Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke
UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan, eta ea horrek eraginik izan dezakeen fetuaren garapenean eta haurren osasunean gero.
Jende gehienak uste du ezen, fetua amaren barnean hazten denez, ama izango dela haurraren etorkizuneko osasunari eragingo dion faktore garrantzitsuena, eta hori nagusituko dela, zalantzarik gabe, gainerako faktore posible guztien gainetik. Uste hori oso zabalduta dago gizartean, eta ikerketa asko amak haurdunaldian zehar dituen ezaugarri eta portaeretan oinarritzen dira.
Irudia: plazenta ezinbesteko organoa da fetuaren hazkunde eta garapenerako; ama fetuarekin konektatzen duen organoa da eta haren bidez elikatzen da fetua. (Argazkia: Mart Production – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Kasu horietako bat Communications Biology aldizkarian argitaratu da berriki. Lan horrek aztertu du nolako eragina duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren profil molekularretan. Zehazkiago, plazentako DNAren metilazioan (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako talde baten adizioa DNA molekularen posizio jakin batean)”, Nora Fernández Jiménez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eta Genetika, Antropologia Fisiko eta Fisiologia saileko ikertzaileak azaldu duenez. “Plazentako DNAren metilazioari buruz gaur arte egin den azterketarik handiena da, Europako, Ipar Amerikako eta Australiako amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoterekin egina”, erantsi du Fernández Jiménezek.
Mutazio ezagunenekin gertatzen ez den bezala —nukleotido bat beste batekin ordezkatzea DNAren sekuentzian—, sekuentzia aldatu gabe gene-adierazpena erregulatzen duen DNAren aldaketa bat da metilazioa. “Berriki egindako ikerketen arabera, metilazioa umetokiaren barneko giroaren eta fetuaren genomaren arteko zubia da. Adibidez, ingurunearen eraginez, gerta daiteke genomaren eskualde batean metilazio-mailak gora egitea. Gorakada horrek, oro har, berekin dakar DNA trinkotzea; ondorioz, transkripzio-makineria ezin izaten da eskualde horietara iritsi, eta zenbait gene isildu egiten dira. Aurkakoa ere gerta liteke, hau da, ingurunearen ondorioz, genomaren zenbait eskualdetan metilazio-mailak behera egitea. Halakoetan, DNAk konformazio ireki bat lortzen du, transkripzio-makineriak hobeto iristen dira hara eta, ondorioz, gora egingo luke gene-adierazpenak. Bi kasuetan, sekuentzia ez da aldatzen, baina genomak modu batean edo bestean jokatzen du”, azaldu du EHUko ikertzaileak.
“Lan honetan, DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu ditugu, guztiak ere plazentaren espezifikoak diruditenak”, adierazi du Fernándezek. Komeni da gogoan izatea plazenta ezinbesteko organoa dela fetuaren hazkunde eta garapenerako, ama fetuarekin konektatzen duen organoa delako eta haren bidez elikatzen delako fetua. “Identifikatutako leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daude, eta minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Horrek ez du esan nahi obesitate-arazoak dituzten amengandik jaiotako haurrek minbizia izango dutenik, baina egia da plazentak tumore baten antzeko jokabidea duela, oso bizkor hazten baita, eta horrek pentsarazten digu obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean”, erantsi du Nora Fernándezek.
Emaitza horiek guztiek iradokitzen dute plazentako DNAren metilazioa izan litekeela amaren obesitatea eta haurtzaroko osasun metabolikoaren arazoak lotzen dituen mekanismoetako bat, nahiz eta Fernándezek ohartarazi duen ikerketa gehiago egin beharko direla aurkikuntza horiek berresteko. Gainera, Fernándezek azpimarratu duenez, “gure ikerketaren emaitzak zilegiak izan arren, ez lirateke erabili behar amaren erruaren mantra justifikatzeko; izan ere, oso zaila da kuantifikatzea zenbaterainoko eragina duten amek eta haien ezaugarri eta portaerek fetuaren eta jaioberriaren inguruko beste faktore batzuen aldean (hala nola amen gurasoak edo bikotekideak, familiak, gizartea bera eta ingurumena), faktore horiek inoiz ez baitira hain sakonki ikertu”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke
Erreferentzia bibliografikoa:Fernandez-Jimenez, Nora; Fore, Ruby; Cilleros-Portet, Ariadna; Lepeule, Johanna; Perron, Patrice; Kvist, Tuomas; Tian, Fu-Ying; Lesseur, Corina; Binder, Alexandra M.; Lozano, Manuel; Martorell-Marugán, Jordi; Loke, Yuk J.; Bakulski, Kelly M.; Zhu, Yihui; Forhan, Anne; Sammallahti, Sara; Everson, Todd M.; Chen, Jia; Michels, Karin B.; Belmonte, Thalia; Carmona-Sáez, Pedro; Halliday, Jane; Fallin, M. Daniele; LaSalle, Janine M.; Tost, Jorg; Czamara, Darina; Fernández, Mariana F.; Gómez-Martín, Antonio; Craig, Jeffrey M.; Gonzalez-Alzaga, Beatriz; Schmidt, Rebecca J.; Dou, John F.; Muggli, Evelyne; Lacasaña, Marina; Vrijheid, Martine; Marsit, Carmen J.; Karagas, Margaret R.; Räikkönen, Katri; Bouchard, Luigi; Heude, Barbara; Santa-Marina, Loreto; Bustamante, Mariona; Hivert, Marie-France; Bilbao, Jose Ramon (2022). A meta-analysis of pre-pregnancy maternal body mass index and placental DNA methylation identifies 27 CpG sites with implications for mother-child health. Communications Biology, 5,1313. DOI: 10.1038/s42003-022-04267-y
The post Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #432
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaCristina Claver-ek biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn, eta gaur egun tesiko hirugarren urtean dago. AZTIn ari da tesia egiten, eta ekosistema mesopelagikoko organismoak ditu aztergai. Ozeano irekian Eguzkiaren argia berrehun metroko sakoneraraino iristen da, eta hortik behera, iluntasunean, ekosistema mesopelagikoa dago. Planetako ekosistemarik handienetako bat da, baina ezezagunena ere bai. Claverrek, zehazki, ekosistema mesopelagikoan jasotako ur laginetako ingurumen-DNA erabiltzen du, eta espezieei buruzko informazioa lortzen du bertatik. Azaldu duenez, ingurumen-DNA aurrerapen handia da ozeano sakonean dauden espezieei buruzko informazioa lortzeko. DNA lagin horiekin, besteak beste, harrapakarien dieta ere aztertzen du Claverrek. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Cristina Claver: “Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da”.
Animalia mesopegalikoen gaiarekin jarraiki, AZTI zentro teknologikoak haien errolda egiteko protokoloak zehaztu ditu. Hasieran uste zen ekosistema mesopegalikoetan mila milioi tona arrain zeudela, baina Malaspina kanpainak beste datu batzuk eman zituen argitara. Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoak azaldu duenez, kanpaina horretan jasotako datuekin kopurua hamar milioi tona ingurura igo zen. Orain, erronka da jakitea zein den arrain hauek ekosisteman duten funtzioa. Irigoienen esanetan, badute funtzio ezagun bat, CO2a eramaten baitute goiko geruzetatik hondora. Hala eta guztiz ere, argi utzi du itsas zabala ezagutzeko oraindik ikerketa lan handia egin behar dela. Azalpen guztiak Berrian: Itsaso ilunean, argia.
Tibeteko jaken oxigenoaren eskasia pairatzeko mekanismoak aztertzeko, Txinako ikerketa talde batek jaken eta zezenen genomak alderatu ditu. Hala, biriketako odol-kapilarren barneko zelula batzuetan oso aktiboak diren bi gene aurkitu dituzte. Ikertzaileen arabera, posible da bi gene horien jarduera handiagoaren ondorioz, jaken biriketako odol kapilarrak zezenenak baino irmoagoak izatea, eta hori lagungarria izan daiteke oxigenoa lortzeko oso oxigeno gutxi dagoen atmosfera batean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Milioika urte Tibeten.
GenetikaLan berri batek aztertu ditu gizakiok partekatzen ditugun bakterioak, eta ikusi du gertuko pertsonen artean transmititzen direla. Zehazki, zenbait bakterio-espezieen anduiak aztertu dituzte, horiek ez baitira harremanik ez diten pertsonen artean partekatzen. Emaitzek erakutsi zuten bakterioen partekatzerik altuena amen eta jaioberrien artean gertatzen dela, eta haurren adina aurrera joan ahala apaldu egiten dela. Bestalde, ikusi zuten etxe berean bizi ziren pertsonek bakterio gehiago partekatzen zituztela elkarren artean populazio horietako beste pertsonekin baino. Hortaz, ikertzaileek iradoki dute elkarrekintza estuko etxeetan bakterioen ahozko transmisioa indartu egiten dela. Datuak Zientzia Kaieran: Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen.
MikrobiologiaIkerketa berri batek ikusi du hesteetako mikrobiotak eragina duela minbizien aurkako immunoterapian. CAR-T zelulen bidezko immunoterapia emaitza itxaropentsuak ematen ari da minbizi batzuen aurka, baina emaitza ez da bera pertsona batetik bestera. Honen zergatia aztertzeko, gaixoen mikrobiomak aztertu zituen azterketa batek, eta zuten terapiaren aurretik espektro zabaleko antibiotiko gogorrak hartu zituzten pazienteek mikroorganismo-aniztasun txikiagoa zutela eta tratamendurako emaitza okerragoak zituztela. Honetaz gain, ikusi zuten Bifidobacterium longum bakterioaren maila altua zuten gaixoek emaitza hobeak zituztela immunoterapian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaLo-gabeziak txertoen erantzuna ahultzen duela frogatu dute. Zehazki, ikusi dute sei ordu baino gutxiago lo egiteak antigorputzen bidezko erantzun ahulagoa izatea eragiten duela. Lo-gabeziaren ondorioa ez da soilik COVID-19aren txertoekin nabaritzen, izan ere, gripearen eta A eta B hepatitisen aurkako txertoak ikertu dituzte batez ere. Ikerketaren emaitzen arabera, gizon gazteetan eragina pixka bat nabarmenagoa da, eta emakumeetan, loaren eta erantzunaren arteko erlazioa gorabeheratsuagoa da. Ikertzaileen ustez, sexu-hormonen eraginagatik gerta daitezke daiteke hori. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Rosemary Bamforth (1924-2018) mediku eskoziarra izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona. Umetatik nahi izan zuen mediku izan Bamforthek, baina 16 urte zituela, Glasgowko Unibertsitatean Medikuntza ikasteko plaza bat eskatu zuen eta ezetz esan zioten gazteegia zela eta. Gauzak horrela, Mundu Gerran parte hartu zuen, eta gerra amaitzean, Medikuntzan matrikulatu zen. Southampton hiriko Ospitale Nagusian lan egiten ari zirela Rosemary Bamforthek biriketako mesoteliomaz hiltzen ziren itsas langileen kopuruaren eta amiantoarekiko esposizioaren arteko lotura ezarri zuen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa.
