Dunak hondartzetako harri-jausien aurka
Harri-jausiak oso fenomeno ohikoak dira euskal itsaslabarretan, bai eta benetako arriskua ere labar horien azpiko hondartzetara joaten den jendearentzat. UPV/EHUko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldeak egindako azterlan batean, Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu da. Emaitzek erakutsi dute dunek erabateko babesa ematen dutela eta, gainera, balio ekologikoa eransten diotela kostaldeko ekosistemari.
Hondartzak jende ugari ibiltzen den aisialdirako guneak direnez, lehentasunezkoa da itsaslabarren azpiko hareatzetan dagoen jendea babestea, harriak erori ohi baitira bertara. Harriei eusteko, dikeak, sareak eta hesiak eraiki izan dira tradizionalki, baina haiek eraikitzea eta mantentzea garestia da, eta, gainera, inpaktu bisual eta ingurumen-inpaktu handia eragiten dute eremuan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldeko (HGI) ikertzaile Jon Ander Clementek azaldu duenez, “babes-neurri horiek ahal den neurrian naturalizatzea da gure ikertaldearen xedea”. Gainera, balio ekologiko eta/edo geomorfologiko handiko eremu babestuetan, hala nola euskal kostaldeko Geoparkean, ezin da mota horretako esku-hartze tradizionalik egin.
(Argazkia: Janfri – CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)Droneak edo laser eskanerra erabiliz, eremu horien 3Dko ereduak sortu dira; horrela, ikertaldeak azterketa-eremuetara erortzen diren harrien ibilbideen, tamainaren, aitzinamenduaren eta beste zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egiten du. Horri esker, “hondartzek inguruko itsaslabarretatik erortzen diren harriekiko duten zaurgarritasuna ebalua daiteke, eta naturarekin bateragarriagoak diren neurriak eta jarduketak proposa daitezke hondartzak babesteko eta, aldi berean, ingurune naturala errespetatzeko”, zehaztu du ikertzaileak.
Bizkaiko Barinatxe hondartzaren kasuan (Sopela eta Getxo artean dago), azterlanetik ondorioztatu zuten ezen itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Horrela azaldu du Clementek: “Beren ezaugarriak direla eta, duna horiek areka natural bat eratzen dute, eta hark, hesi-lana eginez, harriak atxikitzen ditu. Gure 3Dko ereduak erakusten digunez, hesi natural hori narriatu eta desagertuko balitz, harriak jendea joaten den hondartzaraino iritsiko lirateke, eta arrisku-egoera handia sortuko litzateke. Une honetan, duna-sistemak % 100eko babesa ematen du. Horrez gain, ingurune hori biodibertsitatearen ikuspegitik aztertu da, eta ikusi da bertan hazten diren espezieak garrantzitsuak direla eta, gainera, landarediak tinko eusten diela dunei. Emaitza horiek naturan oinarritutako soluzioen (nature-based solutions ingelesez) eraginkortasuna erakusten dute”.
Ikertzaileak argitu duenez, dunen eraginkortasuna egiaztatu izanak ez du esan nahi duna-sistemen ezarpena sustatuko dutenik Barinatxeko hondartzaren pareko arriskua duten hondartza guztietan. “Konponbideak leku bakoitzaren berezko morfologiara egokitu behar dira. Baliteke hondartza batzuetan duna-sistemak sortzeko aukera egotea, baina beste batzuetan inpaktu handiagoko esku-hartzeak egin beharko dira. Kasu horietan, gure 3Dko ereduak aukera ematen du leku bakoitzaren behar zehatzak definitzeko; esate baterako, eraiki behar den hesiaren altuera zehazteko balio dezake”.
Komunitate zientifikoaren arreta erakartzen ari den 3Dko ereduaClemente pozik dago garatutako metodologiak izan duen harrerarekin: “Tokian-tokian garatu genuen, finantziazio oso apalarekin, baina oso pozik gaude komunitate zientifikoan izaten ari den inpaktuarekin: zenbait ikerketatan aipatu dute, eta beste leku batzuetan ere probatzen ari dira. Esate baterako, Portofinoko parke naturalean —Italiako garrantzitsuenetako bat da—, gure metodologia baliatzen ari gara kaletan”.
Gaur egun metodologia hau hondartzetako harri-jausiak gelditzeko erabiltzen ari dira, baina ikertzaileak uste du harri-jausiak pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen ingurune orotan erabil daitekeela. Dunen efektuaren kasu zehatzean, “antzeko azterketak egin litezke basamortu-sistemetan. Metodologia honetan, oso interesgarria da arazoa konpontzeko egiten den planteamendua; izan ere, ikusi da naturara gehiago hurbiltzeak eta jarduketa jasangarriagoak gauzatzeak emaitza onak ematen dituela”, ondorioztatu du.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Hondartzetako harri-jausietarako irtenbide naturalak bilatzen dituen metodologia garatu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Clemente, Jon Ander; Uriarte, Jesus A.; Spizzichino, Daniele; Faccini, Francesco; Morales, Tomás (2023). Rockfall hazard mitigation in coastal environments using dune protection: A nature-based solution case on Barinatxe beach (Basque Coast, northern Spain). Engineering Geology, 314. DOI: 10.1016/j.enggeo.2023.107014
The post Dunak hondartzetako harri-jausien aurka appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #436
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
GenetikaJakina da James Watsonek eta Francis Crickek ekarpen handia egin zutela DNAren egitura ulertzeko ikerketan; bereziki, 51 argazkiaren izenez ezagutzen den irudi ikonikoa. Alabaina, ezaguna da baita ere Rosalynd Franklin zientzialaria haiekin batera ibili zela lanean, baina honi aipamen bat baino ez zioten egin argitalpenean. Orain, garaiko dokumentu batzuek agerian jarri dute Watsonek eta Crickek bezainbeste ulertzen zuela DNAren egitura. DNAren egituraren aurkikuntza bi talderen lanaren emaitza izan zela argitu dute: Franklinek eta Maurice Wilkinsek lan esperimentala egin zuten, eta Watsonek eta Crickek, berriz, teorikoa. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
AntropologiaGizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zen. Hau da, Ardipithecus eta Australopithecus generoen haurdunaldian fetuaren hazkuntza-abiadura beste primateen antzekoa zen oraindik. Homo generoaren hastapenetan ere antzeko mantendu zen fetuaren hazkuntza-abiadura, baina erritmoa hori nabarmen handitu zen duela 1,5-2 milioi urte. Denbora tarte horretan, larreak zabaldu egin ziren Afrikako ekialdean eta hegoaldean barrena, eta ungulatuak asko hedatu eta dibertsifikatu ziren. Horrela, gure arbasoak eduki-energetiko eta proteiko handiko elikagaiak kontsumitzen hasi ziren, eta horrek haurdunaldian zehar fetuak bizko haztea ahalbidetu zuen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Gure arbasoen haurdunaldia.
BiokimikaPeio Azcoaga (Zarautz, 1995) Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zen UPV/EHUn, eta gaur egu doktorego-tesia egiten ari da Biodonostia eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentroetan. Tesian zehar Oncostatin M (OSM) zitokinak bularreko minbizian duen eragina aztertzea du helburu. Azaldu duenez, OSM proteina zitokina proinflamatorioa da, eta immunitate-sistemaren modulazioan jarduten du. Bada, sistema hau tumore-zelulek beren alde erabiltzen dute, beren biziraupena bermatzeko eta tamaina handitzeko, bereziki bularreko minbizietan. Azcoagak ez du tesia oraindik amaitu, baina oraingoz lortu dituen emaitzen arabera, OSM zitokinak bularreko minbizia garatu ostean horren progresioa eta metastasiaren garapena bultzatzen dituela ikusi du. Datu gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daitezke.
IngurumenaScience aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, klimaren eta biodibertsitatearen krisia bereizezinak dira eta biei batera egin behar zaie aurre. Honen harira, Hans-Otto Pörtner irakasleak argi utzi nahi izan du klima-larrialdiarekin batera beste krisi bat sortzen ari dela, ia oharkabekoa, baina bestea bezain arriskutsua: planeta osoko landare eta animalien espezieen galera dramatikoa. Horregatik, klima-aldaketaren aurkako babesa eta biodibertsitatearen kontserbazioa batera jorratu behar direla diote. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaJames Webb Space (JWST) teleskopioa erabiliz, inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, Big Bang-a gertatu eta eratu zen lehen galaxietako bat da, 500 milioi urte soilik igaro ondoren. Jaso dituzten datuen bidez, ondorioztatu dute galaxiek bilakaera-prozesu hierarkiko bat jasan dutela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta galaxia handiak sortu baitziren, elkarrekiko grabitatearen eraginez elkartuz. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena.
Zientziaren komunikazioaJosu Lopez-Gazpiok aurreko artikulu batean zientzia-lanak argitaratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen. Behin argitaratzaileak artikulu batek gutxieneko baldintzak betetzen dituela ondorioztatzean, lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaileek lana ebaluatzea onartzen badute, erabaki beharko dute lana bere horretan onartu, zuzenketa txikiekin edo sakonekin onartu, edo ez onartu. Berrikuspen hauek egitea lan sakona da, eta argitaletxeek diru-kantitate handiak lortzen dituzte horri esker. Alabaina, ikertzaileek ez dute ordainsaririk jasotzen berrikuspen horiek egiteagatik, eta horren ondorioz, azken urteotan ugaritzen ari dira berrikuspenak egiteari uko egin dioten ikertzaileak. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II).
PsikologiaUOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko azterlan baten emaitzen arabera, oroimen-ariketak egiten diren bitartean musika klasikoa entzuteak ez du narriadura kognitibo arina (DCL) duten pertsonen ikasketa-maila hobetzen edo okertzen. Aldiz, ikusi da musika aktibatzaileagoa entzuteak eragin positiboa izan dezakeela eguneroko bizitzan musika erregulatzaile emozional gisa erabiltzera ohituta dauden pertsonengan, eta horrek hipotesi eta ikerketa berriak egiteko aukera zabaltzen du. Datuak Gara egunkarian: Musika «aktibatzailea» entzuteak errendimendu kognitiboa hobetzen du, ikerketa baten arabera
ArgitalpenakKarmele Llano albaitariak Orangutanak eta ni (2021) eleberria idatzi zuen, Borneoko oihanetan bizi diren orangutanak zaintzen egiten duen lana azaltzeko asmoz. Bertan, planetako leku ezkutu horretan bizitzera eta lan egitera eraman zuten arrazoiak azaltzen ditu. Gainera, liburu osoan zehar bizkaitarrak animalienganako grina transmititu nahi du, eta bide batez, espezie horren kontserbazio arazoak plazaratzen ditu. Karmele Llano Indonesian bizi da 2003tik, eta International Animal Rescue (IAR) Indonesiako programen zuzendari da 2006tik. Argitalpen honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #436 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #444
Nahi duenak baino, ahal duenak egiten ditu zenbait gauza. Cyberbullying and media literacy, Martha R. Villabonarena.
Arrakastaz probatu berri da exoplanetak detektatzeko metodo berri bat: izar baten ibilbidean distortsioak bilatu eta gero teleskopio bat apuntatu zer ikusten den behatzeko. Using astrometry to identify candidate exoplanet host stars
Botoxak zimurrak kentzen ditu, bai, baina felpazko panpina baten adierazkortasuna ere ematen du. Eta horrek ondorio ustegabeak izan ditzake, higuingarria izateaz gain: Botox can affect emotional processing, Rosa García-Verdugok egina.
Materia ilunaren izaera misterio bat dela aski ezaguna da. Orain, DIPCko jendeak proposamen iraultzaile bat babesten duen emaitza planteatzen du: materia iluna Bose-Eisntein axoien kondentsatu bat besterik ez balitz? Baieztatuz gero, soken teoriak nolabaiteko babes esperimentala duela erakusten duen lehen zantzua izan daiteke? Wavelike Dark Matter, new physics invoking axions
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #444 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: fosilak
Nola jakin genezake zer gertatu zen Lurrean duela 66 milioi urte? Besteak beste, paleontologia bezalako zientziei esker. Ikerketa arlo honek aztarnategietan edo arroketan aurkitzen diren izaki bizidunen arrasto fosilak aztertu eta interpretatzen ditu.
Gobi basamortuko Nemegt arroan fosil asko daudenez, duela mende batetik, paleontologiaren iturri handienetako bat dago han. UNESCOren arabera, munduko fosil gordailurik handiena da Gobi.
