Errekalde jauregia XIX. mendeko eraikuntza da. Jatorriz Erdi Aroko dorretxe hau XVI. mendean egokitu zuten, obra handiak eginez, jauregi itxura emateko. Baina, 1718ko matxinadan etxea erre eta suntsitu egin zuten. XVIII. mendearen bigarren zatian ostera ere hobekuntza lanak egin zituzten etxean. Eta, azkenik, XIX. mendean berrikuntza zein hobekuntza lan handiak burutu ziren Errekalden: etxeari dorre itxura eman zitzaion eta antzinako kutsua zeukaten hainbat elementu ipini; baina, berez XIX. mendeko “txaleta erromantiko” bat sortu zuten.
Honetaz guztiaz jabetuko gara, honako elementu hauei erreparatuz gero: jauregiaren tamaina; dituen bao zein leiho ugari eta handiak; sarbideko eskailera eta atea; barruko eskailera eta beirateak; barruko espazioen altuera, banaketa eta dekorazioa; ate nahiz leihoetako zurgintza lanak.
Errekalde jauregian, XVIII. mendean, Peñafloridako Kontea –Errege Seminarioaren zuzendaria– bizi izan zen hainbat urtetan.