Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 50 min 23 seg

Alarma faltsuen arriskuaz: Dalsy kasua

Ar, 2016-09-27 09:00
Josu Lopez-Gazpio Irailaren 19an Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi zuen Dalsy sendagaiaren erabilera-orrian «ez direla aipatzen» botikak eragin ditzakeen albo ondorio batzuk. Era berean, Facuak AEMPS Botika eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari jakinarazi zion “Dalsy 20 mg/L” sendagaiaren E 110 izeneko koloratzaileak ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela botika hartzen duten haurren arretan eta jardueran. Hedabide askok Facuaren oharraren berri eman zutela, Dalsy erabiltzen duten pediatren eta gurasoen kezka eragin zuten. Goiz hartan sendagaia bizi-bizi ibili zen, hedabide askoren titulu sentsazionalistek lagunduta eta esate baterako, Dalsy joera nagusi —trending topic— izan zen twitterren. Dalsyren albo ondorioak ezkutatzeko konspirazioa ote dago? Seguru al daude gure haurrak? Justifikatua al zen Facuak eragindako alarma? Tira. Zientziak dauka erantzuna. dalsy
1. irudia: Dalsy 3 hilabete eta 12 urte bitarteko haurrei ematen zaien ohiko medikamentua da. Min arinak leuntzeko eta sukarra jaisteko usu erabiltzen den antipiretikoa da.

Dalsy sendagaia sukarrari eta min arinei aurre egiteko errezetatzen da, eta ibuprofenoa du oinarri. Fitxa teknikoan irakur daiteke zenbait gehigarri dituela eta, horien artean, E 110 koloratzailea dagoela 0,1 mg/mL kontzentrazioan. E 110 koloratzaileak ilunabar-hori edo hori-laranja kolorea du —ingelesez, Sunset yellow delako kolorea— eta koloratzaile azoikoa da. E 110 egunero jaten ditugun elikagai askotan dago, esate baterako gozokiak, marmeladak, arrain prozesatuak, artozko aperitiboak, mostaza eta pastelgintzako produktuak bezalako elikagaietan.

Sendagaiaren erabilera-orrian jakinarazten da E 110 koloratzaileak alergia eta asma eragin ditzakeela, AEMPSen arauek dioten moduan —ikusi dokumentuaren 18. orrialdea—. Hala ere, esana den bezala, Facuaren arabera, haurren arretan eta jardueran ondorio kaltegarriak izan ditzakeela ere ohartarazi beharko litzateke. Hain zuzen ere, elikagaien gehigarriei buruzko 1223/2008 Europako Araudian azaltzen da koloratzaileak ondorio horiek eragin ditzakeela. Facuak hori hartzen du oinarri, Dalsyren erabilera-orrian arriskua adierazi egin behar dela eskatzeko —Bidenabar, zergatik Dalsy aipatu, eta ez koloratzaile hori duten beste hainbat sendagai?—.

Galdera hau egin liteke: Nola da posible Europako Araudiak toxikoa izan daitekeen substantzia bat onartzea elikagaien gehigarri moduan? Bada, dena —bai, den-dena— toxikoa izan daitekeelako. Horregatik definitzen da ADI Eguneko Ingesta Onargarria (Acceptable Daily Intake) delakoa egunero har daitekeen substantzia jakin baten kantitate modura. Kantitate horrek ez luke osasun-kalterik eragingo, bizitza osoan zehar egunero hartuta ere. EFSA Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldearen berrikuspenen arabera, E 110 koloratzailearen ADIa 4 mg/kg/egun datxosten osoa, 2014koa, Interneten dago irakurgai—. Horrek esan nahi du, adibidez, 60 kg-ko lagun batek 240 mg E 110 koloratzaile jan ditzakeela egunero eta bizi guztian zehar, eta ez diola inolako osasun arazorik eragingo.

Azaldutako datuekin kalkulu azkar bat egiten badugu, ikusiko dugu 14 kg-ko haur batek Dalsy hartuta Eguneko Ingesta Onargarria gainditu dezan —harentzat 56 mg lirateke— egunean 560 mL baino gehiago hartu behar dituela. Alegia, koloratzailearen albo ondorioak nabaritzeko ia 3 botila Dalsy edan beharko lituzke egunero. Esan beharrik ez dago koloratzailearen albo ondorioak pairatu aurretik ibuprofeno gaindosia jasango duela. Sendagaiaren fitxa teknikoan irakur daitekeen posologian ere ohartarazten da 24 orduan, gehienez, 21 mL har ditzakeela haur horrek.


2. irudia: Dosi gomendatuetan eta are handiagoetan ere, Dalsy-k daukan koloratzaile kopuruak ez ditu sortzen Facua kontsumitzaileen elkarteak aipatu izan dituen albo ondorioak.

Gauzak horrela, ez dauka inongo zentzurik erabilera-orrian koloratzailearen albo ondorio horiek adierazteak edo albo ondorioak ezkutatu direla iradokitzeak. Bestela, antzeko logikari eutsita, ur botilen etiketan adierazi beharko litzateke heriotza eragin daitekeela —ur gehiegi edaten baduzu hiponatremiaz hil zaitezke eta—. Antzeko kasu bat gertatu zen AEBetan: Coca Cola freskagarrian minbizi-eragilea izan zitekeen karamelu bat (E 150d) zegoela jakin zen. Eztabaidarik ez sortzeko, Coca Colak gehigarri horren ordez beste bat jarri zuen, baina, kalkuluak eginez, ikusten da minbizi arriskua izateko egunean 21.000 freskagarri lata edan beharko liratekeela. J. J. Iruinek bere blogean eman zuen kontu horren berri, eta, ederki esan zuenez, lehenago itoko zara Coca Cola tsunamian E 150d karameluak zerbait egin aurretik.

Dalsyren kasura itzuliz, koloratzailearen albo ondorioak adieraztea zentzugabea deneko ondoriora iristeko nahikoak izan dira Interneten eskuragarri dauden txosten ofizialak eta Bigarren Hezkuntza mailako kalkuluak egitea. Sarean zientzialari eta mediku asko azalpenak ematen saiatu dira —azpimarratzekoa da, esaterako, José Manuel López Nicolasen ekarpena Scientia blogean—. Hainbat hedabidek ere adituekin batera egiaztatu dute informazioa, albiste alarmistak eta sentsazionalistak ez argitaratzeko. Tamalez, guztiek ez dute hori egin eta alferrikako kezka eragin dute. Gainera —eta hau oso garrantzitsua da—, azpimarratu behar da Facuak aipatzen duen Europako Araudia elikagaiei zuzenduta dagoela, hau da, egunero eta normaltasunez har ditzakegun produktuei zuzenduta. Sendagaiak zeharo desberdinak dira eta une jakin batzuetan baizik ez ditugu hartzen, gaixorik gaudenean. Elikagaiei buruzko Europako Araudia ez da botikei aplikatzekoa.

