Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana
2019. urtean iritsi zen SARS-CoV-2 birusak azken hamarkadetako nazioarteko osasun krisi nagusietako bat ekarri du eta hainbat aldaketa sozioekonomiko eragin ditu mundu osoan. Aldaketa horien epe luzerako ondorioak oraindik ezin dira zehaztasunez aurresan.
Pertsona eta komunikabide askoren arreta koronabirusaren aldaera berri bakoitzerantz eta osasunerako zekartzaten ondorioetarantz bideratu zen. Bien bitartean, anomalia mikrobiologiko bat gertatu zen munduan, foku mediatikoetatik urrun: baliteke gripea eragiten duten influenza birusen leinu oso bat, B/Yamagata leinua, desagertu izana. Beste era batera esanda, baliteke arbaso bera zuten eta elkarri estuki lotuak zeuden gripearen birusaren aldaeren talde bat desagertu izana eta gizakien gainean zuen eragina betiko eten izana. Honela, gripearen birusaren hiru taldek bakarrik jarraituko lukete gure artean, urtero epidemiak eragiten: A influenza birusen H1N1 eta H3N2 azpimotak eta B influenza birusen Victoria leinua.
Irudia: ortomixobirusen modelo baten irudi digitala, gripea eragiten duen birus-mota. (Argazkia: Sanofi Pasteur – CC BY-NC-ND 2.0. lizentziapean. Iturria: Flickr.com)COVID-19aren pandemiak bilakaera fenomeno ultra azkar bat eragin du mundu osoan eta birusen arteko hautespen naturala, biziaren eta heriotzaren arteko linboan dauden entitate horien artean, alegia. Honela, SARS-CoV-2 birusa planetan barna barreiatzen zen bitartean eta kutsatzeko eta transmititzeko gaitasunaren arabera eta giza biztanlerien jokabideen arabera elkar ordezkatzen zuten aldaera berriak sortzen ziren bitartean, A eta B gripearen birusen zirkulazioa nabarmen murriztu zen; berez, ia ez zen neguko gripearen epidemiarik egon 2020. eta 2021. urteetan. Gainera, influenza birusen dibertsitate genetikoa izugarri mugatu zen urte horietan. Ospitaleetan COVID-19aren kasu larrien uholdeak saihesteko hartu ziren osasun neurriek (maskarak, segurtasun distantzia, konfinamenduak, aireztatzea, eskuetako higienea, bidaien murrizketa, etab.) ez zuten SARS-Co-V-2 birusa zokoratzeko balio izan, baina bai gripearen zenbait birus baztertzeko.
Ikertzaileek urteak daramatzate gripearen Yamagata leinuak gure artean, gizakion artean, jarraitzen duen ikertzen, akaso munduko txokoren batean ezkutuan. Ahaleginak egin arren, 2020ko apiriletik gaur egun arte, ez da birus horien existentziaren froga fisikorik aurkitu. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) FluNet gripearen birusen zaintza epidemiologikoa egiteko programak B/Yamagata leinuak eragindako 30 gripe kasu jakinarazi zituen 2021eko apiriletik amaierara arte, eta 38 kasu 2022an. Oso kopuru txikia da hori, pandemiaren aurretik urtero jakinarazten ziren milaka eta milaka kasuekin alderatuta. Hala ere, ikertzaileen ustez, kasu isolatu hauek ez dira Yamagata leinuak gure artean jarraitzearen froga bat, baizik eta gripearen aurkako txertoetan erabiltzen diren leinu horretatik eratorritako birus indargabetuen edo inaktibatuen detekzioaren ondorioa.
Bitxikeria ez den leinu baten desagerpenaYamagata leinuaren desagerpena ez da bitxikeria hutsa. Zorioneko gertaera izan liteke gizateriarentzat. Alde batetik, birus talde hori desagertu egin dela baieztatzen bada, horrek esan nahiko luke gripearen aldaera gutxiago ari direla munduan barna zirkulatzen, epidemiak eragiten eta zenbait kasutan birulentoagoak izan litezkeen aldaera berriak sortzeko mutatzen. Bestalde, pertsonei eraso diezaieketen gripearen birus potentzialen taldea murriztu izana aukera ona izan liteke gripearen aurkako urteroko txertoen eraginkortasuna hobetzeko.
Txerto tribalenteak eta tetrabalenteak –gripearen birusen hiru edo lau motaren aurkako babesa eskaintzen dutenak, hurrenez hurren– asko zabaldu dira munduan. Bi txerto mota horiek barne dute/dituzte B influenza birusen leinu bat edo bi, besteak beste, B/Yamagata leinua eta B/Victoria leinua. Urtero, hemisferio bakoitzean gailenduko diren gripearen birusak zeintzuk izango diren aurresateko ahaleginak egiten dira. Ondorioz, Yamagata leinua desagertuko balitz, gainerako birusen aurkako babes hobea eskainiko litzateke. Hala ere, oraindik goiz da birus talde hori txertoetatik behin betiko desagerrarazteko. Leinu hori berriz ere agertuko balitz, gerta liteke denboran zehar izandako immunitate galerak kasu larriagoak eta heriotza gehiago eragitea kolektibo kalteberen artean. Oraingoz, Espainian 2022-2023 aldirako jartzen ari den gripearen aurkako txerto tetrabalenteak barne du Yamagata leinua.
Denborak eta gripearen birusen zaintza sistemek bakarrik baieztatu ahalko dute, etorkizun hurbilean, Yamagata leinua behin betiko desagertu den. Gizateriak historian eragin dituen eta biodibertsitatea eta ekosistemak kaltetu dituzten gainerako desagerpenak ez bezala, hau berri ona izango litzateke guretzat.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 10ean: Un linaje completo de los virus de la gripe podría haberse extinguido por la pandemia de COVID-19
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana appeared first on Zientzia Kaiera.
Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko
Ane eta Nerea Gondra ahizpa bikiak Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleak dira eta ‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzles’ lana argitaratu dute American Journal of Physics aldizkarian. Artikulua Fisika Saileko Joxemi Campillo eta Ibon Alonso irakasleekin batera egin dute. Fisikaren irakaskuntzaren arloko aldizkari ospetsuenetako bat da, eta Fisikako Irakasleen Amerikako Elkarteak eta Fisikako Institutu Amerikarrak argitaratzen dute.
Ingeniaritza Kimikoko Graduko (Ane Gondra) eta Matematikako Graduko (Nerea Gondra) 4. mailako ikasle hauen artikuluak diziplina anitzeko jarduera bat proposatzen du, eta horren bidez, ikasleek STEM gaitasun desberdinak erabiltzen dituzten (Matematika, Fisika, Marrazketa Teknikoa eta Programazioa). Hasieran sormen fasea dago: ikasleek Tangram puzzle txinatarrarekin irudi bat sortzen dute, ondoren, kalkuluetarako erabiliko dutena.
Irudia: jardueraren diagrama eskematikoa hiru faseetan: 1) (sormena): Tangram-eko irudien diseinua eta irudiaren aukeraketa, 2): masa-zentroaren kalkulu teorikoa hainbat ikuspuntutatik (fisika, matematika, CAD programazioa eta marrazketa), eta 3): balidazio esperimentala. (Iturria: Campillo-Robles, Jose M. et. al.)Ane Gondra adierazi duenez, jarduera honek aukera ematen die “lehen mailako ikasleei hainbat irakasgai lantzeko” aldi berean, eta kontzeptu fisiko bat (masa zentroa) uler dezakete jarduera teoriko-esperimental baten bidez. “Zientziako gradu askotan, ikasleek fisikarekiko duten interesa ez da oso handia, baina diziplina anitzeko jarduerei esker, ikasleak hainbat eduki, ez bakarrik fisikaren arlokoak, modu bateratu eta zeharkakoan lantzera motiba daitezke”, Nerea Gondra ikaslearen esanetan.
Uste baino “urrunago” heldu diraLaburbilduz, artikuluan jarduera erraza eta ekonomikoa planteatzen da. Helburua ikasleek Tangramarekin sortu duten irudiaren masa zentroa kalkulatzea da. Horretarako, hainbat metodo erabiltzen dituzte, fisikako, matematikako, irudigintza teknikoko eta programazioko ezagutzak oinarri hartuta. “Merkea da, software libreko programak erabiltzen saiatu garelako eta Tangrama kartulinekin egin daitekeelako. Horrela, mundu osoko irakasle eta ikasleek erabil dezakete, arrazoi ekonomikoengatik inor baztertu gabe”, azaldu du Ane Gondrak.
Lana ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta jende gehienak izan dezan honen berri, Anek eta Nereak bideo bat prestatu dute jarduera hau labur azaltzeko. Bideoa eta artikulua argitaletxearen weg gunean daude eskuragarri. Horrez gain, eskuliburu bat ere badago, prozesua pausuz pausu nola egin azaltzen duena, eta material osagarria ere badauka irakasleentzat.
Bi ahizpak pozik daude, uste baino “urrutiago” heldu direlako. “Prozesu luzea izan da eta gogor egin dute lan. Uste dugu urte bete inguru eman genuela lana argitaratzea lortu arte”, esan du Ane Gondrak.
Bi ahizpek Joxemi Campillo eta Ibon Alonso Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen laguntza izan dute lana egiteko. “Joxemi nirekin harremanetan jarri zen proiektuan parte hartzeko, eta matematikako norbait behar zuela esan zidan, eta nire ahizpak ere parte hartzea proposatu”, gogora ekarri du Ane Gondrak. “Guk lan-esparru esperimentala egin dugu eta une oro bi irakasleen laguntza izan dugu”, azpimarratu du Nerea Gondrak.
Elkarrekin lan egitea “oso erraza” izan dela, dio Nereak. Haren esanetan, esperientzia “oso aberasgarria” izan da: batetik, “graduan ikasitakoa aplikatu ahal izan dutelako” eta, bestetik, “eta hau ere oso garrantzitsua, jende askorentzat erabilgarria izango delako”.
‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzzles’ ez da Ane Gondrak aldizkari zientifiko batean argitaratzen duen lehen artikulua. Izan ere, Joxemi Campillo eta Maialen Aranetarekin batera ‘Gaur egungo hidrogeno-ekoizpena: metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea’ artikulua argitaratu zuen Ekaia aldizkarian. “Oso pozik gaude –halaxe adierazi dute– irakasleak ikasleek ikasteko baliabide hobeak izateaz arduratzen direlako, eta, gainera, horrelako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen digutelako”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: American Journal of Physics aldizkarian Ane eta Nerea Gondra ikasleen lana argitaratu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Campillo-Robles, Jose M.; Alonso, Ibon; Gondra, Ane; Gondra, Nerea (2022). Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzzles. American Journal of Physics 90, 652. DOI: 10.1119/5.0061884
The post Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #425
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaOne Earth aldizkarian argitaratu denez, basoen galeran nekazaritzak baino eragin handiago du bestelako produktuen nazioarteko merkataritzak. Produktu hauek dira, besteak beste, mineralak, metalak eta zurarekin lotutako produktuak. Ikertzaileek kalkulatu dute ukitu gabeko basoen galeraren % 60, nekazaritzakoak ez diren produktu horien kontsumoari dagokiola. Askotan, nekazaritzarako lur berriak sortzeari egozten zaio ustiatu gabeko basoen galera. Ikerketa honek, ordea, agerian jarri du nazioarteko merkataritzara bideratutako bestelako produktuek ere eragin handia dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaUnai Ugalde biologoak intsektuen galeraz ohartarazteko hitzaldia eman du aste honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ugaldek azaldu zuenez, zenbait lanetan ikus daiteke intsektuen gainbehera azken 30 urteetan izan dela. Hegalariak ez diren intsektuen kasuan, bestalde, egoera larriagoa dela dirudi. Costa Rican egindako ikerketa baten arabera, hamarkada batean lurreko intsektuen %98 galdu dira. Ugaldek dio beherakada honen arrazoi nagusiak ekosistemen suntsipena eta zatiketa direla, eta itxurakeria albo batera utzi eta kontserbazioa lantzeko eskatu du. Informazio gehiago Berrian: «Ez dugu neurtzen egiten ditugun gauzek zer eragin duten inguruan».
MikrobiologiaMikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Talde horren parte den Colin Averill SPUN onddo mikroskopioak babesten dituen elkarteko fundatzailekidea da, eta artikulu berri batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela. Mikroorganismoek, beren txikitasunetik, mundu makroan ezinbestekoak diren hainbat prozesu bideratzen dituzte, bai animalietan, bai landareetan zein ekosistema osoetan ere. Azterketan lurzoruko onddoetan zentratu dira, bereziki, eta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz, batez beste landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!
MedikuntzaGiza fetuak erabat esterilak direla berretsi dute. Orain arte eztabaida zegoen ea fetuak esterilak diren edo baduten mikrobiomarik. Azken urteotan, ordea, bakterioak detektatu dituzte giza fetuen hesteetan eta beste organo batzuetan, eta fetuaren immunitate-sistema garatzeko ezinbestekoak direla ondorioztatu dute. Orain, berraztertu egin dituzte ikerketa horiek guztiak, eta ondorioztatu du fetuetatik laginak hartzerakoan gertatutako kutsadura besterik ez zela. Hortaz, fetuak esterilak direla berretsi dute. Alabaina, fetuak esterilak izateak ez du esan nahi immunologikoki garatu gabeak direnik. Immunitate-zelulak garapenean zehar sortzen dituzte, baina mikroorganismoekin lehenengo kontaktua jaiotzerakoan izaten dute umeek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
GenetikaBaleen tamainaren sekretua geneetan dago lau genetan dago. Baleak duela 5-10 milioi urte hasi ziren handitzen eta ikerketa berri batek erakutsi du aipatutako gene horiek, handitzea eragiteaz gain, handitzearen efektu kaltegarri batzuekiko babesa ere eman dietela baleei. Zetazeoen gertuko ahaideak diren zaldietan, behietan eta ardietan gorputzaren tamainarekin lotura duten 9 gene aztertu dituzte 19 zetazeo-espezietan azterketa egiteko, eta ikusi dute horietako 4 genek hautespen positiboa izan dutela zetazeoen eboluzioan. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaNature Geoscience aldizkariak Marteko atmosferaren ezaugarrien berri eman du, NASAren Perseverance ibilgailuko MEDA tresnaren datuetan oinarrituta. Perseverance ibilgailua 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera, eta intregraturik duen MEDA tresnak Marteko tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtu ditu. Horrela jakin izan dute, besteak beste, airearen batez besteko tenperatura, urtaroetan zehar, zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, eta gauaren eta egunaren artean asko aldatzen dela, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Presio sentsoreek, bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. Berri honen inguruko datu gehiago Zientzia Kaieran: Marteko meteorologia ezagutzen Perseverance ibilgailuarekin.
