Indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak
Indarkeria handia dagoen herrialdeetan, zailagoa izan ohi da bizitzaren iraupena aurreikustea. Gazteen bizi-itxaropena 14 urte ere laburragoa izan daiteke herrialde baketsuetan baino. UPV/EHUri atxikitako Tim Riffe Ikerbasqueko ikertzailea partaide eta Oxfordeko Unibertsitatea buru dituen nazioarteko talde batek egindako ikerketa berri bat behatzen ditu indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak.
Scienci Advances aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, indarkeriazko heriotzei egotzi behar zaizkie hein handi batean indarkeria duten herrialdeen eta herrialde baketsuen artean dauden bizi-ziugabetasunaren maila desberdinak. Bizi-ziurgabetasuna hilkortasun-adinen dispertsioari dagokio; horregatik, dispertsioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da ziurgabetasuna ere. Indarkeriak heriotza-tasan duen inpaktua ez da mugatzen bizitzak laburtzera, izan ere, indarkeriaren ondorioz bizitzak etengabe galtzen direnean, bizirik jarraitzen dutenek ziurgabetasun handiagoa dute nor izango ote den hurrengo biktima. Ikerketaren egileen esanetan, bizitzaren inguruko ziurgabetasuna lotuago dago indarkeriarekin bizi-itxaropena baino, eta horixe omen da azterlan honen alderdirik harrigarriena, hilkortasun-patroien aldaketak aztertzeko garrantzi handia duena.
Irudia: 2017an ziurgabetasun orokorra bizitzan zehar eta indarkeria-maila 10 urtetik gorako gizon eta emakumeentzat. (Iturria: Aburto, J.M. et. al.)162 herrialdetako 2008tik 2017ra bitarteko hilkortasun-datuetatik eta Barne Bakearen Indizetik abiatuta, ikerketak argi utzi du indarkeriarik handieneko herrialdeak direla bizi-ziurgabetasunik handiena dutenak. Ekialde Hurbilaren kasuan, gatazkarekin lotutako adin goiztiarretako heriotzak dira ziurgabetasun handiaren pertzepzioa gehien areagotzen dutenak. Latinoamerikan ere antzeko patroia ematen da erailketen eta pertsonen arteko indarkeriaren eraginez. Kontrako muturrean egiaztatu ahal izan da bizi-ziurgabetasuna “nabarmen txikia” izan zela 2008tik 2017ra bitartean Europako iparraldeko eta hegoaldeko herrialderik gehienetan.
Diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetan, minbiziaren ondoriozko hilkortasun goiztiarra murriztean, bizi-ziurgabetasuna ere murriztu ahal izan da. Hala ere, indarkeria handieneko gizarteetan, bizi-ziurgabetasunak indarkeriarekin zuzenean lotuta ez daudenei ere eragiten die. Txostenean jasotakoaren arabera, “pobreziaren, segurtasunik ezaren eta indarkeriaren zikloek handitu egiten dituzte emakumeentzat lehendik dauden desabantaila-eredu estrukturalak. Latinoamerikako herrialde batzuetan, emakumeen erailketan ugaritu egin dira azken hamarkadetan, eta indarkeriazko inguruneen eraginpean egoteak gizarteari zein osasunari dagozkien ondorioak ditu, batez ere ume eta emakumeentzat”. Ikerketaren egileen esanetan, “gizonak izan ohi dira indarkeriaren zuzeneko biktima nagusiak, baina emakumeek dute indarkeriazko testuinguruetan horren ondorioak pairatzeko aukera gehien”.
Txostenak dioenez, zenbat eta handiagoa izan bizi-ziurgabetasuna, orduan eta baxuagoa izan ohi da bizi-itxaropena. Gainera, indarkeria nagusi duen gizarte batean bizitzeak kalteberatasuna eta ziurgabetasuna sorrarazi eta indarkeria handiagoko portaera eragin dezake. Indarkeria-maila handia dagoen herrialdeetan, bizi-itxaropena herrialde baketsuetan baino txikiagoa da. 14 urte inguruko tartea kalkulatu da indarkeria handieneko eta txikieneko herrialdeen arteko bizi-itxaropenari dagokionez. Hartara, El Salvador, Honduras, Guatemala, Kolonbia eta antzeko herrialdeetan, diru-sarrera handiko herrialdeekin erkatuta dagoen bizi-itxaropenaren alde hori erailketen ondoriozko heriotza-maila handiarekin lotuta dago.
Ikerketa egin duen Tim Riffe UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko ikertzailearen iritziz, garrantzitsua da indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak azaltzea, zabaltasun osoz, osasun publikoko arazotzat jo eta prebentzio-programetan landu ahal izateko. Indarkeria heriotza-eragiletzat askoz ere errazago prebeni daiteke minbizia eta heriotza eragiten duten beste kausa batzuk baino, eta honen onurak berehalakoak bezain iraunkorrak izan ohi dira, indarkeria goreneko egoeratik bake iraunkorreko egoerara igaro diren hainbat gizarteren adibideetan egiazta daitekeenez.
Ikerketa datuen erabilera masibotik abiatuta egin da, Global Burden of Disease proiektuan zehaztutako hilkortasunari buruzko kalkuluetan oinarrituta alegia. Izan ere, bertan aztertu diren populazio askok ez dute hilkortasunari buruzko informazio demografiko zuzenik. Kontuan izan behar da munduko leku askotan, honelako ikerketa bat zuzenean egiteko aukera ematen duten bizi-erregistroko sistemak garatzeko zain daudela oraindik, edo garrantzi handiko hobekuntzak egiteko zain.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Bizitza zenbait urte laburragoa izan daiteke indarkeria dagoen herrialde batean, eta aurreikusteko zailagoa
Erreferentzia bibliografikoa:Aburto, José Manuel; Di Lego, Vanessa; Riffe, Tim; Kashyap, Ridhi; Van Raalte, Alyson; Torrisi, Orsola (2023). A global assessment of the impact of violence on life-time uncertainty. Scienci Advances Vol. 9, 5. DOI: 10.1126/sciadv.add9038
The post Indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #428
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumea zientzianOtsailaren 11 Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Honen harira, unibertsitatea.net webgunean 110 euskal emakume ikertzaileen elkarrizketak bildu dituzte. Hizkuntzalariak, kimikariak, astrofisikariak, psikologoak, biologoak… esparru ugarietako ikertzaileen lanen berri eman dute atal horretan.
Frances Chick Wood zientzialariak estatistika medikoan diziplina horretan ekarpen nabarmenak egin zituen. Bere hastapenetan polimerizazioarekin eta mahatsaren hartzidurarekin zerikusia zuten gaietan hasi zen kimikari lanetan, baina 1911tik aurrera, estatistika medikoan hasi zen lanean, lanaldi osoan. Frances Wooden ibilbide estatistikoa laburra izan zen, baina oso esanguratsua. 1913an, bi artikulu argitaratu zituen bakarka, non xehe dokumentatu zituen Merkataritza Ganberak soldatetan, txikizkako prezioetan eta alokairuetan denborarekin izandako aldaketak neurtzeko erabiltzen zituen zenbaki indizeak. 1914an, berriz, minbiziaren ondoriozko heriotzen inguruko datu estatistikoak argitaratu zituen artikulu bat baino gehiagotan. Hala, Frances Wood estatistikan aitzindaria izan zen emakumeentzat. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Frances Chick Wood, kimikatik estatistika medikora.
Generoa zientziaren eta teknologiaren komunikazioanTalde bateko kide izateak asko baldintzatzen ditu gizarte errealitatearen ulermena eta nortasunaren garapena, besteak beste, estereotipoen eta generoen bitartez. Hitzezko hizkuntza eta ikusizko hizkuntza, aurreiritziak eta eredu estereotipatuak modu sotilean transmititu ditzaketen bi komunikazio tresna dira, eta beraz komunikazio-metodo hauek eragin handia dute norbanakoen identitatean. Ikertzaileentzat zehazki, hori kontutan izatea garrantzitsua da, askotan zerbait baieztatzen edo ukatzen denaren denotazio balioa bezain garrantzitsua baita horren konnotazioa. Gai hau jorratzeko, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa izeneko jardunaldia egin zuen. Izan ere, komunitate zientifikoak badu zeresana neska-mutilek zientziarekiko dituzten hainbat joeretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakHizkuntza-sena (1994) saiakera klasikoan, Steven Pinker zientzialari kognitibo ezagunak hizkuntzari buruz jakin beharreko guztia azaltzen du. Besteak beste, nola funtzionatzen duen hizkuntzak, haurrek nola ikasten duten, denboran zehar nola aldatzen den, burmuinak nola prozesatzen duen eta eboluzioan nola garatu zen. Steven Pinker (Montreal 1954) psikologo esperimentala da, eta hizkuntzalaria eta zientzialari kognitibo itzaltsua da gaur egun. Hala, Hizkuntza-sena liburuan Pinkerrek hizkuntzari buruzko ikerketa zientifikoak azken hamarraldietan aurkitutako guztia bilbatzen du. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Zientzia forentseaPablo Neruda poeta pozoituta hil zutela ondorioztatu du nazioarteko ikerketa batek. Augusto Pinochetek Salvador Allende presidentearen aurkako kolpea eman eta hamabi egunera hil zen Neruda, eta bere heriotzaren arrazoiak susmo asko piztu zituen. 2017. urtean haren gorpuzkiak aztertu zituztenean, botulismoa eragiten duen bakterioa aurkitu zuten haren hezurretan, baina zalantza sortu zitzaien ikertzaileei bakterio horren jatorriaren inguruan. Izan ere, mikrobio hori lurrean egoten da, eta Nerudaren gorpuzkiak hobian kutsatu izan zitezkeen. Orain ondorioztatu dutenez, alabaina, bakterioa poetaren gorputzean zegoen hil aurretik, eta beraz pozoitua hil zela ziurtatu dute. Datuak Berrian.
KimikaUCL Londresko unibertsitatean ezagutzen ez zen izotz amorfo bat egin dute. Lurrean ur izoztuaren fase ohikoena kristalinoa da, baina, dirudienez, unibertsoan izotz amorfoa, ez hain erregularra, da ugariena. Bada, orain arte, ur izoztuaren 20 fase kristalino eta izotz amorfoen bi familia ezagutzen zituzten zientzialariek, eta fase berri bat sortu berri dute. Izotz arrunta txikituta, altzairuzko-bola batzuk egun oso batez aztinduz sortu dute. Ikertzaileen ustez, oso litekeena da horren antzeko izotza egotea izoztutako ilargien barruan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Izotz amorfoaren aldaera berri bat sortu dute.
MedikuntzaGizonentzako antisorgailu bat probatu dute saguetan, itzulgarria eta iraupen laburrekoa. Nature communications aldizkarian azaldu dutenez, TDI-11861 izena du konposatuak, eta adenilil ziklasa entzima tarte labur batez desgaitzea eragiten du. Entzima hori ezinbestekoa da espermatozoideak hel daitezen eta gai izan daitezen emearen ugaltze-traktuan mugitzeko obulurantz. Sagu arrekin egindako esperimentuan frogatu dute konposatua segurua eta eraginkorra dela. Gainera, hiru ordu igaro ostean, sagu arrak berriro ugalkorrak ziren. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaZalantzan jarri dute mikorriza-sareen bidezko zuhaitzen arteko komunikazioa. Azken urteetan zabaldu da zuhaitzak elkarren artean komunikatzen direla eta baliabideak partekatzen dituztela sare horien bitartez, baina horren inguruko ikerketa zientifikoen berrikuspen bat egin da, eta ikusi dute ez dagoela horren aldeko ebidentzia sendorik. Batetik, ezin da garbi baieztatu hainbat landare lotzen dituzten mikorriza-sareak basoetan ohikoak direnik. Bestetik, zuhaitz helduek haien ondorengoei defentsa-seinaleak eta baliabideak bidaltzen dizkietenaren ebidentziarik ere ez dago. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
ZoologiaBerriki argitaratu denez, tximino emeei eta arrei jostailu berak gustatzen zaizkie. Orain arte, bi azterlanek bakarrik ikertu dituzte tximinoek sexuaren arabera zer jostailu aukeratzen dituzten, eta biek ere ondorioztatu zuten lehentasun ezberdinak zituztela sexuaren arabera. Azterketa berri honetan, alabaina, 14 makako (7 ar eta 7 eme) banaka aztertu zituzten, hainbat jostailu eskainita. Emaitza izan zen bai arrek eta bai emeek nahiago izan zituztela jostailu neutroak eta “maskulinoak”, eta gainera, ikusi zen arrek gehiago jolastu zutela panpinetin, emeek baino. Hala, ikerketa honek zalantzan jarri du jostailuen lehentasunen arteko sexu-desberdintasunek oinarri biologirik dutenik. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Ugaztunen bizimoduaren eta bizitza-luzeraren artean korrelazioa dagoela ondorioztatu du Pekingo ekologia eta kontserbazioko ikerketa-zentro batek. Ia mila animalia espezie aztertu dituzte horretarako, eta bizitza luzeraren eta antolaketa sozialaren arteko erlazioan eragina izan ahal duten mekanismo molekularrak arakatzeari ekin diote. Horrela, ikusi dute erlazio zuzena dagoela bi aldagai horien artean. Egileek diotenez, bai immunitatea zein hormonak garrantzitsuak dira bizitza luzera zein antolaketa soziala arautzerakoan. Oraindik ez dituzte mekanismo molekularrak argitu, baina badirudi taldean bizitzea lagungarria dela inguruneko egoera zailak gainditzeko eta estresa apaltzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran: Taldeka bizi diren ugaztun espezieek bizitza luzeagoa dute.
GenetikaIle gorriaren kolorea gene bakar baten (MC1R) aldaerek eragiten dute, eta munduko biztanle guztien % 1-2ak baino ez ditu aldaera horiek. UPV/EHUko Saioa Lópezek eta bere taldekideek berrikuspen bat egin dute gai honen inguruan, eta bertan diotenez, MC1R geneak proteina bat kodetzen du, eta hark melanokortina izeneko hormonaren hartzaile gisa jarduten du. Hartzaile hori melanozitoen mintzean dago, hau da, melanina pigmentua sintetizatzen duten larruazaleko zeluletan. Hala, MC1R genearen aldaeren arabera, larruazaleko edota ileko kolore ezberdinak sortzen dira. Honen harira, UPV/EHUko Santos Alonsok eta bere taldekideek MC1R genea Europako hegoaldean nola banatuta dagoen aztertu dute. Emaitzen arabera, mutazioetako bat, larruazal argia eta ile horia edo gorria sorrarazten duena, espero baino maiztasun handiagoarekin agertzen da erradiazio ultramore gutxien duten penintsulako iparraldeko biztanleen artean. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran topatu daiteke: Ilegorriak.
Kirol-zientziakAitor Pinedo Jauregik mendiko erreskatatzaile profesionalen gaineko doktore-tesia defendatu berri du. Tesiaren helburua zera izan da: deskribatzea zer-nolako eragina duen motxilaren kargak errendimendu fisikoan lana egin behar dutenean. Horretarako, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko erreskatatzaileen laguntza izan du. Frogatuta geratu da bizkar-zorroaren masak eta maldak eragin gehigarria dutela aztertutako aldagai fisiologikoetan eta pertzepziozkoetan. Horregatik, mendiko erreskatatzaileek beren gorputz-masaren % 20ko edo gehiagoko kargak ez eramatea gomendatzen du. Datu gehiago Zientzia Kaieran: Kargaren eragina mendiko erreskateetan.