AstronomiaSupernova bihurtu aurreko ezohiko fase bat behatu du JWST teleskopioak. 2022ko ekainean egin zen 15.000 argi-urtera dagoen WR 124 izarraren behaketa, eta ikusi zuten Wolf-Rayet fasean zegoela. Fase horretan izarrak kanpoko geruzak galtzen ditu, eta gas eta hauts haloak sortzen dira. Kanporatutako gasa izarretik urrundu eta hoztu ahala, hauts kosmikoa sortzen da. JWST teleskopioak, beraz, hauts hori ikertzeko aukera handia eman du. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
ArkeologiaXVI. mendean Flandriako urka bat hondoratu zen Iturritxikin, Getarian, eta urka haren nondik norakoak ikertu ditu Ana Benito arkeologoak, bai eta dibulgaziozko liburu bat idatzi ere. 1987an hasi zen Benito Iturritxiki aztarnategian, kobrezko lingote batzuk azaldu ostean. Simancasko artxibategiko (Valladolid, Espainia) dokumentazioari esker jakin zuten ontzi hura urka bat zela, XVI. mendeko zamaontzia, hain zuzen. Kobrezko salgaiz beteta zeraman sotoa, Afrikan esklaboak erosteko. Benitok azaldu du urteetako lana izan dela hondoratu zena azalera ekartzea, horien artean, uztai misteriotsu batzuk. Parisko Txanponaren Museoan zeuden antzeko pieza batzuekin alderatuz jakin izan zuten esklaboak ordaintzeko “txanponak” zirela. India zen urka horren azken helmuga. Datuak Berrian: Iturritxiki: hondoa azalera.
Elikagaien zientziaElena Romeo Arroyo Gastronomia Zientzietako nazioarteko lehen doktorea da. Azukre kontsumoari eta hura murrizteko estrategiei buruz egin du tesia. Bioteknologia ikasi zenuen, zientzia forentseak gero, eta BCCn ikertzaile orain Romero. Labur esanda, aztertzen duena da gizakiek nola hautematen dituzten elikagaiak, zentzumenen bidez. Horretarako, burmuinak estimulu berbera nola prozesatzen duen ikusten dute, eta nola erantzuten duen ezberdin. Adibidez, egin zuten azterketa batean ondorioztatu zuten gaileta berdinei azukre gutxi zutela azaltzen zuen etiketa bat jarriz gero, jendeari gutxiago gustatzen zitzaizkiela. Praktikan, Romerok ondorioztatu nahi izan duena da, produktu bat gustukoa izateko, ez daukala azukre mordo bat eduki beharrik. Datuak Berrian: «Gustukoa izateko, ez dauka azukre mordo bat eduki beharrik».
OsasunaUPV/EHUko Gluten 3S taldeak ondorioztatu du glutenik gabeko produktuak ez direla nutrizionalki glutendunen baliokideak. Azken bederatzi urtetan, taldeak 200 glutenik gabeko produkturen nutrizio-analisiak egin ditu. Besteak beste, ikusi dute glutenik gabeko produktu askok lipido asegabe gehiago zituztela glutendunek baino, zuntz-ekarpen murritzagoa zuten, eta haien gatz-kantitatea eta proteinak kontrolatu beharra zegoen. Ikertzaileek argi utzi dute gluten gabeko produktuen kalitateak nabarmen gora egin duen arren, oraindik ere produktu horiek ez direla iritsi glutena dutenen baliokide izatera. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakAste honetan Zientzia Kaierak ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Longitudea (1995) aurkeztu dute. Liburu hau Dava Sobel zientzia-dibulgatzaileak idatzia da, eta John Harrison zientzialari eta erlojugile eskoziarra dauka protagonista nagusi. Pertsonaiek sari dirutsu bat irabazi nahiko dute longitudearen kalkulu zehatza ebatziz, eta aitzaki horrekin, Sobelek nabigazioaren eta orientazioaren nondik norakoak azalduko ditu.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #432 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #438
Badirudi aldizkako barauak ez dituela soilik eragin onuragarriak metabolismoaren ikuspegitik, baita osasun mentalean ere. Rosa García-Verdugoren Intermittent fasting appears to improve quality of life in humans
Nukleo atomikoen formari buruzko ereduek ez dute funtzionatzen isotopo batzuentzat, 106 kadmiorako frogatu berri den bezala. Cadmium-106 nuclei rotate, not vibrate
Eromena burmuineko kalkuluen eraketaren adierazpena besterik ez zela uste zen garai batean, giltzurrunean edo besikulako kalkuluak bezalakoak. Eta irtenbidea berdina zen: kirurgia. Extracting the stone of madness: the art of brain surgery in the Renaissance
Hiru dimentsioko eredu batean animalia baten hortzeria behar bezala deskribatzeak asko esaten digu taxonomiaz, egokitzapen ebolutiboez eta habitataz. Baina edonork ezin ditu eskuratu azterketa bat egiteko behar diren hortz-piezak, eta edonork ezin ditu beharrezko ekipoak erabili. HortxeDIPCko jendearen azkena, argitaratutako argazkiak baino ez ditu behar. How to describe hervibore teeth from their photographs
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #438 appeared first on Zientzia Kaiera.
Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa
Asbestoa edo amiantoa mineral haritsua da, beroaren eta higaduraren aurrean erresistentea. Bere ezaugarriak direla eta, askotariko produktu manufakturatuetan erabili izan da hainbat hamarkadaz mundu osoan. Gaur dakigunez, asbestodun produktuek, hondatzen direnean, osasun arazo larriak eragin ditzaketen zuntz txikiak askatzen dituzte airera. Baina ez da beti jakin.
Rosemary Bamforth (1924-2018) mediku eskoziarra izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona. Bere lanari eta hurrengo hamarkadetako ebidentzia zientifiko gero eta ugariagoari esker, munduko herrialde askotan debekatu dute mineral kaltegarri hori erabiltzea.
1. irudia: Rosemary Bamforth mediku eskoziarra amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona izan zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Rosemary Margaret Warren Ince 1924ko urriaren 19an jaio zen, Eskozian. Isabel Warren-ek eta Douglas Ince-k osatutako klase ertaineko familia bateko bigarren alaba zen. Lehenik, Eskozian, eskolara joan zen, eta, gero, Ingalaterrako neskentzako barnetegi aintzatetsi batean ikasi zuen, Cheltenham Ladies College-n. Umetatik nahi izan zuen mediku izan, eta, 16 urte zituela, Glasgowko Unibertsitatean Medikuntza ikasteko plaza bat eskatu zuen; adinagatik, baina, ezetz esan zioten. Hurrengo urtean, Women’s Royal Navy Service itsas zerbitzuan sartu nahi izan zuen. Errege Itsas Gudarostearen emakumeen adarra zen hori, Wrens deitua, eta adin nagusikoa izan bezain laster sartu zen bertara.
SoldadutzaHainbat instalazio militarretan entrenatuta, Hut 11ra iritsi zen Rosemary, hau da, Bletchley Park-eko eraikinetako batera, eta, azken hori Bigarren Mundu Gerran ondoen gordetako sekretu britainiarretako bat izan zen. Han, matematika, ingeniaritza eta inteligentzia militarreko adituek gau eta egun egiten zuten lan, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait estaziok haririk gabeko bideetatik gordin hartzen zituzten kode alemanak deszifratu eta interpretatzeko. 1944tik 1945era, Rosemaryk Turing-Welchman Bombe makinetako bat erabili zuen, alemanek mezuak zifratzeko erabiltzen zituzten Enigma makinen eguneroko doikuntzak deskubritzeko. Segurtasun arrazoiak tarteko, 25 urtez isilpean gorde zen Rosemaryren eta Bletchley Park-eko teleinprimagailuekin lan egiten zuten gainerako pertsonen bizitzako alderdi hori, 1970eko hamarkadaren erdialdera arte; garai hartan eman zen ezagutzera instalazioaren benetako historia, hain zuzen ere.
Minbiziaren patologia eta kirurgiaGerraren ondoren, Rosemary bere jaioterrira itzuli zen, eta, 1946an, Medikuntzan matrikulatu zen, Glasgowko Unibertsitatean. Patologian espezializatu, eta 1951n graduatu zen. Patologiaren arloko prestakuntza Kanadako McGill Unibertsitatean eta Estatu Batuetako Long Islandeko Meadowbrook Ospitalean osatzea erabaki zuen. Hala, giza ehunetan minbizia aztertu eta diagnostikatzen espezialista aitortua bihurtu zen.
2. irudia: Ordenagailu bidezko tomografia: ezkerraldeko mesotelioma. (Argazkia: Frank Gaillard – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ingalaterrara itzuli zenean, gerora senar izango zuena ezagutu zuen, John Bamfoth medikua, biak Southampton hiriko Ospitale Nagusian lan egiten ari zirela. 1960an ezkondu ziren, eta bi alaba eta seme bat eduki zituzten.
Southamptonen zeudela, gaixotasun horren kausa guztiz zehaztu baino lehen, Rosemary Bamforthek biriketako mesoteliomaz hiltzen ziren itsas langileen kopuruaren eta amiantoarekiko esposizioaren arteko lotura ezarri zuen. Southamptongo medikuei aurkikuntza haiei buruzko dokumentu bat aurkeztu zien. Une hartan, bere tesia oso eztabaidatua izan zen, baina gero, asbestosia aztertu ondoren, babestu egin zuten.
Rosemary Bamforth, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait ospitaletan lanean aritu ondoren, Estatu Batuetara itzuli zen. Han, berak eta senarrak hainbat ikerketa beka jaso zituzten Rochester hiriko Mayo klinikan, Minnesotan. Bere ibilbidearen amaierara arte, minbiziaren kirurgia ikertzen aritu zen.
Rosemary Bamforth 2018ko apirilaren 17an hil zen, 93 urte zituela.
Iturriak:- Alasdair Steven, Obituary – Rosemary Bamforth, Bletchley Park code breaker and pathologist. (2018ko ekainaren 2a). The Herald. heraldscotland.com
- Dr. Rosemary Bamforth. The University of Glasgow Story. universitystory.gla.ac.uk
- Rosemary Bamforth, Wikipedia
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 3an: Rosemary Bamforth, la patóloga que alertó sobre el amianto.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Longitudea
GPSa eta abar tresna arruntak diren garai honetan, ezin aproposagoa da Dava Sobel Longitudea (1995) liburuan dakarkiguna. John Harrison zientzialari eta erlojugile eskoziarra daukagu protagonista nagusi. Dozenaka urte eman zituen itsas kronometro zehatz bat egiten. Baina hor ibiliko dira, lehia berean loturik, astronomoak, itsasgizonak, matematikariak eta agintariak, besteak beste. Sari dirutsu bat ere ezarriko da longitudearen kalkulu zehatza ebazten duen lehenarentzat, hartara hain mentura larria izan ez dadin itsasoz bidaiatzea.
Irudia: Longitudea liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Neil Armstrong-ek, ilargiratu zen lehen espazio-nabigatzaileak, honela aurkezten digu atarian liburua: «Lehenengo garaietako ontzi-kapitainek bazekiten zer esan nahi zuen latitudeak, eta, ipar hemisferioan, Iparrizarrak horizontean zuen garaieraren arabera neurtzen zuten hura. Baina inork ez zuen ulertzen longitudea. Nabigazio-arazo hori nola konpondu zen jakiteko egin nuen bilaketak, ezinbestean, John Harrison-en asmamena eta trebetasuna ezagutzera eraman ninduen. Historiaren atal paregabe hori ezagutzen ez dutenek denbora-neurketaren eta nabigazioaren lorpen handi baten kontakizun liluragarria aurkituko dute Longitudean. Gaia ondo ezagutzen dutenek, berriz, zoragarrizko ezustekoak aurkituko dituzte».
Benetan gertatuaren kronika izanik, xehetasun jakingarriz harildua da kontakizuna, baina, oroz gainetik, abentura-liburu xarmagarri bat da irakurlearentzat Longitudea.
Dava Sobelek (New York, 1947) ibilbide luzea du zientziaren dibulgazioan, eta arlo horretako hainbat artikulu argitaratu ditu; besteak beste, The New York Times egunkarian. 1995ean, Longitudea argitaratu, eta arrakasta handia bildu zuen; harrezkero, erabat emana da genero horretako liburuak idazteari.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Longitudea
- Egilea: Sobel, Dava
- ISBN: 978-84-9860-745-1
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2012
- Orrialdeak: 198 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Longitudea
The post Longitudea appeared first on Zientzia Kaiera.
Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen
Gugan bizi diren bakterioen geneek gure geneek egiten dituzten funtzio biologikoen osagarria gisa jarduten dute. Mikrobiota deitzen diogu bakterio horien guztien multzoari eta aldatzen doa jaiotzen garenetik. Izan ere, mikrobiotak aldakortasun handia du, bai denboran zehar, bai pertsonaz pertsona. Mikrobiotaren osaketan eragina izan dezakete dietak, bizimoduak eta norberaren geneek, baina bakterio horiek nonbaiten izan behar dute jatorria.
Bakterio gutxi batzuek giza gorputzetik kanpo bizitzeko gaitasuna dutenez, pentsatzekoa da beste pertsona batzuk izan daitezkeela gutako bakoitzak dituen bakterioen jatorria. Jakina da bakterioak hesteetara heltzen direla amak haurrari jaiotzean transmitituta, baina dagoen bakterio-dibertsitatea ezin daiteke soilik bide horren bidez azaldu. Egia esan, ez da asko ikertu bakterioak nola eskuratzen diren, indibiduo artean nola transmititzen diren eta populazioan nola barreiatzen diren, halako ikerketak egitea zaila baita. Lan berri batek aztertu ditu gizakiok partekatzen ditugun bakterioak, mikrobiotaren transmisioa nola gertatzen den hobeto ulertarazteko.
1. irudia: bakterioak partekatzen ditugu gertuko pertsonekin (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Lan hori egiteko erabili ziren jada eskuragarri zeuden 23 datu-sorta eta lanerako espreski egindako 8 datu-sorta. 31 datu-sorta horietan eskuragarri zeuden pertsonen arteko harremanei buruzko informazioa eta zazpi milatik gora gorotzetako bakterioen eta bi mila listutako bakterioen gene-informazioa. Datu-sorta horiek lortu ziren bost kontinenteetako hogei herrialdetatik, eta hainbat bizimodu ordezkatzen zituzten.
Bakterioen gene-informazioa aztertu zen lan horretarako berariaz garatutako metodoen bidez. Helburua zen zehaztu ahal izatea zer bakterio-andui agertzen ziren laginetan, ez soilik bakterio-espezieak, halako lanetan egin ohi den bezala. Anduiak dira bakterio-espezieen barruan dauden aldaerak eta oso ezberdinak izan daitezke beren artean –erraldoia da bakterio-espezie baten barruan dagoen aldakortasuna gene-informazioan–. Anduiak identifikatzea lehenetsi zuten, batetik, anduiek hilabeteak pasa ditzaketelako pertsona baten hesteetan eta, bestetik, harremanik ez duten pertsonek partekatzen ez dituztelako, ez bada gertatu transmisio zuzena edo ez-zuzena. Gainera, analisietatik ezabatu egin zituzten elikagaietatik etorri daitezkeen bakterioak, batera lortutako bakterioak ez nahasteko transmisio-gertaera batekin.
Bakterioen partekatzerik altuena amen eta jaioberrien artean aurkitu zen eta haurren adina aurrera zihoan heinean apalagotuz joan zen partekatutako bakterioen kopurua. Lehenengo urtean, bakterioen erdia partekatzen zuten; 1-3 urteetan, aldiz, behin titia kendutakoan eta mugitzen hastean, laurden batera jaitsi zen partekatutako bakterioen kopurua. 3 urtetatik aurrera egonkortu egiten da amak eta haurrek partekatzen dituzten bakterioen kopurua –%15-19 artean– eta helduetan ere ikusten da amaren efektu hori mikrobiotaren osaketan. Ikertzaileen ustez, eragin iraunkor hau gerta daiteke jaiotzean amak eragindako mikrobiotaren osaketari gehitzen zaiolako partekatutako ingurumena.
2. irudia: gure amak dira ditugun bakterioen iturburu nagusia (Argazkia: timkraaijvanger – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Jakina zen batera bizi diren pertsonen mikrobiota antzekoa zela, baina ezezaguna zen antzekotasun hori transmisioaren ondorioa ote zen ala antzeko baldintzetan bizitzearen ondorio. 212 etxetan bizi ziren 883 pertsonaren bakterioen gene-datuak aztertuta –lau kontinentetako zortzi populaziotakoak, landa-eremuetakoak, garatzen ari diren herrietakoak eta herri industrialetakoak-–, ikusi zuten etxe berean bizi ziren pertsonek bakterio gehiago partekatzen zituztela elkarren artean populazio horietako beste pertsonekin baino. Hala, partekatze hau adinaren araberakoa izan zen: zenbat eta adinez nagusiagoa pertsona, txikiagoa izan zen senideekin partekatutako bakterio-kopurua.
Bestalde, guraso-haur, haurride eta bikote harremanak aztertu ziren eta konparaketa guztietan bakterio gehiago partekatzen zituzten halako taldeek haiekin bizi ez diren pertsonekin baino, hau da, etxe berean bizitzeak eragina zuen bakterioen transmisioan. Eragin hau denboran zehar irauten ote zuen aztertu zuten bikien datuak erabilita. Hala, ikusi zuten zenbat eta urte gehiago aldenduta bizi, orduan eta bakterio gutxiago partekatzen zutela bikiek.
Batera bizi ez diren pertsonek partekatzen dituzten bakterioen kopurua arbuiagarria bada ere, herri berean bizi diren pertsonek bakterio gehiago partekatzen dituzte elkarren artean beste herri batzuetan bizi direnekin baino. Hala, badirudi estuak ez diren pertsonen arteko harremanetan ere partekatzen direla bakterioak eta gertaera horretan eragina izan dezakeela populazioaren egiturak.
3. irudia: harremana estua izan ezean, zaila da bakterioak partekatzea (Argazkia: blende12 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Orain arte aipatutako emaitzen oinarria gorotzetako bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiak izan dira. Pentsatzekoa da ahoan dauden bakterioen transmisioa errazagoa dela, listua bera transmisio-bidea delako. Ahoko bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiek antzeko joerak erakutsi zituzten. Salbuespenak izan ziren guraso-haur arteko partekatzea handitu zela adinarekin eta bikoteek partekatze handiagoa izan zutela gainontzeko harremanek baino. Hortaz, ikertzaileek iradokitzen dute elkarrekintza estuko etxeetan bakterioen ahozko transmisioa indartzen dela.
Laburbilduz, elkarrekin bizi diren pertsonek bakterio gehiago transmititzen diote elkarri, batez ere amek beren haurrei. Atsotitzak dioen bezala, “Nolako ama, halako alaba” bai eta semea, bakterioen osaketari dagokiola bederen. Gainera, harremana zenbat eta estuagoa izan, altuagoa da partekatzen den bakterioen kopurua. Eta, beno, bakterio gutxiago partekatu nahi badituzue, egin kasu Josu Lopez-Gazpiori eta jaitsi komuneko tapa.
Erreferentzia bibliografikoa:- Valles-Colomer, Mireia; Blanco-Míguez, Aitor; Manghi, Paolo; Asnicar, Francesco; Dubois, Leonard; Golzato, Davide; Armanini, Federica; Cumbo, Fabio; Huang, Kun D.; Manara, Serena; Masetti, Giulia; Pinto, Federica; Piperni, Elisa; Punčochář, Michal; Ricci, Liviana; Zolfo, Moreno; Farrant, Olivia; Goncalves, Adriana; Selma-Royo, Marta; Binetti, Ana G.; Becerra, Jimmy E.; Han, Bei; Lusingu, John; Amuasi, John; Amoroso, Loredana; Visconti, Alessia; Steves, Claire M.; Falchi, Mario; Filosi, Michele; Tett, Adrian; Last, Anna; Xu, Qian; Qin, Nan; Qin, Huanlong; May, Jürgen; Eibach, Daniel; Corrias, Maria Valeria; Ponzoni, Mirco; Pasolli, Edoardo; Spector, Tim D.; Domenici, Enrico; Collado, Maria Carmen; Segata, Nicola (2023). The person-to-person transmission landscape of the gut and oral microbiomes. Nature, 614, 125-135. DOI: 10.1038/s41586-022-05620-1
Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Milioika urte Tibeten
1944ko apirilean, Heinrich Harrer mendizale, kirolari, geografo eta SSetako ofizial austriarrak, beste aberkide batzuekin batera, ihes egin zuen agintari kolonial britainiarren mende zegoen Indiako kontzentrazio esparrutik. Hilabete geroago, Tibeten muga zeharkatu eta Lhasara, hiriburura, eramango zuen bidaiari ekin zion, herrialdetik barrena. Han egon zen 1952ra arte, Austriara itzuli zen arte. Ordurako, SSetan izandako iraganaren erantzukizunetatik salbuetsita zegoen. Eta bere abenturen kronika idatzi eta argitaratu zuen: Sieben Jahre in Tibet (Zazpi urte Tibeten), zeina 1956an eta 1997an zinemara eraman zuten Seven Years in Tibet izenburuarekin.
Bidaian eta, zehazkiago, mendebaldeko Tibeten eta Changtang goi ordoki babesgabean zehar –batez besteko altuera 5.000 metro da–, Harrer eta bere kide Peter Aufschnaiterrek gorriak ikusi zituzten. Liburuko pasarte batean honako hau dio: “Egunean behin haragia egosten dugu eta ontzitik bertatik jaten dugu; izan ere, gauden altitudean, ura oso azkar hasten da irakiten, baina tenperatura oso txikia da eta koipea ia berehala gogortzen da”. Esaldi horrek austriarren bidaia zaildu zuten bi faktore nagusiak laburbiltzen ditu: izugarrizko hotza eta aire gabezia. «Ura oso azkar hasten da irakiten», dio Harrerek. Hala da. 5.000 metroko altitudean, presio atmosferikoa itsas mailakoaren erdira jaisten da ia –% 55era, hain zuzen ere–, eta baldintza horietan uraren lurrun presioa eta presio atmosferikoa 84 ºC-ko tenperaturan berdintzen dira, beraz, ura irakiten hasten da. Beste era batera esanda: 5.000 metroko altitudean urak 84 ºC-tan irakiten du.
Irudia: jakak atmosfera arraro batean arnasa hartzera egokituta daude. (Argazkia: Dennis Jarvis – CC BY SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Datua garrantzitsua da, izan ere, uraren irakite tenperatura jaisteaz gain, oso oxigeno gutxi dagoela adierazten du. Izan ere, itsas mailan dagoenaren % 55 dago, atmosferako gasen eskuragarritasuna murriztea presio atmosferikoaren beherakadarekiko guztiz proportzionala baita. Han goian oxigenoaren % 21 dago oraindik, baina itsas mailan dauden gas molekulen % 55 baino ez.
Abenturen kontakizunean, Harrerek dio sarritan erabili zituztela jakak ekipajea garraiatu ahal izateko. Jakak munduko txoko horretan bezain baldintza babesgabeak dauden lekuetara oso ondo egokitzen diren bobidoak dira. Ilaje lodia dute, eta hotzetik babesten ditu. Eta, gainera, atmosfera arraro batean arnasa hartzera egokituta daude.
Txinako ikerketa talde batek jaken eta zezenen genomak alderatu ditu; antz handia duten espezieak dira. Eta biriketako odol kapilarren barneko zelula batzuetan –orain arte ezezagunak ziren– oso aktiboak diren bi gene aurkitu dituzte. Biriketako gainerako zeluletan baino askoz aktiboagoak dira bertan. Ikertzaileen arabera, posible da bi gene horien jarduera handiagoa dela-eta jaken biriketako odol kapilarrak behienak baino irmoagoak eta zuntz gehiagokoak izatea, eta hori lagungarria izan daiteke oxigenoa lortzeko oso oxigeno gutxi dagoen atmosfera batetik.