Orain 250 ikusten diren tokian, mende amaieran bospasei izar ikusiko ditugu gaueko zeruan. 2011 eta 2022 bitartean, gauez zeruan dagoen argitasuna %9,6 handitu da urtero, uste baino zortzi puntu gehiago. Horrela, lehen 250 izar ikusten ziren leku batean hemezortzi urte geroago 100 ikusten direla ondorioztatu dute. Skyglow deitu diote kutsadura horri ingelesez, argiaren kutsaduraren ondorioz, hainbat lekutan zerua ez baita jada erabat iluntzen. Ikerketa hau gauzatzeko, mundu osoko herritarrei eskatu zieten alderatzeko zeruan ikusten zituzten izarrak planisferio batean aurkitu daitezkeenekin. Izan ere, orain arte satelitez egiten ziren neurketak, baina hauek ez dituzte antzematen LED argien emisio urdinak. Horregatik, sateliteen neurketen arabera urtean %2 igotzen zen argiaren kutsadura, baina ikerketa berri honek erakutsi du kutsadura hori askoz ere nabariagoa dela. Informazio gehiago Berrian.
GeofisikaPekingo Unibertsitateko Geofisika Teorikoko eta Aplikatuko Institutuko ikertzaileek argitaratu berri duten artikulu batek medioen arreta bereganatu du. Izan ere, lerroburu nagusia Lurraren nukleo solidoaren errotazioa moteltzen ari dela izan da. Ondorio hori plazaratu dute Nature Geoscience aldizkariak, 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitartean Hegoaldeko Sandwich uharteetan jazotako hainbat lurrikara periodiko aztertu ondoren. Lurrikara horiek sortutako uhinak bi puntutan neurtu zituzten ikertzaileek: hego polo aldean jasotakoak, eta, Lurra zeharkatu ondoren, ipar polotik gertu erregistratutakoak. Horrela ikusi zituen Lurra punta batetik bestera zeharkatzean, uhinen erritmoa azkartu egiten zela nukleoaren errotazioa azkarragoa zen heinean. Alabaina, azken 30 urteotako astinaldien datuak aztertuta, erritmo hori moteldu dela dirudi. Azalpenak Berrian.
FisikaXIX. mendearen amaieran diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Rudolph Koenig fisikari alemaniarra izan zen irtenbiderik praktikoena eman zuena. Koenig-ek mekanismo bat asmatu zuen arazo hori konpontzeko, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen bere diseinuak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Gure denbora neurtzen duten diapasoiak.
Albaitaritza2022ko urrian Galiziako bisoi-haztegi batean hegazti-gripearen agerraldi bat izan zen, eta orain argitaratu diren agerraldiaren emaitzek kezka berpiztu dute. Haztegiko bisoiak neumonia-sintomak izaten hasi ziren, eta hasiera batean, SARSCoV2-aren eraginez izango zela uste zuten. Hegazti-gripea izan zen hurrengo susmagarria, eta probek susmoa baieztatu zuten. Ikertzaileek zehaztu dutenez, (HPAI) A(H5N1) gripearen andui oso patogeniko bat izan zen bisoien agerraldiaren eragilea, eta bisoietara iritsi bazen ere, ez da erraz transmititzen ugaztunetara. Artikuluan deskribatutako agerraldia, beraz, berezia da, andui horrek ugaztunetara jauzi egiteaz gain, haien artean transmititzeko gai izan baita. Datuak Elhuyar aldizkarian.
ElikaduraLekaleak elikagai oso osasuntsuak dira eta hainbat mantenugai eskaintzen dizkigute: karbohidratoak, proteina ematen dituzte, baita zuntza, bitaminak eta mineralak ere. Hori hala, Nerea Segura nutrizionistaren esanetan gomendio orokorra da lekaleak astean bitan edo lautan jatea, baina, egunero jan beharko lirateke haren iritziz. Lekaleak egokiak dira zenbait patologia dituztenentzat, esaterako, kolesterol txarra jaitsi egiten dutela, baita hipertentsioa ere; aproposak dira diabetesa dutenentzat, eta II motako diabetesa prebenitzen laguntzen dute, besteak beste. Lurrarentzat ere osasungarriak dira lekaleak. Izan ere, atmosferako nitrogenoa lurrean finkatzea eragiten dute, eta kalitatezko materia organikoa askatzen dute lurzoruan. Lekaleen abantailei buruzko informazio gehiago Berrian aurki daiteke: Lekaleak: zakukada bat osasun.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #425 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #432
Autoestimu handia edo txikia? Nartzizismoa? Zein nortasun-ezaugarrik abisatzen dute potentzialki matoi baten aurrean gaudela? Personality traits and bullying behavior Egilea: Martha R. Villabona.
Bai, zientzialariek material berriak aurkitzen dituzte ia egunero. Baina bataz beste hilabete behar dute eta adimen artifizial batek sei ordu baino ez ditu behar. Autonomous methods can discover new materials, faster
Jakina zen haurdunaldiak eta haurraren hazkuntzak amaren entzefaloa aldatzen dutela. Orain badakigu aitarena (presente eta inplikatua denean) ere. Having children also rewires fathers’ brains Rosa García-Verdugoren eskutik.
Gaitz handiei, erremedio handiak. Dauden materialak nanofotonikari zail egiten bazaizkio, beste bat bilatzen da, eta kitto. DIPCko jendea Germanium monosulfide, a versatile platform for terahertz polaritons
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #432 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: Ilargia
Gizakiak aintzinatik jakin-mina izan dute Ilargiarekiko eta hamaika ikerketa egin dira Lurreko satelite natural bakarra hobeto ezagutzeko. Eklipseak behatzen, izar bitarren argia analizatzeak bi izarren tamaina eta argitasunaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du. Ilargi eklipseekin K.a. III. mendean, Samoko Aristarkok ondorioztatu zuen Ilargia 60 lur-erradiora zegoela Lurretik. Gaur egun ikusi da gero eta urrunago dagoela.
1959. urteraino ez genuen Ilargiaren aurpegi ezkutua ikusterik izan. Astronomiaren zientziaz gain, bestelako zientziak garrantzitsuak ere izan dira satelite honen ezagutzan; geologia besteak beste. Mareta Nelle West geologoak aukeratu zuen Ilargiko lehen giza aztarna markatuta geratuko zen lekua.
Ilargiaren ikerketei errepaso egin dio gure Kiñuk hainbat datu ekartzeko gaurkoan.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: Ilargia appeared first on Zientzia Kaiera.
Eder behar du
Eder behar du. Zientzia modernoko ekuazio bikainak (2002) 12 saiakuntzaz osatzen den bilduma da, munduko zientzialari eta historialari gailenetako batzuek idatzitako ekuazio zientifiko modernoen botereari eta edertasunari buruzkoa. Graham Farmelo zientzia dibulgatzaileak argitaratu zuen kolaboratzaile ezberdinen laguntzarekin, besteak beste, Steven Weinberg, Peter Galison, John Maynard Smith eta Frank Wilczek.
Irudia: Eder behar du liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Zientziaren poesia, nolabait, haren ekuazio bikainetan gorderik dago, eta, liburu honetako saiakerek frogatzen dutenez, ekuazio horiek ere tipulak bezala zuritu daitezke. Philip Larkin poetak aipatu zuen poema on bat tipula baten modukoa dela: kanpotik begiratuta, biak dira erakargarriro leun eta kitzikagarri, eta gero eta leunago eta kitzikagarriago bihurtzen dira ondoz ondoko esanahi-geruzak erantzi ahala. Ekuazioen edertasuna, jakina, poemena ez bezalakoa da, baina hura ere barrendu daiteke geruzaz geruza.
Ekuazio bikainak, hala, poesia bezain pizgarri dira irudimen prestatu batentzat, eta badute beste ezaugarri bat ere: haien edertasunaren baliagarritasuna. Esperimentu adierazgarri guztien emaitzekin bat etorri behar dute, eta, are gehiago, iragarpen batzuk egin, ordura arte inork egin ez dituenak. Dirac-ek esana: “Ni baino azkarragoa da nire ekuazioa”.
Bilduma honetako saioetan islaturik ageri da zenbaterainoko garrantzia izan duen matematikak, 1900etik aurrera, zientziaren zenbait arlotan. Fisikan bereziki, baina ez han bakarrik, irakurleak ikusiko duenez: biologian, ekologian, informazioan… baita estralurtarren bilaketan ere, hara!
Ekuazio horien aurkikuntza eta erabilerarekin loturiko giza abentura literatura-sen trebez bildurik dago irakurgaiotan: ipuin zukutsu dira, ez berri-emate lehor.
Eder behar du izenburua Einsteinen eta Dirac-en iruzkinen parafrasia da.
Graham Paul Farmelo (1953) zientzia-idazle eta biografoa da, Cambridgeko Unibertsitateko Churchill College-ko kidea eta Fisikako irakasle laguntzailea Bostongo Northeastern Unibertsitatean.
Liburuan parte hartu dute: Igor Aleksander, Peter Galison, Aisling Irwin, Robert May, Arthur I. Miller, Oliver Morton, Roger Penrose, John Maynard Smith, Christine Sutton, Steven Weinberg eta Frank Wilczek.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Eder behar du. Zientzia modernoko ekuazio bikainak
- Egilea: Farmelo, Graham
- Itzultzailea: Fernando Morillo
- ISBN: 978-84-9860-235-7
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2009
- Orrialdeak: 500 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Eder behar du
The post Eder behar du appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!
Mikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Besteak beste, lurraren emankortasunerako ezinbestekoak dira: landareen hazkundea %64 azkartzen dutela ondorioztatu dute.
Badira hainbat espezie gizakiontzat balio sinboliko handia dutenak, eta azken hamarkadetan natura zaintzeko beharraren ikur bilakatu direnak. Ile urdina orrazten dutenek gogoan izango dituzte izotz zuriaren gainean marraztutako itsas txakur kume horien irudi gogorrak, larrua eskuratzeko kolpeka hiltzen zituztenak. Zer esanik ez balea arrantzaren inguruan izandako protestei dagokienez. Azken urteotan hartz zuria bilakatu da, hein handi batean, klima aldaketaren sinboloa, eta gurean otsoa da galdutako mundu oso baten ikurra. Normalean animaliak izaten diren arren, zenbaitetan landare espezie batzuek eskuratu ahal dute balio sinboliko hori. Kasurako, zenbaitetan aktibistak ikusi dira sekuoia erraldoietatik zintzilika, egurgileek horiek bota ez ditzaten.
Baina onartu beharra dago gehienetan gizakion kezka bizidun horien tamainaren parekoa dela. Intsektuen artean erleak baino ez leudeke kezka nagusien kategoria horretan, eta zer esanik ez mikroorganismoen inguruan hitz egiten dugunean. Gutxitan esnatzen gara pentsatzen enterobakterioen aldeko borroka bat abiatu behar dugula.
1. irudia: mikroorganismoen artean biodibertsitatea galtzen ari dela ohartarazi dute zientzialariek, eta horiek babesteko lanean ari dira. (Argazkia: Juanma Gallego)Ez pentsa, izaki ñimiño horiekiko kezka duen talde bat gutxienez bada, baina zaila izango da hori telebistako albistegietan ikustea. SPUN dute izena, eta onddo mikroskopioak babesten dituen elkartea da. Zehazki, onddo mikorrizikoak ikertu eta defendatzeko lanean ari dira. Diotenez, onddo horiek 475 milioi urte baino gehiago daramate landareekin harreman sinbiotikoa izaten, eta ezinbestekoak dira ekosistemetan. SPUN elkarteko kide gehienak, noski, mikroorganismoetan adituak dira, seguruenera lehen eskutik ezagutzen dutelako begi hutsez ikusten ez diren bizidun horien garrantzia.
Orain, Nature Microbiology aldizkarian Colin Averill talde horretako fundatzailekideak eta beste hainbat adituk idatzitako zientzia artikulu batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela, beren txikitasunetik mundu makroan bideratzen dituztelako ezinbestekoak diren hainbat prozesu, animalietan, landareetan zein ekosistema osoetan.
Azterketan lurzoruan dauden mikrobioetan zentratu dira, bereziki onddoetan. Horiek lurraren emankortasunean duten eragina aztertzeko gaiaren bueltan egin diren 81 esperimenturi erreparatu diete —esperimentu horiek jaso dituzten 27 zientzia artikulu berrikusiz—, eta irakurketa horretan abiatuta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz batez bestean landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Kasu batean egiaztatu dute %700 aldiz handitu dela.