AntropologiaAmaia Arranz Otaegik landareen arrastoei erreparatzen die historiaurreko gizakiei buruz informazioa eskuratzeko. Orain, ikerketa abiatuko du jakiteko zergatik hasi ziren ehiztari-biltzaileak nekazaritzan, eta gai horri buruz jardun du aste honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak gonbidatuta. Bere ikerketarekin gizakiak lehenbiziko soroak noiz sortu zituen jakin nahi du. Azaldu duenez, beti susmatu da Neolitoan hasi zela laborantza, baina ez dago oraindik ebidentzia zuzenik. Arranzek ezagutzen diren ogi apurrik zaharrenak ere aurkitu zituen. Arranzen esanetan, arkeobotanikarekin gizakiak jaten zuenaren inguruko informazio asko lortu daiteke, hala nola, zein nolako teknologia zuten landareak prozesatzeko. Azalpen guztiak Berrian: «Elikagai arrastoak informazio iturri berria dira».
HistoriaGontzal Carrascok (Gernika-Lumo, 1995) Historiako gradua ikasi zuen UPV/EHUn eta egun doktoretza tesiarekin dabil, trikitixaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ikertzen. Azaldu duenez, Euskal kulturako beste fenomeno asko bezala, trikitixa gizonen mundu bat izan da oraintsura arte, eta frankismoan, gainera, errealitate hau baserriaren inguruan ematen zen, euskal kulturak bertan aurkitu zuelako babesa. Emakumeek, berez, betidanik jo izan dute trikitixa, baita gerra aurretik ere, baina diktadura frankistaren etorrerarekin, ordea, patriarkatuak ezarritako generoen araberako rolak indartu egin ziren. Egoera 1980ko hamarkada inguruan hasi zen aldatzen, eta emakumeen parte hartzeak etengabe egin du geroztik gora. Txikitixaren egoera kolektiboaren arabera, Carraskoren hipotesia da euskal gizarteak oraindik zerbait tradizional bezala hartzen duela trikitia, eta gaizki saltzen dela horregatik, eskaintzen dituen aukera guztiak eta garatzen den esparru guztiak ez direlako plazaratzen. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Gontzal Carrasco: “Trikitixaren iruditeria kolektiboan desadostasunak daude bere errealitatearekiko”.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #428 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #434
Greziarrengandik, mitoak. Juduengandik, erlijioa. Erromatarrengandik, zibilizazioa… edo ez. Why we are all Etruscans Jesus Zamoraren eskutik.
Zientzia-fikziozko filmetan, elementu ezezagunak dituzten ontzi estralurtarrei buruz hitz egiten dute beti, gaitasun handiko materialen justifikazio gisa, baina gaiari buruz pixka bat dakienak badaki konposizio kimikoa bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dela materialaren egitura: diamanteak eta grafitoak konposizio bera dute, adibidez. Fusio nuklerako erreaktoreetarako materialak ezin dira edozein izan, eta, beraz, egitura egokiak ikertu behar dira. Zergatik ez itsas maskorrena? Materials for fusion reactors that mimick the structure of nacre
Erabateko ziurtasunez dakigu minbizia eragiten duten hiru gauza: erradiazio ultramorea, alkohola eta tabakoa. Azken honen nikotinak, gainera, metastasia sortzen du. Etorkizuna imajinatzeko ezintasunak edo norberaren salbuespenaren sinesmenak soilik, erretzaileek duten drogazalearen autojustifikazioarekin batera, ahalbidetzen du ulertzea norbaitek, gainerako guztian zentzuzko pertsona, erretzea. Nicotine promotes both cancer and metastasis
Zenbait materialetan gertatzen diren efektu optiko ez-linealak oso erabilgarriak izan daitezke optoelektronikan. Zein konposatu organikok efektu horiek aurkeztuko duten aurreikusteko, eredu oso zehatzak behar dira, molekulen dinamika kontuan hartuko dutenak, eta ez bakarrik haien egitura egonkorrena. DIPCko jendeak Dynamical nonlinear optical responses of organic materials
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #434 appeared first on Zientzia Kaiera.
Frances Chick Wood, kimikatik estatistika medikora
Frances Chick Wood, lehenik, polimerizazioarekin eta mahatsaren hartzidurarekin zerikusia zuten gaietan hasi zen kimikari lanetan. Baina handik gutxira, estatistika medikoan jarri zuen arreta, eta diziplina horretan ekarpen nabarmenak egin zituen.
Frances Chick 1883ko abenduaren 25ean jaio zen, Londresen, familia metodista batean. Zazpi ahizpatatik seigarrena izan zen, eta hamabi neska-mutileko seme-alaba multzo baten barruan iritsi zen helduarora. Gainerako ahizpak bezalaxe, zorrotz hezi zuten, eta zientzien arloko hezkuntza arretatsuagatik ospetsua zen neskentzako eskola batera joan zen, Notting Hill High School-era.
1. irudia: Frances Wood kimikaria eta estatistika medikoa. (Iturria: Mujeres Con Ciencia)Bost ahizpak, Frances barne hartuta, goi mailako ikasketak egin, eta unibertsitateko graduak eskuratu zituzten. Haien artean, Harriette Chick (1875-1977) nutrizionista aintzatetsia zegoen.
Francesek Londresko University College-n ikasi zuen, eta, 1908an, graduatu zen Kimikan, ohorezko aipamena jasota. Urte hartan bertan, ikertzaile kimiko gisa lanpostu bat lortu zuen Medikuntza Prebentiboko Lister Institutuan, non Harriette ahizpa dagoeneko lanean ari zen.
1910ean, Lister Institutuak Major Greenwood (1880-1949) epidemiologo eta estatistikaria kontratatu zuen, erakundean Estatistika Saila inauguratzeko. Frances mediku hark emandako zenbait hitzalditara joan zen, eta, 1911tik aurrera, estatistika medikoan hasi zen lanean, lanaldi osoan. Besteak beste, familien bizi baldintzen eta Lehen Hezkuntzako eskoletako ikasleen garapen mentalaren arteko korrelazioa ikertzen hasi zen. Datuak bildu eta aztertzen hasteko astia baino ez zuen izan. 1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Merkataritza Ganberara bidali zuten. Gero, Munizio Ministeriora lekualdatu zuten, eta 1919ko martxora arte egon zen han. Orduan, haurdun zegoenez, lanpostuari uko egin zion. 1911n, Sydney Wood-ekin ezkondu zen, Hezkuntza Batzordeko ikuskatzaile batekin. 1919ko irailaren amaieran, neskato batez erditu zen, Barbaraz. Frances handik bi astera hil zen, urriaren 12an, zesarea bidez erditu ondoren sortutako septizemia batengatik.
Estatistikari mediko gisa egindako ekarpenakFrances Wooden ibilbide estatistikoa laburra izan zen, baina oso esanguratsua.
1913an, bi artikulu argitaratu zituen, bakarka. Lehenengoan, The course of real wages in London, 1900-12 izenekoan, xehe dokumentatu zuen Merkataritza Ganberak soldatetan, txikizkako prezioetan eta alokairuetan denborarekin izandako aldaketak neurtzeko erabiltzen zituen zenbaki indizeak (garai edo leku desberdinetan magnitude bat edo batzuk konparatzeko erabiltzen den neurri estatistikoa) ez zirela egokiak. Bigarren artikuluan, The construction of index numbers to show changes in the price of the principal articles of food for the working classes izenekoan, aurreko azterlana zabaldu zuen. 1916an berriro heldu zion gaiari, The increase in the cost of food for different classes of society since the outbreak of war argitalpenean. Lan horretan azpimarratu zuenez, klase ertainak elikagaien prezio igoeretara molda zitezkeen, dietaren osaketa edo kalitatea aldatuta, baina langile klaseek ez zuten malgutasun hori. “Argi eta garbi dago azken bi urteetan elikagaietan izandako prezio igoerak horri eusteko ahalmen gutxien duen klaseari eragin diola batik bat”, adierazi zuen ikertzaileak lan horretan.
1914an, hiru artikulu argitaratu zituen, Greenwoodekin batera. Lehenengoa, On changes in the recorded mortality from cancer and their possible interpretation, minbiziaren ondoriozko heriotza tasari buruzkoa zen. Minbizia gorabidean zegoen gaixotasun bat zen susmoari erantzuten saiatu ziren. Ondorioztatu zutenaren arabera, hala zen, gaixotasun horrek gora egin zuen, baina galderak zailtasun metodologikoak planteatzen zituela onartu zuten. Bigarren artikuluan, The relation between the cancer and diabetes death-rates izenekoan, minbiziaren eta diabetesaren ondoriozko heriotza tasak alderatu zituzten, elkarri oso lotuta zeudelako. Hirugarren artikuluan, A study of index correlations izenekoan, heriotza tasen arteko korrelazioaren auzia formalizatu zuten.
2. irudia: Royal Statistical Society elkarteak Frances Wood Memorial Prize saria sortu zuen, arazo ekonomiko eta sozialekin lotutako ikerketa estatistiko onenak saritzeko asmoz. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)1915ean, Frances enpleguaren arloko estatistiken ikertzaile lanetan hasi zen Merkataritza Ganberan, eta bere lanak aitortza handia jaso zuen. 1916ko urrian, Munizio Ministerioaren Estatistika Sail Nagusira joan zen lanera, zeina Greenwooden ardurapean baitzegoen. Ez dakigu zer eginkizun izan zituen zehatz-mehatz, baina badakigu armen eta munizioen kontratuekin lotuta zeudela.
1920an, Woodek (ordurako hilda zegoen), J.W. Brown-ek eta Greenwoodek The fertility of the English middle classes: a statistical study lana argitaratu zuten. Lan horretan, 1915ean hasitako beste bat deskribatu zuten, unibertsitateko hezkuntzak klase ertainaren ugalkortasunean zuen inpaktuari buruzkoa. Emakume unibertsitarioen eta ez unibertsitarioen ugalkortasuna adinarekin eta ezkonduta zeramaten denborarekin lotu zuten datuen taula eta erregresio ekuazio ugarik.
Woodek 1913an eta 1914an bildutako familien bizi baldintzei eta ikasleen garapen mentalari buruzko datuak ere hil ondoren argitaratu ziren, 1923an.
Legatua eta aitortzakFrances Wood estatistikan aitzindaria izan zen emakumeentzat. Lister Institutuaren Estatistika Saila, 1910ean sortua, estatistika medikoaren arloko lehenengo sailtzat jotzen da. Greenwood, Estatistika Saileko zuzendaria, lehenengo estatistikari medikoa izan zen; Frances, berriz, diziplina horretan aritu zen lehenengo emakumea.
1913ko otsailaren 1ean, Royal Statistical Society elkarteko kide egin zuten Wood. Elkarte horren Kontseiluko kideen artean lehenengo emakumea izan zen, baita Batzorde Exekutiboan parte hartu zuen lehenengoa ere.
Britainiar Inperioko Ordena jaso zuen 1917an, eta Ordenako ofizial izendatu zuten 1918an.
1921ean, Royal Statistical Society elkarteak Frances Wood Memorial Prize saria sortu zuen, arazo ekonomiko eta sozialekin lotutako ikerketa estatistiko onenak saritzeko asmoz. 2011n, estatistikariaren omenez Wood domina eratzeko erabili zen sari horren funtsa.
Iturriak:- O’Connor, J.; and Robertson, E. F.; (2017). Frances Chick Wood. Mac Tutor, University of St. Andrews. Mathshistory.st-andrews.ac.uk, 2017ko azaroan
- Cole, Tim; The remarkable life of Frances Wood. Significance Magazine, significancemagazine.com 2017ko urriaren 9an
- Frances Wood, Wikipedia
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroarenren 21ean: Frances Chick Wood, de la química a la estadística médica.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Frances Chick Wood, kimikatik estatistika medikora appeared first on Zientzia Kaiera.
Hizkuntza-sena
Hizkuntza-sena (1994) saiakera klasikoan, Steven Pinker zientzialari kognitibo ezagunak argi kontatzen digu hizkuntzari buruz jakin beharreko guztia: nola funtzionatzen duen, haurrek nola ikasten duten, denboran zehar nola aldatzen den, burmuinak nola prozesatzen duen eta eboluzioan nola garatu zen. Umoreaz, jakinduriaz, eta eguneroko adibide jostagarriak erabiliaz, Pinkerrek hizkuntzari buruzko ikerketa zientifikoak azken hamarraldietan aurkitutako guztia bilbatzen du, ideia nagusi baten inguruan: gizakiok dugun sen berezia da hizkuntza, eboluzioak denboraren ibilian gure garunetan zizelkatu duena.
Irudia: Hizkuntza-sena liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Armiarmek amaraunak egiten dituzten antzera egiten dugu guk hitz, gure biologian sustraiak dituen gaitasun kognitibo horri esker. Chomskyk lehenik aldarrikatutako ideia nagusi hori beste hainbat ikerlarien lanekin pipertsu bilduta aurkezten digu Pinkerrek. Hizkuntza-sena liburuak Amerikako Psikologia-elkartearen William James sari ospetsua jaso zuen, hainbat hizkuntzatara itzulita dago, eta giza hizkuntzari buruzko saiakerarik irakurriena bilakatu da urteen buruan.
Steven Pinker (Montreal 1954) psikologo esperimentala, hizkuntzalaria eta zientzialari kognitibo itzaltsua da. Harvard Unibertsitateko psikologia saileko katedraduna, psikologia ebolutiboaren eta gogoaren teoria konputazionalaren defendatzaile entzutetsua da. Pinkerren ikerketa alor nagusia haurren hizkuntz jabekuntza eta garapena da.
Horretaz gain, zientzia kognitiboa ezagutarazteko hainbat liburu ezagunen egilea da. Eskuartean duzun Hizkuntza-sena eman zuen argitara lehenik, eta liburu horrek izandako arrakasta itzelaren ondotik, beste batzuk eman zituen argitara, besteak beste, How the Mind Works (1997), Words and Rules (2000), The Blank Slate (2002), and The Stuff of Thought (2007). Pinkerren liburuek hainbat sari eta aipamen jaso dituzte, eta zientzia zabalkundearen alorrean irakurrienetakoen artean daude.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Hizkuntza-sena
- Egilea: Pinker, Steven
- Itzultzailea: Garikoitz Knörr
- ISBN: 978-84-9860-423-8
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2010
- Orrialdeak: 512 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Hizkuntza-sena
The post Hizkuntza-sena appeared first on Zientzia Kaiera.
Taldeka bizi diren ugaztun espezieek bizitza luzeagoa dute
Mila bat ugaztun espezieren bizimodua eta bizitza luzera alderatu ditu ikertzaile talde batek. Ondorioztatu dute bi faktore horien arteko korrelazioa dagoela.
Noizean behin ematen den egoera bitxia seguruenera bizi izandakoa zara: norbait aharrausi egiten hasi, eta, aparteko arrazoirik gabe, gainerako guztiak berdin hasten dira, aharrausika. Nonbait, fenomeno hori kontagiatu egiten da, irria bezala. Inork ez daki zehazki zein izan daitekeen horren arrazoia, eta are gutxiago imintzio hori kutsatzearena. Baina gaia ikertu dutenek uste dute taldearen koordinazioan funtzioren bat betetzen duela.