Jakek milioika urtez eboluzionatu dute altuera handian; baliteke Tibeteko goi ordokiko beste espezie batzuek ere antzeko zelulak izatea, han goian eboluzionatu baitute. Baina ia ezinezkoa da tibetarrek zelula mota hori izatea, itxuraz hain erabilgarria dena, gizakiek 30.000 urte baino ez daramatzatelako altitude horretan.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Milioika urte Tibeten appeared first on Zientzia Kaiera.
Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliokideak
UPV/EHUko Gluten 3S taldea akreditatuta dago ekoizleei glutenik gabeko produktuen zigilua emateko. Azken bederatzi urte hauetan, taldeak produktu horien ikerketa zabal bat gidatu du, eta nutrizio-analisiak egin ditu glutenik gabeko 200 produktu aztertzeko. Produktuen kalitatea nabarmen handitu da denbora horretan, eta, hala ere, oraindik ere produktu horiek ez dira iritsi glutena dutenen baliokide izatera.
Urteak aurrera egin ahala, geroz eta zeliakia-kasu gehiago ezagutzen dira, eta hazkuntza, gainera, esponentziala da. Adituek diote bi arrazoi izan daitezkeela horretarako. Bata, ingurumeneko faktoreen ondorioz zeliakoen kopurua handitzen ari dela, eta, bestea, diagnostikoak hobetu eta ugaritu egin direla. Gainera, zeliakiaz gain, glutenak beste nahasmendu batzuk ere eragiten ditu. Hazkuntza hori pertzepzio publikora iritsi da, eta arazo bat sortu du horrek, jendeak uste baitu glutenik gabeko dieta osasuntsuagoa dela glutena duena baino. Eta uste oker hori kaltegarria izan daiteke.
Irudia: glutenik gabeko produktuen kalitatea nabarmen handitu da. Hala ere, oraindik ez dira iritsi nutrizionalki glutena dutenen baliokide izatera. (Argazkia: Mariana Kurnyk – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)“Dietari leporatzen zaizkio zenbait ezaugarri, berez dietarekin loturarik ez dutenak. Datuek erakusten dute glutenik gabekoak ez direla produktu osasuntsuagoak”, dio Jonatan Miranda Gomez UPV/EHUko farmazialariak eta Gluten 3S ikerketa-taldeko ikertzaileak. Talde hori akreditatuta dago glutenik gabeko produktuak benetan glutenik ez dutela bermatzen duen zigilua jartzeko, ISO legearen bitartez.
Hain zuzen ere, Mirandaren taldeak urteak eman ditu glutenik gabeko produktuen analisi nutrizionala egiten. “2014an, artikulu zientifiko bat argitaratu genuen, nahiko berritzailea”, dio Mirandak. “Bertan, glutenik gabeko 200 elikagai alderatzen genituen, haien glutendun elikagai baliokideekin. Ez dira nutrizionalki baliokideak”. Glutenik gabeko produktu askok lipido asegabe (edo gantz kaltegarri) gehiago zituzten glutendunek baino, zuntz-ekarpen murritzagoa zuten, eta haien gatz-kantitatea eta proteinak kontrolatu beharra zegoen. Baina egoera etengabe aldatzen ari da, eta, orain, beste azterketa baten emaitzak argitaratu dituzte Foods aldizkarian.
Bederatzi urteko bilakaeraZeliakoen proportzioa ez da aldatu, jarraitzen du % 1ekoa izaten, gutxi gorabehera. Baina, batetik, populazioa handitu da, eta, beste alde batetik, glutenarekiko sentikortasunak azaldu dira, eta, talde hori kontuan hartuta, arazoak populazioaren % 10rari eragiten dio. “Industria kontziente izan da horretaz —dio Mirandak—. Horrenbestez, produktu gehiago garatu ditu, eta horrek ahalbidetu du industriak gehiago ikertzea eta beste osagai batzuk hartzea kontuan. Nolabait, gizartearen eta ikerketa-taldeen bultzada horrek bilakaera bat eragin du industrian”. Eta hobekuntza nabarmena izan da.
Adibide eredugarri bat pastarena da. Glutenik gabeko pasta ez da gariarekin egiten, glutena duelako, baizik eta artoarekin, eta, hain zuzen ere, arto-irina izan da beti osagaietan lehenengoa. Hori ez da aldatu azken bederatzi urteetan. Bigarren osagai nagusia, ordea, lehen arroz-irina izaten zen, eta orain artatxikia da ohikoena. “Horrek nutrizioan eragin positiboa izan du”, adierazi du Mirandak. “Pasta egiteko, estrusio bat egin behar izaten da, eta artatxikiak aukera ematen du estrusioa lipido gutxiagorekin egiteko”. Gainera, elikagaien inguruko lege-ekimenek ere lagundu dute, azken urteetako aldaketek sustatu egin dutelako pastaren osagaiak aldatzea.
Solidoak ez diren produktuen kasuetan, ekoizleek beste estrategia batzuk erabiltzen dituzte. Garagardoa da adibide bat. Kasu horretan, glutena ordezkatu beharrean apurtu egiten da, klarifikazio-prozesuan (partikula esekiak likidotik bereizteko prozesuan) entzima batzuk gehituta. “Baina prozesu horrek badu beste muga bat —erantsi du Mirandak—. Gerta liteke ohiko analisian detektatzen ez diren molekula kaltegarriak geratzea. Zeliakoen Elkarteko kideek batzuetan esaten digute glutenik gabeko garagardoak kalte egiten diela”. Beraz, beste ikerketa-lerro bat ireki da, garagardo horietako arazoak aztertzeko.
Mirandak argi dauka gaia zabala dela. “Azken urte hauetan, artikuluetan, agertu da beste zenbait molekula ere kaltegarriak izan daitezkeela, eta nahiz eta glutenik gabeko dieta zorrotz bat jarraitu, glutenik gabeko produktu horiek ondoeza sor dezaketela”. Gainera, beste ikuspegi bat ere eman nahi diote ikerketari, ingurumenaren alderdia ere aztertu nahi baitute. “Glutenik gabeko elikagaiek ingurumenean zer inpaktu duten jakin nahi dugu. Besteek baino inpaktu handiagoa izaten dute, adibidez, atzerritik ekarri behar direlako zenbait osagai. Inpaktu hori murriztu beharko litzateke. Adibidez, ikusi behar da artatxikia nondik ekarri behar den”, dio Mirandak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Glutenik gabeko produktuak ez dira izaten nutrizionalki glutendunen baliokideak
Erreferentzia bibliografikoa:Mármol-Soler, Claudia; Matias, Silvia; Miranda, Jonatan; Larretxi, Idoia; Fernández-Gil, María del Pilar; Bustamante, María Ángeles; Churruca, Itziar; Martínez, Olaia; Simón, Edurne (2022). Gluten-Free Products: Do We Need to Update Our Knowledge? Foods, 11, 3839. DOI: 10.3390/foods11233839
The post Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliokideak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #431
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
KomunikazioaEmakumeen Nazioarteko Egunaren harira, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, generoa eta zientziaren komunikazioaren inguruko hausnarketa egin da, eta dekalogo bat aurkeztu dute: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak. Dekalogoan gomendatzen dute, komunikazio zientifikoari heltzean, alderdi kualitatiboari ematea garrantzia, ez soilik kuantitatiboari. Gomendio orokor horri segika hamar puntu garrantzitsu jorratzen dira, komunikazioan genero-berdintasuna sustatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa.
MikrobiologiaNekazaritzaren sektorearen erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu dute NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Elhuyar Fundazioak. Bertan, Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko ikertzaileak abiatu du eztabaida, eta hainbat hizlarik hartu dute parte. Gaitzen bektoreekin, klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotuta, Aitor Cevidanes Miranda Osasun Bakarrean adituak hartu du hitza. Besteak beste, zoonosiak eta antropozoonosiak izan ditu hizpide. Honetaz gain, Ibone Ametzaga Arregi ekologian aditua ere aditu da naturaren multifuntzionalitatearen inguruan, eta azkenik, Manu Soto López EHUko ikertzaileak hitz egin du lur-zizareen mikrobiomaz. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nekazaritza eta abeltzaintza jomugan: erronka berriak.
NeurozientziaZientzia Kutxa jardunaldien barne, martxoak 10ean Banpiroarekin neurozientziaz solasean hitzaldia eskaini zuen Jose Ramon Alonso neurobiologoak, Donostiako Tabakaleran. Neurozientzien alorrean ikertzen du Alonsok, eta, nazioarteko zientzia aldizkarietan argitaratzeaz gainera, blog bat eta hitzaldiak baliatzen ditu bildutako jakintza gizarteratzeko. Hitzaldian zehar, gai asko jorratu ditu, besteak beste, autismoa, depresioa, usaimena eta dibulgazioa. Bere ikerketa gai nagusia, bestalde, plastikotasun neuronala da, hau da, garapenaren nahasmenduek eragindako kalteei erantzuteko burmuinak duen gaitasuna. Argi utzi du, hala eta guztiz ere, galdera asko daudela oraindik erantzuteko, bai bere ikerketa-gaien inguruan, baita orokorrean burmuinaren inguruan ere. Azalpenak Berrian: «Neurozientzian hardwaretik softwarera pasatzea falta zaigu».
EkologiaErlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon. Hala berretsi du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak. Nazioarteko ikerketa baten bidez, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu dute erlauntza unitate gisa hartuta, eta ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Gainera, ondorioztatu dute erlauntzak habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egiten duela nekazaritzak haien mikroorganismo-multzoan eragindako desoreka. Azalpenak Zientzia Kaieran.
BotanikaEtxean landareak lehortzeko, Aranzadi zientzia elkarteak hainbat gomendio eman ditu Berrian, Nola lehortu landareak etxean artikuluan. Aranzadik ARAN izeneko herbarioa du, eta bertan 80.000 lagin baino gehiago dituzte bilduak. Erregistratutako lehen herbarioa 1544koa da, eta Luca Ghini mediku eta botanikari italiarrak eraiki zuen. Pentsatzen da berak asmatu zuela landareak kontserbatzeko modua, eta ez da asko aldatu garai hartatik hona. Aranzadik herbario bat egiteko modua azaldu du, beraz, mendira joan eta landareak hartzetik, landareak prentsatu eta katalogatzera arte.
Adimen artifizialaIkerketa berri batean adimen artifizialaren giza alborapen kognitiboak aztertu dituzte, eta RIEV aldizkarian argitaratu dira emaitzak. Jakina da adimen artifizialeko algoritmoek datuetan dauden alborapenak barneratzen eta areagotzen dituztela, eta artikuluaren egileen arabera, ez dituzte datuek soilik alborapenak eragiten, baita adimen artifizialeko algoritmoen garapen osoan eragiten duten giza alborapen kognitiboek ere; hasi ikertzaileetatik eta erabiltzaileetara. Alborapen horiek guztiak aztertu eta eztabaidatu dituzte ikerketa berri horretan, eta ohartarazi dute, adimen artifiziala ez dela pentsatzen dugun bezain objektiboa eta neutrala. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaEspainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok D bitamina molekularen defizita daukate. Alabaina, D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez dielako inolako onurarik ekartzen defizitik ez duten biztanle osasuntsuei. Izan ere, behaketa batean D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotu zen. Artikulu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia.
Garazi Larrañaga Jaurrietak Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen, eta, gaur egun, tesia egiten ari da BioSmarTE taldean, CICbiomaGUNErekin kolaborazioan. Bere tesian osteoartritisaren tratamendurako teknologiak garatzen dihardu. Azaldu duenez, osteoartritisa 65 urtetik gorakoen %30ek jasaten dute, eta helduen artean, desgaitasun ohikoena da. Emakumeek gaitz hori pairatzeko probabilitate altuagoa dute, bestalde, eta menopausiaren ondorioz sortutako estrogeno-urritasunagatik izan daitekeela uste da. Alabaina, oraindik ez da era sakonean ezagutzen zer prozesu gertatzen diren gaixotasun honetan zehar, eta horrek tratamendu egokiaren bilaketa zailtzen du. Horregatik, osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu nahi du Larrañagak, eta tratamendu eraginkor bat bilatu, kartilagoaren erregeneraziorako 3D egiturez baliatuz. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean.
Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, eta mundu osoko herritarren %10-17k dituzte. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologoaren esanetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake. Kasu gehienetan azkar desagertzen dira akufenoak, baina badaude bizi osorako dituztenak. Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren, baina belarriko infekzioek edota zarata handien eraginpean egoteak eragina izan dezakete, besteak beste. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz. Informazio gehiago Berrian: Isiltasunik gabeko jendea.
Saguzarrek birusak nola toleratzen dituzten azaltzeko hipotesi berriak plazaratu dituzte, saguzarren zelula ama pluripotenteak lortzeko teknika berri bati esker. Saguzarrek beste edozein ugaztunek baino askoz birus gehiago ostatatzen dituzte, itxuraz kalte handirik pairatu gabe. Beraz, animalia-eredu bereziki interesgarria da birusekiko tolerantzia neurtzeko. Alabaina, azterketarako lagin-tamaina handia behar zenez, pentsatu zuten zelula ama pluripotenteak sortzea izan zitekeela bide bat. Zelula ama horiek aztertuta, ikusi zuten sekuentzia biral aktibo asko zeudela. Ikertzaileek emaitza horiekin ondorioztatu dute saguzarrek ez dutela birus horien aurka egiten, eta litekeena dela beste birus batzuekiko defentsa-estrategia modura erabiltzea, edo txerto gisa funtzionatzea. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
GenetikaNature Communitations aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean azaldu dutenez, giza enbrioietan gaixotasunak sendatzeko edizio genetikoa erabiltzea ez da segurua oraindik. CRISPR teknikaren bidez editatutako giza enbrioiak aztertu dituzte, eta ikusi dute, DNA gutxi dagoela enbrioi horietan, eta sekuentziatu ahal izateko asko anplifikatu beharra dagoela. Hainbeste anplifikatzean fidagarritasuna galtzen dela azaldu dute ikertzaileek, eta, beraz, ezin dela ziurtatu diagnosi egoki bat. Bestalde, edizio-tekniketan ere arazo bat aurkitu dute, mutazioa konpontzeko egin nahi den aldaketa baino gehiago egiteko arriskua dagoela, hain zuzen. Datuak Elhuyar aldizkarian: Enbrioien edizio genetikoa ez da segurua.
ArkeologiaAztarna arkeologiko gehiago atera dituzte argitara Arkaiako aztarnategian (Gasteiz), hiru urteko lanaren ostean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituzten aurreneko indusketa lanak bertan, eta orduan atera zituzten argitara erromatar garaiko termak. Miguel Loza arkeologoa da azken indusketa lanen arduraduna, eta azaldu duenez, Suestatium hiri erromatarra zegoen gaur egun Arkaia herria dagoen lekuan, eta termak ziren hiri hartako eraikinik handienak. Arkaiakoak, gainera, inguruan aurkitu diren terma garrantzitsuenak zirela azpimarratu du Lozak. Lehen indusketa horien ostean, aztarna horien inguruko eremuak induskatzen aritu dira arkeologoak, eta azaldu dutenez, ez dute garrantzi handiko ezer topatu. Hala eta guztiz ere, lanek balio izan dute orain arte aurkitutakoa egonkortu eta balioa emateko. Informazio gehiago Berrian.
ArgitalpenakAste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Descartesen hutsegitea (1994) liburua iradoki dute. António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakasleak idatzi zuen, eta bertan, egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat jorratzen du: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Istorio bitxiez, historial klinikoez, laborategiko esperimentuez zein abentura existentzialez dihardu Damasok liburuan zehar, eta datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientziaren bidez gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketa egiten du.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #431 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #437
Duela gutxi egindako ikerketa batek agian aurkitu du esklerosi anizkoitzaren jatorriaren enigmaren erantzuna eta, horrekin batera, tratamendua. J.R. Alonsoren The origin of multiple sclerosis
Zeruko eskualde batean aurkitu da izarrak sortzen dituzten hidrogenozko hodeiak uste baino askoz azkarrago sortzen direla. High-speed star formation
Adimen estralurtarrarekin komunikatzeak arazo asko ditu eta hiru motatan sailka daitezke: hizkuntzazkoak, testuingurukoak eta edukikoak. Juan F. Trilloren Communication with Extraterrestrial Intelligent Beings: a sociolinguistic approach
Molekula baten magnetismoa kontrolatzea oso garrantzitsua da espintronikan eta DIPCko jendeak mikroskopio baten puntarekin egiten du: Controlling the magnetic anisotropy of a transition metal complex
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #437 appeared first on Zientzia Kaiera.
Estetoskopioaren historia
XIX. mendean, pazienteak auskultatzeko modu eraginkorrena belarria zuzenean bularraren kontra jartzea zen. Baina arazo bat zegoen: garaiko morala. Mediku batek ezin zuen bere belarria emakumearen bularraren gainean jarri.
René Laënnecek, Parisko Necker ospitaleko mediku buruak, kontsulta batean koaderno bat biribilkatu zuen auskultatzeko. Bazebilen! Handik gutxira, are hobeto zebilen egurrezko zilindro bat diseinatu eta eraiki egin zuen. Mediku asko zilindroa eske etorri eskatzera joan ziren eta azkenean, 1849an, lehen estetoskopio malgua sortu zen eta 1851ean, lehen binaurala.
‘Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Estetoskopioaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Descartesen hutsegitea
Egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat da Damasiok darabilena Descartesen hutsegitea (1994) liburuan: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Horra gogamena gogoeta sakonean bere izate eta jatorriaz, behaketa zorrotzarekin uztarturik introspekzio ernea.
Irudia: Descartesen hutsegitea liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Emozioaren eta arrazoiaren arteko erlazioa da saiakera ospetsu honen gai nagusia. Zehazkiago: «Garuneko zerk ahalbidetzen die gizakiei arrazionalki jokatzea? Nola funtzionatzen du zer horrek? Ez dut nahi izaten, ahal dela, galdera horiei erantzuteko ahaleginari “arrazionaltasunaren neurobiologia” izena eman, ofizialtasun- eta arrandia-kutsua baitu etiketa horrek. Baina horixe da, mami-mamian: eskala handiko garun-sistemen mailako giza arrazionaltasunaren neurobiologia baten hastapenak. […] Ez dut emango eskuliburuetakoen moduko azalpenik; eta ez ditut justifikatuko aurkezten ditudan iritzi guztiak. Ez ahaztu: solasaldi bat da hau. […] Testu hau arian ariko ikertze bat da, eta ez dagoeneko finko onetsiriko egitate sail bat. Hipotesiak eta proba enpirikoak aztertzen ari naiz, ez ziurtasunezko baieztapenak egiten».
Istorio bitxiak zein historial klinikoak, laborategiko esperimentuak zein abentura existentzialak: askotariko solasez oratua du Damasiok bere esploradore-kronika mamitsu hau, datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientzialariaren tresnekin heldurik gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketari.
António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakaslea da, eta Garunaren eta Sormenaren Institutuaren zuzendaria. Emozioen eta sentipenen izaeraz eta jardunaz arduratzen da batik bat, eta ospe handia du mundu zabalean, hala bere ikerketetan nola bere dibulgazio-lan oparoan. Publiko zabalarentzat idatzitako liburuen artean, Deskartesen hutsegitea izenburuko hau du ospetsuena.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Descartesen hutsegitea
- Egilea: Antonio Damasio
- ISBN: 978-84-9860-744-4
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2012
- Orrialdeak: 427 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Descartesen hutsegitea
The post Descartesen hutsegitea appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa
Martxoaren 8a da, Emakumeen Nazioarteko Eguna. 2023ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren leloak “Mundu digital inklusiboa: Berrikuntza eta genero-berdintasunerako teknologia” aldarrikatzen du. Inguratzen gaituen munduak Informazio eta Komunikaziorako Teknologien (IKT) garapenean eragina du eta, horrez gain, erabilera molda dezake jokabide diskriminatzaileak areagotu edo iraunarazteko. Beraz, mundu digital inklusiboa lortzeko, beharrezkoa da hainbat esparrutatik jardutea.
Irudia: 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako ilustrazioa. (Iturria: NBE)Testuinguru horretan, adibidez, komunikabideek funtsezko zeregina dute berdintasuna lortze bidera. Honen harira, otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren baitan Generoa eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldia egin zen Bilbon. Bertan, zientziaren komunikazioaren esparruan genero-ikuspegia ezartzeko eta hobetzeko moduari buruz hausnartu zen hainbat ikuspuntutik.
Jardunaldi honekin, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan dugu: gogoeta eta ekintza. Horren erakusgarri da gaur aurkezten den dekalogoa: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak.
DekalogoaKontuan izan gauzak asko hobetu direla, baina gaur egun gauzak oso ondo doazela eta berdintasuna lortuta dagoela zabalduta badago ere, pertzepzio hori ez da benetakoa. Beraz, komunikazio zientifikoari heltzen diozunean, eman garrantzia alderdi kualitatiboari, ez soilik kuantitatiboari. Ondorioz, ez hartu kontuan zenbat emakume zientzialari izendatzen diren, nola irudikatzen diren baizik.
- Komunikazio arduratsua praktikan jarri: ez dago komunikazio aseptikorik; beraz, kontziente izan behar da genero-ikuspegiari jaramonik egin gabe eginez gero, komunikazioa alborapenak eta aurreiritziak indartzeko tresna izan daitekeela.
- Kontuan izan ikerketa bat genero-ikuspegirik gabe egin ahal izan dela, eta, beraz, emaitzak ezin direla orokortu. Genero-ikuspegia ikerketa-taldeen osaeratik askoz harago doa. Horrela, planteatutako galderak garrantzitsuak dira, uste dugunetik sortuko baitira eta hori generoaren araberakoa izan daiteke. Genero-ikuspegiak ere eragina du galdera horiei erantzuteko datuak lortzeko erabiltzen den metodologian eta datu horiek interpretatzeko sortzen den narratiban. Narratiba datuak bezain garrantzitsua da: normalean, datu-multzo berberak bat egin dezake hainbat narraziorekin.
- Ezarri irizpide argiak iturriak hautatzeko orduan: joan jatorrizko iturrira, bilatu emakume adituak solaskide gisa (nahiz eta batzuetan premiazkoa izan berehalako erantzun bat izatea eta horren aurrean zailagoa izan emakume zientzialarien kolaborazioa) eta lehenetsi merituak adituaren karguaren aurretik. Jarri harremanetan emakume zientzialariekin, ez bakarrik efemerideak edo STEM diziplinetan emakumeei buruzko albisteak daudenean. Praktika horrek emakumeek garatzen dituzten lan zientifikoak ikusezin bihurtzen laguntzen du.
- Emakume ikertzaileak normaltasunez tratatu, gizonezko ikertzaile bat bezala: haien itxura, bizitza pertsonala, jatorria, adina edo ikerketarekin zerikusirik ez duen beste edozein aldagai aipatu gabe.
- Ez erabili metafora mugatzailerik, hala nola “kristalezko sabaia”, “oztopo-lasterketa” edo “zulo beltza”. Baliatu ekintzara gonbidatzen duten esamoldeak.
- Ezagutarazi emakume ikertzailea ondo identifikatuta, adierazi haren izen-abizenak, lanpostua eta erakundea. Generikoaren eta inizialen erabilerak ikusezin bihurtzen baititu zientzialariak.
- Protagonista sinesgarriak eta imitagarriak sortu: emakume ikertzaileak benetako merituaren arabera tratatu, ez da beharrezkoa hauek salbuespenezko figurak bezala aurkeztea, eman ezagutzera ezohikoak izan beharrik gabe, gizonezko ikertzaile gehienak salbuespenezkoak ez diren bezala.