Duela hainbat urte lurpeko mikrobiomak ezagutzea askoz konplikatuagoa bazen ere, orain sekuentziazio masiboko teknikek asko erraztu dute kontua: nahikoa da lur lagin bat hartu eta hori laborategian sekuentziatzea, bertan dauden mikroorganismoen inguruko ideia bat izateko. Modu horretan, lurzoru transplante horiek ezagutzan oinarrituta abiatu daitezke.
Munduan zehar egin diren halako esperientzietako batzuk aipatu dituzte. Horietan, abiapuntua nahiko sinplea izan ohi da: lurpeko mikrobioen ekosistemak berreskuratzeko, oraindik osasuntsu mantendu diren lurzoruetako lurra hartu eta narriatutako lurzoruetara eramaten da, lur horrekin batera mikrobio komunitateak eramanez. Besteak beste, Ipar Amerikako belardietan, Hawaiin edo Estonian egin dira horrelakoak. Funtsean, zenbait gaitzetan lagungarri izateko egiten diren kaka transplanteen antzeko jokabidea litzateke, baina lur ekosistemekin.
2. irudia: zenbait proiektutan osasuntsu mantendu den lurra narriatutako lurzoruetara mugitzen ari dira, horiekin batera landareentzat egokiak diren mikroorganismoak mugitzeko helburuarekin. (Argazkia: Juanma Gallego)Ez da dagoen lotura bakarra. Averillek parekatu ditu hesteetan dagoen mikrobiomak giza osasunean duen eragina eta lurzoruko mikroorganismoek planetaren osasunean dutena. Eta, giza mikrobiomaren kasuan ere, zientzialari batzuk lanean ari dira hesteetan gordeta dagoen biodibertsitatea babesteko. Hau ezinbestekotzat jotzen dute, globalizazioarekin batera zabaltzen diren elikadura forma uniformeak planeta osoan zehar zabaltzen ari direlako. Elikadura uniforme horiek sortzen dituzte ere nolabaiteko mikrobioma uniformeak. Hau saihestu nahian, eta munduko landareen haziekin egiten den modu berdinean, giza mikrobiomaren laginak kontserbatzeko egitasmo bat dago martxan Mikrobiota Ganbara proiektuaren bidez.
Lur ekosistemetara bueltatuz, zientzialariek kezka handia agertu dute galeraren tamainagatik, artikuluan horren inguruan zentratu ez badira ere. Mikroorganismoen kasuan, hainbeste aipatzen ari den seigarren iraungipen masiboaren eskala zenbait “magnitude ordenatan handiagoa” izan daitekeela ohartarazi dute. “Ikerketa berriek erakutsi dute aldaketa globala azkar suntsitzen ari dela munduko mikrobioen biodibertsitatea, eta horrek iradokitzen du biodibertsitate krisiaren eskala uste zena baino askoz handiagoa dela”, azpimarratu du Averillek prentsa ohar batean.
Zientzialari hauen ustez, gizakiak kudeatutako paisaietan parte hartzea da arazoari aurre egiteko aukera gehien ematen dituena. Izan ere, halako paisaiek hartzen dute habitagarri diren lurren erdia. Batez ere deforestazio handia jaso duen Asia Hegoaldean oso irakaspen erabilgarria izan daitekeela diote ikertzaileek. Bestetik, gogora ekarri dute zientzia ezagutzaren beste hainbat alorretan gertatzen den arazo berdina ematen dela beren alorrean ere: Afrikako lurzoruan bizi diren mikrobioen gaineko ezagutza oso urria da oraindik.
Oso garrantzitsua den beste kontu batean arreta jarri dute ere. Jakina da nekazaritza ekoizpena hein handi batean oinarritzen dela monolaborantza zabaletan. Horri esker janari kopuru handiak eskuratu daitezke, eta, nahi ala ez, zaila dirudi denbora gutxian sistema horretan aldaketa sakonak egitea 8.000 milioi lagun baino gehiago elikatu behar dituen mundu batean. Bueltan, baina, halako monolaborantzek arazo asko dakartzate eurekin batera: besteak beste, lurzoruaren emankortasuna ahitu egiten da, eta ongarriekiko dependentzia handia sortzen da. Modu berean, barietate berdinak lantzea izurrien edo klima aldaketaren aurrean zaurgarritasun handia izan dezakete.
Hau arras ezaguna bada ere, horren ezaguna ez da monolaborantza horiez gain sortu daitezkeela ere lurzoruko mikrobioen antzeko monolaborantzak, eta arrisku horren inguruan ohartarazi dute zientzia artikuluan. Diotenez, ingeniaritza bidez posible da mikrobioma horiek nahita sartzea lurpean, eta zerbitzu hori eskaintzen duten enpresak badira. Baina horretan tentuz ibiltzeko beharra azpimarratu dute: “Lurraren gaineko ekosistemen kudeaketan egon diren akatsak ekidin eta errendimendu handiko mikrobio anduien monolaborantzak saihestu behar ditugu, horiek larriagotu dezaketelako ekosistemen zaurgarritasuna patogenoen eta muturreko gertakarien aurrean”, idatzi dute zientzia artikuluan. Bide beretik jo du Thomas Crowther ikertzaileak. “Aire zabalean egindako akatsetatik ikasi behar dugu, biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna kaltetu ditzaketen mikrobioen monolaborantzen sorrera saihestuz”.
Erreferentzia bibliografikoa:Averill, C., Anthony, M.A., Baldrian, P. et al. (2022). Defending Earth’s terrestrial microbiome. Nature Microbiology, 7, 1717–1725. DOI: 10.1038/s41564-022-01228-3
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko! appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure denbora neurtzen duten diapasoiak
Lissajousen esperimentu optikoek soinu bibrazioak zehaztasun handiz ikusteko aukera eman zuten lehen aldiz, eta ikerketa akustikorako funtsezko tresna bilakatu ziren XIX. mendearen amaieran. Dena den, diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Eragozpen hori saihesten saiatu ziren zientzialarien artean, Rudolph Koenig izan zen irtenbiderik praktikoena lortu zuena. Alemaniar jatorriko luthier eta fisikari hark mekanismo bat asmatu zuen: diapasoien hotsa luzatzea ahalbidetzen zuen horrek, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Eta hala, nahi gabe, betirako aldatu zuen denbora neurtzeko modua. Haren ondareak gaur egun erabiltzen ditugun ia erloju guztien bihotzean jarraitzen du oraindik, diapasoi erara.
Hala ere, egiaz, Koenig ez da oso zientzialari ezaguna. Nerabezaroan, Fisika eta Matematika ikasi zituen Königsbergen, baina ez zen unibertsitatera joan. Institutua (edo “gymnasium”, garai hartan deitzen zioten bezala) amaitzean, Parisera joan zen bizitzera, Jean Baptiste Vuillaume izeneko luthier entzutetsu baten aprendiz lan egitera. Musika tailerrean, mota guztietako instrumentuak egiten ikasten zuen bitartean, Koenigek egurra eta metala lantzeko zuen talentua hobetu zuen.
1. irudia: 1889ko Koenig katalogoko erloju baten marrazkia, Catalog des appareils d’acoustiquen ageri den bezala. (Marrazkia: L. Landry – domeinu publikoko irudia. Iturria: Sound & Science: Digital Histories / Berlingo Humboldt Unibertsitatea)Ziurrenik orduan bereganatu zuen akustikarako grina ere. Zazpi urtez soinua egiteko makinak egiten aritu ostean, Koenigek bere negozioa hastea erabaki zuen. Horrek, ordea, aldatu egin zuen bere ibilbidea. Laborategiko tresnen diseinuan eta ikerketa akustikoan lan egitea erabaki zuen. Bere diseinuek jada ez zuten musika soinuak sortzeko balio, aztertzeko baizik.
Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. Helmholtz eta biak elkarrekin aritu ziren lanean, soinez soin, eta XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen beren diseinuak. Horien artean, erloju mekanismo baten laguntzaz etengabeko bibrazioan mantentzen zen diapasoi bitxi bat zegoen. Erloju estandar baten oso antzekoa zen, baina aldaketa bakarra zuen: normalean pendulu batek hartuko lukeen lekuan diapasoia erabiltzen zen, maiztasuna markatzeko. Diseinuari esker, aukeratutako diapasoiaren maiztasuna zehaztasun osoz neur zitekeen. Nahikoa zen gailuaren orratzek markatutako denbora ondo kalibratutako erloju batenarekin alderatzea. Horrela egiaztatu zuen Koenigek Lissajousen diapasoi estandarrak, hots, “la unibertsala” izatera bideratuta zegoenak, ez zituela segundoko 435 bibrazio nabarmen sortzen, 435,4(5) baizik.2
Koenigen erloju diapasoiak beste arrazoi batengatik izan zuen aparteko garrantzia. Mekanismoak bibrazioa konstante mantentzen zuen bitartean, diapasoiaren afinazio tematiak (musikarientzako tresna bikaina bihurtzen duen ezaugarri bera) erlojuaren orratzak beti abiadura berdinean mugitzen zituen, doi-doi. Hori dela eta, denbora neurtzeko aliatu bikaina zen.
2. irudia: kuartzozko kristalezko erresonadorea “kuartzozko” erloju moderno baten diapasoi itxurarekin. (Argazkia: Chribbe76 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Eskumuturreko erlojuetan mende bat geroago txertatu zen, aurrekaririk gabeko zehaztasuneko modeloak ekoizteko. 1960an, Accutron erlojua salgai jarri zen, denbora adierazteko 360 hertzeko altzairuzko diapasoi bat erabiltzen zuen erlojua, hain zuzen. Maiztasun hori gizakien espektro entzungarrian zegoenez, erabiltzaileek fa diesean zegoen burrunba txiki bat entzun zezaketen erlojua belarrira hurbiltzean. Egia esan, iruditzen zait poesiarako aukera galdu zela 440 Hz-etako diapasoirik ez erabiltzean, baina kontua da berrikuntza hark izugarri hobetu zuela erlojuen zehaztasuna. Ziurrenik horregatik mantentzen du Bulova erloju markak, Accutronen jatorrizko fabrikatzaileak, diapasoi bat bere logotipoan.
Denborarekin, fabrikazio prozesuak hobetu egin ziren, baita materialak ere. Malgukien ordez pilak erabiltzen hasi ginen eta elektronika menderatzen ikasi genuen. Gaur egun, ia eskumuturreko erloju guztiek urkila formako diapasoi txiki bat dute. Kuartzoz egina dago eta 32768 Hz-etan kulunkatzen da. Eta guk jadanik ez badugu entzuten ere, baliteke gure maskotek oraindik soinu musikal hura entzuten jarraitzea.
Erreferentzia bibliografikoak:1 Le Conte, Steven W. (1901). Rudolph Koenig. Science, 14, no. 358, 1901, pp. 724-727. DOI: 0.1126/science.14.358.724
2 Feldmann, H. (1997). History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum. Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398
Egileaz:Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko uztailaren 28an: Los diapasones que miden nuestro tiempo.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Gure denbora neurtzen duten diapasoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko meteorologia ezagutzen Perseverance ibilgailuarekin
NASAren Perseverance ibilgailuko MEDA tresnaren datuetan oinarrituta, Nature Geoscience aldizkariak Marteko atmosferaren ezaugarrien berri eman du. Datu hauei esker, Marteko meteorologia ezagutzeko aukera dago. Datu meteorologikoak, besteak beste, etorkizunean gizakiek planeta gorrira egingo dituzten espedizioak prestatzeko baliagarriak dira.
Perseverance NASAren ibilgailu autonomo bat da, eta 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera (Marten lehortuta dagoen antzinako aintzira baten ohea). Ibilgailuak zazpi tresna zientifiko konplexu eta berritzaile ditu, iraganean ustez izandako bizitza zantzuen bila planetaren azalera esploratzeko, laginak bildu eta uzteko eta gero Lurrera ekartzeko, teknologia berriak probatzeko giza esplorazioan erabiltzeko xedez, eta atmosfera xehetasunez aztertzeko.
Azken helburu horri dagokionez, hau da, atmosferaren azterketari dagokionez, MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnak emaitza berritzaileak lortu ditu. Ikerlana José Antonio Rodríguez Manfredik, Madrilgo Astrobiologia Zentroko ikertzailea, zuzentzen du eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeko ikertzaileek ere hartzen dute parte. MEDA sentsore-multzo bat da, tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta Marteko atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtzen dituena.
Irudia: eguneko presio zikloak Marteko Jezero kraterrean, MEDA tresnarekin neurtuak. (Argazkia: UPV-EHU, CAB-INTA, NASA, JPL-Caltech. Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Perseverancek atmosferaren ikerketa osatu berri du Marten eman duen lehen urtean (Lurrarekin alderatuta, gutxi gorabehera bi urteko iraupena du Marteko urtebetek). Emaitzen aurrerapena Nature Geoscience aldizkariaren urtarrileko zenbakian argitaratu dira. UPV/EHUko Zientzia Planetarioko ikertzaileek tenperaturaren eta presioaren urte sasoiko eta eguneroko zikloen azterketa gidatu dute eta baita prozesu oso desberdinek beste denbora eskala batzuetan eragindako aldaketak ere.
Jezero kraterra planetaren ekuatoretik gertu dago eta, urtaroetan zehar, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, baina gauaren eta egunaren artean asko aldatzen da, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Eguneko erdiko orduetan, gainazala berotzean, mugimendu zurrunbilotsuak sortzen dira airean, aire masak igotzean eta jaistean eragindakoak (konbekzioa). Gaua iristean, airea egonkortu egiten da eta eten egiten dira zurrunbiloak.
