabiltzen duten eta bideojokoekin arazoak dituzten pertsonen artean”. “Baina, era berean, badago jendea aldartea erregulatzeko biak erabiltzen dituena, inolako arazorik izan gabe. Horrek esan nahi du Internet edo bideojokoak maiz erabiltzen dituzten guztiek ez dutela arazo bat”.
UPV/EHUko ikertzaileak azaldu du ezen pertsona guztiek erabiltzen dituztela aldartea hobetzeko estrategiak: “Estrategia batzuk, hala nola drogak edo alkohola, kaltegarriagoak dira; beste batzuk, berriz, hala nola kirola, osasungarriagoak dira. Bideojokoen eta sare sozialen kontsumoa ez da erregulazio-mekanismorik onena, beste mekanismo bat besterik ez da; erabileraren arabera, kaltegarria izan daiteke edo ez”.
Machimbarrenaren ustez, gehiago ikertu behar da “adingabeak teknologiarekin nola erlazionatzen diren” ulertzeko. “Gehiago ikertu behar dugu bideojokoekin arazoak dituzten edo beren bizi-kalitatean arazoak dituzten haur horientzat irtenbide bat bilatzeko. Arazoa ez da bideojokoek mendekotasun handia sortzen dutela, baizik eta haurrei beren gogo-aldartea erregulatzen laguntzen dieten estimulu erraz eta erakargarriak direla. Eta hor landu beharreko gauza bakarra ez da bideojokoekiko mendekotasuna, baizik eta pertsona horiek beren bizitzetan dituzten beste alderdi batzuk. Ahalegina egin behar dugu bideojokoak entretenitzen eta motibatzen dituzten gauza bakarra izan ez daitezen”. Era berean, Machimbarrenak dioenez, “gaindimentsionatu egin dira, nolabait, adikzio teknologikoen arazoa edo teknologiaren erabilera problematikoak. Garrantzizkotzat jotzen dugu ustezko mendekotasun horiek testuinguruan kokatzea, arazo horiek dituztenei lagundu behar zaiela ahaztu gabe, baina teknologia deabrutu gabe”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Interneten eta bideojokoen erabilera problematikoa bizi-kalitate txarragoarekin erlazionatu dute nerabeengan
Erreferentzia bibliografikoa:Machimbarrena, J., Beranuy, M., Vergara-Moragues, E., Fernández-González, L., Calvete, E., González-Cabrera, J. (2022). Uso problemático de Internet y trastorno de juego por Internet: Solapamiento y relación con la calidad de vida relacionada con la salud en adolescentes. Adicciones, 0. DOI: http://dx.doi.org/10.20882/adicciones.1494
The post Interneten eta bideojokoen erabilerak nerabeen bizi-kalitatearekin harremana du appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #435
Espektro autistako pertsonek intentsitate handiagoz pairatzen dute mina eta arazo asko izaten dituzte horretara egokitzeko. J.R. Alonsoren Pain and autism.
Hidrogel bat injektatzeak kontu askoren irtenbide farmakozinetiko eta farmakodinamiko ezinhobea dirudi. Segurtasunez egin ahal izatea, beste gauza bat da. Horretan aurrera egiten ari da: Injectable hydrogels for biomedical uses
Marterako garatzen den nekazaritza-ingeniaritzak Lurrean elikagaiak lantzeko modua eralda dezake: Food systems on Mars are set to transform food on Earth, Leonore Newman eta Evan Fraser-en eskutik.
