Asteon zientzia begi-bistan #439
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
EkologiaRosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen, eta bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Edgek bat egin zuen ornitologo eta behatzaile afizionatuen talde batekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Hortik aurrera, arriskuan zeuden espezieen aldeko jokabidea hartu zuen eta bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC). Batzorde horri esker, 1934an Hawk Mountain basabizitzaren santutegia sortu zen Appalache mendietan, munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Emakume honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.
Osasuna1976ko uztailaren 10ean Seveson (Italian) sute bat piztu zen bertako industria bateko eraikin batean. Sute hark TCDD dioxina askatu zuen ingurura ondorio latzak eragin zituen inguruko 18 bat kilometro karratuan bizi zirenengan. Fabrika hartan, besteak beste, 2,4,5-T izeneko herbizida eta xaboi hexaklorofenoa ekoizten ziren, eta horren azpiproduktu gisa, TCDD dioxina edo 2,3,7,8-tetraklorodibenzo-p-dioxina ekoizten zen, zeina oso substantzia arriskutsua eta hilgarria baita. Biztanleak laster hasi ziren ondorioak pairatzen; lehena kloraknea izan zen, baina denboran luzatu ziren hilkortasun eta morbilitate arriskua. Besteak beste, neoplasia linfoemopoietikoa, digestio sistemako minbizia eta arnas sistemako minbizia pairatzeko arriskua handitu zen TCDD dioxinaren ondorioz, beste gaitz askoren artean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ez ahaztu Seveso.
OMEk aholkatu du ez erabiltzeko azukrea ez diren edulkoratzaileak pisua kontrolatzeko. Gaiaren inguruko ikerketak aztertu ditu erakundeak, eta, dauden datuen arabera, ikusi du sakarinak, estebiak eta antzeko produktuek ez dutela laguntzen gorputzeko gantza gutxitzen. Gainera, ikerketa horiek ikusi zuten ordezko horiek, luzera, hainbat gaitz pairatzeko arriskua handitu ahal zutela; besteak beste, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta hilkortasuna helduetan. Datuak Berrian.
Janari eta edarietako bisfenol-A eta beste plastifikanteen arriskuaz ohartarazi du EFSA Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den agentziak. Bisfenol-A plastikoetan eta erretxinetan erabiltzen da, eta material horietako batzuk ondoren elikagaien eta edarien ontziek daramatzate. EFSAk sustantzia horren eraginari buruzko 800 ikerketa baino gehiago aztertu ditu, eta ondorioztatu dute Bisfenol-Ak T linfozito laguntzailearen maila igoarazten duela arean. Horrek, azaldu dute, hantura alergikoa eragin dezake biriketan, eta asaldura autoimmuneak. Horrez gain, ikusi dute garapenean, ugalketan eta metabolismoan ere eragin dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Ikerketa berri batek ondorioztatu du ariketa fisikoak alzheimerraren garapena moteltzen duela, baita arrisku genetikoa dutenetan ere. Zehazki, aztertu dute ariketa fisikoak eta alzheimerra izateko arriskuarekin lotzen den proteina baten (ApoE4) geneak zer eragin duten alzheimerraren patologiarekin zerikusia duten mekanismo molekularretan. Mekanismo molekular horietako batzuk proteina amiloideen eta tauen metaketa, erresilientzia neuronala eta neurogenesia izan dira, eta aztertu dituzte ariketa fisikoa eta ApoE4 bakoitza bere aldetik hartuta eta elkarrekin. Hala ondorioztatu ahal izan dute ariketa fisikoak pertsona guztietan duela eragin onuragarria. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Lesbianek eta emakume bisexualek arrisku handiagoa dute bihotzeko osasun-arazoak izateko. Hori ondorioztatu du Frantzian 170.000 pertsonarekin egindako ikerketa batek. Azterketan zortzi faktore neurtu zituzten: dieta, jarduera fisikoa, loaren kalitatea, pisua, erretzea, eta azukrearen, kolesterolaren eta presio arterialaren mailak. Emaitzen arabera, lesbianek eta emakume bisexualek dietan, presio arterialean eta erretzeko ohituretan alde handia dute emakume heterosexualekin alderatuta. Emaitza hauek baldintzatzaile sozialekin erlazionatu dituzte, eta ikertzaileek uste dute osasun-egoeraren desberdintasun hauek bizi-baldintzek azal ditzaketela, hala nola lan-baldintza txarrek, buru-osasuneko erronkek edota diskriminazioak. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
AstrofisikaIkertzaile talde batek argitu du metaltasun altuko izarrak ez direla oso egokiak inguruko planetetan bizia agertzeko, isurtzen duten erradiazio ultramore motak ez duelako laguntzen planetetan ozono geruza trinko bat eratzen. Ordenagailu bidezko simulazioak erabiliz, aztertu dute izarraren metaltasunaren arabera zer nolako erradiazio ultramoreak isurtzen dituen. Landu dituzten ereduen arabera, metaltasun txikiagoa duten izarretan UV-C motako erradiazio gehiago sortzen da. Hau da, metal gehiago dituzten izarrak erradiazio ultramore gutxiago isurtzen dute. Lurraren kasuan, uhin luzera laburreko UV-C erradiazioek erdi atmosferan ozono babesgarria sor dadila laguntzen dute. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izarren osaketa kimikoak bizigarritasuna baldintza dezake.
TeknologiaAste honetan Ikur solasaldiak ospatu dira Bilbon, eta bertan mintzatu zen Maciej Lewenstein fisikari eta Kataluniako ICREA Zientzia Fotonikoen Institutuko ikerketa irakaslea. Lewensteinek optikan eta informazio kuantikoan ekarpen nabarmenak egin ditu, eta simulagailu kuantikoek hurrengo hamarkadan izango dituzten erabilerez eta garapenaz jardun zen. Azaldu duenez, simulagailu kuantikoek fenomeno fisikoak modelo esperimental batekin ikertzea ahalbidetzen dute, baldintzak kontrolatu ditzakezulako. Alabaina, Lewensteinek argitu du modelo horretarako behar dena kalkulatzea oso zaila dela ordenagailu klasiko batentzat, eta beraz, ikerketa gaia simulatzen duen sistema esperimentala eraiki nahi dute. Datuak Berrian: «Simulazio kuantikoa ez da iraultza bat, baina bai eboluzio oso garrantzitsua».
ArkeologiaErdi Aroko Araban baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak ezagutu ahal izan dira Arabako Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan aurkitutako hazi batzuei esker. Hazi horien 50 lagini egin zaizkien karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiak, eta emaitzei esker jakin da Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txiki eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Bestalde, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #439 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #447
Hizkuntza erabiltzeko dugun modu pertsonalak krimen baten armako hatz-marka batek bezainbeste salatu gaitzake. Language of crime, Marta Sánchez Lópezena.
Ikerketa-talde batek frogatu berri du polaritoi guztiz simetrikoak egon daitezkeela kristal batean. Eta esan ohi den bezala, ikusi sinesteko. First real-space images of THz plasmon polaritons.
Bazen behin bi jeneral bizantziar, kanpamenduen artean zeukaten hiri bati eraso behar ziotenak. Noiz erasotu adosteko izan zituzten arazoek joko teoriaren kapitulu oso bat ekarri zuen. Jesus Zamorak ondorioak ateratzen ditu On theory and observation (6): Public events and the two generals’ problem.
Substratuak eragin izugarriak ditu trantsizioko metalen dikalkogenuroak bezalako materialen monokapen ezaugarri elektroniko exotikoetan, Baina, ezagutzen badira, efektu horiek ezaugarriak manipulatzeko tresna bihurtzen da. DIPCko jendea Substrate dependency of the charge density wave orders of monolayer VSe2
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #447 appeared first on Zientzia Kaiera.
Rosalie Edge, infernuko katemea eta belatz errukiorra
Garai batean, milioika bisontek bazkatzen zuten Ipar Amerika barnealdeko larreetan –europarrak iritsi aurretik populazioa 100 milioi ingurukoa zela uste da–, baina ehizak haien gainbehera ekarri zuen. XX. mendearen hasieran ehunka baino ez ziren geratzen, zoologikoetan, in extremis. Beste espezie batzuek, hala nola uso migratzaileak (Ectopistes migratorius), ez zuten halako zortea izan, eta azkenean desagertu egin ziren.
Lehen kolonoak txundituta geratu ziren migrazio garaietan zerua estaltzen zuten milaka alek osatutako uso saldo handiekin. Batzuek hamalau ordu baino gehiago behar izaten zituzten eremu bat zeharkatzeko. Nork pentsatuko zuen Martha, espeziearen azken emea, 1914an hilko zela gatibutasunean? Azken kasu horrek ondo baino hobeto erakusten du espezie bat, munduko hegaztirik ohikoenetako bat izatetik desagertutako espezie izatera igaro daitekeela mende batean baino gutxiagoan. Historian maiz gertatu dira halakoak: gizakiak animalia eta landare asko desagerrarazi ditu, bere garaian oso ugariak izan zirenak, baliabide agorrezina zirelakoan. Kontserbazio biologiaren puntu ahulenetako bat ohiko espezieak gutxiestea izan da, eta uste baino gehiagotan gertatu da.
1. irudia: Martharen kasuak ondo baino hobeto erakusten du espezie bat, munduko hegaztirik ohikoenetako bat izatetik desagertutako espezie izatera igaro daitekeela mende batean baino gutxiagoan. (Argazkia: Enno Meyer – domeinu publikoan. Iturria Wikimedia Commons)Horren harira, Rosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen. Espezieak babestearen alde egin zuen, eta arreta berezia jarri zuen guztiak babesteko beharrean, ohikoak ziren bitartean, arraroak bihur ez zitezen. Bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Izan ere, garai hartan balio ekonomiko kuantifikagarri bat zuten espezieak bakarrik babestu ohi ziren. Helburu hori lortzeko, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (Emergency Conservation Committee, ECC) sortu zuen 1929an. Erakunde oso aktiboa zen, eta hil zen arte zuzendu zuen.
Rosalie Barrow New York hirian jaio zen, eta John Wylie Barrowren bost seme-alabetatik gazteena zen. John Wylie Barrow inportatzaile britainiar dirudun bat zen, eta Charles Dickensen senidea. 1909an, Charles Noel Edge ingeniari zibilarekin ezkondu zen Japonian. Hiru urtez Asian zehar bidaiatu zuen harekin, behin betiko Estatu Batuetara itzuli aurretik. Itzultzean, Edge senarrarengandik banandu zen, eta emakumeen boto-eskubidearen alde borrokatzen zen erakundearekin batekin (Equal Franchise Society) bat egin zuen. Bertan, hitzaldiak emateko eta eztabaidetan parte hartzeko jaioa zela ikusi zuen. Ondoren, New Yorkeko Estatuko Emakumeen Sufragioaren Alderdiko idazkari-diruzain izendatu zuten.
2. irudia: Rosalie Barrow Edge ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen. (Argazkia: domeinu piblikokoa. Iturria: Wikimedia Commons)Garai hartan, 1905ean sortutako National Audubon Societyk eta kontserbaziora dedikatutako beste erakunde batzuk hegaztiak ikusteko topaketak egiten zituzten Central Parken. Edgek bat egin zuen egunero leku horretara joaten zen ornitologo eta behatzaile afizionatuen taldearekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Ehiztariek hainbat motibo zituzten hegaztiak ehizatzeko: haien luma desiratuak lortzea, gero modako osagarri gisa erabiltzeko; haien haragia saltzea; edo bestela, kirola egitea. Sarraski horiek garai batean ugariak ziren espezieak desagerrarazi zituzten eta beste asko desagertzeko zorian utzi zituzten. Haien ondorioz, Edge kontserbazioaren aldeko aktibista bilakatu zen, eta Audubon Elkarteen Elkarte Nazionalaren (NAAS) antolaketa politikan parte hartu zuen, oraingo Audubon Elkarte Nazionalaren aitzindarian.
1934an, Rosalie Edgek hegazti harraparientzako munduko lehen erreserba sortu zuen. Garai hartan gupidarik gabe ehizatzen zituzten espezie horiek, eta desagertzeko zorian zeuden.
Behin barruan, gertutik ezagutu zuen bere funtzionamendua, eta babestu behar zituzten espezieen aurka zihoazen praktika kaltegarriak zein ziren ikusi zuen. Edgek ikusi zuen naturaren alde egin behar zuten zenbait erakunde, Audubon kasu, isilik geratzen zirela gehiegikerien aurrean, eta are gehiago, batzuetan haien konplize ere izaten zirela interes ekonomikoak tarteko jartzen zirenean. Besteak beste, NAASeko presidenteak armaginen dohaintzak onartu izanak ehizaren aldeko politikak onartzearen truke edo elkartea ez jarri izanak gobernu federalak hildako hegazti harrapatzaileen ordainetan sekulako ordainsariak ematearen aurka, suminarazi egin zuten.
Edgek Audubon elkartearen bileretan buruzagi batzuen jokabidea gaitzetsi eta ustelak zirela salatu zuen, kirol tiroko klubekin, zur enpresekin eta abeltzainekin bat egiteagatik. Gerora, denak berdin jarraitzen zuela ikusi zuenean, NAAS auzitara eraman zuen, sufragista gisa ikasitakoa praktikan jarriz.
Bere aldeko epai batek erakundeko 11.000 kideen posta zerrendan sartzeko aukera eman zion, eta guztiekin harremanetan jartzen hasi zen zuzenean. Bere ustez basabizitzaren defentsari zegokionez egin ziren akatsak zein ziren azaldu zien. Neurri horri esker, bazkide askok baja eman zezaten lortu zuen, eta hala, buruzagiei zeharka presioa egin zien. Horietako batzuek dimisioa eman zuten. Eztabaida latz horrek NAASen eta Edgeren arteko haustura eragin zuen, eta emakumea hil baino aste batzuk lehenagora arte iraun zuen, 1962ko azarora arte, hain zuzen.
Bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, eta Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC) izena eman zion. Hasieran berak bakarrik osatzen zuen. Baina bere irmotasuna fruituak ematen hasi zen eta aurrerantzean izan zituen lorpenak izugarriak izan ziren, batez ere kontuan hartuta gehienak 1930eko eta 1940ko hamarkadetan gertatu zirela, hots, krisi ekonomiko sakoneko garaian.
3. irudia: hegazti harraparien hego-luzera alderatzen duen benetako tamaina duen pantaila, Hawk Mountain Sanctuary. (Argazkia: Zeete – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Harraparientzako puntu beltzetako bat Appalache mendietako (Pennsylvania) mendixka bat zen, non hamarkadak zeramatzaten bertatik igarotzen ziren belatzak eta arranoak hiltzen. Kirol-ehizaldi horiek oso ezagunak ziren, eta milaka hegazti akabatzen zituzten urtero. Eta kontserbazionista batzuek, Richard Poughek adibidez, kanpaina batzuk egiten zituzten haiekin amaitzeko eta toki hura erosteko dirua biltzeko.
Edge sarraski horien jakitun zen, eta haien aurka egitea erabaki zuen, udazkeneko ehizari aurrea hartuz. Bazekien espezieak babesteko neurririk eraginkorrenetako bat lurrak erostea zela, jabe gisa lurrak zaintzeko kudeaketa egokia egin baitzezakeen. Uste zuen politikariei eta erakundeei hegaztien garrantzia ulertarazteko ahaleginak porrot egingo zuela, eta, ondorioz, bere ahalegin guztiak bere ikuspegiarekin bat zetozen pertsonek babesa eman ziezaioten bideratu zituen, eta, hala, lurren jabegoa eskuratzeko dirua lortu zuen.
