Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) 2021

2021eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak

Urriaren 19tik azaroaren 21era.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak STREAMING bidez jarraitu daitezke

Hitzaldi horiek online jarraitzeko ez da beharrezko izena ematea.

Informazio zabala ZTB web-gunean
 

 

José Miguel Mulet Salort

Ekologismo erreala. Zientziaren ikuspegitik, zer egin dezakezu planeta babesteko.

Klima-aldaketa benetan ukaezina da, dagoeneko nabaritzen ari gara horren eraginak eta, geldiarazten ez badugu, ondorio latzak izango ditu gizateriarentzat. Egunero hartzen ditugun erabakiek eragin zuzen-zuzena dute ingurumenean, eta beraz, erabaki horiek aldatuz gero, gure ingurumen-aztarna ahalik eta txikiena izatea lor dezakegu.

Baina, zeintzuk dira ingurumena benetan babesten duten ekintzak? Zein dieta da jasangarriena? Hobe da auto elektriko bat erostea? Zergatik da hain garestia argiaren erreziboa, eguzki-argia eta haizea doan badira? Egia da obsoleszentzia programatuarena? Nola murriztu dezaket nire etxeko edo opor-etxeko aztarna ekologikoa? Hitzaldian, ingurumenaren zaintzari buruzko sasiegia ugari argituko ditugu, betiere ikuspegi zientifiko batetik. Horrela ikusi ahal izango dugu urte hauetan erakunde ekologistek defendatu dituzten proposamen askok ez dutela oinarri zientifikorik eta, aplikatuz gero, oso ondorio kaltegarriak izan ditzaketela.

 

Curriculum vitaea

J. M. Mulet (Denia, 1973) Bioteknologiako katedraduna da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta Landareen Biologia Molekular eta Zelularraren Institutuan ikerketa-lerro bat zuzentzen du lehorte eta hotz giroan aurrera egin dezaketen landareak garatzeko. Halaber, Landareen Bioteknologia Molekular eta Zelularraren Masterreko zuzendaria da. Zientziaren dibulgatzaile gisa, honako hauek argitaratu ditu: Los productos Naturales ¡vaya timo!, eta Destino argitaletxean Comer sin miedo (2014ko Prismas saria, gaztelaniaz argitaratutako zientzia-liburu onenarentzat), Medicina sin engaños, La ciencia en la sombra, Transgénicos sin miedo, ¿Qué es comer sano? eta ¿Qué es la vida saludable? Hainbat podcast-etako eta irratsaiotako partaide izateaz gain, El País Semanal aldizkariko "Ciencia sin Ficción" sekzioa egiten du, bai eta Métode zientzia-dibulgazioko aldizkariko "Fotogramas de ciencia" sekzioa ere, eta Tomates con genes bloga; eta horrez gain, tuitlari konpultsiboa da (@jmmulet).

 

Ikusi informazioa ZTBren web-gunean

Hitzaldi honen bideoa ikusgai hemen

 

Txetxu Ausin

Robotika Inklusiboa eta Adimen Artifiziala

Robotika Inklusiboa eta Adimen Artifiziala komunitate osoaren onerako: erronka etikoa

Bai robotika, bai garunaren eta makinaren arteko interfazeak, bai adimen artifiziala, bai datu masiboen zientzia, abiadura handian garatzen ari diren teknologien parte dira eta gizartea eraldatzeko ahalmen izugarria dute. Aukera oparoak zabaltzen dizkigute hainbat alorretan (hala nola, medikuntzan, garraioan, zaintzan, administrazioan...), baina aldi berean oso galdera garrantzitsuak ere planteatzen dituzte. Gure errealitatea eta gure bizitza dagoeneko sistema sozioteknikoen modura eratuta daude; gaur egun, elkarrekin dihardugu, denok denekin, pertsonek, gailuek, datuek, algoritmoek, robotek. Gizakiek, robotek eta adimen artifizialak elkarren artean jardutean, horrek azkartu egiten du gure konfigurazioa eta gure autoulermena; hau da, gizakien eta teknologiaren arteko mugak lausotuz doaz eta orain gizakiok artefaktuekin lan egiten dugu giza adimenaren eta adimen artifizialaren arteko sinbiosi moduko batean. Horrenbestez, robotika eta adimen artifiziala teknologia disruptiboak dira, sakon eraldatzen baitituzte sistema ezberdinak –sistema sozialak, ekonomikoak nahiz naturalak–, eta horren heinean aldatu egiten dituzte ez bakarrik objektuak, baita ohiturak, jokabideak eta harremanak ere.

