Bergarako Errege Seminarioa edo Mintegia, Gipuzkoak eta Euskal Herriak historian zehar izan duen hezkuntza eta Zientzia-erakunde garrantzitsuenetakoa da. XVI. mendearen bukaeratik gaur egun arte beti izan da goi mailako hezkuntza-erakundea eta, bere ibilbide luzean zehar, baita lehen mailako Zientzia ikerketa gunea ere. Esandakoa frogatzeko nahikoa da honakoa gogoratzea: Errege Seminarioan elementu kimiko berri bat –wolframa- aurkitu zuten (1783); platinoa xaflakor bihurtzeko metodoa Seminarioan aurkitu zen; Gipuzkoako lehenengo lorategi botanikoa Seminariokoa izan zen; Gipuzkoako lehenengo behatoki meteorologikoa Bergarako Mintegian antolatu zuten; ingeniariak formatzeko Euskal Herriko lehenengo eskola industriala Bergarakoa izan zen; eta helburu zientifikoekin osatu ziren lehenengo herbarioak, naturalizatutako animalia- eta mineral-bildumak Seminarioan egin ziren.