Garai honetan beste aurkikuntza garrantzitsu bat ere lortu zuen Bergarako Errege Seminarioko irakasle eta ikertzaile zen P. F. Chavaneau frantsesak: platinoaren purifikazioa.
XVIII. mendearen 80ko hamarkadara arte platinoari ez zitzaion garrantzi handirik ematen eta, aplikazio praktikorik aurkitu ezinean, baztertu egiten zen. Meatzariek urrearekin eta diamantearekin batera aurkitzen zuten platinoa hauts edo esponja moduan, eta urtze puntu altua duenez, oso zaila zen era puruan lortzea.
Chavaneauk platinoak eduki zitzakeen erabilpen anitzak igarri zituen; eta, horrek bultzatuta, ezpurutasunak kentzeko modu erraz eta eraginkorra aurkitzea lortu zuen. Horri esker, elementu kimiko honen masa puru eta xaflakorrez egindako lehenengo lingotea egin zuen Seminarioan.