Fosilei buruzko hainbat datuekin dator gaurkoan gure Kiñu.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: fosilak appeared first on Zientzia Kaiera.
Orangutanak eta ni
Orangutanak eta ni (2021) Karmele Llano albaitariaren historia da; Borneoko oihanetan egiten duen lana primate arraza hori zaintzen laguntzen. Bilbon bizi izan zuen haurtzaroa, albaitaritzako ikasle-garaia eta Euskal Herriko neska gazte bat planetako leku ezkutu horretan bizitzera eta lan egitera eraman zuten arrazoiak kontatuko dizkigu Karmelek.
1. irudia: Orangutanak eta ni komikiaren azala. (Ilustrazioa: Maria Girón. Iturria: A fin de cuentos)Liburuan zehar, Bizkaitarrak animalienganako grina transmititzen digu, batez ere gugandik hain hurbil dauden tximino horiekiko, orangutanekiko, alegia. Azalduko digu zergatik desagertzeko zorian dagoen arraza hau, eta zerk dagoen ezkutatuta Borneoko oihanen deforestazioaren atzean (Sumatrarekin batera, han bizi baitira primate horiek).
Maria Gironen irudiek Karmelek tximino hauengatik sentitzen duen maitasuna aparte, animalia horiek pizten dizkiguten sentimendu sendoak ere islatzea lortzen du.
Irakurketan murgildu zaitezte, eta Jojo, Peni, Monty eta beste orangutan asko ezagutu. Horiek, Karmeleren eta bere erakundeko gainerako kideen lan nekaezinik gabe, heriotza seguruagoa izango zuten.
Karmele Llano Sánchez-ek (Bilbo, 1978) 2003. urtean amaitu zuen Leongo albaitaritza-karrera, eta 2011ean masterra egin zuen Kontserbazioaren Medikuntzan, Australian. Eskarmentu handia du primateen medikuntzan eta kontserbazioan. Indonesian bizi da 2003tik, eta International Animal Rescue Indonesiako programen zuzendari da 2006tik. Yayasan IAR Indonesiako (YIARI) fundatzaileetako bat ere bada. Irabazi asmorik gabeko erakundea da YIARI, eta 2008an sortu zen, gizakiak eta animaliak ekosistema jasangarrietan elkarrekin egoteko eta habitatak eta animaliak babestuta egoteko sistema eraginkorrak ezartzeko. 2020an, Biodibertsitatea Zaintzeko Munduko Saria jaso zuen, “tokiko populazioa ahalduntzeko” proiektu baten buru izateagatik.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Orangutanak eta ni
- Egilea: Karmele Llano
- Ilustratzailea: Maria Girón
- Argitaletxea: A fin de cuentos
- ISBN: 978-84-123181-3-5
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2021
- Orrialdeak: 56 or.
The post Orangutanak eta ni appeared first on Zientzia Kaiera.
Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II)
Artikulu honen lehen atalean –Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I) izenekoan– zientzia-lanak argitaratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu genituen. Guztiaren muina hauxe da: zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa eta zientzia-lanen komunikazio publikoa. Alabaina, argitaletxeek erabiltzen duten ohiko ebaluazio-prozesuak, pareko adituen bidezkoak, hutsuneak ditu eta ezinbestekoa da sistema berrikustea.
Zientziak aurrera egin ahal izateko, beharrezkoa da zientzialari batek eskuragarri izatea besteek egin dituzten lanak; izan ere, aurreko lanen testuinguruan abiatu ohi da ikerketa-esparru berri bakoitza. Dakigunez, gaur egun zientzia-aldizkariak dira emaitzen berri emateko biderik ohikoena. Aurreko atalean azaldu genuen bezala, zientzia-aldizkarien argitalpen-sistemaren oinarria peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua da. Parekoen ebaluazioa metodo zientifikoarekin bat datorren ebaluatzeko modua da eta metodoa bera ez litzateke zalantzan jarri beharko -hobekuntzak beharrezkoak diren arren -. Hala ere, berrikuspen sakona behar du argitaletxeek duten jarrerak, bai eta joko horretan sartzen diren zenbait zientzialarirenak.
1. irudia: Parekoen ebaluazio-prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat den arren, azken urteotan argi gelditu da prozesuak berrikuspen sakona behar duela (Argazkia: Tumisu – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).Aipatzen genuen bezala, ikertzaile batek, bere ikerketa-lana amaitu ostean, zein aldizkaritara bidali nahi duen erabaki behar du. Horretarako, kontuan izango ditu, bai bere lanaren kalitatea eta esparrua eta, baita, aldizkariaren kalitatea eta esparrua ere. Lana bidali ostean, aldizkariaren argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du ea artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa ote den. Lehen pauso hori gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaileek lana ebaluatzea onartzen badute, lau multzo hauetako batean kokatu beharko dute: 1) bere horretan onartu, 2) zuzenketa txikiekin onartu, 3) zuzenketa sakonekin onartu edo 4) ez onartu.
Oro har, lehen kategorian sailkatzen den ia artikulurik ez dago; izan ere, oso zaila litzateke hiru edo lau ebaluatzailek zuzenketa bakar bat ere ez eskatzea. Normalean, artikulua zuzenketekin onartzen da edo ez da onartzen. Azkeneko aukeratik hasita, artikulua ez bada onartzen, ikertzaileak lana berrikusi beharko du eta beste aldizkari batera bidaltzen ahalegindu beharko da -askotan kategoria baxuagoko aldizkari batera joz-.
Zuzenketekin onartzen den kasuetan -txikiak zein sakonekoak-, ikertzaileari epe bat ematen zaio adituek egindako iruzkin eta zuzenketak egiteko. Horren ostean, bere lana berriro bidaliko du eta ebaluatzaileei erantzuna bidali beharko die. Kasu batzuetan aldaketak egin behar izaten dira artikuluaren idazketan, beste kasu batzuetan nahikoa izan daiteke ebaluatzaileei azalpenak ematea eta, beste kasu batzuetan, beharrezkoa izan daiteke laborategira itzuli eta esperimentu berriak egitea. Behin erantzunak bidalita, berriro ere txosten bat osatuko dute ebaluatzaileek. Ados badaude egindako aldaketekin, artikuluak aurrera egingo du argitalpen-prozesuan. Hala ere, posible da bigarren txandan ere ebaluatzaileak ados ez egotea edo aldaketak desegokiak direla esatea. Horrela, ebaluatzaile/egile eztabaida bat egon daiteke, adostasunean edo desadostasunean amaitu daitekeena. Ebaluatzaile guztiak ados daudenean adieraziko zaio egileari lana argitaratzeko prest dagoela. Ebaluatzaile guztiak ados egotea lortzen ez bada, lana ezin izango da aldizkari horretan argitaratu.
Argitalpen-prozesu hau zientzian ez daudenentzat arrotza izan daitekeen arren, onartu behar da peer review-a bera oso zorrotza dela eta ikerketa-lan bat argitaratzeko metodorik garbienetakoa dela. Hain zuzen, argitaratzen diren lanak oso lan zehatzak izan daitezke eta sarritan ezinezkoa edo oso zaila litzateke egilea bera baino adituagoa den norbait topatzea. Horregatik, gutxienez bera bezain aditu diren hiru edo lau ebaluatzaileren irizpidean jartzen da lanaren kalitatearen bermea. Hala eta guztiz ere, zientzialariok ere jakin behar dugu aldizkari batean argitaratu den lan bat ez dela egia absolutua. Zientzia-emaitzak zalantzan jartzekoak izan daitezke beti eta ikerketa batek zalantzan jar ditzake aurrez egindakoak, jakina.
Hori horrela, López Nicolásek bere blogeko ekarpen interesgarrian aipatzen duen moduan, ezinbestekoa da ebaluatzaileak ohartzea haien lanaren garrantziaz. Oro har, ebaluatzaile-lana egitea ordaindu gabea izaten den arren, baliagarria izaten da curriculumeko meritu gisa. Ebaluatzaileek lan garrantzitsua dute: haien eskuetan dago ikertzailearen lana onartu ala ez, eta horrek ondorio asko izan ditzake etorkizunean -ikertzailearen curriculuma edo ikerketa-proiektuen finantzaketa, esaterako-.
Azken urteotan ugaritzen ari dira berrikuspenak egiteari uko egin dioten ikertzaileak; izan ere, lan sakona da eta argitaletxeek diru-kantitate handiak lortzen dituzte horri esker. Zentzuzkoa da zientzialariek ere haien berrikuspen-lanengatik ordainsaria jaso nahi izatea. Horrek guztiak ebaluatzaileak lortzeko zailtasunak areagotzen ditu eta, beste kasu batzuetan, aditu ez direnek ebaluazio lanak onartzera eraman ditzake ¾haien curriculumak hobetzeko asmoz¾. Ondorioak jada iritsi dira zientzia-komunitatera, bi modutan: alde batetik, metodologikoki zuzenak ez diren zenbait lan argitaratu dira zientzia-aldizkarietan -horietako batzuk gero atzera bota direnak- eta, beste alde batetik, lan egokiak ez dira onartu ebaluatzaileak ez zirelako lana berme nahikoaz aztertzeko bezain adituak.
Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra izenburudun artikulu sorta honen helburu nagusia zientziaren argitalpen-sistema azaltzeko ahalegina egitea izan da. Sarritan entzuten da artikuluak atzera bota direla edota argitalpen batean iruzurra egin dela. Horrelakoak normalak dira eta horrek ez du zalantzan jarri behar argitaratzen diren lanen kalitatea. Zientzia etengabeko berrikuspen-prozesuan dago eta, lehenago edo beranduago, beti azaleratzen dira iruzurrak. Zientzia gizakiok egiten dugu, geure interes pertsonal eta akats guztiekin. Zenbaitetan, jarrera desegokiak egon daitezke, baina, zientzia oro har hartuta, bere burua zuzenduz doa etengabe. Peer review ebaluazio-prozesua zientziak duen tresna garrantzitsuenetako bat da, eta berrikuspenak behar dituen arren, metodo egokia da aurrera egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, berrikusi beharreko prozesua da ezinbestez azken urteotan zientzian eta zientzialariongan gertatzen ari diren aldaketen ondorioz.
Informazio gehiago:- José Manuel López Nicolás (2023). ¿Cómo se revisa un artículo científico y qué dos problemas provoca el comportamiento de las editoriales?, scientiablog.com, 2023ko otsailaren 19a.
- Editorial (2022). Transparent peer review for all, Nature Communications, 13, 6173, DOI: 10.1038/s41467-022-33056-8
- Koldo Garcia (2013). Artikulu zientifikoak eta argitaratzeko presioa, edonola.net, 2013ko abenduaren 11.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure arbasoen haurdunaldia
Gizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Horregatik, gizakien haurtxoak handiak gara jaiotzean. Eta heldu baten garunaren tamainaren % 30 baino ez badu ere, gurea ere handia da. Ezaugarri horiei dagokienez, ez dugu beste primateen antzik, ezta gure ahaide hurbilena ere, bonobo eta txinpantzeena.
Giza eta txinpantze leinuen arteko dibergentzia duela sei milioi urte inguru gertatu zenez, espezie baten eta bestearen haurdunaldiaren ezaugarriak duela gutxi bereiziko ziren. Hala ere, guztiok dakigu hori ezin dugula ikusi edo neurtu gaur egungo haurdunaldiekin egiten dugun moduan.
Irudia: fetua bere posizio naturalean. Jan Van Rymsdyken ilustrazioa, W. Hunteren Anatomia uteri humani gravidi (1774). (Argazkia: CC – BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Primateetan, haurdunaldiak antzeko iraupena izaten du espezie ezberdinetan. Beraz, espezie batean fetua oso azkar hazten bada, horrek esan nahi du tamaina handi samarra izango duela jaiotzean, eta bere garuna ere halakoa izango dela. Bi dimentsioak hertsiki lotuta daude. Bestalde, elkarrekikotasun estua dago jaiotzeko eta helduaroko garun tamainaren artean. Beraz, pentsa daiteke lotura estua egon behar dela fetuaren hazkunde tasaren eta helduaren garun bolumenaren artean. Eta, hain zuzen ere, egiaztatu dute halaxe dela. Bestalde, hortzeriaren ezaugarriak ere primateen bizi zikloaren ezaugarri batzuei buruzko informazio iturri aproposa dira. Jaio aurreko hazkunde tasa, adibidez, primate katarrinoen atzeko haginen dimentsio handiekin ere lotuta dago (talde horretakoak gara geu ere). Erlazio horren arabera, atzeko hirugarren hagina, lehenengoarekin alderatuta, txikiagoa da jaio aurreko hazkunde tasa handiagoa duten katarrinoengan.
