Hiru mendetako tresneria zientifikoa Errege Seminarioan!!
232 elementu daude Bergarako Errege Seminarioko antzinako instrumentu zientifikoen bilduman, eta erakundeak izandako Fisika eta Kimikako kabinetetakoak dira. Bertan gordetzen dira, alde batetik, XVIII. mendeko pieza baliotsuak eta bestetik, kimikako laborategiko tresna-multzo txiki bat eta XIX. mendean Fisikaren Zientzia osatzen zuten arloetako Fisika-instrumentu asko. Dokumentazioan jasotakoaren arabera, 1778. urtetik XX. mendearen lehen hamarkadetara arte, behinik behin, Kimikako laborategiak eta Fisikako kabineteak egon ziren Errege Mintegiaren egoitzan.
Laborategi eta kabinete horiek kalitate handiko tresneria zientifikoarekin hornitu ziren. Material gehienak Europako atelier ospetsuenetan eta onenetan erosi ziren: Londresen, Berlinen eta Parisen. Errege Seminarioko bildumak, beraz, XIX. mendeko material tekniko-zientifikoa egiten zuen industriaren garapena islatzen du, modu egokian. Bertan ikus daitezke, mende horretan, Fisikako eskuliburu eta tratatuetan azaltzen ziren instrumentu zientifiko asko. Fisikaren bilakaeraren berri emateaz gain, gure pieza-multzoa Fisika esperimentalaren eredu bikaina da, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, Zientziaren adar horri buruzko teoria irakasteko ezinbesteko osagarria XIX. mendean.
Europan, XVIII. mendean zehar, Newtonen Fisika –Ingalaterran gero eta onartuagoa zena– zabaltzen ari zen. Honekin batera, mendearen bigarren erdian, iraultza zientifikoaren azken urratsa den Kimika modernoaren sorkuntza gertatu zen. XIX. mendean, Fisika osatzen zuten hainbat arlo asko garatu ziren. Horien artean, gehien sakondu ziren atalak ditugu, alde batetik, elektrizitatea zein magnetismoa, eta bestetik, beroa. Lehenengo bietan Volta, Ohm, Seebeck, Oersted eta Faraday ikertzaileen lanak izan ziren funtsezkoak; eta, termodinamikari dagokionez, Sadi Carnot, Joule, Boltzmann, Maxwell nahiz Gibbs Zientzialari eta asmatzaileen ekarpenak dira azpimarratzekoak. Bergarako Errege Seminarioak horixe islatzen zuen: XVIII. mendearen bukaeran nahiz XIX. mendearen zati handi baten zehar Fisikaren Zientziak bizi izan zuen bilakaera hori.
XVIII. mendeko pieza baliotsuenen artean, dilatometroa daukagu (AZT-0174), González famatuaren obra dena, zeinak Salamancako Unibertsitaterako, Almadengo meategietarako eta Bartzelonako Eskola Nautikorako hainbat Zientzia-instrumentu egin zituen. XIX. mendean, bestalde, Fisikaren Zientzia osatzen zuten arloetako piezak –Mekanika, Akustika, Beroa, Optika, Elektrizitatea eta Magnetismoa– Fisika-instrumentu asko.