Robotak eta adimen artifiziala ez dira jada mito zaharren edo folklore herrikoiaren protagonista, ezta zientzia fikzioaren edo zinemaren objektu esklusiboa ere. Eta kezkatuta gaude, ez dakigu ondo ea horiek lagungarri izango ditugun ala mehatxua izango diren. Bizitza edo adimen artifiziala sortu ahal izate horrek geure buruarekin aurrez aurre jartzen gaitu; ispilu baten aurrean kokatzen gaitu, geure buruari begira, guk geure argi-itzaletatik ikas dezagun.

Eta jakin badakigu tresna teknologikoek balioak daramatzatela txertatuta, politika dutela, ez direla neutralak. Horregatik, behar-beharrezkoa da teknologia horiei buruzko analisi etikoa egitea eta, horrela, saihestu nahi ditugun arriskuak identifikatu eta, diseinutik bertatik abiatuta, sustatu nahi ditugun balioak txertatu, bereziki inklusibotasuna eta komunitate osoaren onerako norabidea. Etika oso tresna boteretsua da herritarren ahalduntze teknologikoari begira; izan ere, etikak prebenitu ditzake robotikak, datuen zientziak eta adimen artifizialak sor ditzaketen bidegabekeria algoritmikoak (diskriminazioa, profilamendua, alborapenak), aldi berean beharrezkoa den kontratu "teknosozial" berri bat bultzatuz.

Curriculum vitaea

Txetxu Ausin Zientzialari titularra da CSICeko Filosofia Institutuan (GEA, Etika Aplikatuko Taldea). Filosofian doktorea –Euskal Herriko Unibertsitatean izendatua (aparteko saria lortuta)–, irakasle gonbidatua da hainbat unibertsitatetan bai eta kolaboratzailea ere Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuan. Hona hemen bere lan-arloak: etika publikoa, bioetika, giza eskubideak eta teknologia disruptiboen filosofia. [Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen barruan, aditu-talde honetako kide da: OECD Expert Group on Research ethics and new forms of data for social and economic research]. Gai horiei buruzko hainbat lanen editore edota egile da eta etika aplikatuei buruzko DILEMATA aldizkari elektronikoaren sortzaile [www.dilemata.net]. Gaur egun, INBOTS CSA network erakundeko ikerketa-talde hauetako partaide da: Inclusive Robotics for a better Society, EXTEND: Bi-directional Hyper-connected Neural System, BIODAT: Osasun-datuak eta COVID-19rako triaje eta kokapen algoritmoetan alborapenak (sesgoak) detektatzea eta ezabatzea [BBVA Fundazioa]. Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeko kide independentea eta Euskal Herriko Etika Klusterreko eta Ikasketa Juridiko eta Sozialetarako Fundazioko (EJYS Fundazioa) patronatukide; kolaboratzaile da, halaber, CSIC Fundazio Nagusiaren barruan Zahartzeari buruzko Adituen Batzordean, bai eta ESPACYOS Sarean ere (Ekintzarako, Zainketetarako eta Gizarte Behaketarako Etika Salubrista).