Zorionekoa zu, hau irakurtzen ari den irakurle maitea, negozio eskola hoberenetan ere emango ez dizuten aholku bat jasoko duzulako hemen: bilera luze horietako batean plan estrategiko sakonaren bat lantzen ari denean, aharrausi bat eskapatzen bazaizu, eta nagusiaren aldetik begirada hiltzaileren bat jasotzen baduzu, baduzu aterabidea. Seriotasunari heldu eta esan talde lana indartzeko estrategia dela. Estrategia baten parte dela. Coaching, mentoring eta horrelako gauza xelebreak lantzen dituen aditu ospetsu baten gomendioei jarraiki ari zarela.
Ez horregatik.
1. irudia: ia mila espezie aztertu dituzte. Beste askoren artean, Afrikako elefantea (Loxodonta africana) —65 urtera arte bizi dena, ikerketan erantzi duten material osagarriaren arabera—. (Argazkia: Richard Jacobs. Iturria: Unsplash)Hori ez da izango, ba, taldeka jardutearen abantaila bakarra. Bizitza luzeagoa izan omen daiteke ere, espeziearen ikuspuntu ebolutibotik ikusita bederen. Ikertzaile talde batek argitu nahi izan du aspaldiko susmo hori datuetan oinarritu ote daitekeen. Aztertu dute ugaztunen artean bizitza luzerak harremanik ote duen taldeka bizitzearekin. Baiezkoan dira.
Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean diotenez, oro har, taldeka bizi diren ugaztunek bizitza luzeagoa dute, bakarka edo bikoteka bizi direnekin alderatuz.
Gaiari bi bidetatik heldu diote. Batetik, gaiaren bueltan egin diren aurreko ikerketak berraztertu dituzte. Horietan abiatuta, ugaztun espeziak bizitza luzeraren eta bizimoduaren arabera sailkatu dituzte. Orotara, 974 ugaztun espezie aintzat hartu dituzte. Bizimoduari dagokionez, hiru kategoria nagusitan banatu dituzte: bakardadean, bikoteka edo taldeka bizi diren espezieak. Espezie horietan ohikoena den bizimoduari heldu diote, jakina baita bizitzaren fase desberdinetan jokabide bat baino gehiago tartekatu daitezkeela. Horretan oinarrituta, aldagai horien arteko korrelazioak bilatzeri ekin diote, eta hainbat eredu estatistiko erabili dituzte horretarako. Ziurtatu dute lotura hori babesteko moduan daudela.
Funtsean, konparaketa filogenetikoak egin dituzte, espezie desberdinen artean dauden ahaidetasun harremanak aztertuz. Espezie bakoitzaren gorputzaren masa, sozializazioa, bizimodua, faktore ekologikoak, bizitzaren ezaugarriak eta harreman filogenetikoak aintzat hartu dituzte.
Korrelazioa proposatze hutsetik harago, bigarren helduleku bati ere eutsi diote: bizitza luzeraren eta antolaketa sozialaren arteko erlazioan eragina izan ahal duten mekanismo molekularrak arakatzeari ekin diote. Oraingo honetarako, 94 espezieren garun laginak aztertu dituzte, beren RNAak aztertuta —transkriptoma deritzona—. Arakatze horren ondorioz, bizitza luzerari zein bizitza sozialari lotuta dauden 31 gene, hormona eta immunitateari lotutako beste zenbait aldagai aurkitu dituztela iragarri dute.
Egileek diotenez, bai immunitatea zein hormonak garrantzitsuak dira bizitza luzera zein antolaketa soziala arautzerakoan. Onartu dute, halere, oraindik ez dutela argi zeintzuk diren horren atzean dauden mekanismo molekular zehatzak, baina espero dute etorkizunean horretan sakondu ahal izatea.
2. irudia: espezie guztiak ez datoz bat joera orokorrarekin. Kasurako, Sumatrako orangutana: bakarka bizi ohi da, baina 59 urtera arte bizi daiteke. (Argazkia: Miljuner – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)Talde handietan, gainera, immunitate indartsua edukitzea bereziki garrantzitsua da, jakina delako kontzentrazio handietan aiseago zabaltzen direla parasito zein patogenoak. Zer esanik ez, taldeetan bizi ahal izateko hormona egokiak izatea nahitaezkoa izan daiteke, taldeen arteko harreman mota desberdinetan loturak arautu aldera.
Ohartarazi dute taldeka jarduteak abantailak eta desabantailak dituela. Abantailei dagokienez, aukera honek harrapakari baten erasoaren ondorioz hiltzea zaildu egiten du, eta janaria eskuratzerakoan ere taldeka aritzeak abantailak izan ditzake. Modu berean, eta urte gutxian kume asko izatearen estrategiaren kontrako norabidean, taldeka aritzeak kumeak modu lasaiagoan hazi eta babesteko bidea ematen du. Babesa izateaz gain, kumeentzat etorkizunean lagungarriak izan daitezkeen abilidade sozialak lantzeko denbora gehiago inbertitu ahal dute gurasoek zein kumeek.
Desabantailei dagokienez, aipatu dute taldean bertan elikagaiak eskuratzeko konpetentzia sortu daitekeela, eta ugalketa ere konplikatu daitekeela, bikotea aukeratzerakoan borrokak sortzen direlako. Aurrekoan aipatu bezala, gaixotasun kutsakorrak aiseago zabaltzen dira ere talde handietan.
Txinako Zientzien Akademiako Zoologia Institutuko ikertzaile Zhou Xuming-ek adierazi duenez, joera orokor honetan badira zenbait salbuespen. Sumatrako orangutanak (Pongo abelii) jarri ditu adibidetzat: horiek normalean bakartiak izan arren, 60 urte baino gehiago bizi daitezke. Gauza bera gertatzen zaie bizitza luzeena izaten duen ugaztunari: Groenlandiako bale (Balaena mysticetus) bakartia 200 urtera arte bizi daiteke. Kontrara Bennetten txintxilla (Abrocoma bennettii) bi eta lau urte artean baino ez dira bizi, taldeka antolatzen diren arren.
Zientzialariek onartu dutenez, espezieen arteko alderaketa egin badute ere, ez dute aztertu espezie barruko norbanakoen artean ere ematen ari ote den proposatu duten korrelazio hau. Hots, ez dakite espezie berdinaren barruan banaka, bikoteka ala taldeka bizitzearen eta bizitza luzeraren arteko loturarik ote dagoen.
Erreferentzia bibliografikoa:Pingfen, Zhu; Xuming, Zhou, et al. (2023) Correlated evolution of social organization and lifespan in mammals. Nature Communications. DOI: 10.1038/s41467-023-35869-7
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Taldeka bizi diren ugaztun espezieek bizitza luzeagoa dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Ilegorriak
“Ez nuen uste iragarki harengatik bakarrik etorri zirenak bezainbeste ilegorri zeudenik herrialdean. Ñabardura guztietakoak zeuden: lasto kolorekoak, limoi, laranja edo adreilu kolorekoak, setter txakurraren kolorekoak, gibel kolorekoak, buztin kolorekoak… baina ez benetako su gorriaren tonalitatea zuten asko”.
Sir Arthur Conan Doyle, The Red-Headed League, 1891.
“Txikia zenean jazarpena jasan zuen oreztaz beteriko bere azalagatik, bere ile gorriagatik, atzerritarra izateagatik eta alemanez gaizki hitz egiteagatik”.
Gianni Infantino, FIFAko presidentea Qatarreko Munduko Futbol Txapelketan, 2022an.
Beatriz de Verak orain arte ilegorriei buruz dakigunaren laburpen bat argitaratu zuen SiNC agentziaren webgunean. Lehenik eta behin, argitu behar da Sir Arthur Conan Doyle zur eta lur utzi zuten ilegorriak asko izan arren (Gianni Infantinoren adierazpenei buruz ez dut ezertxo ere esango), munduko biztanle guztien % 1 eta % 2 artean baino ez direla. Gene bakar baten (MC1R) aldaerek eragiten dute ilearen kolore gorria. Gene horren zazpi aldaera antzeman dira, eta horiei beste 50-70 gene gehituta, gene horiek larruazalaren pigmentazioa eragiten dute, melanozito izeneko larruazaleko zelula espezializatuetan melanina pigmentuaren sintesia gertatzen denean.
1. irudia: munduko biztanle guztien % 1 eta % 2a baino ez dira ilegorriak. (Argazkia: Erik Mclean – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)UPV/EHUko Saioa Lópezek eta bere taldekideek beren berrikuspenean diotenez, MC1R geneak proteina bat kodetzen du, eta hark melanokortina izeneko hormonaren hartzaile gisa jarduten du, hipofisian sintetizatzen dena. Hartzaile hori melanozitoen mintzean dago, hau da, melanina pigmentua sintetizatzen duten larruazaleko zeluletan. Melanokortinak hartzailearekin bat egiten duenean, zelularen barruan izugarri handitzen da pigmentuaren sintesia. MC1R genea mutatuta badago –gogoratu zazpi aldaera aurkitu direla–, hartzailea aldatu egiten da eta, batzuetan, ez agertzea ere gerta liteke; orduan, zelulak ez du mezua jasotzen eta pigmentua ez da sintetizatzen. Horrek larruazal argia sorrarazten du, melaninarik gabea edo melanina gutxikoa; batzuetan, ile gorria ere sor dezake eta, MC1R genearen mutazioaren arabera, ilehoriaren tonalitate desberdinak.
MC1Rk ohi bezala funtzionatzen duenean, eumelanina pigmentua sintetizatzen da, larruazalari kolore iluna ematen diona. MC1R mutatu egiten denean eta ohi bezala funtzionatzen ez duenean, feomelanina pigmentua sintetizatzen da, kolore gorrikoa. Eta, horrela, ilegorriek ile gorria dute, eta orbanak edo oreztak larruazalean; era berean, eguzkipean erretzeko joera handiagoa dute, ez dutelako eumelaninaren babesa.
Mutazio horiek gure espeziean noiz agertu ziren ez dago ziurtasunez datatuta. Neandertalen garaian bazeuden gene horren aldaera batzuk, eta neandertalak duela 500.000 urtetik bizi izan ziren, duela 40.000 urte desagertu ziren arte. Bartzelonako Unibertsitateko Carlos Lalueza-Foxen taldeak duela urte batzuk argitaratu zuenez, neandertalek bazuten MC1R genearen mutazio bat, gure espeziean aurkitu ez dena. Baina egileek proposatzen dutenez, mutazio horrek antzeko aldaketa bat eragingo luke larruazalaren kolorean eta, beraz, neandertal batzuk ilegorriak izango lirateke.
Hipotesirik onartuena da mutazio horiek larruazala argitzen dutelako hautatu zirela, eta, horrela, Homo generoko espezieek, eta horien artean gureak, Eurasia iparraldea kolonizatu ahal izan zutela. Eskualde horietan eguzki ordu gutxiagoa izaten dira eta, beraz, ordu horiek hobeto aprobetxatu behar dira D bitaminaren sintesirako; izan ere, bitamina hori funtsezkoa da kaltzioaren metabolismorako eta hezurren funtzionamendu egokirako. Larruazal argia izateak eguzki argi gehiago xurgatzen laguntzen du, baita D bitaminaren sintesi handiagoa egiten ere (larruazal pigmentatuekin alderatuta). Horregatik, ilegorri gehienak Irlandan, Eskozian, Ingalaterran, Holandan, Alemaniako iparraldean, Islandian eta Norvegian daude.
MC1R genea eragiten du ilearen kolore gorria eta genearen mutazioaren arabera, ilehoriaren tonalitate desberdinak eragiten du. (Argazkia: Nathan Dumlao – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)Giza espeziearen ohiko mugikortasunaren eraginez, MC1R genearen mutazioak Eurasia iparraldetik hedatu dira. Bestalde, larruazal argia iparraldean zabaldu izanaren ondorioz, eskualde horretan bizi diren larruazal iluneko haurrek D bitamina duten elikadura osagarriak hartzen dituzte modu orekatuan hazten direla ziurtatzeko, hala nola Ingalaterran, Norvegian eta Suedian.
UPV/EHUko (Leioa) Santos Alonsok eta bere taldekideek MC1R genea Europako hegoaldean nola banatuta dagoen aztertu dute. Espainiako 1.217 gizabanakotan sekuentziatu zuten genea, 21 biztanleko laginak eginda, horietako bat Kanarietan. Egileek ondorioztatu dutenez, geneari eragiten dioten bi indar ebolutibo nabarmentzen dira. Alde batetik, genearen antzinako eraketa mantentzeko joera dute, ohikoena Afrikan, eta, horretarako, agertzen diren mutazioak ezabatzen dira. Bestalde, mutazioetako bat, V60L, espero baino maiztasun handiagoarekin agertzen da; huraxe da larruazal argia eta ile horia edo gorria sorrarazten duena. Erradiazio ultramore gutxien duten penintsulako iparraldeko biztanleen artean agertzen da batez ere.
Gure espeziearen mugikortasunak larruazalaren mutazioak eraman zituen Eurasia iparraldera, eta mutazioak horrexegatik iritsi dira eguzki gehien duten herrialdeetara. Aldaketa horren ondorioz, larruazaleko minbizia gara dezakete, baita erasotzaileena ere, melanoma. Larruazaleko pigmentuak eguzki argiaren osagai ultramorearengandik babesten du larruazala; izan ere, larruazala zeharkatuz gero, hark zelulen DNA kaltetu dezake, eta, azkenik, minbizi zelulak ager daitezke.
Egile batzuek baieztatu dutenez (Massachusetts General Hospitaleko Devarati Mitraren taldeak, adibidez), feomelaninaren sintesiak eta presentziak –ilegorrien artean ohikoa den kolore gorriko pigmentua– minbizia garatzeko arriskua eragiten du, jasotako eguzki argi ultramorearen dosia dena dela.
Bide batez, emakumeen hormonek –estrogenoak eta progesteronak, adibidez– melaninaren sintesia eragiten dute. Horrela, bada, emakumeek gizonek baino larruazal ilunagoa dute, baita ilegorrien kasuan ere. Gainera, orbanak dituzte larruazalean, hala nola ilegorrien ohiko oreztak. Eta are gehiago haurdunaldian, une horretan hormona gehiago sortzen direlako, melaninaren sintesia handiagoa delako eta, beraz, beltzaranagoak daudelako, baita neguan ere.
Oraindik badira azalpenik ez duten ilegorrien ezaugarriak, Castellóko Jaume I Unibertsitateko Bárbara Hernandok eta bere taldeak dioten moduan. Ilegorriek minaren atalase baxuagoa dute; odolak denbora gehiago behar du gatzatzeko, eta emakume ilegorriek endometriosa izateko joera handiagoa dute.
Louisvilleko Unibertsitateko Catherine Binkleyren eta bere taldearen ikerketaren arabera, MC1R genearen mutazioak dentistekiko beldur handiagoarekin lotuta daude, beharbada minaren atalase baxuago horregatik; dentistaren kontsultara joateko antsietate handiagoarekin lotuta daude, eta ilegorriek bikoiztu egiten dute hortz azterketak saihesten dituzten pertsonen kopurua, MC1Rn aldaketarik ez duten pertsonekin alderatuta. Are gehiago, ilegorri asko ez dira dentistarengana joaten.
Pittsburgheko Unibertsitateko C.L. Randallen eta bere taldearen azterketaren arabera –817 boluntarioren jarraipena egin zuten, horietatik % 62 emakumeak eta 34,7 urteko batez besteko adinekoak–, MC1R genearen aldaerek eragina dute hortzetako minaren pertzepzioan; era berean, aldaera horien eraginez pertsona horiek minarekiko beldur handiagoa garatzen dute, eta horrek areagotu egiten du hortz tratamenduekiko beldurra.