Hasteko, zenbait naturalista konbentzitu zituen, 1.400 akreko Hawk Mountain (Belatzaren mendia) alokatzeko –erosteko aukerarekin–. Horrela jaio zen 1934an munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Ingalaterra Berriko Maurice Broun eta Irma Broun senar-emazte kontserbazionistek babestu zuten, eta orduz geroztik, migrazio ibilbideetan leku horren gainetik hegan egiten zuten hegaztien erroldak egiten hasi ziren. Urte baten buruan, ehizaldiak gelditzea lortu zuten, eta harraparien populazioa nabarmen suspertu zen. 1938an, Hawk Mountain Santutegia Elkartea irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eratu zen, eta Edgek haren jabetza eskuratu zuen. Gerora, 2.500 akreraino hedatu zen, eta elkartearen jabetza izatera pasa da betiko.
Hawk Mountain ez da estatuaren jabetzakoa, eta ez du haren finantzaketarik jasotzen. Erabat autosufizientea izan da betidanik, eta halaxe izaten jarraitzen du gaur egun ere. Hegaztiak babesteko eta behatzeko bakarrik erabiltzen da. Behatokira sartzeko hamabost zentimoko sarrerei eta kontribuzio txikiei esker finkatu zen santutegia. Baina, batez ere, kontzientziazio gune bat da. Bisitari asko harraparien migrazioa ikustera soilik joaten ziren, jakin-minez, baina bertan ingurumenaren kontserbazioaren alderdi asko ezagutzen zituzten.
Gainera, historia zientifikoaren mugarri izan zen; izan ere, 1960an, Hawk Mountain Sanctuaryk Rachel Carsoni migrazioari buruzko datu esanguratsu batzuk eman zizkion, eta hark, datu haiei esker, harrapari gazteen biztanleriaren beherakada DDTarekin lotu zuen. Ikerketa horri buruz bere liburuan jardun zuen, Udaberri isila izenekoan.
Bere aktibismoa konprometitua eta beligerantea zen, eta arreta beti gatazketan jartzen zuen. Ondorioz, kontserbazioaren infernuko katemea bezala ezagutzen zen.
Bere aktibismoak parke nazionalak sortzeko eta zabaltzeko kanpaina ugari zuzentzera eraman zuen. Zeregin garrantzitsua izan zuen Olympic Parke Nazionalaren eta Kings Canyon Parke Nazionalaren sorreran, baita Yosemite Parke Nazionalarenean eta Sekuoia Parke Nazionalarenean ere. Eta, hori gutxi balitz, basabizitza eta ingurumena babesten zuten erakunde askoren fundatzaileengan eragina izan zuen.
Baina, gainera, Edge jarraitzaile gutxiko kausa askoren buru izan zen, eta toxiko eta pestiziden erabilera indiskriminatua salatzen ere lehenengotarikoa izan zen. DDTaren arriskuei buruz mintzatu zen. 1941aren amaieran, Edge kongresura joan zen, entzunaldi batera, intsektiziden kontrolik gabeko erabilerari aurre egiteko. Izan ere, Floridako zenbait lekutan, abereek izaten zituzten akainen infestazioak desagerrarazteko intsektizida horiek erabiltzen zituzten. Bertan, aplikazio masibo horiek fauna guztia pozoien eraginpean jartzen zutela ohartarazi zuen.
Bere aktibismo konprometitu eta beligeranteagatik eta arreta beti gatazketan jartzeagatik, kontserbazioaren infernuko katemea goitizenez ezagutzen zen, eta «zintzoena eta hezigaitzena» gisa definitu zuen The New Yorker aldizkariak 1948ko artikulu batean. Edge ez zen inoiz isildu: ez erakunde naturalistetako agintariak kritikatzeko garaian, haiengan praktika okerrak ikusten zituenean; ezta zientzialariei ahotsa ematerakoan ere, argia ikusteko bide zaila zuten gai korapilatsuak ikertzen zituztenean.
Hil baino aste batzuk lehenago, Audubon elkartearekin zuen sua behin betiko itzali zuen; 33 urtean gauza asko aldatu ziren, eta erakundea gauzak ondo egiten ari zen. Edge urteroko bileran izan zen, non estatubatuar kontserbazioaren figura garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu zuten; eta, milatik gora bazkideren txaloen artean, honako hau esan zuen: «Adiskidetu egin naiz Audubon elkartearekin».
Gaur egun bere izena gehienentzat ezezaguna bada ere, bere ondareak sekulako eragina du egungo mugimendu ekologistan. Rosalie Edge, Hawk of Mercy: The Activist Who Saved Nature from the Conservationists liburuak (Rosalie Edge, Belatz errukiorra: Natura kontserbazionisten eskuetatik salbatu zuen aktibista), Dyana Z. Furmanskyrenak, gogora ekartzen du eta omenaldia egiten dio ekosistemak babesten aitzindaria den eta modu bidegabean ahaztua izan den emakume honi.
Erreferentzia bibliografikoa:- Furmansky, Dyana Z. (2009). Rosalie Edge, Hawk of Mercy: The Activist Who Saved Nature from the Conservationists. University of Georgia Press.
- Furmansky, Dyana Z. (2010). Getting Over Rosalie, Audubon Magazine, 2010eko urtarrilaren 7a
- Rosalie Barrow Edge – Feminist, Naturalist and Conservationist, News Audubon Center for Birds of Prey
Elena Soto zientzian espezializatutako kazetaria da. B@leópolisen idazten zuen, Balear Uharteetako dibulgazio zientifiko eta teknologikorako eranskinean. Poeta ere bada, eta hainbat liburu argitaratu ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 30ean: Rosalie Edge, la gata del infierno y el halcón misericordioso.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Rosalie Edge, infernuko katemea eta belatz errukiorra appeared first on Zientzia Kaiera.
Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa
Azken hamarkadetan nabarmen egin du gora mundu-mailako biztanle kopuruak, eta, horrenbestez, baita planetako azalera urbanizatuak ere. Bide horri jarraituz gero, 2050. urterako, mundu-mailako biztanleen bi heren hiriguneetan biziko direla aurreikusten da. Tradizionalki, urbanizazio-prozesua gauzatzeko, natura- edo nekazaritza-inguruneak eraldatu izan dira, hiri-ingurune berrian lurzoru naturaleko eremuak zein landaretza murriztuz, agerikoa denez. Eraldaketa prozesu horrek, besteak beste, hiri-ingurunearen desnaturalizazioa eragin du, gainazal natural eta iragazkorrak (zelai eta basoak) ordeztu eta iragazgaitzak bultzatuz (errepideak, espaloiak eta teilatuak batez ere).
Irudia: urbanizazio-prozesua dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik eta ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak dira. (Argazkia: 652234 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Hori dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik. Ziklo naturalean, gizakiaren eraginik ez dagoenean, euriak akuiferoak hornitzen ditu; prozesu horretan, gainera, iragazi eta garbitu egiten da, naturalki. Hiriguneetan, aldiz, lurra zigilatua dagoenez, ura kolektoreetan jasotzen da, eta handik araztegiraino eramaten dira hondakinak zein sedimentuak, edo, batzuetan, baita ingurunera zuzenean isurtzen ere. Hau da, ura hainbat funtzio dituen baliabide baliotsua izatetik, ahalik eta azkarren ebakuatu beharreko arazo izatera igaro da. Gainera, horrek eragina du saneamendu sarearen diseinuan, ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak baitira.
Gauzak horrela, hainbat proposamen osagarri sortu dira euri-ura hirien plangintzan eta diseinuan integratzeko. Horietako bat dira Sustainable Urban Drainage Systems (SUDS) deiturikoak edo, gurera ekarrita, Drainatze Jasangarriko Hiri-Sistemak (DJHS). Sistemak horiek euri-ura kudeatzeko teknikak dira, erreproduzitu eta/edo lehengoratu egin nahi dituztenak hirigintza-garapenaren aurreko prozesu hidrologikoak (isurketa-atzeratzea, iragazketa, biltegiratzea edo ebapotranspirazioa).
Teknika horietako bat dira zoladura iragazkorrak. Hala, zoladura iragazkor deitzen diegu, zoladura tradizionalak ez bezala, euri-ura jasotzeko eta gordetzeko gai diren horiei. Hori egiteko geruza irazkorrak ipini ohi dira bata bestearen gainean. Azpian harri garbiak eta, goian, asfalto edo hormigoi porotsua moduko geruzaren bat. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik.
Zoladura iragazkorreko sistemen abantaila nagusienetako bat euri-ura kudeatzeko modua da. Zoladura tradizionalak euri-ura drainatze- edo saneamendu-sarera lehenbailehen bideratzeko diseinatu ohi dira, eta gainazaletik egin ohi dute hori, iragazgaitzak izaki. Zoladura iragazkorrak, aldiz, ur hori jatorrian kudeatzeko gai dira; oso porotsuak direnenez ura atxikitzeko gaitasuna baitute. Ura jasotzeko eta gordetzeko ahalmen hori dela medio, nabarmen murriztu dezakete saneamendu-sarera bideratzen den ur-bolumena, saneamendu-sarearen behin-behineko gainezkatze-egoerak urrituz.
Ur-bolumenean eta emarian ez ezik, aipaturiko gainazalaren inpermeabilizazioak eragina du uraren abiaduran ere, eta, ondorioz, kutsagaiak garraiatzeko ahalmenak ere gora egiten du. Beraz, hirietako ur-isuriek kutsagai ugari garraia ditzakete (besteren artean, metal astunak, hidrokarburoak, nitrogenoa, fosforoa eta mikroplastikoak), osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren kontzentrazioetan ere ager daitezkeelarik. Zoladura iragazkorrek, isurketa murriztearekin batera, gutxitu egiten dute kutsatzaileen kontzentrazioa azaleko isurketan, kutsagai batzuk beste batzuk baino hobe degradatu edo atxikitzen dituzten arren.
2. irudia: eremu esperimentaleko ura jasotzen duten hiru ubide: azaleko isurketa jasotzen duena (ezkerrean), asfalto iragazkorrekoa jasotzen duena (erdian) eta gal- tzada-harrien ura jasotzen duena (eskuinean). (Iturria: Ekaia aldizkaria)Zoladura iragazkorrek isuriak murrizteko eta isurien kalitatea hobetzeko duten gaitasuna aztertzeko, Donostiako Udalak Martuteneko Txominenea urbanizazioan zoladura iragazkorreko eremu bat eraiki du, Euskal Herriko Unibertsitateak kudeatzen duena. Eremuak 180 m2 ditu eta zoladura iragazkorren eraginkortasuna aztertzeko datuak biltzen dira. Eremua zoladura iragazkorren epe luzerako eraginkortasuna aztertzeko baliagarri izango da, baita isurketen bolumen eta kalitatean izan dezaketen eraginkortasuna aztertzeko ere.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2022
- Artikuluaren izena: Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa.
- Laburpena: Zoladura iragazkorrak hirietako drainatze-sistema jasangarri mota bat dira. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik. Artikulu honen helburua zoladura iragazkorren inguruan dagoen ezagutzaren inguruko ikuspegi eguneratua ematea da, Administrazio eta enpresetako teknikariek inplementaziorako tresna eskuragarri gehiago izan ditzaten. Horrela, zoladura iragazkorren deskribapena emateaz gain, hirietako saneamendu-sarearen kudeaketan dituzten inpaktuak aztertuko dira, baita diseinurako irizpide batzuk eskainiko ere. Guztia ikuspuntu hidrologiko-hidrauliko batetik egingo da, azaleko isurketen bolumen- eta emari-murrizketa nabarmenduz, baina uraren kalitatea ere kontuan harturik. Bukaeran, zoladura mota hauek ikertzeko eraiki den eremu baten deskribapena ere emango da, haren erabilgarritasuna azpimarratuz.
- Egileak: Eneko Madrazo Uribeetxebarria, Maddi Garmendia Antín, Maite Meaurio Arrate
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 91-107
- DOI: 10.1387/ekaia.23083
Eneko Madrazo Uribeetxebarria UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.
Maddi Garmendia Antín UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.
Maite Meaurio Arrate UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko eta Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa appeared first on Zientzia Kaiera.
Izarren osaketa kimikoak bizigarritasuna baldintza dezake
Ikertzaile talde batek argitu du metaltasun altuko izarrak ez direla oso egokiak inguruko planetetan bizia agertzeko, isurtzen duten erradiazio ultramore motak ez duelako laguntzen planetetan ozono geruza trinko bat eratzen.
Zientziaren historiako esaldi esanguratsuenetakoa da Carl Saganek aspaldi bota zuena: izar hautsa gara. Gurean, noski, Mikel Laboak musikatutako Xabier Leteren abesti ederraren bitartez ere errotu zen kontzeptua. Halaxe da: behin batean supernoba batean kozinatu ziren elementuez osatzen da eskura dugun guztia, udaberriko loreen usain ederra sentiarazten duten molekuletatik hasita eta Sálvame grabatzen duten kameretaraino.
1. irudia: izar batek isurtzen duen erradiazio ultramorearen arabera, desberdinak izango dira planetetan ozono geruza sortzeko aukerak. Irudian, arrokazko eta atmosferadun planeta baten irudikapen artistikoa. (Irudia: NASA Ames/SETI Institute/JPL-Caltech)Elementu gehien-gehienak, bai; baina ez guztiak. Ezta unibertsoan zabalduenak. Hidrogenoa eta helioa aurretik jaio ziren, Big Bang-arekin batera —eta, antza, litio pixka bat ere—. Une horren aurretik zer zegoen, jakina, argitu gabeko misterioa da, baina erantzun tranpati batek ebatzi dezake berdin diola, aurretik denbora ere ez zegoelako. Burua leherrarazten digun paradoxa horietako bat.
Elementuen sukaldea osatzen duten izarren artean, noski, denetako motak daude, bai eta belaunaldiak ere. Uste da unibertsoaren lehen izarrek —III populaziokoak— hidrogenoa eta helioa baino ez zituztela. Ondorengo belaunaldikoak dira II populaziokoak: euren osaketa metal batzuk dituztenak dira. Azkenik, I populazioko izarrak ere badira —gure Eguzkia da talde horretakoa—, metaletan aberatsagoak direnak.
Metaltasun kontzeptua tentuz hartu beharra dago. Askotan aipatzen dira “metalak dituzten izarrak”, baina honek nahasmena eragin dezake astrofisikatik kanpo. Izan ere, astrofisikaren alorrean, taula periodikoan hidrogenotik eta heliotik gorago dauden elementu guztiak metaltzat hartzen dira. Agerikoa denez, kontzeptu hau oso urrun dago gainerako diziplinetan erabili ohi den ikuspegitik.
Metalen osaketa horrek uste baino garrantzi gehiago izan dezake inguruan biraka egon daitezkeen planetetako bizigarritasun aukerei dagokienez. Ikerketa batek proposatu duenez, metaltasun gutxiko izarren inguruan bizia garatzea errazago izango da.
Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikulu batean egin dute proposamena. Modelizazio baten bitartez, zientzialariek aztertu dute izar mota bakoitzak isurtzen duen erradiazio ultramorea, bai eta inguruko planeten ozono geruzaren egoera ere, eta elementu horien inguruan egon daitezken harremanak argitzen saiatu dira.
Egin ohi den moduan, sailkapena egiteko astrofisikariek gure gertueneko errealitatea hartu dute erreferentziatzat. Eguzkia, hain zuzen; gainazalean 5.000 eta 6.000 gradu zentigradu arteko tenperatura duten izarrak aukeratu dituzte. Eguzkia baino metaltasun gehiago ala gutxiago duten, horren arabera sailkatu dituzte gainerako izarrak.
Egiaztatu ahal izan dute metaltasunaren arabera desberdina dela izarrek isurtzen duten erradiazio ultramorea. Argi ultramorea hiru motatan isuri daiteke: A, B eta C, daukaten uhin luzeraren eta energiaren arabera. Lurrean jasotzen dugun gehien-gehiena A motakoa da (UV-A izpi ezagunak), batez ere ozono geruzak funtzio babesgarria izaten duelako.
