Laboratorium Museoak ilustrazio zientifikoa balioan jarriko du bere hamargarren urteurrenean. Ospakizunen programaren barruan, ilustrazioari lekua egingo dio bere aldi baterako erakusketen eskaintzan. Azken urteetako bideari jarraipena emanez, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterreko artelanen, ‘Emakumeak botanikan’ eta ‘Iragana Ilustratzen: Mauricio Antón eta paleoartea’ erakusketei testigua hartuko die gaurtik Carles Pucheren “Hitzik gabe dibulgatzea” erakusketak.

Laboratorium Museoan urriaren 19ra arte ikusgai egongo den ‘Hitzik gabe dibulgatzea’ erakusketak, ilustratzaile zientifikoaren azken 40 urteetako jardunean barneratzen du bisitaria. Ibilaldi lasaia da, xehetasunez beteta egon arren. Bertan, marrazkiak egiteko Pucheren teknikak erakusten dira, eta baita paisaia edo ikerketako marrazki zientifikoen, antropologikoen, zoologikoen edo botanikoen irudikapena. Puchek azaldu duenez, zientzia marrazten egindako bere ibilbidean, hasieran gehien erabili dituen teknikak koloretako arkatzak, eta ostean, tinta txinatarra, grafito-arkatza eta akuarela izan dira. Erakusketan, leku berezia du 1980az geroztik jardun duen bere irakasle lanak, garai hori gehien poztu duena dela nabarmendu du Puchek.

Carles Puchek egindako marrazki gehienak testu zientifiko edo dibulgatzaile batekin batera argitaratzeko pentsatutako marrazkiak dira . Hala, marrazki soilak zirenak ilustrazio bihurtu dira. Puchek, besteak beste, Valentziako Unibertsitatearentzat, National Geographic-entzat, Bartzelonako Zientzia Museoarentzat eta Balear Uharteetako Gobernuarentzat lan egin izan du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterretik, Maren Ortiz-Zarragoitia zuzendarikidea Carles Pucheren pasioaz eta konpromisoaz aritu da. Aipatu du, masterra oraindik proiektu zenean Puche proiektuan sartu zela esate hutsa nahikoa izan zela beste irakasle batzuk batzeko, Carles Pucheren esperientzia eta gomendioak guztiz beharrezkoak izan zirela graduondoa zenari forma emateko.

Carles Puche eta Carmen Moreri omenaldia

Carles Puche eta Carmen Moré omendu dituzte inaugurazio ekitaldiaren bukaeran, eta bertan izan dira Puche eta Moreren familia, masterreko ikasle eta irakasleak, ikasle ohiak, eta Laboratorium Museoan eskaintzen den Ilustrazio Zientifikoko ikastaroko partaideak.

Omenaldia Maren Ortiz-Zarragoitiak gidatu du, eta Ainhoa Letek (Bergarako Udala), Rosa Errazkinek (Laboratorium Museoa) eta Vega Asensiok (EHUko masterreko koodinatzailea) oroigarri bana eskaini diete Carlesi eta Carmeni, azken hamarkadan izan duten konpromisoa eskertuz.

Hiru oroigarri berezi banatu dira

·Carles Puchek eta Carme Morék oroigarri bana jaso dute, bien ibilbide profesional eta pertsonala aitortuz. Moré funtsezko figura izan da Pucheren lana zabaldu eta irakaskuntza sustatzen. Omenaldian, bien arteko lankidetza eta batasuna islatu da. Oroigarriak Elsa Novelle Ibañezek sortutako zeramikazko artelanak dira: Laboratorium Museoaren logotipoa duten pintore-paleta itxurako piezak.

· Hirugarren oroigarria, Carles Puchek jaso du. Vega Asensiok eskainia, komunitatearen esker ona jasotzen duen liburuxka berezi bat izan da. Bertan ikasle eta lankide askoren ilustrazioak eta mezuak bildu dira: Mauricio Antón, Fernando Baptista, Juan Varela, Pedro Salgado, Meritxell Campos, Blanca Martí, María Viñas, Ana Madinabeitia, Izaskun Alberdi eta Vega Asensio bera. Ekitaldira bertaratu dira hauetako zenbait.

Ekitaldiko azken hitzak Maren Ortiz-Zarragoitiak eskaini ditu, Ilustratzaile Zientifikoen Iberiar Elkarte Profesional berriaren izenean. Haren esanetan, “Ohore bat da Carles Puche gure kideen artean izatea. Maitasun handiz, CIPICeko ohorezko kide izendatu nahi dugu, profesional gisa ordezkatzen dituen balioengatik eta gure herrialdeko ilustrazio zientifikoari egin dion ekarpen handiagatik”.

Amaiera hunkigarria izan du omenaldiak. Ane Ibargoyen dantzariak, Carlesen ikasle ohia eta EHUko irakaslea izandakoak, agur-dantza eskaini die erakusketaren bisita gidatua abiatu aurretik. Museoko pasillo batean "Eskerrik asko Carles eta Carmen" mezu ilustratua jarri da, haien kide eta ikasle ohien marrazkiekin osatua. Ekitaldi hau aprobetxatu da urte hauetan guztietan egindako lan bikaina eskertzeko, ikuspegi guztietatik, aitortza publiko egin ahal izateko.

Laboratorium Museoa 

Laboratorium Museoak, jakintza eta berrikuntza bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dihardu. Izan ere, museo hau ezagutza eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean. Historian zehar izandako ekarpen horiek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen du, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.