Anestesian adituak direnek ere gauza bera uste dute, beren artean partekatzen dituzten bitxikerietan oinarrituz, hau da, paziente ilegorriek beste kolore bateko ilea dutenek baino anestesia gehiago behar dutela. Louisvilleko Unibertsitateko (Kentucky) Edwin Liernek eta bere taldekideek 18 eta 40 urte bitarteko 20 emakumerekin egin zituzten saioak; horietatik 10 ilegorriak ziren, eta gainerakoak ile ilunekoak. Mina dermis barneko deskarga elektriko txikiek eragiten zuten, eta anestesia dosi desberdinekin ezabatzen zen.
Emaitzek erakutsi zutenez, emakume ilegorriek % 19 anestesia gehiago behar zuten minik ez sentitzeko. Egileek ez dute aurkitu ile gorria duten pertsonen minarekiko sentsibilitate desberdin horren azalpen argirik.
Erreferentzia bibliografikoak:Binkley, C.J. et al. (2009). Genetic variations associated with red hair color and fear dental pain, anxiety regarding, dental care and avoidance of dental care. Journal of American Dental Association 140, 896-905. DOI: 10.14219/jada.archive.2009.0283
Hernando, B. et al. (2016). Sex and MC1R variants in human pigmentation: Differences in tanning ability and sensitivity to sunlight between sexes. Journal of Dermatological Science. DOI: 10.1016/j.jdermsci.2016.09.004
Lalueza-Fox, C. et al. (2007). A Melanocortin 1 Receptor allele suggests varying pigmentation among Neanderthals. Science 318, 1453-1455. DOI: 10.1126/science.1147417
Liern, E.B. et al. (2004). Anesthetic requirement is increased in redheads. Anesthesiology 101, 279-283. DOI: 10.1097/00000542-200408000-00006
Martínez-Cadenas, C. et al. (2013). Simultaneous purifying selection on the ancestral MC1R allele and positive selection on the melanoma-risk allele V60L in South Europeans. Molecular Biology and Evolution 30, 2654-2665. DOI: 10.1093/molbev/mst158
Mitra, D. et al. (2012). An ultraviolet radiation independent pathway in melanoma carcinogenesis in the red hair/fair skin background. Nature. DOI: 10.1038/nature11624
Randall, C.L. et al. (2016). Fear of pain mediates the association between MC1R genotype and dental fear. Journal of Dental Research 95, 1132-1137. DOI: 10.1177/002203451666115
Robles Espinoza, C.D. et al. (2015). Germline MC1R status influences somatic mutation burden in melanoma. Nature Communications. DOI: 10.1038/ncomms12064
López, S. et al. (2012). Evolution of human skin pigmentation. Genetic factors underlying variability and association with eye and hair color. Revista Española de Antropología Física 33, 7-19. dialnet.unirioja.es
Vera, B. de. (2016). La ciencia de los pelirrojos. SiNC. 2017ko azaroaren 17an.
Egileaz:Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
The post Ilegorriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kargaren eragina mendiko erreskateetan
Aitor Pinedo Jauregik mendiko erreskatatzaile profesionalen gaineko doktore-tesia defendatu zuen, helburutzat harturik deskribatzea zer-nolako eragina duen motxilaren kargak errendimendu fisikoan lana egin behar dutenean. Horretarako, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko erreskatatzaileen laguntza izan zuen.
Mendiko kirolak gehien praktikatzen diren diziplinetakoak dira. Zehazki, lehena da Espainian, 2022an egindako kirol-ohiturei buruzko azken inkestaren arabera, eta bosgarrena Euskal Herrian. Gainera, Espainiako Mendiko Kiroleko eta Eskaladako Federazioa (FEDME) laugarren postuan dago lizentzia-kopuru osoa kontuan hartuz gero.
EAEko istripuei buruzko azken datuen arabera, mendiko erreskateen kopurua handitu egin da azken hamarkadetan. Hala, 2021ean, mendiko atalak 620 aldiz lan egin behar izan zuen; 570 erreskate eta 50 bilaketa egin zituzten. Natura-inguruneetan kirola egitean gertatzen diren istripuetan, istripua izan duen pertsona bere kabuz edo lagunen baten laguntzaz mugitu ezin bada, erreskatea egin behar izaten da, eta, normalean, mendiko erreskateetan espezializatutako taldeek egiten dituzte halakoak.
Irudia: mendiko erreskateetan materiala garraiatzearen beharrak eragina izan dezake erreskatisten errendimendu fisikoan eta jardunaren arrakastan. (Argazkia: Simon – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)Istripuaren tipologiaren eta hara iristeko bidearen arabera, erreskatea egiteko materiala garraiatu behar izaten dute erreskatatzaileek, eta horrek eragina izan dezake haien errendimendu fisikoan eta jardunaren arrakastan, baita kanpoko beste faktore batzuek ere (altitudea, malda, motxila baten masa, meteorologia, etab.). Faktore horiek eta erreskate batzuen arrisku-egoerek eragina dute erreskatatzaileen errendimendu fisikoan, eta haien segurtasuna ere arriskuan jartzen dute.
“Mendiko erreskate-taldeen jarduera eliteko kirolarien taldeen jardueraren antzekoa izan liteke, bi taldeen errendimendu fisikoa funtsezkoa baita azkenean arrakasta izateko. Beraz, beharrezkoa da erreskatatzaileen errendimendu fisikoa zer-nolakoa den jakitea, baita haien errendimenduari eragiten dioten erreskateen ezaugarriak ere”, adierazi du ikertzaileak.
Tesiaren ondorioakEgindako ikerketaren ondoren, Aitor Pinedok ondorioztatu du ezen, literatura zientifikoan, ezaugarri desberdinetako protokoloak erabiltzen direla eta horrek izugarri zailtzen duela gaiari buruzko azterketak bata bestearekin konparatzea. Bestalde, frogatuta geratu da bizkar-zorroaren masak eta maldak eragin gehigarria dutela aztertutako aldagai fisiologikoetan eta pertzepziozkoetan.
Horregatik, mendiko erreskatatzaileek beren gorputz-masaren % 20ko edo gehiagoko kargak ez eramatea gomendatzen du. “Atalase horretatik beherako kargak garraiatzeak aukera ematen die % 20rainoko inklinazioko maldetan ibiltzeko errendimendu fisikoaren galera handirik gabe. Erreskate-taldeek alderdi hori kontuan hartu ahal izango dute jarduera-protokoloak diseinatzeko edo aldatzeko orduan”, zehaztu du Pinedok.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko laborategian egindako neurketetarako, Stryd gailua erabili zen; oinaren azelerazioak eta dezelerazioak monitorizatzen ditu korrika egitean, eta, nolabait, unean uneko potentzia mekanikoa zenbatesten du. Gainera, gailua gai da espazio- eta denbora-parametroak monitorizatzeko, hala nola kadentzia. Potentziak, ariketaren intentsitatearekin lotuta dagoenez, potentziaren arabera entrenatzeko aukera ematen du, eta horrek esan nahi du jardueran egiten den esfortzua aztertu eta kontrolatu daitekeela. “Frogatuta geratu da, laborategian egindako ikerketa zientifikoetan, Stryd gailua martxako urrats-kadentzia neurtzeko erabil daitekeela, inklinazio positibo eta motxila-masa desberdinak baliatuz. Horrek, gainera, kostu ekonomikoa murriztu dezake korri egiteko zintetan martxa aztertzeko gailuak erostean”, esan du.
Ikerketa-ildo berri hori aplika dakieke lanean motrizitatea funtsezko duten beste larrialdi-talde batzuei ere, hala nola mendiko erreskate-taldeei edo suhiltzaileei. Talde horien lana errendimendu handiko ikuspegitik aztertu beharko litzateke, hala nola eliteko kirolarien ikuspegitik.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Kargaren eragina mendiko erreskateetan
Erreferentzia bibliografikoa:Pinedo-Jauregi, A.; Mejuto Hidalgo, G.; Bentley, D. J.; Grimshaw, P.; Cámara Tobalina, J. (2021). Protocols used to determine the influence of backpack load on physiological variables Systematic review. International Journal of Industrial Ergonomics, 86, 103227. DOI: 10.1016/j.ergon.2021.103227
Pinedo-Jauregi, A.; Quinn, T.; Coca, A.; Mejuto, G.; Cámara, J. (2022). Physiological stress in flat and uphill walking with different backpack loads in professional mountain rescue crews. Applied Ergonomics, 103, 103784. DOI: 10.1016/j.apergo.2022.103784
Pinedo-Jauregi, A.; Garcia-Tabar, I.; Carrier, B.; Navalta, J. W.; Cámara, J. (2022) Reliability and validity of the Stryd Power Meter during different walking conditions. Gait & Posture, 92, 277-283. DOI: 10.1016/j.gaitpost.2021.11.041
The post Kargaren eragina mendiko erreskateetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #427
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianIngeniaritza Informatikoan doktore eta Deustuko Unibertsitatean irakasle den Mari Luz Guenagak emakumeei alor hori erakargarri egiteko lanean dihardu. Otsailak 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela ospatzeko, Guenaga Emakumeak Zientzian egitasmoaren koordinazio lanetan ibiliko da otsailaren 8tik 17ra. Guenagaren ustetan, jarduera zientifiko-teknikoa gizonezkoen kontua delako ustea zabaldurik dago oraindik, gehienbat lan teknikoetan. Informatikan, adibidez, urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua. Azaldu duenez, arazoa konplexua da, eta arrazoi asko daude atzean. Beraz, ekintzak arlo askotan egin behar dira. Informazio gehiago Berrian: «Informatikan urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua».
ArgitalpenakGodfrey Harold Hardyk Matematikari baten apologia liburuan matematikaren erabilgarritasuna dihardu. Oinarrizko zientzian bezala, matematikan ere, ikertzaileak ez du izaten aurretik esaterik zertan izango den baliagarri berak bilatzen duen hori gizartearen ikuspegitik. Aplikazioak gero datoz, etortzekotan. Godfrey Harold Hardy (Cranleigh 1877 – Cambridge 1947) ingeles matematikari gailena, zenbaki-teoriaren eta analisi matematikoaren alorrean egindako ekarpenengatik ezaguna da. Liburu hori buruzko informazioa Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
MedikuntzaHeriotzatik gertuko esperientziak izan dituztenek ziurtatzen dute gauzak ikusi eta entzun ahal izan zituztela hilzorian zeudenean. Gaur egun ez dugu ondo ezagutzen momentu horretan garunak nola jarduten duen, baina 2014tik azterketa kliniko bat martxan dago fenomeno honi buruzko erantzunak eskuratzeko. Orain arte planteatu duten hipotesiaren arabera, bihotz geldialdi batean heriotzatik gertuko esperientziak izan dituzten pazienteek garunera odol fluxu hobea izango lukete bihotz geldialdian, eta horrek adimenaren kontzientzia eta jarduera eragingo lituzke. 2022ko azaroaren 6an saio zientifiko batzuk egin zituzten Chicagon, eta ikusi zuten bihotz geldialdian dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin motek ere. Ikerketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek?
Otsailaren 4a minbiziaz kontzientzia hartzeko eguna izan da, eta horren harira, Ana Zubiaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta genetikan katedraduna elkarrizketatu du Berriak. Zubilagaren ikerketak minbiziaren hilkortasuna murriztea du helburu, eta horretarako, tumore-zelulek behar dituzten proteina anormaletara bideratzen da tratamendua. Tumore-zelulek proteina hauek behar dituzte hazi eta ugaltzeko. Terapia horrek kimioterapia ordezkatzen du, eta ez da hain inbaditzailea, askoz ere zuzenduagoa baitago tumore zeluletara. Alabaina, Zubilagaren ustetan, terapia zuzenduez gain, diagnostiko goiztiarrean eta txertoetan lan egin beharra ikusten du, gaixoen biziraupena hobetuko bada. Datuak Berrian: «Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara».
GenetikaProposatu da otiek eta landare-zorriek itxura-plastikotasuna izatea abantaila ebolutiboa izan dela. Izan ere, jakina da, inguruan duten indibiduoen kopuruaren arabera, itxura bat edo beste izango dutela landare-zorriek, eta, otien kasuan, gorputz-kolorea edota jokabidea aldatuko dute. Hala, aztertu egin dira dentsitatearen araberako itxura-plastikotasun honen jatorrian dauden mekanismo biologikoak eta geneak. Ondorioen arabera, ikusi egin da hainbat generen funtzionamendua ezberdina dela isolatuta ala dentsitate altuetan dauden intsektu hauetan, eta horrek eragina izan dezakeela intsektu horiek duten itxura-plastikotasunean eta portaeran. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean.
IngurumenaAzpiegitura berdeak sortzeak inguruko etxebizitzen prezioa garestitu dezake, eta, hala, goi klaseko bizilagunek ordezka ditzakete langile klasekoak. Prozesuari “gentrifikazio berdea” deritzo, eta jada gertatu da munduko hiri batzuetan. Isabelle Anguelovski ikertzailearen arabera, azpiegitura berdeak sortzeko programetako asko historikoki grisagoak izan diren auzoetan garatu dira, eta eremua biziberritzean, etxebizitzak garestitu eta segregazioa gertatzen da. AEBetako, Kanadako eta Europako 28 hiri aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute haietako hamazazpitan azpiegitura berdeek nolabaiteko eragina izan dutela gentrifikazioan. Beste 11 hiritan ordea, azpiegitura berdeek ez dute eraginik izan, Valentzian, kasurako. Azalpenak Berrian: Eremu berdeetatik egotziak.
Energiarako ikatzaren kontsumoa behar adina murriztea zaila dute mendekotasun handia duten herrialdeek, Nature Climate Change aldizkarian argitaratu berri duten azterketa batean kalkulatu dutenez . IPCC-ren arabera, ikatzaren erabilera % 73 murriztu beharko litzateke 2030erako, berotze-globala 1,5 °C-ra mugatzeko helburua betetzeko. Txina, India eta Hego Afrika bezalako herrialdeek, alabaina, ikatzarekiko mendekotasun handia dute, eta horrek esan nahi du inoiz herrialde batean energia-iturrietan lortu den murrizketa azkarrena baino bi aldiz azkarrago murriztu beharko luketela. Datuak Elhuyar aldizkarian.
David Montoya BC3ko Ikerbasque ikertzaileak mikroplastikoen inguruan idatzi du Berrian. Petrolioaren eratorrietatik sortutako neurri txikiko (bost milimetro baino txikiagoak) partikula sintetikoak dira mikroplastikoak. Mota askotakoak daude, eta bakoitzak ezaugarri fisiko-kimiko ezberdinak ditu (polietilenoa, polipropilenoa, poliestirenoa, adibidez), baina mikroplastikoek bi ezaugarri nagusi dituzte: nonahi daude, eta denbora luzez irauten dute. Ondorioz, mikroplastikoen kutsadura gure ingurunearen zati integrala bihurtu da. Mikroplastikoak aldaketa globalaren faktore gisa tratatuak izaten hasi dira jada, eta haien inguruko gaur egungo ikerketa aldatzen ari da, ikuspegi ekotoxikologikotik, ikuspegi ekosistemiko osoago batera. Informazio gehiago Berrian: Ba al dakigu zer diren mikroplastikoak?