Hortaz, zer dugu Dalsy dela eta? Bada, ezer ez. Facuak eta zenbait hedabidek sortu duten alarma zentzugabea eta neurrigabea izan da. Mostazak 50 mg/kg E 110 izan ditzake araudiaren arabera eta izokin prozesatuak 200 mg/kg —Dalsyk baino gehiago— eta guztia bere neurrian janda, ez da inongo osasun arazorik gertatzen. Egia da Facuak ez duela koloratzailearen beraren erabilpena zalantzan jartzen, baina Dalsyn ohartarazpen hori ez egotea ez da legez kanpokoa, araudia elikagaiei zuzenduta dagoelako. Hori dela eta, Facuaren oharra sentsazionalista eta alarmista da, sendagai baten albo ondorioak ezkutatu egin direlako susmoa zabaldu baitu. Hedabideei eskatu behar zaie plazaratzen duten informazioa adituekin egiaztatzea. Horrelako alarma faltsuek sendagaiekiko mesfidantza eragin dezakete eta botikak arriskutsuak direla pentsatzera iritsi gaitezke daiteke. Horrela arnasa ematen zaio sasimedikuntzari.

Post scriptum

Irailaren 23an AEMPSek ohar bat argitaratu zuen Dalsyren erabilera-orria, etiketa eta fitxa teknikoa egokiak direla esanez. Facuaren erantzuna ere sarean irakurgai dago.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–

The post Alarma faltsuen arriskuaz: Dalsy kasua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Enbrioiak hautatzeko teknika lagungarria

Al, 2016-09-26 09:00
Osakidetzaren Donostia Unibertsitate Ospitaleko (BioDonostia) Ugalketa Lagunduko Unitateko ikertzaileek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko Sistema Adimendunak taldekoek, enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan baten. laboratory-470741_1280
Irudia: Osakidetzako BioDonostia zentroko eta UPV/EHUko ikertzaileek enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta, probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan batean.

Ikertzaileek datuak aztertzeko hainbat teknika proposatu dituzte, transferitzeko enbrioiak hautatzerakoan enbrioiek inplantatzeko zenbateko gaitasuna daukaten iragarriko duten modeloak egiteko. Orain artean, modelo horiek ikasteko, transferitutako enbrioi guztiak ondo inplantatu diren ugalketa zikloen inguruko datuak eta transferitutako enbrioietako bat ere amaren uteroan inplantatu ez den zikloetako datuak baino ez dira erabili. Hala, transferitutako enbrioietako batzuk ondo inplantatu ziren zikloak bazter utzi izan dira modelo igarleak ikasteko (adibidez, transferitutako enbrioietako bakar bat inplantatu den zikloa), ziklo horiekin ezin delako identifikatu zein enbrioi inplantatu den ondo eta zein ez.

Aurretik bazter utzi izan diren zikloetako datuak erabiltzea erronka berria da datu analisian adituak diren zientzialarientzat. Arazo hori, learning from laberl proportions deiturikoa (etiketa proportzioen bidezko ikaskuntza), aurreko lan batean jorratu zuen UPV/EHUko ikertaldeak; lan horretan, modelo igarleetan emaitza ziurgabeak dituzten kasuak (enbrioiak) barne hartzeko metodologia berri bat proposatu zuten. Orain, BioDonostiak eta UPV/EHUk beste ikuspegi batetik heldu nahi diote erronka horri. Espero da aurreko ugalketa zikloetan transferitutako enbrioi guztiekin (arrakastatsua izan zen ala ez ziur jakin ez arren bat ere bazter utzi gabe) ikasitako modeloek emaitza hobeak ekarriko dituztela eta lagungarri izango direla arazo konplexu hori argitzeko.

Gaur egun kalitate enbrionarioa sailkatzeko erabiltzen den metodoa ASEBIR Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkarteak aldian-aldian eguneratzen dituen arauetan dago oinarrituta. Hala, enbrioien ezaugarri morfologikoak aintzat hartuta, bakoitzari 4 balioren arteko (A, B, C edo D) kategoria bat ematen zaio, kalitate enbrionario handienetik txikienera ordenatuta.

Proposaturiko metodoak probabilitate bat bihurtzen du, hau da, 0 eta 1 arteko balio bat, eta probabilitate handiagoa ematen die kalitate handieneko enbrioiei. ASEBIRen metodoarekin alderatuta, teknika berriaren erantzuna ale xeheagokoa da, eta berdin erabil liteke zer enbrioi hautatu erabakitzeko. Argitaraturiko azterlanaren emaitzen arabera, ASEBIR kategoria bereko enbrioi guztiek ez lukete izango kalitate enbrionario berbera. Ugalketa ziklo amaituei dagokienez, egiaztatu ahal izan da ASEBIRen metodoa eta proposatutakoa bat zetozela kalitate handiko eta txikiko enbrioien iragarpenean, baina alde nabarmenak zeudela tarteko kalitateko enbrioien kasuan.

Oraingoz, garatu den metodoak beste iritzi bat emango du ASEBIR metodoaz gain, eta, hala, Donostia Ospitaleko adituek eguneroko lan klinikoan kontsultatu ahal izango dute azken erabakia hartzeko.

Fitting the data from embryo implantation prediction: Learning from label proportions lana Jerónimo Hernándezek berriki defendaturiko “Contributions to learning Bayesian network models from weakly supervised data” doktorego-tesiaren parte da. UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko Iñaki Inza eta José Antonio Lozano izan dira tesiaren zuzendari.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Enbrioiak hautatzen laguntzeko teknika berria.

The post Enbrioiak hautatzeko teknika lagungarria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #121

Ig, 2016-09-25 09:00
Uxue Razkin

boot-1620452_1280

Osasuna

Zeliakiarekin lotutako gene berriak aurkitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, datu genomikoak aztertzeko metodologia berri bat aplikatuz. Abiapuntua duela bost bat urte nazioarteko ikertzaile-talde batek egindako azterketa sakon bat izan zen. Une horretan, ia 25.000 pertsonaren genomak aztertu zituzten, eta zeliakiarekin lotutako hainbat eskualde eta gene berri topatu zituzten. Baina ez dira horrekin gelditu. Hala, pentsatu zuten gakoa izan zitekeela hurbiltasun genetikoa kontuan hartuta egitea azterketa. Eta horri esker, zeliakiarekin lotuta dauden eskualde eta gene berri gehiago topatu dituzte.

Ikerketaren egileetariko batek, Koldo Garcia genetistak, azaltzen digu ere haren blogean egindako lanaren xehetasunak.

Zergatik hartu behar den aintzat sexua (eta sexu-diferentziak aztertu) mendekotasunen azterketan” izeneko artikuluan ohartarazten dute ikerketa biomedikoa orokorrean, eta zehazki mendekotasunena, gizonen biologian oinarritzen dela, besteak beste, azterketa preklinikoan erabiltzen diren animaliak arrak izaten baitira, eta saio klinikoetan parte hartzen dutenak, berriz, gizonak. Sanchisen arabera, horrek hutsune handiak eragiten ditu, ez baita populazioaren erdia aztertzen, eta horrek bestelako irtenbide terapeutikoak aurkitzea galarazten du. Gainera, sendagaien albo-ondorioak emakumeetan gizonetan baino ohikoagoak direla gogorarazi du. Honi buruzko informazioa Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Farmakologia arloari jarraiki, María Encarnación Blanco Aranak, UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak adin desberdinetako haurrei botikak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu. Honekin batera, haurrei ematen zaizkien farmako jakin batzuen dosifikazioari buruz zegoen informazioa zabaldu du. Ikertzaileak azaltzen duenez, “helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia”. Ikerketak farmakozinetika eta metabolomika izan ditu oinarri.