Bada, fetuaren hazkunde tasaren eta aintzat hartutako bi adierazleen arteko lotura barne garezur-bolumenarekin (primate guztiena) eta atzeko hirugarren haginaren tamaina handia (katarrinoena), matematikoki adieraz daiteke. Eta azken ekuazioak erabili dituzte jada desagertuta dauden arbaso (homininoak) askoren fetuen hazkunde tasak kalkulatzeko.
Horrela, duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen –Ardipithecus eta Australopithecus generoena– haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zela ondorioztatu zuten, eta tximino gehienenaren antzekoa. Homo generoko lehenak beren arbasoengandik bereizten hasi ziren, baina jaio aurreko hazkundearen erritmoa ez zen nabarmen handitu duela 1,5-2 milioi urtera arte. Denbora tarte horretan, larreak zabaldu egin ziren Afrikako ekialdean eta hegoaldean barrena, eta belarkara gogor ugari sortu ziren, inguru lehorretan egoten diren horietakoak. Ondorioz, belarjale ungulatuak asko hedatu eta dibertsifikatu ziren. Baldintza horietan, presio selektibo handia egon zen, gizakiek ungulatu haiek kontsumitzearen alde. Gure arbasoek (Homo generoa) sarraski bihurtzean jango zituzten beharbada, edo, aukera zutenean, ehizatu egingo zituzten, ordu luzez haien atzetik ibili ostean.
Eduki energetiko eta proteiko handiko elikagai horrek garun handiak garatzea ahalbidetu zuen, bai fetuetan, bai gizabanako helduetan. Eta gero eta garun handiagoak zituztenen ondotik, azkenean, azken 300-400 mila urtetan Eurasia eta Afrika populatu zituzten giza espezieak sortu ziren. Gure eboluzioaren aldi horretan, gaur egungo emakumeen oso antzeko haurdunaldia lortu zen, zailtasun obstetrikoekin eta neurri handiko haurtxoekin.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Gure arbasoen haurdunaldia appeared first on Zientzia Kaiera.
Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena
James Webb Space (JWST) teleskopioa erabiliz, inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dute. Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque Research irakasle eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) irakasle elkartua parte den nazioarteko talde batek izan da ikerketaren egilea. Aurkikuntza honek adierazten du bilakaera-prozesu hierarkiko bat gertatu zela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta —zeinak elkarrekiko grabitatearen eraginez elkartu baitziren— galaxia handiak sortu baitziren, hala nola Esne Bidea. Science aldizkarian argitaratu da azterlana.
Urruneko unibertsoko zenbait galaxiaren espektroak aztertuz, taldeak orobat baieztatu ahal izan zuen inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dutela. Broadhurstek azaldu duenez, “galaxia txiki eta argitasun oso gutxiko hori eratu zen lehenetariko bat izan zen, Big Bang-a gertatu eta 500 milioi urte soilik igaro ondoren, unibertsoaren bolumena gaur baino milaka aldiz txikiagoa zenean”.
Irudia: Koloretako irudiko 3 zirkuluak lehen planoan dauden galaxia-multzo distiratsuek handitutako galaxia urrunaren 3 irudiak dira. (Argazkia: ESA/Webb, NASA & CSA, P. Kelly). (ESA/Webb, NASA & CSA, P. Kelly).Broadhurst kide duen nazioarteko taldeak aukera du JWST teleskopioa denbora luzez erabiltzeko unibertso urruneko izarrak eta galaxiak ikertzeko grabitazio-lenteen bidez. Grabitazio-lenteen metodoan, objektu masiboak erabiltzen dira —hala nola galaxia-multzoak—, eta haien atzean dauden helburuen argitasuna eta tamaina handitzen dira. Urte hasierarako, taldeak aztertuak zituen teknika horren bidez zenbait izar eta galaxiaren espektroak, eta “zirrara handia sentitu genuen galaxiaren gorriranzko lerrakuntza handi hori hauteman genuenean”. Azken behaketei esker, taldeak baieztatu ahal izan du “galaxia horren distantzia zenbatetsia fidagarria dela % 100ean, gai izan ginelako haren espektroan elementu bereizgarriak hautemateko, hala nola hidrogenoa, karbonoa, oxigenoa eta neoia, zeinak haren gas berotik baitatoz.”
Ustekabeko aurkikuntzaGalaxia horren tamaina neurtuta, jakin ahal izan da oso argitasun gutxiko galaxia nano bat dagoela 13.200 milioi argi-urtera. Neurketa horiek egitea posible izan da “James Webb teleskopioaren bereizmen handiari esker, zeina konbinatu baita lehen planoan dagoen eta lente erraldoi gisa jokatzen duen galaxia-multzo masibo horren handipen-gaitasunarekin”, azaldu du irakasleak. Broadhurst espektroskopista esperientziaduna eta grabitazio-lenteen aditua denez, haren lanaren parte bat izan da “galaxia horren espektroa interpretatzea eta handipena zenbatestea, kasu honetan lente gisa balio izan duen galaxia-multzo handi baten grabitazio-eremuaren eredua erabiliz”.
Ikertzaileak azaldu duen bezala, “galaxia hori ez zen gure lehenengo helburua, baina, zorionez James Webb teleskopioarekin lortutako irudietan agertu zenez, erabaki genuen espektroskopia osagarriaren helburuen zerrendan sartzea”. Ustekabeko aurkikuntza horren ondorioz, taldeak ondorio hau atera du: “oso litekeena da argitasun gutxiko galaxia nano mota hori ohikoa izatea unibertso goiztiarrean sortutako lehen galaxietan, grabitazio-lentea erabiltzen ez duten beste talde batzuek baieztatutako galaxia distiratsuak izan ordez”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena aurkitu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Williams, Hayley; Kelly, Patrick L.; Chen, Wenlei; Brammer, Gabriel; Zitrin, Adi; Treu, Tommaso; Scarlata, Claudia; Koekemoer, Anton M.; Oguri, Masamune; Lin, Yu-Heng; Diego, Jose M.; Nonino, Mario; Hjorth, Jens; Langeroodi, Danial; Broadhurst, Tom; Rogers, Noah; Perez-Fournon, Ismael; Foley, Ryan J.; Jha, Saurab; Filippenko, Alexei V.; Strolger, Lou; Pierel, Justin; Poidevin, Frederick; Yang, Lilan (2023). A magnified compact galaxy at redshift 9.51 with strong nbular emission lines. Science. DOI: DOI: 10.1126/science.adf5307
The post Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #435
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AstronomiaJames Webb Space teleskopioaren laguntzaz, inoiz behatutako galaxia nano urrunena hauteman dute. Azaldu duenez, Big Bang-a gertatu eta sortzen lehenetariko bat izan zen, 500 milioi urte soilik igaro ondoren. Bestalde, teleskopio bera eta grabitazio-lente ahaltsu bat erabiliz, ondorioztatu dute hasierako unibertsoan sortu ziren galaxiak oso txikiak zirela, eta bilakaera-prozesu hierarkiko baten ondorioz, galaxia nanoetatik abiatuta, galaxia handiak sortu zirela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
Henrietta Hill Swope astronomo estatubatuarrak zefeidak aztertu zituen, eta berari esker dakigu, hein handi batean, unibertsoa mugagabea dela eta urrunean beste galaxia batzuk daudela. Zefeidak Lur planetatik ikus daitezkeen izar aldakorrak dira, gure planetatik oso urrun dauden distantziak neurtzeko balio dute. Bada, Hill, beka bati esker, Harlow Shapleyrekin batera izar aldakorrak aztertzen hasi zen Harvard-en, eta 1927tik 1942ra bitartean, 1.600dik gora izar aldakor aztertzera iritsi zen. 78 urterekin hil zen, Pasadenan, eta bere ondarearen zati handi bat Washingtongo Carnegie Institutuari utzi zion. Emakume zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Henrietta Hill Swope, gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa.
NutrizioaNutrizioaren inguruko gidaliburua argitaratu dute UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea Taldeak eta CIBEROBN sareko zentro batek. Gidaliburu horren bidez, ikertzaileek ikustarazi nahi izan dute gure dietako plateren nutrizio balioa aldatu egingo dela darabiltzagun elikagaien eta horiek prestatzeko sukaldaritza tekniken arabera. Besteak beste, haragi gorria, zereal findu, azukre, gantz ase eta bestelako produktuen erabilera murriztea gomendatzen dute bertan. Sukaldatzeko teknikei dagokionez, frijitu ordez, labean, aire frijigailuan edo mikrouhin labean prestatzea hobetsi dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Nola lortu zure platerak osasungarriagoak izatea.
OsasunaAlkohola kontsumitzeak ez ditu neuronak hiltzen, baina eraldatu egiten ditu. Eraldaketa hori bi modutan ematen da: Alde batetik, alkoholak neuronen arteko konexioak kaltetu ditzake dendritak eta axoiak (zelula horien luzapenak) kaltetuta, eta horrek horien artean seinaleak bidaltzea zailtzen du. Bestetik, alkoholak aldaketa handiak eragiten ditu neurotransmisoreen funtzionamendu normalean, eta gogo aldarteak eragin ditzake, besteak beste, haserrea, gogo aldarte baxua, euforia edo agresibitatea. Hala, alkoholiko kronikoetan neurotransmisoreen jardueraren alterazioa betikotu egin daiteke, eta aldaketa kronikoak ager daitezke burmuinean. Azalpenak Zientzia Kaieran.
KimikaIkerketa berri batek ondorioztatu du errenazimenduko zenbait margolanetarako pigmentuetan arrautza botatzen zela, eta horrek abantaila nabarmenak zituela. Zehazki, ikertzaileek ikusi dute arrautzaren gorringoa erabiltzeak aukera ematen duela margolanetan denborarekin agertu daitezkeen zenbait gaitzi aurre egiteko, besteak beste, hezetasunari lotutako arazoei, azalean sortzen diren zimurrei edota artelanaren horitzeari. Gakoa arrautzaren proteinetan dagoela dirudi, hauek geruza bat sortzen baitute pigmentuen inguruan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arrautza, arte maisulanetako osagaia?
TeknologiaAzken hilabeteetan hainbeste entzun den adimen artifizialaren nondik norakoen inguruan ibili dira aste honetan Berriako artikulu batean. Diziplina zientifiko bat da adimen artifiziala, baina adimena bera definitzen zailak denez, berbera gertatzen da honekin. Oro har, nolabaiteko ikasketa edo prozedura mekaniko ez-sinple bat jarraitzen duen teknologia dela esan daiteke. Adimen artifizialaren azken nobedadea GPT-4 izeneko txatbota da: jarduera sorta bat egiteko gai den tresna. Hamaika arlotan txertatuta dago jada adimen artifiziala, hala nola, medikuntzan, eta etorkizun handiko tresna dela ematen du. Dena dela, botere handiko tresna izanik, kontuz ibiltzea komeni da. Azalpenak Berrian: FIKZIOTIK ERREALITATERA.
BiologiaMiren Aldasoro Lezeak (Altsasu,1995) Biologiako gradua ikasi zuen UPV/EHUn, eta 2021ean hasi zuen doktorego-tesia unibertsitate bereko Jokabidea eta Eboluzioaren Ekologia Sailean. Zehazki, ferra-saguzarren ekologia trofikoa ikertu du tesian zehar, animalia hauen gorotzetatik informazioa eskuratuz. Horretarako, laginak bi modu ezberdinetan jaso ditu: batetik, kolonietan modu ez inbasiboan, gorotz-biltzaile batzuk animalien azpian jarrita, eta bestetik, saguzarrak gauean ehizatzetik bueltatzean sare bitartez harrapatu eta haien gorotz indibidualak jasoz. Horrela, ikusi ahal izan du ferra-saguzar espezie bakoitzaren dietaren patroia ezberdina dela. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke.