Materialen azalerak maila atomikoan aldatzea, propietate kuantiko eta elektroniko jakin batzuk gara ditzaten, ia errutinazkoa da. DIPCko jendeak gaiaren egoera aztertu du: Engineering quantum states and electronic landscapes
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #435 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #429
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
ArgitalpenakErreinu periodikoa liburua Peter William Atkins kimikalariak idatzi zuen 1995 urtean, eta elementuen Taula Periodikoaren mapan murgiltzen gaitu. Alegiazko erreinu horrek antolaera ordenatua da, hots, bere legeak eta bere administrazioa. Bestalde, mundu honetan orok bezala, badu laugarren dimentsioa ere: denbora. Arkinsek lortu nahi zuena zera zen, irakurlea irudimenaz baliatzea analogia geografikoak entitate konkretu gisa interpretatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
OsasunaUPV/EHUri atxikitako Tim Riffe Ikerbasqueko ikertzailea partaide izan duen nazioarteko ikerketa berri batek indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak behatu ditu. 162 herrialdetako 2008tik 2017ra bitarteko hilkortasun-datuetatik eta Barne Bakearen Indizetik abiatuta, ikerketak argi utzi du indarkeriarik handieneko herrialdeak direla bizi-ziurgabetasunik handiena dutenak. Gainera, argitaratu duten txostenaren arabera, zenbat eta handiagoa izan bizi-ziurgabetasuna, orduan eta baxuagoa izan ohi da bizi-itxaropena. Azalpenak Zientzia Kaieran: Indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak.
Lan jardunaldi luzeek osasunean duten eragina ikertu zuten 2016an Osasunaren Mundu Erakundeak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak. 194 herrialdetako eta 2000 eta 2016 bitarteko datuak alderatu zituzten ikerketarako, eta argitaratu zuten txostenaren arabera, 745.000 lagun hil ziren astean 55 ordutik gora lan egiteagatik. Emaitza hauek erakusten dute astean ordu horiek lan egiteak %35 areagotu dezakeela apoplexia bat izateko arriskua, eta %17 kardiopatia iskemiko bat izatekoa. Gai honen harira, Berriak Frank Pega Osasunaren Mundu Erakundeko teknikaria eta epidemiologoa da elkarrizketatu du. Bere esanetan, lan jardunaldi luzeengatik iktusaz edo bihotzekoaz hiltzen direnak icebergaren punta baino ez dira. Lanaldi luzeek beste gaixotasun edo osasun arazo batzuk ere eragin ditzakete, bestak beste, estres psikologikoa eta fisikoa, eta lan istripuak izateko aukerak areagotu ditzake.
Iñigo Lorenzok erizaintzako ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta ikertzailea eta irakaslea da gaur egun unibertsitate berean. Bere tesian erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzearen aukeraren inguruan ikertu du. Izan ere, bihotzeko gailurik eskuratzeko aukerarik ez duten milioi bat pertsona hiltzen dira urtero, baina herrialde aberatsetan, berriz, bihotzeko gailuen eramaileak hiltzean, bota egiten dira gailu horiek. Lorenzok bere tesiaren emaitzekin ondorioztatu ahal izan duenez, jaso ziren gailuetatik 100ek (%46,7) bete zituzten berrerabilpen irizpideak. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Iñigo Lorenzo: “Erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarria izan daiteke”.