Biologia

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute. Orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, beraz. Horregatik, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Talde honetan sartuko lirateke muskuiluak, belakiak eta itsas trikuak, besteak beste. Itsasoko arrainek, ibaietako arrainek ez bezala, bai edaten dute ura. Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek arazo bat dakar ezinbestean: gatz kantitate handia sartzen zaie. Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Dela dela, zelula batzuei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Arrainekin jarraitzen dugu. Honetan azaltzen da arrain hondakinetako kolagenoz egindako nanosorgailu biologiko bat sortu dutela Indiako bi ikertzailek. Harekin 50 LED argi urdin baino gehiago piztu daitezkeela egiaztatu dute. Arrain ezkatek daukaten kolagenoak badu piezoelektrizitate propietatea eta hori da egiaztatu dutena: arrain hondakina berrerabilita energia sorgailu oso txikiak eraiki daitezkeela. Ikertzaile batek azaldu bezala: “Orain arte inor ez da gai izan energia sorgailu biodegradagarri bat egiteko, hain kostu txikiarekin eta urrats bakar batean”.

Afrikako elefanteen egoera larria da: milioi batetik 350.000 ingurura jaitsi da azken 40 urteetan Afrikako elefanteen populazioa. Great Elephant Census (GEC) egitasmoak Afrikan bizi diren elefanteen errolda egin zuen 2014 eta 2015 urteen artean, eta zenbaketaren emaitzak argitaratu berri dituzte. Hegazkin txikiak baliatuta, elefanteak zenbatu dituzte: 90 zientzialarik eta 286 boluntariok elefante populazio handienak dituzten eremuak zeharkatu dituzte airetik. Zehazki, Afrikako kontinenteko 294.517 kilometro aztertu dituzte, 1.573 orduz. Ikerketaren emaitzak ez dira itxaropentsuak izan, beherakada ia etengabea izan da. Urtero, isilpeko ehizak gutxienez 20.000 elefante hiltzen ditu, haien letaginetan dagoen bolia, oso material preziatua, merkatu beltzean saltzeko. Eta hori, beherakada honen arrazoi nagusia da.

Roseta efektuaren inguruan mintzatu da Iker Badiola ikertzailea asteon. Biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko aproposa izan da gaia. Hasten da azaltzen izen horrekin herri bat dagoela Pensilvanian (AEB), Roseto, etorkin italiarrek sortu zutena. Herritarren artean bazegoen mediku bat, Stewart Wolf izenekoa, medikuntza psikosomatikoan aditua zena. Hark zioen rosetoarrek ez zutela ia bat ere gaixotasun kardiobaskularrik pairatzen. Ikerketa abian jarri zuen. Elikatze-ohiturari erreparatu zioten lehenengo, nagusiki proteinaz eta azukreez elikatzen zen populazioa. Bertan behera utzi zen ideia hori, beraz. Wolf doktorearen oharren arabera, tabakismoa ere oso hedatua zegoen beraiengan, hori ere bertan behera utzi zuten. Ondoren, gene-ondareari erreparatu zioten, baina argi ikusi zen beste estatubatuarrek bezainbesteko gaixotasun kardiobaskular pairatzen zituztela. Gero ikuspegi geografikoa jorratu zuten. Azkenean, John G. Bruhn soziologoak eskaini zion Rosetoko misterioa argitzeko gakoa: herri horretako komunitatea oso kohesionatua zegoen.

Kultura Zientifikoa

Herrietan ere hasi dira zientzia jorratzen arlo horretan zegoen gabeziari aurre eginez: Zarautzen, Ondarroan eta Goierrin zientziari buruz hitz egin eta dibulgazio lana egiteko taldeak sortu dira. Adibidez 2012an Goierriko Lemniskata zientzia sare herrikoia eta 2014an Zarautz On elkartea. Natalia Vahl Zarautz On elkarteko zuzendariordearen ustez, «zientzia ez bada gizartera hurbiltzen, ametsak mugatu egiten dira. Gazteei erakutsi egin behar zaie berrikuntzaren arloan zertan egiten den lan, etorkizunean eurek ere hor egin dezaketelako lan». Baliabide nahikorik gabe, lanean dihardute taldeek.

Paleoartea

Paleoartea zer den badakizu? Iraganeko bizitza itxuratzean datza. Datu zientifikoetatik abiatzen dira eta ahalik eta era zehatzenean birsortzen dituzte desagertutako izakiak. Ezinbesteko lana da zientzialariek aurkitutako aztarnen informazioa gizarteari helarazteko. Mauricio Anton paleoartista (Bilbo, 1961) oreka mantentzen saiatzen da: “Artea eta zientziaren arteko bereizketa, erreala baino gehiago, artifiziala da”. Diziplina honen berri izateko, jo ezazue Berriak publikatu duen artikulu interesgarrira.

Argitalpenak

Marta Macho matematikariari egin diote elkarrizketa Berrian. ‘Disecciones’ liburua idazten parte hartu du. Bertan, gaitz larriak helarazten ditu fikzio bidez. Kontatzeko modu hori Nextdoor argitaletxearen ideia izan dela dio: “Kontakizun bat idazteko eskatu zidaten, gaixotasun bat eta nire zientzia diziplina uztartuko dituena”. Berak landutako gaiari dagokionez, giltzurrun transplante gurutzatu bati buruz idatzi duela dio. Machok azaltzen du bizirik dauden pertsonen artean egiten dela transplante hori. Liburuaz gain, zientziak gizartearekin duen harremanaz hausnartu du.

Astronomia

Errusian dagoen RATAN-600 izeneko irrati teleskopioak (munduko handiena, Zientzien Errusiako Akademiaren babespean lan egiten duena) jaso zuen seinalea, 2015eko maiatzean, baina joan den abuztuaren amaierara arte ez zuten horren berri eman arduradunek. AEBtako SETI erakundeak ere izar horri begira jarri zuten euren irrati-teleskopio sarea baina ez zuten seinale berezirik jaso. Errusiarrek jaso zutena oso indartsua izan zen. Abuztuaren 30ean hedabide askotan zabaldutako bertsioaren arabera, irrati-teleskopioan jasotakoa Sobietar Batasunaren garaiko satelite militar batek igorritako seinalea izan zen. Hala ere, iaz jasotako seinalearen jatorria zein den argitzear dago, bere izaera estralurtarra guztiz alboratu bada ere. «Egindako azken analisien arabera, litekeena da seinalearen jatorria Lurrean izatea», adierazi zuen Yulia Sotnikova astronomoak irrati-teleskopioaren webgunean. SETI Estralurtar Adimenaren Bilaketa helburu duen erakundea zuzentzen du Andrew Siemionek. Bere iritziz, HD 164595 izarretik jasotako seinaleak “zirrara handia sorrarazi du, baina kontuan hartu behar da horrelako interferentzia asko egon daitezkeela esperimentuetan”.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #121 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #127

La, 2016-09-24 09:01

la-selva-de-los-mejillones1-640x480

Parasitoak liluragarriak dira, batez ere, ostalarien ahultasuna ustiatzeko darabilten mekanismoengatik. Hau berbera landaretan gertatzen da. Baina noizbehinka defentsarako mekanismoak aurkitzen dira. José Ramón Alonsok kontatzen digu: Parasite plant check.