 

AZKEN ARGITALPENAK:

* “Vulnerability and Care as Basis for an Environmental Ethics of Global Justice”. In B. Rodríguez López et al. (editoreak), Rethinking Vulnerability and Exclusion, Palgrave Macmillan, 2021: 67-82. DOI: https://doi.org/10.1007/978-3-030-60519-3_4

* “Ética y protección de datos de salud en contexto de pandemia: una referencia especial al caso de las aplicaciones de rastreo de contactos” (Belén Andreu-rekin batera), Enrahonar, 2020, 65: 47-56. https://revistes.uab.cat/enrahonar/article/view/v65-ausin-andreu

* “Neuroderechos: Derechos humanos para las neurotecnologías” (Ricardo Morte-rekin eta Aníbal M. Astobiza-rekin batera). Diario La Ley, 43. zk.a, Ciberderecho sekzioan, 2020ko urriaren 8, Wolters Kluwer:

https://diariolaley.laleynext.es

* “Un marco ético-político para la robótica asistencial” (hauekin batera: Manuel Aparicio, Mario Toboso, Aníbal Monasterio Astobiza, Ricardo Morte, Daniel López). ArtefaCToS. Revista de estudios de la ciencia y la tecnología, 8 -1(2019): 97 – 117. DOI: http://dx.doi.org/10.14201/art20198197117

* “Bringing inclusivity to robotics with INBOTS” (hauekin batera: Monasterio. A., Toboso, M., Aparicio, M., López, D., Morte, R., Pons, J.). Nature Machine Intelligence, Vol. 1, April 2019, 164. DOI: https://doi.org/10.1038/s42256-019-0040-5

 

Ikasle bat teknologia aurreratuekin esperimentatzen

Teknologia aurreratuen tailerra DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat

Talde desberdinetan banatuta hainbat ekimen jorratu dituzte. Errealitate birtualaren gelan sute batean nola jokatu behar duten azaldu diete, eta gaztetxoek errealitate birtualaren bitartez sua amatatzeko nola jokatu behar duten ikasi dute. 3D inprimatzeko urratsak ere ezagutu dituzte eta robot kolaboratibo bati aginduak emateko programazioen berri ere izan, dute, besteak beste.
 

IKUSI BIDEOA YOUTUBEN

 

Ricardo Hueso

Perseverance Marte planetan. Lurretik haratago bizitzaren bila

2021eko otsailaren 18an, Marte planetan pausatu zen –arrakasta osoz– NASAk bidalitako azken roverra,  Perseverance robota hain zuzen, Mars 2020 misioaren barruan. Perseverance da, zalantzarik gabe, beste mundu batzuetara bidali dugun robotik aurreratuena. Horren helburu nagusienetakoa:  Marteko arroken laginak bildu, planeta gorrian iraganean bizitza egon izanaren ebidentziak eduki ahal izateko. Lehen bi laginak aurtengo irailean jaso dira  eta, beste hainbat laginekin batera, beste misio batek ekarriko ditu Lurrera –Mars Sample Return Mission izenekoak– hemendik eta hamar urtetik gorako denbora-tartearen buruan. Horrela, laginok aztertuta, egiaztatu ahal izango litzateke ea unibertsoan bizitza ohiko fenomenoa den, edo Marten iraganean bizitza egon izanaren probabilitatea txikia den. Hitzaldi honetan aztertuko ditugu Espazioa esploratzea den abentura zirraragarri honekin lotuta dauden zientzia, erronkak eta hasierako aurkikuntzak.

 

Curriculum vitaea

Ricardo Hueso Alonso, Zientzia Fisikoetan doktorea, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea da, astrofisikaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. 1973an Barakaldon jaioa, Ricardo Hueso jaunaren ikerketak Eguzki Sistemako atmosferadun planeta guztiak hartzen ditu Venusetik Neptunoraino.

