Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere
Bizi itxaropenak gora egin du azken hamarkadetan: 1950ean, 62,8 eta 58,1 urtekoa zen Europan eta Amerikan, hurrenez hurren, eta, gaur egun, 77 eta 74,2 urtekoa da. Berri ona bada ere, urte kopurua areagotzeak zahartzeari lotutako gaixotasun kronikoen prebalentzia areagotzea ere ekarri du; tartean, minbizia eta gaixotasun kardiobaskularrak eta neurodegeneratiboak. Ba al da konponbiderik? Zahartzea prozesu natural eta saihetsezin bat da, baina hari lotutako patologiak prebenitu egin daitezke.
Ildo horretan, esku hartze dietetikoak eta ariketa fisiko erregularra sustatzea dira gehien erabiltzen diren estrategiak. Hain zuzen ere, estrategia horiek izendatzaile komun bat dute: heste-mikrobiotaren osaeran eta funtzionaltasunean dute eragina. Mikrobiota diogunean esan nahi dugu gizakien organismoaren barruko eta kanpoko gainazaletan (azalean, mukosetan eta digestio-hodian) dauden mikroorganismoen multzoa (bakterioak, arkeoak, bakteriofagoak, birusak eta onddoak). Zehazki, heste-mikrobiotak funtzio fisiologiko askotan esku hartzen du (erantzun immunea, digestioa eta nutrienteen xurgapena eta metabolito bioaktiboen ekoizpena); beraz, horren osaeraren aldaketek ostalariaren oreka metabolikoan eragina izan dezakete. Medikuntzan, homeostasi esaten zaio horri.
Irudia: dieta mediterraneoaren bereizgarri diren landare aromatikoen (tartean, perrexila eta erromeroa) esentzia olioek efektu prebiotikoak dituzte mikrobiotan. (Argazkia: Karolina Grabowska – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Ematen duenez, banakoen heste-mikrobiotaren osaeran komunak diren ezaugarriak daude –bizi funtzioei eusteko ezinbestekoak dira–, baina gazteen eta adinekoen mikrobioetan artean aldeak daudela detektatu da. Aldaketa horiek heste-mikrobiotaren funtzionalitatea galtzea dakarte, aberastasun eta aniztasun mikrobiano txikiagoa dela eta, baina, horrez gain, zahartze ez osasungarriarekin lotzen diren bakterioen kopurua handitzea dakarte.
Nola eragiten dio adinak mikrobiotari?Heste-barrerak ezinbesteko rola jokatzen du patogenoen aurkako babesean. Zahartzen garen heinean, babes barrera hori osatzen duten enterozitoen arteko elkarteak ahuldu egiten dira. Ondorioz, funtzionalitatea galtzen dute. Horrek eta zahartzean mikrobiota desorekatzen duten aldaketek heste-iragazkortasun handiagoa eta bakterio patogenoak gehiegi haztea dakarte. Ondorioz, bakterio edo osagai bakteriano gehiago sartzen dira odol-fluxura.
Hori horrela izanik, izugarri igotzen da zitokina proinflamatorioen ekoizpena eta horiek odol-fluxura askatzea. Bada, azterlan batek egiaztatu zuenez, sagu zaharren heste-mikrobiota sagu gazteetara transferitzeak heste-inflamazioa handitzea dakar. Prozesu horri ‘inflammaging’ esaten zaio (zahartzeari lotutako inflamazioa). Gauzak are gehiago okertzeko, zahartu ahala elikagaiak prozesatzearen ondoriozko metabolito mikrobianoen ekoizpena aldatzen da. Zehazki, kate motzeko gantz azidoen ekoizpena (efektu antiinflamatorio frogatua du), murriztu egiten da adinarekin.
Arrain urdin, erromero eta perrexil gehiagoDeskribatu denez, Lactobacillus eta Bifidobacterium generoetako bakterio probiotikoen andui jakin batzuk kontsumitzeak heste-mikrobiotaren osaera hobetzen laguntzen du, baina, gainera, kate motzeko gantz azido antiinflamatorioak ekoiztea sustatzen du. Gainera, prebiotikoak kontsumitzeak heste-mikrobiotaren bakterioek hazteko substratua izan dezaten laguntzen du.
Ildo horretan, dieta mediterraneoaren bereizgarri diren landare aromatikoen (tartean, perrexila eta erromeroa) esentzia olioek efektu prebiotikoak dituzte mikrobiotan. Gainera, galakto-oligosakaridoak (lekaleetan asko daude) eta frukto-oligosakaridoak (tipulan, porruan eta baratxurian daude) kontsumitzea bereziki efektiboa da Bifidobacterium generoko bakterioak murriztea –zahartzean gertatzen da– saihesteko.
ω-3 gantz azidoak (sardinan, izokinean eta beste arrain urdin batzuetan daude) kontsumitzeak, halaber, heste-mikrobiotaren aberastasuna areagotzen du. Zuntz eta mikronutriente askoko elikadura izateak, ariketa fisikoa egiteak eta beste ohitura batzuek osaera mikrobiano hobea izaten eta modu osasungarriago batean zahartzen lagunduko digute.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere
The Conversation: Nos hacemos mayores y nuestras bacterias también
Erreferentzia bibliografikoak:- Roser, Max; Ortiz-Ospina, Esteban; Ritchie, Hannah (2013). Life Expectancy. Our World in Data. https://ourworldindata.org/life-expectancy
- Donati Zeppa, Sabrina; Agostini, Deborah; Ferrini, Fabio; Gervasi, Marco; Barbieri, Elena; Bartolacci, Alessia; Piccoli, Giovanni; Saltarelli, Roberta; Sestili, Piero; Stocchi, Vilberto (2022). Interventions on Gut Microbiota for Healthy Aging. Cells, 12, 34. DOI:10.3390/cells12010034
- Fan, Yong; Pedersen, Oluf (2020). Gut microbiota in human metabolic health and disease. Nature Reviews Microbiology, 19, 55-71. DOI: 10.1038/s41579-020-0433-9
- Kim, Sangkyu; Jazwinski, S. Michal (2018). The Gut Microbiota and Healthy Aging: A Mini-Review. Gerontology, 64, 6. DOI: 10.1159/000490615
- Thevaranjan, Netusha; Puchta, Alicja; Schulz, Christian; Naidoo, Avee; Szamosi, Jake C; Verschoor, Chris P.; Loukov, Dessi; Schenck, Louis P.; Jury, Jennifer; Foley, Kevin P.; Schertzer, Jonathan D.; Larché, Maggie J.; Davidson, Donald J.; Verdú, Elena F.; Surette, Michael G.; Bowdish, Dawn M. E. (2017). Age-Associated Microbial Dysbiosis Promotes Intestinal Permeabily, Systemic Inflammation, adn Macrophage Dysfunction. Cell Host & Microbe, 21, 4. DOI: 10.1016/j.chom.2017.03.002
- Fransen, Floris; van Beek, Adriaan A.; Borghuis, Theo; El Aidy, Sahar; Hugenholtz, Floor; van der Gaast – de Jongh, Christa; Savelkoul, Huub F. J.; De Jonge, Marien I.; Boekschoten, Mark V.; Smidt, Hauke; Faas, Marijke M; de Vos, Paul (2017). Aged Gut Nicrobiota Contributes to Systemical Inflammaging after Transfer to Germ-Free Mice. Frontiers in Immunology, 8. DOI: 10.3389/fimmu.2017.01385
- Sánchez-Quintero, María José; Delgado, Josué; Medina-Vera, Dina; Becerra-Muñoz, Víctor M.; Queipo-Ortuño, María Isabel; Estévez, Mario; Plaza-Andrades, Isaac; Rodríguez-Capitán, Jorge; Sánchez, Pedro L.; Crespo-Leiro, Maria G.; Jiménez-Navarro, Manuel F.; Pavón-Morón, Francisco Javier (2022).Beneficial Effects of Essential Oils from the Mediterranean Diet on Gut Microbiota and Their Metabolites in Ischemic Heart Disease and Type-2 Diabetes Mellitus. Nutrients, 14. DOI: 10.3390/nu14214650
- Menni, Cristina; Zierer, Jonas; Pallister, Tess; Jackson, Matthew; Long, Tao; Mohney, Robert P.; Steves, Claire J.; Spector, Tim D.; Valdes, Ana M. (2017). Omega-3 fatty acids correlate with gut microbiome diversity and production of N-carbamylglutamate in middle aged and elderly women. Scientific Reports, 7, 11079. DOI: 10.1038/s41598-017-10382-2
- Barra, Nicole G.; Anhê, Fernando F.; Cavallari, Joseph F.; Singh, Anita M.; Chan, Darryl Y.; Schertzer, Jonathan D. (2021). Micronutrients impact the gut microbiota and blood glucose. Journal of Endocrinology, 250. DOI: 10.1530/JOE-21-0081
The post Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #441
Astronomia modernoa zientzia egiteko modua birdefinitzen ari da edo, behintzat, zientzia pentsatzeko modua. Gizarte-zientziek eta humanitateek ematen dituzten ikuspegiak modu esplizituan hartzen dira kontuan. A virtual Earth-sized telescope shows how science is changing in the 21st century, Sophie Ritson eta Niels C.M. Martensen eskutik.
Artazi kimiko batek material bidimentsionalak ebaki eta itsasteko aukera ematen du. Konposizio exotiko eta propietate harrigarriak dituzten material berriak sortzeko aukera ematen dute. Chemically tailoring layered 2D Mxenes.
Batzuetan, nahiz eta datu asko bildu, ez dut ideiarik ere da erantzuna. Hori da, hain zuzen ere, aerosol mineralek klima-aldaketan zer eragin duten jakiteko galderaren kasua. The role of mineral dust aerosols on climate change, Ruben Sousseren eskutik.
Edan behar dugun uraren artsenikoa kentzeko modu bat polimeroen kimika eta nanoteknologia oso modu burutsuan erabiltzea da. DIPCk Arsenic removal from water using nanoadsorbents.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #441 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alicja Dorabialska, kimikari poloniarra, Marie Curie Parisko kale ilunetan gidatzen zuen erradioaktibitate arloko aitzindaria
Ezagutza eraikitzea ikerketa zientifikoaren azken helburua izanik, ezagutza hori partekatu ahal izatea ezinbestekoa da helburu horretan aurrera egiteko. Haien aurretikoen aurkikuntzen gainean, adimen zientifikoak gero eta gorago iristen dira eta aurkikuntza berriak egiten dituzte. Ezagutza hori partekatzeko sistema estandarizatu bat erabiltzea (argitalpen eta aldizkari zientifikoak), hortaz, funtsezkoa izan da, nahiz eta eredu akastuna izan eta gaur egun kritika erabat bidezkoak jaso.
Ez da kasualitatea argitalpen horien zati handi bat eta, jakina, argitalpen garrantzitsuenetako asko eta asko, duela hamarkada askotatik hizkuntza berean idatzi izana, ingelesez. Ezagutza partekatzeaz ari garenez, hizkuntza komun bat erabiltzea logikoa eta, azken batean, eraginkorra dela dirudi. Halere, horrek eragozpenak ere baditu; handienetako bat, beste hizkuntza batzuetan lan egin eta argitaratu duten zientzialariek (are gehiago emakume zientzialariek) zailagoa izan dutela sarritan merezi zuten tokia lortzeko.
1. irudia: Alicja Dorabialska erradioaktibitatean aitzindaria izan zen baina polonieraz argitaratzeagatik baztertua. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Abertzaletasun poloniarrez jositako etxeaArazo horren adibideetako bat Alicja Dorabialskaren kasua da. Kimikari horrek, zeinak Marie Curierekin batera ikertu zuen 1925ean, Curiek jada bi Nobel sari zituela, zientziari eman zion bizitza eta bere jatorrizko herrialdean, Polonian, aitortza handia jaso zuen egindako aurkikuntzengatik, baina beste herrialde batzuetan apenas ezagutzen zuten eta dute; neurri handi batean, bere laurogeitik gora argitalpenak Poloniako aldizkarietan agertu zirelako.
Dorabialska 1897ko urriaren 14an jaio zen, Sosnowiec meatze-hirian, gaur egungo Polonian. Aitak hiriko postetxean egiten zuen lan, eta amaren aldeko aitona Errusiako agintariek ideia politikoengatik atxilotu eta Siberiara bidalitako abertzale poloniar bat zen. Etxean, oroimina, errusiarren aurkako iraultza eta kanta aberkoiak nahasten ziren. Eskualdean eskola poloniarrik ez zegoenez, amak etxean hezi zuen Dorabialska.
1908an, aldiz, ireki berria zen eskola tekniko batean matrikulatu zen eta lehen egunetik gustura sentitu zen han. 1913an, Dorabialska eta ama Varsoviara lekualdatu ziren; bere ahizpa dagoeneko han bizi zen eta ikasten ari zen. 1914an, bigarren hezkuntza amaitu zuen Varsoviako Eskola Teknikoan.
Varsoviatik MoskuraGarai hartan, Varsoviako Unibertsitatean Matematika ikastea zuen irrika. Haatik, Balkanetan gerra piztu berria zen, eta berehala Europa osora hedatu zen; ondorioz, unibertsitateko hurrengo ikasturtearen hasiera kolokan geratu zen. Udazkenean, Dorabialska unibertsitatean matrikulatu ahal izan zen, baina, hurrengo urtean, armada batzuen eta besteen hainbat aurrerapen eta erretreten ondorioz, berak eta familiak ekialdera joan behar izan zuen.
2. irudia: Alicja Dorabialska eta Wojciech Świętosławski. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Azkenean, hurrengo ikasturteak Moskuko Unibertsitatean egin zituen. Garai hartan, Errusiako unibertsitateek ez zieten graduatzen uzten emakumeei, baina emakumeentzako ikastaro berezi batzuk, unibertsitateko tituluen baliokideak, egiteko aukera zegoen. Dorabialskak Moskuko Unibertsitatearen Fisika eta Matematika Sailean egin zituen unibertsitate prestakuntzako azken ikasturteak.