Landareek biokimikoki erantzuten diete estresa sortarazten dizkien faktoreei. Gerardo Cebriánek, estresa sortzen dutenen aurkako seinaleak antzemateko, teknika elektrokimikoak lehen aldiz aplikatu dituen ikerketa bat aurkezten du: Deciphering plant messages: electrochemical ecology.

Koralen ugalketak eta Galiziako muskuilu-hazkuntzak zerikusi handirik ez dutela pentsa genezake. Ba hau, uste okerra da. Uxio Labartak azaltzen du zergatia: Solar irradiance influences the settlement patterns of mussels.

Eszimeroak, bi molekulaz osatutako taldea beraietako bat kitzikatuta baldin badago, iragankorrak direla suposatzen da. Baina DIPCko ikertzaileek buelta eman diote horri eta aplikazio bideomediko interesgarria aurkitu dute (Science aldizkarian argitaratu dutena):  Permanent excimer-like colloidal superstructures as anticytotoxic agents.

Argi kutsadura arazo larria da astronomoentzat eta, bestalde, hiritarrei eragotzi egiten die inoiz egon den ikuskizun zirraragarrienaz gozatzea: gaueko zeruaren behaketa. Argi kutsaduraren maila ere neur daiteke. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu: To know ther dark.

Arratoiek “biboteak” dituzte, baina gutxik dakite hiru ile duen bizarra dutela. Arratoien hiruhortz iletsu honek erabilpen harrigarria du arratoiarentzat. Jose Ramón Alonsoren eskutik: Tridet whiskers.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #127 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jon Torres: “Adin erlatiboaren ondorioak eragin zuzena dauka gazte baten kirol errendimenduan” #Zientzialari (57)

Or, 2016-09-23 09:00

Pertsona baten jaiotze datak eragin zuzena dauka etorkizunean izango duen kirol errendimenduan. Hala azaldu du Jon Torres UPV/EHUko fisioterapiako irakasleak Zientzialariren atal berri honetan. Adin kronologikoa eta adin biologikoa kontzeptuetan sakondu du eta hauen arteko aldeak sortzen duen “adin erlatiboaren ondorioa” aurkeztu. Bere ustez, ondorio honek berebiziko garrantzia dauka kirola egiterakoan, batez ere, garapen prozesuan dauden gazteetan.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jon Torres: “Adin erlatiboaren ondorioak eragin zuzena dauka gazte baten kirol errendimenduan” #Zientzialari (57) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsasoan urak handi dira

Og, 2016-09-22 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Xabier Leteri entzun dizkiogun hitzak dira, eta egia da itsasoan urak handi direla. Urez beterik dago itsasoa, urez beterik eta gatzez beterik. Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa. Asko eta talde guztietakoak dira itsasoan bizi diren animaliak.

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute; orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, pareko kontzentrazio osmotikoak baitituzte. Horren ondorioz, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Muskuiluak, belakiak, itsas trikuak, anemonak, poliketoak eta beste zenbait zizare, besteak beste, talde horretako kideak dira.

sunset-1198134_1280
Irudia: Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa.

Animalia horiez gain, badira beren barne-likidoetan itsasoko urak baino gatz-kontzentrazio apalagoa dutenak. Txitxarroak, antxoak eta abarreko arrain teleosteoak dira talde horretako kide nagusiak. Horiek, beraz, ez daude orekan, eta desoreka horrek lan berezia eskatzen die barne-egoera egonkor mantentzeko.

Aurreko atalean azaldu dugu zergatik zegoen oker Gabon-kanta ezagun hura: ibaietako arrainek ez dute urik edaten, eta horregatik da desegokia kantaren leloa. Baina itsasoko arrainak, kontu honi dagokionez bederen, desberdinak dira. Itsasokoak bai, Gabon-kanta ezagun horren protagonistak izan litezke: ibaietako arrainek ez bezala, hauek bai edaten dute ura. Ur-behar handia dute. Azken batean, itsasoko arrainei ibaietakoei gertatzen zaienaren kontrakoa gertatzen zaie. Ibaietakoek ura sobera bazuten, hauek, berriz, faltan dute.

Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek, jakina, garrantzi handiko arazo bat dakar: gatz kantitate handia sartzen zaie ur horrekin batera. Azken batean, handia da itsasoko uraren gatz-kontzentrazioa, eta edandako urarekin batera gatz hori xurgatuko balute, ondorio kaltegarriak suertatuko lirateke, barne-likidoen gatz-kontzentrazioa egokia den mailatik gora igoko bailitzateke. Nola konpon daiteke hori?

Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Hala ere, beste zenbait ez dira xurgatzen, arrain horien hestearen zelulak berezi samarrak direlako. Zelulok dituzten egiturei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Zer egin xurgatu diren gatzekin? Bada, Gabon-kantaren atalean ikusi dugunaren kontrakoa, hain justu. Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, berriz, brankietatik kanporatzen dituzte sobera dituztenak, eta, horrela, egonkor eta maila egokietan manten ditzakete beren barne-fluidoen gatz-kontzentrazioa.

Ibaietako arrainei buruz aritu garenean, aipatu dugu arrain haiek gernu-bolumen handiak ekoizten dituztela, sobera sartzen zaien ura kanporatzeko bidea baita hori. Itsasoetakoek duten arazoa, berriz, kontrakoa da, ur-behar handiak dituztelako. Hori dela eta, itsasokoek oso gernu gutxi ekoizten dute, eta, gainera, gatz-eduki altukoa da gernu hori. Izan ere, giltzurrun bereziak dituzte itsasoko zenbait arrainek, glomerulurik gabeko giltzurrunak baitira eta gernua gatzen jariaketa aktiboz sortzen baitute.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Itsasoan urak handi dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arrain ezkatek piztutako txinparta

Az, 2016-09-21 09:00
Amaia Portugal Piezoelektrizitatearen printzipioei jarraiki, arrain hondakinetako kolagenoz egindako nanosorgailu biologikoa sortu dute Indiako bi ikertzailek. Besteak beste, harekin 50 LED argi urdin baino gehiago piztu daitezkeela egiaztatu dute. Gailu gardena, biobateragarria eta biodegradagarria denez, etorkizunean askotariko aplikazioak izan ditzake biomedikuntzaren alorrean.

Pizgailu elektriko bat nola dabilen, galdetu al diozue inoiz zuen buruari? Piezoelektrizitatea da gakoa. Zenbait kristal tentsio mekanikoen eraginpean jartzen direnean, dipolo elektrikoak agertzen dira barnean, eta karga elektrikoak azalean. Bada, fenomeno hori baliatzen dute pizgailu elektrikoek. Izan ere, kristal piezoelektriko bat daramate barruan, eta pizgailuari eragiten zaionean, kristal horren kontra talka egin, ondorioz karga elektriko handia metatu, eta txinparta sortzen da.