Ozeano Bareko plastiko-uhartean, komunitate berri bat sortu dute kostako ornogabeek. Plastikozko uharte hori Ipar Pazifikoko ekialdeko zurrunbilo subtropikalean dago, itsaso zabalean. Bada ikerketa batek frogatu du kostako itsas ornogabeen bizileku bihurtu dela plastikozko uhartea, eta ugaldu ere egiten direla bertan. Komunitate neopelagikoa deitu diote. Guztira, 484 organismo ornogabe identifikatu dituzte hartutako laginetan, eta horietatik % 80 kostaldeko habitatetan egon ohi diren espezieak dira. Ikerketa honek frogatu du kostako jatorrizko espezieak gai direla hainbat urtetan milaka kilometro egiteko hondakin plastikoetan, eta gainera, bizirik irauteko eta ugaltzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dute hibernatzen ari diren hartzak eta mugitu ezin diren pertsonak tronboetatik zerk babesten dituen. Ikertzaileek bi kasu horiek aztertu dituzte, eta ikusi dute biek HPS47 proteina gutxiago dutela odolean. Proteina horrek odoleko plaketak elkarri lotzen laguntzen du, kolagenoarekin bat eginez. Hala, proteina horren maila baxuekin odola gutxiago koagulatzen dela dirudi. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiokimikaNerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakaslea animalia erreinuko ugalketa mekanismo ezberdinez jardun da Berrian. Ornogabe batzuk partenogenesi bidez ugaltzen dira, hau da, ernaldu gabeko obuluetatik enbrioi osoak eratzeko gai dira. Makila intsektuek eta hainbat inurri eta txirla espeziek, bestalde, aitaren nukleoko geneetatik abiatuta sortzen dituzte ondorengoak. Ugalketa mekanismo horiek ikerketarako informazio asko ematen dute, eta hainbat ikerketa informazio hori erabiltzen ari dira in vitro ugalketaren inguruan ikasteko. Honen harira, berriki egindako ikerketa batean bi aita biologiko dituen sagu ugalkor eta osasuntsua aurkeztu dute. Hau da, bi arren material genetikoa daukaten enbrioiak sagu emeen umetokian txertatu dituzte, eta sagu osasuntsu bat sortu dute bertatik. Informazio gehiago Berrian: Hamaika bide ondorengoak izateko.
NeurologiaWashingtongo Unibertsitateko ikertzaile batzuek pentsamendua eta gorputza integratzen dituen sare bat identifikatu dute garunean. Sare horrek pentsamenduarekin eta planifikazioarekin zerikusia duten guneak eta gune motorrak eta ez-borondatezko funtzio batzuek konektatzen ditu. Integrazio horrek azalduko luke, adibidez, zergatik antsietateak alde batetik bestera ibiltzeko joera eragiten duen batzuetan. SCAN deitu diote sareari, somato-cognitive action network. Honekin batera, gorputz-atal bakoitzaren mugimendua garuneko zein eremuk kontrolatzen duen azaltzen duen mapa berritu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.
SoziologiaElorri Arkotxak (1991) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Musikologiako ikasketak egin ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan Masterra egin zuen. Gaur egun, tesia egiten ari da Ipar Euskal Herriko landa komunitatearen baitan gertatu ziren eraldaketa kulturalak azaltzeko proposamen metodologiko bat sortzen. Metodologia hori garatzeko bi kontzeptu nagusi erabili ditu: kultura nagusia eta kultura herrikoia. Hala, kultura nagusian eta kultura herrikoian estatuak, lekuko eliteak eta populazio landatarrak bete zuten rola definitu du. Proposamen metodologiko horrekin garai hartan gertatu ziren eraldaketa kultural batzuk azaltzea lortu du. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitateko webgunean aurki daiteke.
ArgitalpenakJosu Alberoren Mikrobioen mundu liluragarria (2019) liburuak mikrobioen mundua desmitifikatzea du helburu. Oro har, mikrobioak gauza negatiboekin lotzen ditugu, eta ez gara jabetzen mikrobio gehienak ez direla kaltegarriak; kontrara, horietako asko onuragarriak ere badira. Horrela, Alberok biologia gutxi dakitenei mikrobioen mundua hobeto ulertzen laguntzen die, azalpen ulerterrazak emanez. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
Bardean 30 urtez egindako ikerketa lanen emaitzak bildu ditu EHUk argitaratu berri duen dibulgazio liburuan. Nafarroako Errege Bardeak. Bisitariaren gida. Geologia du izena eta euskaraz dago idatzia. Bardeatako ikerketen abiapuntua 1980ko hamarkadan dago, Eliseo Martinez Tuterako institutuko irakasleak Bardean aztarna batzuk aurkitu zituenean. Aztarnak Humberto Astibia EHUko paleontologia katedradunari erakutsi zizkion, eta hortik abiatuta egin zen lehen tesia. Geroztik ikerketa asko egin dira, baina oraindik asko dago ikertzeko. Informazio gehiago Berrian: Liburu bat zabal-zabalik.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #435 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #443
Irudia: IllustrisTNG
Fisikako prestakuntza duten pertsonek ereduak gehiegi sinplifikatzeko duten joera da behiesferismoa. Behia esferatzat hartzetik datorkio izena. Noizean behin, fisika berria ziruditen kasuak aurkitzen ditugu, egia esan, ereduaren behiesferismoa da. DIPCko jendeak horrelako kasu bat deskribatu berri du. The origin of the lensing is low problem
Teoria zientifikoak holistikoak dira, hau da, oso gai zehatz bati buruzkoak izanda ere, sistema oso baten barruan daude (zorionez, baten batek paradigma deitu zuena). Zelan testatu daiteke elkar konektatutako teoria sare bat? On theory and observation (5): Testing theory-nets, Jesús Zamoraren eskutik.
Ioi astunen fluxuari zer faktorek eragiten dioten aztertzeko esperimentuak egin dira. The flow of particles in the collisions of heavy ions
Ministroak ez du eskumenik esamoldeak oso gauza desberdinak esan nahi ditu administrazio-ebazpen batean (ministroak ez du eskumenik gaia ebazteko) eta oposizioko alderdi baten mitin batean (ministroak ez du gaitasunik kargua betetzeko). Batzuetan, zentzu-desberdintasunak ez daude hain argi, hiztunek gauza desberdinak ulertzen dituztelako testuinguru berean adierazpen bererako. What do you mean? Semantic disagreements as a source of misunderstandings Juan F. Trillok egina.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #443 appeared first on Zientzia Kaiera.
Henrietta Hill Swope, gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa
Bere mugak ez dira gure galaxian amaitzen; are gehiago, bidea irekitzen du eta ez dakigu non amaitzen den –mugarik baldin badu–. Unibertsoaren hedapenaren teoria onartuta dago, baina XX. mendearen hasierara arte ez zen hala izan. Ez genekien Esne Bidetik harago milaka milioi galaxia zeudenik ere. Gaur egun badakigu unibertsoa mugagabea dela eta urrunean beste galaxia batzuk daudela, hein batean, gaurko protagonistari esker. Henrietta Hill Swope da bera, zefeidak aztertu zituen astronomo estatubatuarra (zefeidak Lur planetatik ikus daitezkeen izar aldakorrak dira, gure planetatik oso urrun dauden distantziak neurtzeko balio dute).
Henrietta txikia eta bere erreferentziakHenrietta Hill Swope (1902-1980) Missouriko familia aberats eta kultu batean jaio zen. Gerard Swope, bere aita, ingeniaria zen, eta General Electric teknologia enpresan egin zuen lan; enpresako presidentea izatera ere iritsi zen. Mary Hill-ek, Henriettaren amak, berriz, goi-mailako ikasketak egin zituen eta gizarte gaiekin konprometitu zen; hala, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligan kargu bat izan zuen. Biak ala biak Hull-Houseko irakasleak izan ziren, non gizarte, hezkuntza eta arte arloetako programa oso berritzaileak garatu ziren. Henrietta txikia, beraz, ikasi nahi izateko eta bere gaitasunak gogokoen zuen eremu akademikoan garatzeko giro aproposean hazi zen.
1. irudia: Henrietta Hill Swope astronomo estatubatuarrak zefeidak aztertu zituen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Zergatik hautatu zuen Astronomia? Horretarako arrazoietako bat familiaren udako bizilekua izan zen: Massachusetts-en iparraldean dagoen Nantucket irla. Izan ere, irlan hartan Maria Mitchell behatokia zegoen, Margaret Harwood astronomoak zuzendua. Zentroan, jende guztiarentzako mintegiak eta eskolak ematen zituzten eta Henrietta Harlow Shapleyk, Harvardeko behatokiko zuzendariak, emandako hitzaldietako batera joan zen. Hitzaldi horretan, Esne Bidearen egituraz mintzatu zen astronomoa eta neska gaztearengan astronomiarekiko jakin-min handia piztu zuen. Gero, amak bultzatuta, Henriettak Shapleyri idatzi zion, izarren inguruko ikasketei buruzko informazioa eskatzeko.
Harvard eta zefeiden azterketa20ko hamarkadaren hasieran, Hill Barnard College (New York) unibertsitatean matrikulatu eta Matematikan lizentziatu zen, 1925ean. Ondoren, Chicagora itzuli, eta, Unibertsitateko Gizarte Zerbitzuen Administrazio Eskolan urtebetez aritu eta gero, Harvardeko Radcliffe College-n matrikulatu zen, Astronomiako maisutza eskuratzeko; 1928an lortu zuen.
Beka bati esker, Shapleyrekin batera izar aldakorrak aztertzen hasi zen –hau da, denborarekin distira eta tamaina aldatzen dituzten eta Lur planetatik ikus daitezkeen izarrak–. Han, Cecilia Payne-Gaposchkin eta Adelaide Ames lankideekin –astronomo bikainak haiek ere– adiskidetasun harreman handia izan zuen.
Henriettak, zehazki, zefeidak aztertu zituen; hots, denbora tarte laburretan –1 egunetik 50era artean– argitasuna modu erritmikoan aldatzen duten izar aldakorrak. Argitasunaren aldakortasuna izarren distantziarekiko proportzionala da; hortaz, aldaketa horiek behatzea baliagarria izan daiteke bai Esne Bidearen tamaina, bai beste galaxia batzuetarako distantziak neurtzeko.
Harvarden, izarren argazkiak behatuz aldaketa horiek kalkulatzen aditu bihurtu zen Henrietta. Objektu ugariren argitasuna eta pultsazio aldiak zehaztasun handiz kalkulatu zituen; 1927tik 1942ra bitartean, 1.600dik gora izar aldakor aztertzera iritsi zen, hain zuzen. Eta, epe horretan, inpaktu handiko artikuluak argitaratu zituen, Shapleyrekin batera. Adibidez, nukleo galaktiko masibo baten existentziaren lehenengo ebidentziei buruzko azterlana argitaratu zuten.
Bere grina, etenaldianOndo asko dakigu erreferentziazko pertsonak behar direla –etxe barrukoak nahiz kanpokoak– nor bere ametsak betetzen saiatu dadin, baina batzuetan ez dira nahikoak izaten hori lortzeko. Henriettaren kasuan, nahiz eta Harvarden astronomo lanetan aritu, gutxieneko soldata ordaintzen ziotenez, familiaren laguntza ekonomikoarekin biziraun behar izan zuen. Are gehiago, bizitza ia osoan, ezinbestekoa izan zuen laguntza hori astronomian lan egin ahal izateko.
2. irudia: Henrietta Hill Swope, Las Campanas behatokira iristen, duPont teleskopioaren inauguraziora. (Irudia: Carnegie Astronomy. Iturria: Mujeres con Ciencia)Garai hartan, baldintza ekonomiko eskasen eraginez, Henriettak Harvard utzi behar izan zuen. Hill, izarretatik urrunduz, MITeko erradiazio laborategian hasi zen lanean. 1942tik 1947ra bitartean, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, LORAN itsas nabigazioko taulak kalkulatzen egin zuen lan Swopek. Estatu Batuetan sortutako irrati bidezko nabigazio sistema hiperboliko bat zen eta ohiko sistemak baino maiztasun baxuagoak erabiltzen zituen, Ozeano Barean itsasontzien eta hegazkinen arteko komunikazioak zehatzagoak izan zitezen.
Grinari berriz heltzea1947an, MIT utzi eta berriz ere astroak aztertzen aritu zen. Lizentziatu zen erakundera itzuli zen, Astronomiako eskolak ematera, eta, halaber, Connetticut College for Women Unibertsitatean eskolak eman zituen.