BiologiaTaldean bizi diren ugaztunak bakartiak baino luzeago bizi dira. Hala ondorioztatu du Pekingo ekologia eta kontserbazioko ikerketa-zentro batek, ia mila animalia baino gehiago aztertuta. Antzeko neurria eta pisua zituzten animalien bizi-luzerak alderatu zituzten, eta kontuan izan zuten ea komunitatean ala bakarrik bizi ziren. Horrela, ikusi dute erlazio zuzena dagoela bi aldagai horien artean. Fenomeno honen adibidea dira Blarina brevicauda satitsua eta ferra-saguzar handia. Neurri eta pisu antzekoa izanik, satitsuaren bizi-itxaropena bi urtekoa da, eta saguzarrarena 30 urtekoa izatea irits daiteke. Ikertzaileek oraindik ez dituzte mekanismo molekularrak argitu, baina badirudi taldean bizitzea lagungarria dela inguruneko egoera zailak gainditzeko eta estresa apaltzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaUPV/EHUko Lindy Lab Language in Neurodiversity ikerketa-taldearen azterlan batek kamuflajearen ikuspegi integratzaileagoa eskaini du espektro autista osoan. Kamuflajea zera da, trastorno hau jasaten duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa. Gaur egun, testen edota galdetegien bidez detektatzen da kamuflajea, baina kanpoan uzten dituzte espektroan dauden pertsona asko; adibidez, inkontzienteki kamuflatzen direnak, adimen- eta/edo hizkuntza-urritasunak dituztenak eta abar. Ikerketa-talde honek informazioa triangulatzea proposatzen du, hau da, kamuflajearen fenomenoa behatzea baina inplikatutako pertsonari zuzenean galdetu gabe. Honela, gaur egun azterketatik kanpo geratzen diren taldeetara zabaltzea espero dute. Datuak Zientzia Kaieran: Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan.
Gazteen artean sare sozialen erabilerak eta horiek buru osasunean duten eragina izan zuen hizketagai Telmo Lazkanok otsailaren 6an Gasteizen, Floridako kultur etxean. Gai horrekin kezkatuta, Lazkanok egitasmo berritzaile bat jarri zuen abian Donostiako Peñaflorida ikastetxean. Astebete mugikorrik gabe egon ziren 15 eta 16 urte bitarteko ikasleak, eta esperientzia hartan jasotakoak eta alor horretan ikasitakoak azaldu zituen hitzaldian. Ikasleek eguneroko bat idatzi behar izan zuten mugikorrik gabe nola sentitzen ziren kontatuz. Lehenengo hiru egunetan dependentzia sintoma argiak agertu ziren gehienetan, baina hurrengo egunetan askatasun hitza askotan errepikatzen zuten ikasleek. Emaitzak ikusitik, Lazkanok ez du uste sare sozialak berez txarrak direnik, baizik bere erabilera direla gakoa. Berri honen inguruko informazio gehiago Alea aldizkarian aurkitu daiteke: “Mugikorraren erabilera egokirako formazioa behar da”.
AntropologiaLezetxikin neandertalak oso berandura arte bizi izan zirela baieztatu du Bordeleko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Kobazulo horretan Jose Migel Barandiaranek aurkitutako bi hagin aztertu dituzte berriro gaur egungo teknikak erabilita, eta baieztatu dute neandertal gazteenen artean daudela. Zehazki, 32000-57000 urte dituztela kalkulatu dute. Alabaina, ezin dituzte haginak zuzenean datatu, horretarako suntsitu beharko lituzketelako, eta, ez dute ondare hori galdu nahi. Beraz, kronologia gehiago fintzeko, geruza berean aurkitutako animalia-fosilak topatu beharko lituztekete, haiek bai zuzenean datatzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
TeknologiaIrati Prol Godoyk Energia Berriztagarrien ingeniaritza ikasi zuen UPV/EHUn, eta gaur egun, EHUko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldean ari da doktorego-tesia egiten. Zehazki, eraikinetako sistema termikoen eraginkortasuna ikertzen ari da Prol. Sistema termikoak dira, besteak beste, berokuntza, ur bero sanitarioa eta hozte-sistemak. Arazoa da sistema hauen eraginkortasuna batzuetan ez dela behar besteko eraginkorra, eta beraz garrantzitsua da instalazioetan mantentze-lan eraginkorrak egitea. Honen harira, Prolek eraikinetako sistema termikoa optimizatzeko Termoekonomia eta Adimen Artifiziala konbinatuko dituen teknikak proposatu ditu bere tesian. Teknika horrekin instalazioen mantentze-lanetarako tresna erabilgarri bat sortzea du helburu. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Irati Prol: “Eraikinen instalazio termikoetan mantentze-lan eraginkorrak egitea garrantzitsua da”.
Teknologiaren sorrera Paranthropus generoarekin lotuta egon litekeela iradoki dute. Nyayangan (Kenia) eginiko azken aurkikuntzek ondorioztatu dute Olduvai aldiko teknologia uste baino lehenagokoa zela eta uste baino zabalduago zegoela. Paranthropus generoko homininoen aztarnak topatu dituzte harrizko tresna batzuekin batera, eta iradoki dute litekeena dela haiek erabili izana tresna horiek. Orain arte, Olduvai aldiko tresna zaharrenak, duela 2,6 milioi urte ingurukoak, Etiopiako Afar Triangeluan aurkitutakoak ziren. Nyayangan aurkitutako tresnak, berriz, 3-2,6 milioi urtekoak direla kalkulatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Olduvai aldiko teknologia uste baino hedatuago zegoen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #427 appeared first on Zientzia Kaiera.
Generoa, identitatea eta estereotipoak zientziaren eta teknologiaren komunikazioan
Hazten doazen heinean, haurrek gero eta hobeto ulertzen dute bizi diren gizarte ingurunea, eta, aldi berean, beren nortasunaren zentzua garatzen dute, batez ere, haiek batzen eta besteetatik bereizten dituzten ezaugarriei dagokionez. Talde bateko kide izateak asko baldintzatzen ditu gizarte errealitatearen ulermena eta nortasunaren garapena.
Taldearen ezaugarri batzuk oinarri objektiborik gabeko estereotipoak dira edo horietatik eratorriak dira. Bestalde, estereotipoetan sinesteak egin daitekeenari eta egin ezin denari buruz espero dena baldintzatu dezakeenez, talde bateko kide izateak eta horrek ematen duen identitateak kasu askotan baldintzatzen dute espero den hori. Estereotipoek, hala, autopertzepzio akademikoak eratzen dituzte, baita zenbait ikasketa egiteko eta zenbait lanbide betetzeko berezko gaitasunen inguruko usteak eta zenbait ikasketa aukeratzen dituztenen edo egiten ez dutenen taldeko kide izatearen sentimenduari buruzkoak ere.
Generoa, komunikazioa eta estereotipoen transmisioaGarrantzitsua da, beraz, aipatutako estereotipoak non eta nola sortzen diren eta zein eratara transmititzen diren ulertzea. Familia ingurunean mutilek eta neskek bereganatzeak ez du esan nahi berez sortzen direnik. Ez dira naturaz gaindiko errebelazio edo inspirazio baten ondorio. Familiak ez dira jendartetik isolaturik bizi. Estereotipoek kultura izaera dute, eta, hasteko, komunitate zientifikoaren barnean eratu daitezke, nozio berriak sortzeko moduagatik eta, gero, beste eremu batzuetara zabaltzeko moduagatik. Eta familiaren, lagun taldeen, eskolaren eta komunikabideen bidez transmititzen da. Horiek jendartean indarrean dauden eskemak erreproduzitzen dituzte, zabaltzen duten informazioaren, genero ikuspegiari ematen dioten tratamenduaren edo ematen eta proposatzen dituzten irudikapenaren eta irudien bidez. Erreprodukzio horrek estereotipoak transmititu, eta estereotipoekin bat datozen jarduteko modu jakin batzuk finkatzen ditu.
Estereotipoen sorreraz eta transmisioaz gain, garrantzitsua da jakitea nola; hau da, zein mekanismoren bidez zabaltzen den. Seinale sotil ugari daude, eta horien transmisioak arestian aipatu ditudan identitateak eratzen laguntzen du. Esate baterako, hizkuntzak, bere izaera barneratzaileaz edo baztertzaileaz harago –hori da gehien begiratzen duguna edo kontuan hartzen dugun bakarra–, nortasuna taxutzen eta (ustezko) atributuz hornitzen duten gakoak ditu, ondorio garrantzitsuak dituztenak. Irudiak ere ez dira neutroak. Hitzezko hizkuntza eta ikusizko hizkuntza, aurreiritziak eta eredu estereotipatuak modu sotilean transmititu ditzaketen bi komunikazio tresna dira. Esandakoa komunikazioan profesionalki dihardutenentzat garrantzitsua izateaz gain, ikertzaileentzat ere bada, izan ere, askotan, ez dira jabetzen zerbait baieztatzen edo ukatzen denaren denotazio balioa bezain garrantzitsua direla horren konnotazioak. Horrek guztiak eragin erabakigarria du transmititzen den horretan eta, hortaz, zabaltzen eta sustatzen diren balioetan.
Otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldien barruan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa izeneko jardunaldia egin zuen. Orain arte, efemeride hori ospatzeko, bideoak zabaldu ditugu. Horien bidez, arreta erakarri nahi izan dugu, eta nesken eta mutilen arteko desberdintasunei buruz kontzientziatu, zenbait ikasketa zientifiko-teknologikotan sartzeko eta gizonek eta emakumeek karrera zientifikoan aurrera egiteko.
Aurreko bosturtekoan zehar zabaldutako bost bideoen ondoren, jauzi bat egitea erabaki dugu, eta desberdintasun horiei eraginkortasunez aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko modua bilatzea. Hori izan da, hain zuzen ere, jardunaldiaren helburua: datuak ematea, egoera baloratzea eta komunikazio zientifikoaren arloan konponbideak proposatzea. Neska-mutilengan zientziarekiko, matematikarekiko eta teknologiarekiko hainbat joera, jarrera eta gaitasun marrazten dituzten estereotipoen jatorria estereotipook komunitate zientifikoan sortzen eta hedabideen bidez gizarteari helarazten zaizkion moduan datza.
Hedabideek eta komunikazioak berak jendartean indarrean dauden genero eskemak egonkortu ditzakete edo aldaketa piztu dezakete. Aldaketak errealitatearekin bat ez datozen estereotipo eta rol finkatuak alde batera uztea eskatzen du, eta ezagutza eta informazioa komunikatzea, halako eran, non transmisioa koherentea izango baita gizonek eta emakumeek zientziarekin eta teknologiarekin duten harremanean –ikasle edo profesional gisa– duten funtsezko berdintasunaren ideiarekin. Horregatik pentsatu dugu merezi zuela hori guztia aztertzea eta ondorio praktikoak ateratzen saiatzea. Hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan dugu: gogoeta eta ekintzara, hain zuzen ere.
Ez dut amaitu nahi, otsailaren 11 honetan ere, gogora ekarri gabe UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarako urteko egun guztiak direla Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Eguna, eta horren erakusle dugu urteko egun guztietan artikulu bat plazaratzen duen Mujeres con ciencia egitasmoa.
Erreferentzia bibliografikoak:- Angulo, E. (2020). El estereotipo de las mujeres en la ciencia. Mujeres con Ciencia.
- García-Jimenez, L., Torrado-Morales, S., eta Díaz Tomás, J.M. (2022). El rol de la mujer en la ciencia y la docencia en comunicación: análisis a partir de los programas universitarios en España. Revista de comunicación, 21 (2), 91-112. DOI: https://doi.org/10.26441/RC21.2-2022-A5
- Gómez-Escalonilla, Gloria eta Izquierdo-Iranzo, Patricia (2021). Género y comunicacón en revistas y congresos científicos. Comunicación y género, 5 (1), 1-11. DOI: https://doi.org/10.5209/cgen.77148
- Master, A. (2021). Gender Stereotypes Influence Children´s STEM Motivation. Child Dev Perspect, 15, 203-210. DOI: https://doi.org/10.1111/cdep.12424
- Master, A., Cheryan, S., eta Meltzoff, A. N. (2016). Computing whether she belongs: Stereotypes undermine girls’ interest and sense of belonging in computer science. Journal of Educational Psychology, 108, 424– 437. DOI: https://doi.org/10.1037/edu0000061
- Master, A., eta Meltzoff, A. N. (2020). Cultural stereotypes and sense of belonging contribute to gender gaps in STEM. International Journal of Gender, Science, and Technology, 12, 152– 198.
- Master, A., Meltzoff, A. N. eta Cheryan, S. (2021). Gender stereotypes about interests start early and cause gender disparities in computer science and engineering. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118 (48), e2100030118. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2100030118
- Napp, C., Breda, T. (2022). The stereotype that girls lack talent: A worldwide investigation. Science Advances 8 (10). DOI: 10.1126/sciadv.abm3689
Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren argitalpenak:- Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala
- Ez da pertzepzio bat
- Nire alabak ingeniaria izan nahi du
- Nazioarteko egun baterako arrazoiak
- June Almeidaren istorioa
- Apaltasun-araua
The post Generoa, identitatea eta estereotipoak zientziaren eta teknologiaren komunikazioan appeared first on Zientzia Kaiera.
Menopausiaren historia
Eboluzioaren ikuspuntutik, zer zentzu dauka aurretik bizitza luzea duen pertsona osasuntsu batek une zehatz batean ugalkor izateari uzteak? Bai fenomeno bitxia eta misteriotsua menopausia.
George Christopher Williams biologo ebolutiboak, bere ikerketen ondorioz ‘amonaren hipotesia’ sortu zuen. Emakume batek seme-alabak 60 edo 70 urterekin izaten bazituen, haurrak euren kabuz moldatzeko gai izan aurretik hil zitekeen. Aitzitik, bilobak zaintzeaz eta babesteaz arduratzen bazen, haurrek aurrera egiteko aukerak askoz handiagoak ziren. Biziraupen genetiko hutsa.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Menopausiaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Matematikari baten apologia
Zertarako matematika? Galdera horren erantzun guztiz pertsonal baina egoki arrazoitua ematen digu Hardyk Matematikari baten apologia (1940) liburuan. Argitu dezagun ez garela ari hainbestean matematikaren gizarte-erabilerari buruz, baizik eta norbaitek lana eta bizitza matematikari eskaintzeko arrazoiei buruz: zergatik egiten den inor, matematikari, alegia.
Irudia: Matematikari baten apologia liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Zioen azalpen edo apologia horrek, alderdi pertsonalekin batera, orobat hartzen ditu zenbait gai zabal, matematikaren baliagarritasunetik hasi eta haren estetikaraino. Izenburua, kontuz, engainagarri gerta daiteke: Hardy ez da ari iritsi konbentzionalaren aurrean bere langintza justifikatzen, baizik eta, inoren uste nagiari atsegin gertatu zein ez, berak barne sakonean sentitzen dituenak zintzo azaltzen, ironia biziz sarritan: “pertsonen ehuneko bostek edo hamarrek, hor nonbait, zerbait ondo samar egin dezake”.
Hardyren araberako matematikariarentzat, esate baterako, akuilu jatorragoa da goranahia, itxurak itxura, altruismoa baino. Oinarrizko zientzian bezala, matematikan ere, ikertzaileak ez du izaten aurretik esaterik zertan izango den baliagarri berak bilatzen duen hori gizartearen ikuspegitik. Aplikazioak gero datoz, etortzekotan. Benetako matematikaria ez da horretan ari, besterik baita haren ardura: aurkikuntza ederrak egitea. Aurkikuntzok, ospea ospe, artearenak baino hilezkorragoak dira, ez baitaude inolako euskarri materialen mende.