Kristal batzuek ez ezik, zenbait material biologikok ere badute piezoelektrizitatea; esaterako, arrain ezkatek daukaten kolagenoak badu propietate hori. Hain zuzen ere, arrain hondakinak berrerabilita energia sorgailu oso txikiak eraiki daitezkeela egiaztatu dute Sujoy Kumar Ghosh eta Dipankar Mandal Jadavpurko Unibertsitateko (Kalkuta, India) ikertzaileek. Applied Physics Letters aldizkarian eman dute haien lanaren berri.

 Sujoy Kuman Ghosh eta Dipankar Mandal / Jadavpurko Unibertsitatea)
1. irudia: Ikerketa islatzen duten irudiak. Nanosorgailu malgua sortu dute arrainen hondakinetatik abiatuta, eta harekin 50 LED argi baino gehiago piztu daitezkeela egiaztatu dute. (Argazkia: Sujoy Kuman Ghosh eta Dipankar Mandal / Jadavpurko Unibertsitatea)

Dipankar Mandalek azaldu bezala, “lehenik bio-hondakinak bildu genituen arraina prozesatzen duen merkatu betetik: arrain gordinen ezkatak. Ondoren, desmineralizazio prozesuaren bitartez, gardenak eta malguak izan zitezen lortu genuen. Piezoelektrizitate biologikoan oinarritzen den eta alde bietan elektrodoak dituen nanosorgailu bat egin ahal izan genuen horrela”.

Kolageno nanozuntz bakarrak propietate piezoelektrikoak badituela jakina zen lehendik ere, baina orain arte inork ez zuen nanozuntz multzo baten errendimendua aztertu. “Ikusi nahi genuen ea zer gertatzen den kolageno nanozuntzen sorta batekin, arrain ezkatetan ondo lerrokatuta eta elkarri lotuta daudenean. Arrain ezkatetako kolagenoen piezoelektrizitatea nahiko handia dela ikusi dugu, eta neurketa zuzenen bitartez egiaztatu dugu hori”, gaineratu du Mandalek.

Horrenbestez, ezkaten propietate hau zuzenean baliatzen duen nanosorgailu honek elektrizitatea sorrarazten du, estimulu mekaniko soilaren bitartez; bere horretan, jarraian bestelako tratamendu post-elektrikorik egin beharrik gabe. Mandalek dioenez, “ahalegin apartak egin diren arren, orain arte inor ez da gai izan energia sorgailu biodegradagarri bat egiteko, hain kostu txikiarekin eta urrats bakar batean”.

 

 Steven Fruitsmaak / CC BY 3.0)
2. irudia: Etorkizunean, ikerketa honek taupada markagailuetan ere aplikazioa izatea espero dute. (Argazkia: Steven Fruitsmaak / CC BY 3.0)

Egiaztatu dutenez, ingurunean aurki daitezkeen askotariko energia mekanikoak baliatzeko ahalmena du asmakizunak: gorputzaren mugimenduak, makinen eta soinuen bibrazioak, haizea… Nanosorgailua behin eta berriz atzamarrarekin ukitze hutsarekin ere, 50 LED argi urdin baino gehiago pizteko adina energia sortzen da.

Gailuak etorkizunean erabilera potentzial ugari izan ditzakeela uste dute bi ikertzaileok; batez ere elektronika gardena, biobateragarria eta biodegradagarriari dagokionez. Esaterako, biomedikuntzan askotariko aplikazioak izan ditzake. Taupada markagailuen kasua azpimarratu du Mandalek: “Etorkizunean, nanosorgailua bihotzetan txertatu ahal izatea nahi genuke, taupada markagailuetarako. Bihotz taupadetatik eskuratuko luke energia, eta energia horri esker funtzionatuko markagailuak. Gero, degradatu egingo litzateke, haren egitekoak bukatutakoan. Bihotzaren ehuna ere kolagenozkoa denez, gure nanosorgailua biobateragarria izango litzatekeela aurreikusi daiteke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sujoy Kumar Ghosh and Dipankar Mandal. High-performance bio-piezoelectric nanogenerator made with fish scale. Appl. Phys. Lett. 109, 103701 (2016); http://dx.doi.org/10.1063/1.4961623

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Arrain ezkatek piztutako txinparta appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Roseto efektua

Ar, 2016-09-20 09:00
Iker Badiola Etxaburu Bizimodua azkar eta sakon aldatu digute XXI. mende honen hasieran gertatzen ari diren teknologia-aurrerapenek. Horrela gertatu da herri garatuak deritzen hauetan, eta ohi ez bezalako abiadura bizian gainera. Hori guztia dela eta, nik uste dut une hau bereziki egokia dela, Roseto efektuari buruz biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko.

Roseto izeneko herria txikia da eta Pennsylvanian dago (AEB). Erdigunea etorkin italiarrek fundatu zuten. Apeninoen ondoan dagoen herri txiki batetik zetozen italiar horiek: Roseto Valfortore herritik. IX. Mendearen bukaera aldean, etorkin ugari hartu zituen Italiako herriak, eta rosetiarrek herritik kanpora egin zuten munduan zehar sakabanatzeko. Haietako asko, Pensilvaniara joan ziren, arbel-harrobi batean lan egiteko asmoz. Denbora joan ahala, herri berri bat sortu zuten han, eta bere jaioterriaren izen bera jarri zioten.

 Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)
1. irudia: Roseto hiriaren Garibaldi kalea. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

XX.mendearen erdialdean, Roseto herri estatubatuar arrunta zen, eta bere zerbitzuen artean mediku bat zuten. Mediku horrek, medikuntza psikosomatikoan aditua zen Stewart Wolf doktoreari esan zion rosetoarrek ez zutela ia bat ere gaixotasun kardiobaskularrik pairatzen.

50.eko hamarkadan, Estatu Batuetan gaixotasun horiek ziren heriotza-eragile nagusietako bat eta, esan bezala, ez zen horrelakorik gertatzen Roseton. Stewart Wolf medikuntza psikosomatikoaren aita izan zen nolabait, eta gauzak horrela, Rosetoko populazioa aztertzen hasi zen. Hasiera batean ustez Mediterraneokoa bide zen elikatze-ohitura horri erreparatu zioten, batez ere nagusiki proteinaz eta azukreez elikatzen zen populazio estatubatuarraren aldean. Geroago, bertan behera utzi zen ideia hori, rosetoarrek bereganatuak baitzituzten gizarte estatubatuarraren ohiturak. Wolf doktorearen oharren arabera, tabakismoa ere oso hedatua zegoen beraiengan, eta jakina, hori kaltegarria zen osasun kardiobaskularrarentzat.

Hurrengoan, rosetoarren gene-ondareari erreparatu zioten, baina argi ikusi zen ordea beste estatubatuarrek bezainbesteko gaixotasun kardiobaskular pairatzen zituztela Roseto hiri estatubatuarretik kanpo bizi ziren rosetoarrek.