AstrobiologiaLitekeena da orain Marten dauden tresnak ez izatea gai bizi-arrastoak detektatzeko. Espainiako Astrobiologia Zentroko eta Txileko Unibertsitateko autonomoko ikertzaile batzuek Atacamako basamortuan proba batzuk egin dituzte tresna horiekin, eta ondorioztatu dute ez dutela bizitza arrastoak detektatzeko behar adinako sentikortasuna. Ikertzaileen esanetan, Marten bizidunak egon baziren, oso zaila izango dela haien arrastoa detektatzea hango tresnekin. Horrenbestez, oso garrantzitsua deritzote laginak Lurrera ekartzea, hemen analizatu ahal izateko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaUnibertso goiztiarreko galaxia masiboak aurkitu ditu James Webb Teleskopioak. Big Bangaren ondorengo 500-700 milioi urtetan Eguzkiarena halako 10 mila milioitik gorako izar-masak dituzten sei galaxia aurkitu dituztelakoan daude. Unibertsoa hain gaztea zenean (egungo adinaren % 3), galaxiak ere gazteak eta txikiak izango zirela espero zen, baina askoz handiagoak eta helduagoak dira topatu dituztenak, lehen ikerketa honen arabera. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
EboluzioaZeziliak nahiko animalia bitxi eta bereziak dira, eta ez da beraien biologia oso ongi ezagutzen oraindik, ez eta haien historia ebolutiboa ere. Duela gutxira arte, hamar fosil besterik ez ziren ezagutzen; guztiak duela 183 milioi urte ingurukoak. Alabaina, Nature aldizkarian argitaratu denez, orain arte azaleratu den zezilia baten fosil zaharrena aurkitu berri dute Arizonako Baso Petrifikatuaren Parke Nazionalean. Duela 220 milioi urteko estratu batean aurkitu dituzte espezie berekoak diruditen 70 banakoren arrastoak, eta hortaz, zezilien historia ebolutiboan 35 milioi urte atzera joatea lortu dute ikertzaileek. Fosilaren ezaugarriengatik, egileek uste dute zeziliak gertuago daudela lehenengo igel eta arrabioetatik. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Urlehortar bitxienaren jatorria argitu dute.
TeknologiaNafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu berri den tesi batean, hasierako urrats bat eman dute 5G, 6G eta Gauzen Internetaren (IoT) teknologien premiak asetzeko. Aplikazio horiek irabazi eta banda-zabalera handiko antenak eskatzen dituzte, eta Dayan Pérez Quintanaren tesian antena-sistemak, metagainazalak eta geometria klasikoetan oinarritutako metalenteak aztertu dituzte. Antena-sistema horiek guztiak banda-zabalera oso handiko polarizazio zirkularra sortzeko gai dira, eta frogatu dutenez, bai metalenteak eta bai GW antenak, emaitza bikainak lortzen dituzte konbinatzen direnean. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Irtenbide berriak, aplikazio berrietarako.
Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, motonormatiboak gara; alegia, normala iruditzen zaigu motordun ibilgailuek hainbesteko garrantzia izatea gure gizartean. 2.000 boluntario inguruk parte hartu zuten ikerketan, eta beste ezeri onartzen ez zizkieten pribilegioak, arriskuak eta kalteak onartzen zizkien motordun ibilgailuei, eta gehienbat autoei. Esaterako, zigarroen kea leku jendetsuetan debekatzea ongi ikusi zuten gehienek, ez ordea autoen kea debekatzea. Ikertzaileek azaldu dutenez, jarrera horrek ondorio politikoak ditu, eta jarrera diskriminatzaileak ere sustatzen ditu autoa ez duten pertsonekiko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Gizarte motonormatiboa gara.
KimikaNAE AEBetako ingeniarien akademiak nazioarteko kide izendatu du Luis Liz Marzan doktorea. Gainera, Anberesko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatuko du martxoan. CIC Biomaguneko Ikerbasque ikertzailea da bera, eta propietate plasmonikoak dituzten nanopartikula metalikoak aztertzen ditu, eta horiek eremu biomedikoan dituzten aplikazioak. Zehazki, haren ikerketa lerroak zientzia koloideari dagokio. Batik bat, urrez edo zilarrez egindako koloideekin egiten du lan, eta gauza askotan erabili daitezke, hala nola, COVID-19aren testetan, biomedikuntzan edota 3Dko tumore artifizialetan. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Hainbat alorretatik aitortu digute maila handia».