Presio sentsoreek, bestalde, xehetasunez erakusten dute Marteren atmosfera ahularen urtaro aldaketa, kasko polarreko atmosferako karbono dioxidoa urtzeak eta izozteak eragindakoa; bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. “Marteren atmosferaren presioa eta tenperatura aldatu egiten dira Marteren eguzki egunaren aldietan eta haren azpimultiploetan, eguneko intsolazio zikloari jarraituz (lurrekoa baino pixka bat luzeagoa da eguzki eguna, Martekoak batez beste 24 h 39,5 minutu baititu); aldaketa horietan eragin handia dute hauts kantitateak eta atmosferako hodeien presentziak”, adierazi du Agustín Sánchez Lavegak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedradunak eta Mars 2020 misioko ikertaldeko kideak.
Bi sentsoreek, gainera, ibilgailutik gertu gertatzen diren fenomeno dinamikoak detektatzen dituzte atmosferan, esate baterako: haize zurrunbiloek eragindakoak —harrotzen duten hautsa dela eta “dust devils” deiturikoa —, edo oraindik ondo ulertu ez diren arrazoiengatik sortutako grabitate uhinak. “Hauts zurrunbiloak ugariagoak dira Jezeron Marteko beste leku batzuetan baino, eta tamaina handikoak izan daitezke: 100 metro baino diametro zabalagoa izan dezakete zurrunbilook. MEDArekin, alderdi orokorrak (tamaina eta ugaritasuna) ez ezik, zurrunbilo horiek nola funtzionatzen duten ere zehaztu ahal izan dugu” adierazi du Zientzia Planetarioen taldeko Ricardo Hueso ikertzaileak.
Bestalde, MEDArekin milaka kilometrora dauden ekaitz gogorrak antzeman dira, Lurrean izaten direnen oso antzera sortuak: orbitan dauden sateliteek emandako irudien bidez ikusi dira, eta elur karbonikoak sortutako iparreko kasko polarraren ertzetik mugitzen dira.
Aztertutako fenomeno ugari eta aberatsen artean, MEDAk xehetasunez ezaugarritu ahal izan ditu 2022ko urtarrilaren hasieran izan zen hauts ekaitz beldurgarrietako batek atmosferan eragindako aldaketak. Ibilgailuaren gainetik igarotzean, bat-bateko aldaketak sortu zituen tenperaturan eta presioan, haize bolada gogorrak eragin zituen eta hautsa harrotu eta tresnak kolpatu zituen, haize sentsoreetako bat kaltetuz.
“MEDA doitasun handiko neurri meteorologikoak ematen ari da, eta, horiei esker, lehen aldiz ezaugarritu ahal izango da Marteren atmosfera, eskala lokaletatik metro batzuetako distantziara, bai eta planetaren eskala globalean ere, milaka kilometrora gertatzen denari buruzko informazioa bildu baita. Horrek guztiak Marteko klima hobeto ezagutzea eta erabiltzen ditugun iragarpen ereduak hobetzea ekarriko du”, adierazi du Sánchez Lavegak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Marteko meteorologia oparoa zehatz-mehatz aztertua Perseverance roverretik
Erreferentzia bibliografikoa:Rodriguez-Manfredi, J. A.; de la Torre Juarez, M.; Sanchez-Lavega, A. et al. (2023). The diverse meteorology of Jezero crater over the first 250 sols of Perseverance on Mars. Nature Geoscience. DOI: 10.1038/s41561-022-01084-0
Sánchez-Lavega, Agustín; de la Torre Juarez, Manuel (2023). Meteorological phenomena on Mars studied by the Perseverance rover. Nature Portfolio. DOI: 10.1038/s41561-022-01085-z
The post Marteko meteorologia ezagutzen Perseverance ibilgailuarekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #424
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianRaye Jean Montague afro-amerikarrak ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen. Sistema horren bidez erabat aldatu zuen ontzi horiek fabrikatzeko eta erabiltzeko modua. Hastapenetan, Washingtonen mekanografo lana lortu zuen Montaguek, itsas armadaren David Taylor Saiakera Kanalean. Ingeniari guztiak gaixorik zeuden egun batean, Raye ordenagailua manipulatzera ausartu zen, eta primeran egin zuen. Horrela, mundu horretan sartzea lortu zuen, eta Estatu Batuetako Itsas Armadaren historian ontzigintza programen lehen emakume kudeatzailea izan zen. 1972an AEBko Itsas Armadaren merezimenduzko zerbitzu zibilaren saria jaso zuen, erakundearen ohorezko hirugarren saririk altuena. Azalpenak Zientzia Kaieran: Raye Jean Montague, ontziak ordenagailu bidez diseinatzen aitzindaria.
Genero-ezberdintasuna zientzianAldizkari zientifikoen editore gehienak gizonezkoak dira. Editoreen %14 baino ez dira emakumezkoak, eta editore nagusien %8a bakarrik osatzen dute emakumezkoek. Ondorio honetara heltzeko, 50 urtetan zehar 80.000 editoreren datuak aztertu dituzte, 15 diziplinetan eta 1.000 aldizkari baino gehiagotan. Urteak aurrera egin ahala emakumezkoen kopurua handituz joan da, baina aldea osoa handia da oraindik. Hori gutxi balitz, azterketak erakusten du, gizonek aldizkari horretako editore bihurtu ondoren gehiago argitaratzen dutela aldizkari horretan, emakumeekin alderatuta. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaEuropak debekatu egingo du Gipuzkoako angulen aisialdiko arrantza, eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak angulen arrantza profesionalizatzea eskatu du. Alabaina, aingira europarra desagertzeko arrisku kritikoan dagoen espeziea da. Azti ikerketa zentroak ere argi utzi du, urteetako ahaleginak ahalegin, oso egoera larrian dagoela aingira. Espezie hau hain egoera larrian egotearen arrazoietako bat da arrantza; baina ez da bakarra. Erreketan egin diren aldaketa guztiek, presek, ur saltoek, hormigoiak eta abarrek ere zeresan handia dute ainguraren egoera larrian. Azalpenak Berrian: Angulatara, azken aldiz?
IngurumenaFukushimako zentral nuklearrean pilatutako ur kutsatua udaberrian edo udan isuriko du itsasora Japoniak. Zehazki, 1,29 milioi metro kubiko ur dira, erreaktoreak hozteko edo instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili dena. Ozeano Barera isuri nahi dute, eta egitasmoak kaltetua izan daitekeen arrantza industriarentzat kalte-ordainak ere jasotzen ditu. Alabaina, hango arrantzaleak planaren aurka azaldu dira. Zientzialari talde bat ur horrentzat konponbide posibleak aztertzen aritu da, eta azkenik Japoniako agintariek eta Tepcok likido guztia zentralaren parean itsasora isurtzea erabaki dute, kutsadura kentzeko tratamendua egin ondoren. Berri honen inguruko informazio gehiago Garan.
GenetikaScience aldizkariak CRISPR edizio genetikoko teknologiari buruzko berrikuspen bat argitaratu du. CRISPR teknologia argitaratu zenetik hamar urte igaro dira, eta ikertzaileen arabera, teknologiak dituen aukerak eta haien aplikazioek sakon eragin dute ikerketa biologikoan, hasi gaixotasun genetikoen tratamenduetatik eta nekazaritza-produktuetaraino. Saguak ere hainbat gaitzetarako ereduak sortzeko eraldatu dira, CRISPR bitartez. Oraindik badaude oztopoak gainditzeko, hala ere. Oztopo teknikoez gain, kostuak, araudiak eta eskuragarritasuna ere hobetu behar dira, ikertzaileek azaldu dutenez. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: CRISPR-en hamar urteko garapena eta etorkizunerako aurreikuspenak, argitara.
FarmaziaKonposatu poliziklikoen sorkuntza ikertzen ari dira elkarlanean UPV/EHUko bi ikerketa-talde. Konposatu poliziklikoak batez ere hidrogenoz eta karbonoz osatutako eraztun bat baino gehiagoko molekulak dira, eta zuzeneko erabilera dute industria farmazeutikoan. Berriki, UPV/EHUko katedradun José Luis Vicarioren taldeak eta Zaragozako Unibertsitateko Pedro Merino katedradunak konposatu horiek sortzeko bide berritzaile bat garatu dute, uztai baten diametroko bi mutur elkartuz bi uztai sor daitezkeen modu berean. Horrela, aukeran dauden molekularen bi enantiomeroetatik bakarra sortu du, farmakologian oso garrantzitsua den ezaugarria. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen.
MedikuntzaCAR-T zelulak minbizi solidoen barruan txertatzeko kapsula batzuk prestatzen ari dira CARTsol proiektuko ikertzaileak, tartean, CIMA zentrokoak. CAR-T zelulak genetikoki eraldatutako T linfozitoak dira; hau da, CAR antigeno-hartzaile kimerikoduna gehitu zaien T linfozitoak, tumoreak identifikatzeko gai izateko. Orain arte, CAR-T zelulek ez dute tumore solidoetan sartzea lortzen, eta CARTsol proiektuko fisikariek kapsula porotsu biodegradagarriak sortuko dituzte, pazienteen T zelula eraldatuak biltzeko. Proiektu hau ongi aterako balitz, zenbait minbizi solidorentzako tratamendu gisa erabiltzeko aukera izatea aurreikusten da. Azalpenak Berrian: Troiako zaldia minbizi solidoak zeharkatzeko.
Zentro berak, CIMA zentroak hain zuzen, immunoterapiari erresistente zaizkion biriketako minbiziek tratamenduei erantzutea lortu du. Ikertzaileek DSTYK proteina identifikatu dute, ikusi baitute DSTYK proteina alteratua dagoela biriketako minbizia duten pazienteen %7tan. Hala, proteina hori tumore zeluletan proteina inhibitu edo nokeatzen bada, ikertzaileek ikusi dute immunoterapiari erantzuten diotela. Gainera, ohartu dira DSTYK beste minbizi mota batzuetan ere ageri dela, hala nola hepatokartzinoman, bular kartzinoman edo melanoman. Aurkikuntzak eraginkorrak diren tratamendu berriei eta konbinazio berriei ateak ireki diezazkieke. Datuak Berrian: Hidrari burua mozteko ahalegina.
FisioterapiaBendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira, itsasgarri akrilikoa dutenak, eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Benda hauek gehiegizko gihar tenkaketa sendatzeko erabiltzen dira. Izan ere, benda bera, azalari itsatsi aurretik, tenkatu egiten da eta jatorrizko luzerara itzultzeko kontrako indarra egiten du. Horrek lagundu egiten dio giharrari jatorrizko egoera bueltatzen. Zinten eraginkortasuna kolorearekin lotzen da gainera; koloreak geroz eta argi gehiago xurgatu, giharrak bero gehiago jasoko du. Alabaina, nolabaiteko eraginkortasuna izan dezaketen arren, oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan. Koloreari dagokionez ere, ikerketek erakutsi dute ez dituela modu esanguratsuan aldatzen pazienteen pertzepzioak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra.
TeknologiaErromatarrek beren eraikuntzetan erabiltzen zuten hormigoiak osagai berezi bat du, eta hormigoia hau bere kabuz konpontzeko gai bihurtzen du. Duela bi milurteko porlanean kaltzita pikorrak aurkitu ditu ikertzaile talde batek. Orain arte uste izan da pikor txiki txukuntasun askorik gabe egindako nahasketen edo material eskasen ondorio zirela. Baina nazioarteko zientzialari talde batek ziurtatu du nahita sortzen zituztela pikor horiek, hormigoia erresistenteagoa bihurtzeko. Karea urarekin nahastu beharrean zuzenean kare bizia botaz gero, duela bi milurteko hormigoian atzemandako kaltzio karbonato pikor horiek sortzen direla ikusi dute. Horrela, hormigoian arrakala edo poro txikiak sortzen direnean, urarekin kaltzio karbonatu hori lixibatu egiten da, berriro kristalizatuz eta hutsune horiek betez. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia.
ArgitalpenakKlima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburua (2006) zientzialariei, politikariei eta hiritarrei klima-aldaketaren inguruan laguntzeko asmoa duen liburua da. Andrew E. Desslerrek eta Edward A. Parsonek zientzia atmosferikoan eta politikan duten esperientzia konbinatzen dute bertan, eta zientziaren eta politikaren araubideak alderatu eta eskumenean diren aukerak azaltzen dituzte. Andrew E. Dessler ( Houston 1964) Zientzia atmosferikoen saileko irakaslea da Texas A&M Unibertsitatean, eta ozono geruza eta klimaren fisikari buruzko hainbat argitalpenen zientifikoren egilea da. Edward A. Parson berriz, Zuzenbide eta Ingurumena eta Baliabide Naturalen irakaslea Michigan Unibertsitatean, eta ingurugiroaren politikari buruzko hainbat argitalpenen idatzi ditu. Liburu honen inguruko informazioa Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #424 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #431
Zientzialari talde batek bere ikerketa-emaitzak munduari aurkeztuko dizkion artikulua idazten hasten denean datu horiekin bateragarriak diren argumetnu-lerro posibleen artean bat aukeratu behar du. Hau da, taldea “zientzia-egitateak” eraikitzen ari da, askotan joera pertsonal eta kulturalek eraginda, konturatu gabe. Duhem-Quineren tesiaren teorien subdeterminazioaren adierazpen bat besterik ez da. Agian, espero ez zenuena da prozesu osoa landu daitekeela matematikaren eta ekonomiaren arteko tresna batekin: jokoen teoriarekin. Scientists selling lemons, a game-theoretic analysis of how scientific facts are constructed, Jesus zamora.
Nanoplastikoak kutsatzaile fisiko gisa aipatzen dira eta kutsatzaile kimikoak ere badirela ahaztu ohi da. Nanoplastics have active roles as chemical reactants
Erakunde mikroskopiko batek kontrolatzen du zure borondatea eta konturatu gabe sartu duzu zure organismoan. Eta ez, ez da oinarririk gabeko teoria konspiranoiko bat, non nanobotak eta Bill Gates ateratzen diren. Ekosistemak aldatzen dituen errealitate biologikoa da. Toxoplasma induces behavioural changes in intermediate hosts and promotes social rise in wolves, Ramón Muñoz-Chápuli.