- Hizkuntza ez-sexista, inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabili. Orokorra maskulinotzat hartzen dela jakinda, saihestu ere termino neutroen erabileraren arriskua, emakumeak ikusezin bihurtzen baititu. (Adibidez, gaztelaniaz, ez erabili “x”, “@” edo antzeko flexioak).
- Edukiarekin bat datozen irudiak erabili, emakume zientzialariaren presentzia “loreontzi” gisa agertzen dutenak ekidinez. Protagonistak lehen planoan eta kamerari begira erakutsiz eta, gogoan izan, ez da beharrezkoa bere jarduera edo konpetentzia justifikatzen duen elementurik sartzea, hala nola mantalak, laborategiko tresnak edo bestelakoak.
- Lana amaitutakoan, begiratu egindakoa eta hausnartu: era berean tratatuko zenukeen testuko zientzialaria gizonezkoa izan balitz? Erantzuna ezezkoa edo zalantzazkoa bada: irakurri berriro dekalogoa.
Komunikabideak, komunikazio-lanak egiten dituztenak edo zabalkundearen esparruan lan egiten dutenak, genero-berdintasunaren aldeko eragile eta sustatzaile aktiboak dira. Horregatik, dekalogo honek zenbait estrategia eskaini nahi ditu komunikazio zientifiko hobea lortzeko, genero-ikuspegia duen zientzia-komunikazioa, edukiak idazten laguntzeko eta hedabideetan emakumeen presentzia areagotzen laguntzeko.
Egileez:UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitatea.
The post Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa appeared first on Zientzia Kaiera.
D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia
D bitamina molekula berezia da zentzu askotan. Lehenik eta behin, prohormona bat da (hormona baten molekula aitzindaria), eta ehun ezberdinetan askotariko ondorioak eragiten ditu. Hezurrak mineralizatzeagatik nabarmentzen da, baina sistema immunitarioaren funtzionamenduan, pankrearen funtzio endokrinoan, garunaren garapenean… ere bere funtzioa du. Hori gutxi balitz, D bitaminaren forma aktiboa larruazalean sintetizatzen da, eguzkiaren izpi ultramoreen esposizio zuzena jasan ostean. Horrela, egoera normalean, molekula hori ez da elikagaietatik lortzen nagusiki, eguzkiaren erradiaziotik baizik (guztizkoaren % 80-90).
Hain zuzen ere, D bitamina lortzeko modu berezi horrek eragiten du molekula horren defizita, itxuraz, nahiko ohikoa izatea. Defizit hori ez da eguzki erradiazio mugatua duten herrialdeetan soilik gertatzen, Eskandinavian kasu, bai eta egun eguzkitsu ugari eta eguzki erradiazio handia duten nazioetan ere, nahiz eta ez espero. Espainia da adibide bat.
Irudia: ebidentzia zientifikoak iradokitzen digu ez dagoela arrazoirik D bitaminaren osagarriak kontsumitzeko. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Gai horren inguruan eztabaida handia dagoen arren, kontuan hartzen bada D bitaminaren urritasuna dagoela 25-hidroxibitamina D-ren odol-serumeko mailak 20 ng/ml baino txikiagoak direnean, orduan, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen (SEEN) arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok molekula horren defizita daukate.
Gure gizartean dagoen bitamina defizit kezkagarri horren aurrean, gaiaz ezer ez dakien edonork esperoko luke medikuek, errutinaz, beren pazienteei odol analisiak eskatzea, horietakoren batek defizit hori duen detektatzeko eta, horrela, D bitaminaren gehigarriak errezetatzeko. Logikoena litzateke, ezta? Ba ez. Izan ere, ez da gomendatzen kontsulta medikoetan baheketa unibertsalik egitea populazio orokorraren D bitaminaren mailak detektatzeko, arriskua duten kasuetan (osteoporosia, adin handiko adinekoak) horretarako pisuzko faktoreak daudenean izan ezik.
D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea. Horren ordez, eta ahal bada, pazienteari eguzki gehiago hartzeko eta D bitamina asko duten elikagai gehiago kontsumitzeko (arrain urdina, arrautzak, gibela…) gomendioa egiten zaio.
Orduan, D bitaminaren defizita hain ohikoa bada gure herrialdean eta beste askotan, zergatik ez da screeningik egiten eta ez da gehigarririk hartzeko agintzen? Arrazoia sinplea da: saiakuntza klinikoek erakusten dute, behin eta berriz, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez diola inolako onurarik ekartzen defizitik ez duen biztanle osasuntsuen osasunari, ez eta, askotan, defizita dutenen osasunari ere.
D bitamina gehitzean inolako onurarik ezDuela gutxi saiakuntza kliniko bat egin zen Mongolian, eta emaitza deigarriak izan zituen; izan ere, D bitamina gehitzean ez zen inolako emaitza onuragarririk lortu. Saiakuntza hori molekula horren defizita zuten 8.851 haurrekin egin zen (serumean 20 ng/ml baino gutxiago). Ikertzaileek jakin nahi zuten ea D3 bitamina gehigarrien kontsumoak (14.000 nazioarteko unitate astero, 3 urtez) eragin positiborik izango zuen haien osasunean, plazebo taldearekin alderatuta. Ez zuten inolako ezberdintasunik aurkitu bi taldeen artean, salbu eta urteetan zehar D bitamina jaso zuen haur taldeak jada ez zuela defizitik. Ez zen inolako eraginik izan pubertaroan, ez altuerari, ez gorputz-masari, ez garapenari zegokionez. Ezer ez. Eta hori ez zen gertatzen aldez aurretik defizit normala zuten haurren artean soilik (20 ng/ml baino D bitamina gutxiago serumean), baita azterketaren hasieran defizit larria (10 ng/ml baino gutxiago) zutenen artean ere.
Emaitza etsigarri horiek behin eta berriz ematen dira saiakuntza klinikoetan. D bitamina gehitzeak ere ez dakar onurarik defizita duten haurren tuberkulosi arriskua murrizteko, ez du populazio orokorraren hezurren mineralizazioa hobetzen, ez du hausturarik edo erorikorik prebenitzen, eta ez du murrizten edozein kausagatik hiltzeko arriskua edo minbizia edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak onurarik ez izateaz gain, zenbait azterketek erakutsi dute osasunerako zenbait arrisku ere ekar ditzakeela. Ia 31.000 parte hartzailerekin egindako behaketa azterketa baten arabera, defizitik ez duten pertsonek egunean 10 mikrogramo baino gehiagoko dosiak kontsumitzea kausa guztien hilkortasuna eta, bereziki, minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotzen zen. Bestalde, mantenugai horren gehiegizko kontsumoak kalteak eragin ditzake giltzurrunetan eta bestelako organo eta ehun batzuetan.
Zergatik dago paradoxa hori D bitaminaren inguruan? Bi azalpen nagusi daude. Alde batetik, gaur egun molekula horrek eragindako defizita noiz dagoen definitzeko atalaseak ez dira zuzenak (altuegiak dira), eta horrek berez existitzen ez diren defizitak diagnostikatzera garamatza, osasunean ez dutelako kalterik eragiten. Horregatik, D bitamina gehiago hartzeak ez dakar onurarik. Izan ere, aspalditik eztabaida zientifiko handia dago D bitaminaren urritasuna zein mailatik behera ematen den zehazteko.
D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak eragin osasungarririk ez eragiteko beste azalpen bat da organismoan arazoren bat egotea, eta horren ondorioz ezin izatea molekula hori bere forma aktibora (kaltzitriola) eraldatzea –forma aktibo horrek hainbat funtzio egiten ditu–. Edo, bestela, ezagutzen ez dugun beste faktore bat egotea, molekula forma aktiboan dagoenean dituen ondorioak mugatzen dituela.
Arrazoia edozein dela ere, ebidentzia zientifikoak iradokitzen digu ez dagoela arrazoirik D bitaminaren osagarriak kontsumitzeko, oso kasu zehatzetan salbu. Maila onak eduki nahi badira, aukera gomendagarriena eguzkia neurriz hartzea, jarduera fisikoa egitea eta mantenugai horretan aberatsak diren elikagaiak jatea da, osasunerako onura ugari eskaintzen dituelako eta lortzeko errazagoa delako.
Egileaz:Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 5ean: La extraña paradoja tras los suplementos de vitamina D
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia appeared first on Zientzia Kaiera.
Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon
Nazioarteko ikerketa batean, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak, erlauntza unitate gisa hartuta. Ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egin du nekazaritzak erlauntzetan eragindako desoreka mikrobianoa.
Mendebaldeko ezti-erlea (Apis mellifera) arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres-faktore askoren ondorioz; besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak. “Badira zenbait urte agerian geratzen ari dela erleen heriotza-tasa asko handitu dela; horregatik, duela 6 urte inguru ikertzen hasi ginen erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia eta horrek zer lotura duen erleen gaixotasunekin edo osasunarekin”, azaldu du Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak. Ikertzaileek garrantzi handia egozten diote eremuen antropizazioari, alegia, “nekazaritza intentsiboari, erabiltzen diren produktu kimikoei, etab.”.
Irudia: 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman da nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egiten dela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan. (Argazkia: NickRivers – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.comKroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan, “aukera izan dugu Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko. Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia izan —erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea—. Ikertu nahi genuen antropizazioak zer eragin daukan erleen mikrobiotan edo mikroorganismo komunitatean. Horretarako, nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlauntzen mikrobiotarekin alderatu ditugu Unije irlako erlauntzak”, dio Zarraonaindiak.
Nekazaritza-eremuko bi erlauntzak konparagarriak izateko, “ahizpa genetikoak” erabili dituzte —alegia, nekazaritza-eremukoen material genetiko bera daukaten erlez osatutako erlauntzak—, eta haietako erlauntza bat eremu erdinatural batera eraman dute. “Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan”, azaldu du doktoreak. Horrek agerian uzten du ezti-erleen mikrobiotak erraz egokitzeko gaitasuna daukala; “ez genuen uste hain azkar aldatuko zenik mikrobiotaren konposizioa”, dio.
Ikertzaileek gradiente argi bat aurkitu dute antropizazio-mailarekin eta erlauntzako mikrobio-komunitatearekin lotuta: “Unije irlako erlauntzaren mikrobiota orekatuagoa dago, mikroorganismo onuragarrien proportzioa handiagoa da eta erdinaturalean jaitsiz doa; nekazaritzako eremuan, berriz, erlauntzak oso konposizio desorekatua dauka, bakterio oportunista gehiago aurkitzen dira, eta gaixotasunekiko sentikorragoa da”, azaldu du Zarraonaindiak. Ikertzailearen arabera, “estres-faktoreak oso aktibatuta daude nekazaritza-eremuetan”.
Apibioma ikertzeaOndorio horiei esker, ikertzaileek aukera izan dute erleen osasunari buruzko informazioa emango duten biomarkatzaileak zehazteko. Esate baterako, ikertzaileek hauteman dute bakterio jakin bat, Arsenophonus, oso ugaria dela nekazaritza-eremuetan; gutxiago dagoela eremu erdinaturaletan, eta ia ez dela azaltzen eremu naturaletan.
Erlauntza bere osotasunean ikertu dute, ez erlea bakarrik. Horixe da ikerketa honen gako garrantzitsuenetako bat: “Ikuspegi berritzailea da hau. Erlauntzan dauden nitxoetako mikroorganismoen multzoa, apibioma, ikertu dugu. Erleen hesteak, erlauntzaren sarrera, erle-ogia (erleak elikatzeko gaia) eta erlauntza barneko airea ikertu ditugu”. Lehen esan bezala, Arsenophonus bakterioa nekazaritza-eremuan da ugarien, eta joera hori nitxo guztietan topatu dugu. Beraz, oso biomarkatzaile egokia da nekazaritzak erlauntzetan zer eragin duen eta erlauntzek zer osasun duten neurtzeko; gainera, “metodo hau ez da inbaditzailea, erlauntzaren sarrerako lagin bat hartuta jakin baitaiteke hori”.
