Emakume zientzialariak argitara ekartzeko egin duten lana aitortu zaie gaur ZTBren barruan proposatutako lehiaketan parte hartu duten ikasleei.

https://www.youtube.com/watch?v=CNQNv32YUJI

2023. urteko ZTB jardueren barruan Bergarako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasle eta irakasleei emakume zientzialarien inguruan lan bat egitea proposatu zitzaien. Lehiaketa formatuan proposatu zitzaien erronka, eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren (otsailak 11) testuinguruan egin da sari banaketa 2024ko otsailaren 16an Laboratorium Museoan.

Emakume zientzialarien erreferente historikoei balioa ematea, bokazioak sustatzea eta genero-arrakala ixten laguntzea helburu duen lankidetza-proiektua da, Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleen artean gauzatu dena.

Irabazleak Mariaren Lagundiko 6. mailako Ane Arregi, Ian Merino, Maren Azkarate eta Alazne Murgiondo izan dira, Elizabeth Blackburn zientzialariaren inguruan eginiko ikusentzunezko lanagatik.

Elizabeth Helen Blackburn (Tasmania, 1948ko azaroaren 26a) Australiako biokimika bat da, telomerasaren aurkitzailea. 2009an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen.

Landu dituzten gainontzeko emakume zientzialariak hauek izan dira: Rosalind Franklin, Marie Curie, Maria Telkes, Ada Lovelace, Emilie Moller Gilbreth, Rita Levi Montalcini eta Grace Hopper.

Bergarako Alkate orde eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Lete Zabaletak parte-hartzaile guztiak zoriondu eta eskertu ditu egin duten lanagatik, emakume zientzialariak argitara ekarri dituztelako. Egin duten lanarekin, gainera, emakumeen eta zientziaren inguruan aritzeaz gain, talde-lana, komunikazioa, arte espresioa... ere landu dituzte ekimenean parte hartu duten ikasle eta irakasleek. 

 

Udaleko arduradunen iritziz, erabakia hartzea zaila izan da, aurkeztutako lanen kalitateagatik. Zentzu horretan, lanen formatu erakargarria, egin den lan artistikoa, eta azken finean, daukaten komunikazio modua nabarmendu dute. Gainera, parte hartzaileak izateaz gain, edukiak kontatzeko moduak atzeko lanketa bat ere egon dela argi erakusten du. Epai mahaian Bergarako Udaleko Laboratorium museoko, Berdintasun saileko, Garapen zerbitzuko eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkari bana egon dira. 

https://www.youtube.com/watch?v=CNQNv32YUJI