Laboratorium museoak Bergarako udalaren berdintasun sailarekin elkarlanean, ‘Goruetan’ beka aurkeztu zuen iaz lehen aldiz. Behin deialdia itxita, epaimahaiak beka horren irabazlea iragarri du, eta, hain zuzen, Jone Azkoaga Elejondok (Zarautz, 1.992) garatuko du, Itxaro Borda idazlearen poesian genealogia safikoaren sorkuntza aztertuz.
18 hilabeteko beka honen bitartez emakumeek historian zehar Euskal gizarteari egindako ekarpenak ikertzeko aukera izango du, eta, trukean, 12.000 euroko ordainsaria jasoko du.
Azkoagak azaldu duenez, Itxaro Bordaren poesiak eta bere ahotsaren zaurgarritasun indartsu eta pasionalak jakin-mina piztuta, Bordaren ibilbide literarioa genealogia safikoaren ikuspuntutik behatuko da lan honetan. Lan hipotesi modura hartuko da Bordaren poesian islatzen direla bere identitatea zeharkatzen duten hainbat elementu, hala nola disidentzia sozio-politikoa, periferikotasun geografiko eta sozio-kulturala, bakardade existentziala eta pasio lesbikoa, eta identitate hori beste idazle batzuen, ama sinboliko deritzenen, eragina izan dela.
Identitate polifazetiko hori Bordaren obraren genealogia baten eraikuntzan oinarritu nahi da eta ama sinbolikoen eraginaren azterketaren bidez agerrarazi. Hala, esaterako, bere idazlanetan aipatu eta itzuli dituen idazle edota intelektualen erreferentzien sarea aztertuko da eta haien elementu eta sinbologia nola ekartzen dituen Bordak bere poetikara, ahots poetiko propioa garatzeraino.
Poriektua garatzeko, lan konparatua egitea proposatzen da: lehenik, emakumeen poesia eta euskal emakume idazleen poetika jorratuko da; bigarrenik, Genero Ikasketen ildotik, genealogia safikoa osatzen duten obren azterketan erabili diren azterbideak eta egin diren ikerketak hartu dira oinarritzat, literatura safikoaren ezaugarriak hobeki ezagutzeko; hirugarrenik, Itxaro Bordaren obraren inguruko ikerketeta kritikoetan esan diren ideia nagusiak azalduko dira; laugarrenik, Bordaren ahots safikoaren sorkuntzan eragina izan duten erreferentzietan sakonduko da, besteak beste, esan bezala, Anna Akhmàtova, Maria Mercè Marçal eta Gloria Anzalduaren formen eta iruditerien isladetan; bosgarrenik, itzulpengintzak Bordaren ahotsaren birsorkuntzan duen lekuaz arituko gara, eta horretarako bide ematen duen testu azterketa burutuko da. Amaitzeko, azterketa lanaren ondorioak jasoko dira.
Ikerketaren helburuak
Euskal emakume literaturari eta bereziki poesiari buruzko testuinguratze historiko sendoa eraikitzeaz batera, ikerketa lan honen bizkarrezurra genealogia safikoa da, eta agerian gelditzen da Maria Merce Marçalen nahiz Itxaro Bordaren ibilbide literarioan zein inportantea izan den ama sinbolikoen presentzia, biek iraganera jauzi egiten baitute erreferente eta figura lesbikoen bila, oraingo existentzia sendotzeko eta isilarazia izan den emakumeen arteko pasioaren historia gainditzeko.
Izan ere, inbisibilizatutako literatura batez ari da lan hau, eta iturri kritikoen falta nabaria da Bordaren ahots erresistentea ikuspegi honetatik lantzerako unean. Norbera subjektu desiratzaile gisa ulertzea ahalbidetzen duen hizkuntza esploratzaile bat ekoiztu dute bi idazleek, eta lan honek Bordaren ibilbide hori arakatu nahi du.
Azkoagaren kurrikuluma
Isildua izan den eta ezkutatua dirudien historia lesbikoa agertzeko saiakera egiteko beharretik abiatzen da lan hau, eta ikuspegi kritiko literariotik, historiaren berridazketan ekarpena egin nahi du, batez ere, euskal literaturaren historiaren, emakume poeta lesbianen historiaren eta bien genealogiaren idazketan eta eraikuntzan.
Gaztea izanik ere, Azkoagak kurrikulum sendoa dauka. Besteak beste, Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterra garatu du Euskal Herriko Unibertsitatean (2021/2023). Horrez gain, Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko ikaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ohorezko matrikula lortuz Gradu Amaierako Lanean.
Hainbat libururen itzulpena egiteaz arduratu da azken urteetan, eta horrez gain, ibilbide luzea dauka musik, poesía eta kultur sorkuntzaren alorretan.
Epaimahaikideen osaketa
Bekara aurkeztutako proposamenak aztertu asmoz, epaimahai tekniko bat osatu dute bekaren sustatzaileek. Era berean, bekaren jarraipen batzordeko kide izango dira epealdia iraungi bitartean. Epaimahaia modu honetara osatuko da.
— Arduradun politikoa.
— Idazkaritzako ordezkaria.
— Berdintasun teknikaria.
— Museoko ordezkaria.
— Udal artxiboko ordezkaria.
— UNED Bergarak izendatutako irakaslea.
— Herriko mugimendu/talde feministako ordezkaria.
Ainhoa Lete Berdintasun zinegotziak bekaren aurkezpenean hurrengoa adierazi du: “Gure inguruko eta gure herriko historia berridazteko saiakeran aparteko garrantzia izan dute ikertzaile eta historialari feministek egindako ekarpenak. Orain, espero dugu Azkoagak garatuko duen lan honek beste pauso bat ematea.
Ikerketa amaitutakoan, emaitzak hainbat formatutan zabalduko dira, eta, besteak beste, bi hitzaldi egingo dira, bata publiko espezializatuari zuzendua eta bestea herritar guztiei irekia.