Beste urte batez, eta Bergarako Beart elkartearekin duten harremanari esker, Bergaran erakutsiko dituzte haien lanak Baionako Kortsarioek. Aurten, baina, kokaleku berria izango dute: Laboratorium Museoa. Maiatzaren 13tik ekainaren 8ra arte egongo da erakusketa Bergaran.
Errobi eta Aturri ibaien ertzetatik, Alain, Andre, Claude, Eric, Julia, Mica eta Pat artistek pandemia garaian egindako lanak erakutsiko dizkigute Bergaran. Oso ezagunak egiten zaizkigun obrak dira, artista eta bere lana gehiago eta hobeto ezagutzen ari baikara. Bizi izan ditugun garai zail hauetan bere alderdirik atseginena erakutsi digu arteak, eta sendatzeko balio izan digu.
lkusten duguna eta esperimentatzen duguna adierazteko aukera ematen digun babeslekua da artea, beste modu batean nekez adierazi baitezakegu hori guztia. Baiona Bergara, Bergara Baiona, joan-etorriko bidaia da, baina askoz urrutiago doa; askatasun emozional, psikologiko eta espiritualerako bidaian parte hartzen dugu artearekin. Goza dezagun Baionako Kortsarioek hain maitasun handiz prestatu duten erakusketa honetaz.
Inaugurazioa
Beart alkartearekin elkarlanean egin dugun erakusketa honen inaugurazioa maiatzaren 13an izan genuen.
Gorka Artola alkateak egin zien harrera Baionako 'Galerie de Corsaires'-eko artistei. Berarekin egon ziren Ainhoa Lete alkate ordea, Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkin, Beart elkarteko presidente Karlos Galarraga eta André Goupille Kortsarioen Elkarteko arduraduna.
Alkateak Museoaren izaera soziala nabarmendu zuen. Ez dagoela zientziari bakarrik lotuta esan du, eta azken garaian askotariko gaiak jaso dituela bertan. “Gizarte museoa da hau, eta bere ekarpena ere, gizartea bezalaxe, anitza eta askotarikoa da. Hori bera adierazten dute bertan hartzen diren erakusketek ere”.
Bergaran arteak duen presentzia, eta Beartek egiten duen lan handia ere aipatu zituen Alkateak.
“Bizi izan ditugun garai zail hauetan bere alderdirik atseginena erakutsi digu arteak, eta sendatzeko balio izan digu. Ikusten duguna eta esperimentatzen duguna adierazteko aukera ematen digun babeslekua da artea, beste modu batean nekez adierazi baitezakegu hori guztia”, Beart elkarteko Karlos Glarraga presidentearen ustez.
Elkarlanaren ideia ere nabarmendu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko arduradunak.
'Galerie de Corsaires' irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, Baionako Udalarekin lankidetzan diharduena. Baiona Ttipiaren bihotzean dago, Euskal Museotik eta Bonnat-Helleu museotik gertu, eta Euskal Herriko eta Frantziako Hego-Mendebaldeko artista guztiei aukera ematen die, doan, beren lanak ikusgai jartzeko. Noizbehinka, bertako ekitaldiekin lotutako erakusketak antolatzen ditu, hala nola Urdaiazpiko Azoka, Aniztasunaren Astea, Museoen Gaua eta Aste Urdina (adinekoentzako pintura-lehiaketa).
Era berean, harremanak ditu atzerriko artistekin eta artista-kolektiboekin, elkarlanean jarduteko eta hartu- emanak izateko. 'Galerie des Corsaires' elkarteak aire zabaleko erakusketetan parte hartzen du bere kideekin, eta horrez gain, urtero, aire zabaleko ekitaldi bat antolatzen du, hala nola 'Remp’Arts'.
Pozik agertu dira Bergaran egoteagatik, eta baita erakusketarako kokaleku berria izateagatik ere.