Ehunetik gora argitalpen zientifiko egin ditu, eta misio espazial ezberdinetan –tartean, Mars 2020 misioan– lantalde zientifikoko kide da. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako lanez gain, zientzia-dibulgaziorako bokazio irmoa du, eta pasioz defendatzen du zientzia dibertigarria izan daitekeela eta edozein pertsonak goza dezakeela zientziaz.

 

Itzaldia, zuzenean eta online ikusi ahal izango duzu, hemen

 

Informazio gehiago, ZTBren web-gunean

 

 

Gilda Wolframaren sinboloa eskutan du

Gilda pelikularen emanaldia

  • Noiz: Azaroak 3
  • Aurkezlea: Rosa errazkin
  • Non: Seminarixoa
  • Hordua: 19:30
  • Hizkuntza: Euskaraz

Film ikonikoa da, Gilda, zinemaren historiako maitasun-triangelu ezagunenetako baten kontakizuna. Zientzia ardatz duen ziklo batean sartzeak atentzioa eman dezake... baina ziur asko ez garelako oso ondo gogoratzen zer egiten zuen Gildaren senarrak, alemaniarra bera, Argentinan bizi da eta wolframaz trafikatzen du. Historia horrek II. Mundu Gerra du oinarri, material estrategiko horrek eskaera handia baitzuen; alemanen gerraontziek, adibidez, osagai hori behar zuten, wolframak tenperatura altuak ondo jasaten dituelako.

Filma 1946an filmatu zen, historia hori guztia oraindik oso berria dela, eta gaur egun oraindik ere estrategikoa den taula periodikoko elementu horri buruz hitz egiteko aukera ematen digu pelikulak. Rosa Errazkin Bergarako Laboratoriumeko arduradunak aurkeztuko du pelikula.
 

Erosi zure sarrera hemen

 

 

Ekonomia zirkularraren diagrama

Iraunkortasunaren zirkulua itxi nahian / Ekonomia zirkularrarekin bueltaka

HIZLARIA: Begoña Cabaleiro

Emaus Gizarte Fundazioko Komunikazio Zerbitzuko arduraduna da.

Askok uste dute iraunkortasuna eta ingurumenaren zaintza sinonimoak direla. Baina iraunkortasuna handik haratago doa. Iraunkortasunak kontuan hartzen ditu hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren zaintza eta gizarte-ongizatea. Hiru hanka horiek estu lotuta ibili behar dute garapena jasangarritzat jo ahal izan dadin.

Era berean, askok uste dute ekonomia zirkularra dela materialen aprobetxamendu berriak egitea,  material horiek birziklatzeko. Baina berrerabilpena ere izan daiteke. Hondakinak baliabide bihurtzea –eta, gure kasuan, baliabide solidario bihurtzea–  planetak behar duen zerbait da, baliabide naturalak mugatuak izanik arriskuan jartzen ari garelako.

HIZLARIA: Eduardo Uribesalgo

Astore eta Ternua marken sortzaileetako bat. Gianerako kideekin batera:

1986an Arrasate Kirolak denda sortu zuen Arrasaten. 1988 Astore marka sortu zuen, 1990 Import Arrasate enpresa eta 1994 Ternua marka.

30 urte baino gehiago daramazki kirol munduan. 30 urte hauetan denetik egin du: markak sortu, horien filosofiak eta direkzioak landu, produktuak sortu, marken marketing-a landu; eta gaur egun Ternua Groupeko berrikuntza eta jasangarritasunaren zuzendaria da.

Ternua, pertsonak, eta planeta babesten dituen marka, outdoor arropa marka oihal sektoreak eskaintzen dituen aukera iraunkor berriekin, eta bere kabuz gure lurraldean proiektu iraunkor bereziak martxan jarriz.

HIZLARIA: Juan Antonio Iturbe

Ingeniari teknikoa. Enpresa Kudeaketan eta Atzerriko Merkataritzan masterra.

