XVIII. mendearen erdialdean euskal ekonomia desorekatzen hasi zen, eta krisialdi baterantz abiatzen. Hainbat euskal zaldunek bere goi mailako ikasketak Europan egin zituzten, eta berehala ohartu ziren egoera horretaz. Gainera, Europan hedatzen ari zen “Ilustrazioaren” ideiekin bat egin zuten: pentsatzen zuten krisietatik ondo ateratzeko arrazoia erabili behar zela, eta horretarako, kalitatezko hezkuntza eta ikerketa zientifikoa bultzatu behar zela.
Horren adibiderik argiena da 1758. urtean Peñafloridako VIII. kondeak eta Narroseko III. markesak idatzi zuten “Los aldeanos críticos” liburua. Obra honetan biek aldarrikatzen zuten antzinako oinarriak ahaztu eta fundamentu guztiz berrietan oinarritzen zen beste Fisika bat eraikia zela, Europan zehar zabaltzen ari zena. Fisika berria ez zen espekulatiboa, esperimentala baizik. Matematikarik gabeko Zientzia egiterik ez zegoela defendatzen zuten, eta Copernico, Galileo edo Kepler aipatu ondoren, Newton “Handia” goraipatzen zuten. 1764. urtean elkarte bat egitea erabaki zuten -Euskalerriaren Adiskideen Elkartea-, ideia berrien alde lana egingo zuena eta goi mailako hezkuntza eta ikerketa zientifikoa bultzatuko zuena. Xabier Maria Munibek (Peñafloridako konteak), Joaquin Egiak (Narroseko markesak), Vicente Lili eta Migel Jose Olaso bergararrek, besteak beste, Bergarako Errege Seminarioa antolatu zuten, lehen mailako azpiegitura zientifikoekin hornitua.