IngurumenaHainbat hiritan emisio gutxiko eremuak ezartzeko apustua egin da azkenaldian, eta gai horren harira, Berriak Marius Navazo geografoa elkarrizketatu du, lurraldearen antolaketan eta hirien plangintzan espezializatua. Bere iritziz, emisio gutxiko eremuak hirietako emisio mota batzuk gutxitzeko eraginkorrak izan daitezke, baina automobil parkearen berriztatzean soilik zentratzen dira neurri horiek. Navazoren esanetan, emisioak gutxitzeko modu eraginkorrena automobil kopurua gutxitzea da, eta auto elektrikoak ez dira irtenbidea. Auto elektrikoek auto arrunten leku bera hartzen dute, eta bizikletan dabilen jendearentzat arrisku bera dakarte. Ondorioz, emisio gutxiko eremuak gaur egun ez dira eraginkorrak bere Navazoren iritziz. Azalpenak Berrian: «Elektrikoak izanda ere, autoak ez datoz bat mugikortasun jasangarriarekin».
Basabizitzatik desagertutako espezieak desagertzeko arrisku handiena dutenen kategorian daude Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Baina espezie horiek ez dira naturan daudenak bezala ebaluatzen, eta ez dira oso kontuan hartzen. Ikertzaile-talde batek ex situ animalia eta landareen datuak berrikusi ditu, eta ondorioztatu dute benetan egoera arriskutsuan daudela. Ondorio horretara iristeko Basabizitzatik desagertuta dauden 84 espezie aztertu dituzte, 40 animalia eta 44 landare, eta emaitzek erakutsi dute populazio gehienak oso txikiak direla, txikiegiak, segurtasun demografikoa bermatzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Basabizitzatik desagertutako espezieak, ahaztuak eta arriskuan.
Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakasleak X eta Y kromosomen tamainaren eboluzioaz idatzi du Berrian. Izan ere, gaur egun, Y kromosoma X kromosoma baino askoz txikiagoa da. Gizakion kasuan, adibidez, X kromosomak 900 gene inguru ditu, eta Y kromosomak, 55 besterik ez. Baina, antza, hori ez da beti horrela izan. Adituen arabera, duela 160 milioi urte inguru bizi ziren ugaztunen sexu kromosoma biek antzeko tamaina zuten, baina eboluzioaren poderioz, Y kromosoma atrofiatuz joan da. Dirudienez, arrazoia zera da: Y kromosomak ez direlako inoiz beste Y kromosoma batekin kontaktuan egon. Horrela, Y kromosomek ez dute birkonbinazio homologorik pairatu, eta beren jatorritik mutazioak besterik ez dituzte metatu. Horrek geneak galtzea ekarri du, eta tamaina txikitzea. Azalpenak Berrian: Y kromosomaren atzera kontua?
SoziologiaNazionalitateak eta erlijio sinesmenek jendearen balio kulturalean zer nolako eragina duten aztertu dute. Azterketa hori egiteko 88 herrialdetako 243.118 pertsonak Balioen Munduko Inkestan (2005etik 2019ra) emandako erantzunak hartu dituzte abiapuntutzat. Ondorioa zera izan da: erlijio desberdinetako kideen arteko distantziak handiagoak dira erlijio balioak edo horiekin zuzenean lotutako balioak kontutan hartzean, baina, hala ere, horiek ez dira desagertzen moralarekin edo erlijio sinesmenekin loturarik ez duten balio kulturalak bakarrik kontuan hartzen direnean. Horrek esan nahi du gizataldeen arteko desberdintasun kultural eta sozial gehienek erlijio sinesmenetan dute jatorria. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Erlijioek balio kulturalak baldintzatzen dituzte.
The post Asteon zientzia begi-bistan #429 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: kafea
Behin baino gehiagotan jorratu da kafearen gaia Zientzia Kaieran. Zientzia muina artuta, edari honen ikuspegi ezberdinak ikus ditzakegu blogean eta gure Kiñuk artikulu sorta horren errepaso egiten digu.
Kontsumitzen dugun kafe gehiena Arabika kafea da, Coffea arabica espeziea, hain zuzen ere. Munduko kafe-ekoizpenaren %70 landare horri dagokio eta interes ekonomiko handia du.
Kafearen zaporea gustoko izatekotan, baina kafeina kontsumitu gabe, aukera dago honetaz disfrutatzea deskafeinatua hartuta. Kiñuk prozesu horren eskema ere ekartzen digu gaurkoan.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: kafea appeared first on Zientzia Kaiera.