Gaur egun jubilatua, besteak beste, honako esperientzia du:

Sei urtez Lana kooperatibako gerente; hogeita bat urtez EZPELETA SA enpresako bazkide eta zuzendaritza arlo desberdinetako partaide; bi urtez zabor-kudeaketan diharduen Garbitania Zero Zabor SL enpresako gerente izan zen.

Gaur egun ekonomia zirkularrak Euskal Herrian duen hedapen eta egoerari buruzko azterketaren emaitzak azalduko dira, bai eta marko eta politika berri baten beharra ere, eta zenbait erreferentzia positibotatik haratago, hainbat erabaki-proposamen iradoki.

 

 

Informazio gehiago, ZTBren web-gunean

 

Online ikusteko, Streaming bidez zuzenean eta grabatuta: https://youtu.be/X_DOS3PjS4Y

 

 

Funtzionatzen jartzen den ura igotzeko noriaren maketa
Ehungailua
Ikasleak Felipe Uriarte eta Jose Mari Rubiori entzuten

Asmazioak eta tramankuluak ezagutuz

TAILERRA Azaroaren 5ean eta 12an. LH6ko ikasleentzat

  • NON: Laboratorium
  • Noiz: Goizez
  • Hizkuntza: Euskaraz

Makinak diren maketak martxan ikusi nahi dituzu? Edo Mikado trenaren maketa nola egin zen eta zer egiteko gai den? Felipe Uriarte eta Jose Mari Rubio erakutziko dituzte eurek egin dituzte maketak eta nola mugitzen diren. Maketa horiek, ez baitira erreprodukzio hutsak, baizik eta oinarritzat hartu ditzuten makinen berreraikitze zehatzak, bere mekanismo guztiekin, maketak makinak funtzionatzen duen bezala funtziona dezan.

  1. Juanelo Turrianoren makina ura ibaitik toledoko hirira igotzeko, XVI. mendekoa
  2. Ehungailu
  3. Amerikan erabiltzen zuten errota bat (hemen erabili izan zirenekin konparatuta oso ezberdina)
  4. Bolak gora eta behrera eramaten dituen tramankulu bat

 

ZTB web-gunean, informazioa hemen duzu: http://ztbergara.eus/asmazioak-ezagutzera-ematea/

 

 

Ricardo Díez

Ricardo Díez. Fisika kuantikoa eguneroko bizitzan

"Uste dut ziur esan dezakedala mekanika kuantikoa inork ere ez duela ulertzen". Baieztapen ironiko hau Richard Feynmanek egin zuen 1964an, Fisikako Nobel Saria jaso baino urtebete lehenago, eta askotan erabili izan da fisika kuantikoari lotutako zailtasun kontzeptuala ilustratzeko. Mundu subatomikoan, metroaren mila milioirenetik beherako tamainetan, objektuen portaera oso bestelakoa da ohituta gaudenarekin alderatuta. Arraroa da, inkoherentea, ia ilogikoa gure ohiko giza ikuspegitik. Eta, hala ere, fisika kuantikoa izan da XX. mendeko iraultza teknologikoaren zati handi baten eragilea. Fisika kuantikorik gabe ezingo lirateke ulertu ordenagailuak, telefono mugikorrak, laserrak edo erresonantzia magnetiko nuklearra.

Hitzaldi honetan Ricardo Díezek azalduko du nolakoa den fisika kuantikoaren mundu ezohiko hori, zer nolako eragin harrigarria duen gure eguneroko bizitzan eta, hurrengo urteetara begira, fisikan oinarritutako zein aplikazio berri agertu daitezkeen, bereziki konputazio kuantikoari lotuta.

Curriculum vitaea

DIPC zentroko zuzendaria (Donostia International Physics Center).

Materialen Fisika Zentroko ikertzailea (CSIC-UPV/EHU).