Ikerketa honen berri Nature-ren Scientific Reports aldizkarian eman dute ikertzaileek. Artikuluan jasotako ikerketa urtebeteko lana besterik ez da. Eta ikerketek aurrera jarraitzen dute: “Orain eremu erdinaturaleko erlauntza eremu naturalera eraman dugu ikusteko ea mikrobiota orekatzen zaion eta eremu naturaleko erleen berbera izatera iristen den. Horrek aukera emango digu jakiteko genetikaren edota ingurunearen kontribuzioa zenbaterainokoa den”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon
Erreferentzia bibliografikoa:GorrochateguiOrtega, June; MuñozColmenero, Marta; Kovačić, Marin; Filipi, Janja; Puškadija, Zlatko; Kezić, Nikola; Parejo, Melanie; Büchler, Ralph; Estonba, Andone; Zarraonaindia, Iratxe (2022). A short exposure to a seminatural habitat alleviates the honey bee hive microbial imbalance caused by agricultural stress. Scientific Reports, 12. DOI: 10.1038/s41598-022-23287-6
The post Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #430
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianAmaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta zientzia honen babesean, nabarmendu du nahiz eta modu abstraktuan landu, matematikek lotura zuzena dutela eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Iparragirre doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Emakumeen eta matematiken inguruan, azaldu du duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa zirela; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira graduan. Iparragirreri oso garrantzitsua iruditzen zaio emakume erreferenteak izatea, etorkizunean emakume matematikari gehiagoren presentzia sustatzeko. Emakume ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalean.
ArgitalpenakAnimalien aferak liburua 2011n argitaratu zuten Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak, eta bertan animaliak aztertzean aurkitu ditzakegun zerbait bitxi edo deigarriak azaltzen dizkigute. Beren beharrizanak aurrera eramateko, animaliek mekanismo jakin batzuk erabiltzen dituzte, eta mekanismo hauek partekatu egiten dira espezie ezberdinean artean. Hala eta guztiz ere, aniztasun zoragarria aurkitzen dugu animalia espezieen artean, baldintzen, beharrizanen eta taldearen arabera. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia Barandika Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira, eta itsas animalien biologia ikertzen dihardute aspalditik. Atal hau Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.
GenetikaIzarbe Yarza Giza Nutrizioa eta Dietetikan graduatu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta egun, doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Ikerketa Biomedikoaren doktorego-programaren barne, Baigene genetika-enpresan. Bere tesian ebakuntza osteko fibrosia ekiditeko modua ikertzen ari da, genetikaren bitartez. Izan ere, genetikak gaixotasun jakin batzuk izateko arriskuan eragina du, baita ebakuntza osteko fibrosia izateko aukeran ere. Asken honen kasuan, kirurgiaren ondorioz orbain-ehuna modu desantolatuan hazten da ehun bigunen eta artikulazioen inguruan, eta horrek, mugimendua mugatu eta mina eragiten du. Genetikaren bidez, alabaina, pazienteak fibrosia garatu behar duen edo ez jakingo dute test genetiko baten bidez. Horrela, medikuek arrisku hori aurreikusteko erabil dezaketen kalkulagailu moduko bat sortu dute, eta ebakuntza-gelara sartu baino lehen arrisku hori murriztu dezaketen ekintzak proposatu gaixoarekin batera. Azalpen guztiak unibertsitatea.net webgunean.
MikrobiologiaNora Fernandez Jimenez EHUko Genetika irakasleak eta ikertzaileak hesteetako mikrobiotaren inguruan idatzi du Berrian. Hesteetako mikrobiotaren desorekak edo disbiosiak hanturazko patologia kroniko ugari ekar dezake, hala nola heste narritagarriaren sindromea, koloneko minbizia eta diabetesa, bai eta beste hainbat patologia ere. Alabaina, azken urteetan ikusi da hesteetako mikrobiotak prozesu oso desberdinetan eragina izan dezakeela; autismoaren espektroko nahasmenarekin erlazionatua izan da baita ere, baina oraindik ez dago argi erlazio hori benetan ematen den. Horregatik, Fernandezek argi utzi du gai honen inguruko ikerketa askoren beharra dagoela oraindik. Informazio gehiago Berrian: Mikrobiota, kausa ala efektu?
AstronomiaAste honetan, Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk Bilboko Bizkaia aretoan. Martera bidalitako robotak zazpi tresna zientifiko konplexu ditu, eta horietako bat da MEDA. Askotariko sentsore meteorologikoen sistema bat da, tenperatura, presioa, hezetasuna, haizea eta abar neurtzeko gai dena. Horri esker jakin dute nolakoa den Marteko Jezero kraterra. Jasotako datuak aztertuta, planetaren atmosfera ezaugarritzen ari dira, eta esan du hango eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetuko dituztela horri esker. Honetaz gain, krater bereko arrokak aztertu dituzte, eta haiek hautatutako laginak 2030ean Lurrera ekartzea espero dute. Berri honi buruzko datuak Berriako “Marteri buruzko ikerketen berri eman du EHUk” eta “Marten bildutakoak zabaltzen” artikulutan irakur daitezke.
OsasunaInterneten eta bideo-jokoen erabilerak nerabeen bizi-kalitatearekin harremana du, UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzen arabera. Estatuko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek Internet eta bideo-jokoak nola erabiltzen dituzten aztertu dute. Ikerketa honen bidez, lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin. Bizi kalitatearen murriztea adikzio baten ondorioz gertatzen denaren parekoa dela azaldu dute; nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean eta sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileen % 15,5ek Interneten erabilera problematiko orokorra erakuste dute, eta bideo-jokoetan jokatzen duten nerabeen % 3,3k jokoaren nahasmenduaren zantzuak dituzte. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Formula-esneen osasun- eta nutrizio-oharrek ez dute oinarri zientifikorik, BMJ aldizkari zientifikoan argitaratu denez. Ikerketan zehar, 2020-2022 urteen arteen arteko mundu osoko hamabost herrialdetako formula-esneen oharrak aztertu zituzten. Ohar horietako askotan “garuna edo nerbio-sistema garatzen laguntzen du” edo immunitate-sistema sendotzen zuela zioten, baina laurdenak inguru bakarrik egiten zieten erreferentzia saio klinikoei. Aipatutako saio kliniko horiek, hala ere, oso ahulak ziren eta alborapenak zituzten. Hala, egileek hasieratik utzi dute argi bularreko esnea dela elikagai egokiena haurrentzat. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaErlauntzen osasuna hobetu egiten da antropizazioa txikitzean. Hala erakutsi dute nazioarteko ikerketa baten emaitzek. Ikerketan erleen egoera mikrobianoa ikertu dute, nekazaritza intentsiboko eremuetan, eremu erdinaturaletan eta eremu naturaletan. Ondorioztatu dutenez, erlauntzaren mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen da antropizazio-mailaren arabera, nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren produktu kimikoek eta abarrek desoreka eragiten baitute mikroorganismo horietan. Mikroorganismo-multzo jakin batzuek, era berean, erleen zaurgarritasunean eragina dute. Alabaina, ikertzaileek azaldu dute desoreka hori bere onera etortzen da, erlauntzak eremu naturalera eramanez gero. Datuak Elhuyar aldizkarian.
GeologiaAste honetan Blanca Martinez geologoak orientaziorako erabili izan diren mineralei buruz idatzi du Zientzia Kaieran, Orientatzen gaituzten mineralak artikuluan. Dual 2.000 urte baino gehiago, gaur egungo Grezian, Magnesia izeneko lurralde bateko artzain gazte batek harri arraro batekin egin zuen topo, eta burdina erakartzeko ahalmena zuela ikusi zuten. Bi mende geroago antzinako txinatarrek magnetita erabiltzen zuten burdinazko pieza txikiak magnetizatzeko, baina ez dago idatziz jasota erabilpenik ematen ote zioten aurkikuntza horri. Magnetita iparrorratz moduan erabiltzen hasi zenaren lehen erregistroa XII. mendeko Ingalaterrakoa da. Alabaina, historian zehar beste mineral batzuk ere erabili izan dira orientaziorako, hala nola, bikingoen “eguzki harria”.
NeurozientziaBelarri-harra (earworm) izena hartzen du melodia bat buruan behin eta berriro “entzuten” egoteak. Esperientzia unibertsala da, baina zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela dirudi. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery) da jarri dioten izen zientifikoa eta topatu da abesti zatiak izaten direla normalean, 15 eta 30 segundo artekoak, eta letra duten abestiak izaten direla kasu gehienetan. Gainera, ikusi da earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak dituztela. Ez dago erabateko sendabide hutsezinik, baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, hala nola, abestia bere osotasunean entzutea edota abestitik arreta desbideratzea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Aldapan gora… txiklea murtxikatzen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #430 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #436
Gene batek, gene bakar batek, gauza harrigarriak lor ditzake. Aste honetan bi adibide ikusgarri ditugu. Rosa García-Verdugoren A single gene might be responsible for the bigger brain of modern humans eta Losing genes can be good, hummingbirds are a nice example Ramón Muñoz-Cónpuliren eskutik.
Litioa baliabide mugatua da eta elementu honetan oinarritutako baterien teknologia mugatua da. Bideragarritasun ekonomikoa duten eta eskalagarriak diren alternatibak aktiboki bilatzeko garaia da. Beyond lithium: magnesium rechargeable batteries
Teorema batek esaten duenean hori ez dela izango, DIPCkoak datoz eta esaten dute, ondorio praktikoetarako, ez dela hainbesterako Mermin–Wagner theorem for practical length scales
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #436 appeared first on Zientzia Kaiera.
Amaia Iparragirre, matematikaria: “Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea”
Matematikek ospe txarra dute: zailak direla, abstraktuak direla, ez dutela ezertarako balio… Horrelako usteak oso zabalduta daude gizartean. Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta ez du arrastorik ere nondik datorren ospe txar hori, “ume-umetatik gustatu izan zaizkit“, adierazi du.
Eta ez daki zergatik izango duten ospe txarra; agian, abstraktuak direlako izan daitekeela uste du. Nabarmendu duenez, ordea, nahiz eta modu abstraktuan landu, lotura zuzena dute eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Gainera, beti moldatu izan da ondo matematiketan. “Ama ere matematika-irakaslean zen; hortaz, etxetik ere jaso dut zaletasun hori, eta ez dut sekula sentitu matematikak ez zirela niretzat egokiak edo ez zitzaizkidala gustatu behar. Oso naturala izan da niretzat”.
Irudia: Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan MATHMODE taldean. (Argazkia: Elhuyar)Orain, doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Azaldu duenez, eredu aurresaleak asko erabiltzen dira gaur egun. Helburua da, dauden datuetan oinarrituta, etorkizuna aurreikustea. “Nire tesiaren berezitasuna da datu-mota jakin bati doitu nahi zaizkiela mota honetako ereduak. Datu-mota hori ohikoa izan da estatistikan, baina, orain arte, ez zaizkio eredu aurresaleak doitu. Hortaz, nire helburua bi arlo horiek lotzea da”.
Eredu horiek aplikazio zuzena dutela baieztatu du; hain zuzen, tesia abiatu zuenean, egiazko arazo batetik abiatu zen. Adibideak ere eman ditu: “Esaterako, pandemian ikaragarri erabili dira, eta, orokorrean, medikuntzan asko erabiltzen dira. Adibidez, orain ditugun datuetan oinarrituta, agian interesatzen zaigu jakitea zenbat ohe izango ditugun libre datorren astean, edo datorren hilean. Horretarako, eredu aurresaleak beharko genituzke”.
