Bergarako Udalak udako aisialdirako eskaintza aurkeztu du Usondo parkean egindako prentsaurrekoan. Udaleku irekiak, kirol eskaintza eta Laboratorium museoko eskaintza aintzat hartuta, ume eta nerabeentzat hainbat ekintza antolatu dituzte, ekainerako eta uztailerako, eta eskaintza bateratua izango dela azpimarratu dute; inklusiorako aukera emango duena eta haurren parte-hartzea erdigunean jarriko duena, besteak beste.

Aurten ere askotariko gustuak eta zaletasunak hartu ditu kontuan Bergarako Udalak udarako haur eta gaztetxoei zuzenduta aisialdirako ekintzak prestatzeko, eta, besteak beste, Udaleku irekiak, Kirol eskaintza eta Laboratorium museoko proposamenak izango dira eskaintza nagusiak. Iazko edizioan, esaterako,1.000 haur eta gaztetxo baino gehiagok eman zuten izena udaleku irekietan, kirol kanpusean eta arte udalekuetan.

Maite Usabiaga zinegotziak azaldu duenez, “gure herriko haurrei alternatiba ezberdinak eskaini nahi dizkiegu udako sasoira begira. Eskaintza hau ahalik eta anitzena izatea nahi dugu, hori dela eta, azken urteetan hain emaitza onak eskaini dituen plangintza mantenduko dugu, artetik kiroletaraino doana”.

 

GOIENAKO ALBISTEA