Ricardo Díez Muiño fisikako doktoradutza burutu zuen UPV/EHUn. Ondoren, bere ibilbide zientifikoa Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia) eta LBNLn (Berkeley, USA) garatu zuen. Gaur egun Ikerketa Zientzialaria da CFM Materialen Fisika Zentroan (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Zuzendaria. CFMko Zuzendariorde gisa aritu zen 2005 eta 2011 bitartean eta CFMko Zuzendari 2011tik 2015era. Bere ikerketa arlo nagusiak fisikokimika eta materia kondentsatuaren teoria dira, bereziki gainazaletako dinamika molekularra, kitzikapen elektronikoen teoria eta fotoemisio eta fotoelektroien difrakzioaren teorian aritzen da. 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, baita bi liburu ere. Ricardo Díez Muiño nazioarteko 4 kongresuren antolatzaile izan da eta antolakuntza batzordeko beste 4 kongresutan ere parte hartu du. Halaber, Euskampus Bikaintasun Campuseko lehendakariordea eta CIC nanoGUNEko zuzendaritzako kidea da.

 

Informazio gehiago ZTBko web-gunean.

Streaming: https://youtu.be/sdJfBBmGKhk

 

 

 

 

Beatriz Laskurain

BARNETEGI TEKNOLOGIKOA: Adimen Artifiziala zer den eta zein aplikazio duen negozio-estrategian

Adimen Artifizialarekin zerikusia duen guztia oso azkar garatzen ari da eta, horrenbestez, kasu askotan beharrezko tresna bihurtzen ari da negozioei bultzada bat emateko. Aplikazio-eremuak eta erabilitako teknikak asko dira, baina guzti-guztien helburua da prozesuen optimizazioa, kostuak gutxitzea edo irabaziak gehitzea. Horregatik, Adimen Artifiziala negozioetan nola aplikatu behar den jakiteko orduan, gero eta garrantzitsuagoa da ez bakarrik profil tekniko espezializatuek jakitea; ahatik, edozein negozio-profilek jakin beharko luke Adimen Artifiziala bere negozioan aplikatzen.

Barnetegi honen helburua da Adimen Artifizialaren teknikak eta esparruak ulertzea; batez ere Machine Learning delakoarekin lotutakoak, hau da, bere abantailak eta erronkak, bai eta bere erabilera espezifikoak ere, eta betiere aldez aurreko ezagutza teknikorik izan gabe.

Hizlaria: Beatriz Laskurain

Lizentziaduna da Publizitate, Marketing eta Harreman Publikoetan (Nafarroako Unibertsitatea); masterra, Digital Business arloan (ICEMD (ESIC)); eta graduondokoa, Big Data Analytics arloan (ESIC). Hogei urtetik gorako lan-esperientzia du salmenta- eta marketing-taldeak zuzentzen eta start ups digitalei aholkuak ematen. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko Adimen Artifizialaren Arloaren baitan, uztartu egiten ditu profesionalentzako eta enpresentzako prestakuntza eta aholkularitza jarduerak, honako esparru hauetan: estrategia digitala, Business Intelligence eta Data Driven Marketing.

NORENTZAT

Zuzendariak eta negozio-arduradunak. Oro har, entitateetan etorkizunari begira beren negozioen estrategiari buruzko erabakiak hartu behar dituzten bertako profesionalak.

 

Informazio gehiago ZTBko web-gunean

 

 

Tekonologia burujabetzaren

Burujabetza teknologikoa

1. Hizlaria: Jaione Martínez (Euskal Herria Digitala)

Hitzaldia: “Euskal Herria Digitala → ziberburujabetzara bidean.”