Matematikariak berak azalduko digunaren osagarri, Hardy zen pertsonaia bitxiaren deskripzio maitekor bezain pipertsua ematen digu hitzaurrean C.P. Snow-ek, bi kulturak esapide ospetsua zor zaion zientzialari eta eleberrigileak, hurbileko tratua izan baitzuen harekin.
Godfrey Harold Hardy (Cranleigh 1877 – Cambridge 1947) ingeles matematikari gailena, zenbaki-teoriaren eta analisi matematikoaren alorrean egindako ekarpenengatik ezaguna da. Matematikari ez direnen artean, Matematikari baten apologia liburuak eman dio ospe zabala, gutxik bezala lortu baitu hor jende arruntari azaltzea zer duen matematikari batek buruan bere lanean diharduenean.
Besterik ere zor zaio, hala nola Ramanujan indiar matematikari jenial baina artean landugabea aurkitu eta bere babespean hartu izana. Harekiko lankidetza zeukan Hardyk bere ekarpenik handientzat, eta huraxe egokitu zitzaion, bere hitzetan, “bizialdiko gertakari erromantiko bakarra”. Bestelako zaletasun bat ere izan zuen, kartsua oso, bizi guztian: cricketa.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Matematikari baten apologia
- Egilea: Hardy, Godfrey Harold
- Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
- ISBN: 978-84-9860-424-5
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2010
- Orrialdeak: 156 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Matematikari baten apologia
The post Matematikari baten apologia appeared first on Zientzia Kaiera.
Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean
Nolako ingurunea, halako gene-funtzionamendua. Jakin badakigu hainbat generen funtzionamendua doitzen dela ingurunearen arabera. Adibidez, azaleko zelulek melanina ekoizten dute eguzki-izpien eraginaren ondorioz. Hala, mekanismo biologiko batzuk martxan jarriko dira kanpo-faktoreen arabera, geneen funtzionamenduaren egokitzapenaren ondorioz. Kanpo-faktore horietako bat izango ote da inguruan dagoen indibiduo kopurua?
Jakina da dentsitatearen araberako itxura-plastikotasuna dutela otiek eta landare-zorriek. Inguruan duten indibiduoen kopuruaren arabera, itxura bat edo beste izango dute landare-zorrien hegoek. Otien kasuan, dentsitatearen arabera gorputz-kolore bat edo beste izango dute edo jokabidea aldatuko dute, besteak beste, taldekoiak izatera edo hegan egiteko gaitasuna izatera. Proposatu da otiek eta landare-zorriek itxura-plastikotasuna izatea abantaila ebolutiboa izan dela.
Hala, aztertu egin dira dentsitatearen araberako itxura-plastikotasun honen jatorrian dauden mekanismo biologikoak eta geneak. Otien kasuan, hainbat gene-taldek parte hartzen dutela ondorioztatu da; besteak beste, gazte-hormonaren hartzaileak, oxidazio-estresaren aurreko erantzunean parte hartzen duten geneak eta neurotransmisoreak. Hala ere, ezezaguna da espezie ezberdinetan mekanismo-biologikoak antzekoak ote diren, eta oti, landare-zorri eta matxinsaltoak aztertu ditu ikertzaile talde batek, komunak diren geneak aurkitzeko.
1. irudia: Schistocerca americana matxinsaltoa (Argazkia: Christina Butler – CC-BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Lan berri honetan aztertu egin ziren Schistocerca generoko matxinsaltoen bost espezie, Acyrthosiphon pisum landare-zorri espeziea eta Locusta migratoria oti espeziea. Zehatzago esateko, datu-base publikoetan eskuragarri dauden datuak berraztertu dituzte lan honetan. Hala, espezie bakoitzean eskuragarri zeuden datuen jatorria ezberdina zen, espezie bakoitzean ehun desberdinak aztertu baitziren; besteak beste, burua, toraxa eta garuna. Ehun horietan geneen funtzionamendu maila aztertu zen isolatutako indibiduoetan eta dentsitate altuko inguruneetan zeuden indibiduoetan.
Datu horiek modu berdinean aztertu baziren ere, azterketa doitu egin zen espeziearen arabera: A. pisum landare-zorriaren eta L. migratoria otiaren kasuetan, beren genomaren inguruko informazioa dagoenez, zuzenean eskuratu zen geneei buruzko informazioa; Schistocerca generoko matxinsaltoen kasuan, genomei buruzko informaziorik ez dagoenez, modu ez zuzenean inferitu ziren geneak eta gene horien funtzio biologikoa, beste espezie batzuetan ezagunak diren geneekin duten antzekotasuna oinarri hartuta. Aipatutako prozedura hau ohikoa da genomei buruzko informaziorik ez dagoenean edo geneei buruzko informazioa gutxi dagoenean.
2. irudia: Acyrthosiphon pisum landare-zorria. (Argazkia: Shipher Wu eta Gee-way Lin – CC-BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Lan honen asmoa gene komunak aurkitzea bazen ere, A. pisum landare-zorriaren kasuan ezberdintasun gutxi aurkitu zituzten geneen funtzionamenduan isolatutako eta dentsitate altuko inguruneetako indibiduoen artean. Ikertzaileek iradokitzen dute A. pisum landare-zorrian eskuragarri zeuden datuak helduenak zirela eta beste espezieetan larbarenak zirela eta, ondorioz, garapen-faseak eragina izan dezakeela dentsitatearen araberako itxura-plastikotasunean. Edonola ere, gai izan ziren hainbat mekanismo biologiko detektatzeko.
Batetik, DNAren erreplikazioan, DNAren metabolismoan eta zelularen zikloan parte hartzen duten geneak aktiboago zeuden dentsitate altuko inguruneetako indibiduoetan. Mekanismo biologiko hauek ez dira normalean halako ikerketetan aztertzen, baina orain dela gutxi egindako lan batean ikusi zen dentsitatearen araberako hego-formaren plastikotasunean mekanismo biologiko hauek parte hartzen dutela Nilaparvata lugenes intsektuan. Hala, DNAren erreplikazioan eta zelularen zikloan parte hartzen duten geneek garrantzia izan dezakete dentsitatearen araberako itxuraren plastikotasunean.
Bestetik, ple genearen funtzionamendu maila altua ikusi zen isolatutako indibiduoetan. Ezaguna da gene horrek nolabaiteko eragina izan dezakeela L. migratoria oti taldekoen kolorazioan, kolore-plastikotasunean duen balizko eragin hori guztiz argia ez bada ere. Gainera, ple geneak parte hartzen du oxidazio-estresaren aurreko erantzunean eta funtzio horretan parte hartzen duten hainbat genek ere funtzionamendu maila altua izan zuten isolatutako indibiduoetan. Dirudienez, L. migratoria oti bakartiek hegan egiteko gaitasun mugatua dute oxidazio-estresaren aurreko erantzunaren ondorioz. Hala, gene horren funtzionamendu mailak azal lezake oti bakartiek eta taldekoiek beren hegaldi-patroian duten ezberdintasuna.
3. irudia: Locusta migratoria otia. (Argazkia: Holger Krisp – CC-BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Azkenik, ikusi egin zen nerbio-sisteman parte hartzen duten hainbat genek eragina izan dezaketela Schistocerca gregaria matxinsaltoan eta L. migratoria otian. Isolatutako baldintzetan funtzionamendu handiagoa izan zuten hainbat genek; hain zuzen ere, beste intsektu batzuetan jokabidean –besteak beste, lo-portaeran, neuronen loturan eta ikusmenean– eragina dutenek.
Hala ere, lan honetan ez dute proposatu zein mekanismoren bidez eragiten duen geneen funtzionamenduan ingurunean dagoen indibiduo kopuruak. Hau da, gene-funtzionamenduaren egokitzea nola gertatzen den oraindik ez da ezaguna.
Laburbilduz, ikusi egin da hainbat generen funtzionamendua ezberdina dela isolatuta ala dentsitate altuetan dauden hainbat intsektutan, eta horrek eragina izan dezakeela intsektu horiek duten itxura-plastikotasunean eta portaeran. Ez dakigu beste animalia talde batzuetan dentsitateak halako eragin argirik ote duen. Hori argitzen dugun bitartean, ezin dugu ez baieztatu, ezta ere ezeztatu, genetikoki programaturik ote dugun gutako batzuek jendetzetatik urrun ibiltzeko dugun joera.
Erreferentzia bibliografikoa:Toga, K. et al. (2022). Meta-Analysis of Transcriptomes in Insects Showing Density-Dependent Polyphenism. Insects, 13,864, DOI: 10.3390/insects13100864
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek?
Ba al dago ezer heriotzaren ostean? Gizateriaren historian zehar erlijio asko saiatu dira galdera estu horri erantzuten, baina ez dago frogarik garun heriotza (atzeraezina) jasan duen norbait bizidunen mundura itzuli eta hori kontatu ahal izan duela frogatzeko.
Heriotzara igarotzeko prozesua oso bestelako egoera bat da. Pertsona batzuk gai dira garai lauso horretatik, hau da, hiltzear egotetik, bizirik irauteko, eta heriotzatik gertuko esperientziak (HGE) izan dituztela adierazi dute. Bihotz geldialdi baten ondoren bihotz biriketako bizkortze (BBB) batetik bizirik atera diren gizabanakoen % 10ek erreanimazio aldian deskribatzen dute HGE, ustez konorterik gabe eta hiltzear zeudenean. Bihotz geldialdian gauzak ikusi eta entzun ahal izan zituztela deskribatzen dute batzuek (bihotz geldialdietan ez dago odol ponpaketarik, ezta arnasketarik ere).
Irudia: zientzialariek ikusi dute bihotz geldialdian, ustez hilzorian, dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin mota ere. (Argazkia: OpenClipart-Vectors – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Pazienteek esperientzia bizi eta surrealista horiei buruz egindako deskribapenetan badira bat datozen zenbait puntu. Askok beren bizitzako historiaren panoramika bat edo bizitzako pasarterik garrantzitsuenak ikusi izana deskribatzen dute. Beste batzuek, berriz, haluzinazioak, erabateko bake sentsazioa edo ametsak esperimentatzen dituzte, edo beren gorputzetik kanpo atera izana sentitu dute (gorputzetik kanpoko esperientziak).
Zer gertatzen da garunean une kritiko horietan? Gaur egun ez dugu ondo ezagutzen HGEetan garunak nola jarduten duen, fenomeno hori zuzenean aztertzea oso zaila delako. Hala ere, 2014tik azterketa kliniko bat martxan dago HGEei buruzko erantzunak emateko: AWARE II azterketa (euskaraz, «kontziente»). Behaketan oinarritutako ikerketa horretan, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko 25 ospitalek parte hartzen dute, eta bihotz geldialdi baten ondoren BBBak pertsonen kontzientzian eta funtzionamendu neurologiko, funtzional eta kognitiboan nola eragiten duen aztertzen du bereziki.
Azterketaren arduradunek honako hau planteatu dute: “Baliteke esperientzia horiek kontatzeko gai diren pazienteek pronostiko hobea izatea garuneko erasan murriztuari dagokionez, baita trebetasun funtzional hobea izatea eta psikologikoki hobeto egokitzea ere. Gure ustez, paziente horiek garunera odol fluxu hobea izango lukete bihotz geldialdian, eta horrek adimenaren kontzientzia eta jarduera eragingo lituzke”.
HilzorianAzterketa horretan, 2017ko maiatzetik 2022ko martxora ospitaleratutako 567 pazientek parte hartu zuten. Bihotz geldialdi bat jasan zutenez, osasun arloko langileek bizkortze estandarizatuko maniobra bat aplikatu zieten; aldi berean, garuneko jarduera erregistratu zieten elektroentzefalograma bidez, eta garuneko oxigenazio maila neurtu zieten gailu eramangarri baten bidez. Era berean, tableta bat jarri zuten pazienteen gainean, eta hark hainbat irudi erakusten zituen bizkortze prozesuan (pazienteek kontatzen dituzten oroitzapenak benetakoak diren egiaztatzeko). Horren ondoren, geldialditik bizirik irten ziren eta baimena eman zuten pazienteek beren esperientziei buruzko elkarrizketetan parte hartu zuten (grabatu egin ziren).
NYU Langone Health ospitaleko (New York) ikertzaileak buru dituen azterketa horren emaitzak oraindik ez dira argitaratu aldizkari zientifiko batean, baina egindako azken aurkikuntzei buruzko funtsezko datuak iragarri zituzten Estatu Batuetako Bihotz Elkarteak 2022ko azaroaren 6an Chicagon egindako saio zientifikoetan.
Zientzialariek ikusi zuten bihotz geldialdian dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin mota ere (alfa, beta, delta, teta eta gamma, besteak beste), gehienez ere ordubetez, BBB egin zen arte. Goi mailako prozesu kognitiboak (pentsatzea eta gogoratzea, adibidez) egiten dituzten pertsona kontzienteengan ere gertatzen dira jarduera piko horietako batzuk. Egileek planteatu dutenez, garun jardueraren erregistro hori heriotzatik gertuko esperientzien froga objektiboa izan liteke.
Sam Parniak, New Yorkeko Estatu Unibertsitateko Zaintza Intentsiboetako eta Bizkorketako ikerketa zuzendari eta azterlanaren buruak, honako hau azaldu die hedabideei: “Esperientzia horiek ezin dira hartu gaixorik edo hilzorian dagoen garun baten trikimailu gisa, gizakia hilzorian dagoenean gertatzen den esperientzia bakartzat baizik”. Bizitzarako kritikoak diren une horietan garunaren desinhibizioa gertatzen dela defendatzen du medikuak; horren ondorioz, oroitzapenak, pertzepzioak eta prozesu mentalak sortzen dira, kontziente garenean egoten diren mugak kontuan hartu gabe.
Etorkizun hurbilean, azterketaren xehetasun guztiak ezagutu ahal izango ditugu, aldizkari batean argitaratzen direnean. HGEen fenomenoan oinarrituta dagoen eta froga objektiboak dituen lehen ikerketa sistematiko handia denez, oso datu baliotsuak ematea espero da.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 19an: ¿Qué experimentan las personas al borde de la muerte?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan
UPV/EHUko Lindy Lab Language in Neurodiversity ikerketa-taldearen azterlan batek kamuflajearen ikuspegi integratzaileagoa eskaintzen du espektro autista osoan. Etorkizuneko ikerketetarako lehentasunak proposatzeari dagokionez, nabarmentzen du zer-nolako garrantzia duen fenomeno hori hobeto ulertzeak eta egungo neurketa-metodoak hobetzeak.
Azken urteotan asko hitz egiten da autismoa duten pertsonen kamuflajeaz. Kamuflajea zera da, trastorno hau jasaten duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa. Hala ere, kamuflajeari buruzko ikerketa nahiko berria da oraindik; haren ezaugarriak gutxi aztertu dira, eta erantzunik gabeko galdera asko daude. Horregatik, lan honek kamuflajearen ikuspegi integratzailea aurkeztu nahi du. “Gure helburua da fenomeno hori hobeto ulertzea eta kamuflajea nola garatzen den sakonki aztertzea, ikerketan aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen alderdi batzuk iradokitzeko”, adierazi du Valentina Petrolinik. Petrolini EHUko Lindy Lab taldeko ikertzaile da, eta ikerketaren egileetako bat.