Emakume erreferenteen garrantziaHorrelako garapenak gizarte osoarentzat dira interesgarriak, baina matematikak ikasteko interesean bilakaera bat egon da: duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa ziren; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira. Iparragirre aldaketa horren lekuko izan da: “Matematika ikasi nuen garaian, emakume gehiago ginen, eta ordutik ez da denbora asko igaro, baina gizon gehiago daude gaur egun. Ez dakit zergatik izan daitekeen, baina uste dut gizonen gorakada bat datorrela matematikek gizartean hartzen ari diren izenarekin. Agian, zenbat eta ospe handiagoa izan matematikek eta zenbat eta gehiago lotu enpresa-munduari, orduan eta gizon gehiagok ikasten dituzte matematikak“.
Horrek ondorioak izan ditzakeela iruditzen zaio. “Adibidez, ikertzen diren gaietan aldaketak ekar ditzake. Kalterako, noski, justu gizartean gure helburua beste bat baita. Nolabaiteko genero-berdintasuna lortzea nahi dugu, eta hemen badirudi kontrakoa ikusten ari garela”.
Hori aldatzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaio erreferenteak izatea: “Ez dakit horrekin nahikoa izango den, baina nik erreferente emakumezko asko izan ditut bai matematikak ikastean, bai ikertzean, nire bi tesi-zuzendariak emakumeak dira, eta, estatuan, beste matematikariekin elkartzen garenean ere, asko emakumeak dira. Eta emakume hauek guztiak niretzat erreferenteak dira, eta beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea. Hortaz, uste dut gizartearentzat ere garrantzitsua dela ahotsa ematea horrelako profilei”.
Fitxa biografikoa:Amaia Iparragirre Letamendia Azpeitian jaioa da, 1994an. 2016an Matematikan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta urte bat beranduago Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa masterreko titulua lortu zuen. Ondoren, EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean egin zuen lan ikertzaile ez-doktore bezala, Bioestatistikako Ikerkuntza Taldean (BIOSTIT). 2019ko ekainean EHUren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako beka bat eskuratu zuen. Ordutik, bere doktorego-tesia prestatzen dabil MATHMODE taldean. Horrez gain, estatistikaren dibulgazioari lotutako hainbat proiektutan ere hartu dut parte azken urte hauetan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Amaia Iparragirre, matematikaria: “Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Animalien aferak
Animalien aferak liburuan (2011) animaliak aztertzean aurkitu ditzakegun zerbait bitxi edo deigarriak azaltzen dizkigute Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Nola irauten dute hauek bizirik? Zer trikimailu darabilte arrakasta izateko? Halako galderak bururatzen zaizkigu maiz animalien bizimoduei erreparatzean, baldintza gogorretan aurrera ateratzeko gai direla ikusten dugularik batez ere.
Irudia: Animalien aferak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Askotariko animaliak aztertu ondoren, argi gelditzen da nahiko urriak direla erabiltzen dituzten mekanismoak; hala ere, aniztasun zoragarria aurkitzen dugu animalien artean, baldintzen, beharrizanen eta taldearen arabera. Horren adibide dira Animalien aferak izenburupean bildutako istorioak. Bitxitasuna gorabehera, eredugarri direlako aukeratu dira, eta guztietatik atera daiteke animalien funtzionamenduari buruzko irakaspenen bat. Bederatzi ataletan antolaturik datoz, gaion harian: animalien tamainaren eragina; hotzari eta beroari aurre egiteko erak; ura, oxigenoa eta janaria lortzeko baliabideak; harrapariengandik ihes egiteko zen harrapakinak ehizatzeko moduak; ondorengoen biziraupena bermatzeko estrategiak…
Literaturak askotan hartu ditu animaliak protagonistatzat, fantasiaz gehienetan; istorio hauetan, animalien bizitza erreala dugu, bere horretan, literatura ederra.
Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia Barandika Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira. Urteak daramatzate Biologiako ikasleei animalien fisiologiari buruzko eskolak ematen Zientzia eta Teknologia Fakultatean.
Itsas animalien biologia ikertzen dihardute aspalditik, eta gai horri buruzko zientzia-artikulu ugari argitaratu dituzte.
Miren Bego Urrutia EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko zuzendaria da, eta Juan Ignacio Pérez, berriz, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea.
Uhandreak bloga sortu, eta han hasi ziren animalien biologiari buruzko istorioak idazten, formatu askeagoan helarazteko publiko zabalagoari animaliei buruzko kontu interesgarriak.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Animalien aferak
- Egilea: Pérez Iglesias, Juan Ignacio; Urrutia Barandika, Miren Bego
- ISBN: 978-84-9860-568-6
- Formatua: 16 x 24 zm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2011
- Orrialdeak: 340 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Animalien aferak
The post Animalien aferak appeared first on Zientzia Kaiera.
Aldapan gora… txiklea murtxikatzen
Zoro moduen musturrek sartunde ibili ginen Gatiburekin, ongi etorria emateko eskatzen Esne Beltzakoen eskutik, arnasa hartu ezinik aldapan gora Huntzakoekin eta, urtero, udaberri hasierarekin, Zea Maysek negua joan dela buruan sartzen digu berriro.
Benetan buruan izan ere. Burutik atera ezinik ibiltzen baikara abestia, eta, abestia baino gehiago, abesti zatitxo bat. Belarri-harra (earworm) izena hartzen du buruan behin eta berriro “entzuten” dugun eta burutik atera ezin dugun melodia horrek. Abestiekin ez ezik, publizitateko jingleekin edo melodiekin ere gertatzen zaigu.
Ez dago guztiz argi zer gertatzen den ditxosozko melodia behin eta berriro buruan bueltaka dugunean. Badirudi zirkuitu neuralak trabatuta geratzen direla errepikatzen den begiztan, buruaren jabeak hala nahi edo ez nahi.
Irudia: txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du, beraz, lagungarria izan daiteke buruan behin eta berriro “entzuten” dugun melodia hori burutik ateratzeko. (Argazkia: Yuri Manei – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Esperientzia unibertsala da, mundu mailan gertatzen dena. Egia da zenbait pertsonak belarriko harrak izateko sentikortasun handiagoa dutela, musikariek eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboa dutenek, esaterako.
Eta badakigu askoren mina tontoen atsegina dela, baina onar dezagun, kontsolamendu pixka bat ere badakar; beraz, hona datua: gizakien % 98ri eragiten dio fenomenoak.
Ihes egiterik ez dagoIa erabat unibertsala den gertakizunaz ari gara, beraz. Alienak topatu arte, behintzat. Hala izanik, zientziak, noski, kontua aztertu du. Ez-borondatezko musika-iruditeria (Involuntary Musical Imagery edo INMI, ingelesez) da jarri dioten izen zientifikoa eta zenbait ezaugarri dituela topatu da: abesti zatiak izaten dira normalean, 15 eta 30 segundo artekoak. Letra duten abestiak izaten dira kasu gehienetan, % 73,7 (telebista iragarkiak eta jingleak % 18,6, eta abesti instrumentalak % 7,7).
Londreseko unibertsitateak 2016an egindako ikerketa bat pauso bat harago joan zen. Abesti baten populartasunak eta ezaugarri melodikoek belarri-harra bihurtzen laguntzen ote duten ikertu zuen. Eta, earworm bilakatzen ziren abestiek, kasu gehienetan, Mendebaldeko pop musikaren osagaiak zituztela topatu zuten.
Eta gainera, bidean, ikerketan parte hartutakoek gehien izendatu zituzten abestien zerrenda osatu zuten. Lehen postuan nor izan zela uste duzue? Bada, Lady Gaga jaun eta jabe. As-ti-ro, pasito a pasito, suave suavecito zerrendan ez egoteak argi uzten du 2016an emandako erantzunak direla.
Gaur egun egingo balitz, eta globalizazioa gorabehera, pentsa liteke tokien arabera emaitzak aldatuko liratekeela. Hala ere, hona aipatuen izan ziren bederatzi abestiak, hurrenez hurren:
- Bad Romance, Lady Gaga
- Can’t Get You Out Of My Head, Kylie Minogue
- Don’t Stop Believing, Journey
- Somebody That I Used To Know, Gotye
- Moves Like Jagger, Maroon 5
- California Gurls, Katy Perry
- Bohemian Rhapsody, Queen
- Alejandro, Lady Gaga
- Poker Face, Lady Gaga
Laburbilduz, ia mundu guztiari eragiten dio, kasu gehienak letra duten zatitxoak izaten dira eta pop musika izaten da, batez ere, protagonista. Izan gaitezen praktiko, baina. Zelan, jainkoarren, zelan atera dezakegu burutik abestitxoa?
Horretan ere ibili da zientzia. Albiste txarra lehenengo: ez dago erabateko sendabide hutsezinik. Baina badira lagungarriak izan daitezkeen hainbat estrategia, Jose Ramón Alonso neurobiologoak azaltzen duenez:
Lehenengo estrategia abestia bere osotasunean entzutea da. Esan bezala, abesti osoa baino, abestiaren zatiren bat da buruan bueltaka izaten duguna eta, abesti osoa entzutean, begizta horretatik atera eta nolabaiteko bukaera lortzen dugu.
Abestitik arreta desbideratzea da beste modu bat. Norbaitekin hitz egin, txistu egin, zenbatu, bestelako abestiren bat entzun… Belarri-harrak baliatzen dituen garuneko baliabide berdinak erabiltzen ditugulako funtzionatzen du metodo honek. Arrazoi berbera dela medio, baliagarria izan daiteke ondo ezagutzen den abestiren bat abestea.
Entzungor egitea da gomendatzen den beste jokabide bat. Buruan dabilen abestitxoa kontuan ez hartzea eta, eskolan zirika dabilen umeak bezala, aspertu eta bakean utziko gaitu.
Eta topatu duten azken metodoa asmatuko zenuten honezkero, artikuluaren tituluan doa eta: txiklea jan. Bai, ondo irakurri duzu. Txiklea murtxikatzea.
Hitz egitearekin lotutako programazio motorrari eragiten omen dio txiklea murtxikatzeak eta azpibokalizazioa (abestien hitzak buruan esatea) galarazten omen du. Horrela, buruan abestiaren hitzak ezin esan eta, puf! desagertu egiten da abestia.
Baina hitz egin dezagun pixka bat txiklea jateaz. Dirudien baino mami gehiago baitu kontuak. Izan ere, garunari eta bere funtzionamenduari eragiten omen dio. Txiklea murtxikatzeak oroitzapenean dugun musika “entzutea” oztopatzen du. Txiklea jateak memorian duguna atzitzea zailtzen duela, aizue!
Hortaz, badakizue, Alboka taldearen bolumena igo eta martxan jartzen gare, ez gaituzu maite, baina gu hemen gaude aldarrikapena buruan behin eta berriro baldin baduzue, ziur aski ez zaudete bakarrik esperientzian; zuen garuna begizta batean dabil atera ezinik eta, irtenbide zehatz eta magikorik ez badago ere, aukeraren bat baduzue abestiari “ikusi arte” esateko. Bila ezazue beste bat eta esan aurrekoari Agur!
Erreferentzia bibliografikoak:- Alonso, José Ramón (2021). Earworms revisited. Mapping Ignorance. https://mappingignorance.org/2021/07/12/earworms-revisited/
- Jakubowski, Kelly; Finkel, Sebastian; Stewart, Lauren & Müllensiefen, Daniel (2017). Dissecting an earworm: Melodic features and song popularity predict involuntary musical imagery. Psychology of Aesthetics, Creativity, and the Arts, 11(2), 122–135. DOI: https://doi.org/10.1037/aca0000090
- Alonso, José Ramón (2015). Earworms and chewing gum. Mapping Ignorance. https://mappingignorance.org/2015/10/21/earworms-and-chewing-gum/
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko urrian, 232. zenbakian.
The post Aldapan gora… txiklea murtxikatzen appeared first on Zientzia Kaiera.