1772-1777 urte bitartean Kimika ikasketak egin zituen Parisen, bere anaiarekin batera, Hilaire-Marin Rouellerekin. Faustori lagundu zion hiru urteko prestakuntza-bidaian, Europako hainbat zentrotan ikasiz (Freiberg). I. de Montalvorekin batera, Carlos III.aren armadako kanoien ekoizpena hobetzeko egindako espioitza tekniko-militarreko espedizio batean izan zen. Tarte horretan, sei hilabete pasatu zituen Uppsalako Unibertsitatean (Suedian) Kimika ikasten, Bergman-ekin eta Scheele-rekin; eta han asko ikasi zuen wolfram trioxidoaren inguruan. 1782an bueltatu zen Bergarara eta, aurrez esan den moduan, hurrengo urtean, bere anaia Faustorekin batera Wolframa aurkitu zuen. Azkenik, 1786an, Nueva Granadara (Kolonbia) bidali zuten galdaketa (fundizio) bidez metalak tratatzeko arduradun, eta bertako langileei teknika berriak irakastera.
XVIII. mendeko goren mailako kimikoa. Espioitza industrial-militarreko misio estrategiko baten protagonista izan genuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak zientziak garatzeko zuzendutako proiektu baten baitan. Juan Jose Elhuyar, anaia Faustorekin batera, elementu kimiko berri baten AURKITZAILEA da: Wolframioa. Elhuyartarrek, 1783an, Bergarako Errege Seminarioko laborategietan aurkitu zuten wolframioa (bertan egiten baitzuten lan). Aurkikuntza hau mundu zabalean gizadiaren ondarearen aldeko ekarpen handia da. Zalantzarik gabe, zientzia-arloan gure herriak inoiz egin duen ekarpenik garrantzitsuena eta unibertsalena da.