Erreinu periodikoa
Erreinu periodikoa (1995) liburuak Elementuen Taula Periodikoaren mapan murgiltzen gaitu. Mapa arruntek lurralde bat irudikatzen dutenez, nolakoa da Mendeleiev-en mapa horrek biltzen duena?
Horri erantzutera dator Arkins-ek liburu xume honetan. Airetik inguratuko gara lehenik, eta oinezko bidaian gero. Aurrena, eskualdeen ikuspegi orokorra izango dugu. Azaletik sakonerantz, barrenduz joango gara lurraldearen osaeran eragina duten kontuetan. Zer ezaugarri aukeratzen dugun, horren arabera aldatuko da maparen itxura. Eskualde bakoitzean zer ekoizten den eta produktuok nola baliatzen diren ere ikusiko dugu.
Irudia: Erreinu periodikoa liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Alegiazko erreinu horrek antolaera ordenatua da, hots, bere legeak eta bere administrazioa. Bestalde, mundu honetan orok bezala, badu laugarren dimentsioa ere: denbora. Bi denbora, zehazkiago. Batetik, eskualdeak “ez izatearen itsasotik” agertzeko bide luzeraren historia, materiaren jatorritik hasita. Eta, bestetik, eskualdeok irabazi -aurkitu, esploratu, izendatu, eta, azkenean, mapa txukun horretan egokitu- zituzten gizakien abenturari dagokiona. Kimikaren bi historiak, alegia: elementuena eta jakintza-arloarena.Bide-erakusle izango dugunak honela zabaltzen digu atea: “Ez dut jakintzat jo aurretiazko inolako kimika-ezagutzarik. Zera baino ez diot eskatzen irakurleari: irudimenaz baliatzea analogia geografikoak entitate konkretu gisa interpretatzeko”.
Hor goaz bidaian.
Peter William Atkins (Amersham 1940) kimikalaria da eta Kimikako irakasle ohia Oxfordeko Unibertsitatean. Idazle trebe bezain oparoa dugu, bai ikasliburuei dagokienez (Physical Chemistry du ezagunena) eta bai dibulgazioaren arloan ere.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Erreinu periodikoa
- Egilea: Peter William Atkins
- ISBN: 978-84-9860-554-9
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2011
- Orrialdeak: 198 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Erreinu periodikoa
The post Erreinu periodikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Urlehortar bitxienaren jatorria argitu dute
AEBn aurkitutako fosil berriek aukera eman dute denboran 220 milioi urte atzera joan eta zezilien historia ebolutiboa argitzeko.
Zaila da idatzizko medio batean halakorik proposatzea. Ez da, ez, formaturik egokiena. Baina, tira, ahaleginduko gara. Egin dezagun esperimentu txiki bat. Behin esaldi hau irakurrita, itxi begiak eta saiatu irudikatzen urlehortar bat. Edozein.
Esaldi hau irakurtzen ari bazara, suposatutzat emango dugu dagoeneko irudi hori irudikatu duzula zure buruan, eta jakin nahi duzula zertara datorren proposamen tonto hau. Arrazoia duzu: proposamen tontoa da. Inork ez du sinetsiko magia egin dugunik esaten badugu igel bat irudikatu duzula. Edo arrabio bat. Zapaburu itxuran ere balekoa zaigu. Edozein kasutan, lasai egon zaitezke. Gizaki arrunta zara. Normal-normala. Mainstream, jende modernoaren hizkera modernoan.
Baina urlehortar hitza aipatzean burura datorkizun irudia zezilia batena baldin bada, irakurle orok merezi duen errespetuarekin, gauza bat argi esango dizugu: biologiaren friki bat zara. Kito.