Euskal Herria Digitala ekimenaren aurkezpena. Teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat eman du azken mendean. Baina... nora garamatza digitalizazioak? Gizateria aldatuko duen garaiko jauzi baten aurrean ote gaude? Ekainean manifestua sinatu genuenok uste dugu erronka digitala XXI. mendeko erronka nagusietako bat dela. Ez gara teknofiloak, ezta teknofoboak ere. Teknologia elite finantzarioen alde erabili daitekeela uste dugu, baina baita jendartearen zerbitzura egon daitekeela ere. Auzia oso konplexua da, eta gutxienez lau esparrutan eragiten du: demokraziaren esparruan, lanean, hezkuntzan eta gizakiarengan berarengan. Esparru hauetan sakondu eta teknologia-burujabetzaren bidean klabeak topatzen, ematen edo sortzen saiatuko gara.

Curriculum vitaea

Skura-ko bazkide sortzailea. Aire bidezko komunikazioetan aditua eta bereziki bluetooth teknologian espezializatua. Kooperatibismoaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen bultzatzailea, gaur egun Olatukoop-en eskutik saretze-lanetan. Musikazale amorratua betidanik, zuzenekoen zirkuituetan aktibo, gitarra eta biolina jotzen ditu Perlata taldean. Feminista pentsamenduz eta ekintzaz,  herriko mugimendu feministako parte.

Formazio akademikoa

  • Telekomunikazioetan ingeniaritza teknikoa, sistemetan espezializatua, 2006-2009. Mondragon Unibertsitatea, Arrasate.
  • Telekomunikazioetan goi ingeniaritza, 2009-2012. Mondragon Unibertsitatea, Arrasate.

 

2. Hizlaria: Mikel Gartzia (Hezkuntzan Librezale)

Hitzaldia: “Hezkuntza eta softwarea; zer gertatzen ari da?”

Interes pribatuak dauzkaten enpresa teknologiko handiek hezkuntza-sistemetan sartzea lortu dute, indar izugarriz. Kezka horrek elkartuta sortu zen Hezkuntzan Librezale taldea. Mikel ez da ordezkari moduan mintzatuko, taldekide gisa baizik. Ezagutu dituen errealitate batzuk aipatuko ditu, software librearen izaera pixka bat definitu eta alternatiba batzuk aipatu. Nahiz eta Hezkuntzan Librezale taldearen funtzioa edo asmoa ez den konponbide edo errezeta zehatzak proposatzea.

Curriculum vitaea

Hezkuntza ikasketak

  • Lehen Hezkuntzako irakasle gradua (EHU). Hasieran talde erdi-presentzialean (Moodle)
  • Azken urteak (Gorputz Hezkuntza espezializazioa) presentzialki (EHU).

 

3. Hizlaria: Xabier Garmendia (Abaila)

Hitzaldia: Guifi.net sarea Bergaran

Bergaran eraikitzen ari den Guifi.net sarearen nondik norakoak azalduko dira; zertarako balio duen, nola eraikia dagoen eta nola konektatu.

Curriculum vitaea

Ingeniari elektronikoa, Abaila kooperatibako kidea eta Guifi.net sareko aktibista.

 

Streaming bidez eta grabatuta ikusi ahal izango da hemen

Informazio gehiago ZTBko web-gunean

Mikroskopioa

Bailarako ikertzaile gazteak etorkizuneko mundua moldatzen

Zientzia eta teknologiaren arlo desberdinetan bailarako ikertzaile gazteen kontribuzioak ezagutzeko aukera paregabea. Egiturak kalkulatzeko metodo berrien garapenean hasita, biologia baskularretik pasatuz eta nanomaterialetaraino, ikertzaile gazte hauek etorkizuneko mundua moldatuko duten aurrerapenen gainean arituko dira hitzaldi labur saio hauetan. Guztiontzat ulergarria den modu batean hitz egingo digute beraien kontribuzioez, baita gizartean izango duten eraginaz ere. Edizio honetan, gainera, emakume ikertzaile gazteen lana nabarmenduko da bereziki, bai eta euskara zientziaren dibulgaziorako hizkuntza bezala sustatzea ere.

 

Streaming bidez, hemen jarrai daiteke

Informazio gehiago XTB jardunaldien web-gunean