Gero, ikuspegi geografikoa jorratu zen, baina Bagor edo Nazareth bezalako herriak gertu zeuden Rosetotik, eta herri horiek Amerikako Estatu Batuetako joera nagusiari eusten zioten.

Wolf doktorea elkarlanean aritu zen John G. Bruhn soziologoarekin eta azken honek eskaini zuen Rosetoko misterioa argitzeko gakoa. Herri horretako komunitatea oso kohesionatua zegoen. Elkarri laguntza ematen zioten, eta izan ere, 22.000 bizilagun eskas zituen herri hartan, 22 hiri-asoziazio zeuden. Ohi baino askoz ere maizago, hiru belaunaldi bizi ziren etxe berean. Igandeetan, herri guztia elkartzen zen Nuestra Señora del Monte Carmeloko elizan, eta meza egiten zuten han denek elkarrekin. Berdintasuna ahal bezainbeste bultzatzen zen, eta hobeto bizi zirenek laguntza ematen zieten hain ondo ez zebiltzanei. Labur esanda, komunitate bat sentitzen ziren bete-betean, nahiz eta bere inguru estatubatuarrean indibidualismoa izan nagusi.


2. irudia: John G. Bruhn eta Stewart Wolf-ek “The Roseto Stroy” liburuan euren ikerketen emaitzak argitaratu zituzten 1979. urtean.

Egun badakigu herri garatuetan estresa areagotu egiten duela rosetoarrek alde batera utzia zuten indibidualismo horrek. Izan ere, estresa da gaitz nagusia herri horietan. Estresak igoarazi egiten du gure gorputzeko kortisona hormonaren kontzentrazioa. Kortisona, giltzurrun gaineko guruinak ekoiztua da, eta organismoa prest jartzen du une jakin batzuetan metabolismo jarduera biziagotuan barne baldintzei erantzun azkarrak emateko. Baina ehunak eten gabe badaude kortisonaren eraginpean, arteria-presioak gora egiten du, eta immunitate-sistemaren depresioa eragiten da. Azkenean gaixotasun kardiobaskularrak azaltzen dira.

Rosetarrek aukera ederra eman ziguten gizakiaren izaera taldekoiaz ohartzeko. Izan ere, gizakia, talde-izakia da, herri garatuetan nagusi diren jarreretan suma litekeen ez bezala.

Erreferentzia bibliografikoak:

—————————————————–

Egileaz: Iker Badiola Etxaburu (@IkerBadiola) UPV/EHUko Zelula Biologia saileko irakaslea da, eta Medikuntza fakultatean ematen ditu eskolak. Badiola doktoreak, ikertzaile gazte onenaren saria lortu zuen Niigatan (Japonian) 2007.ean egindako ISHSRren 13. Biltzarrean. Egun, ikertzaile nagusia da tumore-mikrogiroaren epigenetika aztergai duen egitasmo batean.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Roseto efektua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2016ko udarako: erantzunak

Al, 2016-09-19 15:30
Javier Duoandikoetxea Udako ariketak amaitu ziren eta hemen datoz erantzunak. Soluzio bila aritu zaretenoi, buruari eragin diozuenoi, gure eskerrak ahaleginagatik. Emaitza zuzena lortu baduzue, zorionak! Eta, Zientzia Kaieran zuen ahaleginen ondorioa erakutsi diguzuenoi, erantzunak bidaliz, esker bereziak.
  1. Xake-taula osatzen

Xake-taula batean behean agertzen den moduko piezak jarri behar dira, ahalik eta gehien, elkarri zapaldu gabe. Piezen karratu bakoitza xake-taulako karratuen neurri berekoa da. Zenbat jar ditzakezu? (Gogoan izan xake-taulak 8×8 karratu dituela.)

xake-taula

Maiorak erantzun zuen moduan, gehienez 12 pieza koka daitezke taulan. Irudian duzue aukera bat, baina ez da bakarra.

xake-taula-osatzen

  1. Mila euro ditugu 24 billetetan. Billeteak 10, 20 eta 50 eurokoak dira. Zenbat dira 20 euroko billeteak?

Erantzun gehien bildu dituen ariketa da hau, gehienak zuzenak.

money-1283806_1280

LAU dira 20ko billeteak. Mila euro izateko 10, 20 eta 50 euroko 24 billete batuta, 50ekoak 18 edo 19 izan behar dira. Gutxiagorekin, ezin gaitezke 1000 eurora heldu. Orduan, 50eko 18, 20ko 4 eta 10eko 2 da aukera bat, eta 50eko 19 eta 10eko 5 da beste bat. Baina azkenak ez du 20ko billeterik, ariketak eskatzen duen moduan.

  1. Osatu zenbakiak ipiniz

Ipini zirkulu bakoitzean zenbaki bat, zuzenki bakoitzean dagoen zenbakia muturretan dituen zirkuluetan dauden zenbakien batura izan dadin.

zenbakiak ipini

Iruriren erantzuna zuzena da. Beheko irudian ikus daitekeena, hain zuzen ere.

erhiru

Kanpoko zuzenkietako zenbakiak batuta 144 lortzen da. Erpinetako zirkuluetan dauden zenbakiak bi bider agertzen dira batura horretan, bakoitza zuzenki bitan agertzen delako. Erpinetako zirkuluetako zenbakien batura 72 da, beraz.

Barruko zuzenkietako zenbakiak batuta 116 lortzen da. Hor erpin bakoitzeko zenbakia behin agertzen da eta erdiko zirkulukoa lau bider. Kanpokoen batura 72 denez, 116-72=44 egin eta horren laurdena da erdiko zirkuluko zenbakia, 11. Behin hori ezagututa, besteak berehala betetzen dira.

  1. Kolore gorriari buruzko galdetegia

Galdetegi batean ea kolore gorria gustuko duten galdetu diete hainbat laguni. Gizonen %2k eta emakumeen %59k baietz erantzun dute. Denak batera hartuta, %17 dira baiezko erantzunak. Zenbat lagunek erantzun dute galdetegia, gutxienez?

Ez dugu erantzunik hartu ariketa honetarako.

Honako zen erantzuna: Izan bitez G eta E galdetegia erantzun duten gizon- eta emakume-kopurua, hurrenez hurren. Orduan, hau da ariketak dioskuna:

formula-2

Hortik, 15G=42E, edo, sinplifikatuz, 5G=14E. Hau betetzeko, G=14k eta E=5k izan behar dira, k zenbaki osoa izanik. Gainera, gizonen %2 eta emakumeen %59 zenbaki osoak direnez, k=100 da balio duen zenbakirik txikiena. Hortaz, 1400 gizon eta 500 emakume da erantzuna.

  1. Neurrien bila

Irudiko karratu txikiaren aldeak 16 cm ditu eta karratu handiarenak, 36 cm. Zenbat neurtzen du karratu ertaineko aldeak eta zein da goiko erpinaren altuera?

neurrien bila

Enekoren erantzuna zuzena da: 24 cm ditu karratu ertaineko aldeak eta 54 cm da goiko erpinaren altuera.

erbost

Izenak jarriko dizkiegu irudiko puntu batzuei, irudiak erakusten duen moduan.