1916an, Wojciech Świętosławski fisikari eta kimikari poloniarra ezagutu zuen, termokimika modernoaren bultzatzaileetako bat, eta lagun eta mentore izan zuen. Titulua eskuratu zuenean, familia utzi, eta Poloniara itzuli zen, Świętosławskirekin; izan ere, azken horrek Varsoviako Unibertsitateko Fisika Kimikoa Saileko presidente postua onartu zuen eta Dorabialskari sail horretara sartzeko eskatu zion. 1918ko abuztuan hartu zuen lanpostua, eta, hasierako kontratua bi urterako bazen ere, 16 urtez aritu zen bertan, 1934ra arte. 1922ra arte, irakaskuntza eta ikerkuntza uztartu zituen, doktoregoa lortzeko. Egile bakar gisa, 1921ean argitaratu zituen lehenengo bi lanak, elementuen arteko erreakzio kimikoetan izaten diren tenperatura aldaketei buruzkoak.
Erradiaktibitateak ia itsututako Marie Curierekiko adiskidetasunaMarie Curie beti izan zen eredu Dorabialskarentzat, baina doktoregoa eskuratu arte ez zuen jakin benetan zer ondorio zituzten Curiek erradioaktibitateari buruz egindako lanek. 1922an, zientziaren adar horri buruzko programa batean eman zuen izena, unibertsitateko Erradiologia Eskolan. Han, esperimentu ugari egin zituen eta erradiaktibitatearekin lotutako tresneria erabili zuen.
3. irudia: Alicja Dorabialska (erdian), Parisko Radioaren Institutuan (1925). (Iturria: Mujeres con Ciencia)1925ean, Curie ezagutzeko aukera izan zuen, hura Poloniako Erradiologia Institutua inauguratzera joan zenean, Poloniako Gobernuak gonbidatuta, polonioaren eta radioaren aurkikuntzaren 25. urteurrena zela-eta. Solasaldi labur baten ondoren, Curiek hurrengo ikasturtean Parisko Curie Institutuan berarekin lan egitea proposatu zion Dorabialskari. Amarekin eta ahizparekin iritsi zen hara, 1925eko urriaren 1ean. Egonaldi hartan, aurretik zituen tenperatura aldaketei buruzko ezagutzak erradioaktibitatearekiko jakin-min berriarekin uztartuta, elementu erradioaktiboen aldaketek beroa nola askatzen zuten aztertu zuen. Erradioaktibitatearen manipulazioak duen energia ahal izugarriari buruzko lehenengo ikerketetako bat izan zen.
Curie eta Dorabialska kide eta lagun egin ziren. Curie, garai hartan, ia-ia itsu zegoen, erradioaktibitatearen ondorioengatik, eta Irene alabak lagundu ohi zion paseoetan, gidatzeko. Alaba ezkondu zenean, Curiek Dorabialskari eskatu zion bere gidaria izan zedin eta Parisko kaleetan pasieran ibiltzen ziren. Elkarrizketa nostalgikoak izaten zituzten polonieraz; askotan, Varsovian izan zituzten bizimoduez hitz egiten zuten. Curieren biografo baten arabera, Dorabialskak askotan laguntzen zion gau ilunetan, laborategitik etxeraino. Garai hartan, Curiek berak aitortu zuen artean ez zuela guztiz ulertzen erradioaktibitateak giza gorputzean zuen efektua, baina bere osasun arazoen eragilea izan zen susmoa zeukan.
Erradioaktibitatean aitzindaria, polonieraz argitaratzeagatik baztertua1926an Poloniara itzuli zenean, berriz ere Świętosławskirekin egin zuen lan. Elkarrekin mikrokalorimetro bat diseinatu zuten, hau da, elementu bat beste elementu bat bihurtzen denean izaten diren tenperatura aldaketak zehaztasunez neurtzeko tresna bat, elementu erradioaktiboekiko interes bereziarekin. Bigarren Mundu Gerra hasi aurreko urteetan erradioaktibitatea interes zientifiko handiko gaia izan zen, bai energia iturri gisa zuen potentzialagatik, bai gerrako arma izateko balio zezakeelako (azkenean, balio izan zuen); Dorabialskaren lanak, ordea, polonieraz argitaratu zirenez, alde batera utzi zituzten. 1929an, Parisera itzuli zen denboraldi baterako, baina, orduko hartan, Curie ez zegoen bertan.
1931n, Lviv-eko Unibertsitatean (gaur egun, Ukraina) Fisika Kimikoko irakasle aritzeko eskaintza jaso zuen Dorabialskak. Horrek unibertsitate barruan eztabaida bizia sortu zuen, ez baitzuten argi emakume batek kategoria horretako postu bat hartzea egokia ote zen. Eztabaidak ez zuen eragin handirik izan berarengan une hartan: Varsoviako Unibertsitatean pozik zegoen eta ez zuen handik alde egiteko inolako presarik. 1934an, baina, joan egin zen. Urte haietan lorpen zientifiko asko egin zituen arren, bizipen osoa ez zen atsegina izan: garai hartan, antisemitismoa gorabidean zegoen, ikasleen artean tentsio eta polarizazio handiak zeuden, eta horrek berari ezintasun handia eta tristura sentiarazten zizkion.
4. irudia: Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Erresistentziako irakaslea1939an, berriro ere gerra lehertu zen Europan. Tropa alemanek Polonia indarrez hartu zutenean, irailaren 1 hartan, familiarekin oporretan zegoen Dorabialska. Unibertsitatera itzultzea erabaki zuen, baina gatazka laster iritsi zen Lviv-era: irailaren 17an, Alemaniak hiria okupatu zuen, eta, handik gutxira, SEBSi eman zion. Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen.
Gerraren ondoren, lehenik, Varsoviako Institutu Politekniko birfundatuan Kimikako irakasle postua hartu zuen, eta, gero, antzeko postu bat, instalazio hobeak zituen institutu politekniko batean, Lodz-etik hurbil. Handik urte gutxi batzuetara, zentro horrek Kimika Fisikoko Saila ireki zuen, eta Dorabialska zuzendari izendatu zuten. Gerraosteko urteetan, bere interes zientifikoa erradiokimikara bideratu zuen; hau da, prozesu kimikoak aztertzeko, isotopoak markatzaile gisa erabiltzen hasi zen. Argitalpenengatik izandako mozkinekin, Varsoviako hilerrian gerran eroritako kideen omenezko monumentu bat altxarazi zuen.
Dorabialska Lodzen bizi izan zen erretiroa hartu zuen arte, 1968ra arte; orduan, bere hiririk gustukoenera itzuli zen, Varsoviara. Hantxe hil zen, 1975ean, eta berak urte batzuk lehenago hilerrian sustatutako monumentuaren ondoan ehortzi zuten.
Iturriak:- Weinsberg-Tekel, Stephane (1997). Alicja Dorabialska. Polish Chemist. Rayner-Canham, Geoffrey eta Rayner-Canham, Marelene F. (Ed.), Devotion to Their Science: Pioneer Women of Radioactivity-en (92-96). McGill-Queen’s University Press.
- Alicja Dorabialska, Wikipedia
- Stanisław, Łoza (1939). Badakizu nor den? Ekintzak eta zuzenketak. Wydawnictwo Głównej Księgarni Wojskowej
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 10ean: Alicja Dorabialska, química polaca, pionera de la radiactividad que guiaba a Marie Curie por las calles oscuras de París.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Alicja Dorabialska, kimikari poloniarra, Marie Curie Parisko kale ilunetan gidatzen zuen erradioaktibitate arloko aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik den e=mc2 (eta zergatik axola zaigun)
Cox-ek eta Forshaw-ek azalduko digute Zergatik den E = mc2 (2009) liburuan nola litekeen orain bertan argiaren abiaduran mugitzen ari izatea. Seguruena ez duzu sinetsiko. Hala da, ordea, eta horixe erakutsi zigun Einstein-ek E = mc2 formula ospetsuaren bidez.
Irudia: Zergatik den E = mc2 liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Irakurgaian zehar abiatuko gara Euklides-etik eta Newton-etik, eta ikusiko dugu nola fisikaren legeak egokituz joan diren Einstein-en teorietara iritsi arte: nola Galileo-k gezurtatu zuen mugimendu absolutua, nola Maxwell-ek ekuazio-tankera eman zion elektromagnetismoari, eta, azkenean, nola Einstein-ek mamitu zuen formula ospetsua, Galileo-ren mugimendu erlatiboaren eta Maxwell-en ekuazioen arteko itxurazko kontraesanei buru egin nahirik.
Hala, ikusiko dugu nola denbora eta espazioa loturik dauden, batetik bestera igarotzeko moldean, espazio-denboran, nola abiadura goititzearekin batera beheititzen den denboraren joana. Horiek eta beste asko bihikatuko ditu liburu honek, betiere teknikako hizkera iluna saihestuz eta eguneroko adibideak emanez.
Brian Cox (1968) Partikulen Fisikako irakaslea eta ikertzailea da Manchester-ko Unibertsitatean. Horretaz gainera, CERN laborategian ere dihardu lanean, Hadroi Talkagailu Handiko ATLAS eta CMS detektagailuak eguneratzeko nazioarteko egitasmo baten buru. Orobat, ezaguna da hedabideetan zientzia zabaltzeko egindako lanagatik.
Jeff Forshaw (1968) Fisika Teorikoko irakaslea da Manchester-ko Unibertsitatean, eta oinarrizko partikulen fisikan espezializatua dago. Dibulgatzaile maratza da, eta Einstein-en erlatibitatearen teoría irakatsi ohi die unibertsitateko lehen mailako ikasleei. Frank Close irakaslearen ikertaldean jardun zuen Rutherford Appleton laborategian, eskolak ematen hasi aurretik.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zergatik den E = mc2 (eta zergatik axola zaigun)
- Egilea: Brian Cox; Jeff Forshaw
- ISBN: 978-84-9082-165-7
- Edizio mota: Cartoné
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2015
- Orrialdeak: 274 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zergatik den E = mc2 (eta zergatik axola zaigun)
The post Zergatik den e=mc2 (eta zergatik axola zaigun) appeared first on Zientzia Kaiera.
Artikoko antzarak klima-aldaketara egokitzen hasi dira
Artikoko antzara populazio batek 1.000 kilometrora aldatu ditu ohiko ugalketa tokia eta migrazio ibilbidea. Zientzialariek uste dute klima-aldaketaren eta giza presioaren aurrean egindako egokitzapena izan dela.
Aspalditik teorizatzen ari da klima-aldaketaren ondorioz animalia eta landare espezieak egokitu eta lekuz mugituko direla, eta hau ez da geratzen, inondik inora, teoriaren esparruan. Begi aurrean gertatzen ari den zerbait dela egiaztatzen ari dira zientzialariak. Aldaketek modu batean edo bestean ekosistema gehienei eragingo dieten arren, argi dago horiek ikusgarriagoak izango direla ekosistema batzuetan. Eta agerikoa da poloetan bereziki azkarrak eta esanguratsuak izango direla. Gizakiok gaiari buruzko azterketa eta plangintza andana egiten ditugun bitartean, zenbait animalia espezie dagoeneko hasiak dira egokitzen aldaketa horietara.
1. irudia: Antzara mokolaburrak bi populazio talde nagusitan banatzen dira, baina orain bigarren taldean espeziazio prozesu bat gertatzen ari dela uste dute. (Argazkia: Jørgen Peter Kjeldsen, CC BY-SA)Ikerketa berri batek horren adibide adierazgarri bat ekarri du mahai gainera: zientzialari talde batek Artikoko antzara espezie bati erreparatu dio, eta konturatu dira espezie horretako populazio batek habitata eta migrazio ibilbideak aldatu dituela urte gutxian.
Istorio honetako protagonista antzara mokolaburra (Anser brachyrhynchus) da, eremu artikoan ugaltzen den eta negualdia Europan ematen duen anatido migratzailea. Zientzialari talde batek Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten arabera, 10-15 bat urte inguruan espezie horretako populazio bat Svalbard uhartedian (Norvegia) ugalketa izatetik Zembla Berrira (Errusia) izatera pasa da, 1.000 bat kilometrora mugituz. Hegaztiek negua pasatzeko egiten duten migrazio ibilbidea ere aldatu dute.
Egileek espeziea gertutik ezagutzen dute. Jesper Madsen ikertzailearen taldeak 35 urte baino gehiago daramatza antzara espezie honen populazioak ikertzen. Hasiera batean jarraipen guztiak zenbait hegaztitan jarritako lepokoen bidez egiten zituzten, teknika horrekin posible baita animaliak identifikatzea migrazioetan zehar. Azken urteetan, ordea, GPS gailuek asko erraztu dute jarraipena. Teknika hori erabili zuten 2018. eta 2019. urteetan: Danimarkatik Finlandiara joan ziren ikusteko ea posible zen berreskuratzea GPS igorgailuak zeramatzaten hegaztiak. “Benetako ezustekoa izan zen ikustea Oulu-n [Finlandia] markatutako hegaztien erdia iparraldera joan zela, Errusia iparraldean dagoen Zembla Berrira”, azaldu du ikertzaileak prentsa ohar batean.`
Mundu osoan espezieak bi populazio talde handi ditu. Mendebaldeko taldea Islandian eta Groenlandiako ekialdean ugaltzen da, eta Britainiar uharteetan eman ohi du negua. Ekialdekoa, berriz, Svalbard uhartedian ugaltzen da, eta hegaztiek Danimarkan, Herbehereetan eta Belgikan ematen dute negua. Ikertutako hegaztiak bigarren talde handi honetakoak dira, eta, esan bezala, askok, Svalbardera bueltatu beharrean, Zembla Berrira jo dute txitaldia egitera. Beraz, ekialdeko taldean zatiketa txiki bat gertatu da.
Erregistroetan sakonduta, zientzialariek ikusi dute azken 10 edo 15 urteetan migrazio bide berria bat eratu dutela antzara askok. Denborarekin, populazio hori hazi egin da, ugalketa arrakastatsua izan dutelako, eta biziraupen tasak ere altu mantendu direlako. Horrez gain, gero eta antzara gehiago batu dira migrazio bide berrira. Kalkulatu dute populazio berri honetan 4.000 antzara mokolabur inguru daudela. Antzara hauek ez ezik, badirudi beste zenbait hegazti espeziek ere ibilbide bera hartu dutela.
Zenbatetsi dute 2000 eta 2020 urteen artean Zembla Berriko antzaren populazioa %24 handitu dela —hazkuntzaren tamainaz jabetzeko, kalkulatzen da tarte horretan antzara hauen populazio osoa %2 baino ez dela handitu—.