2. irudia: gure planetan, atmosferan dagoen ozono geruzak funtsezko rola betetzen du bizia ahalbidetzeko. Irudian, Lurraren atmosfera, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusita. (Argazkia: ESA/NASA/Tim Peake)Bizitzarako —orain arte ezagutzen dugun moduan, bederen— erradiazio honek izan dezakeen eragin kaltegarria aintzat hartuta, ikerketa honetan zientzialariek UV-B eta UV-C erradiazioei erreparatu diete. Ikusi dutenez, izar batek inguruko planetetan isuritako erradiazioaren arabera, bizia garatzeko aukerak oso bestelakoak izan daitezke.
Ordenagailu bidezko simulazioak erabili dituzte unibertsoan eman daitezkeen egoeren gainean agertokiak eraikitzeko. Landu dituzten ereduen arabera, metaltasun txikiagoa duten izarretan UV-C motako erradiazio gehiago sortzen da, eta hori, paperaren gainean bederen, lagungarria izan daiteke inguruko planetetan bizigarritasun aukerak indartzeko. Gakoa planetaren atmosferan sor daitekeen ozono geruzaren trinkotasunean datza. Ozono hori egotea funtsezkoa izan daiteke bizia garatu ahal izateko.
Bitxia bada ere, metal gehiago dituzten izarrak erradiazio ultramore gutxiago isurtzen dute, baina, kasu horietan, gailentzen den erradiazioa UV-B motakoa izateagatik dira arriskutsuagoak.
Ezaguna da Lurrean behintzat ozonoak izaten duen rol garrantzitsua bizidunak Eguzkitik datorren erradiazio ultramoretik babesteko. Erradiazio horrek aise kaltetu ditzake zelulak. Gurean bezala, zientzialariek uste dute gainerako planetetan ozono geruza txukun bat izatea nahitaezkoa izan daitekeela bizia garatzeko.
Horretaz jakitun, ikertzaileak ahalegindu dira aurreikusten erradiazio horrek eremu bizigarrian dauden planetetako atmosferetan izango lukeen eragina. Eredu hauek eraikitzeko, aintzat hartu dute ere Lurraren historia geologikoan izan diren hainbat egoera. Oxigenoa, ozonoa eta beste zenbait gasek argi ultramorearekin izaten duten elkarrekintza modelizatu dute ikertzaileek.
“Lurreko atmosferaren kimikan, erradiazio ultramoreak rol bikoitza du. Banakako oxigeno atomoekiko eta oxigeno molekulekiko elkarrekintzaren ondorioz, ozonoa sortu eta birrindu daiteke”, azaldu du Anna Shapiro egileak prentsa ohar batean. Uhin luzera handiko UV-B erradiazioek ozonoa birrintzen dute, baina uhin luzera laburreko UV-C erradiazioek erdi atmosferan ozono babesgarria sor dadila laguntzen dute. Hortaz, Shapirok “zentzuzkotzat” jo dut argi ultramorearen eragina berdina izango dela atmosfera duten exoplanetetan ere.
Honetatik paradoxa bat sortzen da, ikertzaileek nabarmendu dutenaren arabera. Unibertsoa zahartzen den heinean, bizitza sortzeko baldintzak are okerragoak izango dira. Horren arrazoia sinplea da: izarren bizi zikloan, gero eta metal gehiago dago pilatuta.
Jakina da izarrek pixkanaka elementu kimikoak eraldatzen dituztela, heliotik hasita burdinaraino. Bizitzaren amaierara iristen denean, izar batean sortu diren elementu guztiak askatu egiten dira. Tamainaren arabera, askatze hori modu lasaian izan daiteke, izar haize moduan, ala era bortitzagoan, supernoba baten moduan. Material horretatik sortuko dira ondoren izar berriak, baina metal gehiago eskura izanda, jaioko diren izar horiek metal gehiago izango dute beren osaketa kimikoan, inguruko planetatan bizia garatzeko aukerak zailduz.
James Webb teleskopioaren bereizmen itzelari esker, seguruenera datozen urteotan posible izango da exoplaneta askoren atmosferaren inguruko zantzuak eskuratzea, eta, beraz, ikerketa hau egin duten ikertzaileek espero dute egingo diren behaketetan faktore hau lagungarria izango dela bizia garatzeko aukera gehien dituzten eguzki sistemak aukeratzerakoan. Espazio teleskopioak daramatzan gailuen hasierako konfigurazioek orain arte emaitza ikusgarriak eskaini dituzte. Hortaz, behin gailua bere gaitasun osoan jartzen denean, espero izatekoa da orain arte zapaldu ez diren eremuetara iritsiko dela. Kasurako, orain arte tamaina handiko planeten atmosferaren zantzuak baino ezin izan dira ikusi, baina uste da Lurraren tamainaren arrokazko planetetako atmosferen gaineko informazioa eskuratu ahal izango dela hemendik gutxira.
Erreferentzia bibliografikoa:Anna V. Shapiro et al. Metal-rich stars are less suitable for the evolution of life on their planets (2023). Nature Communications, 14, 1893. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-023-37195-4
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Izarren osaketa kimikoak bizigarritasuna baldintza dezake appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez ahaztu Seveso
1976ko uztailaren 10ean gertatu zen, 12:37an, bazkalorduan. Txistu isil bat entzun zen, mehatxuzkoa, ezezaguna. Seveson, Milandik 25 kilometro inguru iparraldera dagoen Italiako Lombardiako herri batean, sute bat piztu zen bertako industria bateko eraikin batean. Garai hartan, Seveson 17.000 biztanle inguru bizi ziren; gaur egun, 20.000 baino zertxobait gehiago dira. Sute hark TCDD dioxina askatu zuen ingurura instalaziotik, eta jendea bizi zen lekuetara iritsi zen. Ondorio latzak eragin zituen.
Instalazio hura ICMESA edo Industria Chimiche Meda Società enpresarena zen, Givaudan konpainiaren subsidiarioa, zeina, aldi berean, Hoffmann-La Rocherena baitzen. Biztanleek ez zuten arriskutsutzat jotzen fabrika, baina, bertan, lurrinak eta kosmetikoak egiteko funtsezko olioez gain eta 2,4,5-T izeneko herbizida eta xaboi hexaklorofenoa egitetik ateratako azpiproduktu gisa, TCDD dioxina edo 2,3,7,8-tetraklorodibenzo-p-dioxina ekoizten zen, zeina oso substantzia arriskutsua eta hilgarria baita. Hosto galarazle bat zen, Agente Laranjaren osaeraren barnekoa. Vietnamgo gerran erabili zen, oihaneko landaredia eliminatzeko eta Vietcong taldeak aurkitzeko.
1. irudia: arrisku biologikoko jantzia duen karabinieri batek kartelak jartzen substantzia kimiko toxikoen presentziaz ohartarazteko. (Argazkia: egile ezezaguna – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)Giza akats baten ondorioz hasi zen sutea, eta aerosol formako hodei bat askatu zuen. Hodei horrek TCDD zeukan (ehunka gramo eta kilogramo batzuen artean), sodio hidroxidoa, glikola eta sodio triklorofenatoa izateaz gain. TCDD erreaktorearen tximiniaren segurtasun balbulatik partikula ñimiñoez osatutako hodei grisaxka bat isuri zen, hondar mehe itxurakoa, eta fabrikako langileen gainean jausi zen, euria balitz bezala. Lanbro zuri eta lodi bat zen, eta medikamentu eta kloro usaina zuen.
Hodeia hegoalderantz mugitu zen, Milanerako norabidean, eta instalazioaren inguruko 18 bat kilometro karraturi eragin zion. Denbora gutxian bost kilometro baino gehiago egin zituen, eta harea zuria teilatu eta soroetara erori zen.
Kaltetutako zona hiru eremutan bereizi zen. A eremua: bi kilometro luze inguru eta 500 metro zabal zen, 50 mikrogramo baino gehiagoko TCDD kontzentrazioa zuen lurzoruko metro karratu bakoitzeko. 736 herritar bizi ziren han, zeinak uztailaren 24an, larunbatean, ebakuatuak izan ziren. Handik denbora gutxira, uztailaren 29an, ebakuatu beharreko eremua zabaldu egin zen, eta 600 biztanle gehiago eraman zituzten leku seguruetara.
2. irudia: Sevesoko istripuan kaltetutako eremuaren mapa. (Argazkia: O–o – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)B eremua: lurreko metro koadro bakoitzeko 5 eta 50 mikrogramo artean zituen, eta 4.700 pertsona bizi ziren han. R eremua: metro koadroko 5 TCDD mikrogramo baino gutxiago zituen, eta 31.800 herritar bizi ziren han. Herritar horiei guztiei honakoa gomendatu zieten: ez ukitzea edo jatea hango laboreetako begetalak, ez eta inguru hartan hazitako etxeko hegaztiak ere.
Lau egunera, uztailaren 14an, medikuek hauteman zuten azaleko erupzioek gora egin zutela helduengan eta haurrengan. Argi zegoen fabrikako hodeiagatik gertatu zela, baina ez zuten ezagutzen kutsaduraren izaera, eta, beraz, ez zekiten zein zen tratamendu egokia. Fabrikak laginak bidali zituen Suitzara, zentralera, baina oraindik ez zuten erantzunik. Gainera, honakoak aurkitu zituzten: hildako oiloak eta txoriak, gaixo zeuden katuak eta txakurrak, erreta zeuden tomateak baratzeetan eta sudurretik eta begietatik odola zerien untxiak. Egun batzuk geroago, animalien ia % 90 hil zela finkatu zen. Ondorengo egunetan, A eta B eremuetako 50.000 animalia inguru hil zituzten. Erleak eta haien panelak ere suntsitu zituzten, kutsatutako eremuaren bost kilometroko inguruan.
Dena den, jazotakoa ez zen prentsara edo irratira iritsi. Berriak pixkanaka zabaldu ziren. Txoriei edo animaliei gertatutakoa noizean behin aipatzen zen komunikabideetan, apurka-apurka. Pertsonei zegokienez, gaixotasunak arinak ziren: azaleko erupzioak edo digestio ondoeza izaten zituzten. Medikuak, kezkatuta baino, haserre zeuden, ez zeukatelako informazio sinesgarririk. Gertatutakoa biztanleen artean hedatzen hasi zen, baina zurrumurruak nagusitu ziren. Ostiral arratsaldean, bi urteko neskato bat heldu zen ospitalera, gorputz osoan zauri handiak zituelarik. Larunbatean, hemezortzi haur zeuden ospitaleratuta, guztiak zauriekin. Haiez gain, heldu batzuk ere bazeuden, aknearekin, goragalearekin edo botaka zebiltzanak.
Uztailaren 20an, hots, sutea piztu eta hamar egunera, Cesano Maderno udalerrian hildako oiloak, ahateak eta untxiak agertzen hasi ziren, Sevesotik 3 kilometrora hegoalderantz. Orduan hasi ziren Milango kazetariak Sevesoko hodei pozoitsuaren inguruan hitz egiten. Garrantzi handiko berria zirudien.
3. irudia: Ukrainako presidentea, Viktor Yushchenko, TCDD dioxinarekin pozoitu zuten 2004an. Ondorioz, kloraknea garatu zuen, eta horren arrastoak aurpegian antzeman dakizkioke. (Argazkia: Muumi – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Sevesoko biztanleek dioxinaren eraginpean egoteagatik pairatutako lehen ondorioa kloraknea izan zen, eta hori izan zen istripuarekin lotura zuela guztiz argi zuten ondorio bakarra. Istripuaren ondorengo hogei urteetan, hilkortasun eta morbilitate datuek honako hauek pairatzeko arrisku larriagoa zegoela erakutsi zuten: neoplasia linfoemopoietikoa, digestio sistemako minbizia (ondestearena, gizonen artean; behazun bideak, emakumeen artean) eta arnas sistemako minbizia (birikakoa, gizonen artean). Intzidentzia analisiei zegokienez, tiroideko eta pleurako minbiziak ere gora egin zuen. Milango Unibertsitateko Angela Cecilia Pesatoriren taldeak honako hauek ere aurkitu zituen: efektu kardiobaskularrak (segur aski dioxinaren esposizio kimikoari eta hondamendiak ekarritako esperientzia estresagarriari lotuak), efektu endokrinoak (diabetesa, emakumeen artean) eta ugalketari dagozkionak. Gizonezkoak TCDDren eraginpean egotearen ondorio zuzen bat atera zuten: ondorengo gehienak sexu femeninokoak izan ziren, maskulinokoak gutxiago izan ziren.
Azterketa epidemiologikoetan, 2009ra arte, minbiziaren intzidentzia tasan igoerak hauteman ziren, nahiz eta ez ziren oso igoera altuak izan, odolean eta bularrean, Angela Cecilia Pesatorik 2009an argitaratutako berrikuspenaren arabera, istripua gertatu eta hogei urtera. 1977 eta 1996 bitarteko diagnostikoak izan zituzten ardatz A eta B eremuetarako.
Sevesoko istripuaren ondorioei buruzko datu asko biltzen dituen berrikuspen osatu bat argitaratu zuten Brenda Eskenazik eta Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko haren lankideek. Testuaren azken atalak ‘Ikasitako lezioak‘ du izena, eta jarraian laburtuko dizuet.
Ingurumen hondamendi bat, Sevesokoa kasurako, tokiko biztanleentzat suntsitzailea dela berretsi dute, eta epe luzean ekologiari, ekonomiari eta osasunari eragiten dioten ondorioak ekar ditzakeela, fisikoak zein psikologikoak. Zoritxarrez, zenbait ingurumen hondamendi gertatu dira (gizakiak eragindakoak zein naturalak) Sevesokoaren ostean, eta etorkizunean ere gertatuko dira, zalantzarik gabe. Sevesok epidemiologoek eta osasun alorreko profesionalek osasunean dituzten ondorioak dokumentatzeko hondamendi baten ondoren har ditzaketen urratsen adibide garrantzitsu bat ematen du. Seveson ikerketa epidemiologikoa egiteko aukera izan bazen, biztanlerian osasuna epe luzera zaintzeko programa azkar bat ezarri zelako soilik izan zen. Programa horrek, modu kritikoan, kaltetutako pertsona askoren lagin biologikoak biltzea eta biltegiratzea barne hartu zuen, lagin horietan esposizioa aztertzeko metodoak oraindik garatu ez ziren arren. Beste urrats garrantzitsu batzuk esposizioarekiko erantzun akutuak izan zituzten pertsonen eta, kasu honetan, kloraknea izan zuten haurren jarraipen arduratsua egitea eta osasun erregistroak garatzea edo handitzea izan ziren, minbiziaren eta jaiotzako akatsen datuekin, hasierako esposizioaren lehen urteetan zein gerora ager litezkeen ondorioei buruzko informazioa biltzeko.
Seveson gertatutakoaz geroztik, Europar Batasunak segurtasun industrialeko arau berriak eta zorrotzagoak ezarri zituen 1996an, eta Seveso II Zuzentaraua (96/82/EE) izenez ezagutzen dira.
Sevesoko istripuaren gaiari gehitu beharreko azken datu bat: Paolo Paoletti, ICMESA instalazioko produkzio zuzendaria hil egin zuen Prima Linea ezkerreko organizazio terroristak, 1980ko otsailaren 2an, Medan.