1. irudia: Funcusvermis gilmorei espeziearen irudikapen artistikoa, duela 220 milioi urteko fosil batean abiatuta. (Irudia: Andrey Atuchin – Creative Commons Attribution 4.0 International litzentziapean. Iturria: Wikimedia Commons).Ez da batere arraroa gehienei irudi hori bururatu ez izana. Izan ere, zeziliak nahiko animalia bitxi eta bereziak dira. Egia esanda, urlehortar baino, itxuran bederen, zizare erraldoi bat ematen dute. Hortzak dituzte, baina soilik harrapakinei eusteko: harrapakinak irensten dituzte, sugeek egiten duten moduan. Sugeekin nahasteko joera ez da horren ezezagunak izatearen arrazoi bakarra: ezkutuan bizi ohi dira, lurzoruko orbelaren artean, eta bertan erraz mugitzen dira; besteak beste, bala baten itxurako burua dutelako, eta horrek errazten die lurrean sartzea. Beren habitatak eremu tropikaletara mugatzen dira, baina horrek ez du esan nahi gutxi direla: orotara, 200 espezie inguru ezagutzen dira gaur egun. Hamahiru bat urte bizi dira, gatibutasunean, baina ez da ondo ezagutzen zenbat denboraz bizi daitezkeen naturan.
Ezagutza falta hori ez da, gainera, gaur egungo zezilietara mugatzen. Beren historia ebolutiboa ere ez da larregi ezagutzen, batez ere fosil gutxi daudelako. Duela gutxira arte, hamar fosil besterik ez ziren ezagutzen; guztiak duela 183 milioi urte ingurukoak (Jurasikoaren hasierakoak). Baina DNAren bitartez egindako kalkuluen arabera duela 370-270 milioi urte agertu behar ziren (Karboniferoan edo Permikoan).
“Duela gutxira arte”, genion. Izan ere, orain fosil berriek agertokia pixka bat argitu dute. Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean orain arte azaleratu den zezilia baten fosil zaharrenaren berri eman dute. Duela 220 milioi urteko estratu batean aurkitu dituzte espezie berekoak diruditen 70 banakoren arrastoak, Arizonan (AEB) dagoen Baso Petrifikatuaren Parke Nazionalean. Hortaz, zezilien historia ebolutiboan 35 milioi urte atzera joatea lortu dute ikertzaileek.
Aztarna asko azaleratu dira, baina, momentuz bederen, ez da ale osorik aurkitu, eta, kasurako, ezin izan dute zehaztu espeziearen luzera. Besteak beste, barailak, ornoak eta hanka zatiak deskribatu dituzte. Ez dira, ez, batere handiak: aztertu duten barailarik handiena 6-7 milimetroren bueltan ibiliko da. Hortaz, eta luzera zehatza ez ezagututa ere, argi dago nahiko animalia txikiak izan zirela.
Ben Klingman doktoretza ikasleak aitortu duenez, ezusteko galanta hartu zuen baraila fosil bat mikroskopioaren azpian jarri eta aurrenekoz hortz lerro bikoitza ikusi zuenean. “Berehala konturatu ginen zezilia bat zela, inoiz aurkitutako zezilia baten fosil zaharrena; bizitzan behin baino ez den gertatzen aurkikuntza horietako bat, hain zuzen”, azaldu du prentsa ohar batean. “Zezilia fosilak oso eskasak dira, eta normalean paleontologoek aurkitzen dituzte ohikoagoak diren beste hainbat animaliaren fosilen bila ari direnean”, gaineratu du.
2. irudia: aurkitutako beheko baraila baten argazkia, mikroskopiotik ikusita. Barailak milimetro batzuk baino ez ditu. Beraz, eta animaliaren tamaina ezagutu ez arren, jakin badakite nahiko espezie txikia izan zela. (Argazkia: Ben Kligman/Virginia Tech)Aurkitutako espezie berriari Funcusvermis gilmorei izena eman diote. Lucy fosil ospetsua aurkitu zutenetik nahiko ohikoa izan da paleontologoak induskatzen ari zirenean entzungai zuten abesti batean abiatu izana generoa izendatzeko; oraingoan Ohio Players taldearen Funky Worm izan da abestia. Espeziaren izenari dagokionez, Ned Gilmore paleontologoaren omenez jarri diote.