Berez apartekoa den material baten, tenperatura altu samarreko supereroalea delako, portaera aldatzerakoan, bere orbital molekularrak nola aldatu diseinatuz egitea zientzia fikziozkoa dirudi. DIPCko jendea Engineering the orbital character of the electronic structure of superconducting cuprates.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #431 appeared first on Zientzia Kaiera.
Raye Jean Montague, ontziak ordenagailu bidez diseinatzen aitzindaria
Raye Jean Montague afro-amerikarrak (1935-2018) ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen eta, horrela, erabat aldatu zuen ontzi horiek fabrikatzeko eta erabiltzeko modua. Estatu Batuetako gobernuarentzat joan den mendeko 30eko hamarkadatik aurrera konplexutasun tekniko handiko lanak egin zituzten emakume beltzen talde zabal baten parte da, beti ikusezin publikoarentzat.
Raye Jordan 1935eko urtarrilaren 21ean jaio zen, Little Rock Arkansas estatuko hiriburuan (AEB). Bere gurasoak Rayford Jordan eta Flossie Graves Jordan ziren. Hura, gaztetatik, bere alabak bizitzan aurre egin beharko zien hiru aurreiritzi handiak gorabehera –emakumea izatea, beltza izatea eta zentro bereizietan hezi izana–, nahi zuena lor zezakeela barneratu zezan tematu zen.
1. irudia: ingeniari titulua lortu ez bazuen ere, Raye Montague ingeniaritzat onartua izan zen AEBn eta Kanadan. (Argazkia: AEBetako marinel edo itsas armadako langile baten lana – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Zazpi urte zituela, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, Rayek aitonari lagundu zion alemaniar itsaspeko bat ikustera. Urpeko hori Karolina Uharteetako kostaldearen parean harrapatua izan zen, eta herrialde osoan erakusten ari ziren. Neskatoa txundituta geratu zen han ikusi zuenarekin, eta bertan zegoen bati galdetu zion ea zer jakin beharko zuen halako zerbait egin ahal izateko. Zera erantzun zion hark: «Ingeniaria izan beharko zenuke, baina ez kezkatu horregatik». Beste era batera esanda, esan zion neskato beltz bat ezingo zela inoiz ingeniari izan. «Une hartan ez nintzen konturatu ni iraintzen ari zela», aitortu zuen Rayek, urteak geroago. Haurtzaro osoan, Raye neskatoa barregarri utzi zuten etengabe, ingeniari izan nahi zuela esateagatik.
1952an Merril institutuan unibertsitate aurreko ikasketak amaitu ondoren, Rayek ingeniaritzan matrikulatu nahi izan zuen, baina garai hartan estatuko unibertsitate batek ere ez zien titulu hori ematen emakume afro-amerikarrei. Neskak hari baimendutako karrera bakanetako batekin konformatu behar izan zuen: enpresa zientziak. 1956an graduatu zen gaur egun University of Arkansas at Pine Bluff izena duen unibertsitatean.
Raye hiru aldiz ezkondu zen bere bizitzan zehar: Weldon A. Meansekin 1955ean; David H. Montaguerekin 1965ean; James Parrottekin 1973an. Bera eta Parrott dibortziatu ondoren, berriro erabili zuen Montague abizena, bere seme bakar David R. Montaguek zuen bera.
Itsas armadan oztopoak gaindituzIngeniari izateko borondateari jarraiki, graduatu bezain laster Washingtonera joan zen bizitzera, eta han mekanografo lana lortu zuen itsas armadaren David Taylor Saiakera Kanalean. Rayeren asmoa pixkanaka armadaren mailan gora egitea zen. Bere idazmahaitik, ingeniariak ikusten zituen UNIVAC I ordenagailua erabiltzen, AEBn fabrikatutako lehen konputagailu komertziala. Ingeniari guztiak gaixorik zeuden egun batean, Raye ordenagailua manipulatzera ausartu zen, eta primeran egin zuen. Horrela, gizonak nagusi ziren mundu batean sartzen hasi zen, haiek Rayeren bidea oztopatzeko zalantzarik izan ez zuten arren.
Gauetan programazioa ikasi zuen, eta sistema informatiko digitalen operadore postura igo zuten; ondoren, sistema informatikoen analista izendatu zuten Ontzigintzako Ingeniaritza Zentroan. Geroago, NAVSEAko (Naval Sea Systems Command) Diseinu, Fabrikazio eta Mantentze Programa Integratuko programen zuzendaria izan zen. Ondoren, CAD/CAM, programen dibisioko burua izan zen eta, azkenik, 1984an, Informatika Programak Hobetzeko Programaren kudeatzaile laguntzailea. Horrela, Estatu Batuetako Itsas Armadaren historian ontzigintza programen lehen emakume kudeatzailea izan zen.
2. irudia: Raye Jean Montague ontzi militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen. (Argazkia: AEBetako marinel edo itsas armadako langile baten lana – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Lorpenik nabarmenenaMontaguek itsas armadan izandako ibilbidean zehar, hainbat teknologia informatiko garatu zituen, UNIVAC I-etik hasi eta ordenagailu modernoetaraino. Itsasontzien zehaztapenak hautatu eta inprimatzeko lehen sistema automatizatua arrakastaz berrikusi zuen.
1970eko hamarkadaren hasieran, Rayeren departamentuari ontziak diseinatzeko balioko zuen programa informatiko bat sortzeko eskatu zioten. Sei hilabeteko epea eman zieten, baina ez zieten esan beste departamentu batzuek urteak zeramatzatela saiatzen, ezer lortu gabe. Rayek berehala ondorioztatu zuen, programa hori sortu ahal izateko, armadako edozein ordenagailu hasieratik konfiguratu beharko zutela berriro. Gau eta egun lan egin zuten hori lortzeko, eta ezarritako epe irreala bete zuten horrela.
Nixon presidenteak aurrerapen horren berri izan zuenean, eta itsas armadak ontziak azkarrago eraiki zitzala nahi zuenez, eskatu zuen taldeak lehendik zegoen gerraontzi baten formen zirriborroa egitea, Oliver Hazard Perry klaseko fragatena. Langileak eta aurrekontu mugagabea eman zizkien, normalean lortzeko bi urte beharko zituzkeena hilabete batean sortzeko. 19 ordu baino gutxiagoan, Rayek eta bere taldeak ordenagailuz diseinatutako historiako lehen gerraontzirako hasierako zirriborroa egin zuten. Inoiz ikusi gabeko moduan, Raye Montaguek betiko irauli zuen itsas armadak ontziak eta itsaspekoak diseinatzeko zuen modua.
Ondoren, USS Dwight D. Eisenhower (CVN-69) hegazkin-ontzian lan egin zuen Montaguek, bai eta armadako helikopterodun lehen erasorako ontzian (LHA) ere. Parte hartu zuen azken proiektua Seawolf (SSN-21) klaseko itsaspekoa izan zen.
Montaguek 1990ean hartu zuen erretiroa, 33 urtez itsas armadan lanean aritu ondoren.
Aitortza publikoaRaye Montague. Arkansa’s Women Hall of Fame.
Ontziak ordenagailu bidez diseinatzeak Montagueri balio izan zion 1972an AEBko Itsas Armadaren merezimenduzko zerbitzu zibilaren saria jasotzeko, erakundearen ohorezko hirugarren saririk altuena, hain zuzen. Gainera, lehen emakume ingeniari profesionala izan zen 1978an Society of Manufacturing Engineers elkartearen lorpen saria eta 1988an National Computer Graphics Association elkartearen saria jasotzen, azken hori ordenagailu bidezko grafikoetan egindako aurrerapenengatik. Ingeniari titulua lortu ez bazuen ere, Raye Montague ingeniaritzat onartua izan zen AEBn eta Kanadan, eta adar militarren, industriaren eta mundu akademikoaren beste ohore batzuk ere jaso zituen.
2006an, Washingtonen berrogeita hamar urte bizi ondoren, Arkansasera itzuli eta Little Rockeko mendebaldean bizi izan zen. 2017an Hidden Figures filma argitaratu zuten. Margot Lee Shetterlyren izen bereko liburuan oinarrituta dago, eta NASAko hiru matematikari afro-amerikarrek beren ibilbide espazialean jasan zuten diskriminazioa kontatzen du. Filmaren arrakastaren ondoren, Estatu Batuetako Itsas Armadak Raye bere pertsona ezkututzat errekonozitu zuen. Arkansa’s Women Hall of Fame zerrendako parte ere bada 2018az geroztik.
Bizitzaren amaierara arte aktibo mantendu zen, eta proiektu komunitarioetan parte hartu zuen. Raye Jean Montague, inoiz ezezkorik onartu ez zuen emakumea, gutxiegitasun kardiako kongestiboak jota hil zen 2018ko urriaren 9an, Little Rock jaioterrian, 83 urte zituela.
Erreferentzia bibliografikoak:- Raye Montague, Wikipedia
- Betty Sorensen Adams (2022). Raye Jean Jordan Montague (1935-2018), Arkansasko Entziklopedia, azken eguneratzea 2022ko abuztuaren 26an
- Sharde Miller, Meet the woman who broke barriers as a hidden figure at the US Navy, ABCNews, 2017ko otsailak 20
- Laura Alonso, Raye Montague, la mujer que no aceptaba un no por respuesta, vadebarcos.net , 2019ko azaroak 16
- Fallece Raye Montague, la mujer que revolucionó el diseño de buques por ordenador, Sector Marítimo, 2018ko urriak 23
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 25ean: Raye Jean Montague, pionera del diseño de buques por ordenador.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Raye Jean Montague, ontziak ordenagailu bidez diseinatzen aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika
Andrew E. Desslerrek eta Edward A. Parsonek zientzia atmosferikoan eta politikan duten esperientzia konbinatzen dute Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburuan (2006) zientzialariei, politikariei eta hiritarrei klima-aldaketaren labirintuan zehar laguntzeko asmoz. Zientziaren eta politikaren araubideak alderatu eta eskumenean diren aukerak azaltzen dituzte.
Irudia: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Zergatik da hain nahasia klima-aldaketari buruzko debatea? Batzuek diote krisi izugarria ate-joka dugula, besteek, aldiz, klima-aldaketaren aldeko ebidentzia oso ahula dela. Batzuen ustez, berotegi-gasak murrizteko ahaleginek lur jota utziko dute gure ekonomia, besteen iritziz arazoak gehiegizko kosturik gabe konpon daitezke.Ezinezkoa da alde biak zuzen ibiltzea, baina komunikabideek eskaintzen dituzten argibideetatik ez da erraza izaten aldarrikapen kontrajarri hauen funtsa balioestea.
Klima-aldaketaren gaiari buruzko informazio oinarrituaren egarri den irakurleak, eta baita politika-eztabaidetan zientzia nola erabili ohi den interesatzen zaionak ere, guztiz argigarri aurkituko du liburu hau.
Andrew E. Dessler ( Houston 1964) Zientzia atmosferikoen saileko irakaslea da Texas A&M Unibertsitatean. Harvard Unibertsitatean doktgoretza Portu ondoan, NASAn eta Maryland Unibertsitatean lan egin du 2005.erarte. Estatu Batuetako gobernuaren aholkularia izan da Zientzia eta Teknologia Politikan; bertan hasi zen Parson-ekin lankidetzan. Ozono geruza eta klimaren fisikari buruzko hainbat argitalpenen zientifikoren egilea, badu beste liburu bat klimaren inguruan: The Chemistry and Physics of Stratospheric Ozone (Academic Press, 2000).
Edward A. Parson Zuzenbide eta Ingurumena eta Baliabide Naturalen irakaslea Michigan Unibertsitatean. Fisikan eta Kudeaketa-zientzian lizentziatua, eta Harvard Unibertsitateko doktorea Politika Publikoan. Bertako Kennedy School of Government-ean irakasle izan da, Canadako gobernuaren, EBko National Science Foundation erakundearen eta gobernuaren aholkularia izan da. Ingurugiroaren politikari buruzko hainbat argitalpenen egilea da, adibidez Protecting the Ozone layer: Science and Strategy (Oxford University Press, 2003) liburua.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika. Eztabaida gida
- Egilea: Dessler, Andrew E.; Parson, Edward A.
- Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
- ISBN: 978-84-9860-211-1
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2009
- Orrialdeak: 354 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika
The post Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika appeared first on Zientzia Kaiera.
Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia
Duela bi milurteko porlanean kaltzita pikorrak aurkitu ditu ikertzaile talde batek, eta horri esker hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela ziurtatu dute.
Gaur egun egiten diren gauzak ez dira lehen egiten zirenen modukoak. Ohiko solasaldi gaia da Gabon egunetako otorduetan, koinatuak joan den urtean jasotako opari horren inguruan hitz egiten dizunean. Eta egia da sentsazio hori luze eta zabal hedatuta dagoela. Ekoizpena azkartu beharra dago ezinbestean, prezioa ahalik eta gehien murriztuta, merkaturatutako azken produktuei kontsumoaren dantzalekuaren ateak itxi ez diezazkieten.
Ez gaude soilik etxetresna elektrikoen inguruan hitz egiten ari. Askotan gauza zaharragoetan ere gertatzen da. Horren adibide bikaina da erromatarrek erabilitako hormigoia. Hauek zoratuta zeudela irakatsi ziguten Asterixek eta Obelixek, baina ezkutatu ziguten ingeniari zoroak zirela. Duela bi milurteko pasa diren arren, erromatarrek egindako egitura ugari ederki asko mantendu dira, beste eraikuntza batzuk egiteko birziklatu ez direnean behintzat. Eta gakoetako bat erabilitako hormigoian datza.