Orain, antzekotasuna erabiliko dugu. Triangeluak erabil daitezke, Enekok aipatzen duenez, baina beste irudi batzuekin ere arrazoitu dezakegu. Adibidez, erlazio hauek ditugu:

formula-1

Badakigunez AB=16, ED=36 eta CB=BD direla, lehen berdintzatik BD=24 aterako dugu. Ondoren, bigarren berdintza erabiliz, GF=54 lortzen dugu.

  1. Zein urtetan izango ditu otsailak bost astelehen?

Aurten otsailak bost astelehen izan ditu. Zein urtetan gertatuko da horrelakorik berriro? Hemendik ordura arte, zenbat bider izango ditu urtarrilak bost astelehen?

Mirenen erantzuna zuzena da: 2044an izango ditu otsailak bost astelehen eta hemendik ordura arte, urtarrilak hamabi bider izango ditu bost astelehen.

Otsailak bost astelehen izateko otsailaren 1a astelehena izan behar da eta urtea, bisurtea. Bisurte batetik hurrengora, otsailaren 1a bost egun mugitzen da. Aurtengoa astelehena izan denez, 2020an larunbata izango da. Noiz gertatuko berriro astelehen izatea bisurte batean? Laster konturatuko zarete zazpigarren bisurtean gertatzen dela berriro, hau da, 28 urte barru.

Urtarrilak bost astelehen izateko, 1a, 2a edo 3a astelehena izan behar da. Hogeita zortzi urteko ziklo horretan urtarrileko egun bakoitza lau bider pasatzen da asteko egun bakoitzetik. Beraz, lau bider izango da 1a astelehena, lau bider 2a eta lau bider 3a. Denetara, hamabi.

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2016ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Haurrei emateko botiken dosi egokienaren bila

Al, 2016-09-19 09:00
Farmakologia klinikoak duen arazo handienetako bat da informazio gutxi duela haurrei medikamentuak emateko dosifikazioari, eraginkortasunari eta segurtasunari buruz. Haurrekin saiakuntza kliniko gutxi egiten denez —bereziki arrazoi etiko eta ekonomikoak medio—, farmako-indikazio ofizial gutxi aurkitzen da haurrentzat. Adin desberdinetako haurrei botikak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu María Encarnación Blanco Arana UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak, eta, honekin batera, haurrei ematen zaizkien farmako jakin batzuen dosifikazioari buruz zegoen informazioa zabaldu du. incubadora-bebe-640x500
Irudia: Helduen administrazioaren arabera ematen zaie medikamentua haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke. Izan ere, bizitzaren lehen etapetan, haurrek heltzeko eta organoak garatzeko prozesu jarraitu bat izaten dute, eta baliteke jaioberri batek farmako baten aurrean duen erantzuna ez izatea haur handiago batek edo heldu batek izan dezakeen berbera.

Adin desberdinetako haurrei medikamentuak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu María Encarnación Blancok. Haurren metabolismoan dauden aldeei eta fentanilo —morfinaren ordez ematen da— farmakoaren neonatologiako dosifikazioari buruzko informazioa zabaltzen dute azterketaren emaitzek, eta horrek aurrerapen handia eragiten du farmakoak era seguru eta eraginkorrago batean emateko.

Blancok dionez, kasu horietan, “helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia; izan ere, bizitzaren lehen etapetan, haurrek heltzeko eta organoak garatzeko prozesu jarraitu bat izaten dute, eta baliteke jaioberri batek farmako baten aurrean duen erantzuna ez izatea haur handiago batek edo heldu batek izan dezakeen berbera”.

UPV/EHUko ikertzaileak ikerketa farmakozinetiko eta metabolomikoak erabili ditu haur-populazioak farmakoen haurrean duen erantzunaren inguruan dagoen informazioa zabaltzeko. Alegia, gorputzak absortzio-, banaketa-, metabolismo- eta ezabatze-prozesuen bidez farmakoari eragiten dizkion aldaketak aztertu ditu.

Farmakozinetika eta metabolomika ikerketaren oinarria

Ikerketaren zati bat txerrikume jaioberriekin egin da, hainbat ikerketak frogatu baitute txerrikume jaioberrien metabolismoa giza jaioberrienaren oso antzekoa dela.

Batetik, ikerketa farmakozinetikoa egin da: fentaniloa eman zaien txerrikumeen odol-laginak aztertu dira, denbora-tarte desberdinetan, farmakoa eman zaionetik erabat ezabatzen duten arte —fentaniloa morfinaren ordezko farmakoa da, morfina baino ahaltsuagoa eta, beraz, dosi txikiagoan eman beharrekoa—. Horretarako, “lagin-kantitate txikiak behar dituen metodo analitiko bat garatu dugu, farmakoaren kontzentrazio txikiak detektatzeko gai dena —azaldu du Blancok—, masa-espektrometriako detektagailu bati akoplatutako likido-kromatografia bidezkoa (HPLC-MS)”. Ikerketa honi esker, “esperimentalki egiaztatu dugu pisuan oinarrituz erabiltzen diren farmako horren dosiak bat datozela haurren metabolismoan benetan gertatzen denarekin”, erantsi du. “Ikerketa honetan lortutako emaitzek zabaldu egiten dute farmako horren neonatologiako dosifikazioari buruz dagoen informazioa, eta aurrerapauso bat da administrazio seguru eta eraginkorrago baterantz“, erantsi du ikertzaileak.

Bestalde, metabolomika erabili du adin desberdinetako neska-mutilen artean dauden aldeak eta etapa bakoitzean dauden desberdintasunak aztertzeko. “Egiaztatu ahal izan dugu plasma-analisi baten eta lortutako profilaren aldagai anitzeko analisi baten bidez bereizi egin daitezkeela 5 egunetik beherako txerrikumeak eta 8 astetik beherakoak. Era berean, aldeak hauteman ditugu urtebetetik beherako neska-mutilen gernuan, haien adinaren arabera. Beraz, hurrengo pausoa litzateke detektatzea zer markatzailek adierazten dituzten adinarekin eta heltze-mailarekin lotutako aldeak, farmakoen dosifikazioa hobetzeko erabili ahal izateko”, adierazi du Blancok.

Ikertzaileak azaldu duenez, “konposatu horiek modu bideratu batean analizatzeko beste azterketa batzuetarako ateak irekitzen dituzte emaitza horiek guztiek, betiere pediatriako farmako-dosifikazioak hobetzeko helburuari jarraikiz”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Nola eman farmakoak haurrei era seguru batean.

The post Haurrei emateko botiken dosi egokienaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #120

Ig, 2016-09-18 11:00
Uxue Razkin

tabletop-photography-1601184_1280

Biologia

Duela 200 miloi urte hasi zen ugaztunen ikusmen-sistemaren gau-bizitzarako egokitzapenaren prozesua. Ikusmen-sistemaren gakoa da erretina, eta bertan, argiaren harreran espezializatutako bi zelula mota: konoak eta bastoiak. Zelula foto-hartzaile hauek pigmentu bereziak dauzkate, opsina izeneko proteina batez eta A bitaminatik eratorritako kromoforo batez osatuak. Koloreetako ikusmena konoen funtzionamenduan oinarritzen da. Bastoiak, konoak baino fotosentikorragoak dira eta beraz, argi gutxitako egoeran, erabilgarriagoak dira. Erretinako bastoi-dentsitatea eta bastoi/konoen proportzio parametroak balio handiagokoak izaten dira ugaztun gautarretan. Ikuspen-sistemaren egokitzapenarekin harremanetan dauden genoma-aldaketa batzuk identifikatu dira. Testuan aipatzen da, besteak beste, opsina bat kodetzen duen gene baten bikoizketaren ondorioz, gizakiak eta beste primate batzuk hiru koloretan ikus dezakegula.