Estratu hori eratu zen garaian, Arizona ekuatoretik gertu zegoen, Pangea kontinentearen erdialdean. Klima bero eta hezea zen ordukoa. Ez da kasu bakarra, eta orain arte aurkitu diren zezilien fosil guztiak antzeko inguruetan aurkitu izan dira. Gaur egungo zeziliak ere Erdi eta Hego Ameriketan, Afrikan eta Asia hegoaldean zabalduta daude. Egileek uste dute zeziliak antzeko klima bero eta hezea dituzten inguru horietara egokituak egon direla beti, hezetasun handiko eremuak behar dituztelako.
Fosilaren ezaugarriengatik, egileek uste dute zeziliak gertuago daudela lehenengo igel eta arrabioetatik, eta horrek indartzen du hiru talde horiek jatorri ebolutibo komuna dutelako ideia. Uste dute guztien jatorria temnospondiloetan egon daitekeela. Dirudienez, aditu guztiek ez dute guztiz argi gainerako urlehortarrekiko lotura hau, eta denbora tarte luze horretako fosilik aurkitu ez izanak zenbaitetan gai honi buruzko eztabaida elikatu du. Hortaz, litekeena da orain zalantza horiek gutxituko direla.
Modu berean, fosilen azterketatik ondorioztatu dute lurzorua zulatzeko gaitasunari lotutako egokitzapenik ez zutela animalia horiek, eta, horregatik, ikertzaileak sinetsita daude gaur egungo zezilien artean hain zabalduta dagoen ezaugarri hori ondoren eskuratu zuela historia ebolutiboan.
Fosilak Thunderstorm Ridge izeneko aztarnategian topatu dituzte. 2017an aurkitu zuten aztarnategi hori, eta dagoeneko 60 espezie fosilen berri eman du. Ikertzaileek azaldu dute espezie berriak aurkitu dituztela aztarnategian, momentuz horiek ikertzen jarraitzen duten arren; hortaz datozen urteetan ezusteko gehiagoren berri izango dugula aurreratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Kligman, B.T., Gee, B.M., Marsh, A.D. et al. (2023). Triassic stem caecilian supports dissorophoid origin of living amphibians. Nature, 614, 102–107. DOI: 10.1038/s41586-022-05646-5
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Urlehortar bitxienaren jatorria argitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Erlijioek balio kulturalak baldintzatzen dituzte
Nazionalitateak eta erlijio sinesmenek jendearen balio kulturalen arteko antzekotasunetan eta desberdintasunetan zer nolako eragina duten aztertu dute. Horretarako, 88 herrialdetako 243.118 pertsonak Balioen Munduko Inkestan (2005etik 2019ra) emandako erantzunak hartu dituzte abiapuntutzat. Azterketak oso emaitza interesgarriak eman ditu, baina, horien iruzkina egin aurretik, honako hau ohartarazi behar da: erlijio desberdinetako kideen arteko distantziak handiagoak dira azterketan erlijio balioak edo horiekin zuzenean lotutako balioak sartzen badira, baina, hala ere, horiek ez dira desagertzen moralarekin edo erlijio sinesmenekin loturarik ez duten balio kulturalak bakarrik kontuan hartzen direnean.