1. irudia: Erromatarrek hormigoiez egindako egitura asko gaurdaino nahiko txukun mantendu dira, bi mila urte inguru igaro diren arren. (Argazkia: Juanma Gallego)Urte luzez zientzialariek uste izan dute hormigoian sartutako sumendi errauts berezi bat –puzolana deritzona— izan zela erromatar hormigoia horrenbeste urtez txukun mantendu izanaren arrazoi nagusienetakoa. Baina orain zientzialari talde batek proposatu du beste faktore garrantzitsu bat tartean egon daitekeela.
Gure garaian hormigoia egiteko erabiltzen den zementua Portland motakoa da, buztina eta kareharria tenperatura altuetan nahasten dituena. Erromako porlanaren kasuan, karea eta puzolana izeneko errauts hori erabiltzen zituzten.
Baina, horrez gain, erromatarren porlan horretan karezko egitura ñimiño batzuk agertzen dira. Orain arte uste izan da pikor txiki hauek —milimetrikoak dira— txukuntasun askorik gabe egindako nahasketen edo material eskasen ondorio zirela. Baina nazioarteko zientzialari talde batentzat hau ez zen oso logikoa. “Erromatarrek ardura asko jartzen zuten eraikuntza material bikaina egiteko, eta mende askotan zehar findutako errezetak jarraitu zituzten. Hortaz, zergatik jarri behar zuten ba ardura gutxiago ondo nahasitako azken produktua egiterakoan?”, argudiatu du Admir Masic ikertzaileak prentsa ohar batean
Hortaz, Privernum (Italia) hiriko harresi batean aurkitutako hormigoiaren analisia egin dute, hormigoi hori lur idorrean egindako egituren adierazle baita. Modu berean, laborategian hormigoi propioa egiten saiatu dira. Funtsean, zientzialariek arkeologia esperimentala egin dute, erromatar erara egindako hormigoia sortuz, eta ondoren bere ezaugarriak erromatarren hormigoiarekin alderatu dituzte.
Science Advances aldizkarian azaldu dutenez, konturatu dira erromatarrek ez zutela hormigoia egiten orain arte uste zen moduan. Izan ere, adituek suposatutzat ematen zuten ura eta karea nahasten zituztela hasieran, eta ondoren sortutako pasta hori erabiltzen zutela hormigoia egiteko. Baina, zientzialari hauek diotenez, modu horretan ezinezkoa zen halako kaltzita egitura txiki horiek sortzea, ez bazen bederen aurrean aipatutako lardaskeria horren ondorioz. Baina karea urarekin bota beharrean zuzenean kare bizia botaz gero, duela bi milurteko hormigoian atzemandako kaltzio karbonato pikor horiek sortzen direla ikusi dute.
Hori oso garrantzitsua da materiala indartu aldera, arrakala edo poro txikiak sortzen direnean, urarekin batera, kaltzio karbonatu hori lixibatu egiten delako, berriro kristalizatuz eta hutsune horiek betez. Kaltzita horrek sumendi errautsarekin izandako erreakzioek ere egitura indartzen dutela berretsi dute zientzialariek. Funtsean, ikertzaile hauek diote erromatarren garaiko hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela.
Besteak beste, espektrografia bitartez ikusi dute pikor hori tenperatura handietan sortu zirela, eta horrek bat dator kare bizia botatzean espero izatekoa den portaerarekin.
2. irudia: Laborategian hormigoia apurtu dute, eta gero ura bota dute, hidratazioaren bitartez kaltzitaren lixibazioa sortzeko. Egiaztatu dute arrakalak bete direla kaltzio karbonatoarekin. (Argazkia: Seymour et al.)Kuriositatea asetzeaz gain, ikertzaileek aldarrikatu dute hemendik irakaspen praktikoak atera daitezkeela, gaur egungo ekoizpenari begira, eta formula hori patentatzeko asmoa agertu dute.
Zientzia artikuluak oihartzun mediatiko handia izan duela jakinda, eta ikerketari buruz galdetuta, hormigoian aditu den Manuel Francisco Herrador ingeniariak gehiegizko espektatibak hoztu ditu. Haren esanetan, ikerketa bera oso interesgarria da, “atzeman dituztelako nahasketa zehatz batean beste leku batzuetan ikusi ez diren kare biziaren inklusio batzuk”. Bitxia bada ere, Herradorrek azaldu du porlanaren inguruko kimikaz nahiko gutxi ezagutzen dugula oraindik, azken urteotan nanoteknologiari esker prozesuak sakontasun gehiagorekin neurtu ahal izan diren arren. “Beraz, egin dituzten detekzio kimikoak eta erreakzioen analisiak oso interesgarriak dira”. Baina egileek mahai gainean jarritako ondorioak gehiegizkoak direla uste du.
“Adibidez, karakterizazio mekanikoa albo batera utzi dute, erabat. Besteak beste, lortutako hormigoi horrek zer erresistentzia duen edo nola eragin ahal dien altzairuzko egiturei…”. Horrez gain, nabarmendu du kaltzio karbonatoak kristalizatzean lortutako abantaila kontrara bihur daitekeela gero, azidoekin erraz erreakzionatzen duelako. Kutsadura pixka bat daraman euri urak egindako lana desegin lezake, hirietako eraikuntza historikoak babestu behar dituztenek ondotxo dakiten moduan.
Beraz, oraindik bide luzea urratzeko dagoela gogora ekarri du adituak, halabeharrez porlana egiterakoan karbono isuriak gutxitzeko “obsesioa dugun sektore batean”.
Obsesio hori ez da hutsala. Izan ere, porlana egiteko erabili behar diren tenperaturak oso altuak dira —1.450 ºC ingurura berotu behar dira materialak–, baina hau hasiera baino ez da. Porlana sortzeko kareharria erre behar denez (CaCO3), prozesuan karbono dioxidoa sortzen da ere, erdibana. Ondorioz, porlan tona bakoitzeko, CO2 tona bana askatzen da. Eta jakin badakigu XXI. mendeko gizakiak arazo bat duela gehiegizko karbono dioxidoarekin. Porlanaren ekoizpenari lotutako isuriak, beraz, ez dira txikiak: kalkulatzen da CO2 isuri guztien %8 suposatzen dutela. Arazoa are handiagoa da ikusten dugunean porlanaren ekoizpena gora ari dela.
Bai, silizioaren aroan gaudela ematen duen arren, bereziki Txinan hormigoiaren osagai nagusia den porlanaren ekoizpena izugarri handitu da. Mende honetako lehen hamasei urteetan AEBetan XX. mende osoan ekoitzitakoa baino porlan gehiago egin dute bertan, eta, 2022ko datuei erreparatuta, munduko porlanaren % 56 Txinan ekoiztu da.
Hortaz, eta beti ere espektatiba errealei kasu eginda, agian bada garaia erromatar zoro hauei kasu pixka bat egiteko, eta Judeako Fronte Popularreko kideak erromatarrek gure alde zer egin duten galdetzen duen hurrengoan, badugu beste zerbait zerrenda luze horretan gehitzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:Seymour, Linda M.; Maragh, Janille; Sabatini, Paolo; Di Tommaso, Michel; Weaver, James C. eta Masic, Admir (2023). Hot mixing: Mechanistic insights into the durability of ancient Roman concrete. Science Advances, 9 (1), eadd1602. DOI: 10.1126/sciadv.add1602.
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia appeared first on Zientzia Kaiera.
Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra
Wikipediarekin has gaitezke: bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira eta itsasgarri akrilikoa dute. Askotariko kolore deigarriak dituzte (gorria, horia, urdina, beltza, beixa eta abar) eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Profesionalek gerrialdean, sorbaldetan, belaunetan, lepoan edo bizkarrean jarri ohi dituzte.
Joseph Kompek asmatu zituen (Bowling Green, Kentucky); patentearen izena “Adhesive Tape Products” da eta 1970eko abuztuaren 11koa da. Teknika hori 1970eko hamarkadan erabili zuten Japonian hainbat ortopedia espezialistek, eta kiropraxian eta akupunturan ere erabiltzen zen. Aurrerago, japoniar atleten eta olinpikoen artean arrakasta izan zuen. Kenzo Kase japoniar kiropraktikoak zabaldu zuen horien erabilera, eta Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoetan 58 herrialdetako atletek dohaintzan jaso eta bendak erabili ondoren, jende asko ere horiek erabiltzen hasi zen.
Bendak finak, elastikoak eta kotoizkoak dira. Beren luzeraren % 130 eta % 140 artean tenkatu daitezke. Benda gehiegizko gihar tenkaketa duen paziente bati jartzen zaionean, benda bera ere tenkatu egiten da eta jatorrizko luzerara itzultzeko kontrako indarra egiten du. Erreakzio horrek jatorrizko egoera bueltatzen laguntzen dio giharrari. Elastikotasun horri esker gihar mugimenduak handiagoak izan daitezke, berreskuratzeari laguntzen baitiete. Gainera, bendek denbora luzez funtzionatzen dute eta benda berriak jartzea atzeratu daiteke.
1. irudia: bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira eta itsasgarri akrilikoa dute. Atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. (Argazkia: Xlsergval – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Itsasgarri akriliko bat dute; horrek eusteari laguntzen dio eta beroarekin lurrundu egiten da. Azkar lehortzen dira eta lau egunera arte erabil daitezke. Eskaintzen dituzten onurak dira gihar mugimendua erraztea, giharretako nekea gutxitzea, giharretako mina kentzea, mina inhibitzea eta hantura edo edema murriztea eta odol fluxuari laguntzea. Zinten eraginkortasuna kolorearekin lotzen da gainera; izan ere, zinten kolorearen arabera eta tenperaturak gora egin ahala, argi gehiago edo gutxiago xurgatzen dute. Adibidez, giharretako lesio kronikoetarako egokienak zinta gorriak dira; argi gehiago xurgatzen dute, tenperatura gehiago hartzen dute eta lesionatutako giharrari bero handiagoa ematen diote.
Nahiz eta atletek eta kirol profesionalek asko erabiltzen dituzten, kinesiotapingak ez du bere eraginkortasuna frogatu entsegu klinikoak egin dituztenean argitalpen zientifikoetan onartzen den metodologia aplikatuta eta beste zientzialari batzuek berrikusteko ohiko sistema jarraitu denean. Lara Tardónek El Mundo egunkarian hauxe baieztatu zuen: “Diotenaren kontra, kinesio tape delakoek ez dute giharren funtzioa hobetzen eta ez dute oneratzea errazten, eta ez dituzte lesioak prebenitzen, ezta tratatzen ere. Adituek ez dute zalantzarik: ez dago ebidentzia zientifikorik publizitate abantaila horiek frogatzen dituenik”. Beharbada nolabaiteko eraginkortasuna dute, baina oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan.
97 azterlanetatik metodologia egokia zuten 10 hartu zituzten eta horien metaanalisi bat egin zen, eta azterlan horren arabera, minaren arintzea oso baxua da eta artikulu batean ere ez dute aurkitu garrantzi klinikorik duen emaitzarik, Sean Williamsek eta Aucklandeko Unibertsitate Teknologikoko (Zeelanda Berria) bere kideek ondorioztatu zutenaren arabera. Bendaje horrek onura txiki bat izan dezake indarra eta zenbait lesio taldetan mugimendu tartea hobetzeko, eta beste zinta batzuekin alderatuta hobeak izan daitezke indarraren detekzio errorean, baina aurkikuntza horiek baieztatzeko azterlan gehiago egin behar dira. Kasuei buruzko hainbat berri daude eta babesa anekdotikoa da nolabait, eta horregatik bermatu behar da ongi diseinatutako ikerketa esperimentala egingo dela, bereziki kirol lesioekin lotuta, horrela ziurtatzeko atletentzako teknika onuragarria dela.
Rafael Muñoz Lópezen Kordobako Reina Sofía Unibertsitate Ospitaleko taldeak artikulu bat idatzi zuen, eta bertan kinesiotaping benden funtzioa eta erabilera berrikusi zituzten. 2016ra arte sorbaldetako, ukondoetako, bizkarraldeko, lepoko, oinetako, orkatiletako eta belaunetako lesioak artatzeko argitaratu ziren azterlanak analizatu eta gero, autoreek ondorioztatu zuten kinesiotaping teknika oso ospetsua dela komunikabideetan, eta eliteko kirolariei zuzendutako inbertsio oso handia egin dela marketinean beraien erabilera bultzatzeko. Baina argitaratutako azterlanek ez dute egiaztatzen zintak erabiltzearen ondorioz onura argirik dagoenik, eta haien erabilera zalantzan jartzekoa litzateke.
2. irudia: bendaje neuromuskularrak beharbada nolabaiteko eraginkortasuna dute, baina oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan. (Argazkia: domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pxhere.com)Aipatu beharreko beste azterlan bat Mark Thelenek eta Armadaren Winn Komunitate Ospitaleko (Fort Douglas, Georgia) kideek sinatutakoa da. Sorbaldako tendinitisa diagnostikatuta zuten 42 paziente aztertu zituzten eta bi taldetan banatu zituzten: batzuek bendaje neuromuskularra erabili zituen eta beste batzuek bendaje simulatua. Guztira boluntario bakoitzak bendak hiru eguneko bi tartetan erabili zituen eta elkarrizketak egin zitzaizkien sorbaldako minari eta desgaitasunean nabaritutako aldaketei buruz. Emaitzen arabera, boluntarioen mina edo desgaitasun sentsazioa ez ziren gutxitu.