Erreferentzia bibliografikoak:- Eskenazi, Brenda; Warner, Marcella; Brambilla, Paolo; Signorini, Stefano; Ames, Jennifer; Mocarelli, Paolo (2018). The Seveso accident: A look at 40 years of health research and beyond. Environment International, 121, 71-84. DOI: 10.1016/j.envint.2018.08.051
- Pesatori, Angela Cecilia; Consonni, Dario; Bachetti, Silvia; Zocchetti, Carlo; Bonzini, Matteo; Baccarelli, Andrea; Bertazzi, Pier Alberto (2003). Short- and long-term morbidity and mortality in the population exposed to dioxin after the “Seveso accident”. Industrial Health, 41, 127-138. DOI: 10.2486/indhealth.41.127
- Pesatori, Angela Cecilia; Consonni, Dario; Rubagotti, Maurizia; Grillo, Paolo; Bertazzi, Pier Alberto (2009). Cancer incidence in the population exposed to dioxin after the “Seveso accident”: twenty years of follow-up. Environmental Health, 8, 39. DOI: 10.1186/1476-069X-8-39
- Desastre de Seveso, Wikipedia
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 9an: No olvidar Seveso
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ez ahaztu Seveso appeared first on Zientzia Kaiera.
Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen
Arabako Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan aurkitutako hazien 50 lagini egin zaizkien karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiei esker Erdi Aroko nekazaritza-praktikak ezagutu izan dira. Haziak IV. mendetik XIV.ra bitartekotzat jo dira eta azterketako emaitzei esker ikertzaileek ezagutu dituzte baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak.
Erdi Aroko nekazaritzari buruz daukagun informazio gehiena idatzizko iturrietakoa da eta, horrez gain, aro horretako azken mendeei buruzko da soilik. Gainera, informazioa ez da zehatza. Isotopoen analisiaren bidez, ordea, Erdi Aro osoari buruzko datuak lortu ahal izan dituzte ikertzaileek, baita zuzeneko idatzizko frogarik ez zegoen testuinguruei buruzkoak ere.
Irudia: UPV/EHUren parte-hartzea izan duen ikerketa baten, inoiz erabili gabeko karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren metodologia baliatu dute, Arabako Erdi Aroko aztarnategi bitan sasoiko nekazaritza aztertzeko. (Argazkia: andreas160578 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiak aukera ematen du kuantitatiboki ezaugarritzeko iraganeko nekazaritza teknikak; bereziki, ureztatzearen eta ongarritzearen erabilgarritasunari dagokionez. Bestalde, lehen aldiz aplikatu da metodologia hau sistematikoki Iberiar penintsulako Erdi Aroko aztarnategietan, esaterako, Araban dauden Zornoztegi eta Aistran. Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateako Maite Iris García Colladok hartu du parte eta emaitzak ikusita ondorioztatu daiteke “Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txiki eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Dena den, gariaren laginek adierazten dute Zornoztegin Aistran baino ohikoagoa izan zela ur erabilgarritasun handiagoa zituzten lursailak aukeratzea, baita gizakien parte-hartzea ere hobetzeko”.
Ureztatzeari buruzko datuez gain, ikerketak bestelako zenbait zantzu aurkeztu ditu, eta, horien arabera, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Emaitza horiek pizgarria dira gai horretan lanean jarraitzeko, orain arte ezagutzen ez ziren datuak jakinarazi dituztelako Erdi Aroko komunitate nekazariek laborantzan baliatzen zituzten estrategiei buruz. Hala, datu multzo handiagoak aztertu beharko dira, eta zabaldu egin beharko dira bai geografikoki, bai kronologikoki ikerketa kasuak.
Maite Iris Garciak azaltzen du Arabako bi aztarnategien arteko alde nabarmenak ere aurkitu dituztela, bakoitzaren funtzio ekonomikoak, sozialak eta politikoak ulertzen laguntzen dutenak. Esaterako, Zornoztegi nekazarien herrixka bat zen, eta bertako familia taldeen artean ez da alderik aurkitu. Aistra, ordea, eskualdeko leku nagusietako bat zen, eta zenbait datuk adierazten dute tokiko eliteak han bizi zitezkeela eta ziurrenik zergak biltzeko zentroa zatekeela. Hasieran ikertzaileek uste zuten Aistrako hazien jatorria errentak zirenez, anitzagoak izango zirela. Aitzitik, aldakortasuna antzekoa izan zen bi testuinguruetan. “Zornoztegikoetan, gainera, balizko lan inbertsio handiagoa behatu genuen. Hala ere, gure ikerketa mugatua da, ez dagoelako datu isotopikorik erromatarren garaiko nekazaritzako jardunbideei buruz. Horiek beharrezkoak izango lirateke Erdi Aroko aldaketak eta berrikuntzak behar bezala ebaluatu ahal izateko”, azaldu du ikertzaileak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Erdi Aroko nekazaritzaren ureztatze eta ongarritze mailak zehaztu dituzte.
Erreferentzia bibliografikoa: García-Collado, Maite I.; Quirós Castillo, Juan Antonio; Tereso, João Pedro; Carmine Lubritto, Luís Seabra; Altieri, Simona eta Ricci, Paola (2022). First Direct Evidence of Agrarian Practices in the Alava Plateau (Northern Iberia) During the Middle Ages Through Carbon and Nitrogen Stable Isotope Analyses of Charred Seeds. Environmental Archaeology, 0 (0), 1-11. DOI: 10.1080/14614103.2022.2091725The post Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #438
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
OsasunaAdinkeriari aurre egiteko modua ikertu du Erizaintza Fakultateko ikasleetan Bertitze San Martin UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak. Adinkeriak adinean aurrera doazenen aurkako diskriminazioa deskribatzen du, eta osasun arloan, arazoak dituztenean hauek aintzat ez hartzea eragiten du, besteak beste. Arazo hau aztertzeko helburuarekin, San Martinek aztertu zuen geriatria eta gerontologiari buruzko ikasgaien eta praktika klinikoak egin behar zituzten ikasleen jarrera, praktikak egin aurretik eta ostean. Hala ikusi zuen, erizaintzako ikasleek estereotipo negatibo eta aurreiritzien maila murriztu zutela praktikak egin ostean, baina medikuntzako ikasleetan berdin mantendu ziren. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
PaleontologiaMetodo berri bat erabiliz, paleolitoko zintzilikario batetik erabiltzailearen genoma erauztea lortu dute Anatomia Ebolutiboko Max Planck Institutuan. Ikertzaileek azaldu dutenez, objektua sodio fosfatozko disoluzio batean sartu dute, eta tenperatura pixkanaka igotzen joaten dira. Horrela, hortz edo hezur zaharrean harrapatutako DNA disoluzioan askatzen da, eta sekuentziatzeko eta aztertzeko aukera ematen du. Teknika berritzaile honekin, Denisova haitzuloan aurkitutako zerbido-hortzeko zintzilikario batetik, uapiti baten eta antzinako gizaki baten DNA berreskuratzea lortu dute. Gizaki hori, gainera, duela 19000-25000 urte bizi izan zen emakume bat zela jakin ahal izan dute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Ikerketa batek berretsi du Homo espezieek, eta bereziki Homo sapiensek, oso ingurumen-baldintza eta paisaia desberdinetara egokitzeko gaitasun handia zutela. Ondorio horretara iristeko, duela 3 milioi urte arteko biomen simulazioak egin dituzte eta sei hominino espezieren datu arkeologikoak erabili dituzte. Hala, homininoen migrazioetan eta adaptazioan landarediak, paisaiak eta ekosistemek nola eragin zuten aztertu dute, eta ondorioztatu ahal izan dute espezie bakoitzaren lehenespenak zeintzuk ziren. Gainera, emaitzek iradokitzen dute Homo espezieek aktiboki bilatu zituztela habitat-dibertsitate handiko inguruak, eta, bereziki, H. sapiensek, gaitasun handia zuela halako inguruneetara egokitzeko. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
KimikaOnintze Parrak (1998,Bilbo) Ingeniaritza Kimikoko Gradua (UPV/EHU) ikasi zuen UPV/EHUn, eta ia bi urte daramatza Procat-Vares taldean ikertzen. Bere ikergaia CO2-a gasolina nola bihurtzeko metodoak aztertzean datza, katalizatzaileak erabiliz. Katalizatzaileak erreakzio kimikoak gertarazteko eta horien abiadura kontrolatzeko erabiltzen diren substantziak dira, eta Parraren kasuan, metal oxidoak eta zeolita izeneko katalizatzaile azidoak erabiltzen ditu. Orain arte eginiko probetan oso emaitza onak lortu ditu Parrak. Erreaktorera sartutako CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu du, eta lortutako produktu horien % 75 gasolina izan da. Besteak beste, ekoiztutako gasolinaren propietateak hobetzea da orain helburua. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke: Onintze Parra: “Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta horien % 75 gasolina izan da”.
AstronomiaArtizarran sumendi aktiboak daudela adierazten duen zantzua topatu dute duela urte batzuetako irudiak aztertuz. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran Maat Mons mendiaren hainbat irudi hartu zituen, eta otsailaren eta urriaren bitartean lortutako irudietan zenbait aldaketa hauteman dituzte. Zehazki, sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da, eta zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela. Beste azalpen alternatibo bat da krater horren handitzea hormen kolapso baten ondoriozkoa izatea, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran, eta Maat Mons mendiak ez du ezaugarri hori betetzen. Datuak Zientzia Kaieran: Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?
HizkuntzalaritzaZahartzaroan geroz eta gehiago kostatzen zaigu hitzak topatzea hitz egitean. Hitzak dimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan daude gordeta gure gogoan, eta auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek, baina ikerketek iradokitzen dute sare horren ehundura ahuldu egiten dela adinean aurrera egin ahala, eta hitzen arteko konexioak ahultzen direla. Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldeak eta Ixa ikerketa taldeak gai horren inguruan ikertzen dihardute. Orain arte lortu dituzten emaitzek iradokitzen dute esanahien inguruko ezagutzak behera egiten duela urteen poderioz, eta horrek erlazioa izan dezake hitzak ez topatzearekin. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArkitekturaUrmaela daukan estalki laua da estalki putzuduna, eta abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Klima lehorreko herrialdeetan erabili izan da batik bat, baina Euskal Herriko eraikinetan ere asko hedatu zen, gehienbat ingurune industrialetan. Dituen hainbat abantailen artean, estalki putzudunari esker eraikina hoztu edo berotu egin daiteke. Kanpoan beroa egiten duenean, estalki putzuduneko ura lurruntzen da, horrek urmaeleko energia hartzen du, eta, horrela, eraikineko barne-tenperatura jaistea lortzen da. Hotza egiten duenean, berriz, urak beroa mantentzeko gaitasuna du, eta, beraz, isolatzaile bezala jarduten du. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Estalki putzuduna, altxor ezkutua.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #438 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #446
Industria kimikoa oinarrizkoa da gizarte modernoan. Izan ere, gure bizimodua pentsaezina litzateke hura gabe. Ahalik eta jasangarriena izatea da gure garaiko erronka handienetako bat. Amoniakoa industria honen erreferentziazko konposatuetako bat da eta katalizatzaile berri bat iraultzailea izan daiteke: Reducing the energy requirements and carbon footprint of ammonia production
Geure gorputzari buruz dugun irudia gorputzaren irudikapen mentala da eta ez du datu sentsorial objektiboetan oinarrituta egon behar: horregatik, nahasmendu batzuetan pertsonak ez du bere gorputza den bezala hautematen, zerbait inperfektu eta onartezin gisa baizik. Horren ondorioz, badira jateari uzten diotenak… eta gorputzaren zati bat anputatzen dutenak. JR Alonsoren eskutik niaren sakonera ilunetara bidaia: Our body and our body image.
Neutrinoa bere antipartikula dela zehazteko, desintegrazio oso berezi bat detektatu behar da, hondoko zaratak nahastu gabe. Duela 3 urte, DIPCko jendeak konposatu bat diseinatu zuen, NEXT esperimentuak erabiltzen duen gasa, xenona, desintegratzearen ondorioz sortutako bario katioia detektatzeko gai zena. Orain gainazal bat detektagailuaren muturreko baldintzetan estaliz funtzionatzen duela egiaztatu dute: Development of a barium detector for a neutrinoless double beta decay
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #446 appeared first on Zientzia Kaiera.
Miguel Serveten historia
Gaur egun, jakin badakigu odola biriketara doala eta han gas-trukea egiten dela; baina hori ez da beti horrela izan: XVI. mendera arte, trukea bihotzean gertatzen zela uste zen.
Miguel Servet izan zen, bere Christianismi Restitutio tratatuan, ideia hau lehen aldiz idatzi zuena. Teorian, teologia-tratatu bat zen idazkia, baina elizaren aurka egiten zuten ideien artean, gogoeta zientifiko garrantzitsuak tartekatu zituen. Bere ideia heterodoxoengatik eta liburuengatik, Inkisisioak heretikotzat jo eta eta sutan erretzera kondenatu zuen.
‘Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Miguel Serveten historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Estalki putzuduna, altxor ezkutua
Urmaela daukan estalki laua da estalki putzuduna. Klima lehorreko herrialdeetan erabili izan da batik bat. Hori dela eta, estalki horren inguruko ikerketa garrantzitsuenak Indian, AEBn eta Israelen egin izan dira. Hala ere, pasa den mendean, estalki putzuduna asko hedatu zen Euskal Herriko eraikinetan, gehienbat ingurune industrialetan. Gaur egun, ordea, ia ez da erabiltzen. Zergatik erabili zen hainbeste estalki putzuduna gure herrialdean, hain hezea izanik?
1. irudia: estalki putzudunak: a) 1962an eraikitako ARGA burdinola (Arrasate) eta b) gaur egun Euskalduna ontziolatik zutik geratzen den eraikin bakarra, dikearen ponpen eraikina (Bilbo). (Iturria: Ekaia aldizkaria)Estalki putzudunak abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Alde batetik, eraikinaren inertzia eta isolamendu termikoa areagotu egiten dira, barruko bizi-giroa hobetuz. Izatez, urak ezaugarri termiko onak ditu eraikuntzarako. Batetik, eroankortasun termiko txikia dauka, isolatzaile termiko ona baita. Horri esker, eraikinaren estalkitik barruranzko/kanporanzko bero-fluxuak murriztu egiten dira. Bestetik, bero(-ahalmen) espezifiko handiko materiala da ura. Hau da, energia asko xurgatu/askatu dezake tenperatura-aldaketa nabarmenik eduki gabe. Bi ezaugarri horiek direla eta, eraikinak inertzia termiko handia lor dezake estalki putzudunari esker. Horrela, eraikinaren barne-espazioen tenperatura kanpokoa baino astiroago aldatzen da, eta oszilazio termiko txikiagoak izaten ditu.
2. irudia: estalki putzudunaren ohiko eraikuntza-egitura. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Beste aldetik, eraikina hoztu edo berotu egin daiteke estalki putzudunari esker. Eraikinaren tenperatura jaisteko, ur-lurrunketa baliatzen da. Izan ere, 25 °C-tan, ur kilogramo bakoitzari 2442 kJ (583 kcal) eman behar zaizkio fase-aldaketa hori gertatzeko (uraren lurruntze-bero sorra). Estalki putzuduneko ura lurruntzean, urmaeletik hartzen du energia, eta, horrela, eraikineko barne-tenperatura jaistea lortzen da. Aspertsoreak erabiliz gero, prozesua askoz eraginkorragoa da, ur-tanta txikien erraztu egiten delako lurrunketa. Estalki putzudunak bestelako abantailak ere eskaintzen ditu, hala nola, jasangarria da eta ikuspegi ekologikotik onurak besterik ez ditu. Gainera, Arrasate aldeko eraikin industrial batzuetan, estalki putzuduneko ura barruko makinak hozteko erabiltzen zen puntualki. Leku batzuetan, komunetako zisternak ere betetzen zituzten ur horrekin.
3. irudia. a) Muxibar baserriko estalki putzuduna gaur egun. b) San Agustin lantegiaren estalki putzuduneko ekosistema (Arrasate). (Iturria: Ekaia aldizkaria)Eta, noski, estalki putzudunak desabantaila batzuk ere baditu: zikinkeria pila daiteke, mantentze-lana eskatzen du eta eraikinaren egiturak sendoagoa izan behar du, uraren zama jasateko.