1952an, Walter Baade izen handiko astronomo alemanak San Diegoko (Kalifornia) Palomar behatokira berarekin batera lan egitera joateko eskatu zion Henriettari. Hill bere ikertzaile laguntzailea izatea nahi zuen, Hale teleskopioak detektatutako izar aldakorren bidez izarren eboluzioa elkarrekin aztertzeko. Hillek, azkenean, nahiko modu independentean ikertu zuen eta argitalpen propioak idatzi zituen. Argitalpenen artean, Andromeda galaxiako 275 zefeidaren argi kurben analisia nabarmentzen da. Horren bidez, galaxia horretarako distantzia kalkulatu ahal izan zuen eta ordura arte kalkulatutako zehatzena izan zen: 2,2 milioi argi urte –gaur egun dakigunez, 2,5 milioi argi urtera dago–. Emaitza hark unibertsoaren tamainaren inguruko kontzepzioa aldatu zuen, eta nebulosa espiralak gure galaxiatik urrun dauden beste galaxiak batzuk direla –beraz, ez gure galaxiaren barruan kokatutako objektuak– egiaztatu zuen ebidentzietako bat izan zen. Henrietta Hill Swope gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa izan zela esan dezakegu.
Alabaina, bere ibilbidearen amaierara arte, Henriettak ez zuen lortu ikertzaile lanpostu finkorik. Azkenean, 1968an eman zioten, Kaliforniako Teknologia Institutuan.
Erretiro eskuzabala eta aitortzak 3. irudia: Henrietta Swope teleskopioa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Erretiratu aurretik, Henriettak dohaintza handi bat egin zion Washingtongo Carnegie Institutuari, hegoaldeko hemisferioan behatoki astronomikoak garatu zitzan. Diruaren zati bat Txileko Las Campanas behatokiko teleskopioa eraikitzeko erabili zuten, zeina 1971n hasi baitzen jardunean, Henrietta Swope teleskopioa izenarekin.
Erretiratu zen urtean, 1968an, Henriettari Annie Jump Cannon saria eman zion Ameriketako Estatu Batuetako Astronomia Elkarteak, astrofisikan egindako ekarpenagatik.
78 urterekin hil zen, Pasadenan. Bere ondarearen zati handi bat Washingtongo Carnegie Institutuari utzi zion, Las Campanas behatokian mantentze-lanak egin zitzan eta erakundeak astronomia arloko ikerketan jarrai zezan.
Emakume hau izarren zale sutsua izan zen eta dena eman zion izarren azterketari; horren ondorioz, bai Esne Bidearen tamaina, bai haren zeruertzak hobeto ezagutu zituen. Eskerrik asko zure suhartasunagatik, Henrietta Hill Swope!
Iturriak:- Quique Royuela. Henrietta Hill Swope y las estrellas variables, Principia, 2022ko urriaren 22a
- Las Cefeidas de Henrietta (II), IAC, 2020ko apirilaren 16a
- Hull-House in the Family and in the Stars, Jane Adams Paper Project, 4 noviembre 2020
- The Henrietta Swope Telescope, Observatorio Las Campanas (Chile)
- Henrietta Hill Swope, Wikipedia
Maialen Muniozguren Puertas, UPV/EHUn Geologiako graduduna eta dibulgatzailea Zumaiako Flyschean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 15ean: Henrietta Hill Swope, la astrónoma que abrió las puertas de nuestra galaxia.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Henrietta Hill Swope, gure galaxiaren ateak ireki zituen astronomoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikrobioen mundu liluragarria
Josu Alberoren Mikrobioen mundu liluragarria (2019) liburuaren helburua mikrobioen mundua desmitifikatzea da. Jakina da kaleko jendeak informazio okerra izaten duela sarritan mikrobioez, irudi desitxuratu eta aurreiritziz betea. Oro har, mikrobioak gauza negatiboekin lotzen ditugu, eta ez gara jabetzen mikrobio gehienak ez direla kaltegarriak; kontrara, horietako asko onuragarriak ere badira.
Irudia: Mikrobioen mundu liluragarria liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Beraz, mikrobioen mundua hobeto ezagutarazi nahi genuke liburu honekin. Ez da, ordea, liburu tekniko bat (horretarako badaude liburu onak eskura). Aitzitik, liburu honek biologia gutxi dakitenei lagundu nahi die, azalpen ulerterrazak emanez, mikrobioen mundua hobeto konpreni dezaten. Dibulgaziozko lana duzue hau, bada, zorroztasun zientifikoari uko egin gabe ulergarritasuna ere bilatzen duena.
Josu Albero (1957) Biologia Zientzietan lizentziaduna da Bartzelonako Unibersitatean, Mikrobiologian espezializatua. Azpeitiko Izadi laborategiaren bazkide sortzailea (1996) da. Euskarazko Wikipediaren aspaldiko kolaboratzailea eta ehunka artikuluren egilea (Mikrobiologiari, Immunologiari eta Biokimikari buruzkoak). Euskal Wikilarien Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izandakoa.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Mikrobioen mundu liluragarria
- Egilea: Albero Rodríguez, Josu
Garzia Garmendia, Juan (bildumaren zuz.); Basaras Ibarzabal, Miren (begirale tek.); Roque Eguskitza, Iñigo (hizkuntza-beg.) - ISBN: 978-84-1319-082-2
- Edizio mota: Rustikoa
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2019
- Orrialdeak: 182 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Mikrobioen mundu liluragarria
The post Mikrobioen mundu liluragarria appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrautza, arte maisulanetako osagaia?
Errenazimentutik aurrera olioaren teknika gailendu bazen ere, zenbait margolanetarako pigmentuetan oraindik arrautza botatzen zela proposatu du ikertzaile talde batek. Egin dituzten proben arabera, arrautza gehitzeak abantaila nabarmenak ditu.
1. irudia: Sandro Botticelliren Kristoren erosta (1490-1495 inguruan) margolanean bi teknika aldi berean erabili ziren. Pertsonaien azalak eta zenbait arropa tenperan marraztuta daude. Belarra eta atzeko harrizko hilobia, berriz, olioan margotuta daude. (Irudia: Wikimedia Commons– Domeinu publikoko irudia. Iturria: Yorck Project GNU)Artearen munduan iraultza txiki bat gertatu zen Erdi Aroaren bukaera aldera. Ordura arte, margolanetan gehien erabilitako aglutinatzailea arrautza izan zen. Horretan abiatzen da, gehienetan, tenperaren teknika. Garai horretan artistak edo —horiek izatekotan— beren laguntzaileak ziren pigmentuak egiteaz arduratzen zirenak. Funtsean, jatorri mineral edo begetaleko pigmentua birrindu eta likido bat gehitzen zuten, pintzelekin zabaltzeko moduko pasta bat lortu ahal izateko. Likido hori arrautza gorringoa eta ura zen gehienetan.
Baina Jan van Eyck artista flandriarrak olioaren alde egin zuenean, artearen historia behin betiko aldatu zen, gaurdaino. Izan ere, eta XX. mendean akrilikoa agertu arte, olioa izan da handik aurrera margolanetan gehien izan den teknika. Ernst H. Gombrichek bere Artearen historia ospetsuan azaltzen duenez, abantailak nabarmenak ziren. “Arrautza beharrean olioa erabiltzean, [Van Eyckek] doitasun handiagoarekin eta mantsoago margotu ahal zuen; kolore gardenak egiten zituen geruzetan aplikatu ahal izateko; pintzel zorrotzarekin zatirik argitsuenak nabarmendu ahal zituen, eta horrela bere garaikideak harritu zituzten doitasunezko mirari horiek lortu ahal zituen; modu berean, horrek ekarri zuen olio bidezko margoa onartua izan zela kolorearentzako bide egokiena bezala”.
Philip Ball-en The Invention of Colour liburuan olioaren abantailen laburpena egiten du. “Olioaren kasuan, fluido geruza batek pigmentu partikula bakoitza ‘isolatzen’ du. Beraz, tenperan pigmentuek elkarrekintza kimikoa dute, baina olioan modu egonkor batean konbinatu daitezke. Ondoren, margolariak askatasun gehiago izango du paletaren bitartez pigmentu nahasketa konplikatuak egiteko”. Alde ona handiak izanik ere, jakina da gauza gutxitan lortzen direla erabateko abantailak. Hala, teknika berriarekin koloreak ez ziren berdin azaltzen. Adibidez, itsasoaz haraindiko urdina ilunago geratzen zen, eta gorrimina ere ez zen horren distiratsu agertzen. Hortaz, teknika berriaren erabilerak ekarri zuen pigmentuak berrasmatu edo berrantolatu beharra. Aldaketa ez zen guztiz bat-batekoa izan, noski. Kasu askotan ezaguna da teknika mistoak erabili izan zirela. Kasurako, Da Vinciren lan batzuetan bi teknikak erabili izan dira.
Dena dela, horrek ez du esan nahi arrautza behin betiko baztertu zenik. Izan ere Sandro Botticelli, Leonardo da Vinci eta beste hainbat margolariren koadroak aztertu direnean —bai eta Dürer, Vermeer edo Rembrandt-en margoak ere—, horietan aurkitu dira, olioaren arrastoaz gain, proteinen arrastoak, eta horiek arrautza bota izanaren ondorio izan dela uste da.
Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean nazioarteko ikertzaile talde bat horren arrazoia argitzen saiatu da; horretarako, koadroen analisia baino, probak egiteari ekin diote. Argudiatu dutenez, halako margolan garrantzitsuen inguruko azterketa batzuk eginda daude dagoeneko, baina oso mugatuak izan dira. Arrazoia sinplea da: ez da batere erraza —ezta gomendagarria ere—, maisulan preziatu horien laginak hartzea, analisian zati horiek suntsitu behar direlako. Halere, aurreratu dute etorkizunean koadroen laginekin ere lan egiteko asmoa dutela.
Probetan erabilitako pigmentuak berun-zuria eta itsasoaz haraindiko urdina izan dira, horiek mende luzez erabili izan baitira artearen historian zehar —lehenari dagokionez, eskerrak erabiltzeari utzi zitzaiola, beruna neurotoxiko indartsua delako—. Horrez gain, horien aukeraketaren beste arrazoi bat izan da modu desberdinean zahartzen direla artelanaren bizitzan zehar.
2. irudia: Olioaren kasuan, Errenazimentuko margolariek tentu handiz jardun behar zuten, lehortzean zimurrak eta arrakalak ez sortzeko. Hala gertatu zitzaion Da Vinciri, Krabelinaren Andre Maria margolanean. (Irudia: Wikimedia Commons – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Yelkrokoyade)Maisu zaharrek egiten zuten antzera, hiru pintura mota prestatu dituzte. Lehen kasuan linazi olioan disolbatu dute pigmentua. Bigarrenean, nahasketa horri arrautza gorringo tanta batzuk bota dizkiote. Azkenik, hirugarrenean arrautza gorringoaren eta uraren arteko nahasketa batean disolbatu dituzte pigmentuak. Nahasketa hori lehortu denean, birrindu eta olioan txertatu dute. Ikertzaileek aurkitu dute arrautzaren gorringoa erabiltzeak aukera ematen duela margolanetan denborarekin agertu daitezkeen zenbait gaitzi aurre egiteko. Diotenez, hezetasunari lotutako arazoak, azalean sortzen diren zimurrak eta artelanaren horitzea ere ekidin daiteke arrautzarekin.
Gakoa arrautzaren proteinetan dagoela dirudi. Ezaguna da kozinatzen denean zer gertatzen den arrautzaren zuringoarekin: ordura arte gardena zena zuri-zuria jartzen da, eta egitura zurruna bihurtzen da. Eta hori gertatzen da, hain zuzen, beroarekin batera arrautzan dauden proteina horien arteko egitura aldatzen delako. Desnaturalizazioaren bitartez, zenbait lotura apurtzen dira, eta, lotura bakar bat mantenduta, euren artean sare zabal bat osatzen dute. Gorringoaren kasuan ere gertatzen da hori, baina mantsoago, bertan dauden lipidoek prozesua zaildu egiten dutelako.
Bada, ikertzaileek proposatu dutenez, arrautzaren proteina hauek geruza bat sortzen dute pigmentuaren partikulen inguruan, eta horrek ahalbidetzen du, adibidez, hezetasunik ez xurgatzea. Modu berean, pigmentu partikulak inguratzen dituen proteina geruza horrek ahalbidetzen du koloreak bere horretan mantendu daitezela.
Bestetik, lehortze prozesuan ere zimurrak sortzea saihesten du. Izan ere, margoen lehortze denbora handitu egin da arrautza bota denean. Ikertzaileek uste dute hau gorringoaren ezaugarri antioxidatzaileen ondorio izan daitekeela.
Zientzialariek diote ikerketa honek balio dezakeela teknika berriak garatzeko Italiako errenazimendu garaiko zenbait artistaren margo garrantzitsuak kontserbatzeko ahaleginean. Momentuz, ezin dute ziurtatu proteina aztarna horiek nahita sartutako arrautzaren ondorio direla, maisulanak margotu ziren garaian horren inguruko erreferentziarik ez dagoelako iturrietan, baina sinetsita daude artistek nahita sartu zutela arrautza olio margolanetan, ezagutzen zutelako praktikan horrek emaitza onak ematen zituela.
Erreferentzia bibliografikoa:Ranquet, O., Duce, C., Bramanti, E. et al. (2023). A holistic view on the role of egg yolk in Old Masters’ oil paints. Nature Commun 14, 1534. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-023-36859-5
The post Arrautza, arte maisulanetako osagaia? appeared first on Zientzia Kaiera.
Alkohola kontsumitzeak ez ditu neuronak hiltzen, baina eraldatu egiten ditu
Edari alkoholdunak historiaren oso garai goiztiarretan sartu ziren gizarteetan. Hipotesi onargarrienaren arabera, hartzidura alkoholikoaren aurkikuntza nekazaritza jaio eta gutxira gertatu zen, duela 10.000 urte inguru. Droga horren kontsumoak giza gorputzean izan zituen ondorio larriak ezagutu ziren lehenik, agerikoak zirelako: desinhibizioa, euforia, nerbio sistema zentralaren depresioa, mugimenduen deskoordinazioa, oroimen hutsuneak, gorakoak, goragalea…
Hala ere, edari alkoholdunak hartzeak epe luzera osasunean duen eragina ezagutzea askoz ere lan zailagoa da, eta, gaur egun ere, oraindik ez dakigu zer-nolakoa den. Osasun Ministerioaren «Alcohol 2021. Consumo y Consecuencias» monografiaren arabera, edari alkoholdunak 200 osasun arazo eta lesio baino gehiagorekin lotzen dira; tartean, gaixotasun kardiobaskularrak, hepatikoak eta neuropsikiatrikoak.
Irudia: edari alkoholdunak 200 osasun arazo eta lesio baino gehiagorekin lotzen dira; tartean, gaixotasun kardiobaskularrak, hepatikoak eta neuropsikiatrikoak. (Argazkia: jarmoluk – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Desgaitasuna, minbizia eta heriotzakBiztanleria azterketek erakusten dutenez, alkoholaren kontsumoa desgaitasuna izateko eta hainbat arrazoirengatik hiltzeko arriskua areagotzen duen faktore bat da. Espainian, zehazki, ohitura hori da heriotza goiztiarren kausa saihesgarrietan bigarrena, eta urtero 15.000 pertsona inguru hiltzen dira Espainian alkohola edatearekin lotutako gaixotasunen ondorioz.
Gainera, alkohola substantzia kantzerigeno bat da (DNA aldatzen du), dosi moderatuetan hartzen bada ere. Zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta arrisku handiagoa dago tumoreak agertzeko, eta ez dago gutxieneko kopuru segururik. «Kopa bat ardo osasungarri», besterik gabe, ez da existitzen, edozein alkohol edateak, gutxienekoa izanda ere, hainbat lekutan minbizia agertzeko arriskua areagotzen baitu: ahoan, faringean, laringean, hestegorrian, kolonean eta ondestean, bularrean eta gibelean. Izan ere, alkoholaren kontsumoa da munduan minbizia eragiten duen bigarren kausa, tabakoaren atzetik. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) kalkulatu zuen 2020. urtean izan ziren 750.000 minbizi kasu (guztizkoaren % 4) edari alkoholdunen kontsumoagatik izan zirela.
Alkoholak entzefaloaren funtzionamendua aldatzen duKultu herrikoienean nahiko zabalduta dago alkoholak garuneko neuronak zuzenean hiltzen dituela dioen ideia. Molekula hori kontsumitzeak bizi organo horren funtzionamendua aldatzen badu ere, hori ez da gertatzen neuronak suntsituz, beste mekanismo batzuen bidez baizik.
Lehenik eta behin, alkoholak neuronen arteko konexioak kaltetu ditzake dendritak eta axoiak (zelula horien luzapenak) kaltetuta, eta horrek horien artean seinaleak bidaltzea zailtzen du. Droga horren kontsumo handi eta kronikoak hantura eragiten du garunean, eta, horrek, luzera, neuronen axoiak estaltzen dituen mielina zorroa suntsitzen du eta nerbio bulkadaren transmisioa zailtzen du.
Bestalde, alkoholak aldaketa handiak eragiten ditu neurotransmisoreen (neuronen molekula mezulariak) funtzionamendu normalean, bereziki azido gamma aminobutirikoaren (GABA izenez ezagutzen da) funtzionamenduan. GABA da garunaren neurotransmisore inhibitzaile nagusia (nerbio-seinaleen transmisioa inhibitzen du), eta alkoholaren kontsumoak eragiten duen jarduera handiagoak eragin lasaigarri tipikoak eragiten ditu. Efektu lasaigarri horiek, era berean, nerbio sistema zentralaren neurotransmisore kitzikatzaileen inhibizioak indartzen ditu, hala nola glutamatoak. Pertsona bakoitzaren arabera, neurotransmisoreen mailak batera aldatzen badira, haserrea, gogo aldarte baxua, euforia edo agresibitatea agertuko dira, beste gogo aldarte batzuen artean.
Alkoholiko kronikoetan –alkohol kontsumo handia denboran mantenduta–, neurotransmisoreen jardueraren alterazioa betikotu egin daiteke, eta aldaketa kronikoak ager daitezke burmuinean, eta atrofia hainbat erregiotan. Horrek emozio, oreka eta memoria arazoak sor ditzake. Haurdunaldian alkohola kontsumituz gero, enbrioiaren/fetuaren garuneko garapenean alterazioak sor daitezke, eta horrek arreta defizita eta hiperaktibitatea edo desgaitasun intelektuala (fetuaren sindrome alkoholikoaren zantzuetako bat) eragin ditzake.
Jakina, alkoholak garuneko lesioak (eta, beraz, kalte neuronala) ere eragin ditzake zeharka, istripuak (zirkulazio istripuak, erorikoak edo kolpeak, adibidez), koma eta iktusa izateko arriskua handitzen baita. Aurreko datu guztiak kontuan hartuz gero, argi dago kontua: edari alkoholdun osasungarri bakarra hartzen ez dena da.
Egileaz:Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko otsailaren 27an: El consumo del alcohol no mata a las neuronas, pero sí las trastorna
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Alkohola kontsumitzeak ez ditu neuronak hiltzen, baina eraldatu egiten ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola lortu zure platerak osasungarriagoak izatea
UPV/EHUk argitaratutako gidaliburuak tresna baliagarri, praktiko eta eskuragarri izan nahi du zera uler dezagun: gure dietako plateren nutrizio balioa aldatu egingo da darabiltzagun elikagaiak eta horiek prestatzeko sukaldaritza teknika zein diren. Helburua ez da kozinatzen irakastea, baizik eta erakustea zer alternatiba dauden hala prestatzen duguna nola prestatzeko modua gure osasunarentzat onuragarriagoa izan dadin.
Gero eta pertsona gehiago ohartu dira elikadura egokiak garrantzi handia duela osasun egoera ona edukiko badugu, eta ohikoa da saltokietan jendea aurkitzea elikagaien etiketak irakurtzen edo osasungarriagoak diren elikagai berriez galdetzen.
Halaber, pentsatu ohi dugu elikagai edo plater bat ezinbestean «ona» izango dela tradizionala edo ez-prozesatua bada. Baina ez du zertan horrela izan. Egiaz, jan ohi ditugun plater eta prestaketa ugarik ez du oso nutrizio profil egokirik. Izan ere, prestaketa horietako batzuek maiz kaloria ugari dute eta/edo mantenugai jakin batzuen kantitate handiak eduki ohi dituzte (gantz asea edo azukrea, adibidez).
1. irudia: gero eta pertsona gehiago ohartu dira elikadura egokiak garrantzi handia duela osasun egoera ona edukitzeko, eta ohikoa da saltokietan jendea aurkitzea elikagaien etiketak irakurtzen. (Argazkia: かわい サムライ – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko Nutrizioa eta Obesitatea Taldeko eta CIBEROBN sareko ikerketa biomedikoko zentroko irakasle-ikertzaileek gidaliburu bat argitaratu dute uler dezagun gure dietako plateren nutrizio balioa aldatu egiten dela darabiltzagun elikagaiak eta horiek prestatzeko sukaldaritza teknika zein diren. Argitalpen horretan, era soil baino zientifikoki zorrotz batez azaltzen dituzte elikagaiak prestatzeko moduen ezaugarriak, plater bat «osasungarriagoa edo ez horren osasungarria» izan dadin nola eragiten duten; elikagai taldeen ezaugarriak azaltzen dituzte, eta tradiziozko/eguneroko zenbait plater ageri dira, baina moldatuak, haien kaloria eta nutrizio profila hobetzeko.
Mendebaldeko dietaAzken hamarkadetan gure dietak aldaketa handiak izan ditu, eta aldaketon ondorioz, gaur egun «mendebaldeko dieta» deitzen duguna sortu da. Horren barnean elikadura ohitura jakin batzuk sartzen dira, eta haragi gorria, zereal findu, azukre, gantz ase eta gatz asko eta zuntz gutxi kontsumitzea da haien bereizgarria. Ultraprozesatuak dira horrelako elikagaien adibide argi bat (hots, haragi prozesatuak, galletak, lasagna, kroketak, opil industrialak…), eta gero eta toki handiagoa hartzen dute gure dietan; izan ere, merkeak dira, asko prestatu beharrik ez dago jan aurretik, eta zapore atseginekoak dira.
Gaur egungo elikadura ohitura hori oso eragin txarra izaten ari da gure osasunaren gainean, sindrome metabolikoa (SM) izateko arrisku handiagoarekin lotu ohi baita. SMaren barruan nahasmendu metaboliko batzuk sartzen dira, hala nola obesitate abdominala, intsulinarekiko erresistentzia, hipertentsio arteriala eta dislipemiak (odoleko triglizeridoen eta guztizko kolesterolaren kontzentrazioak handitzea eta HDL kolesterola gutxitzea). Ondorioz, areagotu egiten da gaixotasun kardiobaskularrak eta heriotza goiztiarra izateko arriskua.
SMa duten pazienteek tratamendu farmakologiko batzuk dituzte aukeran, baina obesitatea eta SMa, kasu gehienetan, hertsiki lotuta daudenez, pisua galtzea funtsezko estrategi bat da SMa kudeatzeko orduan. Haren kudeaketan funtsezkoak dira dieta osasungarria (kaloriak murriztuta) eta ariketa fisikoa egitea. Dieten arazo bat da, halere, ez direla oso bateragarriak gaur egun dugun bizitza sozial eta familiarrarekin, eta horren ondorioz, pertsonek bertan behera uzten dituzte agindutako dietak, eta porrot egiten dute tratamenduek. Orain argitaratu duten gidaliburuak erraztu egingo du dieta osasungarriago bat izatea gure menua asko aldatu gabe; izan ere, batetik, zenbait kontzeptu ematen ditu plater bat osasungarriagoa zergatik den uler dezagun, eta horrez gain, erraz gauzatzeko moduko alternatibak eskaintzen ditu.
Elikagaiak hautatzea eta prestatzeaSukaldaritza teknikak, ezagutzen ditugun bezala, aldatu egiten dira pertsonek elikagai osasungarriagoak eta azkarrago prestatzeko modukoak kontsumitzeko egindako eskariari egokitzeko. Berrikuntza hori ikusten dugu, adibidez, egunerokoan erabiltzen ditugun tresnetan. Horien xedea zera da: jakiak prestatzeko ohiko teknikak ordeztea, lortzen ditugun elikagaiek kalitate organoleptiko bera (dastamen, ikusmen, usaimen eta ukimenaren bidez hautematen duguna, alegia) baina nutrizio balio handiagoa izan dezaten, eta jakiok prestatzeko denbora laburragoa izan dadin.
2. irudia: jakiak prestatzeko metodoa hautatzeak plateraren nutrizio ezaugarrietan eragingo du. (Argazkia: Tim Douglas – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Ildo horretatik, frijitu ordez (teknika tradizional hau oso erabilia da herrialde ugaritan) labean, aire frijigailuan edo mikrouhin labean prestatzea hobetsi da.
Jakiak prestatzeko metodoa hautatzeak plateraren nutrizio ezaugarrietan eragingo du, baina garrantzitsua da, orobat, prestaketak eta menuak osatzeko zer elikagai aukeratzen dugun.