Irudia: Bost Erlijio Handiak –kristautasuna, islama, judaismoa, hinduismoa eta budismoa– nahiko antzekoak dira balio kulturalei dagokienez, eta, oro har, antzinako erlijioetatik edo erlijio pagano eta espiritualistetatik urrunago daude. (Argazkia: Nicole Geri – Unsplash lizentziapen. Iturria: Unsplash.com)Kristauen eta Liburuko beste erlijioen edo beste Abrahamdar erlijioen –musulmanak eta juduak– jarraitzaileen arteko distantzia kulturala txikiagoa da hinduekin, taoistekin, antzinako erlijioetako fededunekin eta erlijio espiritualistetako fededunekin eta paganoekin baino. Bestalde, tradizio desberdinetako kristauen balio kulturalak nahiko antzekoak dira, batik bat katolikoenak eta protestanteenak; ortodoxoak zertxobait urrunago daude. Budistek, berriz, antzekotasun gehiago dituzte ekialdeko tradizioen jarraitzaileekin –taoistekin eta sorterriko erlijioekin– eta hinduistekin, baina uste baino antzekotasun gehiago dituzte kristauekin. Era berean, azpimarratu behar da, erlijio guztiak batera kontuan hartuz gero, Bost Erlijio Handiak –kristautasuna, islama, judaismoa, hinduismoa eta budismoa– nahiko antzekoak direla balio kulturalei dagokienez, eta, oro har, antzinako erlijioetatik edo erlijio pagano eta espiritualistetatik urrunago daudela. Azken finean, Bost Handiek badute antzekotasun bat: eskala handiko lankidetza sistemak sortu dituzte zenbait mekanismoren bidez, hala nola erritualen, debozioen, fikziozko ahaidetasunen eta zigor eta sari sistemen bidez –Jainkoaren kontura, Liburuko erlijioen kasuan, eta Karmaren kontura, hinduismoaren eta budismoaren kasuan–.
Herrialde berean, tradizio erlijioso bateko fededunek antz handiagoa dute beren tradizioko fededunekin beste tradizio batzuetako fededunekin baino. Eta balio kulturaletan gehien baldintzatzen duen faktorea nazionalitatea izan arren, herrialde desberdinetako pertsonen arteko distantzia txikiagoa da fede bera dutenen artean. Beste hitz batzuetan esanda, erlijio berekoa izateak herrialdeen arteko distantzia kulturala murrizten laguntzen du. Bestalde, erlijioarekin lotutako gatazkak dituzten herrialdeetan ere kredo desberdinetako fededunen arteko desberdintasun kulturalak txikiagoak dira beste nazionalitate bateko erlijiokideekin baino. Aurkikuntza horren arabera, gatazka horiek ez dute erlijio oinarririk, identitate oinarria baizik. Kasu horretan, erlijioarekiko atxikipenak identitate elementu gisa jardungo luke.
Kredo desberdineko erlijiokideak alderatzen direnean, nazionalitate desberdinekoen arteko antzekotasunik handiena katolikoen artean gertatzen da; izan ere, erlijio horrek historia luzea du, eta autoritateak –Aita Santuak– eragin handia du fededunengan. Gauza bera ikus daiteke ortodoxoengan ere, baina neurri txikiagoan. Antzekotasun gutxien duten erlijiokideak doktrinaren ikuspuntutik askoz ere zatikatuagoak dauden erlijioetakoak dira. Azkenik, oso fededunak diren pertsonek balio kulturalak partekatzeko joera dute, baita kredo desberdinetakoak badira ere. Gauza bera gertatzen da fede txikia duten pertsonengan. Izan ere, herrialde eta kredo beraren barruan, desberdintasunak daude fede handia edo txikia duten pertsonen artean. Horrela, bada, erlijioarekiko konpromiso maila balio kulturalen baldintzatzaile bat da.
Erlijioen berezko sinesmen sistema, arauak eta kode morala direla eta, faktore kultural horiek oso boteretsuak dira. Horregatik, gizataldeen arteko desberdintasun kultural eta sozial gehienek erlijio sinesmenetan dute jatorria.
Erreferentzia bibliografikoa:White, Cindel J. M.; Muthukrishna, Michael; Norenzayan, Ara (2021). Cultural similarity among coreligionists within and between countries. PNAS 118, 37. DOI: 10.1073/pnas.2109650118
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Erlijioek balio kulturalak baldintzatzen dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.