Laburbilduz, arazo batzuk baditu ere, estalki putzuduna interesgarria da oraindik ere. Izatez, gaur egun, arkitektu ospetsuek diseinatutako nazioarteko hainbat eraikinetan erabili izan da. Baina, zoritxarrez, Euskal Herrian erabat ahaztua dago, eta eraikin batzuetan onuragarria izan litekeela esan daiteke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2022
- Artikuluaren izena: Estalki putzudunaren abantaila jasangarriak.
- Laburpena: Estalki putzuduna klima lehorreko herrialdeetan erabili ohi da. Horregatik, ez da kasualitatea estalki horren inguruko ikerketa garrantzitsuenak Indian, AEBn eta Israelen eginak izatea. Hala ere, pasa den mendean, estalki putzuduna asko hedatu zen Euskal Herriko eraikinetan, gehienbat ingurune industrialetan. Gaur egun, ordea, ia ez da erabiltzen. Estalki putzudunak abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Eta, noski, desabantaila batzuk ere baditu: zikinkeria pila daiteke, mantentze-lana eskatzen du eta eraikinaren egiturak sendoagoa izan behar du, uraren zama jasateko. Baina arazo batzuk baditu ere, estalki putzuduna interesgarria da, oraindik, eta gaur egungo eraikinetan eta Euskal Herriko eraikin batzuetan onuragarria izan liteke.
- Egileak: Ramon Ugalde, Katrin Santín, Urtza Uriarte, Jose Miguel Campillo-Robles
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 151-172
- DOI: 10.1387/ekaia.23041
Ramon Ugalde Historia irakasle jubilatua da.
Katrin Santín eta Jose Miguel Campillo-Robles UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikertzaileak dira
Urtza Uriarte UPV/EHUko Arkitektura G.E.T.ko Arkitektura Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Estalki putzuduna, altxor ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.
Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean
Begi-bistakoa da urteak betetzen ditugun heinean hitz egitea gero eta korapilatsuagoa bihurtzen dela. Gaztaroan, hitzak ur-jauzia legez etenik gabe irteten zaizkigu ahotik eta gure arreta mezuan eta interakzioan utz dezakegu, hizkuntzak bidea berez aurkituko balu bezala. Helduaroan zehar, ostera, berehala ohartzen gara hizkuntza erabiltzeak gero eta arreta gehiago eskatzen digula; gero eta ahalegin handiagoa eskaini behar diogula hitzen bilaketari.
Hitzak beren kabuz ahora gerturatzetik, gero eta sarriago haien bila ibiltzera pasatzen gara adinarekin, nahiz eta sarritan mingainaren puntan izan. Fenomeno hau hitzek jasotzen duten aktibazio mailarekin lotuta dagoela uste dute ikerketek. Adinarekin lotuta agertzen diren hiztegi-arazoek eragiten dute, besteak beste, motelago eta etenaldi gehiagorekin hitz egitea.
Irudia: adinean aurrera joan ahala, hitz kopuru handiago ezagutu arren, zailtasunak izaten ditugu beharrezko hitza gogora ekartzeko haren errepresentazioa ez baita aktibatzen gure hiztegi-sarean. (Argazkia: James Ampong – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Hitzak sareetan gordetaBatzuetan mentalki zabaltzen dugu paperezko hiztegia, non hitz-zerrendak irudikatzen ditugun, gogoratu nahi dugun hitza bat-batean bertan topatzerik izango bagenu bezala. Gutxitan da hori lagungarri, hitzak gure gogoan ez baitaude zerrendetan gordeta forma ortografikoari jarraiki, baizik eta sareetan: dimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan.
Hiztegi mentala elkarri ehundutako harien multzo gisa irudikatu dezakegu, bere korapilo eta loturekin. Oinarrian, sareko korapilo bakoitzean hitz baten errepresentazio lexikoa eta kontzeptuala metatzen ditugu, eta korapiloak beren arteko harreman semantiko eta fonologikoen arabera lotzen dira elkarrekin. Hau da, ‘txerri’ hitzaren errepresentazioak lotura izango du ‘basurde’ eta ‘zaldi’ hitzekin. Bestalde, ‘txerri’ hitzak lotura izango du, baita, ‘herri’ hitzarekin eta beste hainbat eta hainbat korapilorekin, antzekotasun fonologikoa medio. Edonola ere, sarea ez da simetrikoa, korapiloen arteko distantzia aldakorra baita, beren arteko harreman mailaren araberakoa. Hau da, ‘txerri’ ‘basurde’-tik gertuago egongo da sarean ‘zaldi’-tik baino, lehen biek lotura estuagoa dutelako. Horrek eragiten du sarearen baitan hitzen gertutasunaren araberako multzoak sortzea. Ondorioz, auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Aldiz, auzokide gutxi dituzten hitzak isolatuago egon ohi dira.
Hitzak aktibatzenSare-egituran oinarrituta, Collins eta Loftus-ek (1975) ‘aktibazioaren hedapenaren teoria’ aurkeztu zuten, eta harrezkero, kontaezinak dira teoria horren balioa azpimarratu duten ikerketak. Teoria horren arabera, hitz bat behar dugunean, aktibatu egiten da haren errepresentazioa, korapilo zehatz horretan kokatuta dagoen bonbilla bat piztuko balitz bezala. Alabaina, aktibazio hori ez da hitz bakar batera mugatzen, hedatu egiten da harreman semantiko edo fonologikoak dituzten beste hitz batzuetara. Egoera egoki batean, erabili nahi dugun hitzak jasoko du aktibazio gehien, eta aktibazioa ahulagoa izango da hari loturiko beste hitzen errepresentazioetan, zeintzuk isilpean geratuko diren milisegundo batzuen buruan guztiz desaktibatu arte. Aktibazio eta ko-aktibazio mekanismo horrek ez duenean behar bezala funtzionatzen, “koilara” esaten dugu “tenedore” ordez, edota “armairu” “hozkailu”-ren ordez. Tankera honetako akatsak edozein hiztunetan gertatu daitezkeen arren, bereziki nabarmenak dira hartutako gaitz neurologikoaren edo prozesu neurodegeneratiboen ondorioz afasia erakusten duten hiztunetan.
Antzekotasun semantiko eta fonologikoaz haratago, hitzen beste hainbat ezaugarrik eragiten diote haien biltegiratze eta aktibazioari; besteak beste, hitzen erabilera-maiztasunak, hizkuntza naturalean bi hitzek batera agertzeko daukaten probabilitateak, zehaztasun mailak edota hitz auzokideen dentsitateak. Hainbat ikerketa esperimentalek erakutsi dute aldagai horiek eragina dutela zuzentasunean eta erreakzio-denboran hitzak ezagutzeko orduan, bai eta erabiltzekoan edota haien inguruan usteak ematekoan, edozein izanik hiztunak hitz egiten duen hizkuntza. Hots, hiztegi-sarearen egitura eta aktibazio-mekanismoa unibertsala da edozein dela ere gizabanakoaren jatorria. Alabaina, goian aipatu bezala, badirudi ezaugarri horiek ez dutela berdin irauten bizi-ziklo guztian zehar.
Hitzen bila zahartzaroanZahartzaroan, hitz gehiago ezagutzeaz gain, elementu bitxiagoak erabiltzeko joera dugu gizakiok. Hala ere, ez dirudi hizkuntza-erabilerak eta eskarmentuak dakarten abantaila hori egunerokotasunean azaleratzen denik, adinarekin gero eta eragozpen handiagoak baititugu hitzen bilaketan. Honen adibide dira aiton-amonek familiartekoen izenak erabiltzerako orduan dituzten zailtasunak; parean duten ilobaren izena esan nahian, iloba guztien izenak ahoskatzen dituzte sarritan. Ur gaziak eta erabilerak higatu duen arrantza-sareari gertatzen zaion moduan, adinarekin hitz-sareko loturek ehundura gutxiago dituzte; korapiloak ez daude elkarrekin horren sendo konektatuta. Izan ere, arlo honetan eginiko lanek iradokitzen dutenaren arabera, hiztegiek antolaketa pobreagoa erakusten dute. Ikerketa ildo honetan lankidetzan gabiltza Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldea eta Ixa ikerketa taldeetako hainbat ikertzaile, BBVA Fundazioak emandako Leonardo beka batek finantzatutako proiektu batean. Hiztegiari dagokion ezagutza semantikoak 30 eta 80 urte bitarteko hiztunengan duen balizko aldaketa aztertu dugu kognitiboki osasuntsuak diren hiztunengan. Atariko emaitzek iradokitzen dute hezkuntza maila berbera izanik, hitzen arteko lotura kontzeptualak ahuldu egiten direla adinarekin. Hots, esanahien inguruko ezagutzak behera egiten du zahartzaro osasuntsuan, eta urteen poderioz, behin hiztegi sarean erlazionatuta zeuden korapiloek joera dute beren arteko lotura galtzeko (Arantzeta, San Martin eta Goikoetxea, aribidean).
Hiztegiaren prozesamendua fenomeno konplexua eta dimentsio anitzekoa da, eta oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek. Psikohizkuntzalaritza ikerketek iradokitzen dute hitzen arteko loturak ahuldu egiten direla zahartu ahala eta honek hitzen faltarekin harremana daukala, hitzen aktibazio eta ko-aktibazioa baldintzatzen baitute. Era berean, zentzuzkoa da pentsatzea hiztegi mailan gertatzen diren aldaketa horiek hizkuntzaren beste alderdi batzuei ere eragingo dietela zahartzaro osasuntsuan; esaterako, ulermen-gaitasunari. Hizkuntza eta komunikazio-gaitasuna gure espeziearen sozializazio eta ongizatearen gako dira, eta zahartzaroaren arlo honen inguruko ikerketak ezinbestekoak izango dira nagusiak ahaldundu eta gizarte honetan eragile aktibo bihurtzeko bidean.
Erreferentzia bibliografikoak:- Collins, A.M. eta Loftus, E.F. (1975). A spreading-activation theory of semantic processing. Psychological Review, 82 (6), 407-428. DOI: 10.1037/0033-295X.82.6.407
- Strijkers, K., Costa, A., eta Thierry, G. (2010). Tracking Lexical Access in Speech Production: Electrophysiological Correlates of Word Frequency and Cognate Effects, Cerebral Cortex, 20 (4), 912–928. DOI: 10.1093/cercor/bhp153
- Dahan, D., Magnuson, J.S., eta Tanenhaus, M.K. (2001). Time Course of Frequency Effects in Spoken-Word Recognition: Evidence from Eye Movements. Cognitive Psychology, 42 (4), 317-367. DOI: 10.1006/cogp.2001.0750
- Mirman, D., eta Magnuson, J. S. (2008). Attractor dynamics and semantic neighbourhood density: Processing is slowed by near neighbours and speeded by distant neighbours. Journal of Experimental Psychology: Learning, Memory, and Cognition, 34 (1), 65–79. DOI: 10.1037/0278-7393.34.1.65
- Beretta, A., Fiorentino, R., eta Poeppel, D. (2005). The effects of homonymy and polysemy on lexical access: an MEG study. Cognitive Brain Research, 24 (1), 57-65. DOI: doi.org/10.1016/j.cogbrainres.2004.12.006
- Verhaeghen, P. (2003). Aging and vocabulary score: A meta-analysis. Psychology and Aging, 18 (2), 332-339. DOI: 10.1037/0882-7974.18.2.332
- Dubossarsky, H., De Dedeyne, S., eta Hills, T.T. (2017). Quantifying the structure of free association networks across the life span. Developmental Psychology Journal, 53 (8), 1560-1570. DOI: 10.1037/dev0000347
- Wulff, D.U., Hills, T., eta Mata, R. (2022). Structural differences in the semantic networks of younger and older adults. Scientific Reports, 12, 21459. DOI: 10.1038/s41598-022-11698-4
BBVA Fundazioa. Leonardo bekak kultur ikertzaile eta sortzaileentzat 2021. Hezkuntza Saila, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza. Euskal Unibertsitate Sistemako ikertalde egonkortua (IT1439/22-GIC21/132).
Egileez:Olatz Andonegi, Ingeles Ikasketetan graduatua, eta Miren Arantzeta, Neurozientzia Kognitiboan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.
The post Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean appeared first on Zientzia Kaiera.
Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?
Lurra eta Artizarra, tamaina eta konposizio berdintsukoak izan arren, oso eboluzio geologiko eta atmosferiko ezberdinak izan dituzten bi planeta dira. Egin dituzten bideak hain izan dira bereiziak, non esan baitezakegu, itxuraz, elkarren oso antz txikia dutela.
Artizarra gure planeta “bikia” izanda, espero izango ez genituzkeen desberdintasun ugari aurkezten ditu Lurrarekin alderatuta, eta, ondorioz, haren irudia arraroa suerta dakiguke, besteak beste, honako ezaugarri hauek dituelako: gainazaleko tenperatura izugarri altuak –kontrara, gure planetako tenperaturak ur likidoa eta bizitza ahalbidetzen ditu–, plaken tektonikarik ez egotea –izan ere, plaken tektonika propietate emergente bat al da planeta harritsuetan edo Lurraren bitxikeria bat baino ez da? – eta sumendi aktiboen existentziaren froga urriak –nahiz eta Lurrarekin dituen antzekotasunak direla-eta oraindik planeta aktiboa izan beharko lukeen–.
Azken urteetan –batez ere, azken hamarkadan–, Artizarrari buruzko gure ikuspegia aldatzen hasi da; izan ere, azkenaldiko misioek eskuratutako datuen bidez ez ezik, duela hogeita hamar urte baino gehiago hartutako datuen azterketaren eta berrinterpretazioaren bidez ere, planeta horren jarduera geologikoari buruz dakiguna argitzen hasi gara.
1. irudia: gauza batzuetan antzeko planetak dira, baina badira zenbait forma, hala nola venusiar “krepe” hauek –pancake domes, ingelesez–, Lurrean baliokiderik ez dutenak. Laba domoak direla uste da –kasu horretan 65 kilometro inguruko diametroa dute eta metro bat baino gutxiagoko altuera, eta sabai oso laua–. (Argazkia: NASA/JPL. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Izan ere, jarduera geologikorik ez ikusteak ez du esan nahi jarduera geologikorik ez dagoela: Artizarrean gertatzen denari zuzenean behatzea benetako buruhaustea da; izan ere, haren gainazala etengabe estaltzen dute hodeiek eta horrek uhin luzera ikusgarrian behatzea eragozten du. Horrenbestez, hari behatu ahal izateko, infragorriko leiho batzuk edo radar bat –hodeiak gorabehera, gainazalaren irudiak hartzeko gai da– daramaten misioak baliatzen dira.
Artizarraren gainazalean lurreratzeko gai diren misioei buruz hitz egitea erronka tekniko handia da oraindik; izan ere, tenperatura 450 ºC-tik gorakoa izan daiteke eta Lurrean baino 90 aldiz handiagoa da presio atmosferikoa, eta horrek asko mugatzen du horrelako misioen bizitza. Bide batez, azken urteotan ikusten ari garen proposamenetan ez dira ikusten hainbeste gainazalean ibiltzeko misioak, baizik eta atmosferan mugitzekoak –adibidez, globoak–; izan ere, atmosferako kondizioek biziraupen handiagoa bermatzen dute eta handik ere datu ugari eskura litezke, bai eta jarduera geologikoa, infrasoinuen erabileraren bidez, detektatu ere.
Argi dagoena da planetan zerbait gertatzen dela, haren gainazala, denbora igaro ahala, berritu egiten delako. Egiazki, orain arte, gure behaketek ezin izan dute baieztatu sumendi hauenen jarduera, baina azalpenik onenetako bat jarduera bolkanikoarena da, hau da, laba koladen eta beste fenomeno batzuen bidez aldatzen dela gainazala.
