Noiztik noiz arte: 
Al, 2022-06-20 -tik Ig, 2022-09-11 -ra

Amaiurren memoria demokratikoari buruzko erakusketa inauguratu dute Bergarako Laboratorium museoan.

Ikusi bisita gidatuak behean

Bergarako Laboratorium Museoak 'Amaiur 1922-1936 Memoria demokratikoa' erakusketa hartuko du ekainaren 20tik aurrera. Aldi baterako erakusketa da, eta gure historian erreferentzia izan den memoria-leku honen ibilbide historikoa kontatzen du. Bergaran izango da ekainaren 20tik irailaren 11ra bitartean. 

Laboratorium Museoak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatu dute erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatuta. Laboratoriumean egindako aurkezpenean lau erakundeetako ordezkariek parte hartu dute.

Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak Museoaren izaera soziala eta eragileen arteko lankidetza aipatu ditu. Laboratoriumen zientziarekin lotutako erakusketak egiten ohituta gaude, eta gure jarduera bereziki zientziarekin, berrikuntzarekin eta teknologiarekin lotzen dugu, baina museoak haratago ere egiten du ekarpena, eta gure historiari, arteari... lekua ematen die, dibulgazioaren bidez herritarren eskura beste gai asko jarriz. Erakusketa honi dagokionez, beste hainbatetan aipatu dugun lankidetza-ideia ere nabarmendu nahi nuke. Hemen gauden lau erakundeok elkarlanean jardun dugu, eta lankidetza horrek ematen dio balio erantsia gure eguneroko lanari.

Bergarako alkate Gorka Artolak memoria berreskuratzen Bergarako Udala egiten ari den lanarekin lotu du erakusketa. “Etorkizuneko Bergara eraikitzeko egiten dugu lan, baina aurrera egiteko ezinbestekoa atzera begiratzea, historia ezagutzea, aitortza egitea, memoria berreskuratzea. Hainbat lan egiten ari gara Bergaran ildo horretan, besteak beste, Aranzadirekin, eta orain, museoaren bitartez Euskal Herriko historiari leku bat egingo diogu”.

Erakusketa jartzeko proposamena Olaso Dorrea Fundazioaren bitartez jaso zuen Laboratoriumek. Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko Patronatuko kideak esan duenez “Amaiur euskal narratibaren ezinbesteko ikurra da, gure askatasunen defentsan euskal herritarrak noraino gauden emateko prest azaltzen duena. Lauaxetak zioen bezala “dena eman behar jako maite askatasunari”, eta hori egin zuten Amaiur gazteluan eta hori egin zuten berriro ere Amaiur batailoiko kideak 1936ko gerran.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Maite Errartek azaldu ditu erakusketaren nondik norakoak. Nabarmendu du “Amaiurko monolitoaren eraikitzea edota Eusko Gudarosteko batailoi batek Amaiur izena izatea ez da kasualitatea. Amaiur gure iruditeria kolektiboan dagoen gune bat da, eta erakusketa honek oroimen horren eraketaren erroetara eta zergatira jo nahi du. Oroimen tokiak, historiaren, egiaren eta mitoaren arteko eremu batean sortzen dira, eta hortik abiatuta gutako bakoitzak bere kontakizunak sortzen ditu hauen gainean”.

Amaiur, oroimen gune

Munduko herrialde guztiek dituzte oroimen-lekuak, eta horien inguruan, hainbat arrazoirengatik, era guztietako sentimenduak biltzen dira. Honakoak batzuetan kontrajarriak izaten dira, baina, dena den, herritarren interesa pizten dute. Amaiur leku horietako bat da. Leku historiko batek hainbeste sentimendu sortzen dituenean hartzen ditu, hain zuzen ere, oroimen-leku gisako bere sinbolismo eta dimentsioa.

Erakusketa honen bitartez, XX. mendearen hasieran askatasun demokratikoaren nahiz Errepublikaren defentsan borroka egin zuen belaunaldi batek Amaiur nola ulertzen zuen aurkeztu nahi da, modu sintetiko batean. Belaunaldi honen protagonistak, adibidez, Arturo Campion (1854 – 1937) humanista eta politikoa; Telesforo Monzon (1904 – 1981) idazle eta politikaria; edota Bittori Etxeberria (1908 -1997) politikari eta feminista dira.

Halaber, Gerra Zibilean erresistentzian parte hartu zuen gudarosteetako batek “Amayur” izena jaso zuen, Nafarroako Erreinuaren konkistaren testuinguruan, militarki hobe prestaturiko tropen aurrean, Amaiurko gaztelua eutsi zuen eta erregimen legitimoarekiko leiala izan zen erresistentziaren omenez.

Erakusketa honek erreparazio-keinu apal bat izan nahiko luke, frankismoko altxamendu militarrari aurre egiteko Amaiurko erresistentzia bere egin zuten pertsonen sufrimenduari eta giza eskubideen urraketari aitormena egite aldera. Hura izan baitzen Amaiur oroimen-leku bilakatzea lortu zuen jenerazioa.

..

Hainbat erakunderen laguntza du erakusketak

Amaiurko Gaztelu Elkartea, Amaiurko Herria, Baztango Udala, Espainiako Kultura eta Kirol Ministeritza, Sabino Arana Fundazioa, Irujo Etxea, Javier Ciga Fundazioa, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza jaso du erakusketak.

Bisita gidatuak

Uztailean eta abuztuan, 11:00etan eta 12:30ean. Bergarako turismo bulegoak eskaintzen dituen 5 aukerei gehituko zaie, eta unean dauden pertsonek hautatuko dute zein egin. Propio ere eska daitezke aurretik, gainontzeko bisita gidatuak bezala.

Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa laboratorium museoaren aurrean
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa. Azalpenak ematen
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa. Bisita egiten.
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa. Gorka Artola, Bergarako alkatea
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa. Maite Aristegi, Olaso Dorrea Fundaziokoa.
Amaiur 1922-1936. Memoria demokratikoa. Inaugurazioa. Ainhoa Lete, alkateordea