2. irudia: GPS bidezko jarraipenek erakutsi dute ohiko migrazio ibilbidetik 1.000 bat kilometrora dagoen ibilbide berria aukeratu dutela antzara askok. (Irudia: Madsen et al., CC BY-SA lizentziapean, Juanma Gallegok moldatua.)Momentuz, ez dute uste genetikoki populazio isolatu batez hitz egin daitekeenik, baina populazio berezitzat har daitekeela sinetsita daude. Bestatik, aintzat hartu behar da ibilbide hau aurrekoa baino luzeagoa dela —bide tradizionalak dituen bi aldaeren %24 eta %9 luzeagoa, hain justu—. Hortaz, galdera agerikoa da: zergatik aldaketa hau?
Zientzialariek proposatu dute klima aldaketak eta giza presioak bultzatu dituztela hegaztiak espeziearentzat hain garrantzitsua den portaera hau aldatzera. “Gaur egun, Zembla Berrian udaberrian dauden baldintza klimatikoak duela zenbait hamarkada Svalbarden zeudenen antzekoak dira”, idatzi dute zientzia artikuluan. Ibilbide tradizionalean giza presioa handitu dela azaldu dute ere. Funtsean, nekazariek hegaztiak uxatzen dituzte, eta habitatetan ere aldaketak gertatu dira: laborantzak aldatu dira, eta gizakiak egindako ehiza zein beste animalia espezieen presioak ere faktore izan daitezke. Bestetik, jakina da ekosistemetan izandako aldaketa guztietan galtzaileak eta irabazleak suertatzen direla. Kasu honetan, —eta bitxia eman badezake ere—, gizakiak natura berreskuratzeko egindako proiektu batzuetan ordura arte nekazaritzan erabilitako soroak ureztatu dituzte, antzaren kalterako.
Ibilbide berri honen eraketan, gainera, zientzialariek uste dute kultur transmisio bat egon dela. “Ez dugu zuzeneko ebidentziarik esateko lehen antzara mokolaburrak Zembla Berrian nola finkatu ziren, baina beste antzara espezie batzuekiko elkarrekintza funtsezkoa izan dela iradokitzen dugu”. Zehazki, uste dute migrazio bide berri horretan antzara mokolaburrak antzara hankahorien (Anser fabalis) atzetik joan direla. Bestetik, proposatu dute migrazio bidaietan izandako haizeteek ere eragina izan ahal dutela hegazti batzuk Zembla Berrira iristeko orduan. Modu batean ala bestean, argi dago helmuga berria aproposa izan zaiela hegazti horiei.
Aurreratu dute litekeena dela etorkizunean populazio berria gero eta gehiago bereiztea. Momentuz belaunaldi batzuk baino ez dira pasa, eta, gainera, populazio berri hau osatzen ari da ere Svalbardetik abiatutako hegazti berriekin. “Beraz, momentuz espeziazio prozesu posible baten hasierako fasetan gaude”, idatzi dute.
Emaitza hauek itxaropenerako atea irekitzen dutela uste dute. “Berotze globalak eta gizakiak egindako beste hainbat presiok Artikoan ugaltzen diren animalia migratzaile asko mehatxatzen dituzte, baina, hala ere, gero eta ebidentzia gehiago pilatzen ari da norabide honetan: migrazio portaeretan izandako aldaketek inpaktu kaltegarriak arindu ditzakete”.
Erreferentzia bibliografikoa:Madsen, Jesper et al. (2023). Rapid formation of new migration route and breeding area by Arctic geese. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.01.065
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Artikoko antzarak klima-aldaketara egokitzen hasi dira appeared first on Zientzia Kaiera.
Bakoitzak bere erara, itsasoan bezala…
Esango zenuke, bikotekide bezala, koipetsua/losintxaria zarela? Arrain arrantzale arrak, esaterako, Neoceratias spinifer espeziekoak, emeren bat topatzen duenean emeari itsasten zaio, literalki, eta betirako geratzen da emearen gorputzari itsatsita, parasito baten antzera. Betirako bihurtzen da arra emearen menpeko, odol-hodien artean ere jarraikortasuna dagoela.
Hori bai konpromisoa, odol-hodiak ere fusionatzea. Eta beste batzuk, elkarrekin bizi ala ez erabaki ezinik. Arrain arrantzaleen bizitokian omen dago ugaltzeko modu honen gakoa: itsaso sakonean bizi dira, non argia eskasa den eta bikotekideak aurkitzea, zaila.
Dortokak ere itsatsitaBetirako ez, baina 24 ordura arte eman ditzake emeari atxikita itsas dortoka arrak. Kasu honetan egiten duena zera da: eta aurreko hegaletan dituzten erpeekin emearen oskolera kakotzen da, zakila emearen kloakan sartzen saiatzen den bitartean.
1. irudia: itsas dortokek kloaka dute (hondakin- eta ugalketa-zuloak) isatsaren oinarrian, eta arraren kloakak zakila du. Estalaldian, arrak zakila kloakatik atera eta emearenean sartzen du hazia jartzeko. Bitartean emearekin lotuta egoten da hainbat orduz, beste ar batzuk emea har ez dezaten .(Argazkia: Christel – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Nahiko normala dirudi, ezta? Baina kontua da zauriak sor ditzaketela erpe horiek, ordu luzez batuta/kakotuta/iltzatuta egon ondoren. Hona plot twista: dortokak lotuta dauden bitartean beste dortoka arrek lotuta dagoen arra erasotzen dute, dortoka emearen gainetik kendu dadin.
Nahiko funsgabea dirudi koldarkeriak; gainera, kontuan izanik behin bukatuta bai arrak eta bai emeak bestelako bikotekideen bila joango direla. Emeak arrak hartzen jarraituko du dituen arrautza guztiak ernaltzeko esperma nahikoa duen arte; orduan, hondartzara joango da, erruteko.
Zenbat eta urrunago, hobetoEta bikote koipetsuetatik ia ukitzen ez den bikotera. Baina ez pentsa pasiorik ez dagoenik, Romeo eta Julieta obran bezainbesteko drama baitago. Itsasotik atera barik, gainera.
Pentsa arra zarela, emea inguru hurbilean ikusi eta zer egingo zenuke? Zure “zakila” gorputzetik askatu eta emeari helarazi, noski. Argonauta olagarroa bazara, behintzat. Ia ez dago kontakturik, baina arrak bizia ematen du elkartruke honetan. Literala da dioguna, arra hil egiten baita. Zenbait harreman toxikoren metafora dago hemen, seguru.
Bizitza emanda ere, aitatasuna ez du bermatua arrak. Zientzialariek ikusi dutenez, hainbat “zakil” (kasu honetako gorputz-atalak hektokotilo izena du eta, berez, ez da zakila, espermatozoideak gordetzen dituen eraldatutako garroa baizik) gorde ditzake emeak.
…lurrean ereEz dira esperma hartu eta selekzioa egiten duten bakarrak. Oiloek oilarren esperma hartu, hartzen dute, baina kanporatzeko gaitasuna ere badute. Izan ere, espermaren %80raino bota dezakete kanpora. Hurrengo belaunaldiaren aita zein izango den erabakitzen dute horrela, arrarekin borrokatu edo arrarengandik ihes egin behar barik.
Arrari aurre egiteko zeharreko modua garatu dute, beraz. Eta ez dira bakarrak. Ahateak ditugu honetan txapeldun. Baina, jarraitu baino lehen, abisua. Nahiko goibela da ahateen ugalketa; zure ardurapean jarraitu irakurtzen.
2. irudia: azterketa baten arabera, oiloek lehentasuna ematen diote genetikoki desberdinagoak diren arren espermari, gene horiek garrantzi handia baitute infekzioen detekzioan. (Iturria: publicdomainpictures.net)Prest? Seguru? Has gaitezen ahate arren zakilarekin. Izan ere, gainerako hegazti gehienak ez bezala, ahateek zakila dute. Ugalketa sasoia bukatzean, zakila txikitu eta gorputz barrura doa, hurrengo sasoian berriro ere hazi eta ateratzeko. Zakila ez da edonolakoa, gainera: kortxo-kentzekoaren antza du, kiribildua, eta izugarri luzea da ahatearen tamainarako. Interneten horren irudiak bilatzea ez dut gomendatzen, baina bakoitzak jakingo du.
Eta zergatik du ahateak zakil luzea eta hain forma bitxikoa? Ahate emearen bagina nabigatzeko. Emeen ugalketa-traktua beteta dagoelako bueltaz, txiribueltaz eta kale-itsuez. Zertarako garatuko zuten bikote hauek horren sistema konplexua? Adi, hemen dator ahateen alde itsusia eta.
Luma koloretsuenak dituen eta ugaltze-dantzan fin dabilen ahate arrak lortuko du emearen oniritzia eta ugaltzeko aukera. Eta gainerako arrek? Ba… emearen oniritzirik gabe ugaltzen saiatzen dira. Emea taldeka bortxatu ere. Horra arrazoia kortxo-kentzeko itxura duen zakila eta hain bide bihurria ugalketa traktuan izateko. Parkeko ahateak beste begi batzuekin begiratzeko eta jaten emateari uzteko modukoa, e!
Eta oso urrun ez gara joan behar ezohiko zakilak eta emearen ongizateari garrantzi gehiegi ematen ez dioten animaliak topatzeko. Inoiz pentsatu duzu katuen ugalketan? Hasteko, katuen zakila testikuluen azpian dago, ez gune abdominalean. Ez hori bakarrik, zakilek hezur bat dute. Eta arantzak. Arantzak, bai. Keratinazkoak.
Arantzak zertarako? Batetik, gainerako arren esperma baztertzeko balio dute. Eta baita emearen obulazioa akuilatzeko; izan ere, obulazioa ez da gertatzen arantzak emea marratu arte. Pentsa liteke emeek metodoren bat garatu dutela minik ez sentitzeko. Baina ez. Katu eta felido eme gehienentzat ugalketa prozesu mingarria da. Eta gutxi balitz, katu arrek, gainera, kosk egiten diete.
Bataila bortitzakBortizkeria nagusi hurrengo protagonisten ugalketaren egunerokoan ere. Intseminazio traumatikoa du izena hauen ugalketa moduak; pentsa. Zimitz ar batek beste zimitz bat topatzean, arra zein emea, bere zakil puntazorrotzarekin abdomeneko exoeskeletoa zulatzen dio eta barruan eiakulatu. Eta kito. Zulatzailea pozik eta zulatua, hor konpon.
3. irudia: Prostheceraeus vittatus edo planario zuri baten itsaspeko argazkia. (Argazkia: Erics – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia commos)Itsas platelmintoek (har zapalek) ere intseminazio traumatikoa baliatzen dute, baina urrunago eraman dute kontua. Hermafroditak dira eta, noski, arra izateak abantaila du: arrak esperma askatzen du eta bukatu da. Eme-lanak hartzen dituenak, baina, arrautzen kargua hartzeaz gain, intseminazio traumatikoaren zauriei ere aurre egin behar die.
Zelan erabakitzen dute, beraz, zein izango den arra eta zein emea? Zakilekin eskrima bataila modukoa eginez. Ez da broma: har biek zakil puntazorrotza atera eta argi-sable borroka modukoa egiten dute batak bestea zakilarekin sastatzea lortu arte. Sexu kontuak, zakil borrokak, sastadak… Askoz material gutxiagorekin egin dira Netflixen serie batzuk.
Eta gizakiak? Kink joerak dituztenak kenduta, printzipioz, sexua praktikatzeko ezkutatzen garen animalia bakarrak gara, beste ezaugarriak beste.
Erreferentzia bibliografikoak:- Finn Julian K. eta Norman Mark D. (2010). The argonaut shell: gas-mediated buoyancy control in a pelagic octopus. Proceedings of the Royal Society B Biological Sciences, B.2772967–2971. DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2010.0155
- Schärer, Lukas; Timothy, D.; Littlewood, J.; Waeschenbach, Andrea; Yoshida, Wataru eta Vizoso, Dita B.(2011). Mating behavior and the evolution of sperm design. PNAS, 108 (4), 1490-1495. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1013892108
- Parry, Wynne (2011). Hens Eject Sperm from Unwelcome Suitors, livescience.com, 2023ko martxoaren 21ean.
- Castro, Joseph (2014). Animal Sex: How Sea Turtles Do It, livescience.com, 2023ko martxoaren 21ean.
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko abenduan, 234. zenbakian.
The post Bakoitzak bere erara, itsasoan bezala… appeared first on Zientzia Kaiera.
Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dago
UPV/EHUren azterlan batean adierazi dute gertu-gertuko hondartzetako segurtasun-banderen sistemen artean ere aldeak daudela, eta uniformetasunik eza lege-esparru zaharkituaren eta erakundeek sistema bateratu ez izanaren ondorio izan daitekeela. Konponbide bat proposatu dute: segurtasun-plan nazional bat adostea, eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea.
Bainulariak zaintzeak lehentasuna izan beharko luke erakundeentzat, istripurik gerta ez dadin. Horretarako, sorospen-zerbitzuek tresna orokor eta ulergarriak eduki behar dituzte, seinaleztapen egokian oinarrituak, besteak beste. Hondartzetan segurtasun-banderak jartzea bainulariak arriskutik babesteko eta seguru bainatzeko informazioa emateko modu proaktibo bat da.
Irudia: 1972ko Aginduan jasotako bandera orokorren esanahia eta kolorea (berdea, horia eta gorria) berdin erabiltzen dira, eta horrek esan nahi du araudiak funtzionatzen duela. (Argazkia: Milada Vigerova – Pexels lizentziapenean. Iturria: Pexels.com)Hondartzetako segurtasun-banderek zer adierazten duten eta Kantauri itsasoko ertzean (Higer lurmuturretik Galiziako Estaca de Bares lurmuturreraino) nola kudeatzen diren aztertu dute UPV/EHUko irakasle batzuek; itsasertz horretan 1.000 hondartza txiki baino gehiago daude. Horretarako, segurtasun-banderen esanahia eta baldintza ozeanografiko eta meteorologikoen araberako erabilera egokia aztertu dituzte. Baita hondartzetako segurtasunaren kudeaketak eta araudiak segurtasun-seinaleztapenean zer eragin duen ere.
Ikerketan bandera orokorrak eta itsasertzeko banderak bereizi dituzte. Bandera orokorrak estatikoak dira, hondartzaren sarreran jartzen dira, eta hondartza osoko segurtasun-baldintzen berri ematen dute. Itsasertzeko banderak, berriz, erraz mugitzen dira, eta itsasertzean jartzen dituzte, eremu arriskutsuak edo jarduera espezifiko batzuk baimenduta edo debekatuta dauden eremuak mugatzeko.
Itsasketa Zientzia eta Teknikak Saileko irakasle Imanol Basterrechearen hitzetan, eta ikerketako emaitzen arabera, segurtasun-banderen sistemen artean “aldeak daude, baita oso gertu dauden hondartzetan ere, segurtasuna tokian tokiko gobernuek kudeatzen dutelako”. Azterlana egin duten ikertzaileek diotenez, “1972ko Aginduan jasotako bandera orokorren esanahia eta kolorea (berdea, horia eta gorria) berdin erabiltzen dira, eta horrek esan nahi du araudiak funtzionatzen duela (agindu horrek bainu-lekuetan jendea seguru ibiltzeko arau eta jarraibideak ematen ditu). Aitzitik, “itsasertzeko banderen kolore, forma eta neurriak ez dira uniformeak. Hondartzen sarrerako informazio-karteletako ikur eta koloreak ez daude normalizatuta. Leku batzuetan, informazio kontraesankorra ematen duen seinaleztapen bikoitza ere badago”, azaldu du Basterrechea doktoreak.
Badirudi uniformetasun falta hori lege-esparru zaharkitu eta tokian tokikoaren eta sorospen-zerbitzuak ematen dituzten erakundeek sistema adostu ez izanaren ondorio dela. “Sorosleek egoki seinaleztatzen dituzte arrisku-eremuak eta banaketa fisikoarekin zerikusia duten beste eremu batzuk. Nolanahi ere, hondartzetako banderen gaineko tokiko araudiak eta eskualde bakoitzak sorosleei eskatzen dizkieten betekizun eta ziurtagiriak desberdinak dira; ondorioz, hondartza batzuk ez dira seguruak”.
Hondartzetako segurtasuna tokiko gobernuek kudeatzen dutenez, hondartza bakoitzeko segurtasun-zerbitzuetan giza baliabide eta baliabide material desberdinak dituzte. Gainera, sorospen-zerbitzuak enpresa eta erakunde desberdinek ematen dituzte, eta ez dago itsasertz osorako hondartzetako segurtasun-plan orokorrik. Hori dela eta, hondartzetan banderak eta segurtasun-seinaleak jartzeko hainbat prozedura daude. Ikertzailearen iritziz, “erkidego edo probintzietako gobernu guztiek segurtasun-plan nazional bat adostea eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea izan daiteke konponbide bat”.
Horregatik, Basterrechearen ustez, “ezinbestekoa da erakunde guztiak inplikatzea, hondartzetarako segurtasun-plan nazional bat adosteko; plan horrek hondartza guztietako kudeaketa koordinatu eta berdinduko luke, eta banderen koloreek eta seinaleen diseinuak gainerako herrialdeetan erabiltzen dituzten estandarrak beteko lituzkete”, nazioarteko ISO eta ILS estandarrak, alegia (lehena Nazioarteko Normalizazio Erakundearena da, eta bigarrena Nazioarteko Salbamendu Federazioarena). Basterrecheak dio, gainera, ezinbestekoa dela “jendea hondartzako segurtasunaren inguruan heztea, erabiltzaileak kontzientziatzeko, seinaleak ulertzeko eta arriskuez jabetzeko. Haur Hezkuntzan hasi beharko litzateke herritarrak horretan hezten, ahal izanez gero”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dagoela jakinarazi dute
Erreferentzia bibliografikoa:Basterretxea-Iribar, Imanol; Sotés, Iranzu; Sanchez-Beaskoetxea, Javier; de las Mercedes Maruri, María (2022). Beach management policy analysis concerning safety flag systems in Northern Spain. Marine Policy, 144. DIO: 10.1016/j.marpol.2022.105226
The post Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #434
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaUrtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu zituzten gure hondartzak. Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz, Bretainiatik, zehazki. Itsas txakur emeek denbora laburrez zaintzen dituzte beren kumeak jaioberriak direnean, eta, beraz, kumeak esperientziarik gabe sartzen dira itsaso zabalera ehizatzera. Horietako batzuk, orientazioa galdu eta asko aldentzen dira umatze-kolonietatik, eta horregatik iristen dira, batzuetan, euskal kostaldera arte. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta horrela ixten da animalia hauen bizi-zikloa. Datuak Zientzia Kaieran: Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean.
Zebra-arrainekin egindako ikerketa batean, ondorioztatu dute oxitozinaren funtzioa ebolutiboki oso primitiboa izan daitekeela. Azterketa horretan ohartu ziren zebra-arraiak gai direla beren kideen beldurra detektatzeko, eta, gainera, zirrara hori elkarren artean kutsatzen dela. Zehazki, oxitozina hormonak eragiten du prozesu guzti hau, gizakietan eta beste ugaztunetan enpatiarekin lotzen den hormonak, hain zuzen. Beraz, ikertzaileek pentsatzen dute enpatia-modu horren oinarriak duela milioi urte asko sortu zirela, eta iraun egin duela eboluzioan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
EHUko ikertzaile batzuek argitu dutenez, gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino. Iratxe Zarraonaindia Ikerbasqueko ikertzaileak azaldu duenez, bakterioek, onddoek, legamiek eta abarrek osatzen dute mikrobiota, eta izakien osasunean garrantzi handia dute. Bada, azterketa honekin ikusi dute nekazaritzak eta monolaborantzek eragina dutela mikrobiotan, eta horrek eragina duela, era berean, erlauntzaren osasunean. Izan ere, eremu antropizatuetan pestizida eta patogeno gehiago daude erleentzat, eta horrek erleen nutrizio txarra eragiten du. Hala, mendebaldeko erle arrunta arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan jasaten dituzten zenbait estres faktorerengatik. Informazio gehiago Berrian: Nekazaritzatik aldenduta, hobeki.
BotanikaIkerketa batean frogatu dute tomate- eta tabako-landare estresatuek beren egoera adierazten dutela soinuaren bidez, eta metro batera ere detekta daitekeela. Estres hori landareak lehortuta daudenean edo zurtoina moztuta dutenean sortu daiteke, eta egoera horietan, giza solasaren pareko bolumena duten soinuak igortzen dituzte. Pertsonak ez dira gai soinu horiek entzuteko, haien maiztasuna altuegia baita, baina, ikertzaileen esanean, oso litekeena da beste ugaztun batzuek eta intsektuek haiek entzutea, eta, seguru asko, baita beste landare batzuek ere. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Landare estresatuek soinuz adierazten dute beren egoera.
IngurumenaArgitaratu berri den ikerketa baten arabera, animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzateke klima-larrialdiari aurre egiteko. Populazio horiek berreskuratuko balira, asko hobetuko litzateke karbonoaren harrapaketa eta metaketa naturala, eta, beraz, klima-aldaketa leuntzen lagunduko luke. Lan honetan ikertzaileek bederatzi animalia edo animalia-talderen eragina kalkulatu dute karbonoaren-zikloan, eta ikusi dute urtean 6,4 mila milioi tona CO2 gehiago harrapatzea lor litekeela horien populazioak osasuntsu mantentzen badira. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Klima-aldaketaIPCCren azken sintesi txostena argitaratu berri da, eta oro har, inpaktu handia duten bi ideia plazaratu dituzte bertan. Batetik, gaur egungo egoeratik abiatuta (1,1°Cko beroketa), etorkizunerako bost agertoki erakusten ditu, eta urte desberdinetan jaiotako belaunaldiek jasango dituzten beroketa mailak azpimarratzen ditu. Bestetik, berotegi-efektuko gasen egungo emisioekin jarraituz gero, kalkulatu dute mende amaierarako 3,2°C igoko litzatekeela tenperatura. Bestalde, “nahikotasuna” (jatorrian, sufficiency) hitza erabili dute txostenean zehar, gizarteak izan beharko lukeen jarrera definitzeko. Zera litzateke nahikotasuna: Energiaren, materialen, lurraren eta uraren eskaria saihesten duten eta, aldi berean, planetaren mugen barruan giza ongizatea ematen duten eguneroko neurri eta jardunbideen bilduma. Datuak Gara egunkarian: Bi grafiko eta hitz bat, klima larrialdian nabigatzeko iparrorratz.
Zientziaren komunikazioaZientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da, eta komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da. Gainera, zientzialari baten “balioa” askotan argitaratuta dituen artikulu kopuruarekin neurtzen da, eta horrek, azken urteetan ikerketen eta artikulu zientifikoen kalitatea murriztea ekarri du. Hala, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango direla pentsatzen da, eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da. Honetaz gain, zientzia-artikuluak argitaratzeak badu beste berezitasun bat gaur egun. Izan ere, artikulu zientifikoen idazleek ez dute ordainsaririk jasotzen artikuluak idazteagatik, ezta artikulua berrikusi duten ikertzaileek ere; argitaletxeak, aldiz, behin artikulua argitaratuta, aldizkarirako sarbidea kobratuko du kasu gehienetan. Gai honen inguruko informazioa Zientzia Kaieran kontsultatu daiteke: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I).
SoziologiaAEBko bi zientzia-akademia nagusik emakumeak lehenetsi dituzte azken 20 urteetan. AEBko Zientzia Akademia eta Arteen eta Zientzien Akademian dira erakunde horiek, eta ikerketa berri batek ikusi du, haietan sartzeko, emakumeak lehenetsi dituztela, argitalpen- eta aipamen-historial beretsuko gizonezkoekin alderatuta. EHUko Nagore Iriberri Etxebeste izan da ikertzaileetako bat, eta, ikerketaren arabera, duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko psikologia, ekonomia eta matematika arloetan. Gaur egun, bestalde, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran eta Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.
ArgitalpenakAste honetan Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Epigenetikaren iraultza liburua proposatzen da. Bertan, Nessa Carey autoreak zientzia berri horren bilakabidea azaltzen, urratsez urrats egin diren aurkikuntzak aurkeztuz, eta aurkikuntza horiek gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak azalduz. Nessa Carey Edinburgoko Unibertsitateko birologiako doktorea da, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izan da Londresko Imperial College-n.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #434 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #440
Gauza ezaguna da nahasmendu psikiatriko batzuk ez direla isolatuta agertzen, beste batzuekin lotuta baizik. Duela gutxi egindako aurkikuntza baten arabera, justifikazio neurologiko bat dago horretarako. A common brain network appears to connect psychiatric illnesses, Rosa García-Verdugok egina.
Beti pentsatu izan da oxigenoa beharrezkoa zela piritatik burdina ateratzeko, burdina sulfuroa baita pirita. Bakterio batzuek oxigenorik gabe lortzen dute, baina. Horrek dauzkan inplikazio biologiko eta teknologikoekin. Bio-mining pyrite with no oxygen
Antidepresiboek zure depresioa tratatzen dute, baina trapuzko panpina baten sentiberatasun emozional berarekin utz zaitzakete. Emotional dampening of antidepressants, José R. Alonsoren eskutik.
Galaxia nanoek Populazio IIIaren desagertze-garaiaren oinordeko diren masa izugarrien zulo beltzak izan ditzakete (zientzia-fikziozko eleberriaren antza du, baina errealitateak fikzioa gainditzen du). DIPCk Dwarf galaxies hosting overmassive black holes at high z
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #440 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: balea
Baleek eta gizakiek aspalditik izan dituzten harremanak. Izan ere, duela 6.000-8.000 urteko arroketan aurkitu dira horren inguruko irudiak Alaskan, eta 9.000-10.000 urteko arroketan Norvegian. Euskal Herrian duela 13.000 urteko balea-arpoi aurkitu dira Lekeitioko Lumentxa kobazuloan.
Euskaldunek, bereziki, harreman estua izan dute baleekin, euskal literaturan bada horren erreferentzia.
Lur planetan bizi izan den izaki handienetako bateri erreparatu dio gaurkoan gure Kiñuk.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: balea appeared first on Zientzia Kaiera.
Epigenetikaren iraultza
Epigenetikaren iraultza irakurgai gozagarri honetan, 2011an argitaratua, zientzia berri horren bilakabidea azaltzen digu Nessa Carey-k. Urratsez urratseko aurkikuntzek osatzen duten zientzia-abentura iraultzailea, kasu eta kontu jakingarriz harilkatua, eta gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak inoiz bistatik galdu gabe.
Irudia: Epigenetikaren iraultza liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Iritzi arruntak zioen DNAko gene proteina-kodetzaileek erabakitzen zutela izaki baten zer-nolakoa: geneon kode betiko finkoan legoke, hala, bizidunon patu biologikoa. Hartara bultzatzen zuten, izan ere, genetika artean garatzeko egoteak eta aurrerantzean zekarkeenaren itxaropen bero eta, inoiz, zoro batek.
Denborarekin, ordea, pilatuz joan ziren datuak uste horren aurka. Genetika molekularraren aurrerapenak, animaliekin egindako esperimentuek eta gizakien bilakaera berezi batzuek –historiko-soziologikoak (goseteen ondorioak) zein banakoenak (biki berdin petoen arteko desberdintasunak)– garbi erakusten zuten ez zegoela dena hor erabakita.
Hala argituz joan da genomako zabor ugaria ez dela halakoa, eta kode genetikoan eragiten duela, eraldakuntza ondoregarriak sortuz geneen espresioan. Hori aztertzen duen zientziari deritzo epigenetika.
Nessa Carey-k birologiako doktore-titulua jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izana da Londresko Imperial College-n. Hamar urtez jardun du lanean industria bioteknologiko eta farmazeutikoan, epigenetikan oinarrituriko ikerkuntzan.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Epigenetikaren iraultza
- Egilea: Nessa Carey
- ISBN: 978-84-9082-211-1
- Edizio mota: Cartoné
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2015
- Orrialdeak: 458 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Epigenetikaren iraultza
The post Epigenetikaren iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean
Urtarrilean askoren ahotan egon dira, sare sozialetan, euskal kostaldean azaldu diren itsas txakurrak. Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu dituzte gure hondartzak; bat atseden hartzen egon zen ordu batzuk Donostiako Kontxako hondartzan, eta beste bi Getarian azaldu ziren egun batzuk geroago.
Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz. Gazteak dira, oro har, euskal kostaldean noizbehinka ikusten ditugunak, baina ez dira gure uretan egoten urte osoan zehar. Izatez, abentura ederrak bizi dituzte espezie honetako gaztetxoek gugana iritsi aurretik, eta, gehienetan, atseden hartzera soilik etortzen dira.
Irudia: itsas txakur gris bat (Halichoerus grypus) hondarretan. (Argazkia: Andreas Trepte – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Halichoerus grypus, itsas txakur grisaren izen zientifikoa, nahiko deskriptiboa da bere horretan; genero-izenak, hau da, Halichoerus hitzak, itsas txerria esan nahi du grezieraz, eta espezie-izenak (grypus), berriz, espezie honetako arrek duten kako itxurako sudurrari egiten dio erreferentzia. Ezaugarri bereizgarri hori da, beste batzuen artean, ar eta eme helduak desberdintzen dituena. Ugaztun horiek filogenetikoki kokatze aldera, itsas txakurrak pinnipedoen goi-familian sailkatzen dira, eta, zetazeo eta sirenidoekin batera, ur-ingurunean bizitzera guztiz ohitu diren ugaztunak dira. Pinnipedoak dira itsas lehoiak, mortsak eta itsas txakurrak. Euskal kostaldean ikusi izan dira mortsak eta bestelako pinnipedoak, baina esan bezala, itsas txakur grisa da ohikoena.
Ipar Ozeano Atlantikoaren bi ertzetan eta Groenlandian eta Islandian aurki ditzakegu itsas txakur grisak; ekialdeko ertzean San Lorenzo golkoaren inguruetan, eta mendebaldean, berriz, Irlanda eta Britainia Handitik Mantxako kanal osoan zehar, Eskandinaviako penintsulako kostalde osoa ere hartzen dute, baita itsaso Baltikoa ere. Eremu horietan beren umatze-koloniak sortu dituzte itsas txakurrek, eta beraz, eremu horiek osatzen dute beren distribuzio nagusia. Alabaina, animalia hauek distantzia luzeak egin ditzakete igerian, esploratzen eta ehizatzen, eta distribuzio gehigarri horrek bigarren mailako distribuzioa osatzen du. Zientzialariek pentsatzen dute Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur grisak bi eremu ezberdinetatik datozela. Galiziako iparraldera eta Asturias ingurura iristen direnak Irlandatik edota Britainia Handitik datozela uste da, zuzenean hegoalderanzko norabidea hartuta kostalde horrekin topatzen baitira. Euskal kostaldera iristen diren itsas txakur grisak, berriz, Bretainiatik (Frantzia) datozela dirudi, hegoalderantz, kostaldeari jarraiki. Bidaia horren zergatia eta nondik norakoak ulertzeko, lehenik, itsas txakur gris baten bizitza azalduko dugu kronologikoki, jaiotzen direnetik, eta hala, hobeto ulertuko ditugu animalia hauen noizbehinkako bisitak.
Itsas txakurraren bizi-zikloaOro har, umatze-koloniak eremu arrokatsuetan edo hondartza bakartietan eraikitzen dituzte itsas txakurrek, lehenago aipatutako kostalde horietan. Halere, Europan gaur egun dauden kolonia garrantzitsuenak gizakiak ere erabiltzen dituen hondartzetan daude. Kolonia horietan, hamar emetatik ar bat egoten da, eta arren artean liskarrak izaten dituzte, emeak zeinek estaliko. Ugaltze-garaia irailaren eta abenduaren bitartean izaten da, eta hilabete horietan itsas txakurren zeregin nagusia etzanda egotea eta elkarrekin erlazionatzea da. Urteko gainerako hilabeteetan, proportzioan denbora gehiago pasatzen dute itsasoan ehizatzen, gorputzeko erreserbak betetzeko. Emeek 8 hilabeteko haurdunaldiak izaten dituzte, baina behin ugalketa gauzatuta, obulua 3-4 hilabetez gordetzen dute ernaldu gabe, eta haiek erabakitzen dute noiz ernaldu. Horrela, umatze-zikloa 12 hilabetekoa izatea lortzen dute, itsas txakur emeak beren artean eta urtaroarekin sinkronizatuta egoteko.
Eme bakoitzak ile zuri dentso eta goxodun kume bakarra izango du umatze-garai bakoitzean, baina ez dute urtero umatzen. Jaioberritan itsas txakur gris kumeek 11-20 kg pisatzen dute, eta edoskitzean zehar (18 egun irauten du, gutxi gorabehera), beren pisua laukoiztu dezakete, 40 kg-ra iritsi arte. Amek ematen dieten esnea oso dentsoa eta gantzatsua da; %50-60 gantza izaten da, eta kumeak laster biltzen dira bereizgarria zaien gantz-geruza potoloaz. Ama, berriz, asko argaltzen da, baraurik egongo baita kumea edoskitzen duen egunetan. Gainera, esneak duen gantza bere gantz-geruzatik ateratzen da. Gau eta egun beren ondorengoa zaintzen egonda, gorputz-masaren %40 galdu dezakete itsas txakur emeek umatu ondoren. Horregatik, edoskitze-garaia amaituta, itsas txakur emeak itsasora itzultzen dira, ehizatu eta umatzeak agortu dituen erreserbak betetzera, eta ez dira berriz beren kumeengana itzultzen. Moduren batean “abandonatzen” dituztela esan daiteke.
Kumeak, bestalde, ezin dira itsasora sartu ile zuri eta dentso hori mudatu arte, oso zaila izango litzatekeelako ondoren lehortzea, eta bero kantitate handia galduko luketelako. Horrela hasten da, hain zuzen ere, itsas txakur txikien burujabetzea, eta baita abentura ere. Egun batzuen buruan mudatu egiten dute, eta gero 21 eguneko baraualdia egiten dute, artean uretara sartu gabe. Denbora-tarte horretan, egunero 0,5 kg galtzen ditu itsas txakur gazteak. Zientzialariek oraindik ez dute ongi ulertzen baraualdi horren arrazoia, baina pentsatzen da aldaketa fisiologiko batzuk gertatzen direla egun horietan, urperatzeko gaitasuna eskuratu dezaten.
Behin 21 egun horiek pasata, itsas txakur gazteek beren kabuz hasi behar dute ehizatzen, hotzetik babesten dituen gantz-geruza finegia egin ez dadin. Dirudienez, espezie honetan amek ez diete beren ondorengoei ehizatzen erakusten, eta kumeek beren kabuz ikasi beharko dute itsasora sartu eta elikatzen. Horrela, esperientziarik eta laguntzarik gabe, itsas txakur gazteak itsasoan murgiltzen dira, elikatzeko leku oparoen bila eta noizean behin deskantsatzeko hondartza aproposen bila, eta hala iristen dira urtero bizpahiru itsas txakur gris euskal kostaldera. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta ixten da, azkenik, itsas txakurren bizi-zikloa.
Erreferentzia bibliografikoak:- Hall, Ailsa J. eta Russell, Debbie J.F. (2018). Gray Seal: Halichoerus grypus; Bernd Würsig, J.G.M. Thewissen, Kit M. Kovacs-ek editatutako Encyclopedia of Marine Mammals (3. edizioa, 420-422 or.). Academic Press. DOI: https://doi.org/10.1016/B978-0-12-804327-1.00139-4.
- Vincent, Cécile et al. (2017). Grey and harbour seals in France: Distribution at sea, connectivity and trends in abundance at haulout sites. Deep-Sea Research Part II: Topical Studies in Oceanography, 141, 294–305. DOI: https://doi.org/10.1016/j.dsr2.2017.04.004
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean appeared first on Zientzia Kaiera.
Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I)
Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da. Komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da eta haien kalitatearen oinarri-oinarrian dago peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua. Gauzak horrela, ikerketa-lanak ebaluatzeko eta argitaratzeko prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat dela onartu dezakegu.
Badira azken urteotan zalantzan jarri diren zientzia egiteko moduaren hainbat alderdi: argitalpen-sistema, zientzia-iruzurra, argitaratzeko beharra eta lehiakortasuna, besteak beste. Haien artean, berrikusi beharreko aldeetako bat da gaur egungo zientziaren oinarrian dagoen parekoen ebaluazioa ere; agerian jarri dira, izan ere, horren inguruko zenbait arrisku eta kezka.
Irudia: parekoen ebaluazio-prozesua kalitatezkoa izatea ezinbestekoa da zientzia-argitalpen prozesu egoki batean. (Argazkia:Nasim Nadjafi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa. Hain zuzen ere, lanean hasi aurretik, arlo horretan egin diren lanak irakurri eta aztertu beharko ditu ikertzaileak, hipotesi berriak proposatzeko edo aurreko hipotesiak berresteko zein ukatzeko. Zientzialarien arteko komunikazioa zenbait bidetatik gerta daiteke, baina, gaur egun, biderik ohikoena zientzia-aldizkariak dira.
Hain zuzen ere, ikertzaile batek egin duen lanaren ondorioa beste edonon dagoen ikertzaile batek jaso dezan, argitaratu egin beharko du bere lana lehenak. Duela hainbat hamarkada, aldizkariak paperean argitaratzen ziren eta liburutegietan gorde, kontsultarako. Gaur egun, aldizkariak online topa daitezke eta, horrela, klik gutxi batzuen ostean milaka eta milaka ikerketa-lan edukiko ditugu eskura. Esan daiteke gaur egun arazo handiagoa dela artikulu kantitate izugarri horretan bilatzen den informazioa topatzea, artikulu-bilketa bera egitea baino.
Oro har, handituz doa mundu mailako zientzia-artikuluen ekoizpena, baina horrek ez du esan nahi kalitatezko ikerketa gehiago egiten denik. Horrela, noizean behin albiste dira argitalpen masiboek ekartzen dituzten arazoak. Zenbait urtetik hona, ikertzaileen curriculumeko punturik garrantzitsuenak argitalpenen kopuruak dira; horrek etengabe lanak argitaratzeko beharra sortzen du, eta, normalean, ikerketa bera kaltetzen da. Hau ez da arazo berria. Duela hamar urte Koldo Garcia genetistak Edonola blogean azaldu zuen eta blog honetan bertan ere duela bost urte aipatu nuen arazoaren larritasuna. Publish or perish -argitaratu ala hil- horrek, gaur egun ere indarrean jarraitzen du, noski. Esan bezala, argitaratutako lanen kopurua handitzea ez da zertan ona izan eta salami publication kontzeptuaren adibide izan daiteke. Hain zuzen ere: ikerketa-lan sakon bat argitaratu ordez, lan sakon hori hainbat zatitxotan bana daiteke, argitaratutako lan kopurua handiagoa izan dadin. Horrek ikertzaileari onurak ekarriko dizkio epe motzean, baina, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango dira eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da.
Aurreko paragrafoan azaldutako arazoez aparte, duela gutxi, José Manuel Lopéz Nicolás zientzialari eta dibulgatzaileak argitaletxeen jokabideak dakartzan beste arazo batzuk azaldu zituen bere blogean eta, zalantzarik gabe, Zientzia Kaieran ere aipamena merezi dute. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da zientzia-argitalpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertzea. Labur esanda, ikertzaile baten curriculumean bere lana kontuan hartzeko modukoa izan dadin, kalitatezko zientzia-aldizkari batean argitaratuta egon beharko du. Zentzuzkoa den bezala, kalitatezko aldizkari batean argitaratzen den lan bat kalitatezkoa dela ulertzen da. Aldizkariak arloka antolatzen dira eta, oro har, kalitatearen arabera zerrendatzen dira arlo horren barruan. Hortaz, 1. postuan dagoen aldizkari batean argitaratzea zailagoa izango da, baina bertan argitaratzen den lana oso kalitate onekoa izango da, oro har. Aldiz, azken postuan dagoen aldizkari batean argitaratzen bada, lana xumeagoa dela ulertzen da. Hala eta guztiz ere, aldizkaria zerrendan badago, esan nahi du kalitate-printzipio minimo batzuk betetzen direla, zerrendako postua edozein izanik ere.
Zein da kalitatearen adierazlerik nagusienetako bat? Bada, aldizkari bat kalitatezkoa izan dadin ezinbestekoa da bertan argitaratzen diren lanak peer review delako sistematik pasatzea. Hori kalitate-adierazle bakarra ez den arren, ezinbesteko baldintza da. Eta nola gauzatzen da peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua? Ikertzaileak bere lana bidali nahi duen aldizkaria aukeratu ostean, argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa izan ote daitekeen. Artikuluaren gaia bera edota kalitate txar nabarmena nahikoak izan daitezke urrats horretan bertan lana ez onartzeko. Lehen galbahea gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaile-adituek gai ikusten badituzte beren buruak ikerketa-lana zuzentzeko, argitaratzailearen proposamena onartuko dute eta lanaren berrikuspena egingo dute. Berrikuspenaren emaitza posibleak lau dira: lana bere horretan onartzea, aldaketa txikiak eskatzea, aldaketa handiak eskatzea edo lana ez onartzea. Argitaratzaileak bizpahiru adituren txostenak jasoko ditu eta, horrekin, bere azken erabakia hartuko du.
Artikulu honen hurrengo zatian aztertuko ditugu xeheago egoera posible horiek, baina garrantzitsua da aipatzea lana bidaltzen duen ikertzaileak, oro har, ez duela ordainsaririk izango eta lana berrikusi duen ikertzaileak ere ez. Argitaletxeak, aldiz, bere egingo du ikerketa-lana, eta etorkizunean lana irakurri nahi duten ikertzaileek ordaindu egin beharko dute aldizkarira sarbidea izateagatik. Baldintza honek egoera xelebreak ekar ditzake eta, neure burua adibide gisa jarriz, esan dezaket halako aldizkarietarako idatzi ditudan ikerketa-lanak ezin ditudala irakurri sarbidea ordaintzen ez badut. Era berean, ikerketa-lanen berrikusle izatea zientzia-meritu garrantzitsua izan daiteke curriculumean. López Nicolásek aipatzen duen moduan, horrek egoera etsigarri batera eraman gaitzake: baliteke ikerketa-artikuluak berrikusten ari diren ikertzaileak gai horretan aditu ez izatea eta curriculumeko merituen truke aritzea lan hori egiten.
Zer atera daiteke gaizki? Jarraituko dugu…
Informazio gehiago:- José Manuel López Nicolás (2023). ¿Cómo se revisa un artículo científico y qué dos problemas provoca el comportamiento de las editoriales?, scientiablog.com, 2023ko otsailaren 19a.
- Editorial (2022). Transparent peer review for all, Nature Communications, 13, 6173, DOI: 10.1038/s41467-022-33056-8
- Koldo Garcia (2013). Artikulu zientifikoak eta argitaratzeko presioa, edonola.net, 2013ko abenduaren 11.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Paradigma aldaketa zientzia-akademietan
AEBko National Academy of Science (NAS) eta American Academy of Arts and Sciences akademiek (AAAS) psikologia, ekonomia eta matematikako akademikoak hautatzean izan den genero-arrakalaren 60 urteko bilakaera aztertu du, lankidetzan, UPV/EHUko ikertzaile batek. Azken 20 urteetan, emakumezkoek lehentasuna izan dute bi akademia horietan sartzeko, argitalpen- eta aipamen-historial bertsuko gizonezkoekin alderatuta.
Emakumezko ikertzaileek beren kideko gizonezkoen aintzatespen eta sari berak jaso izan al dituzte? Eta gaur egun jasotzen dituzte? Galdera kritiko eta aproposa da, akademiaren barnean zein kanpoan izan diren diskriminazio-kasuak kontuan hartuta, eta genero-berdintasunerantz aurrera egin behar badugu. Azken urteetan, kezka sortzen du zientzian emakumezko gutxiago izateak. Esate baterako, historikoki, AEBko Zientzia Akademia Nazionalean (NAS) eta AEBko Arteen eta Zientzien Akademian (AAAS) hautatzen zituzten kide berri gehien-gehienak gizonezkoak ziren. NAS akademiak Proceedings of National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari entzutetsua argitaratzen du, eta AAASk, Science.
Irudia: gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. (Argazkia: ThisIsEngineering – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea da Nagore Iriberri eta gai horri buruz lankidetzan aritu da ikerketa batean. Egindako azterketak erakutsi du azken bi hamarkadetan NAS eta AAAS akademietako egoera aldatu egin dela, eta, azken hiru urteetan handitu egin dela emakumezko kide berrien portzentajea.
Ikerlan horretarako, emakumezkoen ordezkaritzan alde handiak dituzten hiru arlo hautatu dituzte: psikologia, ekonomia eta matematika. “Hiru alor horietako aldizkari nabarmenen argitalpenetatik abiatuz, jardunean dauden akademikoen zerrendak egin ditugu. Horrez gain, zenbait eredu sortu ditugu, duela 60 urtetik gaur egun arte NAS eta AAAS akademietako kide gisa emakumeak hautatzeko probabilitatean izan diren aldaketak alderatzeko, argitalpen- eta aipamen-kopuruak kontuan hartuta”, azaldu du Iriberrik.
Ikertzaileek ikusi dutenez, “duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa-prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan”, adierazi du ikertzaileak. Izan ere, ikerketaren arabera, gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historia duten gizonezkoen aldean. Nolanahi ere, Iriberrik adierazi du akademia horietako emakumeen ordezkaritza oraindik ez dela “inondik inora % 50era iristen matematikan eta ekonomian”, psikologian ez bezala.
Paradigma aldaketa ordezkaritzanIriberriren iritziz, “neurri batean, litekeena da emakumezkoek aldizkari onenetan artikuluak argitaratzeko oztopo handiagoak dituztelako eta beren lanagatik aintzatespen gutxiago jaso ohi dutelako kezkaren adierazgarri izatea emakumeekiko lehentasun positibo hori”. Ikertzaileek ez dute aztertu zer mekanismoren bidez gertatzen den hori, “ez baitira prozesu gardenak. Guk ikusi dugu nork lortu duen akademian sartzea eta nork ez. Horren inguruan hainbat interpretazio egin daitezke —dio Ikerbasque ikertzaileak—: izan liteke, ikusirik historikoki emakumezkoak baztertu izan direla, akademiek orain emakumeei lehentasuna eman nahi izatea edo emakumeen ordezkaritza handitu nahi izatea; orobat, izan liteke emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izatea, belaunaldi berriek eredu gisa izan ditzaten”.
Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, “emakumezkoei lehentasuna emateak ez du esan nahi emakumeak estandar baxuagoekin sartzen direnik akademian, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela: badago nolabaiteko borondate bat emakumeen ordezkaritza handitzeko”. Eta argi utzi nahi dute ikerketak ez duela esaten “horra iristeko prozesua berdina izan denik emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat; izan ere, ebidentzia izan badago prozesua ez dela halakoa izaten”.
Ikerketan hautatutako hiru jakintza-arloen bilakaerari dagokionez, ikusi dute “nahiz eta hirurek historikoki bilakaera oso desberdina izan emakumeen ordezkaritzari erreparatuz, hauteman dugu bai psikologian, bai matematikan eta bai ekonomian emakumeekiko lehentasun positiboa agerikoa dela”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Zientzia-akademiek emakumezko ikertzaileen lana aintzatesteko probabilitatea hobetu da
Erreferentzia bibliografikoa:Card, David; DellaVigna, Stefano; Funk, Patricia eta Iriberri, Nagore (2023). Gender gaps at the academies. PNAS, 120 (4), e2212421120. DOI: 10.1073/pnas.2212421120
The post Paradigma aldaketa zientzia-akademietan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #433
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaItsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Standford Unibertsitateko ikerketa talde batek oraingo espezie-desagerpen tasa ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute, erregistro fosilari esker. Emaitzen arabera, gaur egungo desagertzea gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat. Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei. Hala desagertu ziren mamutak, moak dortoka erraldoiak, eta orain itsasoan berdina gertatzen ari da zetazeoekin. Desagertze horren arrazoi nagusia arrantza litzateke ikertzaileen arabera, zehazki, ausazko arrantza. Koralezko arrezifeak ere egoera tamalgarrian lirateke, eta ostrak ere desagertzen ari dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoetako desagertzea.
Basoa fundazioak basogintzari buruzko jardunaldia antolatu du aste honetan, eta gonbidatuetako bat da Maria Menendez Miguelez mendi ingeniaria. Klima-aldaketaren arintzearen alorrean lan egiten du Menendezek, baso kudeaketa jasangarria lortzeko helburuarekin. Azaldu duenez, Espainian dagoen arazo handienetako bat baso suteena da. Izan ere, baso-garbiketak urte osoan zehar egin behar direla dio, ez soilik udan. Bestalde, baso espezieen monolaborantzak eta biodibertsitatea bateragarriak izan daitezke dio, horiek modu egokian kokatuz gero. Hau da, gakoa espezie bakoitzak bere lekua izatea da, eta ez baso guztiak monolaborantzez ordezkatzea. Gainera, klima-aldaketa arintzeko basoek karbono hustuleku gisa betetzen duten rola azpimarratu du adituak. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Baso monolaborantzek ez dute zertan kaltegarri izan”.
Astronomia44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Aurkikuntza hori bi arrazoiengatik da ezustekoa. Lehenik eta behin, hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea ez da gauza arrunta, eta gainera, eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar objektua. Gutxi gorabehera 1.100 kilometroko diametroa du Quaoarrek, eta Weywot izeneko ilargi txikia ere badu inguruan. Bada, objektu horrek Roche-ren muga gainditzen duen eraztun bat du inguruan, eta orain arte, muga horrek zehazten zuen satelite bat modu egonkorrean egon zitekeen eremua. Quaoarren eraztunak aldiz, birritan gainditzen du distantzia hori. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea.
NASAk berretsi du Artizarrak jarduera bolkanikoa duela. Espazio-agentzia estatubatuarraren Magallanes zundak 1991n jaso zituen radar-datuen berrikuspen batek baieztatu du esandakoa. Zunda horrek Atla Regio izeneko eremuan tximinia bolkaniko baten forma- eta tamaina-aldaketak jaso ditu zortzi hilabetean zehar. Hain zuzen ere, frogatu dute tximiniaren neurria bikoiztu egin dela, eta barrualdea labaz bete dela. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Nature Astronomy aldizkariko artikulu batek ohartarazi du sateliteek eta espazioko hondakinek ere argi-poluzioa eragiten dutela. Elementu horiek gaueko iluntasunean sortzen duten distira kalkulatu dute, eta azaldu dute argi gehigarri horrek behatokien kostua asko handitu dezakeela, behaketak egiteko iluntasuna behar delako, eta, beraz, esposizio-denbora askoz handiagoak beharko direlako. Hala, satelite-konstelazioen eta argi artifizialaren ugaritzea geldiarazteko neurriak eskatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaUPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek frogatu dute amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaiokeela. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan. Zehazki, plazentako DNAren metilazioak aztertu dituzte, amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoteetan. DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu dituzte bikote horietan, eta leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daudela ikusi dute. Bestalde, minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Emaitza horiek iradokitzen dute obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean. Datuak Zientzia Kaieran.
Jeremy D. Walston irakasleak adindunen ahultasunaren jatorri biologikoa, egoera horren prebentzioa eta tratamendua ditu ikergai. Horretarako, adimen artifizialaz eta teknologia berriez baliatzen da. Walstonek azaldu du ahultasunaren prebentzio-estrategia nagusia kirol jarduerak direla. Bestalde, elikadurak ere eragin handia duela azaldu du; karbohidrato askoko edo karbohidrato sinpleko dieta batetik dieta mediterraneo batera aldatzen ahultasuna murrizten dela ziurtatu du. Oro har, Walstonen ikerketak frogatu du teknologia berriak, elikadura egokia eta ariketa fisikoa gakoak direla osasuntsu zahartzeko. Datu guztiak Berrian: «Errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko».
Lide Arana EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea da, eta Berriako artikulu batean lipidoen eta hauek gaixotasun kardiobaskularrekin duten erlazioaz aritu da. Teknika berriei esker, azken urteotan esfingolipido deituriko lipido talde misteriotsu batek osasun egoeran eragin nabarmena duela jakin ahal izan da. Esfingolipidoek zelulen hazkuntza, heltze, heriotza edota migrazio prozesuak erregulatzen dituzte. Orain, froga kimiko berrietan ikusi da esfingolipido mota zehatz batzuen odoleko kontzentrazioek osasun arazoak aurresateko gaitasun hobea izan dezakete kolesterol kontzentrazioak baino. Gainera, adituek diotenez, beste hainbat gaixotasunekin ere zerikusia izan dezakete molekula hauek, besteak beste, 2 motako diabetesarekin, obesitatearekin eta gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren garapenarekin. Azalpenak Berrian: Lipido misteriotsuak.
PsikolinguistikaEsti Blanco-Elorrieta psikolinguista da, eta elebitasunaren neurozientzia ikertzen dihardu Harvard Unibertsitatean. Elebitasunaren inguruan hizketan, azaldu du bi hizkuntzak ez daudela nolabait bananduta burmuinean, maila anatomiko edota kognitiboan. Horren ordez, sistema bakarrean batzen ditugu hizkuntza denen arauketak, eta gero aukeratzen dugu berbak hizkuntza batean edo bestean erabili. Bestalde, baieztatu du hizkuntzak hobeto ikasten direla txikitan, ez hainbeste hitzak errazago gogoratzen direlako, baizik eta soinuen sistemagatik, eta baita gramatika eta sintaxiagatik ere. Gaur egun, afasia ikertzen du Blanco-Elorrietak, eta zehazki, nola erabili daitekeen elebitasuna afasiaren tratamenduan. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Berrian: «Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin».
TeknologiaBotikak inprimatzeko 3D bioinprimagailua aurkeztu dute Leskarai ikergunean. Victor Guarnizo Tecnaliako ikertzaileak azaldu duenez, edozein tamainatako, zaporetako eta itxuratako botikak sortzeko aukera emango du inprimagailuak, guztiak pazientearen beharren araberakoak. Hau da, hainbat botika ezberdin denak pilula bakarrean izatea ahalbidetzen du inprimagailu honek, eta gainera, gozoki baten itxura eta zaporea ematen dio. Inprimatze prozesu osoa automatikoki egin zuen bioinprimagailuak, eta pare bat minutu irauten ditu inprimatze prozesuak. Oraingoz, ordea, ikerketa-helburua duen inprimagailua da, eta, ez dute ospitaletan ezarriko. Informazio gehiago Berrian: Pilulen ordez, izar gozokiak.
ArgitalpenakAste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, 2009an Jerry Coyne biologoak idatzitako Zergatik den egia eboluzioa liburua aurkeztu dute. Jerry Coyne-k ongi laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak. Tarteka Darwinen hitzak hizpidera ekarriz, eboluzioaren aldeko hainbat froga azaltzen ditu. Coynek berak, bere ikerketa eboluzioaren froga enpirikoak eskuratzera bideratu du, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #433 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #439
Edozein teoria zientifiko tautologia bat izango litzateke, teoria bera oinarritzen duten datuak interpretatzeko teoria behar delako, ala ez? On theory and observation (4): Sneed’s structuralism and T-theorecity, Jesús Zamora Bonillarena.
Abeltegiko animaliek metanoa ekoiztea arazoa da klimarentzat. Baina modu esanguratsuan murriztea gorozkiei konposatu bat gehitzea bezain erraza da. Beste kontu bat da Europako legediak, simaurraren garbitasuna zaintzen duenak, horretarako aukera ematea. How to get 99% less methane emissions from the slurry pit.
Imajinatu garbiketa-talde batek gurpildun edukiontziak dituela kirol-instalazio baten zoruan dauden hondakinak biltzeko. Haizete batek teilatu erdia altxatu eta leihoak hausten dituen egunean, edukiontzien kopurua laurdenera murrizten da. Ez da zentzuzkoa hurrengo egunean instalazioa garbi-garbi egotea. Entzefaloan ere antzeko zerbait gertatzen da: garun-infartu bat (haizetea) izaten denean, garbiketa-ekipoak (mikrogliak) edukiontzi gutxiago izaten ditu (lisosomak) hondakinak biltzeko (hildako neuronak). Lysosomes: the Achilles heel of brain macrophages during a stroke, Ainhoa Plaza-Zabala eta Amanda Sierra.
Indar elektrostatiko txikiek konposatu supramolekular organikoei eragiten diete eta haien emaitza garbia haien efektu indibidualen batura baino handiagoa da. DIPCko jendea Synergistic effects of electrostatic bonds in a self-assembled molecule
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #439 appeared first on Zientzia Kaiera.
Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia
Edisonek korronte zuzena asmatu zuen, baina arazo ugari zituen: haize-boladarik txikienarekin behera zetorren kable-sare handia behar zuen eta sorgailu asko behar zituen. Teslak Edisonentzat lan egiten, eta arazo horiek konpontzen korronte alternoa asmatu zuen. Baina Edisoni ez zitzaion lehia gustatzen eta Teslak bakarrik hegan egitea erabaki zuen.
1893an, Chicagoko Erakusketa Unibertsalean, biek jendaurrean jarri zituzten beren asmakizunak, eta argi ikusi zen Teslaren asmakizunak akats gutxiago zituela eta kable gutxiago erabiltzen zituela.
‘Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik den egia eboluzioa
2009an Jerry Coyne biologoak Zergatik den egia eboluzioa liburua argitaratu zuen. Baina, eboluzioa egunean-egunean berresten ari da, biologiaren ardatz izateraino erabat, zergatik da beharrezkoa horrelako liburu bat? Inork ez luke zertan libururik idatzi garbi uzteko atomoak, izan, badirela, edo Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen dela. Bada, zientziako ezein arlok ez duelako sortu, ideologiaren interferentziaz, hainbeste egonezin, gaizki-ulertu zein berariazko desinformazio eboluzioa bezala.
Irudia: Zergatik den egia eboluzioa liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Eboluzioaren aldeko frogabideak ugari, askotariko eta agerikoak dira, eta zientzia-ikerkuntzaren arlo guztietatik datoz, gainera. Gaur egun, zientzialariak espezieak nola adarkatzen diren ari dira aztertzen, animalia eta landareak nola egokitzen diren behatuz eta fosil-bildumak handituz. Naturan bertan nahiz laborategian dihardute halako lanetan.
Jerry Coyne-k argi eta zorrotz laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak, Darwinen hitzak tarteka hizpidera ekarriz. Irakurleari zalantzak uxatzeko lan horretan, ezin konta ahala froga dakar liburuak teoriaren alde. Orobat erakusten du eboluzioa ez dela teoria huts bat, egitate bat ere bada-eta, beldurrik gabe denok onartu behar genukeena, zientziak argituriko beste edozein egitate bezala.
Jerrry A. Coyne-k (San Luis, 1949) Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle. Coyne-ren laborategiaren egiteko nagusia zera da: Darwin-ek espezieen jatorriari buruz idatzitakoak egiaztatzea, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Ehun zientzia-artikulu baino gehiago ditu idatziak, eta hainbat saiakera eta iritzi-artikulu hedabide arruntentzat. Liburu honetaz gainera, Speciation (2004) izenekoa ere argitaratua du, H. Allen Orr-ekin elkarlanean.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zergatik den egia eboluzioa
- Egilea: Jerry A. Coyne
- ISBN: 978-84-9860-881-6
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2013
- Orrialdeak: 443 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zergatik den egia eboluzioa
The post Zergatik den egia eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea
Quaoar planeta nanoa Neptunoz haraindiko dagoen objektu txikia da eta bertan eraztun sistema bat atzeman dute astrofisikariek. Orain arte urte luzez finkatuta zegoen teoria baten arabera, ordea, ez luke bertan egon behar.
Duela gutxira arte pentsaezinak ziren mugetara eraman gaitu gaur egungo astronomiak, eta Hubble edo James Webb bezalako behatokiek unibertsoa gaztea zeneko uneak ekarri dizkigute begietara. Kontaezinak dira inguru urrun horietan argitzeko dauden misterioak, baina gertuagora begiratuta ere, etengabean azaltzen dira argitzeko dauden kontuak.
Hala gertatzen da Eguzki Sisteman bertan ere. Oraingoan, sistemaren aldirietan egin den aurkikuntza batek astindu ditu astrofisikariak zein astronomia zaletuak. Izan ere, 44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea dezenteko aurkikuntza da berez, baina ezustekoa are handiagoa izan da ikusi denean eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar.
1. irudia: Quaoar planeta nanoaren eta eraztunaren irudikapen artistikoa. Ezkutaketaren teknikaren bitartez atzeman ahal izan dute eraztuna. (Irudia: ESA/ATG medialab)Momentuz ofizialki planeta nanoa ez bada ere, askok horrela jotzen dute, oreka hidrostatikoa mantentzeko dentsitate adina duela uste dutelako. Weywot izeneko ilargi txikia ere du inguruan. Gutxi gorabehera, tamainan Plutonen erdiaren parekoa da Quaoar: 1.100 kilometroko diametroa du. Lurra bezalako planeta baten aldean, ez da izugarrizko tamaina, baina argi dago ere ez dela espazioan galdutako harri koskor bat.
Izan ere, Neptunoz haraindiko objektuen artean, zazpigarrena da tamainan. Izenak berak argi uzten duen moduan, zortzigarren planeta baino harago doazen objektuak dira hauek; eta ez dira gutxi: gaurdaino halako 3.000 objektu inguru ezagutzen dira, horien artean, Pluton eta Eris handienak direlarik. Izena Los Angeles (AEB) inguruan jatorria duen herri indigena batetik datorkio, eta, Mike Brown astronomoak How I Killed Pluto liburuan kontatzen duenari jarraiki, hasiera batean objektuaren izena X batekin hastea nahi zuten, objektua 2002an aurkitu zuen ikerketa taldean ordura arte “X objektu” gisa izendatzen zutelako. Baina, zorionez, konturatu ziren azteken Xiuhtecuhtli gisakoak idazteko eta ahoskatzeko zail samarrak zirela, eta Tongva tribuko historialari ofiziosoarengana telefonoz jo zutenean ikusi zuten izen egokia aurkitua zutela: indigena horien artean, Quaoar da unibertsoa abiatu zuen indar sortzailea, kantuka eta dantzaka hasi zenean. Ez da, ez, hasiera txarra unibertso alai baterako.
Erantzunak aurkitzeko prozesua 2018 eta 2021. urteen artean gertatu da, eta soberan dokumentatuta dago: Quaoar hondoko lau izar desberdinen aurrean pasatzean detektatu dituzte eraztun sistema baten adierazle diren argi jaitsierak. Hau da, exoplanetak bilatzeko erabiltzen den antzeko teknikaz baliatu dira. Ezaguna da izar batean argi jaitsiera inguruan planeta bat duelako adierazle izan daitekeela. Modu berean, objektu ezagun bat hondoko izar baten aurrean igarotzen denean —Lurretiko gure ikuspegitik, noski—, posible da objektu horren inguruko zenbait ezaugarri ondorioztatzea, eklipse txiki horretan gertatzen diren argi aldaketen arabera. Halakoetan, noski, objektu nagusia da argiaren beherakada nagusiaren erantzule, baina horren aurretik eta ondoren jaitsiera txikiagoak gertatzen direnean, zientzialariek badakite eraztun baten adierazle izan daitekeela hori.
Arazoa da lurreko behatokien kasuan oso zaila izan daitekeela ebaztea halako aldaketa ahulen atzean atmosferaren eragina ote dagoen. Hortaz, atmosferaren eraginetik kanpo dagoen behatoki baten beharra dago. Baina hemen ere gauzak guztiz konplikatzen dira, izugarri zaila delako orbitan dagoen teleskopio baten posizio zehatza jakitea izarraren eta behatu nahi den objektuaren arteko konjuntzioa gertatzen denean.
Zailtasun hauek guztiak gaindituz, Lurretik egindako behaketak eta ESA Europako Espazio agentziaren CHEOPS satelitearen laguntzari esker, nazioarteko ikertzaile talde batek aurkitu du Quaoarrek eraztun bat duela. Emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Honaino, aurkikuntza polita, baina beste asko egiten diren modukoa. Izan ere, azken hamarkadetan ezagutu dugu eraztun sistemak nahiko ohikoak direla. Saturnok ez ezik, Eguzki Sistemako beste hiru erraldoiek —Jupiter, Urano eta Neptuno— eraztunak dituzte. Kariklo izeneko zentauroan eta Haumea planeta nanoan ere eraztunak aurkitu dira.
Baina, Quaoarren kasuan, benetako ezustekoa etorri da eraztunaren kokapena kalkulatzerakoan: beharko lukeena baino dezente urrunago dago.
2. irudia: ESAren Cheops satelitearen irudikapen artistikoa. Eraztunak Lurreko behatokien bitartez aurkitu badira ere, Cheops misioaren baieztapena ezinbestekoa izan da, atmosferaren eragina alboratzeko. (Irudia: ESA/ATG medialab)Zer dela-eta egon behar dira ba kokatuak eraztunak eremu jakin batean? Eremu hori aspalditik finkatuta dago, Roche-ren muga izenekoaren bitartez. Orain arte ezagutu diren kasu guztietan bete da teoria hau, eta azalpen sinplea du. Muga horrek zehazten du satelite bat modu egonkorrean egon daitekeelako eremua. Objektu handi baten inguruan orbitatzen duen objektu bat gertuegi egonez gero, planetaren marea indarrek erraz suntsitu ahalko lukete satelitea. Kontrara, urrunago egonda, orbitatzen duen material multzo bat eraztun gisa ez baizik eta ilargi gisa pilatuko zen. Esan bezala, orain arte ezagutzen diren eraztun guztiak muga horren barruan daude.
Ez da Quaoarren kasua. Bertan Rocheren muga 1.780 kilometrora hedatzen da, baina atzeman den eraztuna 4.110 kilometrora kokatuta dago. Quaoarren erradioa halako zazpi. Zenbakiak ez datoz bat, inondik inora.
Ikertzaileen esanetan, beharko lukeena baina bi aldiz urrunago dago eraztun hori. Kokapen horretan egonda, hamarkada bakar batzuetan objektu bakarra bilakatu beharko zen, eraztuna osatzen duten objektuak fusionatuz. Hau da, distantzia horretara, bertan ilargi bat egon beharko zen, eta ez eraztun bat.
“Gure behaketen ondorioz, eraztun dentsoek soilik Rocheren mugaren barruan bizirauten dutelako ideia klasikoa errotik berrikusia izan beharko da”, adierazi du Giovannik Bruno ikertzaileak ESAk argitaratutako prentsa ohar batean.
Behaketak zuzenak direla ziurtzat emanda, azalpen bila jo dute zientzialariek. Uste dute kokapen bitxi horren arrazoia tenperaturan egon daitekeela. Izan ere, kalkulatzen da bertan -220 ºC-ko tenperatura dagoela. Proposatu dute tenperatura izugarri baxu honek nolabait saihets dezakeela eraztuna osatzen duten izotz partikulak fusionatzea, espero izatekoa izango zen moduan. Hipotesia babesteko, ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte, eta horietan ikusi dute materialen arteko talken ostean geratzen diren abiadurak handiagoak dira, beste partikulekiko atrakziotik aldentzeko adinekoak. Horrek saihestuko luke materiala pilatzea, eta, ondorioz, ilargi bat osatzea.
Topiko handi bat da esatea ikerketa gehiago beharko direla gaian sakontzeko. Baina, kasu honetan, ezinbestekoa izango da hori, Rocheren muga zalantzan jartzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Erreferentzia bibliografikoa:Morgado, B.E.. Sicardy, B., Braga-Ribas, F. et al. (2023). A dense ring of the trans-Neptunian object Quaoar outside its Roche limit. Nature, 614, 239–243. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-022-05629-6
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasoetako desagertzea
Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Ekologian, eboluzioan eta itsasoetako biodibertsitatean eta, espero dugu, arrisku horren leheneratzean eragiten duten ondorioak hobeto behatzeko, Standford Unibertsitateko Jonathan Paynek eta bere taldeak, erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute. Moluskuen eta itsasoko ornodunen 2.497 espezie –desagertu direnak eta gaur egun daudenak– dituen datu base bat aztertu dute. Desagertuta eta bizirik existitzen diren espezie generoak soilik aztertzen dituzte, alderaketak errazteko. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) zerrendetatik hartzen dute desagertzeko arriskua. Espezie horien lau alderdi alderatzen dituzte: gorputzaren tamaina, gehieneko luzeraren arabera; habitat bentonikoa, hondoan, edo pelagikoa, ur askeetan; mugikortasuna, mugikorrak edo mugiezinak diren; eta elikadura, harrapakariak diren ala ez diren.
Erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko bost desagertzeekin alderatuta, oraingoa gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat (mugitzen ez direnekin alderatuta). Ez dago alderik habitataren arabera (bentonikoak edo pelagikoak), ez eta elikaduraren arabera ere (harrapakariak diren edo ez).
Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei eta, zehazki, arrantzak, ale handienen arrantzak –etekin handiagoa atera daitekeelako–. Antzeko zerbait gertatu zen lurrean ere. Esan daiteke gure espeziea izan zela mamuten, moen, dortoka erraldoien eta tamaina handiko beste espezie batzuen desagertzearen erantzule.
Irudia: esan daiteke gure espeziea izan zela mamuten, moen, dortoka erraldoien eta tamaina handiko beste espezie batzuen desagertzearen erantzule. (Argazkia: Gabriel Dizzi – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Douglas McCauleyren taldeak giza jardueraren ondorio zuzena izan zen espezieen desagertze horri buruz dakiguna errepasatu du. Prozesua duela urte asko hasi zen eskala handian, eta azken mendeetan areagotu egin zen, batez ere XX. mendean. McCauleyk azken 55.000 urteak aztertu ditu. Besteak beste aipatu ditudan lurreko espezieak desagertu badira ere, itsasoan espezieak askoz ere geroago hasi ziren desagertzen. Gainera, itsasoko espezieek lurrekoek baino dispertsio geografiko zabalagoa dute, eta normalean ez dira hain lokalizatuak egoten. Ondorioz, oro har, azkar desagertzeko arrisku txikiagoa dute lurrekoekin alderatuta. Interesgarria litzateke itsas espezieen desagertzeak hegaztienekin alderatzea, izan ere, haiek ere sakabanatuta daude eta antzeko moduan mugitzen dira. Are gehiago, Payneren azterketan gertatzen zen moduan, hegaztien kasuan ere tamaina handiena dutenak dira mehatxatuenak daudenak.
2022an,Washingtongo Unibertsitateko (Seattle) eta Princeton Unibertsitateetako Justin Pennek eta Curtis Deutschek argitaratu zuten azterketa batek Jonathan Paynek ozeanoetako desagertzeari buruz lortutako emaitzak berresten ditu, berotze globalari buruzko datuak eta berotzeak hainbat espezieren ekologian eta fisiologian duen eraginari buruzko ereduetan oinarrituta. Ereduek aurkezten dutena berresten dute, erregistro fosilaren arabera aurreko desagertzeei buruz dakiguna baliatuz.
Ereduetan, gure espeziearen mende honetako inpaktuarekin aldera daitezke berotegi efektuko gasen emisioaren hazkundea, berotzearen ondorioz espezieak galtzea eta atmosferan oxigenoa gutxitzea, eta planetaren historian aurretik izandakoen antzeko desagerpen batean amaitzen da. Espezie polarrak dira desagertzeko arrisku handiena dutenak; baina biodibertsitatearen oparotasuna eremu oparoenetan murrizten da gehien, hots, tropikoetan. Autoreen arabera, berotze globala murriztu eta aldaketa klimatikoa kontrolpean izango bagenu, desagertzeko arriskua % 70 baino gehiago murriztuko litzateke.
Tamainaren araberako desagertzeaTxinako Nanjingeko Unibertsitateko Chuanwu Chenen eta bere taldearen ikerketaren arabera, tamainaren araberako desagertzearen adibide bat zetazeoena da. Tamaina handia izatera irits daitezkeen itsas ugaztunak dira. Balea urdina, Balaenoptera musculus, gaur egungo Lur planetako animaliarik handiena da. Bi azpiklase daude: mistizetoak eta odontozetoak. Mistizetoek (baleek nagusiki) itsasoko ura iragazteko eta elikagaiak gordetzeko bizarrak dituzte; odontozetoek (kaxaloteak eta izurdeak kasu) hortzak dituzte. Guztira 90 espezie dira, eta horietatik 80 Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian daude. Horietatik 22 espezie, hau da, % 27,5, desagertzeko arriskuan daude. 80 espezie horietatik, hamahiru mistizetoak dira eta 67 odontozetoak. Arriskuan dauden espezieen ehunekoa handiagoa da mistizetoen kasuan, hamahirutik bost baitaude (% 38,5); odontozetoen kasuan, 67tik hamazazpi daude (% 25,4).
Espezie horiek desagertzeko arrisku handiena eragiten duten faktoreak honako hauek dira: tamaina, banaketa geografikoa, itsas gainazalaren tenperatura eta giza jarduerak eragindako arrisku zehatzak. Bitxia da: mistizetoen kasuan, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta desagertze arrisku handiagoa dute; aldiz, odontozetoen kasuan, aurkakoa gertatzen da: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrisku txikiagoa. Era berean, azpimarratzeko modukoa da desagertzeko zazpi arrisku posibleetatik arriskutsuena ausazko arrantza dela. Beste arrain batzuen bila joan eta zetazeoak harrapatzen dituzte, nahi gabe.
Espezie batek desagertze prozesu bat jasaten duenean, bere banaketa geografikoa uzkurtu egiten da, txikitu egiten da; izan ere, kanpoaldeko eremuetan geratzen diren horiek dira desagertzen lehenak. Kanpoaldean, gutxiago bizi ohi dira eta inguruneko baldintzak kaskarragoak izaten dira. Ondorioz, haiek izaten dira desagertzen lehenak. McCauleyk eremu geografikoa uzkurtu zaien espezieak zein diren ikertu du. Beste behin, lurreko espezieak dira uzkurtze hori gehien jasan dutenak. Besteak beste, desagertu diren zenbait ahuntz eta tximeleta nabarmentzen ditu. Itsasoan, eremu geografikoa gehien uzkurtu zaien espezieak tamaina handiko espezieak dira; marrazoak, zehazki.
Halaber, itsasoan habitat zehatz batzuk ere galtzen ari dira, hala nola koralezko arrezife batzuk, zeinak 2007rako % 30 gutxitu zirela uste baitzen, edo mangladiak, % 20. Gainera, adituek proposatzen duten hipotesiaren arabera, kasu guztietan itsasoko uraren tenperatura igo delako gertatu da, hau da, berotze globalaren ondorioz. Bai eta giza jardueraren ondorioz ere, hala nola itsasoan haize errota gehiago jartzeagatik, nazioarteko uretako urpeko meatzaritzagatik, kontainerren trafikoagatik (% 600 areagotu da 1970az geroztik) eta itsasoko “eremu hil” deritzenen (oxigenorik gabe) kopuruagatik.
Olagarro batek baino bizitza gehiagoDena den, berri txar horien guztien artean bada berri onik ere, eta hori da, hain zuzen, zefalopodoei egokitu zaiena. 700 espezie inguru dituen itsas moluskuen talde bat da, eta ezagunenak olagarroak, txipiroiak, txibiak… dira. Biologian eta itsasoaren ekologian duten garrantziaz gain, oso preziatuak dira ere gastronomian. Azkar hazten dira, bizitza laburra dute eta inguruneko baldintza aldakorretara egokitzeko plastikotasun handia dute. Australiako Adelaidako Unibertsitateko Zoe Doubledayk eta bere lankideek eta mundu osoko zentroek dioten moduan (besteak beste Palma de Mallorcako Espainiako Ozeanografia Institutua), badirudi zefalopodoak areagotzen ari direla munduko ozeano guztietan. Hala adierazten dute animalia horiek arrantzatzen diren tokietako harrapaketa datuek.
Hori berresteko, Doubledayk eta bere taldeak azken 61 urteetan (1953-2013) zefalopodoen arrantzaldiei buruz argitaratu den guztiaren metaanalisia egin dute. Eskualde ozeaniko guztietako datuak eta gehien merkaturatzen diren espezieen harrapaketen zifrak erabiltzen dituzte, hala nola olagarroarenak edo txipiroiarenak, eta horrela 35 espezie arte.
Emaitzen arabera, aztertutako 61 urteetan hazi egin da zefalopodoen kopurua, eta, gainera, habitat guztietan gertatu da: hondoko habitat bentonikoetan; demertsaletan, hondotik gertu dauden habitatetan; eta pelagikoetan, ur askeetan.
Zefalopodoen igoera horren arrazoiak eztabaidan daude. Adibidez, hipotesi batek dio klima aldaketagatik gertatu dela: uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz, animalia horien bizi zikloak azkartzen dituelako. Beste batek, aldiz, esaten du gehiegizko arrantzagatik gertatu dela, zefalopodoz elikatzen diren arrainen populazioen beherakada ekarri duelako. Beraz, haien ustez, harrapakari gutxiago dituztelako hazi da zefalopodoen populazioa.
Koralezko arrezifeei buruzko auzi irekia Irudia: azken 30 urteetan % 80 murriztu da Karibeko arrezifeen hedadura. (Argazkia: Francesco Ungaro – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)Eztabaidagai izaten jarraitzen duen beste auzi bat koralezko arrezifeena da. Batez ere Karibe itsasoan eta Ozeano Barean gertatzen da, eta, beste behin, kausa berotze globala da. Kaliforniako La Jollako Scripps Ozeanografia Erakundeko Jennifer Smithen argitalpen baten arabera, azken 30 urteetan % 80 murriztu da Karibeko arrezifeen hedadura. Ozeano Barean, berriz, % 50 desagertu da 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadako lehen urteetara bitartean. Adituen aurreikuspenek diote mende honen erdialderako % 70 desagertuta egongo dela.
Koralezko arrezifeekin gertatzen ari dena zehaztasunez aztertzeko, Smithen taldeak xehe-xehe aztertu ditu arrezifeen multzoak, hamar urtez, Ozeano Bareko erdialdeko bost uhartedietako 56 uhartetan. Ikerketa egiteko arrezifeak dituzten hondoen 6.500 argazki erabili dituzte, 56 uharteetako 450 laginketa puntutan ateratakoak.
Emaitzek erakusten dute kalte gehien jasaten duten arrezifeak gizakiengandik gertu dauden eremuetan daudenak direla. Jenderik bizi ez den uharteetan, habitat horietan ohikoak diren espezieak daude oraindik ere arrezifeetan.
Hawaiiko Unibertsitateko (Manoa) Renee Setterren taldearen arabera, honako hauek dira koralezko arrezifeei eragiten dieten ondorio kaltegarriak: itsasoko bero boladak, uraren azidotzea, ekaitzak, lurretik iristen den kutsadura eta leku jakin batzuetan isurtzen diren giza substantzia estresagarriak. Autoreen arabera, efektu horietako bakoitza bere aldetik aztertzen da, baina, batera aztertzen denean, kaltea guztien batura baino handiagoa da. Adibidez, 2050erako (hemendik 28 urtera), ingurumen baldintzak jasanezinak izango dira efektu horietako bakoitzarentzat, bakarka aztertuta. Baina, osotasunean aztertuta, jasanezina izango da 2035erako (hemendik 13 urtera soilik). Kasurik onenean, berotegi efektuko gasak arintzen badira eta jasangarritasunaren aldeko giza garapen optimista bat egiten bada, 2100erako koralen % 41 jasanezinak izango dira. Dena den, efektu horiek osotasunean aztertuz gero, XXI. mendearen amaierarako % 64 izango dira jasanezinak. Kasurik okerrenean, 2055erako koralen % 99 jasanezinak izango dira.
Aldiz, badirudi ostren arrezifeek bestelako bide bati jarraitzen diotela. Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Michael Becken taldeak ostren arrezifeen pixkanakako gutxitzeari buruz dakiguna errepasatu du.
Mundu osoko 144 badiatako eta 44 kostaldeko eskualdetako datuak errepasatu dituzte. Horietako % 90etan gutxi gorabehera ostrak galdu dituzte, Iberiar Penintsulako Atlantikoko kostaldean barne. Aztertu diren hainbat eta hainbat lekutan geratzen diren ostra gutxi horiek ez dira funtzionalak inguruneko ekologiarentzat, ez eta espeziea bera arrakastaz ugaltzeko ere. Ondorioz, badien % 75ek baino gehiagok bere ostren biztanleria galdu dute. Gehiegizko arrantzak eta kutsadurak zerikusia dute ostren desagertze horretan, batez ere gizaki asko bizi den estuarioetan.
Dena den, Leslie Reeder-Myersek eta bere lankideek, Filadelfiako Temple Unibertsitatekoak, Ipar Amerikako eta Australiako aztarnategi indigenei buruz egindako ikerketaren arabera, duela milaka urtetik ezagutzen da ostrak arrantzatzeko tokiak. Denbora luzez ustiatu dituzte, eta 5.000-10.000 urtez egon dira espazioan eta denboran, eta baliteke ostrak arrantzatzeko tokiak are zaharragoak izatea.
Egileek zenbait espezie aztertu dituzte xehetasunez: bederatzi Queenslandeko sei aztarnategitan (Australia), 21 Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean eta 43 ekialdeko kostaldean. Hala ere, egungo arrantzarekin alderatuz gero, agerian geratzen da ostren arrezifeak dituzten eremuen % 85 galdu egin direla mende honen hasieran, metodo indigenen bidezko ustiapenetik ostren populazio asko eta asko hil dituen merkataritza sistema kapitalistara aldatzearekin batera.
Erreferentzia bibliografikoak:- Beck, Michael W.; Brumbaugh, Robert D.; Airoldi, Laura; Carranza, Alvar; Coen, Loren D.; Crawford, Christine; Defeo, Omar; Edgar, Graham J.; Hancock, Boze; Kay, Matthew C.; Lenihan, Hunter S.; Luckenbach, Mark W.; Toropova, Caitlyn L.; Zhang, Guofan; Guo, Ximing (2011). Oyster reefs at risk and recommendations for conservation, restoration and management. BioScience 61, 107-116. DOI: 10.1525/bio.2011.61.2.5
- Chen, Chuanwu; Jefferson, Thomas A.; Chen, Bingyao; Wang, Yanping (2022). Geographic range size, water temperature, and extrinsic threats predict the extinction risk in global cetaceans. Global Change Biology, vol.28, 6541-6555. DOI: 10.1111/gcb.16385
- Doubleday, Zoë A.; Prowse, Thomas A.A.; Arkhipkin, Alexander; Pierce3, Graham J.; Semmens, Jayson; Steer, Michael; Leporati, Stephen C.; Lourenço, Sílvia; Quetglas, Antoni; Sauer, Warwick; Gillanders, Bronwyn M. (2016). Global proliferation of cephalopods. Current Biology 26, R406-R407. DOI: 10.1016/j.cub.2016.04.002
- McCauley, Douglas J.; Pinsky, Malin L; Palumbi, Stephen R.; Estes, James A.; Joyce, Francis H; Warner, Robert R. (2015). Marine defaunation: Animal loss in the global ocean. Science, 347. DOI: 10.1126/science.1255641
- Payne, Jonathan L.; Bush, Andrew M.; Heim, Noel A.; Knope, Matthew L.; McCauley, Douglas J. (2016). Ecological selectivity of the emerging mass extinction in the oceans. Science, 353. DOI: 10.1126/science.aaf2416
- Penn, Justin L.; Deutsch, Curtis (2022). Avoiding ocean mass extinction from climate warming. Science 376, 524-526. DOI: 10.1126/science.abe9039
- Reeder-Myers, Leslie; Braje, Todd J.; Hofman, Courtney A.; Smith, Emma A. Elliott; Garland, Carey J.; Grone, Michael; Hadden, Carla S.; Hatch, Marco; Hunt, Turner; Kelley, Alice; LeFebvre, Michelle J.; Lockman, Michael; McKechnie, Iain; McNiven, Ian J.; Newsom, Bonnie; Pluckhahn, Thomas; Sanchez, Gabriel; Schwadron, Margo; Smith, Karen Y.; Smith, Tam; Spiess, Arthur; Tayac, Gabrielle; Thompson, Victor D.; Vollman, Taylor; Weitzel, Elic M.; Rick, Torben C. (2022). Indigenous oyster fisheries persisted for millennia and should inform future management. Nature Communications 13, 2383. DOI: 10.1038/s41467-022-29818-z
- Setter, Renee O.; Franklin, Erik C.; Mora, Camilo (2022). Co-occurring anthropogenic stressors reduce the timeframe of environmental viability for the world’s coral reefs. PLOS Biology 20(10), e3001821. DOI: 10.1371/journal.pbio.3001821
- Smith, Jennifer E.; Brainard, Rusty; Carter, Amanda; Grillo, Saray; Edwards, Clinton; Harris, Jill; Lewis, Levi; Obura, David; Rohwer, Forest; Sala, Enric; Vroom, Peter S.; Sandin, Stuart (2016). Re-evaluating the health of coral reef communities baselines and evidence for human impacts across the central Pacific. Proceedings of the Royal Society B 283. DOI: 10.1098/rspb.2015.1985
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 24an: Extinción en los mares
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Itsasoetako desagertzea appeared first on Zientzia Kaiera.