Izan ere, 2010. urteaz geroztik, gaur egun sumendi aktiboak daudela adierazten duten zenbait zantzu hauteman dira. Alde batetik puntu beroak egotea –infragorrian– Lurreko sumendien morfologian antzekoak diren gune menditsuen gainean, eta horrek gainazalean duela gutxiko koladak daudela adieraz dezake. Bestetik, Artizarreko atmosferan sufre dioxidoaren kontzentrazioa aldakorra izatea –jarduera bolkanikoarekin lotutako gasa Lurrean. Azkenik, fosfano polemikoa: egile batzuek iradokitzen dute haren jatorria ez dagoela lotuta bizitzarekin, eta atmosferako goi geruzetan fosfatoa duten konposatuak injektatzeko gai diren erupzio leherkorretan atmosferara igorritako gasetatik abiatuta eratu daitekeela.
Baina Science aldizkarian argitaratutako froga da gaur egun sumendi erupzioak badirela adierazten duen ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran hartutako radar bidezko irudiek oraindik ere zenbait ezusteko ezkutatzen zituztela zirudien.
2. irudia: Maat Mons sumendiaren hiru dimentsioko berreraikuntza, Magellan misioaren datuekin egina. Ezkutu-sumendi hori Lurreko sumendien antzekoa da garaierari dagokionez, baina askoz diametro handiagoa du. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Zundaren radarrak une ezberdinetan hartutako irudiak alderatuta, zientzialariak konturatu ziren aldaketa batzuk gertatu zirela Maat Mons mendian 1991ko otsailaren eta urriaren bitartean. Ezkutu-sumendi bat da, ia 5 kilometro altxatzen dena inguratzen duen lautadaren gainean, eta azken urteetan interes zientifikoa erakarri zuen; izan ere, haren morfologiak eta maldan behera erortzen ziren koladek duela gutxiko jarduera adierazten zuten, itxuraz.
Zer motatako aldaketak ikusi dituzte zientzialariek? Bi irudien artean sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da –kasu horretan, hasieran 2,5 kilometro karratu izatetik, gero ia 4 kilometro karratu izatera–. Zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela bi irudiak egin ziren uneen arteko zortzi hilabeteetan.
3. irudia: Magellan zundaren bi irudien erkaketa, aldaketa horiek erakusten dituena. Argi eta garbi ikusten da kraterraren morfologian izandako aldaketa. (Argazkia: Robert Herrick/UAF. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Beste azalpen alternatibo bat ere badago: krater hori handitzea haren hormen kolapso baten ondoriozkoa izan liteke, eraikin bolkanikoaren beraren ezegonkortasunak edo jatorri tektonikoko lurrikara batek eraginda, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran.
Era berean, bigarren irudian, urriko irudian, mendi hegalean behera laba kolada berriak izan daitezkeenak ageri dira. Zoritxarrez, eta irudien bereizmena eta intzidentzia-angelua direla eta, ezin da baztertu lehendik hor egotea eta, besterik gabe, bigarren irudian gehiago nabarmentzea.
Dena bere bidean, hurrengo hamarkadaren hasieran bi misio berri izan genitzake Artizarraren orbitan: VERITAS eta EnVision. Planetaren jarduera geologikoari buruzko zenbait galdera argitzeko gai izango dira, eta, irekiera sintetikoko radarren bidez, gainazalaren irudiak hartu –eta aldaketak aztertu– ahal izango dituzte, aurrekaririk gabeko bereizmenarekin, aurreko misioen aldean. Nolanahi ere, batek daki ez ote garen gai izango, oraindik, planeta-misio zaharren datuetan ezkutatutako ezusteko are handiagoak aurkitzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:Emmanuel, Marcq; Bertaux, Jean Loup; Montmessin, Franck; Belyaev, Denis (2013). Variations of sulphur dioxide at the cloud top of Venus’s dynamic atmosphere. Nature Geoscience, 6 (1), 25–28. DOI: 10.1038/ngeo1650
Bains, William; Shorttle, Oliver; Ranjan, Sukrit; Rimmer, Paul B.; Petkowski, Janusz J.; Greaves, Jane S.; Seager, Sara (2022). Only extraordinary volcanism can explain the presence of parts per billion phosphine on Venus. PNAS, 119 (7), 2–3. DOI: 10.1073/pnas.2121702119
Herrick, Robert R; Hensley, Scott (2023). Surface changes observed on a Venusian volcano during the Magellan mission. Science, 7735, 1–7. DOI: 10.1126/science.abm7735
Shalygin, Eugene V.; Basilevsky, Alexander T.; Markiewicz, Wojciech J.; Titov, Dmitrij V.; Kreslavsky, Mikhail A.; Roatsch, Thomas (2012). Search for ongoing volcanic activity on Venus: Case study of Maat Mons, Sapas Mons and Ozza Mons volcanoes. Planetary and Space Science, 73 (1), 294–301. DOI: 10.1016/j.pss.2012.08.018
Smrekar, Suzanne E.; Stofan, Ellen R.; Mueller, Nils; Treiman, Allan; Elkins-Tanton, Linda; Helbert, Joern; Piccioni, Giuseppe; Drossart, Pierre (2010). Recent Hotspot Volcanism on Venus from VIRTIS Emissivity Data. Science, 328 (5978), 605–608. DOI: 10.1126/science.1186785
Cordiner, Martin A.; Villanueva, Geronimo L.; Wiesemeyer, H.; Milam, S. N.; de Pater, Imke; Moullet, Arielle; Aladro, Rebeca; Nixon, Conor A.; Thelen, Alexander E.; Charnley, S. B.; Stutzki, J.; Kofman, Vincent; Faggi, Sara; Liuzzi, Giuliano; Cosentino, Richard; McGuire, Brett. Phosphine in the Venusian Atmosphere: A Strict Upper Limit From SOFIA GREAT Observations. Geophysical Research Letters, 49 (22). DOI: 10.1029/2022GL101055
Basilevsky, Alexander T.; Shalygin, Eugene V.; Titov, Dmitrij V.; Markiewicz, Wojciech J.; Scholten, Frank; Roatsch, Thomas; Kreslavsky, Mikhail A.; Moroz, Lyuba V.; Ignatiev, Nikolai I.; Fiethe, Björn; Osterloh, Björn; Michalik, Harald (2012). Geologic interpretation of the near-infrared images of the surface taken by the Venus Monitoring Camera, Venus Express. Icarus 217 (2), 434–450. DOI: 10.1016/j.icarus.2011.11.003
Zhang, Xi. (2014). On the Decadal Variation of Sulphur Dioxide at the Cloud Top of Venus. European Planetary Science Congress. https://meetingorganizer.copernicus.org/EPSC2014/EPSC2014-189.pdf
Egileaz:Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 20an: ¿Es esta la prueba definitiva de que Venus tiene volcanes activos?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga? appeared first on Zientzia Kaiera.
Osasun arloan adinkeriari lotutako aurreiritziei aurre egiteko irakasgaia
Adinkeriak edadetuekiko eta zahartzaroarekiko ditugun jarrera baztertzaileak, aurreiritziak eta estereotipoak deskribatzen ditu, hau da, adinean aurrera doazenen aurkako diskriminazioa. Adinkeria edozein eremutan ikus daiteke, baita osasun arloan ere eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Bartitze San Martin irakasleak ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzako ikasleetan.
Irudia: adinekoekin familiako kontakturik izan ez dutenek, edadetuekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak izateko joera handiagoa dute. (Argazkia: Mabel Amber – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Robert Butler mediku eta gerontologo amerikarrak “adinkeria” terminoa sortu zuen 1968an. Honen bidez adierazten zuen gizarteak nola ukatzen zien adinekoei bizitzarekin jarraitzeko aukera eta beren burua berrasmatzeko aukerak. Adinkeriak, besteak beste, adinekoak umeak bezala tratatzea eragiten du, haurrak baliran hitz egitea edota osasun arazoak dituztenean hauek aintzat ez hartzea. Azken honek ondorio larriak ekar ditzake osasunaren arloan, adibidez, behar diren proba medikuak ez bideratzea, diagnostiko gutxiago egitea eta behar diren tratamenduak ez ematea. Hori dela eta, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Bartitze San Martin irakasleak aztertu du nola eragiten duen ikasleengan geriatria eta gerontologiari buruzko ikasgaien eta praktika klinikoak, eta hura egin ondoren estereotipo eta aurreiritzien karga hobetu, okertu edo bere horretan mantentzen den ere.
Ikasgai eta praktika klinikoen eragina adinkerianAzterketa gauzatzeko Erizaintza eta Medikuntza graduetako bigarren mailako bi ikasle-talde hautatu zituen: lehenak, Erizaintzako 113 ikasle ziren eta geriatria eta gerontologia gaiak landu zituzten “Bizi Zikloa II” irakasgaian eta baita ere praktikak egin nagusiekin zentro soziosanitarioetan. Bigarren taldea, Medikuntzako graduko 109 ikaslek osatzen zuen eta ez zuten ikasgai hori eduki, ez antzeko besterik ere, ezta praktika klinikorik egin adinekoekin. Proben hasieran, parte hartu zuten bi taldeetako kideek estereotipo negatiboen eta aurreiritzien antzeko maila zuten; baina, ikasturtea amaitzean, Erizaintzako ikasle taldean nabarmen murriztu ziren adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak. Aldiz, Medikuntzako ikasleen artean, ez zen aldaketa nabarmenik ikusi.
Ikertzaileak eta haren lankideek adierazi dute bereziki garrantzitsua dela osasun zientzietako ikasleak, eta zehazki Erizaintzako ikasleak, adinekoekiko ditugun aurreiritzi eta estereotipoez jabetzea, haiek baitira pazienteekin etengabeko kontaktuan daudenak. Izan ere, edadetuekiko estereotipoak eta aurreiritziak baditugu, gure jokabideak hauek islatzeko arriskua dugu. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) adinkeriari buruzko mundu mailako txostenaren emaitzek adierazten dutenez adinkeria ez da soilik osasun langileen kontua, erakunde eta pertsona orok landu beharreko gai baizik.
“Zahartze trajea” enpatia garatzekoBartitze San Martin irakaslearen esanetan Erizaintzako graduko ‘Bizi Zikloa II’ irakasgaian asko lantzen dira zahartze-prozesuan adinekoek dituzten aldaketa fisiko zein kognitiboak, baita urteen poderioz izaten duten narriadura ere. Horrez gain, “zahartze trajea” deritzona dute ikasleek irakasgaian eta, honi esker, lehen pertsonan senti ditzakete adinekoek mugikortasunean, ikusmenean, entzumenean eta beste hainbat esparrutan izan ditzaketen zailtasunak. Zahartze trajearen bidez egoitzetako eta ospitaleetako adineko pazienteen azalean jartzeko aukera dute ikasleek eta horrela, Bartitze San Martin ikertzailearen esanetan, “adinekoekiko duten enpatia areagotzea”.
Enpatia garatzea da aurreiritziak eta estereotipoak baztertzeko bideetako bat, izan ere, adinkeriak edadetuen bizi-kalitatean eragina du, haien gizarte-isolamendua, bakardadea eta osasun arazoak areagotzen ditu eta baita beraiekiko abusuak eta indarkeria ere. Beraz, beraiekin lan egingo duten osasun arloko ikasleen adinkerian eragiteko eta jarrera baztertzaileak prebenitzeko baliagarriak dira hezkuntza arloko esku-hartzeak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Tesi batek ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzako ikasleetan.
The post Osasun arloan adinkeriari lotutako aurreiritziei aurre egiteko irakasgaia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #437
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
GeologiaUPV/EHUko ikerketa batek Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu du. Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldea izan da azterlan honen egilea, eta dunek harri-jausietan duten eragina aztertu dute. Fenomeno horren aurka, ohikoa da dikeak, sareak eta hesiak eraikitzea, baina ikerketa-taldeak aztertu nahi izan du babes-neurri horiek nola naturalizatu. Droneak edo laser eskanerra erabiliz, Barinatxe hondartzaren eremuko 3Dko ereduak sortu dituzte, eta zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egin ostean, ondorioztatu dute itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Datuak Zientzia Kaieran: Dunak hondartzetako harri-jausien aurka.
PaleontologiaAnbar zatien ikerketa berri batean aurkitu dute kakalardoak dinosauroen lumez elikatzen zirela, duela 105 milioi urte inguru. Enrique Peñalverrek, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutu Nazionaleko ikertzaileak, eta bere kideek egin dute aurkikuntza, Teruel, Urizaharra eta Kantabriako anbar hobietan aurkitutako piezak aztertu ondoren. Kakalardo-hondarrekin kontserbatutako lumak dinosauro ezezagun batenak dira, eta ez dira hegazti modernoenak; izan ere, talde hori 30 milioi urte beranduago agertu zen erregistroetan. Ikertzaileek uste dute erlazio sinbiotiko baten zantzuak ematen dituela aurkikuntza honek; izan ere, litekeena da dinosauro lumadunak kakalardo-larben jardueraz baliatzea habia garbi mantentzeko. Azalpenak Alea astekarian: Dinosauroen lumak, otordura.
GenetikaUgaztunak forma eta tamaina askotarikoak dira. Batzuk oso ezagunak, baina badira ere ezezagunak diren hainbat, esaterako, Cryptoprocta ferox espezieko fosa bat, hatz biko nagia, tenrec triku ñimiñoa, pangolina edo aie-aiea. Ugaztunen aniztasuna eta bilakaera ulertzeko asmoarekin jarri zuten martxan Zoonomia proiektua. Egitasmo honek ugaztunen 240 ugaztun espezieren genoma sekuentziatu ditu hauen bilakaera aztertzeko eta, horrekin batera, baita geurea ere. Elhuyar aldizkarian ematen dute honen berri: 240 ugaztunen genomak alderatu dituzte.
AntropologiaDantza giza jarduera oso hedatua da, bai denboran bai espazioan, eta zientzialariek pentsatzen dute oinarri ebolutiboa duela. Zehazki, lotura sozialak sortu eta indartzen duela uste da. Hau horrela zen jakiteko, Oxford Unibertsitateko Bronwyn Jarr ikertzaileak Brasilgo institututako 264 ikasle batu zituen eta dantzan jarri zituen, hainbat neurketa hartzen zituzten bitartean. Hala frogatu ahal izan zuen dantzaren sinkronizazioak eta ariketa fisikoak endorfinen maila igo eta horrek, era berean, poztasun edo plazera sentsazioa sortzen zuela. Datuak Zientzia Kaieran: Zergatik dugu atsegin dantza egitea?
BiologiaDrosophila melanogaster edo frutaren euliaren larbaren garunaren mapa osoa egin dute: 3.016 neurona eta beren arteko 548.000 loturak zehaztu dituzte. Hamabi urtez luzatu da ikerketa eta orain arte egin den garuneko maparik osatuena dela esan daiteke. Azken helburua azterketa bera giza garunean egitea litzateke, baina ikertzaileek argi utzi dute etorkizun hurbil batean ez garela giza garuna modu horretan aztertzeko moduan egongo. Ugaztunetara ia salto handia litzateke, sagu baten garuna euliarena halako milioi bat baita. Gizaki heldu baten garuna, berriz, 86.000 milioi neuronez osatuta dago. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektu baten garunaren mapa osatu dute.
“Landareekiko itsutasuna” fenomenoa landareen presentzia ahaztean datza, hau da, gure inguruan landareak egon arren ez ditugu erreparatzen eta begietarako ikusezin bihurtzen dira. Fenomeno hori egungo gizarte modernoen berezko anomalia edo isuria da eta Ainara Achurra biologoaren ustez hainbat izan daitezke honen arrazoiak. Alde batetik, biologikoak: landareak berdeak dira eta multzotan ikusten ditugu naturan, eszena monokromatikoa sortuz eta horrek ez du arreta punturik islatzen. Bestalde, soziokulturalak: modernitatearen eraginez ez ditugu landareak manipulatzen, ukitzen, aztertzen eta horrek eurekiko interesa murriztu du. Ainara Achurra ikertzailearen esanetan “Landareak ezagutzeko, interesgarri egin behar ditugu”. Datu guztiak Berria egunkarian.
OsasunaSaio Domingok Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) egiten du lan eta farmakokutsadura izan du bere tesian ikergai. Zehazki, farmakoek ingurumenean duten inpaktua ikertu du, kutsatzaile izendatu berrien taldean, farmakoak baitira kezka gehien sorrarazten dutenak. Izan ere, oso kontzentrazio baxutan eragin dezakete, eta ingurumenean agertzen direnean ekosistemetan eragin dezakete gainera. Domingok minbiziaren aurkako farmakoak aukeratu ditu ikerketarako, eta jakin nahi izan du farmako horiek ingurumenean duten presentzia eta balizko ingurumen-inpaktua ezaguna ote zen. Gai honen inguruan, nabarmendu nahi izan du diziplinarteko ikerketa oso beharrezkoa dela arazoa konpondu ahal izateko. Azalpen guztiak Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean: Saioa Domingo: “Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate”
AstronomiaMundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabiliz, zulo beltz bat eta igortzen duen zorrotada jaso dituzte, irudi berean. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, eta jada 2019an albiste bihurtu zen irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Ikertzaileek azaldu dute orain hautemandako eraztuna aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa dela, eta, beraz, uste da material gehiago ari dela zulo beltzera erortzen. Irudi horren bidez espero da zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak hobeto ulertu ahal izatea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
James Webb Space teleskopioaren bidez inoiz hautemandako galaxia nanorik urrunena aurkitu dute ikertzaileek eta, ondorioztatu dute, unibertso goiztiarrean sortutako galaxiak halakoak zirela. Webb teleskopioak bereizmen handikoa da eta grabitazio lenteez baliatzen da behaketak egiteko. Honen bidez, urruneko unibertsoko zenbait galaxia multzoen atzean dauden espektroak aztertzeko aukera izan dute, hau da, galaxia multzoen atzean dauden objektuen argitasuna eta tamaina handituz. Berrian azaltzen ditu datuak Iker Tubia kazetariak.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #437 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #445
Interesatzen zaizkigun ezaugarriak lortzeko eta, bide batez, jasangarriago bihurtzeko, dagoena zelan aldatu dirudi aste honetako gaia.
Polimero inorganiko mota bat, zeinetik hormigoi benetan ekologiko bat lor liteke, propietateak galdu gabe. Zementua eta bere deribatua, hormigoia, oso ekologikoak ez dira: paisaian due inpaktua, energiaren erabilera, ingurumenaren kutsadura, karbono dioxidoaren emisioa hondakinak. Hori dela eta, asmakizun hauek garrantzi handikoak dira. Geopolymer, an eco-friendly concrete?, Ada Martinelliren eskutik.
Baterietarako litioaren kontua ez da ondo amaituko baliabide mugatua delako. Ez al litzateke hobe izango ur-oinarriko bateria organikoak izatea? Ba horretan daude batzuk: A recyclable aqueous organic high-capacity battery.
Gizakiak ez gara berez ez ditugun ezaugarriak bilatzen dituzten bakarrak. Mesodinium rubrum zelula bakarrak zazpi genoma operatibo biltzera ere heltzen da. Stolen phototrophy and enslaved nuclei: the sophisticated strategy of Mesodinium rubrum, Ramón Muñoz Conpuliren eskutik.
Grafenoarekin gauza bitxienak gertatzen dira: adibidez, laginaren zabaleran atomo bakar bateko aldeak propietate elektronikoak aldatzen ditu; atomo mota aldatuz gero, berriro aldatzen dira. DIPCko jendeak efektu hori beste maila batera eraman du, zuzenduta eta handituta: Molecular bridges as tools to engineer quantum transport in nanoporous graphene
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #445 appeared first on Zientzia Kaiera.
Dorota Krajewska, hizkuntzalaria: “Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak”
Dorota Krajewska poloniarra da, eta bere herrialdean linguistika ikasten ari zela sortu zitzaion, lehen aldiz, euskarara hurbiltzeko aukera. Aukerari heldu, eta hurbiltzetik murgiltzera egin du jauzi, eta, orain, ikergai du hizkuntza hau.
Azaldu duenez, gradua egiten ari zela, bazuen gogoa eta jakin-mina hain ezaguna ez zen hizkuntzaren bat ikasteko, “hain aspergarria izango ez zena; alegia, ez zedila beste hizkuntza indoeuropar bat izan, dagoeneko banekizkielako ingelesa, frantsesa, gaztelania apur bat…”. Hala, irakasle batek euskara gomendatu zion; “horrela hasi zen nire abentura euskararekin”, gogoratu du.
Irudia: Dorota Krajewska Hizkuntzalaritzan doktorea, Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia taldeko ikertzailea da. (Argazkia: Elhuyar)Erasmus egitera Gasteizera etorri zen. Ordurako bazekien euskaraz oinarrizko esaldi batzuk esaten, eta ikasgai batzuk euskaraz egin ahal izan zituen. Gradua amaitutakoan, hizkuntzan sakontzea erabaki zuen, eta EHUn egin zuen masterra.
Ordutik, hizkuntzaren iraganari lotutako ikerketak egin ditu, gehien bat. “Egia esan, psikolinguistika egitea izan zen nire lehenengo ideia, baina, beste ideia batzuk ere banituen, gaur egun ere, hizkuntzalaritzaren barruan, ia dena interesatzen baitzait”.
Azkenean, euskararen historia aztertzeari heldu zion; hau da, zer aldaketa izan dituen hizkuntzak, gaur egungo euskara izatera iritsi arte. Beste hizkuntza batzuen aldean, corpusa ez da hain handia, eta testu idatziak beranduago hasten dira, ez dira dialekto guztiak agertzen… Zehaztapen bat egin du, ordea: “Horrekin kexatzen gara, eta; beste hizkuntza batzuekin alderatuta, hala da. Baina, egiazki, munduko hizkuntza gehienek baino gehiago daukagu; horrela ere begiratu behar da. Erlatibizatu egin behar da. Beti nahiko genuke gehiago, eta beti pozten gara testu berriak agertzen direnean. Baina badugu zerekin lan egin”.
Aurkikuntzak aipatuta, ezinbestean etortzen da gogora Irulegiko eskua. Krajewskak argi esan du: “Ez dakigu eskuaren gainean idatzita dagoen hori zer hizkuntzatan dagoen, eta, beraz, ez dakigu euskal filologoei dagokien ikertzea, edo beste batzuei. Hori argitu bitartean, eta ez dakigu inoiz argitu ahalko den, ez daukat ezer esateko, nik ez baitut testu hori ulertzen. Ez nik, ezta aurkitu dutenek ere”.
Aurkikuntza txikiak eta ez hain txikiakIrulegiko eskua alde batera utzita, bere arloan bizi izan du aurkikuntza batek sortzen duen zirrara. Kontatzean ere, nabari zaio emozioa. Kontatu aurretik, baina, aurkikuntzez eta zientziaren funtzionamenduaz gogoeta egin du: “Hasiera batean, esango nuke ez dudala aurkikuntza handirik egin. Baina hori, zientzian, horrela izaten da. Normalean, eta jende gehienak uste duenaren kontra, zientzialariok ez gara jartzen Newton jarri omen zen bezala, zuhaitz baten azpian zain, ea sagarren bat erortzen zaigun eta deskubrimendu bat egiten dugun. Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak”.
Hori esanda, onartu du noizbait izaten dituztela egunerokotasunetik ateratzen dituzten gertakariak, eta bat nabarmendu du: “2015. urtearen inguruan izan zen. XVII. Mendeko liburu batekin lanean genbiltzan, Esteve Materraren Doctrina Christiana-n, eta, espero genuenaren kontra, aurkitu genuen liburu horren aspaldi galdutzat jotzen zen beste edizio bat, sei urte lehenagokoa“. Ezusteko aurkikuntza izan zen, liburuak erraz galtzen baitira, erraz erretzen baitira… Baina, kasu hartan, aurkitu zuen, egilearen izena beste era batera idatzita, eta interneteko katalogo batean bilaketa eginda.
Halako batean, Danimarkan zegoela azaldu zitzaion, eta hala izan zen. “Eta hori bi gauzei esker izan zen: munduko biblioteken katalogoak digitalizatzeari esker, eta egileari eta haren izenari buruz egin genuen azterketari esker”.
Antzeko beste kasu bat ere izan zuten, “baina ez zen hain ondo amaitu”. Galdutzat ematen zen beste liburu bat, hura ere XVII. mendekoa, Frantziako liburutegi batean zegoela azaldu zitzaion interneten, baina liburutegikoek azaldu zioten 1940an alemaniarrek hiria bonbardatu zutela, eta milaka eta milaka liburu erre zirela. Tartean, hura.
Orain, hizkuntzaren historia ikertzen jarraitzen du, baina, orain arte bereziki gramatikan aritu bada ere, orain fonetika eta fonologiari jarri die arreta. “Ez da erraza alderdi hau datu historikoekin lantzea, testu idatzitik abiatzen garelako, grabaketa zahar gutxi baitaude, eta haiekin ere ezin da urte asko egin atzera”.
Etorkizunera begira, eta adimen artifizialaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, ez du uste adimen artifiziala hizkuntzalarien lana egitera iritsiko denik: “Agian egingo dituzte lan aspergarrienak, baina, giza hizkuntzek hainbat alderdi baitituzte hain finak, non beti beharko baitira hizkuntzalariak”.
Fitxa biografikoa:Dorota Krajewska Hizkuntzalaritzan doktorea da (EHU, 2017). /EHU Letren Fakultateko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. “Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia” ikerketa taldearen kidea da. Euskara ikertzen du. Testuak arakatzea gustatzen zaio, gaur egungoak eta aspaldikoak, ahozkoak eta idatzizkoak. Sintaxi eta morfologia diakronikoak, testuen edizioa eta fonetika landu ditu orain arteko ikerketa lanetan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Dorota Krajewska, hizkuntzalaria: “Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak” appeared first on Zientzia Kaiera.
Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak
Klima-aldaketa mehatxu nabarmena da hiri-gune historikoentzat, askotan populazio trinkoa duten eta ondare kultural baliotsua dutenak. Eremu horietan klima-aldaketarekin lotutako arriskuak ebaluatzeko, hainbat metodologia erabil daitezke.
Arriskuak neurtzeko hainbat metodologia aurki ditzakegu, esaterako, planteamendu bat ahultasun-ebaluazio bat egitea da, eta eraikin historikoek eta azpiegiturak klima-aldaketaren ondorioetara duten esposizioa, sentsibilitatea eta egokitzapen-gaitasuna ebaluatzea dakar. Horrek uholdeak, itsasoaren mailaren igoera eta muturreko gertakari meteorologikoak izateko potentziala ebaluatu dezake, baita tenperatura eta prezipitazio ereduen aldaketen eraginak ere.
Ebaluazio integratuaren modelizazioa hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko beste metodologia erabilgarria da. Ikuspegi honek klima-aldaketaren zientzia, ekonomia eta gizarte zientziak integratzeko eredu informatikoak erabiltzea dakar klima-aldaketak sektore eta eskualde ezberdinetan dituen inpaktuak ebaluatzeko, baita egokitzapen eta arintze estrategia ezberdinen kostuak eta onurak ere. Horrek erabakiak hartzen dituztenei lagun diezaieke, aukera desberdinak konparatzen eta klima-arriskuak kudeatzeko moduari buruzko aukerak aztertzen.
Irudia: ahultasun-ebaluazioak, agertoki-analisiak, ebaluazio integratuaren ereduak eta alderdi interesdunen parte hartzeak ikuspegi integral bat eman dezake hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko. (Argazkia: Ondare Lagunak – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)Metodologia horiez gain, interes-taldeak arriskuen ebaluazio-prozesuan parte hartzea ere garrantzitsua da. Hauek tokiko komunitateek, ondare adituek eta gobernu-agentziek osa ditzakete, hirigune historikoetarako ahultasunei eta egokitzapen-aukerei buruzko informazio baliotsua eman dezaketenak.
Orokorrean, ahultasun-ebaluazioak, agertoki-analisiak, ebaluazio integratuaren ereduak eta alderdi interesdunen parte hartzeak ikuspegi integral bat eman dezake hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko. Arriskuak eta ahuleziak ulertuz, erabakiak hartzen dituztenek egokitzapen eta arintze estrategia eraginkorrak garatu ditzakete kultur ondare baliotsu hauek etorkizuneko belaunaldientzat babesteko.
Artikulu honek hirigune historikoetarako klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko metodologiei buruz dagoen literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritikoa aurkezten du.
Dauden literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritiko batek gai zehatz bati buruz aurretik argitaratutako ikerketen azterketa integrala eta zorrotza dakar. Berrikuspen honek ikerketa anitzen ondorioak identifikatzea, ebaluatzea eta sintetizatzea du helburu, ikerketa-galdera zehatz bati erantzuteko edo gai baten ulermen sakonago bat garatzeko. Ikuspegi sistematikoa eta egituratua erabiliz, ikertzaileek alborapena gutxitu dezakete eta ondorioen fidagarritasuna eta baliozkotasuna areagotu dezakete. Berrikuspen mota hau ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egiteko eta ebidentzian oinarritutako praktikak informatzeko hainbat arlotan.
Horretarako, Web of Science eta Scopus-en dagoen literaturaren bilaketa sistematikoa egin zen. Scopus eta Web of Science munduko aipamen akademikoen datu-baserik erabilienak eta zabalenetakoak dira. Scopus Elsevier-ek mantentzen du eta zientzia, teknologia, medikuntza eta gizarte zientzien arloko 23.000 aldizkari baino gehiago biltzen ditu. Biltzarreko aktak, liburu sorta eta merkataritzako argitalpenak ere biltzen ditu. Web of Science Clarivate Analytics-ek kudeatzen du eta hainbat diziplinatako 21.000 aldizkari baino gehiago indexatzen ditu, besteak beste, zientzia, gizarte zientziak, arteak eta humanitateak. Biltzarreko aktak eta liburuen aipamenak ere biltzen ditu. Bi datu-baseek aukera ematen dute ikertzaileek artikuluak bilatzeko, aipamenen jarraipena egiteko eta euren arloko egile eta argitalpen nagusiak identifikatzeko. Ikerketa akademikorako, ebaluaziorako eta erabakiak hartzeko ezinbesteko tresnak dira.
Berrikuspena klima-aldaketaren ondorioen eta ondoriozko muturreko gertaeren eraginpean dagoen kultura-ondarearen ahultasunari eta arriskuen ebaluazioari buruz dauden metodologiak identifikatu eta ezaugarritzeko helburuarekin egin zen. Etorkizun hurbilean landu beharreko metodologien ezaugarri nagusiak eta ezagutzaren hutsune nagusiak identifikatu ziren, besteak beste, hirigune historikoetarako bero-olatuen arriskuak ebaluatzeko metodologia holistikorik eza. Berrikuspenaren emaitzak aztertzen dira, etorkizuneko arriskuak ebaluatzeko metodologietan erabiltzeko errendimendu-adierazle gakoak identifikatu eta garatu, bai hirigune historikoetako elementuak sistema gisa jorratzen dituztenak, bai bero-bolada luzeen eragin potentziala muturreko eguraldi honen probabilitatea gero eta handiagoa dela kontuan hartuta.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia 2022
- Artikuluaren izena: Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak.
- Laburpena: Artikulu honetan hirigune historikoetarako klima–aldaketarekin erlazionatutako arriskuen ebaluaziorako metodologiei buruzko egungo literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritikoa egiten da. Horretarako, gaur egungo literaturaren azterketa sakona egin da Web of Science eta Scopus datu-baseetan, klima-aldaketaren eta ondoriozko muturretako gertaeren eraginpean dagoen kultura-ondarearen kalteberatasun eta arrisku ebaluazio metodologiak identifikatu eta ezaugarritzeko. Etorkizunean zuzendu beharreko metodologien ezaugarriak eta ezagutza-hutsune nagusiak identifikatu dira, hirigune historikoetan bero-boladak izateko arriskua ebaluatzeko metodologia holistikorik eza barne. Berrikuspenaren emaitzak aztertu dira, ondoren arriskuak ebaluatzeko etorkizuneko metodologietarako adierazleak identifikatu eta garatzeko. Metodologia horiek, hirigune historikoetako elementuak sistema bakar gisa landuko dituzte, eta bero-bolada luzeek izan dezaketen inpaktu potentziala landuko dute, muturreko gertaera klimatiko horien probabilitate handiagoa kontsideratuz.
- Egileak: Laura Quesada-Ganuza, Leire Garmendia, Irantzu Álvarez, Estibaliz Briz, Ane Villaverde
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 15-30
- DOI: 10.1387/ekaia.23076
Laura Quesada-Ganuza, Leire Garmendia, Estibaliz Briz eta Ane Villaverde UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoko Saileko ikertzaileak dira.
Irantzu Álvarez UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuen Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik dugu atsegin dantza egitea?
Etxean bakarrik, musika topera jarri eta korridorean dantzan ibili, alde batera eta bestera; a zer iskanbila. Pentsatzen jarriz gero, ikusteko modukoa izan behar du, bai horixe, baina ziur gutako batek baino gehiagok egin duela halakorik noizbait. Eta zer nolako barru hustea sentitzen den amaitzean, eta zer nolako plazera askatasunez dantza egitean.
Gauza bitxia da, baina gorputza musikaren doinuarekin mugitzean gustura sentitzen gara; abesti batzuek, inkontzienteki, dantza egiteko gogoa ere sortzen dute, eta batzuetan, oso umoretsu gaudenean, gorputzak berak eskatzen digu dantza, sentitzen duen poza erakusteko bezala. Oro har, dantza alaitasunarekin eta festarekin lotzen da, baina zergatik egiten dugu dantza? Eta are gehiago, zergatik gustatzen zaigu dantza egitea?
1. irudia: zenbait ebidentziak adierazten dute mugimendua, ahalegina eta musikarekiko sinkronizazioa barne hartzen dituen dantza talde-batasunaren jarduera eraginkorra izan daitekeela. (Argazkia: No-longer-here – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)Dantza giza jarduera oso hedatua da, bai denboran bai espazioan; historia luzea du munduan zeharreko kultura askotan, eta hamaika mota eta estilotakoak sortu dira historia luze horretan zehar. Musikarekin sinkronizatutako mugimendu multzoek osatzen dute dantza, eta egoera anitzetan erabili izan da, hala nola zirrarak askatzeko, festarako, erritual erlijiosoak, magikoak edota artistikoak ospatzeko eta abar.
Antropologiak ikertu ditu dantzaren sorrera eta historia, eta zientzia horren ikuspuntutik, jarduera horrek hainbeste urte iraun izanak iradokitzen du onuraren bat egingo ziola gizakiari historian zehar, hau da, dantzak oinarri ebolutiboa duela pentsatzen da. Antropologoek hiru eginkizun positibo egotzi dizkiote dantzari. Alde batetik, pentsatzen da pertsonen arteko harremanak estutzeko ahalmena duela dantzak, dantzan ari direnen arteko konfiantza handitzen duelako. Bestalde, zenbait kulturatan adiskidetasuna erakusteko ere erabiltzen zela uste da, eta azkenik, etsaiak beldurtzeko ere baliatzen zuten dantza beste zenbait kulturatan.
Dantzak, beraz, modu batean edo bestean, lotura sozialak sortu eta indartzeko balioko luke. Baina nolatan du dantzak gaitasun hori? Bada, ikuspuntu zientifikotik, pertsonen arteko lotura sentsazio hori dantzak intrintseko dituen bi ezaugarrirengatik ager daiteke: batetik, pertsonen arteko sinkronizazioaren ondorioz, eta bestetik, ariketa fisikoa egitearen ondorioz; baita bi prozesuen bateratzearekin ere. Ondorioz, esan genezake lotura sozialak sendotzen laguntzen duela beste norbaitekin mugimendu sinkronizatuak gauzatzeak ariketa fisikoa egiten dugun bitartean.
Hau guztia jakinik, Oxford Unibertsitateko Bronwyn Jarr ikertzaileak sakonago ikertu nahi izan zuen dantzaren efektu hau, lotura sozial horien indartzea eskala txikiagoan ulertzeko. Jarrek hipotesi bat zuen prozesu horren inguruan: lotura sozialak endorfinen jariapenarekin erlazionaturik daude hainbat ugaztunetan, eta bere ustetan, dantzak, nolabait, endorfinen askapena eragin zezakeen. Endorfinak gure garunak askatzen dituen sustantzia batzuk dira, eta plazer eta ongizate sentsazioa sortzen dute. Mina sentitzearekin ere estuki lotuta daude endorfinak.
2. irudia: dantza giza jarduera unibertsala da, musikarako mugimendu sinkronizatua dakarrena. (Argazkia: Mircea – All in collections – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Bere hipotesia frogatzeko, Jarrek esperimentu bat egin zuen Brasilgo Marajó uharteko gazteekin. Zenbait institututako 264 ikasle batu zituen, eta dantza egiteko eskatu zien denbora batez. Bitartean, Jarrek eta bere lankideek partaide bakoitzaren min atalasea neurtu nahi izan zuten, endorfinen eragina hautemateko zeharkako neurketa gisa. Horretarako, parte hartzaile bakoitzak odol presioa neurtzeko besokoa zeraman esperimentuan zehar, eta abisatu egin behar zuten besokoak egiten zien presioa mingarria bihurtzen zenean.
Bestalde, sinkronizazioak eta ariketa fisikoak, bakoitzak bere aldetik, endorfinen mailan zuten eragina ikusteko, taldekatu egin zituzten ikasleak hiruko multzoetan eta aurrez ikasitako lau mugimenduetatik bat esleitu zitzaion hirukote bakoitzari. Lau mugimendu horietako bakoitzak sinkronizazio eta ariketa fisiko maila bat irudikatzen zuen: (1) sinkronizazio eta ariketa fisiko altua, (2) sinkronizazio partziala eta ariketa fisiko baxua, (3) sinkronizazio eta ariketa fisiko baxua eta (4) sinkronizazio partziala eta ariketa fisiko altua. Sinkronizazio altua irudikatzen zuten kategorietan hiru kideek mugimendu berdinak egiten zituzten, eta partzialean, berriz, desberdinak. Ariketa fisikoaren mailari zegokionez, maila altua irudikatzen zuten mugimenduak gorputz osoko mugimenduak ziren, eta baxukoak eskuekin bakarrik egiten zituzten. Taldekatze honen bitartez, bi aldagaietako bakoitzak independenteki zuen eragina kalkulatu ahal izango zuten hirukoteen arteko datuak alderatuz.
Baina Jarrek beste aldagai oso garrantzitsu bat ere izan zuen kontuan, esperimentuko emaitzak ongi interpretatu ahal izateko: hirukotea osatzen zuten pertsonek aurrez zuten harremana, hain zuzen. Izan ere, hirukoteak ausaz sortu zirenez, aurretiaz ezagutu ahal ziren edo ez, eta hori zainpean edukitzeko, partaideek aurretiaz zuten harremana definitu behar izan zuten galdetegi baten bidez. Horrela, aurretiazko harremanen indize bat sortu zuten.
Esperimentuaren emaitzek arrazoia eman zioten Jarri. Bai sinkronizazioak eta baita ariketa fisikoak ere, modu independentean, minaren atalasea igotzen zutela frogatu zuen. Horrek, ondotik, adierazi zuen sinkronizazioak eta ariketa fisikoak endorfinen maila igotzen zutela, eta lehenak efektu nabariagoa zuela. Gainera, esperimentuan zehar eta ostean eginiko galdetegiaren bitartez ere ikusi zen kideak “estuago loturik” sentitzen zirela dantza egin ostean. Hemen dugu, beraz, dantzak gizarte askotan izan duen garrantziaren arrazoia, eta dantza atsegin izatearen azalpena.
Erreferentzia bibliografikoa:Tarr, B., Launay, J., Cohen, E., Dunbar, R. (2015). Synchrony and exertion during dance independently raise pain threshold and encourage social bonding. Biology Letters, 11, 20150767. DOI: http://dx.doi.org/10.1098/rsbl.2015.0767
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin du eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Zergatik dugu atsegin dantza egitea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Intsektu baten garunaren mapa osatu dute
Ikerketaren munduan luze eta zabal erabiltzen den euli espezie baten larbaren garunaren mapa osoa egin du ikertzaile talde batek, hamabi urtez luzatu den azterketa batean.
Aspaldiko ametsa da garun baten barruan gertatzen diren prozesu guztiak ondo ezagutzea. Besteak beste, medikuntzaren alorrean sortzen diren aukerak imajinaezinak dira. Alabaina, momentuz imajinaezina da ere gizakiaren garunaren mapa zehatza osatzea.
Ikertzaile talde batek mahai gainean jarri duen ikerketa batek erronkaren tamainaren neurria eman dezake. Batetik, intsektu larba baten garunaren mapa osoa egitea lortu dute. Txanponaren beste aldean, baina, giza garunaren tamaina dago. Eta, momentuz, bi zifra horiek elkarrengandik oso urrun geratzen dira.
1. irudia: euli labaren garunean dauden 3.016 neurona eta elkarren arteko 548.000 lotura zehaztu dituzte ikerketan. (Irudia: Winding et al.)Orain aurkeztu dituzten zifrak ez dira edonolakoak: Science aldizkarian argitaratu dutena garun baten loturei buruz orain arte egin den maparik osatuena dela esan daiteke. Drosophila melanogaster edo frutaren euli larba baten garunean dauden 3.016 neurona eta beren arteko 548.000 loturak zehaztu ditu ikertzaile talde batek, hamabi urtez luzatu den lan batean.
Lehen itxura batean, asko dira neurona horiek, baina ugaztunetara pasatzeak suposatzen du hainbat magnitude ordenatan igotzea. Kasurako, sagu baten garuna euliarena halako milioi bat da. Gizaki heldu baten garuna, berriz, 86.000 milioi neuronez osatuta dago, sarrien aipatzen den zifrari helduta.
Frutaren eulia aukeratzeko erabakia badu azalpen bat, noski. Genetikaren alorrean modelo organismoa da. Bizitza ziklo laburra duenez, eta azkar ugaltzen denez, espeziak aukera ematen du hainbat belaunaldi nahiko modu azkarrean aztertzeko. Horrez gain, neurozientziaren alorrean ere ikertzen da euli espeziea, bereziki ikasketa prozesuak eta erabakiak nola hartzen diren aztertzerakoan.
Aintzat hartu behar da, ordea, aztertutako garuna ez dela izan ale heldu batena, sinpleagoa den larba batena baizik. Hala izanik ere, prozesua ez da erraza izan, inondik inora. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, hamabi urtez aritu dira lanean mapa hau lortzeko. Gutxi gorabehera, neurona bakoitzeko egun bat bideratu behar izan dute zientzialariek. Eta, hein handi batean, artisau lana ere izan da. Bereizmen handiko irudiak hartu eta banan banan aztertu dituzte neuronak, horietako bakoitza identifikatzeko. Modu berean, beren lotura sinaptikoak ere zehaztu dituzte. Lanean, mikroskopia elektronikoa erabili dute, sinapsi mailako bereizmenaz.
Irudi horien bitartez, zientzialariak ahalegindu dira partekatutako konektibitate loturak —konektoma deritzana— dituzten neurona taldeak aurkitzen. Ondoren, informazioa garunean zehar nola zabaltzen den argitzen saiatu dira. Azkenik, neurona eta konexio guztiak erregistratu dituzte, eta garunean bete dezakeen rolaren arabera sailkatu dituzte elementu horiek guztiak.
2. irudia: euli larbaren konektoma laburbiltzen duen eskema orokorra. Neuronak puntuka agertzen dira, eta lerroek loturak adierazten dituzte. Inguruan, neuronen morfologiak. (Irudia: Winding et al.)Garunaren mapa osatzeaz harago, hainbat irakaspen lortu dituzte. Sare horren barruan informazioa nola mugitzen den modelatu dute. Adibidez, ikusi dute zirkuitu aktiboenak irakaste prozesuan parte hartzen duten neuronen artean sortzen direla.
“Nor garen eta nola pentsatzen dugun jakin nahi badugu, pentsamenduaren mekanismoa ulertu behar dugu. Eta, zeregin horretan, funtsezkoa da ulertzea neuronak nola konektatzen diren elkar”, nabarmendu du Joshua Vogelstein ingeniari biomedikoak.
Besteak beste, konektomaren ezagutzaren bitartez, neuroendekapenezko gaitzei aurre egiteko tresna berriak landu nahi dira. Izan ere, egoera osasuntsu batean dagoen garunean izaten diren lotura sinaptikoak ezagututa, errazagoa izango da alzheimerra edo parkinsona bezalako gaixotasunetan gertatzen dena ulertzea.
Egileek gogora ekarri dute beste hainbat ikerketa talde euli heldu baten garunaren mapa osatzeko lanean ari direla une honetan, eta, behin hori osatuta, horrek aukera emango duela larba etapa honetako eta helduaroan dauden eulien garunak alderatzeko.
Giza garunari buruzko ikerketak errazteaz gain, adimen artifizialean erabili ohi den ikasketa automatikoa garatzeko baliogarria izango delako esperantza agertu dute ikertzaileek. Diotenez, ikasketa automatikoan erabiltzen diren arkitekturen antzekoak dira eulien garunean aurkitu dituzten zirkuituen ezaugarriak. Beraz, argudiatu dute adimen artifizialean erabiltzen diren teknikak hobetzeko ere erabilgarria izan daitekeela mapa honen bitartez ikasitakoa.
Etorkizun hurbil batean giza garuna modu horretan aztertzeko moduan egongo ez garela iritzi diote egileek, eta “agian inoiz ez” dela lortuko aitortu dute. Hasieran aipatu bezala, ikerketa metodologia hau ez da, inondik inora, nahikoa izango ugaztun baten garuna osotasunean marrazteko. Erabilitako sistemak eskatzen du garuna ehunka edo milaka xafletan moztea, mikroskopio elektroniko bidez irudiak hartzea eta, gero, neurona bakoitza aztertzea. Ikusteko dago adimen artifizialeko metodologia bat txertatzeak ireki ditzakeen ateak, beste zenbait lanetan ondotxo ikusi baita irudi medikoak aztertzeko ahaleginetan oso erabilgarriak izan direla sare neuronalak.
Erreferentzia bibliografikoa:Winding, Michael; Pedigo, Benjamin D.; Barnes, Christopher L.; Patsolic, Heather G.; Park, Youngser; Kazimiers, Tom; Fushiki, Akira; Andrade, Ingrid V.; Khandelwal, Avinash; Valdes-Aleman, Javier; Li, Feng; Randel, Nadine; Barsotti, Elizabeth; Correia, Ana; Fetter, Richard D.; Hartenstein, Volker; Priebe, Carey E.; Vogelstein, Joshua T.; Cardona, Albert; Zlatic, Marta (2023). The connectome of an insect brain. Science, 379, 6636. DOI:10.1126/science.add9330
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Intsektu baten garunaren mapa osatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.