Koipeei dagokienez, oliba olioa da, eta oliba olio birjina estra (OOBE) batez ere, oliorik onena, hala ongailuetarako nola kozinatzeko. Hartutako koipearen kalitatearen eta kantitatearen araberakoa izango da osasunean duen eragina. Horregatik, oliba olio birjina edo birjina estra erosterik ez badugu, eta bestelako olio finduak erabili aurretik (baita besterik gabe oliba jartzen duena, birjina estra edo birjina bezalako hitzik gabe), aukera bat da oleiko ugariko ekilore olioa erabiltzea, OOBEa baino merkeagoa baita.
Fruta eta barazkiei dagokienez, haien kontsumoak ez dakar osasun arazorik; gehien atsegin ditugunak hautatu ahal izango ditugu, beraz, fruta almibarretan edo konfitatua alde batera utzita, azken horien kontsumoa mugatu behar baita. Ahal den neurrian, halaber, fruta osorik jatea lehenetsi behar dugu, eta ez zukuak, naturalak badira ere.
Horri dagokionez, «arreta berezia jarri behar dugu potoko tomate frijituan; potoko tomate natural birrindua erabil dezakegu haren ordez. Hala bada, birrindua erosten badugu denbora aurrezteko, azukre, fruktosa edo bestelako azukre erantsirik ez duela begiratu behar dugu etiketan, eta, gatzik badu, haren kantitatea ez dela oso handia», adierazi dute ikertzaileek.
Zerealei eta haietatik eratorriei dagokienez (azukrea, ogia edo pasta), kontraindikaziorik ezean, hobe da osokoak izatea (ale osotik eratorriak), izan ere, «zuri»en –hau da, finduen– antzeko energia balioa badute ere, zuntz eduki handiagoa dute. «Elikagaien multzo horren barruan gosaltzeko zereal komertzialak eta galletak jatea murriztu beharko dugu, era horretako elikagaiek azukre sinple erantsi eta irin findu kantitate handia edukitzen baitute», nabarmentzen dute.
Fruitu lehorrak (intxaurrak, hurrak, arbendolak…), kaloria ugariko elikagaiak badira ere, nutrizio profil egokia dute (zuntza dute, baita mineral jakin batzuk kantitate handian ere, eta lipido profil interesgarria dute), eta dieta orekatu baten parte izan daitezke, halakoak jatea ez baitago lotuta gorputz pisua handitzearekin, hala uste bazen ere. Hori bai, jaten ditugun fruitu lehorrak, aukeran, gordinik edo txigortuta hartu behar ditugu, bestelako osagai gehigarririk gabe (gatza eta azukrea bereziki).
Eta gatzari dagokionez, hipertentsio arteriala duten edo kozinatzean gatz gehiegi erabiltzen dutenek bestelako espeziak baliatu ditzakete janariei erantsitako gatza nolabait murrizteko, hala nola baratxuria, tipula edo piperrautsa. Gatzaren kontsumoa gutxitzea da helburua, edo janari batzuetan sodio urriko gatza hobestea (bereziki garrantzitsua da hipertentsio arteriala dutenentzat), mineral horren ahorakina txikiagoa izan dadin. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak gatz iododuna kontsumitzea gomendatzen du.
Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzukBestelako trikimailu edo aholku baliagarriak ere badaude plateren nutrizio profila hobetzeko orduan. Era berean, gure elikadura ohituretan aldaketa zehatz batzuk egitea onuragarria izango da, orobat, elikagaien ahorakina gutxitu eta kontrolatzeko.
Hala, honako hau egin beharko genuke, besteak beste: janari frijituen gehiegizko koipea gutxitu, elikagaiak zerbitzatzeko eta jateko erabiltzen ditugun ontzien eta tresnen tamainaren garrantzia kontuan hartu, elikadura ohitura batzuk hobetu edo elikagaien etiketak ulertu. «Mugatu egin behar dugu berez ageri beharko ez liratekeen osagaiak dauzkaten elikagaiak eta osagai gutxiago dituzten eta osasungarriagoak direnak aukeratu», nabarmentzen dute.
Azkenik, gidaliburuaren amaieran errezeta batzuk ageri dira; adibide batzuk, besterik gabe, aurreko ataletan garatutako kontzeptuetako batzuk nola aplikatu ikusteko, bai eta irakurleek beren errezetetan erabil ditzaten animatzeko ere.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Nola lortu zure platerak osasungarriagoak izatea
The post Nola lortu zure platerak osasungarriagoak izatea appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #442
Kontsumitzen dena baino gehiago arrantzatzen da. Hainbeste alferrik ez galtzeko irtenbide ekonomikorik ba al dago? Dena delakoak, lehenik eta behin, balioa aurkitu beharko du hondakinetan, dirua eman dezakeena ez baita botatzen. Marine organic waste has a promising future via biorefinery valorisation Carlota Alfaro Ortega, Erlantz Lizundia eta Maider Iturrondobeitiaren eskutik.
Oso litekeena da korapilatze kuantikoaz entzun izana. Onartzen den gauzetako bat da antzeko partikulen artean gertatzen dela. Partikula erabat ezberdinen artean ere gerta al daiteke? Esperimentu berri batek baietz dio: Quantum interference between dissimilar particles
Ama-hizkuntza ahaztu liteke egoera jakin batzuetan. Baina, erabat ahazten da edo hondarren bat geratzen da esnatzeko zain? Can the native language be forgotten? Noèlia Sanahuja eta Luis Pastorren eskutik.
Material kuantiko berrien simulazioak egiteko simulagailu kuantiko fisikoak erabiltzen dira. DIPCko jendeak landu duen azkena lau atomo artifizial (quantum dots) dituen karbonozko nanotubo bat da, emaitza oso interesgarriekin. Correlated electron-phonon physics in nanotube quantum simulators.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #442 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ginekologiaren historia
Emakumeek ere historia idatzi dute eta ezagutza zientifikoa zabaldu dute. Horien artean dago Trota Salernokoa. XII. mendeko emakume mediku honek emakumeen gaixotasun guztiak hilekoarekin lotuta zeudela eta soilik emakumeak antzuak izan ahal zirela ezeztatu zuen.
Hasieran esan zuten bere tratatuak onegiak zirela emakume baten lana izateko, eta, beraz, bere senarrak idatzitakoak izan behar zutela. Gero esan zuten Trota ez zela existitzen. Eta geroago, existitu zela, baina bere ideia guztiak zentzugabekeriak zirela. XX. mendera arte itxaron behar izan genuen Trota Salernokoa benetan izan zenagatik ezagutzeko. Medikuntzaren buru argienetako bat eta ginekologiaren eta obstetriziaren aitzindaria.
‘Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Ginekologiaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientziaren historia txiki bat
Zientziaren esparrua bezain zabala dugu William Bynum-ek 2012an argitaratutako Zientziaren historia txiki bat. Baita zientziaren ibilbidea bezain luzea: gauzak zenbatzen eta zeruak arakatzeari ekin zioten antzinako jakintsuetatik hasi, eta galaxien sakona aztertzen eta ordenagailu kuantikoak apailatzen ari diren espezialistetaraino. Infinituki txiki denaren eta baztergabe handi denaren arteko zer guztiak ditu ikergai zientziak, natura nola antolaturik dagoen jakiteko ahalegin etengabean. Zientziaren erdian eta muinean, gizakia: haren ingurua, haren jatorria, haren gorputza, haren behar eta nahi eta ajeak eta haien konponbide eta aurrerabideak. Horrek ematen dio batasuna zientziaren zabalari, loturik baitaude arlo guztiak: geologia eboluzioarekin, biologia fosilekin, optika, fisika eta kimika medikuntzarekin, eta horrela guztia guztiarekin, Big Bangetik guganaino.
Irudia: Zientziaren historia txiki bat liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Ikergai ez ezik, ikertzaile ere badira gizakiak, eta hala ageri dira liburu hau osatzen duten istorioetan, beren izaera, inguru eta garaiaren gorabehera guztien gainetik lortuz pixkanakako aurrerapen xumeren bat zein bat-bateko aurkikuntza sekulako bat; aurrerabide horretan, hortxe antzinako gizabanakoen balentriak eta oraintsuko gizatalde zabalen makroproiektuak. Hori guztia biltzen du, bere txikian, hamabi hizkuntzatan plazaratu den liburu honek: zientzialari-pertsonaia biziak urratsez urrats munduaz jabetzeko bidean. Batera datoz hemen zientziaren historia eta zientzialarien istorioak, jakingarri eta gozagarri, txiki-handi guztioi kontatuak.
William F. Bynum (1943) medikuntzaren eta, oro har, zientziaren historialaria da, eta halako gaien dibulgatzaile ospetsua. Wellcome Trust Centre for the History of Medicine, University College London delakoan lan egin du bere ibilbide osoan. Medikuntzaren historia irakasten du Londresko UCLn. Roy Porter britainiar historialari ospetsuarekin kolaboratu zuen maiz.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zientziaren historia txiki bat
- Egilea: Bynum, William
- ISBN: 978-84-9082-945-5
- Edizio mota: Cartoné
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2018
- Orrialdeak: 389 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zientziaren historia txiki bat
The post Zientziaren historia txiki bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Kultura al dute animaliek?
Intuizio hutsez, denok dakigu zeri buruz ari garen kulturaz ari garenean. Alabaina, definitzeko kontzeptu zaila da, baita antropologoentzat ere, prozesu eta elementu abstraktua baita. Bitxiki, biologoek eta zoologoek gizakiaren kasuan ezinezkoa dirudien horretan dihardute inoiz baino gehiago, baina animaliei aplikaturik.
Kulturaren definizio unibertsal eta baliozko baten faltan, egiteko konplexua da animaliek kultura ba ote duten zehaztea, baina gizakia ez diren animalietan kultura definitu eta topatu nahian dabiltza hainbat ikerketa-talde. Etorkizun handiko ikerketa-esparrua zabaldu da galdera horren baitan, eta hainbat azterketak emaitza interesgarriak lortu dituzte jada. Orduan, ba al dute kultura animaliek? Eta zer hartzen da kulturatzat animalietan?
1. irudia: kultura, seguruenik, ez da hain arraroan animalietan, froga esperimental sendoak falta badira ere. Kulturaren aldeko kasurik sendoena manipulazio esperimentalerako joera handiena duten espezieetan dago, gizakiak ez diren primateetan baino gehiago. (Argazkia: Kev – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Kulturaren definizio ugari plazaratu dira gaur egunera arte, baina bat berak ere ez du lortu biak, antropologoak eta biologoak, asetzea. Izan ere, desadostasun horiek guztiak oinarrizko adiezin batetik datoz: gizakiarena soilik al da kultura? Edo animaliek ere izan dezakete kulturaren zantzurik? Kulturaren definiziotzat onartzen denaren arabera, gizakia izan daiteke kulturala den animalia bakarra, edo kontrara, animalia talde ugaritan begiztatu den prozesua izan liteke. Hala, ikerketa-esparru honetan iritzi-aniztasun handia dago; espektroaren polo batean ditugu antropologo batzuk, zeinak ziurtatzen duten kultura ezin dela existitu hizkuntza, politika edota moralik gabe. Beste aldean, berriz, Carles Lunsdem eta Edward O. Wilson bezalako biologoak daude, eta haien iritziz, 10.000 animalia espeziek baino gehiagok izan ditzakete kulturaren zantzuak, baita zenbait bakteriok ere.
Noski, gizakiaren kulturaz ari garenean, literaturaz, arteaz, historiaz eta abarrez pentsatzen dugu, eta irizpide horiek ez dira baliozkoak beste inongo espezieentzat. Gizakiaren konplexutasun kulturala ezin da beste edozein animalia espeziek izan dezakeen kulturarekin alderatu, baina gakoa da kulturak ez duela hain konplexua izan beharrik kulturatzat hartu ahal izan dadin. Hala, animalien kulturaren ikerketan, kulturatzat ulertzen da indibiduo batek bere baitan ez duen eta bere kabuz lortu ezin duen jakintza. Hau da, genetikoki transmititzen diren jarrerak edota jakintza, eta norberak bakarrik eskuratu dezakeen informazioa alde batera utzita, kideen artean irakasten diren jarreren multzoa da kultura. Definizio horri adi begiratzen badiogu, elementu garrantzitsu bat hautemango dugu; animalia espezieek, kulturaduntzat hartu daitezen, bete behar duten irizpide bat: kideen artean informazioa transmititzeko gai izan behar dutela; hau da, ikasketa soziala izan behar dutela.