Irudia: Kamuflajea autismoa duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa da. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)Normalean, pertsonak bi helbururekin kamuflatzen dira: diagnostikoa ezkutatzeko eta gizartera egokitzeko. “Esaten dugu pertsona bat kamuflatu egiten dela izango dituen elkarrizketak entseatzen dituenean, beste pertsona batzuen keinuak eta adierazpenak imitatzen dituenean eta, oro har, bere sintoma fisikoak ezkutatzeko ahalegina egiten duenean”, azaldu du Valentina Petrolinik. “Ikerketa askok erakutsi dutenez, autismoa duten pertsonek benetan ez diren hori izateko egiten duten ahalegina lotuta dago antsietate-maila handiarekin eta epe luzeko arazo mentalekin”, gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.
Nola detektatzen da kamuflajea garapen neurologikoaren desoreka jasaten duten pertsonen artean? Gaur egun, badira zenbait tresna, hala nola testak eta galdetegiak, baina kanpoan uzten dituzte espektroan dauden pertsona asko; adibidez, inkontzienteki kamuflatzen direnak, adimen- eta/edo hizkuntza-urritasunak dituztenak eta abar. Lan honetan, “informazioa triangulatzea proposatzen dugu: dauden probak erabiltzea, inguruari buruzko informazioa biltzea, pertsona batek hainbat testuingurutan duen jokabidea behatzea eta pertsonekin testuinguru desberdinetan hitz egitea…; hau da, kamuflajearen fenomenoa behatzea baina inplikatutako pertsonari zuzenean galdetu gabe”, adierazi du Valentina Petrolinik.
Inpaktuari dagokionez, oso garrantzitsua da orobat gaur egun kamuflajearen azterketetatik kanpo geratzen diren taldeetara zabaltzea ikerketa. Horregatik, azterlan honek gaur egun autismoaren espektroan gutxi ikertuta dauden taldeetara zabaltzen du kamuflajeari buruzko eztabaida, hau da, hizkuntza- eta/edo adimen-urritasunak dituzten haur eta helduetara. “Guk argudiatzen duguna da ezen balitekeela talde horietako kamuflajea desberdina izatea egungo bibliografiak kamuflaje-kasu ohikotzat deskribatzen duenarekin alderatuta”, adierazi du Petrolinik. “Gure azterlanaren ondorioetako bat da kamuflajeak hainbat forma izan ditzakeela, eta inpaktu desberdina izan dezakeela, egiten duten pertsonen arabera”.
Lan hori teorikoa da erabat, eta, Valentina Petroliniren ustez, honako hau ondorioztatzen du: “orain arte egindako ikerketa askoren oinarria mugatua da parte-hartzaileen ezaugarriei eta adierazgarritasunari dagokienez, eta horrek iradokitzen du ondorioak ezin zaizkiola aplikatu komunitate osoari”. Halaber, azpimarratzen du beharrezkoa dela autismoaren fenomenoa sakonago aztertzea eta gaur egungoak baino neurketa-tresna zehatzagoak eta inklusiboagoak garatzea. “Esan genezake ekintzarako dei bat ere badela, egoeraren koadro zehatzik izan gabe ondorio orokorrik ez ateratzeko”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Autisten ezaugarriak hobeto ezagutu nahi dituzte, gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategiei erreparatuz
Erreferentzia bibliografikoa:Petrolini, Valentina; Rodríguez-Armendariz, Ekaine; Vicente, Agustín (2023). Autistic camouflaging across the spectrum. New Ideas in Psychology, vol. 68. DOI: 10.1016/j.newideapsych.2022.100992
The post Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #426
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Berdintasuna zientzianASHG AEBko giza genetikaren elkarteak barkamena eskatu du adierazpen baten bidez, historian izandako jokabide diskriminatzaile eta eugenesikoengatik. ASHGk onartu du iraganeko ikerketa genetiko batzuk AEBko mugimendu eugenesikoaren parte izan zirela, eta jarrera diskriminatzaileak sustatu ahal izan zituela. Iraganeko akats eta hutsuneei buruzko txostena gizarteratu du, eta horiek konpontze aldera, etorkizunean modu bidezkoan eta ekitatatiboan aritzeko printzipioak azaldu ditu elkarteak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Emakumeak zientzianIrene Lafuente Ibañez de Mendozak odontologian ikertzen du ahoko minbiziaren inguruan, eta azaldu duenez, gero eta argiago dago ze erlazioa duen ahoko higieneak eta osasunak gorputz osokoarenarekin. Zehazki ahoko minbiziaren prebalentzia ikertzen du, emakumeen artean minbizi-kasu gehiago baitaude, eta horren arrazoiak argitu nahian dabil. Bere hipotesia da faktore genetikoak direla arrazoi nagusia. Alabaina, onartu du zailtasunak dituztela odontologian ikertzeko diru-laguntzak eskuratzeko, eta jende gutxi dagoela odontologian ikertu nahi duena. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalean.
ArgitalpenakArgia munduaren ertzean liburua Wade Davis antropologoak idatzi zuen 2007an. Bertan, hainbat pentsaera, bizimodu eta izaera desberdin aurkezten dira egiazko kontakizun zirraragarrien bitartez, eta gizarteen aniztasunak egun desagertzeko duen arriskua erakusten du. Hala, Kanadako artikoan, Afrikar-iparraldeko basamortuetan, edota Borneo eta Amazonako oihanetan murgiltzen da idazlea, gizadiren ikuspegi oso bat erakusteko. Argitalpen honi buruz gehiago jakiteko, Zientzia Kaierara jo, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalera.
IngurumenaBasoek “irregularrak” izan behar dute. Errez kooperatibako kideak basogintza eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen. Eredu horren arabera, baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar ditu, inguruko aldaketei aurre egin ahal izateko. Errezeko kideek uste dute azken urteotako gaitz eta izurriteen gorakadak agerian utzi duela basoko lehengaiak modu jasangarrian ekoizteko beharra. Izan ere, ikerketa askok frogatu dute kanpoko espezieak landatzean, sistema sinplifikatu eta hauskor bat sortzeko arriskua areagotuko egiten dela. Basogintza sistema horren kalteak nabariak dira gaur egun, baina Errezeko kideen iritziz, epe luzean, galera ekonomikoak nabarmenagoak izan daitezke. Datuak Berrian: Basogintza eredu berri baterantz.
Ozono-geruzaren zuloa konpontzeko bidean dagoela dirudi. Ozono-geruza Lurraren gainazaletik 15-35 km-ra dagoen ozonoz osatutako geruza da, eta kutsaduraren ondorioz, ozonoa galtzen joan zen azken hamarkadetan. 60ko hamarkadan ohartu ziren zientzialariak ozono-zuloaz, eta jakin izan zen kloro-atomo erradikalek ozonoaren deskonposaketa katalizatzen zutela. Kloro-atomo horiek klorofluorokarbono (CFC) gasen isurietatik zetozen. 1987an Montrealgo Protokoloa sinatu ostean, CFC gasen murrizketa handia lortu zen eta, pixkanaka, ozono-geruza berreskuratzen joan da. Bada, duela gutxi zientzialariek berretsi duten moduan, 2040rako berreskuratu egingo da ozono-geruza munduko leku gehienetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AntropologiaPaleolitoko labar-arte Kantabriakoan idazkera zantzuak edo gutxienez zenbaketa sistema bat dagoela proposatu du Cambridge Archaeological Journal-eko artikulu batek. Paleolitoko labar-arte Kantabriakoa Frantziako Dordoinatik Kantauriko leizeetaraino aurkitu diren labar-arteko piezek osatzen dute, eta Euskal Herria tartean da, noski. Labar-arteko animalien marrazkiekin batera, puntu, marra bertikalak eta Y formako zeinuak identifikatu dituzte. Ikertzaileen esanetan, Y forma animalien erditze aroarekin lotuta dago, eta marra eta puntuak hilabete edo ilargi-kontaketak lirateke. Horrela, animalia bakoitzaren ehiza-garaia irudikatzen zutela ondorioztatu dute. Azalpenak Sustatun: Idazketa/zenbaketa sistema paleolitiko bat geure leizeetako labar-artean?
Arrasateko Lezetxiki kobako hagin bati esker, baieztatu dute neandertalak oso berandu arte bizi izan zirela inguruan. Bordeleko Unibertsitateko Diego Lopez-Onaindiak zuzendu du ikerketa, eta hagina sakon aztertu ondoren, baieztatu dute Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoaren arteko mugan bizi izan zen neandertal heldu batena zela. Hau da, neandertal hura duela 57.000-32.000 urte bizi izan zen, eta, beraz, Ipar Iberiar penintsulako neandertal gazteenen artean dago. Azalpenak Berrian.
Antzinako Egiptoko enbaltsamatzaileen substantziak eta metodoak argitu ditu Alemaniako eta Egiptoko ikertzaile-talde batek. Aurkikuntza hauek Saqqara hilobiaren momifikazio-areto batean aurkitutako ontzi batzuen arrastoei esker egin dituzte. Ontzi horiek K.a.-ko seigarren eta zazpigarren mendeen artekoak dira, eta haien barnean enbaltsamatzeko substantziak gordetzen zituzten, bai eta momifikazioari buruzko inskripzioak ere. Gas-kromatografiaren bidez, ontziek zituzten arrastoak identifikatu dituzte, eta ikusi dute Mediterraneo osoko substantziak erabiltzen zituztela, baita eta oihan tropikaletakoak eta Asiaren hegoekialdekoak ere. Inskripzioek, berriz, gorputzeko atal jakinak tratatzeko jarraibideak adierazten dituzte. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
GeologiaLurreko nukleo solidoaren abiadura moteldu egin da. Berriki, Yi Yang eta Xiaodong Song iketzaileek aditzera eman dute prozesu hori. Lurraren mantuaren errotazio abiadura eta nukleo solidoarena ez dira berdinak, eta alde hori handituz joaten da. Orain, uhin sismikoen datuak aztertuz, ikertzaileek ikusi dute nukleoaren abiadura moteltzen ari dela, eta mantua eta nukleoa abiadura berean doazela dirudi. Lehen, pentsatzen zen nukleoa planetaren gainerako parteak baino azkarrago mugitzen zela, baina orain ikusi dute motelduz joan dela urteetan zehar. Ikertzaileen arabera, Lurraren barne prozesuak hobe ulertzeko balio dezake. Datu guztiak Berrian: Lurraren barrunbeak ezagutzen.
AstrofisikaUnibertsoko materiaren maparik zehatzena osatu dute, 150 zientzialarik baino gehiagok parte hartu duen azterketa batean. Bi behatokitako datuak konbinatu dituzte mapa osatzeko, eta bietan grabitazio-lenteen metodoa erabili dute materia arrunta eta materia iluna atzemateko. Bi datu-multzo horiek gainezarriz, ikertzaileek inoiz baino doitasun handiagoz zehaztu ahal izan dute nola dagoen banatuta unibertsoko materia guztia. Hala, ikusi dute espero zena baino barreiatuago dagoela materia. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
FisikaAne eta Nerea Gondra ahizpa bikiak Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleak dira eta ‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzles’ lana argitaratu dute American Journal of Physics aldizkarian. Artikuluak diziplina anitzeko jarduera bat proposatzen du, Tangram puzzle txinatarrarekin irudi bat sortu, eta ondoren, masa zentroa kalkulatzeko. Ahizpek azaldu dutenez, jarduera merkea da, software libreko programak erabili baitituzte hura sortzeko, eta Tangrama kartulinekin ere egin daitekeelako. Pozik daude bikiak, uste baino urrutiago heldu baita haien sorkuntza. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko.
BiomedikuntzaLide Totorikaguena Iturriaga Biologian graduatua da UPV/EHUn, eta biomedikuntzan espezializatu eta ikerketaren bideari ekin zion gero. Medikuntza eta Erizaintza fakultateko ugal-fisiologiako ikerketa taldean doktoretza tesia egin zuen, ugalketa-tekniketan lagunduko duen sistema bat ikertzen. Lagunduriko ugalketa tekniketan, emakumezkoek, aste bat eta hiru bitartean hormona dosi altuak hartu behar dituzte obarioen estimulaziorako, eta gure ikerketa taldean pentsatu genuen emakumeei hormonak ematea ekiditeko bide bat izan zitekeela obozitoak In vitro heltzeko (IVM) teknikan zentratzea. Totorikaguenak kannabinoideetan oinarritutako sistema proposatu du. Zehazki, behiekin eta saguekin egindako esperimentuetan ikusi du kannabinoide sintetikoak erabiliz obuluen heltze-prozesua modulatzen zela. Azalpenak unibertsitatea.net webgunean: Lide Totorikaguena: “Obozitoa kannabinoideekin elkartu eta gorputz barnean gertatzen dena gorputzetik kanpo simulatu genuen”.
MedikuntzaIraia Garcia Santisteban EHUko Genetika Saileko ikertzaile eta irakasleak diabetesaren inguruan idatzi du Berrian. Diabetesa intsulina hormonaren faltak eragiten duen odoleko glukosaren metaketa da. Intsulina pankreako Langerhansen irletako beta zeluletan ekoizten den hormona da, eta bere funtzioa odoleko glukosa zeluletara sartzea da. I motako diabetesean, sistema immuneak beta zelulak suntsitzen ditu, intsulinaren ekoizpena eragotziz. Diabetesa zuten lehen giza pazienteak tratatzeko, animalia jatorriko intsulina erabili zen, eta halakoa izan zen 1923. urtean merkaturatu zen lehen intsulina komertziala. Geroago, 1982. urtean, ingeniaritza genetikoaren bidez lortutako gizakion intsulina propioa merkaturatu zen. Hurrengo erronka gaixo bakoitzarentzako intsulina pertsonalizatua diseinatzea izango da. Datu guztiak Berrian.
MikrobiologiaBaliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana. Influenza birusen B/Yamagata leinua da hori, eta hori hala balitz, gripearen birusaren hiru taldek bakarrik jarraituko lukete gure artean: A influenza birusen H1N1 eta H3N2 azpimotek, eta B influenza birusen Victoria leinuak. Ikertzaileek urteak daramatzate gripearen Yamagata leinuak gure artean jarraitzen duen ikertzen, eta 2020ko apiriletik gaur egun arte, ez da birus horien existentziaren froga fisikorik aurkitu. Adituen ustetan, bitxikeria hau aukera ona izan liteke gripearen aurkako urteroko txertoen eraginkortasuna hobetzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
PsikologiaHamar gaztetik lauk nahiago dute bilaketak Tiktok aplikazioan egin Google erako bilatzaileetan baino. Beñat Flores Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Haren iritziz, gazteak informazioa eta entretenimenduaren iturriak eta edukiak nahasten ari dira, geroz eta informazio gehiago kontsumitzen delako sakelakotik. Honetaz gain, testu bat irakurtzea baino errazagoa izan daiteke plano mozketa oso bizkorrak dituen bideo bat kontsumitzea. Izan ere, irudiak eta soinuak lagun dezake informazioa dekodifikatzen, errazagoa baita kontzentrazio maila handiagoa behar den irakurketa batean informazioa filtratzea baino. Bestalde, gazteek sare sozialak erabiltzea informatzeko kezkagarria da Edurne Polanco psikologoarentzat, nerabe askok oraindik ez duelako garatu beren iritzi kritikoa. Informazio gehiago Berrian: Algoritmoaren kolore grisak.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #426 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #433
Garunaren garapen-prozesuan, heldu gabeko milioika neuronek distantzia luzeak migratu behar dituzte helmugara iritsi ahal izateko. Migrazio hori ingurune konplexu batean egin behar da. Orain argiago dago zein mekanismok ahalbidetzen duen hori guztia posible izatea. Mechanism of brain cell migration unravelled, José R. Pinedak egina.