2009an Candasko Fisioterapia Integraleko Zentroko (Asturias) Javier González Iglesiasen taldeak 41 boluntarioekin egindako azterlana argitaratu zuen. 21 emakumeak ziren eta lepoko zartakoaren ondoriozko lepoko mina zuten. Bi talde sortu zituzten: batzuei benda neuromuskularrak jarri zitzaizkien eta besteei bendaje simulatua. Minaren datuak (1etik 11ra arteko eskala batean) eta lepoaren mugimenduaren datuak jaso zituzten proba hasi aurretik, bendak jarri eta berehala eta 24 ordu geroago.
Boluntarioek estatistiketan nabarmentzekoak ziren hobekuntzak izan zituzten benda jarri eta berehala eta 24 orduko jarraipenean. Hala ere, gutxi arindu zen mina eta gutxi handitu zen mugimendu zerbikalaren tartea, eta ez dira klinikoki esanguratsuak.
Hara! Kinesiotapingaren koloreak ez du efekturikInteresgarria da benden koloreek aurretik aipatu ditudan gihar lesioak arintzeko duten eraginkortasun ezberdinarekin lotutako azterlanen emaitza batzuk errepasatzea. Ashcan Çaglarrek eta Ankarako Baskent Unibertsitateko (Turkia) bere taldeak sorbaldako trapezio giharrean lesioak diagnostikatuta dituzten 50 emakumerekin probak egin zituzten. Pazienteek 20,8 urte zituzten batez beste. Bost kolore hauetako bendak jarri zizkieten: gorria, urdina, beltza, beixa eta zuria. Eta pazienteei galdetu zitzaien nola sentitzen ziren kolore ezberdinetako zintak jantzita izan eta gero. Eskala hauxe zen: berorik ez, epela, hotza, bizia, freskoa…
Adibidez, zinta gorriarekin % 30ek ez zuten aldaketarik sentitu eta % 26k epeltasuna sentitu zuten; urdinarekin % 32k epeltasuna sentitu zuten eta % 24k ezer ez; beltzarekin % 24k ezer ez eta % 22k epeltasuna; beixarekin % 26k epeltasuna eta % 20k ezer ez; eta zuriarekin % 34k epeltasuna eta % 20k ezer ez. Laburbilduz, koloreak ez ditu modu esanguratsuan aldatzen pazienteen pertzepzioak. Beharbada, gehienez ere bendaren koloreen pertzepzio ezberdinek nolabaiteko plazebo efektua sor dezakete.
Rocco Cavalerik eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitateko (Australia) bere kideek bendaren koloreari buruz egin duten ikerketan antzeko emaitzak jaso zituzten. 32 paziente osasuntsuk parte hartu zuten; 16 emakumeak ziren eta batez besteko adina 24 urtekoa zen. Ausaz bost talde sortu zituzten: lehen taldea kontrolekoa zen eta ez zizkieten kinesiotaping bendak jarri izterrean, belaunetik aldakara; beste lau taldetako kideei benda beixak jarri zitzaizkien tentsioarekin eta tentsiorik gabe, eta benda gorriak eta urdinak tentsioarekin.
Emaitzen arabera, bendak ez du inpaktu onuragarririk hankaren funtzioan edo belaunaren indarrean. Eta bendaren koloreak ez du eragiten boluntarioen errendimendu atletikoan ere.
Bukatzeko, interesgarria da jakitea Ameriketako Estatu Batuetako osasun profesionalek zer uste duten kinesiotapingaren erabilerari buruz. Scott Cheathamek eta Dominguez Hills Kaliforniako Estatu Unibertsitateko bere kideek 30 galderako inkesta bat egin zuten eta posta elektroniko bidez inkestak bidali zizkieten Atletismoko Entrenatzaileen Elkarte Nazionaleko, Fisioterapia Ortopedikoko Akademiako eta Kirol Fisioterapiako Akademiako 51.000 profesionali. 1.083k erantzun zuten.
Gehienek, % 74k, benda neuromuskularrak erabiltzen zituzten lesio baten ondorengo tratamenduetan eta mina kontrolatzeko % 67k erabiltzen zituzten. % 77k uste zuten zintekin azalean estimuluak hobeto hautematen zirela, eta % 69k esan zuten zirkulazio lokala suspertzen zela. Hala ere, % 40k uste zuten efektu plazeboa sortzen zutela bakarrik, eta, horregatik, % 58k minak arintzeko terapia gisa erabiltzen dituzte. Profesionalen % 60k adierazi zuten bi eta hiru egun artean erabiltzen direla, baina % 81ek esan zuten gehienez ere bi eta bost egun artean erabiltzen direla.
Eta ikusi dugun bezala, % 70ek benda beltza nahiago dute, eta % 66k, beixa.
Ikertzaileek ondorioztatu zuten osasun profesionalek bendak plazebo gisa erabiltzen dituztela inkestari erantzun ziotenen % 60an ia-ia. Profesionalek uste dute hainbat efektu terapeutiko positibo sortzen dituztela erabiltzaileentzat, baina onurak nola eragiten dituzten ez dakitela ondo. Azterketen emaitzak kontraesankorrak dira, eta bi arazo nagusi hauengatik izan daiteke hori: zinten ekoizpena eta mota, eta proba eta azterketa metodoen aldagaiak.
Emaitzak direla-eta interesgarria da hau: Yu Qinek eta Lanzhouko Unibertsitateko (Txina) bere kideek 2011tik 2020ra kinesiotapingaren inguruan egin ziren argitalpenei buruz egin zuten berrikusketa. Guztira 677 artikulu aurkitu zituzten, gehienak Turkian argitaratutakoak ziren, zehazki Ankarako Hacettepe Unibertsitatean, eta testu gehien idatzi zituena Gul Baltaci izan zen, Ankarako Güven ospitalekoa. Argitalpenen kopuruak goranzko joera bat erakusten du.
Erreferentzia bibliografikoa:Çaglar, A.et al. (2016). Are the kinesio tape colors effective for patient perception? A randomized single blind trial. Journal of Exercise Therapy and Rehabilitation 3: 96-101. Dergipark.org.tr/en/pub/jetr/issue/41759/504138
Cavaleri, R. et al. 2018. The influence of kinesiology tape colour on performance and corticomotor activity in healthy adults: a randomized crossover controlled trial. BMC Sports Science, Medicine and Rehabilitation 10: 17. DOI: 10.1186/s13102-018-0106-4
Cheatham, S.W. et al. 2021. Kinesiology tape: A descriptive survey of healthcare professionals in the United States. International Journal of Sports Physical Therapy 16: 778-796. DOI: 10.26603/001c.22136
González-Iglesias, J. et al. 2009. Short-term effects of cervical kinesio taping on pain and cervical range of motion in patients with acute whiplash injury: A randomized clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 39: 515-521. DOI: 10.2519/jospt.2009.3072
Muñoz López, R. et al. 2016. Kinesiotaping. Evidencia actual. Revista de la Sociedad Andaluza de Traumatología y Ortopedia 33: 23-29. Portalsato.es/documentos/revista/Revista16-2/04.pdf
Qin, T. et al. 2022. Research hotspots and trends of kinesio taping from 2011 to 2020: a bibliometric analysis. Environmental Science and Pollution Research DOI: 10.1007/s11356-022-22300-9
Tardón, L. 2018. Sin rastro científico que avale el “kinesiotaping”. El Mundo 7 agosto.
Thelen, M.D. et al. 2008. The clinical efficacy of kinesio tape for shoulder pain: A randomized, double-blinded, clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 38: 389-395. DOI: 10.2519/jospt.2008.2791
Wikipedia. 2021. Vendaje neuromuscular. 14 agosto.
Wikipedia. 2022. Elastic therapeutic tape. 24 September.
Williams, S. et al. 2012. Kinesiotaping in treatment and prevention of sports injuries. Sports Medicine 42: 153-164. DOI: 10.2165/11594960-000000000-00000
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
The post Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra appeared first on Zientzia Kaiera.
Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen
UPV/EHUko José Luis Vicario katedraduna eta Zaragozako Unibertsitateko Pedro Merino katedraduna buru direla, bi ikerketa-taldek elkarrekin dihardute konposatu poliziklikoen sorkuntza ikertzen. Batez ere hidrogenoz eta karbonoz osatutako eraztun bat baino gehiagoko konposatuak dira poliziklikoak, eta zuzeneko erabilera dute industria farmazeutikoan. Erabili duten metodologia eta lortutako konposatuen erabilgarritasuna hartu ditu aintzat Chemistry: A European Journal aldizkariak (Wiley-VCH argitaletxea).
“- Gustatuko litzaizuke ispiluaren etxean bizitzea, katutxo hori? Ez dakit, ba, nik, esnerik emango ote dizuten. Baliteke ispiluko esnea edateko ona ez izatea”. Lewis Carrollek bazuen, 1871rako, ispiluaren islako objektuek objektu “errealen” moduko propietateak ez zituztelako irudipena. Objektu beraren bi irudi —bata bestearen isla— ikusita planteatu zuen Aliziak aburu hori Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena liburuan. Izen handiko zientzialari zenbaitek ere, Pasteur tartean, aukera izan zuten irudipen hura laborategian frogatzeko, materia, eratzen duten molekulak aztertuz. Zehazki esanda, frogatu zuten ezen fruta askotan —batez ere, mahatsean— dagoen azido tartarikoaren molekula-egituren ispilu-irudiak ezin gainezar zitezkeela, pertsona baten bi eskuak gainezar ezin daitezkeen moduan, eta, gainera, propietate desberdinak zituztela egitura biek. Molekula-egitura horiei azido tartarikoaren enantiomero esaten zaie.
Irudia: Chemistry: A European Journal aldizkariaren azala ikerketaren egileek diseinatuta: Alizia ageri da, ispilua zeharkatuz bere forma enantiomerikoa (ispilu-irudia) bihurtzeko zorian. Aliziak bidelagun bat aurkitzen du, katalizatzaile bat, azken produktua eratu arte bide horian lagun egingo diona: sulfonamida. (Irudia: Uria, U.et. al.)Gaur egun badakigu, jakin ere, farmako batek itu terapeutikoan eragina izango badu, nahitaezkoa dela farmakoaren bi enantiomero edo ispilu-irudietako (ispiluaren alde bakoitzeko molekula-egitura) bat bakarra erabiltzea, nahi den eragina lortzeko. Gainera, kontrako enantiomeroak —esnea, Lewis Carrollen ipuineko islan— eragin ditzakeen albo-ondorioak murrizten edo desagerrarazten dira horrela. Zientzia eta Teknologiako Fakultateko ikerketa-talde batek, UPV/EHUko katedradun José Luis Vicariok zuzentzen duen Sintesi Asimetrikoa, Kimika Iraunkorra eta Prozesu Biomimetikoak ikerketa-taldeak, bi hamarkada baino gehiago daramatza lehenespenezko enantiomero bakar bat prestatzera bideratutako metodologia berriak ikertzen, farmakoen eta interes terapeutikoko produktu naturalen sintesian.
Bi enantiomero posibleetako bakarra sortzen duteZaragozako Unibertsitateko Merino irakaslearen lankidetzarekin, konposatu poliziklikoak sortzeko bide berritzaile bat garatu dute berriki, uztai baten diametroko bi mutur elkartuz bi uztai sor daitezkeen modu berean. Sintesi Asimetriko, Kimika Jasangarri eta Prozesu Biomimetikoetako ikerketa-taldeak molekula-eskalan egin du eragiketa hori katalisia erabiliz, eta aukeran dauden bi enantiomeroetatik bakarra sortu du.
Erabili duten metodologiak eta lortutako konposatuen erabilgarritasunak Wiley argitaletxeak diziplina anitzeko kimikaren arloan argitaratzen duen Chemistry: A European Journal aldizkariaren aintzatespena jaso dute. Egileei alearen azala diseinatzeko gonbita helarazi zaie; azalean Alizia ageri da, ispilua zeharkatuz bere forma enantiomerikoa (ispilu-irudia) bihurtzeko zorian. Aliziak bidelagun bat aurkitzen du, katalizatzaile bat, azken produktua eratu arte bide horian lagun egingo diona: sulfonamida.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurrerapenak, farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen
Erreferentzia bibliografikoa:Luis-Barrera, Javier; Rodríguez, Sandra; Uria, Uxue; Reyes, Efraim; Prieto, Liher; Carrillo, Luisa; Pedrón, Manuel; Tejero, Tomás; Merino, Pedro; Vicario, Jose L. (2022). Brønsted Acid versus Phase-Transfer Catalysis in the Enantioselective Transannular Aminohalogenation of Enesultams. Chemistry: A European Journal. DOI: 10.1002/chem.202202267
The post Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #423
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianJone Bilbao Antolinek hiru urte daramatza Urdaibaiko urak ikertzen, eta berak irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Bilbaok adierazi duenez, beti izan du interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi zuen aukera horiek denak ukitzeko. Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta organismo horiek eredutzat hartuz, Urdaibaiko egoera aztertu du bere tesian. Izan ere, Urdaibai biosferaren erreserba bat bada ere, 2021 urtera arte ur fekalak isurtzen ziren bertara. 2021etik aurrera, ordea, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, eta Bilbaok berehala sumatu zuen estuarioko uren hobekuntza, amonio- eta fosfato-kontzentrazioetan, adibidez. Zientzialari honi buruzko informazio gehiago irakur daiteke Zientzia Kaieran.
IngurumenaOzono-geruza bere onera itzultzen ari dela baieztatu du ikerketa batek. Munduko Meteorologia Erakundeak zabaldu du berria, eta azaldu dutenez, ozono-geruzarentzat kaltegarriak diren substantzia kimikoen %99 ezabatu da mundu mailan, eta horri esker berreskuratu da geruza. Hobekuntza horrek, era berean, tenperaturaren igoera moteltzea espero da, eta berotze globala 0,5 gradu txikiagoa izan liteke mende bukaeran, bide honetan jarraituz gero. Honekin batera, eguzkiaren erradiazio ultramoreak gizakiongan duen eragina ere murriztuko da. Artikoan gutxi gorabehera 2045ean itzuliko litzateke geruza bere onera; 2066an Antartikan eta 2040an munduko gainerako lekuetan. Datu guztiak Garan.
Hiriak berdetzeak diskriminazio soziala areagotzen duela frogatu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerketa talde batek. Hau da, gune berdeak sortzeak edo zeudenak bere onera ekartzeak maila ekonomiko altuko pertsonak erakartzen ditu; etxebizitzen prezioak igo egiten dira eta maila ekonomiko apalagoko jendea kanpo geratzen da. Zehazki, aztertutako 28 hirietatik 17tan berdetzeak gentrifikazioa eragin zuen. Egileek gogorarazi dute hiriak berdetzeak onura nabarmenak dakartzala osasunean, kliman, eta ekonomian, baina azterketak agerian jarri du banaketa eta eskuragarritasuna ez direla ekitatiboak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezake, UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu denez. Emaitza hori lortzeko Gasteizko Errekaleor auzoko biztanleen energia-aztarna EAEkoekin alderatu dute. Azterketaren arabera, alde horren arrazoi nagusia kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energia da. Zehazki, estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66. Azalpenak Zientzia Kaieran: Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du.
Klima-aldaketaExxonMobil petrolio-konpainiaren eredu klimatikoek zehaztasunez iragartzen zuten klima-aldaketa, duela 45 urte. 2015ean kazetariek argitara atera zuten, konpainiaren barne-dokumentuen arabera, jakitun zirela erregai fosilek berotze globala eragin zezaketela, eta horrek ondorio larriak izan zitzakeela ingurumenean. Kazetariek ExxonMobil salatu zuten, informazio hori izan arren, klima-aldaketa ukatzen zuten mezuak zabaltzeagatik. Konpainiak ukatu egin du orain arte halako informaziorik zutenik, baina orain, Science aldizkarian argitaratu duten lan berri batek berretsi egin du aurreko ikerketek erakusten zutena, hain zuzen ere, petrolio-konpainiaren txostenek berotegi globala ongi iragartzen zutela, baina konpainiak egindako adierazpen publikoak kontraesanean zeuden euren datu zientifikoekin. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaEboluzioaren ikuspegitik, altruismoa jarrera harrigarria da, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu. Gizakietan eta beste hainbat animalietan, alabaina, altruismoa jarrera arrunta da, eta hiru arrazoiengatik merezi du. Lehenengoa, ahaideen artean altruista izatea da, geneen zati bat partekatzen denez, ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua da, eta hirugarrena, elkarrekikotasuna. Primateetan ez ezik, Desmodus rotundusa saguzar hematofagoetan ere ikusi da jarrera altruista. Saguzar hauek lortzen duten odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen dute, eta odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Altruismorako arrazoiak.
PsikologiaGizakia geroz eta urrunago dago naturatik. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta munduan zehar pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Ikerketa batzuek jada enpirikoki neurtu dute deslotura hori, kulturak izan duen bilakaerari erreparatuz. 2014an, adibidez, ikerketa talde deskonexio hau frogatu zuen Disney-ren marrazki bizidunetako filmak aztertuz, ikusi baitzuten urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela. Gainera, gure produktu kultural batzuk adierazten duten moduan, natura bera “erreplikatu” dugu birtualki, eta Pokémon eta Avatar filmak dira honen adibide argia. Azalpenak Zientzia Kaieran: Lurreko “estralurtarrak”.
AntropologiaGoi Paleolitoko zeinu ez-figuratiboak egutegi baten osagaiak zirela iradoki dute. Duela 42.000 urteko margoak eta grabatuak aztertuz ondorioztatu dute zeinu haiek egutegi fenologiko-meteorologiko baten osagaiak zirela, eta ikertzaileen arabera, proto-idazketa baten zantzuak dira. Artelan hauetan hiru zeinu ohikoenak lerroa, puntua eta Y zeinua dira, eta komunikazio-unitate gisa funtzionatzen zutela proposatu dute ikertzaileek, eta marra- eta punto-sekuentziek udaberrian hasten zen ilargi-egutegi batekin bat egiten dutela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Iruñeko Erresumari lotutako hiru errege historikoren azterketa antropologikoa egin du ikerketa talde batek Aragoin. Hiru errege horien hezurrek esaten dutenari adi, izandako bizimodua eta itxura birsortu dituzte. Protagonistak Antso Ramiritz eta Petri I.a Santxitz dira, biak Iruñeko eta Aragoiko errege izandakoak; eta Ramiro I.a Aragoikoa, Antso Ramiritzen aita. Bada, hiruren bizimoduei buruzko informazioa biltzeaz gain, Petri I.aren eta Ramiro I.aren burua hiru dimentsiotan sorberritu dituzte, bigarrenaren heriotza ere argitu dute, eta kronika historikoek ziotena gezurtatu dute honela. Izan ere, kroniken arabera, Ramiro I.a begian gezi batek jota hil zuten, baina hezurren arabera, sabelean lantza bat sartuta. Informazio gehiago Berrian: Hezurrek kontatzen dutena.
TeknologiaHainbat enpresa hasiak dira elikagaiak sortzeko 3D inprimagailua erabiltzen; Iruñako Cocuus enpresa da horietako bat. Laborategietan hazitako zelulak, fabrika handietako haragi hondarrak eta landareetan oinarritutako haragi artifizialak erabiltzen dituzte bertan janaria inprimatzeko. Duela hamar urte hasi zuen Cocuusek ibilbidea, eta orin gai dira ilarrekin eta oliba olioarekin hirugiharraren testura eta zaporea duen kopia sortzeko. Orain, Softmimic proiektua jarri dute martxan, pureak 3D objektu bihurtzea helburu duen proiektua. Honela, disfagia dutenei eta adinekoei lagundu nahi die, janariaz gozatzen jarrai dezaten. Txuleta itxura eta zaporea duen purea egiten dute, adibidez. Azalpenak Berrian: Etorkizuneko mantenua.
ArgitalpenakMarc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan animalien adimenari buruzko hainbat galdera erantzuten ditu, animalien pentsatzen dutenaren eta sentitzen dutenaren inguruan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta daude, eta hautespen naturalak animalien gogoak nola moldatu dituen argitzen dute. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #423 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #430
Konputazio kuantikoak garrantzitsua izan behar badu, sarean funtzionatu beharko du. Oso urrats garrantzitsua eman berri da posible izan dadin. The dawn of the quantum network: quantum interference over 300 km of optical fiber
Emakumeak pisu txikiagoko gizonezkoak balira bezala tratatzea farmakologia modernoaren funtsezko akatsa da. Women are not scaled men, clinically speaking Rosa García-Verdugoren eskutik .
Metaleno oso berezi bat, nikelozenoa, erabiltzen duen teknika berri batek kate metalo-organikoen propietate magnetikoak zehaztasunez zehaztea ahalbidetzen du. DIPC jendea A formidable characterization tool for one-dimensional metal−organic chains
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #430 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jone Bilbao, ingurumen-zientzialaria: “Ingurumen Zientzietan ikusi nuen nire intereseko hainbat gai ukitzeko aukera”
Jone Bilbao Antolinek irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Aitortu duenez, hasieratik izan zuen helburutzat ulergarria izatea, “sekula ez bainaiz originala izan”. Izan ere, iruditzen zaio ikertzaileek oso argi izaten dutela zertan dabiltzan, baina ingurukoek, normalean, ez dutela arrasto handirik izaten. “Hortaz, nire asmoa zen azaltzea zer egiten nuen, eta zergatik. Eta non; nire kasuan oso garrantzitsua baita lekua”.
Leku hori Urdaibai da. Hiru urte daramatza han ikertzen Bilbaok, eta orain laugarrena egingo du. Txiotesian, tarte horretan egindako ikerketen eta lortutako datu eta emaitzen zati txiki bat baino ez du azaldu, baina garrantzitsua iruditu zaio zer egiten ari diren azaltzea, mundu hori arrotza zaionak ere ulertu dezan.
Irudia: Jone Bilbao Antolin, ingurumen zientzialaria. (Argazkia: Elhuyar)Jone Bilbao berarentzat nahiko naturala edo zuzena izan da Urdaibain ikertzera eraman duen bidea. “Sopelakoa naiz, eta, beraz, beti izan dut lotura estua naturarekin, batez ere itsasoarekin eta hondartzarekin. Egia da, ikasketak aukeratu behar dituzunean, gauzak ez dituzula argi izaten, eta nik ere ez neukan hasieratik garbi Ingurumen Zientziak ikasi nahi nituela. Baina hor ikusi nuen aukera gustatzen zitzaizkidan gauzak ikasteko: ez zen biologia purua, ez zen kimika… Eta beti izan dut interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi nuen aukera horiek denak ukitzeko“.
Horrez gain, ingurumena hobetzeko lan egiteko gogoak ere bultzatu zuen karrera hori ikastera, eta, behin horretan zebilela, ekologiak, kutsaduraren analisiak eta halako gaiek erakarri zuten. “Horrek eraman ninduen Plentziara, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egitera, eta hortik aurrera Urdaibain geratu naiz, tesia egiten”.
Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta hasieratik sentitu da gustura taldean: “Orain gehiago gara, baina sartu nintzenean taldea oso txikia zen, eta oso ondo hartu ninduten. Gero, taldea handitzen joan da, eta oso eroso nago denekin. Niretzat inportantea da; azken finean, laginketetara beti norbaitekin joan behar duzu. Batzuetan joan naiz ikasleekin, beste batzuetan lankideekin edo zuzendariarekin… baina beti da taldeko lana”.
Lan horretan, Urdaibaiko egoera aztertu dute. Horrela ikusi du Bilbaok: “Jendeak paradisu baten pareko ikusten du. Baina nik batzuetan oso zikin ere topatu dut, eta zenbaitetan arrazoi naturalengatik izan da, adibidez, euriteengatik, baina beste askotan ez. Eta egia da hondakin-uren tratamenduan egin dituzten aldaketekin, berehala sumatu dugula hobekuntza. Bai guk, emaitzetan, baina baita handik pasatzen zen edonork ere, begi-bistakoa izan baita. Usainean bertan nabaritzen da”.
Azaldu duenez, hondakin-uren tratamendurako plana 2017an onartu zen, eta horren barruan URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak saneamendu-sarea eraiki behar zuten, eta Bermeoko Lamiaran araztegiarekin lotzeko azpiegiturak egin behar zituzten. Lanak ez dira egun batetik bestera egin, baina 2021tik aurrera, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko. Horri esker, ez dira estuariora iristen.
Ondorioak agerianHorren ondorioak azpimarratu ditu Bilbaok: “Udan Urdaibaiko hondartzetan izaten ziren ur fekalen agerpenak konpontzea zen, batez ere, helburua. Baina gure ikerketetan ikusi dugu beste onura argi batzuk ere ekarri dituela. Adibidez, amonio- eta fosfato-kontzentrazioak nabarmen jaitsi dira, eta ur zikinetan gailentzen diren organismoak ere gutxitu egin dira”.
Finantzazioaz ere hitz egin du. Izan ere, ikerketaren alderdirik zailena horixe izaten da, finantzazioa lortzea, eta, hasieran, haiei ere asko kostatu zitzaiela baieztatu du Bilbaok. “Lehenengo laginketa-urtea inolako finantzaziorik gabe egin genuen. Urte horren ondoren, lehen emaitzak lortu genituenean, jada babesa lortu genuen, bai URArena, bai Busturialdeko Ur Partzuergoarena. AZTIrekin elkarlanean ere aritu gara… Beraz, orain ondo, baina, hasieran, guk ikusten genuen zer garrantzitsua zen hainbeste diru kostatuko ziren azpiegitura-lanen onurak neurtzea, baina ez genuen laguntzarik lortzen“.
Orain, Bilbon egin zen bezala, jarraipen-programa bat jarri nahi dute martxan, eta aurrera ateratzea espero dute.
Fitxa biografikoa:Jone Bilbao Antolin Sopelan jaioa da, 1995ean. Ingurumen Zientzietako gradua ikasi zuen UPV/EHUko Gasteizeko campusean, 2013 eta 2017 bitartean, eta horren ondoren, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egin zuen (2017-2018) Plentziako Itsas Estazioan (PiE-EHU). 2019an, Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa doktorego programan hasi zen tesia egiten, EHUren doktoratu aurreko laguntzarekin (2019-2023), Sergio Seoaneren zuzendaritzapean. Leioako campuseko Landare Biologia eta Ekologia sailean dago, Ibaien Ekologia izeneko taldean, Fitoplankton ikerketa-taldearen barruan, eta PiE-EHUko parte ere bada.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Jone Bilbao, ingurumen-zientzialaria: “Ingurumen Zientzietan ikusi nuen nire intereseko hainbat gai ukitzeko aukera” appeared first on Zientzia Kaiera.
Gogo basatiak
Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkigu Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta dago. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe.
Irudia: Gogo basatiak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. Animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala.
Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: “bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar”.
Marc D. Hauser (Cambridge 1959), psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzian, eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gainera, zientzia-alor horietan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jendartean. Gogo basatiak liburua ez ezik, beste bi ere nabarmendu behar dira: The Evolution of Communication (1997) eta Moral Minds: How Nature Designed Our Universal Sense of Right and Wrong (2006).
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Gogo basatiak
- Egilea: Hauser, Marc D.
- Itzultzailea: Irene Aldasoro
- ISBN: 978-84-9860-074-2
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2008
- Orrialdeak: 484 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Gogo basatiak
The post Gogo basatiak appeared first on Zientzia Kaiera.