Gaur egunera arte, ornodun klase guztietan identifikatu da ikasketa sozialaren bidezko kulturaren transmisioa, bai eta ornogabe batzuetan ere, intsektuetan gehienbat. Ikasketa sozialaren bidez, animalia-espezie batzuek jarrera berriak ikasten eta barneratzen dituzte, beren taldekideak behatuz eta imitatuz. Hala, ikasketa soziala duten espezieak gai dira belaunaldiz belaunaldi edota indibiduoz indibiduo informazio jakin bat transmititzeko, hala nola ehizatzeko teknikak, harrapakariak saihesteko moduak, edota bikotea aukeratzeko irizpideak. Eta hori guztia har daiteke kulturatzat.
Animalien kulturaren lehen ebidentzia zientifiko esanguratsuak XIX. mendearen erdialdean lortu ziren. Urte horietan lehen aldiz identifikatu ziren dialektoak txorien kantuetan, kantu horietan ikasketa soziala frogatu zen esperimentalki, eta makakoek elikagaiak prozesatzeko teknika bereziak dituztela ere jakin zen. Geroztik, animaliek kultura dutelako ebidentziak era esponentzialean ugaritu dira, eta aurkikuntzen puntu gorenean gaude gaur egun. Espezie batzuk besteak baino gehiago ikertu dira kulturaren ikuspuntutik, beren biologia dela eta, erraz sumatzen baita kultura konplexuagoak izan ditzaketela. Horren adibide dira, besteak beste, animalia migratzaileak. Izan ere, nola ikasten dute animalia migratzaileek halako bidaia luzeak gauzatzen, eta urtero errepikatzen?
2. irudia: aurkikuntza berriek iradokitzen dute, giza kultura konplexuak sortzen dituen prozesuen antzekoak eman daitezkeela gizakiez osatu gabe dauden gizarteetan. (Argazkia: Maren G. Bergmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Gutxi gorabehera, hegaztien 2.000 espezie migratzaileak dira munduan, eta hemisferioaren punta batetik besterako bidaiak egiteko gai dira, elikatze- eta umatze-eremuen artean. Ikusi izan da kide gazteenek beren guraso edota taldeko kideek lagunduta egiten dituztela beren lehen migrazioak, ibilbideak ongi ikas ditzaten. Aurkikuntza horiek, beraz, argi erakusten dute kulturaren transmisioa gertatzen dela espezie horietako kideen artean. Xibarta eta balea kumeek ere amak gidaturik egiten dituzte lehen bidaia luzeak, eta bizitza osorako ikasten dituzte migrazio-ibilbide horiek. Eskala txikiagoan, hainbat arrain-espezietan ere frogatu da kideek elkarri irakasten dizkiotela bideak, jakintzaren transmisioren bidez.
Kultura konplexuen beste zantzu bat komunikazio eta bokalizazioak dira, eta berriz, hegaztiak eta baleak dira gehien ikertu direnak. Izatez, kulturaren transmisioaren lehenengo ebidentzietako bat hegaztien arteko komunikazioaren inguruan aurkitu zen, ikusi baitzen, hegaztiek, zein eremutakoak izan, halako dialektoa erabiltzen zutela. Abestien arteko alde horiek ikasketa sozialaren ondoriozkoak zirela frogatu zen. Baleen kasuan, ebidentziak ez dira horren argiak hainbat arrazoirengatik, besteak beste, baleen bokalizazioak grabatzea konplexuagoa delako. Hala eta guztiz ere, argi dago baleen kantuak osagai kultural gisa transmititzen direla, aldatu egiten direlako denboran eta espazioan.
Ezin da ahaztu, halere, gizakiok perspektiba subjektibo batetik epaitzen ditugula gainontzeko animaliak, eta errazagoa suertatzen zaigula gure jarreren antzekoak dituztenak identifikatu eta ulertzea, hegaztien eta baleen kantuen kasuan ikusi denez. Baina migrazio-ibilbideez eta komunikazio-moduez gain, animaliek beste hainbat prozesu partekatzen eta ikasten dituzte kulturaren bidez; ehiza- eta elikatze-estrategiak, elikagaien prozesamendua, harrapariei nola alde egin eta beste hainbat teknika ere ikasten dituzte animaliek beren kideengandik, betiere ikasketa soziala erabilita. Oraindik ikerketa askoren beharrean dagoen biologiaren eta jarreraren esparrua da animalien kultura, baina espezie eta prozesu gehiagoren ebidentziak biltzen diren heinean, gai zirraragarri horrek gaur zintzilik dauden galderei erantzuna ematea espero da.
Erreferentzia bibliografikoak:Whiten, Andrew (2019). Cultural Evolution in Animals. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 50, 27–48. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev-ecolsys-110218-025040
Laland, Kevin N., eta Hoppitt, William (2003). Do animals have culture? Evolutionary Anthropology: Issues, News, and Reviews, 12 (3), 150–159. DOI: https://doi.org/10.1002/evan.10111
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Kultura al dute animaliek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Mineral hiltzaileak?
Gizakiok zenbait minerali eman diegun erabilerari buruz hitz egiten has nezake artikulu hau, hala nola silexari (SiO2) edo obsidianari (beira bolkanikoa) eman diegunari buruz; izan ere, gure historiako pasarte batzuetan arma zorrotz eta ebakitzaile gisa baliatu ditugu. Dena den, alderdi bitxiago bati helduko diot, eta, beharbada, mineral batzuen beste alderdi tristeago bati: gizakion osasunerako duten benetako arriskuari. Nahiz eta haien propietate kaltegarriez jabetzeko izan dugun modua ez den atseginena izan, nolabait esatearren.
Mineralen propietate deigarrienetako bat kolorea da. Koloreek mineralak biltzera eta aukeratzera eraman gaituzte historian zehar. Distiratsuenak bildu ditugu (deigarrienak iruditu zaizkigulako), hauts fin bihurtu arte txikitu ditugu eta pigmentu gisa baliatu ditugu koipe, ur edo olioren batekin nahastu ostean. Baina ez ditugu objektuak, ehunak edo gure etxeetako hormak pintatzeko erabili bakarrik, gure gorputzak apaintzeko ere erabili ditugu.
1. irudia: kaltzita (zuri kolorekoa) duen galenazko kristala (gris metaliko kolorekoa), kareharriaren (marroi argi kolorekoa) gainean, Kantabrian. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Jarriko dudan lehen adibidea galena da: berun sulfuro bat da (PbS), zeina ehotzean beltz distiratsu koloreko hauts bihurtzen den. Antzinako egiptoarrek erabili zuten begiak nabarmentzeko, kohl izeneko teknika ospetsua erabiliz. Batez ere eguzkitik babesteko erabiltzen zuten, eta, ondoren, erlijio kontu bihurtu zen. Dena den, arazo bat zegoen: beruna toxikoa da gizakiarentzat, eta haren eraginpean denbora luzean jartzeak intoxikatu egiten gaitu. Kasu okerrenetan, heriotzara eraman gaitzake.
2. irudia: zinabrioz (gorri distiratsu kolorekoa) betetako andela, merkurio natiboarekin (esfera gris txiki distiratsuak), Almadengo meatze galeria baten horman (Ciudad Real). (Iturria: León-Higueras, P. et. al.)Gorria beste kolore deigarri bat da, gure errepresentazio artistiko guztietan erabili duguna: labarretako pinturetatik hasi eta gaur egunera arte, makillaje gisa ere erabili dugu. Hauts bilakatzean gorri oso distiratsua bilakatzen den mineraletako bat zinabrioa da. Merkurio sulfuroa (HgS) Erromatar Inperioan, antzinako txinatarrek eta Errenazimentuko Frantzian erabili zuten, ezpainak margotzeko eta masailei bermiloi tonu polit bat emateko. Egun, badakigu merkurioa ere kaltegarria dela gure osasunerako, baina imajina ezazue zenbat heriotza eragingo zituen makillaje eder hark antzina.
Eta nola geratzen da bermiloi tonu hori hobekien? Hori da, azal argi eta zurixka baten gainean, jakina. Horretarako ere bazegoen konponbiderik: berun-zuria, Erdi Aroaren amaieran eta Errenazimentuan asko erabiltzen zuten kosmetiko bat. Zerusita izeneko berunezko karbonato batetik (PbCO3) manufakturatutako produktu bat zen. Ozpinarekin tratatzen zen eta urarekin nahasten zen, behin txikitu eta hauts bihurtu ondoren, aurpegian zehar makillaje zuri bat bezala emateko orea sortzeko. Beste behin, beruna gure gorputzari eragiten.
3. irudia: asbestozko zuntz zurixkak (tremolita minerala) mika moskutarraren gainean, Hebridak (Erresuma Batua). (Argazkia: Aram Dulyan – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Baina ez naiz soilik industria kosmetikoan baliatutako mineralez mintzatuko. Eraikuntzan, aspalditik, amiantoa erabili izan da isolatzaile gisa (asbesto izenez ere ezagutzen da). Asbestoa, berez, anfibolen eta serpentinen taldeko mineral batzuk dira. Horien ezaugarriak honako hauek dira: batetik, modu naturalean kristalizatuta agertzen dira, zuntz elastiko eta malgu forman; bestetik, oso erraz bereizten dira eta oso erraz maneiatzen dira eraikuntzako materialen arteko espazioak betetzen dituzten ehunak eta sareak osatzeko. Arazoa da zuntz txiki horiek manipulatzean gizakien biriketara irits daitezkeela arnastearen bidez, eta hantura eta arnas gaixotasun oso larriak eragin ditzaketela, bai eta biriketako minbizia ere, denbora luzez haren eraginpean jartzeagatik.
Meatzaritzak ere bazituen bere arriskuak. Arnas bideak babesteko inolako neurririk gabe ikatza ateratzearen ondorioz, meatzariek kristal oso txikiz osatutako hautsa arnasten zuten. Kristal horiek biriketan geratzen zitzaizkien, eta horrek hanturazko gaixotasun bat eragiten zien, normalean “birika beltza” deitzen zaiona. Gaixotasunak heriotza ekar zezakeen. Era berean, kuartzoa (SiO2) ateratzean haren partikula mikrometrikoak (1 mikra = 0,001 milimetro) arnasteak ere biriketako gaixotasun bat eragiten zuen: silikosia. Eta horrek ere ez zuen amaiera zoriontsurik.
Amaierarako utzi ditut titulua irakurtzean burura etorriko zitzaizkizuen mineralak: erradioaktiboak. Mineral erradioaktibo nagusiak konposizioan uranioa dutenak dira, uraninita kasu (UO2). Arriskua, ordea, ez dago uranioan berez, haren deskonposizio erradioaktiboan eta bere produktu batean baizik, hots, radon delakoan (Rn). Gas bat da, kolorerik eta usainik gabekoa, eta modu naturalean agertzen da konposizioan uranioa duten mineraletan, hala nola granitoan. Gas erradioaktibo hori atmosferan askatzen da, eta gaizki aireztatutako eremuetan pila daiteke, sotoetan edo garajeetan kasu, haiek eraikitzeko horrelako harriak baliatzen baitira. Gas hori arnasten badugu, baliteke gure biriken barruan deskonposizio erradioaktibo bat eragitea, eta horrek hainbat minbizi mota sor ditzake.
Pentsatzen dut inkontzientetzat hartuko nauzuela orain esaten badizuet nire mineralen bilduman, nire logelako apal batzuetan, Kantabriako galena ale batzuk, Alacanteko asbesto motako anfibol pare bat eta Almadengo zinabrio lagin txiki bat ditudala. Baina, berez, mineral horiek ez dira arriskutsuak. Arretaz irakurri baduzue, ohartuko zineten, une oro, mineral horiek txikitu ostean ateratzen den hautsaren eraginpean jartzeaz hitz egin dudala. Hau da, manipulatzen ditugunean soilik bihurtzen direla kaltegarri, ez egoera naturalean daudenean. Antzeko zerbait gertatzen da erradioaktiboen kasuan ere: haiek deskonposatzean ateratzen den gasa espazio itxietan pilatzen denean soilik dago arriskua. Ondo aireztatutako lekuetan, airean dagoen radon kopurua ez da aintzat hartzeko modukoa. Beraz, honako hau ikasi behar dugu: kontu handiz ibili behar dugu mineralak prozesatzean, eta, batez ere, zer konposizio duten jakin behar dugu manipulatu aurretik.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urtarrilaren 19an: ¿Minerales que matan?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Mineral hiltzaileak? appeared first on Zientzia Kaiera.