Fenomeno astrofisikoetan detektatu diren txorroetan, bi abiadura baino ez daudela dirudi: motela edo erlatibista. Zergatik ez dago tarteko mailako txorrorik? Baliteke azalpena oso sinplea izatea. Astrophysical jets are formed at all speeds
RNA mezulariaren teknologia famatu egin zen Covid-19aren aurkako txertoaren garapenarekin. Baina oso litekeena da hau lehen urratsa baino ez izatea. Hurrengo helburua anbizio handikoa da: zenbait minbizi mota. mRNA technology to fight cancer Rosa García-Verdugok egina.
Katalizatzaile biologiko baten antz gutxi duen zerbait badago, industria-katalizatzaile bat da, bai oinarrizko fisiko-kimikagatik, bai funtzionamendu-baldintzengatik. Orain, DIPCko jendeak erakutsi du erreaktiboen arteko lehia erabakigarria dela katalizatzailearen gainazalean. Kinetic modelling of catalysis for the Ostwald process
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #433 appeared first on Zientzia Kaiera.
Irene Lafuente, odontologian ikertzailea: “Ahoan hasten da gorputz osoaren osasuna”
Irene Lafuente Ibañez de Mendozak odontologian ikertzen du, nahiz eta, dioenez, “mediku frustratua” zen. Izan ere, medikuntza ikasi nahi zuen. Baina, notagatik eta beste kontu batzuengatik, ez zuen lortu medikuntzako graduan sartzea, eta odontologia ikasten hasi zen, hura baitzen bere bigarren aukera. Eta ez zaio damutu: “Bigarren mailan, gustuko izan nuen ikasgai bat, eta laugarren mailan berriro hartu nuen. Ikasgai haren irakasleak ikerketa-mundua ezagutzeko aukera eman zidan, eta, geroztik, hemen nabil“.
Argi dio irakasle hari esker dagoela ikerketa-arloan, eta irmo baieztatzen du asmatu duela bide hori hartzean: “Oso garbi nuen ez nuela nire burua ikusten klinikan. Ikusten nuen unibertsitatean, ikerkuntzan, eta, haren laguntzarekin, pixkanaka joan zaizkit ateak irekitzen eta joan naiz bidea egiten”.
Irudia: Irene Lafuente Ibáñez de Mendoza aho patologian espezializatutako ikertzailea da eta UPV/EHUko Erizaintza eta Medikuntza Fakultateko irakaslea da. (Argazkia: UPV/EHU)Dena ez da erraza izan, eta, zailtasunen artean, nabarmendu du odontologian ikertzeko diru-laguntza gutxi daudela. “Ikerketarako bekak eta diru-laguntzak beste arloetara batera doaz, gurean ez baitaude aurrekari asko; ondorioz, oso laguntza gutxi iristen dira gurera”. Haren ustez, jende askok ez daki ahoan hasten dela gorputz osoaren osasuna: “Gero eta argiago dago ze erlazioa duen ahoko higieneak eta osasunak gorputz osokoarenarekin“.
Lafuentek ahoko minbizian ikertzen du; zehazki, ahoko minbiziaren prebentzioan. Azaldu duenez, emakumeen artean minbizi-kasu gehiago daude, eta horren arrazoiak argitu nahian dabiltza. “Lehen, gizonetan ohikoagoa zen emakumeetan baino. Izan ere, alkohola eta tabakoa minbiziaren arrisku-faktoreak dira, eta gizonek gehiago edaten eta erretzen zuten. Orian kontsumoa berdinduta dago. Eta begiratzen badiogu erretzen eta edaten ez duen jendeari, ahoko minbiziaren prebalentzia handiagoa da emakumeetan. Gure hipotesia da faktore genetikoengatik dela”.
Kabia ez, txoriak dira garrantzitsuakLan horrek guztiz betetzen du, gizarte osoaren mesedetan ari baita. Horrez gain, oso motibagarria zaio, ikerketaren bidez, zerbait ezagutzera iritsi arren, beti geratuko dela askoz ere gehiago ezagutzeko eta ikertzeko.
Arrazoi horiek baliagarriak iruditzen zaizkio gazteak ikertzera animatzeko. Izan ere, “jendea behar da. Ez bakarrik baliabideak. Baliabideak ere behar dira, baina, batez ere, jendea behar da. Irakasle batek dioen moduan, kabiak baino garrantzitsuagoak dira txoriak”. Hala ere, onartzen du ikerketa-mundua zaila dela, ez dagoelako diru-laguntza nahikorik, bere arloan behintzat.
Etorkizunera begira, ikertzaile-lanetan ikusten du bere burua. “Gradua egin nuenean, apustu egin nuen hemen geratzeko. Masterra egin nuen, doktoretza egin dut, eta honaino heltzeko eman ditudan pauso guztiei eutsi nahi diet. Bidea hori da: unibertsitatean jarraitzea eta ikertzen jarraitzea. Azken finean, Espainian, odontologian ikertu nahi baduzu, unibertsitatean izan behar du“.
Gainera, aitortu du oso gustuko duela irakasle-lana: “Euskarazko taldean ematen ditut klaseak, eta oso gutxi dira. Horrek aukera asko ematen ditu, gertuko harremanak lantzeko”. Ikasle ia guztiak emakumeak dira. Hain zuzen, bere arloan gehiengo dira, eta ez du inoiz bazterkeriarik sentitu emakume izateagatik. Bestalde, ez du baztertzen bere ikasleren bat ikerketa-munduan sartzea. “Baliteke baten batek bide hori hartu nahi izatea, bai”.
Fitxa biografikoa:Irene Lafuente Ibáñez de Mendoza Bilbon jaioa da, 1994an. UPV/EHUn Odontologia Gradua egin ondoren, Aho Patologia Masterra egin zuen, eta 2022an lortu zuen doktoretza “Analisi genetikoa, zitologikoa eta mikologikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Periinplantitisa diagnostikatutako pazienteetan” tesiarekin. Orain, ikertzaile eta irakasle dabil UPV/EHUko Erizaintza eta Medikuntza Fakultatean.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Irene Lafuente, odontologian ikertzailea: “Ahoan hasten da gorputz osoaren osasuna” appeared first on Zientzia Kaiera.
Argia munduaren ertzean
Hainbat pentsaera, bizimodu eta izaera desberdin aurkezten dizkigu Argia munduaren ertzean Wade Davisek. Antropologoak kulturen muinak eta landare sakratuak ikertzeko munduan barrena egin dituen bidaiak lokarri hartu ditu 2007an argitaratutako liburu honetan. Egiazko kontakizun zirraragarrien bitartez, gizarteen aniztasunak egun desagertzeko duen arriskua erakusten digu, eta hurbiletik ikustarazten nola galtzen duten herri zaharretako biztanleek beren ohiko bizibidea.
Irudia: Argia munduaren ertzean liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Kanadako artikoan, Afrikar-iparraldeko basamortuetan, Borneo eta Amazonako oihanetan, Orinoko ibaiaren inguruetan, Britainiar Kolunbiako basoetan, edota Haiti uhartean barrena garamatza, gizadiaren ikuspegi osoago bateraino.
Zatoz, bada, giza esperientziaren hamaika modu, aurpegi, mintzo eta ikusmolde zuzenetik ezagutzera; bidaia hau ez zaizu inoiz ahantziko.
Wade Davis (West Vancouver 1953) antropologo eta etnobotanikari kanadar entzutetsuak munduko kultura indigenak ezagutarazteari ekin dio bere lanetan. Ipar eta Hego Amerikako gizarteetan egiten duten landare psikoaktiboen erabilerari loturiko sinisteak eta gurtzak izan ditu aztergai batik bat. Hainbat argitalpen eta liburuen egilea da; horien artean bereziki aipagarri ditugu 1985ean argitara eman zuen The Serpent and the Rainbow, Haitiko zonbiak eta budua ezagutarazi zituena, edo 1996eko One River: Explorations and Discoveries in the Amazon Rain Forest, Amazonako gizarteek landareekin duten lotura sakona azaltzen duena.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Argia munduaren ertzean
- Egilea: Davis, Wade
- Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
- ISBN: 978-84-9860-050-6
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2009
- Orrialdeak: 182 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Argia munduaren ertzean
The post Argia munduaren ertzean appeared first on Zientzia Kaiera.
Ozono-geruzaren zuloa, konpontzeko bidean
Sarritan arazoek bakarrik dute lekua hedabideetan, baina noizean behin ingurumenak ere albiste pozgarriak ekartzen dizkigu. 90eko hamarkadan ozono-zuloa kutsadurarekin lotutako gai nagusienen artean kokatzen bazen ere, azken urteotan ez dugu haren berri askorik jaso. Hala eta guztiz ere, berri onak ere aipatu behar dira. 1987an Montrealgo Protokoloa sinatu ostean, CFC gasen murrizketa handia lortu zen eta, pixkanaka, ozono-geruza berreskuratzen joan da. Duela gutxi jakinarazi denez, 2040. urterako konponduta egon litezke arazorik larrienak eta, 2066. urterako, berreskuratuta egon daiteke zulorik handiena, Antartikokokoa.
Irudia: ozono-zuloaz edo ozono-geruzaren zuloaz hitz egiten den arren, zuloak baino, ozono-kontzentrazio baxuagoko eskualdeak dira. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Lehenik eta behin, koka gaitezen oinarrizko kontzeptuetan. Ozono-geruza Lurraren gainazaletik 15-35 km-ra dagoen geruza da. Ozonoz osaturiko geruza horrek Eguzkitik datozen izpi ultramoreetatik babesteko balio digu. Alabaina, kutsaduraren kausaz geruza ahultzen joan da azken hamarkadetan eta, horrela, ozono-zuloa edo ozono-geruzaren zuloa deitu izan dena agertu da. Ozono-zuloak, neurri batean, arriskuan jartzen du bizidunon gauzarik preziatuena, bizia, Lurraren azalean. Datuetara jotzen badugu, nabarmena da ozono-geruzaren eragina: geruza horrek Eguzkiak igortzen dituen frekuentzia handiko izpi ultramoreen % 97-98 inguru xurgatzen du. Ozono-geruza estratosferan dago eta ozono gasaren molekulez osatuta dago. Ozonoa hiru oxigeno atomoz osatutako molekula ezegonkorra da. Molekula ezegonkorra den arren, Eguzki izpi kaltegarrienak xurgatzeko gai da; hain zuzen ere, UV-B motako izpiak. Era berean, ozonoa sortzeko, ezinbestekoa da erradiazio ultramorea eta horrexegatik sor daiteke estratosferan.
Ozonoa kontzentrazio oso baxuan dagoen molekula da -airean dauden hamar milioi molekula bildu beharko lirateke ozono molekula bakarra lortzeko-. Hala ere, aipatutako arrazoiengatik, ezinbestekoa da ozonoaren funtzioa. Molekula horrek hain beharrezkoa dugun babesa ematen digun arren, dena ez da atsegingarria Kimikaren munduan. Gizakiak sortu duen prozesu zein produktu bakoitzak arrisku bat du eta, arrisku horiek hartu gabe, ez geundeke orain gauden lekuan. Kasu honetan, ozono-geruzak kalte handiak jasan zituen gizakiak sortutako produktu jakin batzuen ondorioz, hasiera batean aurreikusi ezin izan zen arren.
60ko hamarkadan, Antartikan ezohiko erradiazio ultramoreak detektatzen hasi ziren zientzialariak. Fenomenoa udaberri guztietan errepikatzen zen eta, hasiera batean, ikertzaileak ez ziren gai izan azalpenik emateko. Alabaina, ikerketak egiten ziren neurrian, ozono-geruzaren kalteen arrazoia zein zen aurkitu zuten: kloro-atomo erradikalek ozonoaren deskonposaketa katalizatzen zuten eta hori zen ozono-kontzentrazioen murrizketaren eragilea. Ozonoaren sintesi- eta deskonposaketa-erreakzioaren azalpenak izan zuen garrantziaren erakuslea da 1995eko Kimikako Nobel saria; hain zuzen ere, horrexegatik jaso baitzuten Crutzen, Molina eta Rowland zientzialariek.
Kloro atomoak estratosferara nola iritsi ziren ikertuz, klorofluorokarbono gasak agertu ziren. Klorofluorokarbonoak, CFC deiturikoak, askotariko gas taldea dira, industrian hainbat erabilera dituztenak. Besteak beste, aerosolen propultsatzaile gisa erabiltzen dira -espraietan- eta baita hozte-sistemetan ere. Hozkailuetan, izozkailuetan eta aire girotuko makinetan ohikoak ziren CFC gasak. Ozonoa suntsitzen zuten substantziak identifikatu ostean, 1987ko Montrealgo Protokoloan debekatu egin ziren CFCak, haien erabilera murrizteko -1989an sartu zen indarrean debekua-. Horren ondorioz, 1990eko hamarkadan oso ohikoa zen produktu baten salmentak areagotzeko CFCrik gabekoa zela esatea.
Bada, duela gutxi zientzalariek berretsi duten moduan, garai hartan hartutako erabakiek ondorio nabarmenak izan dituzte. 2005. urteko artikuluetan etorkizuna argi ikusten ez zen arren, ozono-geruzaren zuloa murrizten joan da eta ozono kontzentrazioak pixkana berreskuratzen ari dira. Hain zuzen ere, duela gutxi adituek aipatu duten bezala, 2040rako berreskuratu egingo da ozono-geruza munduko leku gehienetan. Artikoan 2045. urterako berreskuratuko dela pentsatzen da eta Antartikan, aldiz, 2066. urterako.
Kasu honetan epe luzean ikusi dira Montrealgo Protokoloaren emaitzak, baina, protokolo hori sinatu eta 35 urtera, esan dezakegu konpontzeko bidean dela ozono-zuloa. Ozono-geruza guztiz berreskuratzea onuragarria izango da, gainera, klima-aldaketan. Hain zuzen ere, Lurraren tenperaturaren 0,5 ºC-ko igoera saihestu ahal izango dela aurreikusten da. Kontzeptuak argitze aldera, hori bai, azpimarratu behar da klima-aldaketa ez dela ozono-geruzaren zuloaren ondorioa. Edozein kasutan berri ezin hobea da; izan ere, gaur egun badakigu ozono-geruzaren zuloa areagotzen duten substantzia kimikoen debekuari esker, haien kopurua % 99 murriztu dela 1989. urtetik. Hala ere, oraindik bada CFC gasen isurian tranpetan ari denik ere, Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu zuen bezala.
Gizateriak dituen arazoak ugariak dira eta ozono-geruzaren arazoa konpontzeko bidean dagoela ia ez da aipatu hedabideetan, baina oso lorpen garrantzitsua da. Berri ona litzateke hori eta, gainera, hori froga argia da azpimarratzeko gizateriak hartzen dituen erabaki batzuek ondorio onuragarriak eta nabarmenak dituztela ingurumenean, emaitzak epe luzera ikusi arren.
Informazio gehiago:- Martín, Azucena (2023). El cierre del agujero de la capa de ozono ya tiene fecha si seguimos así, hipertextual.com, 2023ko urtarrilaren 13a.
- Nunez, Christina (2023). What is the ozone layer, and why does it matter?, nationalgeographic.com, 2023ko urtarrilaren 10a.
- UNEP (2023). Ozone layer recovery is on track, helping avoid global warming by 0.5°C, unep.org, 2023ko urtarrilaren 9a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Ozono-geruzaren zuloa, konpontzeko bidean appeared first on Zientzia Kaiera.