Ura sobera duten animaliak dira artikulu honen muina. Kalte egiten die ura edateak ur gezetako arrainei. Ur gezarena baino askoz altuagoa da arrain horien gorputz-likidoen gatzen kontzentrazioa. Horregatik urak gorputzean sartzeko joera handia du. Hortaz, arrainek urari sartzen utziko baliote, urez beteko lirateke eta lehertzera ere hel litezke bai gorputza bera bai eta haren zelulak ere. Ur-sarrera saihestu behar dute beraz. Bi bide dituzte hori lortzeko. Alde batetik, gorputz-azala oso iragazgaitza dute eta bestetik, ez dute ia urik edaten. Arazoa da ura sartzeko joera handia dela beraz hori kanporatu beharra dute. Nola, baina? Gernu-bolumen handiak ekoitziz. Izan ere, ibaietako animaliak dira gernu-bolumen handienak ekoizten dituztenak.

Medikuntza eta osasuna

Gizarteak txertoekiko duen konfiantzari buruz inoiz egin den inkestarik handiena argitaratu dute, eta iritziak oro har positiboak diren arren, Europan horien segurtasunaz dagoen eszeptizismoa deigarria da. Inkesta hori ia 66.000 lagunekin munduko 67 estatutan egin dute eta txertoen garrantziaz, segurtasunaz eta eraginkortasunaz dituzten usteei buruz egin dizkiete galderak. Datu harrigarriak atera dira. Esaterako, Frantzian aurkitu dute eszeptizismo handiena. Izan ere, inkestan parte hartu duten frantsesen artean, %41a ez da txertoen segurtasunaz fio. Haren atzetik datoz Bosnia-Herzegovina (%36), Errusia (%28), Mongolia (%27), eta Grezia, Japonia eta Ukraina (%25). Eszeptizismo handieneko hamar estatuen artean zazpi daude Europan. Amaia Portugalek azaltzen dizkigu inkestaren emaitzak.

Erradiazio ionizatzaileek DNA kaltetzen dutela jakina zen, baina ez nola gertatzen den hori. Berriki erradiazio ionizatzaileek (X eta gamma izpiak, adibidez) eragiten dituen bi mutazio-mota identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkarian azaltzen digute afera. Lehenengoan, DNAren base gutxi batzuk ezabatzen dira, eta bigarrenean, DNA bi puntutan moztu, tartean gelditzen den zatia biratu, eta berriz lotzen da, alderantzizko zentzuan. Horrelako alderantzikatzeak ez dira gorputzean berez gertatzen. Erradiazioak eragindako tumoreak zituzten 12 gaixoren laginak erradiaziorik izan ez duten beste 319rekin konparatuz iritsi dira ondorio horietara. Eta ikusi dute, gainera, minbizi-motarekiko independenteak direla mutazio horiek.

Astronomia

Gaia sateliteak bere lehen lan-urtean behatu dituen izarrekin osatutako mapa aurkeztu du Europako Espazio Agentziak (ESA). Gaiaren helburua Esne Bidearen hiru dimentsioko mapa osatzea da. Lehen urtean jasotako irudiekin osatutako mapa aurkeztu du ESAk; mapak mila milioi izar baino gehiago biltzen ditu. Izarren kokapenaz gain, haien distira ere neurtu ditu. Horretaz gain, bi milioi izarren distantziak eta mugimenduak ere jaso ditu. Europa osoko 450 zientzialari eta informatikari aritu dira datuak interpretatzen. Oraingoak aurrekoak baino 20 aldiz izar gehiago ditu eta bi aldiz zehatzagoa da.

Matematika

Herrialde baten pobrezia-indizea formula matematiko baten bidez hiru aldagairen arabera adieraztea lortu du Oihana Aristondo UPV/EHUko ikertzaileak. Pobreziarekin lotutako indize ekonomiko mota bat hiru osagairen arabera adierazi dute operadore matematiko batekin, eta, hori baliatuz, Europako 25 herrialdetako pobrezia 2005 eta 2011 bitartean nola aldatu den eta aldaketa horrek herrialde bakoitzean zer jatorri izan zuen aztertu dute. Pobrezia-indizeek hiru osagai izan behar dituzte kontuan: pobrezia-intzidentzia (pobre-kopurua edo ehunekoa), pobrezia-intentsitatea (pobreak zenbateraino diren pobre) eta pobrezia-desberdintasuna (pobreen arteko aldeak zein diren). Hiru aldagai horien arabera lortu dute adieraztea formula matematiko batean eta horrek balio du jakiteko herrialde batean zergatik handitu edo txikitu den pobrezia.

Argitalpenak

Arantxa Arzamendik “Gamificación: mecánicas de juego en tu vida personal y profesional” liburuari buruz hitz egin digu. Lehenik eta behin, gamifikazioa zer den jakin behar dugu. Funtsean, jokoak sortzea da normalean jokoetatik kanpo dauden eremuetan, ohiko jardueretan, etxean edo bezeroekin ditugun harremanetan. Gamifikazioaren helburua entretenitzea, erakartzea, bezeroak lortzea eta gehiago saltzea da. Liburu honek marko teorikoa eta praktikoa ere jorratzen ditu. Azken honetan, adibidez, gamifikazio jokoak sortzeko adibide praktikoak azaltzen dira. José Luis Ramírez Cogollor, liburuaren egileak oso modu didaktikoan azaltzen ditu jokoen mekanikak eta dinamika.

Emakumeak zientzian

Stephanie Kwolek kimikariaren inguruan aritu gara Zientzia Kaieran. Kimikari honek Kevlar zuntza aurkitu zuen. Balen aurkako txalekoak egiteko erabili zuten elementu hori. Aurkikuntza horrek 3.200 bizitza salbatu zituen. Ezagutu gertutik nola iritsi zen aurkikuntza hori egitera Kwolek kimikaria.

Immunologia

Bi kontzeptu: histamina deritzon molekula eta hantura (inflamazio) prozesua. Horiek izango dira artikulu honen bidez abordatuko diren gaiak. Nola daki gure gorputzak zein eremu konkretu handitu behar duen? Nola daki non ari diren suertatzen istiluak? Zer seinalek ematen du abisua? Nork sortu egiten du seinale edo baliza hori? Galdera horien atzean, hasieran idatzi dugun seinale molekurra dago: histamina. Ezagutu gertutik galdera horien atzean dagoena eta nola gertatzen den hantura prozesu hori testu interesgarri honetan.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

 

The post Asteon zientzia begi-bistan #120 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak